
110. zk., 2026ko ekainaren 12a, ostirala
- Bestelako formatuak:
- PDF (214 KB - 12 orri.)
- EPUB (281 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
AGINTARIAK ETA LANGILEAK
Oposizioak eta lehiaketak
JUSTIZIA ETA GIZA ESKUBIDEEN SAILA
2573
AGINDUA, 2026ko maiatzaren 29koa, Justizia eta Giza Eskubideen sailburuarena, zeinaren bidez berariazko lehiaketarako deialdia egiten baita Eibarko eta Donostiako barruti judizialetan Justizia Administrazioko kidego orokorretako eskakizun bereziko lanpostuak betetzeko, bulego judizialak, erregistro zibileko bulego orokorrak eta udalerrietako eta haien elkarteetako justizia-bulegoak ezartzearen ondorioz.
Justiziaren Zerbitzu Publikoaren Efizientziaren Arloko Neurriei buruzko urtarrilaren 2ko 1/2025 Lege Organikoak sistema judizialaren erreforma integrala egiten du. Erreforma horrek, besteak beste, berekin dakar bulego judizial bakoitzeko lanpostu-zerrendak onartzea eta, hortaz, zentro horietan behin betiko destinoa duten funtzionarioak egokitzea.
Egokitze-prozesuak fase hauek izango ditu: lanpostuak izendapen askez betetzea; lanpostuak berariazko lehiaketa bidez betetzea; langileak berrestea ordura arte betetzen ari zirenen antzeko eginkizunak dituzten lanpostuetan; langileak berrantolatzea destinoko zentro berrietan eta nahitaezko berresleipena egitea.
Beraz, Eibarko eta Donostiako barruti judizialetako lanpostu-zerrendak behin onartuta, eta izendapen askeko sistemaren bidez lanpostuak betetzeko deialdia egin ondoren, berariazko lehiaketaren deialdia egin behar da; dagokion lanpostu-zerrendan lanpostuak betetzeko sistema hori ezarrita duten lanpostuak betetzeko, hain zuzen.
Horrela, bada, berariazko lehiaketa iragartzen da Eibarko eta Donostiako barruti judizialetako Prozesu eta Administrazio Kudeaketako, Prozesu eta Administrazio Izapidetzako eta Laguntza Judizialeko kidegoetako funtzionarioen artean eskakizun bereziko lanpostuak betetzeko, arau hauetan ezarritakoaren arabera: Botere Judizialaren uztailaren 1eko 6/1985 Lege Organikoaren 521., 522. eta 523. artikuluak eta Justizia Administrazioaren zerbitzuko funtzionarioen sarrerari, lanpostuak betetzeari eta lanbide-sustapenari buruzko Erregelamenduaren 48. artikulua eta hurrengoak (abenduaren 7ko 1451/2005 Errege Dekretuak onartu zuen erregelamendu hori).
Bat etorriz azaroaren 5eko 326/2024 Dekretuarekin, Justizia eta Giza Eskubideen Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duenarekin.
EBAZTEN DUT:
1. artikulua.– Xedea.
Deialdi honen xedea da berariazko lehiaketa bidez betetzea Eibarko eta Donostiako barruti judizialetako bulego judizialetan, erregistro zibileko bulego orokorretan eta udalerrietako eta haien elkarteetako justizia-bulegoetan Justizia Administrazioko kidego orokorretarako lanpostua edo hizkuntza dela-eta bereziturik dauden lanpostuak.
2. artikulua.– Parte hartzeko betekizunak.
1.– Betekizun orokorrak:
a) Egokitze-prozesu bat denez, eskainitako lanpostuak bete behar diren udalerrian behin betiko destinoa duten funtzionarioek baino ezin izango dute parte hartu berariazko lehiaketa honetan.
Hala, lehiaketan parte hartu ahal izango dute Prozesu eta Administrazio Kudeaketako, Prozesu eta Administrazio Izapidetzako eta Laguntza Judizialeko kidegoetako karrerako funtzionarioek, euren administrazio-egoera edozein dela ere, b) apartatuan adierazitako egoeretako batean daudenek izan ezik, baldin eta eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean deialdi honetan ezarritako baldintza orokorrak eta betekizunak betetzen badituzte. Lehiaketa behin betiko ebatzi eman arte jarraitu behar da baldintzak eta betekizunak betetzen.
Zerbitzu aktiboan diren funtzionarioek egoera horri eutsi beharko diote, harik eta lehiaketa behin betiko ebatzi arte. Zerbitzu berezietan edo senideak zaintzeko eszedentzian direnak, erreserbatutako lanpostura itzultzen badira, ez dira baztertuko lehiaketan parte hartzetik. Halaber, zerbitzu aktiboan dauden funtzionarioak, zerbitzu berezietara edo senideak zaintzeko eszedentziara pasatzen direnak, ez dira baztertuko.
Lehiaketan parte hartzetik kanpo geratuko dira zerbitzu aktiboan, zerbitzu berezietan edo senideak zaintzeko eszedentzian dauden funtzionarioak, baldin eta, lehiaketa ebazteko prozesuan zehar, egoera hauetara aldatzen badira: sektore publikoan zerbitzuak egiteagatiko borondatezko eszedentziara, interes partikularrengatiko eszedentziara, familia elkartzeagatiko borondatezko eszedentziara edo behin betiko eginkizun-gabetzera.
b) Lehiaketan parte hartu ezin dutenak:
– Eginkizun-gabetze irmoa ezarrita duten funtzionarioak, gabetze horrek dirauen bitartean.
– Interes partikularrarengatik borondatezko eszedentzian dauden langileak, egoera horretan egon behar duten gutxieneko aldiak dirauen bitartean.
– Nahitaezko lekualdatzearekin zigortuta daudenak. Zigorra ezarri zitzaien udalerrian destinoa lortzeko lehiaketan ezin izango dute parte hartu urte bat edo hiru igaro arte, falta astuna edo oso astuna izan den kontuan hartuta, hurrenez hurren.
– Donostiako barruti judizialaren kasuan, Auzitegi Medikuntzako Euskal Institutuan, Bulego Fiskalean eta Gobernu Idazkaritzan behin betiko destinoa duten karrerako funtzionarioak.
c) Berariazko lehiaketa honetan parte hartzeko gutxieneko denbora arautzeko, Justizia Administrazioaren zerbitzuko funtzionarioen sarrerari, lanpostuak betetzeari eta lanbide-sustapenari buruzko Erregelamenduaren 49.7 artikuluan xedatutakoarekin bat (abenduaren 7ko 1451/2005 Errege Dekretuak onartu zuen), ez da aplikatuko erregelamendu horren 46.1 artikuluan ezarritako muga.
2.– Berariazko betekizunak:
Hizkuntza dela-eta berezitua dagoen lanpostu batera aurkezten diren hautagaiek dagokien hizkuntza-eskakizuna izan beharko dute eskabideak aurkezteko epea amaitzen den egunean.
3. artikulua.– Eskainitako lanpostuak.
Lehiaketa honen bidez hornitu beharreko lanpostuak Eibarko eta Donostiako barruti judizialetako bulego judizialetan, erregistro zibileko bulego orokorretan eta udalerrietako eta haien elkarteetako justizia-bulegoetako lanpostu-zerrendetan bereizita agertzen direnak dira; hau da:
Kudeatzaile arduradunaren lanpostuak, hizkuntza-eskakizunaren derrigortasun-data iraungita dutenak nahiz iraungita ez dutenak.
Prozesu eta Administrazio Kudeaketako, Prozesu eta Administrazio Izapidetzako eta Laguntza Judizialeko Kidegoetako lanpostuak, hizkuntza-eskakizunaren derrigortasun-data iraungita dutenak.
4. artikulua.– Eskabideak aurkeztea.
1.– Lehiaketa honetan parte hartu nahi duten langileek bitarteko elektronikoen bitartez egin beharko dituzte honako izapide hauek:
a) Lehiaketa honetan parte hartzeko eskabidea aurkeztea.
b) Merezimenduak alegatzea.
c) Hala badagokio, eskabidearekin batera aurkeztu behar diren agiriak aurkeztea.
2.– Izapide horiek egiteko, parte hartzen duten funtzionarioek Eusko Jaurlaritzak onartutako sinadura elektronikoko ziurtagiriak erabili beharko dituzte. Ziurtagiri horiek hemen daude jasota (https://www.euskadi.eus/identifikazio-elektronikorako-onartutako-bitartekoak/web01-sede/eu/); besteak beste:
a) Izenpek pertsona fisikoei emandako ziurtagiriak, B@kQ barne.
b) Diruaren eta Zerga-zigiluaren Fabrika Nazionalaren software-formatuko sinadura elektronikoaren ziurtagiriak (pertsona fisikoenak).
c) NAN elektronikoa.
3.– Parte hartzeko eskabidea eta, hala badagokio, eskabidearekin batera aurkeztu beharreko agiriak aurkezteko, merezimenduak alegatzeko eta egiaztatzeko, eta destinoa aukeratzeko, horretarako diseinatutako inprimatu elektronikoa erabiliko da. Hemen dago eskuragarri: https://www.euskadi.eus/langile-hornikuntza/2026/1/lehiaketa-espezifiko/web01-a2justic/eu/
4.– Beste edozein bitartekoren bidez aurkeztutako eskabideak eta deialdiari loturiko bestelako dokumentuak aurkeztu gabekotzat hartuko dira.
5.– Deialditik eratorritako jarduketak EIZU justiziako langileen atarian eta euskadi.eus webgunean argitaratuko dira. Horrek ez du kentzen beste bitarteko batzuetan ere argitaratzea oinarri hauetan xedatutakoarekin bat etorriz. Espedienteetara sartzeko eta espedienteak izapidetu eta haien jarraipena egiteko, egoitza elektronikoaren «Nire karpeta» atalera jo beharko da: https://www.euskadi.eus/nirekarpeta
6.– Hamar egun balioduneko epean aurkeztu beharko dira eskabideak, deialdi hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian eta Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera. Bi aldizkarietan aldi berean ezin bada argitaratu, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera hasiko dira epeak.
7.– Parte-hartzaile bakoitzak behin betiko destinoa duen udalerrian eskainitako lanpostuak eskatu ahal izango ditu, lehentasun-ordenaren arabera, betiere eskatutako baldintzak betetzen baditu.
8.– Eskabideak aurkezteko epean interesdunak aurkeztutako eskabidea aldatu nahi badu, aldatu ahal izango du, baina horretarako beste eskabide bat aurkeztu beharko du. Lehiaketa honetan parte hartzen duen pertsona bakoitzak eskabide bakarra egingo du; beraz, epe barruan aurkeztutako azken eskabidearen edukia baino ez da kontuan hartuko.
9.– Eskabideak aurkezteko epea amaitu ondoren, ezin izango dira egindako eskabideak deuseztatu edo aldatu.
10.– Eskabideak aurkezteko aldia bukatu ondoren, egindako eskaera loteslea izango da.
5. artikulua.– Faseak eta baremoa.
Berariazko lehiaketa honek bi fase izango ditu:
1.– Lehen zatia: Betekizunak.
Justizia Administrazioko Zuzendaritzak ofizioz egiaztatuko du eskatutako baldintzak betetzen direla; besteak beste:
– Interesdunak parte hartzen duen udalerrian izatea behin betiko destinoa.
– Hizkuntza dela-eta bereziturik dauden lanpostuen kasuan, interesdunak dagokion hizkuntza-eskakizuna egiaztatuta izatea.
2.– Bigarren zatia: Merezimenduak.
Interesdunak merezimendu orokorrak eta berariazkoak alegatu beharko ditu eskabidean.
Eskabideak aurkezteko epea amaitzen denean baloratuko dira alegatutako merezimendu guztiak.
Merezimenduen balorazio horrek ere bi fase izango ditu:
2.1.– Lehenengo fasea: Merezimendu orokorrak.
Kontzeptu horretan, 72 puntu emango dira gehienez.
Hauek dira merezimendu orokorrak eskakizun bereziko lanpostu guztietarako:
a) Antzinatasuna: kidegoan benetan emandako zerbitzuak, karrerako edo bitarteko funtzionario gisa. Merezimendu horri dagokion puntuazioa eta hura zenbatzeko irizpideak I. eranskinean jasotzen dira.
b) Euskararen ezagutza: lanpostuan jarduteko eskatzen den euskararen jakite-maila baino altuagoa egiaztatzea. Merezimendu horri dagokion puntuazioa eta hura zenbatzeko irizpideak I. eranskinean jasotzen dira.
Justizia Administrazioko Zuzendaritzak ofizioz egiaztatuko ditu interesdunak eskabidean alegatutako merezimendu orokorrak, salbu eta berariaz aurka egiten badu. Aurka egonez gero, interesdunak, eskabidearekin batera, kontsultaren xede diren merezimenduak egiaztatzeko dokumentazioa aurkeztu beharko du.
2.2.– Bigarren fasea: Berariazko merezimenduak.
2.2.1.– Kudeatzaile arduradunaren lanpostuetarako berariazko merezimenduak.
Kontzeptu horretan, 28 puntu emango dira gehienez.
Kudeatzaile arduradunaren lanpostuetarako, lanpostuen ezaugarriei eta edukiei erreparatuta egokiak direnez, honako merezimendu espezifiko hauek ere baloratuko dira:
a) Zuzenbideko lizentziatura edo gradua izatea. Merezimendu horri dagokion puntuazioa eta hura zenbatzeko irizpideak II. eranskinean jasotzen dira.
b) Kudeatzaile arduradunaren lanpostuetan benetan emandako zerbitzuak, karrerako edo bitarteko funtzionario gisa. Merezimendu horri dagokion puntuazioa eta hura zenbatzeko irizpideak II. eranskinean jasotzen dira.
Interesdunak berariaz aurka egin ezean, Justizia Administrazioko Zuzendaritzak ofizioz egiaztatuko ditu alegatutako berariazko merezimenduak, honako hauek frogatze aldera:
Zuzenbideko lizentziatura edo gradua.
Kudeatzaile arduradunaren lanpostuetan emandako zerbitzuak.
Ofizioz egiaztatzearen aurka egonez gero, interesdunak, eskabidearekin batera, kontsultaren xede diren merezimenduak egiaztatzeko dokumentazioa aurkeztu beharko du.
2.2.2.– Hizkuntza dela-eta bereziturik dauden lanpostuetarako berariazko merezimendua (ez zaie aplikatuko kudeatzaile arduradunaren lanpostuei).
Kontzeptu horretan, 43 puntu emango dira gehienez.
Hizkuntza dela-eta bereziturik dauden Prozesu eta Administrazio Kudeaketako Kidegoko, Prozesu eta Administrazio Izapidetzako Kidegoko eta Laguntza Judizialeko Kidegoko lanpostuetarako, jurisdikzioan eta, hala badagokio, espezialitatean langileak behin betiko destinoa duen lanpostuan egindako eginkizunak eta zereginak baloratuko dira.
Merezimendu horri dagokion puntuazioa eta hura zenbatzeko irizpideak hemen jasotzen dira:
– III. eranskinean, Eibarko barruti judizialerako.
– IV. eranskinean, Donostiako barruti judizialerako.
Interesdunak berariaz aurka egin ezean, Justizia Administrazioko Zuzendaritzak ofizioz egiaztatuko du merezimendu hori.
Ofizioz egiaztatzearen aurka egonez gero, interesdunak, eskabidearekin batera, kontsultaren xede den merezimendua egiaztatzeko dokumentazioa aurkeztu beharko du.
2.3.– Merezimenduen baremoko gehieneko puntuazioa, guztira.
Artikulu honetan eta agindu honen eranskinetan aurreikusitakoaren arabera, merezimenduen balorazioan:
– Kudeatzaile arduradunaren lanpostuetarako, gehienez ere 100 puntu emango dira (gehienez 72 puntu merezimendu orokorretan + gehienez 28 puntu berariazko merezimenduetan).
– Hizkuntza dela-eta bereziturik dauden lanpostuetarako (kudeatzaile arduraduna salbuetsita), gehienez ere 115 puntu emango dira (gehienez 72 puntu merezimendu orokorretan + gehienez 43 puntu berariazko merezimenduetan).
6. artikulua.– Eskabideak baloratzea.
Justizia eta Giza Eskubideen sailburuaren agindu baten bidez izendatutako balorazio-batzordeak ebaluatuko ditu merezimenduak.
Balorazio-batzordea hauek osatuko dute: Administrazioaren ordez, lau kide; haietariko bat gutxienez Justizia Administrazioko funtzionario izango da. Administrazioak izendatutako langileen artetik, batzordeburua eta idazkaria izendatuko dira.
Ordezkaritza handiena duten sindikatuek bi kide izango dituzte batzorde horretan.
Deitutako lanpostuaren kidegoan sartzeko eskatzen den titulazio bera edo maila handiagokoa eskatzen den kidegoetakoak izan beharko dute batzordeko kideek.
Balorazio-batzorde horrek Justizia eta Giza Eskubideen sailburuaren aholkulariei parte hartzeko eskatu ahal izango die. Aholkulari gisa jardungo dute, hitzarekin baina botorik gabe.
Batzordea osatzean, emakumeen eta gizonen presentzia orekatua sustatuko da, Emakumeen eta gizonen berdintasunerako eta emakumeen aurkako indarkeria matxistarik gabe bizitzeko Legearen testu bategina onartzen duen martxoaren 16ko 1/2023 Legegintzako Dekretuan aurreikusitakoaren arabera.
Justizia Administrazioko Zuzendaritzak aztertuko du parte-hartzaileek baldintzak betetzen dituzten, eta Batzordeari lagunduko dio merezimenduak baloratzen, parte-hartzaileen espediente pertsonalean dauden datuen eta parte-hartzaileek eskabideak aurkezteko epean aurkezten duten dokumentazioaren arabera.
7. artikulua.– Esleipenak.
1.– Lanpostuak esleitzeko hurrenkera alegatutako merezimenduak baloratu ondoren lorturiko guztizko puntuaziotik ateratzen dena izango da.
2.– Guztizko puntuazioari begira, berdinketa izanez gero, lanpostua nori eman behar zaion erabakitzeko, kidegoan antzinatasun handiena nork duen hartuko da aintzat.
8. artikulua.– Behin-behineko ebazpena.
1.– Behin-behinean, Justizia Administrazioko zuzendariak ebatziko du deialdi hau, eta euskadi.eus webgunean argitaratuko da.
2.– Behin-behineko ebazpenean adieraziko dira alegatutako merezimenduen balorazioan izandako puntuazioa eta behin-behinean esleitutako lanpostua.
3.– Behin-behineko ebazpenaren aurka, alegazioak aurkeztu ahal izango dira, argitaratzen denetik hiru egun balioduneko epean.
4.– Adierazitako epean erreklamaziorik egiten ez bada, ulertuko da eskatzailea ados dagoela eta onartzen dituela bildutako datuak, alegatutako merezimenduen balorazioan lortutako puntuazioa eta behin-behinean esleitutako lanpostua.
5.– Behin-behinean emandako destinoek ez dute eskubiderik ematen, lehiaketaren behin betiko ebazpenari dagokionez.
6.– Hiru eguneko epe horretan, uko egin ahal izango zaio lehiaketan parte hartzeari.
9. artikulua.– Behin betiko ebazpena eta lanpostuez jabetzea.
1.– Alegazioak ikusita, deialdi honen gaineko behin betiko ebazpena Justizia eta Giza Eskubideen sailburuaren agindu baten bidez emango da, eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian eta Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratuko da.
2.– Lehiaketa hau gehienez ere lau hilabeteko epean ebatziko da, eskabideak aurkezteko epea amaitu eta hurrengo egunetik hasita, bat etorriz Justizia Administrazioaren zerbitzuko funtzionarioen sarrerari, lanpostuak betetzeari eta lanbide-sustapenari buruzko Erregelamenduaren 51.3 artikuluarekin (abenduaren 7ko 1451/2005 Errege Dekretuak onartu zuen erregelamendu hori).
3.– Egokitze-prozeduraren fase guztiak amaitu ondoren, organo eskudunak ebazpena emango du, destino berriaz jabetzeko data zehazteko.
10. artikulua.– Esleitutako destinoen izaera.
1.– Lehiaketa honen ebazpenaren ondoriozko lekualdatzeak borondatezkotzat hartuko dira Zerbitzuagatiko Kalte Ordainei buruzko otsailaren 2ko 16/1993 Dekretuan aurreikusitako ondorioetarako eta, hortaz, ez dute inolako kalte-ordainik kobratzeko eskubiderik emango.
2.– Esleitutako destinoei ezin izango zaie uko egin. Nolanahi ere, berariazko lehiaketa honen bidezko lanpostua lortu duen funtzionarioak uko egin ahal izango dio, baldin eta, lanpostuaz jabetzeko epea bukatu baino lehen, deialdi publiko baten bidez behin betiko beste destino bat lortu badu; hala izanez gero, langileak erakunde deitzaileari jakinarazi beharko dio. Jakinarazteko betebehar hori bete ezean, esleitu zaion lehen destinoa hartu beharko du jabetzan funtzionarioak.
11. artikulua.– Zuzenbide osagarri aplikagarria.
Deialdi honek zehazki aurreikusten ez dituen kontu guztietan, arau hauetan ezarritakoa aplikatuko da: Botere Judizialaren uztailaren 1eko 6/1985 Lege Organikoa; Justizia Administrazioaren zerbitzuko langile funtzionarioen sarrerari, lanpostuak betetzeari eta lanbide-sustapenari buruzko Erregelamenduaren 43. artikulua eta hurrengoak (abenduaren 7ko 1451/2005 Errege Dekretuak onartu zuen erregelamendu hori); eta, horien osagarri, funtzio publikoari buruzko legeria orokorra.
12. artikulua.– Errekurtsoak.
Deialdi honen aurka, aukerako berraztertze-errekurtsoa jarri ahal izango zaio Justizia eta Giza Eskubideen sailburuari, hilabeteko epean, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 123. eta 124. artikuluetan ezarritakoaren arabera; edo administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jarri ahal izango da Vitoria-Gasteizko Auzialdiko Auzitegiko Administrazioarekiko Auzien Atalean, bi hilabeteko epean, deialdia Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian eta Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera. Bi aldizkarietan aldi berean argitaratzerik ez badago, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera hasiko dira epeak.
Aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkezten denetik hilabete pasatuta, ebazpen adierazirik ematen ez bada, errekurtsoa ezetsitzat jo beharko da; orduan, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkeztu ahalko da, lehen adierazitako moduan.
Vitoria-Gasteiz, 2026ko maiatzaren 29a.
Justizia eta Giza Eskubideen sailburua,
MARÍA JESÚS CARMEN SAN JOSÉ LÓPEZ.
RSS