
104. zk., 2026ko ekainaren 4a, osteguna
- Bestelako formatuak:
- PDF (254 KB - 12 orri.)
- EPUB (127 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
INDUSTRIA, TRANTSIZIO ENERGETIKO ETA JASANGARRITASUNAREN SAILA
2392
EBAZPENA, 2026ko apirilaren 24koa, Ingurumen Administrazioaren zuzendariarena, zeinaren bidez formulatzen baita Arrasateko (Gipuzkoa) «Fagor San Andrés» 39. HEko P-4.a eta P-4.d lurzatiak banatzeko Hiri Antolamenduko Plan Bereziaren 1. aldaketa puntualaren ingurumen-txosten estrategikoa.
AURREKARIAK
2026ko urtarrilaren 22an, Arrasateko Udalak Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzan eskabidea aurkeztu zuen, Arrasateko (Gipuzkoa) «Fagor San Andrés» 39. HEko P-4.a eta P-4.d lurzatiak banatzeko Hiri Antolamenduko Plan Bereziaren (aurrerantzean, plana) 1. aldaketa puntualaren ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatua egiten hasteko. Eskabidearekin batera, hainbat dokumentu aurkeztu zituen; besteak beste, planaren zirriborroa eta ingurumen-dokumentu estrategikoa, Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 16. eta 29. artikuluetan ezarritako edukiarekin.
Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 75. artikulua aplikatuz, 2026ko otsailaren 24an, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak izapidea hasi zuen eraginpeko administrazio publikoei eta interesdunei kontsultak egiteko, eta emaitza espedientean jasota dago. Horrez gain, Arrasateko Udalari jakinarazi zitzaion prozedura hasi zela.
Halaber, espedientean jasotako dokumentuak eskuragarri egon ziren Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasunaren Saileko web-orrian, interesdun orok aukera izan zezan ingurumenaren arloan egokitzat jotzen zituen oharrak egiteko.
Legezko erantzun-epea amaituta, eta espedientean jasotako dokumentazio teknikoa aztertu ondoren, egiaztatu da ingurumen-organoak baduela behar beste judizio-elementu ingurumen-txosten estrategikoa egiteko, bat etorriz abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 75. artikuluarekin.
ZUZENBIDEKO OINARRIAK
Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 60. artikuluan xedatutakoaren arabera, dagokion ingurumen-ebaluazioko prozeduraren mende jarri behar dira, nahitaez, ingurumenean ondore nabarmenak izan ditzaketen plan, programa eta proiektuak, bai eta haien aldaketak eta berrikuspenak ere, ingurumen-babes handia bermatzeko eta garapen jasangarria sustatzeko.
Plana abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 72.2 artikuluan aurreikusitako kasuen artean dago; bertan aurreikusten da zer plan eta programek behar duten ingurumen-organoak egindako ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatua, zehaztu ahal izateko plan edo programak ez duela ingurumen-ondore nabarmenik –ingurumen-txosten estrategikoaren arabera–, edo plan edo programak ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta behar duela, ingurumenean ondore nabarmenak izan ditzakeelako.
Planak ez du esparrurik ezartzen ingurumen-inpaktuaren ebaluazioari lotuta dauden proiektuei baimena emateko. Natura 2000 Sareko espazioei ere ez die eragiten, ezta natura-ondareari eta biodibertsitateari buruzko oinarrizko legeriak edo Euskal Autonomia Erkidegoko natura zaintzeko legeria aplikatuz emandako arau-xedapen orokorrek edo nazioarteko hitzarmenek eragindako ingurumen-babeserako araubideren bat duten espazioei ere.
Ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatuaren prozedura 75. artikuluan araututa dago, abenduaren 9ko 10/2021 Legearen II.C eranskinean ezarritako irizpideen arabera.
Planaren dokumentazio teknikoa aztertu ostean, eta kontuan hartuta ingurumen-dokumentu estrategikoa zuzena dela eta betetzen dituela indarrean dagoen araudian aurreikusitako alderdiak, Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak ingurumen-txosten estrategiko hau ematen du, Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasunaren Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen abenduaren 3ko 410/2024 Dekretuaren arabera. Txosten horretan, aztertzen da ea planak ondore nabarmenak izan ditzakeen ala ez ingurumenean, eta, beraz, bete behar duen ala ez ingurumen-ebaluazio estrategiko arruntaren prozedura, edo, bestela, zer baldintza ezarri behar diren plana garatu eta ingurumena behar bezala babesteko.
Honako hauek hartu dira kontuan: abenduaren 9ko 10/2021 Legea, Euskadiko Ingurumen Administrazioarena; abenduaren 9ko 21/2013 Legea, Ingurumen-ebaluazioari buruzkoa; urriaren 16ko 211/2012 Dekretua, Planen eta programen ingurumenaren gaineko eraginaren ebaluazio estrategikoa egiteko prozedura arautzen duena; abenduaren 3ko 410/2024 Dekretua, Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasunaren Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duena; urriaren 1eko 39/2015 Legea, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena; urriaren 1eko 40/2015 Legea, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoarena, eta aplikatzekoa den gainerako araudia. Horrenbestez, hau
EBAZTEN DUT:
Lehenengoa.– Arrasateko (Gipuzkoa) «Fagor San Andrés» 39. HEko P-4.a eta P-4.d lurzatiak banatzeko Hiri Antolamenduko Plan Bereziaren 1. aldaketa puntualaren ingurumen-txosten estrategikoa formulatzea, baldintza hauen arabera:
A) Planaren deskribapena: helburuak eta jarduketak.
«Fagor San Andrés» 39. hirigintza-eremuaren antolamendu xehatua Hiri Antolamenduko Plan Berezian definituta dago (2022an onartutako HAPB). Plan horrek Ekide S.L.ren jabetzako P-4 lurzati zaharra 4 lurzati berritan banatu zuen (P.4.a, P.4.b, P.4.c eta P.4.d).
Lurzatiak merkaturatzen laguntzeko, ondoren beste HAPB bat sustatu zen, P.4.a eta P.4.d lurzatiak bost lurzatitan banatzeko: P-6, P-7, P-8, P-9 eta P-10. Ostean, birpartzelazio-proiektua aldatu zen, lurzatiok erregistroan egokitzeko.
Nahiz eta HAPBk P-7 lurzatiari «industria-erabilera-komuna» esleitzen dion, lurzati honetako eraikinak bi goiko solairu ditu, egokiak direnak jarduera bereiziak egiteko. Fagor eta Atasmik solairu horietara eraman nahi dute gaur egun P-6 lurzatian dagoen jantokia, baina, horretarako, beharrezkoa da P-7 lurzatia «industria-erabilera mistokoa» izatea, industria-erabilera komunak ez baitu baimentzen halako ekipamendurik.
Beraz, HAPBren aldaketa puntualaren helburua da P-7 lurzatiaren erabilera nagusia aldatzea: industria-erabilera komunetik industria-erabilera mistora. Horretarako, haztatutako eraikigarritasuna aldatu behar da.
P-7 lurzatia Fagor Electrodomésticos S.Coop. sozietatearen instalazio zaharren zati bat da. San Andres auzoan dago, Arrasaten (Gipuzkoa).
Eraikinak industria-erabilerako nabe bat dauka, solairu bakarrekoa, eta, ekialdean, gorputz bat dago atxikita, goiko bi solairu dituena. Beheko solairuan eraikitako azalerak 7.254,76 m2 neurtzen ditu, HABPren kartografiaren arabera, eta 7.324 m2, etorkizuneko egikaritza-proiekturako erabilitako altxaeraren arabera. Goiko solairu bakoitzak 1.264 m2-ko azalera dauka.
Ekialdeko fatxadan atxikitako gorputzak komunikazio bertikaleko hiru nukleo ditu: mutur bakoitzean bat, eta beste bat erdigunean. Haietako bat partzialki baliogabetuta dago, eta, beraz, berreraiki egin beharko da.
Hego-ekialdeko izkinan, beheko solairuan, eraldaketa-zentro bat dago, zeinak ondoko beste lurzati batzuei ere ematen baitie zerbitzua.
Eremuak beharrezkoak diren zerbitzu guztiak ditu, sostengatzen dituen jarduerak garatzen direla bermatzeko. Hala ere, azpiegitura-sareak egokitu egin beharko dira, ateratzen diren lurzatiei zerbitzua emateko. Aurreikusita dago P-10 lurzatia berrurbanizatzea, ateratzen diren lurzatietan hiri-zerbitzuko sareetarako beharrezkoak diren harguneak jartzeko.
Proposatutako jarduketak.
P-7 lurzatirako aurreikusitako jarduketen helburu nagusia da egun dagoen eraikinaren aprobetxamendua hobetzea eta enpresa interesdunen beharretara egokitzea. Horretarako, planteatu da hirigintza-erabilera aldatu dadila industria-erabilera komunetik industria-erabilera mistora. Izan ere, horrek aukera emango du eraikina solairutan banatzeko eta jarduera bereiziak ezartzeko, hala nola goiko solairuetarako aurreikusitako jantokia.
Aldaketa horrek eraikigarritasuna egokitzea ere badakar, 7.500 m2t-tik 10.300 m2t-ra, horren barruan zenbatetsiko bailirateke solairu guztiak eta estalian proiektutako azalera berriak. Aurreikusten da, gainera, eraikigarritasun-tarte bat utziko dela etorkizunean hura handitu edo instalazio osagarririk egin nahi izanez gero. Antolamenduak gutxieneko aparkaleku-hornidura bermatzen du: 109 plaza (103 plaza eskatzen ziren).
Era berean, eraikuntza-profila igotzea proposatzen da (beheko solairua + 3) eta eraikinaren ekialdeko gorputzean 18 metroko gehieneko altuera finkatzea; hartara, eraikuntza-elementu berriak sartu ahalko dira estalkian.
Eremuaren hirigintza-ezaugarriei eta haien ingurumen-balio murritzari dagokienez, HAPBren aldaketa puntuetan hautabide bakar bat aurreikusi da arrazoizkotzat ezarritako helburuak bete ahal izateko. Ondorioz, hautabide bakarra aztertu da (bai eta 0 hautabidea ere, hots, jarduketarik ez egitekoa).
0 hautabidearen arabera (jarduketarik eza, alegia), «Fagor San Andrés» 39. HEren plan berezian ezarritako lurzatien egungo hirigintza-egoerari eutsiko litzaioke, eta, beraz, baztertu egingo litzateke eremuaren antolamendu xehatuan edozein aldaketa egitea.
Atasmi Legacy S.L.k erositako P-7 lurzatiak industria-erabilera komuna du, eta, hautabide horren bidez, Arrasateko HAPBk ez du ahalbidetzen solairu desberdinetan jarduera independenteak jartzerik. Horrek azalera eraikiak ez aprobetxatzea eragingo luke, beheko solairurako aurreikusitako industria-jarduerarako bulego-azalera oso mugatua behar delako eta horrek erabilerarik gabe utziko lukeelako gaur egun eraikita dagoen azaleraren zati handi bat.
Bestalde, ez luke ahalbidetuko gaur egun P-6 lurzatian dagoen jantokia P-7 lurzatira eramatea (jarduketa horrek mesede egingo lieke Fagor S.Coop. eta Atasmi enpresei).
Ingurumenaren ikuspegitik, aukera horrek ez luke abantaila nabarmenik izango. Izan ere, dagoeneko antropizatuta dagoen hiri-lurzoru bat da, zati handiena eraikia duena. Beraz, lurzoruaren okupazioa ez aprobetxatzea ekarriko luke.
1. hautabideak bat egiten du P-7 lurzatiaren erabilera nagusiaren aldaketak proposatzen dituen helburuekin. Horren arabera, «jarduera ekonomikoa – industria-erabilera komuna» barik «jarduera ekonomikoa – industria-erabilera mistoa» izango litzateke, hots, Arrasateko HAPOko hirigintza-arau orokorren 87. artikuluan araututako erabilera. Erabilera honen bereizgarria da, funtsean, aukera ematen duela jarduera ekonomiko bereiziak ezartzeko eraikinaren solairu desberdinetan, haren banaketa horizontalaren bidez.
Arrasateko HAPOren hirigintza-arau orokorren 87. artikuluak eraikigarritasuna zenbatzeko irizpidea ezartzen du «jarduera ekonomikoa – industria-erabilera mistoa» duten lurzatietarako, zeina eraikitako m2-tan neurtuko baita, solairu guztien batura kontuan hartuta. Irizpide hori ez da industria-erabilera komuneko lurzatietarako ezarritako berdina, hots, Arrasateko HAPOren 86. artikuluan arautua, azken horrek soilik eraikuntzak okupatutako m2-tan egiten baitu neurketa, hau da, beheko solairua bakarrik zenbatetsita.
Ondorioz, beharrezkoa da P-7 lurzatiaren eraikigarritasuna aldatzea, erabilera komunerako aurreikusitako 7.500 m2-tik dokumentu honetan aurreikusten diren 10.300 m2-ra, industria-erabilera mistoa kontuan hartuta.
Azkenik, proposamen horien osagarri da industria-erabilera komunerako ezarritako eraikuntza-profilaren igoera. Gehieneko eraikuntza-profil hau ezarri da: beheko solairua + 3, abiapuntutzat BS + 2 profila hartuta (gaur egungo eraikuntzak daukana) eta estalkian elementu eraiki berriak ezartzeko aukera emanda.
Bi hautabideak aztertuta, ondorioztatu da 0 hautabideak indarreko hirigintza-antolamenduari eusten diola, baina ez dela oso efikaza: «industria-erabilera komunak» ez du ahalbidetzen eraikin berean jarduera desberdinak uztartzea.
1. hautabideak aukera ematen du hirigintza-parametroak eraikinaren errealitatera eta enpresa-beharretara egokitzeko, dagoeneko eraldatuta dagoen lurzorua aprobetxatuz eta lursail urbanizaezin berririk okupatu gabe. Nahiz eta obrak egin behar diren, haien inpaktuak murritzak eta aldi baterakoak izango dira, eta, ordain gisa, lurzorua hobeto aprobetxatuko da.
Horregatik, uste da 1. hautabidea dela enpresen behar funtzionalei egokiro erantzuten dien bakarra, ingurumenaren gaineko eragina 0 hautabidearen parekoa izanik.
B) Proposatutako planaren ezaugarriak aztertu ondoren, eta abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 75.3 artikuluarekin bat etorriz, aztertu da zein diren lege horren II.C eranskinean ezarritako irizpideak, erabakitzeko ea plana ingurumen-ebaluazio estrategiko arruntari lotu behar zaion ala ez.
1.– Planaren ezaugarriak, bereziki alderdi hauek kontuan hartuta:
a) Planak zer neurritan ezartzen duen proiektuetarako esparrua: kontuan hartuta kokapena, ukitutako eremuaren ingurumen-ezaugarriak, proposatutako garapenaren garrantzia eta etorkizunean planaren esparruan gauzatuko diren proiektuen izaera, uste da planak ez duela berezitasunik eta ez duela ingurumen-ebaluazio estrategiko arruntik behar.
b) Planak zer neurritan duen eragina beste plan edo programa batzuetan, hierarkizatuta daudenak barne: HAPBren aldaketa puntualaren helburua da P-7 lurzatiaren erabilera nagusia aldatzea: industria-erabilera komunetik industria-erabilera mistora. Horretarako, eraikigarritasun haztatua aldatu behar da.
Planak, bere ezaugarriak kontuan hartuta, ez du ingurumen-ondore nabarmenik izango beste plan edo programa batzuetan. Ez da hauteman bateraezintasunik hierarkian gorago dagoen plangintzarekin.
c) Plana egokia ote den ingurumen-alderdiak integratzeko eta, bereziki, garapen jasangarria sustatzeko: plana egokitzat jotzen da garapen jasangarria sustatzeko kontuan hartu behar diren ingurumen-alderdiak integratzeko; izan ere, hiri-lurzoru finkatuaren erabilera optimizatzen du, eta ez du sortzen ingurumen-inpaktu berri nabarmenik.
d) Planari loturiko ingurumen-arazo nabarmenak: ez da hauteman plana gauzatzearen ondoriozko ingurumen-arazo nabarmenik, baldin eta planaren eragin-eremuarekin lotutako jarduketak eta jarduerak indarrean dagoen araudia betez gauzatzen badira, besteak beste arlo hauei dagokienez: urak, zarata eta kutsadura akustikoa, soberakinen kudeaketa, hondakinak eta isurketak, segurtasuna, osasuna eta ingurumena, besteak beste.
e) Era berean, plana egokitzat jotzen da Europar Batasuneko edo Estatuko ingurumen-arloko legedia ezartzeko.
2.– Ondoreen eta eragina jasan dezakeen eremuaren ezaugarriak:
Aldaketa puntualak P-7 lurzatia du jomuga, 11.256,81 m2-ko azalerakoa. Lurzati hori bi zatitan banatzen da fisikoki:
– Zati nagusia: bertan dago eraikina, eta mugakide ditu P.4.b, P-8 eta P-10 lurzatiak eta Aretxabaletarako errepidea.
– Bigarren mailako zatia: aparkalekua, P-6 lurzatiaren ekialdean kokatua eta mugakide dituena P-6 eta P-10 lurzatiak eta bide publiko bat.
Lursaila ia-ia laua da. Kotak +218,40 m eta +221,25 m artean daude, baina apur bat aldatzen dira kanpoko bideen, barrualdearen eta aparkalekuen plataformaren artean.
Eremuak goranzko malda txiki bat dauka, iparralde-hegoalde noranzkoan. Ikus daitekeenez, muturren arteko kota 2 metro eskas aldatzen da; beraz, jarduketa egingo den lekuan, lursaila nahiko uniformea da.
Era berean, planeko eremua Deba ibaiaren arroan dago. Zati hori GI-2620 errepide zaharraren paraleloan pasatzen da, eta bi tarte uztartzen ditu tarteko zati estali batekin, partzialki bat eginik planaren mugarekin. Barrenaerreka errekak ere eremu horretan husten ditu urak. Deba ibaia DEBA B azaleko ur-masan sartzen da, zeina oso aldatuta dagoen masa gisa sailkatzen baita eta «Pirinioetako euskal ibaien» berezkoa baita.
Eremuaren azaleraren zati handiena Deba ibaiko uren zaintza-gunean sartzen da.
Gainera, partzialki gainjartzen da «hegoaldeko antiklinorioa» lurpeko ur-masarekin. Haren egoera kuantitatibo eta kimikoa ona da, URAren 2023ko txostenaren arabera. Kontrol-puntuek balio egokiak erakusten dituzte, lagin batek izan ezik (SC37 Grazal). Azken horrek apur bat gainditu zuen amonio-atalasea (0,51 mg/l antzeman ziren, nahiz eta onartua 0,5 mg/l izan). Hala ere, diagnostiko orokorra positiboa da.
Eremuak bi gune litologiko nagusi ditu:
– Azaleko metakinak (alubialak eta alubioi kolubialak) erdiko eta mendebaldeko eremuan, eremuaren zati handiena okupatuz. Bereizgarri dira akuiferoekiko zaurgarritasun altua eta porositate bidezko iragazkortasun ertaina.
– Ekialdean, hareharri silizeoak, zeinak zaurgarritasun ertaina eta iragazkortasun txikia baitituzte.
Eta ez da identifikatu interes geologikoko eremurik edo punturik.
Baldintza geoteknikoei erreparatuz gero, eremuaren zati handienean oso kaltegarritzat jotzen dira, ekialdean salbu, azken horretan positiboak baitira.
Azterketa-eremuaren azalera eremu antropizatu bat da, Nekazaritza eta Basozaintzako lurralde-plan sektorialaren arabera industrial gisa sailkatuta dagoena. Hortaz, ez dauka nekazaritza-interesik.
Eremuko gaur egungo landaretzak, giza eraldaketa handia eta hirigintza-garapena direla-eta, landaredi erruderal nitrofiloa du, hiriguneetan eta hiri-inguruetan ohikoa dena, nahiz eta, berez, lursailak ia ez duen landaretzarik, eraikin nagusiaren aurrean eta hego-mendebaldean dauden apaindurazko landare batzuk izan ezik. Ekialdeko sektorean ere badago landaretza, baina ez da apaindurazkoa.
Aldaketaren eremuan, ez da detektatu Batasunaren intereseko habitatik.
Era berean, eremuan dagoen landaretzak asko baldintzatzen du bertan dagoen fauna; izan ere, lurreko ornodunak landaretzaren eta haren egituraren mende daude beren habitatak ezartzeko. Hala ere, aztergai dugun eremuan habitat horiek oso asaldatuta daude, hirigintza-presio handiaren ondorioz. Horrek nabarmen mugatzen du faunaren presentzia.
GeoEuskadiren datuen arabera, aztertutako eremuan ez da aurkitu kudeaketa-planarekin mehatxatuta dagoen espezierik. Halaber, eremuan ez dago biodibertsitate-erreserbarik, ez eta igarobide ekologiko identifikaturik ere.
Ez da identifikatu espazio naturalei edo ingurumena babesteko irudiei eragiten dienik.
Aztergai dugun eremua paisaia-eskualde atlantiarrean sartzen da, eta, bertan, jabari antropogeniko industriala da nagusi. Aztergai dugun eremuan nagusitzen diren paisaia-unitateak antropogenikoak eta hiritarrak dira. Eremu horretan, ez dago paisaia-interes berezikotzat sailkatutako elementurik; paisaia oso ohikoa da.
GeuEuskadiren kartografiaren arabera, planaren mugen barruan kultura-ondareko elementu bat identifikatu da, 122. fitxakoa: «Fagor Electrodomésticos S. Coop., San Andreseko planta».
Arriskuei erreparatuta, eta RUSLE ereduaren arabera, eremuaren zati handienak higadura altua du, muturreko higadura-prozesuak dituzten eremuekin bat. Hegoaldean, higadura-maila baxuko eta lurzoru-galerako guneak daude, onargarritzat jo daitezkeenak. Eta, ekialdean, higadura baxu bat, «higadura-prozesuaren mende ez dauden gune» gisa sailkatua.
Arrasaten, arrisku sismikoa V. mailakotzat jotzen da. Eremuan, bestalde, ez dago baso-sutearen arriskurik, GeuEuskadiren datuen arabera.
Eremuan, uholde-arrisku nabarmena dago. Horregatik, EAEan uholdeak izateko arrisku potentzial handia duten eremuen barruan sartu da, III. taldean. Hau da, eremu horretan arriskua nabarmena da, eta, beraz, beharrezkoa da egiturazko defentsa-neurriak hartzea uholdeen aurka defendatzeko, lehentasuna txikia izanik ere.
URAren kartografia ofizialaren arabera, egungo uholde-arriskuak aukera ematen du egiaztatzeko eremuaren erdigunea 100 urteko errepikatze-denbora duten uraldien eraginpean dagoela eta gainerakoa (iparraldea eta hegoaldea) 500 urteko errepikatze-denbora duten uraldien eraginpean.
Airearen kalitatea aztertuz gero, airearen kalitatea neurtzen duen estaziorik hurbilena Arrasaten dago (Jose María Arizmendiarrieta plaza). Neurgailu horren arabera, airearen kalitatea ona da.
GeoEuskadin kontsultatutako informazioaren arabera, eremua inguratzen duten bi errepide daude. Alde batetik, mendebaldean, GI-2620 errepidea dago, zeinak arrisku oso baxua baitu salgai arriskutsuen garraioarekin lotuta. Ekialdean, GI-627 errepidea dago; horrek ere arrisku oso baxua du. Bi errepideen afekzio-bandei erreparatuta, eremuaren zati handiena 100 metroko afekzio-bandan dago.
HAPBren aldaketaren eremu ia osoa Kutsatuta egon daitezkeen lurzoruen EAEko inbentarioan sartuta dago, Geoiker 20055-00103 kodea duela.
Zaratari erreparatuta, eremua etorkizuneko garapen gisa jotzen da, Euskal Autonomia Erkidegoko hots-kutsadurari buruzko urriaren 16ko 231/2012 Dekretuak 3.d) artikuluan jasotako definizioaren arabera. Inpaktu akustikoko azterlanaren emaitzen arabera, kalitate akustikoaren helburuak betetzen dira.
Ikuspegi akustikotik, HAPBren aldaketaren eremua b) kategoriaren barruan sartzen da: lursailaren eremuak/sektoreak, non lurzoruaren erabilera nagusia industriala den.
Klima-aldaketaren ondoriozko arriskuak aztertuta, Arrasateko udalerriak ibaien ziozko uholdeen arrisku altua duela ondorioztatu da, zehazki. Eremua garatzeko etorkizunean egiten diren proiektuetan, bereziki arretaz ibili beharko da uholde-arriskuen aurrean.
Gainera, Arrasate osoa dago Vitoria-Gasteizko aireportuko zortasun aeronautikoen eraginpean, Vitoria-Gasteizko aireportuko zortasun aeronautikoak aldatzen dituen azaroaren 17ko 1031/2020 Errege Dekretuan jasotakoaren arabera. HAPB honen eremua ibilbide frustratuko VOR RWY 22 maniobra-gunetik hurbil dago, 1.345,1 kotan.
Eremu hori, zehazki, +218 eta +220 koten inguruan dago. Beraz, zortasun aeronautikoen planorainoko distantzia 1.125 metrokoa da, gutxi gorabehera. Lurzati honetan eraikitzen den edozein elementuk, barne dela obretarako edozein elementu osagarri (garabiak eta abar), ezingo du gainditu Vitoria-Gasteizko aireportuko zortasun aeronautikoetan oinarrituta definitutako azalera mugatzailea.
Planak indarrean dagoen plangintzari dagokionez proposatutako jarduketen ondorioz gerta daitezkeen eraginak aintzat hartuta, ez da aurreikusten inongo ingurumen-eragin nabarmenik.
Hori dela eta, ingurumen-dokumentu estrategikoak planteatzen dituen zuzenketa-neurriak eta jasangarritasunaren aldekoak aplikatuta, eta aurrerago zehazten diren prebentzio-, babes- eta zuzenketa-neurriak ere aplikatuta, ez da espero jarduketek ingurumenean inpaktu nabarmenik izango dutenik, Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legean aurreikusitakoari jarraikiz, baldin eta eraginpeko eremuan egiten diren esku-hartzeak eta jarduketak indarrean dagoen araudia betez gauzatzen badira, arlo hauei dagokionez: ura, zarata, kutsadura akustikoa, soberakinen kudeaketa, hondakinak eta isurketak, segurtasuna, osasuna eta ingurumena, besteak beste.
3.– Ebazpen honetan, babes- eta zuzenketa-neurri hauek ezartzen dira, planak ingurumenean ondore kaltegarri nabarmenik izan ez dezan eta beharrezkoa izan ez dadin ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta egitea Arrasateko (Gipuzkoa) Fagor San Andrés 39. HEko P-4.a eta P-4.s lurzatiak banatzeko HAPBren 1. aldaketa puntualari buruz, betiere ezarritako babes- eta zuzenketa-neurriak txertatzen bazaizkio.
Babes- eta zuzenketa-neurriak indarreko araudiaren arabera eta ingurumen-txosten estrategikoak formulatzen duen ebazpenean ezartzen direnen arabera gauzatuko dira, eta, aurrekoaren aurkakoa ez den orotan, ingurumen-dokumentu estrategikoan eta planean bertan jasotzen denarekin bat etorriz.
Beraz, hauek dira planak jaso beharko dituen zehaztapenetako batzuk:
Lurzorua kutsa dezaketen jarduerak edo instalazioak dituzten lurzoruen gaineko neurriak.
– Lurzorua kutsatzea saihesteari eta kutsatutakoa garbitzeari buruzko ekainaren 25eko 4/2015 Legean ezarritakoa bete beharko da. Ildo horretan, lurzorua kutsa dezaketen jarduerak edo instalazioak (Geoiker kodea: 20055-00103) izan dituzten edo dituzten lurzoruen inbentarioan jasotako lurzatian lege horren 23. artikuluan jasotako egoeraren bat gertatzen bada, beharrezkoa izango da lurzoruaren kalitatearen adierazpena izapidetzea.
Uholde-arriskuak murriztera bideratutako neurriak.
– Kontuan hartuko dira urtarrilaren 24ko 35/2023 Errege Dekretuaren bidez onartutako Kantauri Ekialdeko Demarkazio Hidrografikoaren Plan Hidrologikoaren (2022-2027) uholde-arriskuko eremuak kudeatzeko irizpideak, bai eta Kantauri Ekialdeko Demarkazio Hidrografikoaren Plan Hidrologikoaren (2022-2027) xedapen arautzaileen 45. eta 46. artikuluetan ezarritako baldintzak eta EAEko Ibaiertzak eta Errekaertzak Antolatzeko Lurralde Plan Sektorialaren E.2 atalean ezarritakoak.
Jabari publiko hidraulikoa eta haren babes-eremuak babesteari buruzko neurriak.
– Jabari publiko hidraulikoari eta haren babes-zortasunaren eremuari kalterik eragitea ekidin behar da, betiere kontuan hartuta zer ezartzen den EAEko Ibaiertzak eta Errekaertzak Antolatzeko Lurralde Plan Sektorialean, Uraren ekainaren 23ko 1/2006 Legean eta Jabari Publiko Hidraulikoaren Erregelamenduan (849/1986 Errege Dekretua, apirilaren 11koa).
Jabari publiko hidraulikoan eta haren babes-eremuetan jarduketak egiteko, Uraren Euskal Agentziaren aldez aurreko obra-baimena beharko da. Jabari publiko hidraulikoko zaintza-eremutik kanpo dagoen uholde-arriskuko eremuan, Arrasateko Udalari egokituko zaio erabilera eta jarduerak baimentzea, bai eta plan hidrologikoaren araudian ezarritako mugak betetzen direla zaintzea ere (plan hidrologikoaren 37.5 artikulua).
– Zoladura edo okupazio iragazgaitza behar-beharrezko diren azaleretara mugatuko da, eta drainatze jasangarriko sistemak erabili beharko dira (zoladura iragazkorrak, andelak edo ekaitzetarako gailuak eta abarrak), bermatzen dutenak ezen, lehendik zegoen egoeran baino gehiago jariatzen bada, hori konpentsatu ahal izango dela edo garrantzirik gabekoa izango dela.
Plan hidrologikoaren araudian xedatzen dena betez, gogorarazten dugu ezen hiri edo industrietako drainatze-azpiegituren bidez biltzen diren euri-uren jarioak, baldin eta jabari publiko hidraulikoa kutsa badezakete, Uraren Euskal Agentziak prozedura bat ezarriko diela isurtzea baimentzeko.
Ibai-uren eta lurpeko uren kalitatea babestera bideratutako neurriak.
– Obrak egin bitartean solidoak Deba ibaiko uretara ahalik eta gutxien iristeko neurriak ezartzea aurreikusiko da; adibidez, luzetarako jalkin-hesiak, jalkitze-tangak, sedimentuentzako tranpak edo iragazkiak jartzea.
– Hondakinak (bereziki, olio erabiliak) biltzeko sistema bat izango duen plataforma iragazgaiztu baten gainean egingo dira obran erabiltzen den makineriari erregaia jartzeko, lubrifikatzaileak aldatzeko eta mantentze-lanak, urak kutsatu ez daitezen.
– Pilaketa-guneak, instalazio osagarriak edo makineria-parkea gainazal iragazgaitzetan kokatuko dira. Ez da makinen mantentze-lanik egingo iragazgaiztu gabeko eremuetan.
– Istripuzko isurketen eraginak saihesteko, prebentzio- eta zuzenketa-neurriak ezarriko dira obra faserako, batez ere makinen mantentze-lanetan, eta, besteak beste, material xurgatzaileak erabiliko dira, isurketen eraginpeko lurrak kendu eta kudeatuko dira, eta abar. Istripuzko isurketa bat gertatzen bada, lurzoru kutsatua eta material xurgatzailea berehala jasoko dira, eta hondakin arriskutsu gisa biltegiratu eta kudeatuko dira.
Kultura-ondareari dagozkion neurriak.
– Planean azaltzen den azalera Arrasateko Plan Orokorrean jasotako kultura-interes orokorreko ondasun higiezin hauetatik gertu dago:
• 20- Fagor Arrasate Eraikin Nagusia
• 21- Aurki Eraikina (Fagor Automation)
– Arrasateko Hiri Antolamenduko Plan Orokorreko Ondare Historiko-arkitektonikoaren Katalogoan sartuta dauden eta Euskal Kultura Ondarearen Zentroak babesteko proposatutako kultura-ondareko higiezinei dagokienez, hauetan xedatutakoa beteko da: Euskal Kultura Ondareari buruzko maiatzaren 9ko 6/2019 Legea aldatzen duen azaroaren 30eko 14/2023 Legea eta Arrasateko HAPOren araudiko ondare historiko-arkitektonikoa babesteko araubidea.
Beste prebentzio- eta zuzenketa-neurri batzuk:
Aurreko neurriak gorabehera, garapen-proiektuak gauzatzean aplikatu beharreko neurriak lotuta egongo dira obretako, lurrak eta soberakinak kudeatzeko, hondakinak sortu eta kudeatzeko, hondeatutako lurzoruak kontrolatzeko, eta urak, airearen kalitatea eta kalitate akustikoa babesteko jardunbide egokien eskuliburuarekin. Besteak beste, neurri hauek erantsi beharko zaizkie planak azkenean hartzen dituen zehaztapenei:
– Jardunbide egokien eskuliburua, obrako langileek erabiltzeko. Gai hauekin lotutako alderdiak bilduko ditu, gutxienez: lanaldiak, makineria, uretara isurketak egitea saihestea, ahalik eta hauts eta zarata gutxien sortzea, herritarren lasaitasunean ahalik eta eragin gutxien eragitea, hondakinak kudeatzea, eta abar.
– Obrak, eta lurzorua okupatzea eragiten duten eragiketa osagarri guztiak, proiektua gauzatzeko behar-beharrezkoa den gutxieneko eremuan gauzatuko dira. Kontratistaren instalazio-eremuak (barne hartuta makineria-parkea, obra-txabolak, obrako materialak aldi baterako biltegiratzeko gunea, landare-lurra eta hondakinak aldi baterako pilatzeko guneak), ingurumenari ahalik eta gutxien eragiteko irizpideei jarraikiz proiektatuko dira.
– Hondakinak sortu eta kudeatzea: obretan sortutako hondakinak, hondeaketetatik eratorritakoak barne, kudeatuko dira Hondakinak eta lurzoru kutsatuak arautu eta ekonomia zirkularra bultzatzeko apirilaren 8ko 7/2022 Legeak araututakoaren arabera eta aplikatzekoak diren araudi espezifikoek agindutakoaren arabera.
Hondakinak kudeatzeko hierarkia-printzipioei jarraituz, hondakinik ez sortzea sustatu behar da, edo, hala badagokio, hondakinok kudeatu daitezela apirilaren 8ko 7/2022 Legearen 8. artikuluan ezarritako lehentasun-hurrenkeran; hau da: prebentzioa, berrerabiltzeko prestatzea, birziklatzea eta balorizatzeko beste modu batzuk, balorizazio energetikoa barne.
Hondakinak deuseztatzeko, ezinbestekoa izango da aldez aurretik behar bezala justifikatzea haiek balorizatzea ez dela bideragarria teknikoki, ekonomikoki edo ingurumenaren aldetik.
Sortzen diren olio erabiliak Industrian erabilitako olioaren kudeaketa arautzen duen ekainaren 2ko 679/2006 Errege Dekretuaren arabera kudeatuko dira.
Hondakin arriskutsuak biltzeko sistemak bereiziak izan beharko dira tipologia jakin batzuetarako, zeinak, isuri eta nahasiz gero, arriskutsuago bihurtzen baitira edo kudeaketa zaildu baitezakete. Hondakin arriskutsuak dituzten edukiontziek edo ontziek Hondakinak eta lurzoru kutsatuak arautzeko eta ekonomia zirkularra bultzatzeko apirilaren 8ko 7/2022 Legearen 21. artikuluan ezarritako segurtasun-arauak bete beharko dituzte, eta itxita egongo dira harik eta kudeatzaileari entregatu arte, isurita edo lurrunduta edukirik gal ez dezaten. Aipatutako edukiontziak edo ontziak argi etiketatu beharko dira, irakurtzeko eta ezin ezabatuzko moduan, eta indarrean dagoen araudiaren arabera.
Gune espezifiko bat egokituko da, hondakin arriskutsuak behin-behinean biltegiratzeko, hala nola olio-potoak, iragazkiak, olioak, pinturak eta abar. Gainera, hondakin geldoak biltzeko edukiontzi espezifikoak gaituko dira, hondakin arriskutsuen guneetatik bereizita. Halaber, obran zehar eta lanek irauten duten bitartean, elementu estankoak jarriko dira (bidoiak eta abar), sortutako hondakinak biltzeko. Hondakin horiek motaren arabera bereizi beharko dira, aipatutako garbigunean aldi baterako biltegiratu baino lehen.
Espresuki debekatuta dago sortutako hondakin-tipologia desberdinak elkarren artean edo beste hondakin edo efluente batzuekin nahastea. Halako hondakinak jatorrian bereiziko dira, eta bilketa- eta biltegiratze-bitarteko egokiak prestatuko dira nahasketa horiek ekiditeko.
Olio erabiliak estalpean biltegiratuko dira kudeatzaile baimendu bati entregatu arte, behar bezala etiketatutako andel estankoetan, zolata iragazgaitz baten gainean, eta kubo txikietan edo isurketei eta ihesei eusteko sistemen barruan.
Aplikatzekoa den araudia betetzen laguntzeko, lanetan sortutako hondakinak kudeatzeko sistemak prestatu beharko dira. Lan horien arduradunek kudeatuko dituzte sistema horiek, eta haien ardura izango da langileek sistema horiek behar bezala erabiltzea. Bereziki, ez da inolaz ere kontrolatu gabeko efluenterik sortuko erregai eta produktuak biltegiratzeagatik, makinen mantentze-lanak egiteagatik edo hondakinak erretzeagatik.
Eraikuntza- eta eraispen-hondakinak Eraikuntza- eta eraispen-hondakinen kudeaketa arautzen duen ekainaren 26ko 112/2012 Dekretuan xedatutakoaren arabera kudeatuko dira.
Aurreikusitako eraispenak egitean, arreta handiz jokatu beharko da, eta, amiantoa duen hondakinik antzematen bada, Amiantoak ingurumena ez kutsatzeari eta amiantoaren ondoriozko kutsadura txikitzeari buruzko otsailaren 1eko 108/1991 Errege Dekretuak ezartzen dituen eskakizunak bete beharko dira. Era berean, amiantoa duten hondakinak kudeatzeko egingo diren manipulazioetan, Amiantoarekin lan egitean segurtasun- eta osasun-arloan bete behar diren gutxieneko baldintzak ezartzen dituen martxoaren 31ko 396/2006 Errege Dekretuan ezarritako eskakizunak bete beharko dira.
– Halakorik izanez gero, obretan sortutako hondeaketa-soberakinak soberakinen biltegi baimendura eramango dira, eta hauen arabera kudeatuko dira: uztailaren 7ko 646/2020 Errege Dekretua, Hondakinak zabortegietan utziz deuseztatzeko jarduera arautzen duena, eta otsailaren 24ko 49/2009 Dekretua, Hondakinak hondakindegietan biltegiratuta eta betelanak eginda ezabatzea arautzen duena.
– Lurzorua eta lurpeko urak babestea: prebentzio- eta zuzenketa-neurriak ezarriko dira obra-faserako, ustekabeko isurketek eraginik izan ez dezaten; bereziki, makinen mantentze-lanetan (material xurgatzaileak erabiltzea, isurketen eraginpeko lurzoruak kendu eta kudeatzea, eta abar).
Pilaketa-eremuak, instalazio lagungarriak eta makineria-parkea azalera iragazgaitzetan kokatuko dira. Iragazgaitzak ez diren eremuetan makinen mantentze-lanak egitea saihestuko da. Nolanahi ere, hondakinak –bereziki, olio erabiliak– biltzeko sistema bat izango duen plataforma iragazgaiztu baten gainean egingo dira obran erabiltzen den makineriari erregaia jartzeko, lubrifikatzaileak aldatzeko eta abarrerako lanak, urak ez kutsatzeko.
– Obretako zarata: obra-fasean erabilitako makineriak bete egin behar ditu aire zabalean erabiltzen diren makinen soinu-emisioen inguruan indarrean dagoen legerian ezarritako aginduak, Zaratari buruzko azaroaren 17ko 37/2003 Legea garatzen duen urriaren 19ko 1367/2007 Errege Dekretuaren 22. artikuluan ezarritakoaren arabera (zonifikazio akustikoari, kalitate-helburuei eta emisio akustikoei dagokien errege-dekretua) eta, bereziki, hala badagokio, otsailaren 22ko 212/2002 Errege Dekretuan eta arau osagarrietan ezarritakoaren arabera (Aire zabalean erabiltzen diren makina jakin batzuen ondoriozko soinu-emisioak arautzen dituen Errege Dekretua, apirilaren 28ko 524/2006 Errege Dekretuak aldatua).
Obrek iraun bitartean, jardunbide operatibo egokiak aplikatu beharko dira zaratak sorburuan bertan murrizteko –bereziki hondeaketetan, eraispenetan, zamalanetan, garraio-lanetan eta abarretan–, bai eta erabilitako makineriaren mantentze-lan orokorretan eta zaratak nahiz bibrazioak sorburuan murrizteko orduan.
Eguneko lan-ordutegian egingo dira obrak.
Lanek sei hilabete baino gehiago irauten badute, beharrezkoa izango da inpaktu akustikoari buruzko azterlan bat egitea, behar diren zuzenketa-neurriak zehazteko, urriaren 16ko 213/2012 Dekretuaren 35 bis artikuluaren arabera. Inpaktu akustikoaren azterketan aztertu beharko da zuzenketa-neurriak aplikatuz zer onura akustiko lortzea espero den, eremu akustikoetan edo eraikin sentikorretan zarata-maila murrizteari dagokionez, eta haren edukia eraginpeko udalerriari jakinarazi beharko zaio.
– Euskal Kultura Ondareari buruzko maiatzaren 9ko 6/2019 Legean ezarritakoa ezertan eragotzi gabe, obretan aztarna arkeologikoren bat egon daitekeela pentsarazten duen zerbait aurkitzen bada, lanak eten egingo dira badaezpada, eta berehala jakinaraziko zaio Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura Departamentuari; hark erabakiko du zer neurri hartu.
– Kamioiek obran sartu eta irteteko erabiltzen dituzten bideak garbi mantendu beharko dira; horretarako, presioko ura edo erratz-makinak erabiliko dira.
– Obren eraginpeko espazioak leheneratzea: proiektua gauzatzearen ondorioz kaltetuta geratu diren eremu guztiak leheneratuko dira. Hala badagokio, espazio libreen landareztatze-lanak ahalik eta lasterren egingo dira; modu horretan, ekidin egingo dira higadura-prozesuak, solidoak drainatze-sarera arrastatzea eta espezie aloktono inbaditzaileen kolonizazioa.
– Berdeguneak loreztatzeko, Lorategi eta berdegune jasangarriak diseinatzeko eskuliburua liburuxkan jasotakoa beteko da (Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailak egindako eskuliburua). Espezie autoktonoak erabiliko dira, eta jasangarritasun-irizpideak lehenetsiko dira, espezie inbaditzaileak agertzeko arriskua murrizteko. Landareztatze- eta lorategi-lanetan, ez da sekula ere erabiliko inbaditzailea izan daitekeen espezie aloktonorik; esaterako, Fallopia japonica, Robinia pseudoacacia, Cortaderia selloana edo beste batzuk. Leheneratze-lanetan erabilitako landare-lurrak flora inbaditzailearen propagulurik ez duela bermatuko da.
– Eraikingintza jasangarria: eraikingintza eta eraikuntza jasangarriagoak izateko behar diren ezaugarriei dagokienez, eraikuntza jasangarrirako gidetan jasotako ingurumen-arloko neurriak eta jardunbide egokiak erabiliko dira (https://www.ihobe.eus/argitalpenak), eraikinen energia-aurrezpen eta -efizientzia eta energia berriztagarrien sustapena bultzatzeko. Neurri horiek alderdi hauetan behintzat eragin beharko dute:
• Materialak. Lehengai berriztaezin gutxiago kontsumitzea.
• Energia. Energia gutxiago kontsumitzea edo energia gutxiago sortzea iturri berriztaezinen bidez.
• Edateko ura. Edateko ur gutxiago kontsumitzea.
• Ur grisak. Ur gris gutxiago sortzea.
• Atmosfera. Gas-, hauts-, bero- eta argi-emisioak murriztea.
• Barnealdeko kalitatea. Barnealdeko airearen kalitatea, erosotasuna eta osasuna hobetzea.
Bigarrena.– Zehaztea ezen, ingurumen txosten estrategiko honetan ezarritakoaren arabera, eta, betiere, ebazpen honetan ezarritako babes- eta zuzenketa-neurriak hartzen badira, bai eta sustatzaileak proposatutakoak ere –aurrekoen aurkakoak ez badira–, ez dela aurreikusten «Arrasateko (Gipuzkoa) Fagor San Andrés 39. HEko P-4.a eta P-4.d lurzatiak banatzeko HAPBren 1. aldaketa puntualak» ondore kaltegarri nabarmenik izango duenik ingurumenean, eta, beraz, ez duela ingurumen ebaluazio estrategiko arruntik behar.
Hirugarrena.– Ebazpen honen edukia jakinaraztea Arrasateko Udalari.
Laugarrena.– Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitara dadila agintzea.
Bosgarrena.– Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 75.5 artikuluan xedatutakoaren arabera, ingurumen-txosten estrategiko honek indarra galduko du, eta utzi egingo dio dagozkion ondoreak sortzeari, baldin eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta gehienez lau urteko epean ez bada onartzen «Arrasateko (Gipuzkoa) Fagor San Andrés 39. HEko P-4.a eta P-4.d lurzatiak banatzeko HAPBren 1. aldaketa puntuala». Kasu horretan, berriro abiarazi beharko da planaren ingurumen-ebaluazioa egiteko prozedura, salbu eta ingurumen-organoari haren indarraldia luzatzeko eskatzen bazaio. Hori gertatuz gero, ingurumen-organoak, hala badagokio, ingurumen-txosten estrategikoaren beste indarraldi bat xedatuko du, erregelamenduz zehazten den moduan.
Vitoria-Gasteiz, 2026ko apirilaren 24a.
Ingurumen Administrazioaren zuzendaria,
NICOLAS GARCIA-BORREGUERO URIBE.
RSS