
109. zk., 2026ko ekainaren 11, osteguna
- Bestelako formatuak:
- PDF (279 KB - 15 orri.)
- EPUB (125 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
INDUSTRIA, TRANTSIZIO ENERGETIKO ETA JASANGARRITASUNAREN SAILA
2550
EBAZPENA, 2026ko maiatzaren 15ekoa, Ingurumen Administrazioaren zuzendariarena, Andoaingo (Gipuzkoa) Sarmendi HIE3 eremuko 2. zenbakiko Ama Kandida 3-1 ZE zuzkidura-jarduketaren Hiri Antolamenduko Plan Bereziaren ingurumen-txosten estrategikoa formulatzen duena.
AURREKARIAK
2026ko otsailaren 16an, Andoaingo Udalak (Gipuzkoa) Andoaingo Sarmendi HIE3 eremuko 2. zenbakiko Ama Kandida 3-1 ZE zuzkidura-jarduketaren hiri-antolamenduko plan bereziaren (aurrerantzean, plana) ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatua hasteko eskabidea osatu zuen Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzan. Eskabidea Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legean xedatutakoaren arabera egin da, Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 29. artikuluak eta hurrengoek arautzen duten ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatuaren prozeduraren esparruan.
Eskabidearekin batera, hainbat dokumentu aurkeztu ziren, hala nola Andoaingo (Gipuzkoa) Sarmendi HIE3 eremuko 2. zenbakiko Ama Kandida 3-1 ZE zuzkidura-jarduketaren hiri-antolamenduko plan bereziaren zirriborroa eta ingurumen-dokumentu estrategikoa, Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 16. eta 29. artikuluetan ezarritako edukiarekin.
Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 75. artikuluan xedatutakoa betez, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak eragindako Administrazio publikoei eta pertsona interesdunei kontsultak egiteko izapidea hasi zuen 2026ko martxoaren 12an, eta espedientean jasota dago emaitza.
Halaber, espedientean jasotako dokumentuak eskuragarri egon ziren Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasunaren Saileko web-orrian, interesdun orok aukera izan zezan ingurumenaren arloan egokitzat jotzen zituen oharrak egiteko.
Ukitutako administrazio publikoei eta interesdunei egindako kontsulten izapidean jasotako erantzunak ikusita, eta planaren ezaugarriak eta haren ingurumen-inpaktuak kontuan hartuta, txosten honen xedea da zehaztea ea plan horri ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta egin behar zaion, balitekeelako ingurumenean eragin nabarmenak izatea, edo, bestela, ez duela eragin nabarmenik ingurumenean, ingurumen-txosten estrategikoak ezarriko duen moduan, Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 75. artikuluan xedatutakoaren arabera.
ZUZENBIDEKO OINARRIAK
Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 60. artikuluan xedatutakoaren arabera, dagokion ingurumen-ebaluazioko prozeduraren mende jarriko dira, nahitaez, ingurumenean eragin nabarmenak izan ditzaketen plan, programa eta proiektuak, bai eta horien aldaketak eta berrikuspenak ere, ingurumen-babes handia bermatzeko eta garapen jasangarria sustatzeko.
Hiri-antolamenduko plan berezia jasota dago Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 6.2 artikuluan, eta haren bidez ingurumen-organoaren ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatua behar duten plan eta programak ezartzen dira; hain zuzen ere, c) letran: etorkizunean proiektuak baimentzeko esparrua ezartzen duten plan eta proiektuak, aurreko paragrafoetan ezarritako gainerako baldintzak betetzen ez badituzte.
Gainera, plana Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen II.B eranskinaren 3) apartatuko kasuen barruan dago; izan ere, etorkizunean proiektuak baimentzeko esparrua ezarrita, II.A eranskineko 6. eta 7. apartuetako gainerako baldintzak betetzen ez dituzten planak eta programak aipatzen ditu.
Ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatua egiteko prozedura 75. artikuluan arautzen da, abenduaren 9ko 10/2021 Legearen II.C eranskinean ezarritako irizpideen arabera.
Planaren dokumentazio teknikoa aztertu ostean, eta aintzat harturik ingurumen-dokumentu estrategikoa zuzena dela eta indarrean dagoen araudian aurreikusitako alderdiak betetzen dituela, Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak ingurumen-txosten estrategiko hau ematen du, Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasunaren Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen abenduaren 3ko 410/2024 Dekretuaren arabera. Txosten horretan, aztertzen da ea planak ingurumenean eragin nabarmenak izan ditzakeen ala ez, eta, beraz, ingurumen-ebaluazio estrategiko arruntaren prozedura bete behar duen ala ez, edo, bestela, zer baldintza ezarri behar diren plana garatu eta ingurumena behar bezala babesteko.
Manu hauek kontuan hartu dira: 10/2021 Legea, abenduaren 9koa, Euskadiko Ingurumen Administrazioarena; 21/2013 Legea, abenduaren 9koa, Ingurumen-ebaluazioari buruzkoa; 410/2024 Dekretua, abenduaren 3koa, Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasunaren Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duena; 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena; 40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoarena, eta aplikatzekoa den gainerako araudia. Horiek horrela, honako hau
EBAZTEN DUT:
Lehenengoa.– Andoaingo (Gipuzkoa) Sarmendi HIE3 eremuko 2. zenbakiko Ama Kandida 3-1 ZE zuzkidura-jarduketaren Hiri Antolamenduko Plan Bereziaren ingurumen-txosten estrategikoa formulatzea, honako baldintza hauetan:
A) Planaren azalpena: helburuak eta jarduketak.
Andoaingo Hiri Antolamenduko Plan Orokorrak ia erabat finkatzen du Sarmendiko HIE3 eremua; hala ere, Ama Kandida etorbideko 2. zenbakiko eraikina ordeztea aurreikusten du, hau da, garajeen egungo erabileraren ordez, hirugarren sektoreko industria-erabilera ezartzea, aparkalekudun bizitegi-eraikin bat ezartzeko. Gaur egun garatzen ari den HIE5aren eremu mugakidearekin bat etorriz, HAPOren asmoa da Ama Kandida etorbidearen aurrealdeko jarduketak betetzea eta horiei jarraipena ematea. HAPOk aukera ematen du 40 etxebizitza antolatzeko 2. zenbakiko Ama Kandida eremuan.
Sarmendi HIE3 eremurako helburu orokorrak HAPOn jasotzen dira, dagokion hirigintza-fitxan, eta honako ideia hauetan laburbil daitezke:
– Oro har finkatzea hasierako zabalgunetako bat osatzen duten bizitegi-garapenak, espazio libre txikiak inguratzen dituzten eraikin irekien tipologiarekin eta aurrealde jarraitu batekin Ama Kandida etorbiderantz.
– Ama Kandida etorbidearen aurrealdea berregituratzea, hartutako irizpideari jarraikiz eta HIE5 eremu mugakidean aurreikusitakoarekin jarraituz.
– Bideak berrantolatzea orokorrean, hau da, errodadura-sekzioak erregularizatzea 4 metro gutxienez, lur gaineko aparkalekuak antolatzea eta oinezkoentzako espazio libreak berreskuratzea.
– Gaur egun, gutxiegi erabiltzen diren beheko solairuetako lokalak etxebizitza-erabilerarako gaitzea, indarreko ordenantzari jarraituz.
Kokalekua.
Andoaingo udalerrian dago eremua, Sarmendi auzoan eta, lurzoruaren egungo erabilerak zaharkituta geratu diren eremuan, HAPOren helburuekin alderatuta.
HAPOn mugatutako Ama Kandida etorbideko 3-1 ZE zuzkidura-eremua hiri-lurzoru finkatugabe gisa sailkatzen da eraikigarritasuna handitzeagatik.
Eremuak 2.012,76 m2-ko azalera du (0,20 ha). HAPOren arabera, eremuak 1.999 m2-ko azalera zuen; baina, azalera hori berriki egindako jasotze topografikoaren bidez doitu da.
Hauek dira eremuaren mugak: iparraldean, Ama Kandida etorbidea; mendebaldean, Bazkardo plazako eraikinak; ekialdean, gaur egun eraitsita dauden industrialde zaharra eta etxebizitzak (HIE5, Ama Kandida); eta hegoaldean, berdegune publiko bat.
Ama Kandida etorbidearen 2. zkenbakiko lurzatiaren eraikinak 33 urteko antzinatasuna du, profil honekin: beheko solairua eta goiko solairu bat, iparraldetik hegoaldera, Ama Kandida etorbidearen eta haren atzealdeko euste-ezponden artean. Eraikinaren beheko eta goiko solairuan, aparkaleku-erabilera dago, eta lau bulego lehen solairuan. Eraikinaz gain, erabiltzen ez den transformadore txiki bat dago eremuaren barruan; hura eraitsi eta ordeztu egin beharko da.
Eraldatutako lurzoru urbanizatua da. Gutxi gorabehera, 13,20 metroko zabalera du eta 63 metro inguruko luzera. Altimetriari dagokionez, eraikina +42,50 metroko kotan dago gaur egun, itsas mailaren gainean.
Aurretik finkatutako hiri-egituratzat har daitekeenaren barruan dago eremua, eta gaur egun dituen konexioak Ama Kandida etorbidetik aurrera egiten dira. Gaur egun, bi espaloi daude eremuan: bata, Bazkardo plazako eraikinen atzealdean, eta bestea, eraitsi beharreko eraikinaren ondoan. Bien artean, behar bezala antolatu ez ziren aparkalekuak dituen bide bat dago, eta kale itsu batean amaitzen da, oinezkoak pasatzeko izan ezik, hegoaldeko berdegunean jarraitzen baitu.
Hiri-antolamenduko plan bereziak (HAPB), Ama Kandida 2. zenbakiko lurzatiaren egungo erabileren ordez etorkizuneko bizitegi-erabilerak ezartzea aurreikusten du, Ama Kandida etorbideko aurrealde berria osatzeko, mugakide den HIE5aren eragiketarekin jarraituz; izan ere, haren bidez abandonatutako pabiloi zaharren ordez bizitegi-bloke berriak jarri dira.
HAPOk ezarritako irizpideak eta helburuak betetzea da proposatutako antolamenduaren abiapuntua, arreta berezia jarriz lurraldearen antolamenduari eta azterketari gainjarritako baldintzatzaileei; hauek dira garrantzitsuenak:
– Gutxieneko atzeratzeak Ziako errekarri dagokionez eta, zehazki, haren behin betiko konfigurazioari dagokionez.
– Bideak hobetzea eta oinezkoentzako espazioak berreskuratzea.
– Kontuan hartzea Ama Kandida etorbidearen aurrealdea eta gaur egun eraikitzen ari den HIE5 eremua, eta bien arteko irudi jarraitua sortzea.
– Eremuaren kalitate akustikoa.
Hori dela eta, eremuaren antolamendu xehatu berriak irizpide hauen arabera planteatu da:
– 1.196,26 m2-ko bizitegi-lurzati bakarra formalizatu da, etxebizitza-bloke bakarrean antolatuta, baina ez du loturik lurzati ez-eraikigarri libre eta pribaturik. Eraikin horren inguruan dagoen guztia espazio publiko gisa eratzen da, eta beheko solairuan erabilera publikoko zortasuna ezartzen da, oinezkoen joan-etorri askerako.
– Honela egituratzen da bizitegi-erabilera: bloke bakarra, sarbide bakarreko 3 nukleorekin, bai eta sestra azpiko eraikigarritasuna ere, proiektatutako etxebizitzei lotutako aparkalekuen eskaria konpontzeko eta bizitegi-garapenarekin lotuta ez dauden eremu mugakideetako aparkaleku-falta arintzeko. Plangintza orokorraren aukeretara egokitzen da etxebizitza-programa, hau da, 36 etxebizitza berri antolatu dira gehienez (28 libre + 8 tasatuta), HAPOren arau partikularrak ahalbidetzen dituen 40 etxebizitzak baino gutxiago, etxebizitza kopurua zehaztea plan bereziaren esku uzten baitu. Aurrekoa kontuan hartuta, gehienez 36 etxebizitzako eta, gutxi gorabehera, 80 garaje izango dituen bizitegi-eraikin bat proiektatu da, Andoaingo HAPOren aurreikuspenen arabera. Proposatutako bizitegi-eraikinak irtenbide tipologiko bati erantzuten dio: komunikazio bertikaleko hiru nukleo dituen blokea, hau da, hiru atari sartzeko eta ibilgailuentzako sarbide bakarreko garaje komuna. Sarbiderako bi atari aurreikusten dira 28 etxebizitza libreetarako, atari eta komunikazio-nukleo bakoitzeko 14, honela banatuta: solairu bakoitzeko bi etxebizitza, bi aldeetara begira, ekialde/mendebaldera. 8 etxebizitza tasatuetarako, beste atari independente bat aurreikusten da, solairu bakoitzeko bi etxebizitzatan banatuta, ekialde/mendebalderako orientazio bikoitzarekin eta komunikazio bertikaleko nukleo bakarrarekin.
– Espazio libreei dagokienez, erabilera publikokoa da zuzkidura-jarduketan sartuta dagoen eta eraikinak okupatzen ez duen guztia, sotoa izan ezik, lurrazaleko bide-zortasuna izango baitu. Horrek pasabidea bermatuko die oinezkoeei zein ibilgailuei Bazkardo plazako 1. eta 2. zenbakietako eraikinetara.
– Bazkardo plazako eraikinen eta urbanizazio berriaren arteko bidea aldatuko da, gutxi gorabehera, zeharka aparkatu ahal izateko 12 aparkaleku-plaza sartzeko, eta horietako bat desgaitasuna duten pertsonentzat izango da.
– Eraikuntza kontuan hartuta, 15 m-ko tartea errespetatuko da HIE5 eremuan aurreikusitako eraikinarekin, mendebaldean dauden Bazkardo plazako eraikinekin dagoen berdina.
– Bide-eskemari dagokionez, Ama Kandida kaletik proposatzen dira eremurako sarbideak, gaur egun bezala, bai eta HIE5 eremuan urbanizatu beharreko bide berritik ere. Eremuaren barruan, errepideko zirkulaziorako kale itsua mantenduko da, ez baitago bestelako aukerarik. Bestalde, mugikortasun publikoa hobetzen da, oinezkoak pasatzea ahalbidetzen baitu bai eremuko bizitegi-izaerako lurzati guztietan, bai Bazkardo frontoiari eta haren inguruei lotutako zuzkidura-espazio eta -lurzati publikoetan.
– Eremuan, aparkaleku-zuzkidura hau ezartzen da: 80 plaza inguru, proposatutako eraikinaren sestraren azpiko sotoan, eta 8 plaza inguru azalera publikoan.
Bizitegi-lurzatian, sestra gainean antolatutako hirigintza-eraikigarritasun berri osoa 3.950 m2(t)-koa da, erabilera horretarako HAPOk baimendutako gehieneko azaleratzat hartuta.
Sestra gaineko hirigintza-eraikigarritasunari sestra azpiko solairuetan proiektatutakoa gehitu behar zaio, konputagarria den azalera eraikiko 2.962,50 m2(t)-ko gehieneko mugarekin (sestra gaineko eraikigarritasunaren % 75) garajeen eta etxebizitza-osagarrien erabilerarako, alde batera utzita sarbideko arrapalak eta lokal teknikoak instalazioetarako eta irabazi-asmorik gabeko beste erabilera osagarri batzuetarako.
Eraikinen profila 3S+BS bikoitza+VII da etxebizitza libreko atarietan, eta gehienez 28 metroko altuera du sestra gainean (S+70,40); tarteko profila da HIE5 eremu mugakidean programatutakoaren eta Bazkardo plazako eraikinen artean. Etxebizitza tasatuen eraikinaren profila 3S+BS bikoitza+IV izango da eta gehienez 22 metroko altuera izango du sestra gainetik (S+64,40).
– Aztertutako aukerak.
• Kokapen-aukerak.
Ez da planteatzen kokapenaren alternatibarik, plan bereziaren xedea baita lurzati horren antolamendu xehatua ezartzea, Andoaingo alde zaharraren hegoaldeko hiri-bilbean baitago.
• Antolamendu-aukerak.
0 aukera: Alternatiba horrek ez ditu betetzen indarrean dagoen plangintzaren helburuak, egungo hirigintza-xedapenari eutsiko liokeelako.
A aukera: Bloke bakar bat planteatzen da 3.950 m2(t)-ko eraikigarritasun osoarekin, bizitegi-erabilerarako sestra gainean, eta 2.962,5 m2(t)-koa sestra azpian (sestra gaineko eraikigarritasunaren % 75) garajearen erabilerarekin eta etxebizitzaren osagarria. Eraikin horrek 36 etxebizitza eta, sotoan, 80 aparkaleku-plaza inguru izango ditu. Eraikinaren profila hau izango da: sestra azpiko 3 soto, beheko solairu 1 bikoitza, urbanizatzeko sestra guztiei erantzuteko, eta ataripe bat irekita goiko mailan, eraikinik gabe, eta goian, gehienez ere, 7 solairuko profila (3S+BS bikoitza+VII).
Beheko solairuak altuera bikoitza izango du sestrarekiko, haren sarbide-kota uholde-arriskuagatik eskatzen den mailara egokitu ahal izateko. Zehazkiago, sartzeko atariak, gutxi gorabehera, +45,8-ko kotan kokatutako dira, 45,76-ko kotan dagoen uholde-arriskuaren kotatik gora. Atarien kota horretara, HIE5 eremuan urbanizatu beharreko bide berriaren espaloitik iritsi ahalko da, eraikin berriaren ekialdera.
Eraikin berriaren bi aldeetako urbanizazio-sestren arteko desnibelak beheko solairuak altuera bikoitza edukitzea eskatzen du, aipatutako solairuartearekin. Mendebaldeko +42,5 sestraren azpitik, garajeetarako 3 soto-solairuak kokatuko dira; aipatutako solairuartea, berriz, sotoen gainetik kokatuko da, baina uholde arriskurik ez duten atarien azpitik. Solairuarte hori instalazioetako lokal teknikoetarako edo indarreko araudiak eskatzen dituen beste erabilera osagarri batzuetarako erabiliko da.
Aukera honetan, garajeen solairuetarako sarbidea eraikin berriaren mendebaldean egun dagoen kale itsutik planteatzen da, hau da, inguruko urbanizazio-kota baxuenetik (+42,50 inguru). Aukera horren abantaila nagusia garajeetara sartzeko arrapalen garapena minimizatzea da, horietatik ahalik eta hurbilen dagoen kotatik abiatuta. Hala ere, gaur egungo uholde-arriskuaren kotekin arazoak sortuko lirateke. Dena den, Ziako erreka bideratu ondoren, uholde-arriskuaren kota horiek aldatuko dira eta, ildo horretan, plan berezi honek irekita uzten du etorkizunean puntu horretatik garajeetara iristeko aukera.
B alternatiba: Aukera horrek planteatzen du etxebizitzak eta garajeak ere etxebizitza-bloke bakarrean gauzatzea (36 etxebizitza, eta horietatik 8 tasatuko dira).
Aukera honetan, ibilgailuen sarbidea garaje-solairuetara +45,80 kotan egiten da, HIE5 eremuan konfiguratzen den kale berritik, ekialdeko zuzkidurako AD-3.1aren mugakidea dena. Alegia, eremu horretako sarbideak gainditzen du 500 urteko errepikatze-denborako egungo uholde-arriskuaren kota, gutxi gorabehera, +45.76 kotan kokatuta, URA Uraren Euskal Agentziak emandako informazioaren arabera.
Era berean, adierazi behar da A eta B aukeren helburua dela indarreko plangintza udalerriaren egungo beharretara egokitzea. Biek modu egokiagoan sartzen dituzte indarreko legerian eremua garatzeko helburuak, bereziki espazio publikoaren tratamenduagatik, oinezkoen konexioa hobetzeagatik eta genero-ikuspegia kontuan hartzeagatik.
Uholde-arriskuagatik, gaur egun «B» alternatiba aukeratu beharko litzateke, Ziako erreka desbideratzeko proiektua oraindik amaitu gabe baitago. Hala eta guztiz ere, interesgarria da «A» aukera, proposatutako antolamendua egungo orografiara eta etorkizuneko urbanizaziora egokitzen baita; beraz, ezin da baztertu, ingurumen-dokumentua idatzi duen taldeak uste baitu abantaila praktikoak dituela «B» aukeraren aldean. Beraz, Ziako erreka bideratu arte ezin da konponbide hori gauzatu, baina plan bereziak irekita uzten du hautatutako alternatiban puntu horretatik garajeetara sartu ahal izatea.
B) Proposatutako planaren ezaugarriak aztertu ondoren, eta abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 75.3 artikuluarekin bat etorriz, lege horren II.C eranskinean ezarritako irizpideak aztertu dira, Planak ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta behar duen ala ez erabakitzeko.
1.– Planaren ezaugarriak, bereziki alderdi hauek kontuan hartuta:
a) Planak zer neurritan ezartzen duen proiektuetarako esparrua: kontuan hartuta kokapena, eragindako eremuaren ingurumen-ezaugarriak, proposatutako garapenaren garrantzia eta etorkizunean planaren esparruan gauzatuko diren proiektuen izaera, ez dago zertan jarri plana ingurumen-ebaluazio estrategiko arruntaren mende, berezitasunik ez duela uste da eta.
b) Planak beste plan edo programa batzuetan zer-nolako eragina duen, hierarkizatuta daudenak barne: planaren ezaugarriak kontuan hartuta, planak ez du ingurumen-eragin nabarmenik izango beste ezein plan edo programatan. Ez da bateraezintasunik aurkitu hierarkian gorago dagoen plangintzarekin.
c) Plana egokia ote den ingurumen-alderdiak barnean hartzeko eta, bereziki, garapen jasangarria sustatzeko: uste da plana egokia dela garapen jasangarria sustatzen duten ingurumen-alderdiak integratzeko, eta aukera ematen duela energia-aurrezpena eta -efizientzia bultzatzera bideratutako neurriak sartzeko, bai eta klima-aldaketa gutxitzeko eta aldaketa horretara egokitzeko neurriak ere.
d) Planarekin lotutako ingurumen-arazo nabarmenak: ez da antzeman ingurumenean arazo nabarmenik sortuko denik plana egikaritzearen ondorioz, baldin eta eraginpeko eremuan egin beharreko jarduketak eta jarduerak indarrean dagoen araudia betez egiten badira, besteak beste, arlo hauetan: lurzoruak, uholde-arriskua, jabari publiko hidraulikoaren edo haren babes-guneen gaineko eragina, zarata, hondakinak eta isurketak, segurtasuna, osasuna eta ingurumena.
e) Era berean, plana egokitzat jotzen da Europako nahiz Espainiako ingurumen-arloko legedia ezartzeko.
2.– Ondorioen eta eragina jasan dezakeen arearen ezaugarriak:
Klima.
Eremutik hurbilen dagoen estazio meteorologikoa Andoaingo «Andoain» (C077) da. Euskalmetek argitaratutako azken txostenaren arabera (2024), urteko batez besteko prezipitazioa 1.838,2mm-koa (edo l/m2) izan da, eta urteko batez besteko tenperatura 14,5 ºC-koa. Ozeano Atlantikoaren eraginez, gauaren eta egunaren arteko gorabehera termikoak edo udaren eta neguaren artekoak neurrizkoak dira, negu epelak eta uda freskoak eraginez; hori izozte-egunetan islatzen da, 4 izan baitira.
Airearen kalitatea.
Eremutik hurbilen dagoen airearen kalitateko estazioa Andoaingo udalerrian bertan dago, eremuaren ipar-mendebaldean, Aita Larramendi ikastolan. Eskuragarri dagoen azken txosteneko datuen arabera (2023. urtekoa), SO2, NO2, CO, PM10 eta PM2,5 kutsatzaileen datuek oso maila ona erakusten dute. Araudian CO kutsatzailerako ezarritako mugatik beherakoak dira balioak eta, O3 kutsatzailearen kasuan, helburu-balioa bete da.
Orografia eta maldak.
Ziako lurpeko errekaren ezkerraldean dago eremua, eta +42 eta +46 koten artean dago, gutxi gorabehera; 2-3 metroko desnibela dago +42 kotaren inguruan dagoen lurzatiaren zatirik handienaren eta eremuaren hego-ekialdeko muturraren artean, Bazkardo frontoiaren ondoko zona libre eta basotsuaren ondoan (eremuaren altuera handiena). Horiek horrela, aztertu beharreko eremuaren topografia erregularra da, hego-ekialdeko muturrean izan ezik; bertan, mendi-hegal bat hasten da, eta +46 baino kota altuagoetara igotzen da.
Geologia eta geomorfologia.
Eremuko jatorrizko material litologikoak buztin nabarrak eta igeltsuak dira, eta litologia iragazgaitza dute. Ikuspegi geomorfologikotik, ez dago eremuari buruzko informaziorik; baina, kontuan hartuta kokapena eta Ziako erreka hurbil dagoela, ibai-sistemaren parte diren lautada eta terraza alubiala direla esan daiteke. Sektorean, ez da identifikatu interes geologikoko edo geomorfologikoko eremurik, ibilbiderik edo punturik. Halaber, eremua ez dago «interes geologikoko leku» batean.
Edafologia eta gaitasun agrologikoa.
Eremuaren aurreko garapenak aldatu egin du area, jatorrizko hirigunearen zatia okupatzen baitu (Andoaingo Sarmendi auzoa). Jatorrizko lurzoruak, ahalmen handiko flubisolak, hirigitzaren garapenarekin kendu ziren.
Gipuzkoako Mota Agrologikoen Mapa 1988. urtekoa da; eta, haren arabera, mota agrologiko bakarrean sailkatu zen eremua: VIII.– oso balio agronomiko txikia edo nulua duten eremuak, eremu horien erabilera kontserbaziora, paisaiara eta abarretara mugatuz. Eremua ez dago Nekazaritza eta Basozaintzako Lurralde Plan Sektorialaren (LPS) aplikazio-eremuaren barruan, aipatutako Lurralde Plan Sektoriala onartu aurretik hiri-lurzoru gisa sailkatutako lurzorua delako.
Hidrologia.
Eremua Oriako Unitate Hidrologikoan (UH) dago, Kantauri Ekialdeko Demarkazio Hidrografikoaren barruan (ES017). Oriako UHaren barruan, Ama Kandida etorbideko 2. zk. dagoen eremua Oria ibaiaren arroan dago, eta 882,5 km2koa da arroa. Oria ibaiaren adarra den Ziako errekaren ibilgua «Oria VI (ES028MAR002662)» ur-masan dago, eta izaera oso aldatuta duten kareharrizko ibai-ardatz nagusi kantauriar-atlantikoen tipologia du.
Ama Kandida etorbideko 2. zenbakiaren eremuaren barruan, ez da ibilgurik igarotzen, baina Ziako errekaren ibilgua eremuaren iparraldeko muturretik, lurpetik, 32 metro baino gutxiagora doa, Ama Kandida etorbidearen beste aldean. Andoaingo herrigunetik igarotzeak uholde-arazoak sortzen ditu, estalduraren ahalmen hidrauliko eskasagatik eta bokalean Oria ibaiak berak ezartzen duen inguru-baldintzagatik. Horregatik, Uraren Euskal Agentzia Ziako errekaren ubideratze- eta saneamendu-proiektu bat egiten ari da, gaur egun, Andoaingo udalerriko hiri-eremutik igarotzen den tartean, zona horren arriskugarritasuna eta uholde-arriskua murrizteko.
Lurrazaleko uren kalitateari dagokionez, Uraren Euskal Agentziaren (URA) EAEko uren egoeraren jarraipen-sareak ORI606 Goiburu estazioa dauka Oria VI masarako [X: 579430 Y: 4789116], areatik 3,7 km ingurura dago ibaian behera. Ziako errekaren kalitatea neurtzen duen estaziorik ez dagoenez, ORI606 estazioa aukeratzea erabaki da, Oria VI.aren masaren parte delako. Beraz, baliteke Ziako errekaren kalitate-datuak bat ez etortzea. Nolanahi ere, haren egoera ezin da ontzat jo, bideratuta eta lurpean dagoelako, industrialdearen azpitik igarotzen eremuaren iparraldean.
Eskuragarri dauden azken txostenek ematen dituzten datuen arabera, esan daiteke 2024ko ur-masaren egoera kimikoa ona dela, baina egoera biologiko moderatua duela. Beraz, potentzial ekologikoa «moderatu» gisa definitu da.
Kantauri Ekialdeko Demarkazioaren Plan Hidrologikoko eremu babestuei dagokienez, ez da identifikatu eremu babestu horietako bat bera ere.
Hidrogeologia.
Kantauri Ekialdeko Demarkazioaren Plan Hidrologikoko (2022-2027) lurpeko ur-masen mugaren arabera, azterketa-eremua «Andoain-Oiartzun» masaren gainean dago (ES017MSBT017.002), Kantauri Ekialdeko Demarkazio Hidrografikoaren barruan. Kantauri Ekialdeko Demarkazio Hidrografikoaren Plan Hidrologikoko hirugarren zikloko (2022-2027) proiektu-proposamenaren arabera, ez da presio nabarmenik identifikatu lurpeko ur-masan, eta ez da inpakturik hauteman. EAEko lurpeko uren egoera zaintzeko sarearen arabera, egoera onean dago, oro har, Andoain-Oiartzun lurpeko ur-masa.
Landaredia eta lurzoruaren erabilerak.
Eremuko landaredi potentziala harizti azidofiloa eta harizti/baso misto atlantikoa da.
Ingurune antropikoa denez eta giza jarduerek oso aldatuta, ia eremu osoa «dentsitate handiko herri eta hirien eraikuntza» gisa kategorizatutako eremu batean dago, EUNIS sailkapenaren arabera. Landaretzarik gabeko edo eskaseko eremua da, batez ere landaredi erruderala du eta. Aztertzen ari garen eremuaren hego-ekialdeko muturrean dagoen hedapen txiki bat baino ez dagokio «parke txikiak eta lorategi apaingarriak» kategoriari; bertan dagoen landaredia mugatuta dago eremuko zona artifizializatuen eta eremuaren hegoaldeko urbanizazioen artean.
Bertako landarediari dagokionez, bi eremu nagusi bereiz ditzakegu:
– Eremu nagusia landaredirik gabea edo landaredi erruderalarekin. Eremuaren iparraldean eta Ama Kandida etorbideko 2. zenbakiko eraikinaren mendebaldean hedatzen da, eta hauei dagozkie: zona artifizializatuak (aparkalekuak, espaloiak eta errepideak), Ama Kandida etorbideko 2. zenbakiko eraikina bera edo eraikinaren eta transformadorearen arteko eremu txiki bat, non landaredi erruderala baino ez baita identifikatu.
– Eremuaren hego-ekialdean, hedadura txikiagoko area batean, lorategi-eremu bat dago, sakabanatutako zuhaitzekin.
Eremuan, ez da intereseko habitatik identifikatu, eta ez dago flora-espezie mehatxaturik edo interesekorik ere.
Fauna.
Lurzoruaren artifizializazio-mailak baldintzatzen du eremuko faunaren presentzia eta, kasu honetan, Ziako errekarekiko hurbiltasunak, lurpekoa eta oso eraldatua baita. Area antropizatu batean dago eremua, hiriko giza kokagunez, bizitegi-eremuez, industrialdeez eta azpiegiturez inguratuta; horregatik, ez da aurreikusten intereseko fauna-espezieak eremuan ibiltzea.
Eremuaren inguruetako interes handieneko eremuak faunarentzat Andoaingo hirigunea eta haren inguruneak dira, puntu sentikorrak baitira belatz handiarentzat (Falco peregrinus). Hala ere, eremuak muga handiak ditu eta ez dirudi espezie hori ibiliko denik.
Natura intereseko eremuak eta naturagune babestuak.
Aztergai den eremua ez dago natura-ondarearen gune babestutzat jotako ezein eremutan.
Korridore ekologikoak eta azpiegitura berdea.
Aztertzen ari garen eremua ez dator bat aipatutako proiektuak definitutako egiturazko elementuekin. Aztergai den eremua Ziako errekatik gertu dago, eta EAEko azpiegitura berdearen bilbe urdinaren parte da; hala ere, lurperatuta dagoen egungo trazadurak, aztertutako eremuaren inguruan, ez ditu betetzen azpiegitura berdea osatzen duen elementuari eskatzen zaizkion ezaugarriak.
Onura publikoko mendiak.
Eremua eta ingurune hurbilena ez dira sartzen onura publikoko mendietan, babes-mendietan edo erabilera libreko mendietan.
Paisaia.
«Andoain-Urnieta korridorea» (CO.2.) paisaia-unitatearen barruan dago eremua, eta haren ezaugarri nagusia da «artifizial» izatearen sailkapena duela. Eremuak, Andoaingo hiri-sarean dagoenez, hauskortasun txikia du, irisgarritasunaren aldetik ez da bermatzen begiespen egokia duenik eta egunerokotasun arrunta du. Paisaiaren gaineko inpaktu negatibo nagusiak, besteak beste, hauek dira: hiri-sare jarraitua izatea, inguruko errepideak eta trenbidea egotea edo espazio degradatuak egotea; eta eremu libreak edo berdeak dira eremuan eta inguruetan positiboki baloratzen diren bakarrak. Planean proposatutako elementu berriek, beraz, ez dute inpaktu esanguratsurik eragiten, eremuak eta inguruneak gaitasun handia baitute elementu antropiko berriak integratzeko.
Kultura-ondarea.
Eremuan ez da identifikatu kultura-ondareko elementurik.
Egon daitezkeen ingurumen-arriskuak aztertzen dira eta Ziako errekaren ibarrean uholde-eremuak daudela aurreikusten da. Kartografia horrek lehentasunezko fluxu-eremua eta uholde-eremuak mugatzen ditu hainbat errepikatze-denboratarako (10, 100 eta 500 urte). Andoaingo herrigunetik igarotzen den Ziako errekaren zatia uholdeak izateko arrisku potentzial handia duten eremuen barruan sartu da, «Andoain (ES017-GIP-15-3)» identifikazioarekin, eta 2. taldeko uholdeak izateko arrisku potentzial handia duten eremuen barruan ere bai («UAHE arrisku handiarekin, eta egiturazko babesari nahiko azkar ekin behar zaio»). Gainezka egitearen arrazoia uraldi-emariek ibilgu nagusiaren edukiera gainditzearekin lotuta dago. Eremuaren iparraldea ur-masaren lehentasunezko fluxu-eremuaren barruan dago. Aurrekoaz gain, eremuaren zatirik handiena uholde-arriskuaren eraginpean dago, eremuaren % 5 inguru (98,04 m2) baino ez baitago 10, 100 edo 500 urteko errepikatze-denborako uraldien eraginpean; zona hori hego-ekialdeko muturreko eremu librean dago. Era berean, GI-3722 errepidearen kasuan, errepide horrek arrisku altuko sailkapena du, eta aztertzen ari den eremua 100 metroko eragin-zerrendan dago. Zaratari dagokionez, aztertutako hiru aldietarako emaitzek erakusten dute gaur egungo egoeran kalitate-helburuak gainditzen direla eremuaren iparraldean, Ama Kandida bideko trafikoa dela eta.
Era berean, ingurunearen eta planaren aldaketaren ezaugarriak kontuan hartuta, ez da aurreikusten nabarmen eragiten dienik naturagune babestuei, akuiferoei, faunarentzako intereseko eremuei ezta ondare arkeologiko eta arkitektonikoari. Era berean, ez dira garrantzitsuak higadura-arriskuaren, arrisku sismikoaren edo SEVESO enpresak hurbil egotearen ondoriozko eraginak.
C) Ebazpen honetan, neurri babesle eta zuzentzaileak ezarri dira, planak ingurumenean eragin kaltegarri nabarmenik izan ez dezan eta beharrezkoa ez izateko ohiko ingurumen-ebaluazio estrategikoa egin behar izatea Andoaingo (Gipuzkoa) Sarmendi HIE3 eremuko 2. zenbakiko Ama Kandida 3-1 ZE zuzkidura-jarduketaren Hiri Antolamenduko Plan Bereziari, betiere horretan txertatzen badira ezarritako neurri babesle eta zuzentzaileak.
Neurri babesle eta zuzentzaileak gauzatuko dira indarrean dagoen araudiaren arabera, ingurumen-txosten estrategikoa egiten duen ebazpenean ezarritakoen arabera, eta, aurrekoaren aurka ez doan guztian, ingurumen-dokumentu estrategikoan eta planean bertan jasotakoaren arabera.
Beraz, hauek dira planak jaso beharko dituen zehaztapenetako batzuk:
Ur-baliabideen gaineko eraginei buruzko neurriak:
– Kontuan hartuta egungo uholde-arriskua, Hiri Antolamenduko Plan Bereziak (HAPB) azterketa hidrauliko bat jaso beharko du, ubideratze berriaren geometria jasotzen duena, «Ziako errekaren saneamendu-proiektuaren eta ubideratzearen 1. fasearen» dokumentazioaren arabera, eguneratutako uholde-arriskuaren kartografia berria lortzeko. Ahal dela, aipatutako azterketa hidraulikoa HAPBrekin batera aurkeztu beharko da planaren hurrengo izapidetze-fasean (hasierako onarpena eman ondoren) eta, nolanahi ere, eraikingintza-proiektua idatzi aurretik.
Eguneratutako uholde-arriskugarritasunaren kartografia berria oinarri hartuta, zeinak lehentasunezko fluxu-eremua eta 100 eta 500 urteko errepikatze-denborako uraldien kotak identifikatuko baititu, HAPBren azken antolamendu xehatuak mugak betetzen direla bermatu beharko du; horiek indarrean dagoen araudian ezarrita daude eta txostenaren garapenean laburbilduta aipatzen dira.
– Plan berezi honen hirigintza-arauek aipatu beharko dute indarrean dagoen plan hidrologikoan arlo horri buruz ezarritako araudia betetzen dela (37. – 45. artikuluak) bereziki.
• Bizitegi-erabilera berriak 500 urteko errepikatze-denborako uraldiaren kotatik gora kokatuko dira.
• Lurpeko garajeen eta sotoen estankotasuna bermatu behar da 500 urteko errepikatze-denborako uraldien aurrean, eta azterlan espezifikoak egin beharko dira eraikinak behera ez etortzeko, korritutako karga solidoa kontuan hartuz, eta, gainera, aire-zuloak eta ebakuazio-bideak eduki beharko dituzte aipatutako uholde-kotatik gora. Ahal dela, uholde-larrialdietan irisgarriak izatea hartuko da kontuan.
• Lehentasunezko fluxu eremuan badago atarien azpian eta garajeen gainean planteatutako solairuartea, bertan ezin izango dira kokatu herrestatze, diluzio edo infiltrazioaren ondorioz giza osasunerako eta ingurunerako kaltegarriak izan daitezkeen produktuak biltegiratzen, eraldatzen, manipulatzen, sortzen edo isurtzen dituzten instalazioak.
– Eremuko urbanizazio-jarduketetan, drainatze jasangarriko sistemak instalatzea aurreikusi beharko da bereziki, eta, ahal den neurrian, aparkalekuetan (zoladura iragazkorra, etab.).
– Ur-baliabideen eskari berrien estimazioa aurkeztu beharko da, Kantauriko Konfederazio Hidrografikoak baliabide nahikoa dagoen erabaki ahal izan dezan, Uren Legeari buruzko testu bateginaren 25.4 artikuluaren arabera.
– Beharrezkoa da Gipuzkoako Ur Kontsortzioaren txostena, lehendik dauden eta jarduketari lotuko zaizkion ur-hornidurako eta saneamenduko azpiegituren nahikotasuna eta ahalmena egiaztatzen dituena.
– HAPBak barne hartu beharko du proiektatutako hornidura- eta saneamendu-sareen irudikapen kartografikoa.
Ingurumen-integrazioarekin lotutako neurriak.
– Gune libreak landareztatzean, aintzat hartuko da «Lorategi eta berdegune jasangarriak diseinatzeko eskuliburua», Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailak eginda. Jasangarritasun-irizpideak lehenetsiko dira, espezie autoktonoak erabiliko dira espezie inbaditzaileak sartzeko arriskua txikiagoa izan dadin. Lorategi-lanetan ez dira inola ere erabiliko inbaditzaileak izan daitezkeen espezie aloktonoak; esaterako, Fallopia japonica, Robinia pseudoacacia eta Cortaderia selloana edo beste batzuk. Lehengoratze-lanetan erabiliko den landare-lurrak flora inbaditzailearen propagulurik ez duela bermatuko da.
Eremuko kalitate akustikoa babesteko neurriak.
– Euskal Autonomia Erkidegoko hots-kutsadurari buruzko urriaren 16ko 213/2012 Dekretuaren 36. artikuluan xedatutakoaren arabera, ezingo da etorkizunera begirako hirigintza-garapenik egin kanpoko ingurunean kalitate akustikoaren inguruko xedeak betetzen ez dituzten eremuetan, 43. eta 45. artikuluetan xedatutakoa ezertan eragotzi gabe.
– Alde horretatik eta azterketa akustikoaren arabera, planaren area akustikorako kalitate akustikoko helburuak bete ezean, beharrezkoa izango litzateke babes akustiko bereziko eremu izendatzea (aurrerantzean BABE), bat etorriz Dekretu horren 43. eta 45. artikuluetan ezarritakoarekin. Izendapen horrek bermatu beharko du gutxieneko edukia bat datorrela Euskal Autonomia Erkidegoko hots-kutsadurari buruzko urriaren 16ko 213/2012 Dekretuaren 45. artikuluko b) letran eta hurrengoetan adierazitakoarekin. BABE adierazpen horretan jasotako eremuko plana, lehenik eta behin, kanpoaldea babesteko teknikoki zein ekonomikoki egokiak diren neurriak ezartzen dituena, urriaren 16ko 213/2012 Dekretuaren 46. artikulutik 48. artikulura bitartean ezarritakoari egokituko zaio.
– Kalitate-helburuak betetzen ez badira soilik, eremuko planean jasotako neurriak ezarri arren, toki-administrazioak esparru hori egoera akustiko bereziko eremu izendatuko du, eta helburu horiek betetzeko neurri osagarri berriak definituko ditu.
– Nolanahi ere, eraikin sentikorren –etxebizitzak edo ospitale-, hezkuntza-, kultura-, erlijio- eta administrazio-erabilera dutenak badira– barnealdeko kalitate akustikoko helburuak bete beharko dira beti; horretarako, udalak hori justifikatzen duen txostena egin beharko du, kasuan kasuko eraikuntza-baimena eman aurretik, eta kanpoaldea babesteko zuzenketa-neurriak ezarri beharko ditu.
– Azkenik, planak ziurtatu beharko du, dagokion hirigintza-tresnari hasierako onarpena eman aurretik, azpiegituren zortasun akustikoen pertsona edo entitate titularrek kutsadura akustikoaren erregulazioari dagokion nahitaezko txostena egiten dutela, urriaren 16ko 213/2012 Dekretuaren 30. artikuluan adierazitakoa betez.
Soberakinen kudeaketari buruzko neurriak.
– Planaren eremuaren barruan, lur-mugimendua orekatua izatea lehenetsiko du proiektuak. Hori egiterik ez badago, lehentasuna emango zaio lur- eta arroka-soberakinak baliarazteari, mailegu-premian dagoen hurbileko obra batean. Baliaraztea ezinezkoa bada, soberakinak metatzeko egon daitezkeen kokalekuak identifikatuko dira, eta soberakinak eramateko dauden alternatibak aztertuko dira ingurumen-irizpideekin, ingurumen-inpaktu txikiena duen lekua hautatzeko. Azken kasu horretan, soberakinen biltegi baimendu batera eramango dira beti, eta arau hauen arabera kudeatuko da: 646/2020 Errege Dekretua, uztailaren 7koa, Hondakinak zabortegietan utziz ezabatzeko jarduera arautzen duena, eta 49/2009 Dekretua, otsailaren 24koa, Hondakinak hondakindegietan biltegiratuta eta betelanak eginda ezabatzea arautzen duena.
Kultura-ondarea babesteko neurriak.
– Euskal Kultura Ondareari buruzko maiatzaren 9ko 6/2019 Legean xedatutakoa alde batera utzi gabe, obrak egitean aztarna arkeologikoren bat egon daitekeela pentsarazten duen zerbait aurkitzen bada, lanak aldi baterako eten egingo dira badaezpada, eta berehala jakinaraziko zaio Bizkaiko Foru Aldundiko Kultura Sailari, zer neurri hartu adieraz dezan.
Beste prebentzio-eta zuzenketa-neurri batzuk:
Aurreko neurriak gorabehera, garapen-proiektuak gauzatzean aplikatu beharreko neurriak lotuta egongo dira obretako, lurrak eta soberakinak kudeatzeko, hondakinak sortu eta kudeatzeko, hondeatutako lurzoruak kontrolatzeko, eta urak, airearen kalitatea eta kalitate akustikoa babesteko jardunbide egokien eskuliburuarekin. Besteak beste, neurri hauek hartu beharko dira, eta planak azkenik ezartzen dituen zehaztapenetan txertatu:
– Jardunbide egokien eskuliburua, obrako langileek erabiltzeko. Gai hauekin lotutako alderdiak bilduko ditu, gutxienez: lanaldiak, makineria, uretara isurketak egitea saihestea, ahalik eta hauts eta zarata gutxien sortzea, herritarren lasaitasunean ahalik eta eragin gutxien eragitea, hondakinak kudeatzea, eta abar.
– Obrak, bai eta lurzorua okupatzea dakarten eragiketa osagarriak ere, proiektua gauzatzeko behar-beharrezkoa den gutxieneko eremuan egingo dira. Kontratistaren instalazio-eremuak, barne hartuta makineria-parkea, obra-txabolak, obrako materialak aldi baterako biltegiratzeko gunea, landare-lurra eta hondakinak aldi baterako pilatzeko guneak, ingurumenari ahalik eta gutxien eragiteko irizpideei jarraikiz proiektatuko dira.
– Hondakinak sortzea eta kudeatzea: Hondakinak eta Lurzoru Kutsatuak arautu eta Ekonomia Zirkularra bultzatzeko apirilaren 8ko 7/2022 Legeak ezarritakoaren arabera eta aplikatzekoak diren berariazko araudiek agindutakoaren arabera kudeatuko dira obretan sortutako hondakinak, hondeaketetatik eratorritakoak barne.
Hondakinak kudeatzeko hierarkia-printzipioei jarraituz, hondakinak ez sortzea sustatu behar da edo, hala badagokio, apirilaren 8ko 7/2022 Legearen 8. artikuluan ezarritako lehentasun-hurrenkeran kudea daitezela, hau da: prebenitzea, berrerabiltzeko prestatzea, birziklatzea eta balioztatzeko beste modu batzuk, balorizazio energetikoa barne.
Hondakinak deuseztatzeko, ezinbestekoa izango da aldez aurretik behar bezala justifikatzea haiek balioztatzea ez dela bideragarria teknikoki, ekonomikoki edo ingurumenaren aldetik.
Hondakin arriskutsuak biltzeko sistemak bereiziak izango dira, duten tipologia dela eta, isurketaren bat gertatuz gero, nahasita, arriskutsuago bihurtu edo kudeaketa zaildu dezaketen kasuetan. Hondakinak eta lurzoru kutsatuak arautzeko eta ekonomia zirkularra bultzatzeko apirilaren 8ko 7/2022 Legearen 21. artikuluan ezarritako segurtasun-arauak beteko dituzte hondakin arriskutsuak dituzten edukiontziek edo ontziek, eta itxita egongo dira kudeatzaileari eman arte, isurita edo lurrunduta gal ez daitezen. Edukiontzi edo ontzi horiek modu argi, irakurgarri eta ezabaezinean etiketatuta egon beharko dute, indarrean dagoen araudiaren arabera.
Eremu espezifiko bat egokituko da hondakin arriskutsuak (olio-potoak, iragazkiak, olioak, pinturak eta abar) behin-behinean biltegiratzeko. Gainera, hondakin arriskutsuen eremutik bereizita, edukiontzi espezifikoak ipiniko dira hondakin geldoetarako. Halaber, obran zehar, eta lanek irauten duten bitartean, elementu estankoak jarriko dira (bidoiak eta abar), sortutako hondakinak biltzeko. Hondakin horiek, aipatutako garbigunean aldi baterako biltegiratu baino lehen, motaren arabera bereizi beharko dira.
Espresuki debekatuta dago sortutako hondakin-tipologia desberdinak elkarren artean edo beste hondakin edo efluente batzuekin nahastea; halako hondakinak jatorrian bereiziko dira, eta bilketa- eta biltegiratze-bitarteko egokiak prestatuko dira nahasketa horiek ekiditeko.
Erabilitako olioak, baimendutako kudeatzaile bati eman arte, estalpean utziko dira, behar bezala etiketatutako andel estankoetan; zola iragazgaitz baten gainean egon beharko dute, kubo txikietan edo ihes eta isuriei eusteko sistemen barruan.
Araudi hori betetzea errazagoa izan dadin, lanen ondorioz sortutako hondakinak kudeatzeko sistemak jarri beharko dira abian. Lan horien arduradunek kudeatuko dituzte sistema horiek, eta haien ardura izango da langileek sistema horiek behar bezala erabiltzea. Bereziki, ez da inola ere kontrolatu gabeko efluenterik sortuko erregaiak eta produktuak biltegiratzearen, makineria mantentzearen eta hondakinak erretzearen ondorioz.
Industrian erabilitako olioen kudeaketa arautzen duen ekainaren 2ko 679/2006 Errege Dekretuari jarraituz kudeatuko dira olio erabiliak.
Eraikuntza- eta eraispen-hondakinen kudeaketa arautzen duen ekainaren 26ko 112/2012 Dekretuan xedatutakoaren arabera kudeatuko dira eraikuntza- eta eraispen-hondakinak.
– Lurzoruak eta urak babestea: Neurri prebentibo eta zuzentzaileak ezarriko dira obra-fasean, istripuzko isurien eragina saihesteko, bereziki makinen mantentze-lanetan (material xurgatzaileak erabiltzea, isuriekin kutsatutako lurzoruak kendu eta kudeatzea, etab.). Ustekabean ezer isuriz gero, berehala jaso beharko dira lurzoru kutsatua eta material xurgatzailea, eta hondakin arriskutsu gisa biltegiratu eta kudeatuko dira.
Pilaketa-eremuak, instalazio osagarriak edo makineria-parkea gainazal iragazgaitzetan kokatuko dira. Saihestuko da makineria mantentzeko lanak egitea iragazgaitzak ez diren guneetan, eta, nolanahi ere, hondakinak, bereziki, olio erabiliak, biltzeko sistema izango duen plataforma iragazgaiztu baten gainean egingo dira obran erabiltzen den makineriari erregaia jartzeko, lubrifikatzaileak aldatzeko eta bestelako lanak, urak kutsatu ez daitezen.
– Airearen kalitatea babestea: Ibilgailuak eta makinak garbitzeko gailuak egongo dira, baita gurpilak garbitzeko plataformak ere, lokatzik edo hautsik ez hedatzeko, eta kamioiek obretan sartzeko eta obretatik ateratzeko erabiliko dituzten bideak garbi eduki beharko dira, presiozko ura edo erratz-makinak erabilita. Hondeaketa-materiala hezetasun-baldintza egokietan garraiatuko da, hau da, zama-estalkiak dituzten ibilgailuetan, lohi eta partikularik ez barreiatzeko.
– Obrek ateratako zarata: Zaratari buruzko azaroaren 17ko 37/2003 Legea garatzen duen urriaren 19ko 1367/2007 Errege Dekretuaren 22. artikuluan aurreikusitakoaren arabera, zonakatze akustiko, kalitate-helburu eta emisio akustikoei dagokienez, obrak egitean erabiliko diren makinak egokitu egin beharko dira kanpoan erabiltzeko makinen emisio akustikoei buruz indarrean dagoen araudian ezarritako aginduetara, eta, bereziki, egokitu beharko dira, hala badagokie, Kanpoan erabiltzeko makinek ingurumenean sortzen dituzten emisio akustikoak arautzen dituen otsailaren 22ko 212/2002 Errege Dekretuan (apirilaren 28ko 524/2006 Errege Dekretuak aldatu du) eta arau osagarrietan ezarritakora.
Obrek iraun bitartean, jardunbide operatibo egokiak aplikatu beharko dira zaratak sorburuan bertan murrizteko, bereziki, hondeaketetan, eraispenetan, zamalanetan eta garraio-lanetan, bai eta erabilitako makineriaren mantentze-lan orokorretan eta zaratak nahiz bibrazioak sorburuan murrizteko orduan.
Eguneko lan-ordutegia egongo dira.
Obrek 6 hilabete baino gehiago irauten badute, inpaktu akustikoari buruzko azterketa egin beharko da, egoki diren neurri zuzentzaileak zehazteko, hala xedatzen baitu urriaren 16ko 213/2012 Dekretuaren 35. bis artikuluak. Azterketa horretan, aztertu beharko da zer onura akustiko lortu nahi den neurri zuzentzaile horien bitartez, eremu akustiko eta eraikuntza sentikorretan zarata murrizteari dagokionez, eta eragindako udalerriari jakinarazi beharko zaio haren edukia.
– Kamioiek obran sartu eta irteteko erabiltzen dituzten bideak garbi eduki beharko dira; horretarako, presioko ura edo erratz-makinak erabiliko dira.
– Jasangarritasuna eraikingintzan: Eraikingintza eta eraikuntza jasangarriagoetarako behar diren ezaugarriei dagokienez, Eraikuntza iraunkorrerako gidan (https://www.ihobe.eus/argitalpenak) jasotako neurriak eta ingurumen-jardunbide egokiak erabiliko dira eraikinen energia-aurrezpena eta -efizientzia bultzatzeko eta energia berriztagarriak sustatzeko. Neurri horiek alderdi hauek hartu beharko dituzte kontuan, gutxienez:
• Materialak. Lehengai berriztaezin gutxiago kontsumitzea.
• Energia. Energia gutxiago kontsumitzea edo energia gutxiago sortzea iturri berriztaezinen bidez.
• Edateko ura. Edateko ur gutxiago kontsumitzea.
• Ur grisak. Ur gris gutxiago sortzea.
• Uraren zikloa. Uraren kudeaketa eta kalitatea hobetzea.
• Atmosfera. Gas-, hauts-, bero- eta argi-emisioak murriztea.
• Barnealdeko kalitatea. Barnealdeko airearen kalitatea, erosotasuna eta osasuna hobetzea.
• Hondakinak. Hondakinen kudeaketa hobetzea edo hondakin gutxiago sortzea.
• Lurzoruaren erabilera. Lurzoruaren okupazioa murriztea.
• Mugikortasuna eta garraioa. Mugikortasun jasangarri eta unibertsala sustatzea. Garraio-prozesuak murriztea eta pertsonen mugikortasuna hobetzea.
• Ekosistemak eta biodibertsitatea. Naturaguneen funtzioak hobetzea eta, biodibertsitatea handitzea eta kontserbatzea.
• Paisaia. Sektorea eta haren instalazioak paisaian integratzea.
• Arriskuak eta segurtasuna. Arrisku naturalak edo antropikoak minimizatzea.
• Klima-aldaketa. Klima-aldaketaren ondorioetara egokitzea.
Bigarrena.– Ingurumen-txosten estrategiko honetan ezarritakoaren arabera, eta, betiere, ebazpen honetan ezarritako neurri babesle eta zuzentzaileak hartzen badira, bai eta sustatzaileak proposatutakoak ere baldin eta azken horiek aurrekoen aurkakoak ez badira, zehaztea ez dela aurreikusten ondorio kaltegarri nabarmenik izango duenik ingurumenean «Andoaingo (Gipuzkoa) Sarmendi HIE3 eremuko 2. zenbakiko Ama Kandida 3-1 ZE zuzkidura-jarduketaren Hiri Antolamenduko Plan Bereziak», eta, beraz, ez dela planari loturiko ingurumen-ebaluazio estrategiko arruntik egin behar.
Hirugarrena.– Ebazpen honen edukia jakinaraztea Andoaingo Udalari.
Laugarrena.– Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitara dadila agintzea.
Bosgarrena.– Euskadiko Ingurumen Administrazioari buruzko abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 75.5 artikuluan xedatutakoaren arabera, ingurumen-txosten estrategiko honek indarraldia galduko du, eta berezko dituen ondorioak sortzeari utziko dio, baldin eta, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta gehienez lau urteko epean, ez bada onartzen «Andoaingo (Gipuzkoa) Sarmendi HIE3 eremuko 2. zenbakiko Ama Kandida 3-1 ZE zuzkidura-jarduketaren Hiri Antolamenduko Plan Berezia». Kasu horretan, berriro abiarazi beharko da planaren ingurumen-ebaluazioa egiteko prozedura, salbu eta ingurumen-organoari haren indarraldia luzatzeko eskatzen bazaio. Hori gertatuz gero, ingurumen-organoak, hala badagokio, ingurumen-txosten estrategikoaren beste indarraldi bat xedatuko du, erregelamenduz zehaztutako moduan.
Vitoria-Gasteiz, 2026ko maiatzaren 15a.
Ingurumen Administrazioaren zuzendaria,
NICOLAS GARCIA-BORREGUERO URIBE.
RSS