Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

100. zk., 2026ko maiatzaren 29a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

INDUSTRIA, TRANTSIZIO ENERGETIKO ETA JASANGARRITASUNAREN SAILA
2319

EBAZPENA, 2026ko maiatzaren 11koa, Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasuneko Arabako lurralde-ordezkariarena. Horren bidez, aurretiazko administrazio-baimena ematen da Vitoria-Gasteizko udal-mugarteko (Araba) «FV Bitxilore Solar» eguzki-instalazio fotovoltaikoaren proiekturako, Ventaja Solar 8, SL sozietateak sustatua.

Espediente-zenbakia: 01 GE Y 202300045.

AURREKARIAK

Lehenengoa.– 2023ko azaroaren 24an, Ventaja Solar 8, SL sozietateak aurretiazko administrazio-baimena eskatu zuen eguzki-teknologia fotovoltaikoaren bidez elektrizitatea sortzeko instalazio baterako, «FV Bitxilore Solar», Vitoria-Gasteizko udal-mugartean (Araba).

Bigarrena.– 2023ko abenduaren 15ean, ingurumen-dokumentazioa osatu zen, zuzentzeko errekerimendua egin ondoren, instalazioa ingurumen-ebaluazio sinplifikatuaren prozeduraren mende zegoenez.

Hirugarrena.– Proiektuaren xede den instalazioak sarbide- eta konexio-baimena du, I-DE Redes Eléctricas Inteligentes, SAU enpresa banatzaileak emana, 2023ko ekainaren 27an (erreferentzia-zk.: 9042309847).

Laugarrena.– 2024ko ekainaren 10ean, Ingurumen Administrazioaren eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzan, eskaera bat burutu zen, Ventaja Solar 8, SL sozietateak Vitoria-Gasteizen (Araba) sustatutako Bitxilore Solar instalazio fotovoltaikoaren (6,018 MW-eko potentzia) proiektuaren ingurumen-inpaktuaren txostena egiteko, ingurumen-inpaktuaren ebaluazio sinplifikatuaren prozeduraren esparruan (Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 45. artikuluan eta hurrengoetan dago arautua).

Bosgarrena.– 2025eko urtarrilaren 10ean, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitara eman zen Ingurumenaren Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren zuzendariaren Ebazpena, zeinaren bidez formulatzen baita ingurumen-inpaktuaren txostena Ventaja Solar 8, S.L sozietateak Vitoria-Gasteizen (Araba) sustatutako Bitxilore Solar instalazio fotovoltaikoaren proiekturako (6,018 MWp) eta xedatzen da, espedientean jasotako txostenekin bat etorriz eta abenduaren 9ko 10/2021 Legearen II.F eranskinean xedatutako irizpideekin bat etorriz, ingurumen-inpaktuaren ebaluazio arrunta egin behar zaiola proiektuari, efektu nabarmenak izan ditzakeelako ingurumenean.

Seigarrena.– 2025eko abuztuaren 20an, sustatzaileak Ingurumen Inpaktuaren Azterketa osoa aurkeztu zuen, Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 35. artikuluan eta VI. eranskinean xedatutakoaren arabera, eta hegazti-faunari buruzko azterlanak egiten jarraitzen zela adierazi zuen.

Zazpigarrena.– 2025eko abenduaren 12an, Ventaja Solar 8, SL sozietateak, erregistro elektroniko orokorraren bidez, proiektuaren aldaketa bat aurkeztu zuen, non azalera okupatua 5 ha baino gutxiagora murrizten baitzen, ingurumen-inpaktuaren ebaluazioaren mende ez dagoela justifikatzen duen memoriarekin batera.

Zortzigarrena.– 2026ko urtarrilaren 5ean, Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzari eskatu zitzaion, EAEko ingurumen-organoa den aldetik, proiektuaren bertsio aldatuak ingurumen-ebaluazio arrunta behar zuen ala ez adierazteko. Kontsulta horri 2026ko otsailaren 3an erantzun zitzaion, eta honako hau adierazi zen: «Arabako Administrazio Ordezkaritzaren baimen-espedienteari erantsitako dokumentazio berria aztertu ondoren, egiaztatu da proiektua, bere dimentsio berriekin, ez legokeela jasota ingurumen-ebaluazioko ezein prozeduraren kasuetan». Horrez gain, proiektua baimentzeko kontuan hartu beharreko babes- eta zuzenketa-neurriak proposatu ziren.

Bederatzigarrena.– 2026ko otsailaren 26an, Ventaja Solar 8, SL sozietateak proiektuaren aldaketa eta dagozkion separatak aurkeztu zituen baimen-espedientean. Aldaketa horren bidez, 5 ha baino gutxiagora murrizten du azalera okupatua.

Hamargarrena.– 2026ko martxoaren 13an eta 2026ko martxoaren 27an, Arabako Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasuneko lurralde-ordezkariaren 2026ko martxoaren 5eko iragarkia argitaratu zen, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian (50. zk.) eta Arabako Lurralde Historikoaren Aldizkari Ofizialean (37. zk.), hurrenez hurren. Iragarki horren bidez, jendaurrean jarri zen Vitoria-Gasteizko udalerrian «FV Bitxilore Solar» eguzki-instalazio fotovoltaikoa (6,013 Mwp) eta hari lotutako azpiegiturak eraikitzeko aurretiazko administrazio-baimenaren eskaera.

Hamaikagarrena.– Jendaurreko informazioaren izapidearekin batera, kontsulta egin zitzaien eragindako administrazio publiko hauei: Vitoria-Gasteizko Udalari eta Jungituko Administrazio Batzarrari.

Ukitutako ondasun eta eskubideei buruzko separatak bidali zitzaizkion i-DE Redes Eléctricas Inteligentes, SAU enpresari.

Hamabigarrena.– Jendaurrean jartzeko izapidean ez da alegaziorik jaso.

Hamahirugarrena.– Vitoria-Gasteizko Udalaren txostena jaso zen, udalerrian eragindako eremuetan indarrean dagoen HAPOren arabera aplikatu beharreko araudiari buruzko informazioa ematen zuena. Laburbilduz, proiektuari dagokionez, honako hau ondorioztatzen da.

1.– Erabilera onargarria da, aipatutako baldintzetan egiten bada.

2.– Lizentzia eskatzeko proiektua aurkezteko unean, arau-zehaztapena justifikatu beharko da.

3.– Lizentzia izapidetzean egiaztatuko da betetzen dela.

Hamalaugarrena.– Jasotako txostena sustatzaileari bidali zitzaion, azter zezan, eta sustatzaileak adostasuna adierazi zuen.

ZUZENBIDEKO OINARRIAK

Lehenengoa.– Arabako Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasunaren Lurralde Ordezkaritza da espediente hau izapidetzeko eta ebazteko organo eskuduna, hala xedatzen baita 410/2024 Dekretuaren 20. artikuluan (410/2024 Dekretua, abenduaren 3koa, Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasunaren Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duena).

Bigarrena.– Espedientean bete dira lege hauetan agindutako arauzko izapideak: 24/2013 Legea, abenduaren 26koa, Sektore Elektrikoari buruzkoa; Eusko Jaurlaritzaren 48/2020 Dekretua, martxoaren 31koa, zeinaren bidez arautzen baitira energia elektrikoa ekoizteko, garraiatzeko eta banatzeko instalazioen administrazio-baimenaren prozedurak. Honako hauekin bat etorriz egin da: 21/2013 Legea, abenduaren 9koa, Ingurumen-ebaluazioari buruzkoa, eta 10/2021 Legea, abenduaren 9koa, Euskadiko Ingurumen Administrazioari buruzkoa.

Hirugarrena.– Sektore Elektrikoari buruzko 24/2013 Legearen 53.1 artikuluak ezartzen du energia elektrikoa ekoizteko instalazioek aurretiazko administrazio-baimena behar dutela. Era berean, ezartzen du hura ez dela emango, baldin eta titularrak ez baditu aldez aurretik lortzen garraio- edo banaketa-sareetara sartzeko eta konektatzeko baimenak.

Laugarrena.– Sektore Elektrikoari buruzko 24/2013 Legearen 53.6 artikuluak adierazten du administrazio-baimenak administrazio eskudunak emango dituela, aplikatu beharreko bestelako xedapenen arabera eta, bereziki, lurraldearen antolamenduari eta ingurumenari buruzko xedapenen arabera beharrezkoak diren emakida eta baimenak alde batera utzi gabe.

Bosgarrena.– Sektore Elektrikoari buruzko 24/2013 Legearen 53.7 artikuluaren arabera, Administrazio publiko eskudunak baimena ukatu ahalko du, baina aplikatu beharreko araudian ezarritako eskakizunak betetzen ez direnean edo baimena ematea sistemaren funtzionamenduaren kalterako denean soilik.

Aipatutako lege-xedapenak ikusita, eta oro har zein zehazki aplikagarri diren gainerakoak oinarri hartuta, Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasuneko Arabako lurralde-ordezkariak hau

EBAZTEN DU:

Ventaja Solar 8, SL sozietateari aurretiazko administrazio-baimena ematea «FV Bitxilore Solar» eguzki-instalazio fotovoltaikoaren eta haren ebakuazio-azpiegituraren proiektua egiteko Vitoria-Gasteizko udal-mugartean. Hau da proiektua:

– «FV Bitxilore Solar» eguzki-instalazio fotovoltaikoa, 5 MWn-ko potentzia instalatua eta 4,98 ha-ko azalera okupatua duena; Vitoria-Gasteizko 78. eta 91. lurzatiak eta 34. poligonokoak okupatzen ditu. Instalazio hauek izango ditu:

a) 9.396 modulu, 640 Wp-koak, guztira 5,013 MWp-ko potentzia instalatua dutenak.

b) 25 inbertsore, 200 kW-eko potentzia nominalekoak.

c) 2 transformazio-zentro (0,8/30 kV), 2.500 eta 3.000 kVA-koak.

– Lurpeko ebakuazio-linea, 30kV-koa, CT – 1 transformazio-zentrotik erdi-tentsioko ebakuazio-linearen terminaletaraino, sekzionamendu-zentrora sartzeko, Vitoria-Gasteizko udal-mugartean.

– Instalazio fotovoltaikoak sortutako energia garraio-sarera ebakuatzeko, Gasteiz STren 30 kV-ko Gasteiz-Matauco 2 linea (30kV) baliatuko da.

Baldintza orokor hauek jarrita ematen da baimen hau:

Ebazpen hau jakinarazten denetik hamabi hilabete igaro baino lehen eskatu beharko da eraikitzeko administrazio-baimena. Eskabidea adierazitako epean aurkezten ez bada, aurretiazko administrazio-baimena iraungitzat jo ahal izango da.

Egikaritze-proiektua kontsulta-fasean administrazioek, erakundeek eta zerbitzu-enpresek ezarritako baldintza teknikoetara egokitu beharko da, sustatzaileak baldintza horiek betetzearekin ados zegoela adierazi baitzuen, eta, bereziki, kontuan hartu beharko dira ingurumen-organoak proposatutako babes- eta zuzenketa-neurriak (ebazpen honen eranskinean jasota daude).

Onartzeko aurkeztutako proiektuak araudi elektrikoaren arabera eta industriaren arloan aplikagarriak diren industriako segurtasun- eta kalitate-arauak bete beharko ditu, eta laneko arriskuen prebentzioari buruzko dokumentazioa jaso, bai eta ingurumen-inpaktuaren adierazpenean ezarritakoa ere, instalazio elektrikoei aplikatu beharreko araudian adierazitako agiri eta zehaztapenez gain. Aplikatu beharreko araudia betetzen dela egiaztatzen duen erantzukizunpeko adierazpena erantsi beharko da.

Sistemaren operadoreak ezartzen dituen arau teknikoak eta jardunbideak bete beharko dira.

Ebazpen hau ematen da ezertan eragotzi gabe udal- eta foru-mailako eskumeneko baimen edo lizentziak, ez eta obrak egiteko beharrezkoak diren beste baimen batzuk nahiz aplikatzekoak diren xedapenetatik eratorritakoak ere, lurralde- eta ingurumen-antolamenduari dagozkienak bereziki, eta eskatzaileak haiek eskatu beharko ditu hala dagokionean. Era berean, hirugarrenen eskubideak alde batera utzi gabe ematen da, jabetza-eskubidea salbu utzita.

Ebazpen honek ez dio amaiera ematen administrazio-bideari, eta, beronen aurka, gora jotzeko errekurtsoa jar dakioke Deskarbonizazioko zuzendariari, hilabeteko epean, ebazpen hau jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera kontatzen hasita, bat etorriz Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen 39/2015 Legearen 121. artikuluan eta hurrengoetan xedatutakoarekin.

Vitoria-Gasteiz, 2026ko maiatzaren 11.

Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasuneko Arabako lurralde-ordezkaria,

JAVIER AIZPURU OCHOA DE ERIBE.

ERANSKINA
PROIEKTUARI APLIKATU BEHARREKO INGURUMEN-ARLOKO NEURRI BABESLE ETA ZUZENTZAILEAK

1.– Instalazioaren perimetroko hesiaren inguru osoan landare-pantaila bat jarri beharko litzateke, ez soilik hesia estaltzeko, baizik eta faunak harekin talka ez egiteko, igarobide ekologikoak sortzeko eta fauna-espezieentzako habitat aproposak sortzeko.

– Pantaila horrek 5 metroko zabalera izan beharko luke, gutxienez.

– Bertako espezieak erabili, zuhaitzak zein zuhaixkak. Erkameztiaren serieko espezieak erabiltzea gomendatzen da (Quercus faginea, Sorbus aria, Crataegus monogyna, Ligustrum vulgare, Rosa spp., etab.). Landaketa-dentsitatea, gutxienez, 1 unit./9 m2-koa izango da zuhaitz-espezieen kasuan, eta 1 unit./4 m2-koa zuhaixka-espezieen kasuan.

2.– Hesiaren barruko eremuan, beharrezkotzat jotzen da landaredia lehengoratzea, honela:

– Espezie belarkara eta zurkarak ereinda (altueragatik panel fotovoltaikoekin bateragarriak izan daitezkeen zuhaixkak).

– Erkamezti subatlantikoaren serieko espezieetako zuhaixkak landatuta, proiektuaren esparru osoan, zuhaixka horien presentziak panel fotovoltaikoen funtzionamendua oztopatzen ez duen eremuetan betiere.

3.– Parke fotovoltaikoa instalatzeko landaredi belarkara kentzean, behar-beharrezkoa dena bakarrik kendu beharko litzateke, eta instalazioaren kanpoko ertzetan edo mugetan legokeen zuhaixka- eta zuhaitz-landaredia mantendu, bai eta energia ekoizteko jarduera nabarmen oztopatzen ez den eremuetan ere.

4.– Ahalik eta gehien kontserbatu beharko litzateke eragindako eremuaren egungo geomorfologia edo topografia. Landare-lurrari dagozkion horizonte edafikoak –instalazio fotovoltaikoa egiteko kendu beharrekoak– selektiboki kendu ahal izango dira. Lehenbailehen birbanatu beharko dira, edo, bestela, pilatu, eremuko ingurumena lehengoratzeko berrerabiltzeko. Ebakuazioko linea elektrikoaren lurpeko trazadura konexio-puntua emanda dagoen lurzatian egiten bada, era berean jokatu beharko litzateke hura egikaritzean: landare-lurrari dagozkion horizonte edafikoak modu selektiboan kendu eta zangak betetzeko erabiliko dira, edo pilatu egingo dira, eremuaren ingurumena lehengoratzeko berrerabiltzeko. Horizonterik sakonenak, hau da, zorupea, material geldo egokikoak izanez gero, ahal dela inguruko lursailak edo finkak lehengoratzeko edo birmoldatzeko baliatu daitezke.

5.– Eraikuntza-fasean, soilik lurzoru-nibelazioak egin beharko lirateke, instalazio fotovoltaikoko eraikinak zimendatzeko. Era berean, komeniko litzateke inolako nibelaziorik ez egitea panelen ezarpen-eremuetan. Aldiz, lurzoruaren jatorrizko profilari eutsiko zaio, lurrazaleko geruza kendu edo aldatu gabe, salbu eta lurpeko kableentzako zangak egin behar direnean.

6.– Landare-pantailaren instalazioak Bitxilore EIFVren perimetro osoa inguratu beharko luke, eta hesitik kanpo kokatu beharko litzateke, hegan doazen hegaztiek talka egiteko arriskurik izan ez dezaten. Gainera, aztertu beharko litzateke ea beharrezkoa den hesiak talken aurkako gailuekin seinaleztatzea.

7.– Bai hesiaren kanpoko perimetroan landare-pantaila sortzeko lanetan, bai landaredi-unada berriak sortzeko lanetan, honako eragiketa hauek egin beharko lirateke gutxienez:

– Lursaila aldez aurretik destrinkotzea, modelatzea eta profilatzea, forma fisiografiko egokia emateko eta behar bezala doitzeko lursail naturalarekin kontaktuan eta trantsizioan dauden eremuetan.

– Gutxienez 0,3 m-ko kalitatezko landare-lurra duen geruza bat gehitzea eta ondoren xehetasunez profilatzea.

– Lurzorua lantzeko eta harrotzeko eta ondoren fintzeko lanak egitea, ereiteko eta hidroereiterako eremuak behar bezala prestatzeko.

8.– Jarduketa-eremuetan egin behar diren landaketen ezaugarriak –zeinak jarduketa-eremuko baldintza edafiko eta klimatikoetara egokitu baitaitezke–, honako hauek izango dira:

– 1 m-tik beherako aleak. Landareen arteko distantzia: 1,5 m-tik 2 m-ra. Zuloaren gutxieneko neurria: 0,4 x 0,4 x 0,4 m.

– Landareak sartu ondoren, zuloa edo zanga beteko da: hondoan, kalitatezko landare-lurra jartzen da, behar bezala trinkotutako 20 cm-ko geruzatan, 1/3 hareaz edo legarrez emendatuta, iragazkortasuna handitzeko; ondoren, kilo bat ongarri organiko konpostatu gehituko zaio.

– Zuloa kalitatezko lurrekin bete ondoren, 40 cm-ko erradioa eta 10 cm-ko ildo-bitarte altuera duen zuhaitz-txorko bat egiten da gainazalean, eta ureztatu egiten da (50 l/landareko).

– Oso gomendagarria da landare guztien oinarrian belarren aurkako oinarri-babesgarri bat jartzea, «Horsol» motakoa, 110 g/m2-koa, metro bateko zabalera duena, alde bakoitzean 20 cm lurperatuz ondo ainguratzeko, eta 0,6 m agerian utziz.

– Landatzeko garaia: abendua-otsaila.

– Hasierako ezarpen-aldian zurezko landare-estaldura mantentzeko lanak egingo direla bermatu beharko litzateke, behin betiko errotzea eta ezarpena ziurtatzeko, defizit hidrikoaren garaian ureztatzeak eginez, landare hilak birjarriz, zurkaitzak eta oinarriaren babesgarriak lehengoratuz, ongarrituz, konformazio-inausketak eginez, sastrakak kenduz, etab.

9.– Ustiapen-fasean, EIFVaren barruko landare-estalkia mantentzeko lanak metodo mekanikoen bidez egin beharko lirateke, herbizidarik erabili gabe. Kanpoko landaredia kontrolatzeko neurri posibleen artean, gomendatzen da inguruan dagoen azienda estentsiboarekin bazkaren aprobetxamendua egitea, ahal dela ardi-aziendarekin.

10.– Parke fotovoltaikoak hartzen duen eremu osoko azaleko jariatze-urak husteko, dekantazio-putzu txiki batean biltzea aurreikusi beharko litzateke, eremuaren punturik baxuenean, halako moldez non bideetatik datozen urak jasotzen dituen ebakuazio-arekaren urak jasoko bailituzke, drainatze-sarearekin lotu aurretik. Aldi baterako putzu edo hezegune hori eremu hezeetako berezko landareekin lehengoratu beharko litzatekeela aurreikusten da; horrela, azkar integratuko dira, eta, hasierako faseetatik, basafaunarentzako harrera puntu eta babesleku izan ahalko dira, eta bereziki anfibioen ugalketarako habitaterako onuragarriak.

11.– Proiektuaren fase guztietan, edozein elementutan sortutako hondakinak eta hondakin-urak aldizka bildu eta eremutik atera beharko lirateke, eta kudeatzaile baimenduari entregatu. Alderdi horretatik, arreta berezia jarri behar zaie panelak mantentzeko eta garbitzeko lanei (erabilitako produktuak, beharrezkoa den ura, hondakinen kudeaketa, etab.).

12.– Ustiapen-fasean, lurzorua trinkotu dezaketen jarduketak saihestuko beharko lirateke. Ibilgailuen zirkulazioa barneko bide-sarera mugatu beharko litzateke; sare hori uste da iragazgaiztu gabe diseinatu beharko litzatekeela, eta horrela mantendu. Tarteko kaleetako eta panel-lerroen arteko landareei hazten uztea gomendatzen da.

13.– Basafaunaren gaineko inpaktuak minimizatzeko, perimetro-hesiak ezaugarri hauek izatea proposatzen da:

– Ehiza- edo abeltzaintza-sarea, ahal dela 2 metrotik gorakoa ez dena.

– Animalia txikiak eta ertainak pasatzeko moduko diseinua.

– «Katazulo» motako pasabideak, ainguratu gabe eta azpitik zorura eutsi gabe.

– Hesia hegan doazen hegaztiek talka ez egiteko gailuarekin seinaleztatzea. Batez ere, sarrerako atean ezarri beharko litzatekeela uste da; izan ere, azaldu den moduan, perimetroko gainerako hesiaren kanpoaldean landaketa bat aurreikusi beharko litzateke, eta, horrela, hegaztiek ez lukete hesiaren aurka talka egingo.

14.– Proiektuaren eraispen-faseari lotutako neurriak hartu beharko dira kontuan, instalazioaren bizitza baliagarria amaitu eta haren elementu guztiak bertan behera utzi eta desegin ondoren, eragindako gainazalen leheneratze geomorfologiko eta edafikoko lanak eta lehengoratze begetaleko lanak egingo direla bermatzeko.

15.– Obrak faunaren ugalketa-aldi kritikotik kanpo egin beharko lirateke, eta, nolanahi ere, aldez aurretik prospekzio bat egin beharko litzateke lurzatian habiarik dagoen detektatzeko. Kasu horretan, Arabako Foru Aldundiko Natura Ondarearen Zerbitzuarekin harremanetan jarriko da.

16.– Azkenik, gaueko argiztapena ahalik eta gehien murriztu beharko litzateke, faunaren arreta ez erakartzeko.


Azterketa dokumentala