
104. zk., 2026ko ekainaren 4a, osteguna
- Bestelako formatuak:
- PDF (267 KB - 13 orri.)
- EPUB (135 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
LANBIDE-EUSKAL ENPLEGU ZERBITZU PUBLIKOA
2397
EBAZPENA, 2026ko maiatzaren 27koa, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoaren zuzendari nagusiarena, zeinaren bidez argitaratzen baita Euskal Autonomia Erkidegoan enplegurako prestakuntzako entitateek berrikuntzaren arloan egiten duten inbertsioa finantzatzeko dirulaguntzen 2026ko deialdirako oinarriak.
Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoko Administrazio Kontseiluak 2026ko maiatzaren 27ko bilkuran hartutako Erabakiaren bidez, Euskal Autonomia Erkidegoko enplegurako prestakuntzako entitateek berrikuntzaren arloan egiten duten inbertsioa finantzatzeko 2026ko ekitaldiko laguntzen deialdia onartu du, apirilaren 29ko 93/2025 Dekretuaren bidez onartutako estatutuen 11.j artikuluan ezarritakoarekin bat.
Estatutu horien 14.2.n) artikuluan xedatutakoaren arabera, zuzenbide pribatuko erakunde publiko horren zuzendari nagusiari dagokio oinarriak argitaratzea.
Horiek horrela, honako hau
EBAZTEN DUT:
Lehenengoa.– Argitara ematea Euskal Autonomia Erkidegoan enplegurako prestakuntzako entitateei berrikuntzaren arloko inbertsioa finantzatzeko dirulaguntzen 2026ko deialdia, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoko Administrazio Kontseiluak 2026ko maiatzaren 27ko bilkuran hartutako erabakiaren bidez onetsia (ebazpen honen eranskinean dago jasota).
Bigarrena.– Aditzera ematea Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoko Administrazio Kontseiluak 2026rako dirulaguntzei buruzko deialdia egiteko oinarriak onartzeko hartutako erabakiak Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango dituela ondorioak.
Hirugarrena.– Aditzera ematea 2026ko ekitaldirako dirulaguntzen deialdiaren oinarriak onartzen dituen Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoko Administrazio Kontseiluaren Erabakiaren aurka, berraztertze-errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaiola organo horri berari, hilabeteko epean, ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkeztu ahal izango da zuzenean Vitoria-Gasteizko Administrazioarekiko Auzien Epaitegian, bi hilabeteko epean, ebazpena aldizkari horretan argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.
Vitoria-Gasteiz, 2026ko maiatzaren 27a.
Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoaren zuzendari nagusia,
FRANCISCO PEDRAZA MORENO.
ERANSKINA
Maiatzaren 31ko 82/2016 Dekretuak Euskal Autonomia Erkidegoan Enplegurako Lanbide Heziketa arautzen du. Dekretu horren 2. artikuluan ezartzen da enplegurako lanbide-heziketa lanbide-heziketaren sistemetako bat dela, eta tresnak eta ekintzak dituela enpresen artean eta langileen artean (langabe nahiz landun) prestakuntza bultzatzeko eta zabaltzeko, lehiakortasun- eta kualifikazio-beharrizanei erantzute aldera; prestakuntza horrek, halaber, gizartea kohesionatzen eta ekonomia garatzen lagunduko du, jakintzan oinarritutako ekonomia batean.
Lehendakariaren ekainaren 23ko 18/2024 Dekretuak, zeinaren bitartez Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen baitira eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzen, Ekonomia, Lan eta Enplegu Sailari izendatzen dizkio enplegu-politika eta enplegurako lanbide-heziketa, eta Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak lankidetzan aritu behar du sailarekin azken horretan, berari dagozkion arduren barruan, hori guztia Hezkuntza, Zuzendaritza, Antolamendu eta Plangintza Sailari oro har lanbide-heziketaren esparruan esleitutako eginkizunei kalterik egin gabe.
Bestalde, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoa zuzenbide pribatuko erakunde publikoa, zeina Ekonomia, Lan eta Enplegu Sailari atxikita baitago, egitekoen artean ditu, besteak beste, enplegu-programen, enplegurako prestakuntzako programen eta autoenplegua eta enpresen sorkuntza sustatzeko programen kudeaketa, bat etorriz maiatzaren 22ko 93/2025 Dekretuak onartutako zuzenbide pribatuko erakunde publikoaren estatutuen 4.f) artikuluarekin. Egitasmo nagusietako bat enplegurako lanbide-heziketa ematea da, askotariko prestakuntza-eskaintzekin.
Enplegurako lanbide-heziketa lan-merkatuan sartzeko eta langileen enplegagarritasuna hobetzeko laguntza erabakigarria ematen duen tresnetako bat da. Testuinguru horretan, Euskal Autonomia Erkidegoko langabeek eta landunek prestakuntza-eskaintza zabala izateko aukera izango dute, eta eskaintza horrek enplegagarritasuna modu eraginkorrean hobetzen lagunduko du; gainera, prestakuntzak enpresen beharrei erantzutearen alde egingo du, eta ekoizteko bitarteko eta metodoen berrikuntza- eta eguneratze-eremu guztiak bilduko ditu.
2021-2024ko Enplegu Plan Estrategikoak hauxe dio: «Trantsizio digital, energetiko-klimatiko eta sozio-demografiko hirukoitza gertatzen ari da, herrialdeen, negozioen, industrien, gizarteen eta pertsonen etorkizuna eraldatzeko gaitasuna duena, baina enplegua sortzeko aukera ere izan daitekeena; horretarako, beharrezkoa da pertsona prestatuak izatea». «Kualifikazio handiko eskulana behar da, ondo prestatua eta moldagarria, eta desorekarik ez izatea biztanleria aktiboaren kualifikazioaren eta hiru trantsizioei lotutako profiletan enpresek dituzten premien artean.»
Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoari ezinbestekoa iruditzen zaio langabeak eta landunak prestatzen lankidetzan aritzen diren entitateek EAEko enpresa-sarearen beharretara ondoen egokitzen diren eta eguneratuen dauden bitarteko eta instalazioak edukitzea eta, beraz, eguneratze eta egokitzapen hori babestea.
Enplegurako prestakuntza-erakundeentzako berrikuntzako inbertsioa finantzatzera bideratutako dirulaguntzak aurreikusita daude Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoaren 2026-2029 aldirako Dirulaguntzen Plan Estrategikoan, honako helburu hauen barruan: 2. helburu estrategikoa («Produkzio-sistemara egokitzen den enplegu erresilientea») eta 2.2 gako estrategikoa (Prestakuntza eraginkorragoa eta gure produkzio-sarearen benetako beharrizanetatik hurbilago dagoena, gaitasun profesionalak zein zeharkakoak garatzen dituena). Plana Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoaren 2026-2029 aldirako Dirulaguntzen Plan Estrategikoa onartzen duen Jaurlaritzako lehendakariorde bigarrenaren eta Ekonomia, Lan eta Enplegu sailburuaren 2026ko urtarrilaren 14ko Aginduaren bidez onartu da, eta Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoaren web-orrian argitaratu da, www.lanbide.euskadi.eus, «Laguntzak eta dirulaguntzak» atalean. Dirulaguntza hauen bidez ekonomikoki finantzatu ahal izango dira Euskal Autonomia Erkidegoan kokatutako instalazioetako azpiegitura berritzaileak, prestakuntza-ekintzak kalitate-bermeekin irakasteko aukera emango dutenak.
Horregatik guztiagatik, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoaren zuzendari nagusiaren proposamenez, zuzenbide pribatuko erakunde publiko horretako Administrazio Kontseiluak, 2026ko maiatzaren 27ko bilkuran, ontzat eman du Euskal Autonomia Erkidegoan prestakuntza-entitateek berrikuntzaren arloan egiten duten inbertsioa finantzatzeko dirulaguntzen deialdia, honako baldintza hauekin:
1. artikulua.– Xedea.
Oinarri hauen xedea da 2026ko ekitaldirako enplegurako lanbide-heziketa ematen duten erakundeentzako dirulaguntzak ematea, azpiegitura berritzaileak emateko inbertsioa finantzatze aldera, Euskal Autonomia Erkidegoan dauden instalazioetan, prestakuntza-ekintzak eman daitezen kalitate, eguneraketa eta eraginkortasuneko bermeekin, enpresen errealitate teknologikora eta gaur egun dituzten ekoizpen-bitartekoetara egokituta. Hartara, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoak diruz lagundutako prestakuntzak merkatuaren benetako beharrei erantzungo die, eta, beraz, sustatu egingo du enpresen lehiakortasuna eta langileen laneratzea.
2. artikulua.– Baliabide ekonomikoak.
Deialdi hau finantzatzeko baliabide ekonomikoak 1.500.000 eurokoak dira guztira, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoaren 2026ko aurrekontuko ordainketa-kredituaren kontura.
Baliabide horiek bi dirulaguntza-lerrotan banatzen dira, honela:
a) 250.000 euro PC ordenagailuetan, eramangarrietan edo tabletetan egindako inbertsioetarako, 4. artikuluan eta, bereziki, 4.3 artikuluan aurreikusitako baldintzetan.
b) 1.250.000 euro, gainerako inbertsioetarako.
Baldin dirulaguntza-lerro batean kreditua amaitzen ez bada, soberakinarekin beste lerroko laguntzak finantzatu ahal izango dira, eskabideak aurkeztu diren ordenaren arabera.
3. artikulua.– Erakunde onuradunak.
1.– Baldintza hauek betetzen dituzten prestakuntza-entitateek eskuratu ahal izango dituzte deialdi honetan aurreikusitako dirulaguntzak:
– Eusko Jaurlaritzaren mendekoa ez den prestakuntza-entitate pribatu edo publikoa izatea.
– Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoak kudeatutako prestakuntza-entitateen erregistroan, prestakuntza-entitateen beste erregistro autonomiko batean edo Prestakuntza Entitateen Estatuko Erregistroan izena emanda edo akreditatuta egotea, dirulaguntza-eskabidea aurkezten denerako, dirulaguntzaren xede diren inbertsioei lotutako lanbide arloko bi prestakuntza espezialitate, gutxienez, emateko.
– Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoak diruz lagundutako prestakuntza-ekintzak eman izana, laguntzaren xede diren inbertsioak lotuta dauden lanbide-arlokoak, honako bi baldintza hauek betez:
• Aurtengo ekitaldian espezialitate horiek ematen aritzea edo 2022-2026 aldian gutxienez hiru ekitalditan eman izana,
• Urtean batez beste arlo horretako bi prestakuntza-ekintza eman izana, gutxienez. Batezbesteko hori honela kalkulatuko da: 2022. eta 2026. urteen artean (biak barne) eman diren edo emango diren ekintzen batura zati ekintza horiek eman diren urteen kopurua.
2.– Ezingo dira onuradun izan egoera hauetako batean diren entitateak:
a) Delitu hauetakoren bat egiteagatik kondenatua izana: prebarikazioa, funtzionario-eroskeria, ondasun publikoak bidegabe erabiltzea, eragimen-trafikoa, iruzurrak eta legearen aurkako ordainarazpenak edo hirigintza-delituak.
b) Epai edo administrazio-ebazpen irmo batek kondenaturik edo zehaturik egotea eta horren ondorioz dirulaguntza edo laguntza publikoak lortzeko aukera galdu izana eta kondena- edo zehapen-epea igaro gabe egotea.
c) Borondatezko konkurtsoa deklaratzeko eskaria egin izana, edozein prozeduratan kaudimengabetzat jota egotea, konkurtsoan deklaratuta egotea –konkurtso horretan hitzarmen bat indarrean jarri bada izan ezik–, esku-hartze judizialaren mende egotea edo Konkurtsoaren uztailaren 9ko 22/2003 Legearen arabera desgaituta egotea eta konkurtsoa kalifikatzeko epaian finkatutako desgaikuntza-aldia oraindik amaituta ez egotea.
d) Administrazioarekin egindako edozein kontraturen amaiera irmoa eragin izana, auziren batean errudun deklaratu dutelako.
e) Merkataritza-sozietateen administratzaileak edo beste pertsona juridiko batzuen legezko ordezkarien kasuan, bateraezintasun-egoera hauetakoren batean daudenak: Administrazio Publikoen Zerbitzuko Langileen Bateraezintasunei buruzko abenduaren 26ko 53/1984 Legean aurreikusitako bateraezintasunen araubideko egoeraren batean eta Kargu publikodunen jokabide-kodea eta haien interes-gatazkak arautzen dituen ekainaren 26ko 1/2014 Legean aurreikusitako egoeraren batean. Halaber, Hauteskunde Araubide Orokorrari buruzko ekainaren 19ko 5/1985 Lege Organikoan araututako hautapen bidezko karguren bat betetzea, arau horretan edo gai hauek arautzen dituen araudi autonomikoan agindutakoaren arabera.
f) Zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean ez izatea, Ekonomia eta Ogasuneko sailburuaren 2023ko otsailaren 13ko Aginduan xedatutakoaren arabera (2023ko otsailaren 17ko EHAA).
Organo kudeatzaileak automatikoki egiaztatuko du zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak betetzen diren, dirulaguntza eman eta ordainketa bakoitza egin baino lehen. Hala ere, eskatzaileak berariaz egin ahal izango dio aurka egiaztapen horri, eta, kasu horretan, baldintza hori egiaztatzen duten ziurtagiri eguneratuak aurkeztu beharko ditu.
g) Egoitza fiskala erregelamenduz paradisu fiskaltzat hartutako lurralde edo herrialde batean izatea.
h) Dirulaguntzei dagokienez, itzulketa-betebeharren ordainketak egunean ez dituztenak, Ekonomia eta Ogasuneko sailburuaren 2023ko otsailaren 13ko Aginduaren 4. artikuluan aurreikusitakoaren arabera (2023ko otsailaren 17ko EHAA). Konpromisoa hartu beharko dute egoera horretan gertatzen den edozein aldaketaren berri emateko, emandako dirulaguntza osoa justifikatu arte.
i) Dirulaguntza edo laguntza publikoak eskuratzeko aukera kentzen dien zigor-zehapena edo administrazio-zehapena ezarrita izatea, honako hauek barne:
– Sexuagatiko diskriminazioa eragiteagatik, edo Emakumeen eta gizonen berdintasunerako eta emakumeen aurkako indarkeria matxistarik gabe bizitzeko Legearen testu bategina onartzen duen martxoaren 16ko 1/2023 Legegintzako Dekretuaren 3.1 artikuluan jasotako diskriminazio anizkoitza eragiteagatik.
– Ebazpen irmo baten bidez zehapen osagarri bat jasotzeagatik, Lan Arloko Arau Hausteei eta Zehapenei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen abuztuaren 4ko 5/2000 Legegintzako Errege Dekretuaren 46.1.b) eta 46 bis 1.b) artikuluetan xedatutakoaren arabera.
j) Dirulaguntzak edo bestelako laguntzak jasotzea eragozten dien legezko kausak izatea, hauek barne:
– Ez edukitzea berdintasun-planik indarrean, nahiz eta enpresa Estatuaren araudiaren arabera horretara behartuta egon.
– Ez edukitzea ezarrita neurririk sexu-jazarpena, sexuan oinarritutako jazarpena eta sexu-indarkeriak prebenitzeko eta haien aurka borrokatzeko, emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloko Estatuko legeriak ezarritakoaren arabera, 50 langile baino gehiago dituzten enpresen kasuan.
– LGTBIfobia egitea, bultzatzea edo sustatzea, konbertsio-terapiak sustatzea edo egitea barne.
k) Zehatuta egotea, administrazio-bideko ebazpen irmo baten bidez, arau-hauste astun edo oso astun bat egiteagatik, Hondakinak eta Lurzoru Kutsatuak arautu eta Ekonomia Zirkularra bultzatzeko apirilaren 8ko 7/2022 Legean edo Euskadiko Ingurumen Administrazioari buruzko abenduaren 9ko 10/2021 Legean xedatutakoaren arabera, harik eta behar diren neurri zuzentzaileak hartu eta zehapena ordaindu arte.
l) Desgaitasuna dutenentzat lanpostuak gordetzeko legez ezarritako kuota ez betetzea, edo, bestela, hori betetzeko ordezko neurririk hartu gabe egotea.
m) Elkarteen kasuan, Elkartzeko Eskubidea arautzen duen martxoaren 22ko 1/2002 Lege Organikoaren 4. artikuluko 5. eta 6. paragrafoetan aurreikusitako debeku-kausen eraginpean egotea.
n) Legez kontrako egintza penalen zentzuzko zantzuak aurkitu zaizkiola-eta inskripzio-prozedura administratiboa eten zaion elkarte bat izatea, Elkartzeko Eskubidea arautzen duen martxoaren 22ko 1/2002 Lege Organikoak 30.4 artikuluan xedatutakoa aplikatuta, dagokion erregistroan inskribatzeko aukera ematen dion ebazpen judizial irmorik ez dagoen bitartean.
ñ) Proiektuaren kostua baino gehiagoko dirulaguntza jaso dutenak deialdi honen barruan diruz lagundutako jarduerak egiteko.
o) Dirulaguntzen azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13.2 eta 13.3 artikuluetan xedatzen diren gainerako egoeraren batean daudenak.
p) Enpresa-deslokalizazioko kasuren batean egotea, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 49. artikuluan ezarritakoaren arabera.
q) 30.000 eurotik gorako dirulaguntzetan, eta eskatzailea irabazi-asmoa duen pertsona fisikoa edo juridikoa bada, zuzenbide publikoko entitate ez dena, Merkataritza Eragiketetan Berankortasunaren Aurkako Neurriak ezartzen dituen abenduaren 29ko 3/2004 Legean ezarritako ordainketa-epeak betetzen ez dituztenak Dirulaguntzen azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorreko 13.3 bis artikuluan aurreikusitako moduan. Eskakizun hori betetzat joko da abenduaren 29ko 3/2004 Legean aurreikusitako ordainketa-epeen betetze-maila Enpresak Sortu eta Handitzeko irailaren 28ko 18/2022 Legearen azken xedapenetako seigarreneko d) letrako bigarren apartatuan aurreikusitako ehunekoaren parekoa edo handiagoa denean (aurreko ekitaldian hornitzaileei egindako ordainketa guztietatik ordaindutako fakturen % 90, abenduaren 29ko 3/2004 Legean ezarritako gehieneko epea igaro baino lehen).
3.– Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoak ez badu egiaztatzen 2. apartatuan xedatutako eskakizunen bat, erantzukizunpeko adierazpen baten bidez egiaztatu beharko da, eskabide-inprimakian dagoen adierazpenean.
Aurreko q) apartatuan jasotako eskakizuna egiaztatzeko, dokumentu hauek aurkeztu beharko dira:
– Pertsona fisiko edo juridiko eskatzaileak kontabilitate-araudiaren arabera galdu-irabazien kontu laburtua aurkezteko modurik badu, 38/2003 Legearen 13.3 bis artikuluko a) apartatuan aipatutako ziurtagiria aurkeztu beharko du, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoak emandako eredua erabiliz.
Ziurtagiri hori dirulaguntza-eskabidearekin batera aurkeztu beharko da.
– Eskatzaileak ezin badu aurkeztu galdu-irabazien kontu laburturik kontabilitate-araudiaren arabera, betekizun hori 38/2003 Legearen 13.3 bis artikuluko b) apartatuan aipatzen diren agirien bidez egiaztatuko da, hau da, Kontu Auditoreen Erregistro Ofizialean inskribatuta dagoen auditore batek emandako ziurtagiriaren bidez, zeinak apartatu horren 1. zenbakian eskatutako edukia izango baitu; edo, ziurtagiri hori ematea ezinezkoa bada, Prozedura Adostuen Txostenaren bidez, apartatu horren 2. zenbakian eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren Erregelamenduaren 22 bis artikuluan aurreikusitako eran (erregelamendu hori uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren bidez onartu zen).
Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoak, hala badagokio, dirulaguntzak emateko ebazpenak eman aurretik eskatuko die erakunde eskatzaileei aurreko paragrafoan aipatzen diren dokumentuak aurkezteko.
4. artikulua.– Diruz lagundu daitezkeen jarduerak.
1.– Deialdi honen babesean diruz lagundu ahal izango dira makina edo ekipamendu aurreratuak erosi edo alokatzeko jarduketak, renting eta leasing modalitateak barne, bai eta horiek instalatzeko gastuak ere, baldin eta beharrezkoak badira lanbide-arlo bereko prestakuntza-espezialitateak emateko, berrikuntzaren arloko inbertsioa eragiten badute, edo azpiegiturak lan-merkatuan gertatzen diren aldaketa teknologikoetara egokitzea eta eguneratzea badakarte, langileei aldaketa horietara egokitutako prestakuntza emate aldera.
Alokatze, renting eta leasing kasuetan, kontratuaren iraupena gutxienez 2028ko abenduaren 31ra arte luzatu beharko da, eta haren iraupena kontratu bidez edo eskabidean egindako erantzukizunpeko adierazpenean zehaztu beharko da. Gainera, 2026rako gastuaren justifikazioa aurkeztu beharko da.
Leasing kasuan, kontratuaren iraupena txikiagoa izan daiteke, baldin eta egiaztatzen bada prestakuntza-entitateak konpromisoa duela kontratua amaitzean hura erosteko, 6.3.b) artikuluan adierazitakoaren arabera.
Era berean, diruz lagundu ahal izango da ikaskuntza-metodologia eta -tresna berritzaileak ezartze aldera instalazioak hobetu edo aldatzeko gastu oro, apaingarriak aintzat hartu gabe.
2.– Diruz lagundutako ekipamenduak eta makinak dirulaguntzaren xede zehatzera bideratuko dira, gutxienez 2028ko abenduaren 31ra arte.
Horri dagokionez, fisikoki prestakuntzarako espazioetan kokatuko dira (prestakuntzaren tailerrean edo gelan), eta soilik prestakuntzarako erabiliko dira. Ez dira inoiz erabiliko ikastetxeko irakasleen edo zuzendaritzaren erabilera esklusiboko ekipamendu moduan. Beraz, dagokion espezialitaterako espezifikoak izango dira.
3.– 2.a) artikuluan esandakoaren baitan egindako inbertsioak PCak (PUZ + teklatua + pantaila), ordenagilu eramangarriak eta tabletak eskuratzeko besterik ez dira izango. Gainerako periferikoak, hala nola telebista-pantailak, inprimagailuak, eskanerrak, kamerak, mugikorrak, pda, software, aplikazioak... ez dira onartuko.
4.– Aurreko apartatuetan deskribatutako jarduketak Euskal Autonomia Erkidegoko instalazioetan ezarri beharko dira, izan propioak nahiz besterenak. Azken kasu horretan, errentamendu-kontratu bat edo instalazioak erabiltzeko hitzarmen bat eduki beharko da, aurreko apartatuan zehaztutako denborarako, gutxienez.
5.– 2026ko urtarrilaren 1aren eta dirulaguntza-eskabidea aurkeztu den egunaren artean egin beharko dira makina edo ekipoak erosteko, errentamendu, renting edo leasingeko kuotak ordaintzeko eta deialdi honetako dirulaguntzaren xede diren instalazioak hobetu edo aldatzeko jarduketak. Hala, diruz lagundu daitekeen gastua aldi horretan benetan ordaindutakoa izango da.
6.– Makinak edo ekipoak erosi edo alokatzeko kostua (rentinga eta leasinga barne) ez da inola ere izango merkatuko balioa baino handiagoa.
7.– Makineria eta ekipamenduak erostea zein alokatzea dela eta ordaindutako BEZa diruz laguntzeko modukoa izango da baldin eta ordaindutakoa zerga-arau aplikagarrien arabera ez bada berreskuragarria eta eskura dagoen azken ekitaldiari dagokion aitorpen-kitapenaren 390 eredua, edo zuzenbidean balio duen beste agiri frogagarriren bat aurkezten bada.
8.– Honako makina eta/edo ekipamendu mota hauek ez dira diruz lagunduko:
– Administrazioko elementu komunak; prestakuntzako gelan, tailerrean edo prestakuntza-jarduerak egiten diren espazio fisikoan kokatuta ez dauden elementu informatikoak, baldin eta prestakuntzarako soilik erabiltzen ez badira (eskanerrak, inprimagailuak eta abar); eta ikastetxeko irakasleek, zuzendaritzak eta administrazioak soilik erabiltzekoak diren ekipoak.
– Aplikazio informatiko edo teknologikoen erabilerarako software eta lizentziak, beren xedeko espezialitateetarako espezifikoak ez direnak.
– Sareko elementu komunak, hala nola zerbitzariak, wifi sarbideak eta beren xedeko espezialitaterako espezifikoak ez diren beste batzuk.
– Erabilera partekatu eta orokorreko beste edozein elementu, bere xedeko espezialitaterako espezifikoa ez bada.
– Prestakuntza-zentroa izena emanda edo akreditatuta dagoen instalazioen alokairua, rentinga edo leasinga, bai eta lanbide-arloko edukien ikaskuntzarekin zuzenean lotuta ez dauden altzari orokor guztiak ere.
– Edozein motatako elementuak, unitateko 100 eurotik beherako kostua dutenak eta multzo baten guztizkotzat hartzen ez direnak. 100 eurotik beherako kostua duten elementutzat ez dira hartuko 100 eurotik beherako (BEZa barne) prezio unitarioa duten ondasun, material edo osagaiak, baldin eta, gainera, ez badira ekipo, sistema edo sorta zatiezin baten multzo osoa. Elementu horiek modu independentean eskura daitezkeen osagarriak, piezak edo kontsumigarriak izango dira, eta horien funtzionaltasuna ez dago osotasun bat osatzeko beste elementu batzuk aldi berean eskuratzearen mende.
– Entitate eskatzaileak akreditatutako zein inskribatutako prestakuntza-espezialitateak gauzatzeko behar den material suntsikorreko elementuak.
– Memoria teknikoan behar bezala justifikatu gabeko ekipamendu eta makineria.
5. artikulua.– Dirulaguntzaren zenbatekoa.
1.– Dirulaguntzaren zenbatekoa diruz laguntzekoa den gastuaren zenbatekoaren gainean kalkulatuko da, hauen arabera:
– 2022tik 2026ra bitartean (biak barne) Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoak diruz lagundutako prestakuntza-ekintzen batezbesteko kopurua, lanbide-arlokoak eta edozein deialditakoak, dagoeneko eman direnak edo orain ematen ari direnak eta
– diruz lagundu nahi diren inbertsioei lotuta dauden lanbide-arloko prestakuntza-espezialitateen kopurua, prestakuntza-entitate eskatzailea espezialitate horiek emateko inskribatuta edo egiaztatuta badago, ehuneko hauek aplikatuta:
(Ikusi .PDF Fitxategia)
2.– Prestakuntza-entitate eta lanbide-arlo bakoitzeko gehieneko dirulaguntza 70.000 eurokoa izango da, kontuan hartu gabe 2. artikuluko dirulaguntzen lerro batera edo bi lerroetara aurkeztu den, eta entitate bakoitzeko gehienez hiru lanbide-arlo finantzatuko dira, dirulaguntzen bi lerroetan. Edonola ere, de minimis laguntzak arautzen dituen Europako legerian aurreikusitako muga aplika daiteke, deialdi hau legeria horren menpe baitago, 15. artikuluaren arabera.
6. artikulua.– Eskabideak aurkeztea eta izapidetze elektronikoa.
1.– Dirulaguntza-eskabideak, behar bezala eta guztiz beteta, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoaren bidez aurkeztu behar dira: https://www.euskadi.eus/egoitza-elektronikoa. Horra iristeko, esteka bat egongo da Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoaren webgunean.
Helbide honetan daude eskuragarri izapideak egiteko jarraibideak, erantzukizunpeko adierazpenak, ereduak eta eskabide-orria: https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/1218605
Eskabidea aurkeztu ondorengo izapideak, jakinarazpenak barne, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoko «Nire karpeta» atalaren bidez egingo dira: https://www.euskadi.eus/nirekarpeta
Izapidetze elektronikoa ordezkari baten bidez ere egin ahal izango da, eta, horretarako, ordezkaritza hori Eusko Jaurlaritzaren Ahalordeen Erregistro Elektronikoan inskribatu beharko da, helbide honetan: https://www.euskadi.eus/ordezkariak
2.– Eskabide bakarra aurkeztuko da entitate bakoitzeko eta dirulaguntza-lerro bakoitzeko (2. artikulua), diruz lagundu nahi diren gastuak lanbide-arloen arabera bereizita.
Inbertsio bakoitza lanbide-arlo bakar bati esleitu dakioke.
3.– Eskabide bakoitzarekin batera, dokumentazio hau aurkeztu behar da:
a) Aurkeztutako proiektu bakoitza deskribatzen duen memoria bat, elektronikoki sinatuta; bertan, egindako inbertsioaren azalpen deskribagarria, zergatik eta zertarako egin den, prestatze-jarduerari zer neurritan eragiten dion, harekin programatutako helburuen lorpen-mailari buruzko informazioa eta emaitzen eta hobetzeko proposamenen ebaluazioa jasoko dira. Memoria hori ez da onartuko inbertsioaren objektua eta haren kostua baizik ez bada aurkezten.
b) Justifikazio-memoria ekonomikoa. Agiri horretan, honako hauek jasoko dira:
– Erosketaren kasuan: fakturak eta ordainketaren egiaztagiriak, bai eta faktura horien zerrenda ere, hornitzailearen edo finantza-entitatearen identifikazioarekin, faktura-zenbakiarekin, fakturaren jaulkipen-datarekin eta ordainketa-datarekin.
– Alokairu, renting edo leasingaren kasuan: kuoten hileroko ordainagiriak edo fakturak, horiek ordaindu direla egiaztatuta, eta kontratuaren kopia edo erantzukizunpeko adierazpena, gutxienez 4.1 artikuluan aurreikusitako iraupenarekin. Leasingaren kasuan, kontratuaren iraupena artikulu horretan eskatutakoa baino txikiagoa bada, kontratua amaitzean hura erosteko aukera baliatzeko konpromisoa erantsi beharko da, bi aldeek sinatuta, edo, hala badagokio, diruz lagundu daitekeen aldiaren barruan benetan egindako erosketaren egiaztagiria.
– Instalazioak hobetu edo aldatuz gero, apaingarriak aintzat hartu gabe, egindako gastua eta ordainketa egiaztatzen duten agiriak.
c) Inbertsioa dirulaguntzaren bidez ez ezik funts propioen edo beste dirulaguntza edo bitarteko batzuen bidez ere finantzatu bada, zenbatekoa eta jatorria egiaztatu beharko dira.
d) Balio erantsiaren gaineko zerga berreskuratzeari buruzko informaziorako, dirulaguntzaren eskatzaileek zergaren aitorpenak aurkezteko betebeharrik ez dutela adierazten duen ziurtagiria aurkeztu beharko dute, zerga-administrazio eskudunak emandakoa, edo, hala badagokio, eskuragarri dagoen azken ekitaldiko zergaren urteko likidazio-aitorpenaren 390 ereduaren kopia.
e) Diruz lagundutako inbertsioarekin edo gastuarekin lotutako instalazioak ez badira propioak, errentamendu-kontratuaren kopia edo hura erabiltzeko baimena ematen duen hitzarmena edo erantzukizunpeko adierazpena (gutxienez 2028ko abenduaren 31ra arte) aurkeztu beharko da, 2026. urteko gastuaren justifikazioarekin batera.
f) 3.2.f) artikuluan aurreikusitako kasuan, sozietateek ezin badute galeren eta irabazien kontu laburtua aurkeztu, Kontu Auditoreen Erregistro Ofizialean inskribatutako auditore batek emandako ziurtagiria aurkeztu beharko dute.
4.– Aurkeztutako dokumentazioak ez baditu betetzen eskatutako baldintzak, interesdunari eskatuko zaio hamar egun balioduneko epean, errekerimendua jaso eta hurrengo egunetik zenbatzen hasita, akatsa zuzentzeko edo aurkeztu ez dituen nahitaezko agiriak eramateko. Halaber, ohartaraziko zaio, hala egiten ez badu, eskaeran atzera egin duela ulertuko dela aldez aurretik ebazpena emanda, urriaren 1eko 39/2015 Legearen 68. artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz.
5.– Eskabideak aurkezteko epea deialdi hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean hasi eta 2026ko uztailaren 31n amaituko da.
7. artikulua.– Prozedura eta ebazpena.
1.– Prozedura kudeatzeko organo eskuduna Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoaren Enplegu eta Prestakuntzaren Zuzendaritza izango da; eta ebazteko organo eskuduna, berriz, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoaren Administrazioaren eta Zerbitzu Orokorren Zuzendaritza.
2.– Berrikuntzaren arloko inbertsioaren laguntzetarako dirulaguntza emateko prozedura ondoz ondoko lehiaketa izango da.
Eskabideek deialdi honetako eskakizunak betetzen dituztela egiaztatu ondoren, ordenan emango dira laguntzak, espedientea osatuta dagoen unearen arabera.
Aurrekontu-zuzkidura amaitutakoan, geratzen diren eskabideei ezezkoa emango zaie, eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuta emango da inguruabar horren berri, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoaren Enplegu eta Prestakuntzaren Zuzendaritzaren ebazpen baten bidez.
3.– Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoaren Administrazioaren eta Zerbitzu Orokorren Zuzendaritzak laguntzak emateko edo ukatzeko ebazpena emango du, eta ebazpena banan-banan jakinaraziko da, egoitza elektronikoaren bidez.
Deialdi honetan araututako dirulaguntzak emateko ebazpenetan, berariaz aipatuko da emandako dirulaguntzak «minimis» izaera duela.
4.– Eskabideak ebazteko eta ebazpenak jakinarazteko gehieneko epea sei hilabetekoa da, eskabide telematikoa egoitza elektronikoaren bidez erregistroan sartzen den egunetik aurrera. Epe hori igarotakoan entitate interesdunari ebazpena jakinarazi ez bazaio, dirulaguntzaren eskaera ezetsi dela ulertuko da.
5.– Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoaren Administrazioaren eta Zerbitzu Orokorren Zuzendaritzaren ebazpenek ez diote amaierarik ematen administrazio-bideari, eta haien aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu dakioke Lanbide Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoaren Zuzendaritza Nagusiari, hilabeteko epean, ebazpena jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera.
6.– Publikotasunaren printzipioa betetzeko, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoaren Administrazioaren eta Zerbitzu Orokorren Zuzendaritzaren ebazpenaren bidez, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da zer entitatek jaso dituzten dirulaguntzak deialdi honen babesean eta zenbateko laguntza jaso duten.
8. artikulua.– Prestakuntza-entitate onuradunen betebeharrak.
Prestakuntza-erakunde onuradunen betebeharrak dira, deialdi honen artikuluetan zehar aurreikusitakoez gain, oro har Dirulaguntzen araubidea erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 14. eta 42. artikuluetan ezartzen direnak, zehazki, honako hauek:
a) Diruz lagundutako makineria eta/edo ekipamenduak dirulaguntzaren xede zehatzerako erabiltzea, gutxienez 2028ko abenduaren 31ra arte.
b) Jasotako funtsak erabili izana justifikatzen duten agiriak gordetzea, baita agiri elektronikoak ere, egiaztapen- eta kontrol-jardueren xede izan baitaitezke.
c) Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoari, Kontrol Ekonomikoko Bulegoari eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiari informazioa ematea deialdi honen kargura jasotako dirulaguntzei buruz, haien jardunak hala eskatzen duenean.
d) Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoari jakinaraztea edozein administrazio edo ente publiko nahiz pribaturen eskutik dirulaguntzak, laguntzak, diru-sarrerak edo baliabideak eskuratu direla, deialdi honetan aurreikusitako xede bererako.
e) Dirulaguntza ematerakoan kontuan hartutako egoeraren bat aldatu bada, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoari jakinaraztea.
f) Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoko langileei diruz lagundutako inbertsioak kokatzen diren instalazioetan sartzen uztea.
g) Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoak emandako finantzaketaren berri berariaz jasotzea diruz lagundutako jarduera guztietan, bai eta jarduera horietatik eratortzen diren ekintzetan ere. Finantzaketari zabalkundea emateko, euskarri informatikoetan nahiz bestelakoetan adierazpen hau sartu beharko da: «Makina edo ekipamendu honek Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoaren kofinantzaketa jaso du 2026. urteko deialdian».
9. artikulua.– Dirulaguntza ordaintzea.
Emandako dirulaguntza ordainketa bakar batean ordainduko da, dirulaguntza emateko ebazpena eman ondoren, entitate onuradunak horretarako adierazitako banku-kontuan.
Erakundeak Lanbideren ordainketarik jaso ez badu edo banku-datuak aldatu nahi baditu, hirugarrenaren datuen fitxa bete beharko du; fitxa hori Lanbideren web-orrian dago eskuragarri.
10. artikulua.– Dirulaguntza aldatzea.
Dirulaguntza emateko kontuan hartutako baldintzetan ezer aldatuz gero, gerta liteke emandako dirulaguntza ere aldatzea; nolanahi ere, eutsi egingo zaie deialdi honetan dirulaguntzen onuradun izateko ezarritako gutxieneko eskakizunei eta Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 25. artikuluan jasotakoei. Baldintzen aldaketa horren ondorioz dirulaguntza osoa edo zati bat itzuli behar bada, itzultzeko prozedura hasiko da, Dirulaguntzen araubidea erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 40. artikuluarekin bat etorriz.
11. artikulua.– Beste dirulaguntza edo laguntza batzuekin bateragarri izatea.
Deialdi honetan ezarritako dirulaguntzak bateragarriak dira edozein erakunde publiko edo pribatuk helburu bererako ematen dituenekin, betiere horren ondorioz gainfinantzaketarik gertatzen ez bada, Dirulaguntzen araubidea erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 25. artikuluarekin bat etorriz. Kasu horretan, bestelako dirulaguntza edo laguntza batzuk eskuratu direla jakinarazi beharko da. Gainfinantzaketa gertatuz gero, deialdi honen pean emandako dirulaguntzaren zenbatekoa murriztu egingo da, harik eta laguntzen baturak 4.5 artikuluan aurreikusitako aldiko gastu diruz lagungarriaren zenbatekoa gainditzen ez duen arte.
12. artikulua.– Jarraipena eta kontrola.
1.– Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoak behar diren egiaztapenak egingo ditu, diruz lagundutako makineria edo ekipamendua dirulaguntza eman zen helburu zehatzerako erabiltzen dela egiaztatzeko, 4.2 artikuluan eskatutako gutxieneko aldian.
2.– Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoak, prestakuntza ematen duen zentroarekin lankidetzan, berrikuntzaren arloko inbertsioa jaso duten prestakuntza-ekintzen jarraipena eta kontrola egingo ditu. Hori eskakizunak eta alderdi formalak betetzen direla egiaztatzeaz eta diruz lagundutako makina/teknologia berriak erabiliz emandako prestakuntzaren emaitza ebaluatzeaz harago doan lana da, eta kalitatearen hobekuntza bermatzeko balio izango du.
Horretarako, prestakuntza-ekintzak egiten diren eta eskuratutako horniduraren kokaleku den zentroa bisitatu ahalko da, eta idazki bidez jasoko da dirulaguntza onartzeko ezarritako baldintzak betetzeko beharra mantentzen dela (instalazioak, hornidura eta ekipamendua, baliabide didaktikoak, irakasleak...), edo, hala badagokio, zer-nolako irregulartasunak hauteman diren, ongi zehaztuta, arazoak konpon ditzaten.
3.– Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoak auditoretzen eta ikuskaritzen urteko plan bat ezarri ahalko du deialdiaren baldintzak betetzen direla egiaztatzeko eta diruz lagundutako makinak/teknologiak prestakuntza-entitatearen instalazioetan benetan zer egoeratan dauden aztertzeko.
13. artikulua.– Dirulaguntzak itzultzea.
1.– Ezingo da exijitu dirulaguntza ordaintzeko eta, hala badagokio, jasotako kopuruak osorik edo partzialki itzuli beharko dira eta dirulaguntzen arloan aplikatzen den atzerapen-interesa eskatuko da, dirulaguntza ordaintzen den unetik, baldin eta laguntzen entitate onuradunek urratu egiten badituzte Dirulaguntzen araubidea erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 14. eta 42. artikuluetan oro har aurreikusitako betebeharrak eta deialdi honetan espezifikoki aurreikusitako baldintzak, edo 20/2023 Legearen 36. artikuluan aurreikusitako itzulketa-arrazoiren baten huts egiten badute. Eta, bereziki, kasu hauetan:
a) Ez justifikatzea jarduera egin izana eta laguntza ematea edo baliatzea baldintzatzen duten baldintzak eta eskakizunak bete izana.
b) Dirulaguntza jasotzea horretarako behar diren baldintzak betetzen ez direnean.
c) Jarraipen- eta kontrol-lanei uko egitea edo oztopoak jartzea.
d) Diruz lagundutako ekintzak gauzatzeko baldintzei buruz errealitatearekin bat ez datozen datuak ematea.
e) Deialdi honetako komunikazio- eta hedapen-betebeharrak ez betetzea.
f) Deialdi honetan zehaztutako beste edozein betebehar, baldintza edo betekizunak ez betetzea.
2.– Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoko Administrazio eta Zerbitzu Orokorren Zuzendaritzak abiaraziko du itzulketa-prozedura, eta idazkia bidaliko dio entitate onuradunari, ez-betetzea eragin duen gertaera –edo gertaerak– jakinarazteko, eta hamabost egun balioduneko epean, egokitzat jotzen dituen alegazioak edo egiaztagiriak aurkezteko eskatuz.
3.– Alegazioak aurkeztu ondoren edo alegazio horiek egiteko epea igaro ondoren, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoko Administrazio eta Zerbitzu Orokorren Zuzendaritzak ebazpena emango du.
Laguntzak itzultzeko prozedura gehienez hamabi hilabeteko epean ebatzi beharko da.
4.– Ebazpenean ez-betetzeren bat izan dela iritziz gero, galdutzat emango da dirulaguntza jasotzeko eskubidea, eta, hala badagokio, bidezko diru-zenbatekoak Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoari itzuli beharko zaizkio, ebazpena jakinarazten denetik bi hilabete igaro baino lehen. Epe hori borondatezkotzat joko da.
Itzuli beharrekoak borondatezko epean itzultzen ez badira, premiamendu bidez berreskuratzeko izapideak hasiko dira.
14. artikulua.– Datuak babesteari buruzko informazioa.
Datu pertsonalen babesaren arloan, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoak bi xedapen hauen arabera jokatuko du: Datuak Babesteko (EB) 2016/679 Erregelamendua eta Datu Pertsonalak Babesteko eta Eskubide Digitalak Bermatzeko 3/2018 Lege Organikoa. Biltzen diren datu pertsonalak «Enplegurako eta enpleguko prestakuntzarako dirulaguntzak» izeneko tratamendu-jardueraren barruan egongo dira. Jarduera horren arduraduna Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoa da, eta jardueraren helburua da Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoaren eskumen diren enplegu-politika aktiboekin zerikusia duten dirulaguntzak kudeatu eta kontrolatzea, bai eta iruzurra jazartzea eta datuak estatistika helburuekin erabiltzea. Eskuratzen diren datuak beharrezkoak dira Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoari emandako botere publikoak gauzatzeko eta lege-betebeharrak betetzeko, eta arlo horretan eskumena duten administrazio publikoei komunikatu ahal izango zaizkie.
Datuen titularrek datuak irispidean izateko, zuzentzeko eta ezerezteko eta informazioaren tratamendua mugatzeko eta tratamenduaren aurka egiteko eskubideak erabili ahal izango dituzte tratamenduaren arduradunaren aurrean, datuen babesaren arloko eskubideak baliatzeko prozeduraren bidez, zeina www.euskadi.eus/zerbitzuak/10842/ helbidean baitago argitaratuta.
Datuen babesari buruzko informazio osagarri eta zehatza kontsultatzeko: https://www.euskadi.eus/informazio-klausulak/web01-sedepd/eu/gardentasuna/074300-capa2-eu.shtml
15. artikulua.– Lehiari buruzko Europako araudia.
1.– Agindu honetan jasotako dirulaguntzek hauetan xedatutakoa bete beharko dute: Europako Batzordearen 2023ko abenduaren 13ko (EB) 2023/2831 Erregelamendua, Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak de minimis laguntzei aplikatzeari buruzkoa. Kalifikazio horren ondorioz, enpresa bakar bati ezin zaio guztira 300.000 euro baino gehiago eman «minimis» laguntzetan, hiru urteko edozein alditan.
Muga hori aplikatzeko, kontuan hartu beharko da nola definitzen den «enpresa bakarra» Erregelamendu horren 2.2 artikuluan.
2.– Laguntzaren eskatzaileak aurreko hiru urteetan jasotako «minimis» laguntzei buruzko aitorpena egin beharko du, ziurtatzeko «minimis» laguntza berriak ez duela gainditzen aipatutako erregelamenduan ezarritako gehieneko muga.
16. artikulua.– Aplikatu beharreko araudia.
Laguntza-programa honi dirulaguntzen araubide juridikoa arautzen duten xedapen hauek aplikatu behar zaizkio: oinarrizko legediari dagokionez: Dirulaguntzei buruzko 38/2003 Lege Orokorra eta hura garatzen duen erregelamendua, uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren bidez onartua; eta, horiez gain, abenduaren 17ko 698/1991 Dekretua, Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren konturako dirulaguntzen bermeen eta itzultzeen araubide orokorra arautzen duena eta dirulaguntza horien kudeaketan parte hartzen duten entitate laguntzaileek bete beharreko baldintzak, araubidea eta betebeharrak ezartzen dituena, eta baita 20/2023 Legea, abenduaren 21ekoa, Dirulaguntzen Araubidea arautzen duena.
RSS