Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

111. zk., 2026ko ekainaren 15a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

KULTURA ETA HIZKUNTZA POLITIKA SAILA
2604

EBAZPENA, 2026ko ekainaren 1ekoa, Kulturako sailburuordearena, zeinaren bidez hasiera ematen baitzaio Usurbilgo (Gipuzkoa) Elizaldeko jolas- eta erlijio-multzoa (San Salvador eliza, probalekua eta frontoia) monumentu-multzoaren kategorian babes ertaineko kultura-ondasun deklaratzeko espedienteari, eta espedientea jendaurrean eta interesdunen entzunaldipean jartzen baita.

Euskal Autonomia Erkidegoak kultura-ondarearen arloko eskumen osoa bereganatu zuen, Konstituzioaren 148.1.16 artikuluaren babespean eta Autonomia Estatutuaren 10.19 artikulua kontuan hartuta. Onartutako eskumenaz baliatuz, Euskal Kultura Ondareari buruzko maiatzaren 9ko 6/2019 Legea onartu zen. Lege horrek Euskal Autonomia Erkidegoko kultura-intereseko ondasunak deklaratzeko prozedurak arautzen ditu.

Usurbilgo (Gipuzkoa) Elizaldeko jolas- eta erlijio-multzoaren (San Salvador eliza, probalekua eta frontoia; aurrerantzean Elizaldeko multzoa) ondare-interesa ikusita, eta Euskal Kultura Ondarearen EAEko Zentroko Zerbitzu Teknikoek aurkeztutako ebazpen-proposamena kontuan hartuta, honako hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Usurbilgo (Gipuzkoa) Elizaldeko multzoa monumentu-multzoaren kategorian babes ertaineko kultura-ondasun deklaratzeko espedienteari hasiera ematea, ebazpen honen I. eranskinean finkatutako mugaketa, II. eranskineko deskribapena eta III. eranskinean jasotako berezko babes araubidea aintzat harturik.

Babes-espediente hau abiarazteak Usurbilgo (Gipuzkoa) Elizaldeko multzoari berezko babes-araubidea berehala eta behin-behinean aplikatzea ekarriko du, baita maiatzaren 9ko Euskal Kultura Ondareari buruzko 6/2019 Legean babes ertaineko ondasunetarako aurreikusitako babes-araubide orokorra eta berezia ere.

Bigarrena.– Usurbilgo (Gipuzkoa) Elizaldeko multzoa, monumentu-multzoaren kategorian, babes ertaineko kultura-ondasun deklaratzeko hasitako espedientea jendaurrean jartzeko aldiari hasiera ematea, I. eranskinean agertzen den mugaketan oinarrituz, II. eranskineko deskribapena kontuan hartuz eta berezko babes araubide gisa III. eranskinean agertzen dena ezarrita. Ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera, 20 eguneko epea egongo da alegazioak egin eta egokitzat jotzen diren agiriak aurkeztu ahal izateko, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 82. eta 83. artikuluetan jasotzen denari jarraikiz. Aipaturiko espedientea Euskal Kultur Ondarearen Zentroan dago ikusgai (Donostia kalea 1, Vitoria-Gasteiz).

Hirugarrena.– Usurbilgo Udalari eta Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura, Lankidetza, Gazteria eta Kirol Departamentuari eta Mugikortasun, Turismo eta Lurralde Antolaketa Departamentuari jakinaraztea prozedura hau hasteak eten egiten dituela eremu babestuetan partzelatzeko, eraikitzeko edo eraisteko lizentziak, baita lehendik emandako lizentzien ondorioak ere, babes-araubide partikularrean ezarritakoaren arabera. Finkan ezinbestean obraren bat egin beharko balitz, Gipuzkoako Foru Aldundiaren baimena eskuratu beharko litzateke derrigorrean.

Laugarrena.– Espedientea izapidetzen jarraitzea indarrean diren xedapenen arabera.

Bosgarrena.– Ebazpen honen berri ematea Usurbilgo Udalari, Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura, Lankidetza, Gazteria eta Kirol Departamentuari eta Mugikortasun, Turismo eta Lurralde Antolaketa Departamentuari, Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza eta Hiri Agenda Sailari eta Donostiako gotzaindegiari.

Seigarrena.– Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian eta Gipuzkoako Aldizkari Ofizialen argitaratzea, jendeak haren berri izan dezan.

Vitoria-Gasteiz, 2026ko ekainaren 1a.

Kulturako sailburuordea,

ANDONI ITURBE AMOREBIETA.

I. ERANSKINA
MUGAKETA

Mugaketa

Usurbilgo (Gipuzkoa) Elizaldeko jolas- eta erlijio-multzo horren mugaketak, alde batetik, San Salvador eliza hartzen du, probalekuaz eta frontoiaz gain, eta, bestetik, plaza horren espazioa. Horrenbestez, eremuak muga hauek ditu:

Iparraldean, mugaketak pilotalekua eta aldameneko oinezkoentzako eremua hartzen ditu, eta erabiltzaileak egoteko eta zirkulatzeko eremua gehitzen du, elementu horren inguruan espazio libre bat eta plazarekin duen lotura egokia babesteko.

Erdialdean, probalekua dago: errekarri-errei bikoitza, arraste-harriak eta horiek erabiltzeko espazioa.

Hegoaldean, Kale Nagusiko bidera iristen da mugaketa, bide-zerrenda eta lurzati mugakideetako fatxadak barne, multzoaren hiri-aurrealdea behar bezala definitzeko.

Ekialdeko eta mendebaldeko ertzetan, plaza inguratzen duten lurzati mugakideek okupatzen dituzten eraikinen fatxadei egokitzen zaie mugaketa, eta multzoko elementuak integratzen diren espazio libre jarraitua konfiguratzen da.

Mugaketak, beraz, eraikitako elementuak eta elementu horiek artikulatzen dituen erdiko espazio librea hartzen ditu, espazio-unitate jarraitua eratuz.

Justifikazioa

Proposatzen den mugaketa justifikatzen da San Salvador elizak, probalekuak eta Usurbilgo frontoiak osatzen duten multzoaren balio kultural, espazial eta funtzionalak babestu behar direlako.

Definitutako eremuak argi eta garbi identifika daitekeen unitate morfologiko bati erantzuten dio, luzetara egituratuta frontoiaren (iparraldean), probalekuaren (erdian) eta elizaren (hegoaldean) artean, eta hiribilduko espazio nagusia osatzen du.

Mugaketak, eraikitako elementuez gain, elementu horiek lotzen dituen plazako espazio osoa eta lotutako oinezkoentzako eremuak ere hartzen ditu; izan ere, jarduera tradizionalak garatzeko eta multzoa behar bezala hautemateko ezinbesteko euskarri fisikoa dela ulertzen da.

Era berean, Kale Nagusiko hiri-aurrealdea eta lurzati mugakideen fatxadak sartzeak multzoaren eta hiri-egituraren arteko harreman egokia bermatzen du, bai eta haren lotura bisualak zaintzea ere.

Azkenik, alboetako fronte eraikiak sartzeak indartu egiten du espazioa modu bateratuan aintzat hartzea, eta espazio-harremanen babesa bermatzen du, konfigurazioan edo baterako pertzepzioan aldaketak saihestuz.

(Ikusi .PDF Fitxategia)
II. ERANSKINA
DESKRIBAPENA

Monumentu-multzoa Usurbilgo erdigunean dago, Elizalde auzoan, eta plaza nagusi baten inguruan egituratzen da. Plaza horretan, San Salvador eliza, probalekua eta frontoia daude, eta, ikuspegi funtzional, bisual eta sinbolikotik, espazio bateratu bat osatzen dute.

San Salvador elizak, probalekuak eta frontoiak osatzen duten multzoa Usurbilgo hirigunea eratzeko eta sendotzeko prozesuan kokatzen da. Prozesu horren jatorria haraneko Erdi Aroko lurralde-antolaketarekin eta zentraltasun komunitarioko espazioen pixkanakako egituraketarekin lotzen da.

San Salvador eliza multzoaren elementurik zaharrena eta lekuko erreferente historiko nagusia da. Erdi Aroaren amaieran du jatorria, XVI. eta XVIII. mendeen artean garatu zen arkitektura-konfigurazioarekin. Garai horretan parrokia-tenplua eta komunitatearen bizitza erlijiosoaren erdigunea izan zen. Historian zehar, eraikinak hainbat handitze eta eraldaketa izan ditu, eta horiek garaiko bilakaera arkitektonikoa eta behar liturgikoak eta sozialak islatzen dituzte.

Gune erlijioso horren inguruan, pixkanaka, hiribilduko espazio publiko nagusia eratzen joan zen, eta bertan jarduera ekonomiko, sozial eta ludiko tradizionalei lotutako elementuak sartu ziren. Horien artean, probalekua nabarmentzen da, XIX. mendean ezarri zena idi-arrasteko lehiaketetarako espazio gisa, euskal herri-kirolen adierazgarrienetako bat. Elementu horrek agerian uzten du nekazaritza-munduari lotutako praktika tradizionalen garrantzia eta udalerriko bizitza kolektiboan integratzea.

Bestalde, frontoiak espazio komunitarioaren konfigurazio-logika horri erantzuten dio, baina gaur egungo egoera esku-hartze garaikide baten emaitza da. Esku-hartze horrek, 1973an, aurreko egitura batetik abiatuta birmoldatzea eta estaltzea ekarri zuen. Hala eta guztiz ere, euskal pilota praktikatzeko tradizio errotu bati lotuta dago. Jarduera horrek gizarte- eta kirol-izaera izan du, eta funtsezko zeregina izan du euskal herrietako espazio publikoen konfigurazioan.

Horrela, multzoak geruza historikoen gainjartzea islatzen du, non jatorrizko elementu erlijiosoak sorgune gisa jarduten duen; ondorengo ekipamenduek, berriz, funtzio sozial berriei erantzuten diete, espazioaren erabilera kolektiboari eutsiz.

San Salvador eliza

San Salvador eliza multzoaren elementu garrantzitsuena da, eta plazaren aurrealde nagusietako bat definitzen du. Iparraldeko fatxadaren bidez, lotura zuzena ezartzen du hiribilduko espazio publiko nagusiarekin; hegoaldeko fatxadak, berriz, Kale Nagusiarekiko lerrokadura eratzen du.

Areto-oinplanoko eraikina da, habearte bakarrekoa, hiru ataletan artikulatua eta burualde oktogonaleko presbiterioan errematatua. Gotiko berantiarraren eta ondorengo korronteen arteko trantsizioko erlijio-arkitekturaren tipologia bereizgarriari erantzuten dio. Gutxi gorabehera 35 metro luze, 15 metro zabal eta 23 metro garai da, eta horrek presentzia bolumetriko nabarmena ematen dio.

Estaldura-sistema gurutzeria konplexuko gangek osatzen dute. Kapera nagusia nabarmentzen da bereziki, landutako traza duena eta Europa erdialdeko tradizioko eragin formalak dituena. Gangen nerbioak hormei atxikitako hiru zutabeko sorten gainean daude. Harroinak gotikoak dira, eta barruko espazioaren bertikaltasuna indartzen duen egitura-sistema osatzen dute.

Habeartearen oinaldean koru altu bat dago, 1910 eta 1930 artean eraikia, hiru arku karpanelen gainean bermatuta. Eraikuntza-fase horretakoak dira, halaber, eremu horretan dauden erdi-puntuko arkuak, hilobi bat eta erretaula garaikidea duen aldare bat hartzen dituztenak.

Elizaren argiztapena alboetako paramentuetan eta burualdean banatutako baoen bidez egituratzen da. Habeartearen alde bakoitzean hiru bao daude, eta horiei presbiterioko bi leihateak eta burualdean dagoen arrosa-leiho bat gehitu behar zaizkie. Bao guztiek XV. mendeko trazeria flamigeroak dituzte. Horiez gain, badira beste bao xumeago batzuk ere, forma angeluzuzenekoak eta mainela dutenak, XVI. mende amaierako esku-hartzeei dagozkienak.

Harresiak hareharrizko harlanduzkoak dira batez ere, eta gangen plementeriari dagozkion gainazalak luzituta geratzen dira. Tenpluaren barruan, gainera, antzinako lurperatzeak daude, zoladuran txertatuta.

Kanpoaldean, eraikinaren alde bati atxikita, luzera handiko arkupea dago, 1910 eta 1930 bitartean egina, erdi-puntuko hamahiru arkuz eta frontoi triangeluar batek errematatutako arku handiago batez osatua. Azken hori bat dator portada nagusiarekin, segur aski XVI. mendekoa, kasetoidun zirkuluerdiko arkuarekin. Arku horren alboetan kontrahormak daude, eta gainean frontoi triangeluarra, pinakuluz errematatua.

Burualdeari atxikita sakristia dago, XVIII. mendekoa. Presbiterioaren geometriara egokitutako bolumena da, eta gainjarritako zenbait leiho ditu.

Oinaldeko muturrean, ebanjelioaren aldean, kanpandorrea dago, sekzio karratukoa, Francisco de Ibero arkitektoak egina. Konfigurazioak inguruko beste herri batzuetako eredu tipologikoei erantzuten die. Dorrearen beheko atala zulatuta dago, eta zirkuluerdiko arkuak ditu, dorrearen azpitik igarotzeko. Fatxada nagusiak balkoi irtena du sarrerako arkuaren gainean, moldurek inguratua eta hiribilduaren armarriak errematatua. Goiko atalean kanpai-baoak daude. Alde bakoitzean zirkuluerdiko bao bat dago, eta dekorazio landuagoa du. Multzoa linterna duen kupula batez amaitzen da, burdin forjatuzko gurutze batez errematatuta.

Elizaren barruko zoladuraren berezitasuna gehitu behar dugu; bertan, hilerri zaharra estaltzen zuen zoladuraren artikulazioa kontserbatzen da oraindik. Egitura-sare baten gainean jarritako zurezko oholez osatutako sistema hori agerian geratu zen 1988an egindako esku-hartze arkeologikoaren ondorioz. Esku-hartze horretan, hilobiak dokumentatu eta haien estalkiak zaharberritu ziren. Egungo konfigurazioari esker, elizari lotutako hileta-espazio historikoaren antolamendua ezagutu daiteke.

Probalekua

Multzoaren erdian dago, eta berariaz egokitu da ganaduak herrestan eramateko probak egiteko. Tamaina handiko probaleku bat da, luzetara garatua eta errekarrizko zoladura jarraitu batez konfiguratua. Zoruak errei bikoitza du, hamalau tartez edo plazaz osatua, eta ertzek irudi geometriko zirkularrak osatzen dituzte, plazaren gainazalean ikus daitekeen trazadura bat sortuz.

Espazioak bi arraste-harri ditu, horrelako proben praktika tradizionalari lotuak. Horietako batek egoera zaharragoa du, eta narriadura partziala du, erabileraren eta denboraren joanaren ondorioz; bigarrena, berriz, pieza berriago bati dagokio, eta «Urepel/1800 kg» inskripzioa mantentzen du, ezaugarrien adierazgarri.

Probalekuaren alboetako batean, zehazki ezkerreko hegalaren ondoan eta arraste-harriak dauden lekutik hurbil, harmaila mugikorreko tarte bat dago ikusleentzat. Elementu honek burdinazko egitura arina du, egurrezko banku jarraitua eta plastikozko teilape bidezko estaldura.

Probalekuaren azalera plazaren gainerako zatiaren maila berean dago, perimetroa mugatzeko elementurik gabe, eta horrek aukera ematen du beste jarduera batzuekin batera erabiltzeko, lehiaketarik ez dagoenean. Espazio publikoa funtzionaltasun espezifiko horretara zuzenean egokitzearen ondorioz ezarri da, ixteko edo bereizteko eraikuntza-elementurik sartu gabe.

Pilotalekua

Plazaren alboetako batean dago, eta multzoaren mugetako bat osatzen du partzialki. Ezkerreko hormako frontoi laburra da, eta 1973an egindako birmoldaketaren eta estalduraren ondorioz sortu zen.

Frontoiak isurialde bakarreko estalkia du, zurezko egitura-bilbaduraz egina, eta horren gainean xaflazko akabera bat dago. Ezkerreko horma, jokorako erabiltzen dena, luzituta eta margotuta dago, arauzko markak dituela.

Frontisa, jatorriz hareharrizko harlanduz egina, kareharrizko lauzaz estali da.

Atzeko aldean, frontoiak ez du errebote-hormarik, eta zuzenean irekitzen da plazarantz, eta horrek aukera ematen du probalekua dagoen espazio librearekiko jarraitutasun bisuala eta funtzionala izateko. Hala ere, ondorengo esku-hartze batean beirazko horma-atal bat gehitu zen beirate gisa, itxitura partziala dena.

Frontisaren kanpoko paramentuetan, Jose Luis Zumetak 1973an egindako zeramikazko mural bat dago, frontoiaren birmoldaketarekin bat datorrena; alboetako batean, berriz, zeramikazko beste egile baten dekorazio-esku-hartze bat dago, 1997koa, kolorearen nagusitasuna ezaugarri duena.

Multzoaren konfigurazio espaziala

Multzoa artikulatzen duen espazio librea plaza irekia da, zoladura jarraitukoa, eta bertan integratzen dira banaketa fisikorik gabeko elementuak. Elizaren antolamenduak, probalekuak eta frontoiak espazio-antolaketa bat definitzen dute, eta horietako bakoitzak eremua partzialki mugatzen du, erdigune jarraitu bat sortuz, aldi berean erabiltzeko eta haien artean harreman zuzena izateko aukera ematen duena.

Egungo konfigurazioan, multzoak antolamendu bat du, non eraikitako elementuak espazio librearen ertzetan jartzen diren; jarduerak, berriz, plazaren plano horizontalean garatzen dira, ibilbideen jarraitutasuna eta osagai guztien arteko lotura bisuala bermatuz.

III. ERANSKINA
BABES-ARAUBIDE PARTIKULARRA
I. KAPITULUA
XEDAPEN OROKORRAK

1. artikulua.– Xedea.

Babes-araubide hau Euskal Kultura Ondareari buruzko maiatzaren 9ko 6/2019 Legearen 16. artikuluan ezarritako premian oinarrituta justifikatzen da, eta, baita ere, Usurbilgo (Gipuzkoa) Elizaldeko jolas- eta erlijio-multzoa (San Salvador eliza, probalekua eta frontoia; aurrerantzean Elizaldeko multzoa) monumentu-multzoaren kategorian babes ertaineko kultura-ondasun deklaratzeko prozeduraren kariaz.

2. artikulua.– Aplikazio-eremua.

Jarraian zehazten den babes-araubidea I. eta II. eranskinetan hurrenez hurren zehazten eta deskribatzen den eremuan aplikatuko da.

3. artikulua.– Balio kulturalak.

1.– Usurbilgo Elizaldeko multzoaren balio kultural gisa definitzen dira, Euskal Kultura Ondareari buruzko maiatzaren 9ko 6/2019 Legearen 2. artikuluan ezarritakoaren arabera, kultura-ondasunari garrantzi berezia ematen diotenak, eta, ondorioz, interesgarriak direnak belaunaldiarteko aitorpenerako eta transmisiorako.

2.– Historiaren, antropologiaren eta funtzioen ikuspegitik, multzoak etengabe eutsi dio elkartzeko lekutzat hartzeari, parrokia-tenpluaren inguruan antolatu da eta jolas- eta kirol-jarduera tradizionaletarako espazioak gehituz zabaldu da. Balioak honako hauek dira:

– Funtzioak espazio publiko berean integratzea, euskal esparruaren antolaketa tradizionalaren ezaugarria baita.

– Komunitatearen bizitza sozial eta kulturalari lotutako identitate-espazioa izatea.

3.– Hauek dira monumentu-multzoaren kultura-balioak, ingurumenaren eta paisaiaren ikuspegitik:

– Espazio publikoaren jarraitutasuna, oztopo fisiko nabarmenik gabea, elementuen arteko lotura bisuala eta funtzionala errazten duena eta plazaren izaera irekia indartzen duena.

– Multzo osoak Usurbilgo hiri-irudiari egiten dion ekarpena eta eraikitako elementuen eta espazio librearen arteko erlazioa, hiri-paisaiaren espazio adierazgarri eta bereizgarrienetako bat osatuz.

4.– Hauek dira monumentu-multzoaren balio kulturalak, ikuspegi artistiko eta arkitektonikotik:

– Arkitektura-tipologia desberdinak (erlijiosoa, kirolekoa eta publikoa) eremu bakar batean integratzea, hiribilduaren erdialdean funtzioak batera daudela islatzen duena.

– Elementu arkitektoniko bereziak daude elizan, hala nola garapen bertikaleko kanpandorrea, kupula eta linterna dituena, alboko arkupe arkupeduna eta trazeria flamigeroa duten baoak, XV. mendetik XX. mendera arteko eraikuntza-fase desberdinak islatzen dituztenak. Nabarmentzekoa da, halaber, zoladuraren erretikulak duen kontserbazio bikainak dakarren balio nabarmena. Bertan, familiak identifikatzen dira, etxe bakoitzaren abizenen inskripzioaren bidez.

– Elizaren organo historikoa, jatorri frantsesekoa eta estilo erromantiko-sinfonikoa duena. Balio artistiko eta tekniko handiko elementua da, elizaren barruko espazioan integratua, eta nabarmen laguntzen du bere ingurumen-konfigurazioan eta liturgia- eta musika-erabileretan.

– Probalekua, herri-kirolei lotutako arkitektura funtzionalaren adibide gisa, errekarrizko zoladura errei paraleloetan jarrita.

– Frontoia kirol-arkitektura tradizionalaren tipologia adierazgarria da. Jatorrizko harlanduzko frontisaren kontserbazioa eta gaur egungo konponbideak (estalki arina, adibidez) uztartzen ditu, eta apaingarri batzuk ere baditu, hala nola mural zeramikoak.

4. artikulua.– Izaera loteslea.

Babes-araubide honetako preskripzioak lotesleak dira, eta multzoa araubide honi lotuta kontserbatu beharko da. Era berean, araubide honetako preskripzioek hirigintza-, lurralde- eta ingurumen-antolamenduko tresnak lotzen dituzte. Tresna horiek araubide honi egokitu beharko zaizkio, eta kultura-ondasun babestuaren babesa eta kontserbazioa bermatzeko behar diren zehaztapenak jaso beharko dituzte, Euskal Kultura Ondareari buruzko maiatzaren 9ko 6/2019 Legearen 47.3 artikuluak aurreikusten duen bezala. Aipatutako lege-agindua betetzeko, tresna horiek Eusko Jaurlaritzan kultura-ondarearen eskumena duen sailaren aldeko txostena izan beharko dute.

5. artikulua.– Preskripzio orokorrak.

1.– Babes-araubide honi atxikitako ondasuna Euskal Kultura Ondareari buruzko maiatzaren 9ko 6/2019 Legean aurreikusitakoaren mende egongo da baimen, erabilera, jarduera, defentsa, zehapen, arau-hauste eta bestelakoei dagokienez.

2.– Euskal Kultura Ondareari buruzko maiatzaren 9ko 6/2019 Legearen 29. artikuluak ezartzen duenez, babes-araubide honi atxikitako ondasuna osatzen duten higiezinen jabeek, edukitzaileek eta haien gaineko eskubide errealen gainerako titularrek hirigintzaren eta kultura-ondarearen arloan indarrean dagoen legeriak ezarritako kontserbazio-, zaintza-, babes- eta erabilera-betebeharrak bete beharko dituzte, haien osotasuna ziurtatzeko eta haien galera, suntsipena edo narriadura saihesteko.

3.– Babestutako ondasuna osatzen duten higiezinen titularrek agintaritza eskudunei edo funtzionario arduradunei eman beharko diete Euskal Kultura Ondareari buruzko maiatzaren 9ko 6/2019 Legea egikaritzeko beharrezkoa den informazioa eta sarbidea. Era berean, berariaz baimendutako ikertzaileei azterketa hori egiten utzi beharko diete, bai eta bisita publikoa egiten ere, 6/2019 Legearen 32.2 eta 32.3 artikuluetan adierazitako baldintzetan.

4.– Babestutako ondasuna osatzen duten higiezinetako edozein eraitsi ahal izango da, osorik edo partzialki, Euskal Kultura Ondareari buruzko maiatzaren 9ko 6/2019 Legearen 51. artikuluan xedatutakoaren arabera.

II. KAPITULUA
ESKU HARTZEKO ARAUBIDEA
1. ATALA
ESKU HARTZEKO ETA KONTSERBATZEKO IRIZPIDE KOMUNAK

6. artikulua.– Esku-hartzeak baimentzea.

Euskal Kultura Ondareari buruzko maiatzaren 9ko 6/2019 Legearen 33. artikuluan ezarritakoaren arabera, babes-araubide honi atxikitako kultura-ondasunaren gaineko esku-hartzeek, oro har, Gipuzkoako Foru Aldundian kultura-arloko eskumena duen organoaren baimena beharko dute. Era berean, eta lege horren 46. artikuluak ezartzen duen bezala, baimena nahitaezkoa izango da hirigintza-lizentziak eman aurretik.

7. artikulua.– Esku hartzeko irizpide orokorrak.

1.– Babestutako ondasunaren gaineko esku-hartzeek haren ezagutza, kontserbazioa, zaharberritzea eta birgaitzea bermatuko dute, zientziaren eta teknikaren bitarteko guztien bidez, haren balioa nabarmentzeko, Euskal Kultura Ondareari buruzko maiatzaren 9ko 6/2019 Legearen 34. artikuluan ezarritako baldintzetan, babes-araubide honetan zehaztu ez den guztian.

8. artikulua.– Erabilera baimenduak eta debekatuak.

1.– Monumentu-multzoko kultura-ondasun babestuei ematen zaien erabilerak bermatu egin beharko du haien kontserbazioa eta balioa nabarmentzea, Euskal Kultura Ondareari buruzko maiatzaren 9ko 6/2019 Legearen V. eta VI. tituluetako zehaztapenak urratu gabe.

2.– Aurreko puntuaren ondorioetarako, honako hau jotzen da monumentu-multzoaren erabilera nagusitzat: erlijioa-jolasa-kirola.

3.– Ez dira onargarritzat joko babestutako kultura-ondasunean kalteak eragiten dituzten erabilerak, ez eta babes-araubide honen 3. artikuluan definitutako kultura-balioren baten aurkakoak direnak ere.

9. artikulua.– Sektoreko araudia eta irisgarritasunari buruzkoa aplikatzea.

1.– Indarrean dagoen araudi sektoriala betetzera bideratutako esku-hartzeak baimenduko dira, babes-araubide partikular honetan ezarritako jarduketa-mugekin, eta, betiere, babestutako ondasunaren kultura-balioak ez kaltetzea bilatuko da, Euskal Kultura Ondareari buruzko maiatzaren 9ko 6/2019 Legearen 34.10 artikuluak ezartzen duen bezala.

2.– Irisgarritasunaren arloan, eta Euskal Kultura Ondareari buruzko maiatzaren 9ko 6/2019 Legearen 16.g). eta 32.4 artikuluetan ezarritakoa betez, arrazoizko doikuntza eta proposamen batzuk aurreikusten dira mugikortasun urriko pertsonak modu autonomoan sartu ahal izateko, betiere egiten diren jarduketak bateragarriak badira ondasunaren balio kultural babestuekin. Elizaldeko multzoaren kasuan (Usurbil), gaur egungo baldintzek eraikitako elementu nagusirako sarbide erabilgarria ahalbidetzen dute.

Elizaren sarrera nagusiak, hegoaldeko fatxadan dagoenak, desnibel nabarmena du hurbileko ingurunearekiko, eskaileren bidez konponduta. Hala ere, eraikinak beste sarbide bat du kanpandorrearen azpian, plazarantz orientatuta; ez du eskailera-mailarik, eta arkitektura-oztoporik gabe sar daiteke elizara.

Sarbide horretara arteko ibilbidea elizaren perimetroko espazio publikotik egiten da, malda duen bide baten bidez. Bide horrek, nolabaiteko inklinazioa badu ere, modu autonomoan sartzeko aukera ematen du, esku-hartze gehiagorik behar izan gabe.

Baldintza horiek ikusita, gaur egun ez da beharrezkotzat jotzen irisgarritasunaren arloko egokitzapen-obra espezifikoak egitea, ondasunaren balioekin bateragarria den irtenbide funtzional bat baitago. Era berean, probalekuak eta plazako espazioak irisgarritasun-baldintza egokiak dituzte, plano ia jarraituan garatzen baitira, eta horrek aukera ematen du horiek erabiltzeko eta oztopo arkitektoniko nabarmenik gabeko ibilbidea egiteko.

3.– Etorkizuneko edozein jarduketaren kasuan, proiektu tekniko baten bidez zehaztu eta justifikatu beharko da. Proiektu horrek balizko jarduketaren bideragarritasun teknikoa eta ekonomikoa frogatu beharko du, bai eta ondasunaren kultura-balioak mantentzen direla ere. Horretarako, Gipuzkoako Foru Aldundiari dagokio proiektuaren edukia zehaztea eta esku-hartzea baimentzea.

10. artikulua.– Esku-hartzearen proiektua eta memoria.

1.– Babes-araubide partikular honi atxikitako ondasunaren balioei eragiten dieten esku-hartzeek ondasunaren eta esku-hartzearen beraren izaerara egokitutako proiektu tekniko espezifiko bat izan beharko dute. Proiektu hori ondasunaren titularrak aurkeztu beharko dio Gipuzkoako Foru Aldundian kultura-ondarearen arloko eskumena duen sailari, onar dezan, Euskal Kultura Ondareari buruzko maiatzaren 9ko 6/2019 Legearen 35.1 artikuluan ezarritakoaren arabera.

2.– Esku-hartze bakoitza amaitzean, hura egiaztatu eta erregistratzeko, ondasunaren titularrak dagokion memoria aurkeztu beharko du Gipuzkoako Foru Aldundian kultura-ondarearen arloan eskumena duen sailean.

3.– Babestutako ondasuna zaharberritzeko lanak ondasunaren azterketa historiko-arkitektonikotik abiatu beharko dira. Esku-hartzearen proiektua eta memoria profesional eta enpresa espezializatuek idatzi beharko dituzte, eta profesional eta enpresa horiek egiaztatu beharko dute proiektua ahalik eta berme handienekin gauzatzeko behar den gaitasun teknikoa dutela. Esku-hartzearen izaerak hala eskatzen duenean, ondasunaren beharretara egokitutako diziplinarteko talde bat ere sartu beharko da. Obra horiek, nolanahi ere, haren balioak errespetatzera eta hobetzera egokitu behar dira.

2. ATALA
ESKU HARTZEKO IRIZPIDE PARTIKULARRAK

11. artikulua.– Esku hartzeko irizpide bereziak.

Euskal Kultura Ondarearen maiatzaren 9ko 6/2019 Legearen 43.1 artikuluan ezarritakoa betez, babes-araubide honi atxikitako ondasunean egiten diren esku-hartzeak eraikuntza-sistema guztiak zaharberritzeko izango dira.

Era berean, erabilera onargarriari dagokionez, parrokia-eraikinaren erabilera erlijiosoa eta probalekurako eta frontoirako jolas- eta kirol-erabilera ez ezik, kultura- eta herritar-erabileretarako konkurrentzia publikoko erabilerak ere bateragarriak dira ondasunean, betiere ondasunaren benetakotasunari eta osotasunari kalterik egiten ez badiote.

12. artikulua.– Babestutako kultura-ondasunean zaindu beharreko elementuak.

Babes-araubide partikular honen 3. artikuluan deskribatutako balio kulturalak kontuan hartuta, babestutako kultura-ondasunean zaindu beharreko elementuak honako hauek dira:

– Multzoaren konfigurazio orokorra, honako hauek osatua: San Salvador eliza, probalekua, frontoia eta plazako espazio librea, baita kokapen erlatiboa eta espazioaren antolamendua ere.

– Lerrokadurak, sestrak eta eraikitako elementuen eta espazio librearen arteko erlazioa, eremuaren hiri-egitura eta izaera unitarioa definitzen dituztenak.

– Elizaren karga-egitura nagusia, zimenduak, horma sostengatzaileak, kontrahormak, zutabeak, kolomak eta lotutako elementuak barne.

– Kanpoko konfigurazio bolumetrikoa, fatxadak, dorrea, arkupea eta sakristia dituena, konposizio- eta dekorazio-elementuekin batera, hala nola portadak, baoak, trazeriak eta arrosa-leihoa. Era berean, hobien egitura erretikulatua egurrezko oholtzekin babestuta geratzen da, gaur egun elizaren zoru gisa kontserbatzen duen itxurari eta materialtasunari eutsiz, baita koruan instalatutako Cavalle Coll organoa ere.

– Probalekuko errekarrizko zoladura, errei paralelotan antolatuta eta trazadura geometriko bereizgarriarekin. Arraste-harriak.

– Ezkerreko hormako frontoiaren tipologia, plazarantz irekitako konfigurazioa barne.

– Frontoiko zeramikazko apaingarriak, frontiseko horma-irudiak eta kanpoko paramentuak barne.

– 13. artikulua.– Babestutako kultura-ondasunaren elementu degradatzaileak.

Honako elementu hauek jotzen dira kultura-ondasunaren balio babestuen degradatzailetzat:

– Elizaren fatxadei atxikitako instalazioak, hala nola kableatuak, eroanbideak eta ikusteko moduko beste elementu tekniko batzuk.

Probalekuaren zoladuraren alterazioak.

– Espazioaren irakurketa bateratua aldatzen duten behin-behineko egitura mugikorrak edo aldi baterakoak, bereziki eremuari balioa ematearekin zerikusirik ez duten materialen erabilerari dagokionez.

– Integratu gabeko hiri-altzarien elementuak, hala nola edukiontziak, seinaleak eta beste elementu batzuk, multzoaren pertzepzioan eragin dezaketenak.

14. artikulua.– Babestutako multzoan esku hartzeko zehaztapen espezifikoak.

1.– Oro har, ezin izango dira egin higiezinen eta zaindu beharreko haien elementuen kultura-balioei kalte egiten dieten esku-hartzeak, ez eta babes-araubide partikular honetako beste edozein xedapenen aurka doazenak ere. Aitzitik, baimendutako esku-hartzeak espazio eta eraikuntzen tipologia-, forma- eta egitura-elementuak errespetatzen dituztenak izango dira. Zaharberritze kontserbatzailea izango da multzoaren esku-hartzeak gidatu behar dituen irizpidea.

2.– Horretarako, jarraian aipatzen dira babestutako multzoan aplikatu beharreko esku-hartze araubidearen zehaztapen espezifikoak eta babes-araubide partikular honen 12. artikuluan definitutako babestu beharreko elementuak:

a) Ezin izango da eraikinaren bolumenean aldaketarik egin, aurreko artikuluan adierazitako degradatzaileak kentzearen ondorioz ez bada, ez eta jatorrizko eraikinei edo espazioei eraikinak eranstea, edo oinaren luzera edo zabalera handitzea dakarren azalera-aldaketarik ere.

b) Elizaren eraikinean, gainera, ez da onartzen estalkiaren jatorrizko antolamendua aldatzea. Fatxaden egungo osaera eta materialak, osatzen dituzten elementuak, apaingarriak eta fatxadako baoen kopurua mantendu behar dira, eta haien jatorrizko formak, tamainak eta proportzioak mantendu behar dira. Fatxadetan egiten den esku-hartze orok fatxadak eta horien konposizio- eta apaindura-elementuak berreskuratzea eta zaharberritzea izan behar du helburu.

Eraikinaren kanpoko akaberen egitura edo osaera modu berreskuraezinean aldatzen duten garbiketa-tratamenduak ez daude baimenduta.

Jatorrizko arotzeriako edozein elementu zaharberritu behar da, bai fatxadako baoetan, bai ateetan, eta jatorrizko materiala berreskuratu behar da jatorrizkoa ez den beste material batera aldatu diren arotzerietan. Ildo horretan, tenpluaren gaur egungo zurezko zoladura, 1988an zaharberritutako ehorzketa-hobien estalkiek eta hobien oinarri den erretikulak eratua, agerian mantendu behar da egungo konfigurazioan, eta hala behar dutenak zaharberritu behar dira.

Beirateak zaharberritzean, esku-hartze txikienaren printzipioari jarraituko zaio. Gainazala tratatzearen helburu nagusia beira kontserbatzea da, eta ez gardentasuna berreskuratzea, produktuak eta korrosio-deposituak ezabatuz. Beiratearen egitura sostengatzaileari dagokionez, haren kontserbazioa funtsezko helburua bada ere, ordezkapena onar daiteke, betiere jatorrizko beira kontserbatzearen alde.

Arkitektura- edo kultura-garrantzi nabarmena duten barne-espazioak zaharberritzeko obrak baimenduko dira, dekorazioko elementu arkitektonikoak mantenduz, bai eta aldatutako elementuak, zatiak edo materialak berrezartzeko obrak ere.

c) Probalekuari eta pilotalekuari dagokienez, espazio irekiak izaten jarraitu behar dute, bokazio publikokoak, eta instalazio mugikor txikiak bakarrik baimenduko dira, behin-behinekoak eta itzulgarriak, herritarren erabilera errazteko, betiere instalazio tradizional, jolas- eta kirol-instalazio horien berezko materialekin eta formekin lan eginez.

d) Pilotalekuan, plaza irekiko frontoiaren konfigurazio tipologikoari eutsi behar zaio, eta probalekuarekin eta plazarekin lotura zuzena bermatu behar da. Frontisa, joko-paramentuak eta elementuaren konfigurazio orokorra zaindu beharko dira.

Egungo estalkiari dagokionez, jatorrizko tipologia ez badu ere, egungo egoeran toleratzen da, betiere arina bada, multzoaren pertzepzioa aldatzen ez badu eta haren izaera irekia aldatzen duen itxitura finkorik sartzen ez bada.

Era berean, frontoiari lotutako dekorazio-elementuak babestu beharko dira, bereziki mural zeramikoak, haien osotasunari eutsiz eta haien pertzepzioa alda dezakeen edozein esku-hartze saihestuz.

e) Probalekuan eutsi egin behar zaio egungo konfigurazioari, arraste-probetarako espazio gisa, eta izaera irekiari eta plazaren planoan integratzeari eutsi behar zaio. Errekarrizko zoladura eta haren trazadura geometrikoa babestuko direla bermatu beharko da, eta haren antolamendua, materiala edo irakurketa alda dezaketen esku-hartzeak saihestuko dira. Era berean, haien erabilerari lotutako arraste-harriak kontserbatu beharko dira.

f) Oro har, multzoan, 13. artikuluan zehaztutako elementu degradatzaileak edo 3. artikuluan definitutako kultura-balioak nahiz 12. artikuluan definitutako kultura-ondasun babestutik babestu beharreko elementuen balioak kaltetzen dituztenak ezabatzeko esku-hartzeak baimenduko dira. Era berean, higiezinak kontserbatzeko betebeharrari buruz aplikatu beharreko hirigintza-legeriak baimentzen dituen esku-hartzeak baimenduko dira.

g) Behar diren instalazioak ahalik eta modu diskretuenean sartu beharko dira, eta erregistroak integratuta geratuko dira, 12. artikuluan zehaztutako babestu beharreko elementuak ahalik eta gehien errespetatuz.

h) Euskal Kultura Ondareari buruzko maiatzaren 9ko 6/2019 Legearen 50. artikuluan ezarritakoaren arabera, debekatuta dago babestutako kultura-ondasunean kutsadura bisuala edo akustikoa eragiten duten elementuak instalatzea, baldin eta monumentua ikustea eragozten, zailtzen edo desitxuratzen badute eta haren testuinguru-balioak degradatzen badituzte.

15. artikulua.– Kultura-ondasun babestuaren ingurunea.

1.– Eraikinen ingurunearen gaineko esku-hartzeek multzoaren ingurumen-alderdiak eta alderdi historikoak errespetatu beharko dituzte, eta bateragarriak izan beharko dute haren kontserbazioarekin eta balioa ematearekin.

2.– Eremu babestuaren perimetroa mugatzen duten higiezinetako obra orok kontuan hartu beharko du, fatxadaren eta materialen konfigurazioari dagokionez, zer eremutan dauden, hemen babestutako multzoaren balioak errespetatzeko moduan. Higiezin horietarako araudi espezifikoari dagokionez, udal-plangintzak ezarri beharko du, haren balioak kontuan hartuta.

3.– Euskal Kultura Ondareari buruzko maiatzaren 9ko 6/2019 Legearen 50. artikuluan ezarritakoaren arabera, debekatuta dago babestutako kultura-ondasunean kutsadura bisuala edo akustikoa eragiten duten elementuak instalatzea, baldin eta elementu horiek monumentuaren kontenplazioa eragozten, zailtzen edo desitxuratzen badute eta haren testuinguru-balioak degradatzen badituzte.

Horri dagokionez, I. eranskinean mugatutako ingurune babesturako, kutsadura bisuala eta akustikoa sortzen duten elementu hauek definitzen dira, beren eraikuntza- edo diseinu-ezaugarriengatik kultura-ondasunaren nahasmendu bisuala edo akustikoa eragiten duten kasuetan:

– Eraikin berriak babestutako ondasunaren ingurunean.

– Altueragatik, bolumetriagatik edo distantziagatik multzoaren pertzepzioa asalda dezaketen aldi baterako eraikuntzak edo instalazioak.

– Hornidurarako, energia-sorkuntzarako eta -kontsumorako eta telekomunikazioetarako instalazioak, beren forma edo tamainagatik ingurune babestuan eragin handia badute.

– Kultura-irisgarritasunarekin lotuta ez dauden errotuluak, seinaleak, hesiak eta kanpo-publizitatea jartzea, baldin eta, haien ezaugarriengatik eta kokapenagatik, babes-araubide honen eraginpeko ondasunaren kultura-balioak kaltetzen badituzte.

– Hiri-hondakinak biltzeko elementuak, duten tamaina handiagatik (zabor-edukiontziak) eta kokapenagatik babestutako multzoa hautematea zaildu dezaketenak.

– Eremuaren izaerarekin zerikusirik ez duten zarata-maila handiak sortzen dituzten jarduerak edo instalazioak, baldin eta multzoa hautematea zailtzen badute ongizate akustikoko baldintzetan.

16. artikulua.– Lotutako elementu higigarriak.

Deklaratutako multzoaren parte da, San Salvador Elizari lotutako elementu higigarri gisa, tenpluaren barruan dagoen organoa, eraikinarekin duen lotura funtzional, historiko eta artistikoagatik.

Estilo erromantiko-sinfonikoko organoa da; 1907an eraiki zuen Charles Mutinek, Cavaillé-Coll etxearen ondorengoak, eta 1920an elizara eraman zuten. Ordutik, elizaren egituran eta liturgia- eta musika-erabileran txertatuta dago.

Tresna hori ondare-balio handiko elementua da, bai organo-kalitateagatik, bai jatorri bereziagatik eta ibilbide historikoagatik, eta nabarmen laguntzen du elizaren barruko espazioaren ingurumen-, funtzio- eta estetika-konfigurazioan.

Ondorioz, organoa in situ kontserbatu beharko da, kontserbaziorako, mantentze-lanetarako eta, hala badagokio, zaharberritzeko beharrezko neurriak aplikatuz, haren balio materialak, eraikuntzakoak eta soinuzkoak babestea bermatuko duten irizpide tekniko egokien arabera.

Organoari eragiten dion edozein esku-hartzek Gipuzkoako Foru Aldundian kultura ondarearen eskumena duen organoaren baimena izan beharko du, eta behar bezala dokumentatu beharko da dagokion memoria teknikoaren bidez.

3. ATALA
IZAERA ARKEOLOGIKOKO ONDASUNETAN ESKU HARTZEKO ARAUBIDE PARTIKULARRA

17. artikulua.– Proiektu arkeologikoa egiteko betebeharra.

San Salvador elizaren lurpeari eta haren inguruari eragin diezaiokeen edozein obra edo esku-hartze egin aurretik, ikerketa arkeologikoko proiektu bat egin beharko da, eta proiektu horren emaitzaren mende geratuko da proiektatutako obra edo esku-hartzea gauzatzeko lizentzia ematea.

Landako ikerketa arkeologikoa amaitu ondoren, aurkitutako egiturak eta aztarna higiezinak kokatuta dauden ingurunean bertan integratzea sustatuko da, egin nahi den obra edo esku-hartzea egitura horien kontserbazioarekin bateragarri eginez.

1988az geroztik badakigu tenpluaren zorupean familia-nekropolia dagoela. Nekropolia XVI. mendean hasi eta joan den mendera arte luzatu zen. Horregatik, interes arkeologikoko aztarnak daudela egiaztatu da arkeologikoki, eta etorkizuneko edozein jarduketaren aurrean aurreikusi behar da. Beraz, aztarna horiek mantentzea eta aztertzeko beharra da lurpeari eragin diezaiokeen edozein proiektu bideratu behar duen irizpidea.


Azterketa dokumentala