Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

109. zk., 2026ko ekainaren 11, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

XEDAPEN OROKORRAK

EUSKAL HERRIKO UNIBERTSITATEA
2533

EBAZPENA, 2026ko ekainaren 1ekoa, Universidad del País Vasco / Euskal Herriko Unibertsitateko idazkari nagusiarena, Informatika Fakultateko Kalitate Batzordearen Arautegiaren aldaketa onartzen duena.

2025eko apirilaren 16ko bilkuran, Informatika Fakultateko Batzordeak Ikastetxearen Kalitate Batzordearen araudiaren bertsio eguneratu berri bat onartu zuen, kideen osaera aldatuz. Artikulu batzuen idazketari eragiten dioten beste aldaketa batzuk ere egin dira. Horregatik guztiagatik, erregelamenduaren testu berri bat argitaratzea erabaki da.

Unibertsitatearen Errekurtsoen, Irizpenaren eta Sinplifikazioaren Administrazio Batzordeak (COARD/EISBA) aldaketa proposamenaren berri eman du.

EHUko idazkari nagusiari dagokio, Gobernu Kontseiluak eskuordetuta, Ikastegietako Kalitate Batzordeen Esparru arautegiaren 2.2 artikuluaren arabera, Ikastetxeen Kalitate arautegiak onartzea, baldin eta bertako kideren batek edo ikastetxeko Batzordeko kideen % 15ek ez badu berariaz eskatzen Gobernu Kontseiluari bidaltzeko.

Adierazitakoagatik guztiagatik, ondokoa

EBATZI DUT:

Lehenengoa.– Onartzea Informatika Fakultateko Kalitate Batzordearen arautegiaren aldaketa, eranskinean jasotzen den lez.

Bigarrena.– Agindua ematea Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzeko.

Hirugarrena.– Aldaketa hau EHAAn argitaratu, eta hurrengo egunean sartuko da indarrean.

Leioa, 2026ko ekainaren 1a.

Idazkari nagusia,

LEIRE GARMENDIA ARRIETA.

ERANSKINA
HITZAURREA

Arautegi hau, UPV/EHUko Informatika Fakultatearen esparruan, Europako Unibertsitate Eremuan sartzeko prozesuarekin zerikusia duten zenbait programatan aurreikusitakoa betetzera dator. Zehatzago, gradu berrietako ikasketa planetan zehaztutakoa beteko du arautegi honek, plan horietan argi eta garbi adierazten delako fakultateak izan beharko duela Kalitatea Bermatzeko Barne Sistema bat. Bestalde, AUDIT programaren arabera, Kalitatea Bermatzeko Barne Sistema bat daukaten ikastegietan bertako Kalitate Batzordeak ebaluatu egin beharko du sistema hori. Gainera, 2009ko abenduaren 22an UPV/EHUko Gobernu Kontseiluak onartu zuen UPV/EHUko Irakasleen Irakaskuntza Jarduera Ebaluatzeko Docentiaz Programa, eta berori gauzatzeko beharrezkoa da, programaren testuan bertan adierazten den bezala, ikastegietako kalitate batzordeek beren arautegiak izatea. Azken finean, UPV/EHUko Ikastegietako Kalitate Batzordearen Oinarrizko Arautegian ezarritakoa betetzen du.

Fakultateko Kalitate Batzordea Ikastegiko Batzarrak izendatutako batzordea da. Zuzendaritza taldearekin batera, Kalitatea Bermatzeko Barne Sistemaren plangintza eta jarraipen zereginetan dihardu, eta gainera barne komunikaziorako tresna da kalitate sistema honen politika, helburu, plan, programa, erantzukizun eta lorpenen inguruan. Fakultateko Kalitate Batzordeak, gainera, Fakultateko dekanotza taldeari eta Fakultateko Batzarrari laguntza eta aholkua emango die tituluen curriculuma garatzeko, gaitasunetan oinarritutako irakaskuntza-ikaskuntza ereduaren arabera. Eredu horretan, metodologia aktiboen bidez eta informazio eta komunikazio teknologien laguntzaz, ikasleak gidatutako ikaskuntza (banakakoa nahiz taldekoa) sustatuko da, bai eta etengabeko ebaluazioa ere, guztia irakaskuntza eleaniztunaren testuinguruan. Era berean, Fakultateko Kalitate Batzordeak irakasleen ebaluaziorako txostenak egingo ditu.

Marko instituzional honetan, Fakultateko Batzarrari dagokio sistemaren funtzionamendu orokorra bermatzea, eta, horretarako, bere gain hartzea ikastegiko kalitate politika eta helburuak onartzearen ardura, bai eta Kalitate Batzordearen eraketa, osaera eta eginkizunak onartzearen ardura ere.

Horrenbestez, arautegi honek indartzen du Informatika Fakultateak bikaintasun akademikoarekin, etengabeko hobekuntzarekin eta interes-talde guztien parte hartzearekin duen konpromisoa. Konpromiso hori bermatzearren, Kalitate Batzordeak Fakultateko Batzarrak onartutako politika eta kalitate helburuak izango ditu erreferentziatzat bere eginkizunak aurrera eramateko orduan, bai eta fakultatearen eta unibertsitatearen indarreko plan estrategikoa ere. Era berean, bere jarduera guztiak planifikazio instituzionaleko aldi bakoitzean ezarritako ardatz estrategikoekin bat etorriko direla bermatuko du.

Horiek horrela, arautegi honek Informatika Fakultateko Kalitate Batzordearen funtzionamendua arautzeko jarraibideak jasotzen ditu.

1. artikulua.– UPV/EHUko Informatika Fakultateko Kalitate Batzordearen Arautegiaren helburua.

1.– Arautegi honen helburua da UPV/EHUko Informatika Fakultatearen Kalitatea Bermatzeko Barne Sistemaren (KBBS) ardura duen organoaren egitura, osaera eta eginkizunak zehaztea.

2.– Organoaren izena hau da: UPV/EHUko Informatika Fakultateko Kalitate Batzordea.

3.– Arautegi hau UPV/EHUko Ikastegietako Kalitate Batzordearen Oinarrizko Arautegiaren esparruan kokatzen da.

2. artikulua.– Araubide juridikoa.

UPV/EHUko Informatika Fakultateko Kalitate Batzordeak arautegi honen eta UPV/EHUko Ikastegietako Kalitate Batzordeen Esparru Araudiaren arabera eta dagozkion gainerako arautegiei jarraikiz jardungo du.

3. artikulua.– Funtzioak.

1.– 2010eko uztailaren 21eko EHAAn argitaratutako UPV/EHUko Ikastegietako Kalitate Batzordeen Esparru Araudian, 3.1 artikuluan, kasu guztietan bete beharreko funtzioak jasotzen dira. Funtzio horiek arloz arlo antolatu dira Batzordearen eginkizunak zehazteko. Horrela, bada, honakoak dira UPV/EHUko Informatika Fakultateko Kalitate Batzordearen funtzioak arloz arlo antolatuta:

a) Fakultateko kalitate politika eta helburuen plangintza eta jarraipena:

– Fakultateko urteko helburuak eta Plan Estrategikoari lotutakoak jaso eta, behar denean, haien formulazioa koordinatzea.

– Batzordean adostutako proposamenak Fakultateko dekanotza taldeari aurkeztea, behar den ondoriotarako kontuan izan ditzan.

– Dekanotza taldeari aholkua ematea Kalitatea Bermatzeko Barne Sistemari (KBBS) dagozkion gaien inguruan.

b) Curriculumaren garapena eta irakasleen nahiz interes-taldeen prestakuntza:

– Titulazioetako curriculumaren plangintzan eta garapenean parte hartzea.

– Fakultateko irakasleen prestakuntza sustatzea metodologia berritzaileetan.

– Kalitate Batzordeko kideen eta interes-taldeen prestakuntza bultzatzea kalitatearekin eta ebaluazioarekin lotutako gaietan.

c) Kalitatea Bermatzeko Barne Sistemaren (KBBS) kudeaketa:

– KBBSaren diseinua, ezarpena, abiatzea eta jarraipena bultzatzea.

– KBBSaren azterketa eta berrikuspenetik abiatuta Urteko Jarraipen Txostena egitea, eta ezarritako helburuak betetzeko beharrezko jotzen diren hobekuntza-ekintzak proposatzea.

– Fakultateko Batzarrari bere eskumenen eremuko erabaki proposamenak aurkeztea.

d) Kalitate prozesu eta emaitzen jarraipena eta ebaluazioa:

• Prozesuen emaitzen lorpenari jarraipena egitea, horiekin lotutako adierazleen bitartez.

– Gogobetetze-inkesten emaitzak jasotzea eta horietatik abiatuta hobekuntza proposamenetarako irizpideak ematea.

– Tituluen eta/edo ikastegiaren akreditazioa lortzen eta aldian-aldian berritzen laguntzea.

e) Kalitate politika, helburu eta emaitzen komunikazioa eta zabalkundea:

– Fakultateko kalitate politika eta helburuak betetzen eta hedatzen direla bermatzea.

– KBBSaren urteko azterketa eta berrikuspenaren, lortutako emaitzen eta prozesuetan txertatutako hobekuntza-ekintzen berri ematea.

– Interes-talde guztien parte-hartzea bultzatzea kalitatearen inguruko ekintzetan.

2.– Ikastegiko Batzarrak, Zuzendaritza Taldeak halaxe eskatuta, Kalitate Batzordearen esku utzi ahal izango ditu kalitatearen kudeaketarekin lotutako funtzioak; esate baterako, Ikastegien Esparru Arautegiaren 10.2.i) artikuluan xedatutakoa.

4. artikulua.– Osaera.

1.– Hauek izango dira Kalitate Batzordearen osakideak:

a) Dekanoa, Administrazio burua, idazkari akademikoa eta dekanordeak.

b) Teknikarien eta Kudeaketako eta Administrazio eta Zerbitzuetako Langileen (TEKAZEL) ordezkari bat, ahal dela kalitatearen arloan arduraren bat daukana.

c) Gradu eta master titulazioetako koordinatzaileak (egonez gero). Masterren kasuan, koordinatzailea Fakultatean atxikita ez balego, Fakultatean atxikita legokeen batzorde akademikoko kide batek ordezkatuko luke.

d) Irakasle eta Ikertzaileen (IRI) zazpi ordezkari, Fakultatean egoitza duten sailek proposatuta izendatutakoak, Zentroan ematen diren graduko titulazio guztiak ordezkatzen direla bermatuta.

e) Ikasleen bi ordezkari, Fakultate Batzarrean dituzten ordezkariek proposatuta.

2.– Ahalegina egingo da gizonek eta emakumeek pareko ordezkari kopurua izan dezaten Kalitate Batzordean.

3.– Batzordeko burua dekanoa izango da, edo horretarako eskuordetza daukan pertsona. Ikastegiko Kalitate Batzordeak berak erabakiko du zein batzordekide izango den batzordeko idazkaria.

4.– Ikastegiko Batzarrak izendatuko ditu Kalitate Batzordeko kideak, Zuzendaritza Taldeak halaxe eskatuta. Izendapenak lau urteko iraupena izango du. Ikasleen kasuan, beren ordezkaritzak bi urteko iraupena izango du, eta iraupen hori luzatu ahalko da.

5.– Ikastegiko Kalitate Batzordearen irizpideei eta funtzionamenduari eutsiko zaiela bermatzeko, 2 urtean behin berrituko da Batzordearen erdia.

6.– Kalitate Batzordeko kideen eskubideak eta betebeharrak Ikastegien Esparru Arautegiaren 18. artikulua xedatutakoak izango dira.

5. artikulua.– Laguntza batzordeak.

1.– Kalitate Batzordeak laguntza batzordeak eratu ahal izango ditu, bere mendekoak izango direnak, eta kontsulta-izaera izango dutenak. Kalitate Batzordeak erabakiko du Laguntza Batzorde bakoitzaren osaera nolakoa izango den, lehendakaria eta idazkaria nor izango diren, bakoitzaren jardun-eremua eta funtzioak zein izango diren, eta hala badagokio, baita bakoitzaren funtzionamendu erregimenaren berezitasunak zein izango diren ere.

2.– Ikastegiak koordinatzen dituen tituluak adina batzorde eratu ahal izango dira, curriculum-garapenaz ardura daitezen. Batzorde horiek osatzean, unibertsitateko hainbat sektorek Kalitate Batzordean parte hartzeko dituzten irizpideak errespetatu beharko dira. Hala, ikasturte edo modulu bakoitzeko koordinatzaileek (horrelakorik egonez gero) izan beharko dute batzordeetako kideak.

3.– Era berean, batzorde bat eratu ahal izango da, irakasleen Irakaskuntza Ebaluatzeko Programaren (Docentiaz) informazio-iturri moduan. Batzorde horrek ere unibertsitateko hainbat sektorek Kalitate Batzordean parte hartzeko dituzten irizpideak errespetatu beharko ditu; nolanahi ere, derrigorrezkoa izango da Ikastegiari atxikitako Sailetako edo Sail Sekzioetako ordezkariak izatea.

4.– Laguntza batzordeak iraunkorrak edo aldi baterakoak izan daitezke. Batzordeen osaera eta eginkizunak eurak eratzeko Kalitate Batzordearen akordioan jasoko dira baina, oro har, arautegi honetan jasotako xedapenak aplikatuko dira. Batzorde iraunkorrek berariaz desegitea erabakitzen ez den bitartean jardungo dute. Aldi baterakoak, berriz, zeregin eta epealdi zehatzetarako sortuko dira.

5.– Aldi baterako laguntza batzordeak epealdia amaitutakoan desegin egingo dira beraien helburu den gaiari buruz irizpena eman edo informatu ostean, Kalitate Batzordeak justifikatutako arrazoiengatik luzatzea erabaki ezean. Batzorde iraunkorren kasuan, izendapena lau urtekoa izango da, eta bi urtetik behin berrituko da.

6.– Ikastegiko idazkari akademikoak laguntza batzordeetako kideei egiaztagiri bat egingo die, euren lanaren aitortza berariaz jasoa gera dadin.

6. artikulua.– Funtzionamendurako araubidea.

1.– Irizpide Orokorrak. Kalitate Batzordeak bere eginkizunak bost arlotan antolatzen ditu (3.1 artikuluan jasotakoak), eta bileren plangintza eta jarduera nagusiak horiei erantzuteko antolatuko dira:

a) Fakultateko kalitate politika eta helburuen plangintza eta jarraipena: ikasturte hasierako bileran urteko helburuak jasoko dira, behar izanez gero haien formulazioa koordinatuko da, eta plan estrategikoarekin lotutako helburuen betetze-mailari jarraipena egingo zaio.

b) Curriculumaren garapena eta irakasleen nahiz interes-taldeen prestakuntza: ikasturtean zehar, curriculumaren garapenerako proposamenak eztabaidatuko dira, irakasleen prestakuntza jarduerak sustatuko dira eta interes-taldeentzako formazio ekintzak bultzatuko dira.

c) Kalitatea Bermatzeko Barne Sistemaren (KBBS) kudeaketa: urtean zehar egingo diren bileretan KBBSaren jarraipenari buruzko informazioa aztertuko da, eta ikasturtea amaitutakoan urteko jarraipen-txostena egingo da, beharrezko diren hobekuntza-ekintzak proposatuz.

d) Kalitate prozesu eta emaitzen jarraipena eta ebaluazioa: prozesuen emaitzei buruzko adierazleak ikasturtean zehar aurkeztuko dira, baina ikasturte amaitu ondoren egingo da ebaluazio orokorra, iraila eta otsaila bitarteko fase ezberdinetan. Ebaluazio horretan integratuko dira gogobetetze inkesten emaitzak eta akreditazio-prozesuen egoerari buruzko azterketa.

e) Kalitate politika, helburu eta emaitzen komunikazioa eta zabalkundea: oro har, komunikazioa etengabeko jarduera gisa ulertu behar dira. Dena den, ikasturteko emaitzen komunikazioa eta zabalkundea hurrengo ikasturteko martxotik aurrera egingo dira. Jardun osoan zehar interes-talde guztien parte-hartzea sustatuko da.

2.– Bilerak. Kalitate Batzordeak aldizkako bilerak egingo ditu, Ikastegiko Batzarraren bileretako ezarritako arauak ahalik eta gehien errespetatuta. Urtero egingo diren bilera nagusiak eta horien helburu nagusiak honakoak izango dira:

a) Ikasturte hasieran bilera (iraila):

– Aurreko ikasturteko helburuen betetze-mailaren lehen balorazioa egitea, eskuragarri dauden emaitza akademikoetan eta adierazleetan oinarrituta.

– Ikasturte berrirako helburuak eta kudeaketa-plana definitzea, plan estrategikoarekin lotutako hobekuntza-ekintzak kontuan hartuta.

– Irakaskuntza Esperientzien Elkartrukerako Jardunaldietarako (IEEJ/JIED) lerro nagusi edota edukiak identifikatzea.

– Interes-taldeetako kide berriei kalitate arloko oinarrizko prestakuntza eskaintzea.

– Laguntza Batzordeak berrestea eta, hala dagokionean, osaera berritzea edo eguneratzea.

– Azkenik, Kalitate Batzordearen ustez adierazgarriak diren bestelako alderdien balorazioa egitea.

b) Lehen lauhilekoaren amaierako bilera (urtarrila):

– KBBSaren analisi eta berrikuspenaren ondorioz Urteko Jarraipen Txostenaren zirriborroa lantzea, Kalitate eta Ebaluazio Instituzionalerako Zerbitzuko (KEIZ) kideen ekarpenak jasoz.

– Aurreko ikasturteko emaitza akademikoen eta inkesten azterketa eta balorazioa osatzea.

– Txostenen orrazketa gurutzatua egitea.

– Fakultateko Batzarrari aurkeztea, ongi baderitze, onespena eman diezaien.

c) Bigarren lauhilekoaren amaierako bilera (uztaila):

– Urteko kudeaketa-plana eta jarraipen-txostenak berrikustea, bai eta titulazioen koordinazio-txostenak ere.

– Urteko helburuen betetze-mailaren balorazio orokorra egitea eta hobekuntza-lerro nagusiak identifikatzea.

– Fakultatearen Kalitate Politika eta helburuak komunikatzeko txosten orokorra egitea.

d) Komunikazioa bideratzeko bilera(k) (ikasturtean zehar):

– Ekintzen eta emaitzen komunikazioa eta zabalkundea egitea Fakultateko komunitateari eta interes-taldeei.

– Interes-talde guztien parte-hartzea sustatzea komunikazio- eta feedback-jardueretan.

e) Beste batzordeekiko koordinazioa: Kalitate Batzordeak zenbait gairen plangintza eta garapena ikastegiko beste batzorde batzuen esku utzi ahal izango du (berdintasuna, euskara edo ingurumen batzordeak, besteak beste). Batzorde horiek, nahiz eta laguntza batzorde izan ez, urtean behin aurkeztuko dute beren jardueraren berri (ahal dela bigarren lauhilekoaren amaierako bileran).

f) Bestelako bilerak: aurreko ataletan aurreikusi ez diren gaiak jorratzeko bilerak egin ahal izango dira, formatu presentzialean edo telematikoan.

g) Bileren egutegia: araudi honetan adierazitako bilera-egunak gutxi gorabeherakoak dira, eta Kalitate Batzordeak egutegia egokitzeko eskumena izango du, hala behar izanez gero.

3.– Erabakiak eta aktak.

a) Batzordearen erabakiak bileran bildutako pertsonen gehiengoz onartuko dira; batzordeburuak kalitateko botoa izango du. Erabakiak ez dira betearazleak izango eta Fakultateko dekanotzara bidaliko dira dagozkion neurriak har ditzan.

b) idazkariak akta idatziko du, Kalitate Batzordeko kide guztiei bidaliko die eta, onartu ondoren, fakultateko kide guztiek eskuragarri izan dezaten argitaratuko du.

XEDAPEN GEHIGARRI BAKARRA

Batzordeetako kideek isilpekotasun-betebeharra izango dute, bereziki datu pertsonalei dagokienez. Era berean, batzordeen datu pertsonalen fitxategiak, edonola ere, datu pertsonalak babesteko araudiaren mende egongo dira beren sorreran eta funtzionamenduan.

INDARGABETZEKO XEDAPEN BAKARRA

Arautegi honen indarraldia hastearekin batera, indargabetuta geratuko da UPV/EHUko Informatika Fakultateko Kalitate Batzordearen Arautegia, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian 2011ko martxoaren 11n argitaratua.

AZKEN XEDAPEN BAKARRA

Arautegi hau indarrean sartuko da Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean.


Azterketa dokumentala