
104. zk., 2026ko ekainaren 4a, osteguna
- Bestelako formatuak:
- PDF (132 KB - 2 orri.)
- EPUB (110 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
INDUSTRIA, TRANTSIZIO ENERGETIKO ETA JASANGARRITASUNAREN SAILA
2394
EBAZPENA, 2026ko maiatzaren 7koa, Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasuneko Arabako lurralde-ordezkariarena, zeinaren bidez erabakitzen baita Aguraingo eta Iruraiz-Gaunako udal-mugarteetan (Araba) «Ubalza II» instalazio fotovoltaikoaren proiektuaren espedientea artxibatzea.
Espediente-zenbakia: 01 GE Y 202400047.
AURREKARIAK
2024ko maiatzaren 28an, Aguraingo eta Iruraiz-Gaunako udal-mugarteetan (Araba) «Ubalza II» instalazio fotovoltaikoa eraikitzeko proiektuaren aurretiazko administrazio-baimena eskatu zuen Cañaveras Solar, SL sustatzaileak.
2025eko apirilaren 7an, informazioa jendaurrean jartzeko eta eragindako administrazio publikoei eta interesdunei kontsultak egiteko izapideak hasi ziren, bat etorriz energia elektrikoa ekoizteko, garraiatzeko eta banatzeko instalazioak baimentzeko prozedurak arautzen dituen martxoaren 31ko 48/2020 Dekretuaren 10. eta 11. artikuluetan eta ingurumen-ebaluazioari buruzko araudian ezarritakoarekin.
Izapide horietan jasotako txostenak eta alegazioak sustatzaileari bidali zitzaizkion, aintzat har zitzan. Bereziki, Eusko Jaurlaritzako Natura Ondare eta Klima Aldaketara Egokitzeko Zuzendaritzak eta Arabako Foru Aldundiko Ingurumen Jasangarritasuneko eta Natura Ondareko Zerbitzuek egindako txostenen arabera, beharrezkoa zen proiektuan aldaketak egitea. Aldaketa horiek berekin zekarten okupatu beharreko azalera murriztea, eta, ondorioz, instalazio fotovoltaikoaren potentzia instalatua gutxitzea.
2026ko otsailaren 17an, Cañaveras Solar, SLk 01GEY 202400047 administrazio-espedientea artxibatzeko eskatu zuen, proposatutako proiektuari aurkeztutako txostenak ikusita, eta kontuan izanda proiektua ezin zela izapidetzen jarraitu hasieran proposatu zen moduan. Halaber, gordailututako berme ekonomikoak itzultzeko eskatu zuen, berme ekonomikoak betearazteko aurreikusitako salbuespenak aplikagarri zirelakoan. Proiektuaren bideraezintasun tekniko eta ekonomikoa justifikatzen duen peritu-txostena aurkeztu zuen.
ZUZENBIDEKO OINARRIAK
Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasuneko Arabako lurralde-ordezkaritza da espediente hau izapidetzeko eta ebazteko organo eskuduna, Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasunaren Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen abenduaren 3ko 410/2024 Dekretuaren 20. artikuluan xedatutakoaren arabera.
Espediente hau izapidetzean, lege-xedapen hauetan ezarritakoa bete da: martxoaren 31ko 48/2020 Dekretua, energia elektrikoa ekoitzi, garraiatu eta banatzeko instalazioak baimentzeko prozedurak arautzen dituena; abenduaren 9ko 21/2013 Legea, ingurumen-ebaluazioari buruzkoa, eta abenduaren 9ko 10/2021 Legea, EAEko ingurumen-administrazioari buruzkoa.
Sustatzaileak aurkeztutako peritu-txostena aztertuta, ondorioztatzen da administrazio publiko eskudunek ezarritako baldintzatzaileen ondoriozko proiektua bideraezina izango litzatekeela teknikoki eta ekonomikoki.
Bestalde, espedientean jasota dauden administrazio eskudunen txostenak ikusita, uste da aplikagarria dela salbuespen hau: energia elektrikoaren garraio- eta banaketa-sareetarako sarbideari eta konexioari buruzko abenduaren 29ko 1183/2020 Errege Dekretuaren 23.6 artikuluan jasotako berme ekonomikoak betearazteko salbuespena.
Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 94. artikuluaren arabera, interesdunek atzera egin ahal izango dute beren eskaeran, edo, ordenamendu juridikoak debekatzen ez duenean, uko egin ahal izango diete beren eskubideei. Era berean, adierazten du Administrazioak erabat onartuko duela atzera egitea edo uko egitea, eta amaitutzat emango duela prozedura, salbu eta, prozeduran hirugarren interesdun batzuk agertu ondoren, horiek prozedura jarraitzeko eskatzen badute, atzera egitea edo uko egitea jakinarazi eta hamar eguneko epean.
Aipatutako lege-xedapenak ikusita, eta oro har zein zehazki aplikagarri diren gainerakoak oinarri hartuta, Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasuneko Arabako lurralde-ordezkariak
EBAZTEN DU:
Cañaveras Solar, SLk Aguraingo eta Iruraiz-Gaunako udalerrietan (Araba) «Ubalza II» proiektua baimentzeko aurkeztutako artxibo-eskaera onartzea.
Ebazpen honek ez du administrazio-bidea amaitzen, eta, beraren aurka, gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke Deskarbonizazio zuzendariaren aurrean, hilabeteko epean, ebazpen hau jakinarazi eta hurrengo egunetik hasita; hori guztia Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. artikuluan eta hurrengoetan ezarritakoaren arabera.
Vitoria-Gasteiz, 2026ko maiatzaren 7a.
Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasuneko Arabako lurralde-ordezkaria,
JAVIER AIZPURU OCHOA DE ERIBE.
RSS