Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

99. zk., 2026ko maiatzaren 28a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

ELIKADURA, LANDA GARAPEN, NEKAZARITZA ETA ARRANTZA SAILA
2299

AGINDUA, 2026ko maiatzaren 19koa, Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantzako sailburuarena, zeinaren bidez 2026. urterako laguntzen deialdia egiten baita Emakume Nekazarien Estatutuaren esparruan emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna bultzatzeko, eta onartzen baitira laguntza horien oinarri arautzaileak. «ENE laguntzak».

Emakume Nekazarien Estatutuari buruzko urriaren 15eko 8/2015 Legea onartzeak funtsezko aurrerapausoa dakar nekazaritza-sektoreko emakumeek historian zehar pairatu duten bereizkeriari aurre egiteko, batez ere haien lanaren lanbide- eta gizarte-aitortzari zein haien eskubideak benetan baliatzeari dagokienez.

Arau-esparru horrek zenbait neurri ezartzen ditu nekazaritzaren arloan emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna sustatzeko. Neurri horien artean, honako hauek nabarmentzen dira: nekazaritza-ustiategien titulartasuna eta titulartasun partekatua bultzatzea, sektoreko ordezkaritza-organoetan emakumeen parte-hartzea sustatzea, haien gizarte-eskubideak aitortzea eta emakume nekazarien lana ikusarazteko ekintzak sustatzea.

Hala ere, desberdintasun handiak daude oraindik ere, bai ustiategien titulartasuna aitortzeari dagokionez, bai emakumeek sektoreko erabaki-guneetan duten partaidetzari dagokionez, nekazaritzako lanean ekarpen handia egiten badute ere.

Testuinguru horretan, eta 2018an Emakume Nekazarien Estatutuaren Jarraipen Batzordea eratu zenetik, lehentasuna eman zaie emakume nekazarien lana aitortu eta ikusarazteko, asoziazionismoa sustatzeko eta nekazaritzaren sektorean emakumeen eta gizonen arteko benetako berdintasuna bultzatzeko ekimenei.

Horregatik, egokia da, laguntzak emateko agindu honen bidez, sektoreko erakundeek eta antolakundeek arlo horretan garatzen dituzten jarduerak babestea, Emakume Nekazarien Estatutuan ezarritako helburuak betetzen laguntzeko.

Laguntza horiek Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantza Sailaren 2026, 2027 eta 2028ko ekitaldietarako dirulaguntzen plan estrategikoan daude aurreikusita. Plan hori Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantzako sailburuaren 2026ko martxoaren 4ko Aginduaren bidez onartu zen. Helbide honetan dago ikusgai plana:

https://www.euskadi.eus/eusko-jaurlaritza/-/elikadura-landa-garapen-nekazaritza-eta-arrantza-sailaren-dirulaguntzen-plan-estrategikoa-2026-2028/

Zehazki, ENEren laguntzak azpimarra jartzen du 4.1.3 helburu estrategikoa lortzean: nekazaritzaren sektorean emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna bultzatzea eta Emakume Nekazarien Estatutuari buruzko urriaren 15eko 8/2015 Legean ezarritako helburuetako batzuk betetzen laguntzea, nekazaritza-sektoreko emakumeen eskubideak aitortzeari dagokionez.

Laguntza-deialdi honek aurrekontu-zuzkidura nahikoa du, Euskal Autonomia Erkidegoko 2026ko ekitaldiko aurrekontu orokorrak onartzen dituen abenduaren 23ko 7/2025 Legeak baimendutako kredituen arabera.

Eta, Jaurlaritzari buruzko ekainaren 30eko 7/1981 Legearen 26.4 artikuluaren arabera, sailburuek, Jaurlaritzako kide gisa dagozkien eskumenei kalterik egin gabe, beren sailari dagozkion gaietan administrazio-xedapen orokorrak eta ebazpenak emateko eskumena dutenez,

Honako hau

EBAZTEN DUT:

Artikulu bakarra.– Emakume Nekazarien Estatutuaren esparruan emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna bultzatzeko 2026rako laguntzen deialdia egitea («ENE laguntzak») eta oinarri arautzailean onartzea. Eranskinean daude jasota.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA

Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beraren aurka, berraztertze-errekurtsoa aurkez dakioke Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantzako sailburuari, hilabeteko epean, edo zuzenean administrazioarekiko auzien ordenan aurkara daiteke Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiaren Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean, betiere agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA

Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2026ko maiatzaren 19a.

Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantzako sailburua,

AMAYA BARREDO MARTÍN.

ERANSKINA
OINARRIAK

1. oinarria.– Xedea.

Oinarriak hauen xedea da 2026ko ekitaldiko laguntzen deialdia arautzea nekazaritza-sektorean emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna bultzatzeko eta Emakume Nekazarien Estatutuari buruzko urriaren 15eko 8/2015 Legean ezarritako helburuetako batzuk betetzen laguntzeko, nekazaritza-sektoreko emakumeen eskubideak aitortzeari dagokionez.

2. oinarria.– Onuradunak.

1.– Onuradun izan daitezke diruz lagundu daitezkeen jarduerak egiten dituzten irabazi-asmorik gabeko pertsona juridikoak.

2.– Halaber, entitate onuradun izan ahalko dira pertsona fisiko edo juridikoen talde pribatuak, ondasun-erkidegoak edo beste edozein unitate ekonomiko edo ondare bereizi, baldin eta, nortasun juridikorik ez izan arren, dirulaguntzaren xede diren proiektuak edo jarduerak garatzeko eta gauzatzeko gaitasuna badute.

3.– Pertsona fisiko edo juridikoen taldeak direnean –nortasunik gabeko pribatuak edo publikoak–, eskabidean eta dirulaguntza emateko ebazpenean berariaz jaso beharko dira taldeko kide bakoitzak proiektua egikaritzeko hartzen dituen konpromisoak, bai eta bakoitzak aplikatuko duen dirulaguntzaren zenbatekoa ere, horiek ere onuraduntzat hartuko baitira. Betiere, ordezkari edo ahaldun bakar bat izendatu beharko dute taldeek, taldeari onuradun izateagatik dagozkion betebeharrak betetzeko ahalorde askietsiak dituena. Taldea ezingo da desegin harik eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 39. eta 65. artikuluetan aurreikusitako preskripzio-epea igaro arte.

3. oinarria.– Onuradun izateko debekuak.

1.– Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 13. artikuluari jarraikiz, ezingo dira onuradun izan inguruabar hauetako edozeinetan dauden entitateak:

a) Epai irmo bidez, dirulaguntzak edo laguntza publikoak lortzeko aukera galtzeko zigorra jaso izana edo prebarikazio, eroskeria, diru publikoen erabilera bidegabea, influentzia-trafiko, iruzur eta ordainarazpen ilegal edo hirigintza-delituak direla-eta zigorra jaso izana.

b) Hartzekodunen borondatezko konkurtsoa deklaratzeko eskaera egin izana, edozein prozeduratan kaudimengabe deklaratua izatea, hartzekodunen konkurtsoan deklaratuta egotea (salbu eta konkurtso horretan hitzarmen batek efikazia lortu badu), esku-hartze judizialaren mende egotea edo Konkurtsoari buruzko uztailaren 9ko 22/2003 Legearen arabera desgaituta egotea, hartzekodunen konkurtsoa kalifikatzeko epaian finkatutako desgaitze-aldia oraindik amaitu gabe egonik.

c) Kausaren batean errudun deklaratua izateagatik administrazioarekin egindako kontraturen bat irmo suntsiaraztea eragin izana.

d) Lege hauetan jasotako bateraezintasun-araubidearen kasuetako batean egotea: 53/1984 Legea, abenduaren 26koa, Administrazio Publikoen Zerbitzuko Langileen Bateraezintasunei buruzkoa eta 1/2014 Legea, ekainaren 26koa, Kargu publikodunen jokabide-kodea eta haien interes-gatazkak arautzen dituena. Halaber, Hauteskunde Araubide Orokorrari buruzko ekainaren 19ko 5/1985 Lege Organikoan araututako hautapenezko karguren bat izatea, lege horretan edo gai horiek arautzen dituen autonomia-erkidegoko araudian ezarritakoaren arabera.

e) Indarrean dauden xedapenek ezarritako zerga-betebeharrak edo Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak egunean ez izatea.

f) Ordaindu gabe izatea dirulaguntzak itzultzeari dagozkion betebeharrak, Ekonomia eta Ogasuneko sailburuaren 2023ko otsailaren 13ko Aginduan xedatutakoaren arabera (zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak betetzen direla egiaztatzeari buruzkoa).

g) Zehapena jaso izana dirulaguntzak jasotzeko aukera galarazten dion ebazpen irmo baten bidez, lege honetan edo beste batzuetan zehaztutakoari jarraikiz. Zehazki, ezingo dira dirulaguntzen onuradun edo erakunde laguntzaile izan sexuan oinarritutako diskriminazioagatik edo emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloko araudia ez betetzeagatik administrazio- edo zigor-zehapenen bat ezarri zaien pertsona fisikoak eta juridikoak, dagokion zehapenean ezarritako denbora-tarte osoan. Halaber, laguntza eta dirulaguntzetatik kanpo geratuko dira Estatuko araudiaren arabera berdintasun-plan bat indarrean izan behar duten arren halakorik ez duten enpresak eta, Estatuko legeriak emakumeen eta gizonen berdintasunaren esparruan finkatzen duen moduan, sexu-jazarpena edo sexuan oinarritutako jazarpena prebenitzeko neurriak ezarri dituztela egiaztatzen ez duten 50 langiletik gorako enpresak.

h) Zigortuta egotea Hondakinak eta lurzoru kutsatuak arautu eta ekonomia zirkularra bultzatzeko apirilaren 8ko 7/2022 Legean edo Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legean aurreikusitako arau-hauste astun edo oso astun batengatik, administrazio-bidean emandako ebazpen irmo baten bidez, zuzenketa-neurri egokiak hartu eta zehapena ordaindu arte.

i) Desgaitasuna duten pertsonentzat lanpostuak erreserbatzeko legez ezarritako kuota bete ez izana, hura betetzeko neurri alternatiboak abian jarri direla frogatu gabe.

j) LGTBIfobia egin, bultzatu edo sustatu izana, konbertsio-terapiak sustatzea edo egitea barne.

k) Berreskuratze-agindu baten mende egotea, Europako Batzordeak aurretiaz erabaki badu laguntza bat legez kanpokoa eta barne-merkatuarekin bateraezina dela.

l) Gainfinantzaketarik ez egiteko konpromisoa ez adieraztea.

2.– 1. apartatuko b), d), e), f) eta j) letretan jaso diren debekuak automatikoki hartuko dira aintzat, eta bere horretan iraungo dute kasu bakoitzean zehaztutako egoerek irauten duten bitartean.

3.– 1.e) apartatuan jasotako debekua Ekonomia eta Ogasuneko sailburuaren 2023ko otsailaren 13ko Aginduaren 6. eta 7. artikuluetan, hurrenez hurren, xedatutakoaren arabera ezarriko da. Agindu hori, zehazki, Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontu orokorren kontura ematen diren laguntzen eta dirulaguntzen esparruan bai zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak bai dirulaguntzak itzultzeari buruzkoak betetzen direla egiaztatzeari buruzkoa da.

4.– Artikulu honetako 1. apartatuko a), g), h) eta i) letretan jaso diren debekuak automatikoki hartuko dira aintzat. Epai edo ebazpen irmoak zehaztuko du debekuaren irismena. Halakorik ez bada, irismena arauz zehaztutako prozeduraren arabera finkatuko da, eta ezingo da bost urtetik gorakoa izan, debekua ez bada epai irmo baten ondoriozkoa.

5.– Artikulu honetako 1.c) apartatuan jasota dagoen debekua aintzat hartzeko eta haren irismena zehazteko, sektore publikoko kontratazioa erregulatzen duen arautegiak ezarritakoaren arabera jokatuko da.

6.– Entitate eskatzaileek, dirulaguntza emateko proposamena egin baino lehen, egiaztatu beharko dute zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak betetzen dituztela. Betebehar horri eutsi beharko zaio, gutxienez laguntzaren edo dirulaguntzaren azken ordainketa egiaztatzen den unera arte. Betebehar horiek betetzen direla egiaztatzeko, zerga-organo eskudunek edo Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Nagusiak emandako administrazio-ziurtagiri positiboak aurkeztu beharko dira. Nekazaritza eta Abeltzaintza Zuzendaritzak, elkarreragingarritasun-zerbitzuen bidez, zuzenean eskatuko dizkie agiri horiek organo eskudunei. Entitate interesdunak horren aurka egiten badu, bere kabuz aurkeztu beharko ditu dagozkion ziurtagiriak.

7.– Entitateek, 1. paragrafoan onuradun izateko aipatutako debekuetan ez daudela justifikatzeko, II. eranskinean jasotako erantzukizunpeko adierazpena aurkeztu beharko dute, betiere ekainaren 20ko 91/2023 Dekretuan ezarritakoaren arabera (Herritarrei arreta integral eta multikanala ematekoa eta zerbitzu publikoak bitarteko elektronikoz irispidean izatekoa).

4. oinarria.– Eskakizun espezifikoak.

Entitateek, onuradun izateko, eskakizun hauek bete beharko dituzte:

a) Legez eratuta eta dagokion erregistroan inskribatuta egotea, eskakizun hori legez ezarrita dagoen kasuetan.

b) Zuzendaritzako organoetan, emakumeen presentzia orekatua izatea gutxienez. Lau lagun baino gehiagoko kide anitzeko organoetan, ordezkaritza orekatua egongo da, sexu bakoitza gutxienez % 40an ordezkatuta dagoenean; lau lagun edo gutxiagoko kide anitzeko organoetan, berriz, bi sexuak ordezkatuta daudenean. Sozietate zibiletan, merkataritza-sozietateetan eta kooperatiba-sozietateetan, sexu bakoitzaren esku dauden partaidetza sozialen edo botoen ehuneko edo kopuruaren arabera neurtuko da ordezkaritza.

5. oinarria.– Diruz lagundu daitezkeen jarduketak.

1.– Diruz laguntzeko modukoak izango dira Euskal Autonomia Erkidegoan egiten diren jarduketak, baldin eta nekazaritza-sektoreko emakumeak eta haien lanaren garrantzia aitortzea aldezten badute, eta sektorean haien asoziazionismoa ez ezik emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna sustatzen badute. Garatu beharreko jarduketei buruzko orientabideak I. eranskinean ezartzen dira. Zehazki, honako hauek:

a) Emakume nekazarien parte-hartze soziala eta politikoa.

b) Emakume nekazariak eta haien lana aitortzea eta ikusaraztea.

c) Emakume nekazariek nekazaritza-ustiategien titulartasuna eskuratzea: banakako titulartasuna eta baterako titulartasunak.

d) Erantzukidetasuna nekazaritzaren arloan.

e) Emakume nekazarien osasuna babestea lanean.

f) Babesa ematea emakume nekazarien aurkako indarkeriaren eta jazarpen sexistaren aurrean.

g) Emakume nekazarien prestakuntza eta gaikuntza.

2.– Guztiak jasota ez badaude ere, honako jarduketa hauek dira diruz laguntzeko modukoak: lehiaketak, jardunaldiak, eztabaidak, ikastaroak, tailerrak, konferentziak, erakusketak, ikus-entzunezko materialaren edizioa eta banaketa, eta deialdiaren xedea betetzen duen beste edozein jarduketa, betiere nekazaritza-sektoreko emakumeen eta gizonen arteko aukera-berdintasunarekin zerikusia badute eta aurreko apartatuan ezarritako gaietakoren batean oinarrituta badaude.

6. oinarria.– Diruz lagundu daitezkeen gastuak.

1.– Diruz lagundu ahal izango dira laguntzaren xede diren jarduketak egitearekin zuzenean lotuta dauden gastu guztiak, baldin eta 2026ko urtarrilaren 1etik abenduaren 31ra bitartean sortzen badira.

2.– Zehazki, honako gastu hauek lagundu daitezke diruz:

a) Aurkeztutako jarduerarekin berariaz lotuta dauden langileen gastuak.

b) Jarduera egiteko zerbitzu profesionalen errentamendua.

c) Lokalen alokairuak eta jarduera antolatzeko logistikaren ondoriozko gastuak.

d) Jarduera egiteko instalazioak eta zerbitzu teknikoak.

e) Laguntzaren xede diren jarduketen publizitatearekin eta zabalkundearekin lotutako gastuak.

f) Nahitaezko aseguruak kontratatzea.

g) Emandako garaikurrak edo sariak.

h) Jarduera egiteko behar diren materialak zenbait euskarritan editatu edo eskuratzea.

i) Bideoak eta ikus-entzunezko materiala.

j) Itzulpen-gastuak.

k) Legeria nazionalaren arabera berreskuratu ezin den BEZa.

3.– Jarduerarekin lotutako kapital-inbertsioak edo -gastuak, zergak eta tributuak ez dira inola ere diruz laguntzeko moduko gastuak izango.

4.– Diruz lagundu daitezkeen gastuei dagokienez, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 30. artikuluan ezarritakoa aplikatuko da.

7. oinarria.– Deialdiaren diru-baliabideak.

1.– Laguntzak Euskal Autonomia Erkidegoaren aurrekontu orokorren kargura finantzatuko dira. Aurrekontu-zuzkidura 80.000 eurokoa da.

2.– Deialdi honen barruan emango diren laguntzek ezingo dute gainditu aipatutako aurrekontu-zuzkidura. Horrenbestez, zenbateko oso hori agortu ondoren ez dira laguntza gehiago emango. Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da inguruabar horren berrri, Elikadurako eta Landa Garapeneko sailburuordearen ebazpen baten bidez.

8. oinarria.– Eskaerak, agiriak eta aurkezteko epea.

1.– Laguntza-eskabidea Nekazaritza eta Abeltzaintzako zuzendariari zuzenduko zaio, eta 7. apartatuan adierazitako edukia izan beharko du.

2.– Entitate bakoitzak dirulaguntza-eskabide bat aurkeztu ahal izango du proiektu bakoitzeko, eta proiektu bakoitzean jarduketa bat edo gehiago jaso ahal izango da. Entitate berak, gehienez ere, bi eskabide aurkeztu ahal izango ditu bi proiektu desberdinetarako. Eskabide horiek data ezberdinetan aurkeztu ahal izango dira, betiere deialdian ezarritako epearen barruan.

3.– Eskabideak kanal elektronikoaren bitartez aurkeztuko dira, Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan sartuta, eredu normalizatuaren araberako eskaera eginez. Helbide honetan dago eskuragarri eredu hori:

https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/1201607

4.– Kanal elektronikoaren bidez eskabidea egin ondorengo izapideak –jakinarazpenak eta justifikazioak barne– Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoko «Nire karpeta» atalaren bitartez egingo dira:

https://www.euskadi.eus/nire-karpeta/web01-sede/eu/]

5.– Izapideak elektronikoki egiteko, helbide honetan eskuratu daitezke Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan onartutako identifikazio eta sinadura elektronikorako bitartekoak:

https://www.euskadi.eus/ziurtagiri-elektronikoak]

6.– Eskaera ordezkari baten bitartez egiten bada, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 5. eta 6. artikuluetan xedatutakoaren arabera egiaztatu beharko da ordezkaritza. Ildo horretan, eta agindu honen esparruan, ordezkaritza egiaztatuta dago Euskal Autonomia Erkidegoko administrazio publikoaren ordezkarien erregistro elektronikoan inskribatuta badago (https://www.euskadi.eus/ahalordeen-erregistro-elektronikoa/web01-sede/eu/ Ordezkaritza erregistro horretan inskribatuta ez badago, borondatezko ordezkaritza emateko inprimaki normalizatua betez (https://www.euskadi.eus/eusko-jaurlaritza/-/eskabidea/borondatezko-legezko-ordezkaritza-egilestea-inprimaki-normaldua/) edo zuzenbidean onartutako beste edozein modutara egiaztatu beharko da ordezkaritza.

7.– Eskabideen eredu normalizatuak informazio hau jasoko du:

a) Eskatzailearen identifikazio-datuak.

b) Erantzukizunpeko adierazpena, eskatutako baldintzak betetzen direla eta aurkeztutako dokumentuak egiazkoak direla eta onuradun-izaera lortzeko debekuetako ezeinetan ez dagoela adierazteko, debeku horietako ezeinetan ez egotearen lekukotza judizialik, ziurtagiri telematiko edo datu-transmisiorik, edo administrazio-ziurtagiririk lortzerik izan ez den kasuetan. II. eranskinean jasota dago adierazpenaren eredua.

c) Dena delako jarduketari buruzko informazioa.

d) Lanen aurrekontua.

e) Nekazaritzaren arloan jarduten duten profesionalen, enpresaburuen, sindikatuen edo bestelakoen elkarte eta antolakundeen kasuan, zuzendaritza-organo edo -batzordearen osaera, sexuaren arabera bereizita.

f) Pertsona fisiko edo juridikoen elkarteen kasuan, elkarteko kide bakoitzak jarduketa egiteko hartutako konpromisoak eta bakoitzari aplikatu beharreko dirulaguntzaren zenbatekoa.

8.– Honako agiri hauek aurkeztu beharko dira eskabidearekin batera:

a) Proiektuaren memoria, honako hauek jasota:

– Entitatearen izena eta haren osaera: masa sozialaren osaera, bazkide-kopuru osoa, emakumeen eta gizonen guztizko kopurua.

– Proiektuaren xedearen eta haren jarduketen deskribapena.

– Gauzatzeko epearen edo epeen aurreikuspena.

– Jarduketen kokapenari eta haiek hedatzeko aukerei buruzko datuak, eta, aurrez ikusitakoaren arabera, zer eragin izango duen (toki/eskualdean, lurraldean edo autonomian).

– Proiektutik espero diren emaitzen aurreikuspena.

– Proiektuak nekazaritza-sektoreko emakumeen eta gizonen berdintasunean izango duen eraginaren aurreikuspena.

– Deskribatzea proiektuak nekazaritza-sektoreko emakumeen ahalduntzea nola sustatzen duen.

b) Proiektuko jarduketek laguntza publiko edo pribatuen bidez jasotako bestelako dirulaguntza eta diru-sarreren ziurtagiria.

c) Hirugarrenen alta, zeina elektronikoki izapidetu ahal izango den, dagokion zerbitzuaren bidez. Zerbitzu hori Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan dago eskuragarri:

https://www.euskadi.eus/eusko-jaurlaritza/-/hirugarrenaren-datuen-aldaketa/

d) Ordezkaritzaren egiaztagiria, hala badagokio.

e) Entitatearen IFK, entitatearen eratze-eskritura eta estatutuak, dagokion erregistroan zigilatuta.

f) Proiektuaren barruko jarduketen aurrekontuak, proformako fakturak edo fakturak. Aurrekontuek, proformako fakturek edo fakturek informazio hau jaso beharko dute, gutxienez:

– Zenbakia (baldin badauka).

– Kontratatzailearen izena.

– Hornitzailearen izena.

– Data.

– Kontzeptua.

– Zerga-oinarriaren eta BEZaren xehakapena.

g) Nekazaritzaren arloan jarduten duten profesionalen, enpresaburuen, sindikatuen edo bestelakoen elkarte eta antolakundeen kasuan, zuzendaritza-organo edo -batzordearen osaeraren ziurtagiria.

h) Dagokion erregistroko inskripzio-ziurtagiria.

9.– Laguntzarako eskabidea aurkeztuta, eskatzaileak baimena ematen dio organo emaileari zuzenean egiazta dezan zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak beteak dituela, eta Ekonomia Jardueren gaineko Zergan dagokion epigrafea eta NAN/IFKren identifikazioa kontsulta ditzan. Hala ere, eskatzaileak baimen hori berariaz uka dezake, baina, kasu horretan, eskatutako agiriak aurkeztu beharko ditu.

10.– Eskatzaileek administrazio honetan edo beste edozein administrazio publikotan aurkeztu badute eskatutako dokumentazioa, eta espresuki adierazten bada aldaketarik ez dela egin, ez dute berriz aurkeztu beharko, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 28 artikuluaren 3. Paragrafoan xedatutakoaren arabera.

Dena den, adierazi beharko da noiz eta zer administrazio-organotan aurkeztu ziren agiri horiek. Eskaera aurkeztuz gero, baimena emango da organo kudeatzaileak dokumentazio hori eskuratzeko. Horrek ez du esan nahi baimena berariaz ukatu ezin denik. Hori egitekotan, adierazitako dokumentazioa aurkeztu beharko da.

11.– Eskaera, aurkeztu beharreko dokumentazioarekin batera, hautatutako hizkuntza ofizialean aurkez daiteke. Era berean, laguntza-eskaeraren ondoriozko jarduketetan, eta prozedura osoan, entitate eskatzaileak hautatutako hizkuntza erabiliko da, Euskararen Erabilera Normalizatzeko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legean ezarritakoaren arabera.

12.– Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 68. artikuluari jarraikiz, eskabideak betekizun guztiak betetzen ez baditu, interesdunari jakinaraziko zaio hamar egun balioduneko epea duela hutsa zuzentzeko edo beharrezkoak diren agiriak eransteko. Halaber, adieraziko zaio horrela egin ezean atzera egin duela ulertuko dela, hirugarren baten altaren kasuan izan ezik, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 88. artikuluan ezarritako moduan emango den ebazpen baten bitartez.

13.– Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 13. artikuluaren 1. apartatutik 4. apartatura bitartean adierazitako debekuren baten eraginpean ez daudela justifikatzeko, 8. oinarriaren 7.b) apartatuan aipatzen den erantzukizunpeko adierazpena aurkeztu beharko dute pertsona edo erakundeek.

14.– Edonola ere, beharrezkoak diren bestelako agiri edo argibide osagarriak eskatu ahal izango zaizkio eskatzaileari, aurkeztutako eskabidean adierazitakoa egoki ulertzeko, ebaluatzeko eta eskabidea izapidetzeko.

Gainera, dirulaguntza-eskabidea aurkezteak esan nahi du eskatzaileak baimena ematen diola Nekazaritza eta Abeltzaintza Zuzendaritzari zuzenean eskura dezan beste edozein administrazio publikok egindako dokumentazio guztia, hala xedatuta baitago Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 28 artikuluko 2. paragrafoan.

15.– Eskabideak aurkezteko epea agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean hasi, eta horretara bideratutako aurrekontua agortzen denean amaituko da. Betiere, eta aurrekontua izanda ere, laguntza-eskabideak aurkezteko epea 2026ko irailaren 15ean amaituko da.

9. oinarria.– Laguntzen organo kudeatzailea eta laguntzak emateko prozedura.

1.– Nekazaritza eta Abeltzaintzako zuzendariari dagokio prozedura hau kudeatzea. Horretaz gain, txosten bat egin beharko du, jasota utziz eskura duen informaziotik ondorioztatzen dela eskatzaileak laguntza eskuratzeko behar diren baldintza guztiak betetzen dituela. Txostena Elikadurako eta Landa Garapeneko sailburuordeari bidaliko zaio, hura baita organo eskuduna.

2.– Segidako lehia-prozeduraren bitartez ebatziko da deialdia, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 19.3 artikuluan ezarritakoaren arabera. Eskatzaileek oinarri hauetan ezartzen diren betekizunak bete besterik ez dute egin beharko; haien artean ez da konparaziozko balioespenik egingo, ez eta baterako aintzatespenik ere. Egiten diren eskaerak ordenan ebatziko dira, espedientea osatuta dagoen unearen arabera.

10. oinarria.– Behin-behineko ebazpen-proposamena.

1.– Nekazaritza eta Abeltzaintzako zuzendariak, espedientea eta aurreko oinarriko 1. paragrafoak apatzen duen txostena ikusita, behar bezala arrazoitutako behin-behineko ebazpen-proposamena egingo du. Proposamen hori interesdunei jakinarazi beharko zaie, eta 10 eguneko epea emango zaie alegazioak aurkezteko.

2.– Entzunaldiaren izapidea alde batera utzi ahal izango da, baldin eta prozeduran ez badira agertzen eta ez badira kontuan hartzen interesdunek azaldutako egitate, alegazio eta frogez bestelakoak. Kasu horretan, behin-behineko ebazpen-proposamena behin betikoa izango da, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 21.3 artikuluari jarraikiz.

11. oinarria.– Behin betiko ebazpen-proposamena.

1.– Alegazioak aztertuta, halakorik egonez gero, eta hurrengo paragrafoetan xedatutako alderdiak egiaztatuta, Nekazaritza eta Abeltzaintzako zuzendariak ebazpenaren behin betiko proposamena egingo du. Bertan, laguntzen hartzaile izateko proposatzen diren eskatzaileak eta laguntzon zenbatekoak adierazi beharko ditu.

2.– Eskatzaileek dirulaguntzak itzultzeko betebeharrak betetzen dituztela egiaztatu beharko dute, dirulaguntzak emateko proposamena jaso baino lehen. Egiaztapen hori Ekonomia eta Ogasuneko sailburuaren 2023ko otsailaren 13ko Aginduaren 7. artikuluaren arabera egingo da. Agindu hori, zehazki, Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontu orokorren kontura ematen diren laguntzen eta dirulaguntzen esparruan bai zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak bai dirulaguntzak itzultzeari buruzkoak betetzen direla egiaztatzeari buruzkoa da. Halaber, Nekazaritza eta Abeltzaintza Zuzendaritzako zerbitzu teknikoek automatikoki egiaztatuko dute eskatzaileek egunean dituztela zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak, bai eta haien IFK eta erroldatze-agiria ere. Hala ere, entitate eskatzaileak berariaz egin ahal izango dio uko egiaztatze horri, baina, orduan, adierazitako agiriak aurkeztu beharko ditu.

3.– Behin betiko ebazpenaren proposamena Elikadurako eta Landa Garapeneko sailburuordeari helaraziko zaio, hura baita ebazteko eskumena duen organoa.

4.– Behin-behineko eta behin betiko ebazpen-proposamenek ez dute inolako eskubiderik sortzen proposatutako onuradunaren alde administrazioaren aurrean.

12. oinarria.– Prozeduraren ebazpena, ebazteko epea, jakinarazteko era eta errekurtsoak.

1.– Elikadura eta Landa Garapeneko sailburuordeari dagokio laguntzak ebaztea, Nekazaritza eta Abeltzaintzako zuzendariak proposatuta, eta aldez aurretik txosten bat izanik, non adieraziko baita zuzendaritzaren esku dagoen informaziotik ondorioztatzen dela onuradun gisa proposatutako eskatzaileek dirulaguntzak jasotzeko behar diren baldintza guztiak betetzen dituztela.

2.– Ebazpenak Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 22.3 artikuluaren edukiaren araberakoa izan beharko du. Hala, dirulaguntza nori emango zaion edo zeinek jasoko duten azaltzeaz gainera, espresuki adierazi beharko du, hala badagokio, zertarako den dirulaguntza, zer kopuru ematen den, nola eta zer epetan ordainduko den, nola justifikatu behar den, zer xedapenen babesean eman den eta dirulaguntzaren oinarri erregulatzaileek eskatzen dituzten gainerako baldintza eta betekizunak, bai eta gainerako eskaerak ezetsi egin direla ere.

3.– Prozedura ebazteko eta ebatzitakoa entitate interesdunei jakinarazteko gehieneko epea sei hilabetekoa izango da, eskabidea agiri guztiekin batera aurkezten den egunetik aurrera. Epe hori bukatu eta ebazpen berariazkorik eman ez bada, interesdunek ezetsitzat jo beharko dituzte eskabideak, hala xedatzen baita Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 22.5 artikuluan.

4.– Ebazpenak modu indibidualizatuan jakinaraziko dira, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoko «Nire karpeta» atalaren bidez:

https://www.euskadi.eus/nire-karpeta/web01-sede/eu/

Jakinarazpen-sistemak aukera emango du egiaztatzeko zer egun eta ordutan egin zaion egintzaren jakinarazpena interesdunari, eta zer egun eta ordutan sartu den interesduna haren edukira; une horretatik aurrera, jakinarazpena egintzat emango da. Egiaztatzen denean jakinarazpena eskura jarri zaiola, baina, hamar egun natural igarota ez baldin bada haren edukira sartu, ulertuko da uko egin diola jakinarazpenari, eta izapidea egintzat joko da, eta prozedurak aurrera jarraituko du, salbu eta ofizioz edo interesdunak eskaturik egiaztatzen bada teknikoki edo materialki ezinezkoa izan zaiola edukira sartzea.

5.– Ebazpenak laguntza baietsi nahiz ezetsi, interesdunak gora jotzeko errekurtsoa aurkez diezaioke Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantzako sailburuari. Horretarako, hilabeteko epea izango du ebazpenaren jakinarazpena egin eta hurrengo egunetik aurrera, edo hiru hileko epea administrazio-isiltasunak ondorioak izan eta hurrengo egunetik aurrera, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. artikuluan xedatutakoarekin bat.

13. oinarria.– Entitate onuradunen betebeharrak.

1.– Dirulaguntzaren xede den proiektuko jarduketak 2026an egin beharko dira.

2.– Entitate onuradunek betebehar hauek izango dituzte, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 14. artikuluan ezarritakoez gain:

a) Emandako dirulaguntza onartzea. Horrekin lotuta, dirulaguntza eman izanaren jakinarazpena egin eta 10 eguneko epean entitate onuradunak ez badio espresuki eta idatziz uko egiten, onartu duela ulertuko da.

b) Dirulaguntza zertarako eman den, xede horretarakoxe erabiltzea.

c) Administrazioarekin kontratatzen eta hitzartzen edo harengandik laguntzak jasotzen dituzten entitateei Emakumeen eta gizonen berdintasunerako eta emakumeen aurkako indarkeria matxistarik gabe bizitzeko Legearen testu bategina onartzen duen martxoaren 16ko 1/2023 Legegintzako Dekretuak ezarritako betebeharrak onartzea. Horien artean daude tratu- eta aukera-berdintasuna, elkarteko kideen dibertsitatea eta ezberdintasuna errespetatzea, sexuaren arabera bereizitako datuak izatea, hizkera ez-sexista erabiltzea, beren zuzendaritza-organoetan emakumeen eta gizonen presentzia orekatua sustatzea eta aipaturiko 1/2023 Legegintzako Dekretuan emakumeen eta gizonen arteko berdintasunari dagokionez ezarritako gainerako printzipio orokorrak errespetatzea.

d) Jendaurrean hedatzeko egiten dituzten agiri, kartel, propaganda eta argitalpenetan, Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantza Sailaren logotipoa ageri beharko da, Eusko Jaurlaritzaren Erakunde Nortasunaren Eskuliburuan xedatutakoaren arabera:

https://www.euskadi.eus/contenidos/informacion/identidad_corporativa/eu_5611/adjuntos/MANUAL_ID_4PUBLICIDAD.PDF

Gainera, Emakume Nekazarien Estatutuaren logotipoa jaso beharko dute (laguntzen web-orrian egongo da eskuragarri).

Entitate onuradunek bi hizkuntza ofizialak erabili beharko dituzte diruz lagundutako jarduerak argitaratzean, iragartzean eta horiei buruzko publizitatea egitean.

e) Behin betiko fakturak artxibatu eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren esku jartzea, gutxienez bost urtez.

f) Laguntzen erabilera fiskalizatzeko eginkizuna betetzen duten aldetik, eskatutako informazioa eman behar zaie Kontrol Ekonomikoko Bulegoari eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiari.

g) Eskatzen zaien informazio osagarri guztia ematea Nekazaritza eta Abeltzaintza Zuzendaritzari, hark egoki irizten dizkien egiaztapen guztiak egin ditzan diruz lagundutako jarduketen garapenaren eta gauzatzearen inguruan.

h) Dirulaguntza emateko kontuan hartzen den egoera subjektibo edo objektiboren bat aldatzen bada, aldaketaren berri ematea Nekazaritza eta Abeltzaintza Zuzendaritzari, idatziz. Egoera horren berri izan bezain laster jakinarazi behar zaio, jasotako funtsei emandako erabilera justifikatu baino lehen betiere.

i) Administrazio baten edo entitate publiko zein pribatu baten beste laguntza edo dirulaguntzaren bat lortuz gero helburu bera betetzeko, horren berri eman behar diote idatziz Nekazaritza eta Abeltzaintza Zuzendaritzari. Egoera horren berri izan bezain laster jakinarazi behar zaio, jasotako funtsei emandako erabilera justifikatu baino lehen betiere.

j) Zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean izatea. Laguntza honen organo kudeatzaileak automatikoki egiaztatuko du betebehar hori betetzen dela, onuradunen berariazko baimenik behar izan gabe; berariaz uko egiten zaionean salbu, kasu horretan egiaztatu egin beharko baitu betekizun hori.

k) Enpresa-deslokalizaziorik ez egiteko konpromisoa hartzea, Dirulaguntzen Araudia Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 49. artikuluan ezartzen den moduan.

14. oinarria.– Laguntzaren zenbatekoa.

1.– Dirulaguntzaren zenbatekoa ez da izango proiektuaren gastu onetsien % 80tik gorakoa, ez eta 12.000 euro baino handiagoa ere.

2.– Aurrekontua agortu aurretik adjudikatutako azken laguntzari dagokionez, laguntza-proposamenak erabili daitekeen zenbatekoa gainditzen badu, eskatzaileari galdetuko zaio, eta, hala badagokio, aurrekontua agortu arte geratzen den laguntza adjudikatuko zaio, edo ez zaio laguntzarik adjudikatuko.

15. oinarria.– Justifikazioa eta ordainketa.

1.– Laguntzak zuzenean ordainduko zaizkie entitate onuradunei, eta bi zatitan banatu ahal izango dira, honela:

a) Lehen ordainketa bat, dirulaguntzaren guztizko zenbatekoaren % 50 gehienez, diruz lagun daitezkeen gastu onetsiei buruzko fakturak eta frogagiriak aurkeztu ondoren.

b) Zenbatekoaren gainerakoaren ordainketa edo, hala badagokio, dirulaguntza osoa, laguntza behar den bezala erabili dela justifikatu ondoren. Honako agiri hauek aurkeztuko dituzte horretarako:

1) Proiektuaren eta haren jarduketen ondorioz azkenean lortutako emaitzen berri jasotzen duen memoria. Jarduketen izaeraren arabera, emaitza horietan jaso beharko dituzte zer partaidetza izan den, bertan ezarritako lan-lerroak, etorkizuneko konpromisoak, nekazaritza-sektoreko emakumeen eta gizonen berdintasunean zer eragin duen eta ondorioak.

2) Fakturak edo froga-balio bereko agiriak eta ordainketa-ziurtagiriak, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 32. artikuluan ezarritakoaren arabera. Horrekin batera, erantzukizunpeko adierazpen bat aurkeztuko da, non zehaztuko baita fakturak eta frogagiriak ez direla aurkeztu diruz laguntzeko moduko beste programa batzuk justifikatzeko. Aitzitik, agiri horiek aurkeztu baldin badira beste laguntza-programa batzuk justifikatzeko, zehaztu beharko da zein diren programak eta, faktura edo justifikazio-dokumentu bakoitzari dagokionez, zein den jasotako dirulaguntzaren ehunekoa.

3) Nekazaritza eta Abeltzaintzako zuzendariak dokumentu gehigarriak eskatu ahal izango ditu, beharrezkoa dela uste badu eta, betiere, horretarako arrazoiak emanda.

2.– Justifikazio-dokumentazioa aurkezteko epea 2027ko urtarrilaren 11n amaituko da.

3.– Dirulaguntzak ordaindu ahal izateko, onuradunak Eusko Jaurlaritzaren dagokion datu-basean jasota egon beharko du. Hirugarren interesdun gisa alta emateko edo datuak aldatzeko, Eusko Jaurlaritzak emandako hirugarrenen erregistro telematikora jo behar da, honako helbide honetan:

https://www.euskadi.eus/eusko-jaurlaritza/-/hirugarrenaren-datuen-aldaketa/

4.– Halaber, onuradunari ez zaio inolako ordainketarik egingo, baldin eta egunean ez baditu zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak edo itzulketa-ebazpen batek adierazita zordun bada. Debeku horrek bere horretan iraungo du aipatutako zirkunstantziak gertatzen diren bitartean, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 33. artikulua aplikatuz.

16. oinarria.– Bateragarritasunak.

1.– Laguntza horiek bateragarriak izango dira beste administrazio publiko edo entitate pribatu batzuek helburu berarekin ematen dituztenekin, guztien artean diruz lagundutako jardueraren gainfinantzaketa gertatzen ez bada. Hala izanez gero, agindu hau betez eman beharreko zenbatekoak gutxitu egingo dira, laguntzaren xede den jardueraren kostu errealeraino.

2.– Laguntzaren zenbatekoak –nazioko edo nazioarteko beste administrazio batzuen edo beste erakunde pribatu edo publiko batzuen laguntzekin edo dirulaguntzekin batera– ezin izango du inola ere gainditu onuradunak egin beharreko jardueraren kostua.

17. oinarria.– Dirulaguntzaren baldintzak aldatzea.

1.– Dirulaguntza emateko kontuan hartutako baldintzetako bat aldatuz gero edo beste entitate publiko nahiz pribatu batek beste laguntza edo dirulaguntzaren bat emanez gero, Nekazaritza eta Abeltzaintza Zuzendaritzari jakinarazi beharko zaio idatziz, eta gerta daiteke horren ondorioz dirulaguntza emateko ebazpena aldatzea, Nolanahi ere, nahitaezkoa izango da Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 25. artikuluan ezarritako betekizunak betetzea. Ondorio horietarako, Elikadurako eta Landa Garapeneko sailburuordeak behar den aldaketa-ebazpena emango du, eta, bertan, dirulaguntzaren zenbatekoak oinarri berriaren arabera doituko dira; horretarako, abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan xedatutako prozedurari jarraituko zaio.

2.– Diruz lagundutako proiektuaren behin betiko kostu erreala onartutako aurrekontua baino txikiagoa bada (laguntza zehazteko baliatu zen aurrekontu hori), emandako dirulaguntzaren zenbatekoa txikitu egingo da, dagokion proportzioan, Nekazaritza eta Abeltzaintzako zuzendariaren likidazio-ebazpen baten bidez, eta, ondoren, dirulaguntzaren ehunekoa oinarri berriari aplikatuko zaio.

18. oinarria.– Atzera egitea eta uko egitea.

1.– Laguntza eskatzen duen entitateak atzera egin ahal izango du bere eskaeran. Eskatutako laguntzak emateko prozeduraren ebazpena jakinarazi baino lehen egin beharko du atzera. Atzera egiteko, halaxe egin dela egiaztatzea ahalbidetzen duen edozein modu erabiliko da, eta Nekazaritza eta Abeltzaintzako zuzendaria izango da, ebazpen bidez, atzera egite hori erabat onartu eta prozedura bukatutzat joko duena entitate horri dagokionez.

2.– Emandako laguntzari uko egin ahal izango dio entitate onuradunak. Emandako laguntza onartu ondoren eta gastua egiten bukatu aurretik egin ahal izango dio uko laguntzari, baldin eta Administrazioak ez badu inolako ordainketarik egin. Uko egiteko, hala egin dela jasota uzten duen edozein bitarteko erabil daiteke. Elikadurako eta Landa Garapeneko sailburuordeak, ebazpen baten bidez, berariaz onartuko du uko-egite hori, eta prozedura bukatutzat joko du entitate horri dagokionez.

19. oinarria.– Ez-betetzeak.

1.– Onuradunak ez badu betetzen agindu honetako betebeharren bat edo dirulaguntzak emateko ebazpenak ezartzen duen baldintzaren bat, modu horretan emandako laguntzaren xedea osorik hutsalduta, edo dirulaguntza edo laguntza publikoak itzultzera behartzen duen egoeraren batean badago, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 37. artikuluan edo Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 35. artikuluan xedatutakoaren arabera, laguntza emateko eskumena duen organoak, ez-betetze espedientea egin ondoren (bertan, entzunaldia emango zaio interesdunari), ebazpen bidez deklaratuko du onuradunak dirulaguntza jasotzeko eskubidea galdu duela, eta, hala badagokio, aginduko dio Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari itzultzeko hartu dituen laguntzak eta dirulaguntza-arloan aplikagarriak diren berandutze-interesak, bat etorriz 698/1991 Dekretuarekin (abenduaren 17koa, Euskal Autonomia Erkidegoaren aurrekontu orokorren kontura ematen diren dirulaguntzen bermeei eta itzulketei buruzkoa) eta Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 40. artikuluarekin, hargatik eragotzi gabe beste neurri batzuk hartzea. Aipatutako zenbateko horiek diru-sarrera publikotzat hartuko dira lege-ondorio guztietarako.

2.– Ezarritako baldintzak eta betebeharrak partez betetzeak, baldin eta, betiere, osorik betetzetik oso hurbil geratzen bada eta onuradunak argi eta garbi konpromisoak betetzeko jardun duela egiaztatzen bada, dirulaguntzaren zati bat ordaintzea ekarriko du, edo, hala badagokio, zati bat itzultzea, zeina zehaztuko baita egindako jarduera osoak guztizkoarekiko duen proportzioa kalkulatuta. Betiere, onuradunak kobratzeko eskubidea duen zenbateko-zatia benetan eta behar bezala justifikatuta eman den dirulaguntzaren zenbatekoa izango da, organo emaileak justifikazioa egiaztatu eta onartu ondoren.

3.– Nekazaritza eta Abeltzaintzako zuzendaria izango organo eskuduna itzulketa-espedientea abiarazi eta izapidetzeko, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 40.1 artikuluan adierazitako deskontzentrazioaren arabera.

4.– Itzultze-prozedura administrazioko arau-hauste baten ondorioa bada, eskumena duen organoari jakinaraziko zaio, dagokion zehapen-prozedura has dezan.

20. oinarria.– Emandako dirulaguntzak publiko egitea.

Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 26. artikuluaren 2. apartatuarekin bat etorriz, emandako dirulaguntzen zerrenda argitaratuko da, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan, honako hauek adierazita: zenbatekoa, finantzatutako jarduketa eta pertsona edo entitate onuraduna.

21. oinarria.– Datuen babesa.

Datu Pertsonalak Babesteko eta Eskubide Digitalak Bermatzeko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoan eta indarreko gainerako araudian xedatutakoarekin bat etorriz tratatuko dira datu pertsonalak.

Helbide honetan dago jasota datuak babesteari buruzko informazioa:

https://www.euskadi.eus/informazio-klausulak/web01-sedepd/eu/gardentasuna/113000-capa2-eu.shtml

I. ERANSKINA
DIRUZ LAGUNDU DAITEZKEEN JARDUKETAK

Diruz laguntzeko modukoak izango dira nekazaritza-sektoreko emakumeak eta haien lanaren garrantzia aitortzea bultzatzen duten jarduketak, bai eta, haien asoziazionismoa ez ezik, sektorean emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna sustatzen dutenak ere.

Hona hemen diruz lagundu daitezkeen zenbait jarduketa, orientazio eta adibide gisa:

1.– Emakume nekazarien parte-hartze soziala eta politikoa.

a) Emakume nekazariek eremu publikoan duten parte-hartzea hobetzeko jarduketak:

b) Sektoreko antolakundeen eremuan emakumeak ahalduntzeari buruzko jarduketak.

c) Antolakundeetako parte-hartzea hobetzeko tresnak, hala nola genero-ekitatea jasotzen duen antolakunde-aldaketa edo antolakunde mistoetako parte-hartzea.

d) Asoziazionismoa sustatzea.

2.– Emakume nekazariak eta haien lana aitortzea eta ikusaraztea:

a) Emakume nekazarien aitortza profesionala eta estimazio soziala sustatzen duten jarduketak:

b) Emakume nekazarien lana aitortzea, berrikuntza lehenetsita (ekofeminismoa, jasangarritasuna...).

c) Beste mundu batzuetako emakume nekazariekin eta emakumeen beste elkarte batzuekin koordinatzea.

d) Emakume nekazarien eskubide profesional, sozial eta fiskalak benetan gauzatzea.

3.– Emakume nekazariek nekazaritza-ustiategien titulartasuna eskuratzea: banakako titulartasuna eta baterako titulartasunak.

a) Emakume nekazariek nekazaritza-jardueran duten partaidetzaren aitortza juridiko eta ekonomikoa, ustiategien titulartasun-figuren bidez.

b) Baterako titulartasuneko aukerak, titulartasun partekatua bereziki aipatuta.

4.– Emakume nekazarien osasuna babestea lanean.

a) Emakume nekazarien eta gizon nekazarien arteko osasunaren gaineko faktore bereizgarriak.

b) Nekazaritza-lanean emakumeen osasuna bermatzeko neurri egokiak.

5.– Erantzukidetasuna nekazaritzaren arloan.

a) Emakumeen eta gizonen genero-aginduei buruzko jarduketak.

b) Nekazaritzaren arloan erantzukidetasuna bultzatzen duten baliabideen gaineko informazioa, sentsibilizazioa eta zabalkundea.

6.– Babesa ematea emakume nekazarien aurkako indarkeriaren eta jazarpen sexistaren aurrean.

a) Informazio- eta arreta-baliabideak.

b) Sektoreko indarkeria- eta jazarpen-egoera espezifikoak.

7) Emakume nekazarien prestakuntza eta gaikuntza:

a) Profesionalizazioari lotuak.

b) Teknologia berriak erabiltzeko eta prestakuntza jasotzeko aukera izatea informazioaren gizartean.

(Ikusi .PDF Fitxategia)

Azterketa dokumentala