
105. zk., 2026ko ekainaren 5a, ostirala
- Bestelako formatuak:
- PDF (296 KB - 29 orri.)
- EPUB (483 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
EKONOMIA, LAN ETA ENPLEGU SAILA
2436
EBAZPENA, 2026ko maiatzaren 27koa, Osalan-Laneko Segurtasun eta Osasunerako Euskal Erakundearen zuzendari nagusiarena, zeinaren bidez onesten baitira laneko segurtasunaren eta osasunaren eremuan ikerketa-proiektuak egiteko laguntzak emateko oinarriak.
Osalan-Laneko Segurtasun eta Osasunerako Euskal Erakundeak (aurrerantzean, Osalan) laneko segurtasunaren eta osasunaren arloko ikerketa-jarduerak bultzatzea du bere eskumenen artean. Osalan sortzeko abenduaren 21eko 7/1993 Legean laneko segurtasuna, higienea eta osasuna prebenitzeko eta sustatzeko helburuak betetzeko beharrezko diren zereginak ezartzen dira, eta, besteak beste, laneko segurtasunaren eta osasunaren arloan ikerketa-programak lantzea, bultzatzea eta garatzea proposatzen da.
Deialdi honen lehentasunezko arloak Laneko Segurtasuneko eta Osasuneko 2021-2026 Euskal Estrategiaren esparruan daude, eta hau da deialdiaren helburua: laneko segurtasunaren eta osasunaren arloko gai batzuetan ikerketa-proiektuak egitera bultzatzea, haien emaitza lan-jardunean aplikatu ahal izateko, eta, modu horretara, laneko arriskuak prebenitzeko eta langileen osasuna hobetzeko. Horrez gain, ikerketa-taldeak finkatu nahi dira, eta talde berriak sartu, haien bidez laneko segurtasunaren eta osasunaren eremuan ikerketa aurreratzeko eta garatzeko.
Osalan-Laneko Segurtasun eta Osasunerako Euskal Erakundearen 2025-2028 aldirako Dirulaguntzen Plan Estrategikoa, Ekonomia, Lan eta Enpleguko kontseiluko bigarren buruordearen 2025eko otsailaren 4ko Aginduaren bidez onetsi da, gero Ekonomia, Lan eta Enpleguko kontseiluko bigarren buruordearen 2026ko otsailaren 12ko Aginduaren bidez aldatu da, eta dirulaguntza horiek ematea ezartzen du, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 7.1 artikuluan xedatutakoa betez.
Dirulaguntza horiek 2025-2028 aldirako Dirulaguntzen Plan Estrategikoaren 9. helburu estrategikoan daude, «12. dirulaguntza-lerroa (ikerketa-proiektuak laneko arriskuen prebentzioaren arloan)» delakoan.
Ebazpen honetako deialdian zehazten diren dirulaguntzek lagundu egingo dute dirulaguntzen plan estrategikoan jasotako helburuak erdiesten; alegia, laneko arriskuen prebentzioaren arloko ikerketa eta berrikuntza genero-ikuspegitik sustatzen eta emaitzak zabaltzen.
Printzipio horiekin bat, eta gastu-kredituaren gaikuntzan oinarrituta, honako hau
EBAZTEN DUT:
Artikulu bakarra.– Ebazpen honek oinarriak onesten ditu laneko segurtasunaren eta osasunaren arloko ikerketa-proiektuak egiteko dirulaguntzak emateko. Eranskinean agertzen dira oinarriok, eta deialdia 2026rako egingo da.
AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA.– Aplikatzekoa den araudia.
Agindu honen bidez arautzen diren dirulaguntzek arau hauetan xedatutakoa beteko dute: Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legea; Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren oinarrizko manuak (lege orokor hori garatzeko, uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretua eman zen, Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren Erregelamendua onesten duena), eta Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legea.
AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA.– Errekurtsoak.
Ebazpen honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beronen aurka, berraztertzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio Osalan-Laneko Segurtasun eta Osasunerako Euskal Erakundeko zuzendari nagusiari, hilabeteko epean. Bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa ere aurkeztu daiteke Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzietarako Salan, bi hilabeteko epean. Bi kasu horietan, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera hasiko da epea zenbatzen. Hala ezartzen dute urriaren 1eko 39/2015 Legeak (Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearenak), 123. eta 124. artikuluetan, eta uztailaren 13ko 29/1998 Legeak (Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duenak), 8.3 eta 46. artikuluetan.
AZKEN XEDAPENETAKO HIRUGARRENA.– Ondorioak.
Ebazpen honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango du eragina.
Barakaldo, 2026ko maiatzaren 27a.
Osalan-Laneko Segurtasun eta Osasunerako Euskal Erakundeko zuzendari nagusia,
MARÍA LOURDES ISCAR REINA.
ERANSKINA
Oinarriak, 2026. urteko ekitaldian, laneko segurtasunaren eta osasunaren arloan, ikerketa-proiektuak egiteko dirulaguntzak ematekoak.
Lehenengoa.– Xedea eta eremua.
Oinarri hauen xedea da Osalan-Laneko Segurtasun eta Osasunerako Euskal Erakundeak 2026. urtean eman beharreko dirulaguntzetarako baldintzak ezartzea. Dirulaguntza horiek norgehiagoka bidez emango dira, lehiaketa batean parte hartuz, laneko segurtasunaren eta osasunaren arloko ikerketa-proiektuak egiteko.
Bigarrena.– Bateragarritasuna beste dirulaguntza batzuekin.
1.– Ebazpen honetan araututako dirulaguntzak bateragarriak dira administrazio honek, beste administrazio batzuek edo beste entitate publiko nahiz pribatu batzuek helburu bererako eman ditzaketenekin. Edonola ere, erakunde onuradunak dirulaguntza horiek eskuratuz gero, Osalan Laneko Segurtasun eta Osasunerako Euskal Erakundeari jakinarazi beharko dio. Horretarako, inguruabar hori gertatu bezain pronto, diruz lagundutako jarduera gauzatu aurretik, bitartean edo ondoren, eta dagokion emakida-ebazpena aurkeztuta, onuradunak horren berri emango dio instrukzio-organoari.
2.– Emandako dirulaguntzen zenbatekoak ezin izango du gainditu egindako jardueraren kostu osoaren % 100, jarduera horrexetarako diren beste dirulaguntzak edo finantzatutako ekimen horretan bertan lortutako diru-sarrerak ere kontuan hartuta. Horrelakorik gertatuz gero, gehiegizko zenbatekoa gutxituko zaio deialdi honetan emandako dirulaguntzari.
Hirugarrena.– Baliabide ekonomikoak.
Ebazpen honen xedera bideratuko diren baliabide ekonomikoak Osalan-Laneko Segurtasun eta Osasunerako Euskal Erakundearen 2026. urteko aurrekontuetan ezarritako aurrekontu-kreditutik etorriko dira. Zenbatekoa hirurehun eta berrogeita hamar mila (350.000) eurokoa da, eta aurrekontu-egozpena 3113 programatik dator (Laneko Segurtasun eta Osasuna, 01 zerbitzua, Zuzendaritza Orokorra), IV. kapituluaren barruan (eragiketa arruntetarako transferentziak eta dirulaguntzak, 450. artikulua, PEP 19/1556 elementua).
Laugarrena.– Finantzaketa.
Deialdi honen bidez ematen diren dirulaguntzen finantzaketa honela egotziko da:
– 280.000 euro 2026rako ordainketa-kreditu gisa.
– 70.000 euro 2027rako konpromiso-kreditu gisa.
Bosgarrena.– Entitate onuradunak.
Ebazpen honetan ezarritako dirulaguntzaren entitate onuradun izan daitezke Euskal Autonomia Erkidegoan jarduera ekonomikoa garatzen duten pertsona juridikoak.
Seigarrena.– Entitateek bete beharreko baldintzak.
Ezingo dira entitate onuradunak izan Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Lege Orokorraren 13. artikuluan xedatutako egoeraren batean dauden entitateak, eta erantzukizunpeko adierazpenerako eredu den VII. eranskinean jasotako erantzukizunpeko adierazpenaren bidez egiaztatu beharko dute.
Behin entitatea onuradun bihurtuta, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Lege Orokorraren 14. artikuluan ezarritako eginbeharrak bete beharko dituzte.
Zazpigarrena.– Eskabideak aurkezteko epea.
Eskabideak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, ebazpen honek eragina duenetik hasita; hau da, deialdi hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik. Datuak larriki ezkutatzeak edo aldatzeak, edo eskatutako informazioa edo eskabidearen aplikazio telematikoan sartutako dokumentuak manipulatzeak eskabidea ezestea ekarriko du.
Zortzigarrena.– Eskabideak atontzea eta aurkeztea.
1.– Entitate eskatzaileak legez eratuta egon beharko du, eta entitatearen legezko ordezkariak ordezkaritza-ahal nahikoa justifikatu beharko du, dokumentu hauek erantsita:
– Entitatearen fundazio-eskrituren eta estatutuen kopia eskaneatua edo, bestela, erregistro-ziurtagiri ofiziala, legez eratuta edo dagokion erregistroan inskribatuta dagoela egiaztatzeko.
– Ordezkaritza-ahal nahikoa egiaztatzeko dokumentu publikoaren edo pribatuaren kopia eskaneatua, notario bidez legitimatutako izenpea duena. Entitatearen ziurtagiri elektroniko batekin identifikatzen bada, ez da beharrezkoa egiaztatzea ordezkaritza-ahal nahikoa duela izapideak ziurtagiriaren titular den entitatearen izenean egiteko.
2.– Pertsona juridikoek bitarteko elektronikoen bidez aurkeztu beharko dituzte eskabideak, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan sartuta, edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan adierazitako organoen erregistro elektronikoetan. Helbide honetan eskuratu daitezke Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan onartutako identifikaziorako eta sinadura elektronikorako bitartekoak: https://www.euskadi.eus/ziurtagiri-elektronikoak
3.– Eskabidea eta ondorengo izapideak entitate eskatzailearen ordezkari batek elektronikoki egin ahalko ditu; horretarako, ordezkaritzak Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoko Ahalordeen Erregistroan izena eman ahal izango du, helbide honetan: https://www.euskadi.eus/ordezkariak
4.– Eskabideak, erantzukizunpeko adierazpenak, justifikazioak eta gainerako ereduak elektronikoki izapidetzeari buruzko jarraibideak, ebazpen honen eranskinean jasotakoak, helbide elektroniko hauetan daude eskuragarri: https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/0048512
5.– Eskabidearen osteko izapideak, bide elektronikoa erabiliz egitekoak, helbide honen bidez egingo dira: https://www.euskadi.eus/nire-karpeta/web01-sede/eu/
6.– Entitate eskatzaileek EAEko hizkuntza ofizialetako edozeinetan aurkeztu ahal izango dituzte eskabidea eta horri erantsi beharreko gainerako dokumentuak. Halaber, prozedura guztian zehar, entitate eskatzaileak aukeratu duen hizkuntza erabiliko da, Euskararen Erabilera Arautzeko azaroaren 24ko Oinarrizko 10/1982 Legearen 5.2.a) eta 6.1 artikuluetan eta Euskal Sektore Publikoaren 3/2022 Legearen 76-79. artikuluetan xedatutako moduan.
7.– Eskatzaileek zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak, baita dirulaguntzak itzultzeari buruzkoak ere, egunean dituztela automatikoki egiaztatuko da, behar den guztietan. Deialdiko entitate kudeatzaileak egiaztatuko du, eskatzaileen baimena behar izan gabe, eta 2023ko otsailaren 13ko Aginduaren 8.3 artikuluan xedatutakoari jarraituta (Ekonomia eta Ogasuneko sailburuaren agindua, Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontu orokorren kontura ematen diren laguntzen eta dirulaguntzen esparruan zerga-betebeharrak, Gizarte Segurantzarekikoak eta dirulaguntzak itzultzeari buruzkoak betetzen diren egiaztatzeari buruzkoa).
8.– Dirulaguntzaren entitate eskatzaileek espresuki aurka egin ahal izango diote deialdiaren organo kudeatzaileak administrazio eskudunean egiaztatzeari zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak betetzen dituztela, bai eta nortasun- eta bizileku-datuak ere (kasu horretan, dagokion ziurtagiria aurkeztu beharko dute). Aukera hori eskabidean sartuko da.
9.– Deialdian ezarritako eskakizunak betetzen dituztela egiaztatzeko beharrezkoak diren dokumentuak edo egiaztagiriak eskatu ahalko dizkie organo kudeatzaileak entitate parte-hartzaileei.
10.– Eskabideak aurkezteak berekin dakar deialdi honetako oinarrietako baldintzak espresuki eta formalki onartzea.
11.– Eskabidearekin batera, dokumentu hauek aurkeztu beharko dituzte:
a) Ikerketa-proiektuaren memoria, atal guztiak konplituta, ikerketa-proiektuaren memoria teknikorako eredu den II. eranskinaren arabera.
b) Ikerketa-taldeko kide bakoitzaren curriculuma, ikertzaileen curriculumak aurkezteko eredu den IV. eranskinaren arabera egina, eredu normalizatuan.
c) Proiektua gauzatu ahal izateko beste entitate batzuen elkarlana edo parte-hartzea behar denean: elkarlan-konpromisoaren idazkia, kasuko entitatearen legezko ordezkariak sinatua, ikerketan elkarlanean diharduten entitateak baimentzeko eredu den V. eranskinaren arabera.
Bederatzigarrena.– Eskabideak zuzentzea eta jakinarazpenak egitea.
1.– Ikusiz gero eskabidea izapidetzea onartzeko behar diren dokumentuak falta direla edo haietan akats formalak daudela edota balioesteko aurkeztutako dokumentuetan akatsak daudela, interesdunari hamar egun balioduneko epean akatsak zuzentzea edo behar diren dokumentuak aurkeztea eskatuko zaio, eta adieraziko zaio, hala egin ezean, eskabidean atzera egin duela edo izapidea egiteko eskubidea galdu duela ulertuko dela, ebazpena eman ondoren.
2.– Zuzentzeko jakinarazpena elektronikoki egingo da. Jakinarazpenak kontsultatzeko, «Nire karpeta» atalera jo beharko da (https://www.euskadi.eus/nire-karpeta/web01-sede/eu Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoko egoitza elektronikoan sartuta (https://www.euskadi.eus/egoitza-elektronikoa/). Interesdunak jaso izana elektronikoki izenpetzen duenean joko da egindakotzat jakinarazpen hori. Jakinarazpena bidali eta 10 eguneko epean interesdunak ez badu edukia eskuratu, ulertuko da uko egin diola eta izapidea prozeduraren arabera egin dela, non eta ez den egiaztatzen, ofizioz edo entitate hartzaileak eskatuta, ezin izan dela jakinarazpen horren edukira sartu, teknikoki edo materialki.
Hamargarrena.– Diruz lagundu daitezkeen jarduerak eta gauzatzeko epeak.
1.– Ikerketa-proiektuak ebazpen honen I. eranskinean (ikergaien zerrendan) jasotako jarduera eta gaietako bati buruzkoak izango dira.
2.– Diruz lagundu beharreko ikerketa-proiektuek genero-ikuspegia barne hartu behar dute, martxoaren 16ko 1/2023 Legegintzako Dekretuak (Emakumeen eta gizonen berdintasunerako eta emakumeen aurkako indarkeria matxistarik gabe bizitzeko Legearen testu bategina onesten duenak) 3., 16., 18.4 eta 23. artikuluetan jasotakoaren arabera. Laburbilduz, sistematikoki kontuan hartzen dira ikerketa-proiektuaren eremu zehatzean emakumeen eta gizonen artean egon daitezkeen aldeak.
Horretarako, hau hartuko da kontuan:
a) Sexuaren aldagaia sistematikoki sartzea, egiten den datu-bilketan.
b) Emakumeen eta gizonen arteko desberdinkeriak, desberdinkeria horiek nola azaleratzen diren eta aztertu beharreko errealitatean zer eragin duten ezagutzea ahalbidetuko duten adierazleak ezartzea eta sartzea.
c) Beharrezkoak diren adierazleak eta mekanismoak diseinatzea eta sartzea, aipatutako legearen 3.1 artikuluko azken paragrafoan zehaztutako diskriminazio anizkoitzeko egoerak sortzen dituzten beste aldagai edo faktore batzuen eragina ezagutzeko.
d) Lagin zabalak hartzea, sartutako aldagai guztiak sexuaren aldagaia oinarri hartuta ustiatu eta aztertu daitezen ahalbidetzeko.
e) Datuak ustiatzea eta zabaltzea emakumeek eta gizonek azterlanaren eremuan dituzten egoerak, baldintzak, jomugak eta beharrizanak ezagutu ahal izateko moduan.
3.– Proiektuak gauzatzeko epeak dirulaguntza ematea onartzen den egunetik 2027ko irailaren 30era arte igarotako denbora hartuko du. Diruz lagundutako jardueren zenbatekoaren % 100 justifikatu beharko da, deialdi honen hogeita batgarren oinarrian zehaztutako moduan.
Hamaikagarrena.– Dirulaguntzaren zenbatekoa, diruz lagundu daitezkeen gastuak eta diruz lagundu ezin daitezkeenak.
1.– Proiektu bakoitzari 100.000 euroko dirulaguntza emango zaio gehienez urtean.
2.– Diruz lagundu ahal izango dira ikerketa-proiektuak garatzeko behar diren gastu guztiak, baldin eta jarraian zehaztutako mugak betetzen badira, deialdi honen hamargarren oinarrian proiektua gauzatzeko ezarri den epean gauzatzen badira eta eskabideari erantsitako dokumentazioan behar bezala zehazten badira, eta, betiere, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 30. eta 31. artikuluetan ezarritako arauak betetzen badira.
Dirulaguntzaren bidez, jardueraren guztizko gastuen ehuneko ehuneraino finantzatuko da. Ikerketa-proiektua egiteko jardueren garapenean sortzen direnak hartuko dira guztizko kostutzat.
Honako hauek etsiko dira beharrezko diren gastutzat:
a) Langile-gastuak:
Entitate onuradunaren langile-gastuak; erakunde horrek egiaztatu beharko ditu langile horiek zenbat ordu egin dituzten proiektuari loturiko jardueretan eta orduen kostua zein den.
Teknikari laguntzaileak proiektuan txertatzeak ekarritako kostua. Teknikari horiek obra edo zerbitzu jakinerako edo prestakuntza-beken bidez kontratatuko dira, proiekturako soilik, eta horretan baino ez dute jardungo lanean.
Proiektua osatzen duten pertsonen kontratuak eta nominak aurkeztu beharko dira, ordaindu daitezen.
b) Gauzatze-gastuak:
Aparatuak eta tresnak. Ekipamenduen eta tresnen kostuak ikerketa-jarduerarako erabiltzen diren neurrian eta aldian finantzatuko dira, eta, beraz, urteko amortizazioak baino ezingo dira finantzatu. Justifikatzeko aurkeztuko diren aparatu eta tresnak hasieran onartuak izango dira, izendapen berberekin, edota gerora onartutako aldaketetan jasotakoak. Ez da aparaturik edo tresnarik aldatzea eskatu beharko, betiere berriek pareko funtzionalitatea baldin badute. Nolanahi ere, aldaketa horiek argi azaldu beharko dira justifikatzeko memoria ekonomikoan. Partida horren barnean finantzatzeko gastutzat hartuko da aparatuak eta tresnak «renting» eta «leasing» formulen bidez eskuratzea. Kasu horietan, hauek baino ez dira hartuko gastu finantzagarritzat: tresna horiek ikerketa-jardueretarako erabiltzen diren hilabeteei dagozkien ordainketa-kuotak.
Kontratazio-gastuak. Kontratazio-gastuak behar bezala xehakatuko dira, eta proiektua gauzatzerik eratorritakoak soilik hartuko dira aintzat. Hirugarrenen azpikontratazioa deialdi honen hamabigarren oinarrian ezarritako ezaugarrien mende egongo da. Hasierako memorian edo ondorengo baimenetan onetsitako kontratazio-gastuak finantzatuko dira.
Ikerketa-proiektuan zuzenean erabiltzeko bibliografia-funtsak eta material suntsikorra erosteko gastuak.
Proiekturako kontratatutako ikerketa-taldearen edo teknikari laguntzaileen parte diren langileekin soilik lotutako bidaiak, joan-etorriak eta mantenua, guztizko kostu finantzagarriaren % 5 arte gehienez. Gastu hauek baino ez dira finantzatuko: eskabidearen memorian aipatzen direnak edo ondoren baimentzen direnak, ikerketa-proiektua gauzatzeko eta emaitzak aurkezteko ezinbestekoak direnean. Inoiz ez dira finantzatuko egonaldi akademikoen edo prestakuntza jasotzeko egonaldien ondoriozko gastuak.
Ez dira finantzatuko egungo egoerari buruzko ikastaroak, prestakuntza-jarduerak, berrikuspen bibliografikoak eta zeharkako gastuak.
Inoiz ez da diruz lagunduko benetan jasan gabeko BEZa, edo dirulaguntzaren onuradunak beste moduren batean berreskuratu dezakeena.
Hamabigarrena. Hirugarren pertsonak edo entitateak azpikontratatzea.
Dirulaguntza jasotzen duen jardueraren parte diren proiektuko ikerketa-jarduerak azpikontratatu ahal izango dira, baldin eta entitate onuradunak berak egin ezin baditu (dena dela, hori ikerketa-proiektuaren memoria teknikoan egiaztatu beharko da). Hasierako memorian edo ondorego baimenetan onetsitako gastuak finantzatuko dira. Kontratazio-kontzeptu horretatik kanpo geratzen dira onuradunak diruz lagundutako jarduera bere kabuz egiteko egin behar dituen gastuak, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 31. artikuluaren arabera.
Ezingo da azpikontrataziorik adostu Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 31.7 artikulua xedatutako egoeraren batean dauden pertsonekin edo entitateekin.
Hirugarrenen azpikontratazioek 20/2023 Legean xedatutakoa bete beharko dute, eta ezingo dute gainditu ikerketa-proiektuaren guztizko gastu finantzagarriaren % 50.
Baldin eta hirugarrenekin hitzartutako jarduerak dirulaguntzaren zenbatekoaren % 20 gainditzen badu eta zenbateko hori 20.000 euro baino handiagoa bada, kontratazioa idatziz egingo da. Hori gorabehera, dirulaguntza ematen duen organoak baimena eman beharko du sinatu aurretik.
Hamahirugarrena. Ikerketa-lantaldeen baldintza orokorrak.
1.– Proiektua garatuko duten ikerketa-taldeak ikertzaile nagusi batek zuzendu beharko ditu, eta taldeak hauek betetzen dituzten langileek osatu beharko dituzte:
a) Ikertzaile nagusiak hauek eduki beharko ditu:
– Doktoretza-titulua edo MEC 3 unibertsitate-titulua edo baliokidea. Bestalde, entitate onuradunarekin lotura izatea funtzionario-harreman baten bidez edo estatutupeko edo lan-kontratuko kontratu baten bidez, eta zerbitzu aktiboan egotea proiektua gauzatzen den aldi osoan.
– Gutxienez hiru urteko esperientzia egiaztatua izatea I+G+b jardueratan.
b) Hauek izan daitezke ikerketa-taldeko kide:
– Titulu hauek dauzkatenak: doktoretza edo unibertsitate-titulua.
– Prestakuntza jasotzen ari diren ikertzaileak, prestakuntza-beka baten bidez edo praktiketako kontratuaren bidez proiektuan ari direnak, Prestakuntza jasotzen ari diren doktoratu aurreko ikertzaileen estatutua onesten duen martxoaren 1eko 103/2019 Errege Dekretuan ezarritakoaren arabera.
Ikerketa-taldeko kide guztiek aurkeztutako ikerketa-proiektuaren garapenarekin lotura argia duten ikerketa-lanak egin beharko dituzte.
Oinarri honetan ikertzaile nagusientzat ezarritako eskakizunak ikerketa-proiektuak irauten duen aldi osoan bete beharko dira.
Oinarri honetan ikerketa-taldeko gainerako kideentzat ezarritako eskakizunak ikerketa-proiektuarekin duten loturak irauten duen bitartean bete beharko dira.
Hamalaugarrena. Organo kudeatzailea eta balorazio-batzordea.
1.– Osalaneko Plangintza Zuzendariordetzak kudeatuko du dirulaguntzak emateko prozedura.
2.– Aurkeztutako eskabideak baloratzeko, balorazio-batzorde bat eratuko da, sexu-parekidea eta pertsona hauek osatua:
– Batzordeburua: Plangintzako zuzendariordea.
b) Zazpi bokal hauek:
1) Osalanen Bizkaiko Lurralde Zentroko Lan Arriskuen Prebentzioko arduraduna.
2) Osalanen Bizkaiko Lurralde Zentroko Lan Arriskuen Prebentzioko teknikari bat.
3) Osalanen Bizkaiko Lurralde Zentroko Lan Osasuneko Unitateko mediku bat.
4) Osalanen Plangintza Zuzendariordetzako mediku bat.
5) Osalanen Gipuzkoako Lurralde Zentroko Lan Arriskuen Prebentzioko teknikaria.
6) Osalanen Arabako Lurralde Zentroko Lan Arriskuen Prebentzioko teknikaria.
7) Osalanen Berdintasuneko teknikaria.
c) Idazkaria: Osalanen Plangintza Zuzendariordetzako ikerketa-teknikari bat.
3.– Batzordebururik ez badago, hura kanpoan edo gaixorik baldin badago, edo legezko beste arrazoiren bat gertatzen bada, maila, antzinatasun eta adin handiena duen batzordekideak (hurrenkera horretan) ordeztuko du batzordeburua, betiere bat etorriz Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legearen 19. artikuluan xedatutakoarekin.
Bat etorriz Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legearen 16. artikuluan xedatutakoarekin, Osalanen Plangintzako Zuzendariordetzako ikerketa-teknikaria izango da balorazio-batzordeko idazkaria. Plangintza Zuzendariordetza betetzen ez duen batzordekide batek beteko du aldi baterako ordezkapena, baldin eta kargua hutsik badago, langilea kanpoan badago edo gaixorik badago, eta batzordekide gisa dauzkan eskubideak kontserbatuko ditu.
4.– Balorazio-batzordeak aholkulariak eduki ahal izango ditu, hitzarekin baina botorik gabe. Batzordeburuak izendatuko ditu aholkulari horiek, deialdiaren xedeko gaian daukaten kualifikazio eta esperientzia aintzat hartuta. Aholkulariek ez dute zertan enplegatu publiko izan.
5.– Balorazio-batzordearen osaera izenduna publiko egingo da, interesdunei bermatu behar baitzaie batzordeko kideak errefusatzeko eskubidea eraginkortasunez baliatzeko aukera, betiere Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legearen 23. eta 24. artikuluetan. EHAAn edo Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoan jakinaraziko da (https://www.euskadi.eus/egoitza-elektronikoa/).
Hamabosgarrena. Baloratzeko eta hautatzeko irizpideak.
Aurkeztutako proiektuak I. eranskineko ikergaien zerrendan proposatutako ikergaietara egokitu behar dira. Ikerketa-proiektuaren helburuak aipatutako gaietara egokitzen ez badira, proposamena baztertu egingo da.
Balorazio-batzordeak eskabide onartuetan aurkeztutako proiektuak aztertuko ditu, eta honako balorazio-irizpide hauen arabera baloratuko ditu (gehienez 100 puntu):
Hauek izango dira balorazio-irizpideak:
a) Irizpide teknikoak: ikerketa-proiektuaren maila zientifiko-teknikoa eta genero-ikuspegia txertatzea (gehienez 60 puntu).
– Metodologia (0-10 puntu): argi deskribatuta dagoen, ikergaiarekin bat datorren, lanaren helburuak zein diren, lan-ildoaren garapenerako elementuak eta teknikak zer-nola deskribatuta dauden, eta adierazleak zenbakarriak, justifikatuak eta kontrolatzeko modukoak diren baloratuko da. Metodologian genero-ikuspegia zenbateraino txertatu den (gehienez 4 puntu) (hipotesiak, adierazleak sexuaren arabera bereizita, genero-adierazleak...).
– Gaiaren eta aurrekarien ezagutza (0-5 puntu): esperientzia izatea ikerketa-proiektuaren gaian. Esperientzia izatea lan-eremu horretan genero-ikuspegia txertatzen (gehienez 2 puntu), bai eta ikerketa-jardueraren lan-eremuarekin lotutako argitalpenak ere.
– Ikerketa-proiektuaren plangintza (0-10 puntu): zereginen deskribapena kronograma baten bidez (zereginen banaketa, sekuentzia eta iraupena). Azpikontratatutako jarduerak kronograman eta kudeaketa-planean txertatzea.
– Eskura dauden baliabideak proposatutako helburuetara egokitzea (0-5 puntu): giza baliabideak eta baliabide teknikoak, kudeaketa-plan koherentea eta posibilista, aurreikusitako epeak, eta abar.
– Ikerketa-proiektuaren berrikuntza-maila (0-10 puntu): proiektuaren faktore berritzaileak, abantaila zientifiko-teknologiko nabarmenak. Eraberritzailea izatea genero-ikuspegia barne hartzean (2 puntu gehienez).
– Memoria ekonomikoa eta ikerketa-proiektua gauzatzeko lanak bat etortzea (0-10 puntu): aurrekontu xehakatua, deskribatutako jarduerekiko egokitasuna, partaide vs jarduera denbora-diagrama eta ikertzaileen kostua orduko.
– Emaitzen hedapen zientifiko-teknikorako plana (0-10 puntu): jarduera modu aktiboan hedatzeko plana, ikertzaileek emandako tailerren, mintegien edo saio klinikoen bidez; proiektua argitalpen zientifikoetan, aldizkari espezializatuetan, jardunaldi eta bilera zientifikoetan eta bestelako argitalpenetan plazaratzeko aukera; patenteak erregistratzea, eta abar.
b) Egokitasun-irizpideak (gehienez 25 puntu).
– Emaitzen aplikagarritasuna eta proiektuaren inpaktu sozioekonomikoa (0-15 puntu): proiektuaren erabilgarritasuna eta aplikazioa lan-arriskuen prebentzioan (enpresetan, ekoizpen-sektoreetan edo orokorrean nola aplikatu daitekeen). Lan-arriskuen prebentzioan Inpaktua parekoa izatea emakumeengan eta gizonengan, edo desberdintasunak ezabatzea (gehienez 5 puntu)
– Proiektua deialdiko ikerketa-gaietara egokitzea (0-10 puntu): I. eranskineko ikergaien zerrendan hautatu den ikergaiaren zehaztasuna, argitasuna eta proiektuarekin bat etortzea. Proiektuan genero-ikuspegia txertatzeko moduaren zehaztasuna, argitasuna eta egokitasuna (gehienez 3 puntu).
c) Gainerako irizpideak (15 puntu gehienez).
– Ikertzaile nagusiaren curriculuma eta proiektua garatzeko aproposa izatea (0-10 puntu): gaian duen esperientzia, zuzendutako beste ikerketa-proiektuak, proiektuaren lan-esparruarekin lotutako argitalpenak. Genero-ikuspegia barne hartuta zuten ikerketa-proiektuetan parte hartzea (3 puntu gehienez).
– Ikerketa-taldearen ibilbide zientifiko-teknikoa eta curriculuma proiektua garatzeko (0-4 puntu): ikertzaile-taldeak proiektuko gaiaren inguruan aurrez eginiko lanak, lantaldeko kideek gaiarekin lotutako argitalpenak, taldearen konpentsazioa eta lantaldea lan-arlo guztiak jorratzeko nahikoa izatea. Emakumeen eta gizonen kopuru orekatua eta profil desberdinak egotea adinari, jatorriari, dibertsitate funtzionalari edo beste batzuei dagokienez (gehienez puntu 1).
– Diruz lagundutako jarduerarekin lotutako diseinuan, argitalpenetan, iragarkietan eta publizitatean euskara erabiltzea (puntu 1).
Ezetsi egingo da gutxienez puntuazio hauetakoren bat lortzen ez duten proposamen oro:
– 40 puntu a) atalean (irizpide teknikoak).
– Guztira 60 puntu atal guztiak batuta.
– 10 puntu, genero-ikuspegia txertatzeari buruzko azpiirizpideetan.
Proiektuen arteko berdinketa gertatzen bada puntuazioan, hurrengo irizpideetan puntu gehien eskuratzen dituen ikerketa-proiektuaren alde egingo da, jarraian planteatutako lehentasun-hurrenkeraren arabera:
1. Proiektua deialdiko ikergaietara egokituta egotea.
2. Emaitzen aplikagarritasuna eta ikerketa-proiektuaren inpaktu sozioekonomikoa.
3. Genero-ikuspegia aintzat hartzea.
4. Ikerketa-proiektuaren berrikuntza-maila.
5. Emaitzen hedapen zientifiko-teknikorako plana.
Hamaseigarrena. Eskabideen balorazioa eta behin-behingo ebazpen-proposamena.
1.– Osalaneko plangintzako zuzendariordetzari egokituko zaio, organo instrukzio-egilea den aldetik, aurkeztu diren eskabideak aztertzea eta deialdi honetako eskakizun espezifikoak betetzen diren egiaztatzea.
2.– Aldez aurreko administrazio-eskakizunak betetzen dituzten ikerketa-proiektu guztiak baloratuko ditu hamalaugarren oinarrian zehaztutako balorazio-batzordeak, hamabosgarren oinarrian ezarritako irizpideen arabera.
Eskabideak baloratzeko prozesuan zehar, balorazio-batzordeak egoki iritzitako dokumentazio osagarria aurkez dezatela eskatu ahal izango die entitate eskatzaileei.
3.– Eskabideak ebaluatu ondoren, balorazio-batzordeak txosten bat egin beharko du, gauzatutako ebaluazioaren emaitza zehazteko. Organo kudeatzaileak, espedientea eta balorazio-batzordearen txostena ikusita, behin-behineko ebazpen-proposamena egingo du, behar bezala arrazoituta, eta interesdunei jakinaraziko zaie deialdi honetan ezartzen den moduan. Hamar eguneko epea emango da alegazioak aurkezteko, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 21.3 artikuluaren arabera.
4.– Interesdunek azaldutako egitateak, alegazioak eta frogak bakarrik agertzen badira prozeduran, eta horiek bakarrik hartzen badira kontuan, ez da entzunaldiaren izapidea egin beharrik izango. Kasu horretan egindako ebazpen-proposamena behin betikoa izango da, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 21.3 artikuluan ezarritakoaren arabera.
5.– Gainera, entitate eskatzaileek proposatutako proiektuen ebaluazio-adierazleen egokitasuna baloratuko da, zehaztu ahal izateko, ekintza eta/edo proiektua gauzatu ondoren, ekintzen finantzaketak laneko segurtasun- eta osasun-baldintzen hobekuntza sustatzean eraginik izan ote duen.
6.– Behin-behingo ebazpen-proposamenak eskabidea berratontzeko beharra ekar lezake, hurrengo artikuluak xedatutako moduan.
Hamazazpigarrena. Eskabideak berratontzea.
1.– Baldin eta aurkeztutako eskabidean jaso den zenbatekoa baino txikiagoa bada behin-behineko ebazpen-proposamenaren dirulaguntzaren zenbatekoa, onuradunari eskatu ahal izango zaio eskabidea berriz egin dezala, konpromisoak eta baldintzak eman daitekeen dirulaguntzari egokitzeko, 20/2023 Legearen 24. artikuluan ezarritakoaren arabera.
2.– Eskabideak Balorazio-batzordearen adostasuna behar badu, organo kudeatzaileak organo eskudunari igorriko dio, azken horrek kasuko ebazpena eman dezan.
3.– Nolanahi ere, eskabideak berratontzean, dirulaguntzaren xedea, baldintzak eta helburua ez ezik, ezarritako balorazio-irizpideak ere bete beharko dituzte, eskabideei dagokienez.
4.– Berratontzea eskatu eta eskatzaileak erantzunik adierazi ez badu emandako epean, aurkeztutako eskabidearen zenbatekoari eusten zaiola ulertuko da.
Hamazortzigarrena. Behin betiko ebazpen-proposamena eta dirulaguntzaren onarpena.
1.– Interesdunek aurkeztutako alegazioak aztertu ondoren, behin betiko ebazpen-proposamena egingo da. Bertan, dirulaguntza ematea proposatzen den entitate eskatzaileen zerrenda adieraziko da, bai eta zenbatekoa ere, eta, hala badagokio, ebaluazioa eta erabilitako balorazio-irizpideak zehaztuko dira. Ebazpen hori entitate interesdunei jakinaraziko zaie, eta EHAAn argitaratuko da.
2.– Kudeaketa-fasean onuradun izateko proposatu direnei jakinaraziko zaie behin betiko ebazpen-proposamena, 15 eguneko epean proposamen hori onartzen ote duten adierazi dezaten. Onartzen ez bada, ulertuko da onuradun gisa proposatutako pertsonak eskabideari uko egin diola, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 21.4 artikuluarekin bat etorriz.
3.– Behin-behineko eta behin betiko ebazpen-proposamenek ez diote onuradun gisa proposatuari inolako eskubiderik ematen Administrazioaren aurrean, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 21.5 artikuluan ezarritakoaren arabera.
Hemeretzigarrena. Prozedura ebaztea eta jakinarazpena.
1.– Behin betiko ebazpen-proposamena onartutakoan, Osalaneko zuzendari nagusiak prozedura ebatziko du.
2.– Ebazpenean, eskatzaile onuradunen zerrenda jasotzeaz gain, espresuki adieraziko dira laguntzaren xedea, zenbatekoa, ordaintzeko modua eta epeak, justifikatzeko modua eta dirulaguntzaren oinarri hauetan eskatutako gainerako baldintzak eta betekizunak; halaber, adierazi egingo da gainerako eskabideak ezetsi direla. Deialdiaren oinarrietan jada jaso diren edukien erreprodukzioari buruzko baldintzak eta betekizunak ebazpenean aipatu gabe utzi ahal izango dira, eta, haien ordez, egoitza elektronikorako estekak jarri daitezke, deialdia eta oinarriak haietan kontsultatzeko, 20/2023 Legearen 22.3 artikuluari jarraituz.
3.– Ebazpen honen babespean aurkeztutako eskabideei buruzko prozeduraren ebazpena emateko eta jakinarazteko gehieneko epea sei hilabetekoa izango da, ebazpenak indarra hartzen duenetik aurrera. Epe horretan ez bada ebazpen espresurik eman eta jakinarazi, ezetsitzat har daitezke eskabideak, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 25. artikuluan ezarritakoaren ondoreetarako, hargatik eragotzi gabe administrazioak ebazpen espresua emateko duen betebeharra.
4.– Adjudikazio-ebazpenaren jakinarazpenak amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, ebazpen horren aurka, aukerako berraztertze-errekurtsoa aurkeztu dakioke Osalaneko zuzendari nagusiari, hilabeteko epean, jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera, 39/2015 Legeak 112. artikuluan eta hurrengoetan xedatutakoari jarraituz; bestela, zuzenean administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkeztu daiteke Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzietarako Salan, bi hilabeteko epean, ebazpena jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legeak 8.3 eta 46.1 artikuluetan ezarritakoari jarraituz. Ebazpen espresurik egon ezean, errekurtsoa jartzeko epea sei hilabetekoa izango da, ustezko egintza gertatu eta hurrengo egunetik zenbatzen hasita, aurreko paragrafoan ezarritakoaren arabera.
5.– Jakinarazpen elektronikoak Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoko «Nire karpeta» atalaren bidez egingo dira: https://www.euskadi.eus/nirekarpeta
Hogeigarrena. Adjudikazio-ebazpena aldatzea.
1.– Emandako dirulaguntzak aldatu ahal izango dira, baldin eta dirulaguntza emateko kontuan hartu diren baldintzak aldatzen badira, eta, edonola ere, aldi berean beste administrazio batzuen edo erakunde publiko edo pribatu batzuen laguntzak edo dirulaguntzak jasotzen badira, eta, hala badagokio, helburu bererako beste diru-sarrera edo baliabide batzuk eskuratzen badira, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 9.4.k) artikuluan ezarritakoaren arabera.
2.– Oinarrietan baimendutako kasuetatik kanpo beste ekarpen batzuk aldi berean lortuz gero, dirulaguntza emateko ebazpena aldatuko da, dirulaguntzaren oinarrietan ezarritako baldintzetan, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 16.4 artikuluaren arabera.
3.– Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 25.1 artikuluaren arabera, dirulaguntza eman duen organoak, ofizioz edo interesdunaren eskariz, emandako dirulaguntza edo haren baldintzak aldatzea erabaki dezake, betekizun hauek betetzen direnean:
1.– Dirulaguntzaren aldaketa interesdunak eskatzen badu, onuradunak, 20/2023 Legearen 14.e) artikuluan adierazitako betebeharra betez, hau da, jakin bezain laster komunikatzen badu, eta, nolanahi ere, jasotako funtsen aplikazioa justifikatu baino lehen.
2.– Zenbatekoa gehitu beharrik ez izatea.
3.– Oinarrien xedeen artean egotea gauzatu den edo gauzatzekoa den jarduera edo jokabidea.
4.– Onuradunaren borondateak zerikusirik ez izatea aldaketa justifikatzen duten inguruabarrekin.
5.– Aldaketa dakarten elementu eta inguruabar berriak, hasierako dirulaguntza emateko unean gertatu izanez gero, dirulaguntza ukatzeko arrazoi ez izatea, eta aldaketak ez eragitea hasieran onetsitako proiektua nabarmen aldatzea.
6.– Hirugarrenen eskubideei kalterik ez egitea.
4.– Pertsona onuradunak emandako dirulaguntzaren zenbateko osoa edo partziala jaso badu, eta, aldaketaren ondorioz, dirulaguntzaren zenbatekoa murrizten bada, emandako dirulaguntzen zenbatekoak doitu egingo dira, eta entitate onuradunek soberan jasotako zenbatekoak itzuli beharko dituzte, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 40. artikuluan jasotako itzulketa-prozeduraren arabera.
Hogeita batgarrena. Dirulaguntza justifikatzeko eta dirulaguntza ordaintzeko prozedura.
1.– Behin amaituta ikerketa-proiektua esleipen-ebazpenean ezarritako baldintzetan eta eran gauzatzeko epea, dokumentu hauek aurkeztu beharko dira gehienez 20 egun balioduneko epean:
a) Ikerketa-proiektuaren memoria zientifikoa, ikerketa-proiektuaren memoria zientifikoaren laburpena aurkezteko eredu den VI. eranskinaren arabera egina, gehienez ere 30 orrialdekoa.
b) Memoria ekonomikoa, egindako jarduerak eta haien kostua zehaztuta, ikerketa-proiektuaren memoria ekonomikorako eredu den III. eranskinaren arabera. Langileen gastuak justifikatzeko, nominak eta Gizarte Segurantzako kotizazioak egiaztatzen dituzten dokumentuak aurkeztu beharko dira.
c) Jasandako gastuen fakturak edo egiaztagiriak: onetsitako aurrekontuan aurreikusitako gastuak fakturen bidez eta kideko balio frogagarria duten dokumentuen bidez justifikatu beharko dira. Merkataritza-trafiko juridikoan baliozkoak izan beharko dira edo efikazia administratibokoak, aurrekontuan adierazitako gastua benetan egin dela egiaztatzeko. Fakturek lotura argia izan beharko dute diruz lagundutako jarduerekin, eta kontzeptu finantzagarriak bereizita eta banakatuta agertu beharko dira. Fakturekin batera, haiek ordaindu egin direla egiaztatzen duten dokumentuak aurkeztu beharko dira. Ordainketen egiaztagiriak fakturetarako ezarritakoez bestelako epeetan aurkeztu daitezke, baina ez Osalan-Laneko Segurtasun eta Osasunerako Euskal Erakundeari eskabidea egin aurretik.
2.– Ikerketa-proiektuan aurreikusitako gastuak hura gauzatzeko denboraren barruan egin beharko dira. Entitate onuradunak emandako ordainketa-dokumentuek geroagoko mugaeguna izan dezakete, betiere justifikaziorako dokumentuak aurkezteko eman den epearen barnean baldin badago data hori.
Gastuen fakturak edo dagozkien dokumentuak 2027ko abenduaren 30 baino lehenagokoak izan beharko dira.
3.– Administrazioak dirulaguntzak ordaindu ahal izateko, entitate onuradunak erregistratuta egon behar du hirugarrenen erregistroan. Alta emateko edo hirugarren interesdunaren datuak aldatzeko, Eusko Jaurlaritzak eskura jarritako hirugarrengoentzako erregistro telematikora jo beharko da, honako helbide honetan:
https://www.euskadi.eus/eusko-jaurlaritza/-/hirugarrenaren-datuen-aldaketa/
4.– Emandako zenbateko osoaren % 80 aldez aurretik ordainduko da, entitate onuradunak dirulaguntza onartzeko izapidea bete eta gero. Aurrerakin horren helburua da ikerketa-proiektuko jarduerei ekiteko behar den hasierako finantzaketa erraztea.
Gainerako % 20 hori 2027ko azken hiruhilekoan ordainduko da, ikerketa-proiektua amaitu eta gero. Ordainketa egiteko, entitate onuradunak dirulaguntza osoa justifikatu beharko du oinarri honen 1. atalean ezarritako epearen barruan, honako hauek aurkeztuz:
– proiektuaren memoria zientifikoa, ikerketa-proiektuaren memoria zientifikoaren laburpena aurkezteko eredu den VI. eranskinaren arabera egina, eta
– memoria ekonomikoa, ikerketa-proiektuaren memoria ekonomikorako eredu den III. eranskinaren araberakoa, gastua egiaztatzen duten fakturarekin eta dokumentu guztiekin batera.
5.– Entitate onuradunei ordainketak egiteko, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 13. artikuluan xedatutako inguruabarrak bete beharko dira. Aipatutako artikuluko betekizunak deialdi honetan erantzukizunpeko adierazpenerako eredu den VII. eranskinean jaso dira.
Hogeita bigarrena. Diruz lagundutako eta kontrolatu beharreko jarduketen segimendua.
Osalan-Laneko Segurtasun eta Osasunerako Euskal Erakundeko langileek aldizkako jarraipena egingo dute, ebazpen honetan ezarritakoa betetzen dela bermatzeko, baita egiten ari diren eta eginda dauden ekintzak egiaztatzeko ere. Zentzu horretan, entitate onuradunak derrigortuta daude Osalan-Laneko Segurtasun eta Osasunerako Euskal Erakundeak, Kontrol Ekonomikoko Bulegoak edo Herri Kontuen Euskal Epaitegiak eskatutako informazioa helaraztera.
Hogeita hirugarrena. Borondatezko ukoa eta dirulaguntza itzultzea.
1.– Emandako dirulaguntzari borondatez egiten bazaio uko behin betiko emakida-ebazpena argitaratu ostean, galdu egingo da dirulaguntza kobratzeko eskubidea, eta, hala badagokio, ordura arte jasotako zenbatekoak itzuliko dira, dagokion atzerapen-interes eta guzti.
2.– Jasotako aurrerakina borondatez itzuli nahi bada, hau da, onuradunak berak erabakita, dirulaguntza eman duen organoaren aurretiazko errekerimendurik gabe, onuradunak modu sinesgarrian igorri beharko dio banku-transferentziaren egiaztagiria aurrerakina jaulki duen organoari.
Hogeita laugarrena. Ez-betetzeak, erantzukizunak eta dirua itzultzea.
Dirulaguntzaren entitate onuraduna 20/2023 Legearen 36. artikuluan ezarritako kasuetako batean badago, edo ebazpen honetan, gainerako arau aplikagarrietan edo emakida-ebazpenean ezarritako baldintzaren bat betetzen ez badu, Osalaneko zuzendari nagusiak adieraziko du, ebazpen bidez, ordaindu zain dauden kopuruak jasotzeko eskubidea galdu dela, eta, hala badagokio, jasotako dirulaguntza eta aplika daitezkeen berandutze-interesak Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari itzuli behar zaizkiola, hargatik eragotzi gabe bidezko diren gainerako ekintzak, aipatutako legearen 40. artikuluan ezarritakoaren arabera. 20/2023 Legearen 38. artikuluak ezartzen duen moduan, itzuli behar diren zenbatekoak zuzenbide publikoko diru-sarreratzat etsiko dira, eta azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onetsitako Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginean xedatutakoa aplikatuko da horiek kobratzeko.
Emakida-ebazpenean ezarritako baldintzak partzialki betetzen ez badira, emandako dirulaguntzaren zenbatekoa azkenik justifikatutako jardueretara doituko da, hamaikagarren oinarriaren arabera.
Dirulaguntzon onuradunek bete egin beharko dituzte arlo honetako arau-hausteei buruz 20/2023 Legearen 46. eta 47. artikuluetan ezartzen diren erantzukizunak eta zehapen-araubidea.
Dirulaguntzen gainean zehapenak jartzeko administrazio-espedientea izapidetu beharko da, zeinaren bidez entzunaldia emango baitzaio interesdunari, dagokion akordio ezarri baino lehen; hori guztia 39/2015 Legearen IV. tituluan, 40/2015 Legearen atariko tituluko III. kapituluan eta 20/2023 Legearen IV. tituluan ezarritakoaren arabera izapidetuko da.
Hogeita bosgarrena. Erakunde onuradunen betebeharrak.
1.– Argitalpen, liburuxka, dokumentu eta euskarri informatiko guztietan, espresuki aipatu beharko da Osalanek diruz lagundu izana, hauetan xedatutakoa betez: abuztuaren 31ko 318/1999 Dekretuan jasotako Eusko Jaurlaritzaren Erakunde Nortasunaren Araudia (dekretu horren bidez arautzen da Eusko Jaurlaritzaren Erakunde Nortasunaren Eskuliburua) eta Lehendakaritzako idazkari nagusiaren 2013ko uztailaren 2ko Ebazpena, zeinaren bidez sartzen baitira azken aldaketak Eusko Jaurlaritzaren Erakunde Nortasunaren Eskuliburuan (2013ko uztailaren 31ko EHAA, 145. zk.). Osalanen finantzaketa ere espresuki aipatu beharko da proiektuarekin lotutako elkarrizketetan, prentsa-oharretan edo esku-hartze publikoetan.
Sortutako eduki horietan guztietan hizkera eta irudi inklusiboak eta ez-sexistak erabili beharko dira, Emakumeen eta gizonen berdintasunerako eta emakumeen aurkako indarkeria matxistarik gabe bizitzeko Legearen testu bategina onesten duen martxoaren 16ko 1/2023 Legegintzako Dekretuaren 19.4 eta 23.3.c) artikuluetan xedatutakoa betez.
Gainera, eduki horietan, Euskal Sektore Publikoan euskararen erabilera normalizatzeko otsailaren 22ko 19/2024 Dekretuan hizkuntza ofizialak erabiltzeko irizpideei buruz ezarritako xedapenak aplikatuko dira. Irizpide horiek euskal sektore publikoko entitateen dirulaguntzen onuradun suertatzen diren entitateei aplikatuko zaizkie.
2.– Entitate onuradunek Osalani emango diote egindako jarduerak ikuskatzeko aukera.
3.– Aldez aurretik jakinarazi beharko zaio Osalani diruz lagundutako jardueretan xedatzen diren baldintzetan aldaketarik gertatzen den.
4.– Entitate onuradunek betebehar hauek ere konplitu beharko dituzte:
a) Dirulaguntza eman izanaren oinarrian dagoena taxutzea (helburua bete, proiektua egikaritu, jarduera burutu edo jarrera hartu).
b) Ezarritako epeetan, eskakizunak eta baldintzak betetzen direla egiaztatzea, baita jarduera egin dela eta dirulaguntza ematea edo baliatzea eragin zuen helburua bete dela egiaztatzea ere.
c) Dirulaguntza ematen duen entitateak egin beharreko egiaztapen-jarduketak betetzea eta eskumena duten kontrol- eta jarraipen-organoek, hala nola Kontrol Ekonomikoko Bulegoak eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiak, finantza-arloko kontrola egin dezaketen beste jarduketa oro ere betetzea. Horretarako, jarduketok gauzatzean eskatzen zaien informazio guztia eman beharko dute.
d) Dirulaguntza eman duen organoari jakinaraztea helburu bererako beste dirulaguntza, diru-sarrera edo baliabide batzuk lortu direla estatuko edo nazioarteko beste administrazio edo erakunde publiko edo pribatu batzuetatik, eta haiei nola aplikatu zaien. Jakin bezain laster eman beharko zaio haren berri, eta betiere jasotako funtsak zertarako erabili diren justifikatu baino lehen.
e) Jasotako funtsak nolako aplikatu diren justifikatzen duten dokumentu guztiak gordetzea eta jarraipen-organoari helaraztea, organo horrek hala eskatzen duenean, dokumentu elektronikoak barne, egiaztapen- eta kontrol-jarduketen xede izan daitezkeen heinean.
f) Kontabilitate-liburuak, izapidetutako erregistroak eta gainerako dokumentuak behar bezala ikuskatuta edukitzea, entitate onuradunari kasu bakoitzean aplikatu dakiokeen merkataritza-arloko eta sektoreko legerian eskatzen den bezala, baita kontabilitateko egoera-orriak edo berariazko erregistro guztiak ere, egiaztatzeko eta kontrolatzeko ahalmenak behar bezala baliatzen direla bermatzeko.
g) Aurkeztutako proiektuan ezarritako adierazle-multzoaren edukiaren berri ematea Osalani, ekintzen finantzaketak laneko segurtasun- eta osasun-baldintzen hobekuntzan eraginik izan ote duen jakiteko. Adierazle-multzoak aukera emango du ezagutzeko, gutxienez, diruz lagundutako ekintza jaso duten erabiltzaileen kopurua, haiek zeinen gogobeteta dauden ekintzaren emaitzarekin edo ekintza horrek aurreko beste batzuekin alderatuta daukan originaltasuna.
h) Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 27. artikuluan jasotako zabalkunde-neurriak hartzea.
i) Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 36. artikuluan zehaztutako egoeretan jasotako funtsak itzultzea.
Hogeita seigarrena. Datu pertsonalen tratamendua.
Datu pertsonalak honela deitutako tratamendu-jardueran tratatuko eta sartuko dira: Laguntzak, dirulaguntzak, sariak eta bekak.
Arduraduna: Osalan-Laneko Segurtasun eta Osasunerako Erakundea
Helburua: bekak, sariak, laguntzak eta dirulaguntzak ematea hala eskatzen duten pertsonei edo entitateei. Lanen zabalkundea egitea, hainbat euskarritan argitaratuz. Deialdiak ezagutaraztea.
Legitimazioa:
– Interesdunaren adostasuna.
– Interes publikoaren alde edo tratamenduaren arduradunari esleitutako ahal publikoak erabiliz egindako misioa betetzeko behar den tratamendua.
– 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena.
– 38/2003 Lege Orokorra, azaroaren 17koa, Dirulaguntzei buruzkoa.
– 20/2023 Legea, abenduaren 21ekoa, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzekoa.
– 7/1993 Legea, abenduaren 21ekoa, Osalan-Laneko Segurtasun eta Osasunerako Euskal Erakundea sortzekoa.
Hartzaileak:
– Ogasun publikoa.
– Interesdun legitimoak.
– Euskal Autonomia Erkidegoko beste organo batzuk.
– Kontuen Epaitegia edo autonomia-erkidegoko baliokidea.
– Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria.
Eskubideak: eskubidea daukazu datuak eskuratzeko, zuzentzeko eta ezerezteko, bai eta informazio gehigarrian adierazitako beste eskubide batzuk ere.
Informazio gehigarria: datuen babesari buruzko informazio gehigarria eta xehea duzu gure web-orrian:
https://www.euskadi.eus/informazio-klausulak/web01-sedepd/eu/gardentasuna/162100-capa2-eu.shtml
Arauak:
– Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorra:
https://eur-lex.europa.eu/legal-content/ES/TXT/HTML/?uri=CELEX:32016R0679&from=ES
– 3/2018 Lege Organikoa, abenduaren 5ekoa, Datu Pertsonalak Babestekoa eta Eskubide Digitalak Bermatzekoa (https://www.boe.es/eli/es/lo/2018/12/05/3/con).
I. ERANSKINA
IKERGAIEN ZERRENDA
1.– Genero-estereotipoak eta laneko indarkeria- eta jazarpen-arriskua sortu ditzaketen beste genero-faktore batzuk aztertzeko lanak eta/edo tresna metodologikoak.
Helburua: Lanaren Nazioarteko Erakundeak, indarkeriari eta jazarpenari buruzko 2019ko 190. Hitzarmenaren hitzaurrean aitortzen du «generoan oinarritutako indarkeriak eta jazarpenak neurriz kanpo eragiten dietela emakumeei eta neskei», eta, lan-munduko indarkeria eta jazarpenarekin amaitzeko, ezinbestekoa dela «ikuspegi inklusibo eta integratu bat hartzea, aintzat hartuko dituena generoari buruzko kontsiderazioak eta jorratu egingo dituena indarkeriaren eta jazarpenaren azpiko kausak eta arrisku-faktoreak, hala nola genero-estereotipoak, diskriminazio modu anitzak eta intersekzionalak eta generoan oinarritutako botere-harremanen abusua». Eskakizun horretan aurrera egin ahal izateko, genero-estereotipoak, diskriminazio modu anitzak eta intersekzionalak eta generoan oinarritutako botere-harremanen abusua identifikatzeko azterlanak eta tresna metodologikoak egin behar dira, laneko indarkeriarako arrisku-kausa eta -faktore bihur baitaitezke.
Espero den azken produktua: azterlan eta/edo tresna metodologiko zorrotz eta baliozkotuak, genero-estereotipoak eta/edo diskriminazio modu anitzak eta intersekzionalak eta generoan oinarritutako botere-harremanak identifikatzea ahalbidetzen dutenak eta, indarkeria nahiz jazarpena prebenitzeko kudeaketan, arrisku psikosozialen ebaluazioek lagungarri gisa aplikatu ditzaketenak.
2.– Laneko arriskuen prebentzioan eta genero-ikuspegitik ezagutza eta berrikuntza sortzen duten azterlanak edo ikerketak, gizartean (zahartzea, lana antolatzeko modu berriak, globalizazioa), teknologian (digitalizazioa, automatizazioa) eta ingurumenean (klima-aldaketa) gertatzen diren erronka berriei buruz.
Helburua: 2021-2026 aldirako Laneko Segurtasun eta Osasunerako Euskal Estrategiak genero-ikuspegia zeharkako eta lehentasunezko elementu gisa ezartzen du laneko arriskuen prebentzioan, lan-inguruneko pertsona guztientzat berdintasunezko babes eraginkorra bermatzeko. Esparru horretan, bereziki garrantzitsua da, batetik, aztertzea nola emakumeek eta gizonek efektu desberdinak jasan ditzaketen beren osasunean, antzeko egoeren eraginpean badaude ere, eta, bestetik, ikertzea sexu bateko pertsonak tradizionalki feminizatuta edo maskulinizatuta dauden lantegietara iristen direnean jazotzen den inpaktua.
Azken urteotan, hainbat azterlanek agerian utzi dute desberdintasun biologikoek, fisiologikoek, sozialek eta antolamendukoek eragin nabarmena izan dezaketela sexu bakoitzak laneko arriskuak eta haien efektuak jasateko daukan moduan. Zentzu horretan, beharrezkoa da ikerketan aurrera egitea, osasunean sortzen ari diren efektu berriak identifikatzeko, batez ere historikoki maskulinizatuta egon diren sektoreetan emakumeak sartzearekin lotutakoak edo tradizionalki feminizatuta egon diren sektoreetan gizonak sartzearekin lotutakoak.
Espero den azken produktua: generoaren arabera, bai jarduera feminizatuetan bai maskulinizatuetan osasunean sortzen diren efektuen arteko desberdintasunak aztertzen dituzten ikerketak. Azterlan horietan gai hauei buruzko informazioa bildu ahal izango da: lan-esposizioan dauden desberdintasun errealak, baita lanpostu teoriko berean gertatzen direnak ere; osasun fisikoaren, mentalaren edo ugalketakoaren gaineko efektuetan antzemandako desberdintasunak, eta sexuaren arabera bereizitako prebentzio-beharrizanak (baliagarriak izango dira enpresetan eta prebentzio-zerbitzuetan laneko arriskuen prebentzioaren kudeaketa hobetzeko), eta gomendio aplikagarriak arriskuen ebaluazioan eta prebentzio-neurrien diseinuan genero-ikuspegia txertatzeko.
3.– Gaixotasun profesionalen diagnostikoa, prebentzioa eta beroriek hobeto hautemateko eta jakinarazteko estrategiak.
Helburua: 2021-2026 aldirako Laneko Segurtasun eta Osasunerako Euskal Estrategiak azpimarratu egiten du osasunaren zaintza indartzeko eta sektore guztietan arriskuak hobeto hautemateko beharrizana. Esparru horretan, ikerketa-ildo bat ireki da prebentzio-sistemaren arazo garrantzitsuetako eta iraunkorrenetako bati heltzeko: gaixotasun profesionalen azpideklarazioa.
Azpideklarazioak lan-errealitatearen ikuspegi osatugabea sortzen du, prebentzio-neurri egokiak hartzeko bidea trabatzen du eta ukitutako pertsona asko errekonozimendurik eta babesik gabe uzten ditu. Fenomeno horren iturburua hainbat faktore izan daitezke: ezagutza kliniko-laboralik eza, diagnostikorako zailtasunak, esposizioak eskas identifikatzea, oztopo administratiboak, lanaren antolamendua, edo laneko ondorioen beldurra.
Ikerketa-ildo horrek ezaupide irmoak sortu nahi ditu, azpideklarazioaren benetako kausak ulertzen eta hura murrizteko irtenbide praktikoak eskaintzen laguntzeko.
Espero den azken produktua: modu argian analizatzea azpideklarazioan eragina daukaten faktore klinikoak, antolamendukoak, administratiboak edo langilearekin berarekin lotutakoak; prozesuaren puntu kritikoei buruzko ebidentzia: esposizioak identifikatzea, susmo klinikoa, izapidetzea, komunikazioa eta erregistroa, eta proposamen aplikagarriak gaixotasun profesionalak hautemateko eta deklarazioa hobetu ahal izateko: osasun-langileentzako tresnak, koordinazioa hobetzea, prestakuntza, susmo-protokoloak, edo enpresei eta prebentzio-zerbitzuei laguntzeko sistemak.
4.– Agente kantzerigenoekiko esposizioak langileen osasun mentalean dituen ondorioak.
Helburua: 2021-2026 aldirako Laneko Segurtasun eta Osasunerako Euskal Estrategiaren esparruan, lan-osasunaren ikuspegi integrala bultzatzen duenez –osasun fisikoa, mentala eta soziala–, ikerketa-ildo bat ireki da, agente kantzerigenoen eraginpean dauden langileek osasun mentalean dituzten efektuak aztertzeko.
Agente kantzerigenoekiko esposizioak, ondo ezagutzen diren arrisku fisikoak ez ezik, inpaktu psikologiko eta emozional garrantzitsuak ere eragin ditzake; hain zuzen ere, arrisku larriaren pertzepzioarekin, etorkizuneko osasunaren gaineko ziurgabetasunarekin, zaintza medikoaren ondoriozko estresarekin edo diagnostiko posibleen beldurrarekin lotutakoak. Efektu horiek eragina izan dezakete eraginpean dauden pertsonen ongizatean, lan-bizitzaren kalitatean, efektuei aurre egiteko gaitasunean eta egonkortasun emozionalean.
Espero den azken produktua: agente kantzerigenoekiko esposizioak hainbat jarduera-sektoretan dauzkan efektu psikologikoei eta emozionalei buruzko informazio zorrotza. Nabarmen uztea nola esposizio horrek izan dezakeen eragina antsietatean, estresean, arriskuaren pertzepzioan, lan-bizitzaren kalitatean edo ongizate emozionalean. Eta prebentzioaren kudeaketa hobetzeko gomendio praktikoak, barne hartuta langileentzat antolaketari, informazioari eta laguntza psikologikoari dagokienez jarri beharreko neurriak.
5.– Telefono-zutoinen kontserbazio-egoerari buruzko kanpoko metodoak.
Xedea: lan-ingurune seguruagoak bultzatze aldera eta funtsezko azpiegiturekin lotutako jardueretan prebentzioa indartzeko asmoz, telefono-zutoinen kontserbazio-egoera ebaluatzeko kanpoko metodoak aztertzeko eta baliozkotzeko ikerketa-ildo bat ireki da.
Zutoin horiek telekomunikazioetarako eta lotutako sareetarako erabiltzen dira, eta beren egonkortasunari eta erresistentziari eragin diezaieketen ingurumen-faktoreen, egituraren zahartzearen eta erabilera-baldintzen mende daude. Narriadura goiz hautematea –hala nola barrualdea usteltzea, hezetasunak egindako kalteak, korrosioa edo egitura-nekea– funtsezkoa da istripuak prebenitzeko, altueran lan egiten duten edo hurbiletik objektuak manipulatzen dituzten langileak babesteko eta zerbitzuaren jarraitutasuna bermatzeko.
Espero den azken produktua: kanpoko ikuskapen-metodoak aztertzea, hala nola teknologia ultrasoinuak, erresistografia, termografia, eskanerrak, ikusizko neurketa aurreratuak edo antzeko tresnak, zutoinaren benetako egoera ezagutu ahal izateko, ebaketak, zulagailuak edo esku-hartze suntsitzaileak egin beharrik gabe. Hainbat motatako zutoinen eta ingurumen-baldintzen fidagarritasunari, zehaztasunari eta aplikagarritasunari buruzko ebidentzia. Eta enpresentzako eta lantalde teknikoentzako gomendio praktikoak, segurtasuna hobetzeko asmoz jakin ahal izateko nola hautatu, konbinatu eta ezarri metodo horiek.
6.– COVID osteko sindromeak lan-ingurunean dauzkan ondorioak ezaugarritzen dituzten ikerketak.
Helburua: COVID osteko sindromeak sintoma iraunkorrak eragin ditzake, hala nola nekea, kontzentratzeko zailtasuna, arnasketa-arazoak, asaldu muskulueskeletikoak edo zailtasun emozionalak. Sintoma horiek inpaktu nabarmena izan dezakete lan egiteko gaitasunean, lanpostura egokitzean, errendimenduan eta pertsona enplegatuen ongizate orokorrean.
Ikerketa-ildo honen helburua da ebidentzia sortzea, COVID osteko sindromeak lan-jardunean nola eragiten duen ezaugarritzeko, laguntza-premia espezifikoak identifikatzeko eta enpresei nahiz prebentzio-zerbitzuei neurri egokiak hartzen laguntzeko.
Espero den azken produktua: COVID osteko sindromeak langileen osasunean eta gaitasun funtzionalean dituen efektuei buruzko informazio argia ematen duten ikerketak; ebidentzia efektu horiek lan-jardunean, berriro laneratzean, lanpostua egokitzean eta ongizate emozionalean nola eragiten duten erakusteko. Eta enpresentzako, prebentzio-zerbitzuentzako eta administrazioentzako gomendio praktikoak, lan-testuinguruan egoera hori modu egokia eta pertsonalizatuan errazago kudeatzeko.
7.– Arrazoi psikosozialengatik baja luze baten ostean lanera itzultzea errazteko neurriak zehazten dituzten azterlanak, neurrion probak lanera itzuli diren enplegatuen taldeetan lehentasunez egingo direlarik.
Helburua: 2021-2026 aldirako Laneko Segurtasun eta Osasunerako Euskal Estrategiarekin koherentea izanik, osasun mentala eta arrisku psikosozialak prebentziorako lehentasun gisa kokatzen baititu hark, ildo bat irekitzen da lanera itzultzea errazteko neurriak identifikatzen eta baliozkotzen dituzten azterlanak eta/edo ikerketak babesteko, bereziki lanera modu seguruan, mailakatuan eta jasangarrian itzultzen laguntzen dutenak babesteko. Neurri horiek barne hartu ditzakete lanpostua egokitzea, antolamenduan laguntzeko lanak, enpresaren eta prebentzio-zerbitzuen arteko esku-hartze koordinatuak eta langilearentzako banakako akonpainamendu-estrategiak.
Deialdiak lehentasuna ematen die benetan lanean hasi diren taldeetan neurri horiek zuzenean ebaluatu ditzaketen azterlanei, hobekien zer funtzionatzen duen eta zer baldintzaren pean funtzionatzen duen jakiteko ebidentzia praktikoa lortzeko asmoz.
Espero den azken produktua: estresak, antsietateak, burnoutak edo beste faktore psikosozial batzuek eragindako baja luzeen ondoren lanera itzultzea errazteko neurri eraginkorrak identifikatzea. Eraginkortasun horren ebidentziak, Berriro lanean hasi diren langileekin hitz egitean emaitzak eta esperientziak aztertuz lortutakoak. Eta enpresei, prebentzio-zerbitzuei eta administrazioei aplikatu dakizkiekeen gomendioak, lanera itzultzeko protokoloak hobetzeko.
8.– Laneko fisioterapia-programek langilearen ongizate integralean duten eragina ezaugarritzen duten azterlanak, enpresa osasungarriaren kontzeptuaren barruan.
Helburua: 2021-2026 aldirako Laneko Segurtasun eta Osasunerako Euskal Estrategiaren esparruan, ikerketa-ildo berri bat bultzatzen da, enpresa osasungarriaren kontzeptuaren barruan langileen ongizate integralean oinarritutakoa. Horren bidez, ebidentzia sortu nahi da jakiteko programa horiek nola laguntzen duten giharretako eta eskeletoetako minak murrizten, gaitasun funtzionala hobetzen, lesioak prebenitzen eta lan-ingurunean ohitura osasungarriak sustatzen. Era berean, antolamenduari lotutako onurak identifikatzea da jomuga, hala nola lan-giroa hobetzea, absentismoa murriztea eta ongizate psikologikoa indartzea.
Espero den azken produktua: laneko fisioterapia-programek langileen osasun fisikoan, funtzionalean eta emozionalean duten benetako inpaktua aztertzen duten ikerketak. Zenbait motatako modalitateen efikaziaren ebidentzia (banakako esku-hartzeak, taldeko programak, ergonomia aktiboa, ariketa terapeutikoa, eta abar). Eta enpresei laneko fisioterapia-programa eraginkorrak, jasangarriak eta enpresa osasungarriaren eredura hurbiltzekoak ezartzen lagunduko dieten gomendio praktikoak.
RSS