
104. zk., 2026ko ekainaren 4a, osteguna
- Bestelako formatuak:
- PDF (540 KB - 32 orri.)
- EPUB (146 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
LANBIDE-EUSKAL ENPLEGU ZERBITZU PUBLIKOA
2401
EBAZPENA, 2026ko maiatzaren 27koa, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoko zuzendari nagusiarena. Honen bidez, argitara ematen dira Euskal Autonomia Erkidegoaren eremuan kontratazio-konpromisoa duen prestakuntza finantzatzeko 2026ko ekitaldirako dirulaguntzen deialdirako oinarriak.
Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Administrazio Kontseiluak, 2026ko maiatzaren 27ko bilkuran hartutako erabakiaren bidez, onespena eman dio Euskal Autonomia Erkidegoan kontratazio-konpromisoa duen prestakuntza finantzatzeko dirulaguntzen 2026ko deialdiari.
Horrenbestez, azaldutakoagatik, honako hau
EBAZTEN DUT:
Lehenengoa.– Argitara ematea kontratazio-konpromisoa duen prestakuntza finantzatzeko 2026rako laguntzen deialdiaren oinarriak, Euskal Autonomia Erkidegoaren esparruan, 2026ko maiatzaren 27ko bileran hartutako Erabakiaren bidez onetsia (ebazpen honen eranskinean daude jasota).
Bigarrena.– Aditzera ematea Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango dituela ondorioak Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoko Administrazio Kontseiluak 2026rako dirulaguntzei buruzko deialdia egiteko oinarriak onartzeko hartutako erabakiak.
Hirugarrena.– Aditzera ematea 2026ko ekitaldirako dirulaguntzen deialdiaren oinarriak onartzen dituen Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoko Administrazio Kontseiluaren Erabakiaren aurka, berraztertze-errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaiola organo horri berari, hilabeteko epean, ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkeztu ahal izango da zuzenean Vitoria-Gasteizko Administrazioarekiko Auzien Epaitegian, bi hilabeteko epean, ebazpena aldizkari horretan argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.
Vitoria-Gasteiz, 2026ko maiatzaren 27a.
Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoaren zuzendari nagusia,
FRANCISCO PEDRAZA MORENO.
ERANSKINA
EUSKAL AUTONOMIA ERKIDEGOAN KONTRATAZIO-KONPROMISOA DUEN PRESTAKUNTZA FINANTZATZEKO 2026KO DIRULAGUNTZEN DEIALDIRAKO OINARRIAK
Euskal Autonomia Erkidegoan lanerako prestakuntza arautzen duen maiatzaren 31ko 82/2016 Dekretuan, helburu hauek ezartzen dira, besteak beste: langile langabeen eta landunen bizialdi osoko prestakuntzari bide ematea eta lan-merkatuarekin bat datozen beharrizanetara egokitutako kualifikazioa ematea, aldi berean erantzuna emanda bai enpresen produktibitate- eta lehiakortasun-eskakizunei, bai lanbide-sustapenerako eta garapen pertsonalerako helburuei. Prestakuntza horren bidez, Euskal Autonomia Erkidegoko langileak trebatu behar dira hainbat lanbidetan modu kualifikatuan jarduteko eta enplegurako sarbidea izateko, inolako bazterkeriarik gabe.
Horregatik guztiagatik, Euskal Autonomia Erkidegoan instalatuta dauden edo ezarri berri diren enpresek sortutako lanpostu berrietarako prestakuntza espezializatua eta egokia eskaini nahirik, kontuan hartuta prestakuntza-ekintzen lehentasunezko helburua dela langile langabeak produkzio-sistemak eskatzen dituen enpleguetan laneratzea edo birlaneratzea eta prestatutako pertsonen kontratazioa sustatzea, zenbait ekitalditan garatu dira oro har langabeentzako kontratazio-konpromisoa dakarren lanbide-heziketara bideratutako dirulaguntza-deialdiak. Enpresei langile kualifikatuak eskaintzea da eskaeraren araberako trebakuntzaren oinarrian dagoen funtsa, enpresek, halaber, langile kualifikatu horiek behar baitituzte lanerako; deialdi hau horren inguruan egituratzen da.
Esparru horretan, langile kualifikatuak kontratatu behar dituzten enpresa guztiek erantzuna aurki dezakete beren beharrei erantzuteko, enpresa bakoitzari egokitutako gaitasun profesionalak prestatu, kualifikatu eta eman baititzakete, enpresa berberek, beren sektore-elkarteek, enpresa traktoreek edo prestakuntza-programa horiek diseinatzeko eta sustatzeko gai diren prestakuntza-erakundeekin lankidetzan diseinatutako ad hoc prestakuntza-programetan parte hartzen duten guztiei egokituak. Helburua enpresa bakar bat ere bere proiektuak garatzeko langile gaiturik gabe ez geratzea da.
Deialdi honen garapen eta iraunkortasunerako, Enplegurako lanbide-heziketaren arau-esparruaren osagarri ditugu Bizialdi Osoko Ikaskuntzari buruzko urriaren 10eko 1/2013 Legea eta Euskal Autonomia Erkidegoko Lanbide Heziketari buruzko ekainaren 28ko 4/2018 Legea.
1/2013 Legeak lanbide-heziketaren eskaintza integratua egiteko beharra nabarmentzen du, titulartasun publikoko nahiz pribatuko zentro-sare zabal baten bidez, bai hasierako lanbide-heziketan, bai enplegurako lanbide-heziketan. Euskal Autonomia Erkidegoko Lanbide Heziketari buruzko ekainaren 28ko 4/2018 Legeak aurrera egiten du ildo horretan, lanbide-heziketako sistema integratu horretatik abiatuta, lanbide-heziketako eredu konbinatua sortzeko; eredu honek barnean hartzen ditu berrikuntza aplikatuaren eta ekintzailetzaren arloko ikaskuntzak. Lanbide-heziketako euskal sistemaren helburuen artean, 4/2018 Legeak prestakuntza-sistema malguak eratu behar direla jasotzen du, oinarri hartuta emaitzen araberako ikaskuntzaren ikuspegia. Horretarako, ikaskuntza-ibilbide batzuk erabiliko dira, bide emango dutenak dauden prestakuntza-eskaintzen eta hezkuntza- eta lan-sistemaren mailen arteko transferentzia gauza dadin. Horrez gain, sailarteko organo bat eratzen du, hezkuntza-sistemako lanbide-heziketaren arloko eta enplegurako lanbide-heziketaren arloko eskumenak koordinatuko direla bermatzeko.
Akordio honetan aipatzen den prestakuntza-eskaintzaren kudeaketak, halaber, bat etorri behar du aplikatzekoa den estatu-araudiarekin. Alde horretatik, prestakuntza egiaztagarriari dagokionez, Lanbide Heziketa Antolatzeko eta Integratzeko martxoaren 31ko 3/2022 Lege Organikoa eta hura garatzen duten uztailaren 18ko 659/2023 Errege Dekretua eta uztailaren 9ko 658/2024 Errege Dekretua indarrean jarri ondoren, profesionaltasun-ziurtagiriak Lanbide Heziketaren Sisteman integratuta geratu ziren, ziurtagiri profesionalak izenarekin. 3/2022 Lege Organikoan eta 659/2023 Errege Dekretuan aurreikusitako araubide iragankorraren arabera, indarrean jarraituko du ziurtagiri horiek ezartzen dituzten errege-dekretuetan jasotako profesionaltasun-ziurtagirien antolamenduak, harik eta erregelamendu bidez aldatzen ez diren bitartean. Era berean, 1128/2003 Errege Dekretuan jasotako Lanbide Kualifikazioen Katalogo Nazionaleko antolaketak indarrean jarraituko du, Konpetentzia Profesionalen Estandarraren Katalogo Nazionala arautzen ez den bitartean. Halaber, gaur egun enplegurako lanbide-heziketako prestakuntza-ekintzak emateko baimena eta egiaztagiria duten zentro eta entitateek Lanbide Heziketako sistemako eskaintzak emateko baimen-baldintza berberak izango dituzte, Lanbide Heziketako Zentroen Erregistro Orokorrean inskribatzeko prozesua erregelamendu bidez arautzen den arte.
Lanbide Heziketako eskaintza modu bertikalean eta mailakatuan antolatzen da, bost gradutan (A, B, C, D eta E), guztiak Katalogo Modularreko moduluei buruzkoak (partzialki, A graduaren kasuan), eta Gaitasun Profesionalen Estandarren Katalogo Nazionaleko gaitasun-estandarrei lotuta. C gradua ziurtagiri profesionalei dagokiena da; A eta B graduak, berriz, eskaintza partzialak eta metagarriak dira, eta «konpetentzia baten egiaztapen partziala» eta «konpetentzia-ziurtagiri» bat eskuratzea dakarte, hurrenez hurren. D eta E graduak bat datoz hezkuntza-sistemako heziketa-zikloekin eta espezializazio-ikastaroekin.
3/2022 Lege Organikoaren azken xedapenetako bosgarrenak 4 urteko epea aurreikusi zuen lege organikoan bertan jasotako Lanbide Heziketako Sistema ezartzeko. Egutegia apirilaren 11ko 278/2023 Errege Dekretuaren bidez onartu zen, eta, horren arabera, 2023ko irailaren 1erako arautu, antolatu eta garatu behar ziren sistema osatzen duten elementuak, lehenago aipatuak, bai eta 3/2022 Lege Organikoan aurreikusitako kudeaketa-tresnak ere. 2025ean, otsailaren 4ko 69/2025 Errege Dekretua argitaratu zen, Lanbide Heziketako Sistema Nazionala osatzen duten elementuak eta kudeaketa-tresnak garatzen dituena, eta Kualifikazioen Institutu Nazionala sortzen duen martxoaren 5eko 375/1999 Errege Dekretua aldatzen duena.
Enplegurako lanbide-heziketari dagokionez, 3/2022 Lege Organikoak partzialki indargabetu zuen sistema hori arautzen duen irailaren 9ko 30/2015 Legea; izan ere, oso enuntziatu orokorra erabilita, lege organikoan ezarritakoaren aurkako xedapen guztiak indargabetuta geratzen direla aipatzen du, eta xedapen horien aldaketa iragartzen du; hau oso argigarria izango litzatekeen arren, oraindik ez da burutu.
Profesionaltasun-ziurtagiriei dagokienez, uztailaren 18ko 659/2023 Errege Dekretuak indarrik gabe utzi du ziurtagiri horiek arautzen dituen urtarrilaren 18ko 34/2008 Errege Dekretua (IV. eranskina eta 62/2022 Errege Dekretuan bildutako erreferentziak izan ezik). Nolanahi ere, haren lehenengo xedapen iragankorrean eta 3/2022 Lege Organikoaren bigarren xedapen iragankorrean xedatutakoaren arabera, «Erregelamendu bidez aldatzen ez den bitartean, indarrean jarraituko du profesionaltasun-ziurtagirien antolamenduak, hura ezartzen duten errege-dekretuetan jasotako eran, eta haien eskaintza Lanbide Heziketako Sistemaren C graduetan integratuko da, ziurtagiri profesional izenarekin.» Antzera jasotzen da ezarpen-egutegia ezarri zuen 278/2023 Errege Dekretuaren bigarren xedapen iragankorrean.
Halaber, martxoaren 31ko 3/2022 Lege Organikoak, hirugarren xedapen iragankorrean eta 659/2023 Errege Dekretuaren laugarren xedapen iragankorrean xedatzen denez, indarrean jarraituko du irailaren 5eko 1128/2003 Errege Dekretuan jasotako Lanbide Kualifikazioen Katalogo Nazionalaren antolamenduak, harik eta erregelamendu bidez garatu arte Gaitasun Profesionalen Estandarren Katalogo Nazionalari buruz Legean aurreikusitakoa. Era berean aurreikusten da Katalogo Modularrerako. Ildo beretik, Lanbide Heziketako Sistema Nazionala osatzen duten elementuak eta kudeaketa-tresnak garatzen dituen otsailaren 4ko 69/2025 Errege Dekretuak lehenengo xedapen gehigarrian adierazten duenez, 1128/2003 Errege Dekretuaren babesean ezarritako Lanbide Kualifikazioen Katalogo Nazionalean jasotako gaitasun-unitateak automatikoki parekatuko dira, ondorio guztietarako, 3/2022 Legean aipatzen diren gaitasun profesionalen estandarrekin.
Aintzat hartuta Akordio honen indarraldia, laguntza horiek arautzen dituzten oinarrietan islatu egiten da egun egoera iragankor batean gaudela prestakuntza egiaztagarriari dagokionez. Gainerako prestakuntza-espezialitateei dagokienez, azken ekitaldietako arautzeari eutsi zaio.
Lehendakariaren ekainaren 23ko 18/2024 Dekretuak, Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituenak eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituenak, 7.1.d) artikuluan enplegu-politika esleitzen dio Ekonomia, Lan eta Enplegu Sailari, beste funtzio eta jardun-arlo batzuen artean, «bai eta enplegurako lanbide-heziketa ere, aipatutako dekretuaren 12.1.b) artikuluan ezarritakoaren arabera. Zeregin horretan, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoaren lankidetza izango du, betiere zerbitzu horren erantzukizunen barruan».
Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoa zuzenbide pribatuko ente publikoa Ekonomia, Lan eta Enplegu Sailari atxikita dago, eta, besteak beste, enpleguko, lanerako prestakuntzako eta autoenplegua eta enpresen sorrera sustatzeko programak kudeatzen ditu, apirilaren 29ko 93/2025 Dekretuaren bidez onartutako ente publikoaren estatutuen 4.f) artikuluan ezarritakoaren arabera. Egitasmo nagusietako bat enplegurako lanbide-heziketa ematea da, askotariko prestakuntza-eskaintzen bidez.
Halaber, Euskal Autonomia Erkidegoan Enplegurako Lanbide Heziketa arautzen duen maiatzaren 31ko 82/2016 Dekretuak, 9. artikuluan, zuzenbide pribatuko ente publiko horri esleitzen dio EAEn enplegurako lanbide-heziketa programatzeko, kudeatzeko eta kontrolatzeko eskumena.
Enplegurako lanbide-heziketaren arloko ekimenen artean, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoari dagokio langabezian dauden pertsonei zuzendutako prestakuntza-eskaintzak garatzea eta akordioi honetan jasota daudenen moduko proposamenak egitea.
Gaur egun, Euskal Autonomia Erkidegoan, Lanbidek kudeatzen duen prestakuntzak barnean hartzen ditu prestakuntza egiaztagarria eta baita Prestakuntza Espezialitateen Katalogoan sartutako gainerako prestakuntza ez-egiaztagarria ere. Prestakuntza egiaztagarriari dagokionez, prestakuntza-espezialitate berriak sartu dira C, B eta A graduen garapena jasotzen duten errege-dekretuak argitaratu ondoren. Horrez gain, lehen lanbide-ziurtagiriak ere gehitu dira Lanbide Heziketaren Antolamenduari eta Integrazioari buruzko martxoaren 31ko 3/2022 Lege Organikoa argitaratu ondoren.
Ekimen hori aurreikusita dago Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoaren 2026-2029 urteetarako Dirulaguntzen Plan Estrategikoan, «Aukera-berdintasuna, euskal enplegu-politikaren ardatz nagusia» 4. zeharkako helburu estrategikoaren barruan eta «Lan-arloan genero-berdintasunaren aldeko konpromisoa» 4.1 gako estrategikoaren barruan. Plan hori bigarren lehendakariorde eta Ekonomia, Lan eta Enpleguko sailburuaren 2026ko urtarrilaren 14ko Agindu bidez onartu zen, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 6. artikuluan xedatutakoa betez. Aipatutako Plana Lanbideren www.lanbide.euskadi.eus webgunean argitaratuko da, «Laguntzak eta dirulaguntzak» atalean.
Horregatik guztiagatik, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoaren zuzendari nagusiak egindako proposamena kontuan hartuta, zuzenbide pribatuko ente publiko honen Administrazio Kontseiluak, 2026ko maiatzaren 27ko bilkuran, kontratazio-konpromisoa duen prestakuntza finantzatzeko laguntzen oinarri arautzaileak eta 2026ko ekitaldirako deialdia onartzen ditu, hauen arabera:
1. artikulua.– Deialdiaren xedea eta baliabide ekonomikoak.
1.– Deialdi honen xedea da langabetuei oro har zuzendutako kontratazio-konpromiso duten prestakuntza-ekintzetarako 2026ko laguntzak arautzea.
2.– Deialdi hau finantzatzera bideratuko diren diru-baliabideak 1.400.000 euro dira; horietatik, 700.000 euro 2026ko ordainketa-kredituari dagozkio, eta 700.000 euro 2027ko konpromiso-kredituari.
Kopuru horiek % 100 handitu daitezke, hala badagokio, baldin eta indarreko legeriaren arabera aurrekontu-aldaketak onartzen badira. Aldaketa horiek egiten badira, ezagutzera emango da Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoaren zuzendari nagusiaren ebazpen baten bidez.
3.– Deialdi honen xede diren dirulaguntzak Europako Gizarte Funtsek lagunduta finantzatu ahal izango dira, osorik edo partez, EGF Euskadi 2021-2027 programaren esparruan.
2. artikulua.– Entitate eta enpresa onuradunak.
1.– Kontratazio-konpromisoa dakarten prestakuntza-ekintzetara bideratutako laguntzetan, honako hauek izan ahalko dira onuradun:
a) Lantokia Euskal Autonomia Erkidegoan duten enpresak, izaera pribatukoak, forma juridikoa edozein dutelarik ere, baldin eta zuzenean kontratatzen badituzte enpresa horietan prestakuntza jasotzen duten pertsonak. Kanpoan geratuko dira aldi baterako laneko enpresak, outsourcing jarduerako enpresak eta langileen zerbitzu anitzeko enpresak, bai eta edozein enpresa publiko ere.
Prestakuntza egin ahal izango dute:
– baliabide propioekin: prestakuntza eman ahal izateko, dagokion profesionaltasun-ziurtagirian edo lanbide-ziurtagirian egiaztatu beharko dira, edo egiaztatu ezin diren espezialitateetan inskribatu, prestakuntza hasi aurretik. Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoak kudeatutako Prestakuntza Erakundeen Erregistroan alta emanda jarraituko du prestakuntza amaitu arte, eta une horretan baja emango zaio.
– kontrataziora jota, egiaztatuta dauden entitateekin edo Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Prestakuntza Entitateen Erregistroan izena emanda daudenekin.
b) Prestakuntza-entitate pribatu zein publikoen bidez, baldin eta dirulaguntza-eskaera aurkezten den datan egiaztatuta edo inskribatuta badaude Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoak kudeatutako Prestakuntza Erakundeen Erregistroan, autonomia-erkidegoren bateko enplegurako prestakuntza-entitateen beste erregistro batean edo prestakuntza-entitateen estatuko erregistroan, dirulaguntzaren xede diren prestakuntza ekintzei dagozkien espezialitateak emateko.
Deialdi honen ondorioetarako, prestakuntza-entitateek aurkeztutako eskaerak hiru kategoriatan sailkatzen dira:
b.1.– Euskal Autonomia Erkidegoko jarduera ekonomikoko sektore bateko enpresak biltzen edo ordezkatzen dituzten entitate sektorialek bultzatutako eskaerak, kontratatzeko konpromisoa hartu duten enpresak elkarte eta sektore horretakoak badira.
Sektoreko entitateek formalki eratuta egon beharko dute 2024ko urtarrilaren 1a baino lehenagotik, eta Eusko Jaurlaritzako edozein sailetan indarrean dauden enpresaz gaindiko elkarteen erregistroren batean identifikatuta egon beharko dute.
Entitate sektorial horiek beren langileak izan beharko dituzte, entitate horri edo sektore horretan bildutako enpresen interesak ordezkatzeko beharrezkoak diren kudeaketa-zerbitzuak ematen dituen entitate bati atxikita, eta ekimen honen xedea zuzentzeko eta kudeatzeko gaitasun nahikoarekin.
b.2.– Euskal Autonomia Erkidegoan kokatutako haien jarduera-sektoreetako beste enpresa batzuetan trakzio-enpresa gisa eta/edo kontratazio-sortzaile gisa diharduten enpresek sustatutako eskaerak. Enpresa bat beste batzuen bultzatzailetzat joko da, baldin eta enpresa horren eta bere enpresa laguntzaileen artean harreman egonkor bat badago, denboran luzatzen dena eta zerbitzuen azpikontratazioak eta beste enpresa horien produktuen kontsumoak definitzen dutena. Horrela, zuzenean eta zeharka, enpleguak sortzen dira, eta enpresa eragileen hazkunde eta garapen ekonomikoa eragiten da. Trakzio-enpresa izango da bere enpresa trakziodunetan enplegu berriaren premien sustatzaile eta bultzatzailea.
b.3.– Aurreko b.1 idatz-zatian aipatzen diren entitate sektorialen eta b.2 idatz-zatian aipatzen diren trakzio-enpresen babesik ez duten eskaerak.
2.– Enpresa onuradunek enpresako langileen legezko ordezkaritzari jakinarazi beharko diote deialdi honen babespean egindako kontratazioa.
3.– Ezingo dira onuradun izan egoera hauetako batean diren entitateak:
a) Epai bidez kondenaturik egotea delitu hauetakoren bat egiteagatik: prebarikazioa, funtzionario-eroskeria, ondasun publikoak bidegabe erabiltzea, eragimen-trafikoa, iruzurrak eta legearen aurkako ordainarazpenak edo hirigintza-delituak.
b) Epai edo administrazio-ebazpen irmoaren bidez dirulaguntza edo laguntza publikoak lortzeko aukera galtzearekin kondenatua edo zehatua izatea, kondena- edo zehapen-aldia igaro gabe.
c) Borondatezko konkurtsoaren deklarazioa eskatu izana, edozein prozeduratan kaudimengabe deklaratua izatea, hartzekodunen konkurtsoan deklaratuta egotea –non eta ez duen hitzarmen batek eraginkortasuna lortu–, esku-hartze judizialaren mende egotea edo Konkurtsoari buruzko uztailaren 9ko 22/2003 Legearen arabera desgaituta egotea konkurtsoa kalifikatzeko epaian finkatutako desgaitze-aldia amaitu gabe.
d) Administrazioarekin egindako edozein kontraturen amaiera irmoa eragin izana, eta suntsiarazpenaren arrazoiaren errudun deklaratu izana.
e) Merkataritza-sozietateen administratzaileak edo beste pertsona juridiko batzuen ordezkari direnak, baldin eta Administrazio Publikoen Zerbitzuko Langileen Bateraezintasunei buruzko abenduaren 26ko 53/1984 Legean eta Kargu publikodunen jokabide kodea eta haien interes gatazkak arautzen dituen ekainaren 26ko 1/2014 Legean aurreikusitako bateraezintasun-araubideko egoera batean badaude, edo Hauteskunde Araubide Orokorraren ekainaren 19ko 5/1985 Lege Organikoan araututako hautapen bidezko kargu batean daudenak, arau horretan edo gai hauek arautzen dituen arau autonomikoan ezarritakoaren arabera.
f) Zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean ez izatea, Ekonomia eta Ogasuneko sailburuaren 2023ko otsailaren 13ko Aginduan (2023ko otsailaren 17ko EHAA) xedatutakoaren arabera.
Organo kudeatzaileak automatikoki egiaztatuko du zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak betetzen diren, dirulaguntza eman eta ordainketa bakoitza egin baino lehen. Nolanahi ere, eskatzaileak berariaz egin diezaioke aurka egiaztatze-lan horri, eta, kasu horretan, baldintza hori egiaztatzen duten ziurtagiri eguneratuak aurkeztu beharko ditu.
g) Egoitza fiskala erregelamenduz paradisu fiskaltzat hartutako lurralde edo herrialde batean izatea.
h) Dirulaguntzei dagokienez, ordaindu gabe izatea itzulketa-betebeharrak, Ekonomia eta Ogasuneko sailburuaren 2023ko otsailaren 13ko Aginduaren 4. artikuluan aurreikusitakoaren arabera (2023ko otsailaren 17ko EHAA). Egoera horretan gertatzen den edozein aldaketaren berri eman beharko dute, emandako dirulaguntza guztiz justifikatu arte.
i) Dirulaguntza edo laguntza publikoak eskuratzea eragozten duen zehapen administratibo edo penala izatea, honako hauek barne:
– Sexuagatiko diskriminazioa eragiteagatik, edo Emakumeen eta gizonen berdintasunerako eta emakumeen aurkako indarkeria matxistarik gabe bizitzeko Legearen testu bategina onartzen duen martxoaren 16ko 1/2023 Legegintzako Dekretuaren 3.1 artikuluan jasotako diskriminazio anizkoitza eragiteagatik.
– Ebazpen irmoaren bidez zehapen osagarria jaso izanagatik, Lan Arloko Arau Hausteei eta Zehapenei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen abuztuaren 4ko 5/2000 Legegintzako Errege Dekretuaren 46.1.b) eta 46 bis 1.b) artikuluetan xedatutakoaren arabera.
j) Dirulaguntzak edo bestelako laguntzak jasotzea eragozten dien legezko kausak izatea, honako hauek barne:
– Berdintasun eta sexu-jazarpen eta LGTBIfobia plan bat indarrean ez izatea, Estatuko araudiaren arabera horretara behartuta dagoen enpresa izanik.
– Sexu-jazarpena, sexuagatiko jazarpena eta sexu-indarkeriak prebenitzeko eta horiei aurre egiteko neurririk ezarri ez izana, 50 langiletik gorako enpresen kasuan, Estatuko legeriak emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloan ezarritako baldintzetan.
– LGTBIfobia egitea, bultzatzea edo sustatzea, konbertsio-terapiak sustatzea edo egitea barne.
k) Zehatuta egotea, administrazio-bideko ebazpen irmo baten bidez, arau-hauste astun edo oso astun bat egiteagatik, Hondakinak eta Lurzoru Kutsatuak arautu eta Ekonomia Zirkularra bultzatzeko apirilaren 8ko 7/2022 Legean edo Euskadiko Ingurumen Administrazioari buruzko abenduaren 9ko 10/2021 Legean xedatutakoaren arabera, harik eta behar diren neurri zuzentzaileak hartu eta zehapena ordaindu arte.
l) Desgaitasuna duten pertsonentzat lanpostuak gordetzeko legez ezarritako kuota bete ez izana, edo, bestela, hori betetzeko neurri alternatiboak hartu ez izana.
m) Elkarteen kasuan, Elkartzeko Eskubidea arautzen duen martxoaren 22ko 1/2002 Lege Organikoaren 4. artikuluko 5. eta 6. paragrafoetan aurreikusitako debeku-kausen eraginpean egotea.
n) Legez kontrako egintza penalen zentzuzko zantzuak aurkitu zaizkiola-eta inskripzio-prozedura administratiboa eten zaion elkarte bat izatea, Elkartzeko Eskubidea arautzen duen martxoaren 22ko 1/2002 Lege Organikoak 30.4 artikuluan xedatutakoa aplikatuta, dagokion erregistroan inskribatzeko aukera ematen dion ebazpen judizial irmorik ez dagoen bitartean.
ñ) Ez dela xede eta helburu bererako laguntza edo dirulaguntzarik jasotzen ari beste administrazio publiko edo entitate publiko edo pribatuetatik.
o) Dirulaguntzen azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13.2 eta 13.3 artikuluetan xedatzen diren gainerako egoeraren batean daudenak.
p) Enpresa-deslokalizazioko kasuren batean egotea, Dirulaguntzen Araubidea arautzen duen abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 49. artikuluan ezarritako baldintzetan.
q) 30.000 eurotik gorako dirulaguntzetan, eta eskatzailea irabazi-asmoa duen pertsona fisikoa edo juridikoa bada, zuzenbide publikoko entitate ez dena, Merkataritza Eragiketetan Berankortasunaren Aurkako Neurriak ezartzen dituen abenduaren 29ko 3/2004 Legean ezarritako ordainketa-epeak betetzen ez dituztenak Dirulaguntzen azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorreko 13.3 bis artikuluan aurreikusitako moduan.
Eskakizun hori betetzat joko da abenduaren 29ko 3/2004 Legean aurreikusitako ordainketa-epeen betetze-maila Enpresak Sortu eta Handitzeko irailaren 28ko 18/2022 Legearen azken xedapenetako seigarreneko d) letrako bigarren apartatuan aurreikusitako ehunekoaren parekoa edo handiagoa denean (aurreko ekitaldian hornitzaileei egindako ordainketa guztietatik ordaindutako fakturen % 90, abenduaren 29ko 3/2004 Legean ezarritako gehieneko epea igaro baino lehen).
4.– Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoak ez badu egiaztatzen 3. apartatuan xedatutako eskakizunen bat, eskabide-orrian dagoen erantzukizunpeko adierazpen baten bidez egiaztatu beharko da.
p) idatz-zatiari dagokion betekizuna egiaztatzeko, honako agiri hauek aurkeztu beharko dira:
– Pertsona fisiko edo juridiko eskatzaileak kontabilitate-araudiaren arabera galdu-irabazien kontu laburtua aurkezteko modurik badu, 38/2003 Legearen 13.3 bis artikuluko a) apartatuan aipatutako ziurtagiria aurkeztu beharko du, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoak emandako eredua erabiliz.
Ziurtagiri hori dirulaguntza-eskabidearekin batera aurkeztu beharko da.
– Eskatzaileak ezin badu aurkeztu galdu-irabazien kontu laburturik kontabilitate-araudiaren arabera, betekizun hori 38/2003 Legearen 13.3 bis artikuluko b) apartatuan aipatzen diren agirien bidez egiaztatuko da, hau da, Kontu Auditoreen Erregistro Ofizialean inskribatuta dagoen auditore batek emandako ziurtagiriaren bidez, zeinak apartatu horren 1. zenbakian eskatutako edukia izango baitu; edo, ziurtagiri hori ematea ezinezkoa bada, Prozedura Adostuen Txostenaren bidez, apartatu horren 2. zenbakian eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren Erregelamenduaren 22 bis artikuluan aurreikusitako eran (erregelamendu hori uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren bidez onartu zen).
Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoak, hala badagokio, dirulaguntzak emateko ebazpenak eman aurretik eskatuko die erakunde eskatzaileei aurreko paragrafoan aipatzen diren dokumentuak aurkezteko.
5.– Deialdi honetan aurreikusitako prestakuntza-ekintzak egiteagatiko dirulaguntza lortzeko, enpresek eta prestakuntza-entitateek laguntzaren xede den prestakuntza-proiektua osatzen duten prestakuntza-ekintzak egiteko behar diren pertsonak eta bitarteko materialak izan beharko dituzte, edo dirulaguntza esleitu ondoren, prestakuntza-jarduera hastean, baliabide horiek izateko konpromisoa hartzea.
Instalazio eta baliabide horiek norberarenak edo beste entitate pribatu edo publiko batzuenak izan daitezke; gainera, Euskal Autonomia Erkidegoaren lurraldean eduki beharko dira.
Informazio hori egiaztatzeko, entitatearen legezko ordezkariak eskabide-orrian dagoen erantzukizunpeko adierazpena egingo du. Nolanahi ere, entitate eskatzaileak Lanbide Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoak eskuratzeko moduan eduki beharko ditu adierazpen horretan jasotako datuak egiazkoak direla frogatzen duten agiriak.
Ez dago baimenduta prestakuntza-jarduera azpikontratatzea, egiaztatutako edo inskribatutako prestakuntza-erakundeak kontratatzera jotzen duten enpresa onuradunentzat adierazitakoa izan ezik. Ondorio horietarako, ez da azpikontrataziotzat hartuko prestakuntza emateko irakasleak, hau da, pertsona fisikoak, kontratatzea.
6.– Enpresek edo entitateek ezin izango dute prestakuntza-ekintzak egiteagatik dirulaguntzarik jaso baldin eta Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak diruz lagundutako prestakuntza-ekintzetan eskuratutako kontratazio-konpromisoen % 70 baino gehiago urratu badu kontratazio-konpromisoa dakarten prestakuntza emateko aurreko hiru ekitaldietako batean; halaber, ez dute dirulaguntzarik jasoko deialdi horietan prestakuntza hasi zuten ikasleen % 30 kontratatzea lortu ez duten entitateek, kontuan hartu gabe prestakuntza utzi edo gainditu duten.
3. artikulua.– Diruz laguntzeko moduko jardunak.
1.– Deialdi honen babesean dirulaguntza jaso ahalko dute kontratatzeko konpromisoa duten prestakuntza ekintzek, 5. artikuluan araututako baldintza eta beharkizunak betetzen badituzte. Prestakuntza-ekintza horiek Euskal Autonomia Erkidegoko Prestakuntza Espezialitateen Katalogoan sartuta egon beharko dute. Enpresa kontratatzaileen premia zehatzei erantzuteko programatu diren prestakuntza-espezialitate berriak izan ahalko dira, baldin eta horiek Espezialitateen Euskal Katalogoan sartu badira eta entitatea Prestakuntza Erakundeen Erregistroan inskribatuta badago eskolak emateko eskaera aurkezten den unean.
2.– Prestakuntza-ekintza programagarriak, langabeei oro har zuzenduak, honela sailkatzen dira:
Prestakuntza egiaztagarria: Lanbide Kualifikazio Profesionalen Katalogo Nazionalari edo, hala badagokio, Gaitasun Profesionalen Estandarren Katalogo Nazionalari lotutako ekintzak, gaitasun-egiaztapen partzialak, profesionaltasun-ziurtagiriak edo ziurtagiri profesionalak lortzera bideratutakoak, ibilbide osoen arabera –espezialitateko ordu guztiak programatzean– edo prestakuntza-moduluen arabera programatu daitezkeenak. 1., 2. edo 3. kualifikazio-mailakoak izan daitezke.
C Gradua (ziurtagiri profesionala) lortzeko prestakuntza-ekintzak prestakuntza-entitateek emango dituzte, baldin eta Hezkuntza Sailaren baimena badute prestakuntza-ekintza horiek integratzen dituen D Gradua emateko.
Prestakuntza ez-egiaztagarria edo inskripziokoa: prestakuntza-espezialitateen katalogoko prestakuntza-ekintza hauek ez dute aukerarik ematen eskuratutako gaitasunak egiaztatzeko.
4. artikulua.– Prestakuntzaren hartzaileak.
1.– Lehentasunez parte hartu ahal izango dute Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoan, beste enplegu-zerbitzu publiko autonomiko batean edo Gazte Bermerako Sistema Nazionalaren fitxategian enplegu-eskatzaile gisa izena emanda dauden langile langabeek, baldin eta lan-kontratu bat egitea ahalbidetzen dien administrazio-egoera batean badaude.
2.– Era berean, eta lehentasunik gabe, langile landunek ere parte hartu ahal izango dute prestakuntza-ekintza horietan, baina ezin izango dira inola ere izan prestakuntza-ekintza bakoitzean programatutako parte-hartzaile guztien % 30 baino gehiago, eta, betiere, egungo lanpostuak dakartzan lanbide-kualifikazioekin loturarik ez duten espezialitateetan parte hartuko dute, eta prestakuntza-ekintza hasten den unean lan egiten duen enpresa berak ezin izango ditu kontratatu. Hartara, ekintzetan parte hartzen duten pertsonak langabetzat edo landuntzat hartzeko, kontuan hartuko da zer lan-egoeratan dauden pertsonak prestakuntza hasten duten unean. Aldizkako langile finkoen kasuan, lanik egiten ez duten aldietan, eta aldi baterako enplegu-erregulazioko espediente batean sartuta daudenen kasuan, ez dira landuntzat hartuko lehen aipatutako ehunekoa kalkulatzeko.
3.– Deialdi honen ondorioetarako, langabeen taldekotzat hartuko dira lanaldi partzialeko kontratuarekin lanean ari direnak, betiere haien lanaldia lanaldi oso konparagarria duen langile baten lanaldiaren herena baino txikiagoa bada.
5. artikulua.– Prestakuntza-ekintzen betekizunak eta baldintzak.
1.– Prestakuntza-erakunde batek eskatutako prestakuntza-ekintzengatik dirulaguntza jaso ahal izateko, eskaerak 2.1 artikuluaren b.3 kategoriakoak direnean, dirulaguntza eskatu aurretik egiaztatu beharko da prestatu eta kontratatu beharreko lanbide eta profiletan izena emandako langabeak ez direla nahikoak. Horretarako, dagokion Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoaren bulegoaren txostena eskatuko da (emandako ereduaren arabera). Eskatutako profila ezingo da izan prestakuntza amaitu ondoren lortuko dutena baino handiagoa.
Izangai aski ez dagoela ulertuko da kontrata daitezkeen langabeen kopurua txikiagoa bada enpresak edo enpresek kontratatu beharreko pertsonen kopurua halako sei baino.
2.– Prestakuntza-ekintzak aurrez aurrekoak baino ez dira izango.
3.– Prestakuntzak gutxienez 120 ordu eta gehienez 560 ordu iraungo du (enpresa edo erakunde parekatuko prestakuntza-modulua sartu gabe, profesionaltasun-ziurtagiriak edo ziurtagiri profesionala lortzera bideratutako prestakuntza-ekintzen kasuan), salbu eta enpresa batek edo prestakuntza-entitate batek eskatutako espezialitateetarako, baldin eta entitate sektorial batek (2.1 artikuluko b.1 kategoria) edo trakzio-enpresa batek (2.1 artikuluko b.2 kategoria) sustatua bada eskaera, zeinek ez baitute zertan egon muga horien pean, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoko Enplegu eta Prestakuntza zuzendariak eskatu, justifikatu eta baimena eman ondoren.
4.– Diruz lagunduko diren prestakuntza-ekintzak 2026ko ekitaldian hasi beharko dira, eta, gehienez ere, dirulaguntza emateko ebazpena jakinarazi eta bi hilabeteko epean, eta 2027ko irailaren 15a baino lehen amaitu beharko dira (enpresa edo organismo parekaturen batean egindako prestakuntza-aldia edo lanekoak ez diren praktikak barne, hala badagokio).
5.– Honako prestakuntza-helburu hau bete beharko da: prestakuntza hasi duten ikasleen % 50ek gutxienez amaitu beharko dute prestakuntza.
6.– Egiaztatu ezin diren prestakuntza-ekintzak espezialitatearen iraupen osorako eman beharko dira.
Profesionaltasun-ziurtagiri bati edo ziurtagiri profesional bati edo C gradu bati lotutako prestakuntza-ekintzak programatu ahal izango dira langile langabeen ekimenez, ziurtagiri osoa emateko, lanbide-moduluka, C gradu osoak emateko edo B graduko multzotan.
Prestakuntza-planean sartzen bada profesionaltasun-ziurtagiri bat edo C Gradu bat osorik ematea, kasuan kasuko profesionaltasun-ziurtagiriak edo C Graduak zenbat lanbide-modulu edo B Gradu dituen, beste hainbeste prestakuntza-ekintzatan zatituko du Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoak.
Ikastetxe batek C gradu bat edo ziurtagiri profesional bat, horiek osatzen dituzten B gradu guztiak edo lanbide-modulu guztiak jasotzen dituena, programatzen badu, zentroak nahitaez jaso beharko du enpresan edo pareko organismo batean 80 orduko prestakuntza-aldi bat egiteko eskaintza, B graduak metatuz C Gradua edo lanbide-moduluak metatuz ziurtagiri profesionala lortu nahi duten pertsona guztientzat, bat etorriz uztailaren 18ko 659/2023 Errege Dekretuaren 60.2 artikuluarekin.
7.– Prestakuntza-ekintzak onartzeko, 20 parte-hartzaile izango dira gehienez, eta 10 gutxienez. Hala ere, laguntza jasoko dutenez gain, beste bi parte-hartzaile ere onartu ahal izango dira prestakuntza-ekintzetan, prestakuntza-zentroak kopuru hori hartzeko egiaztatuta edo inskribatuta badaude. Parte-hartzaile gehigarriengatik ez da dirulaguntzarik jasoko.
Ezin izango da hasi 10 parte-hartzaile baino gutxiagoko prestakuntza-ekintzarik, tartean Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoko Enplegu eta Prestakuntza zuzendariak eskatu eta baimendutako salbuespen justifikatuko egoeraren bat ez bada behintzat. Ondorio horietarako, prestakuntza lehen egunean eta/edo hurrengo egunetan hasi eta muga-egunera arte dauden pertsonak hartuko dira parte-hartzaileen kopurutzat (5. saioa edo orduen % 25 profesionaltasun-ziurtagiria edo ziurtagiri profesionala lortzera bideratutako prestakuntza-espezialitateetan, eta orduen % 25 gainerako espezialitateetan).
8.– Prestakuntza-ekintzaren zati teoriko-praktikoa soilik lagunduko da diruz.
Ez dira diruz lagunduko lantokiko edo antzeko organismoko prestakuntza praktikoko moduluak, prestakuntza egiaztagarriaren kasuan, ezta gainerako espezialitateetako enpresetako praktikak ere.
9.– Prestakuntza-ekintza bakoitzaren iraupen osoaren % 25 betetzean, hasi ziren parte-hartzaileen % 75ek bertan jarraitu beharko dute (onartzen diren bi parte-hartzaile gehigarriak kontuan hartu gabe). Ehuneko txikiagoak jarraitzen badu, ekintzak aurrera jarraitu beharko du, eta deialdi honen 18. artikuluan adierazitakoaren arabera likidatu egin beharko da amaitzean. Ondorio horietarako, prestakuntza hasi duten parte-hartzaileen kopurutzat hartuko da prestakuntza-ekintzaren lehen egunean prestakuntza hasi zuten pertsona guztien kopurua.
6. artikulua.– Kontratuen betekizunak eta baldintzak.
1.– Enpresek edo erakundeek konpromisoa hartu behar dute prestakuntza ekintza amaitzen denetik hiru hilabeteko epean gutxienez prestakuntza ekintza amaitzen duten eta gai diren pertsonen % 50 kontratatzeko. Epe hori luzatu ahal izango da Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoko Enplegu eta Prestakuntza zuzendariak behar bezala justifikatu, eskatu eta baimentzen dituen kasuetan.
Era berean, eta salbuespen gisa, garatutako ekimenari atxikitako kontrataziotzat hartuko dira, ezarritako aldian, parte-hartzaileek garatutako prestakuntza-prozesuari eta lortutako titulazioari esker eskuratutako kontratazio guztiak, baldin eta horiek gabe kontratazio berria egitea ezinezkoa izango balitz, eta betiere gutxieneko kontratazio-baldintzak betetzen badira. Salbuespen horiek Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoko Enplegu eta Prestakuntzako zuzendariari justifikatu eta eskatu beharko zaizkio, ondoren baimena eman dezan.
2.– Prestakuntza-aldiak bukatu ondoren egiten diren kontratuak baliozkotzat jotzeko deialdi honen ondorioetarako, baldintza hauek bete beharko dituzte:
– Kontratu-modalitatea: Kontratuak idatziz formalizatu behar dira, lan-arloko legerian aurreikusitako edozein kontratu-modalitatetan oinarrituta, eta, ahal dela, mugagabeak izango dira. Kontratazio-konpromisoa betetzen dela justifikatzeko, ez dira baliozkotzat joko txandakako prestakuntza-kontratuak eta merkataritza-kontratuak.
– Oro har langabeei zuzendutako prestakuntza-ekintzei lotutako kontratuak lanaldi osokoak edo lanaldi partzialekoak izan daitezke, gutxienez lanaldiaren % 50 iraun dezakete, eta kasu bakoitzean iraupen hau izango dute:
Lanaldia osokoa bada, sei hilabeteko iraupena izango du gutxienez.
Lanaldia % 50ekoa bada, gutxienez urtebeteko iraupena izango du etenik gabe.
Lanaldia partziala bada, baina % 50etik gorakoa, gutxienez dagokion zati proportzionala iraungo du.
– Kasu bakoitzean eskatutako gutxieneko lanaldiari buruzko baldintza ez da urratutzat joko, baldin eta langileak lanaldia murrizteko eskubidea baliatzen badu, legezko zaintza dela-eta adingaberen bat zuzenean zaintzeko, Langileen Estatutuaren 37. artikuluan ezarritakoaren arabera.
3.– Kontratazio-konpromisoaren betetze-ondorioetarako, kontrataziotzat hartuko da ikasleak bazkide-langile edo lan-bazkide gisa sartzea kooperatiba-sozietate batean, edo lan-sozietate batean bazkide-langile gisa sartzea. Horretarako, sozietate horretan sartu dela egiaztatzen duten dokumentuak aurkeztu beharko dira.
4.– Laneratzea prestakuntza-ekintza egiteko eskaeran oinarritzat hartutako enpresetan bakarrik egin beharko da. Salbuespenez, enpresa horietako batean sartzea eragozten duten kausak –agiri bidez justifikatuak– daudenean soilik onartu ahal izango da beste enpresa batzuetan laneratzea. Horretarako, kontratua egin baino 15 egun baliodun lehenago gutxienez, entitate kontratatzaile berri bat onartzeko eskaera aurkeztu beharko da LanF aplikazioaren bidez, eta, eskaerarekin batera, kontratazio-konpromisoaren eranskina eta enpresa kontratatzaile berria sinatzen duen pertsonaren ordezkaritza-gaitasuna egiaztatzen duen dokumentua aurkeztu beharko dira. Gainera, beste enpresa bat sartzeko salbuespenezko eskaerarekin batera, justifikazio dokumentalak aurkeztu beharko dira, banakakoak eta pertsonalizatuak, enpresa bakoitzaren legezko ordezkariak sinatuta, konprometitu ziren kontratuak formalizatzea eragozten duten arrazoi zehatzak zehaztuta. Kontratazio horiek Euskal Autonomia Erkidegoan kokatutako lantokietan egingo dira.
5.– Kontratazioa irakatsitako prestakuntza-espezialitatearekin lotutako okupazio eta kategoria batean egin beharko da. Alde horretatik, lanpostu egokitzat hartuko da aurretiazko prestakuntzan eskuratutako ezagutza teoriko-praktikoei lotutako lanak egitea xede duena. Profesionaltasun-ziurtagiriei edo ziurtagiri profesionalei lotutako prestakuntzaren kasuan, bat etorri beharko du ziurtagiri horiek arautzen dituen araudian jasotako lanbideren batekin.
6.– Prestakuntza-ekintza amaitu eta hurrengo 3 hilabeteetan hasi beharko da lan-kontratua, baita, hala dagokionean, lantokiko prestakuntza praktikoa ere, salbu eta Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoko Enplegu eta Prestakuntza zuzendariak salbuespenak behar bezala justifikatu, eskatu eta baimentzen dituen kasuetan. Ondorio horietarako, pertsona baten prestakuntza-ekintza amaitutzat joko da honako kasu hauetan:
– Prestakuntza-ekintza egiaztagarrietan, parte-hartzaile bakoitzak enpresa edo pareko organismo bateko prestakuntza-aldia amaitzen duenean.
– Gainerako prestakuntza-ekintzetan, diruz lagundutako ekintza teoriko-praktikoa amaitzen duenean.
Behin prestakuntza-ekintzaren % 75 amaitu ondoren, onartu ahal izango dira kontratazioak. Kontratazioa ekintza amaitu baino lehen egiten bada, prestakuntza-ekintza amaitzen denean hasiko da kontratazio-konpromisoa betetzeko eskatzen den aldia.
7.– Ez da diruz lagunduko honako hauek kontratatzea: enpresaburuaren edo enpresaren kontrola duenaren ezkontidea, oinordekoak eta gainerako senideak, bigarren mailara arteko odol- edo ezkontza-ahaidetasuna arte, eta sozietate izaera juridikoa duten enpresetako administrazio-organoetakoenak edo zuzendaritzako kideenak; azken horiek kontratatzea ere ez da lagunduko diruz.
7. artikulua.– Dirulaguntzaren zenbatekoa.
Prestakuntza-ekintza bakoitza finantzatzeko zenbatekoa parte-hartzaileko eta prestakuntza-orduko kostuaren arabera finantzatuko da, segidan zehaztutako modulu ekonomikoei jarraikiz.
Modulu ekonomiko bakoitzak hiru ditu: horietako bi zuzeneko kostuei dagozkienak –langileak (A) eta funtzionamendua (B)– eta hirugarrena zeharkako kostuei (C) dagokiena –kostu zuzenei dagozkien moduluen baturari % 10eko ehunekoa aplikatuz kalkulatua–.
a) A modulua: Langileen kostua.
Zuzeneko kostuaren kontzeptuak honako hauen kostuak biltzen ditu: irakasleak, bitartekotza-tutorea eta ikasketa-burutza. A moduluan, unitateko kostuaren balio ekonomikoa hau izango da: 4,99 euro orduko eta ikasleko.
Prestakuntza-ekintzetako parte-hartzaileen kopurua gehienez 20 eta gutxienez 10 bada, deialdiaren 5.7 artikuluan jasotako kasua barnean dela, modulu hau 15 ikasleko kopuru finkoari aplikatuko zaio.
Horrenbestez, moduluaren baremo estandarrak balio finkoa izango du prestakuntza-talde bakoitzeko: 74,85 euro orduko.
b) B modulua: Funtzionamendu-gastuak.
b.1.– Modulu horretan, bi motatako zuzeneko kostuak sartzen dira:
b.1.1.– Mantentze-kostuak. Honako hauek sartzen dira: altzariak berritzea, konponketak, publizitatea, komunikazioak, bilerak eta ikastaroak, enpresekin egin beharreko gestioak, liburuak eta argitalpenak, eta higiezinen eta ekipamenduen alokairuak eta amortizazioak.
b.1.2.– Material didaktiko espezifikoaren kostuak. Prestakuntza-ekintzari dagokion lanbide-arloaren eta kualifikazio-mailaren arabera kalkulatzen dira kostu horiek.
Prestakuntza-ekintza bakoitzaren B moduluari dagokion zenbateko ekonomikoa Euskal Autonomia Erkidegoko Prestakuntza Espezialitateen Katalogoan Espezialitate Programagarri bakoitzerako zehaztutako modulu ekonomikoen arabera aplikatuko da. Katalogo hori eskuragai dago Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren (LanF) prestakuntzako aplikazio informatikoan.
c) C modulua: Zeharkako kostuak.
Modulu hau A eta B moduluen kostuen % 10 da, eta, besteak beste, kontzeptu hauek biltzen ditu: zuzendariaren langileria-gastuak, administrazio-langileen langileria-gastuak, berokuntza, argiztapena, garbitasuna, instalazioen asegurua, su-itzalgailuak, alarmak, kanpoarekiko komunikazioak, batzarrak, hitzaldiak, ikastaroak eta bestelakoak, joan-etorriak eta enpresekiko kudeaketa, fotokopiak (administrazio-arloa), bulegoko materiala eta informatikoa, ura, farmazia-produktuak, aholkularitzak eta gestoriak, telefonoa eta Internet, administrazio-sailerako softwarea, langileentzako mutualitateak, kalitate-sistemak, igogailuen konponketa.
Prestakuntza-ekintza bakoitzerako onartutako guztirako dirulaguntza honela kalkulatuko da:
Prestakuntza-ekintza bakoitzeko dirulaguntza, guztira = A + B + (A+B)ren % 10
Non:
A = A modulua x ordu-kopurua x 15 ikasle
B = B modulua x ordu-kopurua x parte hartzen duten ikasleen kopurua
Azkenean aplikatu beharreko modulu ekonomikoek ezin izango dituzte inola ere gainditu abenduaren 30eko TES/1582/2025 Aginduan aurreikusitakoak, eta, profesionaltasun-ziurtagiriak edo ziurtagiri profesionalak eskuratzera bideratutako prestakuntza-ekintzen kasuan, irailaren 23ko EFP/942/2022 Aginduan aurreikusitakoak.
Ondorioz, aplikatu beharreko azken modulua osatzen duten hiru moduluen batura handiagoa balitz aipatutako araudietan aurreikusitakoak baino –edo, hala badagokio, horien ordez ezartzen diren eta deialdi hau argitaratzen denean indarrean dauden araudietan aurreikusitakoak baino–, azken horiek aplikatuko dira.
8. artikulua.– Eskabideen aurkezpena.
1.– Elektronikoki izapidetuko dira deialdi honen esparruko prestakuntza-ekintzak egiteko dirulaguntza-eskaerak, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoaren prestakuntza-aplikazio informatikoaren bidez (LanF).
Aplikazio horretara sarbiderik ez duten enpresek edo erakundeek Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoaren web-orriaren bidez egin ahal izango dute eskabidea: https://www.lanbide.euskadi.eus/prestakuntza/-/informazioa/erakundeen-erregistroa/
Izapidetze elektronikorako jarraibideak ematen dituen administrazio-prozeduraren informazio-fitxa helbide honetan eskuratu ahal izango da: https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/1060613
Prestakuntza-ekintzak egiteagatik dirulaguntza jasotzeko eskaerarekin batera, honako dokumentu hauek aurkeztu beharko dira:
a) Oro har:
a.1.– Prestakuntza-proiektuaren memoria, LanF aplikazioan eskuragai dagoen ereduan, honako hauek jasoko dituena:
– Enpresaren jarduerari dagokionez, prestakuntza gauzatzeko eta gero parte-hartzaileak enpresan kontratatzeko beharraren txosten arrazoitua, honako hauek jasoko dituena:
– Kontratatu nahi diren pertsonen profila: ezaugarriak eta betekizunak. Ezingo da zehaztu sexua, adina edo kontratatu nahi den lanbiderako egokia ez den edozein betekizun, kontratazio hori programa bereziren baten barruan egin ezean.
– Egin beharreko kontratu mota eta horren iraupena, urteko soldata-ordainsari gordina eurotan adierazita.
– Kontratazioa zer langintzatan eta lanbide-kategoriatan egingo den.
– Lanpostuaren edo lanpostuen kokapena.
– Kontratatutako pertsonek zerbitzuak emango dituzten enpresen zerrenda, IFZ eta EJSN identifikatuta.
– Lanekoak ez diren praktiken planaren deskribapena, egoki izanez gero (edukia, iraupena eta abar).
a.2.– Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoak proiektuaren berezitasunen arabera eskatzen duen bestelako edozein informazio.
b) Enpresek prestakuntza-ekintza ematea kontratatzen badute, kontratazio-proposamena, hiru eskaintza eskatu izana eta azken aukeraketa justifikatuz, hala badagokio, bai eta Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoari aldez aurretik eskatutako baimena ere, 13. artikuluko 11. apartatuan adierazitako kasuetan.
Dokumentazio hori geroago aurkeztu ahal izango da, beti ere prestakuntza-ekintza hasi aurretik.
c) Prestakuntza-entitate batek aurkeztutako eskaeren kasuan, entitate sektorial batek (2.1 artikuluko b.1 kategoria) edo trakzio-enpresa batek (2.1 artikuluko b.2 kategoria) sustatuak, aurreko a.1 apartatuan aipatzen den memoriaz gain, entitate sektorialaren edo trakzio-enpresaren legezko ordezkariak sinatutako erantzukizunpeko adierazpen bat aurkeztu beharko da, horrela prestakuntza-ekintza hori egiteko beharra eta entitatetik egingo diren koordinazio- eta sustapen-jarduketak justifikatzeko. Era berean, kontratatzeko prest dauden enpresen zerrenda eta egiteko prest dauden kontratu guztiak adierazi beharko ditu, aurreko a.1 apartatuko memorian eskatzen den xehetasunarekin.
Era berean, 2.1 artikuluaren b.1 eta b.2 apartatuetan eskatzen diren baldintzak betetzen direla egiaztatzen duten dokumentuak erantsi beharko dira, bai eta sinatzailearen ordezkaritza-ahalordea ere (estatutuak, inskripzioa, eraketa-akta, ahalordeak eta abar).
d) 2.1 artikuluko b.3 kategoriari dagozkion eskaerentzat:
d.1.– kontratazioak egingo dituzten enpresa bakoitzaren kontratazio-konpromisoari buruzko dokumentua (prestakuntza-entitatearen eranskina, LanF aplikazioan eskuragai dagoen ereduaren arabera). Halaber, enpresa kontratatzaileko sinatzailearen ordezkaritza-gaitasuna egiaztatzen duen dokumentua erantsi beharko da.
d.2.– Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoaren bulegoak egindako txostena, 5.1 artikuluak aipatzen duen izapidearen emaitzari buruzkoa, langabetu gisa izena emanda dauden eta kontratatu behar duten lanposturako eta profilerako nahikoa pertsonarik ez dagoela egiaztatzen duena.
2.– Eskaerak ordezkari baten bidez izapidetu ahal izango dira; horretarako, ordezkaritza hori ahalordearen erregistro elektronikoan inskribatu ahalko da, helbide honen bitartez: https://www.euskadi.eus/ordezkariak.
3.– Eskaerak ez baditu betekizun guztiak betetzen, enpresa edo entitate interesdunari jakinaraziko zaio hamar egun balioduneko epea duela, jakinarazpena jaso eta hurrengo egunetik aurrera, izandako hutsune edo akatsa konpontzeko, edo aurkeztu beharreko dokumentuak aurkezteko. Hori egin ezean, eskabidean atzera egin duela ulertuko da, horretarako ebazpena eman eta gero.
4.– Kontratazio-konpromisodun prestakuntza-ekintzetarako dirulaguntza-eskaerak aurkezteko epea EHAA argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera hasiko da zenbatzen, eta 2026ko urriaren 15ean bukatuko da.
9. artikulua.– Prozedura eta ebazpena.
1.– Prozedura kudeatzeko organo eskuduna Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoaren Enplegu eta Prestakuntzaren zuzendaria izango da; eta ebazteko organo eskuduna, berriz, Administrazioaren eta Zerbitzu Orokorren zuzendaria.
2.– Ondoz ondoko esleipen-prozeduraren bidez emango dira prestakuntza-ekintzak egiteko dirulaguntzak.
Eskabideek deialdi honetako eskakizunak betetzen dituztela egiaztatutakoan, ordenan emango dira laguntzak, espedientea osatzen den unearen arabera, jarduketa horietarako 1. artikuluan xedatutako aurrekontu-zuzkidura amaitu arte.
Lanbide Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoaren Administrazioaren eta Zerbitzu Orokorren zuzendariaren ebazpen baten bidez, argitara emango da EHAAn laguntza horiek finantzatzeko baliabide ekonomikoak agortu direla, eta, beraz, ukatu egingo dira ebazteke dauden eskabideak.
3.– Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoaren Administrazioaren eta Zerbitzu Orokorren zuzendariak laguntzak emateko edo ukatzeko ebazpena emango du, eta ebazpena banan-banan jakinaraziko da, bitarteko telematikoen bidez.
Eskabideak ebazteko eta ebazpenak jakinarazteko gehieneko epea hiru hilekoa izango da, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoaren erregistroan eskabidea sartzen denetik aurrera; epe hori igarota, enpresa edo erakunde interesdunari ez bazaio ebazpenik jakinarazi, dirulaguntzaren eskaera ezetsi dela ulertuko da.
4.– Lanbide Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoaren Administrazioaren eta Zerbitzu Orokorren zuzendariaren ebazpenek ez diote amaierarik ematen administrazio-bideari, eta haien aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu dakioke Lanbide Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoaren zuzendari nagusiari, hilabeteko epean, ebazpena jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera.
5.– Publikotasun-printzipioa betetze aldera, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoko Administrazio eta Zerbitzu Orokorren zuzendari nagusiaren ebazpen bidez, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da deialdi honen babesean emandako laguntzen onuradun izan diren erakundeen zerrenda, jasotako zenbatekoak adierazita.
10. artikulua.– Prestakuntza-ekintzetan parte hartuko duten pertsonak hautatzea.
1.– Honako hauek izan daitezke prestakuntza-ekintza bakoitzean parte hartzeko hautagaiak:
a) Langabetzat joko dira, ondorio horietarako, arrazoi ekonomikoak, teknikoak, antolakuntzakoak edo ekoizpenekoak tarteko, edo ezinbesteko kausen ondorioz, enplegu-erregulazioko espedienteen (EEE), aldi baterako enplegu-erregulazioko espedienteen (AEEE), lan-kontratuaren etenduren edo lanaldi-murrizketen eraginpean dauden langileak.
b) Enplegu-eskatzaileak (eta DSBE jasotzen dutenak), baldin eta Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoko Orientazio Zerbitzuek prestakuntza-ekintza egiteko agindu badiete haien prestakuntza-ibilbidearen barruan.
c) Nire Lanbidenet-en bitartez ikastaro batean izena eman duten enplegu-eskatzaileak, haien prestakuntza-kontuko prestakuntza-aholkularitzaren bidez.
d) Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoak deitutako enplegu-eskatzaileak, prestakuntza-aholkularitzako edo ebaluazioko prozesu baten ondoren agindu zaien prestakuntza egiteko, lan-esperientziaren edo prestakuntzako bide ez-formalen bitartez eskuratutako konpetentzia profesionalak ebaluatzeko eta egiaztatzeko prozeduran.
e) Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzua Publikoak deitutako enplegu-eskatzaileak, lan-merkatuan eskaria duen profesionaltasun-ziurtagiri edo ziurtagiri profesional baten egiaztapena osatzeko falta dituzten prestakuntza-moduluez eratutako prestakuntza-ekintza batean esku hartzeko.
f) Lehentasunik izan gabe, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoan izena emanda ez dauden landunak, baldin eta Lanbideren sareko bulegoren batean eskaera aurkeztu badute, edo eskaera erakunde autonomo horren webgunean bete badute, www.lanbide.euskadi.eus helbidean. Prestakuntza-ekintzak, haietan izena emateko epea eta eskatzaileek bete behar dituzten sarbide-baldintzak adieraziko dira webgunean, bai eta prestakuntza-ekintza bakoitzaren xehetasunak eta ezaugarriak ere.
2.– Kontuan hartuko da enpresak eskaerarekin batera aurkeztu beharreko prestakuntza-proiektuaren memorian adierazitako pertsonen profila, bat etor dadin kontratazio-beharrekin.
3.– Prestakuntza-ekintzetan parte hartzeko, indarreko araudian ezarritako eskakizunak bete beharko dira. Ildo horretatik, prestakuntza-ekintza egiaztagarrietan parte hartzeko, 659/2023 Errege Dekretuaren 75. artikuluan eta bosgarren xedapen gehigarrian ezarritako sarbide-eskakizunak bete beharko dira. Era berean, katalogoan espezialitate bakoitzerako ezarritako sarbide-baldintzak bete behar dituzte prestakuntza-espezialitateen euskal katalogoan jasotako prestakuntza-espezialitateren bateko prestakuntza-ekintzetan parte hartu nahi dutenek.
4.– Ikastaroetan parte hartuko duten pertsonen azken hautaketa enpresa edo entitate onuradunak egingo du, aurrez izena eman duten hautagaien artean. Ondorio horietarako, inskribatutako hautagaien datuetara sartu ahal izango da prestakuntza emango duen erakundea, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoaren prestakuntza-kudeaketarako aplikazioaren bidez (LanF), eta prestakuntza-ekintzak hasi aurretik eta dagozkion bermeekin egingo du hautaketa-prozesua.
Behar adina parte-hartzaile aurrez inskribatuta ez egoteak ez du zentroa edo entitatea salbuesten hautagai berriak bilatzeko eta prestakuntza-ekintza gauzatzeko duen erantzukizunetik, eta prestakuntza-ekintza ezin izango da hasi 5.7 artikuluan adierazitako gutxieneko parte-hartzaile kopurua betetzen ez bada.
Hautaproba bat ere egingo dute, hala behar duten prestakuntza-ekintza guztietan. Hori entitate sustatzailearen instalazioetan egingo da, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoko teknikariekin aurrez adostuta edo baimenduta, ekintza probetxuz egiten dela ziurtatzeko eta kualifikazio-ekintzen helburuak lortzeko ezinbestekoa den aurretiazko ezagutza-maila erreala zehazteko. Proba hori LanF aplikazioaren dagokion atalean erantsiko da, prestakuntza-ekintzak gauzatzeari buruz ematen diren jarraibideak betez, eta probaren txantiloia, erantzunena eta ebaluazio-irizpideena igo beharko dira, bai eta proba egiten duten pertsonek egindako hautaprobaren dokumentuak ere.
5.– Hala dagokionean, hautaproba egin eta gero, eta etengabeko prestakuntza sustatze aldera, honela aukeratuko dira profesionaltasun-ziurtagiriei edo ziurtagiri profesionalei lotutako prestakuntza-ekintzetako parte-hartzaileak:
1. Profesionaltasun-ziurtagiria, ziurtagiri profesionala edo C gradu modularizatu oso bat ematen bada, prestakuntza-moduluren bat edo B gradua dutela egiaztatzen duten pertsonek hartu ahal izango dute parte. Ikasleak modulu horien prestakuntzara joango dira, baina ezin izango dira modulu horietan ebaluatu, gaindituta dituztelako eta prestakuntza-ekintza honetarako salbuetsita daudelako.
2. Prestakuntza-modulu edo B gradu solteak programatu badira, egiaztatutako prestakuntza-moduluren bat duten pertsonek izango dute lehentasuna prestakuntza-ekintzan parte hartzeko, beren prestakuntza-ibilbidea osa dezaten. Haien artean, lehentasuna izango dute profesionaltasun-ziurtagiriaren, ziurtagiri profesionalaren edo C graduaren gainerako moduluak gaindituta dituzten pertsonek.
6.– Prestakuntza-ekintzara sartzeko eskakizunak betetzen dituzten eta, aurreko atalean deskribatu bezala, dagokien hautaproba gainditzen dutenen artean, kolektiboen araberako lehentasun batzuk ezarri dira, lehentasun-hurrenkera honetan:
1. Lehenik eta behin, eta lehentasun-maila berean, EEE edo EAEE prozesuek eragindako langileak, lan-merkatuan integratzeko zailtasun bereziak dituzten langabeak, kualifikazio-maila baxua duten pertsonek lehentasuna izanik: 30 urte arteko gazteak; emakumeak, langabeen kolektiboan duten pisuaren pareko proportzioan (langabezian dauden pertsona guztien % 55); luzaroko langabeak; 45 urtetik gorakoak; desgaitasunen bat duten pertsonak; Gizarteratzeko Errenta Aktiboaren onuradunak diren langabeak (GEA), bai eta eta Diru-sarrerak Bermatzeko Errenta (DSBE), terrorismoaren eta genero-indarkeriaren biktimak, eta aparteko langabezia-sorospena (ALS) jasotzen dutenak.
2. Bigarrenik, gainerako langabeak, oro har.
3. Hirugarrenik, pertsona landunak.
7.– Langile landunek, lehentasunezkoak ez direnez, plaza hutsak daudenean bakarrik parte hartu ahal izango dute, ikastaroan parte hartzeko baldintzak betetzen dituen langabe nahikorik ez badago.
8.– Pertsona batek ezin izango ditu bi ikastaro batera egin, ikastaroan sartzeko baldintzak betetzen dituzten pertsonen eskaerak izanez gero.
9.– Hautaketa bukatu ondoren, entitate onuradunek hautaketaren emaitza jakinaraziko diote Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoari LanF kudeaketarako aplikazio informatikoaren bidez, eta aintzat hartuz zer jarraibide ematen dituen berariaz Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoak.
10.– Prestakuntza-entitateak bere instalazioetan erakutsiko ditu hautatuak izan direnen eta erreserba-egoeran gelditzen direnen zerrenda, prestakuntza-ekintzak abiarazi baino 24 ordu lehenago gutxienez eta hautagaiei aldez aurretik adierazi zaien leku batean. Horrekin batera, prestakuntza-ekintzak hasteko lekua, ordua eta eguna adieraziko dute.
Aurrekoari kalterik egin gabe, prestakuntza-zentroek egoki iritzitako bestelako bitartekoak erabili ahal izango dituzte ikasleei ikastaroetan parte hartuko dutela jakinarazteko.
11. artikulua.– Prestakuntza-ekintzetan parte hartuko dutenen eskubideak eta betebeharrak.
1.– Prestakuntza-ekintzak doakoak dira ikasleentzat, eta Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoak eta Europako Gizarte Funtsak (EGF+) diruz lagunduko dituzte.
2.– Ikasleek aseguratuta dute ikastaroetara joateak dakarren arriskua.
Prestakuntza ez-egiaztagarriaren barruan enpresetan egiten diren lanekoak ez diren praktiken kasuan, egonaldiak eta enpresetarako joan-etorriak ere aseguratuta dituzte, Eusko Jaurlaritzak istripuetarako eta erantzukizun zibilerako sinatutako polizaren bidez.
Prestakuntza egiaztagarriaren barruan enpresan edo pareko organismo batean egiten diren prestakuntza-moduluen kasuan, urriaren 30eko 8/2015 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onartutako Gizarte Segurantzaren Lege Orokorraren testu bateginaren 52. xedapen gehigarrian ezarritakoa beteko da.
3.– Parte-hartzaileek, lehen eskola-egunean, ikastaroaren egutegia, prestakuntza-ekintzaren programa eta ikasleen eskubide eta betebeharrei buruzko agiria jasoko dituzte, eta jaso izanaren agiria sinatuko dute.
Halaber, informazio idatzia jasoko dute honako hauek direla eta: geroko kontratazioa, zerbitzuak beteko dituzten enpresak, aurreikusitako kontratuen kopurua eta lan-kontratuen baldintza zehatzak (lantokiaren kokapena, lanbide-kategoria, ordainsaria, lanaldia eta lan-ordutegia, kontratuaren iraupena eta abar).
Prestakuntza-entitate batek eskatutako ekintzak, entitate sektorial batek (2.1 artikuluko b.1 kategoria) edo trakzio-enpresa batek (2.1 artikuluko b.2 kategoria) sustatuak, ikastaroa hasten denean, enpresa kontratatzaile posibleei buruzko informazioa emango zaie, bai eta deialdi honetan eskatzen diren kontratuen ezaugarri orokorrak ere.
4.– Parte-hartzaileek prestakuntza-ekintzetara joan beharko dute, eta prestakuntza ekintzak aprobetxamenduz egin beharko dituzte. Horretarako, enpresa edo erakunde onuradunek eguneroko bertaratze-partea egin beharko dute, eta irakasleak zein parte-hartzaileek sinatu beharko dute. Profesionaltasun-ziurtagirien edo ziurtagiri profesionalen kasuan, eguneroko parte hori bereiz egingo da prestakuntza-modulu bakoitzeko.
Entitateek txartel grafikoko periferiko bat erabili ahal izango dute Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoaren informazio-sistemarako konexioa duen sinadura digitala jasotzeko, STU 430 modeloari edo baliokideari dagokion WACOM gailuarekin bateragarria dena eta haren zehaztapen teknikoak betetzen dituena, ezarritako prozeduraren arabera eta Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoak dagokion instrukzioa argitaratzen duen unetik.
5.– Parte-hartzaileek ezingo dute ikastaro batean baja eman beste prestakuntza-ekintza bat hasteko. Ezin izango dute jarduera utzi harik eta bukatzen den arte, non eta ez duten enplegua aurkitzen eta horrek prestakuntza-ekintzara joatea eta probetxua ateratzea galarazten, edo non eta ez zaien bat-bateko familia-egoera larriren bat sortzen (egoera hori behar bezala justifikatu beharko da). Jarduera justifikaziorik gabeko beste arrazoiren batengatik utziz gero, etorkizuneko deialdietako prestakuntza ekintzetan sartzeko orduan pertsona hori lehentasunezkotzat ez hartzea gerta daiteke.
12. artikulua.– Ikasleak baztertzeko arrazoiak eta prozedura.
1.– Honako hauek izango dira ikasleak baztertzeko arrazoiak:
a) Justifikatu gabeko hiru bertaratze-faltatik gora egitea hilabetean.
b) Prestakuntza-ekintzaren iraupen osoan % 25etik gorako ez-bertaratzea metatzea, dena delako arrazoiengatik, justifikatuta egon zein ez.
c) Prestakuntza-ekintzari probetxurik ez ateratzea, edo ekintza behar bezala egitea eragozten duen jokabide desegokia izatea, osasun- eta higiene-arauak ere kontuan hartuta.
2.– Honako hau izango da ikasleak baztertzeko prozedura:
Prestakuntza-zentroak Lanbide Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoaren prestakuntzako teknikariari jakinaraziko dio baztertzeko arrazoietako bat gertatu dela, horretarako dagoen eredua erabiliz. Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoak arrazoi hori ontzat ematen badu, Enplegu eta Prestakuntzako zuzendariak baztertzeko prozedura hasteko erabakia hartuko du. Erabaki horretan, ikaslea baztertzeko proposamenaren arrazoia azalduko da, eta ikasleak bost egun balioduneko epea izango du alegazioak aurkezteko. Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoaren Enplegu eta Prestakuntzako zuzendariak ebatziko du prozedura, gehienez hamabost eguneko epean.
Egoerak hala eskatzen badu, baztertze-prozedurari ekiteko erabakian behin-behineko neurriak har daitezke prestakuntza-jardueraren jarraipen egokia bermatzeko. Neurri horietako bat pertsona ikastarotik behin-behinekoz baztertzea izan daiteke, erabakia jakinarazten zaionetik prozedura ebazten den arte. Ebazpenean dagokion errekurtso-oina jasoko da.
Aste batean ikasle baten hutsegiteak prestakuntza-ekintzaren ordu-kopuruaren % 25 baino gehiago badira, edo justifikatu gabeko hiru hutsegite baino gehiago egiten baditu hilean, eta ikasleak ekintzara bertaratzen jarraitzen badu, prestakuntza-zentroak horren berri emango dio Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoaren Enplegu eta Prestakuntzako zuzendariari, ikaslea baztertzeko prozedura has dezan. Modulu oso bat geratzen bada egiteko, eta % 25etik gora huts egitea arrazoi justifikatu batengatik gertatu bada (adibidez, gaixotzea edo lanean hastea), pertsona horrek geratzen den modulua egiteko aukera izatea aztertu ahal izango da.
Parte-hartzaileren batek prestakuntza-ekintzara joateari uzten badio eta ordu-kopuruaren % 25etik gora huts egiten badu, zentroak egoera horren berri emango dio Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoari eta ofizioz emango zaio baja, baztertze-prozedura gauzatu beharrik izan gabe.
13. artikulua.– Prestakuntza-ekintzak gauzatzea eta lortutako konpetentziak egiaztatzea.
1.– Dirulaguntzaren erakunde onuradunak prestakuntza-ekintzak gauzatu beharko ditu, deialdi honetan ezarritakoari jarraikiz eta Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoak ematen dituen ereduen arabera. Horretarako zuzenbide pribatuko ente publiko horren prestakuntzarako aplikazio informatikoa (LanF) baliatuko du jakinarazteko prestakuntza-ekintza hasi dela (hasiera-eguna baino 7 egun baliodun lehenago, gutxienez), geroagoko edozein aldaketa gertatu dela (gertatzen den unean) eta prestakuntza-ekintza bakoitzaren amaiera, baita parte-hartzaileen bertaratzearen kontrola ere.
Oro har, eta beti ere aurkako jarraibiderik ematen ez bada, gehienez ere 7 egun balioduneko epearen barruan egin beharko zaizkio komunikazioak Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoari. Prestakuntza-ekintzak ezingo dira hasi, harik eta Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoak LanF aplikazioaren hasierako komunikazioa baimendu arte.
Prestakuntza-ekintza hasi aurretik, enpresek, dirulaguntzaren onuradun direnean, enpresako langileen legezko ordezkari gisa jarduten dutenei jakinaraziko diete gauzatu beharreko kontratazio-konpromisoa dakarren programa onartu dela, bai eta proposatutako kontratazioaren oinarrizko baldintzak eta prestakuntza-ekintzan parte hartzen dutenen zerrenda ere.
2.– Deialdi honetako prestakuntza emango duten prestatzaileek Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoaren baimena beharko dute, eta langile prestatzaileen fitxategian sartu beharko dira, indarrean dagoen araudian ezarritako baldintzen arabera.
Profesionaltasun-ziurtagiriak edo ziurtagiri profesionalak eskuratzera bideratuta ez dauden prestakuntza-ekintzei dagokienez, enpresek berek eman behar badituzte zuzenean, ez da beharrezkoa izango Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoak prestatzaileei baimentzea. Irakasle horiei ez zaie alta emango Lanbideren fitxategian.
3.– Dirulaguntza jasotzen duten pertsonez gain, beste pertsona bi joan ahalko dira prestakuntza-ekintzara, dirulaguntza jasotzeko eskubiderik gabe, hasierako komunikazioan hartarako eskaera egiten duten prestakuntza-entitateetan, betiere instalazioak eta ekipoak badituzte eta ikasle guztientzat bermatzen badira berdintasun-baldintzak. Baimena eman aurretik, instalazioak eta ekipamenduak badaudela egiaztatu beharko da, eta eskatutako parte-hartzaile kopururako akreditazioa lortu beharko da, profesionaltasun-ziurtagiria edo ziurtagiri profesionala eman behar bada.
4.– Langile langabeek ezingo dute prestakuntza-ekintzetan egunean 7,5 ordu baino gehiagoz parte hartu. Nolanahi ere, astean ez dira izango 37,5 ordu baino gehiago. Muga horietan sartuko dira, hala dagokionean, profesionaltasun-ziurtagiri edo gradu bakoitzari edo ziurtagiri horiei ez dagozkien ekintzen praktikei dagokien enpresa edo organismo baliokidean egindako prestakuntza-aldiko orduak.
5.– Prestakuntza-entitateak prestakuntza-ekintzak arrazoizko ordutegietan programatzen saiatu beharko dira, batez ere kolektibo zaurgarrientzat direnak, ikasleek prestakuntza eta bizitza pertsonala uztartzeko aukera eduki dezaten.
Behin prestakuntza-ekintza hasitakoan, erregulartasunez emango da, eta prestakuntza-entitateak ezingo du aldi baterako eten, ezinbesteko kasuan izan ezik, behar bezala justifikatuta eta Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoak onartuta.
Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoak prestakuntza-ekintza bat kautelaz eten ahal izango du, baldin eta prestakuntza emateko ohiko garapenean eragin nabarmena duten irregulartasunak hautematen badira.
6.– Erakunde onuradunek honako hauek emango dizkiete, gutxienez, parte-hartzaile guztiei prestakuntza-ekintzetan:
– Eskuliburu bat, argitaratua edo euskarri informatikoan, espezialitateko eduki guztiak bilduko dituena.
– ikastaroa ondo garatzeko behar den idazmahaiko materiala.
– Beharrezkoak diren babes-elementuak.
– Geroago burutuko den kontratazioari buruzko informazio idatzia, 11.3 artikuluan xedatutakoaren arabera.
Era berean, ikasleei eskubideei eta betebeharrei buruzko informazioa emango diete, bai eta deialdi honen 11. eta 12. artikuluetan araututako kanporatzeko arrazoiak eta prozedurei buruzkoa ere.
Ikasleei dokumentuak eta informazioa eman zaiela egiaztatzeko, hartu-agiria sinaraziko zaie. Entitate onuradunak LanF aplikazio informatikora igo beharko ditu hartu-agiri horiek.
7.– Ikasleren batek prestakuntza-ekintza uzten badu, haren lekuan beste parte-hartzaile bat sartu ahal izango da. Prestakuntza-jardueraren iraupenaren % 25era iritsi baino lehen onartuko da ordeztea, salbu eta profesionaltasun-ziurtagiriei edo ziurtagiri profesionalei loturiko prestakuntza-jardueren kasuan; kasu horretan, ordeztea prestakuntza-jarduera hasi eta lehenengo bost eskola-egunetan ordezten bada eta, betiere, ehuneko hori gainditu ez bada soilik onartuko da.
Hasita dauden prestakuntza ekintzetan sartzen direnek maila nahikoa izan beharko dute, ikasturtea behar bezala aprobetxatzeko gaitasuna izan dezaten, ikastaroaren garapen normala aldatu gabe. Ildo horretan, prestakuntza-ekintzari probetxua ateratzeko eta ekintza normaltasunez garatzeko, parte-hartzaileen hautaketa-prozesuak irizpide batzuk ezarri beharko ditu, ikasleek prestakuntza-ekintza behar bezala jarraitzeko eska daitekeen gutxieneko maila dutela bermatze aldera.
8.– Prestakuntza-ekintzan parte hartzen duten langabeei dagokienez, batez ere langabezia-prestazioa edo -sorospena edo BGDS edo diru-sarrerak bermatzeko errenta jasotzen duten pertsonak badira, prestakuntza emateaz arduratzen diren erakunde onuradunek berehala jakinarazi beharko dizkiote Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoari prestakuntza-ekintzei uko egin dietela, ez dituztela aurkeztu eta bertan behera utzi dituztela, inguruabar horien kausak adierazita.
9.– Egiaztapen-diploma bat eman beharko zaio aldeko ebaluazioarekin prestakuntza gainditu duen parte-hartzaile bakoitzari, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoak ezarritako ereduaren araberakoa, eta bertan honako hauek agertuko dira gutxienez: prestakuntza-ekintzaren izena, prestakuntzaren edukiak, emateko modalitatea, iraupena eta emate-aldia. Halaber, prestakuntza-ekintza aldeko ebaluaziorik gabe amaitu duten parte-hartzaileei ikastaroan parte hartu dutela ziurtatzeko bertaratze-ziurtagiri bat emango zaie. Diploma eta bertaratze-ziurtagiria entregatzeko gehieneko epea bi hilabetekoa izango da, amaitzen dutenetik aurrera.
Entitate onuradunak diploma edo bertaratze-ziurtagiri horren kopia gordeko du, eta LanF-ra igoko du ikaslearen hartu-agiriarekin batera, non eta ziurtagiriok ez diren Metapostaren edo antzeko beste entitate baten bidez kudeatu.
10.– Prestakuntza egiaztagarria denean, ikasleen ebaluazioak plangintza bat jaso beharko du, eta, bertan, aurreikusitako datak, erabili beharreko espazioak eta tresnak eta iraupena adierazi beharko dira (LanF aplikazio informatikoan emandako ereduaren arabera). Ebaluazio-tresna horiek eta parte-hartzaile bakoitzak egindako probak eskaneatuko dira, eta aplikazio informatikoan gordeko dira.
Prestakuntza-moduluetan egiaztatu beharreko ikaskuntzaren emaitzak haien gaitasunetan eta ebaluazio-irizpideetan jasotako ezaguerei eta trebetasun praktikei dagozkienak izango dira; horrela, osotasunean, konpetentzia profesionalak eskuratu direla egiaztatu ahalko dute.
Gaitasun-unitateen egiaztapena lortzeko, beharrezkoa izango da horietako bakoitzari lotutako lanbide-moduluak edo B graduak gainditzea, ebaluazio positiboarekin, gai edo gainditutako terminoetan.
Prestatzaileek txosten batean jasoko dituzte ikasleek prestakuntza-modulu bakoitzaren ebaluazioan lortutako emaitzak. Txosten horretan adieraziko da ikasle bakoitzaren jarduna, aplikatutako ebaluazio-tresnen arabera, egindako zuzenketak eta lortutako puntuazioak jasota (LanF aplikazio informatikoan eskura dagoen ereduaren arabera).
Modulua irakatsi eta gero, ebaluazio-akta bete beharko da, LanF aplikazio informatikoaren bidez, parte-hartzaile bakoitzak lortutako emaitzarekin: «gai», «gai, egiaztaezina» edo «ez gai», lanbide-ziurtagirien kasuan; eta «gainditua» edo «ez gainditua» graduen kasuan.
Lantokiko prestakuntza praktikoko modulua egiten den bitartean, ikasleen jarraipena eta ebaluazioa egingo du enpresak edo organismo parekatuak izendatutako tutoreak.
Profesionaltasun-ziurtagiriei dagozkien prestakuntza-ekintzak ematen dituen entitateak honako datu edo agiri hauek sartu beharko ditu Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoaren LanF aplikazioan:
• Ikastaroa hasi aurreko 7 egun balioduneko epean:
– Ebaluazioaren plangintza, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoak LanF aplikazio informatikoaren bitartez eskuragai ezarritako ereduaren arabera.
– Erabiliko diren ebaluazio-tresnak, eta horiek zuzentzeko eta puntuatzeko euskarriak.
• Ikastaroa amaitu ondorengo 7 egun baliodunetan:
– Ikasleen emaitzak biltzen dituzten dokumentuak LanF aplikazioan, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoak LanF aplikazio informatikoaren bitartez eskuragai ezarritako ereduaren arabera.
– Ebaluazio-aktak betetzea.
11.– Dirulaguntzen prestakuntza-entitate onuradunek zuzenean egingo dituzte prestakuntza-ekintzak, eta ezin izango dute hirugarrenik azpikontratatu horretarako. Ondorio horietarako, onuradunak diruz lagundutako prestakuntza emateko irakasleak kontratatzea ez da azpikontrataziotzat hartuko. Irakasleak kontratatzea pertsona fisikoak kontratatzea baino ez da.
Onuraduna enpresa bat izanez gero, bitarteko propioak baliatuta eman dezake prestakuntza, edo kontrata dezake, helburu horretarako egoki izanez gero. Halaber, behin bakarrik azpikontratatu ahal izango du prestakuntza-ekintza entitate egiaztatu batekin edo Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoak kudeatutako prestakuntza-entitateen erregistroan inskribatuta dagoen batekin, eta ez da azpikontrataziotzat joko irakasleak (pertsona fisikoak) kontratatzea diruz lagundutako prestakuntza emateko.
Kontrataziora joz gero, enpresa onuradunak hiru eskaintza eskatu beharko ditu gutxienez, kontratuen zenbatekoak gainditzen badu Sektore Publikoko Kontratuen azaroaren 8ko 9/2017 Legearen 118. artikuluan kontratu txikientzat ezarritako zenbatekoen muga, ezaugarri bereziak izatearen ondorioz zerbitzu hori ematen duten entitateen kopurua merkatuan nahikoa ez den kasuetan izan ezik. Aurkeztutako eskaintzen arteko aukeraketa eraginkortasun- eta ekonomia-irizpideen arabera egingo da, eta berariaz justifikatuko da memoria batean, aukeratutakoa ez bada eskaintza ekonomiko onena.
Azpikontratazioaren kasuan, enpresa onuradunak aldez aurreko baimena eskatu beharko dio organo emaileari, azaroaren 17ko 38/2003 Legearen 29. artikuluko 3. eta 7.d) apartatuetan aurreikusitako kasuetan. Horretarako, eskaerarekin batera formalizatuko den kontratua aurkeztuko da. Enplegu eta Prestakuntzako zuzendariak 20 eguneko epean ebatziko du baimena, eskaera Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoaren erregistroan sarrera eman den egunetik aurrera. Hala izan ezean, baimena emantzat joko da.
Edonola ere, 11. apartatu honetan aurreikusita ez dagoenerako, Dirulaguntzen azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 29 eta 31.3 artikuluetan edo Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 31. artikuluan xedatutakoa zuzenean aplikatuko da.
14.– Artikulua – Enpresako edo pareko organismo bateko prestakuntza eta lanekoak ez diren lanbide-praktikak.
1.– Prestakuntza ez-egiaztagarria denean, lanekoak ez diren lanbide-praktikek ezingo dute iraun, oro har, 200 ordu baino gehiago, eta prestakuntza-ekintza amaitu osteko 2 hilabeteko gehieneko epean hasi beharko dira.
2.– Prestakuntza egiaztagarrian, enpresako edo pareko organismo bateko prestakuntza uztailaren 18ko 659/2023 Errege Dekretuaren 60.2 artikuluaren arabera garatuko da; hala, zentro batek C Gradu bat osatzen duten B Gradu guztiak eskaintzen dituenean, aurreikusi beharko du, nahitaez, enpresako edo pareko organismo bateko 80 orduko prestakuntza-aldi bat eskaintzea beren prestakuntzaren barruan C Gradu bat lortu nahi dutenei B graduen metaketaz.
Nolanahi ere, enpresako edo pareko organismo bateko egonaldia hasi baino lehen, bermatu beharko da ikasleek dagokion prestakuntza-ikastaroa egin dutela laneko arriskuen prebentzioaren arloko lehen mailako eginkizunak –Prebentzio Zerbitzuen Erregelamendua onartzen duen urtarrilaren 17ko 39/1997 Errege Dekretuaren 35. artikuluan ezartzen direnak– egiteko behar diren konpetentziak lortzeko, hargatik eragotzi gabe uztailaren 18ko 659/2023 Errege Dekretuaren 153.2.d) artikuluan ezarritakoa.
Horretarako, antolatu zirenean lan-arriskuen arloko lanbide-modulu edo prestakuntza-blokerik izan ez zuten profesionaltasun-ziurtagirien kasuan Lanbidek azkeneko lanbide-moduluan 659/2023 Errege Dekretuko V. eranskineko 2. ikaskuntzaren emaitza sartuko du ofizioz, FCOS02–Laneko Arriskuen Prebentziorako Oinarrizko Ikastaroa espezialitatean jasotakoa.
3.– Prestakuntza-erakundeek prestakuntza-modulua enpresa edo organismo baliokidean eta egindako espezialitate egiaztagarriarekin lotutako zereginetan egitea aurreikusi beharko dute ikastaroetan parte hartzen duten ikasleen % 100erako, salbu eta egiaztatzen den prestakuntzaren kasuan araudi erregulatzaileak aurreikusitako salbuespen-kasuren bat duten ikasleentzat.
4.– Inork ezin izango du enpresako edo organismo parekatuko prestakuntza-modulua egin, ez eta prestakuntza-praktika ere, aurretik prestakuntza amaitu eta azken ebaluazioa izan gabe.
5.– Prestakuntza egiaztagarriaren barruan enpresako edo organismo parekatuko prestakuntza-modulua egitean, Gizarte Segurantzaren gaineko eginbideak bete beharko dira, urriaren 30eko 8/2015 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onartutako Gizarte Segurantzaren Lege Orokorraren testu bateginaren berrogeita hamabigarren xedapen gehigarrian ezarritakoak.
6.– Enpresa edo organismo parekatuetako prestakuntza-aldia egiteko, enpresaren eta prestakuntza-entitatearen arteko akordio bat sinatuko da, eta akordio horren berri emango zaio praktikak egingo dituen pertsonari. Akordio horretan, hauek azaldu beharko dira: praktiken edukia, iraupena, praktikak egiteko tokia eta ordutegia, eta praktiken jarraipena eta ebaluazioa egiteko tutoretza-sistema. Praktikaldia hasi baino lehen, enpresako langileen legezko ordezkariei emango zaie akordio horren berri. Baldintza hori bete dela ziurtatzeko, dokumentu bat erantsi beharko zaio hitzarmenari, langileen legezko ordezkariek hari buruzko informazioa jaso dutela adierazten duena, LanF aplikazioan eskuragarri jarriko den eredu ofizialaren bidez. Horrez gain, parte hartzen duten ikasleen zerrenda bat ere erantsi beharko da.
7.– Enpresa edo organismo parekatuetan praktikak eta prestakuntza-aldia Euskal Autonomia Erkidegoko lantokietan egin beharko dira, salbu eta behar bezala justifikatutako arrazoirik bada, Enplegu eta Prestakuntzako zuzendariak baimendu ondoren.
8.– Ikasleek ezin izango dute kontratu-harremanik izan enpresa edo organismo parekatuetako praktikak eta prestakuntza-aldia egingo diren enpresa, instituzio edo entitate publiko edo pribatuarekin, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoak horretarako baimena eman ezean.
9.– Praktiken eguneko lanaldia ezin izango da 7,5 ordutik gorakoa izan.
10.– Ezinbesteko eskakizuna da Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoak enpresa eta organismo parekatuetako praktiken eta prestakuntza-aldiaren akordioa baliozkotzea horietan hasi aurretik. Hori betetzen ez bada, nahitaezko baimena ez duten praktikak baliogabetu ahal izango dira.
15. artikulua.– Prestakuntza-ekintzen jarraipena eta kontrola.
1.– Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoak, prestakuntza ematen duen zentroarekin lankidetzan, prestakuntza-ekintzen jarraipena eta kontrola egingo ditu. Hori eskakizunak eta alderdi formalak betetzen direla egiaztatzeaz eta prestakuntzaren emaitzez harago doan lana da, eta kalitatea bermatzeko balio izango du.
2.– Jarduketa-plan bat ezarriko da deialdian ezarritako baldintzak betetzen diren eta prestakuntza-planak erregulartasunez gauzatzen diren egiaztatzeko eta, beharrezkoa izanez gero, bidezko neurri zuzentzaileak ezartzeko. Jarduketa horiek barnean hartuko dute prestakuntza-jardueraren jarraipena, ematen den tokian eta toki horretatik kanpo, diruz lagundutako prestakuntza-ekintzak egiten diren bitartean edota amaitu ondoren, dokumentuen bidez eta frogagiri fisikoen bidez.
3.– Batasunaren arautegian ezartzen den bezala, eta prestakuntza-entitateak egiaztatzea arautzen duen arautegiarekin bat etorriz, plan horretan in situ egiaztapen-bisitak sartuko dira Europako Gizarte Funtsaren finantzabideen baldintzak betetzen direnez egiaztatzeko eta inskripzioa edo egiaztapena egiterakoan zentroak egiaztatu zituen baldintzak mantentzen diren ikusteko.
16. artikulua.– Prestakuntza-ekintzen ebaluazioa.
Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoak deialdi honen kalitatea ebaluatuko du, kontuan hartuta ikasleek betetako galdetegietatik lortutako batez besteko emaitzak, hala xedatzen baita Estatuko Enplegu Zerbitzu Publikoaren 2009ko apirilaren 27ko Ebazpenean (2009ko ekainaren 11ko BOE), zeinak argitaratzen baititu enplegurako prestakuntza-ekintzen kalitatea ebaluatzeko galdetegiak.
Horretarako, dirulaguntzen onuradunek burutzen duten prestakuntzaren kalitatea ebaluatu eta kontrolatu beharko dute, prestakuntza-planean jasotako prestakuntza-ekintzak kudeatzeko jarduketen artean.
Edonola ere, prestakuntza-ekintza bakoitza amaitu aurretik, parte-hartzaileek kalitateari buruzko galdetegia bete beharko dute; oro har, prestakuntza egiaztagarriko ekintza guztietan, amaierako azterketa egitean emango zaie, baita egiaztagarria ez den baina amaierako azterketa egitea eskatzen duen prestakuntzaren kasuan. Gainerako prestakuntza-ekintzetan, ikastaroaren azken bi egunetan beteko da galdetegia.
Galdetegi horiek telematikoki beteko dituzte ikasleek. Ikastaroa ematen duen entitatearen ardura da kalitateari buruzko galdetegia ekintza amaitu duten ikasleek betetzen dutela ziurtatzea; horretarako, parte-hartzaileen eskura jarriko dituzte beharrezko baliabideak, diruz lagundutako ikastaroa amaitzen duten ikasleek galdetegia bide telematikoz betetzea ahalbidetzeko. Parte-hartzaileen % 67k baino gutxiagok erantzuten badiote galdetegiari, dirulaguntzaren likidazioa 18.1.1.a artikuluan adierazten den bezala egingo da.
17. artikulua.– Dirulaguntzak ordaintzea.
1.– Prestakuntza-ekintzak egiteko emandako dirulaguntza bi ordainketatan ordainduko da, horiek eskatu eta gero, honela:
a) Lehen ordainketa, onartutako dirulaguntza osoaren % 50ekoa, prestakuntza-ekintza hasitakoan, 2026ko kredituaren kargura.
b) Bigarren ordainketa, dirualaguntzaren gainontzekoagatik, 2027ko konpromiso-kredituaren kargura ordainduko dena, prestakuntza-jarduera amaitu eta kontratazio-konpromisoa betetzeko behar diren lan-kontratu guztiak egin ondoren.
Bigarren ordainketa dirulaguntzak 18. artikuluan aurreikusitako moduan justifikatu eta likidatu ondoren egingo da.
2.– Aurreratutako ordainketen zenbatekoa 180.000 euro baino handiagoa bada, dirulaguntzaren erakunde onuradunak Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoan aurkeztu beharko du, dagokion ordainketa egin baino lehen, Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintzan bermearen, abalaren edo fidantzaren eraketaren frogagiria, aurreratutako zenbatekoari dagokiona.
3.– Emandako dirulaguntza erakunde onuradunak horretarako adierazitako banku-kontuan ordainduko da.
Entitateak ez badu Lanbideren ordainketarik jaso edo banku-datuak aldatu nahi baditu, hirugarrenaren datuen fitxa bete beharko du. Helbide honetan egongo da eskuragarri: https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/1060613
18. artikulua.– Dirulaguntzaren justifikazioa eta likidazioa.
1.– Prestakuntza-ekintzei dagokien likidazioa prestakuntza-emaitzen eta egindako lan-kontratuen arabera egingo da, 23. artikuluan araututako ez-betetzeen baldintzen arabera.
Likidazioak ez du inola ere gaindituko hasiera batean onartutako dirulaguntzaren zenbatekoa.
1.1.– Prestakuntza-ekintzen parte-hartzaileen arabera eta benetan egin dituzten eskola-orduak kontuan hartuta egingo dira prestakuntza-jarduera gauzatzeko emandako dirulaguntzaren justifikazioa eta likidazioa, ezarritako modulu ekonomikoei jarraituz.
Likidatu beharreko dirulaguntzaren zenbatekoa kalkulatzeko, ez da aintzat hartuko ezarritako epeen barruan dagokien lantokian edo organismo baliokidean prestakuntza praktikoaren modulua amaitu ez duten ikasleek jasotako prestakuntza.
1.1.a) Likidazioa kalkulatzeko eragiketa hau egingo da:
– A modulua 15 parte-hartzailez biderkatuko da –baldin eta prestakuntza hasi zuten ikasleen kopurua aurreikusitako gutxieneko eta gehieneko mugen barruan badago–, eta emandako prestakuntza-orduez.
– Aurrez aipatutako zenbatekoari gehituko zaio B moduluaren eta prestakuntza-ekintzak dituen ordu-kopuruaren arteko biderketaren emaitza, ekintza amaitu duten pertsonen kasuan, hau da, ekintzaren iraupenaren gutxienez % 75era bertaratu direnen kasuan. Ondorio horietarako, amaitutzat emango zaie lana aurkitu dutelako prestakuntza-ekintza utzi behar izan duten ikasleei, bai eta egiaztatutako gaixotasunagatik edo istripuagatik ikastaroan baja hartu zutenei ere, baldin eta azken bi kasu horietan gutxienez prestakuntza-jardueraren % 25 egin badute. Prestakuntza amaitu ez duten pertsonen kasuan, B modulua prestakuntza-ekintzan parte hartu duten ordu kopuru errealarekin biderkatuko da.
Ekintza bakoitza parte-hartzaile kopuru batentzat onetsi da, eta muga horiek errespetatuz egingo da kalkulua.
Amaitutako (gai diren eta ez diren) parte-hartzaileen inkestak ez badira % 67ra iristen, ez da gehituko amaitutako parte-hartzaileen kopuruaren B moduluaren zenbatekoa, hau da, betetako ehunekoaren eta gutxienez eskatzen den % 67aren arteko aldea.
– Aurreko bi eragiketak eginda ateratzen den azken balioari haren % 10 gehituko zaio, zeharkako gastuengatik.
Ekintzaren iraupenaren % 25 betetzean, hura hasi zuten parte-hartzaileen % 75ek jarraitzen ez badute, prestakuntza-ekintzak likidatzeko, oinarritzat hartuko da ekintzak amaitu dituzten ikasleen kopurutik abiatuta ateratako A + B + C moduluen zenbatekoa. Prestakuntza-ekintza bukatu duten ikasletzat hartuko dira gutxienez ekintzaren % 75era joan direnak; ondorio horietarako, halakotzat joko dira enplegua aurkitu dutelako prestakuntza-ekintza utzi behar izan duten langile langabeak, bai eta behar bezala egiaztatutako gaixotasun edo istripuagatik uzten dutenak ere, baldin eta, azken bi kasu horietan, prestakuntza-jardueraren % 25 gutxienez egin badute. Amaitutako (gai diren eta ez diren) parte-hartzaileen inkestak ez badira % 67ra iristen, ez da gehituko amaitutako parte-hartzaileen kopuruaren B moduluaren zenbatekoa, hau da, betetako ehunekoaren eta gutxienez eskatzen den % 67aren arteko aldea.
1.1.b) Kontratazioa egiteko hiru hilabeteko epea igarota, dirulaguntzaren onuraduna izan den enpresak edo entitateak 15 eguneko epea izango du justifikazio-memoria LanF aplikazioaren bidez bidaltzeko. Aldez aurretik, kontratazio-konpromisoa betetzeko parte-hartzaileei egindako lan-kontratuak erantsi beharko ditu, eta aipatutako aplikazioan eskatutako datuak bete.
Justifikazio-memoriak honako dokumentu hauek jasoko ditu:
– ikasle bakoitzak benetan egindako eskola-orduak eta ezarritako modulu ekonomikoen eta artikulu honetan aurreikusitako irizpideen arabera dagokien zenbatekoa jasotzen dituen laburpen-koadroa.
– Diruz lagundutako jarduera osorik edo partez finantzatu duten beste diru-sarrera edo dirulaguntza batzuei buruzko adierazpena, zenbatekoa eta jatorria adierazita, edo bestela, halakorik ez dagoela dioen adierazpena. Kontuan hartu behar da 22.1 artikuluan xedatutakoaren arabera deialdi honen babesean eta prestakuntza-ekintzak egiteagatik emandako dirulaguntza bateraezina dela beste edozein laguntza edo dirulaguntzarekin.
–. Ikasleei eta entitate onuradunetako eta haien plantillako pertsona titularrei buruzko informazioa, sexuaren arabera bereizia.
2.– Aurreko apartatuetan ezarritako epeak igaro eta bertan jasotako dokumentuak aurkeztu ez badira, organo eskudunak 15 eguneko epe luzaezina emango dio onuradunari dokumentu horiek aurkez ditzan. Azken epe horretan justifikaziorik aurkeztu ezean, itzulketa-prozedura hasiko da.
19. artikulua.– Erakunde eta enpresa onuradunen betebeharrak. Jarraipena eta kontrola.
1.– Onuradunen betebeharrak dira, deialdi honen artikuluetan aurreikusitakoez gain, Dirulaguntzen Araubidea Arautzen duen abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 14., 27. eta 42. artikuluetan orokorrean ezarritakoak, bai eta enplegurako lanbide-heziketaren sistema arautzen duen araudian aurreikusitako betebeharrak ere.
2.– Zehazki, laguntzen onuradunek Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoak, Ogasun eta Finantza Sailaren Kontrol Ekonomikoko Bulegoak, Ekonomia, Lan eta Enplegu Sailak eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiak egindako egiaztatze- eta kontrol-jarduerak bete beharko dituzte. Prestakuntza-entitateek erraztasunak emango dituzte lokaletara eta instalazioetara sartzeko eta prestakuntza-ekintzetako parte-hartzaileekin eta elkarrizketatu beharrekotzat jotzen diren gainerako pertsonekin harremanetan jartzeko.
EGFrekin batera finantzatutako prestakuntza-ekintzek Europar Batasuneko araudiaren ondorioz Lan eta Gizarte Ekonomiako Ministerioak, Europako Batzordeak eta Europako Kontuen Auzitegiak egiten dituzten egiaztapen- eta kontrol-jarduketak onartu beharko dituzte.
3.– Onuradunak, kontrol-jarduera horiek onartzeko betebehar orokorraren barruan, honako hau bete beharko du:
– Finantzatutako ekimenaren egikaritzeari edo bideragarritasunari buruzko edozein informazio ematea eta eskatzen zaion jarraipen-dokumentazioa bete eta bidaltzea.
– Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoari jakinaraztea beste erakunde batzuei dirulaguntzak edo laguntzak eskatu dizkiela edo lortu dituela, deialdi honetan diruz lagundutako ekintza guztiei edo batzuei eragiten badiete.
– Diruz lagundutako jardueraren xedea edo nondik norakoa nabarmen aldatzen duen edozein gertaera jakinaraztea, bai eta dirulaguntza emateko orduan kontuan hartutako edozein inguruabarren aldaketa ere.
4.– Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoak, ekintzaren jarraipena egiteaz gain, auditorien eta ikuskaritzen plan bat ezarri ahalko du aztertzeko ea betetzen diren deialdian ezarritako baldintzak egiaztatzeko eta diruz lagundutako ekintzak benetan zer baldintzatan gauzatzen diren. Horretarako, erakunde onuradunek honako betebehar hauek izango dituzte:
a) Bereizitako kontabilitate bat erabiliz edo kontabilitateko kodeketa egoki eta bereizia erabiliz erregistratzea dirulaguntza honen eraginpeko mugimendu guztiak. Europako Gizarte Funtsak finantzaketan parte hartu duela adierazi beharko da. Horrez gain, bermatu beharko da kontabilitate-egozketa kontabilitate orokorraren arloan eta merkataritzako legeriaren arloan indarrean dauden araudiekin bat datorrela.
b) Ekintza gauzatu dela, gastuak egon direla eta ordainketak benetan egiten direla egiaztatzeko dokumentazio moduan balio dezaketen jatorrizko agiri kualitatibo eta kuantitatiboak gordeko dituzte, bost urtez, kudeaketa-agintaritzak onuradunari azken ordainketa egiten dion urteko abenduaren 31tik aurrera, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2021eko ekainaren 24ko (EB) 2021/1060 Erregelamenduaren 82.1 artikuluaren arabera.
Agiri horiek jatorrizkoetan edo jatorrizkoen kopia konpultsatuetan gordeko dira, edo oro har onartutako datu-euskarrietan, bereziki jatorrizko dokumentuen bertsio elektronikoak edo bertsio elektronikoan soilik dauden agiriak.
5.– Entitate onuradunaren ordezkariak edo ahaldunak datu pertsonalei dagokien konpromisoa sinatu beharko du derrigorrez, datu horien tratamenduaren arduradun den aldetik, arlo hori arautzen duen indarreko legerian ezarritako baldintzen arabera.
6.– Prestakuntza entitateak edo, hala badagokio, enpresak, gela bat jarri beharko du parte-hartzaileen esku, diruz lagundutako ikastaroa amaitzen duten parte-hartzaileak adina ordenagailu dituena, 16. artikuluan adierazitako inkesta telematikoa bete ahal izateko. Halaber, entitatea edo enpresa bera izango da inkesta hori betetzen dela bermatzeaz arduratu beharko dena.
20. artikulua.– Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoaren eta EGF+ 21-27ren finantzaketagatik eratorritako komunikazio-betebeharrak.
Diruz lagundutako jarduera guztietan eta horien ondorio diren ekintzetan, entitateek berariaz eman beharko dute Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikotik jasotzen duten finantzaketaren berri, eta Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoaren komunikazio-eskuliburuan ezarritako baldintzak bete beharko dituzte horretarako. LanF prestakuntza-aplikazioaren bidez jarriko da eskura eskuliburu hori.
Halaber, dirulaguntza jasotzen duten entitate onuradunen zerrenda argitara emango da Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2021eko ekainaren 24ko (EB) 2021/1060 Erregelamenduaren 49. artikuluan adierazten den webgunean.
Onuradunek eta finantza-tresnak gauzatzen dituzten erakundeek funtsek eragiketari emandako laguntza aintzatetsiko dute, eta horretarako:
a) Prestakuntza-entitatearen edo enpresa onuradunaren webgune ofizialean, webgune hori dagoenean, eta hedabide sozialetako kontuetan eragiketaren deskribapen labur bat egingo dute, laguntzaren mailaren, helburuen eta emaitzen araberakoa, eta Batasunaren finantza-laguntza nabarmenduko dute.
b) Adierazpen bat egingo dute Batasunaren laguntza nabarmentzeko, eta ageriko tokian jarriko dute eragiketa gauzatzearekin zerikusia duten komunikazioaren arloko agiri eta materialetan, jendeari edo partikularrei zuzendutakoetan.
c) Jendeak ongi ikusteko moduko toki batean, A3 neurriko kartel bat gutxienez edo pantaila elektroniko baliokide bat jarriko dute, eragiketari buruzko informazioa jasota, eta Funtsen laguntza nabarmenduko dute bertan; onuraduna pertsona fisikoa bada, onuradun horrek, ahal den neurrian, funtsen laguntza nabarmentzeko informazio egokia izango duela bermatuko du, publikoak ikusteko moduko leku batean edo pantaila elektroniko baten bidez.
21. artikulua.– Dirulaguntza aldatzea.
Dirulaguntza emateko kontuan hartutako baldintzetan ezer aldatuz gero, gerta liteke emandako dirulaguntza ere aldatzea; nolanahi ere, eutsi egingo zaie deialdi honetan dirulaguntzen onuradun izateko ezarritako gutxieneko eskakizunei eta Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 25. artikuluan jasotakoei.
Baldintzen aldaketa horren ondorioz dirulaguntza osoa edo zati bat itzuli behar bada, itzultzeko prozedura hasiko da, Dirulaguntzen araubidea erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 40. artikuluarekin bat etorriz.
22. artikulua.– Beste dirulaguntza edo laguntza batzuekiko bateragarritasuna.
Deialdi honetan prestakuntza-ekintzak egiteko ematen diren dirulaguntzak bateraezinak dira administrazio honek edo beste administrazio edo entitate publiko edo pribatu batzuek kontzeptu eta xede beragatik emandako beste edozein motatako dirulaguntza edo laguntza guztiekin.
23. artikulua.– Dirulaguntzak itzultzea.
1.– Dirulaguntza ordaintzerik ezingo da exijitu, eta, hala badagokio, dirulaguntzen arloan jasotako kopuruak osorik edo partzialki itzuliko dira, eta aplikatzekoak diren atzerapen-interesak ere bai, dirulaguntza ordaintzen den unetik dirulaguntza itzuli egin behar dela erabakitzen den datara arte, edo zordunak itzulketa egin duen datara arte, data hori erabakia baino lehenagokoa bada, baldin eta laguntzen entitate onuradunek Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 14. eta 42. artikuluetan oro har aurreikusitako betebeharrak eta deialdi honetan espezifikoki aurreikusitako baldintzak urratu badituzte, edo 20/2023 Legearen 36. artikuluan aurreikusitako itzulketa-kausa batean badaude. Bereziki, kasu hauetan:
a) Jarduera egin dela eta dirulaguntza emateko edo baliatzeko baldintzak eta betekizunak betetzen direla justifikatzeko betebeharra ez betetzea.
b) Eskatzen diren baldintzak bete gabe jasotzea dirulaguntza.
c) Jarraipen- eta kontrol-lanei uko egitea edo oztopoak jartzea.
d) Diruz lagundutako ekintzak gauzatzeko baldintzei buruz errealitatearekin bat ez datozen datuak ematea.
e) Deialdi honen 20. artikuluan jasotako komunikazio- eta hedapen-betebeharrak ez betetzea.
f) Deialdi honetan zehaztutako beste betebehar, baldintza edo betekizunak ez betetzea.
2.– Egon daitezkeen ez-betetzeen maila prestakuntza-ekintzak egiteko dirulaguntzei buruzko irizpide hauen arabera zehaztuko da:
a) Erabateko ez-betetzea gertatu bada: dirulaguntza emateko xedearen edo hori justifikatzeko betebeharraren erabateko ez-betetzeak, emandako dirulaguntzaren % 100 itzuli behar izatea ekarriko du.
Era berean, erabateko ez-betetzetzat hartuko da, eta dirulaguntza itzuli beharko da, baldin eta:
– ez bada kontratatzen prestakuntza amaitzen eta gainditzen duten ikasleen % 30 (gai).
– prestakuntza hasi zuten ikasleen % 50ek prestakuntza amaitzen ez badute; ondorio horietarako, prestakuntza hori amaitu dutela ulertzen da, baldin eta enplegua aurkitzeagatik prestakuntza-jarduera utzi behar izan behar badute, bai eta ikastaroan gaixotasunagatik edo istripuagatik baja hartu behar izan badute ere.
b) Ez-betetze partziala: dirulaguntzaren xedea edo hori justifikatzeko betebeharra partzialki betetzen ez bada, emandako dirulaguntza aldatu edo partzialki itzuliko da.
Ez-betetze partzialtzat hartuko dira honako kasu hauek:
(Ikusi .PDF Fitxategia)
Kontratazioari uko egiteak, ez-betetzea justifikatzeko, kontuan hartuko dira baldin eta kontratazioa amaitutako ikasleen % 30etik beherakoa bada eta prestakuntza-ekintza egiteko gai bada, eta baldin eta kontratatzeko pertsona gehiago ez badago. Kasu horretan, likidazioaren zenbatekoa dirulaguntzaren % 50 izango litzateke.
3.– Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoko Administrazio eta Enplegurako Zerbitzu Orokorren zuzendari nagusiak abiaraziko du itzulketa-prozedura, eta idazkia bidaliko dio entitate onuradunari, ez-betetzea eragin duen gertaera edo gertaerak jakinarazteko, eta adieraziko dio hamabost eguneko epea duela egoki ikusten dituen alegazioak edo egiaztagiriak aurkezteko.
4.– Alegazioak aurkeztu ondoren edo alegazio horiek egiteko epea igaro ondoren, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoko Administrazio eta Zerbitzu Orokorren zuzendariak ebazpena emango du.
Laguntzak itzultzeko prozedura gehienez hamabi hilabeteko epean ebatzi beharko da.
5.– Ebazpenean ez-betetzeren bat izan dela iritziz gero, galdutzat emango da dirulaguntza jasotzeko eskubidea, eta, hala badagokio, bidezko diru-zenbatekoak Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuari itzuli beharko zaizkio, ebazpena jakinarazten denetik bi hilabete igaro baino lehen. Epe hori borondatezko alditzat joko da.
Borondatezko epe horretan dirulaguntza itzultzen ez bada, dirulaguntza premiamendu-bidetik eskuratzeko izapideak hasiko dira, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Diru-bilketa Erregelamenduan ezarritakoaren arabera, zorraren konpentsazioa aplikatu behar denean izan ezik.
24. artikulua.– Datu-babesari buruzko informazioa.
Datu pertsonalen babesaren arloan, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoak bi xedapen hauen arabera jokatuko du: Datuak Babesteko (EB) 2016/679 Erregelamendua eta Datu Pertsonalak Babesteko eta Eskubide Digitalak Bermatzeko 3/2018 Lege Organikoa. Biltzen diren datu pertsonalak «Enplegurako eta enpleguko prestakuntzarako dirulaguntzak» izeneko tratamendu-jardueraren barruan egongo dira. Jarduera horren arduraduna Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoa da, eta jardueraren helburua da Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoaren eskumenekoak diren enplegu-politika aktiboekin zerikusia duten dirulaguntzak kudeatu eta kontrolatzea, bai eta iruzurrari jazartzea eta datuak estatistiketan erabiltzea ere. Eskuratzen diren datuak beharrezkoak dira Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoari emandako botere publikoak gauzatzeko eta lege-betebeharrak betetzeko, eta arlo horretan eskumena duten administrazio publikoei komunikatu ahal izango zaizkie.
Datuen titularrek datuak irispidean izateko, zuzentzeko eta ezerezteko eta informazioaren tratamendua mugatzeko eta tratamenduaren aurka egiteko eskubideak erabili ahal izango dituzte tratamenduaren arduradunaren aurrean, datuen babesaren arloko eskubideak baliatzeko prozeduraren bidez, zeina www.euskadi.eus/zerbitzuak/10842/ helbidean baitago argitaratuta.
Datuen babesari buruzko informazio osagarri eta zehatza kontsultatzeko: https://www.euskadi.eus/informazio-klausulak/web01-sedepd/eu/gardentasuna/074300-capa2-eu.shtml
25. artikulua.– Aplikatu beharreko araudia.
1.– Laguntza-programa honi Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legean eta Dirulaguntzen azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorrean eta hura garatzen duen Erregelamenduan –uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren bidez onartua– bildutakoa aplikatu behar zaio.
Abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 17. artikuluan ezarritako erregelamenduzko xedapena ematen ez den bitartean, bermeen araubideari dekretu hau aplikatuko zaio, lege horren kontra ez doan guztian: 698/1991 Dekretua, abenduaren 17koa, Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorraren kontura emandako dirulaguntzen bermeen eta itzulketaren araubide orokorra arautzen duena eta kudeaketan parte hartzen duten erakunde laguntzaileen betekizunak, araubidea eta betebeharrak ezartzen dituena.
2.– Laguntzak EGF+-ek kofinantzatuta egonda, onuradunak erregelamendu komunitario hauetan xedatutakoa bete beharko du:
– (EB) 2021/1060 Erregelamendua, Europako Parlamentuarena eta Kontseiluarena, 2021eko ekainaren 24koa, zeinaren bitartez ezartzen baitira Eskualde Garapeneko Europako Funtsari, Europako Plus Gizarte Funtsari, Kohesio Funtsari, Bidezko Trantsizio Funtsari eta Itsasoko, Arrantzako eta Akuikulturako Europako Funtsari buruzko xedapen komunak, bai eta funts horietarako finantza-arauak eta Asilo, Migrazio eta Gizarteratzeko Funtserako, Barne Segurtasuneko Funtserako eta Mugak eta Bisen Politika Kudeatzeko Laguntza Finantzariorako Tresnarako finantza-arauak ere.
– 2021/1057 (EB) Erregelamendua, Europako Parlamentuarena eta Kontseiluarena, 2021eko ekainaren 24koa, Europako Plus Gizarte Funtsa (EGF+) ezartzen duena eta 1296/2013 Erregelamendua (EB) indargabetzen duena.
3.– Prestakuntzaren arloan, deialdi honetan aurreikusi ez den horretan, aplikagarri izango dira 30/2015 Legea, irailaren 9koa, Lan-arloko enplegurako lanbide-heziketaren sistema arautzen duena; 694/2017 Errege Dekretua, uztailaren 3koa, zeinaren bitartez garatzen baita 30/2015 Legea, irailaren 9koa; eta TMS/368/2019 Agindua, martxoaren 28koa, zeinaren bidez garatzen baita 694/2017 Errege Dekretua, uztailaren 3koa, Lanbide Heziketa Antolatu eta Integratzeko martxoaren 31ko 3/2022 Lege Organikoaren aurka ez doan horretan.
Prestakuntza egiaztagarriari dagokionez:
– EFP/942/2022 Agindua, irailaren 23koa, Lanbide Kualifikazioen Katalogo Nazionalari lotutako lan-esparruko lanbide-heziketako sistemaren prestakuntza-eskaintza, administrazio eskudunek egindakoa, arautzen duena, eta haren oinarri arautzaileak eta finantzaketa-baldintzak ezartzen dituena.
– 3/2022 Legea, martxoaren 31koa, Lanbide Heziketa Antolatu eta Integratzekoa.
– 659/2023 Errege Dekretua, uztailaren 18koa, 3/2022 Legeak arautzen duen Lanbide Heziketako Sistemaren antolamendua garatzen duena.
– 658/2024 Errege Dekretua, uztailaren 9koa, errege-dekretu hauek aldatzen dituena: 132/2010 Errege Dekretua, otsailaren 12koa, Haur Hezkuntzako bigarren zikloko, Lehen Hezkuntzako eta Bigarren Hezkuntzako irakaskuntzak ematen dituzten ikastetxeen gutxieneko baldintzak ezartzen dituena, eta 659/2023 Errege Dekretua, uztailaren 18koa, Lanbide Heziketako Sistemaren antolamendua garatzen duena:
26. artikulua.– Deialdi honetako ehunekoen kalkulua.
Deialdi honetako ehunekoren batean zenbaki dezimalik egonez gero, zati osoa baino ez da hartuko kontuan, dezimalak alde batera utzita.
RSS