Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

96. zk., 2026ko maiatzaren 25a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

XEDAPEN OROKORRAK

LEHENDAKARITZA
2192

3/2026 LEGEA, maiatzaren 14koa, Euskadiko Gardentasunarena.

Euskadiko herritar guztiei jakinarazten zaie Eusko Legebiltzarrak onartu egin duela Euskadiko Gardentasunarena maiatzaren 14ko 3/2026 Legea.

ZIOEN AZALPENA

Azken urteotan, gure artean ekimen bat baino gehiago izan da Euskal Autonomia Erkidegoan legez araututa uzteko, denen argigarri eta ondo, zer den gardentasuna; izan, giltzarria baita, politikagintzaren diseinu aurreratu ororen gakoa gure ustez, eta ez soilik gobernantza berriari eta gobernu onari buruzko doktrina-ildoen elementu nagusia –hori ere bai, zalantzarik gabe–. Bada, lege hau ekimen horien azken burua da.

Euskal Autonomia Erkidegoan orain arte ez da garatu lege bat gobernu irekiaren kultura osorik bultzatuko duenik, nazioarteko estandarrei jarraituz bultzatu ere, gardentasunean oinarriturik, integritatean, kontu-ematean eta herritarren parte-hartzean, denak ere printzipioak baitira. Hala ere, bada hamarkada bat Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioa bera eta toki- eta foru-administrazio guztiak gobernu irekia bultzatzeko politikak, arauak, planak eta tresnak garatzen hasi direnetik, zein bere erritmoan eta mailan. Erakundearteko lankidetzaren adibidea da 2018an Eusko Jaurlaritzak, hiru foru-aldundiek eta hiru hiriburuetako udalek erabaki izana hautagai-zerrenda bateratu bat aurkeztea Gobernu Irekirako Aliantzan (OGP), OGP Local delakoko kide gisa parte hartzeko. Euskadi, horrela, aliantzako kide diren munduko 20 eskualdeetako bat bihurtu zen; harrezkero, 2018-2020 eta 2021-2024 aldietarako erakundearteko ekintza-planak garatu dira, eta, gaur egun, Euskadiko Gobernu Irekirako 2025-2028 aldirako III. Ekintza Plana gauzatzen ari da.

Bat gatoz tesi honekin: arduradun politikoek erraz onartzen baldin badute beren jarduna aztertzea, eta herritarrek, gardentasun benetakoari esker, aukera badute jakiteko nola hartzen diren eragiten dieten erabakiak, nola kudeatzen diren funts publikoak eta zer irizpideren arabera jarduten den politika publikoak eta gizarte-helburuak erdiesteko, orduan dela posible, herritarrek gai publikoetan oparoago parte hartzea ez ezik, gobernatzen dutenen jarduna ebaluatu eta kontrolatzea eta haiek kontuak ematea. Demokrazia benetan eraberrituko bada, gardentasunak benetakoa izan behar du, eta informazioaren kontraste publikoa eta erabakien trazabilitatea izan behar ditu berme. Horrela bakarrik ekarriko ditu demokraziaren eraberritzeak hobekuntza egiaztagarriak arlo publikoaren eraginkortasunean eta efizientzian, eta horrela bakarrik lortuko da garapen ekonomiko eta sozial jasangarria, denen ongizatera bideratua.

Geriza berezia eta aldi berean noranahikoa du gardentasunak, eta, hortxe kokaturik, legeak nolabaiteko aniztasuna du helburuetan eta xedeetan. Labur beharrez, bi ildo nagusitan banatuko ditugu:

Alde batetik, kudeaketa-tresna nagusi batzuk ditugu, eta haien legedi zehatza garatzen da, gardentasuna sustatzeko, Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeko bideari eta gobernu onari buruzko abenduaren 9ko 19/2013 Legearen oinarrizko esparruari lotuta. Aipa ditzagun bi gauza, zein baino zein funtsezkoagoak, baina ez bata bestearen mendekoak: jarduera publiko osoaren publizitate aktiboa eta informaziorako irispidea izateko eskubidea. Bi elementu horiek arautuz, ekintza-bide orekatuago bat bermatu behar da Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoan. Hala, herritarrek interes publikoko erabakiak diseinatzen eta hartzen parte har dezaten bultzatzen da, eta, horrez gain, erabaki horien trazabilitatea eta ebaluazioa bermatzen dira. Erabaki horiek hartzen dituztenak kontrolatzea eta haiek kontuak eman ditzaten ahalbidetzen du horrek, eta politika publikoen etengabeko hobekuntzan oinarritutako kultura instituzionala sustatzen du.

Urtero-urtero gardentasunaren balantze-txosten bat aurkeztu beharra dago Gobernu Kontseiluan, eta argi dago, txosten horiek eskuan hartuta, oinarrizko legeria (Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeko bideari eta gobernu onari buruzko Legea) indarrean jarri zenetik (2014) euskal herritarrek Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoari arian-arian geroz eta gehiagotan eskatzen diotela informazio publikorako irispidea izatea.

Txosten horiek dakarten informazioa aztertzen baldin badugu, argiago ikusiko dugu zertan nola hobetu; adibidez, eskubide horren berri gehiago zabalduz, erantzuteko epeak laburtuz, administrazio-isiltasuna urriaraziz, herritarrek gehien eskatzen duten informazioa gure kasa argitaratuz eta abar. Horretarako, baina, hobe genuke legeria autonomikoa eduki, eskubide hori taxutzeko.

Azpimarratu behar da 2016az geroztik Informazio Publikoaren Sarbiderako Euskal Batzordea dugula –Informazio Publikoaren Sarbiderako Euskal Batzordeari buruzko irailaren 13ko 128/2016 Dekretuaren bidez sortua–, baina batzorde horren eskumenak Euskal Autonomia Erkidegoko erakunde komun eta toki-erakundeetako administrazio publikoen eta euskal sektore publikoko gainerako entitateen berariazko nahiz ustezko ukatzeei buruz aurkezten diren erreklamazioak ebazteko baino ez direla, informazio publikorako irispidea izateko eskubidea baliatzeari dagokionez Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeko bideari eta gobernu onari buruzko Legearen 24. artikuluan araututako aurkaratze-araubidea aplikatuz. Beraz, beharrezkoa da, halaber, informazio publikorako irispidea izateko eskubidea bermatzen duen organo bat eratzea, oinarrizko legeetan xedatutakoarekin bat etorriz; baina Informazio Publikoaren Sarbiderako Euskal Batzordeak gaur egun dauzkanak baino eginkizun gehiago izan beharko ditu.

Lege-mailako arau batek aukera emango luke, halaber, antolaketa- eta kudeaketa-eredua finkatzeko (gaur egun, Gobernu Kontseiluaren 2015eko urtarrilaren 13ko erabakiaren bidez dago ezarrita), gero, haren bidetik, Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoan gardentasuna sustatzeko; eta, era berean, publizitate aktiboa bermatzeko oinarrizko tresnak sendotuko lituzke, publikazio-betebeharrak estutuz, zabalkunderako plataforma eta kanal egokienak atonduz, informazioa berrerabiltzeko baldintzak argi utziz, eta informazio publikorako irispidea izateko eskubidea baliatzeko baldintzak ere ezarriz.

Legea oso tresna garrantzitsua da kultura berri bat sustatzeko eta euskal gizarte osoaren eskura plataforma berri bat jartzeko, berme berriak sartuz eta eginbeharrak eta betebeharrak zedarritzeko erantzukizun-araubide bat ezarriz. Baina garrantzitsuena kultura berri hori sortzen laguntzea izango da, behar-beharrezkoa baita herritarrek ohitura har dezaten gai publikoetan erantzukidetasunez parte hartzeko.

Bestalde, lege honekin agerian uzten dugu gardentasunaren kontzeptua zentzu zabalago batean garatzeko tresnak sortu behar direla, eta, ildo horretan, gure eremuan eta euskal sektore publiko osoan arau-hausteei buruzko informazioa ematen duten pertsonak babesteko eta ustelkeriaren aurka borrokatzeko sistema berri bat ezartzeko aukera bultzatzen dugu.

Bigarren garapen-ildo horri heltzen diogunean, iritsiak izango gara Europako zuzenbidera (2019/1937 (EB) Zuzentaraua, 2019ko urriaren 23koa, Europako Parlamentuarena eta Kontseiluarena, Batasuneko Zuzenbidearen arau-hausteei buruzko informazioa ematen duten pertsonak babesteari buruzkoa) eta hura gurera ekartzeko legebideetara, hots, otsailaren 20ko 2/2023 Legera, hura baitaukagu arau-hausteei buruzko informazioa ematen duten pertsonen babesa arautzeko eta ustelkeriaren aurka borrokatzeko. Bide horretan guztian, herritarren lankidetza izango da oinarria, funtsezkoa baita zuzenbideak bere lana burutuko badu. Alde horretatik, esan beharra dago, beste behin ere, kontua ez dela soilik nork bere betebeharrak zuzen-zuzen betetzea, baizik eta denon lana eta ardura dela erakunde publiko eta pribatuek ondo funtzionatzea.

Europako zuzenbidea aplikatzen dugu. Bada, bi helburu argi ditu: informatzaileak edo salatzaileak babestea (herrialde batzuetan, «ohartarazle» ere esaten zaie) eta gutxieneko arau batzuk ezartzea informazio-kanaletarako, 2/2023 Legeak dakarren sistemak informazio-kanal batzuk zabaltzen baititu horretarako. Azken batean, informaziorako barne-kanalak izango ditugu enpresetan eta entitate publikoetan, aukeran hobea baita dena delako antolakundeak berak jakitea barruko jardunbide okerren berri, bai okerkeria zuzentzeko, bai kalteak ahalik eta lasterren konpontzeko. Baina «barne»-dinamika horretaz gainera, informaziorako beste kanal batzuen nondik norakoa ere zehazten da orain, «kanpo»-kanalena, herritarrei aginte publiko espezializatu batekiko komunikazio-bide bat eskaintzearren –eta ez da gutxi–, hartara konfiantza handiagoa izan dezaten, eta beldur gutxiago inork nolabait zigortu-edo egingo ote dituen ordainetan, ingurune guztietan beldur hori hortxe izaten baita ezbairik gabe. Laburbilduz, lege honen bidez, Euskadin sistema hori oso-osorik ezartzea lortu nahi da; eta, horretarako, organismo berri bat izango dugu, konektatzen diren alderdi guztiak bilduko dituena eta haien aniztasuna aintzat hartuko duena: Gardena-Gardentasunaren Euskal Agintaritza.

Legea bat dator Euskal Herriaren Autonomia Estatutuaren abenduaren 18ko 3/1979 Lege Organikoaren 10. artikuluko 2, 6 eta 24. apartatuetan jasotzen diren eskumen esklusiboekin, bai Euskal Autonomia Erkidegoaren autogobernu-erakundeen antolaketari, araubideari eta jarduerari buruzkoekin, bai zuzenbide substantiboaren espezialitateetatik eta Euskal Autonomia Erkidegoaren berezko antolaketatik eratortzen diren administrazio-prozeduraren arauei buruzkoekin, bai eta Euskal Autonomia Erkidegoaren sektore publikoari buruzkoekin ere, betiere Autonomia Estatutuko beste arau batzuek eragiten ez dioten neurrian.

I. titulua legeen ohiko aurkezpena da. Arau hau, zalantzarik gabe, «programatiko» esaten zaien horietakoa da. Horregatik, badira zerrenda orokor batzuk helburu, printzipio eta eskubide-betebeharrak zehazteko; bada orobat legearen aplikazio-eremua zedarritzeko lan praktikoago bat, eta, hor, behar bezala bereizita uzten dira bi alderdi handi: lehena, gardentasunari buruzko arau zehatzak, eta haiek nola hezurmamitzen diren publizitate aktiboan eta informazio publikorako irispidea izateko eskubidean; eta bigarren alderdia, informatzaileak babesteko eta ustelkeriaren aurka borrokatzeko Europako sistema ezartzea.

Hitz egin dezagun, orain, gardentasun-tresnei berei buruz, arlo horretan nabari baita, bereziki garbi, nork bere burua antolatzeko duen gaitasuna. Bada, lege honen aplikazio-eremua Euskal Autonomia Erkidegoko arlo publikora mugatzen da, halako moldez ezen ondorioztatzen baita euskal maila instituzional bakoitzak bere antolabidea duela, dela tokiko mailak, bere legearekin, dela foru-mailak, gardentasunari buruzko bere foru-arauekin. Hortaz, Administrazio autonomikoan bakarrik aplikatzekoa da. Baina argitu dezagun ezen publizitate aktiboa egin beharrak ez dituela erakunde publikoak bakarrik lotzen; aitzitik, subjektu eta erakunde pribatuak ere kateatzen ditu, baldin eta, betiere, jarduera publikoa haien bidez gauzatzen bada, dela haientzat direlako dirulaguntza edo laguntza publikoak, dela administrazio-ahalak baliatzen edo zerbitzu publikoak ematen dituztelako, eta berdin dio tartean legezko gaikuntza berezirik edo dagokion kontratu-harremanik ote dagoen.

Har dezagun, orain, legeak dakarren bigarren bloke handia: informatzaileak babesteko sistema europarra gurera ekarri beharra. Bada, lege honen iritziz, Estatuko legeak gaitzen duen aukera hortxe egon arren, beharrezkoa da euskal erakundeak oro har sistema bakarrera atxikitzea, Euskal Autonomia Erkidego osorako bakar batera, eta horrek esan nahi du aplikazio-eremuak, gai honetan, euskal sektore publiko osoa hartu behar duela.

II. tituluak oinarrizko legeriaren eskema dauka, kasu honetan gardentasunari buruz ari garelarik, hau da, gardentasunari buruzko legearen funtsezko edukia hartu (19/2013 Legea, abenduaren 9koa, gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeko bideari eta gobernu onari buruzkoa), eta Autonomia Erkidegoaren eremuan garatzen du. Lau kapitulutan banatzen da. Lehenengo kapituluan, publizitate aktiboari buruzkoan, herritarrei modu proaktiboan helarazi nahi zaien informazio-sorta zabalaz gain, aipagarria da datuen irekiera eta berrerabilera (open data). Euskal Autonomia Erkidegoa, aurreko legealdietan hasitako lanen eskutik, aitzindaria da gai horretan, nahiz eta oraindik badugun ibili beharreko bide bat aurretik, erreferentziakoak diren herrialdeen ereduetara iristeko (Erresuma Batua, Europa iparraldeko herrialdeak eta Estatu Batuak, besteak beste). Bigarren kapitulua dator ondoren, informazio publikorako irispideari buruzkoa. Publizitate aktiboaren elementu osagarria da, eta, alde horretatik, legearen gardentasun-eskemarena ere bai, herritarrek aukera izan dezaten Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoa osatzen duten entitate guztiei aktiboki argitaratzen ez den informazioa ere eskatzeko. Hirugarrena dator gero, aurreko kapituluei oso lotuta. Barruko plangintza eta koordinazioa aipatzen ditu labur-labur, bidea izan dezagun Euskal Autonomia Erkidegoan akzio publikoa kohesionatzeko, eta adierazle argi, neurgarri eta konparatiboetan oinarritutako ebaluazio-sistema berritzaile bat jasotzen du, hartutako neurrien ezarpen-mailaren eta eraginaren aldizkako jarraipena egin ahal izateko. Eta, azkenik, beste kapitulu bat, konplexua eta berrizalea, zehapen-araubideari buruz. Batez ere publizitate aktiboa eta informazio publikorako irispidea ditu mintzagai, haiekiko betebeharren betetzea lotzeko bereziki.

III. titulua, plangintza publikoari buruzkoa, lehendakariak definitutako «gobernu-programa» zer den definituz hasten da. Dagokion artikuluan jasota dagoen bezala, helburua hauxe du, eta ez besterik: gobernu-ekintza denboran zehar proiektatzeko, ekintza hori sozializatzea eta herritarrekiko konpromisoaren eta erantzukizunaren oinarriak ezartzea. Arau-zati hori funtsezkoa da, datu- eta konpromiso-multzo sintetiko oso bat baitakar Administrazioaren zereginean eransteko, denak ere «kontu-emate soziala» esamolde adierazgarriaren itzalpean batuta.

IV. tituluak, bestalde, gobernantza onaren oinarrizko triangelua osatzen du, plangintzarekin eta ebaluazioarekin batera; herritarren parte-hartzea eta partaidetza-prozesuak jorratzen ditu, ikuspegi malgu eta moldagarria erabiliz. Alde horretatik, gai orokorrak eta parte hartzeko prozeduren eta tresnen berme eta eskubide komunak ezartzen ditu. Izan ere, egun dauden eta etorkizunean sor litezkeen parte hartzeko moduen kopurua, aniztasuna eta aberastasuna kontuan izanik, parte hartzeko edozein prozesuk bete behar dituen oinarrizko baldintzak eta bermeak ezartzea izan da hautua. Legeak, horrela, herritarren parte-hartzeari dagozkion eskubide zehatzak lantzen ditu, parte hartzeko bide edo tresna zehatzak ezarriz, eta aurreko bermeek haietan aplikatzeko modukoak izan behar dute. Apartatu honetan, bestetik, neurri aitzindari gisa, aipatu behar da herritarrei erregelamendu-ekimenak sustatzeko eskubidea onartzen zaiela. Eskema, berez, gaur egun herritarren ekimen legegilerako aurreikusitakoa da, eta bermeak ere hangoak baliatzen ditu.

Horretaz gain, Euskal Autonomia Erkidegoko herritarrek parte hartzeko eta lankidetzan aritzeko erregistroa eta interes-taldeen erregistroa sortzen dira, bi helburu hauekin: batetik, herritarren parte-hartzea sustatu nahi da, herritarrentzako edo talde interesdunentzako lehentasunezko bideak edo alerta goiztiarreko eskubideak ezarriz; eta, bestetik, aurrekoaren osagarri gisa, eta Europako Parlamentuak, Europar Batasuneko Kontseiluak eta Europako Batzordeak nahitaezko gardentasun-erregistro bat sortzeko hartutako 2021eko maiatzaren 20ko Erakundearteko Erabakiaren eta antzeko beste organismo batzuen lorratzari jarraituz, herritarrei informazio zuzena ematen zaie lege honetan ezartzen diren parte hartzeko eskubideen bidez erabakitze-prozesuetan zilegitasunez eragin nahi duten presio-taldeei edo lobby-ei eta beste interes-talde batzuei buruz.

Titulu horretan, halaber, errealitate politikoaren eraikuntza instituzionalizatzeko mekanismo gisa ezartzen da gobernantza kolaboratiboa, gizarte antolatua eta gizarte zibila deliberazio publikoaren sisteman txertatuz. Aldi berean, gobernantza publikoaren mekanismo gisa ere ezartzen da, desafekzio politikoari aurre egiteko eta ikuspegi sistemiko batetik politika publikoen diseinua eta inplementazioa osatzen duten ekosistemen beharrei erantzuteko. Horretarako, Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoak gobernantza kolaboratiboko programak ezartzea aurreikusteaz gain, gobernantza kolaboratiboaren eta parte hartzeko prozesuen arloko proiektuak garatzeko funtsezko oinarriak ezartzen dira, baita haien funtzioak ere, eta, orobat, jarraitu beharreko prozesuen oinarriak.

V. titulua Gardena-Gardentasunaren Euskal Agintaritzaren sorrerari eta diziplinari buruzkoa da. Dituen funtzioetatik harago joanda, eta Euskal Autonomia Erkidegoko gardentasunaren zaindari izateaz gain, beste aukera baten gisara gailentzen da: Euskadin, azken agintaritza publiko gorena izango da informatzaileak edo ohartarazleak hartzeko kanpo-kanalean, hala dela esaten baitu otsailaren 20ko 2/2023 Legeak, arau-hausteei buruzko informazioa ematen duten pertsonen babesa arautu eta ustelkeriaren aurka borrokatzekoak. Legearen ekarpen nagusia antolaketari dagokio bete-betean, abiapuntua izanik Estatuko lege horren 24. artikuluak eta laugarren xedapen gehigarriak Euskal Autonomia Erkidegoari ematen dioten gaikuntza.

Gardena-Gardentasunaren Euskal Agintaritza erronka eta aukera garrantzitsua da. Izan ere, entitate horrek Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio orokorraren bizi-konstanteak adituko ditu eta harekin harremanetan izango da, baina askea izango da erabat; askea, euskal erakunde publikoen maila guzti-guztietan jarduteko, baina baita sektore pribatuan bertan ere, baldin eta jakinarazten zaizkion arau-hausteak eta irregulartasunak Euskal Autonomia Erkidegoko lurraldean gertatu badira. Urrunera begira jarri behar gara, beraz, eta lan-harremanak ahaztu gabe gainera, harreman horietan Euskadik laneko legeria betearazteko eskumenak baititu.

I. TITULUA
XEDAPEN OROKORRAK

1. artikulua.– Xedea.

Hau da lege honen xedea:

a) Jarduera publikoaren gardentasuna eta publizitatea arautu eta bermatzea, baita herritarrek informazio publikorako irispidea izateko duten eskubidea ere.

b) Interes publikoko erabakiak diseinatu eta hartzeko orduan herritarrek duten parte-hartzea bultzatzeko oinarrizko esparrua eratzea.

c) Lege honetan xedatutako eginbeharrak eta betebeharrak ez betetzeagatiko erantzukizunaren eta bermeen araubidea ezartzea.

d) Arau-hausteei buruzko informazioa ematen duten pertsonen babesa arautzeko eta ustelkeriaren aurka borrokatzeko otsailaren 20ko 2/2023 Legeak xedatzen duen informatzaileen babesa esleitzea Gardena-Gardentasunaren Euskal Agintaritza administrazio independenteari, zeina lege honen V. tituluan aurreikusten baita.

2. artikulua.– Helburuak.

Lege honek helburu hauek lortu nahi ditu:

a) Herritarrei aditzera ematea zein diren administrazio publikoen eta euskal sektore publikoa osatzen duten entitateen jardueraren plangintza, gauzatzea eta ebaluazioa, eta, horrela, publizitate aktiboaren eta trazabilitate instituzionalaren printzipioa sendotzea.

b) Kontrol demokratikorako, politika publikoen ebaluaziorako eta herritarren parte-hartzerako garrantzitsuak diren datu guztiak formatu ireki, irisgarri eta berrerabilgarrietan argitara daitezen sustatzea, hizkera argi eta ulergarria erabiltzen dela bermatuz.

c) Informazio publikorako benetako irispidea ematea herritarrei, bermatuz eskubide hori baliatzeko baldintzak denontzat berberak direla eta hezkuntza-oztopoak eta oztopo teknologiko eta sozioekonomikoak kenduko direla.

d) Integritatean, kontu-ematean eta parte-hartze demokratiko eta deliberatiboan oinarritutako kultura publikoa sustatzea, herritarrei politika publikoei buruz kontsultatzeko eta herritarrek politika horiei buruz eztabaidatzeko eta haiek ebaluatzeko mekanismoak garatu daitezen bultzatuz.

e) Informatzaileen edo ohartarazleen babes integrala bermatzea, 2019/1937 (EB) Zuzentaraua eta otsailaren 20ko 2/2023 Legea betetzeko, agintaritza independente bat sortuz, zeinak autonomia izango baitu funtzioei eta aurrekontuari dagokienez eta informazio-kanal seguruak ezartzeaz eta erakundeen integritatea gainbegiratzeaz arduratuko baita.

f) Informazio publikoaren antolaketa, sailkapena eta erabilera hobetzea.

g) Gobernua printzipio etikoen arabera eta zerbitzu publikoak bermatuz gauzatzea.

h) Pertsona orok informazio publikorako irispidea prozedura erraz eta argien bidez izateko behar den guztia ematea.

3. artikulua.– Funtzionamenduaren eta herritarrekiko interakzioaren printzipio orokorrak.

1.– Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoak herritarrei zerbitzu ematera bideratuko du bere jarduketa.

2.– Haren funtzionamenduaren printzipio gidari hori betetzeko, administrazio publiko guztiei aplikatu behar zaien araudiko printzipioak aplikatu behar zaizkio, bai eta, horretaz gain, Euskal Sektore Publikoaren maiatzaren 12ko 3/2022 Legean eta ekainaren 20ko 91/2023 Dekretuan (herritarrei arreta integral eta multikanala ematekoa eta zerbitzu publikoak bitarteko elektronikoz irispidean izatekoa) funtzionamendurako eta herritarrekiko interakziorako ezarritako printzipioak ere.

4. artikulua.– Definizioak.

a) Lege honen ondorioetarako, gardentasuna, Euskal Autonomia Erkidegoan, jarduketa-printzipio bat da, betebehar hau ezartzen diena helburu horretarako aurreikusten diren botere publikoei eta subjektuei: informazio publiko garrantzitsuena aktiboki argitaratzea, eta ziurtatzea herritarrek irispidea dutela botere publiko eta subjektu horiek eskura duten informaziora, lege honetan eta aplikatu beharreko indarreko legeetan ezarritako mugen barruan.

b) Informazio publikotzat joko da botere publikoek beren eginkizunak betetzen ari zirela prestatu edo jaso dituzten eta eskura dituzten informazioak, edukiak edo dokumentuak, edozein formatu, euskarri eta adierazpidetakoak. Horretaz gain, lege honetan adierazita dauden eta zerbitzu publikoak ematen dituzten entitateek sortutako informazioa ere hartuko da informazio publikotzat, edo eskumen publikoak edo administratiboak egikaritzen dituzten entitateek sortutakoa, edo beren jarduera publikoa betetzen ari zirela edo jarduera publiko bat betetzeko sortu edo lortu den eta jabetzan duten informazioa.

c) Edonola ere, gardentasun-printzipioa lehentasunez aplikatuko da arau orokor gisa. Edozein salbuespen egiteko edo edozein muga ezartzeko, lege-mailako xedapen bat beharko da, edo oinarrizko eskubideren bat babesteko izan beharko da; hala ere, haren interpretazioa murriztailea izango da, eta kasuan kasuko informazioa zabaltzearen edo hartarako irispidea izatearen aldekoena.

d) Lege honetan ezartzen diren gardentasun-betebeharrak gutxienekoak eta orokorrak dira, eta, beraz, ulertu beharko da ez dituztela eragozten kasu zehatz bakoitzean aplikatu beharreko legeek zehatzago eta espezifikoago xedatutakoak.

5. artikulua.– Gardentasun-konpromiso orokorrak.

1.– Gardentasun-printzipioa betetzeko, aldian-aldian informazio eguneratua argitaratu behar dute horretara behartuta dauden subjektuek, baldin eta informazio horren berri izatea garrantzitsua bada beren jardueraren gardentasuna bermatzeko. Batik bat, funtzionamenduari, kontrolari eta jarduketa publikoan herritarrek ematen dieten laguntzari buruzko informazioa argitaratu behar dute; hartara, herritarrek jakin ahal izango dute zer erabaki hartzen diren, nola hartzen diren, zerbitzuak nola antolatzen diren eta zein diren jarduketen erantzuleak, eta funts publikoen erabilera kontrol publikoari eta kontu-emateari loturik egon ahalko da.

2.– Aurreko apartatuan aipatutako informazioa hizkera inklusiboa eta ez-sexista erabiliz emango da, sexuaren arabera bereiziko da kasu guztietan, eta toki hauetan behintzat izango da irispidean: lege honetan ezarritako gobernu irekiaren plataforman, horretara behartuta dauden entitate eta subjektuen egoitza elektronikoetan edo web-orrietan, eta horretarako sortzen diren gardentasun-atarietan. Kasu guztietan, behar diren mekanismoak ezarriko dira informazio hori desgaitasunen bat duten, informatika-ezagutzarik ez duten edo Internetera konektatzeko aukerarik ez duten pertsonengana irits dadin.

3.– Gardentasunaren kultura sustatuko da herritarren artean eta gizarte-sektoreen artean, informaziorako irispidea izateko eskubidea baliatzen laguntzeko, kontuak eman daitezen sustatzeko, eta informazioa berrerabiltzearen bidez balio erantsia sortzeko, bai eta entitate pribatuek gardentasun-printzipioa beren gain har dezaten laguntzeko ere.

6. artikulua.– Herritarrek gardentasunaren arloan dituzten eskubideak eta betebeharrak.

1.– Lege honetan aipatuta daudela-eta informazioa ematera behartuta dauden subjektuekiko harremanetan, Euskal Sektore Publikoaren maiatzaren 12ko 3/2022 Legean aitortutako eskubideak ez ezik, eskubide hauek ere aitortzen zaizkie herritarrei:

a) Lege honek esandako moduan aktiboki argitaratu den informazio publikoaren berri izateko eta informazio hori erabiltzeko eskubidea.

b) Informazioa ematera behartuta dauden subjektu publikoetako edozeinen esku dagoen informazio publikoa eskatzeko eta hartara irispidea izateko eskubidea, horretarako interes legitimorik eduki behar izan gabe eta hargatik eragotzi gabe Estatuko oinarrizko legerian eta lege honetan ezarritako mugak. Informazio publikorako irispidea izateko eskubideak barnean hartzen du informazioa prestatzeko edo gordetzeko edozein forma edo euskarri.

c) Lortutako informazioa erabiltzeko eskubidea, horretarako aurretiko baimena izan beharrik gabe eta lege honek edo beste batzuek jarritakoak beste mugarik ez dela.

2.– Lege hau aplikatuta informazio publikoaren berri duten, hartara iristen diren edo hura erabiltzen duten herritarrek betebehar hauek izango dituzte:

a) Beren eskubidea fede onaren printzipioa eta eskubide-abusua debekatzen duen printzipioa betez baliatzea, eta, bereziki, zerbitzu publikoen funtzionamendu normalari kalterik egin gabe.

b) Indarrean diren legeek lortu den informazioa berrerabiltzeari dagokionez aurreikusten dituzten betebeharrak betetzea.

c) Lege honetan xedatutako gainerako betebeharrak betetzea.

7. artikulua.– Datu pertsonalak babestea.

1.– Informazio publikoa prestatzeko, eta informazio hori eman edo argitaratu aurretik, honako arau edo irizpide hauek aplikatuko dira, haren izaera eta helburua kontuan hartuta:

a) Datuak babesteko printzipioak kontuan hartuko dira, bereziki datu pertsonalak minimizatzeari eta kontserbazio-epea mugatzeari buruzkoak.

b) Lege hau betetzeari dagokionez tratamendua datuak babesteko araudiarekin bat datorrela bermatzeko eta egiaztatzeko neurri teknikoak eta antolaketa-neurriak hartuko dira.

c) Informazio publikoa prestatzean ere, datuak babesteko printzipioak aplikatuko dira, lehenespenez eta informazioaren diseinutik bertatik hasita.

d) Argitaratzen diren datuetatik edo informaziotik pertsonak identifikatzen dituzten datuak disoziatu badira, azterketa bat egingo da, egiaztatzeko disoziazio-prozesua ezin dela leheneratu edo, teknikaren egoera kontuan hartuta, neurriz kanpoko ahaleginak egin beharko liratekeela horretarako.

e) Datu pertsonalen babesaren gaineko eraginaren ebaluazioa egingo da, eta, hala badagokio, txosten bat eskatuko zaio dagokion entitatean diharduen datuak babesteko ordezkariari, baldin eta datuen tratamendua datu-kategoria bereziei, adingabeei, genero-indarkeriaren biktimei, gizarte-bazterketako egoeran edo zaurgarritasun-egoeran dauden pertsonei eta beste kasu parekagarri batzuei badagokie, bai eta segurtasun pertsonalerako arriskuak dakartzaten kasuei badagokie ere.

f) Administrazio-egintzen iragarkien jakinarazpenetan eta argitalpenetan interesa duten pertsonak identifikatzeko moduari dagokionez datu pertsonalak babesteko araudian jasotzen diren irizpideak aplikatuko dira.

2.– Gardentasun-atarian, datuen babesari buruzko informazioa eman behar da ikusgai dagoen atal batean, eta han, gutxienez, honako hauek jaso behar dira: atari horretako datuak babesteko politika; datuak babesteko ordezkariaren eta Datuak Babesteko Euskal Agintaritzaren harremanetarako datuak; eta datuen babesari buruzko araudian jasotako eskubideak –bereziki, datuak ezerezteko eskubidea edo ahaztua izateko eskubidea– baliatzeko prozedurak.

3.– Gardentasun-atarian argitaratu diren datuak eta informazioa edo informazio publikorako irispidea izateko eskubidea baliatuz egindako eskaerei erantzuteko eman diren datuak eta informazioa biltzen dituzten pertsonak edo entitateak erantzuleak izango dira bai egiten duten erabilerari edo tratamenduari dagokionez, bai datuen babesaren araudiaren gainean egiten dituzten arau-hausteei dagokienez.

4.– Datu pertsonalen tratamenduak datuok Interneten argitaratzea badakar, tratamenduaren arduradunak txosten arrazoitu bat egin beharko du aldez aurretik. Txosten horretan zera utzi beharko da jasota, zer haztapen egin den Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2016/679 (EB) Erregelamenduaren 5. artikuluan ezarritako printzipioen arabera –Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2016ko apirilaren 27ko 2016/679 (EB) Erregelamendua, datu pertsonalen tratamenduari dagokionez pertsona fisikoen babesari eta datu horien zirkulazio askeari buruzkoa, zeinak 95/46/EE Zuzentaraua indargabetzen baitu (Datuak babesteko erregelamendu orokorra)–. Txosten hori ez da beharrezkoa izango baldin eta horrelako tratamenduetarako pribatutasun-politika espezifiko bat onetsi bada, haztapen hori egiten duena, eta haztapen hori irispidean badago entitatearen egoitza elektronikoan.

5.– Datu pertsonalak dauzkan informazio publikoa eskatzen bada zein araubide aplikatu aurreikusita dago gardentasunaren eta informazio publikorako irispidearen arloan aplikatu behar den araudian eta datuak babesteko araudi orokorrean.

Informazio-eskaera jaso duen organoak edo entitateak informazioa ematea zilegi den ala ez ikusteko arrazoizko zalantzak badauzka datuak babesteko eskubidean eragina izan dezakeelako, eta egoki irizten badio, horri buruzko txostena eska diezaioke datuak babesteko ordezkariari, baldin eta entitateak halakorik badauka aplikatu beharreko arauei jarraikiz.

6.– Lege hau betetzeko egiten diren tratamendu eta argitalpenei artikulu honetan xedatutakoa aplikatuko zaie.

8. artikulua.– Gardentasun-arauen aplikazio-eremu materiala eta pertsonala.

1.– Lege honek gardentasunaren arloan ematen dituen xedapenak, bai eta Gardena-Gardentasunaren Euskal Agintaritzari –lege honen V. tituluan aurreikusiari– esleitzen zaizkion arlo horretako eginkizunak ere, honako hauei aplikatu behar zaizkie:

a) Euskal Sektore Publikoaren maiatzaren 12ko 3/2022 Legearen II. tituluko I. kapituluan adierazita dauden Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoko organismoei.

b) Euskal Autonomia Erkidegoko toki-entitateei eta haiei atxikitako administrazio instituzional eta instrumentalei, Euskadiko Toki Erakundeei buruzko apirilaren 7ko 2/2016 Legean xedatutakoarekin bat etorriz.

c) Lan Harremanen Kontseiluari.

d) Ekonomia eta Gizarte Kontseiluari.

e) Euskal Herriko Unibertsitateari.

2.– Euskal Sektore Publikoaren maiatzaren 12ko 3/2022 Legearen 4. artikuluko 3 eta 4. apartatuetan adierazita dauden euskal sektore publikoko subjektuei lehenengo apartatuko xedapenak aplikatuko zaizkie, lege honetan ezarritako baldintzetan eta dagokien araudi instituzionalaren arabera.

3.– Halaber, lege honen I. tituluan adierazita dauden gardentasunaren arloko helburuak, printzipioak eta konpromiso orokorrak honako hauei aplikatuko zaizkie, antolaketako barne-funtzionamendua arautzen duten xedapenekin bat etorriz:

a) Eusko Legebiltzarrari.

b) Herri Kontuen Euskal Epaitegiari.

c) Arartekoari.

4.– Aurreko apartatuetako subjektuek ez ezik, honako hauek ere izango dituzte lege honetan ezarritako publizitate aktiboko betebeharrak:

a) Euskal Autonomia Erkidegoaren eremuan diharduten alderdi politikoek, antolakunde sindikalek eta enpresaburuen antolakundeek.

b) Euskal Autonomia Erkidegoaren eremuan diharduten entitate pribatuek, baldin eta aurrekontu-ekitaldian 100.000 euro baino gehiagoko laguntzak edo dirulaguntzak jasotzen badituzte funts publikoen kargura, edo urtean dituzten diru-sarreren % 40 gutxienez horrelako laguntzak edo dirulaguntzak badira eta gutxienez 5.000 eurora iristen badira.

c) Itunpeko ikastetxe eta osasun-zentroek, bai eta gizarte-zerbitzuen arloko itunpeko zentroek ere.

d) Herritarrek parte hartzeko eta lankidetzan aritzeko erregistroan inskribatutako pertsonek eta entitateek, bertako arau partikularretan adierazitakoaren arabera.

e) Interes-taldeek, baldin eta Euskal Autonomia Erkidegoan badihardute eta Euskal Autonomia Erkidegoko interes-taldeen erregistroan edo harekin koordinaturik funtzionatzen duen parte-hartze eta lankidetzarako beste erregistroren batean inskribatuta badaude, lege honek xedatutakoaren arabera.

f) Zuzenbide publikoko korporazioek, administrazio-zuzenbidearen mendeko beren jarduerei dagokienez.

5.– Artikulu honetan adierazitako subjektu publikoen kontura edo haien izenean zerbitzu publikoak ematen dituzten edo administrazio-ahalak baliatzen dituzten pertsona fisiko edo juridiko guztiek subjektu publiko horiei lagundu beharko diete, aldez aurretik errekerimendua eginda, lege hau betetzeko behar den informazio guztia emateko xedez. Kontratu publikoen adjudikaziodunek ere izango dute betebehar hori, dagokien kontratuan adierazitakoaren arabera.

9. artikulua.– Arau-hausteei buruzko informazioa ematen duten pertsonen babesaren gaineko eta ustelkeriaren aurka borrokatzeko arauen aplikazio-eremu materiala eta pertsonala.

Arau-hausteei buruzko informazioa ematen duten pertsonen babesa arautzeko eta ustelkeriaren aurka borrokatzeko otsailaren 20ko 2/2023 Legearen 24. artikuluan xedatutakoarekin bat etorriz, lege honek adierazten du Gardena-Gardentasunaren Euskal Agintaritza –legearen V. tituluan aurreikusia– informatzaileak babesteko agintaritza independentea dela eta eskumena duela honako subjektu hauek ukitzen dituzten informazioak izapidetzeko, kanpo-kanalaren bidez:

a) Euskal Sektore Publikoaren maiatzaren 12ko 3/2022 Legearen 4. artikuluan adierazita dauden eta euskal sektore publikoa osatzen duten kide guztiak.

b) Eusko Legebiltzarra eta lurralde historikoetako batzar nagusiak, bai eta Herri Kontuen Euskal Epaitegia eta Arartekoa ere.

c) Sektore pribatua osatzen duten entitateak, baldin eta jakinarazi den ez-betetzea Euskal Autonomia Erkidegoaren lurralde-eremura mugatzen bada.

II. TITULUA
JARDUERA PUBLIKOAREN GARDENTASUNA
I. KAPITULUA
PUBLIZITATE AKTIBOA

10. artikulua.– Publizitate aktiboaren printzipio gidariak.

Publizitate aktiboa gidatzeko, 29. artikuluan informazio publikorako irispidea izateko eskubidea mugatzeko adierazita dagoen muga besterik ez dela, lege honen 3. artikuluan xedatutako printzipioak ez ezik, honako printzipio hauek ere hartuko dira kontuan:

a) Egiazkotasun-printzipioa: Informazio publikoak egiazkoa, osoa eta zehatza izan behar du, eta benetakotasuna, fidagarritasuna, osotasuna, erabilgarritasuna eta zaintza-katea egiaztatuta dituzten dokumentuak izan behar ditu iturri.

b) Baliagarritasun-printzipioa: Ematen den informazio publikoak, ahal dela, eskaeraren helburuak betetzeko egokia izan behar du.

c) Doakotasun-printzipioa: Informaziorako irispidea eta informaziorako irispidea izateko eskaerak doakoak eta iristerrazak izango dira, hargatik eragotzi gabe kopiak egiteagatik edo informazioa jatorrizkoaz bestelako formatu batera aldatzeagatik ordainaraztea.

d) Antolaketa-printzipioa: Dokumentuei eta informazio-baliabideei buruzko informazio egituratua emango da, informazioa errazago identifikatu eta bilatu ahal izateko.

e) Irisgarritasun unibertsalaren eta pertsona guztientzako diseinuaren printzipioa: Informazioa ulergarria, iristerraza eta doakoa izango da, eta desgaitasuna duten pertsonek eskura izango dute irisgarriak eta ulergarriak diren bitartekoak edo formatu egokiak erabilita emandako modalitate batean. Formatuak ahalbidetzen duen kasuetan, informazioa elektronikoa eta berrerabilgarria izango da.

f) Elkarreragingarritasun-printzipioa: Informazioa argitaratzeko, indarreko legeekin bat etorriz datuak partekatzea eta informazioa trukatzea posible egiten duten prozedurak baliatuko dira.

11. artikulua.– Publizitate aktiboaren arloko betebeharrak.

1.– Lege honek betebeharra ezartzen dien subjektuek beren ekimenez argitaratu beharko dute lege honek adierazten duen informazio publiko garrantzitsua, aldian-aldian, eguneraturik, denbora errealean eta geolokalizaturik, hartara subjektu horien jardueraren gardentasuna bermatzeko, herritarrek aukera izan dezaten gai publikoetan parte hartu eta haiek kontrolatzeko.

2.– Publizitate aktiboaren xede den informazioa emateko erantzukizuna organismo publikoetako zuzendaritza-organoetako titularrena da, bai eta argitaratu beharreko informazioa duten gainerako entitateetako arduradunena ere.

3.– Betebehar hori ondo betetzeko, behar diren bitartekoak jarriko dira (lehentasunez, elektronikoak), datuen birbanaketa, berrerabilera eta aprobetxamendua errazteko, eta bermatuko da informazioa guztiz eguneratuta egotea eta iristerraza izatea formatu ireki eta berrerabilgarriak erabiliz, bai eta gutxienez bi hizkuntza ofizialetan egotea ere, indarrean diren legeek ezarritako moduan. Horretarako, aplikazio-eremuan sartzen diren entitateen eta erakundeen egoitza elektronikoetan, atarietan edo web-orrietan informazioa modu seguruan eta ulergarrian ikusarazteko eta ustiatzeko tresnak garatuko dira.

4.– Interes sozial edo kulturaleko helburuak besterik ez duten irabazi-asmorik gabeko entitateek, 50.000 eurotik beherako aurrekontua badute, jasotzen duten laguntza edo dirulaguntza publikoaren zatirik handiena ematen dien Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoko entitateak eskura jartzen dizkien bitarteko elektronikoak erabili ahal izango dituzte lege honetatik eratorritako betebeharrak betetzeko. Sektore publikoaren bitarteko elektronikoen erabilera hori erregelamendu bidez arautuko da.

5.– Lege honen arabera argitaratu behar den informazioa, oro har, hiru hilabetean behin argitaratuko da, hargatik eragotzi gabe publizitatearen arloko araubide zorrotzago bat ezartzen duten eta aplikatu behar diren bestelako xedapen espezifiko partikularrek xedatutakoa, bai edukiari dagokionez, bai aldizkakotasunari dagokionez.

6.– Lege honen arabera behartuta dauden entitate publikoek beren tratamendu-jardueren inbentarioa argitaratuko dute, Datu Pertsonalak Babesteko eta Eskubide Digitalak Bermatzeko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoaren 31. artikuluan xedatutakoaren arabera.

7.– Publizitate aktiboaren xede den informazio publikoa lege honen aplikazio-eremuan sartzen diren pertsonen eta entitateen egoitza elektronikoetan, atarietan edo web-orrietan eskuragarri egongo da, modu seguru eta ulergarrian; bereziki bermatuko dira irisgarritasun unibertsala eta diskriminazio teknologikorik eza, pertsona guztiek beren eskubideak baldintza berberetan baliatu ahal izan ditzaten, eta barnean hartuko dira hala eskatzen duten pertsonei edo kolektiboei irisgarritasuna bermatzeko beharrezkoak diren ezaugarriak.

Ildo horretan, neurri egokiak hartuko dituzte informazio publikoaren zabalkundea ziurtatzeko eta informazio hori ahalik eta modu zabal eta sistematikoenean jartzeko herritarren eskura.

8.– Publizitate aktibotzat hartzen den informazioa idaztean, arreta berezia jarriko zaio Emakumeen eta gizonen berdintasunerako eta emakumeen aurkako indarkeria matxistarik gabe bizitzeko Legearen testu bategina onartzen duen martxoaren 16ko 1/2023 Legegintzako Dekretuan aurreikusitakoari, zuzenean eta beste pertsona edo entitate batzuen bitartez sortzen dituzten dokumentu eta euskarrietan hizkera eta irudi inklusiboak eta ez-sexistak erabiltzeari dagokionez.

9.– Emandako informazioaren ondoriozko herritarren parte-hartzea ahalbidetzeko moduan konfiguratuko da titulu honetan aurreikusten den publizitate aktiboa.

12. artikulua.– Publizitate aktiboko betebeharrak betetzen direla kontrolatzea.

1.– Gardena-Gardentasunaren Euskal Agintaritzak kontrolatuko du kapitulu honetako betebeharrak betetzen diren ala ez.

2.– Aurreko apartatuan xedatutako eskumenaz baliatuta, agintaritza horrek, erregelamenduz ezarritako prozedurarekin bat etorriz, ebazpenak eman ahal izango ditu, ez-betetzeari uzteko eta egoki diren diziplina-jarduketak hasteko behar diren neurriak hartzeko.

3.– Gardena-Gardentasunaren Euskal Agintaritzak urtero egin eta argitaratuko du lege honen aplikazio-eremuan sartzen diren entitateek gardentasunaren eta publizitate aktiboaren arloan dituzten betebeharren betetze-mailari buruzko txostena. Txosten horrek eduki hauek izango ditu: betetze-mailaren balorazioa, ez-betetze garrantzitsuen identifikazioa eta ondorioen sistematizazioa, ahalbidetuko duena ondorio horiek denboran eboluzionatzea eta haiek parekatu ahal izatea.

Txosten hori Eusko Legebiltzarrari bidaliko zaio, eta Agintaritzaren presidenteak txostena aurkezteko agerraldia egingo du han, ezagutu eta eztabaidatu dadin.

Betebehar horiek betetzen ari diren ebaluatzeko adierazleak eta metodologia ezarriko dira, erregelamendu bidez, betiere bermatuz ebaluazio objektiboa, konparagarria eta kontrol efektibora bideratua ahalbidetzen dutela.

13. artikulua.– Administrazio autonomikoaren gardentasun-ataria.

1.– Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio orokorraren eta instituzionalaren eremuan, lege honetan zehaztutako argitalpena gardentasun-atariaren bidez egingo da, zeina gardentasunaren arloko eskumena duen zuzendaritza-organoari atxikita egongo baita organikoki eta funtzionalki. Eskakizun teknikoak eta antolaketakoak erregelamendu bidez garatuko dira, eta irisgarritasun-, elkarreragingarritasun- eta berrerabilera-printzipioetara egokituko dira.

2.– Lege honen aplikazio-eremuan sartzen diren toki-administrazioek eta gainerako entitate eta subjektuek bermatu behar dute titulu honetan zehaztutako argitalpena egiten dela beren egoitza elektronikoen, atarien edo web-orrien bidez, hargatik eragotzi gabe administrazioarteko lankidetza-neurriak ezartzea, betiere elkarreragingarritasuna errespetatuz eta Administrazio autonomikoaren gardentasun-ataritik emanez hartarako irispidea.

14. artikulua.– Publiko egin behar den informazioa.

Gardentasun-betebeharra duten administrazio publikoek eta gainerako entitate eta antolakundeek argitara eman beharko dute kapitulu honetan zehaztutako eremu hauei buruzko informazio garrantzitsua, hargatik eragotzi gabe sektore bakoitzaren legeetan exijitutako betebehar partikularrak:

a) Erakundeari eta antolaketari buruzko informazioa.

b) Plangintzari eta ebaluazioari buruzko informazioa.

c) Garrantzi juridikoa duen informazioa.

d) Eragin ekonomikoa duen administrazio-jarduerari buruzko informazioa.

e) Kontratuei buruzko informazioa.

f) Jarduera publikoari buruzko informazioa.

g) Ekonomiari, aurrekontuei eta ondareari buruzko informazioa.

h) Interes orokorreko informazioa.

15. artikulua.– Erakundeari eta antolaketari buruzko informazioa.

1.– Lege honen arabera informazioa ematera behartuta dauden subjektuek gai hauei buruzko informazioa argitaratuko dute: betetzen dituzten eginkizunak eta aplikatzen zaien araudia, eta, bereziki, estatutuak eta antolaketa-arauak, egoitzen kokapen fisikoa, bai eta jendearentzako ordutegia, eta, hala badagokio, arreta emateko eta izapideak egiteko dituzten kanal elektronikoak ere. Berariaz argitaratuko dute erakundean publizitate aktiboko eta pasiboko betebeharrak betetzeko eskumena duen organoari edo ardura hori duten pertsonei buruzko informazioa.

2.– Ondorio horietarako, eraginpeko entitateek organigrama eguneratu bat ere ezarriko dute, eta hor identifikatuko dituzte organoetako arduradunak, entitateak gidatzen dituzten agintariak eta zuzendaritza-kideak, bakoitzaren profil eta ibilbide profesionalarekin batera; halaber, direktorio bat ere jasoko dute, betetzen duten lanpostuari buruzko informazioa eta harremanetarako telefonoa eta helbide elektronikoak behintzat bilduko dituena.

16. artikulua.– Plangintzari eta ebaluazioari buruzko informazioa.

1.– Titulu honen aplikazio-eremuan sartzen diren subjektuek urteko eta urte anitzeko planak eta programak argitaratuko dituzte, eta, han, helburu zehatzak ezarriko dituzte, bai eta helburu horiek lortzeko aurreikusitako jarduerak, bitartekoak eta denbora ere. Aldian-aldian, betetze-maila eta emaitzak ebaluatu eta argitaratu beharko dira, neurketa- eta balorazio-adierazleekin batera, administrazio eskudun bakoitzak ezarritako moduan.

2.– Artikulu honetan aipatutako informazioaren argitalpena, gutxienez, urtean behin eguneratuko da. Nolanahi ere, epe luzeagoa eman daiteke, plana edo programa urte anitzekoa izanik, aurreikusten bada denbora luzeagoa behar dela ondorioak positiboak edo negatiboak diren jakiteko, edo emaitzen ebaluazioa egiteko ezarritako denbora-esparruak aldi hori baino luzeagoak badira; hala bada, plana edo programa onestearekin batera argitaratuko da informazioa.

17. artikulua.– Garrantzi juridikoa duen informazioa.

1.– Administrazio publikoek, beren eskumenen esparruan, informazio hau argitaratuko dute aplikagarri zaien heinean:

a) Beren eskumen-eremuan aplikagarri zaizkien indarreko arauak, hargatik eragotzi gabe aldizkari ofizialetan eta dagokion egoitza elektronikoan argitaratzea.

b) Gidalerroak, instrukzioak, erabakiak, zirkularrak edo partikularrek edo beste organo batzuek egindako kontsulten erantzunak, zuzenbidea interpretatzea dakarten edo herritarrentzat ondorio juridikoak dituzten neurrian.

c) Beren ekimenekoak diren lege-aurreproiektuak eta xedapen orokorren proiektuak, organo aholku-emaileei irizpenak eskatzeko unean edo, irizpenak nahitaezkoak ez badira, hasierako eta amaierako onespena ematen zaien unean. Informazio edo erakustaldi publikoaren izapidea behar duten dokumentuak argitaratuko dira, bai eta arau-eraginari buruzko memoria ere.

d) Indarrean diren administrazio-prozedura guztien katalogo eguneratua eta, haien artean, formatu elektronikoan dauden prozedurena. Kasu guztietan, administrazio-isiltasunari eta jar daitezkeen errekurtsoei buruzko arauak erantsiko dira.

2.– Informazioa ematera behartuta dauden subjektu pribatuak eta zuzenbide publikoko korporazioak behartuta egongo dira, halaber, honako hauek behintzat argitaratzera: jabari publikoan edo zerbitzu publikoen kudeaketan eragina izan dezaketen baimenak, erantzukizunpeko adierazpenak eta aurretiazko komunikazioak.

18. artikulua.– Eragin ekonomikoa duen administrazio-jarduerari buruzko informazioa.

1.– Lege honek xedatutakoaren arabera informazioa ematera behartuta dauden subjektu publikoek honako hauei buruzko informazioa argitaratuko dute: ekonomiari eta aurrekontuei eragiten dieten eta duten eragin ekonomikoa izateagatik herritarren interesekoak diren administrazio-prozedurak eta haien administrazio-kudeaketako egintzak, bertan adierazita zein diren xedea, izapideak eta epeak, bai eta, hala badagokio, atxikita dituzten formularioak ere.

2.– Bereziki, laguntzei eta dirulaguntzei dagokienez:

a) Aurrekontu-ekitaldian zehar egindako dirulaguntza-programetarako deialdietako arauen zerrenda argitaratuko dute urtero, bai eta indarrean diren dirulaguntzak ere, eta adieraziko dute zenbatekoak diren dirulaguntzak, zer xede eta helburu duten eta zer baldintza bete behar dituzten pertsonek edo enteek onuradun izateko.

b) Emandako dirulaguntza eta laguntza publikoen onuradunen zerrenda argitaratuko dute, zenbatekoak eta helburuak edo xedeak adierazita, hargatik eragotzi gabe onuradunen zaurgarritasun sozialaren ondorioz justifikatutako salbuespenak edo eskubide edo interes legitimoetan eragina izateagatik justifikatutako salbuespenak.

c) Informazio estatistikoa argitaratuko dute: batetik, dirulaguntzen zenbateko osoari buruz, eta dirulaguntza horiek banakatu egingo dira kontuan hartuta dirulaguntzok zer prozeduraren bidez eman diren; eta, bestetik, prozedura bakoitzak dirulaguntzen aurrekontu orokorrean hartzen duen ehunekoari buruz.

3.– Argitara eman beharko dira egiten diren lankidetza-hitzarmen guztiak, honako hauek adierazita: alderdi sinatzaileak, hitzarmenaren xedea, iraupena, egindako aldaketak, prestazioak eta hitzartutako betebehar ekonomikoak. Halaber, sinatzen diren kudeaketa-gomendioak ere argitaratu beharko dira, adierazita xedea, aurrekontua, iraupena eta betebehar ekonomikoak, bai eta, halakorik badago, azpikontratazioak ere, adierazita haien adjudikaziodunak, adjudikazio-prozedura eta adjudikazioaren zenbatekoa.

4.– Argitara eman beharko da zenbateko ordainsariak dituzten urtean titulu honen aplikazio-eremuan sartzen diren entitateetako goi-kargudunek eta arduradun nagusiek. Halaber, hala badagokio, kargua uzteagatik hartzen dituzten kalte-ordainak ere argitaratuko dira.

5.– Argitara eman beharko dira enplegatu publikoei eragiten dieten bateragarritasuna baimentzeko edo aitortzeko ebazpenak, bai eta goi-kargua utzi ostean jarduera pribatuan aritzeko baimena emateko ebazpenak ere, legez baimen hori beharrezkoa denean.

19. artikulua.– Kontratuei buruzko informazioa.

1.– Lege honek xedatutakoaren arabera informazioa ematera behartuta dauden subjektu publikoek programatutako kontratuei eta formalizatutako kontratu guztiei buruzko informazioa argitaratuko dute, hauek adierazita: kontratuaren xedea eta kontratu-mota, lizitazioaren eta adjudikazioaren zenbatekoa, adjudikazio-prozedura eta baldintza tekniko eta administratiboen agiriak.

2.– Halaber, adieraziko da kontratuaren publizitatea zer tresnaren bidez egin den –hala badagokio–, prozeduran zenbat lizitatzailek parte hartu duten eta adjudikazioduna nor den edo, kontratua hutsik geratu bada, adjudikaziodunik ez dela, bai eta formalizazio-eguna, kontratua betearazten hasteko eguna, kontratuaren aurreikusitako iraupena eta kontratuan egindako aldaketak ere, barnean direla, bereziki, kontratuaren luzapenak, kontratu-lagapenak, prezioen berrikusketak, kontratuaren suntsiarazpenak edo baliogabetasun-kasuen aitorpena eta azpikontratazioak, azken horren kasuan azpikontratista nor den zehaztuta. Atzera egiteko erabakiak eta kontratuei egindako ukoak ere argitaratuko dira.

3.– Argitara emango da zenbat kontratu esleitu diren sektore publikoko kontratuen legeetan xedatutako prozeduretako bakoitzaren bidez, bai eta prozedura bakoitzaren bidez esleitutako kontratuen aurrekontu-bolumenaren ehunekoari buruzko datu estatistikoak ere; hala, jakin ahal izango da kontratu-modalitate bakoitzean kontratatutako ehunekoak zein diren, eta azken lau urteetan sektore publikoarekin kontraturik egin duen enpresa bakoitzak jaso dituen ehunekoak zein diren. Kontratu txikiei buruzko informazioa hiru hilabeterik behin argitaratu beharko da.

4.– Artikulu honetan aipatutako argitaratzetik salbuetsita geratzen dira kontratu-legeen arabera argitaratzetik salbuetsita dauden kontratuak.

20. artikulua.– Jarduera publikoari buruzko informazioa.

1.– Gardentasun-printzipioa dela-eta lege honek xedatutakoaren arabera informazioa ematera behartuta dauden subjektu publikoek garrantzi publikoko beren jarduera zein den aditzera emango dute.

2.– Hauek hartuko dira, bereziki, halakotzat:

a) Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio orokorreko Gobernu Kontseiluaren erabakiak.

b) Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoa osatzen duten entitateetako gobernu- edo administrazio-organoen erabakiak.

c) Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoko goi-kargudunen eta zuzendaritza-kideen agenda osatzen duten ekitaldi publikoak.

3.– Lege honek xedatutakoaren arabera informazioa ematera behartuta dauden subjektu publikoek eta zerbitzu publikoak ematen dituzten entitateek informazio hau emango dute, era argi, irisgarri, ulergarri eta errazean: zer zerbitzu publiko eman dituzten, aurreikusitako prestazioak eta haien eskuragarritasuna, zerbitzu-kartak eta beren eskumeneko zerbitzu publikoen betetze- eta kalitate-maila baloratzeko beste edozein informazio. Kexa eta iradokizunen postontzia izango dute guztiek, edo zerbitzuak edo prestazioak bete ez izana prozedura arin eta erraz baten bidez salatzeko modu bat.

21. artikulua.– Ekonomiari, aurrekontuei eta ondareari buruzko informazioa.

Gardentasun-printzipioa dela-eta lege honek xedatutakoaren arabera informazioa ematera behartuta dauden subjektu publikoek beren entitate guztien aurrekontuei buruzko informazio hau guztia emango dute jakitera, aplikatu behar zaizkien aurrekontu-araudiarekin eta kontrol- eta kontabilitate-araudiarekin bat etorriz: aurrekontu-partida nagusien deskribapena eta haien exekuzioari eta likidazioari buruzko informazio ulergarri eguneratua, zorpetze-maila, aurrekontu-egonkortasunerako eta finantza-jasangarritasunerako helburuen betetze-maila, finantza- eta ondare-egoera adierazten duten aldagaiak, eman beharreko urteko kontuak, kanpoko kontrol-organoek egindako kontuen auditoretzako txostenak eta fiskalizazio-txostenak.

22. artikulua.– Argitaratu beharreko interes orokorreko bestelako informazioa.

1.– Kasu bakoitzerako araudi espezifikoak ezartzen dituen informazio-betebeharrak betetzeaz gain, Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoa osatzen duten entitateek argitara emango dute herritarrentzat interes orokorrekoa den informazioa; esate baterako, informazio kartografikoa eta trafikoari, eguraldiari, ingurumenari, lurralde-antolamendu eta hirigintzari, kulturari, osasunari eta hezkuntzari buruzko informazioa.

2.– Aditzera emango da zein diren herritarrei arreta emateko eta herritarrek parte hartzeko kanalak, zein den zerbitzuaren funtzionamenduari buruzko kexak eta erreklamazioak aurkezteko prozedura, zenbat erreklamazio aurkeztu diren eta zenbat edo zer ehuneko onartu den edo ebatzi den herritarren alde, baita ebazpen-denbora zein izan den ere.

3.– Halaber, argitara emango da bai herritarrek gehien eskatzen duten informazioa, bai lege honen bidez araututako irispide-eskubidea baliatuta gehien eskatzen den informazio publikoa.

23. artikulua.– Datuak berrerabiltzea eta irekitzea.

1.– Gardentasuna hobetzeko, administrazioen arteko elkarreragingarritasuna sustatzeko eta gizartean balioa sortzeko xedez, Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoa osatzen duten entitateek beren esku dauden datu publikoak benetan irekitzeko behar diren ekintzak sustatu behar dituzte, betiere datuak berrerabiltzeko eran eta pribatutasun-, segurtasun- edo jabetza-murrizketak erabat errespetatuta.

2.– Oro har, datu desagregatuak eta mikrodatuak eduki beharko dira, arlo horretako Europako estrategiak ezartzen duen moduan, eta inolako lizentzia edo baldintza espezifikorik behar izan gabe eman behar dira, datuon birbanaketa, berrerabilera eta aprobetxamendua errazteko, formatu digital, estandarizatu eta irekian eman ere, libre eta doan, egitura argi eta esplizitu baten arabera, bai herritarrek eta bai eragile konputazionalek ulertzeko eta berrerabiltzeko era batean. Hala ere, erregelamenduz zehaztu ahalko da zer kasutan eman beharko den lizentzia aurrez datu jakin batzuk berrerabili ahal izateko.

3.– Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio orokorrak informazio publiko berrerabilgarriaren baliabideetarako irispidea emango du, baliabideok irispide-puntu erkide batean eskueran jarrita. Puntu hori gobernu irekiaren plataforman egongo da, eta, han, informazio zehatza eta eguneratua emango da datu-multzo bakoitzaren ezaugarriei buruz. Bereziki, administrazio publikoen esku dauden datu eta dokumentu elkarreragingarrien zerrenda argitaratuko da, bai eta haien jabetzako aplikazio informatikoen iturburu-kodea ere, baldin eta aplikazio horiek kode irekiko aplikazio informatikoen direktorio baten parte badira.

4.– Halaber, espazio bat jarri beharko da irispide-puntu horretan bertan, herritarrek proposamenak eta iradokizunak egiteko, bai eskatutako informazioari buruz eta bai eman zaien informazioari eta erabili diren formatu, programa edo lengoaia informatikoei buruz. Espazio horretan, lekua egin ahal izango da datuak irekitzearekin eta berrerabiltzearekin zerikusia duten aplikazio informatikoen garapenean parte hartzeko ere.

5.– Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoaren Interneteko presentziaren ereduaren esparruan, gobernu irekiko tresna batzuk garatuko dira Interneten, doan eta libreki partekatu eta berrerabili ahal izango direnak.

II. KAPITULUA
INFORMAZIO PUBLIKORAKO IRISPIDEA

24. artikulua.– Informazio publikorako irispidea izateko eskubidea.

1.– Pertsona oro, izan pertsona fisikoa zein juridikoa, informazio publikorako irispidea izateko eskubidearen titular da; horretaz baliatzeko, aldez aurretik eskatu behar du, eta legean ezarritako mugak baino ez ditu izango.

2.– Eskubide hori baliatzeko, ez da eskaera arrazoitu behar, ez eta araurik argudiatu behar ere, ez baita bete beharreko baldintza ez interesduna izatea, ez bestelako eskubide edo interes legitimorik izatea.

3.– Informazio publikorako irispidea izateko eskubideak ez ditu eragotziko gainerako eskubideak eta prozedurak. Hala, ez dira informazio publikorako irispidea izateko eskubidetzat hartuko Administrazioarekiko beste komunikazio-mota batzuk, esate baterako hauek: eskaera-eskubidea; herritarrei arreta emateko kanalen bidezko informazio orokorreko kontsultak; kexak eta iradokizunak; edo datuen babesari buruzko araudian araututako eskubideak. Horrelako kasuetan, prozedura edo kanal espezifikora bideratuko da eskaera, eta hala egin dela jakinaraziko zaio eskatzaileari.

4.– Informaziorako irispidearen gaineko araubide juridiko espezifikoa duten eremuek araudi zehatz horri jarraituko diote eta, osagarri gisa, lege honi. Egoera horietan, lege-mailako arau batek ezartzen baditu soilik aplika daitezke lege honek xedatzen dituenez bestelako murrizketak.

25. artikulua.– Informazio publikoa eskatzen duen pertsonaren Eskubideak.

Informazio publikoaren eskatzaileak eskubide hauek ditu:

a) Lege honek ematen dizkion eskubideez informatua izatea, eta haiek zuzen baliatzeko aholkularitza jasotzea, administrazio onaren eskubidearekin bat etorriz.

b) Eskatzen duen informazioa jasotzea, lege honek ezartzen dituen gehieneko epeetan.

c) Eskatutako informazio publikoa berak aukeratzen duen modalitatean edo formatuan jasotzea, legearekin bat etorriz.

d) Jakitea zergatik ez zaion ematen eskatutako informazioaren zati bat edo informazio osoa, eta jakitea zergatik ez zaion ematen informazioa berak eskatutako modalitatean edo formatuan.

e) Eskatutako informazioa jasotzeko aplika dakizkiokeen tasen eta prezioen zerrenda ezagutzea, eta ordaintzetik salbuetsita geratzeko arrazoien berri izatea.

f) Jasotako informazioa erabiltzea, aurretiazko baimenik gabe, lege honetan eta gainerako ordenamenduan ezarritako mugen barruan.

26. artikulua.– Informazio publikora iristen diren pertsonen eta entitateen betebeharrak.

Informazio publikorako irispidea izateko eskubidea baliatu nahi duten pertsonek eta entitateek betebehar hauek izango dituzte, halaber:

a) Beren eskubidea fede onaren printzipioaren eta eskubide-abusua debekatzen duen printzipioaren arabera baliatzea eta, bereziki, informazio publikora iristea zerbitzu publikoen funtzionamenduaren eraginkortasunari kalterik egin gabe eta eskaerak ahalik eta zehatzen eginda. Horretarako, Administrazioak eskatzaileri lagunduko dio, administrazio onaren eskubideak agindu bezala.

b) Lortutako informazioa berrerabiltzeko oinarrizko araudian ezarritako betebeharrak errespetatzea.

c) Dagokion ebazpenak informaziorako irispidea izateko ezarri dituen baldintza eta betekizun materialak betetzea, baldin eta informaziora iristeko modalitate jakin bat erabili behar bada edo artxibategi edo bulego publiko batera aurrez aurre jo behar bada.

27. artikulua.– Informazio publikorako irispidea izateko modalitatea.

1.– Informazio publikorako irispidea izateko eskubideak barnean hartzen du informazioa prestatzeko edo gordetzeko edozein forma edo euskarri.

2.– Administrazio publikoek dokumentuak, informazioa eta datuak kudeatzeko sistema integratu bat ezarri behar dute, zeinaren bidez posible izan behar baita bai administrazioen arteko elkarreragingarritasuna, bai edozein dokumentu edo informazio aurkitzea, bai dokumentu edo datu-multzo oro dagokion irispide- eta publizitate-araubidearekin automatikoki lotzea.

3.– Eskaera egiteko erabilitako edo eskatzaileak eskatutako euskarrian eta formatuan emango da informazioa, salbu eta inguruabar hauetako bat tartean bada:

a) Publizitate aktiboaren printzipioari jarraikiz edo beste moduren batean informazioa eskatzailearen eskura badago dagoeneko, eta, hortaz, informazioaz erraz jabetzeko modua badu. Kasu horretan, dagokion administrazioak edo entitateak, informaziorako irispidea emateko, aukeran du inguruabar horren berri ematea eta informazio hori nola lortu dezakeen adieraztea.

b) Behar bezala justifikatzen bada arrazoi teknikoak direla-eta ez dagoela kopia formatu jakin batean ematerik, edo informazioa eskatzaileak eskatutako moduan ematea ezinezkoa dela edo gehiegizko kostua duela; kasu horretan, dagokion administrazioak edo entitateak beste moduren batean eman beharko du informazioa, are informazioa aurrez aurre erakutsita ere, berma dadin informaziora iristeak ez duela sortzen neurriz kanpoko gasturik, ez dakarrela jatorrizko euskarria galtzerik edo hondatzerik edo, oro har, modalitate hori justifikatzen duten bestelako arazoak saihesten direla.

28. artikulua.– Doakotasun-printzipioa eta kostuak.

Informaziorako irispidea doakoa da. Hala ere, informazioaren eskatzaileak hala eskatuta dokumentuen kopiak egiten badira edo informazioa jasotzen duen jatorrizko formatua ez den beste formatu batzuk erabiltzeak kosturen bat eragiten badu, tasa edo prezio publiko bat eskatu ahal izango da, betiere dagokion araudian hala araututa badago, eta kopuru hori ezingo da inolaz ere izan emandako zerbitzuaren benetako kostua baino handiagoa.

29. artikulua.– Informazio publikorako irispidea izateko eskubidea mugatzea.

1.– Informazio publikorako irispidea izateko eskubidea legeek espresuki ezarritako arrazoiengatik bakarrik ukatu edo murriztu daiteke.

2.– Informazio publikorako irispidea izateko eskubidearen mugak xedearekiko eta helburuarekiko proportzioan aplikatuko dira, kasu zehatz bakoitzaren inguruabarren arabera, eta talka egiten duten eskubideak interes publikoaren eta babestutako interesen arabera haztatuko dira; gainera, modu murriztaile batean interpretatuko da beti, irispide-eskubidearen mesedetan eta, betiere, berdintasun-printzipioarekin eta arbitrariotasuna debekatzen duen printzipioarekin bat etorriz.

3.– Informazio publikorako irispidea izateko eskubidea ukatu edo mugatzea printzipio orokorraren salbuespena da; beraz, aurreko apartatuetan adierazitako printzipioen araberako arrazoi sendoak eman beharko dira, eta kausa hauetan eta oinarrizko legeek aitortutako kausetan baino ezin izango da oinarritu:

a) Datu pertsonalak babestea, lege honek xedatutakoaren arabera.

b) Konfidentzialtasuna eta sekretua bermatzea erabakiak hartzeko prozesuetan.

c) Zaintzako, ikuskapeneko eta kontroleko administrazio-eginkizunak.

d) Lege-mailako arauek babesten duten informazio guztia.

4.– Adingabekoei buruzko informazioa babestutzat joko da kasu guztietan, baldin eta informazio hori jakiteak edo zabaltzeak beren nortasunaren garapen askea baldintzatu badezake etorkizunean, salbu eta informazioaren izaera anonimoa bermatu ahal bada.

5.– Informazio publikorako irispidea izateko eskubidea legeek ezarritako denborarako baino ez da ukatuko edo mugatuko, edo neurri hori justifikatzen duten arrazoiek dirauten bitartean.

6.– Informazio publikorako irispidea izateko eskubidea ukatzea edo mugatzea erabakitzeko ebazpenak, artikulu honen 3. apartatuan ezarritakoarekin bat, arrazoituta egongo dira beti, eta, interesdunei jakinarazi ondoren, publizitatea emango zaie, haietan ageri diren datu pertsonalak disoziatu ondoren.

30. artikulua.– Datu pertsonalak babestea informazio publikorako irispidea izateko eskaeretan.

1.– Hirugarrenen datu pertsonalak dituen informazio publikorako irispidea izateko eskaerak ebazteko, datu pertsonalen babesari buruzko arauetan xedatutakoa bete beharko da.

2.– Eskatutako informazioak ideologiaren, sindikatu-afiliazioaren, erlijioaren edo sinesmenen berri ematen duten datu pertsonalak baditu, ukitutako pertsonak adostasun espresu eta idatzizkoa eman badu soilik baimendu ahalko da irispidea, salbu eta pertsona horrek datuak ageriki publiko egin baditu informaziorako irispidea izatea eskatu aurretik.

Informazioak arraza-jatorriari, osasunari edo bizimodu sexualari buruzko datu pertsonalak baditu, edo datu genetiko edo biometrikoak baditu edo arau-hausleari kargu-hartze publikorik ez dakarkioten arau-hauste penal edo administratiboei buruzko datuak baditu, informaziorako irispidea baimendu ahalko da soil-soilik baldin eta ukitutako pertsonak adostasun espresua ematen badu edo pertsona hori babesten duen lege-mailako araurik badago.

3.– Informazio publikorako irispidea izateko eskaeraren xedeak lotura zuzena badu ukitutako entitate publikoaren antolaketarekin, funtzionamenduarekin edo jarduera publikoarekin, eta hango datu pertsonalak identifikazio-datuak baino ez badira, informaziorako irispidea eman beharko da, salbu eta, salbuespenez, kasu jakin horretan, dibulgazioaren interes publikoaren gainetik gailendu behar bada datu pertsonalen babesa edo Konstituzioak babestutako beste eskubide batzuk.

4.– Nolanahi ere, irispidea ukatu egingo da iritziz gero kasu jakin horretan datu pertsonalen babesa informazioa zabaltzearen interes publikoaren gainetik jartzen duten inguruabar bereziak daudela edo ohorerako, intimitaterako eta norberaren irudia gordetzeko eskubidea zaindu behar dela.

5.– Informazio publikorako irispidea izateko eskubidea ezingo da ukatu edo mugatu baldin eta informaziora iritsi aurretik datu pertsonalak disoziatu badira, halakorik egonez gero, eta, modu horretan, ukitutako pertsonak identifikatzea ezinezkoa bada.

31. artikulua.– Irispide partziala.

Eskatutako informazioaren zati bat aurreko artikuluetan zerrendatutako mugaren baten eraginpean badago, ahal dela, irispide partziala emango da; horretarako, ez da jarriko mugen eraginpeko zatia, salbu eta horrek informazio distortsionatua, nahasgarria edo zentzugabea eragiten badu. Horrelako kasuetan, eskatzaileari adieraziko zaio informazioaren zer zati utzi den eman gabe.

32. artikulua.– Informazio publikorako irispidea izateko eskaerak izapidetu eta ebazteko organo eskudunak.

1.– Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio orokorraren eta instituzionalaren eremuan, informazioa duten zuzendaritza-organoetako titularren eskumena da informazio publikorako irispidea izateko prozedurak izapidetu eta eskaerak ebaztea.

2.– Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoari atxikitako edo lotutako entitate instrumentaletan, estatutuek edo funtzionamendu-arauek zehazten dute zein diren organo eskudunak.

3.– Lege honen arabera manu horiek aplikatu behar dituzten gainerako erakunde eta antolakundeek funtzionamendu-arauetan ezarriko dute eskumen hori.

33. artikulua.– Informazio publikorako irispidea izateko prozedura.

1.– Informazio publikorako irispidea izateko eskubidea baliatzeko prozedura berezia da. Lege honetan xedatutakoa betetzeaz gain, modu osagarrian, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legean xedatutakoa ere beteko du, edo lege hori ordezkatzen duen arauan xedatutakoa, etorkizunean halakorik balitz.

2.– Informazio publikorako irispidea izateko eskubidea balia daitekeela bermatu eta errazteko, oztopo edo eragozpen diren eskakizun eta betekizun guztiak kendu beharko dira, prozeduran interesa duten pertsonen identifikazioari eta sinadurari dagokienez batez ere.

34. artikulua.– Informazio publikorako irispidea izatea eskatzea.

1.– Informazio publikorako irispidea izateko eskubidea baliatzeko prozedura eskaera aurkezten denean hasiko da; eskaera hori informazioa duen administrazio-organoaren edo entitatearen titularrari zuzendu beharko zaio. Zerbitzu publikoak ematen dituzten edo administrazio-ahalak egikaritzen dituzten pertsona fisiko edo juridikoen esku dagoen informazioa bada, eskaera pertsona horiek atxikita dauden administrazioari, organismoari edo entitateari zuzenduko zaio, zeina titulu honen aplikazio-eremuaren barrukoa izan beharko baitu. Eskaera zuzenean entitate pribatuei aurkezten bazaie, entitate horiek zer organo publikori lotuta dauden, bada organo horri igorriko diote eskaera, erregistratu eta ebatz dezan; horrekin batera, eskatutako informazioa ere bidaliko diote, baldin eta haien esku badago.

2.– Eskaera edozein bitartekoren bidez egin ahal izango da, eta alderdi hauek behintzat adierazi beharko ditu:

a) Eskatzailearen identitatea.

b) Zer informazio eskatu den, zehatz-mehatz deskribatuta, dokumentu edo espediente zehatzik aipatu beharrik gabe.

c) Hala badagokio, zer modalitate edo formatutan nahiago duen izan eskatutako informaziorako irispidea.

d) Harremanetarako helbide bat –ahal dela, elektronikoa–, komunikazioetarako.

3.– Eskatzaileak ez du nahitaez arrazoitu behar zergatik nahi duen informazio publikorako irispidea izan, eta ez arrazoitzea, berez, ez da izango baztertzeko kausa. Hala eta guztiz ere, informazio hori eskatzeko arrazoiak azaldu ahal izango ditu, eta, ebazpena emateko orduan, kontuan hartu ahal izango dira.

4.– Eskaera Euskal Autonomia Erkidegoko hizkuntza ofizialetako edozeinetan aurkeztu ahal izango da, hargatik eragotzi gabe Euskal Sektore Publikoaren maiatzaren 12ko 3/2022 Legearen 76.3 artikuluan xedatutakoa.

35. artikulua.– Informazio publikorako irispidea izateko eskaera ez onartzeko arrazoiak.

Eskaera bat ez onartzeko, ebazpen arrazoitua eman beharko da, eta erabakia kasu hauetako batean soilik egon ahal izango da oinarrituta:

a) Informazioa prestatzeko bidean edo oro har argitaratzeko bidean bada; kasu horretan, ez onartzeko ebazpenak zehaztu beharko du zer organo ari den informazio hori prestatzen eta zenbat denbora daukan aurreikusita amaitzeko eta eskueran jartzeko.

b) Barne-komunikazio osagarri edo lagungarriei buruzkoa bada, hala nola garrantzirik edo interes publikorik ez duten ohar, zirriborro, iritzi, laburpen eta barneko edo administrazio-organo edo -entitateen arteko komunikazio edo txostenetan dagoena. Nahitaezko txostenei ez zaie emango eskaera arrazoi horrengatik ez onartzea justifikatzeko nahikoa den izaera osagarri edo lagungarri hori.

c) Informazio hori zabaldu aurretik hura modu konplexu batean berriro prestatu behar bada. Eskatutako informazioak tratamendu informatizatu arrunta behar badu eskatzaileari eman aurretik, tratamendu hori ez da joko informazioaren birprestaketatzat; beraz, ez du balio izango eskaera ez onartzeko justifikazio gisa.

d) Eskaera jasotzen duen erakundeak informazioa ez badu, eta ez badaki zer entitatek duen.

e) Eskaera nabarmen errepikakorra bada edo, lege honen gardentasun-xedeari erreparatuta, justifikatu gabeko abusuzko izaera badu.

36. artikulua.– Informazio publikorako irispidea izateko eskaera izapidetzea.

1.– Eskaera entitate hartzailearen esku ez dagoen informazioari buruzkoa bada, entitate horrek organismo eskudunari bidaliko dio, baldin eta hura zein den badaki, eta inguruabar horren berri emango dio eskatzaileari.

Horretarako, administrazio publikoek lankidetza-bideak jarriko dituzte, hori dela-eta beren sektore publikoetan eskaerak erreproduzitu beharrak dakartzan administrazio-kargak murrizteko xedez.

2.– Eskaeran informazioa behar bezain argi identifikatzen ez bada, entitate hartzaileak, eskaera jaso eta hamar eguneko epean, eskatzaileari eskatuko dio zehaztu dezala hamar eguneko epe luzaezinean, eta adieraziko dio ezen, hala egin ezean, eskaeran atzera egin duela ulertuko dela, eta ebazpena emateko epea eten dela. Adierazitako epea igarotzen bada zuzenketa egin gabe, eskaera bidez artxibatzeko ebazpena emango da eta eskatzaileari jakinaraziko zaio, errekurtsoa aurkezteko aukera izan dezan edo, hala badagokio, beste eskaera bat egin dezan, zer eskatzen duen edo zer informazio nahi duen zehaztuta.

3.– Eskaera behar bezala identifikatutako hirugarrenen eskubide edo interesei eragiten dien informazioari buruzkoa bada, ebazteko organo eskudunak entzunaldiaren izapidea emango die hirugarren horiei, hamabost eguneko epean egoki deritzotena alega dezaten eta, hala badagokio, adostasun espresua eman dezaten. Eskatzaileari inguruabar horren berri emango zaio, eta adieraziko zaio bere eskaera ebazteko epea eten dela ukitutako hirugarrenen alegazioak edo adostasuna jaso arte edo haiek aurkezteko emandako epea bukatu arte.

4.– Eskaeraren xede den informazioa, eskaeraren entitate hartzailearen esku egon arren, beste entitate batek egin edo sortu badu osorik edo nagusiki, eskaera beste horri bidaliko zaio, berak erabaki dezan irispidea eman ala ez.

37. artikulua.– Informazio publikorako irispidea izateko eskaera ebaztea.

1.– Informazio publikorako irispidea eman ala ez erabakitzen duen ebazpena eskatzaileari jakinarazi beharko zaio, bai eta hala eskatu duten ukitutako hirugarrenei ere, ebazteko organo eskudunak eskaera jaso eta hilabeteko epean gehienez.

2.– Epe hori beste hamabost egunez luzatu ahal izango da, baldin eta hala behar bada eskatutako informazioaren bolumenarengatik edo konplexutasunarengatik; hala bada, inguruabar horren berri emango zaio eskatzaileari.

3.– Egokiro arrazoitu beharko dira bai irispidea ukatzen duten ebazpenak, bai irispide partziala edo eskatutakoa ez den modalitate baten bidezko irispidea ematen dutenak, bai hirugarren bat aurka azaldu arren irispide hori ahalbidetzen dutenak.

4.– Informaziorako irispidea ukatzeko, ebazpen espresu eta arrazoitua eman beharko da beti, eta ebazpen hori artikulu honetan ezarritako epeetan jakinarazi beharko da. Eskaera bat ebazteko gehieneko epea igaro bada eta ebazpen espresurik eman eta jakinarazi ez bada, ezetsitzat joko da, administrazio-isiltasunez, baina horrek ez ditu salbuetsiko informazioa ematera behartuta dauden subjektuak espresuki ebazteko duten betebeharretik.

38. artikulua.– Irispidea formalizatzea eta informazioa ematea.

1.– Eskaera baten ebazpena osorik edo partzialki baieslea bada, eskatutako informazioa erantsiko zaio ebazpenari. Hala ere, lege honetan xedatutakoaren arabera egokia baldin bada informaziora iristeko beste modalitateren bat erabiltzea, informazio horretara berehalakoan nola iritsi adieraziko da ebazpenean; eskubide hori benetan balia daitekeela bermatu beharko da, informazio osora ahalik eta eperik laburrenean iristeko bidea emanda.

2.– Ebazpenak hirugarren bati eragiten dion informazio baterako irispide osoa edo partziala ematen badu eta hirugarren hori kontra azaldu bada aurreko izapidean, informaziorako irispidea ezin izango da benetan gauzatu harik eta hirugarrenak ebazpena hala Gardena-Gardentasunaren Euskal Agintaritzan, 39. artikuluan aurreikusitako prozeduraren arabera, nola jurisdikzio-bidean errekurritzeko duen epea agortu arte, errekurtsorik jarri gabe, edo eskatzaileak informazioa jasotzeko eskubidea duela baieztatzen duen ebazpena irmoa izan arte.

39. artikulua.– Aurkaratze-prozedura.

1.– Informazio publikorako irispidearen arloan emandako ebazpenek amaiera ematen diote administrazio-bideari, eta errekurtsoa aurkez dakieke zuzenean administrazioarekiko auzien jurisdikzioan, hargatik eragotzi gabe lege honetan aurreikusitako aukerako erreklamazioa Gardena-Gardentasunaren Euskal Agintaritzan jartzeko aukera, edo, hala badagokio, informazio publikorako irispideari buruzko erreklamazioetako bitartekaritza-prozedura hastea eskatzea, halaber lege honetako arauei jarraikiz.

2.– Nolanahi ere, Eusko Legebiltzarrak, Herri Kontuen Euskal Epaitegiak eta Arartekoak informazio publikorako irispidearen arloan emandako ebazpenen aurka administrazioarekiko auzi-errekurtsoa baino ezingo da jarri.

40. artikulua.– Gardena-Gardentasunaren Euskal Agintaritzan aukerako erreklamazioa jartzea.

1.– Informazio publikorako irispidearen arloko ebazpen espresu ororen edo ustezko ebazpen ororen aurka, 39.2 artikuluak aurreikusitako egoeretan izan ezik, erreklamazioa jarri ahal izango da Gardena-Gardentasunaren Euskal Agintaritzan, aukeran eta administrazioarekiko auzibidean aurkaratu baino lehen. Aukerako erreklamazio hori administrazio-errekurtsoen ordezkoa izango da, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 112.2 artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz.

2.– Erreklamatzeko izapideek prozedura hau beteko dute:

a) Erreklamazioa jartzeko epea hilabetekoa izango da, aurkaratutako egintza jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera. Egintza espresua ez bada, administrazio-isiltasunak ondorioak izan eta hurrengo egunetik aurrerako edozein unetan jarri ahal izango da erreklamazioa.

b) Gardena-Gardentasunaren Euskal Agintaritzaren iritziz erreklamatutako informazioak hirugarren ondo identifikatuen eskubideak edo interesak ukitu ahal baditu, entzunaldiaren izapidea emango zaie, beren eskubideei komeni zaiena alega dezaten.

c) Ebazpena emateko eta jakinarazteko gehieneko epea hiru hilabetekoa izango da; epe hori igarotzen denean, ezetsitzat joko da erreklamazioa.

d) Emandako ebazpenak, interesdunei jakinarazi ondoren, Gardena-Gardentasunaren Euskal Agintaritzaren web-orrian argitaratuko dira, baina, lehenago, bertan ageri diren datu pertsonalak disoziatuko dira.

3.– Gardena-Gardentasunaren Euskal Agintaritzak erreklamazio hori ebazteko ematen duen ebazpena betearazlea izango da. Baiespen-ebazpena irmoa eta betearazlea denean, horren berri emango zaio hura betetzeko ardura duen entitateari, eta alderdi hauek behintzat adieraziko zaizkio: zelako irismena duen informaziorako irispideak, zer epe dagoen ebazpena betetzeko eta zer baldintzatan gauzatu behar den. Ukitutako entitateak ebazpena betetzeko egindako jarduketen berri eman beharko du eta, ebazpena ezarritako epean betetzen ez badu, interesdunak Gardena-Gardentasunaren Euskal Agintaritzari eman ahal izango dio horren berri, betetzeko errekerimendua egin dezan.

4.– Gardena-Gardentasunaren Euskal Agintaritzaren ebazpenen aurka, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa baino ezingo da jarri.

5.– Gardena-Gardentasunaren Euskal Agintaritzak informaziorako irispidearen arloko ebazpenak betetzeko egiten dituen errekerimenduak aintzat ez hartzeak erantzukizuna eskatzea ekar dezake, lege honetan ezarritakoarekin bat etorriz.

6.– Gardena-Gardentasunaren Euskal Agintaritzak zehapen-prozedura hastea eskatu ahal izango du, lege honetan xedatutakoarekin bat etorriz.

41. artikulua.– Bitartekaritza-prozedura.

1.– Alderdietako edozeinek eskatu ahal izango dio Gardena-Gardentasunaren Euskal Agintaritzari bitartekaritza-prozedura has dezala, baldin eta informazio publikorako irispidea izateko eskubidearen ondoriozko erreklamazioa aurkeztu bazaio agintaritza horri; hala bada, erreklamazioa jarri dela jakin eta bost eguneko epean egin beharko da eskaera hori.

2.– Gardena-Gardentasunaren Euskal Agintaritzak, bitartekaritza-prozedurarako eskaera jaso ondoren, esku hartzen duten alderdi guztiei eman beharko die horren berri, eskaerari buruzko iritzia eman dezaten. Administrazioak ezin izango dio uko egin bitartekaritza-prozedura aplikatzeari baldin eta alderdi interesdun guztiek onartzen badute.

3.– Bitartekaritza-prozedurak dirauen bitartean, aurreko artikuluan araututako aukerako erreklamazioaren izapideak etengo dira.

4.– Bitartekaritza-prozedura hura onartu eta hilabeteko gehieneko epean gauzatu beharko da. Bitartekaritza-akordiorik lortzen ez bada, Gardena-Gardentasunaren Euskal Agintaritzan jarritako aukerako erreklamazioaren izapidetzeak aurrera egingo du, eten zen puntutik aurrera.

5.– Gardena-Gardentasunaren Euskal Agintaritzak laguntza teknikoko bulegoko bere langileen artean hautatuko du bitartekaria, zeinak administrazio-bitartekaritzaren arloko prestakuntza eta ezagutza espezifikoak izan beharko baititu. Bitartekaritza aurrez aurre zein telematikoki egin ahal izango da.

6.– Bitartekaritzaren ondoriozko akordioa hauek onetsi beharko dute: erreklamatzaileak, ukitutako administrazioak eta, hala badagokie, prozeduran agertu diren hirugarrenek. Gardena-Gardentasunaren Euskal Agintaritzak berretsi beharko du akordioa, zeinak prozedurari amaiera emango baitio eta inola ere ezingo baita izan ordenamendu juridikoaren aurkakoa.

7.– Hala erabakitzen badute, esku-hartzaileek bitartekaritza-akordio partzialak egin ahal izango dituzte, eta irismena erreklamazioaren xedearen zati batera mugatu berariaz. Kasu horretan, erreklamazioaren gainerako izapideek aurrera egingo dute Gardena-Gardentasunaren Euskal Agintaritzaren ebazpen-prozedura arruntaren bidez.

8.– Bitartekaritza-akordioa ezarritako baldintzetan eta epeetan bete beharko da. Akordioaren edukiari eta betearazpenari dagokienez, lege honetan Gardena-Gardentasunaren Euskal Agintaritzaren ebazpenetarako xedatutakoa aplikatu beharko da.

9.– Gardena-Gardentasunaren Euskal Agintaritzan informazio publikorako irispidea izateko eskubidearen ondoriozko erreklamazioa dela-eta gauzatzen den bitartekaritza-prozedura espezifikoak lege honetan, lege hau garatzeko araudian eta Gardena-Gardentasunaren Euskal Agintaritzako presidenteak ezarritako gidalerro eta erabakietan xedatutakoari jarraitu beharko dio.

10.– Ez dira bitartekaritzapean jarriko pertsonen oinarrizko eskubideei zuzenean eragiten dieten, ordena publikoaren aurkakoak diren edo hirugarrenen interesei kalte egiten dieten gaiak.

III. KAPITULUA
PLANGINTZA ETA KOORDINAZIOA

42. artikulua.– Gardentasunaren arloko Plangintza.

1.– Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoaren esparruan, Eusko Jaurlaritzak, gardentasunaren arloko sail eskudunak proposatuta, gardentasunaren arloko jarduketak programatzeko, ezartzeko eta haien jarraipena egiteko plan bat onetsiko du, lege hau aplikatu eta garatzeko eta arlo honetan etengabe hobetzeko.

2.– Plan horretan, hauek behintzat jaso beharko dira: planean garatu beharreko ekintzen zerrenda, ekintza horiek gauzatzeko behar diren jarduketak, aurrekontua, ekintzen betetze-maila jakiteko aukera ematen duten adierazleak eta betearazpenaren ardura duen zuzendaritza-organoa.

3.– Planaren betetze-maila ebaluatuko da urtero, eta, plana amaitzen denean, inpaktuaren ebaluazioari buruzko azken txosten bat egingo da; han, hurrengo planean sartu beharreko hobekuntza-proposamenak jaso beharko dira. Hala gardentasun-plana nola ebaluazio-txostenak Eusko Jaurlaritzaren gardentasun-atarian argitaratuko dira.

4.– Gardentasun-plana egin eta ebaluatzen den bitartean, herritarren eta gizarte zibilaren parte-hartzea sustatuko da, bai eta kontuak emateko mekanismoak jasotzea ere.

5.– Gardentasunaren arloko sail eskudunak koordinatuko du nola prestatzen eta gauzatzen den gardentasun-plana, eta haren jarraipena ere egingo du, sail bakoitzaren eremuko gardentasun-unitateen laguntzarekin.

43. artikulua.– Gardentasunaren ebaluazioa.

Halaber, gardentasun-planak adierazle argi, neurgarri eta konparatiboetan oinarritutako ebaluazio-sistema bat ezarri beharko du, hartutako neurrien ezarpen-mailaren eta eraginaren jarraipena aldizka egiteko aukera emango duena. Ebaluazio-sistema horretan, helburu eta metodologia argiak zehaztu beharko dira, eta emaitzak modu irisgarri eta garden batean argitaratu, kontu-ematea eta gardentasunaren esparruaren etengabeko hobekuntza sustatzeko Euskal Autonomia Erkidegoan.

44. artikulua.– Gardentasunaren arloko sailarteko koordinazioa.

1.– Gardentasunaren arloko sailarteko koordinaziorako kide anitzeko organo bat eratuko da, bitartekoen, plataformen eta garapen informatikoen erabilera partekatua zainduko duena, funts publikoak efizientziaz aplikatzea lortze aldera.

2.– Organo horrek planteatuko du arlo horretako zuzendaritza-plangintza nolakoa izango den eta zer-nolako jarraibideak, protokoloak eta irizpideak hartuko diren publizitate aktiboa ezartzeko eta gardentasunaren eta gobernu irekiaren arloko gainerako betebeharren jarraipena egiteko.

3.– Gardentasunaren, informaziorako irispidearen eta gobernu irekiaren arloa sustatzeko, diseinatzeko, ebaluatzeko eta haren jarraipena egiteko eskumena erregelamenduz esleituta daukan pertsona izango du buru organo horrek, eta Eusko Jaurlaritzako sail bakoitzeko goi-kargudun bat izango du partaide; gainera, gardentasunean, gobernu irekian eta informazioaren eta komunikazioaren teknologien arloan espezializatutako teknikarien laguntza izango du.

4.– Autonomia Erkidegoko sektore publikoa osatzen duen subjektu bakoitzean, baita haren Administrazio orokorraren sail bakoitzean ere, gardentasunaren, informazio publikorako irispidearen eta datu irekien arloko eginkizunak izango dituzten administrazio-unitateak sortu edo esleituko dira, eta unitate horietako bakoitza, halaber, dagokion eremuan arduratuko da arlo horietako jarduketak koordinatzeaz.

IV. KAPITULUA
ZEHAPEN-ARAUBIDEA

45. artikulua.– Zehapen-araubidea.

1.– Lege honetan ezarrita dauden gardentasun-betebeharrak ez betetzea zehatzeko, hurrengo artikuluetan xedatutakoari jarraituko zaio, hargatik eragotzi gabe beste mota bateko erantzukizunak ere izatea.

2.– Kapitulu honetan tipifikatutako arau-hausteei dagokienez, zehatzeko ahala hauen arabera baliatuko da: kapitulu hau, Euskal administrazio publikoen zehatzeko ahalari buruzko martxoaren 16ko 1/2023 Legea eta administrazio publikoen araubide juridikoaren arloko gainerako arauak.

46. artikulua.– Erantzuleak.

1.– Egindako arau-hausteen erantzule dira lege honetan tipifikatutako egiteak edo ez-egiteak doloz edo erruz egiten dituzten pertsona fisiko edo juridikoak, edozein dela ere haien izaera.

2.– Zehazki, Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoko goi-kargudunak edo zuzendaritza-kideak dira kapitulu honek jasotzen dituen diziplinazko arau-hausteen erantzule, bai eta haien zerbitzura diharduten enplegatu publikoak ere.

3.– Halaber, informazioa ematera behartuta dauden subjektu pribatuek eta zuzenbide publikoko korporazioek egin eta kapitulu honetan ezarrita dauden arau-hauste administratiboen erantzule dira gardentasunari eta informazio publikorako irispideari buruzko dagozkien betebeharrak aplikatu behar zaizkien entitate pribatuak eurak, eta, subsidiarioki, entitate pribatu horietan erantzule eta jardule diren pertsona fisiko edo juridikoak.

47. artikulua.– Gardentasunaren arloko arau-hausteak.

1.– Hauek dira lege honen arabera behartuta dauden subjektu publikoei edo pribatuei egotz dakizkiekeen arau-hauste oso astunak:

a) Lege honetan publizitate aktiboari buruz zerrendatzen den informazioa argitaratzeko betebeharra ez betetzea, Gardena-Gardentasunaren Euskal Agintaritzaren berariazko errekerimendua aintzat hartu ez denean.

b) Informazio publikorako irispidearen arloan aurkeztu zaizkion erreklamazioetan Gardena-Gardentasunaren Euskal Agintaritzak emandako ebazpen irmo eta behin-betikoak ez betetzea.

2.– Hauek dira subjektu horiei berei egotz dakizkiekeen arau-hauste astunak:

a) Lege honetan xedatuta dauden publizitate aktiboko betebeharrak ez betetzea.

b) Lege honetan ezarrita dauden publizitate aktiboaren printzipio gidarietatik eratorritako eskakizunak bete gabe ematea informazioa.

c) Gardena-Gardentasunaren Euskal Agintaritzan aurkezten diren erreklamazioak izapidetzen ez laguntzea.

d) Informazio publikorako irispidea arbitrarioki ezestea.

3.– Hauek dira subjektu horiei berei egotz dakizkiekeen arau-hauste arinak:

a) Lege honetan ezarritako betebeharrak betetzeko eta lege honek bermatzen dizkien eskubideak baliatzen dituzten herritarrei arreta emateko orduan, arduragabekeriako edo zabarkeriako egiteak edo ez-egiteak.

b) Informazio publikorako irispidea izateko eskaera epean ebazteko betebeharra justifikaziorik gabe ez betetzea.

48. artikulua.– Zehapenak.

1.– Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoko entitateen zerbitzura diharduten langileei eta zuzendaritza-kideei egoztekoak diren arau-hausteei kasuan-kasuan aplikatzekoa den diziplina-araubidearen arabera dagozkien zehapenak ezarriko zaizkie, kontuan hartuta langilea funtzionarioen, estatutupeko langileen edo langile lan-kontratudunen araubidearen mende dagoen.

2.– Arau-hausteak goi-kargudunei egoztekoak direnean, honen arabera zehatu ahal izango dira:

a) Arau-hauste arinak kargu-hartze bidez edo 200 eurotik 1.000 eurora bitarteko isunen bidez zehatu ahal izango dira.

b) Arau-hauste astunak ez-betetzea deklaratu eta dagokion aldizkari ofizialean argitaratuta zehatu ahal izango dira, edo 1.001 eurotik 6.000 eurora bitarteko isunen bidez.

c) Arau-hauste oso astunak ez-betetzea deklaratu eta dagokion aldizkari ofizialean argitaratuta zehatu ahal izango dira, edo 6.001 eurotik 12.000 eurora bitarteko isunen bidez edo kargugabetzearen bidez.

3.– Informazioa ematera behartuta dauden entitate pribatuei eta zuzenbide publikoko korporazioei dagokienez, zehapen hauek izango dira:

a) Arau-hauste arinak kargu-hartze bidez edo 200 eurotik 5.000 eurora bitarteko isunen bidez zehatu ahal izango dira.

b) Arau-hauste astunak 5.001 eurotik 30.000 eurora bitarteko isunen bidez zehatuko dira.

c) Arau-hauste oso astunak 30.001 eurotik 400.000 eurora bitarteko isunen bidez zehatuko dira.

d) Arau-hauste astunek eta oso astunek eman den dirulaguntza osorik edo partzialki itzultzeko zehapen osagarria izan dezakete edo, hala badagokio, kontratua, ituna edo ezarritako lotura suntsiaraztea eragin.

4.– Zehapen horiek guztiak –baita osagarriak ere– ezarri eta mailakatzeko, irizpide hauek hartuko dira kontuan bereziki:

a) Erruduntasun-maila, edo intentzionalitatea izatea.

b) Jokaera arau-hauslea izaten jarraitzea edo hari eustea.

c) Zer-nolako kalteak eragin diren.

d) Berrerortzea, urte berean izaera bereko arau-hauste bat baino gehiago egiteagatik, hala deklaratu denean administrazio-bidean irmoa den ebazpen baten bidez.

49. artikulua.– Enplegatu publikoen zehapenak.

Euskal Administrazio orokorreko eta haren sektore publikoko langile publikoei lege honetan tipifikatutako arau-hausteak egiteagatik aplikatu beharreko zehapenak eta prozedura aplikatzekoak zaizkien diziplina-araubideetan ezarritakoak dira.

50. artikulua.– Prozedura.

1.– Kapitulu honetako zehapenak ezartzeko, hauei jarraituko zaie: Euskal administrazio publikoen zehatzeko ahalari buruzko martxoaren 16ko 1/2023 Legeko xedapenak eta zehapen-prozeduraren gainerako arauak edo, arau-hausteak entitate publikoen zerbitzura diharduten langileei egoztekoak badira, kasuan-kasuan aplikatzekoa den funtzionarioen, estatutupeko langileen edo langile lan-kontratudunen diziplina-araubidea.

2.– Lege honetan ezarritako diziplina-ahala baliatzeko prozedura, ustezko erantzulea goi-kargudun bat bada, Jaurlaritzako kideen eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioko goi-kargudunen bateraezintasun-araudiak ezarritakoari lotuko zaio.

3.– Betiere, ofizioz emango zaio hasiera prozedurari, organo eskudunak erabakita, bere ekimenez edo goragoko agindu baten, beste organo batzuen eskaera arrazoituaren edo partikular baten salaketaren ondorioz.

4.– Gardena-Gardentasunaren Euskal Agintaritzak, gardentasunaren arlokoak diren eta titulu honetan adierazitako arau-hauste gisa kalifika daitezkeen ez-betetzeen berri badaki, zehapen-prozedura hastea proposa dezake.

5.– Zehapen-prozedura horietan ematen diren ebazpenak Gardena-Gardentasunaren Euskal Agintaritzari jakinarazi beharko zaizkio.

51. artikulua.– Zehatzeko ahala.

1.– Diziplinazko zehapenak ezartzeko eskumena subjektu arau-hauslearen administrazioari edo entitateari aplikatu behar zaion araudian zehaztutako organoarena da edo, hala badagokio, arau-hauslea lotuta dagoen administrazioari edo entitateari aplikatu behar zaion araudian zehaztutako organoarena.

2.– Arau-hausteak Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoko goi-kargudunei egoztekoak badira, arau-hauslea zein sailen mendekoa den, sail horren titularrak baliatuko du zehatzeko ahala zehapen arin eta astunen kasuan, eta Gobernu Kontseiluak, berriz, zehapen oso astunen kasuan.

3.– Funts publikoen kargura laguntzak edo dirulaguntzak jasotzeagatik edo sektore publikoarekiko kontratuak edo hitzarmenak izateagatik informazioa ematera behartuta dagoen entitate pribatu bat edo zuzenbide publikoko korporazio bat baldin bada erantzulea, orduan dirulaguntza edo laguntza publikoa ematen duen edo kontratua edo hitzarmena sinatzen duen sailaren titularra izango da eskuduna.

4.– Dirulaguntza edo laguntza publikoak hainbat sailetatik badatoz edo kontratua hainbat entitateren artean sinatu bada, zenbatekorik handiena eman duen edo prestazioetan edo prezioan kargarik handiena hartzen duen sailaren titularra izango da eskuduna.

5.– Informazioa emateko betebeharra eginkizun edo ahal publikoen ondorio bada, eginkizun edo ahal horiek baliatzen diren arloa zein saili dagokion, sail horren titularra izango da eskuduna.

6.– Lege honetan xedatutako betebeharrak benetan gauzatzeko behar duen informazioa Administrazioari emateko betebeharra dela-eta erantzulea pertsona fisiko edo juridiko bat bada, orduan informazio hori jaso behar duen sailaren titularra izango da eskuduna.

III. TITULUA
GOBERNU-PROGRAMA ETA KONTU-EMATE SOZIALA

52. artikulua.– Gobernu-programa.

1.– Gobernu-ekintza denboran proiektatu eta sozializatzeko eta herritarrekiko konpromisoaren eta erantzukizunaren oinarriak ezartzeko, lehendakariak eduki irekiko gobernu-programa bat prestatuko du legealdi bakoitzaren lehen lauhilekoan, eta, programan, hauek identifikatuko ditu:

a) Lortu nahi diren helburu estrategikoak.

b) Horretarako behar diren jarduerak eta baliabideak.

c) Horretarako behar den denboraren zenbatespena.

d) Programa betetzeko erantzukizuna duten organoak.

e) Programaren jarraipena eta ebaluazioa ahalbidetuko duten adierazleak.

2.– Aurreikusitako jardueren artean, gobernu-programa osatuko duten lege-proiektuak, plan estrategikoak eta jarduketa esanguratsuak identifikatu beharko dira.

3.– Gobernu-programa Eusko Legebiltzarrera igorriko da, haren berri izan dezan, eta, horrez gain, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian eta Administrazioak erabiltzen dituen euskarri guztietan argitaratuko da, eta, bereziki, gobernu irekiaren plataforman; horretarako, herritarrentzat irisgarriak izango diren informazio horren bertsio publikoak egingo dira.

53. artikulua.– Kontu-emate soziala.

1.– Lege honetan aipatutako publizitate aktiboaren printzipioa aplikatzeko, eta titulu honetan ezartzen denaren arabera egin beharreko ebaluazioei dagokienez, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio orokorrak kontu-emate sozialaren helburua bete ahal izateko informazioaren berri emango die herritarrei, modu irisgarrian.

2.– Horretarako, eta helburu hori betetzeko zehaztu daitezkeen garapenak eragotzi gabe, kontu-emate sozialak barnean hartuko du Eusko Jaurlaritzak, gobernu irekiaren plataformaren bidez, aurreko urteari buruzko alderdi hauen inguruko informazioa zabaltzea, aurreko ekitaldien aldean izandako bilakaerarekin batera:

a) Artatutako zerbitzu publikoen kostu globala eta unitarioa herritar bakoitzeko.

b) Aldi horretan enplegu publikoa osatu zuten giza baliabideak.

c) Lortu diren gizarte-ongizateko helburu nagusiak.

d) Egindako inbertsio publikoak eta haien eraginkortasunaren analisia.

e) Herrialdearen egoera azaltzen duten beste magnitude erraz batzuk, zorpetze-maila eta finantza-egoera barne.

f) Etorkizunerako hartzen diren konpromiso nagusiak.

g) Beharrik handiena dutenekiko konpromiso argi eta eraginkorrak.

IV. TITULUA
HERRITARREN PARTE-HARTZEA
I. KAPITULUA
HERRITARREN PARTE-HARTZEA

54. artikulua.– Herritarren parte-hartzearen helburua eta artikulazioa.

1.– Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoak interesdunek, zenbait interesen ordezkari diren taldeek eta oro har herritarrek gai publikoetan parte hartu dezaten eta lankidetzan aritu daitezen bultzatuko du. Honela ulertuko da herritarren parte-hartzea: politika publikoak identifikatu, diseinatu, gauzatu eta ebaluatzeko prestatu diren prozedura, kanal eta organo instituzionalen multzoa, bai eta herritarrei aktiboki entzuteko edozein tresna edo bitarteko ere.

2.– Lege honen ondorioetarako, herritarren parte-hartzearen helburua da esku-hartze publikoa behar duten premiak hobeto asetzea eta herritarrak inplikatzea gai publikoei buruzko erabakiak hartzen.

3.– Herritarrek bakarka edo taldeka hartu ahal izango dute parte, lege honetan xedatutako tresna eta bideen arabera.

4.– Parte hartzeko modu horiek ez dituzte inolaz ere gutxituko legez kasuan-kasuan eskudunak diren administrazio-, ordezkaritza- edo gobernu-organoen erabakitzeko ahalak.

5.– Administrazio-prozedurako interesdunak izatea eragotzi gabe, administrazio-prozedura erkideko legeekin bat etorriz, parte hartzeko izapideen konfigurazio orori dagokionez, Euskal Autonomia Erkidegoan ekimena sustatzen duen sektore publikoko entitateak aldez aurretik eta behin-behinean zehaztu beharko du zein diren entzunaldi-izapiderako interesduntzat jotzen diren herritarrak eta taldeak; nolanahi ere, beste interesdun batzuk ere badirela egiaztatu ahal izango da gero.

55. artikulua.– Gobernu irekiaren plataforma.

Euskal Sektore Publikoaren maiatzaren 12ko 3/2022 Legearen 75. artikuluarekin bat etorriz, Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoa eta herritarrak interakzioan aritzeko gune nagusi eta iraunkorra da gobernu irekiaren plataforma. Ekintza publikoaren kudeaketan parte hartzera eta kudeaketa horretan erantzukide izatera bideratuta dago, eta han gauzatzen dira gardentasunaren, parte-hartzearen eta kontu-ematearen printzipioak.

Gobernu irekiaren plataformak etengabe parte hartzeko gune bat izango du; gune horrek abian diren parte hartzeko prozesuen biltegi bakar gisa funtzionatuko du, haien bilakaerari jarraipen publikoa egitea ahalbidetuko du eta herritarren ekarpenetatik azken erabakiak hartu arteko trazabilitatea eskainiko du.

56. artikulua.– Gobernantza kolaboratiboa.

1.– Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio publikoak gobernantza kolaboratibo eta deliberatiboko prozesuak ezartzea sustatuko du, politika publikoen zilegitasuna, eraginkortasuna eta gardentasuna sendotzeko helburuarekin, gizarte- eta ekonomia-esparruetako eragileen eta herritarren parte-hartze aktiboaren eta deliberazioaren bidez.

2.– Gobernantza kolaboratiboa parte-hartze inklusiboan, gardentasunean, elkarrizketa irekian, erantzukidetasunean, elkarren arteko konfiantzan, kontu-emate partekatuan, emaitza kolektiboetara bideratutako orientazioan, malgutasunean eta moldagarritasunean oinarrituko da, lege honetan ezarritako printzipioekiko bateragarritasuna bermatuz.

57. artikulua.– Gobernantza kolaboratiboko prozesuen antolaketa eta Kudeaketa.

1.– Gobernantza kolaboratiboko prozesuen antolaketa eta kudeaketa gobernu irekiko politikak garatzen dituen zuzendaritzatik koordinatuko dira.

2.– Prozesu horiek garatzeko, eta parte har dezaketen sailekin adostuta, arduradun espezifikoak hautatuko dira edo, bestela, koordinazio horizontaleko mekanismoak ezarriko dira, proiektu bakoitzaren beharren eta esparruaren arabera.

3.– Gobernu Irekiaren Zuzendaritzak, gobernantza kolaboratiboko prozesuen esparruan, eginkizun hauek beteko ditu:

a) Gobernantza kolaboratiboaren bidez egitea erabakitzen den proiektuetan, politika publikoak diseinatu, gauzatu eta ebaluatzean, gobernantza kolaboratiboko proiektuen plangintza egitea eta haiek koordinatzea, euskal Administrazio publikoko sailekin eta entitateekin lankidetzan.

b) Gobernantza kolaboratiboko proiektuak diseinatu, garatu, ezarri eta ebaluatzean, aholkularitza metodologikoa eta teknikoa ematea gobernantza kolaboratiboko prozesuetan parte hartzen duten eragileei, tresna digital eta/edo presentzial inklusiboak, irisgarriak eta gardentasunaren eta ekitatearen printzipioekin bat datozenak erabiltzea bermatuz. Horretarako, berrikuntza eta etengabeko hobekuntza sustatuko ditu, proiektu pilotuak, metodologia esperimentalak eta jardunbide egokiak bultzatuz, gobernantza kolaboratiboak politika publikoetan duen eragina sendotzeko.

c) Prozesu kolaboratiboen jarraipena eta ebaluazioa egitea, betetze-mailari buruzko aldizkako txostenak eginez, prozesu kolaboratiboen kalitate- eta legezkotasun-betekizunei buruzko eskakizunei erantzuteko.

d) Langile publikoen prestakuntza eta gaitasunen garapena sustatzea, parte-hartzearen eta erantzukidetasun demokratikoaren kultura sendotzeko.

58. artikulua.– Parte hartzeko prozesuen eta gobernantza kolaboratiboko prozesuen hasiera eta printzipioak.

1.– Eusko Jaurlaritzako sailek, beren jarduketa-eremuan, gobernu irekiko politikak garatzen dituen sailari proposatzen dizkioten proiektu posibleen bidez hasiko dira gobernantza kolaboratiboko prozesuak.

Prozesu horiek ebaluatu egingo dira, eta gobernu irekiko politikak garatzen dituen sailaren urteko plangintzan txertatuko dira.

2.– Gobernantza kolaboratiboko prozesuek fase sekuentzialei jarraituko diete, eta gutxienez honako fase hauek izango dituzte:

a) Prozesua irekitzea.

b) Lankidetza-esparrua eraikitzea.

c) Irtenbideak batera diseinatzea.

d) Proiektu pilotuen bidez esperimentatzea.

e) Ebaluazio parte-hartzailea.

f) Jardunbide egokien eskalatzea eta instituzionalizazioa.

g) Kultura kolaboratiboa sendotzea.

3.– Gardentasunaren, inklusioaren, ekitatearen, trazabilitatearen eta etengabeko hobekuntzaren printzipioek fase guztietan egon beharko dute, parte-hartze efektiboa, kontu-ematea eta prozesuen zilegitasun demokratikoa bermatzeko.

4.– Gizarte zibilaren ordezkari diren eragile guztiek –banakakoek zein kolektiboek–, proiektu hauetan parte hartu nahi badute, gobernu irekiko politikak garatzen dituen sailak horretarako sortutako erregistroan izena eman beharko dute.

5.– Halaber, gobernantza kolaboratiboko proiektuen garapenerako kode deontologikoa sortuko da.

II. KAPITULUA
HERRITARREK PARTE HARTZEKO ETA LANKIDETZAN ARITZEKO ERREGISTROA

59. artikulua.– Euskal Autonomia Erkidegoko herritarrek parte hartzeko eta lankidetzan aritzeko erregistroa.

1.– Euskal Autonomia Erkidegoko herritarrek parte hartzeko eta lankidetzan aritzeko erregistroa sortzen da; publikoa izango da, eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio orokorrean herritarren parte-hartzearen arloko eskumena duen sailari atxikita egongo da.

2.– Honako hauek zehaztuko dira erregelamendu bidez: inskripzio-betekizunak, idazpenen edukia, hartara irispidea izateko moduak eta inskribatutako taldeen eta herritarren parte-hartzea justifikatzen duen ekimen bakoitza bultzatzen duten sailekiko koordinazioa.

3.– Antolakunde hauek inskribatu ahal izango dira herritarrek parte hartzeko eta lankidetzan aritzeko erregistroan:

a) Entitate kolektiboak: irabazi-asmorik gabeko pertsona juridikoak, edozein forma juridiko eta izaera dutela ere, baldin eta interes kolektiboak edo bazkideen interesak –bai orokorrak eta bai sektorialak– defendatzea helburu badute eta jarduerak Euskal Autonomia Erkidegoan egiten badituzte.

b) Hausnarketa-taldeak: jarduerak Euskal Autonomia Erkidegoan egiten dituzten erakunde akademikoak eta ikerketa-erakundeak.

4.– Talde horiek beren finantzaketa-iturriei buruz zer-nolako informazioa eman behar duten zehaztuko da erregelamendu bidez.

5.– Erregistroan inskribatzeak berekin dakar interesdun gisa aitortzea eta lege honetan bilduta dagoen parte hartzeko edozein prozesu garaiz eta zehatz-mehatz jakinarazi beharra, hartara lege honetan halaber bildutako eskubideak oso-osorik baliatzeko; hala ere, horrek ez dakar inskribatuta ez dauden beste talde edo entitate batzuk edo herritarrak baztertzea.

6.– Prozesu horietan parte hartzeak ez du ordezkatuko entzunaldi publikoaren izapidea, dagokion araudiari jarraikiz izapide hori nahitaezkoa bada eta, araudi berarekin bat, ordezkari diren taldeak interesdunak baldin badira.

7.– Europar Batasuneko Gardentasunaren Erregistroarekin eta parte hartzeko eta lankidetzan aritzeko foru- eta udal-erregistroekin lankidetzan aritzea sustatuko da, herritarrek eta zenbait interesen ordezkari diren taldeek hainbat erregistrotan inskribatu beharrik izan ez dezaten, erregistro guztietako informaziorako irispidea modu koordinatuan izateko aukera izan dezaten eta ahalik eta talde eta herritar gehienak barne hartu eta erregistra daitezen, hartara hobeto beteko baitira inklusioa, parte-hartzea eta gardentasuna lortzeko helburuak. Halaber, herritarren parte-hartzea sustatzeko eta zenbait interesen ordezkari diren taldeen jarduera kontrolatzeko Estatuan zein nazioartean sor daitezkeen antzeko organoen beste erregistro batzuekiko lankidetza ere sustatuko da, jardunbide egokiak trukatzeko eta helburuak hobeto betetzen laguntzeko xedez.

60. artikulua.– Parte-hartzea sustatzeko neurriak.

1.– Herritarren asoziazionismoa, herritarren parte-hartzea eta garapen komunitariorako lankidetza-praktika pribatuak edo publiko-pribatuak sustatzeko, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioak sentsibilizazio- eta prestakuntza-programak bultzatu eta egingo ditu, genero-ikuspuntua txertatuta, eta haren zerbitzura diharduten langileei zein herritarrei zuzenduko zaizkie, parte hartzeko prozeduren eta tresnen berri jakin eta horiek erabil ditzaten.

2.– Helburu horrekin, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio orokorrak hainbat tresna erabiltzea sustatuko du; besteak beste, inkestak, iritzi-azterketak, kontsulta-foroak, eztabaidaguneak eta kontsultaguneak, berresleak ez diren kontsulta orokor edo sektorialak, kontsulta irekiak, herritar-taldeak, herritarren epaimahaiak, deliberazio parte-hartzaileko prozesuak eta egoki izan daitezkeen gainerako tresna guztiak.

Horiek guztiek aurrez aurreko edo komunikazioaren teknologia egokien bidezko parte-hartzea bermatu beharko dute, Interneten dagoeneko badiren teknologiez eta bestelako batzuez gain, hala nola telekomunikazio mugikorretako gailuetarako garatutakoak.

61. artikulua.– Parte hartzeko prozeduren eta tresnen berme eta eskubide komunak.

1.– Parte-hartzea benetakoa izan dadin, pertsona eta talde parte-hartzaileek berme hauek izan behar dituzte:

a) Interesatzen zaien prozedurarik izapidetzen bada, garaiz jakin ahal izatea horren berri eta zer bide gaitu den prozedura horietan parte hartzeko.

b) Jakitea zer helburu eta irismen lortu nahi den parte hartzeko prozesuaren bidez, nola parte hartu prozesu horretan eta zer eskubide eta berme dituzten.

c) Eskubidea baliatzeko garrantzitsua den informaziorako irispidea garaiz izatea; informazio hori jasotzea, lege honek xedatzen dituen informazio publikoaren gardentasun- eta kalitate-estandarrak beteta –batik bat, informazioa ulergarria eta eskuragarria izan dadila–, eta aukera izatea bere bitartekoen bidez alderatzeko.

d) Kasuan-kasuan parte-hartzaileen artean edo adituekin sortzen den iritzi-trukean, eztabaidan edo deliberazioan parte hartzea, lankidetza-tresna bakoitzerako ezarritako moduen eta bermeen arabera.

e) Planen, programen, proiektuen edo xedapen orokorren gaineko alegazioak, oharrak eta proposamenak egitea, aukerak oraindik irekita daudenean eta haien gaineko erabakia hartu aurretik.

f) Administrazioak konfidentzialtasuna bermatzea pertsona fisiko parte-hartzailearen identitatearen gainean, pertsonak hala eskatzen badu eta posible bada parte hartzeko erabiltzen den tresnaren arabera.

g) Jakitea zer taldek eta, gutxienez labur-labur, zer pertsonak parte hartu duten parte hartzeko prozesuan, eta zein diren haien ekarpen nagusiak. Parte hartzeko tresnaren arabera, bide emango da parte hartzen duten beste talde edo pertsona batzuekin ados jartzeko, eztabaidan edo deliberazioan aplikatu beharreko arauen barruan.

2.– Halaber, parte-hartzea benetakoa izan dadin, pertsona eta talde parte-hartzaileek eskubide hauek izan behar dituzte:

a) Zerbitzu publikoen kalitatearen eta politika publikoen ebaluazioan parte hartzea. Horretarako, interesdunen, zenbait interesen ordezkari diren taldeen eta oro har herritarren parte-hartzea sustatuko dute Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoa osatzen duten entitateek, eta aldian-aldian galdetuko diete ematen zaizkien zerbitzu publikoei dagokienez duten gogobetetze-mailari buruz eta aurretiko ebaluazioari, jarraipen-ebaluazioari edo emaitzen ebaluazioei buruz.

b) Xedapen orokorrak prestatzen, gobernu-plangintzan eta Eusko Jaurlaritzaren jarduketa esanguratsuetan parte hartzea. Horretarako, Administrazio orokorrak aurretiazko kontsulta publikoko aldi bat zabalduko du, prestatzeko eta diseinatzeko prozesuan.

c) Beren eskubide eta interes legitimo kolektiboei, bazkideenei edo ordezkatzen dituzten pertsonenei eragiten dieten gaiei buruzko erregelamendu-ekimenak sustatzea, kanpoan utzita bai legeei erreserbatutako gaiak, bai legegintzako herri-ekimenetik kanpo geratzen diren gaiak. Bete beharreko prozedura dagokion araudian ezarriko da, honako hauek ere araututa: sustatzaileak, prozedura hasteko beharrezko dokumentazioa, dokumentazio horren onarpena, sinaduren bilketa, izapideak eta, hala badagokio, azken onespena.

Herritarren ekimena onartzen ez bada ez direlako betetzen hura erregulatzen duen araudiak xedatutako betekizun guztiak, sinatzaileek eskatuta, ekimen hori Administrazioarentzako eskaera bilakatu ahal izango da, araudi erregulatzaileak ezarritako baldintzetan, baldin eta horretarako betekizunak betetzen baditu. Horixe bera aplikatuko da ekimena onartu bai baina gutxieneko sinadurak biltzen ez dituenean ere.

62. artikulua.– Herritarren parte-hartze eta lankidetzatik kanpo geratzen diren gaiak.

Kapitulu honetan araututako herritarren parte-hartzea eta lankidetza ezin izango da planteatu honelako gai hauetan: ordenamendu juridikoaren aurkakoak direnak, Euskal Autonomia Erkidegoaren eskumenekoak ez direnak, indarrean den ordenamendu juridikoak aitortzen dituen pertsonaren duintasuna, oinarrizko eskubideak eta askatasun publikoak zalantzan jartzen dituztenak, edo Euskal Autonomia Erkidegoaren erakunde-antolaketari edo haren ogasun publikoaren baliabideei buruzkoak direnak.

63. artikulua.– Parte-hartzeari eta lankidetzari buruzko txostena.

1.– Herritarren parte-hartzearen arloko eskumena duen sailak urteko txostena egingo du lege hau betetzeko garatu diren herritarren parte-hartzerako tresnei buruz eta tresna horiek erabiltzeko orduan Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoa osatzen duten enteek izandako praktikari buruz.

2.– Txostenean, herritarren parte-hartzearen maila, erabilitako bitartekoak eta emaitzak ebaluatzeko informazio garrantzitsua jasoko da, genero-ikuspegia barnean hartuta, eta, horretaz gain, kontuan hartuko dira herritarrek parte hartzeko tresnak hobetzeko prozesuak ezartzeko behar diren neurri guztiak.

3.– Txosten hori lege honetan xedatutako gobernu irekiaren plataforman argitaratu, eta Eusko Legebiltzarrari igorriko zaio, jakinaren gainean egon dadin eta kontuan har dezan egoki irizten diren ondorioetarako.

III. KAPITULUA
INTERES-TALDEEN ERREGISTROA

64. artikulua.– Euskal Autonomia Erkidegoko interes-taldeen erregistroa.

1.– Euskal Autonomia Erkidegoko interes-taldeen erregistroa sortzen da; horren bidez, identifikazio publikoa erraztuko da eta interes-taldeek Autonomia Erkidegoko sektore publikoan egiten duten jardueraren gardentasuna eta kontrola bermatuko dira.

2.– Euskal Autonomia Erkidegoko interes-taldeen erregistroa izaera administratiboko erregistro elektroniko bat izango da, publikoa eta doakoa.

3.– Erregistroko informazioa irisgarria, ulergarria, formatu irekikoa eta berrerabilgarria izango da, eta Administrazio autonomikoaren gardentasun-atarien bidez egongo da eskuragarri.

4.– Erregistroko datuen eta informazioaren publizitateari gardentasunaren eta datu pertsonalen babesaren arloan indarrean den araudia aplikatuko zaio.

65. artikulua.– Interes-taldeak.

1.– Lege honen ondorioetarako, interes-taldetzat hartzen dira, beren forma edo estatutu juridikoa edozein dela ere, beste pertsona edo antolakunde batzuen intereserako jarduten duten pertsonak eta antolakundeak, hain zuzen ere, haien jarduerek zuzenean edo zeharka eragina izan badezakete politika publikoak edo arau-xedapenak egiteko prozesuetan, haien aplikazioan edo Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoko administrazio eta entitateen erabakietan.

2.– Ondorio horietarako, halakotzat hartuko dira, halaber, plataformak, sareak edo jarduera kolektiboko bestelako formak, baldin eta de facto eragin-iturri antolatuak badira eta erregistroaren aplikazio-eremuaren barruko jarduerak egiten badituzte, nortasun juridikorik izan ez arren.

3.– Erregistroaren aplikazio-eremuan sartuko dira artikulu honen 1. apartatuan adierazitako prozesuei zuzenean edo zeharka eragiteko egiten diren jarduera guztiak, erabilitako kanala edo bitartekoa edozein dela ere; barnean sartuko dira agintariekiko eta kargu publikodunekiko, funtzionarioekiko eta Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoko administrazio eta entitateetako langileekiko harremanak ere, bai eta legegintzako proposamenei, araudiei, egintza juridikoei edo bestelako kontsultei buruzko kontsulta ofizialetan borondatez egindako ekarpenak eta parte-hartzeak ere.

4.– Ez dira interes-taldetzat hartuko entitate hauek:

a) Gobernuarteko antolakundeak eta haiei lotutako edo haien mendeko agentziak eta antolakundeak.

b) Zuzenbide publikoko korporazioak, eginkizun publikoetan jardunez gero, hargatik eragotzi gabe interes-taldetzat hartu ahal izatea beste eginkizun batzuk egiten dituztenean.

c) Alderdi politikoak, beren konstituzio-eginkizunak betetzen ari direla, hargatik eragotzi gabe interes-taldetzat hartu ahal izatea haiek sortu edo finantzatutako entitateak.

d) Sindikatu- eta enpresa-antolakundeak, beren konstituzio-eginkizunak betetzen ari direla, hargatik eragotzi gabe interes-taldetzat hartu ahal izatea haiek sortu edo finantzatutako entitateak.

e) Dimentsioagatik zein garrantziagatik esanguratsuak diren interes ekonomiko indibidualak ez dituzten gaietan jarduten duten pertsona fisikoak.

66. artikulua.– Erregistrotik kanpo geratzen diren jarduerak eta entitateak.

1.– Interes-taldeen erregistrotik kanpo daude jarduera hauek: administrazio-prozeduren eraginpeko interesen babesari zuzenean lotutako aholkularitza juridikoa edo profesionala ematekoak; bezeroei egoera juridiko orokor bati buruzko informazioa ematera zuzendutakoak; legearen esparruan egindako adiskidetze- edo bitartekaritza-jarduerak, edo ordenamendu juridikoak ezarritako eskubideak edo ekimenak baliatzeko informazio-helburuekin egindako aholkularitza-jarduerak.

2.– Lege honen ondorioetarako, ez dira eragin-jardueratzat hartuko, eta, beraz, haren erregistrotik kanpo geratuko dira honako hauek: entitate pribatuek eginkizun publikoak betetzeko edo zerbitzu publikoak emateko egiten dituzten jarduerak, baldin eta eginkizun horiek lege baten arabera eskuordetu bazaizkie; lege- edo erregelamendu-arauetan xedatutako parte-hartze publikoko prozesuetako esku-hartzea, eta protokolo hutseko bilera eta ekintzetan parte hartzea.

67. artikulua.– Inskripzioa.

1.– Interes-talde guztiek interes-taldeen erregistroan inskripzioa egin behar dute.

2.– Inskribatu egingo dira, halaber, politika publikoak edo arau-xedapenak egiteko prozesuetan, haien aplikazioan edo Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoko administrazio eta entitateen erabakietan zuzenean edo zeharka eragina duten jarduera guztiak, barnean hartuta agintariekiko eta kargu publikodunekiko, funtzionarioekiko eta sektore publikoko administrazio eta entitateetako langileekiko harremanak ere.

3.– Aldez aurretik egin behar da inskripzioa, eta inskripziorik gabe ezin izango da aurreko apartatuan adierazitako bilerarik, harremanik edo topaketarik egin.

68. artikulua.– Erregistroaren edukia.

1.– Interes-taldeen erregistroak honako hauek izan behar ditu:

a) Politika publikoen prestakuntzari eta aplikazioari eragiteko jarduten duten pertsonen eta antolakundeen zerrenda, kategorien arabera ordenatua, eta horien egoitza zein den.

b) Inskribatutako pertsonek eta antolakundeek eman behar duten informazioa; bereziki, egiten dituzten jarduerei, beren interes-eremuari eta beren finantzaketari buruzkoa.

c) Jokabide-kode komun bat.

d) Kontrol- eta fiskalizazio-sistema; han ezarri behar dira lege honetan edo c letrak aipatzen duen jokabide-kodean ezarritakoa betetzen ez denean aplikatu beharreko salaketa-mekanismoak.

2.– Erregistroak interes-taldeen jarduketen publizitatea egin behar du, bereziki agintariekin eta kargu publikodunekin, funtzionarioekin eta Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoko administrazio eta entitateetako langileekin egindako bilera eta entzunaldiena, bai eta landutako gaiei buruzko komunikazio, txosten eta bestelako ekarpenena ere.

69. artikulua.– Deklaratzaileen betebeharrak.

1.– Interes-taldeen erregistroan inskribatzeak betebehar hauek dakartza:

a) Emandako informazioa publiko egitea onartzea.

b) Emandako informazioa osoa, zuzena eta fidagarria dela bermatzea.

c) Jokabide-kodea betetzea.

d) Erantzukizunpeko adierazpenaren bidez onartzea kontrol- eta fiskalizazio-araubidea eta dagozkion neurriak aplika daitezela baldin eta lege honetan ezarritakoa edo jokabide-kodea betetzen ez bada.

2.– Deklaratzaileek erakundeei hauen berri eman behar diete: zer jarduera egiten dituzten; zer bezero, pertsona edo antolakunderentzat lan egiten duten eta, hala badagokio, zer kopuru ekonomiko jasotzen dituzten, eta zer-nolako gastuak dauzkaten interes-talde gisa jarduten dutenean.

70. artikulua.– Jokabide-kodearen gutxieneko edukia.

Aurreko artikuluan adierazitako jokabide-kodeak hauek behintzat hartu behar ditu barnean:

a) Kodea izenpetzen duen deklaratzailearen izena eta datuak.

b) Deklaratzaileak zer entitate edo antolakunde ordezkatzen duen edo non egiten duen lan, eta zer-nolako interesak, helburuak edo xedeak dauzkaten haren bezeroek.

c) Deklaratzailearen konpromisoa zintzoa ez den modu batean ez jokatzeko, informazioa lortzeari edo informazioa lortzen saiatzeari edo erabakietan eragina izaten saiatzeari dagokionez.

d) Deklaratzailearen konpromisoa erregistroan inskribatzeko orduan informazio eguneratu eta ez-engainagarria emateko eta, ondoren, hura eguneratuta mantentzeko.

e) Agintariak, kargu publikodunak edo funtzionarioak legeak edo jokabide-kodean ezarritako jokabide-arauak haustera inola ere ez bultzatzeko konpromisoa.

f) Lege honetan edo jokabide-kodean ezarritako betebeharrak betetzen ez direnerako ezarritako neurriak onartu eta betetzeko konpromisoa.

71. artikulua.– Kontrola eta egiaztapena.

1.– Inskribatutako interes-taldeen informazioa ofizioz edo hirugarrenek eskatuta kontrolatu eta egiaztatu ahal izango da.

2.– Erregistroaren organo arduradunak ausazko kontrolak egingo ditu, aldian-aldian, erantzuleek deklaratutako datuak egiazkoak direla egiaztatzeko. Ez-betetzeren bat egon daitekeela atzematen badu, deklaratzaileari errekerimendua egin beharko dio, hamabost eguneko epean zuzendu dezan, eta adieraziko dio ezen, errekerimenduari erantzun ezean, inskripzioa eteteko edo, hala badagokio, hura ezerezteko prozedura hasi ahal izango dela. Epe horretan bertan, deklaratzaileak egoki iritzitako alegazioak egin edo dokumentuak eman ahal izango ditu, baldin eta uste badu ez dituela datuak zuzendu behar.

3.– Edozein pertsona dago legitimatuta egitate materialetan oinarritutako salaketak aurkezteko, baldin eta susmatzen badu titulu honetan adierazitako pertsonek edo antolakundeek ez dituztela betetzen legeak edo jokabide-kodeak ezarritako betebeharrak.

4.– Erregistroaren arduradunek egin behar dute salaketak izapidetu eta ikertzeko prozedura, eta ukitutako pertsonaren entzunaldia bermatu behar da.

72. artikulua.– Betebeharrak betetzen ez direnean aplikatu beharreko neurriak.

Inskripzioa eten edo ezerezteko kausa izango dira honako hauek: erantzukizunpeko adierazpena edo jokabide- eta jarduketa-arauak ez betetzea; datu faltsuak ematea; ez laguntzea, edo erregistroan inskribatzeko eskubidea ematen duten betekizunak betetzen direla egiaztatzeko behar den dokumentazioa ez aurkeztea.

73. artikulua.– Erregistroaren atxikipen organikoa eta erregelamenduzko erregulazioa.

1.– Interes-taldeen erregistroa Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio orokorrean herritarren parte-hartzearen arloko eskumena duen sailari atxikita geratuko da.

2.– Honako hauek ezarriko dira erregelamendu bidez: inskripzio-prozedura, inskribatu behar diren pertsonen eta antolakundeen sailkapena, deklaratzaileei eskatutako informazioa, jokabide-kodearen eduki xehatua eta salaketak ikertu eta izapidetzeko prozedura.

V. TITULUA
GARDENA-GARDENTASUNAREN EUSKAL AGINTARITZA

74. artikulua.– Gardena-Gardentasunaren Euskal Agintaritza sortzea.

1.– Gardena-Gardentasunaren Euskal Agintaritza entitate publikoa sortzen da; nortasun juridiko propioa eta gaitasun publiko eta pribatu osoa ematen zaio, eta, bere eginkizunak betetzen ari dela, independentzia osoz jardungo du administrazio publikoekiko eta enpresa- edo merkataritza-interesekiko, objektibotasunez, independentziaz, inpartzialtasunez, profesionaltasunez eta ordenamendu juridikoaren mende.

2.– Lehendakariak Jaurlaritzaren egiturari buruzko dekretuan zehazten duen sailaren bidez izango ditu Gardena-Gardentasunaren Euskal Agintaritzak Eusko Jaurlaritzarekiko harremanak.

75. artikulua.– Gardena-Gardentasunaren Euskal Agintaritzaren izaera.

1.– Gardena-Gardentasunaren Euskal Agintaritza informatzaileak babesteko administrazio-agintaritza independente gisa sortzen da, Arau-hausteei buruzko informazioa ematen duten pertsonen babesa arautzeko eta ustelkeriaren aurka borrokatzeko otsailaren 20ko 2/2023 Legearen arabera, eta haren jarduketa-eremu funtzionala euskal sektore publikoko administrazio, organismo eta entitate guztietara eta entitate pribatuetara hedatzen da, lege honen 9. artikuluaren arabera.

2.– Gardena-Gardentasunaren Euskal Agintaritzak bere gain hartzen du, halaber, bai euskal herritarrek informazio publikorako irispidea izateko eskubidea bermatzeko bai lege honen 8. artikuluan ezarritako aplikazio-eremuan gardentasunari eta osotasunari buruzko arau-eskakizunak betetzea bermatzeko agintaritza publikoaren izaera.

76. artikulua.– Araubide juridikoa.

1.– Gardena-Gardentasunaren Euskal Agintaritzak honako hauetan xedatutakoari jarraituko dio: lege hau, bere estatutua, eta Arau-hausteei buruzko informazioa ematen duten pertsonen babesa arautzeko eta ustelkeriaren aurka borrokatzeko otsailaren 20ko 2/2023 Legean adierazitako jarduketa-aurreikuspen orokorrak.

2.– Eusko Jaurlaritzak Gardena-Gardentasunaren Euskal Agintaritzaren Estatutua onetsiko du dekretu bidez, eta haren bidez egitura, antolaketa eta funtzionamendua garatuko dira; lege hau garatzeko behar diren bestelako erregelamendu-xedapen guztiak ere onetsiko ditu.

3.– Gardena-Gardentasunaren Euskal Agintaritzako langileek eta haren organoetako kideek, dagozkien eginkizunetan dihardutela, ezingo dute inola ere eskatu edo onartu ezein entitate publiko edo pribaturen jarraibiderik.

77. artikulua.– Ekonomia- eta aurrekontu-araubidea.

1.– Gardena-Gardentasunaren Euskal Agintaritzak urtean behin prestatu eta onetsiko du aurrekontu-aurreproiektua, eta Eusko Jaurlaritzara bidaliko du, behar bezalako independentziarekin sar dadin Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontu orokorretan, haren aurrekontu-araubidea arautzen duten legeekin bat etorriz. Halaber, legeria horren mendean egongo da, aurrekontua aldatu, exekutatu eta likidatzeko araubideari dagokionez, eta, ondorio horietarako, duen izaera juridikoa hartuko da kontuan.

2.– Gardena-Gardentasunaren Euskal Agintaritzak honako hauek izango ditu bere helburuak betetzeko:

a) Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontu orokorren kontura ezartzen diren diru-esleipenak.

b) Bere aldeko dirulaguntzak eta ekarpenak.

c) Bere ondarea osatzen duten ondasunak eta baloreak, bai eta ondare horren produktuak eta errentak ere.

d) Jardueretatik sortzen zaizkion ohiko zein ezohiko diru-sarrerak.

e) Legez ematen zaizkion gainerakoak.

3.– Gardena-Gardentasunaren Euskal Agintaritzak ekitaldiaren amaieran diru-sarreren emaitza positiboa badu, bere erreserbetara bideratuko du, independentzia osoa duela bermatzeko xedez.

4.– Gardena-Gardentasunaren Euskal Agintaritzak kontabilitate publikoko araubidea bete beharko du, eta Euskal Autonomia Erkidegoan kontrol ekonomikoaren arloko eskumena daukan sailaren ekonomia-, finantza- eta kudeaketa-kontrolaren mende egongo da, bai eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiaren fiskalizazioaren mende ere.

78. artikulua.– Langileen araubidea.

1.– Gardena-Gardentasunaren Euskal Agintaritzaren zerbitzuko langileak funtzionarioak izango dira, eta euskal funtzio publikoa arautzen duten legeen arabera jokatuko dute.

2.– Gardena-Gardentasunaren Euskal Agintaritzaren lanpostu-zerrenda ebazpen bidez onetsiko du haren presidenteak, eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunean jarriko da indarrean.

3.– Gardena-Gardentasunaren Euskal Agintaritzari dagokio hauek zehaztea: lanpostuak eskuratzeko araubidea, hautaproben ezaugarriak eta betekizunak, eta lanpostuak betetzeko eta sustapen profesionaleko prozeduretarako deialdia, kudeaketa eta ebazpena.

4.– Gardena-Gardentasunaren Euskal Agintaritzako langileak behartuta egongo dira sekretua gordetzera beren eginkizunak betetzen ari direla jakiten dituzten informazioen gainean, baita eginkizun horiek utzi ondoren ere.

79. artikulua.– Kontratazio-araubidea.

1.– Gardena-Gardentasunaren Euskal Agintaritzak egiten dituen kontratuetan, sektore publikoko kontratazioari buruzko legeetan xedatutakoa beteko da.

2.– Gardena-Gardentasunaren Euskal Agintaritzako presidentea kontratazio-organotzat hartuko da, hargatik eragotzi gabe eginkizunak eskuordetu ahal izatea estatutuan xedatuta dagoenaren arabera.

80. artikulua.– Laguntza juridikoaren araubidea.

Gardena-Gardentasunaren Euskal Agintaritzaren epaiketetako ordezkaritza eta defentsa Eusko Jaurlaritzako zerbitzu juridikoaren ardura izango dira, arau erregulatzaileetan xedatutakoarekin bat etorriz.

81. artikulua.– Errekurtsoen araubidea.

1.– Gardena-Gardentasunaren Euskal Agintaritzako presidentearen egintzek eta ebazpenek administrazio-bidea amaituko dute; horrenbestez, administrazioarekiko auzien jurisdikzioan soilik errekurritu ahal izango dira, hargatik eragotzi gabe aukerako berraztertzeko errekurtsoa jartzea eta informaziorako kanpo-kanalaren bidezko komunikazioan jarduketak amaitzeari buruzko xedapen espezifikoa gorabehera, betiere Arau-hausteei buruzko informazioa ematen duten pertsonen babesa arautzeko eta ustelkeriaren aurka borrokatzeko otsailaren 20ko 2/2023 Legearen 20.4 artikuluan adierazitakoaren arabera.

2.– Gardena-Gardentasunaren Euskal Agintaritzaren organoen egintzek eta erabakiek, presidentearenak ez badira, ez dute administrazio-bidea amaitzen; horrenbestez, administrazio-errekurtsoa jarri ahal izango zaie, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legean eta Gardena-Gardentasunaren Euskal Agintaritzaren Estatutuan xedatutakoaren arabera.

82. artikulua.– Zirkularrak eta gomendioak.

1.– Gardena-Gardentasunaren Euskal Agintaritzako presidenteak agintaritzak zuzen funtzionatzeko irizpide eta jardunbide egokiak ezartzeko zirkularrak eta gomendioak egin ahalko ditu.

2.– Zirkularrak onesteko, Xedapen Orokorrak Egiteko Prozeduraren ekainaren 30eko 6/2022 Legean xedatutakoa beteko da, eta nahitaez bete beharrekoak izango dira Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu ondoren.

83. artikulua.– Zehatzeko ahala.

Gardena-Gardentasunaren Euskal Agintaritzak zehatze-ahala baliatuko du, baldin eta Arau-hausteei buruzko informazioa ematen duten pertsonen babesa arautzeko eta ustelkeriaren aurka borrokatzeko otsailaren 20ko 2/2023 Legean adierazitako arau-hausteren bat egiten bada bai euskal sektore publikoaren eremuan, bai eremu pribatuan baldin eta arau-hausteak Euskal Autonomia Erkidegoko lurralde-eremuari soilik eragiten badio.

84. artikulua.– Antolaketa-egitura.

1.– Gardena-Gardentasunaren Euskal Agintaritzaren antolaketa-egitura estatutuan ezarritakoa izango da; hain zuzen, presidente bat eta haren mendeko bi dibisio izango ditu. Dibisio horiek berariazko jarduna izango dute. Hain zuzen ere, batak informaziorako kanpo-kanalaren bidezko komunikazioak izapidetzeko eta ustelkeriaren aurkako borrokaren esparruan arau-hausteen informatzaileak babesteko eginkizunak izango ditu; besteak, berriz, administrazio publikoen gardentasunari loturiko eginkizunak izango ditu.

2.– Gardena-Gardentasunaren Euskal Agintaritzaren administrazio-unitateak antolatzeko eta haien barne-funtzionamendua erregulatzeko araubideak agintaritzaren estatutuan xedatutakoari jarraituko dio.

3.– Gardena-Gardentasunaren Euskal Agintaritzaren barruan, datuak babesteko ordezkari bat izendatuko da, artikulu hauetan xedatutakoarekin bat etorriz: Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2016/679 (EB) Erregelamenduaren 37.1.a artikulua –2016/679 (EB) Erregelamendua, 2016ko apirilaren 27koa, Europako Parlamentuarena eta Kontseiluarena, datu pertsonalen tratamenduari dagokionez pertsona fisikoen babesari eta datu horien zirkulazio askeari buruzkoa, zeinak 95/46/EE Zuzentaraua indargabetzen baitu (Datuak babesteko erregelamendu orokorra)–, eta Arau-hausteei buruzko informazioa ematen duten pertsonen babesa arautzeko eta ustelkeriaren aurka borrokatzeko otsailaren 20ko 2/2023 Legearen 34. artikulua.

85. artikulua.– Gardena-Gardentasunaren Euskal Agintaritzako presidentea.

Gardena-Gardentasunaren Euskal Agintaritzako presidenteak zuzentzen du organo hori, haren ordezkaria da eta haren ebazpenak, zirkularrak eta gidalerroak ematen ditu. Hirugarrenen aurrean ondorio juridikoak sortzen dituzten agintaritzaren egintzak haren presidenteak emango ditu.

Presidenteak independentzia eta objektibotasun osoz beteko ditu bere eginkizunak, agintari independentetzat hartuko da, autonomia funtzionaleko eta babes instituzionaleko bermeak izango ditu, eta ez da inolako jarraibideen mende izango bere eginkizunak betetzean.

Presidentea Eusko Legebiltzarrak hautatuko du, Gardena-Gardentasunaren Euskal Agintaritzaren berezko gaien esparruan ospe handia eta gaitasun profesional egiaztatua eta beren eginkizunak betetzeko gaitasuna duten pertsonen artetik.

Hautaketa-prozesua publikoa eta gardena izango da, gaitasun- eta independentzia-irizpideetan oinarritua, eta barnean hartuko ditu izangaiek batzorde parlamentario eskudunean egin beharreko agerraldiak.

Horretarako, talde parlamentarioek hautagaitzak aurkezteko aukera izango dute, Eusko Legebiltzarraren Erregelamenduan aurreikusitako baldintzetan. Izangaiek agerraldi publikoa egin beharko dute aurrez batzorde parlamentario eskudunean, nork bere programa aurkezteko.

Presidentea Eusko Legebiltzarraren Osoko Bilkurak hautatuko du, kideen hiru bostenen gehiengoz.

Lehenengo bozketan gehiengo hori lortzen ez bada, proposamenak egingo dira, bata bestearen atzetik, harik eta behar den gehiengoa lortu arte.

Izangaia hautatutakoan, Eusko Jaurlaritzaren dekretu bidez izendatuko da.

Presidentea bost urtez egongo da agintean, eta behin bakarrik berritu ahalko da agintaldi hori, beste bost urtez, betiere dagokion bozketan Ganberako kideen hiru bostenen gehiengoa lortzen badu berriro. Nolanahi ere, dagokion agintaldia agortutakoan, bere eginkizunak betetzen jarraituko du, harik eta presidente berria karguaz jabetu arte.

Gardena-Gardentasunaren Euskal Agintaritzako presidentea goi-karguduntzat hartuko da, sailburuordearen karguarekin parekatuta. Edonola ere, Kargu Publikodunen Jokabide Kodea eta Haien Interes Gatazkak arautzen dituen ekainaren 26ko 1/2014 Legea eta hura garatzeko araudia aplikatuko zaizkio.

Arrazoi hauetakoren bat tartean bada, agintaldia amaitu aurretik kenduko da presidentea kargutik:

a) Norberak eskatzea.

b) Dolozko delitu baten ondoriozko kondena irmoa.

c) Betebeharren ez-betetze larria; horretarako, espedientea izapidetu beharko da aurrez.

d) Bere eginkizuna betetzea galarazten dion gerora sortutako ezintasuna.

e) Bateraezintasuna.

c), d) eta e) letretan aurreikusitako kasuetan, beharrezkoa izango da Ganberako kideen hiru bostenen gehiengoak berrestea presidentea kargutik kentzea.

86. artikulua.– Presidentearen eginkizunak.

Gardena-Gardentasunaren Euskal Agintaritzako presidenteari honako eginkizun hauek betetzea dagokio:

a) Entitatearen legezko ordezkaria izatea eta haren funtzionamendua zuzentzea.

b) Gardena-Gardentasunaren Euskal Agintaritzako zuzendaritza-organoetako titularrak izendatzea, langile guztien buru gorena izatea, eta lanpostu-zerrenda onestea.

c) Urteko aurrekontuaren aurreproiektua egitea, gastuak xedatzea eta ordainketak agintzea, eta kontratuak eta hitzarmenak egitea.

d) Informatzaileak babesteko agintaritza independentea den aldetik, komunikazioen kanpo-kanala kudeatzea, lege honen 9. artikuluan xedatutako eremuan.

e) Euskal sektore publikoaren eremuan eta Euskal Autonomia Erkidegoaren eremuko sektore pribatuan egindako arau-hausteen berri ematen duten informatzaileak babesteko diren eta ordenamendu juridikoan jasota dauden neurriak hartzea, Arau-hausteei buruzko informazioa ematen duten pertsonen babesa arautzeko eta ustelkeriaren aurka borrokatzeko otsailaren 20ko 2/2023 Legearen arabera.

f) Arau-hausteei buruzko informazioa ematen duten pertsonen babesa arautzeko eta ustelkeriaren aurka borrokatzeko otsailaren 20ko 2/2023 Legean jasotzen den zehapen-araubidearen esparruan aurreikusitako arau-hausteen ondoriozko zehapen-prozedurak ebaztea.

g) Administrazioarekiko auzien jurisdikzioan aurkaratu aurretik, informazio publikorako irispidearen arloko ebazpenen aurkako aukerako erreklamazioak ebaztea, Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoko administrazio eta entitateei eta toki-administrazioei eta haien mendeko organismoei dagokienez –Euskadiko Toki Erakundeei buruzko apirilaren 7ko 2/2016 Legearen 65.1 artikuluan xedatutakoarekin bat etorriz–, eta Lan Harremanen Kontseiluari, Ekonomia eta Gizarte Kontseiluari eta Euskal Herriko Unibertsitateari dagokienez.

h) Behartuta dauden subjektuek lege honetako publizitate aktiboko betebeharrak bete ditzaten zaintzea.

i) Diziplina- eta zehapen-espedienteak hastea eskatzea, lege honetako xedapenekin bat etorriz.

j) Lege honek, Gardena-Gardentasunaren Euskal Agintaritzaren Estatutuak eta indarreko ordenamendu juridikoak ematen dizkioten gainerako eginkizunak betetzea, batez ere Arau-hausteei buruzko informazioa ematen duten pertsonen babesa arautzeko eta ustelkeriaren aurka borrokatzeko otsailaren 20ko 2/2023 Legeak emandakoak.

k) Lege- edo erregelamendu-mailako bestelako xedapenek ematen dizkioten edo helburuak eraginkortasunez betetzeko ezinbestekoak diren gainerako eginkizunak.

87. artikulua.– Gardena-Gardentasunaren Euskal Agintaritzako Kontseilu Aholku-emailea.

1.– Gardena-Gardentasunaren Euskal Agintaritzako presidenteak kontseilu aholku-emaile baten aholkularitza izango du, bera kontseiluburu dela; kontseiluak kide hauek izango ditu:

a) Eusko Legebiltzarraren ordezkari bat, legebiltzarrak berak hautatua.

b) Herri Kontuen Euskal Epaitegiko kide bat, epaitegi horrek berak hautatua.

c) Eusko Jaurlaritzako Zerbitzu Juridiko Zentralaren arduraduna.

d) Lurralde historikoetako foru-aldundi bakoitzaren ordezkari bat.

e) Euskal Autonomia Erkidegoko toki-entitateen ordezkari bat, Eudelek hautatua.

f) Datuak Babesteko Euskal Agintaritzako presidentea.

g) Kontsumitzaile eta erabiltzaileen ordezkari bat, Kontsumobide-Kontsumoko Euskal Institutuak hautatua.

h) Zigor-zuzenbidearen eta informazioaren zuzenbidearen eremu akademikoetako bi aditu, Euskal Herriko Unibertsitateak izendatuak.

i) Jarduneko legelari bat, Gardena-Gardentasunaren Euskal Agintaritzak jarduten duen gaietan esperientzia egiaztatua duena eta Legelarien Euskal Kontseiluak hautatua.

2.– Kontseilu aholku-emailearen osaeran, gaikuntza, gaitasun eta prestakuntza egokia duten emakume eta gizonen ordezkaritza orekatua izaten saiatuko da. Horretarako, ordezkaritza orekatua dela jotzen da bi sexuek gutxienez % 40ko ordezkaritza dutenean.

3.– Gardena-Gardentasunaren Euskal Agintaritzako presidenteak erabakiko du kontseilu aholku-emailea noiz bilduko den; baina sei hilean behin bildu beharko da, gutxienez.

4.– Kontseilu aholku-emaileak hartzen dituen erabakiak ez dira inola ere lotesleak izango, txostenen forma izango dute, eta presidenteak aurkezten dizkion aztergaiei buruzkoak izan daitezke; halaber, dagokion jarduketa-eremuko gaiei buruzko proposamenak ere egin ahal izango dituzte.

5.– Lege honetan xedatu ez den guztiari dagokionez, kontseilu aholku-emailearen araubidea, antolaketa eta funtzionamendua Gardena-Gardentasunaren Euskal Agintaritzaren Estatutuak arautuko ditu.

88. artikulua.– Gardena-Gardentasunaren Euskal Agintaritzaren jardueraren urteko memoria.

1.– Gardena-Gardentasunaren Euskal Agintaritzako presidenteak jardueraren urteko memoria egingo du, eta, han, erreferentzia hauek behintzat jasoko ditu, behartuta dauden entitateen betetze-maila identifikatu ahal izateko moduan: zer komunikazio egin diren informaziorako kanpo-kanalaren bidez eta zer babes-neurri hartu diren; gardentasunaren arloan izapidetutako aukerako erreklamazioen, bitartekaritza-jarduketen eta kontsulten zerrenda, eta Gardena-Gardentasunaren Euskal Agintaritzak zer gomendio eta errekerimendu zabaltzea jo duen egokitzat.

2.– Urtero, urteko lehen hiruhilekoan, Eusko Legebiltzarrari eta Eusko Jaurlaritzari bidaliko zaie memoria, eta Gardena-Gardentasunaren Euskal Agintaritzaren gardentasun-atarian argitaratu ere egingo da.

89. artikulua.– Kontrol parlamentarioa.

Gardena-Gardentasunaren Euskal Agintaritzako presidentea Eusko Legebiltzarreko batzorde eskudunaren aurrean agertuko da urtean behin.

90. artikulua.– Gardentasuna.

1.– Gardena-Gardentasunaren Euskal Agintaritzak web-atari propio bat izango du, eta lege honetan ezartzen diren publizitate aktiboko betebeharretatik eratorritako informazioa argitaratuko du. Horretaz gain, gardentasun-atari horretan, haren ebazpenak, txostenak, interpretazio-irizpideak, erabakiak eta jardueraren urteko memoria argitaratuko dira, dagozkion arauetan ezarritako mugen eraginpean egon daitekeen informazioa disoziatu ondoren. Behartuta dauden subjektuek bete dituzten, bete ez dituzten eta administrazioarekiko auzien jurisdikzioan aurkaratu dituzten ebazpenei buruzko informazioa ere argitaratuko da, bai eta herritarrei interesa dakiekeen beste edozein informazio ere.

2.– Informaziorako kanpo-kanal gisa dituen eginkizunetan, Gardena-Gardentasunaren Euskal Agintaritzak argitara eman beharko du, bere egoitza elektronikoaren atal bereizi, erraz identifikatzeko moduko eta irisgarri batean, Arau-hausteei buruzko informazioa ematen duten pertsonen babesa arautzeko eta ustelkeriaren aurka borrokatzeko otsailaren 20ko 2/2023 Legearen 25. artikuluan xedatutako informazioa behintzat.

LEHENENGO XEDAPEN GEHIGARRIA.– Informazio Publikoaren Sarbiderako Euskal Batzordearen jarduera ordezkatzea.

Gardena-Gardentasunaren Euskal Agintaritzak, bere estatutua onesten duen dekretuan ezarritakoaren arabera jarduten hasten denean, Informazio Publikoaren Sarbiderako Euskal Batzordea ordezkatuko du informazio publikorako irispidea gauzatzearen arloko aurkaratze-araubideari lotutako eginkizunetan, irailaren 13ko 128/2016 Dekretuan adierazitako moduan.

BIGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA.– Gardena-Gardentasunaren Euskal Agintaritzako langileen araubide juridikoa.

1.– Gardena-Gardentasunaren Euskal Agintaritzako presidente izendatutako pertsona funtzionario publikoa bada, zerbitzu berezietako administrazio-egoeran dagoela deklaratuko da aipatutako administrazio independenteko burua den aldirako, Euskal Enplegu Publikoaren abenduaren 1eko 11/2022 Legearen 138. artikuluan xedatutakoarekin bat etorriz.

2.– Gardena-Gardentasunaren Euskal Agintaritzaren Estatutuak erantzukizun berezikotzat jotzen dituen egiturako lanpostuak betetzeko hautatutako pertsonak funtzionario publikoak badira, zerbitzu berezietako administrazio-egoeran daudela deklaratuko da destino horretan dauden aldirako, Euskal Enplegu Publikoaren abenduaren 1eko 11/2022 Legearen 138. artikuluan xedatutakoarekin bat etorriz.

HIRUGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA.– Arau-hausteei buruzko informazioa emateko eta informatzaileak babesteko barne-sistemaren arduradunaren araubide juridikoa.

Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoaren esparruan arau-hausteen berri emateko eta informatzaileak babesteko barneko informazio-sistema sortu eta arautzen duen ekainaren 13ko 89/2023 Dekretuaren arabera arau-hausteen berri emateko eta informatzaileak babesteko barneko informazio-sistemaren arduradun izendatutako pertsona funtzionario publikoa bada, zerbitzu berezietako administrazio-egoeran dagoela deklaratuko da, Euskal Enplegu Publikoaren abenduaren 1eko 11/2022 Legearen 138. artikuluan xedatutakoarekin bat etorriz.

LAUGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA.– Gardentasunaren arloko sailarteko koordinaziorako kide anitzeko organoa sortzea.

Gardena-Gardentasunaren Euskal Agintaritza jardunean hasitakoan, eta gardentasunaren arloko sailarteko koordinaziorako den eta lege honen 44. artikuluan adierazita dagoen kide anitzeko organoa sortu aurretik, Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoan dauden kide anitzeko gainerako organoak egokituko ditu Eusko Jaurlaritzak, aipatutako xedapeneko atazen gauzatzea funtzionalki bateratzeko.

BOSGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA.– Beste erakunde eta administrazio publiko batzuekiko lankidetza.

1.– Eusko Jaurlaritza lankidetzan arituko da Euskal Autonomia Erkidegoko gainerako erakunde eta administrazio publikoekin, bereziki lurralde historikoetako erakundeekin eta toki-administrazioko entitateekin, dagokien eremuan diharduten interes-taldeen gardentasuna sustatzeko, bakoitzaren eskumenak errespetatuta. Lankidetza-mekanismo egokiak eta elkarreragingarritasun-irizpideak ezarri ahalko dira, erakunde edo administrazio bakoitzaren eremuan interes-taldeen jardueraren gardentasuna bermatzeko.

2.– Aurreko paragrafoan ezarritakoa eragotzi gabe, lege honen aplikazio-eremuan sartuta ez dauden Euskal Autonomia Erkidegoko erakunde edo administrazio publikoek, beren eskumenak garatzean, interes-taldeen erregistro propioak sortzen badituzte, lankidetza-mekanismoak ezarriko dira erregistro horietara Eusko Jaurlaritzaren interes-taldeen erregistroaren bidez ere sartu ahal izateko, inskripzioen elkarreragingarritasuna eta elkarrekiko aintzatespena bermatuz.

SEIGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA.– Interes-taldeen erregistroaren dekretua.

Interes-taldeen erregistroaren antolaketa eta funtzionamendua eta bertan jaso beharreko informazioaren zehaztasunak dekretu bidez garatuko dira, lege hau onetsi eta sei hilabeteko epean.

XEDAPEN IRAGANKORRA.– Ebazteke dauden prozedurak.

Publizitate aktiboaren eta informazio publikorako irispidea izateko eskubidea baliatzearen arloko prozeduraren bat lege hau indarrean jarri aurretik hasi bazen, hasteko unean indarrean zen araudiaren arabera izapidetuko da, amaitu arte.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA.– Gardena-Gardentasunaren Euskal Agintaritza jardunean hastea.

Gardena-Gardentasunaren Euskal Agintaritzaren Estatutua onesten duen dekretuak adieraziko du noiz hasiko den agintaritza jardunean.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA.– Lehiaren Euskal Agintaritzari buruzko otsailaren 2ko 1/2012 Legea aldatzea.

Zazpigarren xedapen gehigarri bat eransten zaio Lehiaren Euskal Agintaritzari buruzko otsailaren 2ko 1/2012 Legeari, honela idatzita:

«ZAZPIGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA.– Lehiaren arloko arau-hauste posibleak komunikatzeko kanpo-kanalaren sorrera.

Lehiaren Defentsari buruzko uztailaren 3ko 15/2007 Legearen hamabigarren xedapen gehigarrian xedatutakoarekin bat etorriz, Lehiaren Euskal Agintaritzaren komunikazioetarako kanpo-kanala sortzen da».

AZKEN XEDAPENETAKO HIRUGARRENA.– Gardena-Gardentasunaren Euskal Agintaritzaren Estatutua onestea.

Eusko Jaurlaritzak lege hau indarrean jarri eta sei hilabeteko epean onetsiko du Gardena-Gardentasunaren Euskal Agintaritzaren Estatutua.

AZKEN XEDAPENETAKO LAUGARRENA.– Indarrean jartzea.

Lege hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean jarriko da indarrean.

Beraz, Lege honi men egiteko eta men eginarazteko agintzen diet, norbanako zein agintari direla, Euskadiko herritar guztiei.

Vitoria-Gasteiz, 2026ko maiatzaren 14a.

Lehendakaria,

IMANOL PRADALES GIL.


Azterketa dokumentala