Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

95. zk., 2026ko maiatzaren 22a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

INDUSTRIA, TRANTSIZIO ENERGETIKO ETA JASANGARRITASUNAREN SAILA
2179

EBAZPENA, 2026ko maiatzaren 6koa, Ingurumen Administrazioaren zuzendariarena, zeinaren bidez Andrearriagako 1.2.06 eremuaren (Irungo 21., 22., 23., 24., 25. eta 26. lurzatiak) Barne Eraberritzeko Plan Berezia aldatzen duen ingurumen-txosten estrategikoa formulatzen baita.

AURREKARIAK

Irungo Udalak, 2026ko uztailaren 22an, Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzari eskatu zion ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatua hasteko Andrearriagako 1.2.06 eremuaren (21., 22., 23., 24., 25. eta 26. lurzatiak) Barne Eraberritzeko Plan Berezia aldatzeko (aurrerantzean, Plana). Eskabidearekin batera, hainbat dokumentu aurkeztu zituen; besteak beste, planaren zirriborroa eta ingurumen-dokumentu estrategikoa, Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 16. eta 29. artikuluetan ezarritako edukiarekin.

Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 75. artikuluan xedatutakoa betez, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak eragindako Administrazio publikoei eta pertsona interesdunei kontsultak egiteko izapidea hasi zuen 2026ko martxoaren 10ean eta espedientean jasota dago emaitza.

Era berean, espedientean jasotako dokumentazioa eskuragarri egon zen Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasunaren Sailaren web-orrian, interesdun orok aukera izan zezan ingurumenaren arloan egokitzat jotzen zituen oharrak egiteko.

Erantzuna emateko legezko epea amaitu eta espedienteko dokumentazio teknikoa aztertu ondoren, egiaztatu da ingurumen-organoak behar beste judizio-elementu dituela ingurumen-txosten estrategikoa egiteko, abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 75. artikuluarekin bat.

ZUZENBIDEKO OINARRIAK

Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 60. artikuluan xedatutakoaren arabera, dagokion ingurumen-ebaluazioko prozeduraren mende jarriko dira, nahitaez, ingurumenean eragin nabarmenak izan ditzaketen plan, programa eta proiektuak, bai eta horien aldaketak eta berrikuspenak ere, ingurumen-babes handia bermatzeko eta garapen jasangarria sustatzeko.

Hain zuzen, abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 72.2 artikuluan aurreikusitako kasuen artean dago plana; bertan aurreikusten da zer plan eta programek behar duten ingurumen-organoak egindako ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatua, zehaztu ahal izateko plan edo programak ez duela ingurumen-ondore nabarmenik –ingurumen-txosten estrategikoaren arabera–, edo plan edo programak ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta behar duela, ingurumenean ondore nabarmena izan dezakeelako.

Ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatua egiteko prozedura abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 75. artikuluan arautzen da, II.C eranskinean ezarritako irizpideen arabera.

Planaren dokumentazio teknikoa aztertu ostean, eta kontuan hartuta ingurumen-dokumentu estrategikoa zuzena dela eta indarrean dagoen araudian ezarritako alderdiak betetzen dituela, ingurumen-txosten estrategiko hau ematen du Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak, Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasunaren Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen abenduaren 3ko 410/2024 Dekretuaren arabera. Txosten honetan, Planak ingurumenean eragin nabarmenak izan ditzakeen ala ez aztertzen da eta, beraz, ingurumen-ebaluazio estrategiko arruntaren prozedura bete behar duen ala ez; edota, bestela, zer baldintza ezarri behar diren Plana gauzatu eta ingurumena behar bezala babesteko.

Kontuan hartu dira: 10/2021 Legea, abenduaren 9koa, Euskadiko Ingurumen Administrazioarena; 21/2013 Legea, abenduaren 9koa, Ingurumen Ebaluazioari buruzkoa; 211/2012 Dekretua, urriaren 16koa, Planen eta programen ingurumenaren gaineko eraginaren ebaluazio estrategikoa egiteko prozedura arautzen duena; 410/2024 Dekretua, abenduaren 3koa, Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasun Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duena; 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena; 40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoarena, eta aplikatzekoa den gainerako araudia. Horrenbestez, hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Andrearriagako 1.2.06 eremuaren (21., 22., 23., 24., 25. eta 26. lurzatiak) Hiri Antolamenduko Plan Bereziaren aldaketari buruzko ingurumen-txosten estrategikoa egitea, ondoren adierazitako eran:

A) Planaren azalpena: helburuak eta jarduketak.

Planaren xedea aldatzea da Andrearriagako 1.2.06 eremuaren Barne Eraberritzeko Plan Berezia (BEPB) Irunen; zehazki, aldaketa horren behin betiko onarpena 2002-09-06ko GAOn (168. zk.) argitaratu zen, 21-22-23-24-25 eta 26 lurzatietan indarrean zegoen hirigintza-araubidea egokitzeko, horietan aurreikusitako eraikinak egin aurretik.

Aldaketaren xede den eremuan, indarrean dagoen Plan Bereziak 1.920m2(t)-ko bizitegi-eraikigarritasun osoa aurreikusten du sestra gainean, guztira, 16 etxebizitzatarako (alboko mehelinek atxikitako familia bakarreko eraikina edo mehelinen arteko familia bakarreko eraikina); horiek lau etxebizitzako bi lurzatitan daude banatuta Bizkaia kalerantz, eta bi etxebizitzako lau lurzatitan (bi bizitzako etxe bat), Elizatxo kaleko lorategi-eremurantz. Sestra azpiko eraikinari dagokionez, sotorako solairu bat aurreikusten da; bertan, garajeak eta etxebizitzetako beste erabilera osagarri batzuk egongo dira, 2.485 m2(t). Lurzatiek, guztira, 3.137 m2 hartzen dituzte. Sestra gaineko eraikuntza-profilak beheko solairua eta goiko solairu bat (B+1) ditu, eta ibilgailu-sarbide bakarra planteatzen da Erroiarri kaletik sortuko diren sei lurzatietarako. Parametro horiek indarrean jarraitzen dute; hala ere, onartutako antolamenduari dagokionez, aldatzeko proposamenak honako hau dakar:

– BEPBn ezarritakoa kontuan hartuta, etxebizitzak ezartzeko kota jaistea, multzoaren ikuspegi hobea lortzeko Elizatxo etorbidetik eta haren paisaia-integrazioa hobetzeko.

– Garajeak eta trastelekuak egiteko den sotoaren sarbide komunaren kokapena aldatzea, Erroiarri kalean kokatzeko, aurreikusitakoa baino kota txikiagoan; horrela, sartzeko arrapalaren luzera laburtuko da.

– Bizkaia kalearen eta Elizatxo etorbidearen artean aurreikusitako zeharkako oinezkoen pasabidearen zati bat kentzea, baina zortasunaren azken azalera aldatu gabe, luzetarako bidearen zabalera handituz.

– Aparkaleku-zuzkidura handitzea, sestra azpiko eraikuntza optimizatzeak garaje-plaza gehiago lortzeko aukera ematen duelako. Lortutako aparkaleku-plaza berriak ez dira lotuta geratu behar gauzatu beharreko etxebizitzei, horietako bakoitzak lotutako bi plaza izango baititu, indarrean dagoen BEPBk aurreikusten duen bezala.

– Lurzati pribatuen muga erregularizatzea Elizatxoko espazio publikoarekin, betiere lurzati pribatuen (1.137 m2) eta espazio publikoaren azalera bera mantenduz indarrean dagoen BEPBn aurreikusitako antolamenduan (7 m2) (0 alternatiba).

– BEPBn definitutako lerrokadurak eta mugimendu-poligonoak egokitzea, bai sestra gainean, bai lurpean. Eraikinen sestrak gauzatutako urbanizazioaren kotetara eta eraikinak ingurunean ezartzeko proposamen berrira ere egokituko dira.

Aldatu gabe mantentzen dira Irungo HAPOren egiturazko zehaztapenak eremurako (sailkapena, kalifikazio globala, bideen azalera, hirigintza-eraikigarritasuna eta erabilera-araubidea).

Eremuak, gaur egun, lurzatietan aurreikusitako erabileretarako beharrezkoak diren bideak, azpiegiturak eta hiri-zerbitzuak ditu, eta orube bihurtu dira; beraz, ez da aurreikusten urbanizazio-obra berririk.

Planaren garapena zuzenean gauzatzekoa izango da, behar diren eraikuntza-obretarako eta urbanizazio-obra osagarrietarako lizentziak lortu ondoren.

Aztertutako aukerak.

Ingurumen-dokumentu estrategikoak 0 alternatiba aipatzen du eta, 2002-07-24an behin betiko onartutako BEPBren zehaztapenen arabera, jarduketak gauzatzeari dagokio; bai eta Planaren proposamenarekin bat datorren antolamendu-alternatiba bat ere (1. alternatiba); 1. alternatiba hautatu izana justifikatzen du ingurunearen egungo errealitatera hobeto egokitzen baita.

B) Proposatutako Planaren ezaugarriak aztertu ondoren, eta abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 75.3 artikuluarekin bat etorriz, lege horren II.C eranskinean ezarritako irizpideak aztertu dira, Planak ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta behar duen ala ez erabakitzeko.

1.– Planaren ezaugarriak, bereziki alderdi hauek aintzat hartuta:

a) Planak zer neurritan ezartzen duen proiektuetarako esparrua: kontuan hartuta kokapena, eragindako eremuaren ingurumen-ezaugarriak, proposatutako garapenaren garrantzia eta etorkizunean planaren esparruan gauzatuko diren proiektuen izaera, ez dago zertan jarri plana ingurumen-ebaluazio estrategiko arruntaren mende, berezitasunik ez duela uste da eta.

b) Planak zer neurritan eragiten duen beste plan edo programa batzuetan, hierarkizatuta daudenetan barne: planak indarrean dagoen hirigintza-araubidea berregokitzen du Andrearriaga 1.2.06 eremuko 21., 22., 23., 24., 25. eta 26. lurzatietan, horietan aurreikusitako eraikinak egin aurretik, hori guztia udalerrian indarrean dagoen plangintza orokorraren arabera. Planaren ezaugarriak kontuan hartuta, ez du ingurumen-eragin nabarmenik izango beste plan edo programa batzuetan. Ez da hauteman bateraezintasunik hierarkian gorago dagoen plangintzarekin.

c) Plana egokia ote den ingurumen-alderdiak barnean hartzeko eta, bereziki, garapen jasangarria sustatzeko: plana egokia da garapen jasangarria sustatzeko kontuan hartu behar diren alderdiak barnean hartzeko; hain zuzen ere, energia-aurrezpena eta -efizientzia bultzatzeko neurriak sar daitezke planean.

d) Planari loturiko ingurumen-arazo nabarmenak: ez da hauteman plana gauzatzearen ondoriozko ingurumen-arazo nabarmenik, baldin eta planaren eraginpeko eremuarekin lotutako jarduketak eta jarduerak indarrean dagoen araudia betez gauzatzen badira, arlo hauetan, besteak beste: kutsadura akustikoa, hondakinak eta isurketak, segurtasuna, osasuna eta ingurumena.

e) Era berean, plana egokitzat jotzen da Europar Batasuneko edo Estatuko ingurumen-arloko legedia ezartzeko.

2.– Ondorioen eta eraginda gerta daitekeen eremuaren ezaugarriak:

Planaren xede den eremuak 3.144 m2ko azalera hartzen du hiri-lurzoruan, Irungo Katea/Ventas auzoan, Andrearriaga eta Bizkaia kaleen artean, eta Madril-Irun trenbide-trazaduratik hurbil. Gainera, espazio libreak izateko lurzatiari dagokion 7 m2ko azalera sartu da. Planaren xede den azalera urbanizatuta dago eta ez du eraikinik.

Eremua Bidasoko Unitate Hidrologikoan dago, Kantauri Ekialdeko Demarkazio Hidrografikoan, eta ez dago gainazaleko ur-ibilgurik. Hurbilen dagoen ur-ibilgua Kaskoitegi ibaia da, eta Planaren eremuaren ekialdeko mugatik 190 metro pasatxora doa. Eremua jabari publiko hidraulikotik eta haren babes-zortasunetik kanpo dago, eta bat dator Plan Hidrologikoak Babestutako Eremuen Erregistroko «eremu sentikorrak hartzeko eremuekin». Eremua «Zumaia-Irun» lurpeko ur-masaren gainean dago (ES017MSBTES111S000015), eta, oro har, egoera onean dago.

Hauxe da eremuko litologia: pitzadura bidezko iragazkortasun ertaineko kareharri ezpuruak eta kalkarenitak, eta akuiferoak kutsatzeko arriskua oso txikia da. Edafologiaren ikuspegitik, ingurumen-dokumentu estrategikoak adierazten du urbanizazioak aldatu dituela lurzoru naturalak.

Eusko Jaurlaritzaren 2007ko landaredi-kartografiaren arabera (geoEuskadi), eremua hiri-zonek eta landaredi erruderal-nitrofiloa duten lugorriek osatzen dute, eta ingurumen-dokumentu estrategikoak berresten du hori.

Planaren eremuak ez du ukitzen mehatxatutako fauna kudeatzeko planen xede den espaziorik. Ez planaren eremuan, ez haren inguruan, ez da topatu Batasunaren intereseko hegazti nekrofagoen ezein kudeaketa-planetan sartutako eremurik, ezta abifaunarentzako babes-gunerik ere, Ingurumen eta Lurralde Politikako sailburuaren 2016ko maiatzaren 6ko Aginduaren arabera (2016-05-23ko EHAA, 96. zk.).

Eremuko fauna hiriko eta hiri-inguruko berezko espezieak dira; aurkeztutako dokumentazioan, ez da fauna-espezie mehatxaturik identifikatu.

Bestalde, eremuan ez dago Natura 2000 sareak babestutako naturagunerik, ez eta beste babes-gunerik ere; era berean, ez dago EAEko igarobide ekologikoen sareko elementurik, ez eta EAEko Interes Geologikoko Lekuen Inbentarioan jasotako interes geologikoko lekurik ere. Halaber, ez dago jasota ezein katalogotan (EAEko naturagune garrantzitsuen katalogo irekia eta LAGetako natura-intereseko arloen zerrenda).

Planaren xede-lurzatietan, ez dago kalifikatutako edo inbentarioan sartutako kultura-ondareko elementurik. Era berean, ez dute katalogatutako paisaia-baliorik, baina Planak bat egiten du Irungo ikus-arroarekin (268. zk.), EAEko Paisaia Berezien eta Apartekoen Katalogo Irekian inbentariatuta (EJ, 2005).

Ingurumen-arriskuei dagokienez, ez da hauteman ibai-uholdeengatiko arrisku-arazorik, ez lurzorua kutsa dezaketen jarduerak edo instalazioak dituzten lurzoruen presentziaren ondoriozko arriskurik. Era berean, ez dago sismikotasunaren edo baso-suteen ondoriozko arriskurik, eta ez da hauteman SEVESO III Zuzentaraua bete behar duten enpresetatik gertu egotearen ondoriozko arriskurik. Eremua AP-8 autobidearekiko 600 metroko afekzio-bandaren barruan dago; hain zuzen, bide hori istripuak izateko arrisku handiarekin lotzen da errepide bidezko salgai arriskutsuen garraioan; eta trenbidearen trazadurarekiko 100 eta 200 metroko afekzio-banden barruan dago, zeinari lotuta baitago salgai arriskutsuen garraioan istripuak izateko arrisku ertaina.

Eremuaren egoera akustikoari dagokionez, ingurumen-dokumentu estrategikoak adierazten du Planaren eremua Babes Akustiko Bereziko Eremuan dagoela. Horrez gain, inpaktu akustikoaren azterlan bat aurkeztu da; bertan ondorioztatzen denez, bide-trafikoagatik ez dira betetzen Planaren eremuan aplikatu beharreko KAHak, ez gaur egun, ez etorkizunean. Elizatxo etorbidera eta Planaren eremuaren ekialdean dagoen biribilgunera begira dauden fatxadetan daude emaitzarik txarrenak. Era berean, inpaktu akustikoaren azterlan horrek adierazten du trenbideko trafikoak eragindako inpaktua KAH aplikagarriek baimendutako gehieneko mugen barruan egongo litzatekeela, bai egunez, arratsaldez eta gauez, bai 2 m-ra lurzatiaren mailan. Horrekin lotuta, ADIF-ek (Trenbide Azpiegituren Administratzailea) jakinarazi du aurkeztutako inpaktu akustikoaren azterlanak etorkizuneko trenbide-trafikoaren proiekzioak erabiltzen dituela, eta horiek ez datozela bat azterlanaren xede diren zatietarako aurreikusten dituzten zerbitzuen datuekin; izan ere, inpaktu akustikoaren azterlanean jasotako zirkulazioak nabarmen gutxietsita daude. Horren ondorioz, ADIF-ek jakinarazten duenez, aurkeztutako inpaktu akustikoaren azterketan lortutako ondorioek ez luketela behar bezala islatuko aurreikusitako etorkizuneko egoera. Azkenik, inpaktu akustikoaren azterketan egindako bibrazio-neurketek ondorioztatzen dute trenek igarotzean sortutako bibrazio-mailek Euskal Autonomia Erkidegoko hots-kutsadurari buruzko urriaren 16ko 213/2012 Dekretuan ezarritako muga-balioak betetzen dituztela, bai egunez bai gauez, eta segurtasun-marjina ere badagoela.

Aurrekoa aintzat hartuta, Plana garatzearen ondorioz egon daitezkeen efektuak bizitegi-eraikin berriak eraikitzeko obrei lotuta daude; eta obra horiek ondorio hauek izango dituzte: lurrak mugitzea, hondakinak sortzea, makinak joan-etorrian ibiltzea, isuriak, zarata, bibrazioak eta abar..., eta isurketengatik jariatze-urei eta lurzoruei eragin diezaiekete, bai eta eremuan eta ingurunean bizi diren herritarrei ere emisio atmosferikoengatik eta zaratagatik, eta abarrengatik. Hori guztia, eremu nagusiki hiritar batean.

Ustiapen fasean, afekzio nagusiak aurreikusitako bizitegi-erabilerarako eremuko kalitate akustikoarekin lotutakoak izango dira. Andrearriaga 1.2.06 eremuko 21., 22., 23., 24., 25. eta 26. lurzatiak Babes Akustiko Bereziko Eremuan daude. Horrekin lotuta, Eremuko plana egitea aurreikusten da (23. artikulua, Inpaktu akustikoaren azterlana. B dokumentuaren kalitate akustikoari buruzko neurriak. Planaren hirigintza-arauak eta Ingurumen-dokumentu estrategikoaren 9.1.7 apartatua). Egoera akustikoak eragindako afekzioaz gain, hauen ondoriozko inpaktuak batuko dira: eremuko bizitegi-jarduera areagotzea, mugikortasuna handitzea, baliabideen kontsumoa eta hondakinen ekoizpena.

Etorkizuneko bizitegi-eraikinari aplikatu beharreko kalitate akustikoko helburuak ez betetzeari dagokionez, Euskal Autonomia Erkidegoko hots-kutsadurari buruzko urriaren 16ko 213/2012 Dekretuaren 36. artikuluak ezartzen duenari jarraikiz, etorkizunean ezingo dira garapen urbanistikorik egin kanpoaldeko kalitate akustikoaren helburuak betetzen ez diren eremuetan, hargatik eragotzi gabe 43. eta 45. artikuluetan ezarritakoa. Barnean, kalitate akustikoko helburuak beteko dira emisio-fokuetara orientatutako fatxadetan, fatxadako isolamenduaren bidez.

Proposatzen diren jarduketak eta haien ondorioak aztertu ondoren, uste da inpaktu horiek txikiak izango direla, eta, oro har, aldi baterakoak, itzulgarriak eta berreskuragarriak izango direla, betiere indarrean dagoen legeria betetzen bada, batez ere kutsadura akustikoari, ondareari, hondakinei eta isurketei buruzkoa, eta obrak horrelako jardueretarako jardunbide egokiak betez egiten badira.

Soilik aintzat hartuta zein izan daitezkeen Planak indarrean dagoen plangintzarekiko proposatu dituen aldaketen ondoriozko eraginak, ez da aurreikusten inongo ingurumen-eragin nabarmenik.

Kontuan harturik aurreko guztia, eremuaren gaur egungo egoera, Planetik eratortzen diren jarduketak eta aurrerago proposatzen diren prebentzio-, babes- eta zuzenketa-neurriak, ez da espero jarduketa horiek inpaktu nabarmenik sortuko dutenik ingurumenean.

3.– Ebazpen honetan, beherago aipatzen diren neurri babesle eta zuzentzaileak ezartzen dira, Planak ez dezan ingurumenean ondorio kaltegarri nabarmenik eragin, eta ez dadin beharrezkoa izan Andrearriaga 1.2.06 eremuko 21., 22., 23., 24., 25. eta 26. lurzatien Hiri Antolamenduko Plan Bereziaren aldaketaren ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta egitea, baldin eta ezarritako neurri babesle eta zuzentzaileak bertan txertatzen badira.

Neurri babesleak eta zuzentzaileak indarreko araudiaren arabera gauzatuko dira, ingurumen-txosten estrategikoak formulatzen duen ebazpenean adierazitakoarekin bat, eta, aurrekoaren aurkakoa ez den orotan, ingurumen-agiri estrategikoan eta planean bertan jasotakoarekin bat etorriz.

Planak jaso beharko dituen zehaztapenen artean, honako hauek ditugu:

Kalitate akustikoa babesteko neurriak.

Aurreikusitako erabileretarako, eremuaren kalitate akustikoari dagokionez, kontuan hartuko da, bat etorriz Euskal Autonomia Erkidegoko kutsadura akustikoari buruzko urriaren 16ko 213/2012 Dekretuaren 36. artikuluarekin, etorkizunean ezingo dela hirigintza-garapenik gauzatu kanpoaldean kalitate akustikoaren helburuak betetzen ez diren guneetan, hargatik eragotzi gabe dekretu horren 43. eta 45. artikuluetan ezarritakoa.

Eraikuntzako obra-lizentzia lortu aurretik, eta ADIF Trenbide Azpiegituren Administratzaileak emandako informazioaren arabera, inpaktu akustikoaren azterlana eguneratuko da, ADIFek aurreikusitako etorkizuneko trenbide-trafikoak sartuz eta «CNOSSOS-EU metodoa aplikatzeko gida ADIFen eta ADIF AVren azpiegituretan trenbide-zirkulazioek sortutako zarataren modelizazioan» aplikatuz (1. edizioa: 2023ko azaroa, ber. 2)» (ADIFen trenbide-azpiegiturarekin lotutako modelizazioa eskatzen duen edozein azterketa akustiko egiteko gida). Modelizazioan, kontuan hartuko dira ADIFek ingurunean proiektatutako babes akustikoak, eremuko soinu-hedapenari eragingo baitiote. Azterlan berrian, etorkizuneko etxebizitzetako inpaktu akustikoa ebaluatu beharko da, eta kalitate akustikoko helburuak betetzeko behar diren neurriak proposatu.

Obra-fasean, egiaztatze-bibrazioen neurketak egingo dira punturik kaltegarrienetan, trenbide-linearekiko sakontasunari eta hurbiltasunari dagokienez, hondeaketa mailarik baxuenera arte egin den unean eta eraikinaren zapatak jarri aurretik, egiaztatzeko bibrazio-balioek ez dutela gora egiten eragiketa aurreko egoeran egindako neurketekin alderatuta (haien mailek ez zituzten gainditzen urriaren 16ko 213/2012 Dekretuan aurreikusitako bibrazioetarako KAHak), eta, beraz, ez dela bibrazio-transmisiorik izango etorkizuneko bizitegi-eraikinera.

Nolanahi ere, eraikinaren barnealdean kalitate akustikoko helburuak betetzera bideratutako neurriak hartu beharko dira; fatxadaren isolamenduak behar bezala justifikatu beharko ditu eraikuntza-proiektuak.

Eraikina erabilgarri jarri aurretik, zarata-neurketak egingo dira eraikinaren barnean, barnealdeko kalitate akustikoko helburuak betetzen diren egiaztatzeko.

Beste prebentzio-eta zuzenketa-neurri batzuk:

Aurreko neurriak gorabehera, garapen-proiektuak gauzatzean aplikatu beharreko neurriak lotuta egongo dira obretako, lurrak eta soberakinak kudeatzeko, hondakinak sortu eta kudeatzeko, hondeatutako lurzoruak kontrolatzeko, eta urak, airearen kalitatea eta kalitate akustikoa babesteko jardunbide egokien eskuliburuarekin. Besteak beste, neurri hauek hartu beharko dira, eta planak azkenik ezartzen dituen zehaztapenetan txertatu:

– Obrako langileek erabiltzeko jardunbide egokien eskuliburua. Gai hauekin lotutako alderdiak bilduko ditu, gutxienez: lanaldiak, makinak, uretara isurketak egitea saihestea, ahalik eta hauts eta zarata gutxien sortzea, herritarren lasaitasunean ahalik eta gutxien eragitea, hondakinak kudeatzea eta abar.

– Obrak, bai eta lurzorua okupatzea eskatzen duten eragiketa osagarriak ere, proiektua gauzatzeko behar-beharrezkoa den gutxieneko eremuan egingo dira. Kontratistaren instalazio-arloak proiektatzeko (barne hartuta makineria-parkea, obra-txabolak, obrako materialak aldi baterako biltegiratzeko gunea, landare-lurra eta hondakinak aldi baterako pilatzeko guneak), oinarritzat hartuko dira hainbat irizpide; hain zuzen ere, ingurumenari ahalik eta gutxien eragiteko irizpideak.

– Hondakinak sortu eta kudeatzea: hondakinak eta lurzoru kutsatuak arautzeko eta ekonomia zirkularra bultzatzeko apirilaren 8ko 7/2022 Legean eta aplikatzekoak diren araudi espezifikoetan zehaztutakoaren arabera kudeatuko dira sortutako hondakinak, hondeaketetatik eratorritakoak barne.

Hondakinak kudeatzeko hierarkia-printzipioei jarraituz, hondakinak ez sortzea sustatu behar da edo, hala badagokio, apirilaren 8ko 7/2022 Legearen 8. artikuluan ezarritako lehentasun-hurrenkerari jarraituz kudeatu behar dira, hau da: prebenitzea, berrerabiltzeko prestatzea, birziklatzea eta balorizatzeko beste modu batzuk, balorizazio energetikoa barne.

Hondakinak ezabatzeko, ezinbestekoa izango da aldez aurretik behar bezala justifikatzea haien balorizazioa ez dela bideragarria teknikoki, ekonomikoki edo ingurumenaren aldetik.

Hondakin arriskutsuak biltzeko sistemak bereiziak izan beharko dira, tipologia jakin batzuetarako, zeinak, isuri eta nahasiz gero, arriskutsuago bihurtzen baitira edo kudeaketa zaildu baitezakete. Hondakinak eta lurzoru kutsatuak arautzeko eta ekonomia zirkularra bultzatzeko apirilaren 8ko 7/2022 Legearen 21. artikuluan ezarritako segurtasun-arauak beteko dituzte hondakin arriskutsuak dituzten edukiontziek edo ontziek, eta itxita egongo dira kudeatzaileari eman arte, isurita edo lurrunduta gal ez daitezen. Edukiontzi edo ontzi horiek modu argi, irakurgarri eta ezabaezinean etiketatuta egon beharko dute, indarrean dagoen araudiaren arabera.

Eremu espezifiko bat egokituko da hondakin arriskutsuak (olio-potoak, iragazkiak, olioak, pinturak eta abar) behin-behinean biltegiratzeko. Gainera, hondakin arriskutsuen eremutik bereizita, edukiontzi espezifikoak ipiniko dira hondakin geldoetarako. Halaber, obran zehar, eta lanek irauten duten bitartean, elementu estankoak jarriko dira (bidoiak eta abar), sortutako hondakinak biltzeko. Hondakin horiek, aipatutako garbigunean aldi baterako biltegiratu baino lehen, motaren arabera bereizi beharko dira.

Berariaz debekatuta dago sortzen diren tipologia desberdineko hondakinak elkarrekin edota beste hondakin edo efluente batzuekin nahastea. Hondakinak jatorritik bertatik bereiziko dira, eta horiek biltzeko eta biltegiratzeko baliabide egokiak jarriko dira, nahasketa horiek saihesteko.

Erabilitako olioak, baimendutako kudeatzaile bati eman arte, estalpe batean utziko dira, behar bezala etiketatutako andel estankoetan; zola iragazgaitz baten gainean egon beharko dute, kubo txikietan edo ihes eta isuriei eusteko sistemen barruan.

Araudi hori betetzea errazagoa izan dadin, lanen ondorioz sortutako hondakinak kudeatzeko sistemak jarri beharko dira abian. Lan horien arduradunek kudeatuko dituzte sistema horiek, eta haien ardura izango da langileek sistema horiek behar bezala erabiltzea. Bereziki, ez da inola ere kontrolatu gabeko efluenterik sortuko erregaiak eta produktuak biltegiratzearen, makineria mantentzearen eta hondakinak erretzearen ondorioz.

Industrian erabilitako olioen kudeaketa arautzen duen ekainaren 2ko 679/2006 Errege Dekretuari jarraituz kudeatuko dira olio erabiliak.

Eraikuntza- eta eraispen-hondakinen kudeaketa arautzen duen ekainaren 26ko 112/2012 Dekretuan xedatutakoaren arabera kudeatuko dira eraikuntza- eta eraispen-hondakinak.

– Planaren eremuaren barruan, lur-mugimendua orekatua izatea lehenetsiko da. Hori egiterik ez badago, lehentasuna emango zaio lur- eta arroka-soberakinak balorizatzeari mailegu-premian dagoen hurbileko obra batean. Balorizatzea ezinezkoa bada, soberakinak metatzeko egon daitezkeen kokalekuak identifikatuko dira, eta soberakinak eramateko dauden alternatibak aztertuko dira ingurumen-irizpideekin, ingurumen-inpaktu txikiena duen lekua hautatzeko. Azken kasu horretan, soberakinen biltegi baimendu batera eramango dira beti, eta arau hauen arabera kudeatuko da: 646/2020 Errege Dekretua, uztailaren 7koa, Hondakinak zabortegietan utziz ezabatzeko jarduera arautzen duena, eta 49/2009 Dekretua, otsailaren 24koa, Hondakinak hondakindegietan biltegiratuta eta betelanak eginda ezabatzea arautzen duena.

– Obrak egin bitartean, lurzorua kutsatzen duten substantziak daudela adierazten duten zantzu sendoak agertuz gero, horren berri eman beharko zaie, berehala, Irungo Udalari eta Ingurumen Jasangarritasuneko Sailburuordetzari, azken horrek zehatz dezan zer neurri hartu behar diren eta zein pertsona fisikok edo juridikok gauzatu behar dituen neurri horiek, Lurzorua kutsatzea saihesteko eta kutsatutakoa garbitzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legearen 22.2 artikuluarekin bat.

– Lurzoruaren eta uren babesa: prebentzio- eta zuzenketa-neurriak ezarriko dira obra-faserako, istripuzko isurien eraginak saihesteko, bereziki makinen mantentze-lanetan (material xurgatzaileak erabiltzea, isuriekin kutsatutako lurzoruak kentzea eta kudeatzea, eta abar).

Ustekabean ezer isuriz gero, berehala jaso beharko dira lurzoru kutsatua eta material xurgatzailea, eta hondakin arriskutsu gisa biltegiratu eta kudeatuko dira.

Pilaketa-eremuak, instalazio osagarriak edo makineria-parkea gainazal iragazgaitzetan kokatuko dira. Saihestuko da makineria mantentzeko lanak egitea iragazgaitzak ez diren guneetan. Nolanahi ere, hondakinak –bereziki, olio erabiliak– biltzeko sistema bat izango duen plataforma iragazgaiztu baten gainean egingo dira obran erabiltzen den makineriari erregaia jartzeko, lubrifikatzaileak aldatzeko eta abarrerako lanak, urak ez kutsatzeko.

– Obretako zarata: obra-fasean erabilitako makineriak bete egin behar ditu aire zabalean erabiltzen diren makinen soinu-emisioen inguruan indarrean dagoen legerian ezarritako aginduak, Zaratari buruzko azaroaren 17ko 37/2003 Legea garatzen duen urriaren 19ko 1367/2007 Errege Dekretuaren 22. artikuluan ezarritakoaren arabera (zonifikazio akustikoari, kalitate-helburuei eta emisio akustikoei dagokien errege-dekretua) eta, bereziki, hala badagokio, otsailaren 22ko 212/2002 Errege Dekretuan eta arau osagarrietan ezarritakoaren arabera (aire zabalean erabiltzen diren makina jakin batzuen ondoriozko soinu-emisioak arautzen dituen errege-dekretua, apirilaren 28ko 524/2006 Errege Dekretuak aldatua).

Obrek iraun bitartean, jardunbide operatibo egokiak aplikatu beharko dira sorburuan zaratak murrizteko, bereziki indusketetan, eraispenetan, zamalanetan eta garraio-lanetan, bai eta erabilitako makinen mantentze-lan orokorretan eta zaraten eta bibrazioen sorburuko murrizketan ere.

Eguneko lan-ordutegian egingo dira lanak.

Lanek 6 hilabete baino gehiago irauten badute, inpaktu akustikoari buruzko azterlan bat egin beharko da, behar diren zuzenketa-neurriak zehazteko, urriaren 16ko 213/2012 Dekretuaren 35bis artikuluaren arabera. Inpaktu akustikoaren azterlan horretan, aztertu beharko da zer onura akustiko lortu nahi den zuzenketa-neurri horiek aplikatzean, arlo akustikoetan edo eraikin sentikorretan zarata-maila murrizteari dagokionez, eta ukitutako udalerriari jakinarazi beharko zaio haren edukia.

– Kamioiek obran sartu eta irteteko erabiltzen dituzten bideak garbi mantendu beharko dira; horretarako, presioko ura edo erratz-makinak erabiliko dira.

– Euskal Kultura Ondareari buruzko maiatzaren 9ko 6/2019 Legean ezarritakoa ezertan eragotzi gabe, jarduketak egiterakoan aztarna arkeologikoren bat egon daitekeela pentsarazten duen zerbait aurkitzen bada, lanak eten egingo dira badaezpada, eta berehala jakinaraziko zaio Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura Zuzendaritzari; hark erabakiko du zer neurri hartu.

– Obrek kaltetutako espazioak leheneratzea: proiektua gauzatzearen ondorioz kaltetutako arlo guztiak leheneratuko dira. Hala badagokio, espazio libreen landareztatze-lanak ahalik eta lasterren egingo dira; modu horretan, higadura-prozesuak, solidoak drainatze-sarera arrastatzea eta espezie aloktono inbaditzaileen kolonizazioa saihestuko dira.

– Espezie inbaditzaileen kontrola: kendu egingo dira identifikatutako flora aloktono inbaditzailearen aleak, eta beharrezkoak diren neurriak hartuko dira eremuan eta inguruan ez hedatzeko.

– Gune libreen tratamendua: gune libreak landareztatzeko, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailak egindako «Lorategi eta berdegune jasangarriak diseinatzeko eskuliburua» argitalpenean jasotakoari jarraituko zaio. Espezie autoktonoak erabiliko dira eta jasangarritasun-irizpideak lehenetsiko dira, espezie inbaditzaileak agertzeko arriskua txikiagoa izan dadin. Landareztatze- eta lorategi-lanetan ez dira inola ere erabiliko inbaditzaileak izan daitezkeen espezie aloktonoak; esaterako, Fallopia japonica, Robinia pseudoacacia eta Cortaderia selloana eta beste batzuk. Leheneratze-lanetan erabilitako landare-lurrak flora inbaditzaileko propagulurik ez duela bermatuko da.

– Eraikingintza jasangarria: eraikingintza eta eraikuntza jasangarriagoak izateko behar diren ezaugarriei dagokienez, eraikingintza jasangarrirako gidetan jasotako ingurumen-neurri eta -jardunbide egokiak erabiliko dira (https://www.ihobe.eus/argitalpenak), eraikinen energia-aurrezpen eta -efizientzia eta energia berriztagarrien sustapena bultzatzeko. Neurri horiek alderdi hauetan behintzat eragin beharko dute:

• Materialak. Lehengai berriztaezin gutxiago kontsumitzea.

• Energia. Energia gutxiago kontsumitzea edo energia gutxiago sortzea iturri berriztaezinen bidez.

• Edateko ura. Edateko ur gutxiago kontsumitzea.

• Ur grisak. Ur gris gutxiago sortzea.

• Atmosfera. Gas-, hauts-, bero- eta argi-emisioak murriztea.

• Barnealdeko kalitatea. Barnealdeko airearen kalitatea, erosotasuna eta osasuna hobetzea.

Bigarrena.– Ingurumen-txosten estrategiko honetan ezarritako baldintzen arabera, eta betiere ebazpen honetan ezarritako neurri babesle eta zuzentzaileak zein sustatzaileak –aurrekoen aurkakoak ez direnak– hartzen badira, ez da aurreikusten Andrearriagako 1.2.06 eremuaren (21., 22., 23., 24., 25. eta 26. lurzatiak) Barne Eraberritzeko Plan Bereziaren aldaketak ondorio kaltegarri esanguratsurik eragingo duenik ingurumenean; ondorioz, ez du ingurumen-ebaluazio estrategiko arruntik behar.

Hirugarrena.– Ebazpen honen edukia jakinaraztea Irungo Udalari.

Laugarrena.– Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitara dadila agintzea.

Bosgarrena.– Euskadiko Ingurumen Administrazioari buruzko abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 75.5 artikuluak ezarritakoaren arabera, ingurumen-ebaluazio estrategiko honek indarraldia galduko du eta berezkoak dituen ondorioak sortzeari utziko dio, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen denean, Irungo Andrearriagako 1.2.06 eremuaren (21., 22., 23., 24., 25. eta 26. lurzatiak) Barne Eraberritzeko Plan Berezia onartzen ez bada. Kasu horretan, berriro abiarazi beharko da Planaren ingurumen-ebaluazioa egiteko prozedura, salbu eta ingurumen-organoari haren indarraldia luzatzeko eskatzen bazaio. Hori gertatuz gero, ingurumen-organoak, hala badagokio, ingurumen-txosten estrategikoaren beste indarraldi bat xedatuko du, erregelamenduz zehaztutako moduan.

Vitoria-Gasteiz, 2026ko maiatzaren 6a.

Ingurumen Administrazioaren zuzendaria,

NICOLAS GARCIA-BORREGUERO URIBE.


Azterketa dokumentala