Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

107. zk., 2026ko ekainaren 9a, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

ETXEBIZITZA ETA HIRI AGENDA SAILA
2492

EBAZPENA, 2026ko maiatzaren 11koa, Etxebizitza eta Hiri Agendako sailburuordearena, Euskal Autonomia Erkidegoko bizitegi-eraikuntzaren sektorea osotasunean hobetzeko laguntzen deialdia ebazten duena, Eraikal 2026 Programa.

2025eko azaroaren 20an, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian (224. zk.) argitaratu zen Etxebizitza eta Hiri Agendako sailburuaren 2025eko azaroaren 12ko Agindua, zeinaren bidez onartzen baitira Eraikal Programako laguntzen oinarri arautzaileak eta 2026ko ekitaldirako dirulaguntzak emateko deialdia, Euskal Autonomia Erkidegoko bizitegi-eraikuntzaren sektorea hobetzeko.

Dirulaguntzen jarduera arautzen duen publikotasun-printzipioa betetzeko, 2025eko azaroaren 20ko Aginduaren 17.5 oinarrian xedatzen da Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian ere argitaratuko dela, guztiek jakin dezaten.

Beraz, aurreko paragrafoan adierazitakoarekin bat etorriz,

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Laguntzak ematea ebazpen honen I. eranskinean zerrendatzen diren erakundeei, bertan zehazten diren proiektuetarako eta urteko kopuruetarako, Euskal Autonomia Erkidegoko bizitegi-eraikuntzaren sektorean kudeaketa-sistemak ezartzea, eraikuntza- eta arkitektura-kalitatea eta jasangarritasuna sustatzea eta berrikuntza bultzatzea sustatzeko laguntzen deialdiaren esparruan, Eraikal 2026 Programa, V. lerroan.

Bigarrena.– Ebazpen honen II. eranskinean zerrendatzen diren erakundeei dirulaguntzak ukatzea, aipatutako eranskinean jasotzen diren arrazoiengatik, I. lerroan: Berrikuntza-proiektuak edo -azterlanak, Euskal Autonomia Erkidegoko bizitegi-eraikuntzaren sektorean kudeaketa-sistemak ezartzea, eraikuntza- eta arkitektura-kalitatea eta jasangarritasuna sustatzea eta berrikuntza bultzatzea sustatzeko laguntzen deialdiaren esparruan, Eraikal 2026 Programa, V lerroan.

Hirugarrena.– Laguntzen onuradunek, ebazpen honetan adierazitako guztian, laguntzak arautzen dituen 2025eko azaroaren 12ko Aginduan xedatutakoa bete beharko dute, eta, bereziki, «Erakunde onuradunaren betebeharrak» izeneko 20. oinarrian jasotakoa.

Laugarrena.– 20.1 oinarriaren a) atalean ezarritako epea igaro ondoren, erakunde onuradunak berariaz uko egin ezean, lehen ordainketa aurreratu bat egingo da, gehienez ere emandako zenbatekoaren % 9koa, diruz lagundu daitezkeen jarduerak abian jartzea errazteko. Ordainketa aurreratu hori jardueraren hasierari buruzko erantzukizunpeko adierazpena aurkeztu ondoren egingo da.

Ondoren, ordainketak egingo dira diruz lagundutako jarduera benetan gauzatu dela eta egindako gastua egiaztatzen duten justifikazio-txostenen arabera, eta, horrela, igorpenen sekuentzia eta zenbatekoa proiektuaren benetako gauzatze-erritmora egokituko dira, betiere emandako dirulaguntzaren urtekoak errespetatuz.

Emandako zenbateko osoaren gutxieneko ehuneko bat atxiki egingo da (% 10), eta zenbateko hori diruz lagundutako jarduera erabat justifikatu eta amaitu dela egiaztatu ondoren baino ez da ordainduko.

Administrazioak dirulaguntzak ordaindu ahal izateko, erakunde onuradunak Eusko Jaurlaritzaren datu-basean agertu beharko du. Hirugarren interesdun gisa alta emateko edo bere datuak aldatzeko, Hirugarrenen Erregistro Elektronikora jo beharko du, helbide honetatik eskura daitekeena: https://www.euskadi.eus/eusko-jaurlaritza/-/hirugarrenaren-datuen-aldaketa/

Gainerakoa ordainduko da txostenak aurkeztu ondoren, aurrerakina ordaindu dela justifikatu ondoren, eta proposatutako lan-planetan aurkeztutako mugarrien arabera. Dagozkion ordainketa-aginduak honela kalkulaturik emango dira: justifikatutako gastuaren zenbatekoari, gastu hori emandako dirulaguntzaren zer ehuneko den aplikatuko zaio, ken aurretik ordaindutakoa, diruz lagundutako jarduerarako onartutako aurrekontuaren gainean (hori izan baitzen laguntza kalkulatzeko oinarria), bai eta haren benetako kostua ere, ekitaldi bakoitzaren urteko kopurua gainditu gabe.

Ez da ordainketarik egingo onuraduna bere zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak betetzen egunean ez dagoen bitartean, edo dirua itzultzeko ebazpen baten ondorioz zorduna bada.

Proiektu batek Eraikalekoaz gain beste dirulaguntza osagarri bat edo batzuk baditu, erakunde onuradunak gastuen justifikazioan adierazi beharko du, horien zenbatekoa eta mota zehaztuz; kasu horretan, 2025eko azaroaren 12ko Aginduaren 20. oinarrian ezarritako irizpideak aplikatuko dira.

Nolanahi ere, diruz lagundu beharreko jarduerak 2025eko urtarrilaren 1etik aurrera hasi beharko dira, eta 2028ko ekainaren 30a baino lehen amaitu.

Bosgarrena.– Dirulaguntza emateko kontuan hartutako baldintzak aldatzeak, eta, nolanahi ere, beste administrazio edo erakunde publiko edo pribatu batzuek emandako laguntzak edo dirulaguntzak aldi berean lortzeak, eta, hala badagokio, helburu bererako beste edozein diru-sarrera edo baliabide lortzeak, dirulaguntza emateko ebazpena aldatzea ekar dezake, betiere dirulaguntza jasotzeko gutxieneko baldintzak errespetatzen badira.

Dirulaguntza-araubide honen erakunde onuradunek informazio guztia eman beharko diote Kontrol Ekonomikoko Bulegoari edo Herri Kontuen Euskal Epaitegiari, bere fiskalizazio-eginkizunak betetzean.

Seigarrena.– Ebazpen hau interesdun guztiei jakinaraztea.

Zazpigarrena.– Ebazpen honek ez dio amaiera ematen administrazio-bideari, eta, beronen aurka, interesdunek gora jotzeko errekurtsoa aurkez diezaiokete Etxebizitza eta Hiri Agendako sailburuari, hilabeteko epean, jakinarazpena jaso eta hurrengo egunetik aurrera, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluekin bat etorriz.

Vitoria-Gasteiz, 2026ko maiatzaren 11.

Etxebizitzako sailburuordea,

MIGUEL DE LOS TOYOS NAZABAL.

(Ikusi .PDF Fitxategia)

Azterketa dokumentala