
95. zk., 2026ko maiatzaren 22a, ostirala
- Bestelako formatuak:
- PDF (279 KB - 19 orri.)
- EPUB (312 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
ZIENTZIA, UNIBERTSITATE ETA BERRIKUNTZA SAILA
2180
AGINDUA, 2026ko maiatzaren 12koa, Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntzako sailburuarena, zeinaren bidez onartzen baitira Cambridgeko Unibertsitateko Clare Hall-en ikertzaile bisitari izateko laguntzetarako oinarriak eta egiten baita haien deialdia 2026-2027 ikasturterako.
Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntza Sailak eta Cambridgeko Unibertsitateak hitzarmena sinatu dute ikertzaileek Clare Hall-en egonaldia egin dezaten.
Clare Hall College 1966an sortu zuten, eta ikasketa aurreratuen zentroa da Cambridgeko Unibertsitatearen barruan. Ikertzaile bisitarientzako programa arrakastatsua du. Programa horri esker, mundu osoko akademikoak bizi dira eta lan egiten dute Cambridgen, bederatzi hilera arteko egonaldietan. Cambridgeko Unibertsitateko gradudunen bost ikastegietako bat da. Zentro horretan, Euskal Herriari lotutako gaietan espezialista diren ikertzaile bisitariak izatea garrantzitsua izango da Euskal Herriari buruzko ezagutza garatzeko, eta Cambridge eta EAEren arteko lankidetzan oinarritutako ikerketa sendotzeko.
Deialdi hau ebazteko, kontuan izango dira administrazio publikoen dirulaguntzak emateko jarduera arautzen duten printzipioak, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legean ezarritakoaren arabera, eta bat etorriz Dirulaguntzei buruzko 38/2003 Lege Orokorraren (Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren Erregelamendua onartzen duen uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren bidez garatua) oinarrizko manuekin eta laguntza eta dirulaguntzei aplikatu beharreko gainerako xedapenekin, eta eskura dauden baliabide ekonomikoak aplikatuko dira agindu honetan ezarritako irizpideen arabera. Halaber, adierazi behar da Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntza Sailaren 2026ko Dirulaguntzen Plan Estrategikoak deialdi hau jasotzen duela 1. helburu estrategikoa betetzeko dirulaguntza-lerroen barruan.
Eskabideak egiteko, inskripzio-inprimakia bete beharko da, zeina bide telematikoz eskuragarri egongo baita, sailaren egoitza elektronikoan, betiere 4/2022 Dekretuaren 3. artikulua aplikatuz (4/2022 Dekretua, urtarrilaren 11koa, zeinaren bidez bitarteko elektronikoak erabiltzeko betebeharra arautzen baita ikerketa arloko laguntzetarako eta sarietarako eskabideetan eta gainerako izapideetan).
Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituen eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituen lehendakariaren ekainaren 23ko 18/2024 Dekretuaren bidez (2024ko ekainaren 24ko EHAA, 123. zk.), Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntza Sailari esleitu zitzaion ikerketa teorikoa eta aplikatua bultzatu eta koordinatzeko lana.
EBAZTEN DUT:
Artikulu bakarra.– Cambridgeko Unibertsitateko Clare Hall-en ikertzaile bisitari gisa aritzeko laguntzen oinarri arautzaileak onartzea (agindu honetako eranskinean daude jasota), eta onartzea orobat lau dirulaguntzatarako deialdia egitea (gehienez ere lau) 2026-2027 ikasturtean Cambridgeko Unibertsitateko Clare Hall-en ikertzaile bisitari gisa egoteko.
AZKEN XEDAPENETAKO LEHENA.– Errekurtsoak.
Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beronen aurka, interesdunek aukerako berraztertze-errekurtsoa jarri ahal izango diote Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntzako sailburuari, hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera; edo, zuzenean, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hileko epean, agindua aldizkari ofizial berean argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.
AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA.– Eraginkortasuna.
Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.
Vitoria-Gasteiz, 2026ko maiatzaren 12a.
Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntzako sailburua,
JUAN IGNACIO PÉREZ IGLESIAS.
ERANSKINA
Cambridgeko Unibertsitateko Clare Hall-en ikertzaile bisitari gisa aritzeko laguntzen oinarri arautzaileak
Lehenengoa.– Modalitateak eta iraupena.
1.– Ikertzaile doktoreen mugikortasun-programak aukera ematen du Clare Hall-en lau pertsonara arteko ikerketa-egonaldia egiteko, honako bi modalitate eta baldintza hauen barruan:
a) A modalitatea: «Visiting Fellow».
«Visiting Fellow» ikertzaileen egonaldia ikasturte akademikoaren barruan egingo da (urriaren 1ean hasten da), gutxienez 135 egun iraungo du, eta gehienez 270 egun.
Modalitate honetan, gehienez ere bi laguntza hauek emango dira:
1. Euskadi-Erresuma Batua ikerketa kolaboratiboa hezkuntza-arloan sustatzeko interesari erantzuteko, «Visiting Fellow» laguntzetako bat ikertzaileentzat izango da, honako arlo hauetan:
i) Digitalizazioa: metodologia eta gaitasun tekno-pedagogikoak eta berauek ingurune digitalean-ingurune presentzialean integratzea.
ii) STEAM proiektuak: ikasleek gaitasun zientifiko-teknologikoak eta jarrerazko alderdiak eskuratzea STEM eremuetarantz, eta arreta berezia jartzea hezkuntza matematikoan.
Hezkuntzaren arloan hautagai bakar batek ere ez badu gainditzen zazpigarren oinarriko zazpigarren apartatuan eskatzen den gutxieneko puntuazioa, laguntza hori beste edozein jakintza-arlotako ikertzaileei esleitu ahal izango zaie.
2. Bigarren «Visiting Fellow» laguntza edozein jakintza-arlotako ikertzaileei esleituko zaie.
b) B modalitatea: «Post Visiting Fellow».
«Post Visiting Fellow» ikertzaileen egonaldia ikasturte akademikoaren barruan egingo da (urriaren 1ean hasten da), 14 egun iraungo du gutxienez, eta gehienez ere 56 egun.
Modalitate hau eskuratu ahal izateko, ezinbestekoa izango da ikasturteko deialdia baino lehen Clare Hall-eko Visiting Fellow («Life members») izatea.
«Post Visiting Fellow» modalitate honetan, gehienez ere bi laguntza emango dira. Eskaerak ezagutza-arlo guztietarako egin daitezke.
2.– Bi modalitateetan, egonaldia 2026-2027 ikasturtean egin beharko da, eta ikasturtea 2026ko urriaren 1ean hasiko da.
Bigarrena.– Zuzkidura ekonomikoa.
Agindu honetan araututako laguntzak finantzatzeko, 28.080 euro bideratuko dira Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorretatik, honela banatuta, 1. oinarrian aipatutako bi modalitateen arabera.
A Modalitatea: 22.600 euro.
B Modalitatea: 5.840 euro.
Hirugarrena.– Onuradunek bete beharreko baldintzak:
1.– Laguntza hauek jasotzeko, interesdunek baldintza hauek bete beharko dituzte:
a) Euskal Autonomia Erkidegoko udalerri batean erroldatuta egotea, eta 2026ko urtarrilaren 1ean gutxienez urtebeteko antzinatasuna izatea. Hala ere, antzinatasun hori duten baina atzerrian bizi direnen eskabideak ere onartuko dira, baldin eta atzerrian bizi diren espainiarren erroldaren (aurrerantzean, AEE) bidez Euskal Autonomia Erkidegoan auzotasuna badute eta atzerrian bizi aurreko azken auzotasuna Euskal Autonomia Erkidegoan izan bada.
b) Doktore gradua izatea.
c) EAEko ikerketa-zentro edo unibertsitate batean lan-lotura iraunkorra edo kontratu mugagabea izatea. Onartuko dira, halaber, irakasle laguntzaile edo Ikerbasque Research Fellows gisa finkatzeko bidean dauden kontratuak dituzten pertsonen eskaerak. Kontratuek gutxienez 2 urteko antzinatasuna izan beharko dute eskaera egiteko unean.
d) «Post Visiting Fellow» modalitatean, hautagaiek Clare Hall-eko Visiting Fellow (Life members) izan beharko dute, deialdi honen aurretik.
e) Cambridgeko Unibertsitateko sail edo fakultate batean onartuta egotea.
f) Ingeles hizkuntzaren ezagutza-maila nahikoa izatea, unibertsitate-komunitatean lehen egunetik bizi eta lan egiteko gai izan daitezen.
2.– Ezin izango dira onuradun izan honako egoera hauetakoren batean daudenak:
a) Epai irmo bidez, dirulaguntzak edo laguntza publikoak lortzeko aukera galtzeko zigorra jaso izana edo prebarikazio, eroskeria, diru publikoen erabilera bidegabea, influentzia-trafiko, iruzur eta ordainarazpen ilegal edo hirigintza-delituak direla eta zigorra jaso izana.
b) Hartzekodunen konkurtso boluntarioa deklaratzeko eskaria egin dutenak, edozein prozeduratan kaudimengabetzat jota daudenak, hartzekodunen konkurtsoan deklaratuta daudenak –konkurtso horretan hitzarmen bat indarrean jarri bada salbu–, epailearen esku-hartzearen mende daudenak edo uztailaren 9ko 22/2003 Konkurtso Legearen arabera desgaituta daudenak, hartzekodunen konkurtsoa sailkatzeko epaian finkatutako desgaitze-aldia oraindik amaitu gabe dagoelarik.
c) Administrazioarekin egindako edozein kontratu ebazpen irmoz suntsiarazteko arrazoiak sorrarazi eta haien errudun deklaratu izan direnak.
d) Pertsona fisikoa, merkataritza-sozietateen administratzaileak edo beste pertsona juridiko batzuen legezko ordezkaritza dutenak ez egotea honako lege hauek jasotako bateraezintasun-araubidearen kasuetako batean: Administrazio Publikoen Zerbitzuko Langileen Bateraezintasunei buruzko abenduaren 26ko 53/1984 Legea eta Kargu Publikodunen Jokabide Kodea eta Interes Gatazkak Arautzen dituen ekainaren 26ko Eusko Legebiltzarraren 1/2014 Legea. Edo ez izatea Hauteskunde Araubide Orokorraren ekainaren 19ko 5/1985 Lege Organikoan araututako hautapenezko karguak, lege horretan edo gai horiek arautzen dituen autonomia-erkidegoko araudian ezarritako baldintzetan.
e) Egoitza fiskala paradisu fiskaltzat hartutako lurralde edo herrialde batean izatea.
f) Egunean ez izatea indarrean dauden xedapenek ezarritako zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak, bat etorriz Ekonomia eta Ogasuneko sailburuaren 2023ko otsailaren 13ko Aginduarekin (zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak betetzen direla egiaztatzeari buruzkoa), ez eta Euskadiko Aurrekontu Orokorren kargura ematen diren laguntzen eta dirulaguntzen esparruko dirulaguntzak itzultzeari dagozkion betebeharrak ere.
g) Epai irmo bidez zehatuta egotea, eta beraz, dirulaguntzak lortzeko aukera galtzea, lege honetan edo beste batzuetan zehaztutakoari jarraiki. Zehazki, administrazio- edo zigor-arloan zehatuta egotea, sexuan oinarritutako diskriminazioa egiteagatik edo emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloko araudia ez betetzeagatik, dagokion zehapenean ezarritako aldia amaitu gabe.
h) LGTBI-fobia egin, bultzatu edo sustatu izana, bihurketa-terapiak sustatzea edo egitea barne (otsailaren 28ko 4/2023 Legearen 82. artikulua).
i) Ekonomia zirkular baterako hondakinei eta lurzoru kutsatuei buruzko apirilaren 8ko 7/2022 Legean edo Euskadiko Ingurumen Administrazioari buruzko abenduaren 9ko 10/2021 Legean aurreikusitako arau-hauste larri edo oso larriagatik zehatuta egotea, administrazio-bidean ebazpen irmo baten bidez, dagozkion neurri zuzentzaileak gauzatu eta zehapena bete arte.
Laugarrena.– Eskabideak formalizatzea eta aurkezteko epea.
1.– Eskabideak egiteko modu bakarra inprimakia betetzea da. Bide telematikoz eskuragarri egongo da, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan (https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/0174009), betiere 4/2022 Dekretuaren 3. artikulua aplikatuz (4/2022 Dekretua, urtarrilaren 11koa, zeinaren bidez bitarteko elektronikoak erabiltzeko betebeharra arautzen baita ikerketa arloko laguntzetarako eta sarietarako eskabideetan eta gainerako izapideetan). Eskabide-eredua I. eranskinean dago: «Eskaera-inprimakia».
Eskabidearekin batera aurkeztu beharreko dokumentuak aplikazio elektronikoaren bitartez erantsiko zaizkio eskabideari. Horretarako, hautagaiak alta eman beharko du erabiltzaile gisa, eta aplikazio horretan zehaztutako jarraibideak bete beharko ditu.
Aplikaziora ziurtagiri elektroniko baten bidez sartu beharko da. Helbide elektroniko honetan daude jasota elektronikoki identifikatzeko onartutako sistemak )https://www.euskadi.eus/identifikazio-elektronikorako-onartutako-bitartekoak/web01-sede/eu/) Aplikaziora sartzen diren pertsonek baimena ematen diote Zientzia Politikarako Zuzendaritzari (deialdia kudeatzen duen organoa) nortasun-datuak administrazio eskudunean egiazta ditzan bitarteko elektronikoen bitartez edo eskuragarri dituen bestelako baliabideen bitartez.
2.– Eskabide telematikoa osorik betetakoan, eta oinarri honetako 4. apartatuan adierazitako agiriak aplikazioaren bidez atxikitakoan, eskatzaileak eskabidea erregistratzeko prozesu elektronikoa osatu beharko du; izan ere, sinadura elektronikoaren bidez eskabide bati balioa emateko, jasota geratu behar da erregistratu dela. Hori ziurtatzeko, eskatzaileak agirien erregistro-elektronikoa/aurkezpen-erregistroa eskura dezake, «Ikusi egiaztagiria E/E» aukerarekin. Ez da onartuko erabat modu elektronikoan bete eta erregistratu ez den eskabiderik.
3.– Eskabideak aurkezteko epea 15 egun naturalekoa izango da, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.
4.– Interesdunak dokumentazio hau aurkeztu beharko du aplikazioaren bidez:
a) Errolda-ziurtagiria. Atzerrian bizi direnen kasuan, hauek aurkeztuko dira: Euskal Autonomia Erkidegoan erroldatuta egon izanaren agiria (historikoa) eta atzerrian bizi diren espainiarren erroldan (AEE) erregistratuta egotearen ziurtagiria.
b) Doktore-tituluaren egiaztagiria.
c) Ikertzaileak plaza finkatua duela edo finkatzeko bidean dagoela egiaztatzen duen ziurtagiria. Horretarako, zerbitzu-orria aurkeztea onartuko da, zeinean jasoko baitira antzinatasuna eta hautagaiaren eta entitate eskatzailearen arteko kontratu-harremana. Zerbitzu-orria aurkeztu ezin bada, entitate eskatzailearen ziurtagiri bat aurkeztu beharko da.
d) Cambridgeko Unibertsitateko Clare Hall-eko «Application for a Visiting Fellowship» eskaera-inprimakia.
e) Cambridgeko Unibertsitateko sail edo fakultate batean onartua izan dela adierazten duen gutuna.
f) Eskatzailea unibertsitateko irakaslea bada, unibertsitateko legezko arduradunak sinatutako dokumentu bat aurkeztuko da, eskatzaileari baimena ematen diona laguntzak iraun bitartean kanpoan egoteko.
g) Ingelesez idatzitako curriculum akademiko normalizatu eta zientifikoa.
h) Cambridgeko Unibertsitateko Clare Hall-en garatu beharreko ikerketa-proiektua, ingelesez idatzia.
i) Hautagaiek beren irakaskuntza- eta ikerketa-lana ezagutzen duten ospe aitortuko hiru ikertzaileren aipamen-gutunak lortu beharko dituzte. Gutunak ingelesez idatzita egongo dira, eta Zientzia Politikarako Zuzendaritzari zuzenduko zaizkio.
«Post Visiting Fellow» modalitatearen kasuan, aurrekoez gain, beste hauek aurkeztu beharko dira:
j) Hautagaia «Life Member» dela egiaztatzen duen agiria.
k) Clare Hall-en egindako egonaldiari buruzko txosten zientifiko-teknikoa, aprobetxamendua eta Cambridgeko Unibertsitatearekiko lankidetzaren emaitzen adierazleak jasota.
5.– Eskatzaileek ez dituzte berriro aurkeztu beharko dagoeneko administrazio publikoen esku dauden dokumentuak eta informazioa. Horretarako, ezarritako baldintzak betetzen direla egiaztatzen duten datuak edo dokumentuak administrazio publikoen datuak trukatzeko plataformen bidez lortu edo egiaztatuko dira, salbu eta interesduna aurka badago edo teknikoki ezinezkoa bada horiek lortzea. Horrek guztiak ez ditu eragotziko Administrazio Publikoak esleituta dituen egiaztatze-, kontrol- eta ikuskatze-ahalmenak.
6.– Kudeaketa-organoak ofizioz egiaztatu ahal izango du, behar beste aldiz, laguntzak eskatzen dituzten pertsonek betebeharrak betetzen dituztela, hargatik eragotzi gabe Administrazio Publikoak esleituta dituen egiaztapen-, kontrol- eta ikuskapen-ahalmenak. Hala ere, eskatzaileak kontsultaren aurka egin ahal izango du, eta, orduan, eskakizun horiek betetzen dituela egiaztatzen duen dokumentazioa aurkeztu beharko du.
7.– Hasiera batean, hirugarren oinarriko bigarren apartatuan ezarritako baldintzak bete ordez, II. eranskina aurkeztu ahal izango da («Erantzukizunpeko adierazpena»), Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 9.5 artikulua aplikatuz.
Bosgarrena.– Eskabideetako akatsak zuzentzea.
1.– Dirulaguntza-eskabideak guztiz betetzen ez badira, edo nahitaezko agiriak aurkezten ez badira, Zientzia Politikako Zuzendaritzak eskatzaileei eskatuko die 5 egun balioduneko epean hutsak zuzendu ditzatela edo nahitaezko agiriak aurkez ditzatela. Halaber, ohartaraziko die ulertuko dela, hala egin ezean, haien eskabidean atzera egin dutela, bat etorriz Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 68.1 eta 21.1 artikuluetan xedatutakoarekin.
2.– Zuzenketak egiteko errekerimenduak 8. oinarriko laugarren apartatuan ezarritako prozedurari jarraikiz jakinaraziko dira.
Seigarrena.– Laguntza kudeatzeko organoa.
Zientzia Politikako Zuzendaritzak kudeatuko ditu agindu honetan aurreikusitako laguntzak.
Zazpigarrena.– Balorazio Batzordea eta balorazio-irizpideak.
1.– Aurkezteko epea, eta, hala egin beharra egokitzen bada, eskabideak zuzentzeko epea amaituta, eskabideak Balorazio Batzordeak ebaluatuko ditu. Batzordea honela osatuko da:
a) Zientzia eta Berrikuntzako sailburuordea edo hark eskuordetutako pertsona. Batzordeburua izango da.
b) Clare Hall-eko «Fellowship Committee»ko presidentea.
c) Gehienez ere bi aditu akademiko, biak ere akordioaren diziplina garrantzitsuetan eskarmentu handikoak: bat Cambridgeko Unibertsitatekoa eta bestea Euskal Herriko Unibertsitatekoa. Aditu horiek Clare Hall-eko «Fellowship Committee» ko presidenteak eta Zientzia eta Berrikuntzako sailburuordeak aukeratuko dituzte, hurrenez hurren. Gaien esparrua zabala bada, alderdiek bigarren aditu akademiko bat proposatu ahal izango dute.
2.– Ebaluazio-lana hasi aurretik, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da nor diren batzorde hori osatzen dutenak.
3.– Balorazio-batzordeak bi fasetan ebaluatuko ditu hautagaiek aurkeztu dituzten eskabideak, irizpide hauei jarraikiz, eta, betiere, hautatutako modalitatea kontuan hartuz:
A) A modalitatea: «Visiting Fellow».
1.– Lehen lehiaketa-fasea (gehienez 25 puntu).
i) Curriculum akademikoa eta zientifikoa (gehienez 10 puntu):
a) Argitalpenak, hitzaldiak eta ezagueraren transferentzia (gehienez ere, 4 puntu) Atal honetan, kontuan hartuko dira liburuak, liburuen kapituluak eta aldizkari zientifikoetako artikuluak, dagozkien ezagutza-arloen berezitasunei erreparatuz. Aldizkarien kasuan, balio berezia emango zaie beren esparruko erreferentzia-indizeei, Ikerketa Jardueraren Ebaluazio Batzorde Nazionalaren 2025eko abenduaren 10eko Ebazpenean jasotako irizpide espezifikoen arabera. Ebazpen horretan argitara eman ziren ebaluazio-esparru bakoitzean onetsitako irizpide espezifikoak.
b) Zuzendutako ikerketa-proiektuak eta tesiak (gehienez 3 puntu). Ea hautagaiak zenbat doktorego-tesi zuzendu amaitu dituen, eta, horien artetik, ehuneko zenbatek lortu duten nazioarteko aipamena. Kontuan hartuko dira proiektuek autonomia-erkidegoko, Estatuko edo nazioarteko norgehiagoka-deialdi publikoetan lortutakoak izatea; zehazki, Europar Batasuneko, nazioarteko beste organismo edo erakunde batzuetako, estatu-planetako edo autonomia-erkidegoetako programetan. Proiektu horiek ikerketa ebaluatzeko agentzia ofizial eta independente baten kanpo-ebaluazioa egin behar zaie. Bestelako ikerketa-jardueren kasuan, kontuan izango dira gauzatutako ikerketa-jardueraren ezagutza transferitzeko kontratu edo hitzarmenekin lotura dutenak. Kontuan izango da, halaber, ikerketa-proiektu edo jarduera horien lidergoa.
c) Graduetan eta graduondoetan eginiko irakaskuntza-lana (gehienez, 3 puntu). Bereziki, gradu-titulazioetan eta master ofizialetan irakasle gisa emandako kreditu-kopurua baloratuko da, bai eta halakoetan egindako zuzendaritza-lana ere.
ii) Ikerketa-proiektua (gehienez ere, 10 puntu):
a) Ikerketa-proiektuaren kalitatea eta interes zientifikoa (7 puntu, gehienez). Batez ere zer balioetsiko den: helburuak zer argiak diren, metodologia zer zorrotza, diseinu esperimentala edo teorikoa zer egokia, eta helburuen, metodologiaren, kronogramaren eta espero diren emaitzen arteko barne-koherentzia. Dena delako arlo horretako ezagutzaren aurrerapen zientifikoari egindako ekarpena ere baloratuko da.
b) Ikerlanaren emaitzek euskal gizartean duten inpaktua (gehienez, 3 puntu). Batez ere zer baloratuko den: lortu nahi diren emaitzek zer garrantzi eta eragina duten gizartean, ekonomian eta teknologian, eta epe labur eta ertainera zer aukera egongo den emaitza horiek transferitzeko.
iii) Ikertzailearen prestasuna (gehienez 5 puntu), formula honen arabera kalkulatua:
(Ikusi .PDF Fitxategia)
«d» horrek, formularen barruan, ikertzaileak proposatutako egonaldiaren iraupena esan nahi du, egunetan adierazita. Balio horrek gutxienez 135 egunekoa izan behar du, eta gehienez 270 egunekoa. Gainera, ateratzen den puntuazioa ezin izango da 5 puntutik gorakoa izan.
2. lehiaketa-fasea (gehienez 10 puntu) Balorazio-batzordeak elkarrizketa bat egingo dio, proiektua aurkez dezan. Batzordea den bezalakoa izanik, ingelesez egin beharko da. Aurkeztutakoari buruzko galderak egin ditzake balorazio-batzordeak, edo laguntzaren xedearekin lotutako beste alderdi batzuei buruzko galderak. Era berean, ingelesa jakiteko baldintza betetzen dela egiaztatuko du, 3.1.f) oinarriak adierazi bezala.
B) B modalitatea: «Post Visiting Fellow».
1.– Lehen lehiaketa-fasea (gehienez, 25 puntu).
i) Curriculum akademikoa eta zientifikoa (gehienez 10 puntu):
a) Cambridgeko Clare Hall-ekin aldez aurretik izandako lankidetzaren ondoriozko argitalpenak, hitzaldiak eta ezagutza-transferentzia (gehienez, 2 puntu). Atal honetan, kontuan hartuko dira liburuak, liburuen kapituluak eta aldizkari zientifikoetako artikuluak, dagozkien ezagutza-arloen berezitasunei erreparatuz. Aldizkarien kasuan, balio berezia emango zaie beren esparruko erreferentzia-indizeei, Ikerketa Jardueraren Ebaluazio Batzorde Nazionalaren 2025eko abenduaren 10eko Ebazpenean jasotako irizpide espezifikoen arabera. Ebazpen horretan argitara eman ziren ebaluazio-esparru bakoitzean onetsitako irizpide espezifikoak.
b) Bestelako argitalpenak, hitzaldiak, ezagutza-transferentzia (gehienez, bi puntu). Atal honetan, kontuan hartuko dira liburuak, liburuen kapituluak eta aldizkari zientifikoetako artikuluak, dagozkien ezagutza-arloen berezitasunei erreparatuz. Aldizkarien kasuan, balio berezia emango zaie beren esparruko erreferentzia-indizeei, Ikerketa Jardueraren Ebaluazio Batzorde Nazionalaren 2024ko abenduaren 9ko Ebazpenean jasotako irizpide espezifikoen arabera. Ebazpen horretan argitara eman ziren ebaluazio-esparru bakoitzean onetsitako irizpide espezifikoak.
c) Zuzendutako ikerketa-proiektuak eta tesiak (gehienez, 3 puntu). Baloratuko da ea hautagaiak zenbat doktorego-tesi zuzendu amaitu dituen, eta, horien artetik, ehuneko zenbatek lortu duten nazioarteko aipamena. Kontuan hartuko dira proiektuek autonomia-erkidegoko, Estatuko edo nazioarteko norgehiagoka-deialdi publikoetan lortutakoak izatea; zehazki, Europar Batasuneko, nazioarteko beste organismo edo erakunde batzuetako, estatu-planetako edo autonomia-erkidegoetako programetan. Proiektu horiek ikerketa ebaluatzeko agentzia ofizial eta independente baten kanpo-ebaluazioa egin behar zaie. Bestelako ikerketa-jardueren kasuan, kontuan izango dira gauzatutako ikerketa-jardueraren ezagutza transferitzeko kontratu edo hitzarmenekin lotura dutenak. Kontuan izango da, halaber, ikerketa-proiektu edo jarduera horien lidergoa.
d) Irakaskuntza-lana graduetan eta graduondoetan (gehienez, 3 puntu). Bereziki, gradu-titulazioetan eta master ofizialetan irakasle gisa emandako kreditu-kopurua baloratuko da, bai eta halakoetan egindako zuzendaritza-lana ere.
ii) Ikerketa-proiektua (gehienez ere, 10 puntu):
a) Ikerketa-proiektuaren kalitatea eta interes zientifikoa (7 puntu, gehienez). Batez ere zer balioetsiko den: helburuak zer argiak diren, metodologia zer zorrotza, diseinu esperimentala edo teorikoa zer egokia, eta helburuen, metodologiaren, kronogramaren eta espero diren emaitzen arteko barne-koherentzia. Dena delako arlo horretako ezagutzaren aurrerapen zientifikoari egindako ekarpena ere baloratuko da.
b) Clare Hall-en egindako egonaldiak nolako eragina izan duen gaur egun egiten diharduen ikerketa-lanean (gehienez, 3 puntu). Batez ere zer baloratuko den: ea zer aukera dagoen nazioarteko ikertzaile entzutetsuekin jarduteko; lankidetza zientifiko berriak jostea; metodologia, ikuspegi edo esparru teoriko berriak txertatzea; eta ekoizpen zientifikoaren kalitatea eta/edo ikusgarritasuna hobetzea.
iii) Ikertzailearen prestasuna (gehienez 5 puntu), formula honen arabera kalkulatua:
(Ikusi .PDF Fitxategia)
«d» horrek, formularen barruan, ikertzaileak proposatutako egonaldiaren iraupena esan nahi du, egunetan adierazita. Balio horrek gutxienez 14 egunekoa izan behar du, eta gehienez 56 egunekoa. Gainera, ateratzen den puntuazioa ezin izango da 5 puntutik gorakoa izan.
2. lehiaketa-fasea (gehienez 10 puntu) Balorazio-batzordeak elkarrizketa bat egingo dio, proiektua aurkez dezan. Batzordea den bezalakoa izanik, ingelesez egin beharko da. Aurkeztutakoari buruzko galderak egin ditzake balorazio-batzordeak, edo laguntzaren xedearekin lotutako beste alderdi batzuei buruzko galderak. Era berean, ingelesa jakiteko baldintza betetzen dela egiaztatuko du, 3.1.f) oinarriak adierazi bezala.
4.– Balorazio-batzordeak, gehienez ere, modalitate bakoitzeko lehenbiziko bost hautagaiei egingo die elkarrizketa. Hala ere, hautagai gehiago elkarrizketatu ahal izango dira, aurkeztutako hautagaiak aintzat hartuta balorazio-batzordeak egoki irizten badio.
5.– Eskaera-egileen ebaluazioa amaitu ondoren, txosten bat egin beharko du Balorazio Batzordeak, eta bertan adieraziko du egindako ebaluazioaren emaitza.
6.– Clare Hall-en Gobernu Kontseiluak hautagaiei buruzko iritzia emango du, eta, bere irizpideen arabera eta arrazoiak emanez, proposatutako hautagairen bat onartu edo guztiak baztertu ahal izango ditu. «Post Visiting Fellow» modalitatean, Clare Hall-en Gobernu Kontseiluak aukera izango du adjudikaziodunen egonaldietarako aurreikusitako datak aldatzeko, Clare Hall-en ostatu hartzeko aukerek hala justifikatzen badute.
Zortzigarrena.– Ebazpena.
1.– Balorazio-batzordeak, eskaerak ebaluatu, eta Politika Zientifikoko zuzendariari txostena bidaliko dio, hark behin-behineko ebazpen proposamena egin dezan, behar bezala arrazoiturik. Espedientean ez baldin badago interesdunek adierazitakoez bestelako egitate, alegazio eta frogarik, behin-behineko ebazpena behin betiko bihurtuko da.
2.– Lehiaketaren bi faseetan guztira puntu gehien lortzen dituena izango da onuraduna. Berdinketarik badago, elkarrizketaren fasean puntuaziorik onena izan duena hautatuko da. Era berean, eskabiderik aurkezten ez bada, deialdia hutsik geratuko da. Gainera, balorazio osoaren % 50 gainditzen ez duten hautagaitzak kanpoan geratuko dira.
3.– Ebazpena Zientzia eta Berrikuntzako sailburuordeak emango du, puntu hauek adieraziz: nor diren onuradunak; noiz hasi eta amaituko den egonaldia; laguntzaren zenbatekoa, 9. oinarrian aurreikusitako kontzeptuen arabera banakatuta; eta, hala egokitu bada, nor diren ordezkoak eta zer hurrenkera duten, eta nork egin duen atzera, nori ukatu zaion laguntza, eta zergatik.
4.– Organo laguntza emaileak ebazpena interesdunei jakinaraziko die, eta, onartzeko, 10 egun naturaleko epe luzaezina izango dute.
5.– Egoitza elektronikoko iragarki-taulan argitaratuz jakinaraziko da aipatutako ebazpena (https://www.euskadi.eus/iragarki-taula-elektronikoa Era berean, jakinarazpen elektroniko bat bidaliko da EAEko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoko «Nire karpeta» atalera (https://www.euskadi.eus/nire-karpeta/web01-sede/eu/). Ziurtagiri elektronikoaren bidez sartu beharko da bertara.
Abisu bat bidaliko da interesdunak eman duen gailu elektronikora edo helbide elektronikora, eta horren bidez adieraziko zaio jakinarazpen bat duela aipatutako egoitza elektronikoan.
Adierazitakoaz gain, Zientzia Politikako Zuzendaritzak egindako argitalpenen abisuak bidali diezazkiete interesdunei, SMS edo posta elektroniko bidez. Abisu horiek ez dute inolaz ere egindako jakinarazpenaren ondoriorik izango.
6.– Dirulaguntza emateko ebazpena argitaratu eta hurrengo 10 egun naturaletan uko-egiterik baldin badago, modalitate bakoitzaren erreserben zerrendan ageri eta emandako azken laguntzaren hurrengoak diren eskatzaileei emango zaizkie laguntzak Zientzia eta Berrikuntzako sailburuordearen ebazpen baten bidez.
7.– Hiru hilabete amaitu eta ebazpenik jakinarazten ez bada, eskatzaileek ezetsitzat jo beharko dituzte eskabideak, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 25.1 artikuluan ezarritako ondorioetarako.
8.– Ebazpen horren aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntzako sailburuari, hilabeteko epean, jakinarazpena egin eta hurrengo egunetik zenbatzen hasita.
9.– Denek izan dezaten emandako laguntzen berri, abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 26.2 artikuluak ezarritakoaren arabera, emandako laguntzen publizitatea egingo da Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoko iragarki-taula elektronikoan argitaratuz.
Bederatzigarrena.– Laguntzen zenbatekoa.
1.– Bi modalitateetarako laguntzen zenbatekoak honako hauek izango dira:
a) Egonaldi-egun bakoitzeko, 40 euro ordainduko zaizkio onuradunari. Laguntzaren zenbatekotik Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren (PFEZ) konturako atxikipenak kendu behar dira, zerga hori arautzen duen araudia aplikatuz dagozkionak. Era berean, emandako laguntza guztien berri jakinaraziko zaie zerga-agintariei, indarrean dagoen zerga-araudian ezarritako baldintzetan eta hor finkatutako ondorioetarako.
b) Onuradun bakoitzarentzat 200 euroko laguntza bisa izapidetzeko, beharrezkoa denean.
c) Onuradun bakoitzari 300 euroko laguntza, Clare Hall-era joan-etorriko bidaia bat egiteko. Oro har, bidaietarako garraiobide publiko kolektiboa erabiliko da, gehienez egonaldiaren aurreko edota osteko 10 egun naturalen barruan. Salbuespen moduan, epe hori luzatu egin ahal izango da Zientzia Politikako Zuzendaritzaren baimenaz, baina ez da inolaz ere egonaldiaren luzapentzat joko.
2.– Gainera, onuradunak Clare Hall-ek emandako laguntza teknikoa ere izango du, eta ostatua eta mantenua College-n bertan. Han, gela bakarreko apartamentu bana izango du, gastuok barne: alokairua, elektrizitatea, berokuntza eta udal-tasak. Hala ere, gela gehiagoko apartamenturik nahi badu, onuradunak bere gain hartu beharko du kostu gehigarria. Bestalde, mantenua astelehenetik ostiralera artekoa izango da. Laguntza, gainera, beste gastu batzuk ordaintzeko ere izango da, hala nola ikerketak, instalazioak eta zenbait ekitalditan parte hartzeko gastuak (profesionalak, harrerak, kontzertuak, besteak beste).
3.– Horrez gain, onuradunak istripu-asegurua eta erantzukizun zibileko asegurua izango ditu, bai eta, atzerriko egonaldietarako, bidaiako laguntza-asegurua ere, besteen osagarri. Azken hori, interesdunak hala eskatuz gero, ezkontideak eta 25 urtetik beherako seme-alabek ere balia dezakete, egonaldian berarekin badira. Aseguru hori izatezko bikoteentzat ere baliagarria izango da, era berean, baldin izatezko bikote izaera antolamendu juridikoak onartzen dituen edozein frogagiriren bitartez egiaztatuta badago.
4.– Diruz lagundu daitezkeen gastuei buruz artikulu honetan arautu ez den guztirako, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 30. artikuluan adierazitakoa beteko da.
Hamargarrena.– Laguntza ordaintzea.
1.– Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak bi zatitan ordainduko dio laguntza onuradunari.
a) Lehenengoa, laguntzaren % 80, onuradunak laguntza onartu ondoren egingo da, 12. oinarrian jasotzen den bezala.
b) Bigarren ordainketa, gainerako % 20, 2027an egingo da, egonaldia amaitu ondoren. Horretarako, egonaldia amaitu eta gehienez ere 15 eguneko epean, dokumentazio hau aurkeztu beharko da aplikazio informatikoaren bidez:
1.– Egonaldiaren gainean Clare Hall-en arduradunak egindako egiaztagiria, hasiera- eta bukaera-egunak zehaztuta.
2.– Amaierako memoria, balantze zientifikoarekin batera. Bertan deskribatuko da egindako lana, argitalpenen, patenteen edo ikerketaren bestelako emaitzen erreferentzia barne hartuta.
3.– Egindako gastuaren ziurtagiria, bidaia-gastuei eta bisa-izapideei buruzkoa. Honako hauek aurkeztuko dira ziurtagiriarekin batera:
i) Garraio publikoan egindako bidaien txartelak eta fakturak.
ii) Bisa izapidetzeko garraio publikoan egindako joan-etorrien eta izandako tasa-gastuen txartelak eta fakturak.
2.– Onuradunak eguneratua izan beharko du hirugarrenen altaren agiria. Hirugarrenen alta elektronikoki izapidetu behar da helbide honetan erabilgarri dagoen zerbitzuaren bidez: https://www.euskadi.eus/hirugarrenaren-datuen-aldaketa/web01-tramite/eu/
3.– Bidaia-gastuetarako eta bisa izapidetzeko emandako laguntza bidaien eta bisa-izapideen benetako kostua baino handiagoa bada, onuradunak itzuli egin beharko du benetako kostuaz gainekoa.
4.– Baldin eta dirulaguntza emateko kontuan izandako baldintzaren bat aldatzen bada, eta, betiere, laguntza horrekin batera bestelako administrazioen edo ente publiko edo pribatuen dirulaguntzak eskuratzen badira, edo, bestela, helburu bera aurrera eramateko bestelako diru-sarrera edo baliabideak lortzen badira, laguntza ematea ekarri duen erabakia aldatu ahal izango da, bat etorriz Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 36.3 eta 40. artikuluetan xedatutakoarekin, bai eta 9.4.m) artikuluan ezarritakoarekin ere, betiere dirulaguntzaren arauak onuradun izateko ezartzen dituen gutxieneko eskakizunak betez gero.
5.– Egoki iritziz gero, Zientzia Politikako Zuzendaritzak informazio osagarria eskatu ahal izango du, eta, horretaz gain, zuzendaritzari berari atxikitako pertsona baten edo batzuen gomendio utzi dezake emandako laguntzaren segimendua, laguntza zertan erabili den ikusteko.
Hamaikagarrena.– Bateraezintasunak.
Laguntza hau jasotzen duenak ezingo du atxiki -bateraezina baita- helburu bererako beste dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabiderik ezein administraziok edo erakunde publiko zein pribatuk emanda, izan erakunde hori estatukoa, edo Europar Batasuna, edo nazioarteko beste erakunderen bat.
Hamabigarrena.– Onuradunen betebeharrak.
Onuradunek betebehar hauek izango dituzte:
a) Emandako dirulaguntza onartzea. Ildo horretatik, dirulaguntza eman izanaren ebazpena jakinarazten zaion egunetik hasi eta hamar egun naturaleko epean onuradunak laguntzari berariaz eta idatziz uko egiten ez badio, laguntza onartutakotzat joko da.
b) Eman den xede zehatzerako erabiltzea dirulaguntza.
c) Kontrol Ekonomikorako Bulegoak eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiak dirulaguntzen destinoa fiskalizatzeko lanetan eskatzen dieten informazio guztia aurkeztu beharko dute.
d) Clare Hall-eko «Visiting Fellow» gisa dagozkion ohiko ekitaldietan parte hartzea, bai eta Euskal Herriaren gaineko ezagutza hedatzeko jardueretan ere, Eusko Jaurlaritzaren Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntza Sailak hala eskatuz gero.
e) Egonaldia amaitu ondorengo hamabost eguneko epean, 10. oinarrian zehazten diren agiriak bidali beharko ditu Zientzia Politikako Zuzendaritzara.
f) Laguntza-eskabidearen aplikazioaren bidez, Clare Hall-eko egonaldiaren jarraipena egiteaz arduratzen den pertsonak sinatuta, hasiera-data zehatza jasotzen duen ziurtagiria aurkeztea.
g) Programa honen babespean egindako jardueren emaitzak argitaratu edo zabaltzea egokituz gero, berariaz aipatzea Eusko Jaurlaritzako Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntza Sailaren laguntza hau izan duela finantzaketa gisa. Horretarako, material edo argitalpen guztietan berariaz aipatuko da programa honen bidez finantzatu dela, eta leku nabarmen batean jarriko dira Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntza Sailaren ikurra eta «Egonaldi hau Visiting Fellow o Post Visiting Fellow-Clare Hall programaren bitartez finantzatuta dago» adierazpena.
h) Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kargura jasotako laguntzei dagokienez indarrean dagoen ordenamendu juridikoan ezartzen diren gainerako betebehar guztiak, eta, bereziki, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legeko 14. artikuluan xedatutakoa.
Hamahirugarrena.– Uko egitea.
1.– Uko-egiteak Zientzia Politikako zuzendariari jakinaraziko zaizkio, onuradunak berak sinatutako idazki baten bidez, eta bertan adieraziko dira zein diren uko egiteko arrazoiak eta uko-egite horrek zein egunetatik aurrera izango dituen ondorioak. Komunikazio hori aplikazio telematikoaren bidez jakinarazi beharko da, uko-egiteak ondorioak izan baino 10 egun natural lehenago gutxienez.
2.– Uko-egiteak Zientzia eta Berrikuntzako sailburuordearen ebazpen baten bidez onartuko dira.
3.– Onuradunak laguntzari uko eginez gero, sortu ez diren eskubide ekonomiko guztiak galduko ditu. Uko-egite hori gauzatzen den egun berean hasiko dira haren ondorio ekonomikoak. Hala ere, bidegabeko ordainketak gauzatu badira, diru-zenbateko horiek itzuli beharko dira, deialdiaren baldintzen gutxieneko eskakizunak betetzen badira, betiere.
Hamalaugarrena.– Ez-betetzeak eta laguntza itzultzea.
Laguntzaren onuradunak Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 36. artikuluan zehaztutako kasuetako batean badaude, edo betetzen ez badituzte oinarri hauetan eta aplikatzekoak diren gainerako arauetan aipatutako baldintzak edo betebeharrak, edo egiaztatzen bada ez dituztela betetzen dirulaguntza emateko kontuan hartu ziren baldintzak edo eskakizunak, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 36. artikuluan eta dirulaguntza emateko ebazpenean ezarritakoaren arabera, hasiera emango zaio laguntza jasotzeko eskubidea galtzeko eta, hala badagokio, jasotako zenbatekoak eta dirulaguntzen arloan aplikatzekoak diren berandutze-interesak itzultzeko prozedurari, hori baita Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko Legearen 36.1 artikuluko oinarrizko araudiaren arabera aplikatu beharrekoa.
Hamabosgarrena.– Datuen babesa.
Eskatzaileen datu pertsonalak tratatu egingo dira, eta tratamendu-jarduera honetan sartuko: Laguntzak eta dirulaguntzak (ikerketa-sustatzeko). Informazio hau emango da:
• Arduraduna: Zientzia Politikako Zuzendaritza; Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntza Saila.
• Xedea: Ikerketarako finantzaketa eta bultzada.
• Legitimazioa:
– Tratamendua beharrezkoa da interes publikoaren izenean misio bat egiteko edo tratamenduaren arduradunari aitortzen zaizkion botere publikoak egikaritzeko.
– 38/2003 Lege Orokorra, azaroaren 17koa, Dirulaguntzei buruzkoa.
– 3/2004 Legea, otsailaren 25ekoa, Euskal Unibertsitate Sistemarena.
– 20/2023 Legea, abenduaren 21ekoa, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzekoa.
• Hartzaileak:
– Euskal Autonomia Erkidegoko beste organo batzuk.
– Ogasun eta Finantza Saila.
– Patente eta Marken Espainiako Bulegoa.
• Eskubideak: eskatzaileak eskubidea du datuak eskura izateko, datuak zuzentzeko eta ezerezteko, bai eta informazio gehigarrian adierazitako beste eskubide batzuk ere.
• Informazio gehigarria: datuen babesari buruzko informazio gehigarri eta zehatza kontsultagai dago helbide honetan: https://www.euskadi.eus/rgpd/clausulas-informativas/web01-sedepd/ es/transparencia/054300-capa2-es.shtml
• Araudia:
– Europako Parlamentuaren eta Batzordearen 2016/679 Erregelamendua (EB), 2016ko apirilaren 27koa, pertsona fisikoak babesten dituena datu pertsonalen tratamenduari eta datuen zirkulazio askeari dagokionez, eta 95/46/EE Zuzentaraua bertan behera uzten duena.
– 3/2018 Lege Organikoa, abenduaren 5ekoa, Datu Pertsonalak Babesteari eta Eskubide Digitalak Bermatzeari buruzkoa.
RSS