Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

106. zk., 2026ko ekainaren 8a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

XEDAPEN OROKORRAK

GOBERNANTZA, ADMINISTRAZIO DIGITAL ETA AUTOGOBERNUAREN SAILA
2451

77/2026 DEKRETUA, maiatzaren 19koa, Datuak Babesteko Euskal Agintzaritzako Estatutua onartzen duena.

Datuak Babesteko Euskal Agintaritzari buruzko abenduaren 21eko 16/2023 Legeak (aurrerantzean 16/2023 Legea) 3.1 artikuluan ezartzen du agintaritza hori administrazio-agintaritza independentea dela, nortasun juridiko propioa eta gaitasun publiko eta pribatu erabatekoa dituela, eta administrazio publikoekiko inongo loturarik gabe betetzen dituela bere eginkizunak. Independentzia horrek esan nahi du kontrol-agintaritzak, bere eskumenak betetzean, ez duela inongo instrukziorik bete behar, eta, horretaz gain, bere eginkizunak eraginkortasunez betetzeko behar dituen giza baliabide eta baliabide material, tekniko eta finantzarioez hornituta egon behar duela.

Lege horren 3.5 artikuluan ezarritakoaren arabera, Eusko Jaurlaritzari dagokio Datuak Babesteko Euskal Agintaritzako Estatutua onartzea.

Dekretu honen bitartez, Agintaritzako antolamendu-diseinua osatzen da, beraren Estatutua onartuta; aldi berean, jarduteko nahikoa tarte uzten da, Agintaritzak berak bere funtzionamendu egokirako autoantolaketa-ahalak gauzatu ahal izan ditzan. Izan ere, entea kontrol-agintaritza independentea da, 2016/679 (EB) Erregelamenduaren VI. kapituluan eta maiatzaren 26ko 7/2021 Lege Organikoaren VI. kapituluan (arau-hauste penalak prebenitu, detektatu, ikertu eta epaitzeko eta zehapen penalak betearazteko tratatutako datu pertsonalak babesteari buruzko Lege Organikoa) xedatutakoaren ondorioetarako.

Dekretu honek artikulu bakarra dauka, zeinak onartzen baitu Datuak Babesteko Euskal Agintaritzako Estatutua, lau kapituluko testu baten arabera; halaber, azken xedapen bat dauka, dekretua indarrean jartzeari buruzkoa.

Estatutuak hogeita bost artikulu dauzka, lau kapitulutan banatuta.

I. kapituluak Datuak Babesteko Euskal Agintaritzaren xedapen orokorrak ezartzen ditu: izaera, egoitza, araubide juridikoa, funtzioak eta ahalak, gidalerroak eta zirkularrak, herritarren prestakuntza eta sentsibilizazioa, jokabide-kodeak eta ziurtapenak, kanpo-harremanak, hizkuntza-araubidea, genero-berdintasuna, gizarte-erantzukizuna, gardentasuna eta publizitatea, eta epaiketako ordezkaritza.

II. kapituluan, definitzen da zein den Datuak Babesteko Euskal Agintaritzaren egitura organikoa, eta zehazten da zein diren Lehendakaritzaren, Kontseilu Aholku Emailearen eta administrazio-unitateen eginkizunak.

III. kapitulua, berriz, Datuak Babesteko Euskal Agintaritzaren ikuskapen-eginkizunei buruzkoa da.

Azkenik, IV. kapituluak arautzen du zein den Agintaritzakoren aurrekontu-, ekonomia-, kontratazio-, ondare- eta langile-araubidea.

Hori dela eta, Gobernantza, Administrazio Digital eta Autogobernuko sailburuak proposatuta, Euskadiko Aholku Batzorde Juridikoarekin bat etorriz, nahitaezko txostenak igorri ostean, eta Gobernu Kontseiluak 2026ko maiatzaren 19an egindako bileran gaia eztabaidatu eta onartu ondoren, hau

XEDATZEN DUT:

Artikulu bakarra.– Datuak Babesteko Euskal Agintaritzako Estatutua onartzea.

Datuak Babesteko Euskal Agintaritzako Estatutua onartzen da, garatu dadin Datuak Babesteko Euskal Agintaritzari buruzko abenduaren 21eko 16/2023 Legearen 3.5 artikuluan araututakoa, dekretu honen eranskin gisa agertzen den testuaren arabera.

AZKEN XEDAPEN BAKARRA.– Indarrean sartzea.

Dekretu hau indarrean jarriko da Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean.

Vitoria-Gasteizen, 2026ko maiatzaren 19an.

Lehendakaria,

IMANOL PRADALES GIL.

Gobernantza, Administrazio Digital eta Autogobernuko sailburua,

MARÍA UBARRECHENA CID.

MAIATZAREN 19KO 77/2026 DEKRETUAREN ERANSKINA
DATUAK BABESTEKO EUSKAL AGINTARITZAKO ESTATUTUA
I. KAPITULUA
XEDAPEN OROKORRAK

1. artikulua.– Izaera.

1.– Datuak Babesteko Euskal Agintaritza administrazio-agintaritza independentea da; nortasun juridiko propioa eta gaitasun publiko eta pribatu erabatekoa izango ditu, eta administrazio publikoekiko inongo loturarik gabe beteko ditu bere eginkizunak eta ahalak.

2.– Lehendakariak arloen dekretuan zehazten duen sailaren bidez jartzen da harremanetan Datuak Babesteko Euskal Agintaritza Eusko Jaurlaritzarekin.

2. artikulua.– Egoitza.

Datuak Babesteko Euskal Agintaritzak Vitoria-Gasteiz udalerrian du egoitza. Edonola ere, lehendakaritzak zehazten duen lekuan bete ahal izango ditu dagozkion eginkizunak.

3. artikulua.– Araubide juridikoa.

1.– Hauek dira Datuak Babesteko Euskal Agintaritza arautzen duten lege-xedapenak eta erregelamenduzko xedapenak:

a) Europako Parlamentuaren eta Batzordearen 2016/679 Erregelamendua (EB), 2016ko apirilaren 27koa (pertsona fisikoak babesten dituena datu pertsonalen tratamenduari eta datuen zirkulazio askeari dagokionez, eta 95/46/EE Zuzentaraua bertan behera uzten duena).

b) 3/2018 Lege Organikoa, abenduaren 5ekoa, Datu Pertsonalak Babestekoa eta Eskubide Digitalak Bermatzekoa.

c) 7/2021 Lege Organikoa, maiatzaren 26koa, arau-hauste penalak prebenitu, detektatu, ikertu eta epaitzeko eta zehapen penalak betearazteko tratatzen diren datu pertsonalak babesteari buruzkoa.

d) 16/2023 Legea, abenduaren 21ekoa, Datuak Babesteko Euskal Agintaritzari buruzkoa, eta berori garatzeko erregelamenduzko xedapenak.

e) 1/2023 Legea, martxoaren 16koa, Euskal Administrazio Publikoen zehatzeko ahalari buruzkoa.

f) 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena.

g) 40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoarena.

h) Datuak Babesteko Euskal Agintaritzako Estatutua.

i) Aplikatu behar zaizkion gainerako xedapen guztiak.

2.– Datuak Babesteko Euskal Agintaritzak bere lehendakariaren bidez egikarituko ditu eginkizunak eta ahalak; ondorioz, lehendakariaren egintzak Datuak Babesteko Euskal Agintaritzaren egintzatzat hartuko dira.

3.– Datuak Babesteko Euskal Agintaritzako lehendakariak emandako egintza eta xedapenek administrazio-bidea amaitzen dute, eta aukera dago haien aurka, zuzenean, errekurtsoa aurkezteko administrazioarekiko auzien jurisdikzioan.

Hala ere, lehendakaritzako titularrak ematen dituen administrazio-egintzen aurka, aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango da aldez aurretik.

Xedapenen aurka, ezin da aurkeztu errekurtsorik administrazio-bidean.

4. artikulua.– Eginkizunak eta ahalak.

Datuak Babesteko Euskal Agintaritzak egikaritu egingo ditu hala 2016/679 (EB) Erregelamenduaren 57. eta 58. artikuluetan eta maiatzaren 26ko 7/2021 Lege Organikoaren 49. eta 50. artikuluetan, hurrenez hurren, ezarritako eginkizunak eta ahalak, nola Datuak Babesteko Euskal Agintaritzari buruzko abenduaren 21eko 16/2023 Legean ezarritakoak eta lege-mailako beste arau batzuetan ezarritakoak.

Datuak Babesteko Euskal Agintaritzak, halaber, aholkularitza-eginkizunak egikarituko ditu arduradunentzat edo eragileentzat Datu Pertsonalak Babesteko eta Eskubide Digitalak Bermatzeko Lege Organikoaren 36. artikuluan eta 7/2021 Lege Organikoaren 36. artikuluan (azaroaren 26koa, arau-hauste penalak prebenitzeko, detektatzeko, ikertzeko eta epaitzeko eta zehapen penalak betearazteko tratatutako datu pertsonalak babesteari buruzkoa) aipatzen diren arrisku handiko tratamenduei buruzko aurretiazko kontsultetan.

Era berean, kontsulta-lana egingo du legebiltzar nazionalek hartu behar dituzten legezko neurri oro —edo legezko neurri horretan oinarritutako erregelamendu-neurri oro— prestatzen diren bitartean, baldin eta 2016/679 (EB) Erregelamenduaren 36.4 artikuluan eta 7/2021 Lege Organikoaren 49.1.m) artikuluan (azaroaren 26koa, arau-hauste penalak prebenitzeko, detektatzeko, ikertzeko eta epaitzeko eta zehapen penalak betearazteko tratatutako datu pertsonalak babesteari buruzkoa) ageri diren kasuekin lotutakoak badira.

5. artikulua.– Gidalerroak eta zirkularrak.

1.– Datuak Babesteko Euskal Agintaritza arduratuko da zaintzeaz datuak babesteari buruzko legeria betetzen dela, eta kontrolatzeaz ea aplikatzen den, bere jarduera-esparrukoak diren tratamenduei dagokienez. Horretarako, Agintaritzako lehendakariak beharrezko gidalerroak eta zirkularrak emango ditu, behar bezala aplikatzeko datu pertsonalak babesteari buruzko lege-xedapenak eta erregelamenduzko xedapenak eta datuen tratamenduak egokitzeko xedapen horietan ezarritakora.

Aurreko paragrafoan aipatu diren interpretazio-gidalerroez gain, ikerketa-jardueraren esparruan auditoretza-planak egin ondoren ere ezar daitezke gidalerroak, datuak babesteko arauak erabat betetzen direla ziurtatzeko. Gidalerro horiek nahitaez bete beharko dira, eta Datuak Babesteko Euskal Agintaritzako webgunean argitaratuko dira.

2.– 2016/679 (EB) Erregelamendua eta datu pertsonalen babeserako gainerako araudia aplikatzen duenean, Datuak Babesteko Euskal Agintaritzako lehendakariak bere aplikazio-esparruan, zirkularrak eman ahalko ditu, Agintaritzaren jardunbidearen irizpideak finkatzeko.

3.– Zirkular-proiektuak egiteko eta onartzeko prozedura txosten tekniko baten bidez hasiko da. Txosten hori Datuak Babesteko Euskal Agintaritzako administrazio-unitateetako bateko arduradunak sinatuko du, eta eduki hau izango du:

a) Zehaztea zer arauk gaitzen duen xedapena emateko.

b) Justifikatzea zergatik behar den xedapena, eta eta zer neurri edo irtenbide tekniko proposatzen diren eta zer helburu lortu nahi diren.

c) Zirkular-proiektua.

Txosten juridikoa edo legezkotasun-txostena ere egingo da, eta Datuak Babesteko Euskal Agintaritzako Aholkularitza Juridiko eta Ikuskaritza Unitatea arduratuko da horretaz.

Gainera, zirkularrak egiteko prozeduran, entzun egingo zaie zirkularrak ukitzen dituen eskubide eta interes legitimoen titularrei, zuzenean zein legeak onartutako erakunde eta elkarteen bidez, baldin eta erakunde eta elkarte horiek aipatutako titularrak multzokatzen edo ordezkatzen badituzte eta haien helburuek lotura zuzena badute zirkularraren xedearekin; era berean, sustatuko da herritarrek parte hartzea.

Entzunaldi eta jendaurreko informazioaren izapidea egiteko, testua Agintaritzako web-orrian argitaratuko da, eta gutxienez hamabost egun balioduneko epea izango du. Epe hori murrizteko aukera egongo da, gutxienez zazpi egun baliodunera, baldin eta behar bezala oinarritutako arrazoiek hala justifikatzen badute. Entzunaldi eta informazio publikoaren izapidea egin gabe utzi ahalko da soilik interes publikoko arrazoi astunak badaude, eta hori justifikatu egin beharko da txosten teknikoan.

Entzunaldi eta jendaurreko informazioaren izapidea bete ondoren, Kontseilu Aholku Emaileak proiektuari buruzko txostena egingo du.

Kontseilu Aholku Emaileak txostena egin ondoren, Datuak Babesteko Euskal Agintaritzako lehendakaritzari helaraziko zaio zirkularraren proiektua, justifikazio-memoriarekin eta espedientearekin batera, eta hark beste txosten batzuk eskatu ahal izango ditu, nahitaezkoak direnak alde batera utzi gabe.

Azkenik, Datuak Babesteko Euskal Agintaritzako lehendakaritzak onartuko du zirkular-proiektua behin betiko, eta inola ere ezin izango da utzi eskumen hori beste organo baten esku.

Datuak Babesteko Euskal Agintaritzaren zirkularrak Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko dira, eta indarrean sartuko dira Kode Zibilaren 2. artikuluan aurreikusitakoaren arabera.

6. artikulua.– Herritarren prestakuntza eta sentsibilizazioa.

1.– Bermatzeko herritarrek behar bezala ezagutzen dutela oinarrizko eskubidea dutela gizarteko esparru guztietan pribatutasuna zain dadin eta datuak babes daitezen, Datuak Babesteko Euskal Agintaritzak sentsibilizazio-materialak prestatuko ditu, eta komunikazio- eta prestakuntza-kanpainak sustatuko ditu, herritarrak kontzientziatzeko oinarrizko eskubide horren garrantziaz, bai eta eskubide digitalez ere. Ekintza horiek tratamenduaren arduradunei ere zuzenduko zaizkie, haiei erraztasunak emateko bultza dezaten erantzukizun proaktiboaren printzipioa bete dadila.

2.– Proiektuetan eta curriculum-eduki juridiko eta teknikoetan datuen babesari buruz sentsibilizatzeko eta datuen babesa bultzatzeko, Datuak Babesteko Euskal Agintaritzak akordioak eta lankidetza-hitzarmenak egingo ditu unibertsitatez kanpoko ikastetxeekin, tratamenduaren arduradunekin, profesionalekin eta kontsumitzaileekin, bai eta euskal unibertsitate-sistema osatzen duten entitateekin ere.

7. artikulua.– Jokabide-kodeak eta ziurtapena.

1.– Datuak Babesteko Euskal Agintaritzak onartu egingo ditu abenduaren 21eko 16/2023 Legearen aplikazio-eremuaren mende dauden subjektuen tratamendu-jarduerak arautzeko jokabide-kodeak (Datuak Babesteko Euskal Agintaritzari buruzko legea).

2.– Jokabide-kodeen proiektuak onartzeko prozedurak honako hauek bildu beharko ditu:

Justifikazio-memoria argi eta doia, zehatz-mehatz deskribatuko duena zein diren kodearen helburua, zer lurralde-eremutan aplikatuko den eta zein den materiala, argi zehaztuko duena zein diren kodeari lotutako tratamendu-jarduerak; era berean, deskribatuko du zein diren ukitutako tratamenduaren arduradunen edo eragileen kategoriak eta nola erraztuko duen DBEO benetan aplikatzea eta, hala badagokio, zein den justifikazio-dokumentazioa.

Kodeen titularrek egiaztatu beharko dute beren kode-proiektuak onargarritasun-irizpideak betetzen dituela; hau da, kodeak kasuan kasuko tratamendu- edo jarduera-sektorearen behar zehatz bati erantzuten diola, DBEO aplikatzea errazten duela, DBEOren aplikazioa zehazten duela, berme nahikoa ematen dituela eta mekanismo eraginkorrak dituela kodea betetzen dela gainbegiratzeko.

Jokabide-kodea onartu ondoren, Datuak Babesteko Euskal Agintaritzak onartutako jokabide-kodeen erregistroan inskribatzeko aginduko du, eta erregistro hori datuak babesteko estatuko gainerako agintaritzetako erregistroekin konektatuko da.

3.– Datuak Babesteko Euskal Agintaritzak ziurtagiriak eman ahal izango ditu, ziurtatzeko irizpideak onartu, eta datuen babesaren arloko organismo edo entitateak egiaztatu ahalko ditu, bere aplikazio-eremukoak diren arduradun eta eragileek egindako tratamendu-jarduerei dagokienez.

Interes-gatazkak saihesteko, tratamenduaren arduradun edo eragile bati ziurtagiri bat egiten esku hartu duten Agintaritzako langileek ezin izango dute esku hartu arduradun edo eragile horren aurka burutzen diren erreklamazio-prozeduren ikerketan edo instrukzioan.

8. artikulua.– Kanpo harremanak.

Datuak Babesteko Euskal Agintaritzak abenduaren 21eko 16/2013 Legearen 16. artikuluan (Datuak Babesteko Euskal Agintaritzari buruzkoa) aurreikusitako eginkizunak bete ahal izango ditu, bere eskumenen esparruan.

9. artikulua.– Hizkuntza-araubidea.

1.– Datuak Babesteko Euskal Agintaritzak hizkuntza-eskubideak bermatzen ditu, Euskararen erabilera normalizatzeko azaroaren 24ko 10/1982 oinarrizko Legean herritarrei aitortzen dizkienak, eta, era berean, berari aplikatzen zaizkio hizkuntza-normalizazioari buruzko xedapenak, Euskal Enplegu Publikoaren abenduaren 1eko 11/2022 Legearen XIII. tituluan eta indarrean dagoen gainerako araudian bildutakoak.

2.– Euskal Sektore Publikoan euskararen erabilera normalizatzeko otsailaren 22ko 19/2024 Dekretua betetze aldera, Datuak Babesteko Euskal Agintaritzak normalizazio-plan bat izango du, besteak beste, zerbitzu bakoitzean aplikatu behar diren hizkuntza-helburuak finkatzeko eta horiek benetan betetzeko neurriak hartzeko.

10. artikulua.– Genero-berdintasuna.

Datuak Babesteko Euskal Agintaritzak, bere eginkizunak betetzean, arreta berezia jarriko dio genero-berdintasunaren arloan indarrean dagoen araudiaren edukiari. Ildo horretan, genero-berdintasunaren eta diskriminaziorik ezaren aldeko politikak aplikatuko ditu bere jarduera guztien zeharkako ardatz gisa, eta politika horien aldeko eragile aktiboa izango da.

11. artikulua.– Gizarte-erantzukizuna.

Datuak Babesteko Euskal Agintaritzak, bere funtzionamendu arruntean, hobetzeko politikak aplikatuko ditu gizarte-, ingurumen- eta ekonomia-kontuetan, bere eskumenak burutzean dituen legezko betebeharrez harago.

12. artikulua.– Gardentasuna eta publikotasuna.

1.– Datuak Babesteko Euskal Agintaritzak bere Lehendakaritzako ebazpen hauek argitaratuko ditu web-orrian: erabakitzen dutenak ea jaramonik egin behar zaien ala ez Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2026ko apirilaren 27ko 2016/679 (EB) Erregelamenduaren 15.etik 22. artikulura artekoetan jasotako eskubideei, amaiera ematen dietenak erreklamazio-prozedurei, aurretiazko ikerketa-jarduketak artxibatzen dituztenak, ohartarazpen bidez zehatzen dituztenak Datu Pertsonalak Babesteko eta Eskubide Digitalak Bermatzeko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoko 77.1 artikuluak aipatzen dituen entitateak, eta kautelazko neurriak ezartzen dituztenak.

2.– Halaber, web-orrian, argitara emango ditu bere Lehendakaritzako beste ebazpen batzuk, hain zuzen ere amaiera ematen dietenak datu-babeserako xedapenak urratzearekin lotutako prozedureei edo maiatzaren 26ko 7/2021 Lege Organikoaren 21., 22. eta 23. artikuluetan ezarritako eskubideak betetzearekin zerikusia duten prozedurei (7/2021 Lege Organikoa, arau-hauste penalak prebenitu, detektatu, ikertu eta epaitzeko eta zehapen penalak betearazteko tratatzen diren datu pertsonalak babesteari buruzkoa).

3.– Gainera, Datuak Babesteko Euskal Agintaritzak hauek ere argitaratuko ditu bere web-orrian:

a) Gidalerro orokorrak, auditoretza-planak egin ondoren ezartzen direnak.

b) Nahitaezko txostenak, 2016/679 (EB) Erregelamenduaren 36. artikuluko 4. apartatuaren arabera ematen diren xedapen orokorrei buruzkoak.

c) Irizpenak, ematen direnak planteatzen dizkioten kontsultei erantzuteko, baldin eta irizpen horiek datuen babesari buruzko arau batzuk interpretatzen badituzte eta arau horiek badira aurretik argitaratu.

d) Jokabide-kodeak, Agintaritzak onartzen dituenak.

e) Nazioarteko datu-transferentzietarako kontratuetarako klausula-ereduak onartzen dituzten ebazpenak.

f) Nazioarteko datu-transferentziak baimentzen dituzten ebazpenak.

g) Ziurtapen-organismoak edo -entitateak egiaztatzen dituzten ebazpenak.

h) Gainerako jarduketak, argitaratu behar direnak datu pertsonalak babesteko araudiari jarraituz.

4.– Abenduaren 9ko 19/2013 Legeak (Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeko bideari eta gobernu onari buruzkoak) aurreikusitakoa gorabehera, eta datuak babesteko araudiarekin bat etorriz, web-orrian argitaratu beharko da, halaber, lehendakaritzak garrantzitsutzat jotzen duen informazio guztia, baldin eta lagun badezake bere eginkizunak hobeto betetzeko.

13. artikulua.– Epaiketako ordezkaritza.

Auzibidean jardun beharra badago, Eusko Jaurlaritzaren Zerbitzu Juridiko Nagusiaren ardura izango da Datuak Babesteko Euskal Agintaritza ordezkatzea eta defendatzea, beren arauetan xedaturik dagoenaren arabera. Betiere, interes kontrajarririk ez badago legezko edo hitzarmenezko ordezkaritza zerbitzu horrek egiten dien administrazio edo organismo publikoekin; kasu horretan, Agintaritza bera arduratuko da epaiketetako ordezkaritzaz eta defentsaz.

II. KAPITULUA
ANTOLAKETA

14. artikulua.– Antolaketa.

Datuak Babesteko Euskal Agintaritzak honako organo hauek izango ditu, 4. artikuluan adierazitako eginkizunak egikaritzeko:

a) Lehendakaritza. Hierarkikoki, administrazio-unitateak haren mende egongo dira.

b) Kontseilu Aholku Emailea.

15. artikulua.– Lehendakaritza.

1.– Datuak Babesteko Euskal Agintaritzako Lehendakaritzak zuzentzen eta ordezkatzen du agintaritza hori.

2.– Lehendakaritzari dagokio behar beste ebazpen ematea eta gidalerro eta zirkular onartzea, Datuak Babesteko Euskal Agintaritzako ahalak eta eginkizunak egikaritzeko, eta, bereziki:

a) Erreklamazioak ebaztea, herritarrek egin diezazkioketenak apirilaren 26ko 2016/679 (EB) Erregelamenduaren 15.etik 22. artikulura artekoetan jasotzen diren eskubideak egikaritzearen inguruan, eta hori, Datuak Babesteko Euskal Agintaritzaren abenduaren 21eko 16/2023 Legeari lotutako datu pertsonalen tratamenduei dagokienez.

b) Erreklamazioak ebaztea, herritarrek egin diezazkioketenak maiatzaren 26ko 7/2021 Lege Organikoko 22. eta 23. artikuluetan jasotzen diren eskubideak baliatzearekin lotuta (7/2021 Lege Organikoa, arau-hauste penalak prebenitu, detektatu, ikertu eta epaitzeko eta zehapen penalak betearazteko tratatzen diren datu pertsonalak babesteari buruzkoa).

c) Bere eginkizunak betetzeko beharrezkoa den informazioa eskatzea Datuak Babesteko Euskal Agintaritzaren abenduaren 21eko 16/2023 Legearen aplikazio-eremuan dauden tratamendu-arduradunei.

d) Kautelazko eta behin-behineko neurriak hartzea, beharrezkoak direnak zehatzeko ahala egikaritzeko, Datuak Babesteko Euskal Agintaritzari buruzko abenduaren 21eko 16/2023 Legearen 40. artikuluan xedatutakoaren arabera.

e) Zehapen-espedienteak hastea eta ebaztea, eta, hala badagokio, eskatzea diziplina-espedienteak irekitzeko, baldin eta administrazio publikoek edo zuzenbide publikoko beste entitate edo instituzio batzuek urratu badituzte arauak.

f) Baimentzea sartu ahal izan dadila datu pertsonalak gordetzen dituzten ekipo fisikoak eta/edo informazio-euskarriak dauden lokaletan, beharrezko ikuskapenak egiteko. Lokal horiek egoitza-izaerakoak badira legearen arabera, ikuskatze-lana, gainera, egokitu egin beharko da egoitzaren bortxaezintasuna bermatzen duten arauetara.

g) Programatzea Datuak Babesteko Euskal Agintaritzako kudeaketa-lanak.

h) Datuak Babesteko Euskal Agintaritzako aurrekontu-aurreproiektua prestatzea eta onartzea, eta Eusko Jaurlaritzara bidaltzea, behar bezalako independentziarekin sar dadin Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontu orokorretan, bat etorriz Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontu-araubidea erregulatzen duen legeriarekin.

i) Gastuak onartzea eta ordainketak agintzea, Datuak Babesteko Euskal Agintaritzako gastu-aurrekontuko kredituen mugen barruan.

j) Dirulaguntzen prozedurak sustatzea eta ebaztea, Dirulaguntzen araubidea erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen arabera.

k) Datuak Babesteko Euskal Agintaritzako egitura organikoa eta lanpostu-zerrenda prestatzea eta onartzea.

l) Datuak Babesteko Euskal Agintaritzako urteko txostena onartzea, eta Eusko Legebiltzarrari, Eusko Jaurlaritzari eta datuak babesteko estatuko gainerako agintaritzei jakinaraztea.

m) Lankidetza-hitzarmenak sinatzea entitate publiko eta pribatuekin, hobeto betetzeko Datuak Babesteko Euskal Agintaritzari esleitutako eginkizunak.

n) Datuak Babesteko Euskal Agintaritzari buruzko abenduaren 21eko 16/2023 Legearen 9. artikuluan aipatzen diren administrazio publikoei, instituzioei eta entitateei eskatzea ezen, hala dagokienean, izenda ditzatela nor izango diren beren ordezkariak Kontseilu Aholku Emailean.

o) Datuak Babesteko Euskal Agintaritzaren irizpenak onartzea.

p) Zirkularrak onartzea, bere arautzeko ahala baliatuz.

q) Onartzea zer jokabide-kodek arautuko dituzten bere aplikazio-eremuko subjektuen tratamendu-jarduerak.

r) Ziurtapen-organismoak edo -entitateak egiaztatzea.

s) Kontratuetarako klausula-ereduak onartzea, nazioarteko datu-transferentziak egiteko.

t) Arau korporatibo lotesleak onartzea.

u) Nazioarteko datu-transferentziak baimentzea, zeinak ez baitute onartuta egokitasun-erabakirik, edo ez baitaude babestuta kontratuetarako klausula-ereduetan edo arau korporatibo lotesleetan aurreikusitako bermeren batekin.

v) Bere eskumenen barruan egikaritzea Euskal Autonomia Erkidegoari kanpo-harremanen subjektu gisa dagozkion eginkizunak.

w) Beste edozein, baldin eta esleitzen bazaio estatutu honetan eta indarrean dauden gainerako xedapenetan, eta Datuak Babesteko Euskal Agintaritzako zuzendaritza- eta ordezkaritza-eginkizun guztiak ere, baldin eta ez bazaizkio espresuki esleitzen beste organo bati.

3.– Datuak Babesteko Euskal Agintaritzako lehendakaria Eusko Jaurlaritzaren dekretu baten bidez izendatuko da, datuen babesaren arloan aitortutako prestigioa, gaitasun profesionala eta gutxienez bost urteko esperientzia duten pertsonen artetik.

Eusko Jaurlaritzak nor aukeratzen duen Datuak Babesteko Euskal Agintaritzako lehendakari izateko, hautagai horrek agerraldi bat egin beharko du Eusko Legebiltzarreko Erakunde, Gobernantza Publiko eta Segurtasun Batzordean, batzordekideek argibideak eta azalpenak eskatu ahal izan ditzaten beraren prestakuntza akademikoarekin, lanbide-ibilbidearekin edo alegatutako merezimenduekin lotutako edozein alderdiri buruz.

4.– Datuak Babesteko Euskal Agintaritzako lehendakari izatea bateraezina da beste edozein jarduera profesionalekin edo merkataritza- edo lan-jarduerarekin, hargatik eragotzi gabe ekainaren 26ko 1/2014 Legean ezarritakoa aplikatzea (Kargu publikodunen jokabide kodea eta haien interes gatazkak arautzen dituena).

5.– Espediente bat izapidetu behar bada ekar dezakeena Datuak Babesteko Euskal Agintaritzako lehendakaria kargutik banantzea edo kentzea agintaldia amaitu aurretik, Datuak Babesteko Euskal Agintaritzari buruzko abenduaren 21eko 16/2023 Legearen 8.5 artikuluan aurreikusitako arrazoiren batengatik, Eusko Jaurlaritzaren eta Datuak Babesteko Euskal Agintaritzaren arteko harremanetarako organo gisa izendatutako sailari egokituko zaio espedientea ebazteko proposamenari hasiera ematea eta Gobernu Kontseiluari helaraztea.

6.– Idazkari nagusiak ordezkatuko du Datuak Babesteko Euskal Agintaritzako lehendakaritza, baldin eta kargua hutsik geratzen bada, ezintasun fisikoa dela-eta edo aldi baterako absente badago, edo abstenitzeko edo errekusatzeko arrazoiren bat badago.

16. artikulua.– Kontseilu Aholku Emailea.

1.– Datuak Babesteko Euskal Agintaritzako kontseilu aholku-emailea kide anitzeko organo bat da, aholkuak ematen dizkiona Agintaritzako titularrari. Kontseilu horren osaera zehaztuta dago Datuak Babesteko Euskal Agintaritzari buruzko abenduaren 21eko 16/2023 Legearen 9.1 artikuluan.

2.– Kontseilu aholku-emaileak txosten bat egingo du interpretazio-zirkularrak onartu aurretik eta lanpostu-zerrendak onartu aurretik, 17. artikuluan aipatzen diren administrazio-unitateak sortzeko, bai eta Datuak Babesteko Euskal Agintaritzako lehendakaritzaren eraginpeko gai guztietan ere; proposamenak egin ahal izango ditu, halaber, Agintaritzaren eskumeneko gaiekin zerikusia duten kontuetan.

3.– Kontseilukideen arteko txandakako sistema ezarri da kontseiluburu izateko. Hala, kontseilu aholku-emaileko kideak urtebetez izango dira kontseiluburu, 16/2023 Legearen 9. artikuluan ezarritako ordenari jarraituz.

4.– Kontseiluburuari dagokio:

a) Kontseilu aholku-emailearen ordezkari izatea.

b) Agintaritzako lehendakariarekin koordinatzea gai-zerrendan sartuko denari eta kontseilu aholku-emailearen bilerak egiteari dagokionez.

c) Kontseilu aholku-emailearen bileretarako deialdia egitea adostea eta gai-zerrenda finkatzea; horretarako kontuan izango ditu gainerako kideek deia egin aurretik aurkeztu dituzten eskaerak, aurkeztu badituzte.

d) Bileretan buru izatea, eztabaidak bideratzea, eta eztabaida horiek etetea, bidezko arrazoirik badu, behar bezala frogatuta.

e) Berdinketarik badago, bere botoaren bidez haustea, akordioak hartze aldera.

f) Legeak eta araudiak betetzen direla ziurtatzea.

g) Kontseilu aholku-emailearen akordioen aktak eta ziurtagiriak ontzat ematea.

h) Organoko buru izateak berez dakartzan gainerako eginkizun guztiak betetzea.

5.– Kargua hutsik badago, absente badago, gaixorik badago edo legezko beste arrazoiren bat sortzen bada, kontseilu aholku-emaileko antzinatasun handieneko kideak ordezkatuko du burua, eta, antzinatasunean berdinketa egonez gero, kide helduenak.

6.– Datuak Babesteko Euskal Agintaritzako idazkari nagusia izango da kontseilu aholku-emaileko idazkaria; hitza izango du, baina botorik ez. Kontseilu aholku-emaileko idazkaria ez badago, absente edo gaixorik badago, bertan dagoen kide gazteenak ordezkatuko du.

7.– Kontseilu aholku-emaileko idazkariari dagokio:

a) Bileretara joatea. Idazkaria Datuak Babesteko Euskal Agintaritzako funtzionarioa bada, hitza izango du, baina botorik ez; kontseilu aholku-emaileko kidea bada, hitza eta botoa izango ditu.

b) Kontseiluburuaren aginduz kontseilu aholku-emaileko bileretarako deia egitea eta kideei zitazioak bidaltzea.

c) Kideek kontseilu aholku-emaileari egindako komunikazio oro jasotzea: jakinarazpenak, datu-eskaerak, zuzenketak eta ezagutu behar duen bestelako idazkiak.

d) Gaiak bideratzeko prestatzea, bilerako aktak idaztea eta akta horien fede ematea.

e) Hartutako akordio, kontsulta eta irizpenen ziurtagiriak igortzea.

f) Kontseilu aholku-emaileko buruari eta Datuak Babesteko Euskal Agintaritzako lehendakariari jakinaraztea posturen bat hutsik geratu bada, kideak ordezkatu badira edo kontseilu aholku-emailearen osaerari eragiten dion beste edozein gorabehera badago.

g) Kontseilu aholku-emaileko idazkari moduan dituen bestelako eginkizunak.

8.– Deialdiak eta saioak.

Kontseilu aholku-emailearen eraketa baliozkoa izan dadin bilerak egiteko, eztabaidatzeko eta erabakiak hartzeko, kontseiluburuak eta idazkariak —edo, hala badagokie, haien ordezkoek— bertan egon beharko dute, bai eta gutxienez lau kontseilukidek ere lehenengo deialdian, eta hiruk bigarrenean.

Kontseilu aholku-emaileak urtean bitan egingo du ohiko bilera, seihileko bakoitzean behin.

Kontseilu aholku-emailearen bileretarako deialdiak gutxienez hiru egun lehenago jakinaraziko zaizkie kontseilukideei. Jakinarazpena edozein bide erabiliz egingo da, baldin eta kideak edo haren ordezkariak deialdia jaso duela baieztatzea ahalbidetzen badu. Oro har, kideak horretarako adierazitako bidea erabiliko da. Bigarren deialdia ere egin ahal izango da, baina gutxienez 30 minutuko tartea utziko da lehen deialditik bigarrenera.

Ezin da eztabaidatu edo erabakirik hartu deialdiko gai-zerrendan ez dauden gaiei buruz, salbu eta kontseilu aholku-emaileko kide guztiak bilduta badaude eta gaia presazkotzat jotzen bada gehiengoaren erabakiz.

Kontseiluburuak kontseilu aholku-emailerako deia egin beharko du, baldin eta lau kidek hala eskatzen badute, idazki bat aurkeztuz kontseiluaren idazkaritzan, aztertu nahi dituzten gaiak zehatz-mehatz adierazita.

Erabakiak bildutako kideen botoen gehiengoz hartuko dira, salbu eta legeak, erregelamenduek edo arau hauek gehiengo berezia eskatzen duten.

Kontseilu aholku-emaileko kideek eta Datuak Babesteko Euskal Agintaritzako lehendakariak kide anitzeko organo horretako idazkariarengana jo ahal izango dute, akordioen ziurtagiria eman diezaieten.

Datuak Babesteko Euskal Agintaritzako lehendakaria kontseilu aholku-emailearen bileretan izango da; hitza izango du, baina botorik ez.

Kontseilu aholku-emaileko kideek ez dute inolako ordainsaririk jasoko, hargatik eragotzi gabe beren eginkizunak betetzeak eragindako gastuen ordainketa jasotzea. Gastu horiek behar bezala justifikatu beharko dira, eta Datuak Babesteko Euskal Agintaritzako lehendakariak baimendu beharko ditu.

17. artikulua.– Administrazio-unitateak.

1.– Administrazio-unitateek Datuak Babesteko Euskal Agintaritzako egitura organikoa osatzen dute, eta hierarkikoki Lehendakaritzaren mende daude.

2.– Lanpostu-zerrendan zehaztuko dira unitate bakoitzeko lanpostu-hornidura, lanpostu bakoitzaren ezaugarriak eta lanpostu horiek lortzeko eskatzen diren baldintzak.

3.– Lehendakariaren ebazpenez, eta kontseilu aholku-emaileak txostena egin ondoren, funtzionalki eta hierarkikoki Lehendakaritzaren mendean dauden beste unitate batzuk ezarri ahal izango da.

4.– Idazkaritza Nagusiko arduradunak gainerako administrazio-unitateetako titularrak ordezkatu ahal izango ditu, kargua hutsik geratzen bada, titularra absente badago edo gaixorik badago. lehendakariak arrazoiak emanda zehaztuko du ordezkapen hori nork egingo duen, beste administrazio-unitate batzuk osatzen dituzten pertsonen artetik.

III. KAPITULUA
IKUSKAPENA

18. artikulua.– Ikuskatzeko eginkizunak.

1.– Datuak Babesteko Euskal Agintaritzak aldizka edo unean-unean ikuskatu ahal izango ditu, ofizioz edo ukituek eskatuta, honako arduradun hauek egindako tratamenduak: Datuak Babesteko Euskal Agintaritzari buruzko abenduaren 21eko 16/2023 Legearen 2.1 eta 2.2 artikuluetan aipatzen diren arduradunen tratamenduak, maiatzaren 26ko 7/2021 Lege Organikoko (arau-hauste penalak prebenitu, detektatu, ikertu eta epaitzeko eta zehapen penalak betearazteko tratatzen diren datu pertsonalak babesteari buruzkoa) 2.1 eta 2.2 artikuluetan aipatzen diren arduradunen tratamenduak, bai eta horiek dauden lokaletako ekipo informatikoenak ere. Xede horretarako, honako hauek egin ahal izango ditu:

a) Informazio-sistemak dauden lokaletara edo datuen tratamenduak egiten diren lekuetara sartzea.

b) Datu pertsonalak dauzkaten informazio-euskarriak aztertzea eta tratatu diren datuen kopia lortzea.

c) Datu pertsonalak tratatzen dituzten informazio-sistemak aztertzea, dauden lekuan, baita tratamendua egiten den ekipo fisikoak eta logikoak ere.

d) Beharrezkoak diren programa eta aplikazioak edo agiriak bidaltzeko eskatzea, egindako datuen tratamendua aztertzeko eta datu horien kopia lortzeko.

e) Ikerketapean dauden tratamendua kudeatu eta sostengatzeko programak, aplikazioak edo prozedurak exekuta daitezela eskatzea.

f) Auditoretzak egitea datuen tratamendua bideratzen duten informazio-sistemen, banakako erabaki automatizatuen sistemen, adimen artifizialeko sistemen eta sistema algoritmikoen, gailuen, ekipoen edo programen gainean, indarreko legeriarekin bat datozen ala ez erabakitzeko.

g) Ikuskapen-eginkizunak egiteko beharrezkoak diren beste informazio guztiak erakusteko edo bidaltzeko eskatzea.

h) Tratamenduei buruz hartutako neurri teknikoak eta antolakuntzakoak berraztertzea.

2.– Datuak Babesteko Euskal Agintaritzako lanpostu-zerrendan ikuskatzeko eginkizuna esleituta duten lanpostuetako funtzionarioek beteko dituzte ikuskapen-eginkizunak.

3.– Langile horiek sartu ahal izango dira datu pertsonalak gordetzen dituzten ekipo fisikoak eta/edo informazio-euskarriak dauden lokaletan; horretarako, Datuak Babesteko Euskal Agintaritzako lehendakaritzak emandako baimena erakutsi beharko diote tratamenduaren arduradunari.

Lokal horiek egoitza-izaerakoak badira legearen arabera, ikuskatze-lana egiteko, bertako pertsona fisiko edo juridikoaren onespenarekin edo epailearen baimena beharko da.

19. artikulua.– Aldez aurreko ikerketa-jarduerak.

Datuak Babesteko Euskal Agintaritzari buruzko abenduaren 21eko 16/2023 Legearen 38.1 artikuluan ezarritakoaren arabera, agintaritza horrek erabaki ahal izango du sistema digital bidez egitea aurretiazko ikerketa-jarduketak, Datu Pertsonalak Babesteko eta Eskubide Digitalak Bermatzeko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoaren 53 bis artikuluan zehazten den moduan, eta gehienez ere 18 hilabete iraungo dute ikerketa-jarduera horiek.

20. artikulua.– Zehapen-espedienteetako instrukzio-egintzak.

Ikuskatzeko eginkizuna esleituta duten lanpostuetako funtzionarioek lagundu egingo dute Datuak Babesteko Euskal Agintaritzak izapidetzen dituen zehapen-espedientetako instrukzio-egintzetan.

IV. KAPITULUA
AURREKONTU-, EKONOMIA-, KONTRATAZIO-, ONDARE- ETA LANGILE-ARLOKO ARAUBIDEA

21. artikulua.– Baliabideak.

1.– Datuak Babesteko Euskal Agintaritzak nahikoa baliabide izango du bere xedeak betetzeko. Honako hauek izango dira baliabide horiek:

a) Autonomia Erkidegoko aurrekontu orokorretan urtero izendatuko zaion diru-kopurua.

b) Ematen dizkioten dirulaguntzak eta egiten dizkioten ekarpenak.

c) Haren ondarea osatzen duten ondasun eta baloreak eta haietatik sortutako produktu eta errentak.

d) Bere jarduera egikaritzearen ondoriozko diru-sarrerak, ohikoak eta apartekoak, barne harturik 2016/679 (EB) Erregelamenduaren 58. artikuluan eta maiatzaren 26ko 7/2021 Lege Organikoaren 50. artikuluan ezarritako ahalak egikaritzearen ondoriozkoak.

e) Legez ematen dioten beste edozein ondasun edo baliabide.

2.– Datuak Babesteko Euskal Agintaritza Euskal Autonomia Erkidegoaren ekonomia-, finantza- eta kudeaketa-arloko kontrolaren mendean egongo da, baita Herri Kontuen Euskal Epaitegiaren fiskalizazioaren mendean ere.

22. artikulua.– Aurrekontu- eta kontabilitate-araubidea.

1.– Datuak Babesteko Euskal Agintaritzak urtero prestatu eta onartuko du aurrekontu-aurreproiektua, eta Eusko Jaurlaritzara bidaliko du, behar bezalako independentziarekin sar dadin Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorretan, Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontu-erregimena arautzen duen legeriarekin bat etorriz. Legeria horren mendean egongo da aurrekontua aldatzeko, gauzatzeko eta likidatzeko araubideari dagokionez, eta, ondorio horietarako, Agintaritzaren izaera hartuko da kontuan.

2.– Datuak Babesteko Euskal Agintaritza kontabilitate publikoko araubidearen mende dago, eta bete beharko ditu Euskal Autonomia Erkidegoaren Kontabilitate Publikoko Planean, plan horren garapeneko arauetan eta aplikatu behar diren gainerako arauetan jasotako kontabilitate-printzipio eta -arauak.

23. artikulua.– Kontratazio-araubidea.

1.– Datuak Babesteko Euskal Agintaritza administrazio publikotzat hartuko da sektore publikoko kontratuen legeriaren ondorioetarako.

2.– Datuak Babesteko Euskal Agintaritzako kontratazio-organoa Lehendakaritza da.

24. artikulua.– Ondarea.

1.– Datuak Babesteko Euskal Agintaritzak bere ondare propioa du, bere titulartasuneko ondasun eta eskubide guztiez osatua, bai eta edozein titulu bidez eskuratzen edo jasotzen dituen ondasun eta eskubide guztiez osatua ere.

2.– Datuak Babesteko Euskal Agintaritzak kudeatu eta administratuko ditu bere ondasun eta eskubide propioak, bai eta, bere helburuak betetzeko atxikitzen zaizkion Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren edo beste edozein administrazioren ondarekoak ere, Estatutu honetan eta aplikatu beharreko araudian adierazitakoarekin bat etorriz.

3.– Diru-bilketarako ahala erabiliz, Datuak Babesteko Euskal Agintaritzak Eusko Jaurlaritzarekin hitzartu ahal izango du zuzenbide publikoko bere baliabideen diru-bilketaren kudeaketa epe exekutiboan egitea urtarrilaren 12ko 1/2021 Dekretuan (Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Diru Bilketako Erregelamendua onartzen duena) aurreikusitako moduan (2021eko otsailaren 8ko EHAA).

25. artikulua.– Langileen araubidea.

1.– Datuak Babesteko Euskal Agintaritzako langileak funtzionarioak izango dira, eta euskal enplegu publikoa erregulatzen duen legediaren agindupean egongo dira.

2.– Datuak Babesteko Euskal Agintaritzaren lanpostu-zerrenda Agintaritzako lehendakariaren ebazpen baten bidez onartuko da, kontseilu aholku-emaileak txostena egin ondoren, eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunean jarriko da indarrean.

3.– Datuak Babesteko Euskal Agintaritzari dagokio lanpostuak eskuratzeko sistema erabakitzea, baldintzak eta hautaproben ezaugarriak zehaztea, bai eta lanpostuak betetzeko eta laneko sustapeneko prozeduretako deialdiak egitea eta prozedura horiek kudeatzea eta ebaztea ere.

4.– Administrazio-unitateetako zuzendaritza esleitzen zaien lanpostuak betetzen dituzten funtzionarioek zuzendaritza-kide publiko profesional izaera izango dute, eta beren zerbitzu-harremana formalizatuko dute Agintaritzarekin, Euskal Enplegu Publikoaren abenduaren 1eko 11/2022 Legean edo hura ordezten duen arauan xedatutakoaren arabera.

5.– Datuak Babesteko Euskal Agintaritzako langileek sekretupean gorde beharko dituzte beren eginkizunak betetzean ezagutzen dituzten informazioak, baita eginkizun horiek utzi ondoren ere.


Azterketa dokumentala