
104. zk., 2026ko ekainaren 4a, osteguna
- Bestelako formatuak:
- PDF (264 KB - 14 orri.)
- EPUB (120 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
LANBIDE-EUSKAL ENPLEGU ZERBITZU PUBLIKOA
2398
EBAZPENA, 2026ko maiatzaren 27koa, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoaren zuzendari nagusiarena, zeinaren bidez argitara ematen baitira gazte langabeak euskal enpresetan ikerketa-proiektuak egiteko kontratatzea helburu duten dirulaguntzen 2026ko ekitaldiko deialdiaren oinarriak. Ikerlan programa.
Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoaren Administrazio Kontseiluak, 2026ko maiatzaren 27ko bilkuran hartutako erabakiaren bidez, gazte langabeak euskal enpresetan ikerketa-proiektuak egiteko kontratatzea helburu duten dirulaguntzen 2026ko ekitaldiko deialdiaren oinarriak onartu ditu. Ikerlan programa.
Horrenbestez, azaldutakoagatik, honako hau
EBAZTEN DUT:
Lehenengoa.– Argitara ematea gazte langabeak euskal enpresetan kontratatzeko 2026rako laguntzen deialdiaren oinarriak (Ikerlan programa), ikerketa-proiektuak aurrera eramateko, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoko Administrazio Kontseiluak 2026ko maiatzaren 27ko bileran hartutako Erabakiaren bidez onetsia (ebazpen honen eranskinean daude jasota).
Bigarrena.– Aditzera ematea Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango dituela ondorioak Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoko Administrazio Kontseiluak 2026rako dirulaguntzei buruzko deialdia egiteko oinarriak onartzeko hartutako erabakiak.
Hirugarrena.– Aditzera ematea 2026ko ekitaldirako dirulaguntzen deialdiaren oinarriak onartzen dituen Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoko Administrazio Kontseiluaren Erabakiaren aurka, berraztertze-errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaiola organo horri berari, hilabeteko epean, ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkeztu ahal izango da zuzenean Vitoria-Gasteizko Administrazioarekiko Auzien Epaitegian, bi hilabeteko epean, ebazpena aldizkari horretan argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.
Vitoria-Gasteiz, 2026ko maiatzaren 27a.
Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoaren zuzendari nagusia,
FRANCISCO PEDRAZA MORENO.
ERANSKINA
GAZTE LANGABEAK EUSKAL ENPRESETAN IKERKETA-PROIEKTUAK AURRERA ERAMATEKO KONTRATATZEKO 2026RAKO DIRULAGUNTZEN DEIALDIAREN OINARRIAK. «IKERLAN» PROGRAMA
Gazteen langabeziak kolokan jartzen du belaunaldien arteko oreka, eta gizartean eta lanean baztertuta geratzeko arriskua dakar; gainera, talentu berria galtzeko arrisku nabarmena da.
Langabezian bizi duten egoera ez da inola ere homogeneoa gazte guztientzat; izan ere, askotarikoak dira euren egoerak. Gazte batzuek kualifikazio apala dute; beste batzuek, berriz, kualifikazio handia, baina lan-eskarmentu urria, eta, ondorioz, lan-aukera gutxi izaten dute lan-merkatuan. Dualtasun horrek bi arazo desberdin dakartza, eta, beraz, konponbideak ere desberdinak izan behar dira. Alde batetik, kualifikazio apaleneko gazteek zailtasunak dituzte lana aurkitzeko eta mantentzeko, eta, gainera, behin-behinekotasun- eta partzialtasun-tasa handiagoak dituzte; hortaz, ahulagoak dira krisi sozioekonomikoen aurrean. Eta, bestetik, kualifikazio-maila handiak dituzten pertsonen talentu-ihesa dugu, ez baitute aurkitzen beren prestakuntza-mailara egokitzen den enplegurik. Euskal Autonomia Erkidegoak kualifikazio handiko biztanleria duen arren, bere lan-merkatua ez da gai enplegu-eskaintzarekin –erakargarria eta kalitatekoa– kolektibo hori guztia barnean hartzeko.
Euskal Autonomia Erkidegoko 2021-2027 EGF+ Programaren estrategia diseinatzeko, kontuan hartu dira eskualde-mailan dauden beharrak eta erronkak, aplikazio-lehentasunak identifikatzeko egindako diagnostikoan definituak. Besteak beste, gazteen enpleguaren kalitatea hobetzea; era berean, gazteen langabezia-tasa handiak murriztea eta gazteen enpleguaren prekaritatea eta talentu-ihesaren edo talentu-erakarpen ezaren arriskua gutxitzea.
Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoak bat egiten du Europako Enplegu Estrategiarekin. Eta, hain zuzen ere, estrategia hori erreferentziatzat hartuta, Eusko Jaurlaritzaren Enpleguaren Euskal Estrategia 2030 izenekoak aukera-berdintasuna du enplegurako euskal politikaren funtsezko ardatz, era zabalean ulertuta: lan-arloan emakumeen eta gizonen berdintasuna abiapuntutzat hartuta, beste dimentsio batzuk ere hartzen ditu, hala nola belaunaldien arteko berdintasuna, aniztasun funtzionala eta kultura-aniztasuna. Enpleguaren Euskal Estrategia 2030en estrategia-gakoetako bat da gazteei laguntza ematea, kalitatezko enpleguak lor ditzaten. Horretarako, laneratzea ahalbidetuko dieten programak sustatuko dira, hainbat dimentsiotan zeharkako ekintzak eginez; hartara, arlo profesionalean eta pertsonalean garatzeko behar dituzten kualifikazio, konpetentzia eta esperientziak eskuratuko dituzte.
Ikerlan programaren helburua da ikertzaile gazteak (16 eta 30 urte bitartekoak), teknologoak, teknikariak eta I+G+Bko beste profil profesional batzuk kontratatzea, bai eta, hala badagokio, ikerketan laguntzeko langileak kontratatzea ere, ikerketan eta berrikuntzan inbertitzen duten enpresetan, lanbide-esperientziaren bidez haien enplegagarritasuna sustatzeko neurri gisa. Aipaturiko gazteek gauzatuko dituzte laguntzen xede diren jarduera horiek, arlo hauei lotuta dauden ekimenen barruan: osasuna, trantsizio ekologikoa eta ekonomia berdea (energia berriztagarriak, energia-efizientzia, uren eta hondakinen tratamendua eta nekazaritzako elikagaien industria), zerbitzuen digitalizazioa eta datuen ingeniaritza («Data science» delakoa). Programa honen bidez, giza kapitala eta talentua galtzea saihestu nahi da, bai eta teknologoen goi-mailako prestakuntza gizarteari itzultzea ere.
Laguntza hauek Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoaren 2026-2029 ekitaldiko Dirulaguntza Plan Estrategikoan daude aurreikusita. Ekonomia, Lan eta Enpleguko sailburuaren urtarrilaren 3ko agindu baten bidez onartu zen plana, eta www.lanbide.euskadi.eus webgunean argitaratu; hartara, bete egin zuen Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 6.1 eta 7.1 artikuluetan eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 8.1 artikuluan xedatutakoa. Deialdia «Gazteei kalitatezko enplegua lortzen laguntzea» deritzon 4.2 gako estrategikoan dago kokatuta.
Horregatik guztiagatik, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoaren zuzendari nagusiak proposatuta, zuzenbide pribatuko ente publiko honetako Administrazio Kontseiluak 2026ko maiatzaren 27an egindako bilkuran, langabezian dauden gazteak euskal enpresetan kontratatzeko laguntzen oinarri arautzaileak onartu ditu (Ikerlan programa), zehaztapen hauen arabera:
1. artikulua.– Xedea.
Oinarri hauen xedea da ikerketan eta berrikuntzan inbertitzen ari diren euskal enpresei laguntzak ematea, hain zuzen ere edozein enplegu-zerbitzu publikotan izena emanda dauden gazte langabeak kontratatu ditzaten.
2. artikulua.– Baliabide ekonomikoak.
1.– Deialdi honetan araututako laguntzak finantzatzeko, 2.500.000 euro bideratu dira. Haietatik, 1.250.000 euro 2026ko ordainketa-kredituari dagozkio, eta 1.250.000 euro, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren aurrekontuaren 2027ko konpromiso-kredituari, 32110-Enplegua programan.
3. artikulua.– Diruz lagundu daitezkeen jarduketak.
1.– Deialdi honen babesean dirulaguntza jaso daiteke gazteak kontratatzen badira, ikerketako eta berrikuntzako ekimen bakoitzaren inguruabar zehatzetara hobekien egokitzen den kontratu-modalitatean, baldin eta gazte horiek 5. artikuluan aurreikusitako eskakizunak betetzen badituzte.
2.– Berrikuntzako eta ikerketako ekimenak arlo hauetako lanbideetan garatuko dira: osasuna, trantsizio ekologikoa, ekonomia berdea (energia berriztagarriak, uren eta hondakinen tratamendua eta nekazaritzako elikagaien industria), zerbitzuen digitalizazioa eta «Data science».
3.– Edonola ere, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoak kudeatuko ditu enplegu-eskaintzak.
4.– Eskakizun hauek bete behar dituzte kontratazioek:
a) Ezin izango dira kontratatu entitate, enpresa edo enpresa-talde berean kontratazioaren egunaren aurreko 6 hilabeteetan edozein motatako ikerketa-lanpostuak bete dituzten gazteak.
b) Kontratuek 12 hilabete iraungo dute, gutxienez. Dirulaguntzak bi urte iraungo du, gehienez ere.
c) Kontratuak lanaldi osokoak izan beharko dira.
d) Kontratudunek 2. apartatuan adierazitako jarduerekin lotutako eginkizunak eta zereginak bete beharko dituzte.
5.– Kontratu hauek, berriz, ezin izango dira diruz lagundu:
a) Enpresaburuaren, enpresen kontrola duten pertsonen, enpresetan zuzendaritza-karguak dituztenen edo enpresetako administrazio-organoetako kideen –edozein dela ere haien forma juridikoa– ezkontideak, ondorengoak edo bigarren mailara arteko (hura barne) odol- edo ezkontza-ahaidetasuna duten bestelako ahaideak kontratatzea.
b) Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoaren edozein deialditan diruz lagundu daitezkeen jarduerei lotuta formaliza daitezkeen kontratuak, edo deialdi horien barruan diruz lagunduak izan direnak.
4. artikulua.– Enpresa onuradunak.
1.– Deialdi honetan aurreikusitako laguntzen onuradun izan ahalko dira, aldez aurretik horretarako eskaera eginda, enpresa pribatuak, edozein dela ere haien forma juridikoa, bai eta deialdi honetan zehaztutako ikerketa- eta berrikuntza-ekimenetan inbertitzen ari diren elkarte eta fundazioak ere, baldin eta ez badaude 2. apartatuan aurreikusitako egoeretan eta eskakizun hauek betetzen badituzte:
a) Egoitza soziala eta fiskala EAEn izatea edo lantokia EAEn egotea.
b) Administrazio publiko batek edo gehiagok % 50 edo gehiagoko partaidetza zuzena edo zeharkakoa ez izatea.
2.– Ezingo dira dirulaguntzen onuradun izan egoera hauetako batean diren entitateak:
a) Epai bidez kondenaturik egotea delitu hauetakoren bat egiteagatik: prebarikazioa, funtzionario-eroskeria, ondasun publikoak bidegabe erabiltzea, eragimen-trafikoa, iruzurrak eta legearen aurkako ordainarazpenak edo hirigintza-delituak.
b) Zigor- edo administrazio-arloan epai edo administrazio-ebazpen irmo batek kondenaturik edo zehaturik egotea, eta, horren ondorioz, dirulaguntza edo laguntza publikoak lortzeko aukera galdu izana, kondena- edo zehapen-epea igaro gabe badago.
c) Hartzekodunen borondatezko konkurtsoa deklaratzeko eskaera egin izana, edozein prozeduratan kaudimengabetzat jo izana, hartzekodunen konkurtsoan deklaratuta egotea –salbu eta konkurtso horretan hitzarmen bat indarrean jarri bada–, epailearen esku-hartzearen mende egotea edo uztailaren 9ko 22/2003 Konkurtso Legearen arabera desgaituta egotea, konkurtsoaren kalifikazio-epaian ezarritako desgaitze-aldia amaitu gabe izanik.
d) Administrazioarekin egindako edozein kontraturen amaiera irmoa eragin izana, eta suntsiarazpenaren arrazoiaren errudun deklaratu izana.
e) Merkataritza-sozietateen administratzaileak edo beste pertsona juridiko batzuen legezko ordezkariak badira, Administrazio Publikoen Zerbitzuko Langileen Bateraezintasunei buruzko abenduaren 26ko 53/1984 Legean edo Kargu publikodunen jokabide-kodea eta haien interes-gatazkak arautzen dituen ekainaren 26ko 1/2014 Legean aurreikusitako bateraezintasunen araubideko egoeraren batean egotea edo Hauteskunde Araubide Orokorrari buruzko ekainaren 19ko 5/1985 Lege Organikoan araututako hautapen bidezko karguren bat betetzea, arau horretan edo gai horiek arautzen dituen araudi autonomikoan ezarritakoaren arabera.
f) Egoitza fiskala erregelamenduz zerga-paradisu gisa sailkatutako herrialde edo lurralde batean izatea.
g) Egunean ez izatea zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak.
Organo kudeatzaileak automatikoki egiaztatuko du zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak betetzen direla, dirulaguntza eman eta hura ordaindu baino lehen. Nolanahi ere, eskatzaileak berariaz egin diezaioke aurka egiaztatze-lan horri, eta, halakorik egiten badu, ziurtagiri eguneratuak aurkeztu beharko ditu betekizun hori betetzen duela frogatzeko.
h) Dirulaguntzei dagokienez, ordaindu gabe izatea itzulketa-betebeharrak, Ekonomia eta Ogasuneko sailburuaren 2023ko otsailaren 13ko Aginduaren 4. artikuluan aurreikusitakoaren arabera (2023ko otsailaren 17ko EHAA). Egoera horretan gertatzen den edozein aldaketaren berri eman beharko dute, emandako dirulaguntza guztiz justifikatu arte.
i) Zehapen administratibo edo penalak izatea sexu-diskriminazioagatik edo emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloko araudia ez betetzeagatik –zehazki, Emakumeen eta gizonen berdintasuna lortzeko eta emakumeen kontrako indarkeria matxistarik gabe bizitzeko Legearen testu bategina onartzen duen martxoaren 16ko 1/2023 Legegintzako Dekretua edo Emakumeen eta Gizonen Berdintasun Eragingarrirako martxoaren 22ko 3/2007 Lege Organikoa–, eta zehapen-epea igaro ez izana.
j) Dirulaguntzak edo bestelako laguntzak jasotzea eragozten dien legezko kausak izatea; besteak beste:
– Ez edukitzea berdintasun-planik indarrean, nahiz eta enpresa Estatuaren araudiaren arabera horretara behartuta egon.
– Ez edukitzea ezarrita neurririk sexu-jazarpena, sexuan oinarritutako jazarpena eta indarkeria sexualak prebenitu eta borrokatzeko, emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloan Estatuak ezarrita dauzkan legeen arabera, 50 langile baino gehiago dituzten enpresen kasuan.
– LGTBIfobia egitea, bultzatzea edo sustatzea, konbertsio-terapiak sustatzea edo egitea barne.
k) Zehatuta egotea, administrazio-bideko ebazpen irmo baten bidez, arau-hauste astun edo oso astun bat egiteagatik, Hondakinak eta Lurzoru Kutsatuak arautu eta Ekonomia Zirkularra bultzatzeko apirilaren 8ko 7/2022 Legean edo Euskadiko Ingurumen Administrazioari buruzko abenduaren 9ko 10/2021 Legean xedatutakoaren arabera, harik eta behar diren neurri zuzentzaileak hartu eta zehapena ordaindu arte.
l) Desgaitasuna duten pertsonentzat legez ezarritako erreserba-kuota bete ez izana, kuota hori betetzeko neurri alternatiboak abian jarri direla egiaztatu gabe.
m) Elkarteen kasuan, Elkartzeko Eskubidea arautzen duen martxoaren 22ko 1/2002 Lege Organikoaren 4. artikuluko 5. eta 6. paragrafoetan aurreikusitako debeku-kausen eraginpean egotea.
n) Legez kontrako egintza penalen zentzuzko zantzuak aurkitu zaizkiola-eta inskripzio-prozedura administratiboa eten zaion elkarte bat izatea, Elkartzeko Eskubidea arautzen duen martxoaren 22ko 1/2002 Lege Organikoak 30.4 artikuluan xedatutakoa aplikatuta, dagokion erregistroan inskribatzeko aukera ematen dion ebazpen judizial irmorik ez dagoen bitartean.
ñ) Enpresa-deslokalizazioan aritzea, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 49. artikuluan ezarritako eran.
o) 30.000 eurotik gorako dirulaguntzetan, eta eskatzailea irabazi-asmoa duen pertsona fisikoa edo juridikoa bada, ez betetzea Merkataritza-eragiketetan berankortasunaren aurkako neurriak ezartzen dituen abenduaren 29ko 3/2004 Legean ezarritako ordainketa-epeak, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorreko 13. artikuluaren 3 bis apartatuan aurreikusitako moduan.
Eskakizun hori betetzat joko da abenduaren 29ko 3/2004 Legean aurreikusitako ordainketa-epeen betetze-maila Enpresak Sortu eta Handitzeko irailaren 28ko 18/2022 Legeko azken xedapenetako seigarreneko d) letrako bigarren apartatuan aurreikusitako ehunekoaren parekoa edo handiagoa denean (aurreko ekitaldian hornitzaileei egindako ordainketa guztietatik ordaindutako fakturen % 90, abenduaren 29ko 3/2001 Legean ezarritako gehieneko epean).
p) Berreskuratze-agindu baten mende egotea, Europar Batasuneko Batzordeak aurretiaz erabaki badu laguntza bat legez kanpokoa eta merkatu erkidearekin bateraezina dela.
q) Krisian dauden enpresatzat hartzea, Batzordearen 2014ko ekainaren 17ko 651/2014 (EB) Erregelamenduaren 2.18 artikuluan jasotako definizioaren arabera. Erregelamendu horren bidez, zenbait laguntza-kategoria barne-merkatuarekin bateragarritzat jotzen dira, Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak aplikatuz.
3.– Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoak egiaztatzen ez dituen artikulu honetako betekizunak eskabidean dagoen erantzukizunpeko adierazpenaren bidez egiaztatu beharko dira. Dokumentazio honen bidez egiaztatuko da o) letran jasotako betekizuna:
– Pertsona fisiko edo juridiko eskatzaileak galdu-irabazien kontu laburtua aurkez badezake kontabilitate-araudiaren arabera, betekizun hori 38/2003 Legearen 13.3 bis artikuluko a) apartatuan aurreikusitako ziurtagiriaren bidez egiaztatu beharko da, Lanbidek emandako ereduaren arabera. Ziurtagiri hori dirulaguntza-eskabidearekin batera aurkeztu beharko da.
– Eskatzaile horrek ezin badu, kontabilitate-araudiaren arabera, galera eta irabazien kontu laburtua aurkeztu 38/2003 Legeko 13.3 bis artikuluaren b) letran aipatzen den dokumentazioaren bidez, hau da, Kontu Auditoreen Erregistro Ofizialean inskribatuta dagoen auditore batek emandako ziurtagiriaren bidez, apartatu horren 1. zenbakian eskatutako edukiarekin; edo ziurtagiri hori ematea ezinezkoa bada, Prozedura Adostuen Txostenaren bidez, aipatutako letraren 2. zenbakian eta uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuak onartutako Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorreko Erregelamenduko 22 bis artikuluan aurreikusitako eran. Lanbidek entitate onuradunei dokumentazio hori aurkezteko eskatuko die, dirulaguntzak emateko ebazpena eman aurretik.
4.– Ez dira entitate onuradun izango honako hauek: organismo autonomoak eta sozietate publikoak, administrazio publiko baten edo gehiagoren mendeko elkarteak edo entitateak, eta langileak lagatzeko enpleguetarako aldi baterako laneko enpresak.
5. artikulua.– Deialdi honen babesean kontrataturiko gazteek bete beharreko eskakizunak.
1.– Baldintza hauek bete behar dituzte dirulaguntzen azken hartzaile izango diren gazteek:
16 urte baino gehiago eta 30 baino gutxiago izatea.
Langabezian egotea eta edozein enplegu-zerbitzu publikotan izena emanda eta altan egotea, enplegu-eskatzaile gisa, kontratua hasteko egunaren aurreko egunean.
Formalizatzen den kontratu-modalitaterako eskatzen diren baldintzak betetzea, ekimen bakoitzaren inguruabar zehatzetara egokituz, indarrean dagoen legeriarekin bat etorriz.
Ikertzaile, teknologo, teknikari eta I+G+Bko beste profil profesional batzuen gisa ikerketa-proiektuak egiteko gaikuntza izatea; halaber, beharrezkoa denean, ikerketa-laguntzaile gisa ikerketa-proiektuak egiteko gaikuntza ere, laneratzea errazten baitu, ikerketaren eta berrikuntzaren lehiakortasuna areagotzen laguntzeko.
Laguntzako langile gisa, eskainitako lanpostu guztien ehuneko 10 kontratatu ahal izango da; nolanahi ere, alde batera utziko dira administrazio-laguntzako lanak.
2.– Europar Batasunaren NextGeneration EU funtsak finantzatutako Suspertze, Transformazio eta Erresilientzia Planaren esparruan, Investigo programaren barruan kontratatutako pertsonak kontratazio mugagabearen modalitatean bakarrik hartu ahal izango dira kontuan deialdi honen ondorioetarako, betiere aurretik diruz lagundutako kontratua aldi baterakoa izan bada eta deialdi honetan dirulaguntza eskatzen duena ez den beste enpresa batek egin badu.
6. artikulua.– Diruz lagundu daitezkeen gastuak eta dirulaguntzen zenbatekoa.
1.– Ikerlan programaren ikerketa- eta berrikuntza-ekimenak garatzeko eta gauzatzeko kontratatzen diren gazteen lan- eta soldata-kostuak finantzatzeko erabiliko dira kontratatzeko emango diren dirulaguntzak, Gizarte Segurantzari kontzeptu guztiengatik egiten zaizkion kotizazio-gastuak barne.
2.– Aurreko apartatuan aipatutako gastu kontzeptu guztiengatik emango den dirulaguntzaren zenbatekoa kalkulatzeko, kontuan hartuko dira aurkeztutako kontratazio-planean adierazitako aurreikuspenak: zenbat pertsona kontratatuko diren, haietako bakoitza zenbat hilabetetarako kontratatuko den, eta Gizarte Segurantzako kotizazio taldearen arabera aplikatu beharreko modulu hau:
A modulua: modulu honetan 22.405,92 euro emango dira kontratatu den pertsona eta urte bakoitzeko (1.867,16 euro hilean), Gizarte Segurantzako 9tik 5erako kotizazio-taldeetako kontratuetan (biak barne).
B modulua: modulu honetan 33.108,84 euro emango dira kontratatu den pertsona eta urte bakoitzeko (2.759,07 euro hilean), Gizarte Segurantzako 4tik 1erako kotizazio-taldeetako kontratuetan (biak barne).
7. artikulua.– Programan parte hartuko duten gazteak aukeratzeko eta langileak kontratatzeko prozedura.
1.– Entitate onuradunek, dirulaguntza ematen duen ebazpena jaso ostean, enplegu-eskaintzak kudeatzeko eskabide bat aurkeztu beharko dute, bete behar den lanpostu-profil bakoitzeko.
Enplegu-eskaintzak kudeatzeko eskabideak erregistratzeko orduan, eskabide horiek jasotzen dituen bulegoak egingo du erregistro hori, eta Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoaren bitartekaritza-sisteman geratuko dira identifikatuta.
2.– Eskaintzak hautagaitzen parekatze automatikoaren bidez kudeatuko dira, eta Lanbideren webgunean argitaratuko dira: https://www.lanbide.euskadi.eus
3.– Dirulaguntza jaso dezaketen lan-kontratuak betetzeko hautagaien azken aukeraketa entitate onuradunak egingo du, irizpide hauek kontuan hartuta:
a) Egin nahi den ikerketa-programari dagokionez, gazteak prestakuntza akademiko egokiena izatea.
b) Garatu beharreko gaiarekin lotutako berariazko ikasketak izatea, hala nola masterrak, graduak edo ikerketa-programa gauzatzeko gaitasun eta konpetentzia handiagoak ematen dizkien beste edozein, baldin eta Hezkuntzako eta Lanbide Heziketako Ministerioak edo Unibertsitateetako Ministerioak homologatuta badaude. Berau ez zaie aplikatuko laguntzaileen lanpostuei.
c) Curriculumaren eta hautagaien balorazioa egiteko, curriculum vitae itsua erabili beharko da, eta inolako diskriminaziorik ez egiteko printzipioa bermatuko da.
d) Eskabidea egiten denean, entitate onuradunak lana, familia eta bizitza pertsonala bateragarri egiteko eta genero-berdintasuna bermatzeko jada ezarriak dituen neurriak.
4.– Entitate onuradunek ekimen bakoitzaren inguruabar zehatzetara hobekien egokitzen den kontratazio-modalitatea erabiliz kontratatuko dituzte hautatutako langileak, indarrean dauden lan-arloko, lan-arriskuen prebentzioaren arloko eta Gizarte Segurantzari buruzko legeekin bat etorriz.
5.– Kontratatutako gazteak enpresako gainerako langileen eskubide berberak izango ditu, Langileen Estatutuan, aplikatu beharreko Hitzarmen Kolektiboan eta hitzartutako banakako kontratuan ezarritakoaren arabera.
6.– Kontratuak bi hilabeteko epearen barruan hasi beharko dira, dirulaguntza emateko ebazpena jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera, salbu eta ezinbesteko arrazoiak edo behar bezala justifikatutako arrazoiak daudenean. Horrelakoetan, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoak baimendu beharko du atzerapena. Edonola ere, kontratuak hasteko epea 2026ko azaroaren 30ean amaituko da.
8. artikulua.– Eskabideak, dokumentazioa eta horiek aurkezteko epea.
1.– Dirulaguntza-eskabideak Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio publikoaren egoitza elektronikoaren bidez aurkeztu behar dira: https://www.euskadi.eus/egoitza-elektronikoa. Horra iristeko, esteka bat egongo da Lanbideren web-orrian.
Administrazio-prozeduraren informazio-fitxa (hor daude jasota izapidetzeko jarraibideak, erantzukizunpeko adierazpenak eta ereduak) helbide honetan dago: https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/1210004. Fitxa horren bitartez eskuratu daiteke eskaera egiteko inprimakia.
Eskabidea aurkeztu ondorengo izapideak, jakinarazpenak barne, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio publikoaren egoitza elektronikoko «Nire karpeta» atalaren bidez egingo dira: https://www.euskadi.eus/nirekarpeta
Izapidetze elektronikoa ordezkari baten bidez ere egin ahal izango da, eta, horretarako, ordezkaritza hori Eusko Jaurlaritzaren Ahalordeen Erregistro Elektronikoan inskribatu beharko da, helbide honetan: https://www.euskadi.eus/ordezkariak
Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio publikoaren egoitza elektronikoan identifikaziorako eta sinadura elektronikorako onartzen diren bitartekoak helbide honetan daude eskuragarri: https://www.euskadi.eus/ziurtagiri-elektronikoak
2.– Eskabideak aurkezteko epea deialdi hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean hasiko da, eta 2026ko irailaren 30en amaituko.
3.– Entitate bakoitzeko eskabide bakarra aurkeztuko da, egin beharreko kontratazio guztietarako. Ez dira onartuko deialdian ezarritako epetik kanpo aurkeztutako eskabideak.
4.– Eskabidearekin batera, dokumentu hauek aurkeztu behar dira:
a) Memoria bat, datu hauek bilduko dituena: bete beharreko lanpostuak, egin beharreko berrikuntza- eta ikerketa-jardueren ezaugarriak –zeinak argi eta garbi lotuta egon beharko baitira arlo hauekin: osasuna, trantsizio ekologikoa, ekonomia berdea (energia berriztagarriak, uren eta hondakinen tratamendua eta nekazaritzako elikagaien industria), zerbitzuen digitalizazioa edo «Data science»–, eta kontratuen iraupena eta kopurua.
Era berean, memoria labur bat aurkeztuko da, kontratazio-planak genero-ikuspegia nola barneratu duen azaltzeko.
b) Memoria ekonomiko bat, programaren kostuen aurreikuspenak jasoko dituena, eskatutako dirulaguntza eta, hala badagokio, entitate onuradunaren ekarpena bereizita.
5.– Eskabideak ez badaude behar bezala beteta edo haiekin batera ez bada aurkezten aurreko apartatuan adierazitako dokumentazio guztia, entitateari hamar eguneko epea emango zaio akatsa zuzendu dezan edo aginduzko dokumentuak aurkez ditzan. Gainera, jakinaraziko zaio ezen, hori egiten ez badu, ulertuko dela eskabideari uko egin diola. Hala bada, Administrazioak eskabide horri buruzko ebazpena eman beharko du espresuki, bai eta jakinarazi ere.
9. artikulua.– Ebazpena emateko, prozedura izapidetzeko, instrukzioa egiteko eta dirulaguntzak emateko proposamena egiteko organo eskuduna.
1.– Prozedura kudeatzeko eta izapidetzeko organo eskuduna Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoko Enpresen eta Ekintzailetzaren zuzendaria izango da; eta ebazteko organo eskuduna, berriz, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoko Administrazioaren eta Zerbitzu Orokorren zuzendaria.
2.– Deialdi honetako dirulaguntzak segidako lehiaketaren prozeduraren bidez izapidetuko dira.
Horrela, aurkezten diren hurrenkeran aztertuko dira eskabideak, eta ordenan ebatziko dira, dagokion espedientea osatzen den unearen arabera, harik eta finantzaketarako funtsak agortu arte. Aurrekontu-zuzkidura bukatzen denean, geratzen diren eskabideei ukatu egingo zaie dirulaguntza, eta horren berri argitaratuko da EHAAn, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoko Administrazioaren eta Zerbitzu Orokorren zuzendariaren ebazpen baten bidez. Era berean, www.lanbide.euskadi webgunean ere argitaratuko da.
3.– Eskaerak Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoaren zuzendari nagusiaren esanbidezko ebazpen bidez onartu edo ukatuko dira.
Dirulaguntza emateko ebazpenean, datu hauek adieraziko dira: dirulaguntzaren zenbatekoa, ordaintzeko modua eta dirulaguntzaren justifikazioa, hala badagokio.
4.– Eskaerak ebazteko eta jakinarazteko, gehienez sei hilabeteko epea izango da, eskaera aurkezten den egunetik aurrera, eta epe hori amaitutakoan esanbidezko ebazpena ematen ez bada, dirulaguntzaren eskabidea ezetsitzat hartuko da.
5.– Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoko Administrazio eta Zerbitzu Orokorren zuzendariaren ebazpenak ez dio amaiera ematen administrazio-bideari, eta, haren aurka, gora jotzeko errekurtsoa jarri ahal izango zaio Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoaren zuzendari nagusiari, ebazpena jakinarazi eta hurrengo egunetik hilabeteko epean.
6.– Publikotasun-printzipioa betetzeko asmoz eta dirulaguntzak emateko ebazpenak berariaz eta banaka jakinarazteaz gain, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoko Administrazio eta Zerbitzu Orokorren zuzendariaren ebazpen baten bidez, xedapen honen babesean emandako laguntzen onuradun diren entitateen zerrenda, eta jasoko duten zenbatekoa ere adieraziko da. Halaber, entitate bati emandako dirulaguntza aldatzea erabaki bada, hori ere adieraziko da.
Halaber, dirulaguntzaren entitate onuradunen zerrenda argitara emango da Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2021eko ekainaren 24ko 2021/1060 (EB) Erregelamenduaren 49.3 artikuluan aurreikusitako zerrenda publikoan.
10. artikulua.– Lan-kontratua azkentzea.
1.– Diruz lagundutako lan-kontratuak dirulaguntzaren epealdia amaitu aurretik azkentzen badira, horren berri eman beharko zaio Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoari, 7 eguneko epean, kontratua azkentzen denetik hasita; eta azkendutako kontratuaren kontura jasotako dirulaguntza itzuli beharko da, osorik. Halaber, dagokion prozedura izapidetuko da, 16. eta 17. artikuluek arautzen dituzten jarraibideak beteta. Nolanahi ere, kontratua azkentzeko arrazoia probaldia ez gainditzea, langileak lana bere borondatez uztea, bidezkotzat jotako kaleratzea edo kontratatutako pertsonaren heriotza edo baliaezintasuna izan baldin bada, lan-kontratuak iraun duenaren proportzioan murriztuko da dirulaguntzaren zenbatekoa.
2.– Aukera egongo da kontratua azkendu zaion pertsona ordezteko, arrazoia hauetako bat izan bada: probaldia ez gainditzea, langileak lana bere borondatez uztea, bidezkotzat jotako kaleratzea edo kontratatutako pertsonaren heriotza edo baliaezintasuna. Ordezteko gehieneko epea 15 egunekoa izango da, eta deialdi honetan kontratazioa egiteko ezarritako eskakizunak betetzen dituen beste hautagai bat hartu ahal izango da. Halakoetan, kontratazio-aldien batura, gutxienez, hasierako kontratuarena izango da, eta kontratu berria 6 hilabetekoa izango da gutxienez. Kontratatutako gazteak ordezteagatik ez da handituko, inolaz ere, emandako dirulaguntza.
11. artikulua.– Dirulaguntzak ordaintzea.
1.– Honela ordainduko dira emandako dirulaguntzak:
a) Lehen ordainketan, emandako dirulaguntzaren % 50 ordainduko da, 2026ko ekitaldiko aurrekontuaren ordainketa-kredituaren kontura, eta, horretarako, aurretik, honako dokumentazio hau aurkeztu beharko da, 7 eguneko epean, diruz lagundutako azken kontratua hasi eta hurrengo egunetik aurrera:
Kontratatutako langileen zerrenda, helbide honetan eskuragarri dagoen eredu normalizatuaren arabera: https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/1210004
Kontratatu diren pertsonen azken aukeraketarako aplikatutako irizpideak, 7.3 artikuluan ezarritakoarekin bat.
Lan-kontratuen kopia.
Senidetasunik ez izateari buruzko erantzukizunpeko adierazpena (deialdi honetako 3.5 a) artikuluan xedatutakoarekin bat etorriz).
Kotizaziorako Datuen Txostena, kontratatutako pertsona bakoitzarena.
Entitate onuradunen titularren eta haien plantillaren eta kontratatutako langabeen informazioa, sexuaren arabera banakatuta, hala xedatuta baitago Emakumeen eta gizonen berdintasunerako eta emakumeen aurkako indarkeria matxistarik gabe bizitzeko Legearen testu bategina onartzen duen martxoaren 16ko 1/2023 Legegintzako Dekretuaren 23.3 d) artikuluan.
Ordainketa egin baino lehen, Lanbidek egiaztatuko du kontratatutako langileak Gizarte Segurantzako Erregimen Orokorrean alta emanda daudela. Kontratatutako pertsonen kotizazio-taldea bat etorriko da entitateak aurkeztutako eta dirulaguntza emateko ebazpenean onartutako kontratazio-planean zehaztutakoarekin.
b) Bigarren ordainketan, gainerakoa emango da (% 50, edo diruz lagundutako jarduerak justifikatu ondoren dagokion kopurua), 12. artikuluan xedatutakoaren arabera, 2027ko ekitaldiko konpromiso-kredituaren kontura.
2.– Emandako dirulaguntza entitate onuradunak horretarako adierazitako banku-kontuan ordainduko da.
Entitateak Lanbideren ordainketarik jaso ez badu edo banku-datuak aldatu nahi baditu, hirugarrenaren datuen fitxa bete beharko du; fitxa hori Lanbideren web-orrian egongo baita eskuragarri.
3.– Entitateak ez badu ezarritako epean aurkezten dokumentazioa, edo aurkezturiko dokumentaziotik ondorioztatzen bada justifikatutako kopurua ordaindutakoa baino txikiagoa dela, itzulketa-prozedura abiaraziko da, 16. artikuluan arautzen den prozedurari jarraituz.
12. artikulua.– Dirulaguntzaren justifikazioa eta epea.
1.– Kontratuak justifikatzeko, enpresa onuradunak agiri hauek aurkeztu beharko ditu:
a) Jardueraren amaierako memoria, alderdi hauek behintzat identifikatuta:
– Kontratatu diren pertsonek egindako jarduketen deskribapena.
– Kontratatu diren pertsonen azken aukeraketarako aplikatutako irizpideak, 7.3 artikuluan xedatutakoarekin bat.
– Kontratatutako pertsonei buruzko xehetasuna, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoaren www.lanbide.euskadi.eus webgunean eskuragarri dagoen eredu normalizatuaren arabera.
b) Memoria ekonomikoa, egindako jardueren kostua justifikatzeko, lortutako emaitzen arabera. Alderdi hauek adieraziko ditu, gutxienez:
Jarduketa-memorian kuantifikatutako jarduerak eta 6. artikuluan ezarritako moduak oinarritzat hartuta kalkulatutako dirulaguntzaren zenbateko osoa, artikulu horretan ezarritako kostu unitarioen bidezko kalkulurako eta kuantifikaziorako sistemaren arabera.
Dirulaguntzaren likidazioa proiektuan kontratatutako langileen arabera egingo da, kontratatuta egon diren urte (edo hilabete) bakoitzeko. Likidazioak ez du inola ere gaindituko hasieran emandako dirulaguntzaren zenbatekoa. Kalkulua egiteko, kontuan hartuko da kontratatutako pertsonen kopurua, kontratatuta egon diren denbora eta dagokien modulua, Gizarte Segurtasunaren kotizazio-taldearen arabera.
2.– Aurreko apartatuan zehazturiko justifikazio-agiriak epe honetan aurkeztuko dira:
12 hilabeteko iraupena duten kontratuak badira, dokumentazioa hilabeteko epean aurkeztu beharko da, kontratuok amaitzen direnetik aurrera.
12 hilabete baino gehiagoko iraupena daukaten kontratuak badira, hasi eta urtebete igaro ondoren aurkeztu beharko da dokumentazioa; nolanahi ere, 2027ko abenduaren 15ean beranduenez.
Kasu batean zein bestean, 2027ko abenduaren 15a izango da justifikazio-agiriak aurkezteko azken eguna.
3.– Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoak ofizioz egiaztatuko du kontratuen benetako iraunaldia, bai eta kontratuok gutxienez 12 hilabete iraun dutela ere, horren ostean bigarren ordainketa egiteko.
13. artikulua.– Entitate onuradunen betebeharrak.
Entitate onuradunen betebehar izango dira Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 14., 27. eta 42. artikuluetan ezarritakoak, deialdi honetan berariaz aurreikusitakoak eta, bereziki, honako hauek:
a) Enplegu-eskaintzak kudeatzeko eskabidea aurkeztea Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoan.
b) Arau honen 11. artikuluko 1. apartatuan adierazten den dokumentazioa aurkeztea, diruz lagundutako azken kontratua abiatu ondorengo 7 eguneko epean.
c) Egiaztatzea laguntza emateko eta hura baliatzeko bide eman duten betebeharrak eta baldintzak betetzen dituztela eta jarduera gauzatu dutela.
d) Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoari jakinaraztea kontratuen azkentzeak, 10. artikuluko 1. apartatuak arautzen duen moduan.
e) Beste administrazio edo ente publiko edo pribaturen batek xede bererako emandako dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabideren bat jasoz gero, horren berri jakinaraztea Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoari.
f) Dirulaguntza ematerakoan kontuan hartutako egoeraren bat, objektiboa edo subjektiboa, aldatu bada, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoari jakinaraztea.
g) Jakinaraztea Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta haren organismo autonomoek, zuzenbide pribatuko ente publikoek eta sozietate publikoek emandako laguntzen edo dirulaguntzen esparruan hasi eta oraindik izapidetzen ari den edozein itzultze- edo zehapen-prozedura.
h) Honako hauen egiaztatze-jarduketei baiezkoa ematea: Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoa, Ekonomia, Ogasun eta Finantza Saileko Politika Ekonomikoaren eta Europako Kohesioaren Zuzendaritza, Ogasun eta Finantza Saileko Kontrol Ekonomikoko Bulegoa, Herri Kontuen Euskal Epaitegia, eta Europako funtsen kontrol-instantziak.
i) Entitate onuradunetan gastuaren kontabilitate-erregistro bat egon behar da, dirulaguntza eman eta kobratu izana kontabilitate-kode espezifiko baten bidez kontabilizatuta.
j) Emakumeen eta gizonen arteko tratu- eta aukera-berdintasunari buruzko betebeharrak:
– Bermatzea emakumeen eta gizonen tratu- edo aukera-berdintasunaren eta bereizkeriarik ezaren printzipioa aplikatzen dela lanpostuei loturiko hautaprobetan, elkarrizketetan eta hautaketetan, genero-alborapenik gabe.
– Dokumentu, publizitate, irudi eta material guztietan sexismorik gabeko hizkera erabili behar da, emakumeen kontrako bereizkeria edo estereotipo sexistak bultzatzen dituzten irudiak saihestu behar dira, eta berdintasunaren aldeko irudiak sustatu behar dira, presentzia orekatua, aniztasuna, erantzukidetasuna eta rol eta genero-identitate pluraltasuna sustatzen dutenak.
14. artikulua.– Beste dirulaguntza edo laguntza batzuekiko bateragarritasuna.
Deialdi honetan aurreikusitako dirulaguntzak bateraezinak dira kontzeptu eta helburu berberetarako Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoak edo beste administrazio edo entitate publiko edo pribatu batzuek emandako dirulaguntza edo laguntzekin; ez, ordea, Gizarte Segurantzako kotizazioetan legez ezarritako hobariekin edo murrizketekin.
15. artikulua.– Dirulaguntza aldatzea.
1.– Dirulaguntzak emateko kontuan hartu diren baldintzetan aldaketarik gertatuz gero, emandako dirulaguntza aldatu ahal izango da, betiere deialdi honetan dirulaguntzen onuradun izateko ezarritako gutxieneko eskakizunei eusten bazaie, eta dirulaguntzok emateko ezarritako irizpideak eta mugak betetzen badira.
2.– Baldintzen aldaketa horren ondorioz dirulaguntza osoa edo zati bat itzuli behar bada, itzultzeko prozedura hasiko da.
16. artikulua.– Ez-betetzeak eta itzultze-prozedura.
1.– Deialdi honetako laguntzen entitate onuradunek ez badituzte betetzen Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 14., 27. eta 42. artikuluetan ezarri zaizkien betebeharrak, edo deialdi honetan berariaz ezarri zaizkienak, edo Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 36. artikuluan adierazitako dirulaguntza itzultzeko kasuren batean sartzen badira, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoko Administrazioaren eta Zerbitzu Orokorren zuzendariak, dagokion ebazpenaren bidez, erabakiko du jaso gabe dauden zenbatekoak jasotzeko eskubidea galdu dela eta, hala badagokio, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoari jasotako kopuruak itzuli behar zaizkiola, bai eta dirulaguntza ordaindu zenetik hura itzuli behar dela erabakitzen den egunera bitarte edo zordunak itzulketa egiten duen arte –itzulketa egin behar duela erabaki aurretik egiten badu– dirulaguntzen arloan aplikagarriak diren berandutze-interesak itzuli behar zaizkiola xedatu ere, egokiak diren bestelako ekintzak eragotzi gabe, bat etorriz Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 40. artikuluan ezarritakoarekin.
Zenbateko horiek diru-sarrera publikotzat joko dira dagozkien lege-ondorioetarako, eta, erantzukizunei dagokienez, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 46. artikuluan zehaztutako araubideari jarraituko zaio.
Ez-betetze partzialen kasuan, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoko Administrazioaren eta Zerbitzu Orokorren zuzendariak entitate onuradunak itzuli beharreko kopurua zehaztuko du, proportzionaltasun-printzipioa aplikatuta, justifikatutako kostuen eta egiaztatutako jarduketen arabera, hasieran aurrez ikusitako eperako kontratatzeko betebeharra edo ezarritako eran kontratatzekoa betetzen ez bada, zenbatekoa osorik itzuli behar denean salbu.
2.– Laguntzak itzultzeko prozedurak bat etorri beharko du Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearekin eta hura garatzeko araudiarekin.
3.– Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoko Administrazio eta Zerbitzu Orokorren zuzendari nagusiak abiaraziko du laguntzaren itzulketa-prozedura, eta idazkia bidaliko dio entitate onuradunari, ez-betetzea eragin duen gertaera –edo gertaerak– jakinarazteko, eta adieraziko dio hamabost eguneko epea duela egoki ikusten dituen alegazioak edo egiaztagiriak aurkezteko. Prozedura hasten denean, eten egingo dira artean egin gabe dauden ordainketak, halakorik egonez gero.
4.– Alegazioak aurkezteko epea igarotakoan, halakorik aurkeztu ez bada edo ez badira onartu, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoko Administrazio eta Zerbitzu Orokorren zuzendariak ebazpena emango du. Itzulketa-prozedura gehienez 12 hilabeteko epean ebatzi beharko da.
5.– Ebazpenak arauren bat bete gabe utzi dela iritziz gero eta dirulaguntza osorik edo zati bat jasotzeko eskubidea galdutzat ematen badu, interesatuak Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoari itzuli beharko dizkio dagozkion diru-kopuruak; horretarako, bi hilabeteko epea izango du, ebazpena jakinarazten denetik hasita. Epe hori borondatezko alditzat joko da.
6.– Borondatezko epe horretan dirulaguntza itzultzen ez bada, dirulaguntza premiamendu-bidetik berreskuratzeko izapideak hasiko dira, salbu eta Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Diru-bilketa Erregelamenduan ezarritakoaren arabera zorraren konpentsazioa aplikatu behar denean.
17. artikulua.– Datu-babesari buruzko informazioa.
Datu pertsonalen babesaren arloan, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoaren jarduera bi xedapen hauen mende egongo da: Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorra (EB 2016/679 Erregelamendua) eta abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoa, Datu Pertsonalak Babesteko eta Eskubide Digitalak Bermatzekoa. Biltzen diren datu pertsonalak «Enplegurako eta enpleguko prestakuntzarako dirulaguntzak» izeneko tratamendu-jardueraren barruan egongo dira. Jarduera horren arduraduna Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoa da, eta jardueraren helburua da Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoaren eskumen diren enplegu-politika aktiboekin zerikusia duten dirulaguntzak kudeatu eta kontrolatzea, bai eta iruzurrari jazartzea eta datuak estatistiketan erabiltzea ere. Eskuratzen diren datuak beharrezkoak dira Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoari emandako botere publikoak gauzatzeko eta lege-betebeharrak betetzeko, eta arlo horretan eskumena duten administrazio publikoei komunikatu ahal izango zaizkie.
Datuen titularrek datuak irispidean izateko, zuzentzeko eta ezerezteko eta informazioaren tratamendua mugatzeko eta tratamenduaren aurka egiteko eskubideak erabili ahal izango dituzte tratamenduaren arduradunaren aurrean, datuen babesaren arloko eskubideak baliatzeko prozeduraren bidez. Prozedura hori www.euskadi.eus/zerbitzuak/10842/ helbidean argitaratu da.
Datuen babesari buruzko informazio osagarri eta zehatza hemen kontsulta dezakezu: https://www.euskadi.eus/informazio-klausulak/web01-sedepd/eu/gardentasuna/074300-capa2-eu.shtml
18. artikulua.– Eskumenari buruzko Europako araudia.
1.– Deialdi honen xede diren laguntzek bat etorri beharko dute «minimis» laguntzei buruzko arauarekin, zeina erregelamendu honetan ezartzen baita: Europar Batasunaren Funtzionamendu Tratatuko 107. eta 108. artikuluak «minimis» laguntzei aplikatzeari buruz Batzordeak 2023ko abenduaren 13an egindako (EB) 2023/2831 Erregelamendua. Kalifikazio horren ondorioz, enpresa bakar bati «minimis» laguntzetan ezin zaio guztira 300.000 euro baino gehiago eman, hiru urteko edozein alditan.
Muga hori aplikatzeko, kontuan hartu beharko da nola definitzen den «enpresa bakarra» erregelamendu horretako 2.2 artikuluan.
2.– Laguntza eskatzen duenak aurreko hiru urteetan jasotako «de minimis» laguntzei buruzko aitorpena egin beharko du, ziurtatzeko «de minimis» laguntza berriak ez duela gaindituko ezarritako gehieneko muga.
19. artikulua.– Dirulaguntzen arloan aplikatu beharreko arauak.
Laguntza-programa honi Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legean, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren oinarrizko araudian eta lege hori garatzen duen erregelamenduan bildutakoa aplikatu behar zaio (erregelamendu hori uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren bidez onartu zen).
RSS