Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

108. zk., 2026ko ekainaren 10a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

LEHENDAKARITZA
2515

EBAZPENA, 2026ko maiatzaren 26koa, Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundearen zuzendariarena, emakumeen aurkako indarkeria-portaerei buruzko sentsibilizazio- eta prebentzio-jarduerak bultzatzen eta sustatzen dituzten erakunde, elkarte eta fundazioei 2026an dirulaguntzak emateko deialdia egin eta deialdi horren oinarriak arautzen dituena.

Emakumeen aurkako indarkeriak giza eskubideak eta emakumeen funtsezko askatasunak urratzen ditu. Horrek galarazten du emakumeek gizartean osotasunez partea hartzea eta gizaki legez duten ahalmena gauzatzea.

Emakumeen aurkako indarkeriaren tamainak eta ikusezintasunak elkar indartzen dute, eta bi oinarri dituzte: batetik, gizarteak indarkeriarekiko duen tolerantzia-maila handia, eta, bestetik, indarkeriazko portaerei eusten dieten balioen eta jarreren iraupena.

Emakumeen eta gizonen berdintasuna lortzeko eta emakumeen aurkako indarkeria errotik kentzeko, gizarte-portaera jakin batzuk aldatu behar dira, eta hori ez da gertatuko ez badira balioak, jarrerak eta usteak aldatzen. Oro har, balio-aldaketa hori kontzientzia kolektiboan, genero-rol eta -estereotipoei buruzko begirada kritikoan eta pertsona proaktiboak berdintasunean sustatzean datza, bai helduaroan, bai haur eta nerabeentzako hezkuntzan. Horretarako, beharrezkoa da lan egitea bai herritarrek genero-desberdinkeriei eta horien ondorioei buruz duten informazioan eta sentsibilizazioan, bai bizitza pertsonalaren, sozialaren, familiakoaren eta lanekoaren esparru guztietan berdintasun erreala eta eraginkorra lortzeko neurrietan.

Ildo horretan, funtsezkoa da sentsibilizazio-, informazio- eta prestakuntza-ekintzekin jarraitzea, emakumeen aurkako indarkeria mota guztiak hobeto ikusarazteko eta hori emakumeek jasaten duten desberdinkeria- eta diskriminazio-egoera abiapuntutzat hartuz azaldu ahal izateko, egoera horien guztien prebentzioa sustatuz. Xede horrekin, ezinbestekoa da erantzun integrala eta diziplina anitzekoa ematea emakumearen aurkako indarkeriaren aurrean; erantzun horretan, gizarte-eragile guztien jardunak bateratu behar dira, koordinatuta.

Emakumeen aurkako indarkeriazko portaerez sentsibilizatzeko eta halakoak prebenitzeko abian jarritako programak, erakunde publikoek ez ezik, arlo honetan diharduten irabazi asmorik gabeko erakunde eta elkarteek ere gauzatzen dituzte. Hortaz, egoki da indarkeria horri buruz sentsibilizatzeko eta hura prebenitzeko proiektuak, programak, ekintzak edo estrategiak abiarazten dituzten entitateei laguntzea.

Gainera, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako eta Emakumeen aurkako Indarkeria Matxistarik gabe bizitzeko Legearen testu bateginak, martxoaren 16ko 1/2023 Legegintzako Dekretuaren bidez onartuak, 27.3 artikuluan ezartzen duenez, EAEko administrazio publikoek lege honetan aurreikusitako helburuak lortzeko jarduerak egiten dituzten elkarte eta erakundeei lagunduko diete, eta entitate horiekin lankidetza publiko-pribaturako bideak sustatuko dituzte, emakumeen ahalduntzea bultzatzeko eta emakumeen aurkako indarkeria matxistako kasuak hautemateko eta biktimei laguntzeko espazioak sustatzeko.

Ikuspegi horrekin, Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundearen egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen urriaren 31ko 214/2006 Dekretuaren 2.2.q) artikuluak aurreikusten du, erakunde horren funtzioetako bat bezala, «nolako xedeak edo eginkizunak dituzten kontuan hartuta, Emakunderen helburuak lortzen lagundu dezaketen elkarte, fundazio eta enteekin harremanak ezartzea, bai eta haiekin lankidetzan aritzeko bideak ere».

Ezarritako arau-esparruarekin bat etorriz, deialdi hau Euskal Autonomia Erkidegoko Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako 2030 Estrategiaren IV. ardatzean ere sartzen da, zeina emakumeen aurkako indarkeria matxistarik gabeko bizitzak bermatzeari buruzkoa baita. Bereziki, genero-estereotipoen eta -aurreiritzien kontrako sentsibilizazioa sustatzen duten jarduketa-ildoei erreparatzen zaie (IV-11.4), bai eta hain onartuta ez dauden indarkeria-moduak ikusarazten dituztenei ere, hala nola sexu-indarkeria, indarkeria bikarioa, ekonomikoa, digitala edo jazarpena (IV-11.5).

Hori guztia dela medio, Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeak, ebazpen honen bitartez, helburu hau duten dirulaguntzak arautu eta horien deialdia egiten du: emakumeen aurkako indarkeriazko portaerak prebenitzeko eta haiekiko sentsibilizazioa sustatzeko egintzak garatzea.

Bestalde, indarrean dagoen Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundearen 2024-2027 aldirako Dirulaguntzen Plan Estrategikoaren babespean dago deialdi hori (Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeko zuzendariaren 2024ko urriaren 21eko Ebazpenaren bidez onartu zen). Era berean, honako hauetan zehaztutako dirulaguntzen araubidearen mende dago: Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legea; Dirulaguntzen azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorra; eta azken horren erregelamendua onartzen duen 887/2006 Errege Dekretua.

Horrenbestez, hau

EBAZTEN DUT:

Artikulu bakarra.– Deskribatutako helburu guztiak kontuan hartuta, emakumeen aurkako indarkeria-portaerei buruzko sentsibilizazio- eta prebentzio-jarduerak bultzatzen eta sustatzen dituzten erakunde, elkarte eta fundazioei 2026an dirulaguntzak emateko dirulaguntzen deialdi hau onartu eta horren oinarriak arautzen dira, publikotasun-, lehia- eta objektibotasun-irizpideen arabera, Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundearen zuzendariaren 2024ko urriaren 21eko Ebazpenean aurreikusten den bezala. Ebazpen horren bidez, Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundearen 2024-2027 aldirako Dirulaguntzen Plan Estrategikoa onartzen da.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA

Ebazpen honetan berariaz jasotzen diren dirulaguntzei, honako hauetan ezarritakoa aplikatuko zaie: Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legea; Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legea; Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legea eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorrean eta azken lege horren Erregelamendua onartzen duen 887/2006 Errege Dekretuan jasotako oinarrizko araudia.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA

Ebazpen honek amaitu egiten du administrazio-bidea. Aurka egiteko, interesdunek aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkeztu diezaiokete Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeko zuzendariari, hilabeteko epean, ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkeztu dezakete zuzenean, dagokion administrazioarekiko auzietako epaitegian, bi hilabeteko epean (ebazpena EHAAn argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera).

AZKEN XEDAPENETAKO HIRUGARRENA

Ebazpen honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2026ko maiatzaren 26a.

Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundearen zuzendaria,

MIREN ELGARRESTA LARRABIDE.

ERANSKINA
EMAKUMEEN AURKAKO INDARKERIA-PORTAEREI BURUZKO SENTSIBILIZAZIO- ETA PREBENTZIO-JARDUERAK BULTZATZEN ETA SUSTATZEN DITUZTEN ERAKUNDE, ELKARTE ETA FUNDAZIOEI 2026AN DIRULAGUNTZAK EMATEKO DEIALDIAREN OINARRIAK

1. artikulua.– Xedea.

1.– Ebazpen honen xedea da Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeak beherago zehazten diren erakunde, elkarte eta fundazioei –irabazte-asmorik bakoak badira– emateko dirulaguntzen deialdia egitea eta deialdi horren oinarriak arautzea, honako jarduera hauek egiteko: emakumeen aurkako indarkeriazko portaerak prebenitzeko eta haiei buruz sentsibilizatzeko proiektuak, programak edo egintza konkretuak gauzatzea, 2026. urtean zehar; betiere, aurrekontuan kontsignatutako kredituek ezartzen dituzten mugen barruan, eta Emakunderen xede eta helburuekin bat etorriz; besteak beste: EAEko bizitza politiko, ekonomiko eta sozialaren arloetan, emakumeen eta gizonen arteko berdintasun egiazkoa eta eragingarria lortzea; sexuen arteko berdintasuna errazten duten baldintzak sustatzea; berdintasunaren osotasuna egitez eta zuzenbidez galarazten duten eragozpenak ezeztatzea, eta Euskadin emakumearekiko diskriminazio-era guztiak kentzea.

2. artikulua.– Dirulaguntza jaso dezaketen proiektuak.

1.– Proiektuak eta jarduerak emakumeen aurkako indarkeriazko portaerei buruz sentsibilizatzera eta portaera horiek prebenitzera bideratu beharko dira.

a) Emakumeen aurkako indarkeria matxista dira bikotekidearen edo bikotekide ohiaren aurkako indarkeria, familia barrukoa, sexu-indarkeria, feminizidioa, emakumeen eta neskatilen salerosketa, sexu-esplotazioa, emakumeen genitalen mutilazioa, behartutako ezkontzak eta beste praktika tradizional kaltegarri batzuk, hertsapena edo askatasun-gabetze arbitrarioa, tortura, indarkeria instituzionala, jazarpena, genero-indarkeria politikoa, indarkeria digitala eta sare sozialetakoa, obstetrikoa, sexu- eta ugalketa-eskubideen urraketa, bai eta emakumeen eta neskatilen duintasuna, osotasuna edo askatasuna urratzen duen edo urra dezakeen beste edozein indarkeria-mota ere, nazioarteko tratatuetan, Espainiako Zigor Kodean edo estatuko edo autonomia-erkidegoko araudian aurreikusita badago. Hori guztia, kontuan izan gabe alor publikoan edo pribatuan gertatzen den; horren barnean sartzen dira, besteak beste, eremu hauek: familia, lana, hezkuntza, osasuna, kirola, komunitatea, komunikabideak, aisialdi- eta jai-espazioak eta eremu birtuala.

Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako eta Emakumeen aurkako Indarkeria Matxistarik gabe bizitzeko Legearen testu bateginaren 54. artikuluaren 3. eta 4. apartatuen arabera –martxoaren 16ko 1/2023 Legegintzako Dekretuaren bidez onartua–, emakumeen aurkako indarkeria matxistatzat hartzen da, halaber, biktimei laguntzen dieten pertsonen aurka erabilitako indarkeria, bai eta haien ingurune hurbilean edo afektiboan gauzatutakoa ere, batez ere seme-alaben edo beste senide batzuen aurka, emakumea laidotzeko borondatearekin.

b) Diruz lagundu daitezkeen proiektuak prebentzio-tipologia hauetakoren batean sartu beharko dira:

Lehen mailako prebentzioa, emakumeen aurkako indarkeria matxista ager ez dadin.

Bigarren mailako prebentzioa, arrisku- edo kalteberatasun-testuinguruetan emakumeen aurkako indarkeria matxista goiz detektatzeko.

Hirugarren mailako prebentzioa, emakumeen aurkako indarkeria matxistako egoerak –dagoeneko identifikatuta daudenak– errepikatu edo larriagotu ez daitezen, betiere biktimentzako zuzeneko arreta kanpoan utzita.

2.– Honako hauek espresuki geratzen dira deialdi honetatik kanpo:

a) Helburu bakartzat indarkeriaren biktima diren emakumeei zuzeneko arreta, esku-hartzea edo laguntza ematea duten proiektu, programa edo jarduerak.

b) Izaera ludikoa edo aisialdikoa duten proiektuak, programak edo jarduerak, baldin eta zuzeneko eta funtsezko loturarik ez badute emakumeen aurkako indarkeria matxistaren kontrako prebentzioarekin edo sentsibilizazioarekin.

3. artikulua.– Baliabide ekonomikoak.

Aurreko artikuluan aurreikusitako helburuetara bideratutako baliabide ekonomikoak Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundearen aurrekontuetan horretarako ezarritako kredituetatik etorriko dira, eta esleitutako zenbatekoa hirurehun mila (300.000) eurokoa izango da, Euskal Autonomia Erkidegoko 2026. urteko Aurrekontu Orokorrak onartzen dituen abenduaren 23ko 7/2025 Legean jasotzen den bezala.

4. artikulua.– Erakunde onuradunak.

1.– Ebazpen honetan araututako dirulaguntza irabazi asmorik gabeko erakunde, elkarte eta fundazioei zuzenduta dago, baldin eta beren helburu edo jarduketen artean Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundearen xede edo helbururen bat jasotzen badute –ebazpen honen 1.1 artikuluan jasoak– eta, era berean, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 13. artikuluan jasotako debekuren baten eraginpean ez badaude, beren jarduera Euskal Autonomia Erkidegoan garatzen badute eta egoitza soziala Euskal Autonomia Erkidegoan badute, bai eta Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioei buruzko ekainaren 2ko 9/2016 Legearen aplikazio-eremuan dauden fundazioei ere.

2.– Ebazpen honen 4.1 artikuluan jasotako betekizunak betetzen dituzten entitate eskatzaileek egunean izan beharko dituzte zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak, bai eta dirulaguntzak itzultzeko betebeharrak ere. Baldintza horiek eskatuko dira bai onuradun izateko, bai izaera horri eusteko dirulaguntzaren likidazioa egin arte, eta egiaztatuko da betetzen direla dirulaguntza ematean eta ordainketak egitean.

3.– Ez dira entitate onuradun izango xede partikularrak dituzten federazio, erakunde eta elkarteak, Euskadiko Elkarteei buruzko ekainaren 22ko 7/2007 Legearen 5. artikuluan ezarritako sailkapenarekin bat etorriz.

4.– Ezingo zaie laguntzarik edo dirulaguntzarik eman sexuan oinarrituta diskriminatzen duten jarduerei, ezta sexuan oinarrituta diskriminatzeagatik edo emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloko araudia ez betetzeagatik administrazio- edo zigor-zehapenen bat ezarri zaien pertsona fisikoei eta juridikoei ere, dagokion zehapenean ezarritako denbora-tarte osoan. Laguntza eta dirulaguntzetatik kanpo geratuko dira, halaber, estatu-araudiaren arabera berdintasun-plan bat indarrean izan behar duten arren halakorik ez duten entitateak, eta estatu-legediak emakumeen eta gizonen berdintasunaren esparruan finkatzen duen bezala sexu-jazarpena edo sexuan oinarritutako jazarpena prebenitzeko edo haien aurka egiteko neurriak ezarri dituztela egiaztatzen ez duten 50 langile edo gehiagoko enpresak.

5. artikulua.– Laguntzak emateko prozedura eta diru-zenbatekoaren zehaztapena.

1.– Laguntzen esleipena behingoan egingo da, egintza bakarrean, eta lehia-konkurrentziaren teknika erabiliko da.

Horretarako, garaiz eta behar bezala aurkeztutako eskaerak aztertuz esleituko dira laguntzak. Artikulu honetan zehaztutako irizpide eta baremoei jarraiki, onartzen den aurrekontuaren % 100 finantzatu daiteke, baina proiektu bakoitzak 12.000 euro jasoko ditu, gehienez ere. Hor, proiektuaren xede diren jarduera guztiak sartuko dira. Entitate onuradun bakoitzeko bi jarduera lagundu daitezke, gehienez ere.

Ildo horretan, onartutako proiektutik ondorioztatzen den zenbatekoari dirulaguntzaren kalkulua aplikatuko zaio, artikulu honen 3. apartatuan ezarritakoarekin bat etorriz.

2.– Eskabideak behar bezala baloratu ondoren, eskaera horien lehentasuna ezarri ondoren, laguntzak esleituko dira puntuazio-ordenaren arabera, ebazpen honen 2. artikuluan adierazitako zuzkidura ekonomikoa agortu arte, betiere proiektuen balorazio-prozesuan dirulaguntza jasotzeko gutxieneko puntuazioa lortu bada, hau da, 50 puntu edo gehiago.

Bi entitatek edo gehiagok proiektuen balorazio-fasean puntuazio berdina lortu badute, eta betiere dirulaguntzaren onuradun izateko gutxieneko puntuazioa gainditu bada eta entitate guztientzako aurrekontu-krediturik ez badago, eskabide horiek aurkeztu diren dataren araberako lehentasun-ordenari jarraituko zaio.

3.– Aurkeztutako aurrekontua onartzeko, honako irizpide hauek hartuko dira kontuan:

Dirulaguntza kalkulatzeko erreferentziatzat hartuko den gehieneko zenbatekoa 12.000 eurokoa izango da proiektuko; edozein delarik proiektuaren guztizko kostua, edo Emakunderi eskatutako zenbatekoa kopuru hartatik gorakoa bada ere.

Gauzatu beharreko proiektuen zenbatekoa 12.000 eurotik gorakoa bada, justifikatu beharreko zenbatekoak gehienez ere 12.000 euroko proiektuetarako ezarritako ehunekoetara egokitu beharko dira. Nolanahi ere, ehunekoak berregokitu egin beharko dira, benetan emandako zenbatekoaren arabera.

Deialdi honetan lehiatuko den entitate bakoitzak eskatutako zenbatekoa 12.000 eurotik beherakoa izan daiteke proiektuko edo jarduerako; eta, kasu horretan, hautaketa- eta jarraipen-batzordeak zenbateko horri egotzitako gastuak onartzen baditu, zifra hori onartutako aurrekontutzat joko da.

6. artikulua.– Dirulaguntza jaso dezaketen gastuak.

1.– Diruz lagundu daitezkeen gastutzat hartuko dira bat datozenak, zalantzarik gabe, diruz laguntzen den jardueraren izaerarekin, behar-beharrezkoak direnak eta dirulaguntzaren oinarri arautzaileetan ezarritako epean egiten direnak. Gainera, entitateak aurkezten duen proiektuaren aurrekontu banakatu eta xehatuan jaso beharko dira. Hauek dira diruz lagundu daitezkeen gastuak:

a) Proiektuari, programari edo jarduerari zuzenean lotutako gastuak, hala nola materialak, prestakuntza, inprenta, zabalkundea, joan-etorriak, aretoen alokairua, telefonoa, etab.

b) Ez dira diruz lagunduko entitate eskatzailearen ohiko funtzionamendutik eratorritako gastu orokorrak, hala nola elektrizitatearen kontsumoa, gasa, telefono-zerbitzuak, altzarien erosketa, ekipamendu informatikoa edo beste azpiegitura-gastu batzuk. Hala ere, gastu horiek proiektuari egotzi ahal izango zaizkio, aurkeztutako jardueraren aurrekontu osoaren % 10eko gehieneko mugara arte, edo, hala badagokio, proiektu bakoitzeko 12.000 euroko gehieneko mugara arte, betiere baxuena den zenbatekoa aplikatuta. Muga hori aplikatuko da aurkeztutako proiektuaren kostu osoak zenbateko hori gainditzen duenean ere.

c) Langileak kontratatzeko gastuak (soldatak eta Gizarte Segurantza). Kontratatutako pertsona ez bada proiektuan modu esklusiboan aritzen, eskatutako kostuak proiektuari eskaintzen dion eguneko lanaldiarekiko proportzionalak izango dira.

d) Prestatzaileen edo dinamizatzaileen eta proiektua gauzatzeko kontratatutako langileen dieten gastuak (joan-etorriak, ostatua eta otorduak). Dietak zehazteko garaian, kontuan hartuko da otsailaren 2ko 16/1993 Dekretua, Zerbitzuen ondoriozko kalte-ordainei buruzkoa.

e) Jarduera egiteko lokalak alokatzeko gastuak, betiere proiektuaren xede den jarduerarekin zuzenean eta esklusiboki lotuta badaude eta entitate eskatzailearen jabetzakoak ez badira edo entitate horrek ohiko funtzionamendurako alokatu ez baditu.

Diruz lagundu ahal izango dira proiektua gauzatzeko beharrezkoak diren zerbitzuak azpikontratatzearen ondoriozko gastuak, hala nola profesionalak, espezialistak edo kanpoko entitateak kontratatzearen ondoriozkoak, betiere zerbitzu horiek zuzenean lotuta badaude proiektuaren helburuekin eta jarduerekin. Hala ere, azpikontrataziora bideratutako zenbateko osoak ezin izango du gainditu aurkeztutako proiektuaren aurrekontu osoaren % 20, edo, halakorik ezean, ezarritako dirulaguntzaren gehieneko mugaren (12.000 euro proiektuko) % 20, eta bi horietatik baxuena den muga aplikatuko da beti. Muga hori aplikatuko da proiektuaren kostu osoak gehieneko muga hori gainditzen duenean ere.

Azpikontratatutako zerbitzuek Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 31. artikuluan xedatutakoa bete beharko dute. Artikulu horrek dirulaguntza publikoen esparruan azpikontratazioari aplikatu beharreko betekizunak eta baldintzak ezartzen ditu.

2.– Gastu hauek ez dira diruz laguntzeko modukotzat hartuko:

a) BEZ kengarriaren zenbatekoa, entitate eskatzaileak zerga horren aitorpena egin behar badu. Inbertsio-gastuak ere ez dira diruz lagunduko.

b) Festetako, ekitaldietako eta aurkezpenetako janari- eta edari-gastuak, bai eta bazkide, langile edota boluntarioentzat prestatutako edozein ospakizun edo otordu ere.

c) Hautaketa- eta jarraipen-batzordearen iritziz diruz laguntzeko modukotzat ez diren beste gastu batzuk.

3.– Dirulaguntzaren zenbatekoa baremo hauen arabera kalkulatuko da:

– Onartutako aurrekontuaren % 100 arte, esleipen-irizpideen arabera 91 eta 100 puntu artean lortzen duten proiektuentzat.

– Onartutako aurrekontuaren % 90 arte, esleipen-irizpideen arabera 81 eta 90 puntu artean lortzen duten proiektuentzat.

– Onartutako aurrekontuaren % 80 arte, esleipen-irizpideen arabera 71 eta 80 puntu artean lortzen duten proiektuentzat.

– Onartutako aurrekontuaren % 70 arte, esleipen-irizpideen arabera 61 eta 70 puntu artean lortzen duten proiektuentzat.

– Onartutako aurrekontuaren % 60 arte, esleipen-irizpideen arabera 51 eta 60 puntu artean lortzen duten proiektuentzat.

– Onartutako aurrekontuaren % 50 arte, esleipen-irizpideen arabera 50 puntuko puntuazioa lortzen duten proiektuentzat.

4.– Dirulaguntzaren guztizko zenbatekoa dagokion proiektuaren onartutako aurrekontuari lortu den puntuazioa aplikatzetik ondorioztatzen dena izango da, harik eta aurrekontua agortu arte.

5.– Ebazpen-proposamenean, entitate onuradunen zerrenda jasoko da, eta entitate bakoitzari diruz lagunduko zaizkion proiektuak eta bakoitzari emandako zenbatekoak zehaztuko dira. Horrez gain, ordezko entitate eskatzaileen zerrenda jasoko da, hurrenkeran, onuradunen batek uko egiten badio ere, betiere balorazioan 50 puntu edo gehiago lortu badituzte. Entitate horiei dagokienez, ordezkotza-ordenaren arabera zerrendatuta, proiektuak identifikatuko dira, eta uko eginez gero laguntzak izango duen gehieneko zenbatekoa adieraziko da, zeina ez den inola ere uko egin duen entitate onuradunari esleitutakoa baino handiagoa izango, ezta hautaketa-fasean lortutako puntuazio-irizpidearen aplikazioz eta deialdian behar adinako zuzkidura ekonomikoa izanez gero esleituko zitzaiona baino handiagoa ere.

Ordezko entitateek egin beharreko proiektuak 15. artikuluan xedatutakoaren araberakoak izango dira, eta ezin izango da haien gauzatze-epea luzatu.

7. artikulua.– Eskabideak aurkezteko eta formalizatzeko epea.

1.– Eskabideak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

2.– Eskabideak baliabide elektronikoak erabiliz bakarrik aurkeztu beharko dira, eskabide-ereduaren arabera, behar bezala eta oso-osorik beteta, eta hurrengo artikuluan adierazitako dokumentazioa erantsita, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 14.2 artikuluan ezartzen denez. Hortaz, eskabideak Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan aurkeztu beharko dira: https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/0082912

Elektronikoki izapidetu ahal izango da, ordezkari baten bidez. Horretarako, ordezkaritza Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren ahalordetzeen Erregistro Elektronikoan inskribatu ahal izango da, helbide honetan: https://www.euskadi.eus/ordezkariak

Entitate bakoitzeko bi proiektu aurkeztuko balira, bakoitza eskabide batean aurkeztuko beharko litzateke.

3.– Eskaeraren osteko izapideak helbide honetan egingo dira, bide elektronikoz: https://www.euskadi.eus/nirekarpeta

4.– Prozedura honetako izapide guztiak bitarteko telematiko bidez egin ahal izateko, entitate eskatzaileek Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoak onartutako edozein egiaztagiri elektroniko erabili ahal izango dute. Onartutako egiaztagiri elektronikoak esteka honen bidez kontsultatu ahal izango dira: https://www.euskadi.eus/ziurtagiri-elektronikoak

5.– Entitateek eskabidea eta dokumentazioa euskaraz edo gaztelaniaz aurkez ditzakete, nahi duten eran. Prozeduran zehar, entitateak hautatutako hizkuntza erabiliko da, Euskararen erabilera normalizatzeari buruzko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legearen 5.2.a) eta 6.1 artikuluetan ezarritakoaren arabera.

8. artikulua.– Eskabideak eta aurkeztu beharreko dokumentazioa.

1.– Eskabidearekin batera, entitate interesdunek honako agiri hauek aurkeztu beharko dituzte:

a) Proiektuaren datuak, I. eranskinaren arabera. Proiektuaren aurrekontuan banakatuta eta berariaz adierazita utzi beharko dira dirulaguntza eskatzen duen erakunde bakoitzari egotz dakizkiokeen zenbatekoak, ehunekoak eta kontzeptuak, eta, era berean, justifikazio-fasean, proiektua diruz laguntzen duen administrazio bakoitzari egotz dakiokeen kontzeptu bakoitza zehaztu beharko da.

b) II. eranskina, beteta, non eskabidearekin batera igortzen diren dokumentuen zerrenda adierazten baita.

c) 12. artikuluan aurreikusitako esleipen-irizpideak egiaztatzeko aukera ematen duen beste agiri oro, baremazioa egiteko.

2.– Gehienez ere bi proiektu edo bi programa ezberdin aurkeztu ahal izango ditu entitate bakoitzak.

3.– Entitate eskatzaileak, ondoren zehazten diren eskakizunak betetzen dituela frogatzeko, erantzukizunpeko adierazpena baliatu ahal izango du, eskabidean bertan ageri den ereduaren arabera:

a) Entitate eskatzailea legez eratuta egotea eta, elkartea edo fundazioa bada, elkarteen edo fundazioen erregistroan erregistratuta egotea.

b) Eskatutako laguntza jarduera berberetarako aitortu edo ordaindutako beste batzuekin bateragarria izatea baimenduta egonik, gainfinantzaketarik ez izatea. Nolanahi ere, eskatzaileak etorkizunean helburu bererako jaso ditzakeenak jakinarazi beharko ditu, laguntza likidatu arteko aldian.

c) Ez egotea laguntza edo dirulaguntza publikoak lortzeko aukera galtzea dakarren epai irmo batez kondenatuta, delitu hauetakoren bat egiteagatik: prebarikazioa, funtzionario-eroskeria, ondasun publikoak bidegabe erabiltzea, influentzia-trafikoa, iruzurrak eta legearen aurkako ordainarazpenak edo hirigintza-delituak.

d) Ez izatea dirulaguntzak jasotzea galarazten dion zehapen-ebazpen irmorik, halakorik ezartzen duen edozein legeren arabera. Zehazki, ez izatea zehapen administratibo edo penalik sexuagatiko diskriminazioagatik edo emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloko araudia ez betetzeagatik, edo zehapenean ezarritako aldia igaro izana.

e) Egunean egotea dirulaguntzak itzultzeko betebeharren ordainketari dagokionez, Ekonomia eta Ogasuneko sailburuaren 2023ko otsailaren 13ko Aginduaren 4. artikuluan xedatutakoaren arabera (Agindua, 2023ko otsailaren 13koa, Ekonomia eta Ogasuneko sailburuarena, Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontu orokorren kontura ematen diren laguntzen eta dirulaguntzen esparruan bai zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak bai dirulaguntzak itzultzeari buruzkoak betetzen direla egiaztatzeari buruzkoa).

f) Estatuko araudiaren arabera, berdintasun-plan bat indarrean izateko betebeharra bete gabe ez izatea, ez eta sexu-jazarpena edo sexuagatiko jazarpena prebenitzeko eta hari aurre egiteko neurriak ezartzeko betebeharra ere, Estatuko legeriak emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloan ezarritako baldintzetan (50 langile edo gehiagoko enpresak).

g) Elkarte ordezkatua ez egotea Elkartzeko Eskubidea arautzen duen martxoaren 22ko 1/2002 Lege Organikoaren 4. artikuluko 5. eta 6. paragrafoetan aurreikusitako debeku-kausen eraginpean.

h) Zerga arloko eta Gizarte Segurantzako betebeharrak betetzea, legez ezarritakoaren arabera (Ekonomia eta Ogasuneko sailburuaren 2023ko otsailaren 13ko Aginduaren 6.6 eta 8. artikuluen kasuan –agindu hori Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontu orokorren kontura ematen diren laguntzen eta dirulaguntzen esparruan bai zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak, bai dirulaguntzak itzultzeari buruzkoak betetzen direla egiaztatzeari buruzkoa da–).

i) Fundazioen kasuan, estatutuak Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioei buruzko ekainaren 2ko 9/2016 Legean xedatutakora egokitu izana, eta egokitzapen hori Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroan gordailutu izana (Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioei buruzko ekainaren 2ko 9/2016 Legearen 1. xedapen iragankorra).

j) Ez eragin izana, kausaren batean errudun deklaratu dutelako, administrazioarekin egindako kontratu baten suntsiarazpen irmorik.

k) LGTBI-fobiarik egin, bultzatu edo sustatu ez izana, barne hartuta konbertsio-terapiak sustatzea edo egitea (otsailaren 28ko 4/2023 Legearen 82. artikulua).

l) Desgaitasuna duten pertsonentzat legez ezarritako erreserba-kuota bete gabe ez izatea, hori betetzeko neurri alternatiboak abian jarri direla egiaztatu gabe.

m) Indarrean dauden arauetan ezarritako betekizunak betetzea.

n) Egiazkoak eta osoak izatea eskabide honetako datu guztiak, baita aurkeztutako dokumentu guztiak ere, eta bere gain hartzea horren erantzukizuna (39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena; 28.7 artikulua).

Erantzukizunpeko adierazpen batean edo komunikazio batean jasotzen den datu edo informazioren bat zehaztasunik gabea edo faltsua bada edo aurkeztu ez bada, edo administrazio eskudunari ez bazaio aurkezten erantzukizunpeko adierazpena, edo deklaratzen dena betetzen dela egiaztatzeko eskatzen den dokumentazioa, edo komunikazioa, orduan ezinezkoa izango da dena delako eskubidea baliatzen edo jardueran aritzen jarraitzea, egitate horien berri izaten den unetik bertatik aurrera, hargatik eragotzi gabe izan litezkeen erantzukizun penal, zibil edo administratiboak (39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena; 69.4 artikulua).

4.– Ebazpen-proposamenean onuradun gisa proposatutako entitateek deialdiaren 8.3 artikuluan ezarritako betekizunak egiaztatu beharko dituzte beharrezko dokumentazioa aurkeztuta, eta, zehazki, deialdiaren 8.3.a), 8.3.e) eta 8.3.h) artikuluetan jasotako puntuak.

5.– Dirulaguntza mota honi buruzko aurreko deialdietan parte hartu ez duten entitateek edo aurkeztu ziren azken deialdiaz geroztik entitatean aldaketak izan dituztenek honako agiri hauek ere aurkeztu beharko dituzte:

a) Identifikazio Fiskaleko Txartelaren kopia.

b) Entitatearen estatutuen kopia.

c) Egiaztagiria, dagokion foru ogasunak egina, entitate eskatzailea BEZaz salbuetsita dagoela egiaztatzeko.

6.– Jardueren artean prestakuntza ematea duten proiektuetan (tailerrak, ikastaroak edo antzekoak), entitate eskatzaileak egiaztatu beharko du berdintasunaren edo emakumeen aurkako indarkeriaren arloan prestakuntza edo esperientzia dutela tailer edo ikastaro horiek emango dituztenek.

Gutxienez 150 orduko prestakuntza egiaztatu beharko dute, dela irakaskuntza zentro publiko edo pribatu baten titulazio akademikoaren bidez, baldin administrazio eskudunak balio akademiko ofiziala duten tituluak ematea onartu badio, dela emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloan edo emakumeen aurkako indarkeria matxistaren arloan gutxienez urtebeteko esperientzia profesionalaren bidez, arlo horretan konpetentzia egiaztatzen duten lanak zehaztuta.

Prestakuntza emateaz arduratuko diren pertsonek proiektua gauzatu aurretik kontratatuta egon beharko dute, edo, bestela, proiektua aurkezten den egunean ezagutzera eman beharko dute nortzuk diren eta zein den arlo horietan duten berariazko gaitasuna. Ez dira diruz lagunduko prestakuntza hori ematen duen pertsonaren prestakuntza edo esperientzia espezializatua jasota ez duten proiektuak, bai entitateko langileei berdintasunari edo emakumeen aurkako indarkeriari buruzko prestakuntza ematen bazaie, bai entitatetik kanpoko erabiltzaileei prestakuntza ematen bazaie.

Eman beharreko prestakuntzaren edukia eta kronograma, bai eta gainerako jarduerena ere, dirulaguntzara aurkezten den proiektuan aurkeztu beharko dira, eta proiektua amaitutakoan justifikatu.

7.– Eusko Jaurlaritzan edo haren organismo autonomoetan dauden agiriak ez dira berriz aurkeztu beharko. Horrelakoetan, agiriak noiz eta zein organo edo bulegotan aurkeztu ziren adierazi beharko da eskabidean, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 53.1.d) artikuluan ezarritakoaren arabera.

8.– Administrazioak, edozein unetan, jatorrizko dokumentazioa entregatzeko eska dezake, benetakoa dela egiaztatzeko.

9.– Hautaketa eta jarraipen batzordeak egoki deritzon informazio osagarria eska dezake, hain justu ere entitate eskatzaileek aurkeztutako datuak ezagutu eta egiaztatzeko.

10.– Entitate eskatzaileek zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak betetzen dituztela automatikoki egiaztatuko du, behar beste aldiz, organo kudeatzaileak, eta horretarako ez du eskatzaileen baimenik beharko, salbu eta berariaz ukatzen badute egiaztapen elektronikoa egiteko baimena, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren Erregelamendua onartzen duen uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren 22.4 artikuluaren arabera. Kasu horretan, interesdunak konpromisoa hartzen du agiriok aurkezteko.

9. artikulua.– Aurkeztutako eskabideetan egindako akatsak zuzentzea.

Dirulaguntza-eskabideak behar bezala betetzen ez badira edo 8. artikuluan eskatutako agiriren bat falta bada, falta den agiria aurkezteko edo atzemandako hutsa zuzentzeko eskatuko dio Emakundek interesdunari, eta, horretarako, hamar eguneko epea emango dio, jakinarazpena egin eta biharamunetik aurrera. Horrez gain, ohartaraziko zaio ezen, eskatutakoa egin ezean, eskabidean atzera egin duela ulertuko dela; horretarako, ebazpena emango da aurretiaz, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 21. eta 68. artikuluetan ezarritakoari jarraikiz.

10. artikulua.– Prozeduran esku hartzen duten organoak.

1.– Oinarri hauetan araututako dirulaguntzak emateko prozeduran, fase bakoitzaren ondorioetarako, honako hauek esku hartuko dute:

a) Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeko Idazkaritza Nagusia, prozedura bideratzeko ardura duen organo gisa.

b) Hautaketa eta Jarraipen Batzordea, eskabideak oinarri hauetan ezarritako irizpideen arabera ebaluatzeaz arduratuko den kide anitzeko balorazio-organoa den aldetik.

c) Idazkaritza Nagusia; ebaluazioaren ondoren, dagokion ebazpen-proposamena egingo du.

d) Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeko zuzendaria, prozedura ebazteko organo eskuduna den aldetik.

2.– Organo bakoitzak oinarri hauek eta aplikatu beharreko araudiak esleitzen dizkioten eginkizunak beteko ditu, hargatik eragotzi gabe prozedura behar bezala izapidetzeko behar diren jarduketa osagarriak.

11. artikulua.– Hautaketa- eta jarraipen-batzordea.

1.– Hautaketa- eta jarraipen-batzordea eratuko da aurkeztutako eskabideak aztertu eta ebaluatzeko eta emandako dirulaguntzen jarraipena egiteko. Batzorde horrek deialdi honetan ezarritako betekizunak betetzen direla egiaztatuko du.

2.– Hautaketa- eta jarraipen-batzordeko kideak:

Batzordeburua: Administrazio Arloko arduraduna.

Ordezkoa: Herritarren Berdintasunerako Eskubideak Defendatzeko Arloko arduraduna.

Bokalak:

– Emakumeen aurkako Indarkeriaren Arloko arduraduna.

Ordezkoa: Emakumeen aurkako Indarkeriaren Arloko teknikaria.

– Aholkularitza Juridikoaren Arloko arduraduna.

Ordezkoa: Aholkularitza Juridikoaren Arloko teknikaria.

– Emakumeen aurkako Indarkeriaren Arloko teknikaria.

Ordezkoa: Emakumeen aurkako Indarkeriaren Arloko teknikaria.

Idazkaria: Aholkularitza Juridikoaren Arloko arduraduna, edo, hala badagokio, haren ordezkoa.

3.– Hautaketa- eta jarraipen-batzordeak erabakiak gehiengo soilez hartuko ditu, ebazpen honen 12. artikuluan ezarritako balorazio-irizpideen eta Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legearen 17. artikuluan xedatutakoaren arabera, eta balorazio-txosten bat egingo du, instrukzio-organoak egingo duen ebazpen-proposamenaren oinarri izango dena.

12. artikulua.– Balorazio-irizpideak.

1.– Proiektu bakoitzak lor dezakeen gehieneko balorazioa ehun (100) puntu dira, ondoren aipatzen diren irizpideen arabera banatzen direnak:

a) Proiektuaren kalitate teknikoa. 41 puntu, gehienez; honako era honetan banatuta:

– Argitasuna eta laburtasuna proiektua idaztean (4 puntu, gehienez).

– Ikuspegi intersekzionala praktikan txertatzea jardueretan eta metodologian (4 puntu, gehienez).

– Helburu orokorrak eta espezifikoak definitzea; ondo xehatu behar dira, eta koherenteak izan behar dute egindako proposamenarekin (4 puntu, gehienez).

– Proiektua egiteko eta jarduerak ebaluatzeko erabiliko den metodologia: metodologiak deskribatzea, ebaluazio-adierazleak txertatzea, eta abar (5 puntu, gehienez).

– Proiektua garatu edo inplementatzearen bideragarritasuna: egutegia eta aurrekontua (4 puntu, gehienez).

– Proiektuaren originaltasuna eta sormena: helburuak, jarduerak eta metodologiak zehaztean, ikuspegi edo osagai berritzaileak sartzea, edo proiektuari balio erantsia ematen diotenak (4 puntu, gehienez).

– Giza eskubideen aldeko ibilbidea: giza eskubideak defendatzeko eta sustatzeko ekintzetan izandako ibilbidea, ekintza kopuruaren eta haien inpaktuaren arabera (4 puntu, gehienez).

– Beste problematika batzuk ere (adikzioak eta osasun mentala) badituzten emakumeekin lan egiten izandako esperientzia: adikzioekin eta osasun mentalarekin lotutako problematikak dituzten emakumeei zuzendutako ekintzetan izandako ibilbidea, ekintza-kopuruaren eta haien inpaktuaren arabera (4 puntu, gehienez).

– Entitate eskatzailearen egitura eta kudeaketa-gaitasuna, baliabide teknikoei, pertsonalei (jarduerak egiteko ardura duen taldearen prestakuntza teorikoa genero-ikuspegian eta lanbide-profila) eta materialei dagokienez: aurreikusitako jarduerak gauzatzeko baliabide tekniko eta material nahikoak eta egokiak, eta jarduerak egiteko ardura duten langileek genero-ikuspegiko prestakuntza izatea eta antzeko jarduerak egiten esperientzia profesionala izatea (4 puntu, gehienez).

– Diskriminazio anizkoitza jasaten duten kolektibo onuradunak sartzea proiektuan: diskriminazio anizkoitza jasaten duten pertsonek edo kolektiboek parte hartzea proiektuko jardueretan, Berdintasunerako Legearen 3.1 artikuluaren arabera (4 puntu, gehienez).

b) Proiektuaren onura soziala. 41 puntu, gehienez; honako era honetan banatuta:

– Emakumeen kontrako indarkeria-modu guztien biktimen elkarteek aurkeztutako proiektuak (13 puntu, gehienez).

– 21 urtetik beherako edo 65 urtetik gorako emakumeek gidatutako proiektuak (4 puntu, gehienez).

– Esku-hartzearen lurralde-eremuaren hedadura eta hartzaile-kopurua: jardueren garapena tokiko, lurraldeko edo EAEko mailan, eta modu koherente eta egokian artikulatzea esku-hartzearen lurralde-eremuaren, hartzaile-kopuruaren eta proiektuaren jardueren artean (4 puntu, gehienez).

– Kolektibo hartzailearengan espero den eragin-maila: proiektuaren exekuzioaren iraupenetik harago eragin positibo iraunkorra sustatzen duten proiektuaren alderdiak (diagnostikoa, metodologiak, biztanleria, jarduerak, ebaluazioa, etab.) (4 puntu, gehienez).

– Etorkizunean proiektuarekin jarraitzearen egokitasuna eta estrategia (4 puntu, gehienez).

– Beste elkarte/erakunde/fundazio batzuekin sarean lan egitea, proiektua gauzatzeko: beste elkarte/erakunde/fundazio batzuekin lankidetzan aritzea, proiektuko jarduerak gauzatzeko (4 puntu, gehienez).

– Proiektuaren aurrekariak: inpaktuari buruzko datuak edo ebidentziak eta aurreko emaitzak, eta hobekuntzak edo egokitzapenak sartzea: aurkeztutako proiektua identifikatzeko aurrekari izan diren jarduketen emaitzen balorazioa, eta balorazioaren arabera hobekuntzak edo egokitzapenak sartzea (4 puntu, gehienez).

– Zabalkunde-tresnak: aurkeztutako proiektua behar bezala zabaldu edo hedatzeko erabilitako tresna, mekanismo eta bideen kopurua eta horien irismena, aurkeztutako proiektuarekin bat etorriz (4 puntu, gehienez).

c) Euskararen erabilera: zer neurritan sustatzen edo lehenesten den euskararen erabilera jardueraren hedapenean eta garapenean, proiektua zer testuinguru soziolinguistikotan kokatuta dagoen kontuan hartuta (4 puntu, gehienez).

d) Lehentasunezko gaiak edo gai estrategikoak dituzten proiektuak (14 puntu, gehienez).

Horretarako, 2026. urterako, lehentasunezko gai edo gai estrategiko hauek zehazten dira:

Emakumeen aurkako indarkeria matxistak ingurune digitalean.

Sexu-indarkeriak.

Biktimen erreparazioa.

Emakumeen aurkako indarkeria matxistaren detekzio goiztiarra osasunaren eta enpleguaren eremuetan.

Adineko emakumeen aurkako indarkeria matxista.

2.– Dirulaguntza jasotzeko, proiektuek berrogeita hamar (50) puntu lortu behar dituzte, gutxienez.

13. artikulua.– Ebazpen-proposamena.

1.– Deialdian aurkeztutako eskabideak prozedura bakar baten bitartez izapidetuko dira, eta Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundearen zuzendariak ebatziko du prozedura hori. Ebazpenak interesdunek proposatutako gai guztiei buruzko erabakiak hartuko ditu.

Eskabideak ebaluatu ondoren, Hautaketa eta Jarraipen Batzordeak ebaluazio-txosten bat landuko du, eta akta bat egingo du. Akta horretan, egindako ebaluazioaren emaitza jasoko da, ebazpen honen 12. artikuluan ezarritako irizpideak aplikatzearen ondorioz ezarritako lehentasun-ordenarekin.

2.– Idazkaritza Nagusiak, organo instrukzio-egilea den aldetik, espedientea eta Batzordearen txostena ikusita, eta entitate onuradun guztiek eskatutako betekizunak betetzen dituztela egiaztatu ondoren, ebazpen-proposamena egingo dio Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeko zuzendariari. Ebazpen-proposamenean, zerrenda batean jasoko da zein eskatzaile proposatzen den dirulaguntzaren onuradun izateko eta zer zenbateko emango zaion.

14. artikulua.– Ebazpena.

1.– Ebazpen horretan, eskatutako dirulaguntza ematen den ala ez zehaztuko da. Ematen bada, entitate onuradunaren izena edo izen soziala, emandako dirulaguntzaren zenbatekoa eta diruz lagundutako jardun-proiektua zehaztuko dira. Ukatutako eskabideen kasuan, ukatzeko arrazoiak ere jasoko dira.

2.– Ebazpenean, bestalde, entitateen erreserba-zerrenda jasoko da, puntuazioko ordena korrelatiboaren arabera, eta kontuan izanik 6.5 artikuluan aurreikusitakoa.

3.– Dirulaguntzak emateko ebazpenak amaiera emango dio administrazio-bideari, eta, beraren aurka, aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango da Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeko zuzendariaren aurrean, hilabeteko epean, ebazpena jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera; edo, bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkeztu daiteke, zuzenean, Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiaren Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean.

4.– Dirulaguntzak emateko eta, hala badagokio, ordaintzeko, amaituta egon beharko dira itzultze- edo zehapen-prozedurak, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta haren organismo autonomoek emandako antzeko laguntzen edo dirulaguntzen esparruan hasi eta oraindik izapidetze-aldian daudenak.

5.– Ebazpena Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoaren iragarki-taulan emango da argitara, eta bertan argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu jakinarazpen-ondorioak. Halaber, banan-banan jakinaraziko zaie entitate eskatzaileei, eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da, publikotasun-ondorioak izan ditzan.

6.– Prozedura ebazteko eta ebatzitakoa interesdunei jakinarazteko gehieneko epea sei hilabetekoa izango da, dagokion laguntzen deialdiaren ebazpena argitaratu eta biharamunetik aurrera, eta epe horretan ebazpenik jakinarazten ez bada, dirulaguntza eskabidea ezetsi egin dela ulertu beharko dute entitate interesdunek, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 25.1 artikuluan ezarritakoaren ondorioetarako.

15. artikulua.– Beste dirulaguntza edo laguntza batzuekiko bateragarritasuna.

1.– Deialdi honetan ezarritako dirulaguntzak bateragarriak dira gainerako erakunde publiko edo pribatu guztiek helburu berarekin ematen dituztenekin, betiere gainfinantzatzen ez bada.

2.– Aurrekontuan, hala badagokio, beste edozein entitate publiko edo pribaturi aurkeztutako dirulaguntza-eskabideak daudela adierazi beharko da, nahiz eta horien ebazpena egiteke egon.

3.– Jasotako laguntzen ondorioz proiektua gainfinantzatzen bada, Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeak honako hauek egingo ditu:

a) Dirulaguntza emateko ebazpena aldatzea, beharrezkoa denean.

b) Emandako zenbatekoa dagokion gehieneko mugaraino murriztea.

c) Finantzatutako soberakina itzultzeko eskatzea, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 36. artikuluaren arabera.

16. artikulua.– Entitate onuradunen betebeharrak.

Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 14. eta 42. artikuluetan ezarritakoaren arabera, ebazpen honetan araututako dirulaguntzen entitate onuradunek betebehar hauek izango dituzte:

a) Emandako dirulaguntza onartzea. Horrela, dirulaguntza eman zaiela jakinarazi –hau da, Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoaren iragarki-taulan argitaratu– eta hamabost eguneko epean entitate onuradunek dirulaguntzari berariaz eta idatziz uko egiten ez badiote, dirulaguntza onartu egin dutela esan nahiko du. Dirulaguntza onartuz gero, ebazpen honetan ezarritako arau guztiak onartzen dira, baita Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legean ezarritako erlazio-bermeak eta itzulketa- eta zehapen-erregimena ere.

b) «Datuen alta/Hirugarren interesduna» erregistroan jasota egotea, baldin eta lehenagoko dirulaguntzetan aurkeztu ez bada edo aldaketak izan baditu. Alta hori egiteko, jo helbide honetara: https://www.euskadi.eus/hirugarrenak

c) Dirulaguntza eman izanaren oinarrian dauden jarduerak (proiektuaren eduki nagusia osatzen dutenak) kudeatu eta egitea, deialdi honetan ezarritako modua, baldintzak eta epea betez, dituzten ezaugarriak direla-eta azpikontratatu egin behar direnak izan ezik. Azpikontratatutako gastuek, betiere, ez dute diruz lagundutako proiektuaren kostu osoaren 100eko 20 gaindituko, betiere diruz lagundutako gehieneko zenbatekoa 12.000 eurokoa delarik, nahiz eta proiektuak aurrekontu handiagoa izan.

d) Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeari jakinaraztea beste administrazio edo erakunde publiko zein pribatu batetik xede bererako dirulaguntzak, laguntzak, diru-sarrerak edo baliabideak jaso izana.

e) Diruz lagundutako jarduera egin dela justifikatzea, jardueraren memoria xehatua aurkeztuz, eta horri diru-sarreren eta gastuen aurrekontu egikaritua gaineratuz, ebazpen honen hurrengo artikuluak adierazten duen bezala.

f) Ekonomia Kontrolerako Bulegoari eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiari beren eginkizunetan dihardutela eskatzen duten informazioa ematea eta haiekin lankidetzan aritzea, deialdi honen kargura jasotako dirulaguntzei dagokienez.

g) Diruz lagundutako jardueretan aldaketak egiteko, idatziz jakinarazi beharko dute, Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeko Zuzendaritzaren onespen espresua behar baita aldaketak egiteko.

h) Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundearen marka agerraraztea, Eusko Jaurlaritzaren Erakunde Nortasunaren Eskuliburua arautzen duen abuztuaren 31ko 318/1999 Dekretuan adierazten den bezala (1999-10-26ko EHAA, 205. zk.), diruz lagundutako jardueren publizitate edo propaganda orotan, betiere posible bada publizitate horretan marka inprimatzea edo ikusteko moduan jartzea. Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundearen egoitzan eska daiteke marka. Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundearen marka beti jarri behar da diruz lagundutako proiektutik sortzen den dokumentuan. Entitateak jardueraren edukiak bere gain hartzen dituela adierazi behar da jardueraren publizitatean edo diruz lagundutako argitalpenetan.

i) Dirulaguntzaren helburu diren proiektuek giza baliabideak eta pertsonen arteko bizikidetasun-balioak errespetatu beharko dituzte; ondorioz, proiektu horiek ezingo dute herritarrentzat iraingarria den, haien duintasunari kalte egiten dion edo indarkeriaren justifikazioa iradokitzen duen ikur edo elementurik erabili.

j) Martxoaren 16ko 1/2023 Legegintzako Dekretuak onartutako Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako eta Emakumeen aurkako Indarkeria Matxistarik gabe bizitzeko Legearen testu bateginaren 23.3.c) artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz, dirulaguntza eskatzen duten entitateek aurkeztutako memoria, proiektu eta gainerako testuetan hizkera ez-sexista erabili beharko da. Era berean, genero-estereotipoak saihestu beharko dituzte eta emakumeen eta gizonen berdintasuna aktiboki sustatu beharko dute egiten diren irudi, komunikazio, argitalpen, programa, ikastaro eta abarretan.

k) Bi hizkuntza ofizialak erabiltzea, euskara eta gaztelania, diruz lagundutako proiektua gauzatzean egindako dibulgazio-jardueretan eta materialen edizioan edo argitalpenean.

l) Nola edo hala dirulaguntzaren xedea osatzen duten material guztien ale bana ematea. Dirulaguntza jasotzeko aukera ematen duten materialak ezin izango dira salgai egon, ez eta merkaturatu ere.

17. artikulua.– Dirulaguntza justifikatzea eta ordaintzea.

1.– Dirulaguntzaren ordainketa zatika egingo da. Dirulaguntzaren ehuneko hirurogeita hamabost (% 75) ordainduko da, 15.a) artikuluan adierazitako epea igaro ondoren ez bazaio ukorik egin. Gainerako ehuneko hogeita bosta (% 25) 2027ko ekitaldian ordainduko zaie entitate onuradunei, diruz lagundutako jarduerek sortutako gastu guztiak justifikatu ondoren. Eskaera-fasean aurkeztutako proiektuaren zenbateko osoa justifikatu beharko dute entitateek. Justifikazioa egiteko epea 2027ko otsailaren 12a bitartekoa da, egun hori barnean dela; horretarako, dokumentu hauek aurkeztu beharko dira:

– Jasotako funts publikoen erabilera justifikatzeko memoria, III. eranskinaren arabera. Memoria horretan, egindako jarduerak eta lortutako helburuak deskribatuko dira, proiektuan aurreikusitako egutegiaren arabera, eta onartutako eta diruz lagundutako proiektuaren hasierako aurrekontu osoa gauzatu dela egiaztatu beharko da. Era berean, egindako jardueren hartzaile-kopurua jasoko da, sexuaren arabera banakatuta (eta, ahal bada, diskriminazio anizkoitza sortzen duten beste aldagai batzuen arabera, hala nola adina, desgaitasuna, jatorria eta abar).

– Diruz lagundutako jardueraren balantze ekonomikoa, kontuan izanik diruz lagundu daitezkeen gastuek Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 30. eta 32. artikuluetan jasotako betekizunak bete beharko dituztela. Egindako gastutzat joko da entitate eskatzaileak 2026ko urtarrilaren 1etik abenduaren 31ra bitartean benetan ordaindu duena. Balantze ekonomikoak egiaztatu beharko du onartutako eta diruz lagundutako proiektuaren hasierako aurrekontuan aurreikusitako gastu guztiak ordaindu direla.

Gastuak kontzeptuka eta xehetasunez banakatuta aurkeztu beharko dira, Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeari egotzitako zenbatekoak eta ehunekoak adieraziz.

– Diruz lagundu den proiektu guztiaren gastua benetan egin dela egiaztatzeko jatorrizko fakturak eta ordainagiriak. Faktura edo dokumentuetako gastuen data 2026ko abenduaren 31koa izango da, gehien jota.

– Pertsonen soldatak eta Gizarte Segurantzako gastuak justifikatzeko agiriak, diruz lagundutako proiektua garatzen eginiko lanaldiaren zati proportzionalean.

– Funtzionamendu-gastu arrunten egiaztagiriak; gastu horiek entitate eskatzaileak aurkeztutako jardueraren aurrekontu banakatu eta xehatuan agertu behar dute, eta jardueraren garapenari lotuak egon behar dute ezbairik gabe.

– Diruz lagundutako jardueren publizitatean Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundearen lankidetza agertu dela eta elkarte, erakunde edo fundazioek jarduerak beren gain hartu dituztela egiaztatzen duten frogagiriak.

2.– Proiektuaren behin betiko kostu osoa gutxitzen bada (dirulaguntza kalkulatzeko kontuan hartu zen kostuaren aldean) edo gastuaren egiaztagirien bidez (besteak beste, faktura eta ordainagirien bidez) justifikatzen den zenbatekoa diruz lagundutako proiektuarena baino txikiagoa bada, dagokion minorazio proportzionala egingo da dirulaguntzaren guztizko zenbatekoan. Horretarako, esleitutako zenbatekoaren araberako murrizketa proportzionalaren formula aplikatuko da, eta, horren ondorioz, beste dirulaguntza bat emango da, proiektuaren benetako kostuaren araberakoa. Nolanahi ere, memoria ekonomikoan justifikatu egin beharko da diruz lagundutako proiektu osoa egiteko hasierako aurrekontuan jaso zen zenbateko osoa.

18. artikulua.– Dirulaguntzaren baldintzak aldatzea.

1.– Dirulaguntza emateko kontuan izandako baldintzaren bat aldatzen bada, Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeko zuzendaritzari jakinarazi behar zaio. Dirulaguntza emateko kontuan izan diren inguruabarrak aldatuz gero (betiere, dirulaguntzaren helburua bete bada) edo beste edozein entitate publikok edo pribatuk laguntzarik edo dirulaguntzarik emanez gero, aldatu egin daiteke dirulaguntzak emateko ebazpena, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 25. artikuluaren arabera.

2.– Aurreko artikuluan aipatutako agiriak edo, bestela, artikulu honetako aurreko apartatuan aipatutakoa jaso ondoren, eta agiriak aztertu eta ebaluatu ondoren, Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeko zuzendariak, administrazio-bidea amaitutzat emango duen ebazpen baten bidez, emandako dirulaguntza aldatu eta/edo likidatuko du; horrez gainera, hala badagokio, dirulaguntzen zenbatekoak egokituko ditu, itzuli beharreko zenbatekoa zehaztuko du, eta, hartarako, dirua itzultzeko 15 eguneko epea emango du.

3.– Entitate onuradunek, salbuespen gisa, diruz lagundutako jardueraren edukia aldatzeko eska dezakete, baita jarduera gauzatzeko eta dagozkion gastuak justifikatzeko modua eta epeak ere, jardueraren garapena aldatu eta zailtzen dituzten gorabeherak azaltzen direnean, eta aldaketa horiek baimendu egin ahal izango dira, hirugarrenen eskubideak kaltetzen ez badira. Diruz lagundutako jarduera gauzatzeko epea aldatzeari buruzkoa bada eskatutako aldaketa, 2026ko ekitaldian sartu beharko da nahitaez epe berria, aldaketa hori baimendu dadin. Aldaketa egiteko eskabideetan behar beste arrazoitu beharko da zergatik aldatzen edo zailtzen den jardueraren garapena, eta eskabide horiek Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeko zuzendariari aurkeztu beharko zaizkio, aldaketa justifikatzen duten arrazoiak agertu eta berehala, eta, betiere, proiektua gauzatzeko epea bukatu baino lehen.

Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeko zuzendariak ebatziko du bidezkoa den ala ez aldaketa baimentzea, eskabidea erregistroan sartzen den egunetik aurrera hilabeteko epean; epe hori igarota, ez bada ebazpen espresurik eman edo jakinarazi, eskabidea ezetsitzat joko da.

19. artikulua.– Ez-betetzeak.

1.– Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 36. artikuluan xedatutakoez gain, ez-betetzetzat hartuko dira honako hauek:

a) Jasotako dirulaguntza hasierako proiektuan azaltzen zen jarduerarako erabili beharrean, beste baterako erabiltzea osorik edo partez.

b) Aurkeztutako proiektuan aldaketak sartzea, Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeko zuzendariak baimendutako aldaketen kasuan izan ezik, aurreko artikuluan ezarritakoa dela bide.

c) Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeko Zuzendaritzak aurkeztu eta onartutako proiektuaren zenbatekoa ez justifikatzea.

d) Aurkeztutako eskaeran edo agirietan jaso diren eta dirulaguntza emateko balio izan duten datuak benetakoak ez izatea.

2.– Dirulaguntzaren onuradunak dirulaguntzak emateko ebazpenean edo ebazpen honetan ezarritako baldintzaren bat bete ezean edo Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legean jasotako ez-betetzeren bat dagoela ikusiz gero, prozedura-izapide egokiak bideratu ondoren, laguntza jasotzeko eskubidea guztiz edo partzialki galduko du, eta, hala badagokio, Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari itzuli beharko dizkio jasotako zenbatekoak, berandutze-interesekin, hargatik eragotzi gabe bidezkoak izan daitezkeen gainerako ekintzak. 698/1991 Dekretuak xedatutakoaren arabera egingo da hori guztia (698/1991 Dekretua, abenduaren 17koa, Euskal Autonomi Elkartearen Aurrekontu Orokorren pentzutan ematen diren dirulaguntzen bermeei eta horiek itzultzeari buruzko erregimen orokorra arautzen duena eta horien kudeaketan parte hartzen duten Izaiki Laguntzaileek bete beharreko baldintzak, erregimena eta eginbeharrak ezartzen dituena).

3.– Partez bakarrik betetzeak deialdian jasotako betebeharrak, hots, haren konpromisoak betetzera bideratutakoak, ekarriko du jasotako zenbatekoen zati bat itzuli beharra, bat etorriz Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 9.4.ñ) artikuluarekin. Graduazio-irizpide gisa ezartzen dira ondoren jasotako baldintza osagarrien ez-betetzeak; izan ere, emandako zenbateko osoaren % 20rainoko gutxitzea ekar dezakete, proportzionaltasun printzipioa errespetatuz, betiere:

a) Ez jakinaraztea, idatziz, diruz lagundutako jardueretan egin nahi den bariazio edo aldaketa oro.

b) Ez adieraztea diruz lagundutako jarduerei buruzko publizitate orotan, Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundearen lankidetza, hots, Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundearen marka ez jartzea.

c) Hizkeraren eta irudiren erabilera sexista egitea.

20. artikulua.– Dirua itzultzeko prozedura.

Bat etorriz Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 40. eta 41. artikuluetan xedatutakoarekin, ezarritako baldintzak edo betebeharrak betetzen ez direnean, hau izango da emandako dirulaguntza itzultzeko prozedura:

a) Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeko zuzendariak prozeduraren hasiera eta prozedura funtsatzeko arrazoiak jakinaraziko dizkio entitate interesdunari, eta 15 egun balioduneko epea emango dio egoki irizten dien alegazioak aurkezteko.

b) Alegazioak jaso ondoren, edo alegazio-epea alegaziorik egin gabe amaitzen bada, amaiera emango zaio prozedurari, Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeko zuzendariaren ebazpen baten bidez. Ebazpen horrek amaiera emango dio administrazio-bideari.

Baldintzak bete ez direla adierazten bada ebazpenean, galdutzat joko da dirulaguntza jasotzeko eskubidea, eta, beharrezkoa bada, jasotako zenbatekoak eta aplikatzekoak diren legezko interesak Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari itzultzeko aginduko da. Gehienez ere bi hilabeteko epean itzuli beharko da dirua, jakinarazpena egiten den egunetik hasita. Borondatezko alditzat joko da epe hori.

c) Borondatez ordaintzeko epean itzulketarik egiten ez bada, horren berri emango zaio Eusko Jaurlaritzaren Ogasun eta Finantza Saileko organo eskudunari, hark premiamendu-bideari ekin diezaion, aplikatzekoa den legezko araudian xedatuari jarraituz.

d) Gehienez sei hilabeteko epean ebatzi eta jakinarazi beharko da aplikatzekoak diren arauak ez betetzeagatik dirulaguntzak itzultzeari buruz artikulu honetan araututako prozedura.

21. artikulua.– Datu pertsonalak babestearen arloko informazio-klausula.

Deialdi honetan parte hartzen dutenen datu pertsonalak Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundearen laguntzak, dirulaguntzak, sariak eta bekak izeneko datuen tratamendurako jasoko dira, bat etorrita Datu Pertsonalak Babesteko eta Eskubide Digitalak Bermatzeko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoarekin eta Datu pertsonalen tratamenduari dagokionez pertsona fisikoen babesari eta datu horien zirkulazio askeari buruzko arauak ezartzen dituen eta 95/46/EE Zuzentaraua (Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorra) indargabetzen duen Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2016ko apirilaren 27ko (EB) 2016/679 Erregelamenduarekin.

Helburua: Dirulaguntzak ematea hala eskatzen duten pertsona edo entitateei.

Legitimazioa: Tratamendua beharrezkoa da interes publikoaren izenean edo tratamenduaren arduradunari emandako botere publikoak baliatuz egindako eginkizun bat betetzeko (Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legea).

Hartzaileak:

– Ogasun publikoa eta zerga-administrazioa.

– Interesdun legitimatuak.

– Organo judizialak.

– Kontuen Auzitegia edo erkidegoan duen baliokidea.

– Hala badagokio, pertsona fisiko onuradunen datuak EHAAn argitaratzetik eratorritakoak.

Eskubideak: Emakundek sustatzen dituen laguntzak kudeatzeko baino ez dira erabiliko datuok, hain zuzen, botere publikoen jardunari dagokion eginkizun bat betetzeko. Interesdunek eskubidea dute beren datu pertsonalak irispidean izateko, zuzentzeko, ezerezteko eta beren datuen tratamendua mugatzeko nahiz tratamenduaren aurka egiteko, baita Erregelamenduan aurreikusitako beste edozein eskubide baliatzeko ere. Datuak babesteari buruzko informazioa: https://www.euskadi.eus/datu-babesa/

Informazio gehigarria: Datuen babesari buruzko informazio gehigarri eta zehatza gure webgunean kontsultatu dezakezu:

https://www.euskadi.eus/informazio-klausulak/web01-sedepd/eu/gardentasuna/062200-capa2-eu.shtml

Araudia:

Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorra:

eur-lex.europa.eu/legal-content/ES/TXT/HTML/?uri=CELEX:32016R0679&from=ES

3/2018 Lege Organikoa, abenduaren 5ekoa, Datu Pertsonalak Babestekoa eta Eskubide Digitalak Bermatzekoa:

www.boe.es/buscar/doc.php?id=BOE-A-2018-16673


Azterketa dokumentala