
99. zk., 2026ko maiatzaren 28a, osteguna
- Bestelako formatuak:
- PDF (148 KB - 4 orri.)
- EPUB (121 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
JUSTIZIA ETA GIZA ESKUBIDEEN SAILA
2300
74/2026 DEKRETUA, maiatzaren 5ekoa, Eibarko Bulego Judizialari, Donostiako Bulego Judizialari, Gipuzkoako Probintzia Auzitegiari eta bi barruti judizialetako Bake-Epaitegiei dagozkien Justizia Administrazioaren zerbitzuko langileen lanpostu-zerrendak onartzeko dekretuak indargabetzekoa.
Justiziaren Zerbitzu Publikoaren Efizientziaren Arloko Neurrien urtarrilaren 2ko 1/2025 Lege Organikoak aldatu egiten du I. tituluan Botere Judizialaren uztailaren 1eko 6/1985 Lege Organikoa, Justizia Administrazioaren antolamendua berritzeko.
Lege organikoak dakartzan aldaketak hainbat esparrutan zertzen dira. Aldaketa horietako batek, alde batetik, lehen auzialdi judizialaren konfigurazioan du eragina, pertsona bakarreko epaitegi izatetik eta kide anitzeko antolakunde izatera igarotzen baita, auzialdiko auzitegiak sortuta; bestetik, eragina du, halaber, bake-epaitegietan, udalerriko justizia-bulego bihurtzen baitira, eta bake-epaitegietako idazkaritzen elkarteei ere eragiten die, udalerrietako justizia-bulegoen elkarte bihurtzen baitira.
Bestalde, apirilaren 28ko 6/2021 Lege Organikoa –Erregistro Zibilaren uztailaren 21eko 20/2011 Legea aldatzen duen apirilaren 28ko 6/2021 Legearen osagarria, zeinaren bidez aldatzen baita Botere Judizialaren uztailaren 1eko 6/1985 Lege Organikoa– aldaketa-eragilea izan da hauxe ezarrita: «Erregistro Zibilaren Bulegoa unitate bat da, bulego judizialean integratuta ez badago ere, Justizia Administrazioaren antolaketaren eremuan eratzen dena, aipatutako zerbitzu publikoa eramateaz arduratzeko, Erregistro Zibilaren Legean eta Erregistro Zibilaren Erregelamenduan ezarritakoaren arabera; zeregin hori betetzeko, Justizia Ministerioari lotzen zaio funtzionalki, Segurtasun Juridikoaren eta Fede Publikoaren Zuzendaritza Nagusiaren bidez».
1/2025 Lege Organikoaren lehen xedapen iragankorrak ezartzen du auzialdiko auzitegiak modu mailakatuan eratuko direla, eta adierazten du 2025eko abenduaren 31n aurreko faseetan ezarri ez diren epaitegiak dagozkien atal bihurtuko direla, legean bertan aurreikusitakoaren arabera.
Era berean, 1/2025 Lege Organikoaren seigarren xedapen iragankorrak ezartzen du auzialdiko auzitegi bakoitzerako aurreikusitako eratze-datan bihurtuko direla bake-epaitegiak justizia-bulego udalerrietan, eta bake-epaitegietako idazkaritzen elkarteak justizia-bulegoen elkarte udalerrietan.
Euskal Autonomia Erkidegoaren esparruan, bi aurreikuspen horiek zuzenean eragiten diete, besteak beste, Donostiako eta Eibarko barruti judizialetako bulego judizialari, eta barruti judizial horietako bake-epaitegiei eta bake-epaitegietako idazkaritzen elkarteei.
6/1985 Lege Organikoaren 436. artikuluak, idazkera berrian, ezartzen du bulego judizialaren jarduera –prozesu-legeak aplikatuz zehazten dena– zerbitzu komunen bidez egingo dela. Zerbitzu horien barnean izapidetze-zerbitzu komunak sartuko dira, eta, hala badagokio, xedatzen diren beste zerbitzu komun batzuk. Zerbitzu horietan sartuko dira beren zereginak direla-eta funtzionalki lotutako lanpostuak. Eta, gainera, xedatzen du bulego judizialak diseinu malgua izango duela. Bakoitzaren neurria eta antolamendua, haren jardueraren arabera erabakiko du horretarako eskumena duen administrazio publikoak.
Era berean, 1/2025 Lege Organikoaren bosgarren xedapen iragankorrak agintzen du ezen bulego judiziala eta auzialdiko auzitegiak aldi berean ezarriko direla, legean bertan xedatutako baldintzen arabera, eta, helburu hori betetzeko, justiziaren arloan eskumenak dituzten autonomia-erkidegoek bulego horietako bakoitzeko lanpostu-zerrendak egin beharko dituztela, eta, sindikatuekin negoziatu ondoren, onartu. Ondoren, lanpostu horiek bete beharko dituzte.
Lanpostu-zerrendak Justizia Administrazioaren barne-egiturak antolatzeko tresna gisa eratzen dira, eta, 1/2025 Lege Organikoak egindako aldaketen ondoren, zerrenda horiek berriro egin eta onartu behar ditu arlo horretan eskumenak dituen administrazioak. Kudeaketa, Izapidetze eta Laguntza Judizialeko kidegoetako funtzionarioen antolamendua egiteko, lanpostu-zerrendak baliatuko dira; zerrendok onartu eta, betiere, publiko egingo dira, 6/1985 Lege Organikoaren 521. artikuluan xedatzen den bezala.
Lanpostu-zerrenda berriak onartzeko tresna juridikoari dagokionez, 6/1985 Lege Organikoaren 522. artikuluak, berrikuntza gisa, eskatzen du bere jarduketa-eremuko lanpostu-zerrenden onarpena gauzatu dadila horretarako eskumena duen zuzendaritza-zentroko titularrak –Justizia eta Giza Eskubideen sailburua– emandako ebazpenaren bidez.
Horren guztiaren ondorioz, eta aipatutako lege-aldaketak gauzatzeko, hauxe da dekretu honen xedea:
– Partzialki indargabetzea uztailaren 20ko 202/2010 Dekretua, Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Administrazioko lanpostu-zerrendak onartzeko dena.
Zehaztu behar da uztailaren 20ko 202/2010 Dekretuak Amurrio, Azpeitia, Getxo, Irun eta Eibarko barruti judizialetako lanpostu-zerrendak onartu zituela, eta lanpostu-zerrenda horiek lehenago indargabetu direla, Eibarko barruti judizialari dagokionez izan ezik. Ondorioz, dekretu honen bidez gauzatzen den indargabetzeak Eibarko barruti judizialeko lanpostuen zerrendei soilik eragingo die, horiek baitira gaur egun indarrean dauden bakarrak.
– Zatika indargabetzea 179/2011 Dekretua, uztailaren 26koa, zeinaren bidez onartzen baitira Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Administrazioko Bake Epaitegietako lanpostu-zerrendak. Kasu horretan, indargabetzeak Donostiako eta Eibarko barruti judizialei buruz jasotako aurreikuspenei soilik eragingo die.
Hemen ere zehaztu behar da dekretua partzialki indargabetzen ari dela, eta barruti judizialetako lanpostu-zerrendei modu mailakatuan eragiten dietela, bulego judizialaren eredu berria pixkanaka ezartzen ari den heinean.
– Indargabetzea 29/2018 Dekretua, otsailaren 27koa, Donostiako Bulego Judizialari eta Gipuzkoako Probintzia Auzitegiari dagozkien Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Administrazioko lanpostu-zerrendak onartzeko dena.
Ondorioz, Justizia eta Giza Eskubideen sailburuaren proposamenez eta Jaurlaritzaren Kontseiluak 2026ko maiatzaren 5ean egindako bilkuran aztertu eta onartu ondoren, hauxe
XEDATZEN DUT:
Lehenengo artikulua.– Zatika indargabetzea uztailaren 20ko 202/2010 Dekretua, Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Administrazioko lanpostu-zerrendak onartzeko dena.
Zehazki, indargabetzeak Eibarko barruti judizialari buruz jasotako xedapenei eragingo die, gaur egun indarrean zeuden bakarrak baitira.
Bigarren artikulua.– Partzialki indargabetzea uztailaren 26ko 179/2011 Dekretua, Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Administrazioko bake-epaitegietako lanpostu-zerrendak onartzen dituena, Donostiako eta Eibarko barruti judizialetako bake-epaitegiei eta bake-epaitegietako idazkaritzen elkarteei buruz jasotako xedapenei dagokienez.
Horrela, erabat indarrean egongo dira Donostiako eta Eibarko barruti judizialei buruzko xedapenak, Justizia eta Giza Eskubideen sailburuaren 2025eko uztailaren 2ko Aginduan jasotakoak. Zeinaren bidez onartzen baita udalerrietako justizia-bulegoetan eta justizia-bulegoen elkarteetan Euskal Autonomia Erkidegoan Justizia Administrazioaren zerbitzura diharduten langileen lanpostuen zerrenda.
Aitzitik, dekretuak indarrean jarraituko du Vitoria-Gasteiz, Barakaldo eta Bilbori buruzko xedapenei dagokienez, harik eta barruti judizial horietan bulego judiziala ezarri arte.
Hirugarren artikulua.– Indargabetzea 29/2018 Dekretua, otsailaren 27koa, Donostiako Bulego Judizialari eta Gipuzkoako Probintzia Auzitegiari dagozkien Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Administrazioko lanpostu-zerrendak onartzeko dena.
AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA
Dekretu honek kasuan kasuko lanpostu-zerrenda berriak indarrean jartzen direnean izango ditu ondorioak.
AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA
Dekretu honek administrazio-bidea amaitzen du, eta haren aurka aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkez dakioke Gobernu Kontseiluari, dekretua argitaratu eta hurrengo egunetik hilabete igaro baino lehen. Bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke, Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, dekretua argitaratu eta hurrengo egunetik bi hilabete igaro baino lehen.
Vitoria-Gasteizen, 2026ko maiatzaren 5ean.
Lehendakaria,
IMANOL PRADALES GIL.
Justizia eta Giza Eskubideen sailburua,
MARÍA JESÚS CARMEN SAN JOSÉ LÓPEZ.
RSS