
108. zk., 2026ko ekainaren 10a, asteazkena
- Bestelako formatuak:
- PDF (146 KB - 5 orri.)
- EPUB (106 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
IRAGARKIAK
Beste iragarki ofizial batzuk
OGASUN ETA FINANTZA SAILA
2522
IRAGARKIA, enkante publikoari buruzkoa.
Eusko Jaurlaritzako Ogasun eta Finantza Sailean izapidetutako 2021EXP37015492 zenbakidun premiamendu-prozeduran, Finantza Politikako eta Gizarte Aurreikuspeneko zuzendariak enbargatutako akzio eta partaidetza sozialen enkante publikoa egitea erabaki du. Horretarako, honako arau hauetan xedatutakoa bete beharko da: 1/2021 Dekretuaren 97. eta 98. artikuluak (1/2021 Dekretua, urtarrilaren 12koa, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Diru-bilketa Erregelamendua onesten duena); 939/2005 Errege Dekretuaren 101. artikulua eta hurrengoak (939/2005 Errege Dekretua, uztailaren 29koa, Diru-bilketaren Erregelamendu Orokorra onesten duena), eta 1/2010 Legegintzako Errege Dekretuaren 109. artikulua (1/2010 Legegintzako Errege Dekretua, uztailaren 2koa, Kapital Sozietateen Legearen testu bategina onesten duena), betiere, baldintza hauen arabera.
Lehenengoa.– Estatuko Aldizkari Ofizialeko Enkanteen Atariaren bidez egiteko enkantearen prozedura elektronikoa.
Enkante-prozedura Eusko Jaurlaritzako Ogasun eta Finantza Saileko Diru-bilketa Exekutiboa organoaren aurrean gauzatuko da (recaudacion.dirubilketa@gtt.es), prozedura elektronikoa baliatuz, Estatuko Aldizkari Ofizialeko Enkanteen Atariaren bidez (https://subastas.boe.es/).
Bigarrena.– Besterentzearen xede diren ondasunak. Sortak, enkante-tasa, gutxieneko eskaintza.
Hona hemen besterentzearen xede diren ondasunak, sortetan bilduta, haietako bakoitzerako enkante-tasa eta lizitaziorako gutxieneko eskaintza:
2021EXP37015492 espedientea.
1.– Lotea.
Landa-lurzorua. Lursail bat La Lamosa izeneko tokian, Matienzo auzoan (katastroaren arabera, Matienzo parajea, Karrantza Haranan). 497 metro koadroko azalera du, eta, katastroaren arabera, 502 metro koadrokoa. Mugak: Iparraldean, 1. poligonoko 243. lurzatia, Udalaren herri-lurra; Hegoaldean, bidea; Ekialdean, bidea; eta Mendebaldean, 1. poligonoko 243. lurzatia, Udalaren herri-lurra. Katastroko 1. poligonoko 357. lurzatia da, eta honako katastro-erreferentzia hau du: 001 357 8407351 02. Hori egiaztatzen da Iñaki Arteaga jaunak, Bizkaiko Foru Aldundiko Katastroko atalburuak, 2001eko abenduaren 18an emandako finkaren deskribapen eta plano-ziurtagiriaren bidez, zeina erantsita baitago; deskribapenarekin bat dator, eta Karrantzako Udalaren izenean ageri da.
Aurkeztutako dokumentuan adierazten da honako hau eraiki dela bertan: eraikina, La Lamosa izeneko tokian, Matienzo auzoko 38. zenbakian, Karrantza Haranan. Beheko solairua, lehen solairua eta beste goiko solairu bat ditu. Eraikuntzaren hormak zementuzko blokez eginak daude, eta bi isurialdeko teilatua teila lauz estalia du. Bere hegal eta guzti, 100 metro koadro neurtzen ditu, eta alde guztietatik bere lurrarekin egiten du muga; Matienzo auzorantz doan bide baten ekialdean dago.
Erregistro-inskripzioa: Balmasedako Jabetza Erregistroa, Artxiboko 1088. liburukian, Karrantzako 133. liburuan, 225. orrian, 10691 zenbakidun finka. Idufir kodea: 48014000468920.
Eskualdatzeko diren zordunaren eskubideak: Zordunak finkaren gainean % 50eko jabetza osoa du, izaera pribatiboarekin eta salerosketa-tituluaren bidez, Igone Aretxaga Gonzalez Balmasedako notarioaren aurrean 2018ko abuztuaren 8an emandako eskrituraren ondorioz; horrek 2018ko irailaren 13ko 5. inskripzioa eragin zuen.
Lehentasunezko kargarik edo zamarik gabe.
Enkante-tasaren zehaztapena:
Sorta osatzen duen ondasunaren balorazioa: 25.245,50 euro.
Enkanterako tasa: 25.245,50 euro.
Enkanterako gutxieneko eskaintza: 2.524,55 euro.
Hirugarrena.– Besterentzearen xede diren ondasunen jabari-tituluak.
Besterendu beharreko ondasunei dagozkien tituluak Eusko Jaurlaritzako diru-bilketarako bulego honetako lokaletan aztertu ahal izango dituzte interesdunek: San Pedro plaza 2, behea, 48014 Bilbao – Bizkaia helbidean, 9:00etatik 14:00etara, astelehenetik ostiralera; 94 475 94 97 telefonoa.
Lizitatzaileek ondasunen jabetza-tituluekin konformatu beharko dute, eta ez dute eskubiderik izango espedientean daudenez bestelako batzuk exijitzeko. Era berean, diru-bilketarako organo honek eta organismo hartzekodunak dagokion notarioaren aurrean adjudikazio-eskritura ofizioz egilesteko betebeharra baino ez dute izango, ordainketa-betebeharraren ordez.
Laugarrena.– Eskualdaketaren gastuak.
Enkante-tasan ez dira sartzen ondasun horien eskualdaketa kargatzen duten zeharkako zergak. Eskualdaketaren ondoriozko gastu eta zerga guztiak adjudikaziodunaren kontura izango dira.
Bosgarrena.– Lizitatzaileak.
Enkantean parte hartu nahi duten interesdunek sistemaren erabiltzaile gisa alta emanda egon beharko dute, eta enkantean sartuko dira Estatuko Aldizkari Ofizialak identitatea egiaztatzeko onarturiko bitarteko elektronikoetako baten bidez, lizitatzaileen identifikazioa erabat bermatuta egon dadin. Enkanteen Atarian egin ahal izango da alta, Estatuko Aldizkari Ofiziala Estatu Agentziak onartutako identifikazio-bitarteko elektroniko bat erabiliz.
Eskaintzak elektronikoki aurkeztuko dira Estatuko Aldizkari Ofiziala Estatu Agentziaren Enkanteen Atarian.
Zuzenbidearen arabera jarduteko gaitasuna duen edozein pertsonak parte hartu ahal izango du enkantean lizitatzaile gisa, betiere horretarako legezko eragozpenik edo murrizketarik ez badu, eta behar bezala identifikatzen bada. Nolanahi ere, honako hauek ezin izango dute lizitatzaile gisa parte hartu: diru-bilketarako organo eskudunari atxikitako langileek, tasatzaileek, ondasunen gordailuzainek eta premiamendu-prozeduran zuzenean inplikatuta dauden funtzionarioek.
Seigarrena.– Zorra ordainduz gero enkantea etetea.
Enkantea salmenta-eskritura publikoa egiletsi aurreko edozein unetan eten ahal izango da, baldin eta zorraren printzipalak, errekarguak, interesek eta prozeduraren kostuek osatutako zorpeko guztiak ordaintzen badira.
Zazpigarrena.– Lizitatzeko gordailua eta tarteen zenbatekoa.
Lizitatzaile orok, lizitatzaile modura onartua izateko, ondasun edo sorta bakoitzerako zehaztutako enkante-tasaren 100eko 5eko gordailua eratu beharko du enkantea egin aurretik. Gordailua telematikoki eratu beharko da, Estatuko Aldizkari Ofiziala Estatu Agentziaren Enkanteen Atarian zehaztutako baldintzen arabera.
Adjudikaziodunek ez badute errematearen prezioa ordaintzen, gordailu hori zorra kitatzeko baliatuko da, alde batera utzi gabe erremate-prezioa ez ordaintzeak eragindako kalteengatik izan ditzaketen erantzukizunak.
Eskaintza egitean, eratutako gordailua erreserbatzeko aukera egongo da, enkanteko eskaintzaile onenak adjudikazioaren gainerako prezioa ondore horietarako emandako epean ordaintzeko betebeharra betetzen ez duen kasurako. Nolanahi ere, lizitatzaileak une horretara arte handiena den eskaintza baino txikiagoa edo berdina den eskaintza egiten duenean, gordailua erreserbatuta geratuko da automatikoki.
Eskaintzak aurkezteko epea amaitutakoan, eskaintzarik onena egin duen lizitatzaileari dagozkion zenbateko gordailutuak erreserbatuta geratuko dira, adjudikazio-prezioaren gainerakoa ordaintzeko betebeharra betetzeko berme gisa, bai eta eskaintza egitean haien gordailua borondatez erreserbatuta uzten duten lizitatzaileena ere, eskaintzailerik onenak betebehar hori betetzen ez duen kasurako edo ordura arte eskaintzarik handiena izan denaren berdina edo txikiagoa den eskaintza egiten duten kasurako. Erreserbatuta geratu diren zenbateko gordailutuak eskaintzaile onenak bere betebeharra betetakoan egongo dira erabilgarri. Erreserbatu gabeko gainerako zenbateko gordailutuak automatikoki itzuliko ditu Enkanteen Atariak, eskaintza-aldia amaitu ondoren.
Zortzigarrena.– Enkantearen hasiera, garapena eta itxiera.
Administrazioak beretzat gordetzen du enkantea edozein unetan aldatzeko edo ezerezteko eskubidea, enkantea amaituta ez dagoen bitartean.
Iragarkia Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratzen denetik gutxienez 24 ordu igarotakoan irekiko da enkantea, eta, ireki ondoren, eskaintza elektronikoak soilik egin ahal izango dira, hurrengo 20 egun naturaleko epean.
Eskaintzak elektronikoki bidaliko dira Eskaintzen Atarira, komunikazio-sistema seguruen bidez, eta atari horrek zigilu elektronikoarekin bermatutako hartu-agiri tekniko bat itzuliko du, eskaintza jaso den une zehatza eta haren zenbatekoa zehazten dituela. Une horretan, eskaintza elektronikoki argitaratuko da, eta bere eskaintza gaindituta ikusi duen eskaintzaileari horren ohartarazpena egingo dio sistemak.
Egindako eskaintzarik altuenak baino zenbateko handiagoa, berdina edo txikiagoa duten eskaintzak onartu ahal izango dira, eta berme gisa erreserbatu ahal izango dira, eskaintzarik altuena egin duen lizitatzaileak erremate-prezioa ordaintzeko betebeharra betetzen ez duen kasurako. Zenbateko bereko eskaintzarik egonez gero, lehenengo aurkeztutakoa lehenetsiko da.
Enkantearen xede diren ondasunak arestian zehaztutakoak dira, eta ez da onartuko lizitaziorako gutxieneko eskaintza baino beheragoko eskaintzarik. Ondoz ondoko eskaintzak adierazitako tarteetara egokitu beharko dira.
Enkantea ez da itxiko, harik eta azken eskaintza egin denetik ordubete igarotzen den arte, nahiz eta, horretarako, hasieran ezarritako epea luzatu behar izan, betiere gehienez 24 ordu.
Bederatzigarrena.– Adjudikaziorako arauak.
Eskaintzak aurkezteko fasea amaitutakoan, Enkante-mahaia gehienez 15 egun naturaleko epean bilduko da, eta honako arau hauen arabera adjudikatuko ditu ondasunak edo sortak:
a) Aurkeztutako eskaintzarik onena ondasunaren enkante-tasaren ehuneko 50ekoa edo handiagoa bada, Mahaiak eskaintza hori aurkeztu duen lizitatzaileari adjudikatuko dio ondasuna edo sorta.
b) Aurkeztutako eskaintzarik onena ondasunaren enkante-tasaren ehuneko 50 baino txikiagoa denean, Mahaiak, interes publikoa aintzat hartuta eta gutxieneko adjudikazio-preziorik egon gabe, eskaintza nahikoa den erabakiko du, eta ondasuna edo sorta adjudikatzea edo enkantea adjudikatu gabe uztea ebatziko du.
c) Baldin eta zordun berarentzat hainbat ondasun aldi berean enkantean jartzea erabaki bada, eta eskaintza elektronikoak egiteko epea amaitutakoan ikusten bada, eskainitako zenbatekoak aintzat hartuta, erreklamatutako zorra osorik estaltzeko ez dela beharrezkoa ondasun guztiak adjudikatzea, Mahaiak erabili beharreko adjudikazio-ordena Diru-bilketaren Erregelamendu Orokorraren 99. artikuluan jasotako arauen arabera zehaztuko da.
d) Dagokion erabakia hartu ondoren, enkantea amaitutzat joko da, eta Mahaiaren idazkariak akta egingo du.
e) Aurreko apartatuen arabera adjudikazioduna izendatu ondoren, merkataritza-legeriak lehentasunezko eskuratze-eskubidea aitortzen du gainerako bazkideen alde, eta, halakorik ezean –eta soilik estatutuetan lehentasunezko eskuratze-eskubidea ezartzen den kasuetarako–, sozietatearen alde, errematatzailearen aurrean. Halakoetan, adjudikazioaren baldintzak aldez aurretik jakinarazi beharko dira, eta interesdun horiei adjudikazioaren berri eman beharko zaie. Mahaiak erabakitako adjudikazioa etenda geratuko da, interesdunek eskuratze-eskubidea egikaritzeko aplikatu beharreko legeriaren arabera daukaten epean.
f) Era berean, gordailu-erreserba duten beste eskaintza batzuk egonez gero, Mahaiak erabaki ahal izango du gordailua erreserbatu dutenen artean eskaintzarik altuena egin duen lizitatzaileari adjudikatzea, aurreko adjudikazio-arauen arabera.
Hamargarrena.– Adjudikazioa jakinaraztea. Errematea ordaintzeko epea. Salmenta Formalizatzea.
Adjudikaziodunari adjudikazioa jakinaraziko zaio, eta eskatuko zaio jakinarazpena egin eta hurrengo 15 egunen barruan ordaindu dezala adjudikazioaren guztizko prezioaren eta gordailuaren zenbatekoaren arteko aldea. Era berean, ohartaraziko zaio ezen, ordainketa epe horretan egiten ez badu, galdu egingo duela gordailuaren zenbatekoa, eta zenbateko hori prozeduraren xede diren zorrak kitatzeko aplikatuko dela, hargatik eragotzi gabe adjudikaziodunak erremate-prezioa ez ordaintzean Administrazioari eragindako kalteengatik izan ditzakeen erantzukizunak.
Adjudikazioa jakinarazi ondoren, adjudikaziodunak salmentaren eskritura publikoa egilesteko eskatu ahal izango dio espresuki Enkante-mahaiari, adjudikazioaren jakinarazpena egiten denetik 5 eguneko epean, eta, epe horretan, ondasunaren erremate-prezioaren ehuneko 5aren diru-sarrera gehigarria egin beharko du.
Adjudikaziodunak ez badu eskritura publikoa egilesteko eskatzen, 15 eguneko epean errematea ordaindu ondoren ondasunen adjudikazio-aktaren ziurtagiria emango zaio, zeina salmenta-dokumentu publikoa izango den ondore guztietarako. Bertan, jasoko da dagokion Merkataritza-bazkideen Erregistro Liburuan Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren izenean egindako prebentziozko idatzoharra azkenduta geratuko dela.
Hamaikagarrena.– Enkantea hutsik geratzea. Ente hartzekodunari adjudikatzea.
Ondasun edo eskubide batzuk adjudikatu gabe geratzen badira, organo eskudunak Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioari adjudikatzeko izapidea hasiko du, estali gabeko zorrak ordaintzeko, Tributuen Lege Orokorraren 172.2 artikuluaren eta Diru-bilketaren Erregelamendu Orokorraren 109.1 artikuluaren arabera. Baldin eta, besterentze-prozedurak eta, hala badagokio, Ogasun publiko autonomikoari adjudikatzeko prozedura amaitutakoan, eskubide edo ondasun batzuk adjudikatu gabe geratuko balira, horiek beste besterentze-prozedura batzuen xede izan ahalko dira.
Vitoria-Gasteiz, 2026ko maiatzaren 26a.
Finantza Politikako eta Gizarte Aurreikuspeneko zuzendaria,
JUAN ALBERDI ALBERDI.
RSS