
103. zk., 2026ko ekainaren 3a, asteazkena
- Bestelako formatuak:
- PDF (103 KB - 2 orri.)
- EPUB (108 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
AGINTARIAK ETA LANGILEAK
Izendapenak, egoerak eta gorabeherak
HEZKUNTZA SAILA
2378
AGINDUA, 2026ko maiatzaren 19koa, Hezkuntzako sailburuarena, zeinaren bitartez onartu egiten baita Euskal Autonomia Erkidegoko maisu-maistren kidegoko irakasle funtzionarioen autonomia-mailako lekualdatze-lehiaketaren destinoen behin betiko esleipena.
Hezkuntza Saileko Langileak Kudeatzeko zuzendariaren 2026ko maiatzaren 15eko Ebazpenaren bidez argitaratu zen Euskal Autonomia Erkidegoko maisu-maistren kidegoko irakasle funtzionarioen 2025-2026 autonomia-mailako lekualdatze-lehiaketaren destinoen behin betiko esleipena.
Ebazpen horren kontra aurkeztu diren erreklamazioak aztertu dira, eta onartu diren uko-egiteak sartu dira. Halaber, behin-behineko esleipenaren ondoren sartu egin dira behin betiko merituen baremoan egon diren aldaketak, aurkeztu diren hainbat gora jotzeko errekurtso onartu izanagatik. Azkenik, akatsak zuzendu dira behin betiko onartutakoen zerrendan merezimenduen baremoarekin.
Beraz, Hezkuntzako sailburuaren 2025eko azaroaren 13ko Aginduaren bidez (2025eko abenduaren 17ko EHAA), Euskal Autonomia Erkidegoko unibertsitateaz kanpoko irakasleen kidegoetako funtzionarioen arteko autonomia mailako Lekualdatze-lehiaketarako deialdia egin zen. Bada, agindu horren hogeita zortzigarren oinarrian xedatutakoarekin bat etorriz, honako hau
XEDATZEN DUT:
Lehenengoa.– Onartzea Euskal Autonomia Erkidegoko maisu-maistren kidegoko irakasle funtzionarioen autonomia-mailako lekualdatze-lehiaketaren destinoen behin betiko esleipena, honako zerrenda honetan agertzen den bezala:
I. eranskina: destinoa esleitu zaien maisu-maistren kidegoko karrerako funtzionarioen zerrenda.
II. eranskina: Euskal Autonomia Erkidegoko maisu-maistren kidegoko karrerako funtzionarioen kidegoetan sartzeko hautaketa-prozesuetan hautatu diren parte-hartzaileen zerrenda. Kidego horiek praktikaldia egiten ari dira ikasturte honetan, eta destinoa esleitu zaie.
Bigarren eranskinean esleitutako destinoak, hala badagokio, praktikaldia gainditu eta karrerako funtzionario izendatzearen baldintzapean egongo dira.
Bigarrena.– Agintzea aurreko eranskinak erakusgai jartzeko, Euskal Autonomia Erkidegoko Hezkuntza Sailaren http://www.euskadi.eus/eusko-jaurlaritza/hezkuntza-saila/ webgunean eta https://hezigunea.euskadi.eus helbidean, agindu hau EHAAn argitaratzen den egunetik aurrera. Halaber, web-orri horretan bertan, erakusgai jarriko da uko-egiteen eta baietsitako, ezetsitako eta partez baietsitako erreklamazioen zerrenda alfabetikoa, arrazoia zehaztuta.
Hirugarrena.– Izendapenek ondorio ekonomiko eta administratiboak izango dituzte 2026ko irailaren 1etik aurrera; eta jatorrizko ikastetxeetako kargu-uzteek, ordea, 2026ko abuztuaren 31tik aurrerako ondorioak izango dituzte.
Laugarrena.– Indargabeturik geratuko dira lekualdatze-lehiaketaren deialdi honetan parte hartzeko betekizunak betetzen ez dituzten irakasleei akats baten ondorioz esleitutako destinoak. Agindu honen eranskinetan agertu arren eta are lanpostuez jabetu arren, ez da aurretiaz pentsatu behar deialdiaren betekizunak betetzen direnik.
Bosgarrena.– Lehiaketaren ondorioz zerbitzu aktibora itzultzen diren maisu-maistrek 2026ko irailaren 1a baino lehen aurkeztu beharko dute honako dokumentazio hau: lekualdatze-lehiaketaren deialdiari buruzko 2025eko azaroaren 13ko Aginduaren hogeita hamargarren oinarrian aipatua (2025eko abenduren 17ko EHAA).
Seigarrena.– Agindu honen bosgarren xedapenak aipatzen dituen itzuli diren pertsonek zein aurtengo lekualdatze-lehiaketan Euskal Autonomi Erkidegoan behin betiko destinoa lortu duten beste Autonomi Elkarteko funtzionarioek, agiri hau aurkeztu beharko dute: epai irmo baten bidez sexu-askatasun eta sexu-ukigabetasunaren aurkako delituren bategatik zigortuak izan ez direla adierazten duen ziurtagiria, Sexu Delitugileen Erregistro Zentralak egina. Delitu horren barruan sexu-erasoak eta -gehiegikeriak, sexu-jazarpena, exhibizionismoa eta sexu-probokazioa, prostituzioa eta sexu-esplotazioa eta adingabeen usteltzea sartzen dira, baita gizakien salerosketa ere. Hala ere, ez dute aurkeztu beharko Hezkuntza Sailari espresuki baimena eman badiote aipatutako datua kontsultatzeko, elkarreragingarritasunaren sistema elektronikoen bitartez (Hezkuntzako Hezigunea atalean bere eremu mugatua erabiliz -erabiltzaile eta pasahitza-, izapide hori bete beharko du «Adingabearen babesa» atalean).
Zazpigarrena.– Agindu honetan lortutako plazei ezin zaie uko egin. Aitzitik, irakasle kidego batean baino gehiagotan parte hartu eta destino bat baino gehiago lortu badira, 2026-2027 ikasturtean jardun nahi den destinoa hautatu beharko da, hamar egun naturaleko epean, behin betiko destinoen esleipenaren agindua EHAAn argitaratzen denetik aurrera. Hala egin ezean, zerbitzu aktiboan egonda parte hartu den kidegoari dagokion lanpostua hartu beharko da jabetzan. Eskaerarik izan ez duten lanpostuak plaza hustzat joko dira, eta hezkuntza administrazioek erabakitako araudiari jarraituz beteko dira.
Zortzigarrena.– Lekualdatze-lehiaketa horretan parte hartu duten maisu-maistrek, alegatutako merezimenduak egiaztatzeko jatorrizko dokumentazioa aurkeztu badute, lehiatu diren Hezkuntza Saileko lurralde-ordezkaritzan berreskuratu ahal izango dute dokumentazio hori, bai bertara joanda, bai baimendutako pertsona bat hara bidalita. Horretarako, agindu honen aurkako administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkezteko bi hilabeteko epea bukaturik egon beharko da.
AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOa
Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean jarriko da indarrean.
AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA
Agindu honen aurka aukerako berraztertze-errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio Hezkuntzako sailburuari, hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkeztu ahal da Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusian, bi hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.
Vitoria-Gasteiz, 2026ko maiatzaren 19a.
Hezkuntzako sailburua,
MARÍA BEGOÑA PEDROSA LOBATO.
RSS