
108. zk., 2026ko ekainaren 10a, asteazkena
- Bestelako formatuak:
- PDF (359 KB - 28 orri.)
- EPUB (840 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
ZIENTZIA, UNIBERTSITATE ETA BERRIKUNTZA SAILA
2520
AGINDUA, 2026ko maiatzaren 26koa, Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntzako sailburuarena; honen bidez onesten dira ezagutza zientifikoa gizartean zabaltzeko laguntzen deialdia eta horren oinarri arautzaileak.
Egungo testuinguruan, desinformazioa ugari eta ezagutza zientifikoaren balioa zalantzan jartzen duten mugimenduen gorakada nabarmena direlarik, ezinbestekoa da ezagutzaren hedapen soziala indartzea, funtsezko zutabea baita, gizartea kritikoa, informatua eta demokratikoa izango bada. Kultura zientifikoa funtsezko osagaia da herritarrek parte har dezaten eztabaida publikoetan eta erabakiak hartzen direnean, bai eta zientziarekiko eta erakundeekiko konfiantza indartzeko ere.
Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntza Saila ekainaren 23ko 18/2024 Dekretuaren bidez sortu zen, eta bere gain hartzen du ezagutza zientifikoa eta berrikuntza euskal herritar guztiengana hurbiltzeko konpromisoa, hari ikusgarritasuna eta prestigio soziala emanez, eta zientzia, teknologia eta berrikuntzako euskal sistemako eragile guztien eta kultura, hezkuntza eta gizarte erakundeen parte hartze aktiboa sustatuz.
Deialdi honen helburuak hauek dira: euskal gizartearen ezagutza zientifikorako sarbidea zabaltzea; ezagutza eskuratu eta hartaz gozatzeko arrakala sozialak murriztea; euskararen erabilera sustatzea dibulgazio zientifikoan; eta herritarren parte-hartzea bultzatzea ezagutza sortzeko eta transferitzeko prozesuetan.
Finantzaketa-tresna berri honek aukera emango du modu adierazgarriak zabaltzeko Jakindari, hau da, EAEko kultura zientifikoaren aldeko aliantza, osatzen duten eragileen dibulgazio-proiektuen irismena, bai publikoari dagokionez (gazteak, 65 urtetik gorakoak, kolektibo kalteberak, etab.), bai lurraldeei dagokienez ere (EAEko hiriburuetatik urrun dauden udalerriak, arreta bereziko eremu geografikoak); eta berrikuntza eta eragile desberdinen arteko lankidetza ere sustatuko ditu.
Agindu honetan araututako dirulaguntzak sartzen dira Sailaren 2026rako dirulaguntzen plan estrategikoa onesteko Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntzako sailburuak emandako aginduan.
Deialdi hau ebatziko da Administrazio Publikoen dirulaguntzak emateko jarduera arautzen duten printzipioen arabera, arau hauetan ezarritako eran: Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legea; Dirulaguntzen azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorrean ezarritako oinarrizko araudia; 38/2003 Lege horren Erregelamendua onartzen duen uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretua; eta orobat, laguntzei eta dirulaguntzei aplikatzekoak zaizkien gainerako xedapenak.
Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 14.2 artikuluan ezartzen dena aintzat hartuta, deialdi hau elektronikoki izapidetuko da.
Kontuan hartu da lehendakariaren ekainaren 23ko 18/2024 Dekretua, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio orokorreko Sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituena eta Sail bakoitzaren egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituena (2024ko ekainaren 24ko EHAA, 123. zk.).
Horrenbestez, honako hau
EBAZTEN DUT:
Artikulu bakarra.– Ezagutza zientifikoa EAEko gizartean zabaltzeko proiektuak egiteko laguntzen oinarri arautzaileak onestea eta deialdia egitea, 2026. urterako.
AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA
Berrikuntzako zuzendariari ahalmena ematen zaio agindu hau garatu eta egikaritzeko beharrezkoak diren xedapenak eman ditzan.
AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA
Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beronen aurka, interesdunek aukerako berraztertze-errekurtsoa jarri ahal izango diote Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntzako sailburuari, hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera; edo, zuzenean, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hileko epean, agindua aldizkari ofizial berean argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.
AZKEN XEDAPENETAKO HIRUGARRENA
Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean izango ditu ondorioak.
Vitoria-Gasteiz, 2026ko maiatzaren 26a.
Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntzako sailburua,
JUAN IGNACIO PÉREZ IGLESIAS.
I. ERANSKINA
EZAGUTZA ZIENTIFIKOA GIZARTEAN ZABALTZEKO PROIEKTUAK SUSTATZEKO LAGUNTZEN OINARRIAK, 2026. URTERAKO
1. oinarria.– Xedea eta helburua.
Deialdi honen xedea da dirulaguntzak ematea ezagutza zientifikoa EAEko gizartean zabaltzeko proiektuak egiteko 2026an.
Deialdi honen helburua da zientziaren eta berrikuntzaren ikusgarritasun soziala handitzea, haiek integratuz modu aktiboan eta irisgarrian, EAEko espazio publikoan eta bizitza kulturalean eta sozialean; eta orobat, ezagutza zientifikoa eskuratu eta hartaz gozatzeko aukera erraztea ere, ekitate-baldintzetan, publikoen aniztasuna kontuan hartuta, lurralde, gizarte, ekonomia, kultura, hizkuntza edo funtzionaltasun arloetako oztopoak murrizten dituzten ekintza inklusiboen bidez. Era berean, ikerketa eta berrikuntza helburu dituzten prozesu zientifikoak eta haien balio soziala herritarrek hobeto ulertzea lortu nahi da, zientziaren ikuspegi zorrotz eta hurbileko bat bultzatuz eta, azkenik, pentsamendu kritikoa eta alfabetatze zientifiko funtzionala sustatuz, desinformazio zientifikoaren aurkako borrokan lagundu nahian.
2. oinarria.– Kreditu erabilgarria.
Agindu honen xede diren laguntzetarako 700.000 euro erabiliko dira guztira, EAEko Aurrekontu Orokorretan horretarako xedatutako aurrekontu-partidaren kargura. Honela banatuko da aurrekontua:
A modalitatea: banakako proiektuak. Gehienezko aurrekontu baliagarria, 200.000 euro.
B modalitatea: talde-proiektuak. Gehienezko aurrekontu baliagarria, 500.000 euro.
Modalitateren batean kreditu baliagarririk geratuko balitz, beste modalitateari dagozkion proiektuak finantzatzeko erabili ahal izango da.
3. oinarria.– Entitate onuradunak.
Proiektuaren entitate onuradun izan daitezke multzo hauetako batean sartzen direnak, betiere Jakindariko kide, alegia, EAEko kultura zientifikoaren aldeko aliantzako kide, badira:
1.– Entitateek akreditatuta egon behar dute Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sarearen Erregistroan (aurrerantzean, ZTBES); Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sarearen osaera arautzeari eta eguneratzeari buruzko ekainaren 23ko 109/2015 Dekretuaren 28. artikuluan jasoa dago. Entitate eskatzaileek aipatutako erregistro horretan agertu behar dute, ondoan azaltzen diren kategoria hauetako batean, eskaera egiteko epea amaitu baino lehen eta laguntza egikaritzeko aldia amaitu arte:
a) Oinarrizko eta bikaintasuneko ikerketa-zentroak (BERC).
b) Euskal Unibertsitate Sistemako unibertsitateetako ikerketa-estrukturak.
c) Ikerketa Kooperatiboko Zentroak (IKZ).
d) Osasun-ikerketarako zentroak (OIZ).
e) Teknologia-zentroak.
f) Zientzia, teknologia eta berrikuntza zabaltzeko eragileak.
g) Eragile bereziak.
2.– Euskal Unibertsitate Sistema (EUS) osatzen duten unibertsitateak eta haiei atxikitako zentroak.
3.– Egoitza soziala EAEn duten eta Euskal Autonomia Erkidegoko Elkarteen Erregistro Orokorrean erregistratuta dauden irabazi asmorik gabeko fundazioak edo elkarteak, baldin eta, ZTBES-an erregistratuta egon gabe ere, kultura zientifikoaren aldeko Jakindari aliantzari atxikiak badira, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu baino lehen.
Entitate horiek zein bere kabuz edo taldean elkartuta aurkeztu ahal izango dute eskabidea. Taldea kontsideratzen da gutxienez 3 entitate lankide desberdin elkartzen direnean.
Taldean egin nahi diren eskaeren kasuan, lankidetza-akordio bat formalizatu beharko dute parte hartzen duten entitateek, beraien legezko ordezkari guztiek sinatuta. Akordio horrek ezarriko ditu alderdi bakoitzaren betearazpen-konpromisoak, eta deskribatuko ditu finantzaketa banatzeko eta emaitzak ustiatzeko itundutako baldintzak, era horretan bermatzeko egiazko lankidetza eraginkorra.
Talde horiek entitate lider bat izendatu beharko dute, eta hura izango da entitate ordezkaria edo ahalduna, ahalak izango dituena talde osoari, entitate onuradun den aldetik, dagozkion betebeharrak betetzeko, abenduaren 21eko Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko 20/2023 Legearen 11.4 artikuluan ezarritakoaren arabera.
Entitateek proiektu bakarra eskatu ahal izango dute bi modalitateetako bakoitzean, kasu hauetan izan ezik:
A) Euskal Unibertsitate Sistema osatzen duten unibertsitateek proiektu bakarra eskatu ahal izango dute banakako proiektuen modalitatean, baina ez dute mugarik izango lankidetza-proiektuen modalitatean parte hartzeko.
B) Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sarean eragile berezi gisa erregistratutako entitateek ezin izango dute banakako proiektuen modalitatean parte hartu, eta eskabide bakarra egin ahal izango dute lankidetza-proiektuen modalitatean.
4. oinarria.– Entitate eskatzaile onuradunek bete beharreko baldintzak.
1.– Entitate eskatzaileek baldintza hauek bete beharko dituzte, onuradun izateko nahiz onuradun izaten jarraitzeko, emandako dirulaguntza likidatu arte: Baldintzak betetzen direla egiaztatuko da, bai dirulaguntza ematean, bai eta ordainketa egiteko unean ere:
a) Ezin dira onuradun izan, kasuan kasuko zehapenak ezartzen duen epea amaitu arte, dirulaguntzak edo laguntza publikoak eskuratzea eragozten dien administrazio- edo zigor-zehapenen bat jaso duten entitateak, eta horretarako gaitasunik gabe uzten dien legezko debekurik duten entitateak ere ez.
b) Erakunde onuradunek egunean izan beharko dituzte zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak. Gainera, dirulaguntzak itzultzeko betebeharrak ordainduta izan behar dituzte erakunde onuradunek.
Betekizun horiek bete beharko dira, bai onuradun izateko, bai hala izaten jarraitzeko ere, dirulaguntzaren likidazioa egin arte. Alde horretatik, egiaztapenak egingo dira, bai dirulaguntza ematen denean eta bai ordainketak egiten direnean ere.
c) Ezin dira agindu honetan araututako dirulaguntzen onuradun izan arau hauetan jasotako egoeretako batean dauden entitateak: Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 13. artikuluko 1., 2., 3. eta 4. apartatuak.
5. oinarria.– Entitate onuradunen betebeharrak.
a) Dirulaguntza ematea bidezko egiten duen jarduera gauzatzea edo horri dagokion egoeran egotea.
b) Entitate emaileari justifikatzea dirulaguntza ematea edo baliatzea eragin duten baldintzak eta betekizunak betetzen direla eta jarduera aurrera eraman dela. Jarduera pertsonei buruzkoa bada, datuak eman beharko dira, sexuaren arabera bereizita.
c) Organo edo entitate emaileak egingo dituen egiaztatze-jarduketak onartzea, bai eta Kontrol Ekonomikoko Bulegoaren kontrol-jarduketak ere, Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontu orokorren kontura eskuratu diren dirulaguntzen kasuan. Era berean, Herri Kontuen Euskal Epaitegiaren araudi bereziak xedatutako jarduketak ere onartu beharko dituzte, bai eta finantzaketa dela-eta beste kontrol-organo batzuek egin ditzaketenak ere.
d) Entitate emailea jakinaren gainean jartzea, beste edozein administraziok edo ente publikok nahiz pribatuk helburu bererako emandako dirulaguntzak, laguntzak, diru-sarrerak edo baliabideak eskuratuz gero. Jakinarazpena laguntza horien berri izan orduko egin behar da eta, nolanahi ere, jasotako funtsak zertarako erabili diren justifikatu baino lehen, edo justifikatzeko unean.
e) Entitate emaileari jakinaraztea laguntza eman zen unean kontuan hartutako egoera objektibo nahiz subjektiboetan izandako aldaketak, halakorik balego. Jakinarazpena aldaketaren berri izan orduko egin behar da eta, nolanahi ere, jasotako funtsak zertarako erabili diren justifikatu baino lehen, edo justifikatzeko unean.
f) Entitate onuradunaren izaera juridikoagatik beharrezkoa bada, kontabilitate-liburuak, izapidetutako erregistroak eta gainerako agiriak, behar bezala ikuskatuta, kasu bakoitzean onuradunari aplikatu behar zaizkion merkataritza- eta sektore-legeek ezarritakoaren arabera, bai eta dirulaguntzen oinarri arautzaileek eskatzen dituzten kontabilitateko egoera-orriak edo erregistro espezifiko guztiak ere, egiaztapen- eta kontrol-ahalak egoki betetzen direla bermatzeko.
g) Jasotako funtsen erabilpena frogatzen duten agiriak gordetzea, baita agiri elektronikoak ere, egiaztapen- eta kontrol-jarduketen xede izan daitezkeen bitartean.
h) Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeari buruzko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 27. artikuluan jasotako hedapen-neurriak aplikatzea.
i) Hizkuntzaren nahiz irudien begirunezko erabilera egitea ikuspegi intersekzionalarekiko eta, bereziki, sexu- eta genero-alderdiekiko, dirulaguntza jasotzen duen jarduerak edo proiektuak beharrezkoak dituen dokumentu nahiz material guztietan.
j) Herritarren hizkuntza-eskubideak eta bereziki euskararen erabilera bermatzea diruz lagundutako jarduerarekin zerikusia duten argitalpenetan, iragarkietan eta publizitatean.
k) Zalantzarik izanez gero, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeari buruzko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 14. eta 42. artikuluetan xedatutakoari begiratuko zaio.
6. oinarria.– Proiektuek bete beharreko baldintzak.
1.– Finantzatuko diren proiektuak izango dira berritzaileak edo diseinu berrikoak, hau da, EAEn lehenengo aldiz ezartzen direnak.
2.– Hala ere, diseinu berrikoak ez diren proiektuak ere finantzatu ahal izango dira, baldintza hauetako bat betetzen dutela egiaztatzen badute:
2.1– Beren irismena handitzeko helburua dutela frogatzea, publiko nahiz eremu geografiko berriei erantzuten dietelako. Proiektuaren irismena handitzen dela ulertuko da jarraian zehazten diren bi egoeretako bat, gutxienez, gertatzen denean:
a) Proiektuak helburua du, eta horretarako behar diren mekanismoak aurreikusten ditu, onura ekartzeko, modu bereizian, gutxienez, biztanleriaren bi segmentu espezifiko berrirentzat, hala nola, gazteentzat, 65 urtetik gorakoentzat, bazterketa-arriskuan dauden kolektiboentzat edo desgaitasuna duten pertsonentzat.
b) Proiektuak asmoa du jarduerak egiteko, gutxienez, EAEko bi udalerri berritan, non aurretik inongo jarduerarik ez zuen egiten.
2.2– Erakustea beren formatuan edota metodologian inpaktu handiagoa lortzeko berrikuntzaren bat txertatzen dutela.
Horretarako, berrikuntzatzat hartzen dira teknologia interaktiboak edo murgiltzaileak baliatzen dituena; artea eta zientzia hibrifikatzen dituzten formatuak; gamifikazioan oinarritutako metodologiak; eta esperimentazioa eta publikoaren parte-hartzea ahalbidetzen duten metodologiak eta tresnak txertatzen dituena.
Banakako proiektuen gutxieneko aurrekontua 8.000 eurokoa izango da, eta 20.000 eurokoa, gehienez. Lankidetza-proiektuek 50.000 euroko aurrekontua izan beharko dute gutxienez, eta 80.000 eurokoa gehienez.
7. oinarria.– Diruz lagundu daitezkeen jarduketak.
1.– Jakintza gizartean zabaltzeko proiektuak finantzatu ahal izango dira, baldin eta jarduera-tipologia hauetakoren batean sartzen badira:
a) Zientzia eta berrikuntzako azokak edo jaialdiak.
b) Zientziaren dibulgazioko ikuskizunak.
c) Bisita gidatuak ikerketa-zentroetara, edo interes zientifikoko lekuak ezagutzeko ibilbideak eta esperientziak diseinatzea eta garatzea.
d) Erakusketak, instalazioak eta erakustaldiak.
e) Hitzaldi-zikloak, elkarrizketak, konferentziak, bakarrizketak, etab.
f) Tailer esperimentalak.
g) Ikus-entzunezko, irratiko edo podcasteko proiektuak.
h) Herritarren zientziari buruzko proiektuak.
i) Gazteek karrera zientifikoekiko interesa izan dezaten sustatzeko proiektuak.
2.– Honako jarduketa mota hauek ez dira finantzatuko:
a) Hezkuntza- eta pedagogia-ikuspegia duten proiektuak, STEAM konpetentziak ikasleekin edo irakasleekin lantzeko helburua dutenak.
b) Zientzia eta berrikuntzako profesionalei zuzendutako kongresuak edo mintegiak antolatzea.
c) Edozein motatako lehiaketak edo sariak.
d) Ezin emango zaie laguntzarik nahiz dirulaguntzarik sexuan oinarrituta diskriminatzen duten jarduerei, eta sexuan oinarrituta diskriminatzeagatik, edo emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloko araudia ez betetzeagatik, administrazio-zehapen edo zigorren bat jaso duten pertsona fisiko nahiz juridikoei ere ez, dagokion zehapenean ezarritako denbora-epe osoan.
8. oinarria.– Diruz lagundu daitezkeen gastuak.
Emandako laguntza erabiliko da eskaeraren xede den proiektua gauzatzearekin zuzenean lotutako gastuak ordaintzeko, bai taldeko entitate liderrari dagokionez, bai erakunde laguntzaileei dagokienez ere.
Diruz lagundu daitekeen gastutzat hartuko dira onartutako gauzatze-aldian egindakoak (2026ko urtarrilaren 1etik abenduaren 31ra bitartean) eta laguntzaren justifikazioa aurkezteko epea amaitu baino lehen benetan ordaindutakoak.
Deialdi honetan ez dira inola ere diruz lagunduko beste edozein deialdi, laguntza, diru-sarrera edo baliabide publiko edo pribaturen bitartez osorik edo zati batean finantzatzen diren gastuak. Zehazki, ezin dira laguntza honen xede izan Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren aurrekontuen kontura diruz lagundutako langile-gastuak.
Entitate eskatzaileak proiektua finantzatzeko iturri guztiak deklaratu beharko ditu, eta laguntza eskatzen duen gastuetarako finantzaketa bikoitzik ez dagoela egiaztatu beharko du. Finantzaketa bikoitza antzemanez gero, organo emaileak murriztu edo baztertu egingo du eragindako gastua.
Kontzeptu hauek finantza daitezke:
• Proiektuari atxikitako entitate onuradunen langile-kostuak, sinatutako lankidetza-akordioan jasotako konpromisoen banaketan oinarrituta. Langileen kostuek ezin izango dute, inola ere, proiektuaren aurrekontu osoaren % 70 gainditu.
• Proiektuari lotutako jarduerak edo bilerak egiteko mugikortasun-kostuak (bidesaria, gasolina, garraio publikoko txartela), baldin eta proiektua gauzatzeaz arduratzen den taldeko kideren batek egin badu gastua.
• Material suntsikorra eta proiektuko jarduerak gauzatzeari zuzenean lotutako hornidurak eskuratzeko kostuak.
• Aholkularitza, ebaluazio, hedapen, publizitate, itzulpen eta zerbitzu baliokideen kostuak, laguntzaren xede den jarduera zuzenean gauzatzeko direnak, soilik.
• Aretoak alokatzeko eta ekitaldiak antolatzeko gastuak, lotura zuzena dutenak proiektua gauzatzearekin.
• Azpikontratatu ahal izango dira finantzatutako jardueraren parte diren jarduerak, baldin eta erakunde onuradunak berak edo haren laguntzaileek egin ezin badituzte. Hori proiektuaren memoria teknikoan egiaztatu beharko da. Azpikontratatutako jardueraren zenbatekoa ezin da izan finantzatutako jardueraren zenbatekoaren % 30 baino handiagoa.
Ezin izango da laguntzarik eskatu gastu hauek ordaintzeko:
• Kalte-ordainak edo laneko bajak.
• Boluntario-lana egiten duten pertsonek emandako orduak.
• Zorrak ordaintzea.
• Amortizazio finantzarioak, komisioak edo gastu finantzarioak.
• Bulegoko ekipamenduak, alokairuak nahiz hornidurak eragindako gastuak.
• Informatikako materiala.
9. oinarria.– Finantzaketa-baldintzak, proiektuak gauzatzea eta dirulaguntza ordaintzea.
Deialdi honen esparruan emandako laguntzek aurrekontu osoaren % 100 finantzatu ahal izango dute gehienez; finantzaketaren gehieneko muga 20.000 eurokoa izango da banakako eskaeretarako eta 80.000 eurokoa lankidetza-eskaeretarako. Proiektuak jasoko balitu laguntzarik beste deialdiren batetik, ezin izango du inoiz aurrekontuaren zenbateko osoa gainditu.
Proiektuak 2026ko ekitaldian hasiko dira gauzatzen, 2026ko urtarrilaren 1etik gehienez ere hilabeteko epean, laguntzen deialdi honetan laguntza ematearen aldeko ebazpena jaso duenetik zenbatzen hasita. Ebazpenean zehaztuko da entitate onuradun bakoitzari emandako finantzaketa.
Proiektua gauzatzeko benetako kostua, azkenean, aurkeztutako aurrekontua baino txikiagoa bada, hasieran emandako zenbatekoa murriztuko da, proiektuaren azken kostuaren proportzio berean.
Administrazioak dirulaguntzak ordaindu ahal izateko, entitate onuradunak Eusko Jaurlaritzak horretarako eskainitako datu-basean agertu beharko du. Alta emateko, edo hirugarren interesdunaren datuak aldatzeko, Eusko Jaurlaritzak eskaintzen duen hirugarrenentzako erregistro telematikora jo beharko du, honako helbide honetan: https://www.euskadi.eus/altaterceros
10. oinarria.– Eskaerak eta dokumentazioa.
1.– Eskaerak egiteko, formulario bat bete beharko da, zeina bide telematikoz eskuratu ahal izango baita Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntza Saileko egoitza elektronikoan, webgune honetan: www.hezkuntza.ejgv.euskadi.eus (https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/1267101).
Eskabidea elektronikoki sinatzeko, entitate eskatzaileak erakunde-txartela izan beharko du eta, halakorik izan ezean, legezko ordezkariak alta hartu beharko du, Eusko Jaurlaritzako Ordezkarien Erregistroan (Gobernantza Publikoaren eta Autogobernuaren kontseilariaren 2023ko azaroaren 14ko Agindua).
Aplikaziora sartzeko ziurtagiri elektronikoa erabiliko da (NAN elektronikoa, ONA txartela, FNMTren pertsona fisikoen ziurtagiria, BAK-q). Aplikaziora sartzen diren pertsonek baimena ematen diote Berrikuntza Zuzendaritzari (deialdia kudeatzen duen organoari) nortasun-datuak administrazio eskudunean egiazta ditzan, bitarteko elektronikoen bidez edo eskuragarri dituen bestelako baliabideen bidez.
Dirulaguntzaren eskabidea aurkeztuta, entitate eskatzaileak baimena emango dio organo kudeatzaileari, zuzenean egiazta ditzan Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzen duen abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 14. artikuluaren f) apartatuan aurreikusten diren inguruabarrak.
Dena dela, eskatzaileak espresuki ukatu ahal izango du baimena. Hala eginez gero, eskaerarekin batera, beharrezko egiaztagiri eguneratuak aurkeztu beharko ditu.
2.– Behin eskabidea osorik beteta, eta oinarri honen 4. apartatuan zehaztutako dokumentuak erantsita, entitateak edo legezko ordezkariak elektronikoki sinatu beharko du eskabidea, 1. apartatuan adierazitakoarekin bat etorriz; une horretan geratuko da erregistraturik eskabidea.
3.– Eskabideak aurkezteko epeak.
Eskabidea eta dokumentazioa aurkezteko epea hilabetekoa izango da, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik hasita.
4.– Eskabidearekin batera, dokumentazio hau aurkeztu behar da:
– Proiektuaren memoria, IV. eranskineko inprimakiari jarraituz.
– Proiektuaren aurrekontua.
– Proiektuaren arduradunak emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloan duen prestakuntza egiaztatzea.
– Herriko edo eskualdeko sare edo plataforma bateko kide izanez gero (Jakindari eta ZTBES ez direnak), parte-hartze hori egiaztatzen duen ziurtagiria aurkeztea. Lankidetzan parte hartzen duten entitateek egoera hori egiaztatu beharko dute, proiektua gauzatzeko rolen banaketa eta aurrekontua jasotzen dituen dokumentu bat aurkeztuz, entitate lankide bakoitzeko legezko ordezkariek sinatua. Kasu horietan, beraz, eskaera aurkeztuko du proiektuan parte hartzen duen eta taldeko lider gisa jarduten duen entitatearen legezko ordezkariak.
Hala badagokio, proiektua finantzatzeko beste iturri batzuk aurkezteko ebazpenaren edo ebazpenen kopia, eta, kasua bada, eskatu eta ebazteke dauden laguntzen deklarazioa.
11. oinarria.– Eskabidearen akatsak zuzentzea.
1.– Eskabidea izapidetzea onartzeko eskatutako dokumentu batzuk falta direla edo horietan forma-akatsak daudela ikusiz gero, edo eskabidea balioesteko aurkeztutako dokumentuetan akatsik aurkituz gero, hamar egun balioduneko epea emango zaio interesdunari akatsa konpontzeko edo aginduzko dokumentuak aurkezteko, eta jakinaraziko zaio ezen, hori egiten ez badu, haren eskabidean atzera egin duela edo izapidetzeko eskubidea galdu duela ulertuko dela; betiere, aldez aurretik, dagokion ebazpena emango da. Hori guztia, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 68.1. eta 21.1 artikuluetan xedatutakoarekin bat etorriz.
Zuzentzeko errekerimenduaren jakinarazpena egingo da zuzendu beharreko eskabideak www.euskadi.eus egoitza elektronikoko iragarki-taulan argitaratuta.
2.– Nolanahi ere, beste edozein agiri edo informazio eskatu ahal izango zaie eskatzaileei, beharrezkotzat jotzen bada, aurkeztutako eskabidea behar bezala ulertu, ebaluatu eta izapidetu ahal izateko. Arau honetan espresuki aurreikusi ez diren gaietan, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legean xedatutakoa aplikatuko da.
12.– Eskabideak aztertzea eta ebazpen-proposamena.
1.– Aholku Batzorde batek aztertu eta ebaluatuko ditu aurkeztutako eskabideak, eta txosten bat helaraziko dio Balorazio Batzordeari; hark zehaztuko du egindako ebaluazioaren emaitza.
2.– Aholku Batzordearen osaera Zientzia eta Berrikuntzako sailburuordearen ebazpen bidez zehaztuko da, eta EHAAn argitaratuko da, Batzordearen lehen bilera egin aurretik. Gutxienez hiru eta gehienez bost izango dira, dibulgazio zientifikoaren eremuko profesional independenteen artean aukeratuak, eta sektore guztiak ordezkatuko dituzte.
3.– Aholku Batzorderako izendatutako aditu profesionalek erantzukizunpeko adierazpen bat aurkeztu beharko dute, honako hauek egiaztatzeko: Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzen duen abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 8.5 artikuluaren arabera, beraiek ez daudela Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren 40/2015 Legean, urriaren 1ekoan, ezarritako abstentzio-arrazoietako batean ere; konfidentzialtasuna bermatzen dutela; eskatzaileek aurkeztutako dokumentazioa proiektuak baloratzeko soilik erabiliko dela, eta balorazioa deialdi honetan ezarritako irizpideen arabera egingo dela; eta azkenik, balorazioa egin ondoren, espedienteetan jasotako dokumentazio guztia itzuliko zaiola deialdia kudeatzen duen organoari.
4.– Balorazio Batzordeko buru izango dira Berrikuntzako zuzendaria edo hark eskuordetuko duen pertsona; Zientzia Politikarako zuzendaria; eta Berrikuntza Zuzendaritzako teknikari bat, Berrikuntza zuzendariak izendatuko duena. Azken horrek idazkari eginkizunak egingo ditu, hitzarekin baina botorik gabe. Idazkariaren eginkizuna kide anitzeko organoaren jardunaren legezkotasun formala eta materiala bermatzea izango da.
5.– Balorazio Batzordea eratuko da Emakumeen eta gizonen berdintasunerako eta emakumeen aurkako indarkeria matxistarik gabe bizitzeko martxoaren 16ko 1/2023 Legegintzako Dekretuaren 3.10 artikuluan xedatutakoaren arabera.
6.– Berrikuntzako zuzendariari dagokio aurkeztutako eskabideetan ezarritako baldintzak betetzen direla egiaztatzea, bai eta aurrekontua aztertzea eta, kasua bada, onartutako aurrekontu osoa zehaztea ere, 2. eta 9. oinarrietan ezarritako mugen barruan.
7.– Aholku Batzordeak, eskaerak ebaluatu ondoren, III. eranskinean jasotako balorazio irizpideetan oinarrituta, txosten bat prestatuko du, egindako ebaluazioaren emaitzak azaltzeko, abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 21. artikuluan ezarritako baldintzetan.
8.– Balorazio Batzordeak eskatzaileei eskatu ahal izango dizkie beharrezkotzat jotzen dituen argibide guztiak, aurkeztutako eskabideak behar bezala ebaluatzeko.
9.– Berrikuntzako zuzendariak, espedientea eta Balorazio Batzordearen akta ikusita, behin betiko ebazpen-proposamena egingo du.
10.– Proposamena dirulaguntza ematearen aldekoa bada, honako hauek jaso beharko ditu: entitate onuradunaren identifikazioa, banakako proiektuen modalitatearen kasuan, eta erakunde onuradun guztien identifikazioa, taldekako proiektuen modalitatearen kasuan, entitate onuradun bakoitzari esleitutako zenbateko osoa eta gauzatzearen eta emaitzen ebaluazioaren adierazleak.
11.– Proposamena laguntza ez ematekoa bada, identifikatu behar da zein entitatek eskatzen duen dirulaguntza eta zergatik ukatzen zaion.
13. artikulua.– Organo kudeatzailea.
Laguntza hauen organo kudeatzailea Berrikuntza Zuzendaritza da.
14. oinarria.– Ebaluatzeko irizpideak.
1.– Dirulaguntzak emateko ebazpen-proposamena prestatzeko xedez, Balorazio Batzordeak aintzat hartuko ditu III. eranskinean aipatzen diren irizpideak, eta horiek aplikatuko ditu, eskaerak ebaluatu, hautatu eta lehentasunen arabera ordenatzeko. Hona hemen puntuatu beharreko apartatuak:
Modalitatea: lankidetzako proiektuak.
(Ikusi .PDF Fitxategia)
Modalitatea: banakako proiektuak.
(Ikusi .PDF Fitxategia)
15. oinarria.– Esleitzeko prozedura.
Dirulaguntzen esleipena bi fasetan egingo da:
1.– Dirulaguntzak lehiaketaren bidez emango dira, lehia bidezko konkurrentzia-prozeduran, eta proiektuaren iraunaldi osorako izango dira. Horretarako, Berrikuntzako zuzendariak egingo du laguntzak esleitzeko proposamena, aurkeztutako eskabideak ebaluatu ondoren.
2.– Ebaluazioan, 60 puntuko edo hortik gorako balioespena erdiesten duten eskaerak bakarrik lagundu ahal izango dira diruz.
3.– Onartuko den aurrekontua eskatutako aurrekontua izango da, 8. oinarrian ezarritakoari jarraituz, diruz laguntzekoak diren kontzeptu eta gastuetara egokitzen dela egiaztatu ondoren. Eman beharreko dirulaguntza bat etorriko da onartutako aurrekontuaren gehieneko zenbatekoarekin, baldin eta dagokion prozeduran adierazitako kredituak agortu ez badira, eta 2. eta 9. oinarrietan ezarritako mugarekin.
4.– Laguntzak lehentasun-ordenari jarraikiz esleituko dira, balorazio-fasean proiektu bakoitzak kasuan-kasuan erdietsitako puntuazio orokorraren arabera.
Puntuazioan berdinketarik egonez gero, proiektuaren kalitate teknikoaren irizpidean lortutako baloraziorik onenaren arabera ebatziko da, eta orduan ere berdinketa egonez gero, proiektuaren irismenaren irizpideari jarraituko zaio.
16. oinarria.– Ebazpena.
1.– Zientzia eta Berrikuntzako sailburuordeak ebazpenak emango ditu agindu honetako laguntzak esleitzeko eta haien zenbatekoak zehazteko –ebazpen bat modalitate bakoitzeko–, deialdia Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo sei hilabeteetan. Ebazpen hori arrazoitu egin beharko da, eta bertan jasoko dira erakundearen identifikazioa, gauzatzeko epea, esleitutako zenbateko osoa, kalitatearen adierazleak eta emaitzen ebaluazioa. Ebazpena Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntza Saileko Egoitza Elektronikoaren taula elektronikoan argitaratuko da, helbide elektroniko honetan: www.hezkuntza.ejgv.euskadi.eus (https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/1267101).
2.– Ebazpena eman eta jakinarazi beharko da, beranduenez, agindu hau EHAAn argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera, sei hilabeteko epean. Emandako epe horretan ebazpena jakinarazten ez bada, eskabideak ez direla onartu ulertuko da, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 24. artikuluan xedatutakoaren ondorioetarako.
3.– Jakinarazpena egingo da emandako laguntzak egoitza elektronikoko iragarki-taulan argitaratuz: https://www.euskadi.eus/iragarki-taula-elektronikoa/ Era berean, jakinarazpen elektroniko bat igorriko da Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoko «Nire karpeta» atalera (https://www.euskadi.eus/nire-karpeta/web01-sede/eu/), eta ziurtagiri elektronikoarekin sartu beharko da bertara. Horrez gain, publikotasun-ondorioetarako, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian zerrenda bat argitaratuko da, adieraziz zein diren onuradunak eta zenbateko dirulaguntza ematen zaien, eta horiekin batera, kalitatearen adierazleak eta emaitzen ebaluazioa, iragarki-taulan argitaratu eta sei hilabeteko epean.
4.– Alde batera utzi gabe aurreko 3. apartatuan ezarritakoa, Berrikuntza Zuzendaritzak egindako argitalpenen berri bidali ahal izango die interesdunei, SMS edo posta elektroniko bidez. Abisu horiek ez dute, inolaz ere, jakinarazpena egin izanaren ondoriorik izango.
5.– Ebazpenaren aurka, interesdunek gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango diote Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntzako sailburuari, hilabeteko epean, ebazpena www.euskadi.eus egoitza elektronikoaren iragarki-taulan argitaratu eta biharamunetik aurrera.
6.– Entitate onuradunen batek espresuki uko egiten badio emandako dirulaguntzari, edo ordainketa egin aurretik dirulaguntza jasotzeko eskubidea galtzen badu, esleitutako kreditua 14. oinarrian ezarritako balorazio-irizpideen arabera puntuazio handiena lortu duen hurrengo eskarira bideratu ahal izango da, beste deialdi bat egin beharrik gabe, baldin eta kreditu egokia eta nahikoa badago.
7.– Ebazpen-proposamenean, onuradun gisa proposatutako eskaeren zerrendaz gain, erreserbako zerrenda bat ere jasoko da. Zerrenda horretan sartuko dira eskatutako baldintzak betetzen dituzten baina kreditu-urritasunagatik onuradun izan ez diren eskabideak, puntuazio handienetik txikienera ordenatuta. Erreserbako zerrenda hori erabiliko da, modu esklusiboan, kredituak berriro esleitzeko, baten bat liberatu bada, uko egitearen, dirulaguntza ez onartzearen edo dirulaguntza jasotzeko eskubidea galtzearen ondorioz, betiere ezarritako lehentasun-hurrenkera errespetatuz.
17. oinarria.– Beste dirulaguntza eta laguntza batzuekiko bateragarritasuna/bateraezintasuna.
Dirulaguntza hau bateragarria da beste edozein administraziok edo ente publikok edo pribatuk helburu bererako emandako dirulaguntzak, laguntzak, diru-sarrerak edo baliabideak eskuratzearekin. Gainfinantzaketa motaren bat detektatuz gero, dagokion diru kopurua murriztuko da, deialdi honen bidez emandako finantzaketan. Eskatzaileak argi eta garbi azaldu beharko du zein diren kanpoko finantzaketaren xedea, jarduerak, zenbatekoa eta banaketa.
18. oinarria.– Laguntzak ordaintzea.
1.– Laguntzak honela ordainduko dira: % 70 laguntza ematen den unean eta % 30 proiektua justifikatu ondoren.
2.– Ordainketak 19. artikuluan ezarritako kontrolen mende egongo dira.
3.– Dirulaguntzak ez dira ordainduko entitate onuradunak ez badu egiaztatzen zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak beteta dituela; ez da ordainduko, halaber, dirulaguntza edo laguntzaren bat itzultzeko badu.
4.– Egikaritze-fasea 2026ko abenduaren 31 baino lehen amaitu behar da. Proiektuaren gastuak egin ahal izango dira dirulaguntza esleitzean ezarritako egikaritze-aldi osoan zehar. Erakundeek finantzatutako zenbatekoaren % 70eko aurrerakina jasoko dute laguntza eman ondoren. Gainerakoa ordainduko da proiektuaren justifikazio ekonomiko eta teknikoa egin ondoren, proiektua amaitu eta gehienez ere 15 eguneko epean, eta inoiz ez 2027ko urtarrilaren 15etik aurrera.
19. oinarria.– Laguntzaren justifikazioa, jarraipena eta kontrola.
1.– Erakunde onuradunek laguntzaren xede den ekimena osorik gauzatu dela justifikatu beharko dute, ekimena gauzatzeari buruzko azken memoria aurkeztuz. Memoria horretan, egindako jarduerak, lortutako helburuak eta ekimena garatzeko egindako gastuak zehaztuko dira, eta ordaindutako fakturak erantsiko dira. Era berean, eta proiektuak emakumeen eta gizonen egoeran duen eragina ezagutzeko, amaierako memoriak jaso beharko ditu, ahal den guztietan, garatutako jardueren onuradunen datuak, sexuaren arabera bereizita. Era berean, dirulaguntzaren xede den zerbitzua eskainiz parte hartu duen entitateko egikaritze-taldeko plantillari buruzko informazioa aurkeztu beharko da, sexuaren arabera banakatuta.
2.– Emandako laguntzarekin egindako gastu propioaren ziurtagiria. Zerrenda bat erantsiko zaio, fakturak eta haien zenbatekoa zehaztuko dituena. Entitate onuradunaren legezko ordezkariak sinatuta egon behar du dokumentu horrek.
3.– Diruz lagundutako jardueraren gastu eta diru-sarrera guztien balantze ekonomikoa. Entitate onuradunaren legezko ordezkariak sinatuta aurkeztu beharko da dokumentu hori.
4.– Ziurtagiri bat, erakunde onuradunaren legezko ordezkariak egina, erakundeak ekitaldi horretan beste erakunde publiko edo pribatuetatik deialdiaren helburu bererako jasotako laguntza guztiei buruzkoa.
5.– Erakunde onuradunek Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzen duen abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 32. artikuluan ezarritakoa bete beharko dute, eta fakturak eta laguntzaren xede izan diren gastuak egiaztatzeko gainerako agiriak gorde beharko dituzte gutxienez bost urtez, justifikazio-epea amaitzen denetik aurrera.
20. oinarria.– Ez-betetzeak eta dirua itzultzea.
1.– Ezin izango da eskatu laguntza ordaintzeko eta, hala badagokio, jasotako zenbatekoak itzuli beharko dira, eta dagokien berandutze-interesak ere eskatu ahalko dira, baldin eta onuradunak erabateko ez-betetze egoera hauetakoren batean badaude:
a) Eskatzen diren baldintzak faltsutuz edo laguntza lortzea eragotziko zuketen baldintzak ezkutatuz lortu badute dirulaguntza.
b) Dirulaguntza emateko oinarrizkoak diren xedeak, jarduera edo proiektua ez betetzea edo eskatzen den portaera ez izatea. Horri dagokionez, ez-betetzea izan dela ebatziko da Aginduaren 16. artikuluak xedatutako azken ebaluazio-prozedura burutu eta gero.
c) Gastuak justifikatzeko eginbeharra ez betetzea. Aurkezten ez badira finantzatu daitekeen inbertsioa egin dela justifikatzeko behar diren agiriak, organo emaileak horretarako eskaera egin ondorengo 15 egun balioduneko epean, jasotako zenbateko ez justifikatuak itzuli egin beharko dira. Dirua itzuli beharko da dagokion itzultze-prozedura izapidetu ondoren, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 40. artikuluan ezarritakoaren arabera.
2.– Halaber, aplikatzekoa izango da Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 36. artikuluan ezarritakoa.
21. oinarria.– Laguntzak aldatzea.
1.– Dirulaguntza emateko kontuan izan diren baldintzak aldatzen badira, edota beste edozein administrazio edo erakunde publiko nahiz pribatutatik dirulaguntza gehiago lortzen bada, edota bestelako diru-sarrerarik balego helburu bera lortzeko, dirulaguntza emateko ebazpena alda daiteke; betiere, onuradun izateko agindu honen 3., 4. eta 5. oinarrietan ezarritako gutxieneko baldintzak eta laguntzen xedeari dagokionez 6. oinarrian ezarritakoa betetzen badira.
2.– Berrikuntza Zuzendaritzak aldaketak onar ditzake aurrera eraman beharreko jardueretan, betiere aldez aurretik aldaketak egitea eskatzen badu entitate onuradunak eta amaitu aurretik guztiz justifikatzen baditu, eta ez baditu desitxuratzen haren izaera eta lortu nahi diren xedeak; nolanahi ere, bete beharko dira Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 25. artikuluan ezarritako baldintzak.
22. oinarria.– Datuen babesa.
Eskatzaileen datu pertsonalak tratatu egingo dira, eta tratamendu-jarduera honetan sartuko dira: Laguntzak eta dirulaguntzak (ikerketa sustatzeko). Informazio hau emango da:
Arduraduna: Berrikuntza Zuzendaritza; Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntza Saila.
Xedea: Oinarri zientifikoko berrikuntza finantzatzea eta bultzatzea.
Legitimazioa:
– Tratamendua beharrezkoa da interes publikoaren izenean egindako misio bat betetzeko edo tratamenduaren arduradunari esleitutako botere publikoak baliatzeko.
– 38/2003 Dirulaguntzei buruzko Legea, azaroaren 17koa.
– 20/2023 Legea, abenduaren 21ekoa, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzekoa.
– 3/2004 Legea, otsailaren 25ekoa, Euskal Unibertsitate Sistemarena.
Hartzaileak:
– Autonomia Erkidegoko beste organo batzuk.
– Ogasun eta Finantza Saila.
– Patente eta Marken Espainiako Bulegoa.
Eskubideak: pertsona eskatzaileak eskubidea du datuak eskuratu, zuzendu eta ezerezteko, bai eta informazio gehigarrian adierazitako beste eskubide batzuk ere.
Informazio gehigarria: Datuen babesari buruzko informazio gehigarria eta xehea dago gure web-orrian:
https://www.euskadi.eus/informazio-klausulak/web01-sedepd/eu/gardentasuna/054300-capa2-eu.shtml.
Araudia:
– Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorra:
(https://eur-lex.europa.eu/legal-content/ES/TXT/HTML/?uri=CELEX:32016R0679&from=ES).
– 3/2018 Lege Organikoa, abenduaren 5ekoa, Datu Pertsonalak Babestekoa eta Eskubide Digitalak Bermatzekoa (https://www.boe.es/boe_euskera/dias/2018/12/06/pdfs/BOE-A-2018-16673-E.pdf).
RSS