
100. zk., 2026ko maiatzaren 29a, ostirala
- Bestelako formatuak:
- PDF (392 KB - 23 orri.)
- EPUB (136 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
INDUSTRIA, TRANTSIZIO ENERGETIKO ETA JASANGARRITASUNAREN SAILA
2318
EBAZPENA, 2026ko apirilaren 24koa, Ingurumen Administrazioaren zuzendariarena, zeinaren bidez formulatzen baita Busturiako (Bizkaia) Zelaiondo ZEUren urbanizazio-proiektuaren ingurumen-inpaktuaren txostena, Viviendas de Vizcaya, SAk sustatua.
AURREKARIAK
2025eko urriaren 27an, Busturiako Udalak eskaera bat aurkeztu zuen Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzan, Busturiako (Bizkaia) Zelaiondo ZEUren urbanizazio-proiektuaren ingurumen-inpaktuaren txosten sinplifikatua igortzeko. Eskaera hori Viviendas de Vizcayak sustatu du, proiektuaren ingurumen-inpaktuaren ebaluazio sinplifikatua egiteko prozeduraren esparruan, zeina erregulatuta baitago Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen II. kapituluaren 2. atalean.
Abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 79. artikulua aplikatuz, 2025eko azaroaren 6an, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak izapidea hasi zuen kontsultak egiteko eragindako administrazio publikoei eta interesdunei. Kontsulta-izapidea egiteko legez ezarritako epea bukatu ondoren, zenbait organismoren txostenak jaso dira, eta haien emaitza espedientean dago jasota. Era berean, organo substantiboari jakinarazi zitzaion izapidea hasi zela.
Halaber, espedientean jasotako dokumentuak eskuragarri egon ziren Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasunaren Saileko web-orrian, interesdun orok aukera izan zezan ingurumenaren arloan egokitzat jotzen zituen oharrak egiteko.
Jasotako txostenak aztertuta, egiaztatu da ingurumen-organoak baduela behar beste judizio-elementu ingurumen-txosten estrategikoa formulatzeko, bat etorriz Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 79. artikuluarekin.
ZUZENBIDEKO OINARRIAK
Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 60. artikuluan xedatutakoaren arabera, dagokion ingurumen-ebaluazioko prozeduraren mende jarri behar dira, nahitaez, ingurumenean ondorio nabarmenak izan ditzaketen plan, programa eta proiektuak, bai eta haien aldaketak eta berrikuspenak ere, ingurumen-babes handia bermatzeko eta garapen jasangarria sustatzeko.
Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 76.2 artikuluan xedatutakoa aplikatuz, proiektua ingurumen-inpaktuaren ebaluazio sinplifikatuaren mende dago, aipatutako Legearen II.E. eranskinean sartutako proiektu bat delako; zehatz esateko, 7. taldeko b) epigrafean: «Bizitegietarako eta merkataritza-guneetarako lurzorua urbanizatzea eskatzen duten proiektuak, eremu urbanizatuetatik kanpo, baldin eta hektarea bateko edo gehiagoko azalera hartzen badute».
Proiektuaren ingurumen-inpaktuaren ebaluazio-espedientean dauden dokumentu teknikoak eta txostenak aztertu ondoren, eta ikusita proiektuaren ingurumen-dokumentua zuzena dela eta indarrean dagoen araudian xedatutako alderdietara egokitzen dela, Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak ingurumen-inpaktuaren txosten hau ematen du (organo hori da eskuduna Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasunaren Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen abenduaren 3ko 410/2024 Dekretuaren arabera). Bertan aztertzen da ea aipatutako proiektuak ingurumenean ondorio nabarmenak izan ditzakeen eta, horren ondorioz, proiektuari ingurumen-inpaktuaren ebaluazio arruntaren prozedura egin behar zaion; halakorik egin behar ez bada, proiektua garatzean ingurumena egokiro babesteko bete beharreko baldintzak ezartzen dira txostenean.
Honako hauek hartu dira kontuan: abenduaren 9ko 10/2021 Legea, Euskadiko Ingurumen Administrazioarena; abenduaren 9ko 21/2013 Legea, Ingurumen-ebaluazioari buruzkoa; abenduaren 3ko 410/2024 Dekretua, Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasunaren Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duena; urriaren 1eko 39/2015 Legea, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena; urriaren 1eko 40/2015 Legea, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoarena, eta aplikatzekoa den gainerako araudia. Horrenbestez, hau
EBAZTEN DUT:
Lehenengoa.– Formulatzea Busturiako (Bizkaia) Zelaiondo ZEUren urbanizazio-proiektuaren ingurumen-inpaktuaren txostena, Viviendas de Vizcaya SAk sustatua, eta xedatzea ezen, espedientean jasotako txostenekin bat eta abenduaren 9ko 21/2013 Legearen III. eranskinean xedatutako irizpideekin bat, proiektua jarri behar dela ingurumen-inpaktuaren ebaluazio arruntaren mende, ondorio nabarmenak izan ditzakeelako ingurumenean, jarraian aipatzen diren arrazoiak direla eta.
A) Proiektuaren ezaugarriak.
Proiektua garatzeko eremua San Kristobal auzoan dago, Busturia udalerrian, Busturialdea eskualdean. Muga egiten du Gernika eta Bermeo lotzen dituen BI-2235 errepidearekin.
Proiektuan, aurreikusten da zazpi etxebizitza-bloke egikaritzea bi lurzati eraikigarritan, kirol-ekipamendu bat eraikitzea, eta hainbat bide egitea BI-2235 errepideko biribilgunearekin eta San Kristobal auzoarekin lotzeko, bai eta berdegune bat sortzea ere (berdegune hori urtaroaren araberako jariatze batek zeharkatzen du, zeinak Mapen ibaian isurtzen baititu urak). Plano topografikoan neurtutako azalerak eta ZEUk 15.847,74 m2-ko azalera daukate, baina jarduketa-eremuak 16.772,42 m2-ko azalera hartzen du.
Eraikuntza bi fasetan banatzen da: lehena urbanizazio nagusiari dagokio, eta bigarrena, berriz, eraikinei lotuta dago.
Proiektuan, bi lurzati eraikigarri bereizten dira: bat mendebaldean, eta, bestea, ekialdean. 1. lurzatia mendebaldean dago, eta 4 eraikinek osatzen dute (beheko solairua + 3 solairu 1, 2 eta 3 eraikinetarako, eta beheko solairua + 2 solairu 4 eraikinerako), hau da, ED-1, ED-2, ED-3 eta ED-4 eraikinek, eta, haiekin batera, arrapala bat dago garajeetara eta trastelekuetara sartzeko. 2. lurzatia ekialdean dago, eta 3 eraikin atxikik eta 3 altuerak osatzen dute (beheko solairua + 2), hau da, ED-5, ED-6 eta ED-7 eraikinek, bai eta bertara sartzeko arrapala batek eta soto komun batek ere.
Bide-sareak bermatzen du lurzatietarako eta auzorako irisgarritasuna. Bide bat proiektatzen da iparraldean, BI-2235 foru-errepideko biribilgunetik, zeinak, aldi berean, aukera ematen baitu Eskibel baserrira sartzeko (eremuaren kanpoaldean dago, harekin mugan ipar-mendebaldetik). Bide hori hegoaldera luzatzen da, eta San Kristobal auzoan dagoen bidearekin lotzen da. Iparraldeko bideak indusketa nabarmen bat aurreikusten du lubakian. Zelaiondo ZEU mendi-hegal batean dago. Beraz, sortzen diren desnibelak ebazteko, indusketak eta betelanak egingo dira, baita 5 horma eta eskailera bat ere oinezkoen pasealekuan, 1 eraikinaren ondoan.
Lurzatien inguruan, atarietarako sarbide bat gaitu da, oinezkoentzat. Hala, pasealeku bat eta berdegune bat konfiguratzen dira 2. lurzatian dagoen kirol-pistarekin.
Era berean, berdegune handi bat definitzen da eremuaren mendebaldean dagoen izenik gabeko errekastoaren inguruan. Berdegune hori berrantolatu egin da, gaur egun Mape ibaia isurtzen den iturrian isuri arte. Zehazki, aurreikusten da errekako zati bat irekitzea, gaur egun lurperatuta dagoena, hartara bere trazadura naturala berreskuratu, eta hiri- eta natura-inguruarekin integratzen laguntzeko.
Aurreikusitako jarduketen artean daude lurrak mugitzea (lurzatiak eta haietako belar-sastrakak garbitzea), zerbitzu-sareak zuzkitzea (drainatzea, saneamendua, hornikuntza, telekomunikazioak, energia elektrikoa eta argiteria publikoa), bide-zoru finkatzea, kaleak eta oinezko pasealekuak zolatzea, hiri-altzariak jartzea, lorezaintza- eta lehengoratze-lanak egitea, gunea garbitzea, hondakinak erretiratzea eta seinaleak jartzea.
Hornikuntza-sare berria biribilgunetik hurbil lotzen da egungo hornikuntza-sarearekin. Azken horretako hodiak bide berritik eta espaloitik igarotzen dira, mendebaldetik ekialdera, kirol-ekipamenduaren lurzatira iritsita.
Saneamendu-sarea banatzailea da; ur beltzen sarea hainbat puntutan lotzen da egungo kolektorearekin, zeina iparraldetik igarotzen baita, eta euri-uren sareak Mape ibaira isurtzen ditu urak, 21. zenbakiko erregistro-putzuaren bidez.
Energia elektrikoaren sare berria lotu egiten da biribilgunearen ondoan dagoen sarera. Urbanizazioaren barruan, behe-tentsioko aireko linearen zati bat ezabatzen du, eta, haren ordez, lurpeko trazadura bat jartzen, kanpoaldean utziz.
Proiektuan, telekomunikazio-sarearen eta argiteria publikoaren diseinua ere jasotzen da, biak biribilgunetik hurbil.
Mugitu beharreko lurren barruan sartzen dira indusketa orokorreko 14.554 m3, zerbitzu-sareen zangetako indusketako 3.374,05 m3 eta lursaila soildu eta sasi-belarrak garbitzeko 2.550 m3.
Proiektuaren arabera, baserri bat eraitsiko da San Kristobal auzoko 3. zenbakian. Baserria 1900. urtean eraiki zen, etxebizitza gisa erabiltzen da; kontserbazio-egoera arrunta du, eta konposizio hau: erdisotoa, beheko solairua, lehen solairua eta bigarren solairua.
Proiektatutako urbanizazio berrian, zuhaitz- eta zuhaixka-espezieen hainbat ale daude. Lorategi- eta aisialdi-guneetan, batez ere urki dilindariak, lizarrak, heriotzorriak eta otsalizarrak proiektatzen dira. Zehazki, espezie bakoitzetik, zuhaitz eta zuhaixka hauek landatuko dira: 29 dilindari-ale (Betula alba) (sustrai-lurra: 100-150 cm) lorategi-guneetan, 8 otsalizar-ale (Sorbus aucuparia) (sustrai-lurra: 100-150 cm) pasealekuetatik hurbil, 6 lizar-ale (Nerium oleander) (sustrai-lurra: 80-100 cm) pasealekuetako lorategi-guneetan eta errekan, eta lizar arruntaren 25 ale (Fraxinus excelsior) (sustrai-lurra: 180-200 cm) berdegune guztietan banatuta.
Errekastorako aurreikusitako jarduketetan, ezabatu egingo dira Cortaderia selloana espezie inbaditzailearen aleak (zeinak, gaur egun, errekastoaren ertzetan baitaude), eta erreka-ertzak eta ondoko berdeguneak leheneratuko dira, arloko ingurumen-kalitatea berreskuratzeko. Errekastoan eta ondoko berdeguneetan, hauek landatuko dira: 14 dilindari-unitate (Betula alba), 2 otsalizar-unitate (Sorbus aucuparia), 4 heriotzorri-unitate (Nerium oleander), lizar arruntaren 12 unitate (Fraxinus excelsior) eta Santio belarraren zuhaixkaren 250 unitate.
Proiektuak eranskin bat dauka, hondakinak kudeatzeko azterketa jasotzen duena (11. eranskina).
Proiektua egikaritzeko, hamaika hileko epea zenbatesten da.
B) Proiektuaren kokapena.
Proiektua hiri-izaerako bizitegi-lurzoru ez-finkatuen gainean garatzen da. Mugakide ditu, iparraldean, lurzoru urbanizaezina, eta, hegoaldean, San Kristobaleko gunea.
Proiektua Okaren unitate hidrologikoan (UH) dago, Kantauri Ekialdeko Demarkazio Hidrografikoan (ES017); zehazki, Mape-A ur-masaren isuri-arroetan (ES111R046020), mendebaldean, eta Oka ur-masaren (kanpoaldea) drainatze-trantsizioan (ES111O000029), ekialdean. Eremuaren mendebaldean, Mape-A ur-masaren arroan, izenik gabeko jariatze bat dago, eta Mape ibaian isurtzen ditu urak (Oka ibaiaren adarra). 60 metro ingurutan, jariatzea eremuaren gainazaletik doa. Jariatzea ez dago zonifikatuta EAEko Ibaiertzak eta Errekaertzak Antolatzeko Lurraldearen Arloko Planean (LAP), baina LAPek honela sailkatzen ditu Mape ibaiaren ertzak: osagai urbanistikoan, «garatutako eremuetako ertzak», eta, osagai hidraulikoan, 1. maila (10 eta 50 km2 artean). Ingurumen-osagaiaren arabera, Mape errekaren ertzak lehentasunezko natura-intereseko gune gisa sailkatzen dira. Eremuak eragina du itsaso eta lehorraren arteko jabari publikoko babes-zorgunean.
Jarduketa-gunea Ereñozar izeneko lurpeko ur-masaren gainean dago (ES017MSBTES111S000008), eta bat egiten du sektore kuaternarioarekin/Ereñozarrekin. Ez dator bat interes hidrogeologikoko guneekin.
Litologikoki, proiektuaren eremua osatzen dute porositate bidezko iragazkortasun ertaina duten metakin antropogenoek, bai eta pitzadura bidezko iragazkortasun txikia duten kareharri eta tuparrien mailek eta tuparriek berek ere.
Natura-ondareko espazio babestuei dagokienez, eremuaren iparraldeko zerrenda bat dator Natura 2000 Sareko espazioekin, zehazki Urdaibai itsasadarrarekin (ES0000144) –hegaztientzako babes bereziko eremua (HBBE)–, eta mugakide ditu, ekialdean, Urdaibaiko itsasertzak eta padurak (ES2130007) –kontserbazio bereziko eremua (KBE)–. Gainera, eremua Urdaibai Biosferaren Erreserbaren barruan dago (ES213001). Berrikusita Urdaibai Biosferaren Erreserbaren Erabilera eta Kudeaketa Zuzentzeko Planaren (EKZP) kalifikazioak, eremuko lursail gehienak «hirigintzako udal-plangintzak antolatzeko eremuetan (HUPA)» daude; iparraldean, afekzioa dauka «Nekazaritzako, abeltzaintzako eta landazabaleko intereseko eremuko nekazaritza-balio handiko zona (T1.A1)» gisa zonifikatutako arlo txiki batean; ipar-ekialdean, eragina dauka «Itsasadarreko babes-eremu (B1)» gisa zonifikatutako arlo txiki batean, eta azken horien artean dago bertako bideetako bat, «Sistemen eremuko azpiegiturak eta komunitatearen zerbitzuak hartzeko zona (T4.IS)» gisa mugatuta.
Naturagune interesgarriei lotuta, eremuaren mendebaldeko mugak bat egiten du Urdaibaiko padurekin (A1B3), EAEko hezeguneen LAPen I. taldean sartutakoa, eta, halaber, bat dator Naturagune garrantzitsuen katalogo irekiko Mundakako itsasadarrarekin (17). Eremu osoa dago Gernikako antiklinalean (geologia-interesdun lekua, Id. 13). Interes geomorfologiko eta estratigrafiko altuak ditu, eta oso altuak balio tektoniko eta egiturazkoei dagokienez. Era berean, eremu horretan sartzen dira Lurralde Antolamenduaren Gidalerroetako (LAG) azpiegitura berdearen biodibertsitate-erreserbetako hainbat arlo.
Bestalde, ez dator bat onura publikoko mendiekin, ez eta EAEko korridore ekologikoen sareko ezein elementurekin ere.
EUNIS 2019ko (geoEuskadi) habitaten kartografiaren arabera, Zelaiondo ZEUren eremua bat dator, batez ere, bazkatutako belardiekin eta manipulatu gabeko bazkekin, eta, ekialdean, behe-guneetako eta mendixketako Salix espezieko ibaiertz-sastrakekin. Eremuaren iparraldean, zuhaitz-lerrokadurak daude, eta, haietan, ingurumen-dokumentuaren arabera, hainbat haritz handi daude, bai eta, ondoan, sahatsak, gaztainondoak eta hurritzak ere. Eremuaren mendebaldeko mugan, haltz-galeria piriniotar-mendebaldarrak eta kantauriar-ekialdearrak daude. Eremuaren hegoaldeko mugetan, eraikuntzak eta habitat artifizialak aurki daitezke. Urtaroen araberako ur-ibilerari buruzko ingurumen-dokumentuaren arabera, lizar eta sahatsen ale batzuk detektatu dira. Gainera, zuhaitz-masaren eta urtaroaren araberako ur-ibileraren artean espezie inbaditzaileak antzeman dira, hala nola Cortaderia selloana, Arundo donax eta Phyllostachys aurea. Katalogatuta dauden Batasunaren intereseko habitatak (BIH) aztertuz gero, Eskibel baserritik hegoaldera doan bidearen zati batek afekzioa dauka 91E0* BIHn –Alnus glutinosa eta Fraxinus excelsior espezieen alubio-basoak (Alno-Padion, Alnion incanae, Salicion albae)–.
Zelaiondo ZEUn, ez da identifikatu mehatxatutako fauna kudeatzeko planetako espaziorik. Hala, ere, Mape ibaia interes bereziko arlotzat jotzen du Bisoi Europarraren (Mustela lutreola) Kudeaketa Planak –ekainaren 19ko 118/2006 Foru Dekretua, Bisoi Europarraren (Mustela lutreola. Linnaeus, 1761) Kudeaketa Plana onartzen duena, Bizkaiko Lurralde Historikoan, galtzeko arriskuan dagoen espeziea den eta babesteko neurri bereziak behar diren aldetik (2006ko uztailaren 6ko BAO)–.
Busturialdea-Artibaiko arlo funtzionaleko LPLk ez dauzka Paisaiaren Katalogoa eta Paisaiaren Zehaztapenak. «Euskal Autonomia Erkidegoko Paisaia Berezien eta Apartekoen Katalogoaren Aurreproiektua (2005)» delakoaren arabera, proiektuaren kokapena «Belardiak eta atlantikoaldeko laborantzak nagusi dituen nekazaritza» paisaia-unitatean finkatzen da, eta, aipatu katalogoaren arabera, 404 «Mundaka» arroaren barruan dago, zeinaren paisaia-balioa «Altua» baita eta EAEko paisaia berezien eta apartekoen inbentarioan sartzen baita.
Proiektuaren eremuan, ez da antzeman kultura-ondarearen gaineko afekziorik. Ildo horretatik, Eusko Jaurlaritzako Kultura Ondarearen Zuzendaritzak nabarmendu du 98. elementua eremuaren iparraldean dagoela (Ezkibel baserria), nahiz eta ez duen urbanizazio-lanen afekziorik jasango. Hala ere, Urdaibaiko ezkerraldeko baserrien monumentu-multzoan babes ertaineko proposamen bat dauka (oraindik aztergai).
Gainerako ingurumen-arriskuez ari garela, baztertu egin dira sismikotasunarekin, baso-suteekin, higadurarekin eta salgai arriskutsuen garraioarekin zerikusia dutenak, bai eta SEVESO araudiaren mendeko enpresen hurbiltasunari lotutako arrisku kimikoa ere. Eremuan, akuiferoen kutsadurarekiko kalteberatasuna ertaina da eremuaren zati handi batean, eta altua, haren hego-ekialdean eta ipar-ekialdean.
Eremuan, lurzoruen inbentarioaren arabera ez dago lurzatirik lurzorua kutsa dezaketen jarduerarik edo instalaziorik duenik edo izan duenik.
Uholde-arriskuari dagokionez, eremua bat dator Altamirako uholde-arrisku handiko eremuarekin (UAHE), zeinak ES017-BIZ-OKA-03 kodea baitu eta II. taldekoa baita. 1. zenbakiko lurzati eraikigarriko eraikinetako bat (zehazki, ED-1) dago 500 urteko errepikatze-denbora duen uholde-arriskuko gune baten gainean. 2. zenbakiko lurzati eraikigarrian, eraikinak uholde-arriskuko gunetik kanpo daude, baina bideen zati bat eta kirol-gunea daude 10, 100 eta 500 urteko errepikatze-denborako uholde-arriskuko gunean, partzialki lehentasunezko fluxu-gunean.
Egoera akustikoa dela eta, Bizkaiko errepideen foru-sarearen 2023ko zarata-mapen arabera, zeina Bizkaiko Foru Aldundiarena baita, BI-2235 errepidean, gauez, errepidetik hurbilen dagoen eraikinak jasan litzakeen zarata-mailak altuagoak lirateke 213/2012 Dekretuaren I. eranskineko A taulan bizitegi-erabilerako lurzoruak nagusi diren lurraldeko sektoreetarako definitutakoak baino.
Klima-aldaketa dela eta, Busturia udalerrian EAEko udalerri guztien aldean arrisku baxua dago gizakien bero-boladak jasateko arriskua igotzeko. Hala ere, arrisku eta kalteberatasun altuak daude hiri-inguruan euri-uren ondoriozko uholdeak egoteko, itsasoaren maila hiri-inguruaren gainetik igotzearen ziozko uholdeak egoteko eta jarduera ekonomikoen gainean (nekazaritza eta abeltzaintza) lehorte handiko aldiak areagotzeko (Udalerrien klima-aldaketaren aurreko kalteberatasunaren eta arriskuaren udal-indizeak, Ihobe 2017).
C) Balizko inpaktuaren ezaugarriak.
Eremuaren izaera eta proiektuaren ezaugarriak kontuan izanda, inpakturik esanguratsuenak obra-fasean izango dira, belar-sastrakak garbitzeagatik, landaredia kentzeagatik, urbanizazio-plataformak egiteko indusketengatik, euste-egiturak egiteagatik, bideak egiteagatik eta sare desberdinak instalatzeagatik (elektrikoak, drainatzekoak, hornikuntzakoak, saneamendukoak eta abar). Hori dela eta, zangak eta zimenduak egin beharko dira. Obra-jarduketen ondorioz, askotariko afekzioak izango dira eremuan: eraikuntza-hondakinak sortuko dira, lurzorua okupatuko da, hautsa eta beste kutsatzaile batzuk isurtzearen ondorioz atmosferaren kalitatea murriztuko da, landaredia autoktonoa ezabatuko da, eta 91E0* BIHn afekzioak egongo dira, faunarentzako habitataren kalitatea murriztuko da, zaratak izango dira, uholde-arriskua egongo da, ustekabeko isurketek eta partikulen garraioak uren kalitatean afekzioak izateko arriskua egongo da, eta abar.
Bestalde, kontuan izan behar da eremu hori partzialki bat datorrela Urdaibai itsasadarra HBBErekin, Urdaibai Biosferaren Erreserbarekin, Gernikako Antiklinala GILarekin, Hezeguneen LAPen I. taldeko Urdaibaiko padurekin eta Mundakako itsasadarrarekin (Naturagune garrantzitsuen katalogo irekian sartuta).
Sustatzailearen ustez, eremuaren iparraldeko muturrean proiektatuko jarduketek afekzio lokalizatua eta ez-nabarmena izango dute Urdaibaiko itsasadarra HBBEren kontserbazio-helburuetan (ES0000144), dagoeneko antropizatuta dagoen inguru batean garatzen delako, bertan daudelarik azpiegiturak, bideak eta eraikuntzak.
Urdaibai Biosferaren Erreserbaren gaineko afekzioa dela eta, alde batetik, ingurumen-dokumentuaren arabera, iparraldeko mugan bide horizontala garatu ahal izateko, beharrezkoa da lurrak behin-behinean mugitzea (horren barruan, aldi baterako ezponda bat egin behar da) hirigintza-arauek mugatutako lurzatiko mugetatik kanpo, mugakide izanik «B1. Itsasadarreko babes-eremua» eta «T1.A1. Nekazaritza-balio handiko zonak». Obrak amaitutakoan, behin-behineko ezpondaren afekzioa jasan duen lursaila leheneratuko da bere jatorrizko egoerara, eta euste-hormako burua soilik geratuko da lurzoru urbanizaezinaren barruan. Bestalde, azterketa-eremuaren iparraldean, errepide berriarekin lotuko diren bideak «B1.Itsasadarreko babes-eremua» eta «T4.IS. Azpiegiturak eta komunitatearen zerbitzuak hartzeko zonak» gisa sailkatutako lurzoruetan daude.
Hala ere, Urdaibai Biosferaren Erreserbaren Zerbitzuak jakinarazi du ezen, nahiz eta proiektuaren eremuaren gehiengoa HUPA lursailetan dagoen (hirigintzako udal-plangintzak antolatzeko eremua), Zelaiondo ZEUren iparraldeko mugaren zati batek afekzioa duela Urdaibai Biosferaren Erreserbaren EKZPren B1 (Itsasadarreko babes-eremua) eta T1.A1 (Nekazaritza-balio handiko zonak) kategorietako lursailetan. Horren harira, adierazten du hirigintza-erabilerak, ibilgailuen bideak eta lurren behin-behineko mugimenduak ez direla bateragarriak EKZPrekin kategoria horietan, ez obra-fasean, ez ustiapen-fasean. Beraz, eremu horietan edozein jarduketa egiteko, beharrezkoa da indarreko hirigintza-plangintza aldatzea eta, hala badagokio, erreserba antolatzea, kasuan kasuko prozeduren bidez.
Landarediaren gaineko afekzioa dela eta, ingurumen-dokumentuak ertaintzat jotzen du inpaktuaren magnitudea. Izan ere, nahiz eta belar-sastrakak garbitu eta zuhaitzak mozteko lanek ez dioten afekziorik sortzen, tamaina handiko ale batzuk daude, eta 91E0* BIHko 127,47 m 2-ren gaineko afekzioa zenbatesten da.
Izenik gabeko errekastoak gaur egun lurperatuta duen zatia irekitzeko ideia dela eta, Bizkaiko Foru Aldundiko Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuak uste du ezen, nahiz eta proiektuak aurreikusten duen gaur egun bere ertzetan dagoen espezie inbaditzailearen (Cortaderia selloana) aleak ezabatzea eta erreka nahiz ondoko berdeguneak leheneratzea, zeinak positiboki baloratzen baititu, errekastoaren zehaztasunak jasotzen dituzten planoek erakusten dutela egungo ohea aldatu nahi dela, ibilgu artifizial bat sortuz, hots, kanal antzeko bat, harri-lubeta eta guzti. Hori atzera-pausutzat jotzen da, eta ez da koherentea ibilguaren funtzionamendu hidraulikoa hobetu eta ingurumen- eta paisaia-balioa handitzearekin. Proiektuan ez denez justifikaziorik jasotzen errekastorako sekzio hori ezartzeko beharrari buruz, ez dago beharrik ibilgu hori bideratzeko, aurreikusitako sekzio- eta diseinu-dimentsioekin, eta egokiagotzat jotzen da bere konformazioari eustea, harri-lubetarik gabe.
Ustiapen-fasean, afekzioak espero dira hauek direla eta: baliabideen eta energiaren kontsumoa areagotzea, argiteria berriak eraginda argi-kutsadura handitzea, bide berrien ondorioz trafikoa areagotzea, zarata handitzea, espezie inbaditzaileak zabaltzeko arriskua eta uholde-arriskua.
Ur-hornikuntzari dagokionez, hala URAk nola Bizkaiko Foru Aldundiko Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuak nahiz Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoak (BBUP) antzeman dute ezen, gaur egun, Busturialdeko hornikuntza-sisteman ez dagoela baliabide hidriko aski asetzeko Zelaiondo egikaritza-unitate zuzenaren urbanizazio-proiektuarekin lotutako ur-eskari berriak. Hori dela eta, Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoak (BBUP) adierazi du ezen Busturialdeko hornikuntza Zadorra sistemarekin lotzeko eraikuntza-proiektua onarpen-fasean eta ingurumen-aldetik izapidetzen ari dela, eta, baldin eta beharrezkoak diren izapidetzeak ohiko epeetan ebazten badira, proiektuaren behin betiko onarpena eta obren lizitazioa 2028an amaitu ahalko direla. Proiektu horrekin, hain zuzen, hornikuntza-zerbitzua eman asmo da, murrizketarik gabe.
Zaratari dagokionez, Bizkaiko errepideen foru-sarearen zarata-mapek agerian uzten dute gauez gainditu egin direla urriaren 16ko 213/2012 Dekretuak bizitegi-erabilerarako ezarritako kalitate akustikoko helburuak.
Uholde-arriskuan, ED-1 bizitegi-eraikina kokatzen da 500 urteko errepikatze-denbora duten uraldien ziozko uholde-arriskuko gunean, eta ekialdean proiektatutako bide berria eta ondoko aparkalekuak nahiz kirol-erabilerarako gunea jarriko dira 100 urteko errepikatze-denbora duten uraldien ziozko uholde-arriskuko gunean. URAren arabera, kontuan hartuta oinarrizko landa-egoera duten lursailetan uholde-arriskuko gunean dagoen eremu bat dela, plan hidrologikoaren araudiaren 45.2 artikuluan ezarritakoaren arabera, 100 urteko errepikatze-denbora duten uraldien ziozko uholde-arriskuko gunean ez litzateke onargarria eraikuntza berriak egitea, edozein izanik ere beren erabilera, ezta lurpeko garajeak eta sotoak, ibilgailuen aparkalekuak, lursailaren egungo sestra aldatzen duten eta urak husteko gaitasuna nabarmen murrizten duten betelanak edo materialen edo edonolako hondakinen pilaketak egitea ere. Ondorioz, eremuaren ekialdean proposatutako gainazaleko aparkalekuak ez lirateke bateragarriak plan hidrologikoaren araudiarekin.
Gainera, uholde-arriskua duen gunean kokatzeko proposatu diren betelanek handitu egin lezakete pertsonen eta ondasunen segurtasunaren gaineko kalteberatasuna, uholdeak direla eta, edo inguruaren uholde-arriskua nabarmen areagotzea eragin lezakete (plan hidrologikoaren 39.1 artikulua).
Eremuaren eta egin nahi den jardueraren ezaugarriak ikusita, eta kontuan hartuta zer txosten dauden espedientean, txosten honen iritziz proiektuak ondorio nabarmenak izan litzake ingurumenean, lehen azaldutako arrazoiengatik.
Bigarrena.– Lantzea aipatutako proiektuaren ingurumen-inpaktuaren azterketaren irismenari buruzko dokumentua, ebazpen honen eranskinean adierazten den moduan.
Hirugarrena.– Ebazpen honen edukia Busturiako Udalari jakinaraztea.
Laugarrena.– Agintzea ebazpen hau argitara dadila Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian.
Vitoria-Gasteiz, 2026ko apirilaren 24a.
Ingurumen Administrazioaren zuzendaria,
NICOLAS GARCIA-BORREGUERO URIBE.
ERANSKINA
1.– Irismen-dokumentua: ingurumen-inpaktuaren azterketaren hedadura, xehetasun-maila eta zehaztasun-maila.
Ingurumen-inpaktuaren ebaluazioari buruzko araudiaren arabera, ingurumen-inpaktuaren azterketak bete egin beharko du, gutxieneko edukiei eta egiturari dagokienez, Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legeak 35. artikuluan eta VI. eranskinean xedatzen duena.
Aurrekoari jarraikiz, garatzen diren apartatuek eskema metodologiko honi erantzun behar diote:
a) Proiektuaren deskribapen orokorra, eta lurzoruak eta beste natura-baliabide batzuek etorkizunean izango duten erabileraren aurreikuspena. Proiektuaren ondoriozko materia- edo energia-hondakin, -isurketa eta -emisioen mota eta kopuruen zenbatespena.
b) Aztertutako hautabide nagusien azalpena, barnean hartuta zero hautabidea edo proiekturik ez egitea. Justifikatu beharko da zein diren hartutako irtenbidearen alde egiteko arrazoi nagusiak, kontuan hartuta zer ondorio izango dituen proiektuak ingurumenean.
c) Ingurumen-inbentarioa eta elkarreragin ekologiko edo ingurumen-elkarreragin garrantzitsuenen deskribapena.
d) Inpaktuaren identifikazioa, kuantifikazioa eta balorazioa: ebaluatuko da ea zer-nolako ondorioak izan ditzakeen proiektuak, zuzenean nahiz zeharka, biztanlerian, giza osasunean, floran, faunan, biodibertsitatean, geodibertsitatean, lurzoruan, zorupean, airean, uretan, faktore klimatikoetan, klima-aldaketan, paisaian eta ondasun materialetan (ondare historiko-artistikoa eta arkeologikoa barne), kontuan hartuta ingurumen-ondorioak. Halaber, proiektua egikaritu, ustiatu eta, hala badagokio, eraitsi edo bertan behera uzteko faseetan, arreta jarriko zaio faktore guztien arteko elkarreraginari.
Proiektuak Natura 2000 Sareko naturaguneetan izango dituen eraginen ebaluazioa, kontuan hartuta leku bakoitzeko kontserbazio-helburuak, aipatu inpaktuak, eta Natura 2000 Sareko prebentzio-, zuzenketa- eta konpentsazio-neurriak eta haien jarraipena.
Egiaztatzen bada Natura 2000 Sarearen osotasunari kalte egingo zaiola, sustatzaileak dokumentu bidez justifikatu beharko du ez dagoela beste hautabiderik eta badaudela lehen mailako interes publikoko ezinbesteko arrazoiak, hain zuzen ere Natura-ondareari eta biodibertsitateari buruzko abenduaren 13ko 42/2007 Legearen 46. artikuluaren 5., 6. eta 7. apartatuetan aipatzen diren horietakoak.
Proiektuak, epe luzera, azaleko ur-masa baten aldaketa hidromorfologikoa eragin badezake edo lurpeko ur-masa baten maila aldarazi, eta horrek ur-masa hori egoera onera edo potentzialera iristea eragotz badezake edo ur-masa horren egoera edo potentziala kaskartu badezake, apartatu espezifiko bat erantsi beharko da, afekziopeko ur-masen egoera edo potentziala definitzen duten kalitate-elementuen gaineko epe luzeko eraginak ebaluatzeko.
e) Proiektuaren kalteberatasuna. Deskribatzea zer ondorio kaltegarri nabarmenen sortu ditzakeen proiektuak ingurumenean, proiektua istripu larri edo hondamendi handiren bat gertatzeko arriskuarekiko kaltebera izan daitekeela eta.
f) Zer neurri aurreikusi diren ingurumenean eragiten diren ondorio kaltegarriak prebenitu, zuzendu eta, hala badagokio, konpentsatzeko.
g) Ingurumena zaintzeko programa.
h) Azterketaren laburpena eta ondorioak, erraz ulertzeko moduan. Beharrezkoa bada, azalduko da zer zailtasun tekniko eta informatibo izan diren azterketa egitean.
Kontuan hartuta proposatzen diren jarduketen ezaugarriak eta ziurrenik afekzioak jasango dituen ingurunearen ezaugarriak, eta ikusita egindako kontsulten emaitzak, aipatutako apartatuak garatu beharko dira ingurumen-inpaktuaren azterketan, ondoren adierazitako hedadura eta xehetasun-maila aintzat hartuta.
1.1.– Proiektuaren eta proiektuko ekintzen deskribapena.
Ingurumen-inpaktuaren azterketak barnean izan behar du proiektuaren deskribapen bat, xehetasun-maila nahikoa duena eta denborarekin aurreikus daitezkeen eskakizunen azalpen bat, lurzoruaren eta bestelako natura-baliabideen erabilerari dagokionez. Halaber, zenbatetsi behar du zenbat eta zer motatakoak diren jardueren ondorioz sortuko diren materia- edo energia-hondakinak, -isurketa eta -emisioak, eta, espezifikoki, identifikatu behar du zer ekintzak izan ditzaketen afekzio nabarmenak ingurumen-baldintzetan; horretarako, egikaritze-fase eta funtzionamendu-faseen azterketa xehatu bat egin beharko da.
Saihestu eta zuzendu nahi diren afekzioak etor daitezke, bai proiektuak planteatutako jarduketatik beretik, bai berezkoak zaizkion jarduera osagarri guztietatik, hala nola hauetatik: sarbideak egokitzetik, eta obrarako gune lagungarrietarako eta erabiliko diren materialak edo makinak metatzeko gune lagungarrien kokapen eta gaikuntzagatik.
Jarduketa horiek guztiak xehetasun-maila nahikoarekin definitu beharko dira, zenbatesteko zer ondorio izan daitezkeen ingurunean proiektua gauzatuz gero, eta diseinatu ahal izateko modu eraginkorrean murriztu, desagerrarazi edo konpentsatzen direla prebentzio- eta zuzenketa-neurri egoki batzuk, bermatzen dutenak detektatutako ingurumen-inpaktuak.
Hala, gai hauek erabat definituta geratu behar dira:
– Proiektuaren afekziopeko arloaren kokalekua eta mugaketa. Proiektuko ekintza guztiek hartzen dituzten azalerak, aldi baterako eta behin betiko okupazio-guneak bereizita.
– Egungo egoeraren deskribapena.
– Jarduketen definizioa eta aurreikusitako obren deskribapena. Proposatutako esku-hartze bakoitzaren eta haien afekziopeko azaleren deskribapen zehatza; proiektatutako jarduketen oinplano-trazadura, luzetarako eta zeharkako profilak eta ereduzko sekzioak; aldi baterako okupazio-arloan egingo diren jarduera zehatzen deskribapena.
– Obra-fasean aurreikusitako eraikuntza-teknikak, ibilguen gainean afekziorik ez izateko.
– Mozketak, sasi-garbitzeak eta inausketak egiteko aplikatu beharreko metodologiaren deskribapena, haietako bakoitzaren afekziopean dauden azalerak bereizita.
– Obrarako aurreikusitako makineriaren identifikazioa.
– Lur-mugimenduak: deskribatuko dira lur-mugimenduak egiteko lanak, haiek egiteko modua eta materiala baztertzeko eta hura aldi baterako metatzeko lekuen aurreikuspenak. Adieraziko dira zenbatetsitako soberakin-kantitatea, proiektuan bertan berrerabiltzeko moduko soberakinen bolumena eta soberakinen norakoa, hala badagokio.
– Lur-mugimenduen balantzea, eta obra-gunetik kanpo kudeatu beharreko indusketa-lanen soberakinen kuantifikazioa, halakorik baldin badago. Soberakinak garraiatzeko aukeratu diren ibilbideak, lurrak helmugara garraiatzeak sorraraziko dituen ondorioak aztertuta.
Soberakin berriak biltegiratu beharra aurreikusten bada, kontuan hartu beharko da horretarako proiektuak otsailaren 24ko 49/2009 Dekretuaren arabera idatzi behar direla (otsailaren 24ko 49/2009 Dekretua, Hondakinak hondakindegietan biltegiratuta eta betelanak eginda ezabatzea arautzen duena), eta, beraz, dekretu horren 26. artikuluan zehazten diren ur- eta biodibertsitate-gaietan eskumena aitortzen zaien organoen txosten nahitaezko eta lotesleetatik eratorritako emaitza, baldintza eta neurriak ere bildu behar direla haietan.
– Proiektuaren faseetan sortutako hondakinak eta haien azken helmuga, barne hartuta lur-mugimenduen soberakinak, eraispen-egiturak eta abar. Obretan sor daitezkeen eraikuntzako eta eraispeneko hondakinak kudeatzeko, kontuan hartuko da zer xedatzen den otsailaren 1eko 105/2008 Errege Dekretuan (eraikuntzako eta eraispeneko hondakinen ekoizpena eta kudeaketa arautzeko dena) eta ekainaren 26ko 112/2012 Dekretuan (eraikuntzako eta eraispeneko hondakinen ekoizpena eta kudeaketa arautzeko dena).
– Obrarako instalazio osagarrien kokapena: makina-parkeak, lurrak eta obrarako materialak biltegiratzeko guneak, kamioien gurpilak garbitzeko guneak, bulegoen eta langileen instalazioak eta abar.
– Sarbideak: obretara sartzeko aurreikusitako bideen xehetasunak, lehendik daudenak edo berriak izan, aldi baterako edo behin betiko izan.
– Obren aurreikusitako iraunaldia eta obra-plana (faseetako bakoitzaren zenbatetsitako iraunaldia, halakorik balego).
Proiektua behar bezala deskribatzeko beharrezkoak diren xehetasun-planoak aurkeztuko dira, gutxienez hauek barne hartuta:
• Kokapen geografikoaren plano georreferentziatua.
• Egin behar diren jarduketen oinplanoa. Proposatutako jarduketek behar bezala definituta eta bereizita egon behar dute.
• Planoak, luzetarako eta zeharkako profilekin, eta proiektuaren afekziopeko zatiko ibilguaren eredu-sekzioak.
• Sarbideen trazaduren planoa, egokitu behar diren bide-zatiak identifikatuta.
• Obrako instalazio osagarrien kokapen-planoa.
• Paisaia leheneratu eta integratzeko proposamenen planoa.
1.2.– Hautabideen analisia eta hartutako irtenbidearen justifikazioa.
Ingurumen-inpaktuaren azterketak barne hartu behar du teknikoki bideragarriak eta ingurumenerako egokienak diren hautabideen analisia, eta haien konparaziozko balorazioa egin behar du, zero hautabidea edo ez jardutekoa barne. Proposatutako irtenbidea justifikatu egin beharko da, eta, jarduketen dimentsioari eta hedadurari ez ezik, aipamena egin beharko die dauden irtenbide tekniko guztiei ere.
Hautabide onenaren hautaketa, zehazki, irizpide anitzeko analisi global batean oinarritu beharko da, zeinean, alderdi ekonomikoak ez ezik, gizarte- eta ingurumen-alorrak aintzat hartuko baitira.
Hautabideak baloratzeko prozesu horretan, kontuan hartuko da, gutxienez, zer afekzio izango dituen hautabide bakoitzak Batasunaren intereseko habitatetan eta fauna mehatxatuan, Urdaibai Biosferaren Erreserban, ibilguan, Natura 2000 Sarean eta uholde-arriskuan.
Hori dela eta, proiektua diseinatu eta kokatzeko hautabideak baloratu beharko dira, bateragarriak direnak bai Urdaibai Biosferaren Erreserbaren EKZPrekin bai plan hidrologikoarekin.
Urdaibai Biosferaren Erreserbaren Zerbitzuak hau adierazi du, proiektua EKZPrekin bateragarria izan dadin:
– Proiektua soilik HUPA lursailetan gauzatu behar da (hirigintzako udal-plangintzak antolatzeko eremua), Busturiako arau subsidiarioen arabera.
– Ezin da inbaditu ez afekziorik sortu «B1. Itsasadarreko babes-eremua» izeneko guneetan, ez eta «T1.A1. Nekazaritza-balio handiko zonak» guneetan ere, EKZPk berariaz debekatzen baititu hirigintza-erabilerak eta behin-behineko lur-mugimenduak. Ondorioz, EKZPk ez du baimentzen ibilgailuen trafikorako bide bat gauzatzea gune horietan, ez obra-fasean, ez ustiapen-fasean.
– Lurzoru urbanizaezineko azalera ezingo da inoiz murriztu «Gunearen babes edo amortiguazioa gainkategoria –B–» izenekoetan afekzioak sortuz, eta, beraz, proposatutako erabilera ez da bideragarria «B1. Itsasadarreko babes-eremua» izeneko guneetan.
– «T1.A1 Nekazaritza-balio handiko zonak» izenekoen kasuan, EKZPrekin bateraezina den edozein jarduketa egiteko beharrezkoa da hirigintza-plangintza eta, hala badagokio, EKZP aldatzea. Horretarako, prozedura espezifikoak beharko dira, eta patronatuak eta besteek onartu beharko dute.
Era berean, kontuan hartuta zer xedatu duen URA – Uraren Euskal Agentziak hautabideak diseinatzeko, aintzat hartu beharko dira plan hidrologikoak ezarritako muga hauek:
– Eraikuntzak diseinatzeko orduan, kontuan hartuko da zer arrisku dagoen egun uholdeak izateko, eta kokatuko dira bizitegi-erabilera berriak 500 urteko errepikatze-denborako uraldien afekziopean ez egoteko moduko kota batean. Uholde-arriskua eta uholde-mota kontuan hartuta diseinatu beharko dira.
– Lurpeko garaje eta sotoei dagokienez, erabilera horiek baimendu ahalko dira, baldin eta bermatzen bada eremua iragazkorra dela 500 urteko errepikatze-denborako uraldietan, eta azterketa espezifikoak egiten badira eraikuntzak behera ez etortzeko. Horretarako, kontuan hartuko da garraiatutako karga solidoa. Garaje eta sotook, gainera, ebakuazio-bideak eta haizebideak izango dituzte aipatu uholde-kotatik gora. Era berean, kontuan hartuko da ea irisgarriak diren uholde-larrialdietan.
– Uholde-arriskuko gunean, ez da baimenduko uholde-arriskua nabarmen handitzea dakarren hondakin eta betelanik metatzea.
– Urbanizazio-proiektuak behar-beharrezko diren azaleretara mugatu beharko du zoladura edo okupazio iragazgaitza, eta drainatze jasangarriko sistemak erabili beharko ditu (zoladura iragazkorrak, ekaitz-tangak edo -gailuak eta abar); lehendik zegoen egoeraren aldean jariatzea handitzen bada, hori konpentsa daitekeela edo garrantzirik gabekoa dela bermatuko dute haien bitartez. Sortutako jariatze-uren tratamendua aurreikusi beharko du, halaber (plan hidrologikoaren 48.1 artikulua). Oro har, aipatutako araudian jasotakoari jarraikiz, azalera iragazkorraren gutxieneko ehunekoa % 20koa izango da espaloietan, eta % 35ekoa, plaza eta hiri-berdeguneetan. Edonola ere, urbanizazio-proiektuek adierazi beharko dute zein den urbanizatu beharreko lurzoruen espazio libreen akabera iragazkorren ehunekoa.
Naturalizatu nahi den errekastoa dela eta, kontuan hartuta BFAko Ingurumen Kalitatearen Zerbitzua, baloratuko diren hautabideetan errekastoak profil naturalizatuagoa izan beharko du ingurumen-inpaktuaren azterketan proposatzen dena baino. Hori horrela, ibilguaren diseinu berriak saihestu egin behar ditu erregularregiak diren konformazioak, eta lehentasuna eman lurreko oheei, egitura gogorrik gabe. Hala, ingurumen-inpaktuaren azterketan planteatzean diren landaketekin batera, denborak aurrera egin ahala ahalik eta naturalizazio handiena lortuko da. Ondorioz, lurreko ohea lehenesten duten hautabideak baloratu beharko dira, egitura gogorrik gabeak, denborak aurrera egin ahala ahalik eta naturalizazio handiena lortzeko.
Apartatua bukatzeko, justifikatu beharko da zer hautabide hautatzen den, eta, nolanahi ere, bermatu egin beharko da hartutako irtenbidea bideragarria dela teknikoki eta ingurumenari dagokionez, eta ahalegina egin beharko da ingurumenaren ondare- eta ingurumen-osagaiei ahal bezain afekzio txikiena eragiteko.
1.3.– Ingurumen-inbentarioa eta elkarreragin ekologiko edo ingurumen-elkarreragin garrantzitsuenen deskribapena.
Apartatu honetan, ingurunea deskribatuko da, nabarmenduta zein diren osagai baliotsuenak eta proiektuko ekintzen afekzioa gehien pairatu dezaketenak. Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen arabera, proiektua egin aurretik, txosten bat ere sartu behar da, aztertuko duena zein diren lekuaren egoera eta ingurumen-baldintzak; horretaz gain, beste azterketa bat izan beharko du, konparatuko duena zein den egungo ingurumen-egoera eta zein izango den ebaluatzen den proiektutik eratorritako jarduketaren ondoriozko egoera, aztertutako hautabide bakoitzerako.
Ingurumen-inbentarioa apartatuz apartatu baloratuko da. Balorazio horretan, elementuen garrantzi erlatiboa aztertuko da, erreferentzia-esparru baten barruan (tokikoa, eskualdekoa edo bestelakoa).
Kasu guztietan, datuen iturri dokumentalak zehaztu beharko dira, bibliografikoak izan, norberak prestatuak edo bestelakoak.
Orokorrean, ingurumen-inbentarioa labur-labur deskribatuko da, ingurumen-inpaktuaren ebaluazioaren ikuspuntutik ekarpenik egiten ez duten azalpen orokorrak saihesturik, eta kontuan hartuta zer behar den proiektuak ingurumenean izan ditzakeen ondorioak ulertzeko.
Aurretik esandakoa gorabehera, ikusita zein diren proiektuaren afekziopean dagoen eremuaren ezaugarriak, ingurumen-inbentarioak alderdi hauek hartuko ditu barne:
– Geologia eta geomorfologia:
• Proiektuaren afekzio-eremuaren ezaugarri geologiko eta geomorfologikoak. Baldintza geoteknikoak.
• Interes geologiko/geomorfologikoa duten leku, puntu eta arloen identifikazioa. Ildo horretatik, Urdaibai Biosferaren Erreserbaren Zerbitzuak jakinarazi du proiektuaren eremua Eusko-Kantabriar Arroaren barruko interes geologikoko gune batean sartzen dela, zeinaren ezaugarriak baitira materiak jurasikoak.
• Material litologikoen iragazkortasuna. Akuiferoen kalteberatasuna. Kalteberatasun handiko guneen, karga-guneen, hustulekuen eta abarren identifikazioa, halakorik balego, eta gune horien eta proiektuaren arteko lotura.
– Azaleko eta lurpeko hidrologia.
• Sare hidrografikoa proiektuaren afekzio-eremuan. Proiektuaren afeziopeko ibilguen eta haien ertzen egoera.
• Akuiferoak eta interes hidrogeologikoko guneak kutsatzeko kalteberatasuna.
• Uren kalitatea. Proiektuaren afekziopeko zatien egoera ekologikoa (biologikoa, fisiko-kimikoa eta hidromorfologikoa) zehaztea.
• Eremuan dauden ur-puntuak. Haien ezaugarriak deskribatzea, erabilera adierazita, eta xehetasun-kartografian kokatzea.
– Arlo horretan dauden biozenosien eta ekosistemen deskribapena.
• Apartatu honetan, afekziopeko komunitateak identifikatuko dira, eta hauek adieraziko: kontserbazio-maila; egiturazko konplexutasuna; espezie bereizgarri, adierazgarri edo nabarmenak, eta abar. Kontuan hartuko da, bereziki, ea badagoen espezie mehatxaturik eskualde, estatu, Europa eta nazioarte mailan.
• Ingurumen-inpaktuaren azterketak xehetasunez zehaztuko ditu, analisi partikularizatu baten bidez, proiektuaren jarduketen afekziopeko intereseko habitat bakoitzaren eta landare autoktonoen masen azalera, haien osaera, kontserbazio-egoera eta balio ekologikoa. Bereziki, datuak emango dira proiektuaren afekzioak jasan ditzakeen haltzadiaren (91E0* BIH) azalerari eta kontserbazio-egoerari buruz.
• Botanikako aditu batek proiektuaren afekzio-eremuari buruzko prospekzio zehatzak egin beharko ditu. Haren eginkizuna izango da proiektuaren afekzio-eremuan dauden mehatxatutako flora-populazioak edo -aleak non dauden identifikatzea eta xehetasunezko kartografian seinaleztatzea.
• Landarediaren analisiak jasoko du zein diren egon daitezkeen landare-espezie aloktono inbaditzaileak eta zehazki non dauden.
• Bertako faunari dagokionez, ingurumen-inpaktuaren azterketaren xede izango da, bereziki, proiektuaren afekzio-eremuan dauden edo egon daitezkeen fauna-espezieen habitatak zaintzea eta errekuperatzea. Baloratu beharko du eremuan ba ote dagoen interesekoa den edo mehatxatuta dagoen faunarako intereseko arlorik (hazkuntza-, babes- eta elikadura-arloak).
Fauna-inbentario honek bere baitan informazioa bildu beharko du espezie babestuei, migratzaileei eta Urdaibaiko itsasadarreko hegaztientzako babes bereziko eremura (HBBE) lotutako horiei buruz. Gainera, kontuan hartu beharko dira urtaroaren arabera dauden aldaketak eta aldi kritikoak (hazkuntza, negu-pasa eta migrazioa).
Alde horretatik, faunaren diagnostikoa osatzeko, fauna-talde guztiak barne hartzen dituzten prospekzioak egin beharko dira, proiektuaren eremuan dauden espezieei buruzko informazio zehatza lortzeko, bai eta haiek espazioa erabiltzen duten moduari buruzkoa ere.
• Proiektuaren eremua oso hurbil dago Bisoi Europarraren (Mustela lutreola) Kudeaketa Planeko espazioetatik; zehaztu behar da, edo baztertu, espezie mehatxatu horren edo beste batzuen intereseko kokalekurik badagoen (hazkuntza-, babes- eta elikadura-arloak). Bisoi Europarraren (Mustela lutreola) Kudeaketa Planean xedatutakoa bete beharko da.
• Proiektua gauzatzeko eremua bat dator Urdaibaiko itsasadarra HBBEarekin (ES0000144) eta Urdaibaiko Ibai Sareararekin (ES2130006 KBEa) (ekainaren 4ko 358/2013 Dekretua, zeinaren bidez kontserbazio bereziko eremu izendatzen baitira Urdaibai eta Gaztelugatxeko Donieneko eremuan dauden Batasunaren garrantzizko 4 leku, eta KBE horien eta Urdaibaiko Itsasadarreko HBBEaren kontserbazio-neurriak onartzen baitira; HBBE horrek Urdaibaiko itsasadarra barne hartzen du). Espazioa kontserbatzeko helburuak zehaztuko dira, eta egiaztatuko da proposatutako jarduketak bat datozela espazio hori kudeatzeko tresnetan xedatutakoarekin.
• Jarduketa-gunea Urdaibai Biosferaren Erreserbaren lursailetan garatzen da. Espazioaren kontserbazio-helburuak zehaztuko dira.
• Ingurumen-inpaktuaren azterketan, proiektuak lurraldeko konektagarritasun ekologikoan duen eragina baloratu beharko da.
– Paisaia.
• Gunearen paisaia-baliabideei dagokienez, paisaiaren kalitatea eta hauskortasuna analizatuko dira. Urdaibai Biosferaren Erreserbaren Zerbitzuaren arabera, proiektatuko jarduketa paisaia-kalitate altuko inguru batean garatzen da. Inguru horren ezaugarriak dira belardiak, laboreak eta Urdaibaiko padurarekiko hurbiltasuna. Hala, espazio horrek balio handia du ekologiaren eta ikusmenaren aldetik.
Bestalde, PR-BI 160 bidezidor homologatuaren berri ematen du («Txakolinaren itzalpean oinez»), San Kristobaltik pasatzean, egungo Zelaiondo egoitzaren parean. Aisialdi- eta kultura-intereseko ibilbide bat da, Bizkaiko bidezidorren sarearen parte. Urdaibaiko nekazaritza-paisaia tradizionalari eta ondare naturalari balioa ematen laguntzen du, eta, beraz, kontuan hartu beharko da.
– Kultura-ondarea.
• Proiektuaren afekzio-eremuan dauden kultura-interesekotzat deklaratutako elementuetarako, Euskal Kultura Ondareari buruzko maiatzaren 9ko 6/2019 Legean xedatutakoari jarraituko zaio.
Ikusita Eusko Jaurlaritzako Kultura Ondarearen, Jabetza Intelektualaren eta Lege Gordailuaren Zuzendaritzaren txostena, kontuan hartu beharko da Ezkibel baserriaren eremutik hurbil dagoela, eta eremu horrek babes ertaineko proposamena duela Urdaibaiko ezkerraldeko baserrien monumentu-multzoan (oraindik aztergai).
– Dokumentazio grafikoa.
• Jarduketa-gunean, ingurumen-inbentarioaren alderdi garrantzitsuenen irudikapen kartografiko geoerreferentziadunak txertatu beharko dira, hala eskala orokorrean nola xehatuan, eta kasuan-kasuan erabili den eskala adierazi beharko dute.
• Proiektua egin nahi den eremuaren eta aurreikusitako jarduketen kartografiaren kopia gehigarria erantsiko da, shape formatuan, eta Eusko Jaurlaritzak egindako Ingurumen-ebaluazioko prozedurak izapidetzean dokumentazioa aurkezteko gidaren jarraibideen arabera aurkeztuko da.
1.4.– Inpaktuen identifikazioa eta balorazioa.
Inpaktuen identifikazioa, kuantifikazioa eta balorazioa ingurumen-inbentarioko elementuen eta inpaktuak sor ditzaketen proiektuko ekintzen arteko elkarreraginaren mende egongo dira. Afekzioa handia edo txikia den neurtzeko, zenbatetsi behar dira proiektuak zuzenean nahiz zeharka afekziopean hartuko dituen baliabideen kalitatea eta kantitatea. Zulaketa-faseko (obrak) inpaktuak eta funtzionamendu-fasekoak (entsegua) bereiziko dira.
Inpaktuak baloratzeko, proiektutik eratorritako jarduketa guztiak hartuko dira kontuan, hala nola, eta hala badagokio, soberako materialak soberakin-biltegietara garraiatzeko trafikoa, sarbide iraunkorrak eta aldi baterakoak, instalazio osagarriak, lurren eta materialen aldi baterako metaketak eta abar.
Ingurumen-inpaktuak baloratzeko zenbatesteko metodologiak eta prozesuak zehaztuko dira. Erabilitako adierazle edo parametroak aipatuko dira, eta, ahal den heinean, oro har onartutako arauak edo azterketa teknikoak erabiliko dira, inpaktu mota bakoitzaren arabera muga-balioak edo gida-balioak ezartzen dituztenak.
Inpaktuen identifikazio eta balorazio hori ongi arrazoitu beharko da kasu bakoitzean, eta, horretarako, Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen VI. eranskinean adierazitako terminologia erabiliko da. Kasu honetan, funtsean, egungo egoera eta etorkizunekoa (zuzenketa-neurriak kontuan hartuta) konparatuko dira.
Bereziki, eta beste batzuei kalte egin gabe, kontuan hartuta proiektuaren ezaugarriak eta afekziopeko ingurunearen ezaugarriak, ingurumen-inpaktuaren azterketak bereziki baloratu beharko ditu ingurumen-inpaktu hauek: lurzoruaren okupazioarekin lotutakoak eta espazio babestuetan eragindakoak (Natura 2000 Sarea eta Urdaibai Biosferaren Erreserba), eta landaredi natural autoktonoaren gaineko afekzioen ondorioz natura-baliabideen gainean izandako eraginarekin lotutako ingurumen-inpaktuak, Batasunaren intereseko habitatak (91E0* BIH) eta fauna, bai eta eremuan eta ibilguetan dagoen uholde-arriskua ere.
Egiaztatuko da ea proposatutako jarduketak bateragarriak diren Urdaibai Biosferaren Erreserbaren Erabilera eta Kudeaketa Zuzentzeko Planak xedatzen duenarekin.
Era berean, kuantifikatuko da zein den proiektuak oro har afekziopean duen landaredi mota bakoitzaren azalera. Hala ere, bereizi egingo dira obra-faseko aldi baterako okupazioa eta okupazio iraunkorra. Landarediaren eta Batasunaren intereseko habitaten gaineko inpaktua baloratzeko, afekziopeko azalera ez ezik, kontuan hartuko dira haien kontserbazio-egoera, adierazgarritasun-maila eta konektagarritasunean betetzen duten lekua ere.
Proiektuaren ondorioz azaleko ur-masan aldaketa hidromorfologikoak gertatzeko arriskua dagoenean epe luzera, eta horrek haren egoera edo ahalmena ona izatea eragozten duenean edo hondatzeko arriskua dakarrenean, apartatu espezifiko bat gehitu beharko da, ebaluatzeko zer ondorio izango dituen, epe luzera, afekziopeko ur-masen egoera edo ahalmena definitzen duten kalitate-elementuetan (biologikoak, fisiko-kimikoak eta hidromorfologikoak).
Ingurumen-inpaktuaren azterketak beste inpaktu batzuk ere egokiro baloratu beharko ditu, hala nola hurbil dauden habia-puntuetan edo hegaztien umatzeko beste arlo batzuetan obra-fasean eragozpenak sortzearen ondoriozkoak, alderdi hori bereziki garrantzitsua baita mehatxatuta dagoen fauna-espezie ororentzat.
Gainera, baloratuko dira kutsadura akustikoak eta hondakinen, isurketen eta emisioen kudeaketa egokiak obra-fasean eragin ditzaketen inpaktuak.
Ildo horretan, zaratari dagokionez, obren eragin akustikoaren balorazioa jasoko da. Horretarako, kontuan hartu beharko dira Zaratari buruzko azaroaren 17ko 37/2003 Legean zein EAEko hots-kutsadurari buruzko urriaren 16ko 213/2012 Dekretuan obretako zaratari buruz ezartzen diren xedapen espezifikoak. Aintzat hartu beharko dira obrako makineriaren potentzia akustikoa, zonifikazio akustikoa eta gune bakoitzean kalitate akustikorako ezarritako helburuak. Era berean, proiektua onartu aurretik, inpaktu akustikoaren azterketa egin beharko litzateke, aipatutako dekretuaren 37. artikuluan definitzen dena, baloratzeko zein ingurumen-zarata duen aurreikusitako urbanizazioaren funtzionamendu-fasean eta definitzeko zein zuzenketa-neurri har litezkeen eremuaren kutsadura akustikoa ezabatzeko eta eraikuntzetako babes-neurriak aurreikusteko.
Bizkaiko Foru Aldundiko Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuaren arabera, kontuan hartuta zer ezartzen duen EAEko kutsadura akustikoaren 213/2012 Dekretuak 30. artikuluan, proiektua onartu baino lehen, inpaktu akustikoaren azterketa egin beharko litzateke, aipatutako dekretuaren 37. artikuluan definitu bezala, zertarako-eta baloratzeko zein den ingurumen-zarata eremuan eta definitzeko zein zuzenketa-neurri har daitezkeen eremuaren kutsadura akustikoa ezabatzeko eta eraikuntzetako babes-neurriak aurreikusteko.
Ondorioz, analizatu beharko da ea azaleko eta lurpeko baliabide hidriko erabilgarriak aski diren proposatutako garapenak hornitzeko, kontuan hartuta ezen, txosten hau igorri den datan, Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoak jakinarazi duela Busturialdeko sistema globalaren balantze hidraulikoa ez dela aski eta Busturialdeko hornikuntza Zadorra sistemarekin lotzeko aurreikusitako eraikuntza-proiektua gaur egun izapidetze-fasean dagoela eta obren lizitazioa 2028an amaitu litekeela (eraikuntza-proiektu horrekin, murrizketarik gabeko hornikuntza-zerbitzu bat lortuko da, Plangintza Hidrologikoaren Jarraibideak zehazten dituen berme-irizpideen arabera).
Baliabide estetiko-kulturalei dagokienez, aztertuko da ea proposamena bateragarria den kultura-ondareko elementuekin.
Azkenik, ingurumen-inpaktuaren azterketak klima-aldaketa barne hartu behar du proiektuaren balizko ondorio nabarmenak identifikatzeko, deskribatzeko, analizatzeko eta kuantifikatzeko.
1.5.– Natura 2000 Sareko eremuen gaineko afekzioa.
Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 35. artikuluak adierazten duen eran, ingurumen-inpaktuaren azterketan, apartatu espezifiko bat sartuko da xehe ebaluatzeko zein eragin duen proiektuak Urdaibaiko itsasadarra HBBEn (ES0000144) eta Urdaibaiko itsasertzak eta padurak KBEn (ES2130007) –Natura 2000 Sarekoak–, kontuan hartuta azalera osoaren kontserbazio-helburu eguneratuak. Zehaztuko eta ebaluatuko da zer afekzio dagoen, zuzenean edo zeharka, Batasunaren intereseko habitatetan, eta arreta berezia jarriko zaie espazio horietako lehentasunezko habitatei eta espazio horren kudeaketarako funtsezkoak diren elementuei, eta, horretarako, proiektatutako jarduketa bakoitzaren afekziopean gera daitekeen azaleraren inguruko analisi xehakatua egingo da: mehatxupeko flora eta fauna espezieen gainekoa eta Natura 2000 Sarearen koherentzia gordetzen laguntzen duten ingurunearen beste elementu batzuen gainekoa.
Analisi horri ekiteko, interesgarria izan daiteke gida hau kontsultatzea: Natura 2000 Sareko ingurumen-inpaktua ebaluatzeko gida metodologikoa. Biodibertsitatearen eta Natura Ingurunearen Zuzendariordetza Nagusiak erabilitako irizpideak, Natura 2000 Sareko espazioen osotasunari egindako kaltea zehazteko, Batasunaren intereseko habitaten gaineko afekzioagatik (https://www.miteco.gob.es/es/biodiversidad/temas/espacios-protegidos/criteriossgbymnperjuiciohabitats_tcm30-481533.pdf).
Egiaztatzen bada Natura 2000 Sarearen osotasunari kalte egingo zaiola, sustatzaileak dokumentu bidez justifikatu beharko du ez dagoela beste hautabiderik eta badaudela lehen mailako interes publikoko ezinbesteko arrazoiak, hain zuzen ere Natura-ondareari eta biodibertsitateari buruzko abenduaren 13ko 42/2007 Legearen 46. artikuluaren 5., 6. eta 7. apartatuetan aipatzen diren horietakoak.
1.6.– Proiektuaren kalteberatasuna.
Deskribatu, analizatu eta, hala badagokio, kuantifikatu egingo da zer ondorio kaltegarri nabarmen izango dituen proiektuak ingurumenean, istripu larriak edo hondamendi handiak gertatzeko arriskua dagoelako, eta zer arrisku dagoen istripu edo hondamendi horiek gertatzeko. Helburu hori lortzeko, informazio esanguratsu erabilgarria baliatu ahal izango da, proiektuari aplikatu beharreko bestelako arauei jarraituz egindako arrisku-ebaluazioetan lortutakoa.
Hala badagokio, deskribapenak barne hartuko du zein neurri aurreikusi diren horrelako gertakariek ingurumenean sor dezaketen ondorio kaltegarri nabarmenak prebenitzeko eta leuntzeko, baita zein diren halako larrialdietarako proposatzen diren prestakuntzari eta erantzunari buruzko xehetasunak ere.
Eremuaren uholde-arriskua dela eta, URA-Uraren Euskal Agentziaren txostenaren arabera, justifikatu beharko da proiektua eta plan hidrologikoa bateragarriak direla, eta, baldin eta proposatzen bada betelanak egitea uholde-arriskua duen guneren batean, justifikatu beharko da, azterketa hidraulikoa aurkeztuta, betelan horiek ez dutela pertsonen eta ondasunen segurtasunaren gaineko kalteberatasuna areagotzen uholdeen aurrean edo uholdeak direla-eta, eta, halaber, ez dutela nabarmen areagotzen inguruko uholde-arriskua (plan hidrologikoaren 39.1 artikulua). Azterketa hori egitean, kontuan hartu beharko da zer ezartzen den plan hidrologikoaren araudiko 37.4 artikuluan eta 10. eranskinean (plan hidrologikoaren araudiko azterketa hidraulikoak egiteko irizpideak). Azterketa hori Uraren Euskal Agentziari helarazi beharko zaio, baliozkotu dezan eta oniritzia eman diezaion.
1.7.– Prebentzio-, zuzenketa- eta konpentsazio-neurriak proposatzea.
Ingurumen-inpaktuaren azterketan adierazi beharko da zer neurri aurreikusten diren aztertutako inguruneko elementu bakoitzaren gaineko ingurumen-ondorio negatibo nabarmenak murrizteko, desagerrarazteko edo konpentsatzeko.
Babes- eta zuzenketa-neurriak eta, hala badagokio, konpentsazio-neurriak diseinatzeko, kontuan hartu behar dira proiektua gauzatzeko behar diren elementu eta jarduketa guztiak, eta bat etorri behar dute inpaktuekin; zehazki, proiektuaren afekzio-eremuko espazioko ingurumen-elementu eta -balioen gaineko ekintzek eragindakoekin.
Zehatz-mehatz identifikatu eta deskribatuko da inpaktuak prebenitzeko eta zuzentzeko ekintza bakoitza. Deskribapenak xehetasun-maila nahikoa izan beharko du bermatzeko detektatutako ingurumen-inpaktuak modu eraginkorrean murrizten, desagerrarazten edo konpentsatzen direla, barne hartuta egikaritze-proiektuek izan ohi dituzten apartatuak: memoria, neurketen koadroa, obra-unitateen definizioa, aurreikusitako neurri bakoitzari dagozkion aurrekontu-partidak eta preskripzio teknikoen agiria, baita hori guztia hobeto ulertzeko behar den kartografia ere. Neurri horiek obraren planean integratuko dira, eta egutegi koordinatu bat proposatuko da neurriak gauzatzeko.
Arreta berezia jarriko da, besteak beste, hauetan: lurzoru-kontsumoa minimizatzea; sortutako hondakinak egoki kudeatzea; jabari publiko hidraulikoa babestea; ingurumen-baliabideen erabilera jasangarria; habitatak eta espezieak zaintzea eta hobetzea, eta uholdeen eta klima-aldaketaren aurrean babestea.
Zehazki, eta aurreko apartatuetan eskatutako analisien emaitzen ondorioz sartu behar diren neurriez gain, prebentzio-, babes- eta zuzenketa-neurrien proiektuak neurri hauek ere barne hartu eta garatu beharko ditu, beste batzuen artean:
Natura-ondarea babesteko neurriak.
– Proiektuaren diseinuarekin (lan-arloak definitzea eta abar) eta obrak gauzatzearekin lotutako prebentzio-neurriak, hala nola obren afekziopeko gunea balizatzea –sarbide osagarriak, metaketa-guneak eta abar barne hartuta–, obra ez dadin balizatutako lurraldetik harago joan.
– Instalazio lagungarriak kokatzeko egokiak ez diren gunetzat hartuko dira proiektuaren afekzio-eremuan eta haren ingurune hurbilean dauden gune sentikorrenak (landaredia-guneak, ibilguak eta ertzak).
– Mehatxatutako flora- eta fauna-espezieen intereseko lekuak babestea. Zuhaitzak eta mantendu behar diren gainerako elementuak seinalatu eta babestuko dira, haien kontserbazioa bermatu ahal izateko.
– Obrak faunarentzako ugalketa-aldi kritikotik kanpo egitea, mehatxatutako espezieak detektatu diren arloetan.
– Landaredia autoktonoa eta intereseko landaredia babesteko neurriak.
– Kendu beharreko zuhaitzak seinaleztatzeko aurreikuspena, ezinbesteko gutxienekoa izan dadin.
– Landaredi aloktono inbaditzailea desagerrarazteko neurriak.
Sistema hidrologikoa eta hidrogeologikoa babesteko neurriak.
– Jarduketa egingo den zatian eta ibaian behera uren kutsadura minimizatzeko neurriak, hala nola solido esekien ekarpenak eta makina-parkeen eta instalazio osagarrien guneetatik datozen beste kutsatzaile batzuen isurketak ekiditekoak.
– Metaketa-guneak eta arlo osagarriak egoki kokatzea, zuzeneko nahiz jario bidezko afekzioa ekiditeko.
– Makina-parkeak eta instalazio osagarriak egokitzeko neurriak (iragazgaiztea, drainatze-sarea eta abar).
– Obraguneetan, eta batez ere indusketa-lanetako materialekin kargatutako kamioiek ibili behar dutela aurreikusten den irteeretan, ibilgailuak garbitzeko gailuak ipini beharko dira, dekantazio-putzuetara konektatuta. Azterketak azaldu beharko du zein diren elementu horien ezaugarriak, kokapen zehatza eta dimentsioen justifikazioa.
– Drainatze-sarearen proposamena, proiektuaren ondoz ondoko garapen-fase guztietan aplikatzekoa, une oro bermatuz sortuko diren jariatze-urak biltzen direla, solidoak era egokian atxikitzen direla eta isurketa mugatua eta indarreko araudiaren araberakoa dela. Horretarako, sedimentuak atxikitzeko gailuak diseinatuko dira, hala nola dekantazio-putzuak eta hesi iragazleak.
– Urbanizatu beharreko arlo berrietako drainatzeari dagokionez, aintzat hartuta EAEko Ibaiak eta Errekak Antolatzeko LAP (E.4 apartatua), drainatze jasangarriko sistemak txertatuko dira (zoladura iragazkorrak, landare-estalkiak, areka hobetuak, zerrenda iragazleak, ekaitz-tangak, iragazketa-zangak, drainak eta abar), bermatzeko ezen, jariatze-ura handitzen bada, lehendik zegoen egoeraren aldean, hazkunde hori konpentsatu ahalko dela edo garrantzirik gabekoa izango dela.
Sistema hidrologikoa eta hidrogeologikoa babesteko neurriak.
– Obrak egin bitartean solidoak azaleko uretara ahalik eta gutxien iristeko neurriak, esate baterako, luzetarako jalkin-hesiak, jalkitze-tangak, sedimentuentzako tranpak edo iragazkiak. Proiektua gauzatzeko faserako, zehaztu beharko da nola kontrolatu azaleko uren kalitatea.
– Metaketa-guneak eta arlo osagarriak egoki kokatzea, zuzeneko nahiz jario bidezko afekzioa ekiditeko.
– Makina-parkeak eta instalazio osagarriak egokitzeko neurriak (iragazgaiztea, drainatze-sarea eta abar).
– Obraguneetan, eta batez ere indusketa-lanetako materialekin kargatutako kamioiek ibili behar dutela aurreikusten den irteeretan, ibilgailuak garbitzeko gailuak ipini beharko dira, dekantazio-putzuetara konektatuta. Azterketak azaldu beharko du zein diren elementu horien ezaugarriak, kokapen zehatza eta dimentsioen justifikazioa.
– Drainatze-sarearen proposamena, proiektuaren ondoz ondoko garapen-fase guztietan aplikatzekoa, une oro bermatuz sortuko diren jariatze-urak biltzen direla, solidoak era egokian atxikitzen direla eta isurketa mugatua eta indarreko araudiaren araberakoa dela. Horretarako, sedimentuak atxikitzeko gailuak diseinatuko dira, hala nola dekantazio-putzuak eta hesi iragazleak.
– Urbanizatu beharreko arlo berrietako drainatzeari dagokionez, aintzat hartuta EAEko Ibaiak eta Errekak Antolatzeko LAP (E.4 apartatua), drainatze jasangarriko sistemak txertatuko dira (zoladura iragazkorrak, landare-estalkiak, areka hobetuak, zerrenda iragazleak, ekaitz-tangak, iragazketa-zangak, drainak eta abar), bermatzeko ezen, jariatze-ura handitzen bada, lehendik zegoen egoeraren aldean, hazkunde hori konpentsatu ahalko dela edo garrantzirik gabekoa izango dela.
Ingurumena leheneratzeko eta paisaian integratzeko neurriak.
Proiektuari lotutako ingurumena leheneratzeko proiektu bat aurkeztuko da. Dagokion dokumentazio grafikoa izango du, eta aurrekontu banakatua –proiektuaren gainerakoaren xehetasun-maila bera duena–. Leheneratzearen xehetasunak definituko dira: erabiliko diren espezieak, landarearen/haziaren jatorria, tamaina, ereintzaren/hidroereintzaren dentsitatea edo landaketa-esparrua, aurreikusitako mantentze-lanak eta abar.
Leheneratzeko neurriak proposatuko dira proiektuaren afekziopeko azalera guztietarako, baita aldi baterako okupatzen direnetarako ere; espezie autoktonoak erabiliko dira, eskualde bioklimatikoaren baldintza edafiko eta klimatikoetara egokituak.
Landareztatze-proiektuak jaso beharko ditu bere memorian proposatzen diren tekniken justifikazioa, hautatu diren espezieak, landaketa-dentsitateak, landareen tipologia, hidroereintzen osaera eta dosiak eta lurzoru begetalaren lodiera.
Landareztatze- eta lorategi-lanetan, ez da inola ere erabiliko ahalmen inbaditzaileko espezie aloktonorik. Urbanizazio-proiektuan, espezie horiek lur-mugimenduen ondorioz ez hedatzeko neurriak definituko dira, eta argibideak ezarriko dira betelanetan, landareztatze-lanetan eta urbanizazioko lorategi-lanetan erabiliko diren mailegu-materialen eta landare-lurren jatorria eta osaera kontrolatzeko.
Landareztatze-proiektuak gutxienez alderdi hauek arautuko ditu:
• Jarduketa-guneen definizioa. Leheneratzeko ahalmen berdina duten unitate homogeneoak deskribatuko dira. Landareztatu behar diren azalerak adierazten dituen plano bat erantsiko da.
• Definitutako gune bakoitza leheneratzeko jarduketak. Deskribatuko dira, besteak beste, landareztatzeko erabili behar diren espezieak, landaketa-dentsitateak, aleen tamaina eta ereite edo hidroereiteen osaera. Hala badagokio, neurriak barne hartuko dira flora aloktonoaren inbasio-prozesuak saihesteko, kontuan hartuz lur-mugimenduek landare mota horien zabalkundea erraztu dezaketela.
• Aurreikusitako mantentze-lanak: hutsarteak, ureztatzeak eta, hala badagokio, ongarriketak berritzea, besteak beste. Gomendatzen da mantentze-lan horiek obrak amaitzen direnetik 3 urtez luzatzea, gutxienez.
• Neurketak egitea (azalera) eta proposatutako jarduketak gauzatzeko eta landareztatutako azaleren mantentze-lanak bermatzeko beharrezkoak diren aurrekontu-partidak bideratzea.
Klima-aldaketari aurre egiteko neurriak.
Bizkaiko Foru Aldundiko Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuak adierazi du ezen hiri-diseinuek irizpideak hartu beharko dituztela bero-boladen ondorio kaltegarriak saihesteko, bai eta bultzatu ere euri-urak erregulatu, berrerabili eta iragazteko sistemak, drainatze jasangarriko hiri-sistemak, hiri-azpiegitura berdea, uholde-arriskuaren gutxitzea eta egokitzapen-eraikuntzen sustapena. Hiria berroneratzeko esku-hartzeak aprobetxatu beharko dira egokitzapen-neurriak txertatzeko, printzipio bioklimatikoak ezarriz hiri- eta arkitektura-diseinuan.
Gainera, Euskal Autonomia Erkidegoko Jasangarritasun Energetikoari buruzko otsailaren 21eko 4/2019 Legearen 7. artikuluaren arabera: «Dagokien hirigintza-baliabideek erabilera publikoko kargatze-guneak aurreikusi beharko dituzte hiri-inguruetan, ibilgailu elektrikoen eta ordezko erregaiez higiarazitakoen erabiltzaileei ibilgailu horiek energiaz hornitzeko aukera izango dutela bermatzeko; horretaz gain, bizikletak erabiltzeko eta aparkatzeko eremuak ere aurreikusi beharko dituzte».
Lurzoruak babesteko neurriak.
Proiektua lur-mugimenduak minimizatzeko moduan diseinatuko da, kontuan hartuta jarduketa-guneetan lurzoruaren jatorrizko profilari eusten zaiola.
Halaber, neurriak hartuko dira landareztatze-lanetan lurzoruaren landare-geruza berrerabiltzeko.
Paisaia babesteko neurriak.
Neurriak sartuko dira une oro bermatzeko PR-BI 160 bidezidorra erabilgarri dagoela, eta zaindu egingo dira haren erabilera-, segurtasun- eta jarraitutasun-baldintzak, obra-fasean zehar. Horretarako, sustatzaileak aldi baterako desbideraketak aurreikusi eta gaitu beharko ditu, behar bezala egokituak, seguruak eta seinaleztatutakoak, obrek puntualki jatorrizko ibilbidean eragiten duten zatietan. Hartara, oinezkoen joan-etorria ziurtatuko da, etenik gabe.
Herritarrei sorrarazitako afekzioak eta eragozpenak murrizteko neurriak.
Atmosferaren kalitatea babesteko neurriak txertatuko dira, kontuan hartuta hautsa, zaratak, usainak eta lurraldearen irisgarritasunarekin eta iragazkortasunarekin lotutako bestelako eragozpenak.
Orobat, mugatu egingo dira obrako lanen ordutegia, makinen zirkulazio-abiadura eta abar.
Hondakinak kudeatzeko neurriak.
Obra-fasean zehar hondakinak kudeatzeko proposamena. Bilketa-, biltegiratze- eta tratamendu-sistemen deskribapena. Eraispen- edo urbanizazio-proiektuek eraikuntza- eta eraispen-hondakinen kudeaketari buruzko azterketa jaso beharko dute, Eraikuntza- eta eraispen-hondakinen ekoizpena eta kudeaketa arautzen dituen ekainaren 26ko 112/2012 Dekretuari jarraikiz.
Kultura-ondarea babesteko neurriak.
Ingurumen-inpaktuaren azterketak beharrezkoak diren neurriak jaso beharko ditu inguruko arkeologia- eta kultura-ondarea bermatzeko.
Arloaren garrantzi paleontologikoa dela-eta, protokolo bat ezarri beharko da obretan fosilak aurkitzen direnerako.
1.8.– Ingurumena zaintzeko programa.
Ingurumena zaintzeko programa bat onduko da, eta horren helburu nagusia izango da sistema bat ezartzea, bermatzeko betetzen direla ingurumen-inpaktuaren azterketan finkatutako kalitate-helburuak, bai eta bertan jasotako oharrak eta zuzenketa-neurriak ere.
Programaren helburuak zehaztuko dira, eta, helburu bakoitzarentzat, adieraziko dira jaso beharreko datuak, erabili beharreko metodologia, neurketa-puntuak (puntu horiek zehazki kokatzeko planoa eta krokisa barne) eta neurketen maiztasuna.
Kalitate-helburuak, hala badagokio, legeriak edo oro har onartutako azterketa teknikoek zehazten dituzten muga-balioen edo gida-balioen araberakoak izango dira. Hala ere, proiektuaren afekziopeko eremuaren berezitasunek eta ezaugarri zehatzek hala gomendatzen badute, balio zorrotzagoak ezarri beharko dira, hala egitea beharrezkoa den parametroetan.
Era berean, dagokion aurrekontua sartu beharko da, behar bezain xehe banakatuta, proiektuaren garapenaren ondorio diren afekzioen jarraipen egokia egin ahal izateko. Proiektuari buruz eta proiektuak inguruan duen eraginari buruz jasotako datuen ondorioz sartu behar diren kontrolez gain, programa horrek jarraian adierazitako kontrolak izan beharko ditu:
– Obrek okupatzen duten eremuaren mugen kontrola.
– Obrek irauten duten bitartean, ur-ibilguaren eta uren kalitatearen gaineko afekzioaren kontrola.
– Landarediaren gaineko afekzioaren kontrola.
– Mehatxupeko flora- eta fauna-espezieen gaineko afekzioaren kontrola.
– Hala badagokio, landare-espezie inbaditzaileen presentziaren eta espezie horien hedapena prebenitzeko neurrien kontrola.
– Obrako jardunbide egokien kontrola, hauek saihesteko: hondakin-isurketak, lurzorua edo ura kutsatzea olio-jarioen, hormigoi-esneen eta lur-herrestatzeen ondorioz, eta herritarrei eragozpenak sortzea zarataren, hautsaren eta abarren ondorioz.
– Lur-mugimenduen eta indusketa-materialen kudeaketaren kontrola.
– Sortutako hondakinen kudeaketaren kontrola.
– Leheneratze-lanen kontrola.
– Arkeologia-ondarearen gaineko afekzioaren kontrola.
– Aurreikusitako prebentzio-, zuzenketa- eta konpentsazio-neurrien –leheneratze-plana barne– efikazia egiaztatzeko beste kontrol batzuk.
Kontrol-puntuak kartografikoki islatu beharko dira.
1.9.– Ingurumen-inpaktuaren azterketaren laburpena.
Ingurumen-inpaktuaren azterketaren eta haren ondorioen sintesi-dokumentu bat idatzi beharko da, abenduaren 9ko 21/2013 Legeak VI. eranskinean ezarritako ezaugarriak izango dituena. Dokumentuan, labur-labur eta edonork ulertzeko moduan bildu beharko dira proiektuaren izaerari buruzko informazioa, proiektuak ingurunean afekzioak izateko duen modua, eta aurreikusitako inpaktuak saihesteko edo minimizatzeko proposatutako neurriak. Halaber, dokumentazio grafikoa sartzea gomendatzen da, jendea informatzeko.
Hala badagokio, ingurumen-inpaktuaren azterketa egitean izan diren zailtasun tekniko edo informatiboak aipatu beharko dira.
1.10.– Dokumentazio kartografikoa.
Irudikapen kartografikoak lortu beharko dira, behar bezala geoerreferentziatuta (pdf-ek eremuaren koordenatuak jaso beharko dituzte UTM30N ETRS89 erreferentzia-sistema ofizialean). Adierazpen horren eremuak proiektuaren afekziopeko azalera guztiak hartuko ditu, hauek barne: instalazio osagarriak, metaketa-arloak, obra-gunera sartzeko irekitzen diren bide berriak eta, hala badagokio, soberakin-biltegien kokapena.
Kartografia xehetasun nahikoaz egingo da, analizatu ahal izateko ea aurreikusten diren trazaduren, lursailen okupazioaren eta obra horietako bakoitzaren ezaugarri orokorrak egokiak diren ingurumenaren ikuspegitik.
Beharrezkoak diren xehetasun-planoak gehituko dira (adibidez, sarbideen xehetasuna puntu kritikoetan eta ibilguak gurutzatzeko puntuetan), behar bezala analizatu ahal izateko proiektua bera eta haren elementu bakoitzak sortuko dituen afekzioak.
Gainera, eta analisi teknikoa errazteko, planoak shape formatuan aurkeztuko dira, eta obrako elementu nagusiak jasoko dituzte.
2.– Dokumentazioa aurkezteko jarraibideak.
Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 77. artikuluan eta Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 39.3 artikuluan xedatutakoaren arabera, egiaztapen batzuk egin ondoren, organo substantiboak ingurumen-organoari bidaliko dizkio ingurumen-inpaktuaren ebaluazio arrunta abiarazteko eskaera eta harekin batera aurkeztu beharreko dokumentuak, hala nola proiektuaren dokumentu teknikoa, ingurumen-inpaktuaren azterketa, informazio publikoaren eta kontsulten emaitza, eta jaso diren alegazio eta txostenen ingurumen-edukiari buruz sustatzaileak egin dituen kontsiderazioen dokumentu bat, azaltzen duena oharrok nola hartu diren kontuan.
Dokumentazioa xede horretarako egindako oharrak betez aurkeztu behar da. Oharrak Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasunaren Sailaren web-orrian daude eskuragarri (https://www.euskadi.eus/eusko-jaurlaritza/ingurumen-ebaluazioa/), apartatu honetan: Arloak > Ingurumen-ebaluazioa > Tramiteak > Eskaerak aurkeztea.
Eskaerarekin batera aurkeztu beharreko dokumentazioa Dokumentuak aurkezteko gidaren arabera egin eta aurkeztu beharko da, zeina ingurumen-organoaren web-orrian baitago eskuragarri, esteka honetan:
RSS