
95. zk., 2026ko maiatzaren 22a, ostirala
- Bestelako formatuak:
- PDF (456 KB - 52 orri.)
- EPUB (2849 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
INDUSTRIA, TRANTSIZIO ENERGETIKO ETA JASANGARRITASUNAREN SAILA
2178
EBAZPENA, 2026ko martxoaren 13koa, Ingurumeneko sailburuordearena, ingurumen-inpaktuaren adierazpena egin eta ingurumen-baimen bateratua ematen diona datuak prozesatzeko zentroaren instalazioari; Moana Data, SLk sustatu du instalazio hori, Zamudioko Teknologia Parkean (1001 poligonoa, 20011 partzela, 01 azpipart. SZI-3B partzela, Aresti sektorea,) Zamudioko udal mugartean (Bizkaia).
AURREKARIAK
2025eko ekainaren 3an Moana Data, SLk ingurumen-organo honetan eskatu zituen ingurumen-baimen bateratua eta ingurumen-inpaktuaren nahitaezko adierazpena, Zamudioko Teknologia Parkean dagoen (1001 poligonoa, 20011 partzela, 01 azpipart. SZI-3B partzela, Aresti sektorea, Zamudioko udal mugartea) datuen prozesamendurako zentroaren proiekturako, honako hauetan xedatutakoaren arabera: 10/2021 Legea, abenduaren 9koa, Euskadiko Ingurumen Administrazioarena; 21/2013 Legea, abenduaren 9koa, Ingurumen-ebaluazioari buruzkoa; eta abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuak onartutako Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuari buruzko Legearen testu bategina. Eskabidearekin batera, agiri tekniko hauek aurkeztu zituen:
– Administrazio-datuak.
– Planoak.
– Ingurumen-baimen bateraturako eta ingurumen-inpaktuaren adierazpenerako proiektua.
– Laburpen ez-teknikoa.
– Hirigintza-bateragarritasunari buruzko txostena, Zamudioko Udalak 2025eko maiatzaren 16an emandakoa.
– Isilpeko datuak.
Aurkeztutako agiriak nahikoa zirela egiaztatu ondoren, Ingurumen Administrazioaren zuzendariaren 2025eko azaroaren 4ko iragarkiaren bidez, Moana Data, SLk sustatutako proiektua 30 egun balioduneko epean jendaurrean jartzea erabaki zen, epe horren barruan egoki iritzitako alegazioak aurkezteko. Horretarako, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian eta Eusko Jaurlaritzaren iragarki taula elektronikoan argitaratu zen, 2025eko azaroaren 14an.
Jendaurrean jartzeko izapidea amaitu ondoren, alegaziorik ez dela aurkeztu egiaztatu da.
EAEko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen testu bateginaren 37., 38. eta 39. artikuluetan xedatutakoa aplikatuz, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzak txostenak eskatu zizkien 2025eko azaroaren 17an honako hauei: Zamudioko Udala, URA Uraren Euskal Agentzia, Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoa, Larrialdiei Aurre Egiteko eta Meteorologiako Zuzendaritza, Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendaritza, Bizkaiko Foru Aldundiko Ingurumen eta Hirigintza Zuzendaritza, IHOBE, Eusko Jaurlaritzako Kultura Ondarearen Zuzendaritza, Eusko Jaurlaritzako Natura Ondarearen Zuzendaritza, Ekologistak Martxan elkartea eta Eguzkizaleak elkartea.
2025eko azaroaren 27an, abenduaren 11n, abenduaren 15ean eta abenduaren 29an jaso ziren aurrez aipatu eta eskatutako txostenak, hain zuzen ere, Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoarena, Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendaritzarena, Kultura Ondarearen Zuzendaritzarena eta Natura Ondarearen Zuzendaritzarena.
Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 38. artikulua aplikatuz, 2026ko urtarrilaren 9an, organo substantiboak aldez aurreko izapideetan jasotako txostenak igorri zituen, egoki bazen, proiektuaren bertsio berria eta ingurumen-inpaktuaren azterketa idaztean kontuan izateko.
2026ko urtarrilaren 22an, sustatzaileak idazki bat bidali zuen. Zioenez, ez zen beharrezkoa aurkeztutako proiektua eta ingurumen-inpaktuaren azterketa aldatzea, baina jasotako txostenetan adierazitako zenbait ohar kontuan hartu ziren.
2026ko otsailaren 18an, Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 40. artikuluan xedatutakoa betez, Moana Data, SLren esku utzi zen espedientea, eta espedientean dago horren emaitza.
ZUZENBIDEKO OINARRIAK
Euskadiko Ingurumen Administrazioaren 10/2021 Legearen 1. artikuluan xedatutakoaren arabera, lege horren xedea da Euskal Autonomia Erkidegoko ingurumena babesteko, kontserbatzeko eta hobetzeko arau-esparrua xedatzea.
Legeak ingurumenean eragina duten jardueren antolamendua arautzen du, ingurumena babesteko araudi sektorialean ezarritako administrazio-prozedurak sinplifikatzeko eta bateratzeko premisapean. Hala, bertan xedatzen diren baldintzak eta eskakizunak jasotzen ditu, eta ezabatu egiten ditu jarduerak garatzeko egon daitezkeen oztopo juridiko eta administratiboak.
Era berean, 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuak, abenduaren 16koak, Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuari buruzko Legearen testu bategina onartzen duenak, bere 1. artikuluan ebazten duenaren arabera, lege horren xedea da atmosferaren, uraren eta lurzoruaren kutsadura saihestea edo, hori ezinezkoa denean, kutsadura hori gutxitu eta kontrolatzea, eta, hura lortzeko, ingurumen osoaren babes-maila handia helburutzat harturik, kutsadura prebenitu eta kontrolatzeko sistema integratu bat ezartzea.
Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuaren Legearen testu bateginaren 1. eranskinean jasota dauden jarduerak garatzen dira instalazioan; horietaz gainera, baimen honek barnean hartzen ditu aipatutako legearen aplikazio-eremuan sartzea ekarri zuten instalazioaren kokapenean garatzen diren jarduera guztiak, baita, eranskin horietan jasota ez egonik, jarduera horrekin lotura teknikoa dutenak eta sor daitezkeen emisioen eta kutsaduraren gainean ondorioak izan ditzaketenak ere.
Abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuak onartzen duen Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuaren Legearen testu bateginaren 9. artikuluan xedatutakoaren arabera, Moana Data, SLk Zamudion sustatutako datuak prozesatzeko proiektua I. eranskinean sartzen da, «50MW-ko edo gehiagoko potentzia termiko nominala duten errekuntza-instalazioak» izenekoan, bai eta Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen I.A eranskinean ere. Beraz, jarduera hori egin ahal izateko ingurumen-baimen bateratua lortu behar du.
Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legean xedatutakoa aplikatuz, Moana Data, SL enpresak Zamudion sustatutako datuak prozesatzeko proiektua Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen I. eranskineko 3B taldean eta II.D eranskineko D3 taldean («industria energetikoa – 3.b») jasota dago, eta, beraz, ingurumen-ebaluazio arruntaren prozedura bete behar du.
Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuaren Legearen testu bateginaren 11. artikuluan xedatuta dagoenaren arabera, baimen honen oinarrizko helburua da lege hau aplikatu behar duten instalazioei lege honen xedea betearazteko beharrezkoak diren baldintzak ezartzea, baimena ematerakoan esku hartu behar duten administrazio publiko guztien koordinazioa bermatzen duen prozedura baten bitartez, izapideak bizkortzeko eta partikularren zama administratiboak arintzeko, eta administrazioaren esku-hartze bakar batean batzea indarrean dagoen legerian jasotako ingurumen-baimen guztiak.
Moana Data, SLren kasuan, baimen horiek, ingurumen-izaerako beste zehaztapen batzuen artean, hondakinak ekoizteari, kolektorera isurtzeari eta atmosferara isurtzeari buruzkoak dira. Gainera, egiaztatu da espedientean beste administrazio eta erakunde eskudun batzuek ere parte hartu dutela, aginduzko txostenak igorriz.
Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuaren Legearen testu bateginaren 29. artikuluan xedatuaren arabera, ingurumen-baimen bateratua emateko prozedurak lehentasuna izango du administrazio eskudunek jarduera gogaikarri, osasungaitz, kaltegarri eta arriskutsuak egiten dituzten herritarren jardueran esku hartzeko ezar dezaketen beste edozein bideren gainetik. Ondorio horietarako, ingurumen-baimen bateratua toki-agintarientzat loteslea izango da, baldin eta jarduerak egitea ukatzeko bada, edota zuzenketa-neurriak ezartzeko, baita 22. artikuluan jasotako ingurumen-alderdiei buruzko guztian ere.
Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 37. artikuluak ezartzen du ingurumen-baimen bateratuaren prozedurak, izapide guztietan, jarduera sailkatuaren lizentziaren prozedura ordeztuko duela.
EAEko Ingurumen Administrazioaren 10/2021 Legearen 31. artikuluan xedatzen denari jarraikiz, baimen hori, nolanahi ere, instalazioak eraiki, muntatu edo lekualdatu baino lehen eskuratu beharko da, eta instalazioetan egingo diren aldaketetara egokituko da.
Halaber, abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuak onartutako Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuaren Legearen testu bateginaren 11.4 artikuluan eta Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 14. artikuluan xedatutakoa aplikatzeko, autonomia-erkidegoek behar diren neurriak hartuko dituzte jarduketa hauek ingurumen-baimen bateratua emateko eta aldatzeko prozeduran sartzeko: ingurumen-inpaktua ebaluatzeko jarduketak, edo ingurumen-ebaluazioko beste figura batzuk, autonomia-erkidegoko araudian aurreikusiak, halakorik eska daitekeenean eta horretarako eskumena autonomia-erkidegoarena denean.
Era berean, Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 43. artikuluko 4. apartatuaren arabera, ingurumen-baimen bateratuaren mendeko jarduera ingurumen-inpaktuaren ebaluazio arruntaren mende badago, ingurumen-inpaktuaren adierazpenaren berezko alderdiak jasoko ditu. Aipatutako abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 78. artikuluan adierazten denez, ingurumen-inpaktuaren adierazpenak prozeduraren mugarri nagusien laburpena jasoko du, eta zehaztuko du, ingurumen-efektuei begira, proiektua egitea bidezkoa den ala ez, eta, hala badagokio, zer baldintzatan gara daitekeen. Besteak beste, hartu beharko diren babes-, zuzenketa- eta konpentsazio-neurriak eta jarraipena egiteko neurriak jasoko ditu.
Abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 76.1 artikuluan ezarritakoa betez, ingurumen-inpaktuaren ebaluazio arrunta egingo zaie ingurumen-ebaluazioaren eremuan D3. taldean jasota dauden proiektuei: 3.B. Zentral termikoak eta beste errekuntza-instalazio batzuk, 50 Mw-ko edo gehiagoko potentzia termikoa dutenak.
Era berean, abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 23.a artikuluan xedatutakoa aplikatuz, ingurumen-inpaktuaren adierazpena egiteko eskumena Euskal Autonomia Erkidegoko ingurumen-organoari dagokionean, eta jarduera ingurumen-baimen bateratuaren erregimenaren eraginpean dagoenean, ingurumen-baimen bateratuaren prozedura eta ingurumen-inpaktuaren ebaluazio arruntaren prozedura bateratu egingo dira. Gainera, ingurumen-inpaktuaren adierazpenaren edukia ingurumen-baimen bateratuaren parte izango da, eta egintza administratibo berean egingo dira bi adierazpen horiek.
Abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onartutako Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuaren Legearen testu bateginean adierazitakoari jarraikiz, ingurumen-organoak neurriak hartu ditu ingurumen-inpaktua ebaluatzeko jarduerak ingurumen-baimen bateratuaren prozeduran txertatzeko. Alde horretatik, aipatutako prozedura horren izapideetan, proiektuak ingurumenean izan ditzakeen eragin guztiak batera bildurik hartu dira kontuan, ingurumen-inpaktuaren ebaluazioari buruzko araudiaren ikuspegitik, eta abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onartutako Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuaren Legearen testu bateginean jasotako ingurumen-preskripzioen ikuspegitik zehaztearren proiektuaren bideragarritasuna zenbaterainokoa den. Bateratze hori ikus daiteke, halaber, ingurumen-baimen bateratua emateko ebazpen-proposamenaren aurreko proiektuaren balioespen orokorrean. Ebazpen honetan ere sartuta dago ingurumen-inpaktua ebaluatzeko aipatutako prozesuaren emaitza. Horretarako, proiektuaren ingurumen-inpaktuaren adierazpena egiten du lehenengo atalean, aldeko irizpenarekin, eta aukeratutako kokapenean proiektua bideragarria dela adierazten du, ingurumen-ondorioei soilik erreparatuta; proiektua zer baldintzatan gauzatu behar den ere ezartzen du, eta baldintza horiek koherenteak dira abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onartutako Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuaren Legearen testu bategina aplikatuz proiektuari ezarriko zaizkion zuzenketa-neurriekin.
Azkenik, instalazioak gehienez isur ditzakeen gai kutsagarrien muga-balioak eta ingurumena –oro har– ahalik eta gehien babesteko instalazioaren ustiapenerako ezarriko zaizkion beste baldintza batzuk zehazte aldera, ebazpen hau egiterakoan kontuan izan dira teknika erabilgarri onenak, eta aplikatzekoa den sektoreko legeriak zehaztutako neurriak eta baldintzak.
Nahiz eta zuzenean aplikatzekoak ez izan kutsaduraren prebentzio eta kontrol integratuari buruzko araudiaren arabera, proiektuak jasotzen ditu Batzordearen 2017ko uztailaren 31ko (EB) 2017/1442 Betearazpen Erabakiko teknikak, zeinaren bidez ezartzen baitira teknika erabilgarri onenei (TEO) buruzko ondorioak, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2010/75/EB Zuzentarauaren arabera (errekuntza-instalazio handiei buruzkoa).
Bereziki hauek izan dira kontuan: TEO 1, TEO 2, TEO 3; TEO 4; TEO 6, TEO 9; TEO 10; TEO 11; TEO 12, TEO 17; TEO 33; TEO 34, TEO 35.
Era berean, zeharkako BREF hauek ere hartu dira kontuan:
– «Teknika erabilgarri onenak, biltegiratzeetako emisioetarako» (2006ko uztaila).
– «Teknika erabilgarri onenak, energia-efizientziarako» (2009ko otsaila).
– «Teknika erabilgarri onenak, hozte-sistemetarako» (2001eko abendua).
Orain arte azaldutakoaren arabera, espedientean jasotako informazioa aztertu ondoren, ebazpen-proposamena sinatu zen, Moana Data, SLk sustatutako jarduerari aplikatu beharreko baldintzak erantsita, urriaren 18ko 815/2013 Errege Dekretuaren 15.8 artikuluan jasotako entzunaldi-izapidea alde batera utzi gabe.
Aipatu dugunaren arabera, goian adierazitako izapideak amaitu dira eta entzunaldi-izapidea bete da, Euskadiko Ingurumen Administrazioaren 10/2021 Legearen 40. artikuluan jasotzen denari jarraikiz.
Ingurumen Sailburuordetzak ebazpen hau emateko eskumena du, Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasunaren Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen abenduaren 3ko 410/2024 Dekretuan xedatutakoaren arabera.
Honako hauek ikusi dira: Ebazpena, 2026ko otsailaren 18koa, Sailburuordetzarena; abenduaren 9ko 10/2021 Legea, Euskadiko Ingurumen Administrazioarena; Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuari buruzko Legearen testu bategina –abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuak onartua–; 815/2013 Errege Dekretua, urriaren 18koa, Industriako Emisioen Erregelamendua onartu eta Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuari buruzko 16/2002 Legea garatzen duena; 21/2013 Legea, abenduaren 9koa, Ingurumen-ebaluazioari buruzkoa; 7/2022 Legea, apirilaren 8koa, Hondakinak eta lurzoru kutsatuak arautu eta ekonomia zirkularra bultzatzekoa; 410/2024 Dekretua, abenduaren 3koa, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasunaren Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duena; 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena, eta aplikatu beharreko gainerako arauak. Ondorioz, hau
EBAZTEN DUT:
Lehenengoa.– Ingurumen-inpaktuaren adierazpena egitea Moana Data, SLk datuen prozesamendua instalatzeko Zamudioko Teknologia Parkean (1001 poligonoa, 20011 partzela, 01 azpipartzela), Zamudioko udal mugartean (PK 48170; Bizkaia), ebazpen honetako eranskinetan ezarritako baldintzetan.
Bigarrena.– Moana Data, SLri aldeko ingurumen-baimen bateratua ematea (egoitza soziala: Sevilla udalerriko Avenida de la Constitución 34, 1 ezk.; eta IFK: B70639505), datuen prozesamendua instalatzeko Zamudioko Teknologia Parkean (1001 poligonoa, 20011 partzela, 01 azpipartzela), Zamudioko udal mugartean (Bizkaia), ebazpen honetako eranskinetan ezarritako baldintzen arabera.
Hirugarrena.– Ebazpen honen eranskinetan zehazten diren baldintzak eta betekizunak ezartzea Moana Data, SL enpresak Zamudioko udal mugartean (Bizkaia) sustatzen duen datuen prozesamendurako jardueraren instalazioa egokitzeko obretarako, ustiapenerako eta jardunari uzteko.
Laugarrena.– AAI00494 erregistro-kodea eta 4890218080 Ingurumeneko identifikazio zenbakia (NIMA) esleitzea Moana Data, SLk Zamudioko Parke Teknologikoan ustiatutako instalazioari (Zamudioko udal mugartea, 1001 poligonoa, 20011 partzela, 01 azpipartzela). Hau da kokapen zehatza: UTM (ETRS89) 30N, X: 511.222 Y: 4.793.902.
Bosgarrena.– Ingurumen-baimen bateratu honi lotutako baimen- eta inskripzio-kodeak Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eskura jarritako aplikazio informatikoan agertzen direnak izango dira. Besteak beste, Hondakinen Ekoizpen Erregistroko baimen- eta inskripzio-kodeak erabili beharko dira hondakinak lekualdatzeko dokumentuak betetzeko.
Seigarrena.– Ingurumen-baimen bateratua jaso duen jarduera hasteko epea bost urtekoa da.
Instalazioaren titularrak jarduera gauzatu ahal izango du, legez eska daitezkeen gainerako baimenak lortzea edo legez eska daitezkeen erantzukizunpeko adierazpenak edo jakinarazpen sektorialak bidaltzea ezertan eragotzi gabe.
Zazpigarrena.– Moana Data, SLri eskatzea erantzun bat eman diezaiela, adierazitako epean, gai hauei:
Instalazioaren eraikuntza amaituta, instalazioak martxan jartzeko gaituta daudenean, lizentziak, baimenak, jakinarazpenak edo inskripzioak eginda dagozkion erregistro sektorialetan, eta jarduera hasi aurretik:
– Teknikari eskudun batek sinatutako ziurtagiria, baimenaren helburu den jarduketa motaren arabera, egiaztatuko duena instalazioak onartutako proiektura egokitzen direla eta bete direla ingurumen-baimen bateratuan ezarritako baldintzak.
– Ingurumen-arriskuen analisia (IAA) eta, hala badagokio, ingurumen-erantzukizunari buruzko araudiko finantza-bermea eratu izanaren egiaztagiria.
– 277/2010 Dekretuaren I. eranskinean jasotako jarduera bat bada (21/2019 Dekretuak aldatu zuen dekretu hori), Euskadiko Autobabes Planen Erregistro Orokorreko inskripzio-ziurtagiria aurkeztu beharko du, edo, horren ordez, bertan inskribatzeko eskabidearen egiaztagiria. Bestela, betebehar hori ez zaiola aplikatu behar justifikatu beharko du.
Jarduera hasi eta 6 hilabeteko epean:
– Tratamendu-kontratuak, sortzen diren hondakin ez-arriskutsuen eta arriskutsuen kudeatzaile baimendu batek emandakoak.
– Ingurumen-lankidetzako erakundeak (ILE) emisio atmosferikoen fokuei buruz egindako txostena.
– Lurzoruaren egoerari buruzko txostena, oinarrizko txostena eta lurzoruaren eta lurpeko uren kalitatearen kontrola, lurzorua kutsa dezaketen instalazioetarako, hala nola erregai-deposituetarako eta sorgailuetaraino banatzeko sareetarako. Hori dela eta, instalazio horiek okupatutako eremuek zehaztuko dute txosten hauen irismena.
– 487/2022 Errege Dekretua beteko da, ur bero sanitarioko instalazioetarako eta suteetako ur-hargune hornituetarako egokia den (SUH) Legionellaren Prebentzio eta Kontrol Plan (PPCL) baten bidez. Era berean, substantzia kimikoak manipulatzeko protokoloak bermatuko dira REACH Erregelamenduaren arabera, eta segurtasun-datuen fitxak eguneratuko dira.
– Instalazioko ebaluazio akustikoaren txostena, ezarritako emisioen muga-balioak betetzen direla egiaztatzen duena.
– Berotegi-efektuko gasak isurtzeko eskubideen Europako Merkataritza Sistemaren araudiak (EU ETS) ukitutako instalazioa denez, emisioen baimena izapidetu beharko da, bai eta emisioen jarraipen-plana ere.
Eskatutako dokumentazio hori guztia Nire Karpeta atalaren bidez aurkeztuko da, AAI00494_SOL_2025_001 espedientearen barruan. Espediente hori itxita badago, dokumentazioa aurkezteko espediente bat irekiko da, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eskura jarritako aplikazio informatikoaren bidez, eta adieraziko da aipatutako hasierako eskabide-espedienteari lotutako dokumentazioa dela.
Jakinarazpenak jasotako edo harekin batera aurkeztutako datuak, adierazpenak edo dokumentuak zehatzak ez badira, faltsututa badaude edo funtsezko zerbait agertzen ez bada, edo horrelakorik aurkezten ez bada, ezin izango da jarduera egiten jarraitu gertakari horien berri izaten den unetik, kasu horretan egon litezkeen erantzukizun penal, zibil edo administratiboak ezertan eragotzi gabe.
Zortzigarrena.– Sustatzaileak Ingurumen Sailburuordetzan aurkeztu dituen agirietan adierazi bezala beteko dira babes- eta zuzenketa-neurriak, indarrean dagoen araudiaren arabera eta jarraian jasotako eranskinetan ezarritakoari jarraituz. Gainera, babes- eta zuzenketa-neurri horiek eta ingurumena zaintzeko programa aldatu ahal izango dira, bai eta neurtu behar diren parametroak, neurketen maiztasuna eta parametroek bete beharreko mugak ere, hala komeni bada araudi berria indarrean jarri delako edo inplikatutako sistemen egiturari eta funtzionamenduari buruzko ezagutza esanguratsu berrietara egokitu beharra dagoelako. Era berean, babes- eta zuzenketa-neurriak eta ingurumena zaintzeko programa aldatu egin daitezke jardueraren sustatzaileak hala eskatuta edo ofizioz, ingurumena zaintzeko programan lortutako emaitzetan oinarrituta.
Bederatzigarrena.– Instalazioetan edozer aldaketa egiteko, eskaera egin beharko da, edo horren berri eman beharko da, Euskal Autonomia Erkidegoko ingurumen-informazioko sisteman, Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 30. eta 45. artikuluen ondoreetarako, artikulu horietan kasuan-kasuan eskatzen den informazioa adierazita.
Sustatzaileak aldaketa bat funtsezkoa ez dela justifikatzeko dokumentazioaren kasuan, ingurumen-organoak aztertu eta kalifikatu egingo du eskatutako aldaketa, eta funtsezkoa den edo ez ebatziko du.
Egin beharreko aldaketen eskaerarekin edo jakinarazpenarekin batera, kasu bakoitzerako eskatutako informazioarekin batera, webgunean eskuragarri dagoen formulario hau sartu behar da:
Era berean, proiektua aldatzen den kasuetan, aplikatzekoa izango da Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 7.1.c eta 7.2.c artikuluetan xedatutakoa.
Baldin eta aldaketak lurzoru berria okupatzea aurreikusten badu eta aipatutako lurzoruak lurzorua kutsa dezaketen jarduerak edo instalazioak baditu edo izan baditu, okupatu beharreko kokalekuaren lurzoru-kalitatearen adierazpena eduki beharko da aldaketa gauzatu aurretik, Lurzorua Kutsatzea saihestu eta kutsatutakoa garbitzeari buruzko ekainaren 25eko 4/2015 Legean ezarritakoarekin bat etorriz.
Hamargarrena.– Moana Data, SLk Administrazioarekiko harremanen goi-mailako tituludun arduradunari buruz emandako datuen edozein aldaketaren berri emango dio ingurumen-organo honi.
Hamaikagarrena.– Ingurumen-baimen bateratuaren indarraldia mugagabea da, eta Euskal Autonomia Erkidegoko ingurumen-organoan aldian-aldian berrikusiko du, ingurumen-baimenen aurrerapen-klausulari jarraikiz.
Ingurumen-baimen bateratuaren berrikuspena ofizioz egingo da kasu hauetan:
a) Instalazioak eragindako kutsaduraren ondorioz ezarritako isurien edo emisioen mugako balioak berrikustea edo berriak hartzea komeni denean.
b) Isuriak nabarmen murriztu daitezkeenean, teknika erabilgarri onenetan egindako aldaketa handien ondorioz gehiegizko kosturik izan gabe.
c) Arroko organismoak, urei buruzko legedian xedatutakoaren arabera, uste badu ingurumen-baimen bateratua berrikustea edo aldatzea justifikatzen duten inguruabarrak daudela, Estatuko Administrazio Orokorrak kudeaturiko arroetako jabari publiko hidraulikora egindako isurketei dagokienez. Kasu horretan, arroko erakundeak, txosten lotesle bidez, organo eskudunera joko du ingurumen-baimen bateratua eman dezan, gehienez ere hogei eguneko epean hasteko aldaketa-prozesua.
d) Prozesuaren edo jarduketaren funtzionamenduaren segurtasunagatik beste teknika batzuk erabili behar direnean.
e) Instalazioari aplikagarri zaion sektoreko legediak hala eskatzen duenean, edo, abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onartutako Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuaren Legearen testu bateginaren 22.3 artikuluari jarraikiz, beharrezkoa denean ingurumen-kalitateko arau berriak edo berrikusiak betetzea.
f) Teknika erabilgarri onenak erabiliz lor litezkeenak baino baldintza osagarri zorrotzagoak aplikatzea beharrezkoa denean, ingurumen-kalitateko arauak beteko badira.
g) Aplikatu beharreko araudi berria indarrean jartzen denean.
h) Ingurunearen egitura eta funtzionamenduari buruzko ezagutza esanguratsu berrietara egokitzeko beharra ikusten denean, bereziki inplikatutako sistemen hauskortasuna areagotzen dela antzematen bada.
i) Ingurumena zaintzeko programan jasotako emaitzen edo bestelako oharren arabera, ingurumen-inpakturako ezarritako babes-, zuzenketa- edo konpentsazio-neurriak aski ez direla egiaztatzen denean.
j) Aldaketa beharrezkoa denean, Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 44. artikuluko 1. atalean ezarritakoari jarraikiz egindako azterketaren arabera.
Ingurumen-baimen bateratua berrikusteak ez du kalte-ordainerako eskubiderik ekarriko, Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 44.5 artikuluan ezarritakoari jarraikiz.
Hamabigarrena.– Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 28.1 artikuluan xedatutakoaren arabera, Mona Dat SLk ebazpen honen xede den datuak prozesatzeko jardueran gerta litekeen titulartasun-aldaketa oro jakinarazi beharko dio ingurumen-organo honi, azken horrek onar dezan.
Hamahirugarrena.– Baimen hau iraungita geratuko da kausa hauengatik:
– Epean ez bada egiaztatzen ebazpen honen zazpigarren apartatuan ezarritako baldintzak betetzen direla, non eta interesdunak ez duen behar bezala justifikatuz epea luzatzeko eskatzen.
– Bost urteko epean ez bada abiarazten ebazpen honen seigarren apartatuaren arabera baimentzen den jarduera, non eta interesdunak ez duen behar bezala justifikatuz epea luzatzeko eskatzen.
– Moana Data, SLren nortasun juridikoa iraungitzen bada, indarreko arauek aurreikusitako kasuetan.
Hamalaugarrena.– Ingurumen-baimen bateratu honetan ezarritako baldintzak ez betetzea arau-hauste oso astun, astun edo arin gisa tipifikatuta dago, ingurumenean edo herritarren osasunean duten eraginaren arabera, Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 106. artikuluari jarraituz, eta lege horren 108. artikuluan jasotako zigorrak ezartzea ekar dezake.
Hamabosgarrena.– Ebazpen honen edukiaren berri ematea Moana Dana, SLri, Zamudioko Udalari, ingurumen-baimen bateratua emateko prozeduran parte hartu duten organismoei eta gainerako interesdunei.
Hamaseigarrena.– Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian eta Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoan argitaratzeko agintzea.
Errekurtsoak.
Ebazpen honek ez dio amaiera ematen administrazio-bideari, eta, beronen aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkez dakioke Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasuneko sailburuari, hilabeteko epean, ebazpen hau jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. artikuluan eta hurrengoetan xedatutakoari jarraikiz.
Vitoria-Gasteiz, 2026ko martxoaren 13a.
Ingurumeneko sailburuordea,
JOSU BILBAO BEGOŃA.
RSS