Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

104. zk., 2026ko ekainaren 4a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

LANBIDE-EUSKAL ENPLEGU ZERBITZU PUBLIKOA
2399

EBAZPENA, 2026ko maiatzaren 27koa, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoaren zuzendari nagusiarena, zeinaren bidez baliabide ekonomikoak esleitzen baitira, 2026ko ekitaldirako, Euskal Autonomia Erkidegoko lan-merkatu arruntean desgaitasuna duten pertsonen enplegua sustatzeko laguntzak finantzatzeko.

Urriaren 17ko 152/2023 Dekretuaren bidez arautzen dira Euskal Autonomia Erkidegoan desgaitasunen bat duten pertsonen enplegagarritasunarekin loturiko programak eta zerbitzuak eta Enplegu Zentro Berezien Euskal Erregistroa (2023ko urriaren 27ko EHAA, 206. zk.). Izan ere, dekretu horren II. kapituluaren 1. atalean daude araututa, hain zuzen ere, desgaitasuna duten pertsonen enplegua lan-merkatu arruntean sustatzeko laguntzak.

Dekretu hori xedapen orokorra da, eta indarraldi mugagabea du, baina, onartu zenez geroztik, zati batean aldatuta dago, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoaren estatutuak onartzeko Dekretuko azken xedapenetako bigarrenaren bidez (93/2025 Dekretua, apirilaren 29koa), haren erregulazioa Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko Legera egokitzearren (20/2023 Legea, abenduaren 21ekoa).

7. artikuluak, idazkera berrian, berariaz ezartzen du urtero ezarriko dela laguntza horiek finantzatzeko baliabide ekonomikoen zenbatekoa, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoaren estatutuek zehazten duten organoaren erabakiaren bidez. Era berean, 73.1 artikuluan ezarritakoaren arabera, laguntza horiek kudeatzea lan-inklusioaren arloan eskumena duen zuzendaritzari dagokio, eta ebazpena emateko eskumena duen organoa zuzenbide pribatuko ente publiko honen estatutuetan zehaztutakoa izango da.

Laguntza horiek Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoaren 2026-2029 aldirako Dirulaguntzen Plan Estrategikoan aurreikusita daude. Plan hori Jaurlaritzako bigarren lehendakariorde eta Ekonomia, Lan eta Enpleguko sailburuaren 2026ko urtarrilaren 14ko Aginduaren bidez onartu zen. Dirulaguntza horiek Planean jasotako 4.4 helburu estrategiko hau lortzen laguntzen dute: «Dibertsitate funtzionala duten pertsonentzako enplegurako aukera-berdintasuna eta merkatu arruntean benetako laneratzea lortzeko tresnak indartzea». Horren bidez, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 6.1 eta 7.1 artikuluetan xedatutakoa betetzen da. Plan hori Lanbideren webgunean argitaratuta dago, «Laguntzak eta dirulaguntzak» atalean.

Euskal Autonomia Erkidegoko 2026. urteko Aurrekontu Orokorrak onartzen dituen abenduaren 23ko 7/2025 Legeak jasotzen du lan-merkatu arruntean desgaitasuna duten pertsonen enplegua sustatzeko laguntzak finantzatzera bideratutako kreditua. Beraz, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 9.6 artikuluan xedatutakoa betez, laguntza horien deialdia egin behar da, eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu, 20/2023 Legearen 7.2a) eta 8.3 artikuluetan xedatutakoarekin bat etorriz.

Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoaren estatutuen 14.2 g) artikuluaren arabera, entearen zuzendari nagusia da programa honetako dirulaguntzen deialdia onartzeko organo eskuduna.

Hori guztia dela-eta, hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Baliabide ekonomikoak esleitzea, 2026ko ekitaldirako, Euskal Autonomia Erkidegoko lan-merkatu arruntean desgaitasuna duten pertsonen enplegua sustatzeko laguntzak finantzatzeko. Ebazpen honen eranskinean jasota daude laguntzok.

Ebazpen honek berekin dakar gastua baimentzea, deialdi honen 1. artikuluan xedatutako zenbatekoaren eta aurrekontu-banaketaren arabera.

Bigarrena.– Ebazpen honen aurka, berraztertzeko errekurtsoa aurkez dezakete interesdunek organo beraren aurrean, hilabeteko epean, ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez dezakete zuzenean, Vitoria-Gasteizko Administrazioarekiko Auzien Epaitegian, bi hilabeteko epean, ebazpena aldizkari horretan argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

Hirugarrena.– Ebazpen honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2026ko maiatzaren 27a.

Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoaren zuzendari nagusia,

FRANCISCO PEDRAZA MORENO.

ERANSKINA
BALIABIDE EKONOMIKOAK ESLEITZEA, 2026KO EKITALDIRAKO, EUSKAL AUTONOMIA ERKIDEGOKO LAN-MERKATU ARRUNTEAN DESGAITASUNA DUTEN PERTSONEN ENPLEGUA SUSTATZEKO LAGUNTZAK FINANTZATZEKO

Lehenengoa.– Baliabide ekonomikoak.

1.– Guztira 750.000 euro bideratuko dira desgaitasuna duten pertsonen enplegua lan-merkatu arruntean sustatzeko laguntzak finantzatzera, 2026ko ekitaldian. Euskal Autonomia Erkidegoan desgaitasunen bat duten pertsonen enplegagarritasunarekin loturiko programak eta zerbitzuak eta Enplegu Zentro Berezien Euskal Erregistroa arautzeko urriaren 17ko 152/2023 Dekretuaren II. kapituluko 1. atalean daude araututa laguntzok.

2.– Laguntza hauek Europako Gizarte Funtsaren kofinantzaketa izan dezakete, Euskal Autonomia Erkidegoko EGF Plus 2021-2027 Programaren esparruan.

Bigarrena.– Eskabideak aurkeztea.

Dirulaguntzak eskuratzeko eskabideak elektronikoki aurkeztu beharko dira Euskal Autonomia Erkidegoaren egoitza elektronikoan (https://www.euskadi.eus), eta, bertara heltzeko, esteka bat egongo da erabilgarri Lanbideren webgunean.

Izapidetze-jarraibideak, erantzukizunpeko adierazpenak eta ereduak Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan egongo dira eskuragarri, helbide honetan: https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/1037018 Eskabide-eredua, berriz, helbide honetan eskuratu ahal izango da: https://www.lanbide.euskadi.eus/hasiera/.

Ordezkari baten bidez ere egin daitezke izapideak elektronikoki, eta, horretarako, ordezkaritza Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren ahalordeen erregistro elektronikoan inskribatuko da, helbide honetan: https://www.euskadi.eus/ordezkariak

Eskaera aurkeztu ondorengo izapideak, jakinarazpenak barne, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoko «Nire karpeta» atalaren bidez egingo dira: https://www.euskadi.eus/nirekarpeta

Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio publikoaren egoitza elektronikoan identifikaziorako eta sinadura elektronikorako onartzen diren bitartekoak helbide honetan daude eskuragarri: https://www.euskadi.eus/ziurtagiri-elektronikoak

Hirugarrena.– Dirulaguntzak jasotzeko eta emateko baldintzak.

1.– Aipatutako laguntzak jasotzeko eta emateko baldintzak urriaren 17ko 152/2023 Dekretuan eta ebazpen honen apartatuetan xedatutakoak dira.

2.– Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 9.4 p) artikuluan xedatutakoa aplikatuta, entitate onuradunak enpresa ez deslokalizatzeko konpromisoa adierazi beharko du, 20/2023 Legearen 49. artikuluaren arabera.

3.– Gainera, laguntzen entitate onuradun izateko, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 13. artikuluan jasotako debekuak aplikatuko dira. Horren ondorioz, ezingo dira onuradun izan egoera hauetako batean badaude:

a) Delitu hauetakoren bat egiteagatik kondenatua izana: prebarikazioa, funtzionario-eroskeria, ondasun publikoak bidegabe erabiltzea, eragimen-trafikoa, iruzurrak eta legearen aurkako ordainarazpenak edo hirigintza-delituak.

b) Epai edo administrazio-ebazpen irmo batek kondenatuta edo zehatuta dirulaguntza edo laguntza publikoak lortzeko aukera galdu izana, edo, hala izan bada, igaro gabe edukitzea kondena- edo zehapen-epea.

c) Konkurtso-deklarazio boluntarioa eskatu izana, edozein prozeduratan kaudimengabetzat jotzea, hartzekodunen konkurtsoan deklaratuta egotea (eraginkortasuna hitzarmen bidez bereganatu badu salbu), esku-hartze judizialaren menpe egotea, edo desgaituta egotea Konkurtsoari buruzko uztailaren 9ko 22/2003 Legearen arabera, edo hala egon izana, konkurtsoa kalifikatzeko epaian finkatutako desgaitze-aldia amaitu gabe egonik.

d) Administrazioarekin egindako edozein kontraturen amaiera irmoa eragin izana, eta suntsiarazpenaren arrazoiaren errudun deklaratu izana.

e) Merkataritza-sozietateen administratzaileak edo beste pertsona juridiko batzuen legezko ordezkariak badira, Administrazio Publikoen Zerbitzuko Langileen Bateraezintasunei buruzko abenduaren 26ko 53/1984 Legean edo Kargu publikodunen jokabide-kodea eta haien interes-gatazkak arautzen dituen ekainaren 26ko 1/2014 Legean aurreikusitako bateraezintasunen araubideko egoeraren batean egotea edo Hauteskunde Araubide Orokorrari buruzko ekainaren 19ko 5/1985 Lege Organikoan araututako hautapen bidezko karguren bat betetzea, arau horretan edo gai horiek arautzen dituen araudi autonomikoan ezarritakoaren arabera.

f) Zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean ez izatea, Ekonomia eta Ogasuneko sailburuaren 2023ko otsailaren 13ko Aginduan (2023ko otsailaren 17ko EHAA) xedatutakoaren arabera.

Organo kudeatzaileak automatikoki egiaztatuko du zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak betetzen direla, dirulaguntza eman eta hura ordaindu baino lehen. Hala ere, eskatzaileak espresuki egin diezaioke aurka egiaztatze-lan horri, eta, halakorik egiten badu, ziurtagiri eguneratuak aurkeztu beharko ditu eskakizun hori betetzen duela frogatzeko.

g) Egoitza fiskala erregelamenduz paradisu fiskaltzat hartutako lurralde edo herrialde batean izatea.

h) Dirulaguntzei dagokienez, ordaindu gabe izatea itzulketa-betebeharrak, Ekonomia eta Ogasuneko sailburuaren 2023ko otsailaren 13ko Aginduaren 4. artikuluan aurreikusitakoaren arabera (2023ko otsailaren 17ko EHAA). Egoera horretan gertatzen den edozein aldaketaren berri eman beharko dute, emandako dirulaguntza guztiz justifikatu arte.

i) Zehapen administratibo edo penalak izatea sexuagatiko diskriminazioagatik edo emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloko araudia ez betetzeagatik –zehazki, Emakumeen eta gizonen berdintasuna lortzeko eta emakumeen kontrako indarkeria matxistarik gabe bizitzeko Legearen testu bategina onartzen duen martxoaren 16ko 1/2023 Legegintzako Dekretua edo Emakumeen eta Gizonen Berdintasun Eragingarrirako martxoaren 22ko 3/2007 Lege Organikoa–, eta zehapen-epea igaro ez izana.

j) Dirulaguntzak edo bestelako laguntzak jasotzea eragozten dien legezko kausak izatea, hauek barnean direla:

– Ez edukitzea berdintasun-planik indarrean, nahiz eta enpresa Estatuaren araudiaren arabera horretara behartuta egon.

– Ez edukitzea ezarrita neurririk sexu-jazarpena, sexuagatiko jazarpena eta sexu-indarkeriak prebenitzeko eta haien aurka borrokatzeko, emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloan Estatuak dauzkan legeek ezarritakoaren arabera, 50 langile baino gehiago dituzten enpresen kasuan.

– LGTBIfobia egitea, bultzatzea edo sustatzea, konbertsio-terapiak sustatzea edo egitea barne.

k) Zehatuta egotea, administrazio-bideko ebazpen irmo baten bidez, arau-hauste astun edo oso astun bat egiteagatik, Hondakinak eta Lurzoru Kutsatuak arautu eta Ekonomia Zirkularra bultzatzeko apirilaren 8ko 7/2022 Legean edo Euskadiko Ingurumen Administrazioari buruzko abenduaren 9ko 10/2021 Legean xedatutakoaren arabera, harik eta behar diren neurri zuzentzaileak hartu eta zehapena ordaindu arte.

l) Desgaitasuna dutenentzat lanpostuak gordetzeko legez ezarritako kuota ez betetzea, edo, bestela, hori betetzeko ordezko neurririk hartu gabe egotea.

m) Elkarteen kasuan, Elkartzeko Eskubidea arautzen duen martxoaren 22ko 1/2002 Lege Organikoko 4. artikuluaren 5. eta 6. paragrafoetan aurreikusitako debeku-kausen eraginpean egotea.

n) Legez kontrako egintza penalen zentzuzko zantzuak aurkitu zaizkiola-eta inskripzio-prozedura administratiboa eten zaion elkarte bat izatea, Elkartzeko Eskubidea arautzen duen martxoaren 22ko 1/2002 Lege Organikoak 30.4 artikuluan xedatutakoa aplikatuta, dagokion erregistroan inskribatzeko aukera ematen dion ebazpen judizial irmorik ez dagoen bitartean.

ñ) Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13. artikuluko 2. eta 3. apartatuetan xedatzen diren gainerako egoeraren batean egotea.

o) 30.000 eurotik gorako dirulaguntzetan, eta eskatzailea irabazi-asmoa duen pertsona fisikoa edo juridikoa bada, zuzenbide publikoko entitate ez dena, ez betetzea Merkataritza Eragiketetan Berankortasunaren Aurkako Neurriak ezartzen dituen abenduaren 29ko 3/2004 Legean ezarritako ordainketa-epeak Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorreko 13. 3 bis artikuluan aurreikusitako moduan.

Betekizun hori betetzat joko da abenduaren 29ko 3/2004 Legean aurreikusitako ordainketa-epeen betetze-maila Enpresak Sortu eta Handitzeko irailaren 28ko 18/2022 Legearen azken xedapenetako seigarreneko d) letrako bigarren apartatuan aurreikusitako ehunekoaren parekoa edo handiagoa denean (aurreko ekitaldian hornitzaileei egindako ordainketa guztietatik ordaindutako fakturen % 90, abenduaren 29ko 3/2004 Legean ezarritako gehieneko epea igaro baino lehen).

4.– Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoak ez badu egiaztatzen 3. apartatuan xedatutako eskakizunen bat, erantzukizunpeko adierazpen baten bidez egiaztatu beharko da. Adierazpen hori eskabide-orrian dago.

Dokumentazio hau aurkeztuta egiaztatuko da o) apartatuko eskakizuna:

– Pertsona fisiko edo juridiko eskatzaileak kontabilitate-araudiaren arabera galdu-irabazien kontu laburtua aurkezteko modurik badu, 38/2003 Legearen 13.3 bis artikuluko a) letran aipatutako ziurtagiria aurkeztu beharko du, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoak emandako eredua erabiliz.

Ziurtagiri hori dirulaguntza-eskabidearekin batera aurkeztu beharko da.

– Eskatzaileak ezin badu aurkeztu galdu-irabazien kontu laburturik kontabilitate-araudiaren arabera, betekizun hori 38/2003 Legearen 13.3 bis artikuluko b) apartatuan aipatzen diren agirien bidez egiaztatuko da, hau da, Kontu Auditoreen Erregistro Ofizialean inskribatuta dagoen auditore batek emandako ziurtagiriaren bidez, zeinak apartatu horren 1. zenbakian eskatutako edukia izango baitu; edo, ziurtagiri hori ematea ezinezkoa bada, Prozedura Adostuen Txostenaren bidez, apartatu horren 2. zenbakian eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren Erregelamenduaren 22 bis artikuluan aurreikusitako eran (erregelamendu hori uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren bidez onartu zen).

Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoak, hala badagokio, dirulaguntzak emateko ebazpenak eman aurretik eskatuko die erakunde eskatzaileei aurreko paragrafoan aipatzen diren dokumentuak aurkezteko.

5.– 152/2023 Dekretuaren 8 artikuluak, apirilaren 29ko 93/2025 Dekretuaren azken xedapenetako bigarrenak emandako idazketa berriaren arabera, espresuki ezartzen du eskabideak aurkezten diren hurrenkeran aztertuko direla, dirulaguntza-lerroen artean bereizketarik egin gabe, eta laguntzak ordenan emango direla, espedientea osatzen den unearen arabera, aurrekontu-zuzkidura agortu arte.

Aurrekontu-kreditua agortzen bada, EHAAn emango da horren berri.

Laugarrena.– Desgaitasuna duten pertsonak lan-merkatu arruntean kontratatzeko laguntzen baldintzak eta entitate onuradunen betebeharrak, Europako Gizarte Funtsaren kofinantzaketaren ondoriozkoak.

1.– Laguntzek Europako Gizarte Funtsaren finantzaketa ere badutenez, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2021eko ekainaren 24ko 2021/1060 (EB) Erregelamenduan xedatua aplikatu behar zaie. Hain zuzen ere, erregelamendu horren bitartez ezartzen dira Eskualde Garapeneko Europako Funtsari, Europako Plus Gizarte Funtsari, Kohesio Funtsari, Bidezko Trantsizio Funtsari eta Itsasoko, Arrantzako eta Akuikulturako Europako Funtsari buruzko xedapen komunak, bai eta funts horietarako finantza-arauak eta Asilo, Migrazio eta Gizarteratzeko Funtserako, Barne Segurtasuneko Funtserako eta Mugak eta Bisatuen Politika Kudeatzeko Laguntza Finantzariorako Tresnarako finantza-arauak ere. Era berean, laguntza hauek Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2021eko ekainaren 24ko 2021/1057 (EB) Erregelamenduaren mende ere badaude, eta, hain zuzen ere, erregelamendu horren bitartez ezartzen da Europako Plus Gizarte Funtsa (EGIF+) eta indargabetzen da 1296/2013 (EB) Erregelamendua.

2.– Urriaren 17ko 152/2023 Dekretuaren II. kapituluko 1. atalean eta 74. artikuluan xedatutako betebeharrak bete beharko dituzte laguntzen onuradunek, betebehar hauek, batez ere:

a) Diruz lagundutako jarduketak jakinarazteko, zabaltzeko edo argitaratzeko material eta ekintza guztietan, berariaz aipatzea Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoaren kofinantzaketarekin batera Europako Gizarte Funtsarena ere jaso dela EAEko 2021-2027ko EGF+ programaren esparruan.

b) Gastuaren kontabilitate-erregistro bat bermatzea, kontabilitate-identifikazio bereizia edo kontabilitate-kode egokia duela.

c) Laguntza hauek Europako Gizarte Funtsaren kofinantzaketa duten aldetik, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2021eko ekainaren 24ko 2021/1060 (EB) Erregelamenduaren 82.1 artikuluak araututako epean gordeko dira egiaztagiriak (dokumentu elektronikoak barne).

d) Honako hauek egiten dituzten egiaztatze-jarduketei baiezkoa ematea: Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoa, Ogasun eta Finantza Saileko Politika Ekonomikoaren eta Europako Kohesioaren Zuzendaritza, Ogasun eta Finantza Saileko Kontrol Ekonomikoko Bulegoa, Herri Kontuen Euskal Epaitegia, eta Europako funtsen kontrol-instantziak.

3.– Dirulaguntzaren entitate onuradunen zerrenda argitaratuko da Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2021eko ekainaren 24ko 2021/1060 (EB) Erregelamenduaren 49. artikuluan adierazitako webgunean.

Bosgarrena.– Prozedura kudeatzeko eta ebazteko eskumena duen organoa.

Enpresa eta Ekintzailetza Zuzendaritzari dagokio laguntzak kudeatzeko eskumena, eta Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoko Administrazio eta Zerbitzu Orokorren zuzendaria izango da laguntzak ebazteko organo eskuduna.

Administrazio eta Zerbitzu Orokorren zuzendariaren ebazpenak ez dio amaiera ematen administrazio-bideari, eta, haren aurka, gora jotzeko errekurtsoa jarri ahal izango zaio Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoaren zuzendari nagusiari, hilabeteko epean, ebazpena jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera.


Azterketa dokumentala