Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

109. zk., 2026ko ekainaren 11, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

INDUSTRIA, TRANTSIZIO ENERGETIKO ETA JASANGARRITASUNAREN SAILA
2552

EBAZPENA, 2026ko maiatzaren 29koa, Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasuneko Arabako lurralde-ordezkariarena, zeinaren bidez eraikitzeko administrazio-baimena ematen baitzaio «Beitia» instalazio fotovoltaikoari eta bere ebakuazio-azpiegiturari dagokien proiektuari, Erriberabeitiko udal-mugartean (Araba) eta Mirador Norte FV, SLk sustatuta, eta onura publikoko izendatzen baita.

Espediente-zenbakia: 01 GE Y 202200014.

AURREKARIAK

2022ko irailaren 30ean, Mirador Norte FV, SL merkataritza-sozietateak «Beitia» eguzki-instalazio fotovoltaikoaren proiektuaren aurretiazko administrazio-baimena, eraikitzeko administrazio-baimena eta ingurumen-inpaktuaren ebaluazio sinplifikatua eskatu zituen, proiektu teknikoa eta dagokion ingurumen-dokumentua aurkeztuz, bai eta banaketa-sarearen kudeatzaileak emandako legezko gaitasunaren eta gaitasun tekniko eta ekonomikoaren egiaztapena eta sarbide- eta konexio-baimena ere.

2025eko maiatzaren 26an, aurretiazko administrazio-baimena eman zitzaion «Beitia» instalazio fotovoltaikoaren proiektuari, Arabako Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasunaren lurralde-ordezkariaren ebazpen bidez (2025eko abuztuaren 18ko EHAA, 153. zk.; eta 2026ko martxoaren 11ko ALHAO, 30. zk.). Ebazpen horretan, babes- eta konpentsazio-neurriak jaso ziren, bai eta Ingurumen Administrazioaren zuzendariaren 2025eko maiatzaren 9ko Ebazpenaren bidez egindako ingurumen-inpaktuaren adierazpenean ezarritako baldintzak ere (2025eko ekainaren 17ko EHAA, 113. zk.).

Eraikitzeko administrazio-baimena emateko eta proiektua onura publikokoa dela deklaratzeko baldintzatzat jarri zen proiektua Ingurumen Inpaktuaren Adierazpenean ezarritako baldintzetara egokitzea, bai eta konponbide tekniko bat aurkeztea ere, «Ekienea» instalazio fotovoltaikoko ebakuazio-linearen zortasun-eremuarekiko arauzko distantziak betetzeko, zeina Energia Politikako eta Meatzeetako Zuzendaritza Nagusiak baimendu baitzuen (PFot-142 espedientea).

2026ko otsailaren 4an eta 2026ko apirilaren 17an, Mirador Norte FV, SL sustatzaileak «Beitia» instalazio fotovoltaikoaren proiektuaren eranskinak aurkeztu zituen. Bertan, proiektuan sartu diren aldaketa ez-funtsezko hauek azaldu zituen, zeinak Ingurumen Inpaktuaren Adierazpenak ezarritako baldintzen ondorio baitira eta ez baitute afekzio berririk eragiten:

• Landare-pantaila perimetral bat jartzea itxituraren kanpoaldean, jatorrizko hesiaren kokapenari jarraituz. Hesia 5 metro barrurago jarriko da, eta, beraz, ez da handituko instalazioak hartzen duen azalera.

• Hesi perimetrala instalazio fotovoltaikoa garatzeko behar-beharrezkoak diren eremuetara mugatzen da, eta lehendik dauden baso-masekiko eta landaredi naturaleko eremuekiko tartea mantentzen du. Faunarekiko iragazkorra den tipologiakoa da, gehienez 2 metroko altuerakoa, lursailetik beherako ainguratzerik gabea eta faunarentzako pasabide espezifikoak dituena.

• Ikusizko eragin txikia duten material eta akaberekin egingo da hesia.

• Hautatutako moduluek tratamendu antislatzaileak izango dituzte.

• Instalazioaren okupazioa optimizatua da landare-itxitura jarrita, azalera okupatu osoa aldatu gabe.

• Eraikinen zimenduetara bideratutako eremuetan soilik berdinduko da lurra, eta ahalik eta gehien mugatuko da lursailari eragindako edozein afekzio. Modulu fotovoltaikoak instalatzeko ez da lur-mugimendurik egin behar; beraz, lursaila jatorrizko profilean mantenduko da.

«Ekienea» instalazio fotovoltaikoaren aireko ebakuazio-linearekiko segurtasun-distantziari dagokionez, egiaztatu da instalazioak betetzen dituela linea horren trazadura aldatuarekiko segurtasun-distantziak.

ZUZENBIDEKO OINARRIAK

Lehenengoa.– Arabako Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasunaren Lurralde Ordezkaritza da espediente hau izapidetzeko eta ebazteko organo eskuduna, hala xedatzen baita 410/2024 Dekretuaren 20. artikuluan (410/2024 Dekretua, abenduaren 3koa, Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasunaren Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duena).

Bigarrena.– Espedientean bete dira Sektore Elektrikoari buruzko abenduaren 26ko 24/2013 Legean agindutako arauzko izapideak; Eusko Jaurlaritzaren martxoaren 31ko 48/2020 Dekretua, zeinaren bitartez arautzen baitira energia elektrikoa ekoizteko, garraiatzeko eta banatzeko instalazioen administrazio-baimenaren prozedurak; bat etorriz ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearekin, baita Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearekin eta nahitaezko desjabetzeari buruzko 1954ko abenduaren 16ko Legearekin ere.

Hirugarrena.– Zehazki, eragindako ondasun eta eskubideen afektazioei buruzko kontsultak egin ziren, eta sustatzaileak adierazi zuen ados zegoela afekzio horiei lotuta emandako baldintza teknikoekin, eta jendaurreko informazioaren izapideak egin ziren, sustatzaileak desjabetu beharrekotzat jotzen dituen ukitutako ondasun eta eskubideen zerrenda argitaratzea barne (2024ko maiatzaren 28ko Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria, 103. zk., eta 2024ko ekainaren 5eko Arabako Lurralde Historikoaren Aldizkari Ofiziala, 63. zk.; 2024ko ekainaren 7ko El Correo egunkaria, eta 2024ko ekainaren 14ko Diario de Noticias de Álava).

Aipatutako lege-xedapenak ikusita, eta oro har zehazki aplikagarri diren gainerakoak oinarri hartuta, Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasuneko Arabako lurralde-ordezkariak hau

EBAZTEN DU:

Lehenengoa.– Mirador Norte FV SLri eraikitzeko administrazio-baimena ematea «Beitia» eguzki-instalazio fotovoltaikoaren eta haren ebakuazio-azpiegituraren proiekturako. Hau da proiektua:

• 4 MWn-ko potentzia instalatuko instalazio fotovoltaikoa: 705 Wp-ko 6.615 panel, 320 kW-eko potentzia izendatuko 13 inbertsore 40º C-ra eta 4.000 kVA-ko 0,63/30 kV transformazio-zentro bat, Erriberabeitiko udal-mugarteko (Araba) 1. poligonoko 30, 31, 34, 35, 36 eta 37. partzeletan kokatua.

• Erdi-tentsioko lurpeko linea (30 kV), transformazio-zentrotik ebakuazio-puntuaren ondoko sekzionamendu-zentrorainokoa, 1.632 metroko luzera duena eta oso-osorik Erriberabeitiko udal-mugartetik igarotzen dena.

• Banaketa-sareranzko ebakuazioa ST Mirandaren (30 kV) 6-Miranda-Industrial 5 linean (30 kV) egingo da, Erriberabeitiko udal-mugarteko 16133 (4944889) eta 16134 (4947033) bermeen arteko tartean.

Bigarrena.– Deklaratzea baimentzen den instalazio elektrikoa onura publikokoa dela. Deklarazioak, Sektore Elektrikoari buruzko abenduaren 26ko 24/2013 Legearen 56. artikuluan xedatutakoaren arabera, honako hauek dakartza berekin: ondasunak okupatu eta eraginpeko eskubideak hartu beharra, eta okupazioa, gainera, presaz egin beharra. Deklarazioak, halaber, Nahitaezko Desjabetzeari buruzko 1954ko abenduaren 16ko Legearen 52. artikuluan presaz okupatzeko deklarazioari dagokionez ezartzen diren ondorioak dakartza, 53. artikuluan zehaztutako erregistro-ondorioekin. Era berean, dagokion baimena izateko eskubidea ere izango du, instalazio elektrikoa Estatuaren edo autonomia-erkidegoen jabetza, erabilera edo zerbitzu publikoko lurretatik nahiz ondare-lurretatik, edo probintzia edo udalerriaren erabilera publikoko lurretatik, propioetatik edo komunaletatik, igarotzeko edo horiek okupatzeko; baita horien obra edo zerbitzuetarako eta zortasun-zonetarako ere.

Baimen hau aipatutako 48/2020 Dekretuan ezarritakoarekin eta baldintza orokor hauekin bat eman da:

Sustatzaileak dokumentu hauek aurkeztu beharko ditu Arabako Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasuneko Lurralde Ordezkaritzan, ingurumen-arloko organoari helarazteko:

• Obrak hasi baino lehen, Ingurumen Zaintzako Programaren dokumentu bategina, Ingurumen Inpaktuaren Adierazpenaren 5. apartatuaren arabera.

• Obrak hasi aurretik, Ingurumena Lehengoratzeko eta Paisaia Integratzeko Proiektua, Ingurumen Inpaktuaren Adierazpenaren 4.2 apartatuan adierazitako zehaztapenekin.

• Obrak hasi aurretik, Ingurumen Inpaktuaren Adierazpenaren 4.12 atalean aipatzen den Konpentsazio Plana.

• Obrak amaitutakoan, lanak egitean izandako gorabeheren erregistroa, bai eta babes- eta zuzenketa-neurrien betetze-mailarena ere, Ingurumen Inpaktuaren Adierazpenaren 5.6 apartatuaren arabera.

• Obrak amaitutakoan, urtean behin, jarduera hasten denetik eta jardueraren bizitza baliagarri osoan, eta lehengoratzearen berme-aldiaren amaieran, Ingurumen Inpaktuaren Adierazpenaren 5. apartatuan ezarritako Ingurumena Zaintzeko Programaren emaitzei buruzko dokumentua.

Onartutako proiektuari jarraikiz egin beharko dira obrak, kasu bakoitzean eskatu eta baimenduko diren aldaketekin.

Martxan jartzeko epea hiru urtekoa izango da, ebazpen honen egunetik aurrera.

Obrak amaitzean, horren berri eman beharko dio instalazioen titularrak Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasunaren Arabako Lurralde Ordezkaritzari, behin betiko errekonozimendurako eta martxan jartzeko akta egiteko.

Baimen hau eman dugu udalek eta probintziek eman beharreko lizentzia eta baimenei eta obrak egiteko beharrezkoak diren gainerakoei ezer kendu gabe eta horietatik aparte, eta eskatzaileak beharrezkoak izango ditu horiek ere. Era berean, hirugarrenen eskubideak kaltetu gabe ematen da, jabetza-eskubidea salbu utzita.

Ebazpen honek ez dio amaiera ematen administrazio-bideari, eta, beronen aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu dakioke Deskarbonizazioko zuzendariari, hilabeteko epean, ebazpen hau jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera, bat etorriz Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen 39/2015 Legearen 121. artikuluan eta hurrengoetan xedatutakoarekin.

Vitoria-Gasteiz, 2026ko maiatzaren 29a.

Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasuneko Arabako lurralde-ordezkaria,

JAVIER AIZPURU OCHOA DE ERIBE.


Azterketa dokumentala