Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

108. zk., 2026ko ekainaren 10a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

INDUSTRIA, TRANTSIZIO ENERGETIKO ETA JASANGARRITASUNAREN SAILA
2518

EBAZPENA, 2026ko maiatzaren 22koa, Ingurumen Administrazioaren zuzendariarena, zeinaren bidez adierazten baita zer ingurumen-inpaktu izango duen proiektu honek: 132 kV-eko zirkuitu bikoitzeko «Abadiano-Azpeitia 1 y 2» linea elektrikoa 4. eta 27. euskarrien artean eta «Abadiano-Azpeitia 2» lineatik «ST Zaldibar»-era sarrera eta irteera, Abadiño, Berriz, Zaldibar eta Elorrioko (Bizkaia) udal-mugarteetan.

AURREKARIAK

2025eko uztailaren 18an Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian (136. zk.) eta 2025eko uztailaren 14ko Bizkaiko Aldizkari Ofizialean (133. zk.) argitaratutako iragarkiaren bidez, Eusko Jaurlaritzako Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasunaren Sailaren Bizkaiko Lurralde Ordezkaritzak jendaurrean jarri zuen proiektu hau: Abadiño, Berriz, Zaldibar eta Elorrioko (Bizkaia) udal-mugarteetan kokatutako 132 kV-eko zirkuitu bikoitzeko «Abadiano-Azpeitia 1 y 2» linea elektrikoa 4 eta 27 (lurralde historikoaren muga) zenbakidun euskarrien artean eta «Abadiano-Azpeitia 2» lineatik «ST Zaldibar»-era sarrera eta irteera. Eta proiektu horri dagokion ingurumen-inpaktuaren azterketa, Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 36. artikuluan adierazitakoaren arabera, egoki iritzitako alegazio guztiak aurkezteko.

Jendaurreko informazioaren izapidea burututa, Eusko Jaurlaritzako Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasunaren Sailaren Bizkaiko Lurralde Ordezkaritzak adierazten du zenbait alegazio jaso direla.

Halaber, abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 37. artikuluan xedatutakoa aplikatzeko, Eusko Jaurlaritzako Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasunaren Sailaren Bizkaiko Lurralde Ordezkaritzak, informazioa jendaurrean jartzeko izapidearekin batera, kontsulta egin zien eragindako administrazio publikoei eta interesdunei; emaitza espedientean jasota dago.

2026ko apirilaren 9an, Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasunaren Saileko Bizkaiko Lurralde Ordezkaritzak egindako eskaera jaso zen «Abadiño, Berriz, Zaldibar eta Elorrioko (Bizkaia) udal-mugarteetan kokatutako 132 kV-eko zirkuitu bikoitzeko «Abadiano-Azpeitia 1 y 2» linea elektrikoa 4 eta 27 (lurralde historikoaren muga) zenbakidun euskarrien artean eta «Abadiano-Azpeitia 2» lineatik «ST Zaldibar»-era sarrera eta irteera» proiektuari buruzko ingurumen-inpaktuaren adierazpena egin zedin, Euskadiko Ingurumen Administrazioari buruzko Legean (abenduaren 9ko 10/2021 Legea) eta Ingurumen-ebaluazioari buruzko Legean (abenduaren 9ko 21/2013 Legea) xedatutakoaren arabera.

Eskaeran, dokumentazio hau aurkeztu da:

– Proiektua: 132 kV-eko zirkuitu bikoitzeko «Abadiano-Azpeitia 1 y 2» linea elektrikoa 4 eta 27 (lurralde historikoaren muga) zenbakidun euskarrien artean eta «Abadiano-Azpeitia 2» lineatik «ST Zaldibar»-era sarrera eta irteera; data: 2025eko martxoa.

– Ingurumen-inpaktuaren azterketa. Egikaritze-proiektua. 132 kV-ko zirkuitu bikoitzeko Abadiano-Azpeitia 1 eta 2 linea elektrikoa (tartea: AP.4 – AP.27 artean eta Abadiano-Azpeitia 2 lineatik ST Zaldibarrera sarrera eta irteera); data: 2024ko urtarrila.

– Jendaurrean jarri ondoren jasotako emaitzei buruzko dokumentuak.

– Eragindako administrazio publikoei eta interesdunei egindako kontsulta izapidearen emaitzei buruzko dokumentuak.

ZUZENBIDEKO OINARRIAK

Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 1. artikuluan eta Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 60. artikuluan xedatutakoaren arabera, horien xedea da ingurumenean ondorio nabarmenak izan ditzaketen plan, programa eta proiektuen ingurumen-ebaluazioa arautuko duten oinarriak ezartzea, ingurumen-babes handia bermatzeko eta garapen jasangarria sustatzeko asmoz.

Euskadiko Ingurumen Administrazioaren Legeak (abenduaren 9ko 10/2021 Legea) 76.1 artikuluan ezartzen duena aplikatuz, ingurumen-inpaktuaren ebaluazio arrunta egingo zaie lege horren II.D eranskinean zerrendatzen diren proiektu publiko zein pribatuei. Aztertu beharreko proiektua eranskin horretako D3 «Energiaren industria» taldean dago jasota, 3g) apartatuan: «100 kV-eko edo tentsio handiagoa eta 1 km-eko edo gehiagoko luzera duten energia elektrikoaren transmisiorako lineak, eta haiekin loturiko azpiestazioak, eraikitzea, oso-osorik lurzoru urbanizatuaren zorupetik edo dauden komunikabideetatik igarotzen diren lineak izan ezik».

Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 35. artikuluan eta hurrengoetan xedatutakoa aplikatzeko, Eusko Jaurlaritzako Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasunaren Sailaren Bizkaiko Lurralde Ordezkaritzak, organo substantibo gisa, proiektuaren ingurumen-inpaktuaren ebaluazio-prozedura arrunta egiteko beharrezkoa dena xedatu du. Horretarako, ingurumen-inpaktuaren azterketa bat gehitu du espedientean, jendaurrean jarri da eta eragindako administrazio publikoek eta interesdunek kontsulta publikoen prozeduran parte hartu dute.

Proiektuaren ingurumen-ebaluazioaren espedientean dauden dokumentazio teknikoa eta txostenak aztertu ondoren, eta ikusi ondoren ingurumen-inpaktuaren azterketa zuzena dela eta indarrean dagoen araudian aurreikusitako alderdietara egokitzen dela, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak –organo eskuduna baita, Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasunaren Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen abenduaren 3ko 410/2024 Dekretuaren arabera– ingurumen-inpaktuaren adierazpen hau ematen du.

Kontuan hartu dira honako hauek: 10/2021 Legea, abenduaren 9koa, Euskadiko Ingurumen Administrazioarena; 21/2013 Legea, abenduaren 9koa, Ingurumen-ebaluazioari buruzkoa; 410/2024 Dekretua, abenduaren 3koa, Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasunaren Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duena; 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena; 40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoarena; eta aplikatzekoa den gainerako araudia. Horiek horrela, honako hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Proiektu honentzako ingurumen-inpaktuaren adierazpen hau egitea, soilik ingurumen-ondorioetarako: Abadiño, Berriz, Zaldibar eta Elorrioko (Bizkaia) udal-mugarteetan kokatutako 132 kV-eko zirkuitu bikoitzeko «Abadiano-Azpeitia 1 y 2» linea elektrikoa 4 eta 27 (lurralde historikoaren muga) zenbakidun euskarrien artean eta «Abadiano-Azpeitia 2» lineatik «ST Zaldibar»-era sarrera eta irteera.

Proiektuaren xedea da 132 kV-ko Abadiano-Azpeitia 1 y 2 linea elektrikoa eta 132 kV-ko Ormaiztegi-Abadiano 1 eta 2 linea elektrikoa berritzea, otsailaren 15eko 223/2008 Errege Dekretuak onartutako araudi berriaren baldintza teknikoak eta segurtasun-bermeak betetzeko.

Horretarako, proiektuak jarduketa hauek proposatzen ditu:

– Abadiano-Azpeitia 1 y 2 linea berritzea 4 eta 27 zenbakidun euskarrien artean; aireko zirkuitu bikoitzeko 7.251 m-ko luzera (1. tartea). Tarte horretan, honako hauek aldatuko dira: eroaleak, lurreko eta zuntz optikozko kableak, eta hondatutako isolamenduak eta burdineria. Gainera, hainbat euskarri indartu eta emendatuko dira; dauden euskarri guztietan korrosioaren aurkako tratamendu bat aplikatuko da, haien bizitza baliagarria luzatzeko; eta egungo 20 zenbakidun euskarria desmuntatu eta ordeztuko da. Tarte horretan ez da aurreikusten linearen trazadura aldatzea.

– Abadiano-Azpeitia 2 lineatik ST Zaldibarrera sarrera eta irteera berria eraikitzea 17BISN euskarritik, aireko zirkuitu bikoitzeko 3.557 metroko luzerakoa (2. tartea). Linea azpiko beste euskarri bat (17BISN) instalatuko da zirkuitu bikoitzeko Abadiano-Azpeitia 1 y 2 linearen 17. eta 18. euskarrien artean. 17BISN euskarritik egingo da Abadiano-Azpeitia 2 lineatik ST Zaldibarrera sarrera eta irteera, eta 1. zirkuitua, berriz, igarotzeko moduan utziko da. Proiektatutako 9 euskarri instalatuko dira ST Zaldibarrera iritsi arte. Azken euskarria, 70010 zenbakiduna, mantendu egingo da, ST Zaldibarrera iritsi aurretik. 70010 zenbakidun euskarriari korrosioaren aurkako pintura aplikatuko zaio, gehiago iraun dezan eta egoera hobean egon dadin, antzeman baita oinarri batzuk hondatuta daudela. LARL-380 eroalea instalatuko da zirkuitu bikoitzean, eta OPGW 16-90 lurreko eta zuntz optikozko bi kable 17BISN euskarri berritik ST Zaldibarreraino.

– ST Zaldibar elikatzen duen Ormaiztegi-Abadiano 1 y 2 linea desmuntatuko da, deribazio bikoitzean; 3.920m-ko luzera. Honako esku-hartze hauek aurreikusten dira: 9 euskarri desmuntatzea (70001 zk., 70002 zk., 70003 zk., 70004 zk., 70005 zk., 70006 zk., 70007 zk., 70008 zk. eta 70009 zk.); 20101 zenbakidun euskarritik ST Zaldibarreraino eroaleak, lurreko kablea, isolamendua, kateak eta lotutako burdineria kentzea; 20101 zenbakidun euskarrian zubiak eta burdineria kentzea, Ormaiztegi-Abadiano 1 y 2 linea jarraitua izan dadin; FOADK desmuntatzea 220kV-ko ABA-MDR linearen 70. euskarriaren artean eta 3ZAL desmuntatzen laguntzea; eta OPGW-16-64/16 desmuntatzea 70003 zenbakidun euskarriaren eta ST Zaldibarren artean.

Proiektuaren linea elektrikoa, bi tarteak kontuan hartuta, 10.808 m luze da, eta zirkuitu bikoitzekoa eta erabat airekoa.

Honako hauek dira 1. tartearen (4 eta 27 zenbakidun euskarrien artean, Abadiano-Azpeitia 1 y 2) ezaugarri nagusiak:

– Airekoaren luzera (m): 7.251.

– Airekoaren hasiera: Dagoen 4. euskarria.

– Airekoaren amaiera: Dagoen 27. euskarria.

– Potentzia onargarria (MVA/zirkuitu): negua: 243 MVA; UDA: 212 MVA.

– Eskatutako potentzia (MVA/zirkuitu): 212 MVA.

– Eroale mota: 337-AL1/44-A20SA (LARL-380).

– Eroalearen diseinu-tenperatura: 85 ºC.

– Fase bakoitzeko eroale-kopurua: 1.

– Konfigurazioa: Zirkuitu Bikoitza.

– Lurreko kable mota: ARLE-53.

– Zuntz optikozko kable mota: OPGW-16-90.

– Izotz-gainkargako eremua: A.

Honako hauek dira 2. tartearen (Abadiano-Azpeitia 2 lineako 17BISN euskarritik ST Zaldibarrera sarrera eta irteera) ezaugarri nagusiak:

– Airekoaren luzera (m): 3.557.

– Airekoaren hasiera: 17BISN euskarria (berria).

– Airekoaren amaiera: ST Zaldibar ataria.

– Potentzia onargarria (MVA/zirkuitu): negua: 243 MVA, uda: 212 MVA.

– Eskatutako potentzia (MVA/zirkuitu): 212 MVA.

– Eroale mota: 337-AL1 / 44-A20SA / LARL-380.

– Eroalearen diseinu-tenperatura: 85 ºC.

– Fase bakoitzeko eroale-kopurua: 1.

– Konfigurazioa: Zirkuitu Bikoitza.

– Zuntz optikozko kable mota: 2 x OPGW-16-90.

– Izotz-gainkargako eremua: A.

Proiektua gauzatzeko behar-beharrezkoa izango da sarbide berriak irekitzea eta lehendik daudenak egokitzea. Jarraian, aurreikusitako sarbide moten luzera zehazten da:

– Bide publikoan zeharreko sarbidea:

• Aurretik dagoena, asfaltatua eta egoera onean: 4.756 m.

• Aurretik dagoena, lurrezkoa edo legarrezkoa eta egoera onean: 965 m.

– Bide pribatuan zeharreko sarbidea:

• Aurretik dagoena eta erabilgarria. Bidea edo erreia. 11.689 m.

• Egin beharrekoa. Sarbidea egiten den lursailen gaineko eragina. Lur-mugimenduarekin: 171 m.

• Errei bidezko bidea. Eragin arina sarbidea egiten den lursailen gainean. Lur-mugimendurik gabe: 3.294 m

• Bide itxiak:

• 4. euskarria (berritu beharreko linea), 1.021 m.

Zehaztutako sarbideetatik, egin beharreko sarbide berrietan egon daitezke lur-mugimenduak. Aintzat hartuz gero sarbidearen zabalera gehienez 4 metrokoa dela, 684 m2 ireki beharko dira. Ahalik eta jarduketa gutxien egingo dira, hala nola sastrakak kentzea eta lurra egokitzea.

Aldi baterako okupazioetarako eta okupazio iraunkorretarako lur-mugimenduei dagokienez, obraren aldi baterako okupazio-azalera 25.236 m2-koa da. Euskarrietan, okupazio iraunkorra 1.199 m2-koa da, eta euskarri bakoitzeko batez besteko okupazioa 59-166 m2-koa, euskarri motaren arabera.

Desmuntatu beharreko 10 euskarrien kasuan, dagoen zelaia aprobetxatuko da; beraz, ez da aurreikusten lur-mugimendurik egin behar denik; hala ere, lursail pribatuetan zeharreko sarbide berri batzuk egingo dira, erreien bidez.

Zimenduak egitearen ondoriozko mugimenduei dagokienez, euskarrien zimenduak masa-hormigoizko lau bloke independenteren bidez egiten da, eraiki ahal izateko behar bezain bereizita bata bestetik. Blokeak zilindrikoak dira, baina azpiko aldetik enbor-kono itxurako zabaldura dute, «elefante-hanka» forma bereizgarria ematen dietenak. Honako euskarri hauek aurreikusten dira, bai eraiki beharrekoak, bai desmuntatu beharrekoak:

– 1. tartean eraiki beharreko euskarri berriak: 17BISN eta 20N.

– 2. tartean eraiki beharreko euskarri berriak: 1ZALN, 2ZALN, 3ZALN, 4ZALN, 5ZALN, 6ZALN, 7ZALN, 8ZALN, 9ZALN.

– 1. tartean dauden desmuntatu beharreko euskarriak: 20.

– 2. tartean dauden desmuntatu beharreko euskarriak: 1ZAL, 2ZAL, 3ZAL, 4ZAL, 5ZAL, 6ZAL, 7ZAL, 8ZAL, 9ZAL.

Guztira, proiektuan aurreikusten da 11 euskarri berri eraikiko direla eta 10 euskarri desmuntatuko direla.

Zimendu bakoitzeko lur-mugimendua desberdina izango da, lurraren morfologiaren eta euskarri-ereduaren araberakoa baita. 6 euskarri mota jarriko dira, eta euskarri bakoitzaren bolumena, tipologiaren arabera, 7,96 m3-tik 25,4 m3-ra bitartekoa izango da. Eraiki beharreko 11 euskarri berri guztietarako zenbatetsitako bolumena 182 m3-koa da. Euskarriak desmuntatzeko, zapata inguruko lur-mugimenduak egin beharko dira. Dena den, lur-mugimendu horiek oso txikiak izango dira, eta makinak sartzeko eta zimenduak pikatzeko bakarrik egin beharko dira.

Eroaleak desmuntatzeko edo ordezteko egungo bideak aprobetxatuko dira, lur-mugimenduak egin beharrik gabe.

Lur-mugimenduen ondoriozko hondeaketa-soberakinaren zati bat kudeatzaile baimenduak kenduko du, bai eta euskarriak eraistean sortutako hondakinak ere. Zenbatespenen arabera, 182 m3 indusketa-soberakin sortuko dira. Landare-lurra obran sortutako gainazaletan berrerabiliko da.

Proiektua gauzatzeko aurreikusitako epea zortzi hilabetekoa da.

Aukerei dagokienez, ingurumen-inpaktuaren azterketan 0 aukera edo ez jardutekoa jorratzen da, baina baztertu egin da linea modernizatu egin behar delako. Era berean, linea berritzeko bi aukera aztertzen dira: euskarriak ordeztea edo horiek berrerabiltzea (1. aukera). Azkenik, soluzio misto bat aukeratu da, hain zuzen ere, honako hau: euskarriak berritzea soilik 10004 eta 20027 zenbakidun euskarrien artean, eta ST Zaldibarren sarrera- eta irteera-tartean horiek ordeztea, aintzat hartuta egitura horien egoera eta antzinatasuna.

Bestalde, bi trazadura posible planteatzen dira linea berria eraikitzeko: trazadura paraleloa eta dagoen lineatik ahalik eta hurbilen dagoena, edo jatorrizko lineatik urrunen dagoena. Kasu honetan, trazadura paraleloa (2. aukera) bideragarria denez, baztertu egiten da urrunen dagoen trazadura, oro har, ingurumenean eragin handiena duelako.

Aintzat hartuta ingurune fisikoan, biologikoan, sozioekonomikoan, kulturalean eta paisaian gerta daitezkeen eraginak, aurkeztutako dokumentazioaren arabera, aukerarik egokiena da lehendik dagoen azpiegitura aprobetxatu eta trazadura berritzea. Aukera hori bideragarria da 10004 eta 20027 zenbakidun euskarrien arteko tartean. Aprobetxamendu hori ezinezkoa den kasuetan, proposatzen da linea berri bat egitea egungo lineatik ahalik eta hurbilen, eragin gehiago sor ez dadin. Soluzio hori ST Zaldibarren sarrera- eta irteera-tartean aplikatuko da.

Bigarrena.– Proiektua gauzatzeko, baldintza hauek ezartzea, zeinak lotesleak baitira, Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 78.1 artikuluan zehaztutakoaren arabera:

A) Proiektua garatzeko baldintzak, bai eta neurri babesle eta zuzentzaileak ere, bat etorriko dira indarreko araudiarekin, ebazpen honen hurrengo ataletan ezarritakoarekin, eta, aurrekoaren aurka ez doan guztian, Eusko Jaurlaritzako Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasunaren Saileko Bizkaiko Lurralde Ordezkaritzak Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzan proiektuaren ingurumen-inpaktuaren ebaluaziorako aurkeztutako dokumentazioan aurreikusitakoarekin.

Proiektu honen ingurumen-inpaktua ebaluatzeko prozeduran, kontuan hartu da, proiektuaren sustatzaileak aurkeztutako dokumentazio teknikoaz gain, ingurumen-inpaktua ebaluatzeko prozeduraren fase desberdinetan espedienteari erantsitako txostenen edukia.

B) Proiektua aldatzen edo zabaltzen bada, Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 7. artikuluan xedatutakoa aplikatuko da. Bai eta Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen II.D eranskineko 3. apartatuan eta II.E eranskineko 4. apartatuan xedatutakoa ere.

C) Ingurumen-ebaluazioko prozeduraren alderdi garrantzitsuak.

Proiektua Kantauri Ekialdeko Demarkazio Hidrografikoan kokatzen da (ES017). Trazadura arro hidrografiko desberdinetan zehar doa, besteak beste: «Elorrio I ibaia» (ES060MAR002740 gisa katalogatua), «Elorrio II ibaia» (ES059MAR002750 gisa katalogatua), «Ibaizabal I ibaia» (ES059MAR002780 gisa katalogatua), «Aixola urtegia drainatzen duen eremua» (ES111R041010_O gisa katalogatua) eta «Ego-A» (ES111R041020 gisa katalogatua). Aztertutako eremuaren zatirik handiena (aipatutako lehen hiru arroek mugatzen dutena) Ibaizabaleko Unitate Hidrologikoaren barruan dago; ekialdeko eta ipar-ekialdeko eremu txiki bat, berriz, Debako Unitate Hidrologikoaren barruan. Uraren Euskal Agentziak adierazten duen bezala, proposatutako jarduketa batzuk Jabari Publiko Hidraulikoan, zortasun-eremuan eta hainbat ibilguren zaintza-eremuan kokatzen dira. Proiektuaren eremuan, ibilguek arro isurkarien azalera hauek drainatzen dituzte: izenik gabeko hiru jariatze (< 1 km2), Aldaperrekea jariatzea (0,1 km2), Zubiaga jariatzea (0,1 km2), Solozabal jariatzea (0,2 km2), Zalduerreka jariatzea (0,2 km2), Toleto jariatzea (0,2 km2), Gozategi jariatzea (0,2 km2), Garrazerreka jariatzea (0,25 km2), Legorreta jariatzea (0,35 km2), Aldetako Errekea jariatzea (0,35 km2), Iturrondo jariatzea (0,8 km2), Zenitaerreka jariatzea (0,8 km2), Gazteluerrekea erreka (5,5 km2). Kantauri Ekialdeko Demarkazio Hidrografikoaren Plan Hidrologikoaren Eremu Babestuen Erregistroari dagokionez, proiektuak bat egiten du eremu sentikorra hartzeko eremuarekin (azterlanaren eremuaren ekialdean «Gasteas erreka eta Mendraca erreka» izeneko giza kontsumorako hartune bat dago, eguneko = 100 m3-ko emaria duena) eta espezie mehatxatuen interes bereziko eremuarekin (bisoi europarrarentzako interes bereziko eremuarekin bat dator).

Lurpeko urei dagokienez, eremua bat dator Bizkaiko ES017MSBT017-006 Hego Antiklinorioko eta ES017MSBT017-005 Sinklinorioko ur-masekin. Lurpeko bi ur-masen egoera orokorra «ona» da, bai 2022 balorazio-urtean, bai urte anitzeko balorazio-aldian (2018-2022).

Litologiaren aldetik, proiektatutako jarduketak honako hauek osatutako segida batean oinarritzen dira: detritiko txandakatuak, kareharriak, kareharrizko tuparri eta kalkarenitak, kareharri ezpuru eta kalkarenitak eta, noizean behin, arroka bolkanikoak. Material horiek, oro har, iragazkortasun txikia edo ertaina dute. Aurkeztutako dokumentazioaren arabera, edafologiaren ikuspegitik, proiektua bat dator, batez ere, inceptisol motako lurzoruekin eta, iparraldean, entisol motakoekin.

Nekazaritza eta Basozaintzako Lurralde Plan Sektorialaren arabera, linea elektrikoa besteak beste honela katalogaturiko lursailetatik igarotzen da: «Basogintza» eta «Nekazaritza eta abeltzaintza: Trantsizioko Landa Paisaia» eta «Nekazaritza eta Abeltzaintza: Balio estrategiko handia». Aireko lineak onargarritzat (2a) jotzen dira horietan guztietan, baina nekazaritzako eta basogintzako jardueran zer eragin izango duten aztertu beharko da.

Proiektuan ez dago ez Natura 2000 Sareko espazioekin ez beste gune babestu batzuekin bat datorrenik. Era berean, ez dator bat EAEko Interes Geologikoko Lekuen Inbentarioko interes geologikoko puntu edo lekuekin, ez eta EAEko Hezeguneen Inbentarioko hezeguneekin eta kultura-ondareko elementuekin edo katalogatutako paisaia-balioekin ere. Hurbilen dagoen eremu babestua Urkiola (ES2130009) Kontserbazio Bereziko Eremua (KBE) da, Urkiolako Parke Natural izendatua, eta proiektuaren hego-mendebaldera dago, gutxi gorabehera 3,8 kilometrora. Bestalde, proiektuaren iparraldeko muturra bat dator Bizkaiko azpiegitura berde-urdineko Oiz-Gipuzkoa igarobide berdearekin (kodea: CV20).

Eusko Jaurlaritzako landarediaren kartografiaren arabera, aurreikusitako jarduketek bat egiten dute interes komunitarioko honako habitat hauekin: 4030 txilardi atlantiko (gehienbat Ulex sp.), eta 6510 Sega-belardi atlantikoak, larratu gabeak; horiei, aurkeztutako dokumentazioak aipatzen dituen 6210* Albiztiak eta Mesobromion taldeko larreak gehitu behar zaizkie. Ingurumen-inpaktuaren azterketaren arabera, proiektua garatzen den eremuan baso-landaketak dira nagusi, eta belardiak, laborantza atlantikoak eta harizti azidofiloak daude; horiek eskualde-interes ertaineko landaredi-mosaiko bat osatzen dute. Linea elektrikoak zuhaizti autoktonoak zeharkatzen ditu, ingurumen-inpaktuaren azterlanean aipatutako espezie hauek dituztenak: izeia, makala, haltza, altzifrea, lizarra, intxaurrondoa, haritza, hurritza, gaztainondoa, pagoa eta sagarrondoa. Bestalde, aurkeztutako dokumentazioak adierazten du proiektuaren eremua ez datorrela bat flora mehatxatuaren inongo espezierekin (Basa eta Itsas Fauna eta Landaredian Arriskuan dauden Espezieen Euskadiko Zerrenda). Azkenik, landaredia autoktono hau dagoela aipatzen da: Pinus radiata, Aster squamatus, Chenopodium ambrosioides, Conyza canadensis, Echinochlos cruz-galli, Quercus rubra eta Robinia pseudoacacia.

Faunaren ildotik, proiektua bat dator bisoi europarrarentzako (Mustela lutreola) interes bereziko eremuarekin, ekainaren 19ko 118/2006 Foru Dekretuaren bidez Bizkaian onartutako espeziearen Kudeaketa Planaren arabera. Linearen luzera dela eta, aurkeztutako dokumentazioak faunaren biotopoen dibertsitatea identifikatzen du. Honako hauek aipatzen dira: basoberritzeak (besteak beste, hauek daude: apo arrunta, igel gorria, zirauna, gabiraia, txepetxa, txantxangorria, erregetxo bekainzuria, amilotx mottoduna, pinu-kaskabeltza, lursagu gorria, eta basasagua); baso autoktonoak (besteak beste, hauek daude: uhandre palmatua, uhandre marmolairea, igel gorria, txio arrunta, sasietako euli-txori grisa, Millet satitsua, sahatsuria, lursagu gorria, basasagua, urtxintxa eta azeria); ibaiertz eremuak (besteak beste, hauek daude: txantxikua, apo arrunta, txepetxa, tuntun arrunta, pitxartxar arrunta eta berdantza horia), sastraka, askotariko herpetologia-komunitatea eta espazio irekien berezko abifauna-espezieak, belardien biotopoa eta laboreak dituena (besteak beste, hauek daude: uhandre palmatua, uhandre marmolairea, txantxikua, apo arrunta, zirauna, musker berdea, Schreiber muskerra, horma-sugandilla, suge gorbataduna, sugegorri kantabriarra, kukua, hontz zuria, lepitxulia, okil berdea, uda-txirta, buztanikara zuria, zozoa, birigarro arrunta, euli-txori grisa, antzandobi arrunta, arabazozo arrunta, landa-txolarrea, karnaba, berdantza horia, sator arrunta, satitsu arrunta, Millet satitsua, sahatsuria, lursagu gorria, Portugaleko lursagua, Pirinioetako lursagua, lursagu mediterraneoa, basasagua, etxe-sagua, arratoi beltza, triku arrunta, erbinudea eta azeria). Azkenik, hiri-kokalekuen biotopoan hiriguneetan bizitzeko gai diren espezieak daude, bai eta giza eraikuntzetan habiak egiteko edo babesteko kokaleku egokiak aurkitzen dituzten espezie harkaiztar batzuk ere. Bertan dauden espezieen artean, besteak beste, honako hauek aipatzen dira: sugandila iberiarra, arratoi beltza, etxe-sagua, pagausoa, sorbeltza, enara azpizuria, buztanikara zuria, arabazozo beltza eta txolarrea. Ez proiektu Planaren eremuan, ez haren ingurune hurbilean, ez da topatu Batasunaren intereseko hegazti nekrofagoen ezein kudeaketa-planetan sartutako eremurik, ezta Ingurumen eta Lurralde Politikako sailburuaren 2016ko maiatzaren 6ko Aginduaren bidez (2016-05-23ko EHAA, 96. zk.) izendatutako abifaunarentzako babes-eremurik ere.

Proiektuaren eremuan ez dago kalifikatutako edo inbentarioan jasotako kultura-ondareko elementurik.

Linea elektrikoa EAEko Paisaia Berezien eta Apartekoen Katalogoaren Aurreproiektuko (EJ, 2005) ikuseremu hauetatik igarotzen da («oso arruntak» eta «arrunta» hurrenez hurren): 181 Durango, 184 Ego eta 212 Elorrio. Iturri horren arabera, proiektuaren inguruan ez da identifikatu paisaia-balio inbentariatu edo katalogaturik.

Ingurumen-arriskuez ari garela, baztertu egin dira uholde-arriskua, sismikotasuna eta Seveso enpresen hurbiltasunari lotutako arrisku kimikoa. Era berean, proiektua ez dator bat kutsagarriak izan daitezkeen jarduerak edo instalazioak dituzten edo akuiferoen kutsadurarekiko kalteberatasun handia edo oso handia duten lurzoruen inbentarioan sartutako lurzoruekin; bat dator, ordea, baso-suteen arrisku handiko eta oso handiko eremuekin. Gainera, proiektuaren iparraldeko muturra AP-8 autobidearen 100, 200 eta 600 metroko eragin-banden barruan dago. Errepide horrek arrisku handia du salgai arriskutsuen garraioan istripuak izateko.

Proiektuaren izaera eta ezaugarriak kontuan hartuta, inpaktu esanguratsuenak obra-fasean gertatuko dira; besteak beste, obra hauek egin behar direlako: sarbide berriak irekitzea eta dauden bideak egokitzea, euskarriak desmuntatu eta muntatzea, zimendu batzuk eraistea eta beste berri batzuk egitea, aireko kableak eraistea, linea berria instalatzea eta materiala eta makineria garraiatzea. Hori dela eta, lur-mugimenduak egingo dira, belar-sastrakak kenduko dira, landaredia moztu eta inausiko da, eta lurzoruak okupatuko dira. Ondorioz, fase honetako jarduketek eragina izango dute landaredian, intereseko fauna-habitatetan, lotura ekologikoan, Batasunaren intereseko habitatetan eta lurzoruetan. Gurutzaketa batzuk egingo dira jabari publiko hidraulikoaren gainean, eta uren kalitateari eragiteko arriskua sortuko da, ustekabeko isurketengatik eta/edo partikulak arrastaka eramateagatik. Gainera, fase honetan, proiektua gauzatzerakoan zarata izango da.

Ingurumen-inpaktuaren azterketaren arabera, obraren aldi baterako okupazio-azalera 25.236 m2-koa izango da. Okupazio iraunkorra euskarri berriei dagokie. Euskarri bakoitzaren batez besteko okupazioa 59-166 m2-koa izango da, euskarri motaren arabera, eta okupazio iraunkorreko azalera, guztira, 1.199 m2-koa izango da. Proiektua gauzatzean, EAEko Nekazaritza eta Basozaintzako Lurralde Plan Sektorialeko LPSko balio estrategiko handiko lurzoruak okupatuko dira modu iraunkorrean, 983,9 m2-an; desmuntatu beharreko euskarrien desokupazio iraunkorra, berriz, lurzoru horien 438 m2 ingurukoa izango da. Ingurumen-inpaktuaren azterketan nekazaritza-sektorearen gaineko eraginari buruz egindako analisiaren arabera, Proiektuak obra-fasean baino ez du eraginik izango nekazaritza-lurzoruetan, eragin txikia izango da, eta ez du eraginik izango nekazaritza-ustiategien bideragarritasunean. Funtzionamendu-faseko egoera aurrekoaren oso antzekoa izatea espero da.

Landarediari dagokionez, aurkeztutako dokumentazioaren arabera, zuhaitz-mozketen eraginpeko azalera 83.313 m2-koa izango da, zeinetatik 2.008,2 m2 landaredi autoktonoak (izeia, makala, haltza, altzifrea, lizarra, intxaurrondoa eta haritza) hartzen dituen azalerari baitagokio. Inausketek, berriz, 31.978,1 m2-ko azalerari eragingo diote, zeinetatik 28.074,3 m2 espezie autoktonoek hartzen duten (haltza, hurritza, gaztainondoa, lizarra, pagoa, sagarrondoa eta haritza), eta 3.541,9 m2 espezie autoktonoei eragiten dien pinu-azalerek. Batasunaren intereseko habitatei dagokienez, ingurumen-inpaktuaren azterketaren arabera, mozketen ondorioz, 4030 txilardi lehor europarrak habitatak 7.364 m2-ko azalera galduko du (pinuak eta eukaliptoak, gehienbat), eta 6510 Altitude baxuetako sega-belardi txiroak habitatak (Alopecurus pratensis, Sanguisorba officinalis) 217 m2 (makalak eta pinuak). Bestalde, lehentasunezko 6210 Belardi erdi-natural lehorrak eta kare-substratuetako sastraka-faziesak (Festuco-Brometalia) habitatean* (*orkidea garrantzitsuak dituzten parajeak) 2. tarteko jarduketek izango dute eragina nagusiki, desmuntatu eta muntatu beharreko linea habitat horrekin gurutzatzen baita. Gurutzaketa horietan, 108 m2-ko azaleran pinua moztuko da, eta 128 m2-ko azaleran hurritza inausiko da. Ingurumen-inpaktuaren azterketan adierazten da azalera horietan inausketak lehenetsiko direla, mozketen aurretik, lehentasunezko habitatari ahalik eta kalte gutxien egiteko.

Azpimarratu behar da ingurumen-inpaktuaren azterketak basoberritzeko proiektu bat egitea proposatzen duela, proiektuak eragindako baso autoktonoaren azalera konpentsatzeko. Horri dagokionez, Natura Ondarearen eta Klima Aldaketarekiko Egokitzapenaren Zuzendaritzaren 2025eko abuztuaren 14ko txostenari erantzuteko aurkeztutako dokumentazioaren artean, sustatzaileak «Garai (Bizkaia) udalerriko Onura Publikoko 35. zenbakiko Mendia Basoberritzeko Proiektua» aurkeztu zuen. Proiektu horrek aintzat hartzen du aipatutako Zuzendaritzaren betekizuna, hau da, mozketaren xede den baso autoktonoaren azalerak 1:2 ratioan (kaltetua: lehengoratua) konpentsatzea. Basoberritzeko eremua, Basoberritzeko Proiektuaren arabera, 4.016,4 m2-ko azalerari dagokio, landaredi autoktonoaren kaltetutako azaleraren bikoitzari, zeina Onura Publikoko 35. mendian baitago. Eremu hori Bizkaiko Foru Aldundiko Natura Ingurune eta Nekazaritza Saileko Mendi Zerbitzuarekin adostu da. Biribiltzeko, azkenik, zenbatesten da basoberritu beharreko azalera 0,5 ha-koa dela. Aurkeztutako dokumentazioaren arabera, Basoberritzeko Proiektua Bizkaiko Foru Aldundian aurkeztu da, onar dezan.

Bestalde, obra-fasean, mozketa- eta inausketa-lanek, zaratek eta makinen joan-etorriak areagotzeak traba egingo diote faunari, besteak beste, katalogatutako edo babes-araubideko zerrendetan jasotako hegazti-espezie batzuei, Bizkaiko Foru Aldundiko Natura Ondarearen Zerbitzuak jakinarazi duenaren arabera. Gainera, proiektuak bisoi europarrarentzako interes bereziko eremuan obrak egitea aurreikusten du –ekainaren 19ko 118/2006 Foru Dekretuaren bidez Bizkaian onartutako Kudeaketa Plana du espezie horrek–. Bisoia eta haren habitata babesteko, ingurumen-inpaktuaren azterketak adierazten du, batetik, zorroztu egingo direla prebentzio-neurriak, espeziea babesteko eremuetan ingurune hidrikoan ahalik eta eraginik txikiena eragiteko, eta, bestetik, Bizkaiko Foru Aldundiari baimena eskatuko zaiola ibaiertzeko landaredia inausteko espeziearen interes bereziko eremutzat hartzen diren guneetako erreken bidegurutzean. Jarduketa horiek organo eskudunak ezartzen dituen baldintzetan egingo dira.

Kultura-ondareari dagokionez, aurkeztutako dokumentaziotik ondorioztatzen da ez dela eraginik izango ez arkitektura-elementuetan, ez arkeologia-elementuetan; hala ere, ingurumen-inpaktuaren azterketak aurreikusten du prebentziozko kontrola eta jarraipen arkeologikoa egingo direla obrak garatzen diren bitartean.

Funtzionamendu-fasean, inpaktu nagusiak linearen presentziaren ondoriozkoak izango dira –abifaunari eta kiropteroei eragingo diete, talka egiteko eta elektrokutatzeko arriskuagatik–, eta linearen mantentze-lanetatik eratorritakoak ere bai.

Abifaunaren gaineko eragina ahalik eta txikiena izan dadin, Bizkaiko Foru Aldundiko Natura Ondarearen Zerbitzuak eta Eusko Jaurlaritzako Natura Ondarearen eta Klima Aldaketarekiko Egokitzapenaren Zuzendaritzak gomendatzen dute linean txoriak babesteko gailuak jartzea.

D) Neurri babesle eta zuzentzaileak.

Proiektua garatzeko baldintzak, bai eta neurri babesle eta zuzentzaileak ere, bat etorriko dira indarrean dagoen araudiarekin eta hurrengo apartatuetan adierazitakoarekin, eta, esandakoaren aurkakoa ez den orotan, sustatzaileak, organo substantiboaren bidez, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzan proiektuaren ingurumen-inpaktuaren ebaluaziorako aurkeztutako dokumentazioan aurreikusitakoarekin.

Neurri horiek eta kontrolerako esleitutako langile kopuruak nahikoak izan behar dute ingurumen-inpaktuaren azterketan finkatutako kalitate-helburuak eta ebazpen honetan finkatutakoak bermatzeko.

Neurri horiek guztiak sartuko dira obrak kontratatzeko eraikuntza-proiektuen baldintza-agirietan eta planoetan, eta baldintza horiek betetzen direla bermatuko duen aurrekontua ere izan beharko dute. Era berean, obretako jardunbide egokiak aplikatuko dira.

D.1.– Natura-ondareari ahalik eta gutxien eragiteko neurriak.

D.1.1.– Proiektuak bisoi europarrarentzako (Mustela lutreola) interes bereziko eremu bati eragiten dio, eta espezie horrentzako kudeaketa-plana onartu zen Bizkaian ekainaren 19ko 118/2006 Foru Dekretuaren bidez; hortaz, Proiektua egikaritu aurretik, Bizkaiko Foru Aldundiko Ingurune Naturala eta Nekazaritza Sustatzeko Sailaren derrigorrezko txostena eduki beharko da, sail hori baita espeziaren kudeaketa planaren administrazio-arduraduna.

Bizkaiko Foru Aldundiko Ingurune Naturala eta Nekazaritza Sustatzeko Sailak nahitaezko txostenean xedatzen duena alde batera utzi gabe, espeziearentzako kritikoa den garaitik (martxoaren 15etik uztailaren 31ra) kanpo egingo dira ibilguari, ibaiertzei eta ingurumariei zuzenean eragiten dieten jarduketa guztiak. Muga hori behar bezala jaso behar da proiektuaren obra-planean.

D.1.2.– Eusko Jaurlaritzako Natura Ondarearen eta Klima Aldaketarekiko Egokitzapenaren Zuzendaritzak ezarritakoaren arabera, linea elektrikoa gauzatzeko proiektuak beste proiektu bat ere izango du bere barruan, hain zuzen ere, moztu beharreko baso autoktonoaren azalera konpentsatzekoa, 1:2 proportzioan, landaredi heldua kentzean funtzionaltasun ekologikoa galtzen baita. Konpentsazio-proiektuak lehengoratze-neurriak planteatuko ditu, gutxi gorabehera 4.000 m2-ko azaleran zuhaitz eta zuhaixka autoktonoak landatuz, edo bestelako konpentsazio-neurriak hartuz, proiektuaren eremuko ingurumena hobetze aldera.

Konpentsazio Proiektuak, dagokion dokumentazio grafikoarekin eta proiektuaren gainerako atalen xehetasun-maila bereko aurrekontu xehatuarekin batera, definituko du zein espezie autoktono landatuko diren. Horretarako, honako hauek jasoko dira: erabili beharreko espezieen xehetasunak, landarearen/haziaren jatorria, tamaina, ereitearen/hidroereitearen dentsitatea eta/edo landaketa-esparrua, aurreikusitako mantentze-lanak eta abar.

Konpentsazio-proiektua Bizkaiko Foru Aldundiko Natura Ondarearen Zerbitzuak baliozkotu beharko du.

D.1.3.– Eusko Jaurlaritzako Natura Ondarearen eta Klima Aldaketarekiko Egokitzapenaren Zuzendaritzaren irizpidearekin bat etorriz, jarduketak hasi aurretik, flora arloan espezializatutako teknikariek prospekzio bat egingo dute babestutako flora-taxonak dauden egiaztatzeko. Horrez gain, proiektua garatzean honako neurri hauek aplikatuko dira:

D.1.3.1.– Proiektuko lan osagarriak egiteko baliatzen diren eremuak, hala nola makineria eta ekipo osagarrien parkea, materialen bilketa eta abar, Batasunaren intereseko habitatetatik eta landaredi naturaleko lurretatik kanpo kokatuko dira. Erabilera horietarako behar-beharrezkoak diren espazioak mugatu beharko dira.

D.1.3.2.– Obrak egin behar diren lekuetara sartzeko, lehendik dauden bideak erabiliko dira, ahal den neurrian, edo, halakorik ezean, lehendik dagoen korridorea. Ez da sarbiderik egin beharko eremu kalteberetara sartzeko.

D.1.3.3.– Zuhaitzak botatzea edo eskokatzea beste aukerarik ez bada, motozerrak erabiliko dira horretarako, eta ez makina astunak, modu selektiboan lan egin ahal izateko. Zuhaitzak beti moztuko dira era zuzenduan, gainerako landaredia autoktonoari kalterik ez eragiteko.

D.1.3.4.– Lurgaineko urak dituzten ibilguen gurutzeguneetan, ibaiertzeko espezieak dauden tokietan (lizarrak, haritzak, sahatsak, etab.), lineari eragin diezaioketen goiko adarrak bakarrik inausiko dira. Ez da inausiko zuhaitzaren garaiera osoaren 1/3 baino gehiago, eta eremuko zaintzaileak gainbegiratuta egingo da hori, geldialdi begetatiboan (negua).

D.1.4.– Eusko Jaurlaritzako Natura Ondarearen eta Klima Aldaketarekiko Egokitzapenaren Zuzendaritzak ezartzen duenaren arabera, jarduketak egin aurretik, prospekzio bat egin beharko da eragindako eremuetan, faunaren balizko habiak, etzalekuak edo babeslekuak identifikatzeko. Landa-lana gaian adituak diren teknikariek egin beharko dute.

Ildo horretan, Bizkaiko Foru Aldundiko Ingurumenaren Zuzendaritza Nagusiko Natura Ondarearen Zerbitzuak hegaztien ugaltze-garaian (martxoaren 1etik abuztuaren 15era) lan egitea aurreikusten den eremuetan, eragiketak egiten hasi aurretik, sustatzaileak ziurtatu beharko du ez dagoela espezie mehatxatuen habiarik obra-eremutik 250 metrora, adituek egindako prospekzioen bidez. Zerrenda horretan espezie mehatxatuen ugalketa-guneren bat aurkituz gero, Bizkaiko Foru Aldundiko Natura Ondarearen Zerbitzuari jakinarazi beharko zaio ahalik eta azkarren, betiere eragiketak egiten hasi aurretik, eta hark beharrezkotzat jotzen dituen muga guztiak ezarri ahal izango ditu, proiektua aurkitutako abifauna-nukleoen kontserbazioarekin bateragarria dela bermatzeko. Gainera, honako neurri hauek aplikatu beharko dira:

D.1.4.1.– Euskarrien konfigurazioak eta horietarako sarbideek saihestu egin beharko dute mozketak egitea zuhaitz autoktono garrantzitsuen oinetan edo masetan.

Zuhaitz autoktonoetan egin nahi diren mozketak edo inausketak ahalik eta gutxien izango dira, eta aldez aurretik baloratu beharko dituzte Bizkaiko Foru Aldundiko Natura Ondarearen Zerbitzuko teknikariek.

Ahal izanez gero, inausketa horiek geldialdi begetatiboan egingo dira (udazken-neguan), eta zuhaitzak ondo osatuta eta orekatuta utzi beharko dira.

Ahal den guztietan, zuhaitz autoktonoen oin garrantzitsuei eragiten dieten euskarriak mugitu egin beharko dira obrak egitean, eragin hori saihesteko.

D.1.4.2.– Zuhaitz autoktonoetan eta sare hidrografikoan eragin txikiena duten sarbide-aukerak hautatu beharko dira.

D.1.4.3.– Sustatzaileak obren egoeraren eta aurrerapenaren berri eman beharko du aldizka, obrak egiten diren bitartean.

D.1.4.4.– Kontuan izan beharko da 630/2013 Errege Dekretua, espezie exotiko inbaditzaileen Espainiako katalogoa arautzen duena. Jarduketetarako erabiltzen diren makina guztiek garbi egon beharko dute, lokatz- edo lur-arrastorik gabe, inguruan koka daitezkeen espezie inbaditzaileen propagulu edo haziak hedatzeko arriskurik ez izateko.

Sustatzaileak espezie exotiko inbaditzailerik gabe mantendu beharko du, oro har, proiektuaren xede diren lineen zortasun-kalea, eta, bereziki, Cortaderia selloana espeziearen alerik gabe.

D.1.4.5.– Eroaleen eta haranaren hondoa hartzen duen landarediaren artean proiektatutako distantziak nahikoa izan beharko du, mozketek ez diezaieten eragin ibaiertzeko habitatei.

D.1.4.6.– Erabat ezabatu beharko da linea elektrikoen zortasun-eremuan egon daitekeen flora exotiko inbaditzailea.

D.1.5.– Baso-mozketak uzten duen egurra, ahal dela, hurbileko herrietako bizilagunek erabil dezaten saiatuko gara. Hondakinak eta lurzoru kutsatuak arautu eta ekonomia zirkularra bultzatzeko apirilaren 8ko 7/2002 Legeak 27.3 artikuluan ezarritakoa aplikatuz, «Oro har, ez dago baimenduta nekazaritza- edo baso-ingurunean sortutako landare-hondakinak erretzea». Horregatik, eta moztuko den materia organikoaren zati bat lurzoruari emateak dituen onurengatik, tokian bertan birrindu beharko dira egurretarako balio ez duten landare-hondarrak, eta egurra eta hondakinak ez dira utziko jariatze-urak herrestan eraman ditzakeen lekuetan.

D.1.6.– Metaketarik egiten bada, ez dira inoiz egingo eremu sentikorretan, hala nola ibaiertzean, hezegune edo istiletan, zohikaztegietan, zuhaixka-heskaietan eta abarretan.

D.1.7.– Abifaunak aireko linea elektrikoetan talka ez egiteko eta ez elektrokutatzeko babes-neurriak ezarriko dira, Bizkaiko Foru Aldundiko Ingurumeneko Zuzendaritza Nagusiko Natura Ondarearen Zerbitzuarekin eta Eusko Jaurlaritzako Natura Ondarearen eta Klima Aldaketarekiko Egokitzapenaren Zuzendaritzarekin bat etorriz, eta Estatuko Fiskaltza Nagusiko Ingurumen Salak hegaztiak babes-eremuetatik kanpo babesteari buruz emandako gogorarazpena aplikatuz.

D.2.– JPHaren eta hari lotutako babes-eremuen babesari buruzko neurriak:

D.2.1.– Uraren Euskal Agentziak ezartzen duen bezala, eta Urari buruzko Legearen testu bategina eta haren garapen-erregelamendua onartzeko 1/2001 Legegintzako Errege Dekretuaren, uztailaren 20koaren, arabera, Jabari Publiko Hidraulikoan edo ibilguen zaintza-eremuan edozein obra egiteko, arroko erakundeak administrazio-baimena eman beharko du aldez aurretik.

D.2.2.– Jabari Publiko Hidraulikoaren Erregelamenduko (aurrerantzean, JPHE) 6. eta 7. artikuluetan ezarritakoaren arabera, 5 m-ko zabalera duten ibilguen zortasun-eremuak libre eta erabilgarri geratu beharko du, eta ahalik eta naturalen. 2. tarteko linea eta 1. tarteko eroalea ordezkatzeari dagokionez, Uraren Euskal Agentziak justifikatutzat jo du zortasuna okupatzea linearen trazadura osatu ahal izateko.

D.2.3.– Jabari Publiko Hidraulikoaren Erregelamenduaren 127. artikuluan ezarritakoaren arabera, linea elektrikoen eta bestelakoen gurutzaketa guztietarako, gutxieneko altuera bat ezartzen da, metrotan, gehieneko uholdeek hartzen duten mailatik gora; kasu honetan, korrontearen tentsioa dela eta, altuera hori 8,32 m-koa izango da, baina, nahiz eta lineek ibilguekin egiten dituzten bidegurutze gehienen altuerak adierazten dituzten zeharkako profilak zehazten diren, ez da zehazten gurutzaketa guztien altuera. Horrenbestez, obrak baimentzeko, eremuko ibilgu guztiekin sortzen diren gurutzaketa guztietan lineak izango duen altuera zehaztu beharko da.

D.3.– Paisaia babesteko eta eragindako lekuak lehengoratzeko neurriak.

D.3.1.– Obra-leku bakoitzean lurrak mugiarazi dituzten lanak amaitutakoan, jarduketen eraginpeko lursailaren lehengoratze edafiko eta geomorfologikoa egingo da.

Proiektua gauzatzean eragindako gune guztiak lehengoratu egingo dira (aldi baterako pilaketa-eremuak, aldi baterako lurzoru-okupazioak eta abar), bai eta, linea kendu delako, eraginik gabe geratuko diren gaur egungo linea elektrikoaren azpiko eremuak ere. Landareztatze-lanak espezie autoktonoekin egingo dira; horrela, habitat naturalak sortzen lagunduko da, eta, ahal dela, horien inguruan dagoen landaredi naturalarekin lotuko dira.

D.3.2.– Lehengoratze edafikoa egiteko lanek dirauten bitartean, kontrol-neurriak hartuko dira landare-espezie exotiko inbaditzaileak detektatzeko eta bertan sartu eta hedatzea eragozteko. Ildo horretan, obran erabiltzen diren makina guztiek garbi egon beharko dute, lokatz- edo lur-arrastorik gabe, inguruan kokatu daitezkeen espezie inbaditzaileen propaguluak edo haziak hedatzeko arriskurik ez izateko. Era berean, landare-estalkia lehengoratzeko erabilitako lurren jatorria kontrolatu beharko da, eta Robinia pseudoacacia, Fallopia japonica, Cortaderia selloana edo beste espezie inbaditzaile batzuekin kutsatuta egon daitezkeen lurrak erabiltzea saihestu beharko da. Obrek dirauten bitartean espezie inbaditzailerik ikusten bada, ahal den guztietan, desagerrarazi egingo da jarduketa-eremuetatik.

D.3.3.– Ingurua lehengoratu ondorengo bi urteetan, mantentze-lanak egingo dira: lurra aitzurtu, ongarritu, ureztatu eta hutsarteak bete. Ereindako edo landatutako eremuak mantentzeko lanetan, ahalik eta herbizida eta pestizida gutxien erabiliko da, eta prozedura mekanikoei lehentasuna emango zaie.

D.4.– Ura eta lurzorua babesteko neurriak.

D.4.1.– Uren arloan eskumena duen organoak prozedura aplikagarrien esparruan ezartzen dituen baldintzak aparte utzi gabe, ez da inolako isurketarik egingo jabari publiko hidraulikoaren gainean, ez eta haren babeseko zorgunean ere, eta ez dute jasoko lur-mugimenduen soberakinik edo zuhaitz-mozketen edo inausketen hondarrik ere.

D.4.2.– Bizkaiko Foru Aldundiko Ingurumeneko Zuzendaritza Nagusiko Natura Ondarearen Zerbitzuak ezartzen duen bezala, oro har debekatuta dago makinak eta ibilgailuak ur-ibilguetan ibiltzea.

Ezin izango da egin sare hidrografikoari eragiten dion sarbiderik. Proiektuan planifikatutako sarbideak zeharkatzen dituzten erreketan aldi baterako zubiak edo antzekoak jarri beharko dira. Bizkaiko Foru Aldundiko Natura Ondarearen Zerbitzuko teknikariek bisita egin ondoren instalatuko dira zubi horiek.

Arau orokor gisa, debekatuta daude urak uhertzea eragin dezaketen jarduerak, eta obrak geldiarazi egin beharko dira meteorologiak premisa hori betetzea eragozten badu.

D.4.3.– Sare hidrografikoan eragin txikiena duten sarbide-aukerak hautatu beharko dira.

D.4.4.– Belardi, laborantza-eremu eta aprobetxamenduetatik erretiratzen den lurzoruaren gainazaleko geruzaren landare-lur emankorrena gainerako indusketa-lurretatik aparte pilatu beharko da, ondoren jatorrizko lekuan jartzeko, beheko geruzetara irauli gabe.

D.4.5.– Eragindako laboreak birlandatuko dira, eta, hala badagokio, kalte-ordainak emango dira. Horrez gain, eta kaltetuta gerta daitezkeen itxiturak eta, hala badagokio, nekazaritzako azpiegiturako gainerako elementuak lehengoratuko dira.

D.4.6.– Obrak, bai eta lurzorua erabiltzea eragiten duten eragiketa osagarriak ere, proiektua gauzatzeko behar-beharrezkoa den gutxieneko eremuan gauzatuko dira. Aipatutako mugetatik kanpo, ezingo da izan eraginik sarbideak egin, materialak bildu, instalazioak kokatu edo beste edozein jarduketa osagarri egin behar izateagatik, eta ahal bezainbat mugatuko da lanak egiteko makinen eta ibilgailuen zirkulazioa.

D.4.7.– Isurketei dagokienez, bermatu egin beharko da eraikitze-fasean egin daitezkeen isurketa kutsagarriek lurgaineko eta lurpeko ur-ibilguei ez eragitea. Obretan hidrokarburoen xurgatzaile espezifikoa jarri beharko da eskura (biribilki modukoa, material pikortatua, eta abar), istripuz isuri edo ihesen bat gertatuz gero berehala aplikatu ahal izateko. Halaber, erabat debekatuta dago makinak konpontzea edo makinei olioa aldatzea, horretarako berariaz jarritako guneetan ez bada. Obrak egiten ari diren inguruan ez badago azpiegitura egokirik zeregin horietarako, berariazko eremu bat egokitu beharko da. Esparru hori mugatuta egongo da, eta zorua iragazgaiztu egin beharko da; era berean, efluenteak jasotzeko sistema bat eduki beharko du, lurzorua eta urak ez kutsatzeko.

Kudeaketa eta Jarduketako Larrialdi Plan bat izango da prest, eraikuntza, ustiapen eta desegite faseetan aplikatu beharrekoa, protokolo bat izango duena ingurune naturalera gai toxiko eta arriskutsuak kontrolik gabe edo istripuz isurtzen direnerako.

D.4.8.– Obrako makineria-parkea behar izanez gero, eremuko drainatze-sare naturaletik nahikoa urrun dauden guneetan jarri beharko dira parke hori eta garbigunea, ahal dela inguruan dauden eremu artifizialenetan. Mantentze-lanen eremua drainatze-sare naturaletik isolatuko da. Zola iragazgaitza eta efluenteak biltzeko sistema bat izango ditu, olioek eta erregaiek lurzorua eta ura ez kutsatzeko. Obra-eremuan ezin izango dira egin erregaien zamalanak, olio-aldaketak eta tailerreko jarduerak, eremuko akuiferoak kutsatzeko arriskua baitago. Materialak eta ekarkinak aldi baterako metatzeko guneak ibilguetatik urrun kokatuko dira.

Hala badagokio, eta kontuan hartuta linearen euskarrien zimenduak hormigoiz egingo direla, edukiontzi iragazgaitz bat jarriko da hormigoi-makinen kanaletak garbitzeko eta garbiketa-urak jaso ahal izateko. Hormigoi-upelak obra-eremutik kanpo garbituko dira. Ez da inola ere onartuko hormigoiaren ikuzketaren hondarrak ibaiaren ibilgura isurtzea. Edukiontzi horretan metatutako hormigoi-hondarrak kudeatzaile baimenduak kudeatu beharko ditu.

D.4.9.– Kontrol-neurriak hartuko dira landare-espezie inbaditzailerik sar ez dadin lurrak mugitu diren eta landaretzarik gabe geratu diren eremuetan.

D.4.10.– Behin obra amaituta, jarduketa-eremua garbitzeko kanpaina zorrotz bat egingo da, eta ukitutako eremuen kalteak aztertu beharko dira, eta oneratu edo jatorrizko egoerara lehengoratu.

D.5.– Landa-ingurunea babesteko neurriak.

D.5.1.– Proiektuak ukitzen dituen lurzoru batzuk Nekazaritza eta Basozaintza LPSaren barruan daude; hain zuzen ere, Nekazaritza-Abeltzaintza eta Landazabalaren kategorian, Balio Estrategiko Handikoen azpikategorian. Hortaz, Nekazaritza eta Elikadura Politikari buruzko abenduaren 23ko 17/2008 Legearen 16. artikulua aplikatuz, proiektuak nekazaritzaren arloko foru-organo eskudunaren txostena izan beharko du.

D.6.– Kultura-ondarea babesteko neurriak.

D.6.1.– Ondare arkeologikoari dagokionez, Bizkaiko Foru Aldundiko Kultura Zuzendaritza Nagusiarekin bat etorriz, jarraipen arkeologiko etengabea egingo zaie euskarrien zimendatze-putzuen industearekin eta sarbide berrien trazadurarekin lotutako lur-mugimenduei.

Arkeologo batek egin beharko du kontrol eta jarraipen arkeologiko hori. Arkeologoak Bizkaiko Foru Aldundiaren 62/1998 Foru Dekretuan (maiatzaren 12koa, Bizkaian jarduera arkeologikoak egiteko arautegia ezartzen duena) eskatutako esperientzia izan beharko du, bai eta Bizkaiko Foru Aldundiko Kulturako zuzendari nagusiaren baimena ere.

Proposatutako kata edo kontrol arkeologikoetan arkeologia- eta historia-intereseko objekturik edo aztarna materialik aurkitzen bada, Euskal Kultura Ondarearen 6/2019 Legearen 74. artikuluan (4. eta 5. apartatuak) ezarritakoari jarraituko zaio.

D.6.2.– Euskal Kultura Ondareari buruzko maiatzaren 9ko 6/2019 Legean ezarritakoa ezertan eragotzi gabe, obretan aztarna arkeologikoren bat egon daitekeela pentsarazten duen zerbait aurkitzen bada, lanak eten egingo dira badaezpada, eta berehala jakinaraziko zaio Bizkaiko Foru Aldundiaren Euskara, Kultura eta Kirol Sailari; hark erabakiko du zer neurri hartu.

D.7.– Zarataren eta bibrazioen ondorioak gutxitzeko neurriak.

D.7.1.– Zaratari buruzko azaroaren 17ko 37/2003 Legea garatzen duen urriaren 19ko 1367/2007 Errege Dekretuaren 22. artikuluan aurreikusitakoaren arabera, zonakatze akustiko, kalitate-helburu eta emisio akustikoei dagokienez, obrak egitean erabiliko diren makinak egokitu egin beharko dira kanpoan erabiltzeko makinen soinu-emisioei buruz indarrean dagoen legerian ezarritako aginduetara, eta, bereziki, eta hala badagokio, Kanpoan erabiltzeko makinek ingurumenean sortzen dituzten soinu-emisioak arautzen dituen otsailaren 22ko 212/2002 Errege Dekretuan eta arau osagarrietan ezarritakora.

D.7.2.– Proiektuak eragina duen eremuan, obrek eragindako zaratak ezingo ditu gainditu Euskal Autonomia Erkidegoko hots-kutsadurari buruzko urriaren 16ko 213/2012 Dekretuan ezarritako kalitate akustikoko helburuak; hori guztia, aipatutako dekretuaren 35 bis artikuluan aurreikusitakoa alde batera utzi gabe. Sei hilabetetik gorako epea aurreikusten denez obrak gauzatzeko, urriaren 16ko 213/2012 Dekretuaren 44. artikuluaren arabera soinu-inpaktuari buruzko azterketa bat egin beharko da dagozkion neurri zuzentzaileak definitzeko.

D.8.– Hauts-emisioak murrizteko neurriak.

D.8.1.– Obrek irauten duten bitartean, ibilgailuak igaro ondorengo garbitze-lanak zorrotz kontrolatuko dira, bai obren eraginpeko ingurunean, bai obretara sartzeko guneetan.

D.8.2.– Obra-eremuetako irteeretan, ibilgailuak garbitzeko gailuak jarriko dira, solidoak atxikitzeko sistema eta guzti. Gailu horiek egoera onean mantenduko dira obra-faseak dirauen artean.

D.8.3.– Hezetasun-baldintza egokietan garraiatuko da hondeaketa-materiala, hain zuzen, zama estaltzeko gailuak dituzten ibilgailuetan, lohi eta partikularik ez barreiatzeko.

D.9.– Hondakinak kudeatzeko neurriak.

D.9.1.– Proiektua egikaritzean eta hark funtzionatu bitartean sortutako hondakin guztiak kudeatzeko, Hondakinak eta Lurzoru Kutsatuak arautu eta Ekonomia Zirkularra bultzatzeko apirilaren 8ko 7/2022 Legean eta aplikatzekoak diren araudi espezifikoetan xedatutakoari jarraituko zaio, eta, kasuan-kasuan, sailkatu egin beharko dira hondakin mota eta norakorik egokiena zehazteko.

Hondakinak kudeatzeko hierarkia-printzipioei jarraituz, hondakinak sortzeari aurrea hartzea sustatu behar da, edo, hala badagokio, apirilaren 8ko 7/2022 Legearen 8. artikuluan ezarritako lehentasun-hurrenkeran kudeatu daitezela; hau da: prebentzioa, berrerabiltzeko prestatzea, birziklatzea eta balorizatzeko beste modu batzuk, balorizazio energetikoa barne. Hondakinak deuseztatzeko, ezinbestekoa izango da aldez aurretik behar bezala justifikatzea ez dela bideragarria haiek balorizatzea teknikoki, ekonomikoki edo ingurumenaren aldetik.

D.9.2.– Eraikuntza- eta eraiste-hondakinen ekoizpena eta kudeaketa arautzen dituen ekainaren 26ko 112/2012 Dekretuan jasotakoaren arabera kudeatuko dira eraikuntza- eta eraiste-hondakinak.

D.9.3.– Hondakindegira bidali beharreko hondakinak Hondakinak zabortegietan utziz deuseztatzeko jarduera arautzen duen uztailaren 7ko 646/2020 Errege Dekretuan eta Hondakinak hondakindegietan biltegiratuta eta betelanak eginda ezabatzea arautzen duen otsailaren 24ko 49/2009 Dekretuan (ekainaren 26ko 112/2012 Dekretuak aldatutakoa, zeinaren bidez arautzen baiten eraikuntza- eta eraispen-lanetan sortzen diren hondakinen ekoizpena eta kudeaketa) xedatutakoaren arabera kudeatuko dira.

D.9.4.– Soberakin horiek kudeatzeko, hierarkiaren printzipioari eta hondakinak kudeatzeko hurbiltasunaren printzipioari jarraituko zaie. Eraginpeko eremua morfologikoki lehengoratzeko erabiltzea baztertu ondoren, balorizatzea lehenetsiko da, honelako lanetan erabiliz: material horien premia duten gertuko eraikuntza-obretan, erauzketa-jarduerek eragindako lursailak birgaitzeko lanetan edo beste espazio degradatu batzuk lehengoratzeko lanetan; horrela, betelan-instalazioetan ezabatzea ekidingo da. Horretarako, kontuan izango da urriaren 10eko APM/1007/2017 Agindua, Hondeatutako material naturalak betelanetan eta jatorri-obretatik kanpoko beste obra batzuetan erabiltzeko balorizazio-arau orokorrei buruzkoa.

Edozein inguruabar dela-eta hondeaketako soberakinak pilatzeko biltegiak eraiki behar izanez gero proiektuaren eremutik kanpo, betelan-proiektu bat idatzi beharko da, eta haren edukia otsailaren 24ko 49/2009 Dekretuan ezarritakoari egokituko zaio. Horretaz gain, beste alderdi hauek ere jasoko dira proiektuan: kontuan hartutako kokaleku bakoitzerako ingurumen-eraginaren analisia, hartutako irtenbidearen justifikazioa, aurreikusitako lehengoratze- eta kontrol-neurriak, eta dagokien aurrekontu xehatua.

D.9.5.– Obrak egin bitartean lurzorua kutsatzen duten substantziak daudela pentsatzeko arrazoi sendoak baldin badaude, lurzorua kutsatzea saihestu eta kutsatutakoa garbitzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legean ezarritakoa beteko da.

D.9.6.– Espresuki debekatuta dago sortzen diren tipologia ezberdineko hondakinak elkarrekin edo beste hondakin nahiz efluente batzuekin nahastea; hondakinak jatorritik bertatik bereiziko dira, eta horiek bildu eta biltegiratzeko bide egokiak jarriko dira, nahasketak ekiditeko.

Hondakin arriskutsuak biltzeko sistemak bereiziak izango dira, duten tipologia dela-eta, isurketaren bat gertatuz gero, nahasita arriskutsuago bihurtu edo kudeaketa zaildu dezaketen kasuetan. Hondakin arriskutsuak dituzten edukiontziek edo ontziek Hondakinak eta lurzoru kutsatuak arautu eta ekonomia zirkularra bultzatzeko apirilaren 8ko 7/2022 Legearen 21. artikuluan ezarritako segurtasun-arauak bete beharko dituzte, eta itxita egongo dira harik eta kudeatzaileari entregatu arte, isurita edo lurrunduta edukirik gal ez dezaten. Aipatutako edukiontziak edo ontziak argi etiketatu beharko dira, irakurtzeko eta ezin ezabatuzko moduan, eta indarrean dagoen araudiaren arabera.

D.9.7.– Sortutako olio erabilia arau hauetan xedatutakoaren arabera kudeatuko da: apirilaren 8ko 7/2022 Legearen 29. artikulua eta industria-olio erabilien kudeaketa arautzen duen ekainaren 2ko 679/2006 Errege Dekretua.

Olio erabiliak estalpean utziko dira kudeatzaile baimendu bati entregatu arte, behar bezala etiketatutako depositu estankoetan, zolata iragazgaitz baten gainean, eta kubo txikietan edo isuriei eta ihesei eusteko sistemen barruan.

Aurrekoarekin bat etorriz, obrak instalatzeko eremuetan eremu espezifiko bat egokituko da hondakin arriskutsuak behin-behinean biltegiratzeko, hala nola olio-latak, iragazkiak, olioak, pinturak, etab.; gainera, hondakin geldoetarako edukiontzi espezifikoak gaituko dira, haietatik bereizita.

Aipatutako ontziak edo bilgarriak modu argi, irakurgarri eta ezabaezinean etiketatu beharko dira, eta indarreko araudiaren arabera.

Aplikatzekoa den araudia betetzen laguntzeko, lanetan sortutako hondakinak kudeatzeko sistemak prestatu beharko dira. Lan horien arduradunek kudeatuko dituzte sistemok, eta haien ardura izango da, halaber, beharginek hondakinak behar bezala erabiltzea. Bereziki, ez da inolaz ere kontrolatu gabeko efluenterik sortuko erregai eta produktuak biltegiratzeagatik, makinen mantentze-lanak egiteagatik edo hondakinak erretzeagatik.

D.9.8.– Obra-fasean, kontratisten instalazio-eremuetan, gune espezifikoak egokituko dira, instalazio estaliak dauzkatela hondakin arriskutsuak (hala nola olio-latak, iragazkiak, bateriak, etab.) behin-behinean biltegiratzeko; gainera, hondakin geldoetarako edukiontzi espezifikoak egokituko dira, haietatik bereizita. Halaber, obran zehar, sortutako hondakinak biltzeko gailu estankoak jarriko dira (bidoiak, etab.). Hondakin horiek beren izaeraren arabera bereiziko dira, aipatutako garbiguneetan aldi baterako biltegiratu baino lehen.

D.9.9.– Obretan sortutako hondakinen ingurumen-jarraipenari buruzko txostena egin beharko da.

D.9.10.– Abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 84.3 artikuluan erosketa publiko berdeari buruz xedatutakoa hartuko da kontuan.

D.10.– Uholde-arriskuak murrizteko neurriak.

Eremuaren uholde-arriskua prebenitzeari dagokionez, saihestu egingo da ibilguen inguruetan lur-mugimenduak egitea eta lursail naturala eraldatzea.

D.11.– Jardunbide egokien sistema bat hartzea.

D.11.1.– Obrek iraun bitartean, langileek jardunbide egokien sistema bat beharko dute, helburu hauek, besteak beste, ahalik eta hobekien bermatzeko:

– Obraren erabilera-mugak eta makineriaren zirkulazioa kontrolatzea.

– Ongi kontserbatutako landarediaren gaineko eraginak kontrolatzea.

– Hondakinen isurketarik ez egitea, eta olio-isurketen ondorioz edo lurra leku batetik bestera eramatearen ondorioz lurzorua eta ura ez kutsatzea.

– Obretan sortutako hondakinak modu egokian kudeatzea.

– Zaratak eta hautsak eragindako eragozpenak saihestea proiektuaren eraginpeko eremuaren inguruko biztanleei.

D.12.– Obra garbitzea eta amaitzea.

D.12.1.– Behin obra amaituta, garbiketa sakona egingo da, eta proiektuaren eragin-eremuan ezingo da gelditu obra arrastorik. Hondakinak lan-eremutik aterako dira, eta, haiek kudeatzeko, ebazpen honen aurreko apartatuetan hondakinak kudeatzeko xedatzen dena aplikatuko da.

D.13.– Ingurumen-aholkularitza.

D.13.1.– Obra amaitu arte eta haren bermealdian zehar, obra-zuzendaritzak ingurumenaren eta neurri babesle eta zuzentzaileen arloan kualifikatutako aholkularitza izan beharko du. Baldintza-agiriak horrelako gaien inguruan esleitzen dizkion eskumenak erabiliz obra-zuzendaritzak ebazpenik eman behar badu, aholkulariek txosten bat egin beharko dute aldez aurretik.

D.13.2.– Ingurumen-aholkularitzak, gainera, jardunbide egokien kontrola egingo du, obra gauzatzean. Besteak beste, proiektuko ekintzen eragina egiaztatuko du, bereziki honako hauei dagokienez: makinen mugimenduak, hauts- eta zarataren sorrera, hondakinen kudeaketa, ibai-ibilguen babesa eta natura-ondarearen kontserbazioa.

D.14.– Lan-programaren diseinua.

D.14.1.– Obrak hasi aurretik, kontratistak proposamen zehatzak egingo ditu azpiapartatu hauetan jasotako alderdiei buruz, gutxienez.

Lanak egiteko programari erantsiko zaizkio proposamen horiek, eta obren zuzendariak berariaz onartu beharko ditu, ebazpen honen D.13 apartatuan aipatzen den ingurumen-aholkularitzaren txostena jaso ondoren. Dokumentu hauek bilduko ditu aipatutako programak:

– Kontratistaren instalazioen eremuen kokalekuari eta ezaugarriei buruzko xehetasunak, pilaketak behin-behinean biltzeko eremua, makineria-parkeak, instalazioak eta materialak, ibilgailuak garbitzeko eremuak eta beste edozein azpiegitura adierazita.

– Xehetasun-kartografia bidez, zehatz-mehatz zedarrituko dira obrak gauzatzeko nahitaez bota behar ez diren zuhaitz autoktonoak eta intereseko habitatak.

– Hala badagokio, habien kokapenari edo intereseko fauna-aleen presentziari buruzko xehetasunak.

– Ibilgailuak, dekantazio-putzuak edo aurreikusitako beste gailu batzuk garbitzeko gailuen kokapena eta ezaugarriak.

E) Ingurumena Zaintzeko Programa.

Sustatzaileak proiektuaren ingurumen-inpaktuaren ebaluazioa egiteko aurkeztutako dokumentazioan aurreikusitakoaren arabera gauzatuko da ingurumena zaintzeko programa, eta ondoren zehaztuko diren kontrol hauek erantsi behar zaizkio.

Programa horrek obra kontratatzeko baldintza-agirietan sartuta egon behar du, eta bete ahal izatea bermatuko duen aurrekontua izango du.

E.1.– Gorabeheren erregistroa.

E.1.1.– Obrak egin ahala sortutako gorabeheren erregistroa egin beharko da, bai eta neurri babesle eta zuzentzaileen betetze-mailarena ere. Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzaren eskura egongo da erregistroa, hark ikuskatzeko, eta, nolanahi ere, lanak amaitutakoan, hari bidaltzeko, dagokion organoaren bidez. Proiektua egikaritzean aldaketak egin badira, xehetasunez adierazi beharko dira. Ingurumenean duten eraginaren ikuspegiaren arabera justifikatu beharko dira aipatutako aldaketak.

E.2.– Obraren okupazio-mugen kontrola.

E.2.1.– Egiaztatu egingo da lanen eremua proiektuko aurreikuspenekin bat datorrela; obrek ez dute hartuko aurrez ikusitako azalera baino eremu handiagoa.

E.2.2.– Era berean, instalazio lagungarrien eremuen kokapen egokia eta egoera kontrolatuko da, bai eta soberakinen biltegiena eta, halakorik balego, makineria-parkearena ere; gainera, bermatu egingo da horiek guztiek neurri zuzentzaile egokiak dauzkatela (drainatzea, dekantazio-sistemak, gurpilak garbitzeko sistemak, etab.).

E.3.– Ingurumena zaintzeko programari buruzko agiri bategina.

E.3.1.– Sustatzaileak Ingurumena Zaintzeko Programaren dokumentu bategin bat prestatu beharko du, zeinak jasoko baititu ingurumen-inpaktuaren azterketan proposatutako betebehar guztiak eta proiektuaren ingurumen-inpaktuaren adierazpena formulatzen duen ebazpenean ezartzen direnak.

Kontrolatuko diren parametroak eta parametro bakoitzerako erreferentziako balioak zehaztuko dira programa horretan, bai eta beste hauek ere: laginketarako eta analisirako metodologia; kontrol-puntuen kokalekua xehetasunezko kartografian; kontrol horien maiztasuna, eta guztia gauzatzeko aurrekontuaren xehetasunak.

Obra kontratatzeko baldintza-agirietan sartu beharko da programa.

E.4.– Ingurumena Zaintzeko Programaren emaitzak.

E.4.1.– Ingurumena zaintzeko programaren emaitzekin batera, ingurumen-gaietan espezializatutako entitate batek egindako txostena aurkeztu beharko da. Txosten horrek emaitzen analisia jasoko du –aipamen berezia egingo die aldi horretan izandako gorabehera garrantzitsuenei, haien balizko kausei eta konponbideei–, bai eta laginak hartzearen xehetasunak ere, aurrez zehaztu ez diren kasuetan.

E.4.2.– Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 52.2 artikuluan xedatutakoa betez, baldintzak edo ingurumen-inpaktuaren adierazpenean ezarritako prebentzio- eta zuzenketa-neurriak betetzeari buruzko jarraipen-txostenean, ingurumena zaintzeko programan aurreikusitako neurriak egiaztatzeko zerrenda bat jasoko da. Bai ingurumena zaintzeko programa eta bai egiaztapen-zerrenda publiko egingo ditu organo substantiboak bere egoitza elektronikoan, eta ingurumen-organoari argitalpen horren berri emango zaio.

E.4.3.– Ingurumena zaintzeko programaren barruko txosten eta analisien emaitzak behar bezala erregistratuko dira. Proiektuaren sustatzaileak datuak euskarri egokian bilduko ditu bi urtez gutxienez, eta datu horiek administrazio publikoen ikuskaritza-zerbitzuen eskura jarriko dira; hori guztia, hala ere, ez da eragozpen izango kasu bakoitzean aplikagarri den araudia betetzeko.

E.5.– Sustatzaileak aurkeztu beharreko dokumentazioa.

Sustatzaileak jarraian aipatzen diren agiriak aurkeztu beharko dizkio organo substantiboari, ingurumen-organoari helarazteko:

E.5.1.– Obrak hasi aurretik, proiektuaren ondorioz moztutako baso autoktonoaren azalera konpentsatzeko Proiektua, ebazpen honen D.1 apartatuan adierazitako zehaztapenekin.

E.5.2.– Lanak amaitutakoan, lanak egin bitartean izandako gorabeheren erregistroa eta babes- eta zuzenketa-neurrien betetze-mailarena, ebazpen honetako E.1. apartatuan araututakoaren arabera.

F) Neurri babesleak eta zuzentzaileak eta ingurumena zaintzeko programa aldatu ahal izango dira, bai eta, era berean, neurtu behar diren parametroak, neurketen maiztasuna eta parametroen mugak ere, hala komeni bada araudi berria indarrean jartzeagatik edo inplikatutako sistemen egiturari eta funtzionamenduari buruzko ezagutza garrantzitsu berrietara egokitzeko beharragatik. Ingurumen-organoak, era berean, alda ditzake babes- eta zuzenketa-neurriak eta ingurumena zaintzeko programa, jardueraren sustatzaileak hala eskatuta eta organo substantiboaren bidez, edo ofizioz. Hori guztia, ingurumena zaintzeko programan lortutako emaitzetan oinarrituta egingo da, edo sor daitezkeen ingurumen-inpaktuen aurrean ezarri diren babes-, zuzenketa- eta konpentsazio-neurriak nahikoa ez direla egiaztatzen bada.

Hirugarrena.– Proiektua gauzatzen hasteko epea lau urtekoa izango da, ingurumen-inpaktuaren adierazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen denetik aurrera. Epe hori igaro eta proiektua gauzatzen hasi ez bada, ingurumen-inpaktuaren adierazpen honek indarra galduko du, eta dagozkion ondoreak sortzeari utziko dio. Halakoetan, sustatzaileak berriro hasi beharko du proiektuaren ingurumen-inpaktua ebaluatzeko izapidea, non eta ez den erabakitzen ingurumen-inpaktuaren adierazpenaren indarraldia luzatzea. Hori guztia, bat etorriz abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 78.5 artikuluan eta abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 43. artikuluan ezarritakoarekin.

Laugarrena.– Aurreko apartatuan xedatutakoaren ondorioetarako, proiektuaren sustatzaileak aldez aurretik jakinarazi beharko dio ingurumen-organoari, organo substantiboaren bitartez, zer egunetan hasiko den proiektua gauzatzen.

Bosgarrena.– Ebazpen honen edukiaren berri ematea Eusko Jaurlaritzako Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasunaren Sailaren Bizkaiko Lurralde Ordezkaritzari.

Seigarrena.– Ingurumen-inpaktuaren adierazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitara dadila agintzea.

Vitoria-Gasteiz, 2026ko maiatzaren 22a.

Ingurumen Administrazioaren zuzendaria,

NICOLAS GARCIA-BORREGUERO URIBE.


Azterketa dokumentala