
104. zk., 2026ko ekainaren 4a, osteguna
- Bestelako formatuak:
- PDF (202 KB - 7 orri.)
- EPUB (113 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
LANBIDE-EUSKAL ENPLEGU ZERBITZU PUBLIKOA
2403
EBAZPENA, 2026ko maiatzaren 27koa, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoaren zuzendari nagusiarena, zeinaren bidez enplegu lagunduko jarduketak finantzatzera bideratutako laguntzen oinarriak argitaratu eta 2026-2027 ekitaldirako deialdia egiten baita.
Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoko Administrazio Kontseiluak, 2026ko maiatzaren 27ko bilkuran hartutako erabakiaren bidez, enplegu lagunduko jarduketak finantzatzeko laguntzen oinarriak onartu ditu eta 2026-2027 ekitaldirako deialdia egin du, apirilaren 29ko 93/2025 Dekretuaren bidez onartutako estatutuen 11.j) artikuluaren arabera.
Estatutu horien 14.2.n) artikuluan xedatutakoaren arabera, zuzenbide pribatuko erakunde publiko horren zuzendari nagusiari dagokio oinarriak argitaratu daitezen agintzea.
Horrenbestez, azaldutakoagatik, honako hau
EBAZTEN DUT:
Lehenengoa.– Argitara ematea Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoko Administrazio Kontseiluaren 2026ko maiatzaren 27ko Erabakia, enplegu lagunduko jarduketak finantzatzeko laguntzen oinarriak onartu eta 2026-2027 ekitaldirako deialdia egiten duena (ebazpen honen eranskinean dago jasota).
Bigarrena.– Jakinaraztea Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoko Administrazio Kontseiluaren erabakiak ondorioak izango dituela ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.
Hirugarrena.– Aditzera ematea, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoko Administrazio Kontseiluaren erabaki honen aurka, berraztertze-errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaiola organo horri berari, hilabeteko epean, ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkeztu ahal izango da zuzenean Vitoria-Gasteizko Administrazioarekiko Auzien Epaitegian, bi hilabeteko epean, ebazpena aldizkari horretan argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.
Vitoria-Gasteiz, 2026ko maiatzaren 27a.
Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoaren zuzendari nagusia,
Francisco Pedraza Moreno.
ERANSKINA
ENPLEGU LAGUNDUKO JARDUKETETARA BIDERATUTAKO LAGUNTZEN DEIALDIA, 2026. EKITALDIRAKO
Urriaren 17ko 152/2023 Dekretuaren bidez, Euskal Autonomia Erkidegoan desgaitasunen bat duten pertsonen enplegagarritasunarekin loturiko programak eta zerbitzuak eta Enplegu Zentro Berezien Euskal Erregistroa arautzen dira (2023ko urriaren 27ko EHAA, 206. zk.). Bada, dekretu horren II. kapituluko 2. atalean arautzen dira enplegu lagunduko jarduketetara bideratutako laguntzak, hain zuzen ere desgaitasun larriak dituzten pertsonak lan-merkatu arruntean txertatzen laguntzeko.
Dirulaguntza hauen hartzaile izan daitezke elkarteak, fundazioak eta irabazi-asmorik gabeko beste erakunde batzuk, eta Euskal Autonomia Erkidegoan finkatutako enplegu-zentro bereziak –kalifikazio hori dutenak eta hala inskribatuta daudenak– baldin eta, helburu sozial gisa, desgaitasunen bat duten pertsonak laneratzea edota haientzako enplegua sortzea badute.
Urriaren 17ko 152/2023 Dekretua xedapen orokorra da, eta indarraldi mugagabea du, baina, onartu zenez geroztik, zati batean aldatuta dago, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoaren estatutuak onartzeko Dekretuko azken xedapenetako bigarrenaren bidez (93/2025 Dekretua, apirilaren 29koa), haren erregulazioa Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko Legera egokitzeko (20/2023 Legea, abenduaren 21ekoa). 27. artikuluak idazketa berrian ezartzen duenez, enplegu lagunduko jarduketak finantzatzeko laguntzen deialdia Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoaren estatutuek zehazten duten organoaren erabaki baten bidez egingo da, eta, hartan, alderdi hauek zehaztuko dira gutxienez: finantzaketarako baliatuko diren baliabide ekonomikoen zenbatekoa, eskabideak aurkezteko epea eta dirulaguntza justifikatzeko epea.
Halaber, 152/2023 Dekretuaren 79. artikuluak ezartzen duenez, dekretu horretan araututako laguntzak Europako Gizarte Funtsak lagunduta finantzatzen badira –eta hala gertatzen da laguntza hauetan–, kasuan kasuko deialdia onartzen duen erabakian zehaztuko da zer programa operatibo den Europako Gizarte Funtsaren finantzaketa babesten duena; erabaki horrek ezarriko ditu, orobat, finantzaketa horretatik eratorritako betekizunak edo baldintza espezifikoak.
Enplegu lagunduko jarduketetarako laguntzak Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoaren 2026-2029 aldirako Dirulaguntzen Plan Estrategikoan sartuta daude, zehazki 4.4 gako estrategikoan (Dibertsitate funtzionala duten pertsonentzako enplegurako aukera-berdintasuna eta merkatu arruntean benetako laneratzea lortzeko tresnak indartzea). Plan hori Jaurlaritzako bigarren lehendakariorde eta Ekonomia, Lan eta Enpleguko sailburuaren 2026ko urtarrilaren 14ko Aginduaren bidez onartu zen. Hori eginda, bete egiten da Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 6.1 eta 7.1 artikuluetan xedatutakoa. Plan hori argitaratuta dago Lanbideren https://www.lanbide.euskadi.eus/laguntzak-eta-diru-laguntzak/weblan00-ayudasysubvenciones/eu/ webgunean, «Laguntzak eta dirulaguntzak» atalean.
Euskal Autonomia Erkidegoko 2026. urteko Aurrekontu Orokorrak onartzen dituen abenduaren 23ko 7/2025 Legeak laguntza hauek finantzatzeko kreditua jasotzen du, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 9.6 artikuluan xedatutakoa betez. Beraz, laguntza hauek deitu eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu behar dira, 20/2023 Legearen 7.2.a) eta 8.3 artikuluetan ezarritakoaren arabera.
Hori guztia aintzat hartuta, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoaren zuzendari nagusiaren proposamenez, zuzenbide pribatuko ente publiko horren Administrazio Kontseiluak, 2026ko maiatzaren 27ko batzarrean, onartu egiten du enplegu lagunduko jarduketetara bideratutako laguntzen 2026ko deialdia, urriaren 17ko 152/2023 Dekretuan aurreikusitakoari jarraituz. Dekretu horren bidez, Euskal Autonomia Erkidegoan desgaitasunen bat duten pertsonen enplegagarritasunarekin loturiko programak eta zerbitzuak eta Enplegu Zentro Berezien Euskal Erregistroa arautzen dira. Hona deialdiaren ezaugarriak:
1. artikulua.– Xedea.
Deialdi honen xedea da enplegu lagunduko jarduketetara bideratutako laguntzak ematea, urriaren 17ko 152/2023 Dekretuaren II. kapituluko 2. atalean aurreikusitakoari jarraituz. Jarduketok 2026ko urtarrilaren 1etik abenduaren 31ra bitartean garatu behar dira. Dekretu horren bidez, Euskal Autonomia Erkidegoan desgaitasunen bat duten pertsonen enplegagarritasunarekin loturiko programak eta zerbitzuak eta Enplegu Zentro Berezien Euskal Erregistroa arautzen dira.
2. artikulua.– Baliabide ekonomikoak.
1.– Deialdi honetan araututako laguntzak finantzatzeko baliabide ekonomikoak 1.400.000 eurokoak dira; horietatik, 2026ko ordainketa-kreditukoak dira 700.000 euro, eta 2027ko konpromiso-kreditukoak 700.000 euro.
2.– Urriaren 17ko 152/2023 Dekretuaren 29.1 artikuluaren bigarren paragrafoaren arabera, programa hau finantzatzera bideratutako baliabide ekonomikoak nahikoa ez badira onartutako eskari guztiak estaltzeko, horien guztien artean banatuko dira funtsak, baliabide ekonomikoen muga kontuan hartu gabe, bakoitzari legokiokeen laguntzaren proportzioan.
3.– Europako Gizarte Funtsak parte hartu ahal izango du deialdi honen babespean diruz lagundutako enplegu lagunduko jarduketak finantzatzen, EAEko 2021-2027 EGIF+ Programaren barruan.
3. artikulua.– Eskabideak aurkezteko epea.
1.– Eskabideak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, deialdi hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera zenbatzen hasita.
2.– Dirulaguntzak eskuratzeko eskabideak elektronikoki aurkeztu beharko dira Euskal Autonomia Erkidegoaren egoitza elektronikoan (https://www.euskadi.eus), eta, bertara heltzeko, esteka bat egongo da erabilgarri Lanbideren webgunean.
Helbide honetan eskura daitezke prozedurari buruzko informazioa, izapidetzeko jarraibideak eta gainerako ereduak: https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/0136512. Bertara sartzeko, esteka bat egongo da Lanbideren web-orrian.
Ordezkari baten bidez ere egin daitezke izapideak elektronikoki, eta, horretarako, ordezkaritza Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren ahalordeen erregistro elektronikoan inskribatuko da, helbide honetan: https://www.euskadi.eus/ordezkariak
Eskabidea aurkeztu ondorengo izapideak Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoko «Nire karpeta» atalaren bidez egingo dira: https://www.euskadi.eus/nire-karpeta/web01-sede/eu/
4. artikulua.– Dirulaguntza justifikatzeko epea eta aurkeztu beharreko dokumentazioa.
Enplegu lagunduko jarduketak justifikatzeko dokumentazioa aurkezteko gehieneko epea 2027ko otsailaren 26an amaituko da. Justifikazio-fasean aurkeztu beharreko dokumentazioa urriaren 17ko 152/2023 Dekretuaren 31. artikuluan dago zehaztuta.
5. artikulua.– Dirulaguntzak jasotzeko eta emateko baldintzak.
1.– Aipatutako laguntzak jasotzeko eta emateko baldintzak urriaren 17ko 152/2023 Dekretuan eta ebazpen honen apartatuetan xedatutakoak dira.
2.– Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko 20/2023 Legearen 9.4 artikuluaren p) apartatuan xedatutakoari jarraikiz, entitate onuradunak enpresa ez deslokalizatzeko konpromisoa adierazi beharko du lege horren 49. artikuluaren arabera.
3.– Gainera, laguntzen entitate onuradun izateko, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 13. artikuluan jasotako debekuak aplikatuko dira. Horren ondorioz, ezingo dira onuradun izan egoera hauetakoren batean badaude:
a) Kondenaturik egotea delitu hauetakoren bat egiteagatik: prebarikazioa, funtzionario-eroskeria, ondasun publikoak bidegabe erabiltzea, eragimen-trafikoa, iruzurrak eta legearen aurkako ordainarazpenak edo hirigintza-delituak.
b) Epai edo administrazio-ebazpen irmo batek kondenatuta edo zehatuta dirulaguntza edo laguntza publikoak lortzeko aukera galdu izana, edo, hala izan bada, igaro gabe edukitzea kondena- edo zehapen-epea.
c) Konkurtso-deklarazio boluntarioa eskatu izana, edozein prozeduratan kaudimengabetzat jotzea, hartzekodunen konkurtsoan deklaratuta egotea (eraginkortasuna hitzarmen bidez bereganatu badu salbu), esku-hartze judizialaren menpe egotea, edo desgaituta egotea Konkurtsoari buruzko uztailaren 9ko 22/2003 Legearen arabera, edo hala egon izana, konkurtsoa kalifikatzeko epaian finkatutako desgaitze-aldia amaitu gabe egonik.
d) Kausaren batean errudun deklaratua izateagatik, administrazioarekin egindako kontratu baten suntsiarazpen irmoaren eragile deklaratua izatea.
e) Merkataritza-sozietateen administratzaileak edo beste pertsona juridiko batzuen legezko ordezkariak badira, Administrazio Publikoen Zerbitzuko Langileen Bateraezintasunei buruzko abenduaren 26ko 53/1984 Legean edo Kargu publikodunen jokabide-kodea eta haien interes-gatazkak arautzen dituen ekainaren 26ko 1/2014 Legean aurreikusitako bateraezintasunen araubideko egoeraren batean egotea edo Hauteskunde Araubide Orokorrari buruzko ekainaren 19ko 5/1985 Lege Organikoan araututako hautapen bidezko karguren bat betetzea, arau horretan edo gai horiek arautzen dituen araudi autonomikoan ezarritakoaren arabera.
f) Zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean ez izatea, Ekonomia eta Ogasuneko sailburuaren 2023ko otsailaren 13ko Aginduan (2023ko otsailaren 17ko EHAA) xedatutakoaren arabera.
Dirulaguntza eman baino lehen eta hura ordaindu baino lehen, organo kudeatzaileak automatikoki egiaztatuko du zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak betetzen ote diren. Hala ere, eskatzaileak espresuki egin diezaioke aurka egiaztatze-lan horri, eta, halakorik egiten badu, ziurtagiri eguneratuak aurkeztu beharko ditu eskakizun hori betetzen duela frogatzeko.
g) Egoitza fiskala erregelamenduz paradisu fiskaltzat hartutako lurralde edo herrialde batean izatea.
h) Dirulaguntzen arloko itzulketa-betebeharrak egunean ez izatea, Ekonomia eta Ogasuneko sailburuaren 2023ko otsailaren 13ko Aginduak (2023ko otsailaren 17ko EHAA) 4. artikuluan xedatutakoaren arabera.
i) Zehapen administratibo edo penalak izatea sexuagatiko diskriminazioagatik edo emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloko araudia ez betetzeagatik –zehazki, Emakumeen eta gizonen berdintasuna lortzeko eta emakumeen kontrako indarkeria matxistarik gabe bizitzeko Legearen testu bategina onartzen duen martxoaren 16ko 1/2023 Legegintzako Dekretua edo Emakumeen eta Gizonen Berdintasun Eragingarrirako martxoaren 22ko 3/2007 Lege Organikoa–, eta zehapen-epea igaro ez izana.
j) Dirulaguntzak edo bestelako laguntzak jasotzea eragozten dion legezko kausak izatea; besteak beste:
– Ez izatea berdintasun-planik indarrean, estatuko araudiaren arabera horretara behartuta dagoen enpresa izanik.
– Ez edukitzea ezarrita neurririk sexu-jazarpena, sexuagatiko jazarpena edota sexu-indarkeriak prebenitu eta borrokatzeko, emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloan Estatuak ezarrita dituen legeen arabera, 50 langile baino gehiago dituzten enpresen kasuan.
– LGTBIfobia egitea, bultzatzea edo sustatzea, konbertsio-terapiak sustatzea edo egitea barne.
k) Zehatuta egotea, administrazio-bideko ebazpen irmo baten bidez, arau-hauste astun edo oso astun bat egiteagatik, Hondakinak eta Lurzoru Kutsatuak arautu eta Ekonomia Zirkularra bultzatzeko apirilaren 8ko 7/2022 Legean edo Euskadiko Ingurumen Administrazioari buruzko abenduaren 9ko 10/2021 Legean xedatutakoaren arabera, harik eta behar diren neurri zuzentzaileak hartu eta zehapena ordaindu arte.
l) Desgaitasuna dutenentzat lanpostuak gordetzeko legez ezarritako kuota ez betetzea, edo, bestela, hori betetzeko ordezko neurririk hartu gabe egotea.
m) Elkarteen kasuan, Elkartzeko Eskubidea arautzen duen martxoaren 22ko 1/2002 Lege Organikoko 4. artikuluaren 5. eta 6. paragrafoetan aurreikusitako debeku-kausen eraginpean egotea.
n) Legez kontrako egintza penalen zentzuzko zantzuak aurkitu zaizkiola-eta inskripzio-prozedura administratiboa eten zaion elkarte bat izatea, Elkartzeko Eskubidea arautzen duen martxoaren 22ko 1/2002 Lege Organikoak 30.4 artikuluan xedatutakoa aplikatuta, dagokion erregistroan inskribatzeko aukera ematen dion ebazpen judizial irmorik ez dagoen bitartean.
ñ) 30.000 eurotik gorako dirulaguntzetan, eta eskatzailea irabazi-asmoa duen pertsona fisikoa edo juridikoa bada, zuzenbide publikoko entitate ez dena, ez betetzea Merkataritza Eragiketetan Berankortasunaren Aurkako Neurriak ezartzen dituen abenduaren 29ko 3/2004 Legean ezarritako ordainketa-epeak Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorreko 13. 3 bis artikuluan aurreikusitako moduan.
Betekizun hori betetzat joko da abenduaren 29ko 3/2004 Legean aurreikusitako ordainketa-epeen betetze-maila Enpresak Sortu eta Handitzeko irailaren 28ko 18/2022 Legearen azken xedapenetako seigarreneko d) letrako bigarren apartatuan aurreikusitako ehunekoaren parekoa edo handiagoa denean (aurreko ekitaldian hornitzaileei egindako ordainketa guztietatik ordaindutako fakturen % 90, abenduaren 29ko 3/2004 Legean ezarritako gehieneko epea igaro baino lehen).
4.– Lanbide Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoak ez badu egiaztatzen 3. apartatuan xedatutako betekizunen bat, erantzukizunpeko adierazpen baten bidez egiaztatu beharko da. Adierazpen hori eskabide-inprimakian dago.
Dena den, ñ) apartatuko betekizuna egiaztatzeko, dokumentazio hau aurkeztu beharko da:
– Pertsona fisiko edo juridiko eskatzaileak kontabilitate-araudiaren arabera galdu-irabazien kontu laburtua aurkezteko modurik badu, 38/2003 Legearen 13.3 bis artikuluko a) apartatuan aipatutako ziurtagiria aurkeztu beharko du, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoak emandako eredua erabiliz.
Ziurtagiri hori dirulaguntza-eskabidearekin batera aurkeztu beharko da.
– Eskatzaileak ezin badu aurkeztu galdu-irabazien kontu laburturik kontabilitate-araudiaren arabera, betekizun hori 38/2003 Legearen 13.3 bis artikuluko b) apartatuan aipatzen diren agirien bidez egiaztatuko da, hau da, Kontu Auditoreen Erregistro Ofizialean inskribatuta dagoen auditore batek emandako ziurtagiriaren bidez, zeinak apartatu horren 1. zenbakian eskatutako edukia izango baitu; edo, ziurtagiri hori ematea ezinezkoa bada, Prozedura Adostuen Txostenaren bidez, apartatu horren 2. zenbakian eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren Erregelamenduaren 22 bis artikuluan aurreikusitako eran (erregelamendu hori uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren bidez onartu zen).
Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoak, hala badagokio, dirulaguntzak emateko ebazpenak eman aurretik eskatuko die erakunde eskatzaileei aurreko paragrafoan aipatzen diren dokumentuak aurkezteko.
6. artikulua.– Laguntzak jasotzeko baldintzak eta erakunde onuradunen betebeharrak, Europako Gizarte Funtsaren finantzaketatik eratorriak.
1.– Laguntzek Europako Gizarte Funtsaren finantzaketa ere badutenez, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2021eko ekainaren 24ko 2021/1060 (EB) Erregelamenduan xedatua aplikatu behar zaie. Hain zuzen ere, erregelamendu horren bitartez ezartzen dira Eskualde Garapeneko Europako Funtsari, Europako Plus Gizarte Funtsari, Kohesio Funtsari, Bidezko Trantsizio Funtsari eta Itsasoko, Arrantzako eta Akuikulturako Europako Funtsari buruzko xedapen komunak, bai eta funts horietarako finantza-arauak eta Asilo, Migrazio eta Gizarteratzeko Funtserako, Barne Segurtasuneko Funtserako eta Mugak eta Bisatuen Politika Kudeatzeko Laguntza Finantzariorako Tresnarako finantza-arauak ere. Era berean, laguntza hauek Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2021eko ekainaren 24ko 2021/1057 (EB) Erregelamenduaren mende ere badaude, eta, hain zuzen ere, erregelamendu horren bitartez ezartzen da Europako Plus Gizarte Funtsa (EGIF+) eta indargabetzen da 1296/2013 (EB) Erregelamendua.
2.– Laguntzen onuradunek bete beharko dituzte urriaren 17ko 152/2023 Dekretuaren II. kapituluko 2. atalean eta 74. artikuluan aurreikusitako betebeharrak; batez ere, hauek:
a) Espresuki aipatzea Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren finantzaketarekin batera Europako Gizarte Funtsarena jaso dela EAEko 2021-2027 EGIF + Programaren barruan, diruz lagundutako jarduketak jakinarazteko, zabaltzeko edo argitaratzeko material eta ekintza guztietan.
b) Gastuaren kontabilitate-erregistro bat bermatzea, kontabilitate-identifikazio bereizia edo kontabilitate-kode egokia duela.
c) Diruz lagundutako kontratuei buruzko dokumentazio guztia bost urtez gordetzea, kudeaketa-agintaritzak onuradunari azken ordainketa egiten dion urteko abenduaren 31tik aurrera, deialdi honen arabera bete behar dituen konpromiso eta betebehar guztiak betetzen dituela egiaztatu ahal izateko, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2021eko ekainaren 24ko 2021/1060 (EB) Erregelamenduaren 82.1 artikuluaren arabera.
d) Men egitea honako hauek egindako egiaztatze-jarduketei: Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoa, Ekonomia, Lan eta Enplegu Saila, Eusko Jaurlaritzaren Kontrol Ekonomikoko Bulegoa, Herri Kontuen Euskal Epaitegia, eta Europako funtsen kontrol-instantziak.
3.– Dirulaguntzaren entitate onuradunen zerrenda argitaratuko da Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2021eko ekainaren 24ko 2021/1060 (EB) Erregelamenduaren 49. artikuluan adierazitako webgunean.
7. artikulua.– Prozedura kudeatzeko eta ebazteko eskumena duen organoa.
Enpresa eta Ekintzailetza Zuzendaritza izango da laguntzak kudeatzeko organo eskuduna, eta Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoko zuzendari nagusia izango da ebazteko organo eskuduna.
Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoko zuzendari nagusiaren ebazpenak amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, haren aurka, aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoko zuzendari nagusiari, hilabeteko epean, ebazpena jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera, edo administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkeztu ahal izango da zuzenean Vitoria-Gasteizko Administrazioarekiko Auzien Epaitegian, bi hilabeteko epean, ebazpena jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera.
RSS