
96. zk., 2026ko maiatzaren 25a, astelehena
- Bestelako formatuak:
- PDF (98 KB - 1 orri.)
- EPUB (102 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
ELIKADURA, LANDA GARAPEN, NEKAZARITZA ETA ARRANTZA SAILA
2213
EBAZPENA, 2026ko maiatzaren 12koa, Arrantza eta Akuikulturako zuzendariarena, erabakia hartzen duena jendaurrean jartzeko Getaria eta Zarautz arteko itsaso eta lehorraren arteko jabari publikoko akuikultura-poligonoaren proiektuari lotutako akuikultura-jarduera baimentzeko eskaera.
Eusko Jaurlaritzako Arrantza eta Akuikultura Zuzendaritza akuikultura-jarduera bat ezartzeko eta ustiatzeko baimen-eskaerari buruzko espedientea izapidetzen ari da. Jarduera hori Getaria eta Zarautz artean itsaso eta lehorraren arteko jabari publikoko itsasertzeko tartean akuikultura-poligono bat sortzeko proiektuari lotuta dago, eta espedientean dagoen dokumentazio teknikoan deskribatzen dira proiektuaren eremua, ezaugarriak eta baldintzak.
Eskatu den baimenari lotutako jarduera Arrantza eta Akuikultura Zuzendaritzari akuikulturaren arloan esleitutako eskumenen esparruan dago, hargatik eragotzi gabe proiektatutako jarduera benetan ezartzeko eta ustiatzeko aldez aurretik beste gaikuntza-titulu batzuk lortu behar izatea. Titulu horiek izapidetzea eta ematea beste organo batzuei dagokie, bereziki itsaso eta lehorraren arteko jabari publikoa okupatzeari buruzkoak, portuen arloan eskumena duen zuzendaritzaren eskumenekoak baitira.
Kontuan hartuta eskatutako baimenari lotutako akuikultura-jardueraren izaera, irismena eta garrantzia, bai eta jarduera horrek hirugarrenei eta interes publiko konkurrenteari eragin diezaiekeela ere, informazio publikoaren izapidea ireki behar da, bat etorriz Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 83. artikuluan xedatutakoarekin; horretarako, dagokion iragarkia argitaratu beharko da, interesdunen parte-hartzea eta entzunaldia bermatzeko.
Horrenbestez, eta emandako eskumenak erabiliz, hau
EBAZTEN DUT:
Lehenengoa.– Izapidea hastea jendaurrean jartzeko Getaria eta Zarautz arteko itsaso eta lehorraren arteko jabari publikoko itsasertzeko tartean akuikultura-poligonoaren proiektuari lotutako akuikultura-jarduera baimentzeko eskaera; hogeita hamar (30) egun balioduneko epean egongo da jendaurrean, iragarkia Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera, interesdunek espedientea aztertu eta egoki iritzitako alegazioak egin ahal izan ditzaten.
Bigarrena.– Aurreko apartatuan xedatutakoaren ondorioetarako, eta alegazioak aurkeztu ahal izateko, proiektuaren edukia eskuragarri egongo da Eusko Jaurlaritzako Arrantza eta Akuikultura Zuzendaritzan (Donostia kalea 1, Lakua I, 3. solairua, 01010 Vitoria-Gasteiz) eta Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoan, esteka honetan: https://www.euskadi.eus/akuikulturako-poligonoaren-proiektua/web01-a2arraku/eu/
Hirugarrena.– Alegazioak idatziz aurkeztu beharko dira eta Arrantza eta Akuikultura Zuzendaritzari zuzendu beharko zaizkio, administrazio-prozedura erkidea arautzen duen araudian aurreikusitako edozein bitartekoren bidez.
Vitoria-Gasteiz, 2026ko maiatzaren 12a.
Arrantza eta Akuikulturako zuzendaria,
IXONE SOROA GUENAGA.
RSS