Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

109. zk., 2026ko ekainaren 11, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

INDUSTRIA, TRANTSIZIO ENERGETIKO ETA JASANGARRITASUNAREN SAILA
2549

EBAZPENA, 2026ko maiatzaren 15ekoa, Ingurumen Administrazioaren zuzendariarena, zeinaren bidez formulatzen baita Elorrioko Pulla-Azkarreta S-7.1 sektorearen Plan Partzialaren ingurumen-adierazpen estrategikoa.

AURREKARIAK

2024ko urriaren 17ko Ebazpenaren bidez, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzak, EAED-239INET espedientearen esparruan, Elorrioko udal mugarteko Pulla-Azkarreta S-7.1 sektorearen Plan Partzialaren ingurumen-azterketa estrategikoaren irismen-dokumentua formulatu zuen, kontuan hartuta hala Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legean eta Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legean ezarritakoa, nola Planen eta programen ingurumenaren gaineko eraginaren ebaluazio estrategikoa egiteko prozedura arautzen duen urriaren 16ko 211/2012 Dekretuan xedatutakoa.

Elorrioko Udalak jendaurrean ipini zuen planaren eta haren ingurumen-azterketa estrategikoaren informazioa, 45 egun baliodunetan, iragarkia argitaratuta 2025eko uztailaren 14ko Bizkaiko Aldizkari Ofizialean (133. zk.), xedapen hauek betez: abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 21. artikulua eta Planen eta programen ingurumenaren gaineko eraginaren ebaluazio estrategikoa egiteko prozedura arautzen duen urriaren 16ko 211/2012 Dekretuaren 12. artikulua. Era berean, indarrean dagoen araudiaren arabera, ukitutako administrazio publikoei eta pertsona interesdunei kontsulta egiteko izapidea bete zuen.

Ukitutako administrazio publikoei eta pertsona interesdunei egindako kontsulta-izapidean jasotako alegazio eta txostenak igorri zituen Elorrioko Udalak, administrazio-espedientean jasotako emaitzarekin eta edukiarekin.

2026ko otsailaren 16an, Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak datu hauek eskatu zizkion Udalari: ingurumen-azterketa estrategikoaren txosten ez-teknikoa, jasotako alegazioen ingurumen-edukiari buruz sustatzaileak egindako gogoetak (nola hartu diren kontuan) eta, hala badagokio, jasotako alegazioen ingurumen-edukiari buruz organo substantiboak egindako gogoetak eta sustatzailearen erabakia. Elorrioko Udalak 2026ko otsailaren 19an aurkeztu zuen eskatutako dokumentazioa.

2026ko martxoaren 23an, izapidetutako inpaktu akustikoaren azterketaren bertsio eguneratuena eskatu zion Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak Udalari. Azterketa hori jasota dago bai Bizkaiko Foru Aldundiko Lurralde Garapenerako Zuzendaritza Nagusiaren Ingurumen Iraunkortasunerako Atalaren 2025/12/02ko txostenean (espedientea: INAC_057_3, ERREF: 2023-01214), bai ingurumen-alderdiak integratzeko dokumentuan (Basoinsa, 2025eko abendua).

2026ko martxoaren 25ean, Elorrioko Udalak eskabidea osatu zuen, Elorrioko Pulla-Azkarreta S-7.1 sektorearen Plan Partzialaren (aurrerantzean, plana) ingurumen-adierazpen estrategikoa emateko eskatuz Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzan.

Era berean, 2026ko apirilaren 17an, Elorrioko Udalak berriro bidali zion inpaktu akustikoaren azterketa Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzari, azterketaren planoen legendan zegoen akats bat zuzenduta.

Eskaerarekin batera, agiri hauek aurkeztu zituen: planaren behin betiko proposamena, 2025eko otsailekoa; ingurumen-azterketa estrategikoa, 2023ko maiatzekoa, eta jendaurreko informazioaren izapidearen eta ukitutako administrazio publikoei eta interesdunei entzunaldia egiteko izapidearen inguruko azalpenak emateko zenbait dokumentu.

ZUZENBIDEKO OINARRIAK

Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 1. artikuluan xedatutakoaren arabera, lege horren xedea da ezartzea zer oinarrik arautu behar duten ingurumenean ondorio adierazgarriak eragin ditzaketen planen ingurumen-ebaluazioa, eta ingurumenaren babes-maila handia bermatzea, garapen jasangarria sustatzeko.

Halaber, Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 60. artikuluaren arabera, ingurumen-ebaluazioak ingurumena babesteko maila handia bermatu eta garapen jasangarria sustatuko du. Horretarako, planak, programak eta proiektuak egiteko, hartzeko, onesteko edo baimentzeko ingurumen-alderdiak bateratuko ditu; ingurumen-alternatiba bideragarriak aztertu eta hautatuko ditu; ingurumenarekiko ondorio kaltegarriak prebenitzeko, zuzentzeko eta, hala badagokio, konpentsatzeko neurriak ezarriko ditu; eta ingurumen-ebaluazioaren helburua betetzeko beharrezkoak diren zaintza-, jarraipen-, eta zehapen-neurriak ezarriko ditu.

Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 6.1 artikuluan xedatutakoa aplikatuz, administrazio publiko batek abian jarritako edo onetsitako planei eta programei ohiko ingurumen-ebaluazio estrategikoa egin behar zaie, bai eta haien aldaketei ere, lege- edo arau-xedapen batek beharturik prestatu eta onartu badira, baldin eta ingurumen-inpaktuaren ebaluazioa egitera legez behartutako proiektuak baimentzeko etorkizuneko eremua ezartzen badute eta arlo jakin batzuei erreferentzia egiten badiete, hala nola hiri- eta landa-lurraldearen antolamenduari eta lurzoruaren erabilerari.

Orobat, Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 61. artikuluan xedatutakoaren arabera, II.A. eranskinean zehazten denari jarraituz ingurumenean ondorio nabarmenak izan ditzaketen planei, programei eta horien aldaketei eta berrikuspenei ohiko ingurumen-ebaluazio estrategikoa egingo zaie. Eranskin horretan jasotako plan eta programen artean, etorkizunean ingurumen-inpaktuaren ebaluazioa egitera legez behartutako proiektuak baimentzeko esparrua ezartzen duten eta arlo jakin batzuei –hala nola hiri- eta landa-lurraldearen antolamenduari eta lurzoruaren erabilera– erreferentzia egiten dieten planak eta programak daude.

Era berean, abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 17. artikuluan eta hurrengoetan eta Planen eta programen ingurumenaren gaineko eraginaren ebaluazio estrategikoa egiteko prozedura arautzen duen urriaren 16ko 211/2012 Dekretuaren 8. artikuluan eta hurrengoetan adierazitakoaren arabera, bai Elorrioko Udalak, bai Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak, beharrezkoa den guztia xedatu dute aurrera eraman ahal izateko planaren ingurumen-ebaluazio estrategikoaren prozedura: ingurumen-azterketa estrategiko bat egin behar da, eta haren irismena aurrez ezarri, kontsulta publikoen bidez eta ukitutako administrazio publikoek eta interesdunek parte hartzeko prozeduraren bitartez.

Planaren ingurumen-ebaluazio estrategikoaren espedienteko dokumentazio teknikoa eta txostenak aztertu ostean, eta kontuan hartuta ingurumen-azterketa estrategikoa egokia dela eta indarrean dagoen araudiari egokitzen zaiola, Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak ingurumen-adierazpen estrategiko hau ematen du, organo eskuduna baita abenduaren 3ko 410/2024 Dekretuaren arabera (Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasunaren Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen du dekretu horrek). Adierazpenean, baloratzen da ingurumenaren arloko alderdiak egoki txertatu direla planaren proposamenean; era berean, adierazpenak aipatzen du zer inpaktu nabarmen eragingo duen plan horrek ingurumenean, azkenean onartuko den planean sartu beharreko azken zehaztapenak barne, ingurumen-ondorioetarako bakarrik.

Kontuan hartu dira: 21/2013 Legea, abenduaren 9koa, Ingurumen-ebaluazioari buruzkoa; 10/2021 Legea, abenduaren 9koa, Euskadiko Ingurumen Administrazioari buruzkoa; 211/2012 Dekretua, urriaren 16koa, Planen eta programen ingurumenaren gaineko eraginaren ebaluazio estrategikoa egiteko prozedura arautzen duena; 410/2024 Dekretua, abenduaren 3koa, Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasunaren Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duena; 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena; 40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoarena, eta aplikatzekoa den gainerako araudia. Horiek horrela, honako hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Elorrioko Pulla-Azkarreta S-7.1 sektorearen Plan Partzialaren ingurumen-adierazpen estrategikoa formulatzea, jarraian zehazten den moduan:

A) Planaren xedea da Elorrioko HAPOko S-7.1 sektorearen antolamendu xehatua egitea, berrikuntzako industria-erabilera (II-a, 2) ezartzeko jarraibideak ezarrita, betiere HAPOak zehaztutako sistema orokor publikoak (ibaiak, bideak, etab.) errespetatuz eta bertan dauden ortuak errespetatuz (erabilera bera mantenduz birbanatuko dira).

Sektorea lurzoru urbanizagarri sektorizatuan dago, hiri-aglomerazioaren hego-ekialdeko muturrean, eta landa-lursailez osatuta dago: ortuak, lugorriak, bideak eta ortuetako txabolak.

Sektoreak 105.630 m2-ko azalera du, sistema orokorrak barne hartuta. Neurri horien barruan, 63.404 m2 SPRILUR erakundearenak dira (% 60).

Planak antolamendu-irizpide hauek ezartzen ditu:

– Egituraren eta espazioaren hierarkia bat, berdeguneak eta ortuak erabiliz ekoizpen-jarduerak bizitegi-eraikinetatik bereizteko.

– Bizitegi-eremuen ertzekin lotzen ditu espazio kolektiboak eta tokiko ekipamenduak, berriz hornituz eta hiriko bizitza aberatsa eta askotarikoa izango duten mugarriak ezarriz.

– Plan Orokorraren eskema jarraitzen du Ibaiko Sistema Orokorraren kasuan eta Bide Sistema Orokorraren kasuan, eta bide-eraztuna osatzen du hego-ekialdetik, eremuak N-636 errepide nazionalarekin lotura izan dezan BI-3331 errepidearen hiri barruko bidegunearen bidez.

– Ortuei dagokienez, orain arteko erabilera mantentzea da helburu nagusia. Ortu-erabilera izango duten bi lurzati bereizi dira: H1 eta H2. H1 lurzatia lehendik dagoen Errementarikua baserriko ortuari atxikita dago; H2 lurzatia lehendik dauden gainerako ortuei atxikita dago.

– Bi ekipamendu mota planteatzen dira: publikoa eta pribatua.

– Ekipamendu publikoak (P6b lurzatia) P6 lurzatiaren txanga gisa dihardu, eta bertara sartzeko bide nagusia sektorearen iparraldean dago, ortuekin eta etxebizitzekin zuzenean lotuz.

– Ekipamendu pribatua P4 lurzatian dago, eta hego-ekialdetik errematatzen du P5 lurzatia; gainera, lurzatia murriztu egiten da oinplanoan, ipar-ekialdeko eta hego-mendebaldeko fatxaden artean dagoen desnibelaren eta bideen ondorioz.

– Plan partzialaren antolamenduak zehaztutako eraikinek gutxieneko tarteak mantentzen dituzte Errementarikua baserritik eta etxebizitza-eraikinetatik:

• 40 metro hirugarren sektoreko eraikinen edo zerbitzu- eta zuzkidura-eraikinen kasuan.

• 60 metro ekoizpen edo biltegirako pabiloien edo eraikinen kasuan.

– Lurzati industrialek hainbat pabiloi motari erantzuten diete, eta orografiara egokitzen dira.

– P2 eta P3 lurzatien aurrealdean, hesi akustikorako hainbat konfigurazio egon daitezke, eta konfigurazio horiek berdegune bereziko zerrendak izango duen labore motaren eta sortutako maldarekiko bateragarritasunaren arabera gauzatuko dira.

– Tokiko bide-azpiegitura berrantolatu da, industriarekin lotura handiena duten zirkulazioak eta etxebizitzetarako eta ortuetarako sarbideak bereizita.

Planean, azpizona publiko hauek definitu dira, eremuko lurzoruaren erabilerak eta kategorizazioak biltzen dituztenak: errepide- eta ibai-sistema orokorrak, espazio libreen tokiko sistemen sarea, ekipamendu publikoaren tokiko sistema eta azpiegiturekin lotutako tokiko sistemak. Plangintza Orokorretik datorren ibai-sistema orokorra errespetatzen da, trantsizio-espazio bat sortzen baitu ibai-ibilguaren eta bide-sistema orokorraren artean.

Lurzati pribatuetan, industria-erabilerak aurreikusten dira. Elorrioko HAPOko hirigintza-arau orokorren arabera, kategoria honetan sartzen dira bizitegi-erabilerekin, hirugarren sektoreko erabilerekin eta zuzkidura-erabilerekin bateragarriak diren industria-jarduerak, industriako erabilera xehatuko lurzatietan dauden eta 1.000 m2 baino gutxiago duten eraikuntza-unitateetan edo eraikinetan badaude. Kategoria honetan sartzen dira, halaber, belaunaldi berria deituriko industriara bideratutako jarduerak eta instalazioak. Haien ezaugarri nagusia da balio erantsi handiko ondasunak ekoizteko direla (adibidez, doitasunezkoak, berritzaileak, elektronikoak, laborategiak...), eta baldintza horri gehitu behar zaio garbiak izatea edo oso gutxi kutsatzea, zarata-maila txikiak sortzea eta, oro har, ingurune ez-erasokorra eta kalitatezko giro, urbanizazio, diseinu eta exekuzioa behar izatea. «Belaunaldi berriko» industria horiek ez dute mugarik sabai-azalerari dagokionez, ezta instalatutako gehieneko potentziari dagokionez ere –arau partikularrek ezar ditzaketenak izan ezik–, oro har industria-lurzoru gisa kalifikatutako lurzoruan kokatzen badira. Era berean, erabilera xehatu espezifikoko lurzatietan ere jar daitezke, oro har hirugarren sektoreko lurzoru gisa kalifikatutako lurzoruan eta, salbuespen gisa, bizitegi-lurzoru gisa, azalera-mugekin eta arau partikularrek ezar ditzaketen beste muga batzuekin.

Jarraian, erabileren araberako azalera orokorrak laburbiltzen dira, planean aurreikusitakoaren arabera:

(Ikusi .PDF Fitxategia)

Jarraian, planak antolatutako lurzatien hirigintza-parametroak laburbiltzen dira:

(Ikusi .PDF Fitxategia)

Planak 97.000,00 m2-ko gehieneko eraikigarritasuna aurreikusten du, 65.000,00 m2 sestra gainean eta 32.000 m2 sestra azpian, eta guztira 952 aparkaleku-plaza: ibilgailu motordunentzako 404 plaza bide publikoan, bizikletentzako 342 plaza bide publikoan eta ibilgailu motordunentzako 206 plaza lurzati pribatuan. Desgaitasuna duten pertsonentzako 13 aparkaleku-plazen erreserba bide publikoko plazen barruan sartuta dago. Planaren eremuaren barruan dauden eraikinak antolamendutik kanpo daude.

Planean aipatzen da, bide-sistema gauzatzeko, zubi berri bat egin behar dela Pulla errekaren gainean, eta, gainera, Aidazu errekaren egungo zeharkako drainatze-obraren ordez, edukiera handiagoko bat jarri nahi da.

Bestalde, paisaia-integrazioaren proiektu bat ere jasotzen du planak, erabiliko diren espezieak, neurketak, aurrekontua eta kartografia zehaztuta. Hauek dira paisaia-integrazioaren proiektuaren helburuak: garatutako sektorearen eta eremu mugakideen paisaia-integrazioa, ibaiertzeko berezko habitatak eta baso mistoa berreskuratzea eta ingurunea hobetzea, erakargarriagoak izan daitezen.

Azkenik, egoera akustikoari dagokionez, planaren esparruan egin den inpaktu akustikoaren azterketak ondorioztatzen du errespetatu egiten direla Pulla-Azkarreta S-7.1 sektorerako eta haren ingurune hurbilerako (A.2-12 San Anton eremuaren kanpoko espazioa) definitutako kalitate akustikoko helburuak, sektorean etorkizunean zarata sortzeari dagokionez dagoen kezkari erantzunez eta herritarrek parte hartzeko gauzatutako prozesuaren arabera, baina, planaren esparruan, P1 eta P3 bitarteko lurzatien aurrealdean zenbait hesi akustiko egitea aurreikusten da, bai duna natural arbolaztatu gisa, bai gabioi landaretu gisa.

Plana definitzeko, 0 alternatibaz edo «ez esku hartzeko» alternatibaz gain, bi antolamendu-alternatiba aztertu dira: A alternatiba eta B alternatiba.

0 alternatibak gaur egun bezala jarraitzea proposatzen du, hau da, Pulla-Azkarreta sektorea normalizatu gabe. Aurkeztutako dokumentazioaren arabera, alternatiba horrek lurrak pixkanaka degradatzea ekarriko du, kudeaketarik gabe egongo baitira. Gainera, antolamenduz kanpoko eraikinek zaildu egiten dute haien kudeaketa eta beharrezko zerbitzuen egokitzapena. Ikuspegi sozioekonomikotik, argudiatzen da balio erantsi handiko jarduera ekonomikoak garatzeko esku-hartzerik ez egiteak udalerriko aukera eta abagune sozial zein ekonomikoak murriztuko dituela.

A alternatiba bat dator Elorrioko HAPOn aurreikusitakoarekin, eta B alternatibak egokitzapen batzuk proposatzen ditu sektorearen paisaia-integrazioa hobetzeko HAPOn aurreikusitakoarekin alderatuta.

A alternatibak aurreikusten du 210.000 m3 lur soberakin egongo direla, HAPOaren antolamenduaren arabera. Pabiloi berriek 90 metroko tartea errespetatzen dute etxebizitza kolektiboetara, eta 60 metrokoa Errementarikua baserrira. Eraikigarritasuna eremuaren mendebaldeko muturreko bi piezatan metatzen da; industria-eraikigarritasuna 48.276 m2-koa da, eta eraikigarritasuna 65.000 m2-koa da guztira. Fatxadak 185 metroko luzera du etxebizitza kolektiboen aurrean, eta 18 metroko altuera (2 planta industrial). Bestalde, metakrilatozko edo hormigoizko pantaila akustikoak proposatzen ditu sor litekeen eragin akustikoa arintzeko, eta bi estalki mota: estalki berdeak eta metalezko estalkiak.

B alternatibak zenbait egokitzapen proposatzen ditu A alternatibarako, paisaia-integrazioa hobetzeko. Aurreikusitako soberakinen bolumena 46.000 m3-koa da, A alternatiban jasotakoa baino txikiagoa. Kasu honetan, 60 metroko tartea planteatzen da etxebizitza kolektiboetara eta Errementarikua baserrira. Etxebizitzen kasuan, tartea 105 metrora igotzen da. Alternatiba horretan, industria-eraikigarritasuna 41.324 m2-koa da, eta eraikigarritasuna 64.463 m2-koa da guztira. Fatxadak 105 metroko luzera du etxebizitza kolektiboen aurrean, eta 11 metroko altuera (planta industrial bat eta berrikuntza-erabilerako beste bat). Kasu honetan, A alternatibak planteatzen dituen hormigoizko eta metakrilatozko pantailez gain, B alternatibak duna batzuk ere proposatzen ditu, eta, landarediari dagokionez, bi eremu proposatzen dira. Bestalde, A alternatibak bezala, B alternatibak ere bi estalki mota planteatzen ditu: berdeak eta metalezkoak.

Ingurumen-azterketa estrategikoak argudiatzen du B alternatiban lur-mugimenduak minimizatzen direla, eta horrek eraikin berrien lursaila egokitzen laguntzen duela eta lurzoruaren eta paisaiaren gaineko eragina minimizatzea lortzen duela. Gainera, argudiatzen da B alternatibak aukera egokiagoak jasotzen dituela pantaila akustikoetarako, eta ortu batzuk bat mantentzea lortzen duela, antolamenduan sartuta. Gainera, aurkeztutako dokumentazioan aipatzen da B alternatiban paisaia-integrazioko proiektu bat sartu dela, egoera onean dagoen haritz-multzo bat kontserbatu ahal izateko. Horregatik guztiagatik, uste da B alternatiba dela aukerarik onena S7.1 Pulla-Azkarreta sektorearen antolamendua egiteko.

Plana garatzeko, arlo osoaren urbanizazio- eta birpartzelazio-proiektuak eta urbanizatzeko jarduketa-programa aurreikusten dira.

Planaren eremua Kantauri Ekialdeko Demarkazio Hidrografikoan dago, Ibaizabalgo Unitate Hidrologikoan. Eremuaren mendebaldeko erdia porositateagatik iragazkortasun txikia duten lutiten gainean dago; ekialdeko erdia, berriz, hurbilago dago Ibaizabal ibaitik, eta porositateagatik iragazkortasun handia duten alubioi-metakinak ditu. Ikuspegi hidrogeologikotik, Hego Antiklinorioko lurpeko ur-masaren gainean dago zona. Eremuak bat egiten du Balmaseda-Elorrio Sektore Kuaternarioarekin (EAEko lurpeko ur-masen sektorea) eta Interes Hidrogeologikoko Zonarekin. Planaren eremua bi ibaik mugatzen dute: batetik, Pulla ibaiak (mendebaldeko muturra) eta, bestetik, Aidazu ibaiak (hegoaldeko muturra), eta Ibaizabal ibaitik 95 m ingurura dago, hurbilen dagoen puntuan. Proiektuaren eremua bat dator Pulla, Larraskan eta AIdazu erreken jabari publiko hidraulikoarekin eta zortasun-eremuarekin, eta, batzuetan, Ibaizabal ibaiaren zaintza-eremuarekin.

Planaren eraginpean dagoen eremua ez da Natura 2000 sareko naturagune babestua, ezta inbentarioan sartutako bestelako naturagune babestu edo natura intereseko bat ere. Era berean, ez da identifikatu inbentarioan sartutako edo katalogatutako paisaia-baliorik, ez eta plana garatzeak erasan lezakeen kultura-ondareko elementurik ere. Halaber, eremuak ez du ukitzen EAEko Interes Geologikoko Tokien Inbentarioan jasotako interes geologikoko interesgunerik edo EAEko igarobide ekologikoen sareko elementurik.

Eusko Jaurlaritzaren landarediaren kartografiaren arabera, planaren eremuak belardi eta labore atlantikoak, ortuak eta baso-plantazioak hartzen ditu. Ingurumen-azterketa estrategikoak dio belardiak eta ortuak direla gaur egun landaredi nagusia. Baso-plantazioen ordez (intsinis pinua) lahardi bat jarri da, eta landaredi erruderal nitrofiloak sektorearen perimetroa inguratzen du. Aurkeztutako dokumentazioaren arabera, landa-bisita egin ondoren, hostozabal autoktono gutxi daudela egiaztatu da, eta leku zehatzetan baino ez; nabarmentzekoa da ipar-mendebaldean baso misto degradatu baten orban txiki bat dagoela, Pulla errekaren zatia, ibaiertzeko landaredia kontserbatzen duena, eta hego-ekialdeko muturrean tamaina handiko haritzak daudela.

Bestalde, planaren eremuan, lehentasunezkoa ez den Batasunaren intereseko «6510 Artzaintzan erabili gabeko sega-belardi atlantikoak (geoEuskadi)» habitataren eremu bat dago. Ingurumen-azterketa estrategikoak aipatzen duenez, Pulla errekari lotutako haltzadia, baso misto degradatu baten orbana eta zenbait haritz-unada daude planaren eremuan.

Planaren eremua Bisoi europarraren kudeaketa-planaren eremuan dago (118/2006 Foru Dekretua, ekainaren 19koa), Bizkaiko Lurralde Historikoko sare hidrografiko osoa baitu aplikazio-eremua. Sektoretik igarotzean, Pulla erreka interes bereziko eremu gisa dago kalifikatuta plan honetan. Planaren eremuan ez da identifikatzen mehatxatutako fauna kudeatzeko onartutako planen xede den gunerik, ez eta Batasunaren intereseko hegazti nekrofagoen gunerik edo –Ingurumen eta Lurralde Politikako sailburuaren 2016ko maiatzaren 6ko Aginduaren arabera (2016/05/23ko EHAA, 96. zk.)– abifauna babesteko ezarritako gunerik ere. Ingurumen-azterketa estrategikoaren arabera, eremuan dagoen fauna lotuta dago komunitate erruderal nitrofiloei eta ingurune gizatiartuetako berezko komunitateei, baina belardiei eta laboreei lotutako fauna ere egon daiteke.

Ingurumen-arriskuei dagokienez, planaren eremua 100 eta 500 urteko itzulaldiko uholdeen ondorioz urpean gera daitekeen eremuan dago leku batzuetan, geoEuskadiren kartografiaren arabera. Uraren Euskal Agentziaren arabera (txostenaren erref.: IU-B-2025-0018), uholde-arriskua erreken eremuan baino ez dago, eta garatu beharreko eremua uholde-arriskuko eremutik kanpo dago.

Beste arrisku batzuei dagokienez, antolatu beharreko azaleraren barruan ez da hauteman lurzorua kutsa dezaketen jarduerak edo instalazioak dituzten lurzoruak egotearen ondoriozko arriskurik, baina kontuan hartu beharko da eremua hurbil dagoela 48032-00032, 48032-00028 eta 48032-00034 kodedun kokalekuetatik. Ez dago sismikotasunaren edo baso-suteen ondoriozko arrisku handirik, eta ez da hauteman salgai arriskutsuak garraiatzearen edo SEVESO III Zuzentarauaren mendeko enpresetatik gertu egotearen ondoriozko arrisku handirik, ez eta akuiferoen kutsadurarekiko kalteberatasun handia edo oso handia duen eremurik.

Eremuaren egoera akustikoari dagokionez, aurkeztu den inpaktu akustikoaren azterketaren arabera (Elorrioko Pulla-Azkarreta S-7.1 sektorearen Plan Partziala, 4. ohar teknikoa, inpaktu akustikoaren azterketa, 2025-11-12), egingo den hirigintza-garapenak bete egiten du Euskal Autonomia Erkidegoko hots-kutsadurari buruzko urriaren 16ko 213/2012 Dekretuaren 36. artikuluan xedatutakoa, errespetatu egiten baitira Pulla-Azkarreta S-7.1 sektorerako eta haren ingurune hurbilerako (A.2-12 San Anton eremuaren kanpoko espazioa) definitutako kalitate akustikoko helburuak.

Eremua non dagoen eta garapenak dituen neurriak kontuan hartuta, planaren inpaktu handiena obra-fasean gertatuko da, batez ere lan hauek egitean: lur-mugimenduak, eremuan antolamenduz kanpo dauden eraikinak eraitsi, sastrakak kendu, eremua urbanizatu, eraikina eraiki, zubi berri bat egin Pulla errekaren gainean eta Aidazu errekaren zeharkako drainatze-obraren ordez edukiera handiagoko bat jarri. Eragin hauek sortuko dira aurreikusitako jarduketak gauzatu ahal izateko: landaredia kendu eta moztea, lur-mugimenduak, soberakinak sortzea, ibilgailuen eta obrako makinen zirkulazioa, baliabideen kontsumoa, eraikuntzako eta eraispeneko hondakinak sortzea, kalitate atmosferikoa murriztea hautsa eta beste kutsatzaile batzuk atmosferara isurtzearen ondorioz, zaratak, lurzoruen eta lurrazaleko uren kalitatea murrizteko arriskua partikulak arrastatzeagatik eta ustekabeko isurketengatik (Pulla erreka interes bereziko eremua da bisoi europarrarentzat), paisaiari eragitea, espezie inbaditzaileak sartzeko arriskua, zerbitzuak etetea, etab.

Nekazaritza-produktibitatearen galerari eta lurzoru naturalaren okupazioari dagokienez, dauden ortuak ahal den neurrian eremuaren barruan birkokatzea aurreikusten du planak, erabilera ekonomikoekin batera egon daitezen. Guztira, sektoreko erabileren ia % 20 hartzen dute berdegune eta ortuek.

Bestalde, eremuan hautemandako intereseko landarediari dagokionez, planak aurreikusten du tamaina handiko haritzak, ahal den neurrian, antolamenduan integratzea, planean jasotako paisaia-integrazioaren proiektuaren jarraibideen arabera. Proiektuak, gainera, Pulla errekaren inguruan dagoen ibaiertzeko landaredia indartzea aurreikusten du.

Planak bisoi europarrarentzako interes bereziko eremuarekin bat egiteari dagokionez, Bizkaiko Foru Aldundiko Ingurumen Zuzendaritza Nagusiaren Natura Ondarearen Zerbitzuaren txostenaren zehaztapenen arabera (AO-286-2025) egin beharko dira Pulla errekaren gaineko zubi berria eraikitzeko lanak eta BI-3331 errepideak Aidazu errekaren gainetik gurutzatzen duen lekuko zeharkako drainatze-obra ordezteko lanak. Txosten hori nahitaezkoa da, Bisoi Europarraren Kudeaketa Planaren 10. artikuluan aurreikusitakoaren arabera.

Bestalde, jabari publiko hidraulikoko eta zortasun-eremuko jarduketek nahitaez bete beharko dituzte Uraren Euskal Agentziaren zehaztapenak (planaren aldeko txostena egin du), betiere hura garatzen duen urbanizazio-proiektuak azterketa hidrauliko bat jasotzen badu, REF IU-B-2025-0018 txostenean adierazitako zuzenketa eginda.

Ustiapen-fasean, eremuan jarduera berriak ezartzearekin lotutako eraginak egongo dira. Fase horretan, litekeena da eraginak egotea baliabideen eta energiaren kontsumoa areagotzearekin, argiteria berriak eragindako argi-kutsadura handitzearekin eta trafikoa areagotzearekin lotuta.

Eremuaren egoera akustikoari dagokionez, eman den dokumentazioaren arabera, egingo den hirigintza-garapenak bete egiten du Euskal Autonomia Erkidegoko hots-kutsadurari buruzko urriaren 16ko 213/2012 Dekretuaren 36. artikuluan xedatutakoa.

B) Ebazpen hau bat dator ingurumen-azterketa estrategikoaren ondorio nagusiekin, eta ondorioztatzen da nahikoa justifikatu dela Eusko Jaurlaritzako Ingurumenaren Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren zuzendariaren 2024ko urriaren 17ko Ebazpenaren bidez emandako irismen-dokumentuan aurkeztu ziren ingurumen-irizpideak barnean hartzea.

Ingurumen-organoak emandako irismen-dokumentuan eskatutako hedadura, xehetasuna eta zehaztasuna bermatuz egin da planaren ingurumen-azterketa estrategikoa. Ondorioztatzen da ingurumen-arloko izapidetze-prozesuan adierazitako alderdi guztiak behar besteko zorroztasunez jorratu direla, plangintza-prozesuan gerta litezkeen ingurumen-eraginak kontuan hartu direla bermatzeko moduan.

C) Plana izapidetzeko prozesuan, ez da gehitu jarduketa berririk, ingurumen-ebaluazio estrategikoa zabaltzea eskatzen duenik, eta ez da hauteman planean birdefinitu edo kendu beharreko jarduketarik dagoenik.

D) Neurri babesleak, zuzentzaileak, konpentsatzaileak eta jarraipenekoak hartzeko orduan, kontuan hartuko dira indarrean dagoen araudia eta apartatu hauetan xedatutakoa, bai, halaber, ingurumen-azterketa estrategikoan aurreikusitakoa –aurrekoa galarazten ez duen heinean–. Planak zehaztapen hauek jaso beharko ditu:

D.1.– Natura-ondarea babesteko neurriak.

– Planaren eremuaren barruan, bisoi europarrarentzako interes bereziko eremu gisa dago kalifikatuta Pulla erreka plan honetan, Bizkaian espeziea kudeatzeko planaren arabera (118/2006 Foru Dekretua, Foru Aldundiarena, ekainaren 19koa; beraren bidez Bisoi Europarraren –Mustela lutreola (Linnaeus, 1761)– Kudeaketa Plana onetsi da, Bizkaiko Lurralde Historikoan, galtzeko arriskuan dagoen espeziea den eta babesteko neurri bereziak behar diren aldetik). Bizkaiko Foru Aldundiko Ingurumen Zuzendaritza Nagusiak esandakoaren arabera, apartatu hauek jaso beharko dira planaren araudian:

• Bisoi europarrarentzako interes bereziko eremua eta ibaiertzeko landaredia zaindu behar dira, eta hor ez da egingo plan partzialean aurreikusita dagoen urbanizazio ez eraikuntzarik. Pulla errekari dagokionez, antolatutako eremuaren mendebaldeko muturrean dagoen hasierako zatiari dagokionez, komeni da «ibai-sistema orokorrean» sartzea, «berdegune» gisa kalifikatu beharrean (horrela zegoen plan partzialean).

• Pulla errekaren edo Zabaleta errekaren gaineko zubi bidezko bidegurutzean, errespetatu egin behar dira bisoi europarrarentzako interes bereziko eremua eta ibaiertzeko landaredia, eta azpiegituraren osagaietako bat ere –hala nola estribuak edo pilareak– ezin izango da jarri horien gainean.

• BI-3331 errepideak Aidazu errekaren gainetik gurutzatzen duen lekuko drainatze-obraren ordez edukiera handiagoko bat jartzeari dagokionez, obra berria egokitu egin beharko da, eragin negatiborik izan ez dezan bisoi europarrarengan. Hau da, bisoientzako pasabide lehor bat izan beharko du, bisoi europarrarentzako irekiera-indizea egokituko da eta bioingeniaritzaren bidez egokituko dira hegatsak.

• Zerbitzu-azpiegitura berriak (hornidura, saneamendua, euri-urak, komunikazioak, etab.) ezingo dira jarri bisoi europarrarentzako interes bereziko eremuen barruan, ezta ibaiertzeko landaredi-orbanen barruan ere.

• Plan partzialaren eremuan egingo diren lur-mugimenduek ezin izango diote eragin bisoi europarrarentzako interes bereziko eremuari edo gaur egun dagoen ibaiertzeko landarediari.

• Plan partzialaren araudiak Bisoi Europarraren Kudeaketa Planaren 10. artikuluan xedatutakoa ere jaso behar du: «Interes bereziko arloetan, zuzenean zein zeharka, espeziea kontserbatu edo berreskuratzeari aintzat hartzeko moduko eraginik ekarriko dion edozein plan edo proiektu egitekotan, bera bakarrik edo beste plan edo proiektu batzuekin batera, Nekazaritza Sailaren nahitaezko txostena egin beharko da horri buruz. Izan ere, Kudeaketa Plan honetan azaldutako helburuengan izango dituen eraginak behar bezala balioztatuko direla zainduko da bertan. Balioztatze horrek, beste alderdi batzuen artean, espezieari, uren kalitateari eta habitatari egin liezazkieten eraginak aztertuko ditu. Horrela, aurreikusi den eragina kontuan hartuta, berau burutzeko datarik onenak zehaztuko dira, martxoaren 15etik uztailaren 31ra bitartean espeziea ugaltzeko aldi kritiko gisa ezarri dela kontuan hartuta».

• Plan partzialaren araudiak Bisoi Europarraren Kudeaketa Planaren 9. artikuluan xedatutakoa jaso behar du: «Espezieak ugaltzeko edo babesteko erabiltzen duen habitataren ezaugarriak aldatzea eragingo duen jardueraren bat egin nahi bada interes bereziko arloetan, Nekazaritza Sailaren aurretiko baimena beharko da».

• Paisaiara egokitzeko proiektuari dagokionez, bisoi europarrarentzako interes bereziko eremuan ezin izango dira erabili Juglans nigra eta Eschscholzia californica espezieak.

D.2.– Jabari publiko hidraulikoa, zortasun-eremua eta ibilguen zaintza-eremua babesteari buruzko neurriak.

– Uraren Euskal Agentziak ezarritakoaren arabera, aurreikusitako ibilguen gurutzatzeak behar bezala diseinatzeko, plana garatuko duen urbanizazio-proiektuak azterketa hidrauliko bat izan beharko du, zuzenketa hauek jasoko dituena 2023ko iraileko uholde-arriskuari buruzko azterlanari dagokionez (IU-8-2024-0001 espedienteko txostena):

• Eredu hidraulikoa ez da behar bezain luzea. Aztertutako bi ibilguetan, jarduketa-eremutik oso hurbil dago ur behereko inguruaren baldintza.

• Sekzioen topografiaren definizioa nahikoa ez dela ondorioztatu da.

• Eredu hidraulikoak tartearen maldarako egokia den fluxu-erregimena hartu behar du kontuan.

• Eredu hidraulikoan aztertu den etorkizuneko egoera ez dator bat uholde-arriskuari buruzko azterlaneko ohar teknikoan adierazitakoarekin.

Gomendatzen da kontuan hartzea Kantauri Ekialdeko Demarkazio Hidrografikoaren Plan Hidrologikoaren Araudiko 10. gehigarrian jasotzen den «Azterketa hidraulikoak egiteko irizpide teknikoak» (35/2023 Errege Dekretua). Halaber, eredu hidraulikoaren akatsak zuzentzen hasi aurretik, URA – Uraren Euskal Agentziako teknikariekin harremanetan jartzea gomendatzen da; helbide elektronikoa: inundabilidad@uragentzia.eus.

– Jabari publiko hidraulikoaren gainetik gurutzatzeko egiturek Kantauri Ekialdeko Demarkazio Hidrografikoaren Plan Hidrologikoaren 47. artikuluan ezarritakoa bete behar dute (35/2023 Errege Dekretua).

• Proiektatutako zubiei dagokienez, Plan Hidrologikoaren 47.1 artikuluaren arabera, hiri-eremu batean zubi berri bat eraikitzeko, oro har, libre utzi beharko da lehentasunezko fluxu-eremua gutxienez. Bao bakarra izango du argia 30 metrora artekoa bada; argia handiagoa bada, 25 metroko argia duen bao bat izango dute, eta 6 metro baino gehiagoko argi bat edo bi gehiago. Tarte zuzenetan, 25 metro baino gehiagoko baoa erdian egongo da; eta tarte kurbatuetan, kurbaren kanpoaldean. Uren mailatik taularen beheko aurpegirainoko babesa, ahal dela, metro batekoa edo handiagoa izango da 500 urteko itzulaldiko uhaldirako, edo, lekurik txarrenean, hustuketako galiboaren xederako, babes hori zubiaren argiaren % 2,5ekoa izango da gutxienez.

• Aidazu errekarekiko bidegurutzeari dagokionez, egungo zeharkako drainatze-obraren ordez edukiera handiagoko beste bat jartzea aurreikusten da, gutxienez 3,00 x 2,50 m-ko zeharkako sekzioa izango duena, eta gutxienez metro bateko babesa izango duena 500 urteko itzulaldiko uhaldi-kotatik gora. Gauzak horrela, eta pasabide hori hiri-eremu batekin lotuko denez, arestian aipatu den plan hidrologikoaren 47.1 artikulua bete beharko luke. Plan hidrologikoaren 47.5 artikuluari jarraikiz, salbuespenez, 1 km2-rainoko arroa duten ibilguak estaltzea baimendu ahal izango da, azpiegitura estrategikoetan eta urbanizazio intentsitate handiko eremuetako arro-buruetan, betiere aurrez justifikatuta ingurumenarekiko hain kaltegarria ez den eta arrisku gutxiago dakarren beste aukera bideragarririk ez dagoela.

– Jabari publiko hidraulikoari, zortasun-eremuari eta ibilguen zaintza-eremuari dagokienez, zehaztapen hauek hartuko dira kontuan:

• Urari buruzko Legearen testu bategina onartzeko uztailaren 20ko 1/2001 Legegintzako Errege Dekretuaren eta hura garatzeko erregelamenduaren arabera, jabari publiko hidraulikoari eta ibilguen zaintza-eremuari eragiten dioten hirigintza-tresnako jarduketa guztiek, gauzatu aurretik, arroaz arduratzen den organismoaren administrazio-baimena beharko dute.

• Obrek ibilguen zortasun-eremua errespetatu beharko dute; eremu hori legez ezarrita dago, eta erabilgarri eta jarduketarik gabe geratu beharko da.

• Ibilguak zerbitzuekin eta pasabide-obrekin gurutzatzean, ez da eraginik sortu beharko ingurune hidrikoaren kalitatean, ez eta urak husteko gaitasunean ere, halaxe baitago ezarrita Jabari Publiko Hidraulikoaren Erregelamenduan eta Kantauri Ekialdeko Demarkazio Hidrografikoaren Plan Hidrologikoaren 47. artikuluan (35/2023 Errege Dekretua), planean bertan jasotzen den bezala.

– Kantauriko Konfederazio Hidrografikoaren arabera, Jabari Publiko Hidraulikoaren Erregelamenduaren 7. artikuluan xedatutakoari jarraikiz (apirilaren 11ko 849/1986 Errege Dekretua, urtarrilaren 11ko 9/2008 Errege Dekretuak emandako idazkeraren arabera), zortasun-eremua libre utzi behar da, besteak beste, oinezkoentzako pasabide publikoetarako eta zaintza-zerbitzuetarako. Oro har, eremu horretan ezin izango da inolako eraikuntzarik egin, salbu eta komenigarria edo beharrezkoa bada jabari publiko hidraulikoa erabiltzeko, kontserbatzeko edo lehengoratzeko.

Ildo horretan, eremuaren itxiera, hala badagokio, Jabari Publiko Hidraulikoaren Erregelamenduaren 6. artikuluan definitutako ibilguen zortasun-eremutik kanpo egingo da (apirilaren 11ko 849/1986 Errege Dekretua, urtarrilaren 11ko 9/2008 Errege Dekretuak emandako idazkeraren arabera).

Era berean, baldintza hauek bete beharko ditu planak:

• Ibilguen zaintza-eremuan edo jabari publiko hidraulikoan edozein obra edo lan egin aurretik, arroaz arduratzen den organismoaren aurretiko administrazio-baimena edo erantzukizunpeko adierazpena eskuratu beharko da. Baimenak eta erantzukizunpeko adierazpenak ez dute loturarik izango administrazio publikoetako beste organo batzuek eman beharrekoekin (Jabari Publiko Hidraulikoaren Erregelamenduaren 9.4 artikulua, apirilaren 11ko 849/1986 Errege Dekretuaren bidez onartua, Jabari Publiko Hidraulikoaren Erregelamendua aldatzen duen uztailaren 18ko 665/2023 Errege Dekretuak emandako idazkeraren arabera).

• Debekaturik dago, aurretiko administrazio-baimenik izan ezean, ur kontinentalak edo jabari publiko hidraulikoko beste edozein elementu kutsa ditzaketen urak eta hondakinak zuzenean edo zeharka isurtzea. Beraz, hondakin-urak isurtzeko, arroaz arduratzen den organismoaren aurretiko baimena beharko da. Horretarako, instalazioen titularrak dagokion baimen-eskaera egin beharko du, arazketa-instalazioen ezaugarriak eta efluenteen muga-parametroak zehazten dituen dokumentazio teknikoarekin batera (Urari buruzko Legearen testu bategina onartzeko uztailaren 20ko 1/2001 Legegintzako Errege Dekretuaren 100. artikulua eta hurrengoak, eta apirilaren 11ko 849/1986 Errege Dekretuaren bidez onartutako Jabari Publiko Hidraulikoaren Erregelamenduaren 245. artikulua eta hurrengoak, Jabari Publiko Hidraulikoaren Erregelamendua aldatzen duen uztailaren 18ko 665/2023 Errege Dekretuak emandako idazkeraren arabera).

• Isuri orok behar diren baldintzak bete beharko ditu, isurketa egiten den ur-masarako ezarritako ingurumen-arauak eta -helburuak puntu guztietan bete daitezen, banaka zein ibilgu berera egiten diren gainerako isurketekin batera kontuan hartuta.

D.3.– Kultura-ondareari dagozkion neurriak.

– Bizkaiko Foru Aldundiko Kultura Ondarearen Zerbitzuaren arabera, planaren eremuak informazio arkeologiko garrantzitsua izan dezake Pleistozenoko giza habitatari buruz (Erdi Paleolitoa eta Goi Paleolitoa), eta, beraz, gomendatzen da azterketa geoarkeologikoak egitea, aukera emango baitute kuaternarioko ibai-terrazak identifikatzeko, kokatzeko eta haien adina zehazteko. Gomendagarria da ebaluazio-zundaketak egitea indusketa-lanak egin aurretik, kontserbatutako terraza kuaternarioak dauden eremuetan.

– Euskal Kultura Ondarearen maiatzaren 9ko 6/2019 Legean ezarritakoa alde batera utzi gabe, lur-mugimenduak egin bitartean aztarna arkeologikoren bat egon daitekeen zantzuren bat aurkitzen bada, lanak eten egingo dira, eta berehala jakinaraziko zaio Bizkaiko Foru Aldundiko Kultura Sailari; hark erabakiko du zer neurri hartu.

D.4.– Zaraten eraginak gutxitzera bideratutako neurriak.

– Euskal Autonomia Erkidegoko hots-kutsadurari buruzko urriaren 16ko 213/2012 Dekretuaren 36. artikuluak ezartzen duenari jarraikiz, ezin izango da garapen berririk gauzatu kanpoko ingurunean kalitate akustikoaren helburuak betetzen ez diren arloetan –aurreikusitako eraikinen kasuan, leihoak dituzten fatxada guztietan, altuera guztietan, eta, eraikinik ez duten guneetan, lurzorutik 2 metroko altueran–, hargatik eragotzi gabe 43. eta 45. artikuluetan xedatutakoa.

Halaber, ezingo da erabilera sentikorrak dituzten eraikinetarako eraikuntza-baimenik eman –hala nola bizitegi-, ospitale-, hezkuntza- edo kultura-erabilerara bideratutako eraikinetarako–, baldin eta, baimena emateko unean, kanpoaldeko kalitate akustikoko helburuak betetzen ez badira, araudian aurreikusitako bi kasuetan salbu.

Nolanahi ere, nahitaez bete beharko dira Euskal Autonomia Erkidegoko hots-kutsadurari buruzko urriaren 16ko 213/2012 Dekretuan erabilera sentikorrak dituzten eraikinen barnealderako ezartzen diren kalitate akustikoko helburuak. Horretarako, auzi hori justifikatzeko txostena egin beharko du Udalak, dagokion lizentzia eman aurretik, eta kanpoko giroa babesteko zuzenketa-neurriak ezarri beharko ditu.

Planean aurreikusitako hesi akustikoei dagokienez, eta Bizkaiko Foru Aldundiko Lurralde Garapenerako Zuzendaritza Nagusiaren Ingurumen Iraunkortasunerako Atalarekin bat etorriz, gabioiak ipintzen badira hesi akustiko gisa, dagokion saiakuntza akustikoaren ziurtagiria eskatu beharko da; izan ere, material homogeneoko nukleo zentralik ez badago, efizientzia akustikoa murriztuko da. Ildo horretan, landareztatutako pantaila bolumetrikoek betetzen dute funtzio hori.

– Zaratari buruzko azaroaren 17ko 37/2003 Legea garatzen duen urriaren 19ko 1367/2007 Errege Dekretuaren 22. artikuluan aurreikusitakoaren arabera, zonakatze akustiko, kalitate-helburu eta emisio akustikoei dagokienez, obrak egitean erabiliko diren makinak egokitu egin beharko dira kanpoan erabiltzeko makinen emisio akustikoei buruz indarrean dagoen araudian ezarritako aginduetara, eta, bereziki, egokitu beharko dira, hala badagokie, Kanpoan erabiltzeko makinek ingurumenean sortzen dituzten emisio akustikoak arautzen dituen otsailaren 22ko 212/2002 Errege Dekretura (apirilaren 28ko 524/2006 Dekretuak aldatua) eta arau osagarrietan ezarrita dagoenera.

Lanek sei hilabete baino gehiago irauten badute, inpaktu akustikoari buruzko azterlan bat egin beharko da, behar diren zuzenketa-neurriak zehazteko, urriaren 16ko 213/2012 Dekretuaren 44. artikuluaren arabera.

– Obrek iraun bitartean, jardunbide operatibo egokiak aplikatu beharko dira sorburuan zaratak murrizteko, bereziki indusketa-, eraisketa-, zamalan- eta garraio-lanetan, bai eta erabilitako makinen mantentze-lan orokorretan, zaraten eta bibrazioen murrizketan eta obrak egitean erabilitako ekipamenduen zaraten kontrolean ere, besteak beste.

D.5.– Uren kalitatea babesteko neurriak.

Plana garatuko duen urbanizazio-proiektuan, zenbait neurri hartuko dira obrak egin bitartean ahalik eta solido gutxien arrastatu daitezen lurrazaleko uretara; neurri horien artean, esaterako, luzetarako jalkitze-hesiak, dekantazio-tangak, jalkinentzako tranpak edo iragazkiak egongo dira. Gauzatzeko faserako, Pulla errekaren lurrazaleko uren kalitatea kontrolatuko da, eta, aldi berean, Mustela lutreola espeziearen habitata babestuko da.

Kantauriko Konfederazio Hidrografikoaren arabera, etorkizuneko urbanizazio-proiektuak kontuan hartu beharko ditu bildutako uren bolumena sorburuan murrizteko prebentzio-neurriak, txosten honetan adierazitako drainatze jasangarriko sistemak sar daitezen gutxienez, hori guztia Plan Hidrologikoaren 50.6 eta 48.1 artikuluetan ezarritakoaren arabera.

Plan Hidrologikoaren araudian xedatzen denaren arabera, gogorarazten dugu ezen hiri- edo industria-drainatzeko azpiegituren bidez biltzen diren euri-uren jarioek, baldin eta jabari publiko hidraulikoa kutsa badezakete, Uraren Euskal Agentziak emandako isurtze-baimena izan beharko dutela.

Lurrak mugitzen direnean, gurpilak garbitzeko sistema bat instalatuko da obraren irteeran; dekantatutako jalkinak beren ezaugarrien arabera kudeatuko dira eta gurpilak garbitzeko sistemaren dekantazio-putzuaren efluentea isurtzeko baimena eskatuko zaio Uraren Euskal Agentziari.

D.6.– Planaren garapena ingurumenean integratzeko neurriak.

Urbanizazio-proiektuak ingurumen- eta paisaia-lehengoratzea definituko du, garapena gauzatzeak eragindako eremu guztiak barne hartuta, «Elorrioko Pulla-Azkarreta S-7 sektorea paisaiara eta ingurumenera egokitzeko proiektuan» ezarritako jarraibideen arabera. Proiektu hori planaren 4. eranskinean dago jasota. Pulla errekaren inguruko ibaiertzeko landaredia lehengoratzeko eta indartzeko jarduketek kontuan hartuko dituzte txosten honen D.1 apartatuan deskribatutako irizpideak.

Pulla errekaren ibaiertzeko landaredia indartzeko lanetan (bisoi europarrarentzako interes bereziko eremua da, Bizkaian onartu zen espeziearen kudeaketa-planaren arabera), kontuan hartuko da, Bizkaiko Foru Aldundiko Ingurumen Zuzendaritza Nagusiaren irizpideari jarraikiz, ez direla erabiliko Juglans nigra eta Eschscholzia californica espezieak.

Era berean, landareztatze- eta lorategi-lanetan ez dira inola ere erabiliko inbaditzaileak izan daitezkeen espezie aloktonoak, hala nola Cortaderia selloana, Buddleja davidii, Arundo donax eta beste. Eremuan egingo diren lorategi-lanetan, kontuan hartuko dira «Lorategi eta berdegune jasangarriak diseinatzeko eskuliburua» argitalpenean bildutako gomendio eta neurriak (Eusko Jaurlaritzaren Udalsarea 21en lan-koadernoa, 20.b zk., 2017ko apirilekoa). Hemen dago: http://www.udalsarea2030.eus/PublicacionesV2/Ficha.aspx?IdMenu=21095f23-63ce-4a22-b26a-9ba433959500&Cod=ee1c411c-f9e6-453e-97ea-7803fe2cb354

Plana garatuko duen urbanizazio-proiektuan, lurrak mugitzen direnean florako espezie inbaditzaileak ez hedatzeko neurriak zehaztuko dira, eta jarraibideak ezarriko dira betelanetan, landareztatze-lanetan eta urbanizazioko lorategi-lanetan erabiliko diren mailegu-lurren eta landare-lurren jatorria eta osaera kontrolatzeko.

D.7.– Aurreikusitako garapena gauzatzen den bitartean ingurumena babesteko neurri orokorrak

Aurreikusitako garapenetan, ingurumen-balioei eustea bermatzen duten neurri guztiak aplikatu beharko dira. Bereziki, hauek:

– Obrako langileek erabili behar duten jardunbide egokien gidaliburua. Gai hauekin zerikusia duten alderdiak bilduko ditu, gutxienez: lanaldiak, makineria, aldi baterako desbideratzeak, isurketak saihesteko prebentzio-neurriak, ahalik eta hauts eta zarata gutxien sortzea, herritarren lasaitasunerako kaltegarriak izan daitezkeen jardunak minimizatzea, hondakinak kudeatzea eta abar.

– Obrak, bai eta lurzorua erabiltzea eragiten duten eragiketa osagarriak ere, proiektua gauzatzeko behar-beharrezkoa den gutxieneko eremuan gauzatuko dira. Beharrezkoak diren mozte- eta garbitze-lanak, obrarako sarbideak eta kontratistak erabiliko dituen instalazio-guneak (makineria-parkea, obra-etxolak, obrako materialak aldi baterako biltzeko guneak eta landare-lurra eta hondakinak aldi baterako pilatzeko eremuak barne) ingurumenean ahalik eta kalte txikiena sortzeko irizpideak kontuan izanda proiektatuko dira.

– Hondakinak sortu eta kudeatzea: sortutako hondakinak, hondeaketetatik eratorritakoak barne, Hondakinak eta lurzoru kutsatuak arautu eta ekonomia zirkularra bultzatzeko apirilaren 8ko 7/2022 Legeak araututakoaren arabera eta aplikatzekoak diren berariazko araudiek agindutakoaren arabera kudeatuko dira.

Hondakinak kudeatzeko hierarkia-printzipioei jarraituz, hondakinak sortzeari aurrea hartzea sustatu behar da, edo, hala badagokio, apirilaren 8ko 7/2022 Legearen 8. artikuluan ezarritako lehentasun-hurrenkeran kudeatu daitezela, hau da: prebentzioa, berrerabiltzeko prestatzea, birziklatzea eta balorizatzeko beste modu batzuk, balorizazio energetikoa barne.

Hondakinak deuseztatzeko, ezinbestekoa izango da aldez aurretik behar bezala justifikatzea haien balorizazioa ez dela bideragarria teknikoki, ekonomikoki edo ingurumenaren aldetik.

Olio erabiliak kudeatzeko, Industrian erabilitako olioaren kudeaketa arautzen duen ekainaren 2ko 679/2006 Errege Dekretuan xedatutakoa beteko da.

Hondakin arriskutsuak biltzeko sistemek independenteak izan beharko dute, baldin eta, isuriren bat gertatu eta nahastuz gero, hondakinok arriskutsuagoak edo kudeatzeko zailagoak badira. Hondakin arriskutsuak dituzten edukiontziek edo ontziek Hondakinak eta lurzoru kutsatuak arautzeko eta ekonomia zirkularra bultzatzeko apirilaren 8ko 7/2022 Legearen 21. artikuluan ezarritako segurtasun-arauak beteko dituzte, eta itxita egongo dira kudeatzaileari entregatu arte, isurita edo lurrunduta edukirik gal ez dezaten. Edukiontzi edo ontzi horiek argi etiketatu beharko dira, irakurtzeko eta ezin ezabatuzko moduan, eta indarrean dagoen araudiaren arabera.

Eremu jakin bat egokituko da hondakin arriskutsuak bertan behin-behinean pilatzeko, hala nola olio-potoak, iragazkiak, olioak, pinturak, eta abar. Gainera, hondakin geldoak biltzeko edukiontzi espezifikoak jarriko dira, hondakin arriskutsuen guneetatik bereizita. Halaber, obran zehar, eta lanek irauten duten bitartean, elementu estankoak jarriko dira (bidoiak eta antzekoak) sortutako hondakinak biltzeko. Hondakin horiek motaren arabera bereizi beharko dira, aipatutako garbigunean aldi baterako biltegiratu baino lehen.

Espresuki debekatuta dago sortutako hondakin-tipologia desberdinak elkarren artean edota beste hondakin edo efluente batzuekin nahastea. Halako hondakinak jatorritik bereiziko dira, eta bilketa- eta biltegiratze-bitarteko egokiak prestatuko dira nahasketa horiek ekiditeko.

Olio erabiliak estalpean utziko dira kudeatzaile baimendu bati entregatu arte, behar bezala etiketatutako depositu estankoetan, zolata iragazgaitz baten gainean, eta kubo txikietan edo isuriei eta ihesei eusteko sistemen barruan.

Aplikatzekoa den araudia betetzen laguntzeko, lanetan sortutako hondakinak kudeatzeko sistemak prestatu beharko dira. Lan horien arduradunek kudeatuko dituzte sistema horiek, eta haien ardura izango da langileek sistema horiek behar bezala erabiltzea. Bereziki, ez da inola ere kontrolik gabeko efluenterik sortuko erregaiak eta produktuak biltegiratzetik, makineria mantentzeko lanak egitetik edo hondakinak erretzetik.

Aurreikusitako eraispenak egitean, arreta handiz jokatu beharko da, eta amiantoa duen hondakinik antzematen bada, otsailaren 1eko 108/1991 Errege Dekretuak ezartzen dituen eskakizunak bete beharko dira (108/1991 Errege Dekretua, otsailaren 1ekoa, Amiantoak ingurumena ez kutsatzeko eta amiantoaren ondoriozko kutsadura txikitzekoa). Era berean, amiantoa duten hondakinak kudeatzeko egingo diren manipulazioak amiantoarekin lan egitean segurtasun- eta osasun-arloan bete behar diren gutxieneko baldintzak ezartzen dituen martxoaren 31ko 396/2006 Errege Dekretuan ezarritako aginduen arabera egingo dira.

Eraikuntza- eta eraispen-hondakinak Eraikuntza- eta eraispen-hondakinen kudeaketa arautzeko den ekainaren 26ko 112/2012 Dekretuan xedatutakoaren arabera kudeatuko dira.

Obretan sortutako hondeaketa-soberakinak soberakinen biltegi baimendu batera eramango dira, eta haien kudeaketa arau hauen arabera egingo da: 646/2020 Errege Dekretua, uztailaren 7koa, Hondakinak zabortegietan utziz ezabatzeko jarduera arautzen duena, eta 49/2009 Dekretua, otsailaren 24koa, Hondakinak hondakindegietan biltegiratuta eta betelanak eginda ezabatzea arautzen duena.

– Kalitate akustikoaren babesa obretan: Zaratari buruzko azaroaren 17ko 37/2003 Legea garatzen duen urriaren 19ko 1367/2007 Errege Dekretuaren 22. artikuluan aurreikusitakoaren arabera, zonakatze akustiko, kalitate-helburu eta emisio akustikoei dagokienez, obrak egitean erabiliko diren makinak egokitu egin beharko dira kanpoan erabiltzeko makinen emisio akustikoei buruz indarrean dagoen araudian ezarritako aginduetara, eta, bereziki, egokitu beharko dira, hala badagokie, Kanpoan erabiltzeko makinek ingurumenean sortzen dituzten emisio akustikoak arautzen dituen otsailaren 22ko 212/2002 Errege Dekretuan (apirilaren 28ko 524/2006 Errege Dekretuak aldatua) eta arau osagarrietan ezarrita dagoenera.

Obrek iraun bitartean, jardunbide operatibo egokiak aplikatu beharko dira sorburuan zaratak murrizteko, bereziki indusketa-, eraisketa-, zamalan- eta garraio-lanetan, bai eta erabilitako makinen mantentze-lanetan, zaraten eta bibrazioen murrizketan eta obrak egitean erabilitako ekipamenduen zaraten kontrolean ere, besteak beste.

Eguneko lan-ordutegian egingo dira lanak.

Lanek sei hilabete baino gehiago irauten badute, inpaktu akustikoari buruzko azterlan bat egin beharko da, behar diren zuzenketa-neurriak zehazteko, Euskal Autonomia Erkidegoko hots-kutsadurari buruzko urriaren 16ko 213/2012 Dekretuaren 35bis artikuluaren arabera. Inpaktu akustikoaren azterketan analizatu beharko da zer onura akustiko lortzea espero den neurri zuzentzaileak aplikatuz, eremu akustikoetan edo eraikin sentikorretan zarata-maila murrizteari dagokionez, eta ukitutako udalerriari jakinarazi beharko zaio haren edukia.

– Lurzoruaren eta lurpeko uren babesa: prebentzio- eta zuzenketa-neurriak ezarriko dira obra faserako, istripuzko isuriek eragindako erasanak saihesteko, bereziki makinen mantentze-lanetan (material xurgatzaileak erabiltzea, isuriekin kutsatutako lurzoruak kendu eta kudeatzea eta abar).

Pilaketa-eremuak, instalazio osagarriak edo makineria-parkea gainazal iragazgaitzetan kokatuko dira. Makinen mantentze-lanik ez da egingo iragazgaiztu gabeko eremuetan, eta, nolanahi ere, hondakinak –bereziki, olio erabiliak– biltzeko sistema bat izango duen plataforma iragazgaiztu baten gainean egingo dira obran erabiltzen den makineriari erregaia jartzeko, lubrifikatzaileak aldatzeko eta bestelakoetarako lanak, urak kutsatu ez daitezen.

Elorrioko Udalari eta Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Jasangarritasunaren Sailburuordetzari jakinarazi beharko zaizkie lur susmagarriak detektatzearen ondoriozko kutsadura-arrasto guztiak, Lurzorua kutsatzea saihestu eta kutsatutakoa garbitzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legearen 22.2 artikulua betetzeko. Ildo horretan, arreta berezia jarriko da lur-mugimenduak egiten direnean Ihoberen lurzorua kutsa dezaketen jarduerak edo instalazioak dituzten lurzoruen inbentarioko 48032-00032, 48032-00028 eta 48032-00034 kodedun kokalekuetatik hurbil. Obrak egin bitartean, lurzorua kutsatzen duten substantziak daudela adierazten duten zantzu sendoak agertuz gero, horren berri eman beharko zaie, berehala, Elorrioko Udalari eta Ingurumen Jasangarritasunaren Sailburuordetzari, azken horrek zehatz dezan zer neurri hartu behar diren eta zein pertsona fisikok edo juridikok gauzatu behar dituen neurri horiek, Lurzorua kutsatzea saihestu eta kutsatutakoa garbitzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legearekin bat.

– Airearen kalitatea babestea: garbi mantendu beharko dira kamioiek obrara sartzeko edo obratik irteteko erabiltzen dituzten bideak; horretarako, presioko ura edo erratz-makina mekanikoak erabiliko dira.

Hondeaketatik ateratako materiala hezetasun-baldintza egokienetan garraiatuko da, zama estaltzeko gailuak dituzten ibilgailuetan, lokatzak eta partikulak barreia ez daitezen.

D.8.– Eraikingintza eta eraikuntza jasangarriaren aldeko neurriak.

Planaren eremuan eraikingintza eta eraikuntza jasangarriago bat lortzeko behar diren ezaugarriei dagokienez, Euskal Autonomia Erkidegoko «Eraikuntza iraunkorrerako gidetako» gomendioak hartu beharko dira kontuan, eraikinen energia-aurrezpena eta -efizientzia bultzatzeko eta energia berriztagarriak sustatzeko.

Era berean, eta aipatutako eremuaren berrurbanizazioari dagokionez, kontuan hartu beharko dira «Urbanizazio-proiektuen garapen jasangarrirako gidako» gomendioak. Gidaliburu horren helburua da proiektu horien diseinuaren, egikaritzearen, mantentzearen eta bizitza-amaieraren jasangarritasun-maila balioestea.

Neurri horiek alderdi hauetan behintzat eragin beharko dute:

• Materialak. Lehengai ez-berriztagarrien kontsumoa murriztea.

• Energia. Energia gutxiago kontsumitzea edo energia gutxiago sortzea iturri berriztaezinen bidez.

• Edateko ura. Edateko uraren kontsumoa murriztea.

• Ur grisak. Ur gris gutxiago sortzea.

• Uraren zikloa. Uraren kudeaketa eta kalitatea hobetzea.

• Atmosfera. Gas-, hauts-, zarata-, bero- eta argi-emisioak murriztea.

• Eraikinen barne-kalitatea. Barne-airearen kalitatea, konforta eta osasuna hobetzea.

• Hondakinak. Hondakin solido gutxiago sortzea.

• Lurzoruaren erabilera. Lurzoruaren okupazioa murriztea.

• Mugikortasuna eta garraioa. Garraio-prozesuak gutxitzea eta pertsonen mugikortasuna hobetzea.

• Ekosistemak eta biodibertsitatea. Naturaguneen funtzioak hobetzea eta biodibertsitatea handitzea eta kontserbatzea.

• Paisaia. Sektorea eta haren instalazioak paisaian integratzea.

• Arriskuak eta segurtasuna. Arrisku naturalak edo antropikoak minimizatzea.

• Klima-aldaketa. Klima-aldaketaren ondorioetara egokitzea.

D.9.– Klima-aldaketa apaltzeari eta klima-aldaketara egokitzeari buruzko neurriak.

Klima Aldaketaren eta Trantsizio Energetikoaren maiatzaren 20ko 7/2021 Legean ezarritakoarekin bat etorriz, Plana gauzatzeko proiektuak diseinatuko dira kontuan hartuta klima-aldaketaren aurrean pixkanaka eta erresilientziaz egokitzeko beharrezkoak diren neurriak.

E) Ingurumen-jarraipeneko plana.

Planaren ingurumen-jarraipenak ingurumen-azterketa estrategikoan ezarrita dagoenari jarraituko dio, zeinak ingurumen-zaintzako programa bat jasotzen baitu. Programa horren xedea da behar diren zaintza- eta kontrol-sistemak ezartzea, egiaztatu ahal izateko planeko aurreikuspenak betetzen direla, eta, horien barruan, planteatutako jarduketen ingurumen-exijentziak mantentzen direla.

Aurreikusitako urbanizazio-proiektuan, obrak egin bitartean egin beharreko kontrolak zehaztu beharko dira, bereziki alderdi hauei dagozkienak: ibai-uren kalitatea, Pulla eta Aidazu erreken inguruko jarduketak, lur-mugimenduak eta aurretiko azterketa geoarkeologikoak, kalitate akustikoaren kontrola eta ingurumen-integrazioaren garapena.

Ingurumen-jarraipenean, proposatutako leheneratzeen arrakasta kontrolatuko da, bai eta espezie inbaditzaileen hedapenaren kontrola ere.

F) Planetik eratorritako proiektuen ingurumen-ebaluazioa egiteko gidalerro orokorrak.

Planetik eratorritako proiektuen ingurumen-ebaluazioan, aintzat hartuko dira lurraldearen baldintzatzaileak eta Eusko Jaurlaritzako Ingurumenaren Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren zuzendariak 2024ko urriaren 17an emandako Ebazpenaren bidez eginiko irismen-dokumentuan adierazten diren ingurumen-irizpideak.

Arreta berezia jarriko da alderdi hauetan, besteak beste: lurzoru-kontsumoa minimizatzea; hondakinak egoki kudeatzea; jabari publiko hidraulikoa babestea; eremuaren kalitate akustikoa; ingurumen-baliabideen erabilera jasangarria; habitatak eta espezieak zaintzea eta hobetzea; lurraldean egiten diren esku-hartzeetan paisaia modu egokian integratzea; arrisku naturalak minimizatzea, eta lehentasuna ematea kalteen prebentzioari, ez konpentsazioari.

Bigarrena.– Bi urteko epea ezartzen da, gehienez, Elorrioko Pulla-Azkarreta S-7.1 sektorearen Plan Partziala onartzeko, ingurumen-adierazpen estrategiko hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen denetik aurrera. Epe hori igaro eta plana onartu ez bada, ingurumen-adierazpen estrategiko honen indarraldia amaitu egingo da, eta hortik aurrera ez du ondoriorik izango. Kasu horretan, sustatzaileak berriro hasi beharko du planaren ingurumen-ebaluazio estrategikoaren izapidea, non eta ez den erabakitzen ingurumen-adierazpen estrategikoaren indarraldia luzatzea. Hori guztia, Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 27. artikuluarekin bat etorriz.

Hirugarrena.– Ebazpen honen edukia Elorrioko Udalari jakinaraztea.

Laugarrena.– Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitara dadila agintzea.

Vitoria-Gasteiz, 2026ko maiatzaren 15a.

Ingurumen Administrazioaren zuzendaria,

NICOLAS GARCIA-BORREGUERO URIBE.


Azterketa dokumentala