
107. zk., 2026ko ekainaren 9a, asteartea
- Bestelako formatuak:
- PDF (402 KB - 47 orri.)
- EPUB (2588 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
INDUSTRIA, TRANTSIZIO ENERGETIKO ETA JASANGARRITASUNAREN SAILA
2488
EBAZPENA, 2026ko apirilaren 14koa, Ingurumeneko sailburuordearena, ingurumen-baimen bateratua ematen diona aluminiozko piezak galdatu eta konformatzeko instalazioari. Spool Sistemas, SA enpresak sustatu du instalazioa, Albitzuri industrialdeko C lurzatian, Elgoibarren (20870, Gipuzkoa).
AURREKARIAK
2024ko martxoaren 14an, Spool Sistemas, SAk ingurumen-baimen bateratua eskatu zion ingurumen-organo honi, Albitzuri industrialdeko C lurzatian (20870 Elgoibar, Gipuzkoa) gauzatzen duen aluminiozko piezak galdatu eta konformatzeko jarduera dela eta, Euskadiko Ingurumen Administrazioari buruzko abenduaren 9ko 10/2021 Legean eta abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuak onartutako Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuari buruzko Legearen testu bateginean xedatutakoaren arabera. Eskaerarekin batera, dokumentu tekniko hauek aurkeztu ziren:
• Datu administratiboak.
• Planoak.
• Baimen sektorialak.
• Proiektu teknikoa.
• Laburpen ez-teknikoa.
• Elgoibarko Udalak 2007ko irailaren 26an egindako txostena, jarduera irekitzeko lizentziari buruzkoa.
2024ko maiatzaren 28an, ingurumen-organo honek dokumentazioa zuzentzeko eskatu zion Spool Sistemas, SAri, eta 2024ko urriaren 1ean eta 11n erantzun zitzaion.
Aurkeztutako dokumentuak nahikoak zirela egiaztatu ondoren, Ingurumen Administrazioaren zuzendariak erabaki zuen, 2025eko urtarrilaren 13ko iragarkiaren bidez, Spool Sistemas, SA enpresak sustatutako proiektu jendaurrean jartzea 30 egun balioduneko epean, egoki iritzitako alegazioak aurkezteko helburuz. Horretarako, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian eta Eusko Jaurlaritzako iragarki-taula elektronikoan argitaratu zen, 2025eko urtarrilaren 27an.
Jendaurrean jartzeko izapidea amaitu ondoren, egiaztatu zen alegaziorik ez dela aurkeztu.
Euskadiko Ingurumen Administrazioari buruzko abenduaren 9ko 10/2021 Legearen testu bateginaren 37., 38. eta 39. artikuluetan xedatutakoa betez, 2025eko urtarrilaren 29an, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak txostenak eskatu zizkien Elgoibarko Udalari, Gipuzkoako Urak-Gipuzkoako Ur Kontsortzioari, Eusko Jaurlaritzako Larrialdiei Aurre Egiteko eta Meteorologiako Zuzendaritzari eta Gipuzkoako Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendaritzari.
2025eko otsailaren 3an, Gipuzkoako Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendaritzaren txostena jaso zen; 2025eko otsailaren 25ean, Gipuzkoako Uren txostena, eta, 2025eko apirilaren 22an, Eusko Jaurlaritzako Larrialdiei Aurre Egiteko eta Meteorologiako Zuzendaritzarena.
2025eko maiatzaren 6an, Spool Sistemas, SAk Batzordearen 2024ko azaroaren 29ko (EB) 2024/2974 Egikaritze Erabakian argitaratutako MTD direlakoak bete izanaren justifikazioa bidali zuen. Erabaki horren bidez, teknika erabilgarri onenei buruzko ondorioak ezartzen dira, forjaketa- eta galdaketa-industrietarako Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2010/75/EB Zuzentarauaren esparruan.
2026ko urtarrilaren 12an, Euskadiko Ingurumen Administrazioari buruzko abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 40. artikuluan xedatutakoa betez, espedientea Spool Sistemas, SAren esku utzi zen, espedientean ageri den emaitzarekin.
2026ko urtarrilaren 20an, Spool Sistemas, SAk alegazioak aurkeztu zituen, eta, laburbilduta, ebazpen honetan jaso dira, organo honek horiei buruz egindako oharrekin batera.
ZUZENBIDEKO OINARRIAK
EAEko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 1. artikuluan xedatutakoaren arabera, legearen xedea da Euskal Autonomia Erkidegoko ingurumena babesteko, kontserbatzeko eta hobetzeko arau-esparrua xedatzea.
Legeak ingurumenean eragina duten jardueren antolamendua arautzen du, ingurumena babesteko araudi sektorialean aurreikusitako prozedura administratiboak sinplifikatzeko eta bateratzeko premisapean. Hala, bertan xedatzen diren baldintzak eta betekizunak jasotzen ditu, eta jarduerak garatzeko egon daitezkeen oztopo juridikoak eta administratiboak deuseztatzen ditu.
Era berean, abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuak (Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuari buruzko Legearen testu bategina onartzen duenak) bere 1. artikuluan ebazten duenaren arabera, lege horren xedea da atmosferaren, uraren eta lurzoruaren kutsadura saihestea edo, hori ezinezkoa denean, kutsadura hori gutxitu eta kontrolatzea, eta, hura lortzeko, ingurumen osoaren babes-maila handia helburutzat harturik, kutsadura prebenitu eta kontrolatzeko sistema integratu bat ezartzea.
Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuaren Legearen testu bateginaren 1. eranskinean jasota dauden jarduerak garatzen dira instalazioan; horietaz gainera, baimen honek barnean hartzen ditu aipatutako legearen aplikazio-eremuan sartzea ekarri zuten instalazioaren kokapenean garatzen diren jarduera guztiak, baita, eranskin horietan jasota ez egonik, jarduera horrekin lotura teknikoa dutenak eta sor daitezkeen emisioen, isurien eta kutsaduraren gainean ondorioak izan ditzaketenak ere.
Abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuak onartutako Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuari buruzko Legearen testu bateginaren 9. artikuluan xedatutakoaren arabera, Spool Sistemas, SA enpresak Elgoibarren gauzatzen duen aluminiozko piezak galdatzeko eta konformatzeko proiektua I. eranskineko 2.5.b) apartatuan jasota dago (Burdinarik gabeko metalak, aleazioak barne, eta berreskuratze-prozesuetako nahiz beste prozesu batzuetako produktuak galdatzeko instalazioak, egunean galdatze-ahalmen hau baldin badute: berunaren eta kadmioren kasuan 4 tonatik gorakoa, eta gainerako metalen kasuan 20 tonatik gorakoa), bai eta Euskadiko Ingurumen Administrazioari buruzko abenduaren 9ko 10/2021 Legearen I.A eranskineko 2.5.b) apartatuan ere, eta, beraz, jarduera hori egin ahal izateko ingurumen-baimen bateratua lortu behar du.
Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuari buruzko Legearen testu bateginaren 11. artikuluaren xedatuta dagoenarekin bat etorriz, baimen honen oinarrizko helburua baldintzak ezartzea da, bermatzeko araua berau aplika daitekeen instalazio guztietan betetzen dela; horretarako, baimena ematen parte hartuko duten administrazio publikoen artean koordinatuta egongo den prozedura bat erabili nahi da, izapideak errazteko eta partikularrek ordaindu beharreko kargak gutxitzeko. Era berean, indarrean dagoen legerian jasotako ingurumeneko administrazio-baimen guztiak bildu nahi dira egintza administratibo bakar batean.
Spool Sistemas, SA enpresari dagokionez, ingurumen-izaerako beste zehaztapenen artean, hondakinak sortu eta kudeatzeari eta atmosferara botatako emisioei dagozkion baimenak behar ditu. Gainera, egiaztatu da espedientean beste administrazio eta organismo eskudun batzuek ere parte hartu dutela, aginduzko txostenak igorriz.
Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuaren Legearen testu bateginaren 29. artikuluan xedatuaren arabera, ingurumen-baimen bateratua emateko prozedurak lehentasuna izango du administrazio eskudunek jarduera gogaikarri, osasungaitz, kaltegarri eta arriskutsuak egiten dituzten herritarren jardueran esku hartzeko ezar dezaketen beste edozein bideren gainetik. Ondorio horietarako, ingurumen-baimen bateratua toki-agintarientzat loteslea izango da, baldin eta jarduerak egitea ukatzeko bada, edota neurri zuzentzaileak ezartzeko, baita 22. artikuluan jasotako ingurumen-alderdiei buruzko guztian ere.
Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 37. artikuluak ezartzen du ingurumen-baimen bateratuaren prozedurak, izapide guztietan, jarduera sailkatuaren lizentziaren prozedura ordeztuko duela.
EAEko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 31. artikuluan xedatzen denari jarraikiz, baimen hori, nolanahi ere, instalazioak eraiki, muntatu edo lekualdatu baino lehen eskuratu beharko da, eta instalazioetan egingo diren aldaketetara egokituko da.
Azkenik, instalazioan jatorria izan lezaketen substantzia kutsagarrien emisioen eta isurien muga-balioak zehazteko, bai eta instalazioaren beste ustiapen-baldintza batzuk ere, betiere ingurumena bere osoan ahalik eta gehien babesteko, ebazpen hau egitean kontuan izan dira teknika erabilgarri onenak eta aplikatzekoa den sektoreko legeriak zehaztutako neurriak eta baldintzak. Zehazki, kontuan hartu da Europako Batzordearen 2024ko azaroaren 29ko (EB) 2024/2974 Egikaritze Erabakia, teknika erabilgarri onenei buruzko ondorioak ezartzen dituena forjaketa- eta galdaketa-industrietarako Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2010/75/EB Zuzentarauaren esparruan.
Orain arte azaldutakoaren arabera, espedientean dagoen informazioa aztertu ondoren, ebazpen-proposamena sinatu da, eta Spool Sistemas, SAk gauzatzen duen aluminiozko piezen galdaketa- eta konformazio-jarduerari aplikatu beharreko baldintzak gehitu zaizkio. Hori guztia, betiere, urriaren 18ko 815/2013 Errege Dekretuaren 15.8 artikuluan jasotako entzunaldi-izapidetik ondorioztatzen dena ezertan eragotzi gabe.
Ingurumen Sailburuordetza honek ebazpen hau emateko eskumena du, Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasunaren Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen abenduaren 3ko 410/2024 Dekretuan xedatutakoaren arabera.
Goian adierazitako izapideak aipatu dugunaren arabera amaituta, entzunaldi-izapidea bete da, Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuari buruzko abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 40. artikuluan jasotzen denari jarraikiz.
Honako hauek ikusirik: 2026ko urtarrilaren 12ko ebazpen-proposamena; Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legea; Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuari buruzko Legearen testu bategina, abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onartua; urriaren 18ko 815/2013 Errege Dekretua, Industriako Emisioen Erregelamendua onartzen duena eta Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuari buruzko 16/2002 Legea garatzen duena; apirilaren 8ko 7/2022 Legea, ekonomia zirkular baterako hondakin eta lurzoru kutsatuei buruzkoa; abenduaren 3ko 410/2024 Dekretua, Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasunaren Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duena, eta urriaren 1eko 39/2015 Legea, Administrazio Prozedura Erkidearena.
EBAZTEN DUT:
Lehenengoa.– Spool Sistemas, SA enpresari (egoitza soziala: Albitzuri industrialdea, C lurzatia, 20870 Elgoibar, Gipuzkoa; IFK: A-20537429) ingurumen-baimen bateratua ematea aluminiozko piezak galdatu eta konformatzeko instalazioa garatzeko, aipaturiko helbide horretan, ebazpen honen eranskinetan ezarritako baldintzekin.
Bigarrena.– Spool Sistemas, SAk Elgoibarko udalerrian (Gipuzkoa) sustatutako aluminiozko piezak galdatzeko eta konformatzeko jarduera ustiatzeko eta jarduteari uzteko ebazpen honen eranskinetan ezarritako baldintzak eta betekizunak ezartzea.
Hirugarrena.– AAI00467 erregistro-kodea eta 2000014393 NIMA erregistro-kodea esleitzea Spool Sistemas, SA enpresak Albitzuri industrialdeko C lurzatian ustiatzen duen instalazioari (20870 Elgoibar, Gipuzkoa). Hauxe da kokapena: UTM (ETRS89) 30N, X: 548372,556, Y: 4784928,863.
Laugarrena.– Ingurumen-baimen bateratu honi lotutako baimen-inskripzio kodeak izango dira Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eskura jarritako aplikazio informatikoan agertzen direnak. Besteak beste, Hondakinen Ekoizpen eta Kudeaketa Erregistroko baimen-inskripzio kodeak erabiliko dira hondakinak lekualdatzeko dokumentazioa betetzeko.
Bosgarrena.– Instalazioaren titularrak jarduera aurrera eraman ahalko du, hargatik eragotzi gabe gainerako baimenak lortzea edo legez eska daitezkeen erantzukizunpeko adierazpenak edo jakinarazpen sektorialak bidaltzea.
Seigarrena.– Spool Sistemas, SAri eskatzea alderdi hauei erantzuteko, ondoren zehazten diren epeetan:
Ingurumen-baimen bateratua jaso eta 3 hilabetera:
– Erantzukizun zibileko aseguru eguneratua, Erantzukizun Zibila-Baldintza Partikularrak deritzon atalean ezarritakoaren arabera.
– Lurzoruen dokumentu bakarra.
– Lurzoruaren egoeraren txostena.
– Oinarrizko txostena.
– Lurzoru eta lurpeko uren kontrola eta jarraipena.
– Larrialdiei Aurre Egiteko eta Meteorologiako Zuzendaritzak bere txostenean eskatutako betekizunak aurkeztu izanaren justifikazioa.
– Sarreren eta irteeren inbentarioa (MTD 2).
– MTD 29.f betez, proiektu bat aurkeztea, egikaritze-epeak ezarriz, injektoreetan sortutako emisioak ahalik eta gertuen ateratzeko, edo, halakorik ezean, ingurumena babesteko maila baliokidea bermatzen duen teknika bat, erreferentzia gisa Europako Batzordearen 2024ko azaroaren 29ko (EB) 2024/2974 Egikaritze Erabakiaren 1.11 taulako emisio-mailak hartuta.
Eskatutako dokumentazio hori guztia «Nire Karpeta»ren bidez aurkeztuko da, AAI00467_SOL_2024_001 espedientearen barruan. Espediente hori itxita badago, dokumentazioa aurkezteko espediente bat irekiko da, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren eskura jarritako aplikazio informatikoaren bidez, eta zehaztuko da hasierako eskabide-espedienteari lotutako dokumentazioa dela.
Zazpigarrena.– Ingurumeneko sailburuordearen ebazpen-proposamena zuzentzea. Proposamen horren bidez, ingurumen-baimen bateratua ematen zaio Spool Sistemas, SA enpresak Albitzuri industrialdeko C lurzatian ustiatzen duen piezak galdatu eta konformatzeko instalazioari (20870 Elgoibar, Gipuzkoa).
1.– «Zarata-Baldintza Partikularrak» atala aldatu da, eta urriaren 19ko 1367/2007 Errege Dekretua argitaratu ondorengo zarata-iturriei dagozkien baldintzak ezarri dira.
2.– «Erantzukizun Zibila-Baldintza Orokorrak» atala aldatu da, eta finantza-bermeen zenbatekoa hiru urtean behin izateko eguneratu da, azken eguneratzetik kontsumoko prezioen indizearen (KPIa) balio metatua kontuan hartuta.
Zortzigarrena.– Neurri babesle eta zuzentzaileak sustatzaileak Ingurumen Sailburuordetza honetan aurkeztutako dokumentazioan aurreikusitakoaren arabera gauzatuko dira, indarrean dagoen araudian eta ondorengo eranskinetan ezarritakoari jarraikiz. Gainera, neurri babesle eta zuzentzaile horiek eta ingurumena zaintzeko programa aldatu ahal izango dira, neurtu beharreko parametroak, neurketaren aldizkakotasuna eta parametro horien mugak barne, araudi berria indarrean jartzeak edo inplikatutako sistemen egiturari eta funtzionamenduari buruzko ezagutza esanguratsu berrietara egokitzeko beharrak hala iradokitzen duenean. Era berean, neurri babesle eta zuzentzaileak eta ingurumena zaintzeko programa aldatu ahal izango dira jardueraren sustatzaileak hala eskatuta, edo ofizioz, ingurumena zaintzeko programak lortutako emaitzak ikusita.
Bederatzigarrena.– Instalazioen edozein aldaketa Euskal Autonomia Erkidegoko ingurumen-informazioaren sisteman eskatu edo jakinarazi beharko da, Euskadiko Ingurumen Administrazioari buruzko abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 30. eta 45. artikuluen ondorioetarako, bi artikuluetan kasu bakoitzerako eskatzen den informazioa barne.
Sustatzaileak egokitzat jotzen duen aldaketa bat funtsezkoa ez dela justifikatzen duten dokumentuen kasuan, ingurumen-organoak baloratu eta eskatutako aldaketa kalifikatuko du, eta funtsezkotzat edo ez-funtsezkotzat joko du.
Egin beharreko aldaketen eskaerarekin edo jakinarazpenarekin batera, kasu bakoitzean eskatutako informazioarekin batera, web-orrian eskuragarri dagoen inprimaki hau sartu beharko da:
https://www.euskadi.eus/contenidos/serv_proc_comunicacion/p_comu_20194 158 89 9329/procedures/proc_20194 158 89 9905/accreditations/acc_202566125317569/es_def/adjuntos/Formulario_MNS.docx
Aldaketak lurzoru berria okupatzea aurreikusten badu, eta lurzoru horrek lurzorua kutsa dezaketen jarduerak edo instalazioak baditu edo izan baditu, aldaketa gauzatu aurretik autonomia-erkidegoko ingurumen-organoak aldeko erabakia eman beharko du, hartuko den kokalekuaren lurzoruaren kalitatearen arloko adierazpen-prozeduren esparruan, Lurzorua kutsatzea saihestu eta kutsatutakoa garbitzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legeak ezarritakoarekin bat etorriz.
Hamargarrena.– Administrazioarekiko harremanez arduratuko den goi-mailako tituludunari buruz emandako datuetan aldaketarik badago, Spool Sistemas, SAk aldaketa horien berri emango dio ingurumen-organo honi.
Hamaikagarrena.– Ingurumen-baimen bateratuaren indarraldia mugagabea da, eta Euskal Autonomia Erkidegoko ingurumen-organoan aldian-aldian berrikusiko du, ingurumen-baimenen aurrerapen-klausulari jarraikiz.
Ingurumen-baimen bateratuaren berrikuspena ofizioz egingo da kasu hauetan:
a) Instalazioak eragindako kutsaduraren ondorioz ezarritako emisioen mugako balioak berrikustea edo berriak hartzea komeni denean.
b) Emisioak nabarmen murriztu daitezkeenean, teknika erabilgarri onenetan egindako aldaketa handien ondorioz gehiegizko kosturik izan gabe.
c) Arroko organismoak, urei buruzko legedian xedatutakoaren arabera, uste badu ingurumen-baimen bateratua berrikustea edo aldatzea justifikatzen duten inguruabarrak daudela, Estatuko Administrazio Orokorrak kudeaturiko arroetako jabari publiko hidraulikora egindako isuriei dagokienez. Kasu horretan, arroko organismoak, txosten lotesle bidez, organo eskudunera joko du ingurumen-baimen bateratua eman dezan, gehienez ere hogei eguneko epean hasteko aldaketa-prozesua.
d) Prozesuaren edo jarduketaren funtzionamenduaren segurtasunagatik beste teknika batzuk erabili behar direnean.
e) Instalazioari aplikagarri zaion sektoreko legediak hala eskatzen badu, edo abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuak onartutako Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuaren Legearen testu bateginaren 22.3 artikuluari jarraikiz, ingurumen-kalitateko arau berriak edo berrikusiak betetzea beharrezkoa bada.
f) Teknika erabilgarri onenak erabiliz lor litezkeenak baino baldintza osagarri zorrotzagoak aplikatzea beharrezkoa denean, ingurumen-kalitateko arauak beteko badira.
g) Aplikatu beharreko araudi berria indarrean jartzen denean.
h) Ingurunearen egitura eta funtzionamenduari buruzko ezagutza esanguratsu berrietara egokitzeko beharra ikusten bada, bereziki inplikatutako sistemen hauskortasuna areagotzen dela antzematen bada.
i) Ingurumena zaintzeko programan jasotako emaitzen edo bestelako oharren arabera, ingurumen-inpakturako ezarritako neurri babesle, zuzentzaile edo konpentsatzekoak akastunak direla egiaztatzen bada.
j) Aldaketa beharrezkoa denean, Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 44.1 artikuluan ezarritakoari jarraikiz egindako analisiaren arabera.
Ingurumen-baimen bateratua berrikusteak ez du kalte-ordainerako eskubiderik ekarriko, EAEko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 44.5 artikuluan ezarritakoari jarraikiz.
Hamabigarrena.– Euskadiko Ingurumen Administrazioari buruzko abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 28.1 artikuluaren arabera, Spool Sistemas, SAk ebazpen honen xede den aluminiozko piezen galdaketa eta konformazioan titulartasun-aldaketarik eginez gero, aldaketa hori jakinarazi beharko du, ingurumen-organo honek onar dezan.
Hamahirugarrena.– Baimen honek balioa galduko du honelakoren bat gertatuz gero:
– Ebazpen honen seigarren apartatuan ezarritako baldintzak betetzen direla egiaztatzen ez badu epearen barruan, baldin eta interesdunak ez badu behar bezala justifikatuz epea luzatzeko eskatzen.
– Spool Sistemas, SA enpresaren nortasun juridikoa bukatzea, indarrean dagoen araudian ezarritako kasuetan.
Hamalaugarrena.– Ingurumen-baimen bateratu honetan ezarritako baldintzak ez betetzea, ingurumenean edo herritarren osasunean duen eraginaren arabera, arau-hauste oso astun, astun edo arin gisa tipifikatuta dago, Euskadiko Ingurumen Administrazioari buruzko abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 106. artikuluaren arabera, eta aipatutako arauaren 108. artikuluan ezarritako zehapenak ezartzea ekar dezake.
Hamabosgarrena.– Ebazpen honen edukia jakinaraztea Spool Sistemas, SAri, Elgoibarko Udalari, ingurumen-baimen bateratua emateko prozeduran parte hartu duten organismoei eta gainerako interesdunei.
Hamaseigarrena.– Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian eta Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoan argitaratzeko agintzea.
Errekurtsoak.
Ebazpen honek ez dio amaiera ematen administrazio-bideari, eta, beraren aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkez daiteke Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasuneko sailburuaren aurrean, hilabeteko epean, ebazpen hau jakinarazi eta hurrengo egunetik zenbatzen hasita, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. artikuluan eta hurrengoetan xedatutakoari jarraikiz.
Vitoria-Gasteiz, 2026ko apirilaren 14a.
Ingurumeneko sailburuordea,
JOSU BILBAO BEGOÑA.
RSS