Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

109. zk., 2026ko ekainaren 11, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

GOBERNANTZA, ADMINISTRAZIO DIGITAL ETA AUTOGOBERNUAREN SAILA
2548

AGINDUA, 2026ko maiatzaren 29koa, Gobernantza, Administrazio Digital eta Autogobernuko sailburuarena, zeinaren bidez Fundación Arbachu izeneko fundazioaren eraketa Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroan inskribatzen baita.

2025eko abenduaren 9an, Fundación Arbachu izeneko fundazioaren eraketa inskribatzeko eskabidea sartu zen Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroan.

Eskaera-idazkiari administrazio-espedientean jasotako dokumentazioa erantsi zitzaion.

Sortzailea Juan Antonio Arbaiza Churruca da, eraketa-eskrituran jasotzen den bezala.

Estatutuen 3. artikuluak fundazioaren helburuak ezartzen ditu, jarraian adierazitako moduan:

«fundatzaileak eta haren familiak egiten duten ongintza-lanari eustea, hau da, modu aktiboan ematea, Eliza Katolikoaren printzipio eta balioetan oinarrituta, laguntza integrala behartsuenei eta ahulenei, laguntza ekonomikoa emanez batez ere Bizkaiko eremu geografikoan garatutako gizarte- eta laguntza-proiektuak sustatzen dituzten irabazi-asmorik gabeko erakunde eta instituzioei (haurrak eta gazteak, adinekoak, gaixoak eta mendekoak, bai eta bazterketa sozioekonomikoko egoeran dauden edo horretan erortzeko arriskuan dauden pertsonak ere), eta erlijio-erakundeei laguntza partikularra ematea, Fundazioak lortu nahi dituen interes orokorreko helburuen funtsezko zati gisa».

Fundazioaren hasierako zuzkidura 30.000 eurokoa da, eta kopuru hori nahikotzat jotzen da Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioei buruzko ekainaren 2ko 9/2016 Legearen 12.1 artikuluan xedatutakoaren arabera.

Jarduteko lurralde-eremua batez ere Euskal Autonomia Erkidegoa izango da.

Estatutuen 8. artikuluak ezartzen du patronatua gutxienez 3 pertsonak eta gehienez 5ek.

Fundazioaren patronatua, hasiera batean, kargu eta kide hauek osatzen dute, eta horien izendapena eta onarpena jasota daude Fundazioaren eskrituran eta espedienteari erantsitako dokumentazioan:

Presidentea: Juan Antonio Arbaiza Churruca.

Presidenteordea: Javier Francia Cordero.

Idazkaria: Javier Francia García-Ogara.

Lehen patronatua fundatzaileak izendatu du, denbora mugagaberako, fundazioaren estatutuen 8. artikuluan xedatutakoaren arabera. Patronatukide berrien izendapena 9. artikuluan arautzen da, baita kargutik kentzea ere.

2026ko maiatzaren 22an, Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Babesletzaren Aholku Batzordea bildu da, inskripzio-eskaera baloratzeko, fundazioaren helburuen zilegitasunari eta interes orokorrari dagokienez, baita fundazioaren bideragarritasunaren inguruan ere. Aholku Batzordeak aldeko txostena eman du, aho batez, bilkura horren aktan jasota dagoenez.

Era berean, 2026ko maiatzaren 26an, Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Babesletzak Fundazioaren eraketari buruzko nahitaezko txostena eman zuen.

Gobernantza, Administrazio Digital eta Autogobernuko sailburuari dagokio eratze-espediente hau agindu bidez ebaztea, Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Babesletzaren eta Erregistroaren Erregelamendua onartzen duen uztailaren 23ko 115/2019 Dekretuaren 3.1.a) artikuluan eta Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituen eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituen lehendakariaren ekainaren 23ko 18/2024 Dekretuaren 9.1.n) artikuluan aurreikusitakoaren arabera.

Espediente honi funtsezkotzat jotzen diren datu eta dokumentu guztiak erantsi zaizkio, eta bete egin dira, bereziki, Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioei buruzko ekainaren 2ko 9/2016 Legearen 7. artikulutik 12. artikulura eta 51.2 artikuluan eta Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Babesletzaren eta Erregistroaren Erregelamendua onartzen duen uztailaren 23ko 115/2019 Dekretuaren 41. artikuluan aurreikusitako betekizunak.

Horiek horrela, honako hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroan inskribatzea Fundación Arbachu izeneko fundazioaren eraketa, F-519 erregistro-zenbakiarekin, bai eta patronatuaren hasierako osaera ere, Bilbon, 2025eko azaroaren 26an, Manuel López Pardiñas notarioaren aurrean egiletsitako eskritura publikoan ezarritako baldintzetan (protokolo-zenbakia: 3.087).

Bigarrena.– Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea eta interesdunei jakinaraztea.

Agindu honek administrazio-bidea amaitzen du, eta, ondorioz, honen aurka aukerako berraztertze-errekurtsoa aurkez daiteke Gobernantza, Administrazio Digital eta Autogobernuko sailburu honen aurrean, agindua jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera, hilabeteko epean; bestela, Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hileko epean, agindua jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera.

Vitoria-Gasteiz, 2026ko maiatzaren 29a.

Gobernantza, Administrazio Digital eta Autogobernuko sailburua,

MARÍA UBARRECHENA CID.


Azterketa dokumentala