Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

109. zk., 2026ko ekainaren 11, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

HEZKUNTZA SAILA
2554

AGINDUA, 2026ko maiatzaren 19koa, Hezkuntzako sailburuarena, zeinaren bidez itunpeko ikastetxe pribatuetarako dirulaguntzak iragartzen baitira, enplegua mantentzeko eta irakasleen plantillak gaztetzeko, beherakada demografikoa egon delako, eta, horren ondorioz, 2024-2025 eta 2025-2026 ikasturteetan, hurrenez hurren, matrikulatutako ikasle kopuruak behera egin duelako.

2030 hezkuntzaren esparruak hezkuntzak Garapen Jasangarrirako Helburuak lortzeko eragile nagusi gisa duen rola aitortzen du, eta hezkuntza-eraldaketaren testuinguruan funtsezkoa da irakasleen rola eta protagonismoa indartzea, hezkuntza-sistema osoaren eraldaketa-eragile nagusi gisa. Hala ere, irakasleen ahaleginetik harago, lan-egonkortasunak ere eragin zuzena du ikastetxe baten funtzionamendu onean, eta, zalantzarik gabe, haren esperientziak sistema hobetzen laguntzen du.

Ikasturte guztien hasieran baieztatu egin dira garai batean aurreikusi ziren jaiotza-tasa txikiak, matrikulatutako ikasleen kopuruak nabarmen egin baitu behera. Hezkuntza-sistemaren aukera bakarra da egoera horri aurre egiten jarraitzea, eta hori erronka bat da gaur egungo beharrezko hezkuntza-eraldaketaren testuinguruan.

Hauek dira deialdi honen ardatz nagusiak:

– Irakasleen enplegua mantentzea: ikasgela-kopurua murriztearen ondorioz lanpostua gal dezaketen irakasleen birkokapena sustatzea.

– Irakasleen belaunaldi-erreleboa erraztea, eta, horretarako, irakasle zaharrenen erretiroa eta irakasle gazteenen sarbidea sustatzea: erretiro partziala eta txanda-kontratua, Administrazioaren laguntzarekin.

Laguntza-programa honek aurrekontu-kreditu nahikoa dauka, Euskal Autonomia Erkidegoko 2026ko ekitaldiko Aurrekontu Orokorretan aurreikusitakoari jarraituz.

Horrenbestez, zenbait xedapenek Hezkuntza Sailari ematen dizkioten eskumenak baliatuz –Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituen eta sail bakoitzaren egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituen lehendakariaren ekainaren 23ko 18/2024 Dekretuaren 12. artikulua; Jaurlaritzari buruzko ekainaren 30eko 7/1981 Legearen 26. artikulua, eta Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legea–,

hau

EBAZTEN DUT:

Artikulu bakarra.– Deialdiaren xedea.

Agindu honen xedea da itunpeko ikastetxe pribatuei dirulaguntzak emateko deialdia onartzea eta oinarriak ezartzea, enplegua mantentzeko eta irakasleen plantillak gaztetzeko, beherakada demografikoa egon delako, eta, horren ondorioz, 2024-2025 eta 2025-2026 ikasturteetan, hurrenez hurren, matrikulatutako ikasle kopuruak behera egin duelako.

Deialdi hau Hezkuntza Sailaren Dirulaguntzen Plan Estrategikoan aurreikusita dago. Plan hori Hezkuntzako sailburuaren 2026ko otsailaren 2ko Aginduaren bidez onartu zen, eta egoitza elektronikoan argitaratu zen, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko Legearen 6. artikuluaren arabera.

XEDAPEN GEHIGARRI BAKARRA

Agindu honetan araututako laguntzek ez dituzte betetzen EBko Funtzionamendurako Tratatuaren 107. artikuluaren 1. apartatuan ezarritako eskakizun guztiak; hori dela eta, ez dira estatuaren laguntzatzat hartzen; beraz, ez zaio jakinarazpenik egin behar Europako Batzordeari.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA

Agindu honek prozedura-gaietan arautzen ez duenerako, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legeak ezarritakoa aplikatuko da.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA

Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beronen aurka, interesdunek berraztertzeko errekurtsoa jarri ahal izango diote Hezkuntzako sailburuari; horretarako, hilabeteko epea izango dute, agindu hau EHAAn argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera. Bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jarri ahal izango da Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusian, Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean, agindu hau EHAAn argitaratu eta hurrengo egunetik hasita.

AZKEN XEDAPENETAKO HIRUGARRENA

Baimena ematen zaio Kudeaketa Ekonomikoaren zuzendariari agindu hau betearazteko behar diren jarraibideak emateko.

AZKEN XEDAPENETAKO LAUGARRENA

Agindu hau indarrean sartuko da Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean.

Vitoria-Gasteiz, 2026ko maiatzaren 19a.

Hezkuntzako sailburua,

MARÍA BEGOÑA PEDROSA LOBATO.

ERANSKINA

Oinarriak, EAEko itunpeko ikastetxeentzako dirulaguntzen deialdiarenak, enplegua mantentzeko eta irakasleen plantillak gaztetzeko, beherakada demografikoa egon delako, eta, horren ondorioz, 2024-2025 eta 2025-2026 ikasturteetan, hurrenez hurren, matrikulatutako ikasle kopuruak behera egin duelako.

Lehenengoa.– Xedea.

Agindu honen xedea da 2024-2025 eta 2025-2026 ikasturteetarako hezkuntza-ituna indarrean duten ikastetxeentzako dirulaguntzen deialdia egitea, baldin eta 4. artikuluan jasotako diruz lagundu daitezkeen jarduerak egiten badituzte, 5. artikuluan ezarritako baldintzetan, enplegua mantentzea eta itunpeko hezkuntza-langileen plantilla gaztetzea sustatzeko.

Ikastetxeen itxierak ez dira joko dirulaguntzaren xedetzat, ezta irakasleak borondatez birkokatzeari edo berriz atxikitzeari uko egitearekin lotutako kalte-ordainak ere.

Bigarrena.– Pertsona eta entitate onuradunak. Betekizunak.

1.– Laguntza-programa honen erakunde onuradunak izan daitezke 2024-2025 eta 2025-2026 ikasturteetan hezkuntza-ituna indarrean duten ikastetxe pribatuetako titularrak.

Ezingo dute agindu honetan araututako dirulaguntzen onuradunaren izaera edo entitate laguntzailearen izaera lortu Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko Legearen 13. artikuluan adierazitako egoeraren batean dauden pertsonek edo erakundeek.

2.– 20/2023 Legearen 9.5 artikuluan xedatutakoaren arabera, erakunde onuradunak egiaztatu beharko du, erakundearen zuzendaritza-organoren batek emandako erantzukizunpeko adierazpenaren bidez, baldintza hauek betetzen dituela dirulaguntza jaso ahal izateko:

a) Betetzen dituela indarrean den ordenamendu juridikoan aurreikusitako laguntza eta dirulaguntzak jasotzeko arauak exijitzen dituzten betekizunak.

b) Ez zaiola ezarri zigor-arloko edo administrazio-arloko zigorrik, dirulaguntza edo laguntza publikoak lortzeko aukera galtzea dakarrenik, eta ez dagoela hartarako ezgaitzen duen legezko inongo debekuren eraginpean.

c) Egunean dagoela dirulaguntzak itzultzeko betebeharretan.

g) Izaera juridikoak hala eskatzen badu, behar bezala ikuskatuta dituela kontabilitate-liburuak, izapidetutako erregistroak eta gainerako dokumentuak, kasu bakoitzean onuradunari aplikatu behar zaizkion merkataritza- eta sektore-legeek ezarritakoaren arabera, bai eta dirulaguntzen oinarri erregulatzaileek eskatzen dituzten kontabilitateko egoera-orriak edo berariazko erregistro guztiak ere, baldintza hauek betetzen dituela bermatzeko behar bezala egiaztatzen eta kontrolatzen direla.

g) Entitate eskatzaileak konpromisoa adieraziko du enpresa ez deslokalizatzeko, 20/2023 Legearen 49. artikuluaren arabera.

Hirugarrena.– Diruz lagundu daitezkeen jarduerak eta gastuak:

1.– Jarduera hauek finantzatu ahal izango dira deialdi honetan, hala badagokio:

1.1.– Enplegua mantentzea, itunpeko ikasgeletan curriculum-irakaskuntza ematen duten eta kontratu mugagabea duten irakasleak birkokatuz, baldin eta itunpeko ikasgelak gutxitzeagatik 2024-2025 eta 2025-2026 ikasturteetan lana galdu badute; edo kalte-oraina ematea, birkokatzea ezinezkoa bada. Birkokatzetzat joko da kontratu berri bat formalizatzea irakasleak bere lana egiten zuen ikastetxea ez den beste ikastetxe batean.

Lana galdu duen irakaslea aukeratzeko eta birkokatzeko, 5. artikuluan ezarritako baldintzak bete behar dira.

1.2.– Plantilla gaztetzea itunpeko ikasgela batean ikasleei curriculum-irakaskuntza ematen dieten eta kontratu mugagabea duten irakasleen errelebo-kontratuarekin lotutako erretiro partzialaren bidez.

2.– Diruz lagundu daitezkeen gastuak.

2.1.– Lanpostu huts batean birkokatzea edo kaleratzeagatiko kalte-ordaina.

Diruz lagunduko den gastua, kontzeptu horregatik, itundutako ikasgela murriztu den ikastetxean birkokatutako pertsonak aitortuta zuen antzinatasuna izango da, birkokatzearen datatik 2025eko abuztuaren 31ra arte, 2024-2025 ikasturterako; eta 2026ko abuztuaren 31ra arte, 2025-2026 ikasturterako, edo ordaindutako kaleratzeagatiko kalte-ordain legala.

Ondorio horietarako, lanpostu hutsa izango da Hezkuntza Sailaren Plangintzaren testuinguruan aurreikusten den irakasle-plaza oro (irakaslerik ez duena ikasgelen itunean izandako aldaketengatik, erretiroengatik, borondatezko bajengatik, ezintasun eta heriotzengatik, plaza-erreserba galtzeagatiko eszedentziengatik), baldin eta ikastetxeen hezkuntza-beharrak betetzeko gutxienez ikasturte batez mantendu behar bada.

Nolanahi ere, langileak proposatutako birkokatzeari uko egitea justifikatuta egongo da inguruabar hauetan:

Eskainitako lanpostua langilearen jatorrizko lanpostutik eta bizilekutik 50 kilometrora baino gehiagora badago, bi betekizunak bete behar dira. Berdintasun-printzipioa bermatzearren, distantziak neurtzeko informatika-tresna eskuragarri bat erabiliko da.

Eskainitako lanpostuaren lanaldia jatorrizkoarena baino txikiagoa bada (hau da, lanaldi osotik lanaldi erdira igarotzen bada).

Birkokatzearen edo berriz atxikitzearen kasuan antzinatasuna aitortzeari dagokionez edo kaleratzearen kasuan kalte-ordaina jasotzeko eskubideari dagokionez, irizpide hauek aplikatuko dira:

Langilea berriz atxikitzea lortzen bada, langileari jatorrizko lanpostuan metatutako antzinatasuna errespetatuko zaio.

Langilea, errelebo-kontratu bidez, lanpostu huts batean birkokatzea lortzen bada, langileari ez zaio errespetatuko jatorrizko lanpostuan metatutako antzinatasuna.

Langilea lanpostu hutsen gainerako tipologian birkokatzea lortzen bada, langileari jatorrizko lanpostuan metatutako antzinatasuna errespetatuko zaio.

2.2.– Plantilla gaztetzea itunpeko ikasgela batean ikasleei curriculum-irakaskuntza ematen dieten eta kontratu mugagabea duten irakasleen errelebo-kontratuarekin lotutako erretiro partzialaren bidez.

Diruz lagunduko den gastua, kontzeptu horregatik, 2024-2025 eta 2025-2026 ikasturteetako errelebo-kontratuen eta partzialen Gizarte Segurantzaren kuota patronalaren kotizazioen gainkostua da, erretiro partzialean dagoen pertsonak erretiro osoa hartu arte EAEko Administrazioko langile lan-kontratudunentzat araututako erretiroen gainkostua gainditu gabe. Hori Funtzio Publikoko sailburuordearen errelebo-kontratuekin lotutako erretiro partzialari buruzko 003/2024 eta 001/2025 instrukzioen bidez arautzen da.

Irakasleen plantilla gaztetzeko kontuan hartuko da abenduaren 23ko 11/2024 Errege Lege Dekretua, 2025-04-01ean indarrean jarri zena, data horretatik aurrera egiten diren txanda-kontratuari lotutako erretiro partzialeko kontratuetarako.

3.– Diruz lagundu daitezkeen jardueren eraginpean dauden langileak.

Jardueren eraginpeko langileek (EAEko ikastetxeetako itunpeko irakaskuntzan Haur Hezkuntzako lehen zikloko hirugarren mailakoak, Haur Hezkuntzako 2. ziklokoak, Lehen Hezkuntzakoak, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzakoak, Batxilergokoak eta Lanbide Heziketakoak) ikasleei zuzenean curriculumeko irakasgaiak ematen dizkieten irakasleak izan behar dute, kontratu mugagabea dutenak. Berariaz baztertzen dira, nolanahi ere, zeinu-hizkuntzako interpreteak, hezkuntza-laguntzako espezialistak eta, oro har, irakasle ez diren langile guztiak.

4.– Deialdiaren esparruan, antzinatasun- eta kaleratze-gastuak bateraezinak dira subjektu berean.

Laugarrena.– Zuzkidura ekonomikoa.

1.– 25.301.710,00 euro bideratuko dira deialdi honetan araututako laguntzak finantzatzera, EAEko 2026ko Aurrekontu Orokorretan horretarako esleitutako partiden kontura.

2.– Deialdi honen kontura emango diren laguntzen zenbateko osoak ezin izango du gainditu zuzkidura hori, ez eta, indarreko legerian jasotako kreditu-loturaren edo aurrekontu-aldaketaren araubidearekin bat etorrita, zuzkidura hori eguneratzean ezartzen dena ere.

3.– Hala ere, Hezkuntzako sailburuaren Agindu bidez, deialdiaren zenbateko osoa % 50era arte handitu ahal izango da, baldin eta kreditu egokia eta nahikoa badago. Agindu hori EHAAn argitaratuko da. Horrek, ordea, ez dakar beste eskabide batzuk aurkezteko epe berri bat irekitzea, ez eta ebazteko epea berriro hastea ere.

4.– Urtero eguneratuko dira emandako dirulaguntzengatik sortu beharreko zenbatekoak, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren zerbitzura diharduten langileen ordainsariak handitzeko aurreikusitako igoeraren arabera, betiere aurrekontu-xedapenek horretarako aukera ematen badute.

Bosgarrena.– Diruz lagundu daitezkeen jarduerak egiteko baldintzak.

Dirulaguntzak lortzeko, diruz lagundutako jarduketekin lotutako baldintza hauek bete behar dira:

1.– Arau hauek aplikatzea itunpeko unitateen murrizketak eragindako birkokatze eta kaleratzeei:

a) Itunpeko unitateak gutxitzeagatik lanpostua galtzen duen irakaslea izendatzeko, irizpide hauek aplikatu behar dira: lehenik eta behin, itunpeko ikasgela murriztu den ikastetxean antzinatasun txikiena izatea; eta, antzinatasun bera izanez gero, kontratazio berriena izatea.

b) Ikastetxearen titularrak ikastetxeko batzordeari jakinarazi behar dio lanpostua galdu duen irakaslearen nortasuna, adierazitako irizpideak zuzen aplikatu izanaren egiaztagiriarekin batera.

c) Ikastetxeetako titularrek baldintza hauek bete behar dituzte birkokatzean:

a) Plaza hutsak ikastetxeko batzordeari jakinaraztea berehala, ikastetxeak plaza hutsik geldituko den eguna jakitean, edo, aurreikusi ezin bada, gertatzen denean.

b) Edonola ere, birkokatzeko titulazioarekin, profilarekin eta espezialitatearekin lotutako baldintzak bete behar dira:

2.– Ikastetxeko batzordea osatzea, osaera honekin eta funtzio hauekin:

2.1.– Ikastetxeko batzordea hauek osatuko dute: ikastetxeko titularraren ordezkari batek, ikastetxeko zuzendariak eta langileen ordezkaritzak.

2.2.– Hauek dira ikastetxeko batzordearen funtzioak: kontratazioaren, birkokatzeko langileen eta aurreikusitako erretiro partzialen beharren zerrendak egitea.

Seigarrena.– Dirulaguntzen zenbatekoa.

1.– Birkokatzearen bidez enplegua mantentzeko dirulaguntzaren zenbatekoa itunpeko ikasgela murriztu duen ikastetxean birkokatutako pertsonak aitortuta zuen antzinatasunaren zenbatekoa izango da, honela kalkulatuta:

(Ikusi .PDF Fitxategia)

2.– Langilea, errelebo-kontratuaren bidez, lanpostu huts batean birkokatzea lortzen bada, dirulaguntzaren zenbatekoa langileak arrazoi objektiboengatik kontratua amaitzearekin lotuta jaso beharreko kalte-ordainaren zenbatekoa izango da, legez ezarritakoa, eta langileari ez zaio errespetatuko jatorrizko lanpostuan metatutako antzinatasuna.

Soberakotzat hartutako langilearekin zerikusirik ez duten arrazoiengatik birkokatzea ezinezkoa bada, eta hala egiaztatzen bada, lan egindako urte bakoitzeko 26 eguneko soldataren kalte-ordainaren zenbatekoa ordainduko da, gehienez ere 12 hilabete.

Soberakotzat hartutako langileak justifikatu gabe uko egiteagatik birkokatzea ezinezkoa bada, ez da diruz lagunduko legez dagokion kalte-ordaina.

3.– Errelebo-kontratuarekin lotutako erretiro partzialaren bidez plantilla gaztetzeko dirulaguntzaren zenbatekoa Gizarte Segurantzaren kuota patronalaren gainkostuaren zenbatekoa izango da, eta gainkostu horrek ezingo du gainditu EAEko Administrazioko langileentzat araututako erretiroei dagokiena.

4.– Ez dira bateragarriak izango kalte-ordainaren ordainketa eta antzinatasunaren ordainketa.

Zazpigarrena.– Prozedura.

Deialdi hau segidako lehiaketaren araubidearen bidez antolatuko da, eta, beraz, eskatzaileek deialdi honetan ezarritako betekizunak eta baldintzak baino ez dituzte bete beharko. Horrenbestez, egiten diren eskabideak ordenan ebatziko dira, espedienteak erabat osatuta geratzen diren unearen arabera eta zuzkidura ekonomikoa agortu arte.

Zortzigarrena.– Eskabideak aurkezteko epea eta modua.

1.– Birkokatutako langilearen antzinatasunaren kostua edo kaleratzeagatiko kalte-ordaina finantzatzeko eskabideak:

Hilabete bateko epean aurkeztuko dira, Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean zenbatzen hasita, ikastetxeek birkokatutako langileak aitortuta duen antzinatasunaren kostua finantzatzeko dirulaguntzak eskatuko dituzte I. eranskineko eskaera-ereduaren bidez.

Kaleratzeagatiko kalte-ordainen kasuan, dirulaguntzak hilabete bateko epean eskatuko dira, Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean zenbatzen hasita, betiere ikastetxeak hura ordaindu badio lanpostua galdu duen langileari, I. eranskineko eskaera-ereduaren bidez.

2.– Txanda-kontratuen eta lanaldi partzialeko kontratuen Gizarte Segurantzaren gainkostua ordaintzeko eskaerak:

Ikastetxeek agindu honen II. eranskineko eskabide-ereduaren bidez eskatuko dituzte dirulaguntzak, epe hauetan:

2.1.– Agindu hau argitaratu eta hilabeteko epean, 2024-2025 ikasturtean gertatuko diren erretiro partzialetarako; hau da, kontratu mugagabearen amaiera-data (lan egindako azken eguna) 2024ko irailaren 1etik 2025eko abuztuaren 31ra bitartean duten pertsonentzat (bi egunak barne).

2.2.– Agindu hau argitaratu eta hilabeteko epean, 2025-2026 ikasturteko lehen lauhilekoan gertatuko diren erretiro partzialetarako; hau da, kontratu mugagabearen amaiera-data (lan egindako azken eguna) 2025eko irailaren 1etik 2025eko abuztuaren 31ra bitartean duten pertsonentzat (bi egunak barne).

2.3.– 2025-2026 ikasturtea amaitu eta hilabeteko epean (2026ko abuztuaren 31), 2025-2026 ikasturteko bigarren eta hirugarren lauhilekoan gertatuko diren erretiro partzialetarako; hau da, kontratu mugagabearen amaiera-data (lan egindako azken eguna) 2026ko urtarrilaren 1etik 2026ko abuztuaren 31ra bitartekoa duten pertsonentzat (bi egunak barne).

3.– Eskabideak bakarrik egingo dira bitarteko elektronikoz, helbide honen bidez: https://www.euskadi.eus/servicios/2026/11017/web01-tramite/es/. Aurkezpen-datatzat hartuko da erregistro elektronikoan agertzen dena.

Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan onartutako identifikazio eta sinadura elektronikorako bideak helbide hauetan daude eskuragarri: https://www.euskadi.eus/certificados-electronicos

Eskabidea egin ondorengo izapideak (jakinarazpenak, errekerimenduak, dokumentazioa aurkeztea eta prozedurarekin lotutako gainerako izapideak) soilik egingo dira Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoko Egoitza Elektronikoko «Nire karpeta» aplikazioaren bidez (https://www.euskadi.eus/micarpeta/).

Egoitza elektroniko horretan, eskuragarri egongo dira eskabide-eredua bide elektronikoz izapidetzeko argibide guztiak. Laguntzari buruzko argibide gehigarriak helbide honetan lor daitezke: https://www.euskadi.eus/servicios/2026/11017/web01-tramite/es/

Eskabidearekin batera, erakunde eskatzailea ordezkatzeko legezko gaitasuna duen pertsona edo erakundearen sinadura elektronikoa aurkeztu beharko da; harekin batera, aurkeztu beharreko agiriak eta urriaren 1eko 39/2015 Legean xedatutakoaren arabera Administrazioak eska ditzakeenak ere bai.

Laguntza-eskabidea eta eskatutako dokumentuak EAEko aukeratutako hizkuntza ofizialean aurkeztu ahal izango dira. Era berean, laguntza-eskabidearen ondoriozko jarduketetan, eta prozedura osoan, zer hizkuntza hautatzen duen entitate eskatzaileak, hizkuntza hori erabiliko da, Euskararen Erabilera Normalizatzeko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legean ezarritakoaren arabera.

Eskabideak aurkezteak esan nahi du espresuki eta formalki onartzen direla deialdi honen oinarrietan zehaztutako baldintzak.

Bederatzigarrena.– Eskaerarekin batera aurkeztu beharreko agiriak.

1.– Kasu guztietan, erakunde eskatzailearen ordezkari legalaren erantzukizunpeko adierazpena atxikiko da, eskabidean jasotako informazioaren egiazkotasuna egiaztatzeko, Bigarren klausulan jasotako baldintzei dagokienez. Adierazpen hori IV. eranskineko ereduarekin bat egingo da.

2.– Eskatzen dena birkokatutako pertsonaren antzinatasunaren kostu erlatiboa bada, hau atxikiko da:

a) Itunpeko ikasgelaren murrizketaren ondorioz lanpostua galdu duen irakaslearen NANa.

b) Birkokatutako pertsonaren lan-kontratu mugagabe berriaren kopia.

c) a) letran aipatutako pertsonari lana galtzen duen ikastetxean aitortutako antzinatasunaren egiaztagiria.

d) Lana galdu aurreko azken hiru nominak.

e) Ikastetxeko batzordearen ziurtagiria, egiaztatzeko birkokatu behar den irakasleak enplegua 2024-2025 edo 2025-2026 ikasturtean ikasgelak murriztearen ondorioz galdu duela; 5.1.a) artikuluan ezarritako irizpideen arabera zehaztu da.

f) Irakaslearen birkokatzea ikastetxearen titularraren ordezkariaren eta langileen ordezkarien arteko adostasunarekin egin dela egiaztatzeko ziurtagiria.

3.– Eskatu dena kaleratzeagatiko kalte-ordainak ordaintzea bada, hau atxikiko da:

a) Ikastetxearen titularraren ordezkariak eta langileen ordezkariak sinatutako dokumentua, non ziurtatzen den ezin izan dela birkokatzea egin.

b) Langileak sinatutako dokumentua, kaleratzeagatiko kalte-ordaina jaso duela egiaztatzen duena.

c) Ikastetxeak ordaindutako kalte-ordainaren ordainagiria.

4.– Eskatu dena errelebo-kontratuen eta partzialen Gizarte Segurantzaren kuota patronalaren kotizazioen gainkostua bada, hau atxikiko da:

a) Ikastetxeko batzordearen ziurtagiria, egiaztatzeko jakinarazi zaiela erretiro partzialak eragindako plaza hutsa, diruz lagunduko dena.

b) Erretiro partziala dagoeneko gertatu bada.

b.1.– Erretiro partziala hartu duen pertsonaren errelebo-kontratuaren eta kontratazio partzialaren kopia, baita Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuari egindako jakinarazpenak ere. Kontratu horiek, horien aldaketak eta kontratu berriak «ikastetxean alta emateko» edo «kontratua/lanaldia aldatu» eskaeren bidez bidali behar dira, «Ikastetxe Pribatuen Kudeaketa» aplikazioan.

b.2.– Erreleboko langilearen eta errelebatutako langilearen NANaren kopia.

5.– Ezarritako baldintzak betetzen direla egiaztatzeko, Administrazioak aurreko paragrafoetan adierazitakoaz gain informazio gehigarria eska dezake.

Hamargarrena.– Prozeduraren izapideak eta dokumentazioa zuzentzea.

1.– Kudeaketa Ekonomikoaren zuzendaria izango da dirulaguntzak emateko prozeduraren instrukzio-organoa, eta prozedura ebazteko beharrezkotzat jotzen duen dokumentazio guztia eskatu ahalko du.

2.– Eskaera epez kanpo aurkezten bada, baztertu egingo da, epez kanpo aurkeztegatik. Eskabidea epe barruan aurkeztu, eta hautemanez gero eskabidean jarri beharreko daturen bat edo aurreko klausulan (zazpigarrenean) zerrendatutako nahitaezko dokumenturen bat falta dela, erakunde eskatzaileari eskatuko zaio akatsa zuzentzeko edo beharrezkoak diren dokumentuak aurkezteko 10 egun balioduneko epean. Halaber, ohartaraziko zaio ezen, hala egin ezean, eskaeran atzera egindakotzat joko dela; eta, horretarako, dagokion ebazpena emango da, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen Legearen 68. artikuluan xedatutakoari jarraikiz.

Jakinarazpenak eta zuzenketak bitarteko elektronikoen bidez egingo dira, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan: https://www.euskadi.eus/micarpeta

Jakinarazpen-sisteman jasota geratuko da zer egunetan eta zer ordutan jarri den interesdunaren esku jakinarazitako egintza. Jakinarazpena egin dela jasota geratu bada, eta jasotzen denetik hamar egun natural igarotzen badira edukira sartu gabe, jakinarazpena baztertu dela joko da, eta, prozedurari jarraikiz, izapidea egindakotzat joko da, non eta ez den egiaztatzen, ofizioz edo hartzaileak eskatuta, ezinezkoa izan dela jakinarazpenera sartzea.

Hamaikagarrena.– Esleitzeko prozedura eta irizpideak.

1.– Dirulaguntzak publizitatearen, norgehiagoka ezaren eta objektibotasunaren printzipioen arabera emango dira, eta epe barruan eta modu egokian aurkeztutako eskaera guztiei emango zaizkie, betiere deialdian ezarritako baldintzak betetzen badituzte.

2.– Deialdi honetan aurreikusitako dirulaguntzak eman edo ukatzeko, Hezkuntza Sailaren Administrazio eta Zerbitzuen sailburuordeak Ebazpena emango du.

3.– Eskabideak ebaluatu ondoren, organo kudeatzaileak behin betiko ebazpen-proposamena egingo du, behar bezala arrazoituta. Proposamen horretan, dirulaguntza ematea proposatzen den eskatzailea edo eskatzaileen zerrenda eta dirulaguntzaren zenbatekoa adierazi beharko dira.

Dirulaguntzak emateko espedientean organo kudeatzailearen txostena egongo da, eta txosten horretan jasota geratuko da organo kudeatzailearen esku dagoen informazioaren arabera onuradunek betekizun guztiak betetzen dituztela dirulaguntzak jasotzeko.

Behin betiko ebazpen-proposamenek ez dute proposatutako onuradunen aldeko eskubiderik sortzen Administrazioaren aurrean.

4.– Eskabideak ebazteko eta ebazpenak jakinarazteko gehieneko epea sei hilabetekoa da, eskabidea hura ebazteko eskumena duen organoaren erregistroan sartzen den egunetik aurrera. Epe hori igarotakoan interesdunari ebazpena jakinarazi ez bazaio eskabidea ezetsi dela ulertuko da.

5.– Administrazio eta Zerbitzuen sailburuordearen ebazpenak ez dio amaiera ematen administrazio-bideari eta haren aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkez dakioke Hezkuntzako sailburuari, hilabeteko epean, jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera.

6.– Publikotasun-printzipioa betetzeko, eta alde batera utzi gabe dirulaguntza emateko ebazpenak berariaz eta banan-banan jakinaraztea, EHAAn argitaratuko da, Administrazio eta Zerbitzuen sailburuordearen ebazpen bidez, deialdi honen babesean emandako dirulaguntzen onuradun izan diren ikastetxeen zerrenda, jasotako zenbatekoak eta kontzeptuak adierazita.

Hamabigarrena.– Dirulaguntza ordaintzeko eta justifikatzeko modua.

1.– Enplegua mantentzeko antzinatasuna, 6.1 artikuluan aurreikusia, birkokatutako langileei ordaindutako nominak aztertu eta, hala badagokio, onartu ondoren ordainduko da. Nominak hilabeteko epean aurkeztu behar dira, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

Birkokatu ondoren ordainketa delegatuan alta emandako pertsonen antzinatasuna hilero ordainduko da, ordainketa-sistema horren bidez.

Kaleratzeagatiko kalte-ordain legala emakida ebatzi ondoren ordainduko da.

2.– Gizarte Segurantzaren gainkostuen ordainketa bi seihilekoko ordainketetan egingo da, ekainean eta abenduan, emakida-ebazpenaren ondoren, III. eranskina aurkeztu ondoren eta justifikazio-dokumentazioa egiaztatu ondoren.

a) Erretiro partziala hartu duen pertsonaren errelebo-kontratuaren eta kontratazio partzialaren kopia, baita Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuari egindako jakinarazpenak ere. Kontratu horiek, horien aldaketak eta kontratu berriak «ikastetxean alta emateko» edo «kontratua/lanaldia aldatu» eskaeren bidez bidali behar dira, «Ikastetxe Pribatuen Kudeaketa» aplikazioan.

b) Erreleboko langilearen eta errelebatutako langilearen NANaren kopia.

c) Erreleboko langilearen eta errelebatutako langileari ordaindutako nominen kopiak.

d) Gizarte Segurantzaren kotizazio-dokumentu indibidualizatuen kopiak, atzerapen eta kotizazio osagarriei dagozkienak barne, baita langilearen kotizazio-kontu guztienak ere.

Nominak eta Gizarte Segurantzaren kotizazio-dokumentu indibidualizatuak elkarrekin bidali behar dira epe berean, hilero, dokumentu mota adierazita, langile bakoitzeko fitxategi indibidualizatuetan, egitura honekin:

apellido1_nombre_nom_mes_año.pdf

apellido1_nombre_rnt_mes_año.pdf

Hamahirugarrena.– Erakunde onuradunen betebeharrak.

I.– Pertsona eta entitate onuradunen betebehar orokor izango dira Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 14. artikuluan xedatzen direnak, eta, bereziki, hauek:

a) Laguntza zertarako eman den, hartarako erabiltzea.

b) Organo kudeatzaileari jakinaraztea ea beste dirulaguntzaren edo laguntzaren bat jaso duen xede bererako, eta ea aldetu den dirulaguntza emateko kontuan hartu den edozein gorabehera objektibo edo subjektibo, baldin eta horrek aldatzen badu diruz lagundutako jarduketen xedea edo izaera. Dirulaguntza edo baliabide horiek jaso direla jakiten den egunaren hurrengo 3 egun naturalen epean bidali beharko da horren jakinarazpena, eta, nolanahi ere, jasotako funtsak zertarako erabili diren justifikatu baino lehen edo justifikatzeko unean. Aldaketa horien berri ez ematea nahikoa arrazoi izan daiteke laguntza ezeztatzeko.

c) Onartzea dirulaguntza ematen duen administrazioak, Herri Kontuen Euskal Epaitegiak eta Administrazioaren Kontrol Ekonomikoko Bulegoak egindako egiaztatze-jarduerak, halaxe ezartzen baitu Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko 20/2023 Legearen 9.4.n) artikuluak.

Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak, sail eskudunaren bitartez, auditoretzak egin ahal izango ditu ikastetxeetan, emandako datuak egiazkoak direla egiaztatzeko.

d) Ikastetxeek birkokatutako langileen kontratu mugagabeak mantentzeko betebeharra dute, eta 12 hilabeteko proba-epea finkatzen da; epe horretan, kontratua deuseztatu ahalko da ikastetxeko batzordeak egoera hori balioztatzen badu. Kasu horretan, langilea berriro birkokatu beharko da.

II.– Ordainketak egiteko, erakunde onuradunak egunean izan beharko ditu Zerga Administrazioarekiko eta Gizarte Segurantzarekiko betebehar guztiak, Ekonomia eta Ogasuneko sailburuaren 2023ko otsailaren 13ko Aginduan xedatutakoaren arabera (Agindua, 2023ko otsailaren 13koa, Ekonomia eta Ogasuneko sailburuarena, Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontu orokorren kontura ematen diren laguntzen eta dirulaguntzen esparruan bai zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak bai dirulaguntzak itzultzeari buruzkoak betetzen direla egiaztatzeari buruzkoa).

Dena den, deialdi hau kudeatzen duen organoak behar beste aldiz egiaztatuko du, automatikoki, ea dirulaguntzak eskatzen dituzten erakundeek egunean dituzten zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak, erakunde onuradunaren baimenik behar izan gabe. Hala ere, erakunde onuradunak espresuki uka dezake baimena, eta, hala egiten badu, dagozkion egiaztagiriak aurkeztu beharko ditu.

Hamalaugarrena.– Ez-betetzeak.

Dirulaguntza jaso duenak ez badu betetzen deialdi honetan ezarritako baldintza edo betebeharren bat, edo abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 14. artikuluan ezarritako betebeharren bat (besteak beste, laguntza ez erabiltzea diruz lagundu daitezkeen gastuetarako), arrazoi nahikoa izango da erabakitzeko galdu egin dela laguntza kobratzeko eskubidea, eta/edo laguntza itzuli egin behar dela, lege horretan ezarritako prozedurarekin bat etorriz.

Era berean, kobratzeko eskubidea galtzeko eta/edo dirulaguntza itzultzeko arrazoi nahikoa izango da langilea kaleratzea probako 12 hilabeteak igaro ondoren, betiere kaleratzea ez badu balioztatu ikastetxeko batzordeak, eta langilea ez bada birkokatzen, bi aldeek egiaztatutako ezintasuna egiaztatzen den kasuetan izan ezik.

Dirua itzultzeko, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko 20/2023 Legearen 40. eta 42. artikuluetan horretarako ezarritako prozedurari jarraituko zaio, hargatik eragotzi gabe bidezkoak diren gainerako ekintzak.

Hamabosgarrena.– Beste laguntza batzuekiko bateragarritasuna.

Ematen diren dirulaguntzak ez dira bateragarriak beste edozein erakunde publiko edo pribatuk helburu berarekin ematen dituztenekin. Beste dirulaguntzarik edo laguntzarik jasoz gero, horren berri eman beharko da.

Diruz lagundutako gastua aldi berean gainfinantzatzen bada, emandako laguntza itzuli egin beharko da, eta dagokion berandutze-interesa ere eskatuko da (Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorra, 37.3 artikulua).

Hamaseigarrena.– Dirulaguntzaren baldintzak aldatzea.

Dirulaguntza emateko orduan kontuan hartutako baldintzetan aldaketarik izanez gero, horrek ekarri ahal izango du emandako dirulaguntza aldatzea; betiere, betetzen badira deialdi honetan dirulaguntzen onuradun izateko ezarritako eskakizunak. Baldintzak aldatzeagatik dirulaguntza osoa edo haren zati bat itzuli behar bada, hasiera emango zaio itzultzeko prozedurari. Ondorio horietarako, Kudeaketa Ekonomikoaren Zuzendaritzak dagokion likidazio-ebazpena egingo du, egoki dadin emandako dirulaguntzen zenbatekoa.

Hamazazpigarrena.– Ikuskapena.

Hezkuntza Sailak egokitzat jotzen dituen ikuskapen eta egiaztapenak egin ahal izango ditu, hobeto ezagutzeko zein diren dirulaguntza-deialdi honen baldintzak. Alde horretatik, erakunde onuradunek eskatzen zaien informazio osagarri guztia eman beharko dute.

Hemezortzigarrena.– Datuak babesteari buruzko oinarrizko informazioa.

Datu pertsonalak tratatu egingo dira, eta izen hau duen tratamendu-jardueran sartuko dira: Unibertsitateko laguntzak, dirulaguntzak eta bekak.

Arduraduna: Hezkuntza Saileko Kudeaketa Ekonomikorako Zuzendaritza.

– Helburua: dirulaguntza emateko prozedura izapidetu, bideratu eta ebaztea, bai eta ordainketa kudeatzea eta onuradunen betebeharren jarraipena egitea ere. Era berean, helburuak barne hartzen du betekizunak betetzen direla egiaztatzea datu-bitartekaritzarako plataformaren bidez, eta horrek ahalmena ematen dio zuzendaritza honi datuak kontsultatzeko eta Zerga Agentziarekin, Gizarte Segurantzarekin eta beste administrazio publiko batzuekin gurutzatzeko, eskatzaileen identitatea eta zerga-egoera egiaztatzeko, Administrazio Prozedura Erkidearen 39/2015 Legearen 28. artikuluaren arabera.

– Legitimazioa: tratamendua beharrezkoa da interes publikoaren izenean edo tratamenduaren arduradunari emandako botere publikoen izenean burututako eginkizun bat betetzeko.

– Hartzaileak: Ogasun eta Finantza Saila.

– Eskubideak: datuak irispidean izatea, zuzentzea eta ezereztea, bai eta informazio gehigarrian jasotako beste zenbait eskubide ere.

Informazio gehigarria: gure webgunean kontsulta dezakezu datuen babesari buruzko informazio gehigarri eta zehaztua:

www.euskadi.eus/clausulas-informativas/web01-sedepd/es/transparencia/045400-capa2-es.shtml

Araudia:

Datuen Babeserako Erregelamendu Orokorra:

eur-lex.europa.eu/legal-content/ES/TXT/HTML/?uri=CELEX:32016R0679&from=ES

3/2018 Lege Organikoa, abenduaren 5ekoa, Datu Pertsonalak Babestekoa eta Eskubide Digitalak Bermatzekoa: www.boe.es/buscar/doc.php?id=BOE-A-2018-16673

(Ikusi .PDF Fitxategia)

Azterketa dokumentala