Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

102. zk., 2026ko ekainaren 2a, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

INDUSTRIA, TRANTSIZIO ENERGETIKO ETA JASANGARRITASUNAREN SAILA
2363

EBAZPENA, 2026ko maiatzaren 19koa, Bizkaiko Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasuneko lurralde-ordezkariarena, zeinaren bidez aurretiko eta eraikitzeko administrazio-baimenaren eskaera ebazten baita «BESS Lajara – AESC» izeneko baterien bidezko biltegiratze-instalazioaren proiekturako, Gueñeseko udal-mugartean (Bizkaia), AESC Tender I, SL enpresak aurkeztutakoa.

Espedientea: 48-GE-Y-2025-00014.

AURREKARIAK

1.– 2025eko uztailaren 24an, AESC Tender I, SL enpresak aurretiko administrazio-baimena eta eraikitzeko administrazio-baimena eskatu zituen, «BESS Lajara – AESC» izeneko baterien bidezko biltegiratze-instalazioaren proiekturako, Gueñeseko udal-mugartean (Bizkaia).

2.– 2025eko abenduaren 15ean, akatsak zuzentzeko errekerimendua egin zitzaion sustatzaileari, eta 2026ko urtarrilaren 20an, enpresak espedientearen dokumentazioa osatu du, eta emandako epean aurretik adierazitako akatsak zuzendu ditu.

3.– Proiektuaren xede den instalazioak sarbide-baimena du, I-DE Redes Eléctricas Inteligentes, SAU (I-DE) enpresa banatzaileak 2024ko abuztuaren 1ean emandakoa. 2025eko ekainaren 20an, I-DEk lehen adierazitako sarbide-baimena eguneratu du, eta instalazioaren behin betiko kokapena adierazi.

4.– Eskabidearekin batera, honako dokumentu hauek aurkeztu ziren:

– «BESS Lajara – AESC» izeneko baterien bidezko biltegiratze-instalazioa burutzeko proiektua, Gueñeseko udal-mugartean (Bizkaia).

– Eskatzailearen ahalmena egiaztatzen duen dokumentazioa, abenduaren 1eko 1955/2000 Errege Dekretuaren 121. artikuluan ezarritakoaren arabera.

– Sarean sartzeko eta konektatzeko baimenak.

– Eragindako ondasun eta eskubideei dagozkien separatak.

– Ingurumen-dokumentazioa, abenduaren 9ko 21/2013 Legean ezarritakoaren arabera.

5.– 2025eko irailaren 8an, ordezkaritza honek erreferentziako proiektuaren ingurumen-inpaktuaren ebaluazio sinplifikatua egiteko eskaera bidali zion Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzari. Eskaerari EIAS–356 erreferentzia esleitu zitzaion.

6.– 2025eko abenduaren 17an, Ingurumen Administrazioaren zuzendariak ebazpena eman zuen, zeinaren bidez formulatzen baita AESC Tender I, SLk sustatutako «BESS Lajara - AESC» izeneko baterien bidezko biltegiratze-instalazioaren proiektuaren ingurumen-inpaktuaren txostena. 2025eko abenduaren 24ko EHAAn argitaratu zen.

Ingurumen-inpaktuaren txostenak ondorioztatzen duenez, betiere ezarritako babes- eta zuzenketa-neurriak eta kontrolak hartzen badira, bai eta sustatzaileak planteatutakoak ere –aurrekoen aurkakoak ez badira–, ez da beharrezkoa proiektua egikaritzean ingurumen-inpaktuaren ebaluazio arrunta egitea.

7.– Eusko Jaurlaritzaren martxoaren 31ko 48/2020 Dekretuak, zeinaren bidez arautzen baitira energia elektrikoa ekoizteko, garraiatzeko eta banatzeko instalazioen administrazio-baimenaren prozedurak, 10. artikuluan ezartzen duenaren ondorioetarako, argitara eman zen adierazitako eskabidea jendaurrean jartzeko iragarkia, 2026ko otsailaren 23ko EHAAn eta 2026ko martxoaren 2ko BAOn.

8.– Jendaurreko informazioaren izapidearekin batera, kontsultak egin zitzaizkien eraginpeko ondasunak edo eskubideak dituzten administrazio publiko, erakunde eta enpresei, 48/2020 Dekretuaren 11. artikuluaren arabera, proiektuaren zatien separata teknikoei dagokienez: Gueñeseko Udalari, Eusko Jaurlaritzako Larrialdiei Aurre Egiteko eta Meteorologiako Zuzendaritzari, Bizkaiko Foru Aldundiko (BFA) Azpiegituretarako eta Lurralde Garapenerako Sailari eta Kultura Zuzendaritza Nagusiari, Uraren Euskal Agentziari (URA), I-DE Redes Eléctricas Inteligentes, SAUri, Red Eléctrica de España, SAri eta BESS Development 2, SLri (proiektuak horren instalazioei eragiten dielako).

9.– Arauzko epean, honako baldintza tekniko hauek jaso dira:

– 2026ko martxoaren 12an, BFAko Azpiegituretarako eta Lurralde Garapenerako Sailak proiektuaren bideragarritasunaren aldeko txostena egin zuen, BI-3621 errepidea babesteko eremutik kanpo baitago. Hala ere, adierazi zuen obrarako sarbideetarako, trafikoari eragiten dioten seinaleak jartzeko eta, hala badagokio, aurreikusitako garraio berezietarako baimen espezifikoa eskatu beharko dela.

– 2026ko martxoaren 13an, Eusko Jaurlaritzako Larrialdiei Aurre Egiteko eta Meteorologiako Zuzendaritzak adierazi zuen proiektuak kontuan hartu beharko dituela arrisku sismikoak, teknologikoak, baso-suteen arriskuak eta drainatzearen arriskuak, eta aplikatu beharreko autobabeseko betebeharrak ere bete beharko dituela.

– 2026ko martxoaren 18an, Uraren Euskal Agentziak (URA) jakinarazi zuen «BESS Lajara – AESC» instalazioa ibilguen zaintza-eremutik kanpo dagoela, eta, beraz, ez dela beharrezkoa erakunde horrek obra-baimena izapidetzea.

– 2026ko apirilaren 8an, Red Eléctrica de España, SAk ez dio proiektuari aurka egiten bere titulartasuneko instalazioetan eraginik ez baitauka.

Agiri guztiak AESC Tender I, SLri bidali zitzaizkion, eta horrek agiri guztiak onartzen zituela eta horiekin guztiekin ados zegoela adierazi zuen.

10.– Halaber, arauzko epean ez da alegaziorik aurkeztu.

11.– Behin espedientea aztertuta, eskaeraren aldeko txostena egin dute Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasuneko Bizkaiko Lurralde Ordezkaritzako energia-arloko zerbitzu teknikoek.

Ebazpen hau honako hauetan oinarritzen da:

ZUZENBIDEKO OINARRIAK

1.– Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasuneko Bizkaiko Lurralde Ordezkaritza da espediente hau izapidetzeko eta ebazteko organo eskuduna, Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasunaren Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen abenduaren 3ko 410/2024 Dekretuan xedatutakoaren arabera (urtarrilaren 27ko 8/2026 Dekretuaren bidez aldatua).

2.– Espedientea izapidetzerakoan, honako arau hauetan ezarritako izapideak bete dira: Sektore Elektrikoari buruzko azaroaren 26ko 24/2013 Legea; Energia elektrikoko instalazioak garraiatzeko, banatzeko, merkaturatzeko eta hornitzeko jarduerak eta baimentze-prozedurak arautzen dituen abenduaren 1eko 1955/2000 Errege Dekretua; Eusko Jaurlaritzaren martxoaren 31ko 48/2020 Dekretua; eta bat datorren gainerako legedia.

3.– Gainera, arau hauek aplikatu behar dira: Euskadiko Ingurumen Administrazioari buruzko abenduaren 9ko 10/2021 Legea eta Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legea, ingurumen-inpaktuaren ebaluazio sinplifikatuaren prozedurari eta haren emaitzak baimen honetan sartzeari dagokienez. 10/2021 Legearen 79.1 artikuluaren arabera, ingurumen-inpaktuaren txostena loteslea da, eta, beraz, bertan ezarritako guztia nahitaez bete beharko da proiektua gauzatzean.

Aipatutako lege-xedapenak ikusita, eta oro har zein zehazki aplikagarri diren gainerakoak oinarritzat hartuta, eta Lurralde Ordezkaritzako energia-arloko txostenarekin bat etorriz, Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasuneko Bizkaiko lurralde-ordezkariak hau

EBAZTEN DU:

Aurretiko eta eraikitzeko administrazio-baimena ematea AESC Tender I, SL enpresari, «BESS Lajara – AESC» izeneko baterien bidezko biltegiratze-instalazioaren proiekturako. Proiektua Gueñeseko udal-mugartean (Bizkaia) kokatuta dago.

Proiektuak honako instalazio hauek hartzen ditu:

– 4 bateria-edukiontzi, guztira 20,06 MWh-ko kapazitatea dutenak, ferrofosfatozko litiozko bateriez osatuak. Edukiontzi bakoitza 5,015 MWh-ko potentzia unitarioakoa da.

– 24 inbertsore, guztira 5,04 MW-ko potentzia nominalekoak. Inbertsore bakoitzak 690 V-eko tentsio nominala du, eta 210 kW-ko potentzia unitariokoa da.

– Transformadore 1, 5,14 MVA-ko potentzia unitariokoa eta 0,690/30 kV-ko transformazio-erlazioarekin, bai eta hari lotutako linea- eta babes-gelaxkak ere.

– Babes- eta neurketa-zentroa eta zerbitzu osagarrietarako zentroa. Zentroa babes- eta neurketa-gelaxkek, eta zerbitzu osagarrien transformadoreak osatzen dute. Transformadorea 0,420 / 30 kV-ko transformazio-erlazioa eta 100 kVA-ko potentzia nominalekoa da.

– Sarera energia isurtzeko 30 kV-ko linea, 84,44 m inguru luzerakoa, ebazpen honen xede den baterien instalazioan dagoen 30 kV-ko babes- eta neurketa-zentroa eta BESS Development 2, SLk sustatuko (48-GE-Y-2024-00016 espedientea) «BESS Lajara» energia biltegiratzeko instalazioaren babes- eta neurketa-zentroa elkarrekin lotzeko helburua duena. Linearen ibilbidea lurpekoa da, Gueñeseko udal-mugartean (Bizkaia).

– Ebaketa- eta neurketa-zentroa. Zentroa linea- eta neurketa-gelaxkek osatzen dute.

Ebazpen hau ematen da martxoaren 31ko 48/2020 Dekretuan xedatutakoaren arabera, eta baldintza orokor hauek kontuan hartuta:

1.– Obrak egiteko, onartutako proiektua bete behar da, kasu bakoitzean eskatu eta baimentzen diren aldaketak eginda.

2.– Proiektuak ingurumenean ondorio kaltegarri nabarmenik izan ez dezan, 2025eko abenduaren 17ko Ingurumen Inpaktuaren Txostenean (2025eko abenduaren 24ko EHAA) ezarritako baldintzak bete beharko ditu. Baldintza horiek ebazpen honen parte dira. Zehazki, eta laburbilduta, txosten horretan ezarritako neurri hauek hartu beharko dira:

a) Natura-ondarea babesteko neurriak.

b) Lurzoruaren kalitatea eta aurreikusitako erabilerak bateragarriak izango direla bermatzera zuzendutako neurriak.

c) Nekazaritza- eta baso-lurzorua babesteko neurriak.

d) Urak eta lurzoruak kutsaduratik babesteko neurriak.

e) Zaraten ondorioak gutxitzeko neurriak.

f) Eremu elektromagnetikoekiko esposizioaren inguruko kautelazko neurriak.

g) Kultura-ondarea babesteko neurriak.

h) Hondakinak kudeatzeko neurriak.

i) Atmosfera ahalik eta gutxien kutsatzeko eta ahalik eta hauts gutxien aireratzeko neurriak.

j) Jardunbide egokien sistema bat ezartzea.

k) Garbitzea eta obra amaitzea.

l) Kutsatuta egon daitezkeen lurzoruekin lotutako neurriak.

m) Jarduera uztea.

n) Ingurumen-aholkularitza.

Era berean, kontsulta-fasean administrazioek, organismoek eta enpresek ezarritako baldintza teknikoak bete beharko ditu, sustatzaileak horiekiko adostasuna adierazi baitzuen, eta aplikatu beharreko erregelamendu teknikoen arabera eta administrazio eskudunak onartutako enpresa banatzailearen arau partikularren arabera burutu beharko da proiektua.

3.– Martxan jartzeko epea hiru urtekoa izango da, ebazpen hau ematen den egunetik aurrera. Epe hori igaro eta instalazioa ustiatzeko baimenik eskatu ez bada, ebazpen hau iraungitzat jo ahal izango da. Nolanahi ere, sustatzaileak 8/2023 Errege Lege Dekretuaren 28. artikuluan xedatutakoa baliatu ahal izango du (abenduaren 27koa, Ukraina eta Ekialde Hurbileko gatazken ondorio ekonomiko eta sozialei aurre egiteko eta lehortearen ondorioak arintzeko neurriak hartzen dituena), behin betiko ustiatzeko eta abian jartzeko baimena lortzeko administrazio-mugarriaren luzapenari dagokionez.

4.– Lanak amaitutakoan, eta araututako egiaztapenak egin ondoren, instalazioen titularrak Bizkaiko Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasuneko lurralde-ordezkaritzari jakinarazi beharko dio lanen amaiera, behin betiko ustiatzeko eta abian jartzeko baimena eman dezan. Horrekin batera, aplikatu beharreko erregelamendu teknikoetan adierazitako agiriak aurkeztu beharko ditu. Era berean, Ekoizpen Elektrikoko Instalazioen Administrazio Erregistroan inskribatu beharko da, instalazioa zerbitzuan dagoenean.

5.– Ebazpen hau ematen da obrak egiteko behar diren udal- eta probintzia-eskumenetako eta bestelako baimenak edo lizentziak edozein direla ere, eta horiek aparte utzi gabe, eta bereziki lurraldearen antolamenduari eta ingurumenari dagozkienak. Eskatzaileak nahitaez eskuratu beharko ditu baimen horiek guztiak. Era berean, hirugarrenen eskubideak kaltetu gabe emango da, jabetza-eskubidea salbu utzita.

Kasuan kasuko baimenak, lizentziak edo baimenak izapidetzeak edo sustatzaileak onartutako baldintza teknikoak betetzeak instalazioa burutzeko proiektuan funtsezko aldaketak eragiten baditu, edo aldaketa horiei ingurumen-ebaluazioa egin behar zaiela erabakitzen bada, dagokion baimena eskatu beharko da.

6.– Jarduera uzteko, instalazioa ixteko aldez aurretiko administrazio-baimena beharko da. Horretarako, eskaera egin beharko da, justifikazio-memoriarekin, plano eguneratuekin eta instalazioa eraisteko planarekin batera. Plan hori ingurumen-inpaktuaren txostenean ezarritako baldintzetara egokitu beharko da, eraiste-fasean ingurumena lehengoratzeari dagokionez.

7.– Sistemaren operadoreak ezartzen dituen arau teknikoak eta jarduteko prozedurak bete beharko dira.

Ebazpen honek ez dio amaiera ematen administrazio-bideari, eta, beraren aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkez dakioke Industriako, Trantsizio Energetikoko eta Jasangarritasuneko Deskarbonizazioko zuzendariari, hilabeteko epean, ebazpena jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen 39/2015 Legearen 121. artikuluan eta hurrengoetan ezarritakoaren arabera.

Bilbao, 2026ko maiatzaren 19a.

Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasuneko Bizkaiko lurralde-ordezkaria,

MARÍA JESÚS MARKAIDA URIARTE.


Azterketa dokumentala