Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

99. zk., 2026ko maiatzaren 28a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

GOBERNANTZA, ADMINISTRAZIO DIGITAL ETA AUTOGOBERNUAREN SAILA
2294

58/2026 EBAZPENA, maiatzaren 21ekoa, Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendariarena, zeinaren bidez argitara ematen baita unibertsitateaz kanpoko itunpeko ikastetxe pribatuei zuzeneko dirulaguntzak emateko Erabakia; dirulaguntza horien xedea da Lehen Hezkuntzako ikasleek irakurmena eta matematikarako konpetentzia lantzeko eskolaz kanpoko errefortzua izan dezaten.

Gobernu Kontseiluak, 2026ko maiatzaren 5ean egindako bilkuran, unibertsitateaz kanpoko itunpeko ikastetxe pribatuei zuzeneko dirulaguntzak emateko Erabakia onartu zuen; dirulaguntza horien xedea da lehen hezkuntzako ikasleek irakurmena eta matematikarako konpetentzia lantzeko eskolaz kanpoko errefortzua izan dezaten, eta, behar bezalako publikotasuna emateko, hau

EBAZTEN DUT:

Artikulu bakarra.– Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea unibertsitateaz kanpoko itunpeko ikastetxe pribatuei zuzeneko dirulaguntzak emateko Erabakiaren testua; dirulaguntza horien xedea da lehen hezkuntzako ikasleek irakurmena eta matematikarako konpetentzia lantzeko eskolaz kanpoko errefortzua izan dezaten. Erabakia ebazpen honen eranskin gisa agertzen da.

Vitoria-Gasteiz, 2026ko maiatzaren 21a.

Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendaria,

JON IÑAKI URBINA GARCÍA DE VICUÑA.

ERANSKINA, JAURLARITZAREN IDAZKARITZAKO ETA LEGEBILTZARRAREKIKO HARREMANETARAKO ZUZENDARIAREN MAIATZAREN 21EKO 58/2026 EBAZPENARENA
ERABAKIA, ZEINAREN BIDEZ ZUZENEKO DIRULAGUNTZAK EMATEN BAITZAIZKIE UNIBERTSITATEAZ KANPOKO ITUNPEKO IKASTETXE PRIBATUEI, LEHEN HEZKUNTZAKO IKASLEEK IRAKURMENA ETA MATEMATIKARAKO KONPETENTZIA LANTZEKO ESKOLAZ KANPOKO ERREFORTZUA IZAN DEZATEN

Euskal hezkuntza-sistemaren helburua da kalitatezko irakaskuntza bermatzea, eta ikasleei XXI. mendeko erronkei aurre egiteko beharrezko tresnak ematea. Esparru horretan, irakurmena eta matematikarako konpetentzia funtsezkoak dira garapen akademiko eta pertsonalerako, eta ikaskuntzaren zutabe dira. Lehen Hezkuntzan, funtsezkoa da konpetentzia horiek indartzea egon daitezkeen hezkuntza-desberdintasunak prebenitzeko eta eskola-arrakasta bermatzeko.

Europar Batasuneko Kontseiluaren 2021/C/66/01 Ebazpenak hezkuntzaren eta prestakuntzaren arloko lankidetzarako esparru estrategiko bat ezartzen du, 2030erako Europako Hezkuntza Esparrua sortzeko. Lehentasun estrategikoetako bat kalitatea, ekitatea, inklusioa eta arrakasta hobetzea da ikasle guztientzat. EBk azpimarratzen du hezkuntzaren kalitatearen oinarria funtsezko konpetentziak menderatzea dela, oinarrizko trebetasunak barne, irakasle kualifikatu eta motibatuen laguntza izanda. Europar Batasunak proposatzen duen adierazleetako bat da 2030erako % 15era jaistea irakurmenean, matematikan eta zientzietan errendimendu baxua duten 15 urteko ikasleen ehunekoa.

Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoak 20.2 artikuluan ezartzen du hezkuntza-administrazioek orientabideak emango dituztela ikastetxeek curriculuma indartzeko edo aberasteko planak egin ditzaten, behar hori duten ikasleen konpetentzia-maila hobetzeko.

Bestalde, Euskal Autonomia Erkidegoko Hezkuntzaren abenduaren 21eko 17/2023 Legeak 10. artikuluan ezartzen duenez, Euskal Hezkuntza Sistemaren helburua da ikasleen konpetentziak garatzea, batez ere curriculum-arlo bakoitzeko ikaskuntza errazten dutenak. Euskadiko curriculum-garapenak konpetentzien ikaskuntzan oinarritzen dira, eta funtsezko konpetentziak eta konpetentzia espezifikoak bereizten dira. Funtsezko konpetentziek osatzen dute Lehen Hezkuntza, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza eta Batxilergoaren amaierako ikasleen irteera-profila. Hori dela eta, Indartuz izeneko neurri honetako ulermen-eremuetan eragitea funtsezkoa da lehen aipatutako helburuak lortzeko. Beraz, emaitza objektiboak hobetzen saiatu behar da, behar hori duten ikasleen ikastetxeetan espezifikoki eta zuzenean, hau da, ohiz kanpo, eraginez.

Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituen eta sail bakoitzaren egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituen lehendakariaren ekainaren 23ko 18/2024 Dekretuaren 12.1 artikuluaren arabera, Hezkuntza Sailari dagozkio, besteak beste, Autonomia Estatututik eratorritako araubide orokorreko nahiz bereziko irakaskuntzei dagozkien ahalmenak, etapa eta maila guztiak barne, eta Hezkuntza Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen azaroaren 19ko 381/2024 Dekretuaren arabera, unibertsitateaz kanpoko ikastetxe pribatuen itunei eta finantzaketa-erabakiei dagozkien era guztietako espedienteak aztertu, proposatu eta kudeatzea, hargatik eragotzi gabe sistemaren plangintzara egokitzea.

Neurriaren helburua da funtsezko konpetentziak garatzeko zailtasun nabarmenak dituzten Lehen Hezkuntzako 3. eta 4. mailetako ikasleei eskolaz kanpoko errefortzu egituratu eta pertsonalizatua eskaintzea. Laguntza horren bidez, Lehen Hezkuntzako 3. mailako ikasleen irakurmena eta Lehen Hezkuntzako 4. mailako ikasleen matematikarako konpetentzia indartu nahi dira, ikasle horiei akademikoki aurrera egin dezaten ahalbidetzeko eta funtsezko arlo horietan etorkizunean izan daitezkeen atzerapenak prebenitzeko.

Irakurketan oinarri sendoa garatu nahi da, deskodetzea (zehaztasuna, intonazioa, etenak eta irakurtzeko abiadura) zein ulermena (espezifikoa, globala eta inferentziala) landuz. Ikuspegi horrekin, trebetasun mekanikoak eta testuen ulermen sakona hobetuko dira, eta irakurketarekiko interesa eta konfiantza sustatuko.

Matematikarako konpetentziari dagokionez, oinarrizko jakintzak finkatzea eta arrazoiketa logiko-matematikoa indartzea da helburu nagusia, funtsezko kontzeptuen ulermena eta aplikazio praktikoa errazagoa izan dadin. Errefortzu-neurri horrek, ikasleen berehalako premiei erantzuteaz gain, etorkizuneko hezkuntza-etapetan arrakasta akademikoa eta pertsonala izateko oinarriak ezartzen laguntzen du.

Ikuspegi horri esker, estrategiak, metodologiak eta baliabideak testuinguru errealetan egokitu eta baliozkotu daitezke, eta etorkizunean programa zabaltzeko aukera emango duten ikaskuntzak sortu. Hautatutako ikastetxeek borondatez parte hartuta, ziurtatzen da programa modu eraginkor eta esanguratsuan aplikatzeko baldintza onenetan hasiko direla lanean.

Zeharka, neurriak hauek ere bilatzen ditu:

– Ikasleen testuinguru sozioekonomikoarekin lotutako hezkuntza-desberdintasunak murriztea.

– Ikasleen motibazioa eta autoestimua areagotzea indartutako konpetentzietan.

– Zeharkako trebetasunak sustatzea, hala nola pentsamendu kritikoa, arazoak konpontzea eta ikaskuntzarako autonomia.

Aukerako neurria bada ere, irakurketan eta matematikan eskolaz kanpoko errefortzurako Indartuz neurrian parte hartuko duten itunpeko ikastetxe pribatuen hautaketa irizpide objektiboen arabera egingo da, hezkuntza-premia handienak dituztenei lehentasuna ematea ahalbidetzen baitu horrek. Balorazioa egiteko, 2025eko etaparen erdiko ebaluazio diagnostikoaren emaitzak hartu dira kontuan, eta, hala, ikastetxeak aukeratzeko orduan, irakurmenean edo matematikan errendimendu txikia duten ikasleak lehenetsi dira. Hori oinarri hartuta, esku-hartzea beharrezkoena eta eraginkorrena den zentroak identifikatu dira, eta errefortzuko profil espezifikoak ezarri dira, detektatutako lehentasunezko konpetentzien arabera.

Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 29. artikuluan ezarritakoaren arabera, laguntzak edo dirulaguntzak zuzenean ematea Jaurlaritzaren eskumena izango da, sail interesduneko sailburuak proposatuta.

Alde horretatik, zuzeneko dirulaguntza, zeina Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 22.2 artikuluan eta Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 29.2 artikuluan arautzen baita, salbuespenezkoa bada ere, berriz esan behar da justifikatuta dagoela figura hori onartzea aztergai dugun kasuan, ikastetxeek ez baitute beren ekimenez parte hartuko, Hezkuntza Sailak aurretik hautatutako ikastetxeetan datu objektiboak hobetzeko beharra dagoelako baizik. Beraz, edozein administrazio-logikaren kontrakoa izango litzateke lehia irekiko prozedura bat ezartzea; izan ere, hura ebazteko beharrezkoak diren irizpideek emaitza bera emango lukete hautazko zentro berei dagokienez.

Adierazi behar da interes publiko argia dagoela, gauden hezkuntza-eremu honetan, gure erkidegoko ikasleen oinarrizko konpetentzien garapena hobetzeko, hezkuntza-ekitatea eta inklusioa sustatuz. Neurri hori, gainera, espezifikoa da ikasle jakin batek, proba espezifikoen bidez indibidualizatuak, hezkuntza-hobekuntza argia lor dezan, eta horrek ez du aukerarik ematen ekimen ireki edo lehiakor hori orokortzeko edo hartan lehiatzeko; izan ere, emaitza jakin batzuk lortu nahi dira, bai eta ekimen horrek zuzenean eragitea ere.

Proportzionaltasun-printzipioari dagokionez, argi eta garbi ondorioztatzen da EAEko itunpeko ikastetxe pribatu guztiek izan dezaketela dirulaguntza hau jasotzeko aukera, betiere premia espezifiko batzuk detektatzen badira ebaluazio diagnostiko baten eta ikasleen lehentasunezko konpetentzien profilaren bidez.

Neurria eraginkorra izango dela bermatzeko, ikastetxe bakoitzari ordu-kreditu bat esleitu zaio, ikastetxearen tamainaren eta ebaluazio diagnostikoaren bidez hautemandako premien eta ikasleen lehentasunezko konpetentzien profilaren arabera. Hala, dirulaguntzaren banaketari esker, ikastetxe bakoitzak lehentasunezko konpetentzietan hautemandako beharrizanen eta laguntza behar duten ikasleen kopuruaren araberako kopurua jasoko du. Ikastetxe bakoitzari esleitutako ordu-kreditua dirulaguntza bihurtuko da, eta errefortzurako beharrezkoak diren irakasleen kostua soilik estaliko du.

Azaldutakoagatik, Gobernu Kontseiluak erabaki hau hartzen du:

ERABAKIA

Lehenengoa.– Xedea eta helburua.

1.– Erabaki honen xedea da 2025-2026 ikasturtean eranskinean zerrendatutako unibertsitateaz kanpoko itunpeko ikastetxe pribatuak diruz laguntzea, salbuespen gisa eta erabaki honetan ezarritako estipulazioekin bat etorriz, Lehen Hezkuntzako bigarren zikloko ikasleek eskolaz kanpoko errefortzu-programan parte har dezaten, irakurmena eta matematikarako konpetentzia lantzeko.

2.– Dirulaguntzaren xedea da eskolaz kanpoko errefortzu egituratu eta pertsonalizatua ematea oinarrizko konpetentzietan zailtasun nabarmenak dituzten Lehen Hezkuntzako bigarren zikloko ikasleei; hain zuzen ere, Lehen Hezkuntzako 3. mailako ikasleek irakurmena eta Lehen Hezkuntzako 4. mailako ikasleek matematikarako konpetentzia indartu ditzaten.

Bigarrena.– Erakunde onuradunak.

Erabaki honen onuradun izango dira eranskinean zerrendatutako Euskal Autonomia Erkidegoko unibertsitateaz kanpoko irakaskuntzako itunpeko ikastetxe pribatuak.

Hirugarrena.– Diruz lagunduko den gastua.

1.– Irakasleen kontratazioari dagokion gastua soilik lagunduko da diruz, ikusitako ezaugarri eta premien arabera. Irakasle bakoitza lanaldiaren herenean kontratatuko da, eta aldi jakin baterako, 2025eko azaroaren 3tik 2026ko ekainaren 5era bitartean (215 egun). Eranskinean ikastetxe bakoitzari dirulaguntza honen esparruan esleitutako jardunaldien kopurua (herenetan) eta zenbatekoa jasotzen dira.

2.– Nolanahi ere, diruz lagundutako jarduerak eta gastuek bat etorri behar dute Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 30., 31. eta 32. artikuluetan ezarritakoarekin.

Laugarrena.– Kreditu erabilgarria eta dirulaguntzaren zenbatekoa.

Hezkuntza Sailak kreditua du, eta, beraz, zuzeneko dirulaguntza aurrekontu-aplikazio honi egotziko zaio: 1000821009 1.42253.45301 2026/000150.

Erakunde onuradun bakoitzak zenbateko dirulaguntza jasoko duen eranskinean finkatu da. Guztira, 906.327,73 euroko dirulaguntza emango da. Kopuruak kalkulatzeko, lehen hezkuntzako irakasle gehigarri baten moduluaren kostua hartu da erreferentziako baliotzat: gaur egun, 59.947,39 euro ikasturte osorako. Lanaldiaren herenari dagokion proportzioa hartu da, eta hirugarren puntuan adierazitako aldian aplikatuko da.

Bosgarrena.– Diruz lagundu daitekeen gastua.

1.– Erabaki honetan aurreikusitako ondorioetarako, emandako dirulaguntzaren xede den gastua irakasleak kontratatzeak sortzen du, eta dirulaguntzaren xede zehatzerako erabiliko da.

2.– Kontratazio horrek bermatu beharko du kontratatutako langileak ez direla epai irmo bidez kondenatuak izan sexu-askatasun eta sexu-ukigabetasunaren aurkako delitu batengatik. Ondorio horietarako, ikastetxeak bermatu beharko du Adingabearen Babes Juridikoari buruzko urtarrilaren 15eko 1/1996 Lege Organikoaren 13. artikuluko 5. zenbakian ezarritakoa betetzen dela.

Gainera, kontratatutako irakasleek hauek badituztela bermatu beharko da:

a) Kontratatutako irakaskuntzak emateko behar den titulazioa.

b) Kontratatutako irakaskuntzen hizkuntza-ereduarekin edo -ereduekin bat datorren hizkuntza-eskakizuna.

3.– Diruz lagundutako gastuak akordio honen hirugarren puntuan ezarritako epean egin beharko dira. Alde horretatik, diruz lagundutako gastutzat hartuko da benetan ordaindu dena, gastu mota bakoitzerako emandako zenbatekoaren mugarekin.

Ezarritako epetik kanpo egindako gastuak ez dira diruz laguntzeko gastutzat hartuko.

4.– Ezin da diruz lagundutako jarduera azpikontratatu, irakaskuntza emateari dagokionez.

Seigarrena.– Izapidetze elektronikoa.

1.– Emandako dirulaguntzen erakunde onuradunek dirulaguntza hau kudeatzeko eta justifikatzeko izapide guztiak Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoko baliabide elektronikoak erabiliz egingo dituzte, eta, zehazki, helbide honetako Nire karpeta atalaren bidez: https://www.euskadi.eus/nire-karpeta/web01-sede/eu

2.– Izapidetze elektronikoa ekainaren 20ko 91/2023 Dekretuan dago araututa (Euskal Autonomia Erkidegoan herritarrei arreta integral eta multikanala ematea eta zerbitzu publikoak bitarteko elektronikoz irispidean izatea arautzen du dekretu horrek).

3.– Erantsi behar diren dokumentazio-ereduak eta horiekin lotutako gainerako izapideak bide elektronikoz izapidetzeko xehetasunak helbide elektroniko honetan daude eskuragarri: https://www.euskadi.eus/diru_laguntza/2025/indartuz-2025-2026/web01-tramite/eu/

Zazpigarrena.– Emateko prozedura eta organo eskudunak.

1.– Erabaki honen bidez, zuzenean emango zaizkie dirulaguntza hauek eranskinean zerrendatutako erakunde guztiei.

2.– Ikaskuntza eta Berrikuntza Zuzendaritza izango da dirulaguntzak kudeatzeko organo eskuduna.

Zortzigarrena.– Bateragarritasun-araubidea.

1.– Emandako dirulaguntzak bateragarriak dira beste edozein erakunde publiko edo pribatuk helburu bererako eman ditzakeenekin, betiere finantzaketa bikoitzik ez badago. Kasu horretan, beste dirulaguntza edo laguntza batzuk lortu direla jakinarazi beharko da.

2.– Diruz lagundutako gastua aldi berean finantzatzen bada, diruz lagundutako jardueraren kostutik gehiegi jaso dena itzuli egin beharko da, bai eta dagokion berandutze-interesak ere (Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko 20/2023 Legearen 16. artikulua).

Bederatzigarrena.– Ordainketa.

Dirulaguntza bi zatitan ordainduko da, honako aurreikuspen hauen arabera:

a) Lehenengoa, emandako zenbateko osoaren % 60, Gobernu Kontseiluak dirulaguntza emateko erabakia onartu ondoren ordainduko da. Laguntzaren xedeagatik justifikatzen da lehen ordainketa aurreratzea; hau da, irakasleak kontratatzeagatik; izan ere, langile horiei programaren hasieratik emandako zerbitzuengatik ordaindu behar zaie soldata.

b) Bigarrena, gainerako % 40a, Indartuz neurria amaitzean, gastua justifikatu dela egiaztatu ondoren. Justifikazioa 2026ko uztailaren 10a baino lehen egin beharko da.

Hamargarrena.– Justifikazioa.

1.– Justifikazio-agiriak Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikora bidali behar dira, formatu elektronikoan edo kopia digitalizatuetan, Nire Karpetaren helbidearen bidez (https://www.euskadi.eus/nire-karpeta/web01-sede/eu/), eta plataforman bertan horretarako emandako ereduak erabiliz. Dokumentazio hori honela aurkeztuko da:

I.– Hasierako dokumentazioa errefortzu-ematea hasi aurretik aurkeztuko da:

a) Neurrian parte hartu nahi dela onartzea, berrespen telematiko baten bidez, horretarako gaitutako aplikazioaren bidez.

b) Neurria koordinatzeko arduraduna izendatzea, aurreko puntuan bezala, horretarako gaitutako aplikazio berean.

c) Hezkuntza Sailarekin egindako lankidetza-kontratua, ikastetxearen ordezkariak beteta eta sinatuta.

d) Ikastetxeko eskola-kontseiluaren akta, neurria berretsi edo onartu dela berariaz jasotzen duena.

e) Errefortzuaren hasierako kudeaketari buruzko txostena, horretarako prestatutako dokumentuaren eta Excel aplikazioaren bidez. Hauek jasoko dira:

– eskola-errefortzua emateko zer ordutegi aukeratu den;

– irakasle kontratatua eta kontratazio-modalitatea;

– errefortzua jasoko duten ikasle-taldeak zein diren.

II.– Bitarteko dokumentazioa 2026ko martxoaren 31 baino lehen aurkeztu beharko da, eta honako hauek jaso beharko ditu:

a) Ikasleen aurrerapenari eta jardueren eraginkortasunari buruzko tarteko txostena, horretaz arduratzen den irakasleak egina, emandako eredua edo aplikazioa erabilita.

b) Aurreko e) puntuan adierazitako dokumentuan aldaketaren bat gertatu bada, eguneratu egingo da.

III.– Azken dokumentazioa 2026ko uztailaren 10a baino lehen aurkeztuko da, eta hauek jasoko ditu:

a) Eskolaz kanpoko errefortzuak parte hartu duten ikasleen taldean izan duen eraginari buruzko azken txostena, horretarako prestatutako dokumentuaren edo aplikazioaren bidez.

b) Eskolaz kanpoko errefortzua emateko kontratatutako irakasleen lan-kontratua.

c) Eskolaz kanpoko errefortzua emateko kontratatutako irakasleen nominak pdf formatuko dokumentu bakar batean.

d) Gizarte Segurantzako kotizazioak ordaindu izanaren erantzukizunpeko adierazpena. Berrespen telematiko baten bidez egingo da, horretarako prestatutako aplikazioaren bidez.

e) Irakasleei eskolaz kanpoko errefortzua emateko aldian ordaindutako ordainsariei buruzko gastuen txostena, horren ondoriozko guztizko gastu sozialak barne. Horretarako, erakunde eskatzaileak Excel formatuan bete beharreko eredu bat emango da.

f) 10. puntu honen 1.I.e) apartatuan adierazitako dokumentuan aldaketaren bat gertatu bada, bai irakasleari bai ikasleei dagokienez, eguneratu egin beharko da dokumentazioa eta bidali.

2.– Ikaskuntza eta Berrikuntza Zuzendaritzak diruz lagundutako jarduera bete den jakiteko dokumentazio guztia egiaztatuko du, dirulaguntza behar bezala aplikatu dela egiazta dadin. Horretarako, hasieran eskatu ez diren edo osagarriak diren egiaztagiriak aurkezteko eska diezaioke ikastetxe onuradunari, zeinak zaintzapean eta eskura eduki beharko baititu agiri guztiak.

3.– Justifikatzeko unean ikusten bada diruz lagundu daitekeen gastua emandako zenbatekoa baino txikiagoa dela, baina erabaki honetan ezarritako baldintzetan egikarituta dagoela, emandako zenbatekoa aldatzeko ebazpena emango da, eta benetan gastatutakora egokituko da zenbateko hori.

Hamaikagarrena.– Erakunde onuradunen betebeharrak.

1.– Erakunde onuradunek berehala jakinarazi beharko diote Ikaskuntza eta Berrikuntza Zuzendaritzari dirulaguntza emateko baldintzetan izandako edozein aldaketa. Aldaketa horiek ez jakinaraztea nahikoa arrazoi izan daiteke laguntza ezeztatzeko.

2.– Dirulaguntza zertarako eman den, horretarako erabiltzea.

3.– Era berean, dirulaguntzaren entitate onuraduna behartuta dago dirulaguntza ematen duen administrazioak, Herri Kontuen Euskal Epaitegiak eta Administrazioaren Kontrol Ekonomikoko Bulegoak egiten dituzten egiaztapen-jarduketak egitera, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko 20/2023 Legearen 9.4.n) artikuluan zehazten den bezala.

Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak, sail eskudunaren bitartez, auditoriak egin ditzake ikastetxeetan, emandako datuak egiazkoak direla egiaztatzeko.

Hamabigarrena.– Emakida aldatzea.

Dirulaguntza emateko kontuan hartutako baldintzak aldatzen badira, eta, nolanahi ere, aldi berean beste ekarpen batzuk lortzen badira arau erregulatzaileetan baimendutako kasuetatik kanpo, dirulaguntza emateko erabakia aldatu daiteke, dirulaguntzei buruzko legerian ezarritakoaren arabera.

Hamahirugarrena.– Laguntza itzultzea eta balizko ez-betetzeak mailakatzeko irizpideak.

1.– Erabaki honen bidez egindako emakidarako ezarritako baldintzaren bat eta ezarritako betebeharrak betetzen ez badira, edo abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 14. artikuluan ezarritako kasuren bat gertatzen bada aldi berean –besteak beste, laguntza diruz lagun daitezkeen gastuetarako ez aplikatzea–, nahikoa arrazoi izango da dirua kobratzeko eskubidea galdu dela edo laguntza itzuli behar dela zehazteko, lege horretan ezarritako prozeduraren arabera.

2.– Dirua itzultzeko, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko 20/2023 Legearen 40. artikulutik 42. artikulura ezarritako prozedurari jarraituko zaio, dagozkion gainerako ekintzak gorabehera.

Hamalaugarrena.– Datuen babesa, oinarrizko informazioa.

Datu pertsonalak «Indartuz neurria, lehen hezkuntzan eskolaz kanpoko errefortzua emateko» izeneko tratamendu-jardueran tratatu eta sartuko dira.

Arduraduna: Ikaskuntza eta Berrikuntza Zuzendaritza, Hezkuntza Saila.

Helburua: hezkuntza-errefortzurako eskaerak kudeatzea eta jarraipena egitea, funts publikoekin finantzatutako ikastetxeetako lehen hezkuntzako ikasleen irakurmena eta matematikarako konpetentzia hobetzeko. Horretarako, ikasleen ebaluazioak egingo dira, neurri egokituak diseinatzeko eta errefortzu-eskaintza planifikatzeko.

Legitimazioa: tratamendua beharrezkoa da interes publikoaren izenean edo tratamenduaren arduradunari esleitutako botere publikoen izenean burututako eginkizun bat betetzeko.

Hartzaileak: ez da aurreikusten daturik komunikatzea.

Eskubideak: datuak irispidean izateko, zuzentzeko eta ezerezteko eskubidea, bai eta informazio gehigarrian jasotzen diren beste eskubide batzuk ere: https://www.euskadi.eus/web01-a2datuba/es/contenidos/arbitraje_denuncia_reclamacion/recl_10842/es_def/index.shtml.

Informazio gehigarria: web-orri honetan kontsulta daiteke datuen babesari buruzko informazio gehigarri eta zehatz guztia: https://www.euskadi.eus/web01-aprat/es/ac34aRatWebWar/control/fichaRat/1724? locale = es.

Araudia:

Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorra (eur-lex.europa.eu/legal-content/ES/TXT/HTML /?uri=CELEX:32016R0679&from=ES).

3/2018 Lege Organikoa, abenduaren 5ekoa, Datu Pertsonalak Babestekoa eta Eskubide Digitalak Bermatzekoa (www.boe.es/buscar/doc.php?id=BOE-A-2018-16673).

17/2023 Legea, abenduaren 21ekoa, Euskal Autonomia Erkidegoko Hezkuntzarena (https://www.euskadi.eus/web01-bopv/eu/bopv2/datos/2024/01/2400037e.pdf).

77/2023 Dekretua, maiatzaren 30ekoa, Oinarrizko Hezkuntzaren curriculuma zehaztu eta Euskal Autonomia Erkidegoan ezartzekoa (https://www.euskadi.eus/bopv2/datos/2023/06/2302729e.pdf).

Azken xedapenetako lehenengoa:

Erabaki honetan emandako dirulaguntzak honako hauetan xedatutakoaren mende egongo dira: Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legea; Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legea; Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legea, eta Dirulaguntzei buruzko 38/2003 Lege Orokorrean eta azken horren erregelamendua onartzen duen 887/2006 Errege Dekretuan jasotako oinarrizko araudia.

Azken xedapenetako bigarrena:

Erabaki honek onartzen den egunetik aurrera izango ditu ondorioak, eta emandako dirulaguntzak Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko dira, zenbatekoa, xedea eta ikastetxeak adierazita.

Azken xedapenetako hirugarrena:

Erabaki honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beronen aurka, aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkez dakioke erabakia hartu duen organoari, hilabeteko epean, edo, bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean, erabakia Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

(Ikusi .PDF Fitxategia)

Azterketa dokumentala