
105. zk., 2026ko ekainaren 5a, ostirala
- Bestelako formatuak:
- PDF (103 KB - 2 orri.)
- EPUB (107 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
INDUSTRIA, TRANTSIZIO ENERGETIKO ETA JASANGARRITASUNAREN SAILA
2439
EBAZPENA, 2026ko maiatzaren 22koa, Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasuneko Arabako lurralde-ordezkariarena, zeinaren bidez atzera egindakotzat jotzen baita San Miguel ISFV, SLren administrazio-baimenaren eskaera, Arratzua-Ubarrundia eta Vitoria-Gasteiz (Araba) udalerrietan «FV Eki Bi» proiektua eta haren ebakuazio-azpiegitura gauzatzeko.
Espediente-zenbakia: 01 GE Y 202300021.
AURREKARIAK
2023ko maiatzaren 17an, San Miguel ISFV, SLk administrazio-baimena eskatu zuen «FV Eki Bi» proiektua eta haren ebakuazio-azpiegitura gauzatzeko Arratzua-Ubarrundia (Araba) udalerrian.
2024ko uztailaren 10ean, Arratzua-Ubarrundia eta Vitoria-Gasteiz (Araba) udalerrietan «FV Eki Bi» proiektua eta haren ebakuazio-azpiegitura gauzatzeko bertsio aldatua aurkeztu zen.
Jendaurrean jartzeko izapidean, sustatzaileak Arabako Foru Aldundiko Natura Ingurunearen Zuzendaritzaren txostena jaso zuen, proiektua Arratzua-Ubarrundia udalerrian kokatutako eremuan ezartzearen aurkakoa.
2026ko maiatzaren 20an, San Miguel ISFV, SL sustatzaileak eskatu zuen atzera egindakotzat jotzeko «FV Eki Bi» proiektuaren eta haren ebakuazio-azpiegituraren administrazio-baimenaren espedientean, eta gordailututako bermeak itzultzeko, 23/2020 LEDaren 1.2 artikuluan eta 1183/2020 EDaren 23.6 artikuluan xedatutakoaren arabera, eta oinarri hartuta administrazio publiko eskudunen aurkako txostenak, zeinak proiektua gauzatzea eragotziko bailukete.
ZUZENBIDEKO OINARRIAK
Arabako Lurralde Ordezkaritza da espediente hau izapidetzeko eta ebazteko organo eskuduna, Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasunaren Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen abenduaren 3ko 410/2024 Dekretuaren 20. artikuluan xedatutakoaren arabera.
Espediente hau izapidetzerakoan, energia elektrikoa ekoizteko, garraiatzeko eta banatzeko instalazioen administrazio-baimenaren prozedurak arautzen dituen martxoaren 31ko 48/2020 Dekretuan ezarritakoa bete da.
Energia elektrikoaren garraio- eta banaketa-sareetarako sarbideari eta konexioari buruzko abenduaren 29ko 1183/2020 Errege Dekretuaren 23.6 artikuluak ezartzen duenez, instalazioa baimentzeko organo eskudunak gordailututako bermearen exekuzioa salbuetsi ahal izango du, baldin eta sarbide- eta konexio-baimenak iraungitzearen arrazoia bada administrazio publiko baten txosten edo ebazpen batek eraikuntza hori eragozten duela, eta hark hala eskatzen badu.
Aipatutako lege-xedapenak ikusita, eta oro har zein zehazki aplikagarri diren gainerakoak oinarri hartuta, Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasuneko Arabako ordezkariak
EBAZTEN DU:
Lehenengoa.– Atzera egindakotzat jotzea San Miguel ISFV, SLk Arratzua-Ubarrundia eta Vitoria-Gasteizko udalerrietan (Araba) «FV Eki Bi» proiektua gauzatzeko aurkeztutako baimen-eskaera, eta Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusian gordailututako bermeak itzultzeko agintzea.
Bigarrena.– Dagokion espedientea artxibatzeko agintzea.
Ebazpen honek ez du administrazio-bidea amaitzen, eta haren aurka gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke Deskarbonizazioko zuzendariaren aurrean, hilabeteko epean, ebazpen hau jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera; hori guztia Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. artikuluan eta hurrengoetan ezarritakoaren arabera.
Vitoria-Gasteiz, 2026ko maiatzaren 22a.
Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasuneko Arabako lurralde-ordezkaria,
JAVIER AIZPURU OCHOA DE ERIBE.
RSS