
93. zk., 2026ko maiatzaren 20a, asteazkena
- Bestelako formatuak:
- PDF (364 KB - 38 orri.)
- EPUB (713 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
TURISMO, MERKATARITZA ETA KONTSUMO SAILA
2118
AGINDUA, 2026ko apirilaren 29koa, Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburuarena, Turismoa Merkaturatzeko eta Sustatzeko 2026. urteko laguntzak (TMS programa) arautzeko eta horien deialdia iragartzeko.
Euskadin turismoaren sektorea azken urteotan goraldian da eta hazten ari da, baliabide gastronomiko, kultural eta naturalen aniztasunean eta aberastasunean oinarrituta, eta turismo jasangarria sustatu eta garatu du. 2024an EAEko BPGren % 6,8 izan da, eta 2025eko urtarriletik uztailera % 5 hazi da, 2024koarekin alderatuta.
2026rako, Turismo eta Ostalaritza Zuzendaritzaren planteamendua izango da sektoreari ematen zaion laguntza indartzea eta Euskadiko turismo jasangarri, lehiakor eta inklusiboaren aldeko apustua egiten jarraitzea.
Garapen Iraunkorrari buruzko 2030 Agendaren helburuekin bat datorren 2030erako Turismoaren Euskal Estrategia bide-orritzat hartuta, honako hauek ditugu xede: turismo-jardueraren ondoriozko onura eta inpaktuen banaketa justua sustatuko duen eredu iraunkor eta arduratsu bat finkatzea, eta erreferentziazko ekosistema turistiko baten buru izatea, horrek emango baitigu aukera Europako ardatz atlantikoko helmuga turistiko nagusietako bat izateko eta eskaintza turistiko lehiakor, askotariko eta berezia edukitzeagatik bereizteko.
Bestalde, turismo-posizionamenduarekin lerrokatuta, eta identitatea, nortasuna, irudia eta balioak adierazteko, Euskadi Basque Country marka turistikoak erantzuna ematen die gure helmugako xede-publikoari helarazi nahi zaizkion mezuei.
Hala, bada, Turismoa Merkaturatzen eta Sustatzen laguntzeko programa (PLE) honek osatu egiten ditu administrazioek eta, zehazki, Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailak berak sektoreari eusteko eta eusten laguntzeko abian jarritako neurri ekonomiko guztiak. Era berean, 2024-2028 Gobernu Programaren barruan dago, zehazkiago, 18. jarduera-arloan («Turismo jasangarria eta bikaintasunezkoa») eta, horren barruan, 108. konpromisoan («Euskadi, helmuga konprometitua eta iraunkorra»). Honako helburu hauek ditu:
1.– Turismo-sektoreko enpresei produktu berriak garatzen eta merkaturatzen laguntzea.
2.– Espiritu ekintzailea eta berrikuntzaren kultura sustatzea.
3.– Euskadi Basque Country marka turistikoaren posizionamendua sendotzen eta ostatu-gauen kopurua handitzen laguntzen duten ekitaldiak bultzatzea.
Horrela, laguntza-programa hau Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailaren 2024-2027 Dirulaguntzen Plan Estrategikoan definitutako hurrengo helburua lortzen laguntzeko ere ezarri da. Plan hori 2024ko martxoaren 8ko Aginduaren bidez onartu zen, eta 2025eko otsailaren 5ean aldatu. Helburu horren barruan sartzen da: turismoak gure ekonomian duen eragin positiboa areagotzea, turismo jasangarri eta kalitatezkoaren aldeko apustua eginez, eta ingurumenarekiko arduratsua izatea, ekonomikoki iraunkorra eta sozialki ere jasangarria, bisitarien eta tokiko pertsonen artean «aberastasun soziala» ahalbidetuko duena, alde guztiei mesede eginez.
Eskumenen ikuspuntutik, Turismoaren uztailaren 28ko 13/2016 Legearen 5.1.e) artikuluan, Euskadiko turismo-administrazioari esleitzen zaio turismo-eskaintza sustatu eta bultzatzeko neurri egokiak hartzeko eskumena, beste administrazio eta organismo batzuekin koordinatuta, eta haren 5.2 artikuluan adierazten da Eusko Jaurlaritzan turismo-arloko eskumena duen organoak gauzatuko duela eskumen hori.
Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailari dagozkio turismo-arloko eskumenak, hala xedatuta baitago EAEko Administrazioaren egungo egituran eta Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituen eta sail bakoitzaren egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituen lehendakariaren ekainaren 23ko 18/2024 Dekretuan, 18.1.a) artikuluan.
Bestalde, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 10.1 artikuluak dio sailburuak direla bakoitzaren eremuko dirulaguntzak emateko organo eskudunak.
Azkenik, laguntza-programa honek aurrekontu-kreditu nahikoa du Euskal Autonomia Erkidegoaren 2026ko ekitaldiko aurrekontu orokorretan. Gainera, jasota dago Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailaren 2025eko otsailaren 5eko Aginduan (Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailaren 2024-2027ko Dirulaguntzen Plan Estrategikoa onartzen duen Agindua hirugarrenez aldatzen du Agindu horrek). Bi plan horiek Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan daude argitaratuta, iragarki-taulan: https://www.euskadi.eus/iragarki-taula-elektronikoa/
Horrenbestez, honako hau
EBAZTEN DUT:
Artikulu bakarra.– Ontzat ematea, eranskinetan jasotako moduan, turismoa merkaturatzeko eta sustatzeko laguntza-programaren 2026. urterako deialdiaren oinarri arautzaileak.
AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA
Eskatzaileen datu pertsonalak «Turismo-arloko laguntzak eta dirulaguntzak» izeneko tratamendu-jardueran tratatu eta sartuko dira. Datu pertsonalak honako arau hauen arabera tratatuko dira: 3/2018 Lege Organikoa, abenduaren 5ekoa, Datu Pertsonalak Babestekoa eta Eskubide Digitalak Bermatzekoa; 2016/679 (EB) Erregelamendua, 2016ko apirilaren 27koa, Europako Parlamentuarena eta Kontseiluarena, datu pertsonalen tratamenduari eta datu horien zirkulazio askeari dagokienez pertsona fisikoak babesteari buruzkoa.
Datuen babesari buruzko informazio zehatza lortzeko, helbide honetara jo: https://www.euskadi.eus/informazio-klausulak/web01-sedepd/eu/gardentasuna/077600-capa2-eu.shtml
AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA
Agindu honetan aurreikusita ez dagoenerako, honako lege hauetan jasotako aurreikuspenak aplikatuko dira: Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legea, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legea; Dirulaguntzei buruzko 38/2003 Lege Orokorra-- eta hura garatzeko Erregelamendua onartzen duen 887/2006 Errege Dekretuan jasotako oinarrizko manuak.
AZKEN XEDAPENETAKO HIRUGARRENA
Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beraren aurka, berraztertzeko errekurtsoa aurkez dakioke Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburuari, hilabeteko epean; bestela, zuzenean administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hileko epean. Bi kasuetan, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera hasiko dira epeak.
AZKEN XEDAPENETAKO LAUGARRENA
Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.
Vitoria-Gasteiz, 2026ko apirilaren 29a.
Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburua,
JAVIER HURTADO DOMÍNGUEZ.
I. ERANSKINA
OINARRI ARAUTZAILEAK
I. KAPITULUA
XEDAPEN OROKORRAK
1. oinarria.– Xedea eta helburua.
1.– Agindu honen xedea da turismo-sektoreko enpresentzako laguntzak erregulatzea eta deitzea, produktu berriak garatu eta merkatura ditzaten, bai eta espiritu ekintzailea eta berrikuntzaren kultura sustatzea eta Euskadi Basque Country marka turistikoaren posizionamendua sendotzen eta ostatu-gauen kopurua handitzen laguntzen duten ekitaldiak babestea ere.
2.– Helburu horrekin bat etorriz, honako helburu hauek dituzten jarduketak lagunduko dira diruz:
a) Euskadin garatutako turismo-produktuak sortzen, martxan jartzen, sustatzen eta merkaturatzen laguntzea.
b) Euskadin egindako kultura-, gastronomia- eta kirol-ekitaldiei laguntzea, zehazki, bertan nahiz nazioartean oihartzun mediatikoa dutenak eta Euskadiren irudia eta turismo-posizionamendua sendotzen eta ostatu-gauen kopurua handitzen laguntzen dutenak.
3.– Itzuli beharrik gabeko dirulaguntzen bidez gauzatuko dira laguntzak.
2. oinarria.– Baliabide ekonomikoak eta laguntzak emateko prozedura.
1.– Laguntzetara 934.000 euro bideratuko dira, eta Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontu orokorretan horretarako ezarritako aurrekontu-kredituetatik hartuko dira.
2.– Laguntzak emateko prozedura Dirulaguntzen Araubidea arautzen duen abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 19.2 artikuluan araututakoa izango da. Hau da, lehiaketa ez den norgehiagoka. Izan ere, programa honen helburua da laguntzak ematea onuradun izateko agindu honetako betekizunak betetzen dituen pertsona orori, baldin eta sasoiz eta behar bezala egin badituzte eskabideak. Programa hau finantzatzeko esleitutako baliabide ekonomikoak ez badira nahikoak onartu beharreko eskabide guztiei erantzuteko, eskabide guztien artean banatuko dira funtsak, bakoitzari legokiokeen laguntzaren proportzioan, aurrekontuan jasotako baliabide ekonomikoen muga kontuan hartu gabe.
3. oinarria.– Definizioak.
Agindu honetan, honela ulertuko dira jarraian datozen definizioak:
1.– Turismo-produktua: TME – Turismoaren Mundu Erakundearen arabera, turismo-produktutzat hartu behar da elementu material eta immaterialen konbinazio bat, hala nola baliabide naturalak, kulturalak eta antropikoak, bai eta intereseko elementu baten inguruko erakargarri turistikoak, instalazioak, zerbitzuak eta jarduerak ere, destino baten marketin-planaren funtsa ordezkatzen dutenak eta turismo-esperientzia integral bat osatzen dutenak.
2.– Zerbitzu turistikoak: turismo-erabiltzaileen eskaerei erantzutea helburu duten jarduerak, prestazioak ahalbidetzen dituzten instalazioak eta ondasun higiezinak barne. Ondorio horietarako, turismo-zerbitzutzat hartzen dira ostatua, bitartekaritza eta turismo-informazioa, bai eta turismoarekin lotutako beste edozein zerbitzu ere.
3.– Ekitaldia: aldez aurretik antolatutako gertakari oro da, oihartzun mediatikoa duena eta publiko mota guztientzat dena, eta aurrez finkatutako denboran zein tokian pertsona kopuru jakin bat biltzen duena; bildutakoek xede bati lotutako zenbait jarduera garatu eta partekatuko dituzte, sustatzeko hala merkataritza eta industria nola turismoa eta marketina, eta bultzatzeko gizarte-arloko trukea eta kultura oro har.
4. oinarria.– Onuradunak.
1.– Honako hauek izan daitezke laguntza hauen onuradun:
1.– Banako enpresaburuak edo autonomoak eta pertsona juridikoak: mikroenpresak eta enpresa txiki eta ertainak (ETE) edo horien arteko elkartzeak, baldin eta:
– Zerbitzu turistikoak eskaintzen badituzte eta Euskadiko Turismo Enpresen eta Jardueren Erregistroan inskribatuta badaude.
– Jarduera turistiko osagarriak egiten badituzte eta dagokion Jarduera Ekonomikoen gaineko Zergaren epigrafean alta emanda badaude.
Mikroenpresak eta enpresa txiki eta ertainak (ETEak) dira 250 pertsona baino gutxiagori lana ematen dieten enpresak eta gehienez ere 50 milioi euroko urteko negozio-bolumena dutenak, edo, gehienez ere 43 milioi euroko urteko balantze orokorra dutenak.
Arestian adierazitakoaren beste edozein interpretazio egiteko, mikroenpresen eta enpresa txiki eta ertainen definizioari buruz Batzordeak 2003ko maiatzaren 6an emandako 2003/361/EE Gomendioan (EBAO, L 124, 2003ko maiatzaren 20koa) ezarritakoa hartuko da kontuan, edo hura ordezten edo aldatzen duten xedapenek ezarritakoa.
2.– Irabazi-asmorik gabeko elkarte, fundazio eta entitateak, baldin eta turismoa sustatzeko eta merkaturatzeko jarduketak badaude sozietate horien xedeen artean.
2.– Ezin izango dira laguntza hauen onuradun izan:
a) Udal-mailan edo udalerriz edo eskualdez gaindikoan turismo-lankidetzarako ente gisa jarduten duten entitate publiko edo pribatuak, eta sozietate publikoak eta zuzenbide publikoko entitateak, edo beste entitate batzuk, baldin eta administrazio publikoek edo haien mendeko entitateek haien kapitalean edo gobernu-organoetan partaidetzaren gehiengoa badute.
b) Kirol-federazioak, kirol-klubak eta kirol-elkarteak.
3.– Era berean, onuradun izateko, agindu honetan ezarritako betekizunak bete beharko dira, bai eta Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 11. artikuluan jasotakoak ere, eta ezingo da lege horren 13. artikuluaren 1. apartatutik 5.era bitartean zehaztutako inongo egoeratan egon:
a) Epai irmo bidez, dirulaguntza edo laguntza publikoak jasotzeko aukera gabe utzita zigortuta edo prebarikazioagatik, funtzionario-eroskeriagatik, ondasun publikoak bidegabe eralgitzeagatik, influentzia-trafikoagatik, iruzur egiteagatik eta legearen aurkako ordainarazpenengatik edo hirigintza-delituengatik zigortuta.
b) Eskatuta edukitzea borondatezko konkurtsoa deklaratzea, edozein prozeduratan kaudimengabe deklaratuta egotea, konkurtsoan deklaratuta egotea (konkurtso horretan hitzarmen batek eraginkortasuna hartzen duen kasuan izan ezik), esku-hartze judizialaren mende egotea edo Konkurtsoari buruzko Legearen (uztailaren 9ko 22/2003) arabera desgaituta egotea, konkurtsoa kalifikatzeko epaian ezarritako desgaitze-aldia bukatu gabe dagoelarik.
c) Administrazioarekin egindako edozein kontraturen suntsiarazpen irmoa eragin izana, kausaren batean erruduntzat jo direlako.
d) Pertsona fisikoa, merkataritza-sozietateen administratzaileak edo beste pertsona juridiko batzuen ordezkari direnak, egoera hauetako batean: Administrazio Publikoen Zerbitzuko Langileen Bateraezintasunei buruzko abenduaren 26ko 53/1984 Legean aurreikusitako bateraezintasunen araubideko egoeraren batean eta Kargu Publikodunen Jokabide Kodea eta Haien Interes Gatazkak Arautzen dituen ekainaren 26ko 1/2014 Legean aurreikusitako egoeraren batean. Edo Hauteskunde Araubide Orokorraren ekainaren 19ko 5/1985 Lege Organikoan araututako hautapen bidezko kargua izatea, arau horretan edo gai hauek arautzen dituen arau autonomikoan ezarritakoaren arabera.
e) Egunean ez izatea indarreko xedapenek ezartzen dituzten zerga-betebeharrak edo Gizarte Segurantzarekikoak.
f) Egoitza fiskala paradisu fiskaltzat hartutako ezeingo herrialde edo lurraldetan izatea.
g) Dirulaguntzak itzultzeko betebeharrak beteak ez izatea.
h) Ebazpen irmo bidez, dirulaguntzak jasotzeko aukera galtzeko zehapena jasota izatea, bat etorriz lege honekin edo halakorik ezartzen duten beste batzuekin. Zehazki, ezingo dira dirulaguntzen onuradun edo pertsona laguntzaile izan sexuan oinarrituta diskriminatzeagatik edo emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloko araudia ez betetzeagatik administrazio- edo zigor-zehapenen bat ezarri zaien pertsona fisikoak eta juridikoak, dagokion zehapenean ezarritako denbora-tarte osoan. Halaber, laguntza eta dirulaguntzetatik kanpo geratuko dira estatu-araudiaren arabera berdintasun-plan bat indarrean izan behar duten arren halakorik ez duten enpresak, eta estatu-legediak emakumeen eta gizonen berdintasunaren esparruan finkatzen duen moduan sexu-jazarpena edo sexuan oinarritutako jazarpena prebenitzeko neurriak ezarri dituztela egiaztatzen ez duten 50 langiletik gorako enpresak.
Gainera, Turismoari buruzko uztailaren 28ko 13/2016 Legearen arabera, agindu honetan aurreikusitako dirulaguntzak emateko eta ordaintzeko, ezinbestekoa izango da azken 5 urteetan eskatzailek ez jaso izana administrazio-ebazpen irmorik arau-hauste astun edo oso astunagatik, ezta zehapen osagarri hau ere: zehapenaren xede den jarduera egiteko arau-hausleak eskatu eta emandako dirulaguntza eten edo kentzea.
i) Pertsona fisikoa edo juridikoa, publikoa zein pribatua, zehatuta egotea Hondakinak eta Lurzoru Kutsatuak arautu eta Ekonomia Zirkularra bultzatzeko apirilaren 8ko 7/2022 Legean edo Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legean aurreikusitako arau hauste astun edo oso astun batengatik eta administrazio bideko ebazpen irmo bidez, harik eta behar diren neurri zuzentzaileak jarri eta zehapena ordaindu arte.
j) Desgaitasuna duten pertsonentzat legez ezarritako erreserba-kuota beteta ez edukitzea, eta hori betetzeko neurri alternatiboak abian jarri direla egiaztatu gabe.
k) Elkarteen kasuan, Elkartzeko Eskubidea Arautzen duen martxoaren 22ko 1/2002 Lege Organikoaren 4. artikuluko 5. eta 6. zenbakietan aurreikusitako debekuen kausetan nahasita ez egotea; edo, ez-zilegitasun penalaren zentzuzko zantzuak egoteagatik, inskribatzeko administrazio-prozedura ez etetea, 1/2002 Lege Organikoaren 30.4 artikuluan xedatutakoa aplikatuz, betiere ebazpen judizial irmorik ematen ez bada, haren arabera kasuan kasuko inskripzioa egin ahal izango baita dagokion erregistroan.
l) Elkarte-araubide espezifiko baten mende dauden elkarteen kasuan, hala nola enpresa-elkarteen kasuan, dagokion erregistroan inskribatuta egotea, aplikatu beharreko araudiaren arabera.
4.– Zerga-betebeharrak, Gizarte Segurantzarekikoak eta dirulaguntzak itzultzeari dagozkionak bete direla justifikatzeko, Ekonomia eta Ogasuneko sailburuaren 2023ko otsailaren 13ko Aginduan aurreikusitako baldintzak bete beharko dira. Agindu hori zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak bete direla egiaztatzeari buruzkoa da, eta dirulaguntzak itzultzeari buruzkoa, Euskadiko Aurrekontu Orokorren kontura ematen diren laguntzen eta dirulaguntzen esparruan.
Laguntzen deialdi honen organo kudeatzaileak automatikoki egiaztatuko du zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean dituela, aipatutako aginduaren 6.2 artikuluan ezarritakoaren arabera. Zerga-betebeharrak betetzen direla automatikoki egiaztatuko du zergak EAEtik kanpo ordaintzen dituzten eta tributuak Zerga Agentzian edo Nafarroako Ogasunean kudeatzen dituzten pertsonen kasuan ere.
Hala ere, eskatzaileak aurka egin diezaioke organo kudeatzaileak inguruabar horiek zuzenean egiaztatzeari, eta, kasu horretan, bere kabuz aurkeztu beharko ditu dagozkion ziurtagiriak, agindu honen 10.3 oinarrian adierazitako moduan.
Bestalde, dirulaguntzak itzultzeko betebeharrak betetzen direla erantzukizunpeko adierazpen baten bidez egiaztatuko da, 2023ko otsailaren 13ko Aginduaren 7. artikuluan xedatutakoaren arabera.
5.– Dirulaguntzen Araubidea arautzen duen abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 13.1 artikuluan onuradunei eskatzen zaizkien betekizunak, lege horren 13. artikuluaren 6. paragrafotik 8.era bitartean aurreikusitakoaren arabera egiaztatuko dira. Eta, oro har, Dirulaguntzen Araubidea arautzen duen abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 13. artikuluaren 1. paragrafotik 5.era bitartekoetan onuradun izateko ezarritako debekuen eraginpean ez egotearen justifikazioa, laguntza eskatzeko formularioetan integratutako erantzukizunpeko adierazpenean egingo da.
6.– Eskatzaileek Euskal Autonomia Erkidegoan turismo-jardueran aritzeko legez eskatzen diren betekizunak bete beharko dituzte eskabidea egiteko unean. Era berean, eta laguntzaren xede diren jardueren garapenak hala eskatzen duenean, Euskadiko Turismo Enpresen eta Jardueren Erregistroan inskribatuta egon beharko dute.
7.– Dagokion Jarduera Ekonomikoen gaineko Zergaren epigrafean alta emanda egotearen betebeharra egiaztatzeko foru-aldundiei egingo zaie kontsulta.
II. KAPITULUA
LAGUNTZEN EZAUGARRIAK
5. oinarria.– Diruz lagungarri diren jarduketa.
1.– Diruz lagundu daitezke 2026ko ekitaldian proiektu tipologia hauek garatzeko egiten diren jarduketak:
a) Euskadin garatzen diren turismo-produktuak sortzen, martxan jartzen, sustatzen eta merkaturatzen laguntzea. Produktu horien zer-nolakoak II. eranskinean azaltzen dira.
b) Euskadin egin eta mundu mailan ere zabaltzen diren diren kultura-, gastronomia- eta kirol-ekitaldiei laguntzea, hain zuzen, Euskadiren irudia eta posizionamendu turistikoa sendotzen eta ostatu-gauen kopurua handitzen laguntzen dutenak. Ekitaldion zer-nolakoak III. eranskinean garatzen dira.
2.– Eskaera bakarra eta proiektu bakarra onartuko da eskatzaile bakoitzeko (IFZ/AIZ bidez identifikatua). Proiektu horrek nahitaez egon beharko du entitateak kudeatutako establezimendu edo jarduera-zentro bakarrari lotuta. Inola ere ez dira onartuko establezimendu desberdinetan jarduketak biltzen dituzten proiektuak, nahiz eta establezimendu horiek pertsona fisiko edo juridiko berarenak izan.
6. oinarria.– Laguntzen zenbatekoa.
1.– Euskadin garatzen diren turismo-produktuak sortzen, martxan jartzen, sustatzen eta merkaturatzen laguntzeko proiektuetarako (II. eranskina) gehieneko dirulaguntza onartutako gastuaren % 60koa izango da, eta, gehienez ere, 20.000 euro onuradun bakoitzeko. Lurralde Historikoan edo Euskal Autonomia Erkidegoan bertan jarduten duten turismo-enpresa elkarteen kasuan, 40.000 eurokoa izango da gehieneko zenbatekoa.
2.– Euskadin egindako eta Espainian eta nazioartean oihartzun mediatikoa duten kultura-, gastronomia- eta kirol-ekitaldiei laguntzeko proiektuetarako gehieneko dirulaguntza, baldin eta III. eranskinean jasotako Euskadiren irudia eta turismo-posizionamendua sendotzen eta ostatu-gauen kopurua handitzen laguntzen badute, onartutako gastuaren % 50ekoa izango da, eta, gehienez ere, 7.500 eurokoa, onuradun bakoitzeko. Ekitaldiak aurten gutxienez 5. edizioa betetzen badu eta/edo ondoz ondoko hiru egun edo gehiago badirau, gehieneko zenbatekoa 15.000 euro izango da.
Antzinatasunaren eta/edo iraupenaren baldintzak betetzeaz gain, eta bidaia-agentzia batekin amaierako publikoari zuzendutako ekitaldiari lotutako pakete turistiko bat egin eta merkaturatzeko lankidetza-hitzarmen bat dagoela egiaztatzen bada, gehieneko dirulaguntza 10.000 euro handituko da, eta gehieneko zenbatekoa 25.000 euro izango da.
7. oinarria.– Diruz lagungarri diren gastuak.
1.– Oro har, diruz laguntzeko moduko gastutzat hartuko dira, Dirulaguntzen Araubidea arautzen duen abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 30. artikuluan xedatutakoaren arabera, zalantzarik gabe diruz lagundutako jardueraren izaerari erantzuten diotenak, II. eta III. eranskinetan horri buruz jasotako zehaztapenei erantzuten dietenak eta 2025eko abenduaren 19tik 2026ko abenduaren 11ra bitartean egin, fakturatu eta ordaintzen direnak.
Diruz lagundutako gastuen erosketa-kostua ezin da inoiz izan merkatuko balioa baino handiagoa.
Proiektuak behin bakarrik lagunduko dira diruz, eta ezinezkoa izango da aurreko ekitaldietan diruz lagundutako jarduera bera diruz laguntzea, ezta hura eguneratzea edo luzatzea ere.
2.– Onar daitekeen gastutzat hartzekoa zera da: zenbatekoaren balio garbia, hau da, Balio Erantsiaren gaineko Zerga kendu ostean geratzen den balioa. Hala ere, BEZa diruz laguntzeko moduko gastua izango da, baldin eta onuradunak benetan ordaindu badu eta zerga horretatik salbuetsita egoteagatik berreskuratu edo konpentsatu ezin badu.
3.– Baldin eta proiektuak beste autonomia-erkidego batzuetako baliabide edo zerbitzu turistikoak eskaintzen baditu, Euskadiri dagokion gastua onartuko da soilik, eta eskaeran xehatu beharko da gastu bakoitzari dagokion ehunekoa.
4.– Oro har, ez dira diruz lagunduko honako hauek:
a) Inbertsio-gastuak.
b) Informatikako ekipamendua eta telefono-terminalak erostea.
c) Programa informatikoen mantentze-kuotak, ekipamendu informatikoaren bermeak, aseguruak eta kanonak, konektagarritasun-gastuak, web ostatu-zerbitzuak («hosting») eta domeinuak erregistratu, berritu eta kudeatzea.
d) Eskatzailearen langile-gastuak eta gastu arruntak (mantentze-gastuak, bulegoko materiala, hornidurak eta komunikazioak).
e) Tasak (Patente eta Marken Espainiako Bulegoaren marka erregistratzeagatiko tasa izan ezik) eta beste zerga batzuk.
f) Aseguruak.
g) Gonbidapenak, bazkariak eta bestelakoak, salbu eta eskabidean justifikatuta badago beharrezko gastuak direla jarduketa gauzatzeko.
h) Eskatzaileak egindako sustapen- eta merkaturatze-gastuak.
i) Sustapen-ekintzetako garbiketa- edo ekipamendu-gastuak.
j) Bisita- edo aurkezpen-txartelak.
k) Babesletzak.
l) 100 euro garbiko edo gutxiagoko faktura.
m) Bidaia-gastu txikiak (bidesariak, kilometroak, aparkalekua, hiri-garraioa, taxiak eta mantenua).
Horiez gain, ez dira diruz laguntzeko moduko gastutzat hartuko II. eta III. eranskinetan aipatutakoak.
8. oinarria.– Beste laguntza batzuekiko bateragarritasuna.
1.– Agindu honetan araututako laguntzak bateragarriak izango dira beste erakunde edo organismo batzuek emandako beste edozein laguntzarekin, hauekin izan ezik: Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailak kudeatutako hitzarmenen, babesletzaren edo bestelako laguntza-aginduen babesean jarduera berberetarako emandakoekin.
2.– Agindu honen babesean emandako laguntzaren zenbatekoa, beste erakunde edo organismo batzuen laguntza edo dirulaguntzekin batera, ezin izango da izan, inola ere, gainfinantzaketarik ez gertatzeko diruz lagundutako jardueraren kostua baino handiagoa. Eskatzaileak hori egiteko konpromisoa hartuko du aurkeztutako eskabidearen erantzukizunpeko adierazpenean. Ondorio horietarako, diruz lagundutako jarduketaren kostutzat hartuko da aurkeztu eta onartutako, eta, hala badagokio, justifikatutako gastu guztiak.
3.– Gainfinantzaketa gertatuz gero, soberakinari dagokion zenbatekoa kenduko zaio agindu honen bidez emandako laguntzari, 15.7 eta 15.8 oinarrietan aurreikusitakoaren arabera, eta Dirulaguntzen Araubidea arautzen duen abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 16.3, 36.2 eta 40. artikuluetan ezarritakoaren arabera.
4.– Agindu honetan ezarritako laguntzek Batzordearen 2023ko abenduaren 13ko 2023/2831 (EB) Erregelamenduan ezarritako minimis arauak errespetatuko dituzte. Erregelamendu hori Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak minimis laguntzei aplikatzeari buruzkoa da, eta 2023ko abenduaren 15ean argitaratu zen Europar Batasunaren Egunkari Ofizialean.
Europar Batasunak ezarritakoaren arabera, de minimis erregelamenduaren arabera onuradun batek jaso ditzakeen laguntzen guztizkoa ez da 300.000 eurotik gorakoa izango inongo kontzepturengatik, laguntza eman aurreko hiru urteetan.
Muga hori gaindituz gero, programa honi jarraikiz emandako laguntzaren zenbatekoa gutxitu egingo da, soberako kopurua kenduta.
III. KAPITULUA
PROZEDURA
9. oinarria.– Eskabideak aurkeztea.
1.– Eskabideak elektronikoki aurkeztu beharko dira, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan identifikatzeko eta sinadura elektronikoa egiteko onartutako sistemetako bat erabiliz (https://www.euskadi.eus/identifikazio-elektronikorako-onartutako-bitartekoak/web01-sede/eu/).
2.– Eskabide elektronikoaren inprimakia Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan egongo da eskuragarri: https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/0089410
Web horretan egongo dira eskura eskabidea bete eta izapidetzeari buruzko argibideak, erantzukizunpeko adierazpenak eta gainerako ereduak.
Informazioa emateko, abisuak txertatuko dira web orrian, besteak beste, epeak ireki eta amaitzeari buruzkoak, ebazpenak argitaratzeari buruzkoak eta abar.
Eskabidearen osteko izapideak, jakinarazpenak eta justifikazioak barne, Euskadiko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoaren «Nire Karpeta» atalaren bidez egingo dira: https://www.euskadi.eus/nirekarpeta
3.– Era berean, elektronikoki izapidetzerik ere izango da, ordezkari baten bidez; horretarako, Euskal Autonomia Erkidegoko Herri Administrazioaren Ahalordetzeen Erregistro Elektronikoan inskribatu beharko da (https://euskadi.eus/ordezkariak Bestela, aukeran, legezko ordezkaritza emateko inprimaki normalizatua behar bezala beteta eta eskabideari erantsita ere eman daiteke ordezkaritza (https://www.euskadi.eus/ordezkaritza-ematea).
4.– Laguntza-eskabidea, eskatzen den dokumentazioarekin batera, aukeratzen den hizkuntza ofizialean aurkez daiteke. Era berean, laguntza-eskabidearen ondoriozko jardueretan, eta prozedura osoan, erakunde eskatzaileak aukeratutako hizkuntza erabiliko da, hala baitaukate ezarrita Euskararen erabilera normalizatzeko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legeak eta Herritarrentzako Arreta Integralari eta Kanal Anitzekoari eta Zerbitzu Publikoetarako Sarbide Elektronikoari buruzko ekainaren 20ko 91/2023 Dekretuaren 10. artikuluak.
5.– Hilabetekoa izango da eskabideak aurkezteko epea, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.
6.– Eskaera bakarra eta proiektu bakarra onartuko da eskatzaile bakoitzeko (IFZ/AIZ bidez identifikatua). Proiektu horrek nahitaez egon beharko du entitateak kudeatutako establezimendu edo jarduera-zentro bakarrari lotuta. Inola ere ez dira onartuko establezimendu desberdinetan jarduketak biltzen dituzten proiektuak, nahiz eta establezimendu horiek pertsona fisiko edo juridiko berarenak izan.
Norbaitek eskabide bat baino gehiago aurkezten badu, horietako batean atzera egiteko eskatuko zaio, eta, hala egingo ez balu, erregistratutako lehen eskabidea onartuko da, eta gainerako guztiak artxibatuko.
7.– Betetako eskabideak, eskatzailearen sinadura aitortuaz gain, hurrengo oinarrian aipatzen den dokumentazio euskarria ere izango du, Herritarrei Arreta Integrala eta Kanal Anitzekoa emateko eta Zerbitzu Publikoak Bitarteko Elektronikoen Bidez Eskuratzeko ekainaren 20ko 91/2023 Dekretuaren 61. artikuluan xedatutakoaren arabera. Sinadura elektronikoaren data izango da aurkezpen-data.
8.– Eskabideak aurkezteak berekin dakar agindu honetan zehaztutako baldintzak berariaz eta formalki onartzea.
10. oinarria.– Eskabideen edukia eta aurkeztu beharreko bestelako agiriak.
1.– Eskabidearekin batera, eskatzailearen datu orokorrak eta proiektuak aztertzeko eta laguntzak kalkulatzeko behar den informazioa aurkeztu beharko dira. Horretarako, honako agiri hauek aurkeztu beharko dira:
a) Legezko ordezkariaren erantzukizunpeko adierazpena, bertan jasotako informazioa egiazkoa dela ziurtatzeko. Honako informazioaz ari gara, hain zuzen:
1.– Laguntzaren onuraduna izateari dagokionez:
– Baduela eskabidearen xede den proiektua gauzatzeko behar besteko aurrekontua.
– Ondo betetzen dituela jarduera gauzatzeko legez eskatzen diren baldintzak.
– Ez dagoela Dirulaguntzen Araubidea arautzen duen abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 13. artikuluaren 1. paragrafotik 5.era bitartean aipatutako inongo inguruabarrek eraginda, onuradun izateko.
– Turismoari buruzko uztailaren 28ko 13/2016 Legearen arabera, agindu honetan aurreikusitako dirulaguntzak emateko eta ordaintzeko, ezinbestekoa izango da azken 5 urteetan eskatzailek ez jaso izana administrazio-ebazpen irmorik arau-hauste astun edo oso astunagatik, ezta zehapen osagarri hau ere: zehapenaren xede den jarduera egiteko arau-hausleak eskatu eta emandako dirulaguntza eten edo kentzea.
– Mikroenpresa edo enpresa txiki eta ertaina (ETE) bada, hala kalifikatua izateko baldintzak betetzen dituela.
– Hala badagokio, bere izaera juridikoari dagokion elkarteen erregistroan inskribatuta dagoela, edo fundazioen erregistroan.
2.– Bestelako laguntzei dagokienez:
– Zer laguntza eskatu edo lortu dituen Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailak kudeatutako hitzarmenen, babesletzaren edo bestelako laguntza-aginduen babesean, eskabidearen xede den proiektuari aurkeztutako jarduera berberetarako.
– Zer laguntza eskatu edo lortu dituen eskabidearen xede den proiektuari aurkeztutako jarduera berberetarako beste erakunde edo organismo batzuetatik.
– Pertsona berak jasotako minimis izaerako laguntzak, agindu honen 8.4 oinarrian ezarritakoaren arabera.
3.– Eskaeraren datuei dagokienez:
– Ondo betetzen dituela laguntzak arautzen dituen Aginduan ezarritako betekizunak.
– Egiazkoak direla eskaeran adierazitako datuak, eta aurkeztutako agiri guztien egiazkotasunaren erantzukizuna bere gain hartzen duela.
Erantzukizunpeko adierazpen batean jasotzen den datu edo informazioren bat zehaztasunik gabea edo faltsua bada, edo adierazpena bera aurkeztu ez bada, edo administrazio eskudunari ez bazaio aurkeztu deklaratzen dena betetzen dela egiaztatzeko eskatzen den dokumentazioa, ezinezkoa izango da dena delako eskubidea baliatzen edo jarduera egiten jarraitzea, egitate horren berri izaten den unetik bertatik aurrera, hargatik eragotzi gabe izan litezkeen erantzukizun penal, zibil edo administratiboak (Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 69.4 artikulua).
b) Eskabideekin batera, gainera, ondoren zehazten den dokumentazioa ere aurkeztu beharko da:
– Turismo-produktuak sortu eta abiarazteko, sustatzeko eta merkaturatzeko proiektuen kasuan, azalpen-memoria xehatua, aurkeztutako proiektua zertan datzan, helburuak, aurreikusitako jardueren plana eta horietako bakoitzaren aurrekontu banakatua adierazita.
– Ekitaldien kasuan, ekitaldiaren izena ez ezik (data eta tokia adierazita) beste zehaztapen hauek ere emango dituen memoria: edizio-zenbakia, iraupena egunetan, ekitaldiaren ezaugarriak, produktu mota (kulturala, gastronomikoa, kirolekoa), helburuak, laguntza eskatzen den ediziorako aurreikusitako baliabide-plana, helburu horretarako erabiliko den zenbatekoa adierazita (komunikabideetan eta sare sozialetan egotea eragina baloratu ahal izateko), aurreikusitako jarduketen plana eta horietako bakoitzaren aurrekontu banakatua.
Ez da onartuko eredu normalizatua erabili gabe egindako eskaerarik. Jarduera bakoitzerako bete beharreko memoria- eta aurrekontu-ereduak Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan egongo dira eskuragarri: https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/0089410
– Diruz lagun daitezkeen gastuen aurrekontuak, proformako fakturak edo fakturak. Argi eta garbi identifikatu beharko da zein gastutarako eskatzen den laguntza. Dokumentuan jasotako jarduketak eta zenbatekoak ez badira osorik diruz lagundu daitekeen jarduerarako, argi eta garbi zehaztu behar dira diruz lagundu daitezkeen kontzeptuak eta zenbatekoak. Euroa ez den beste dibisa bateko zenbatekoek eurotan duten balioa adierazi beharko dute eskabidean eta eskaerarekin batera doan memorian.
Zenbatekoa 15.000 eurokoa (BEZik gabe) edo hortik gorakoa bada, hornitzaile desberdinen hiru aurrekontu aurkeztu beharko dira gutxienez, salbu eta, beren ezaugarri bereziak direla-eta, merkatuan ez badago hori egiten edo ematen duen behar adina enpresarik, edo salbu eta gastua agindu hau argitaratu aurretik egin bada. Aukeratutako eskaintza ez bada proposamen ekonomikorik onena duena, arrazoiak berariaz justifikatu beharko dira memoria batean.
Hala ere, agindu hau argitaratu aurretik hasitako gastu jarraituen edo errepikatuen kasuan, aukera ekonomiko onuragarriena aukeratu izana egiaztatzeko eskatu ahal izango da, jarduketaren zenbateko osoak aurreikusitako atalaseak gainditzen dituenean, nahiz gastua aldian-aldian fakturatu.
– Hala badagokio, Jarduera Ekonomikoen gaineko Zergaren epigraferen batean alta emanda egotetik salbuetsita dagoela adierazten duen aitorpena, dagokion zerga-administrazioarena.
– Hala badagokio, balio erantsiaren gaineko zerga ordaintzetik salbuetsita dagoela dioen aitorpena, zerga-administrazioak emana, edo Balio Erantsiaren gaineko Zergaren subjektu pasibo ez dela adierazteko ziurtagiria, eskainitako ondasun eta zerbitzuengatik ez dituelako kobratzen.
– Hala badagokio, eskatzaileak besteren konturako langilerik ez duela eta, hori dela-eta, Gizarte Segurantzari kotizatzeko obligaziorik ez duela egiaztatzen duen agiria.
– Enpresa-elkarteak sortzen diren kasuetan: elkartearen eratze-eskritura publikoaren kopia.
– Hala badagokio, agiriren bat, egiaztatzeko badaukala lankidetza-akordio bat xede publikoari zuzendutako ekitaldiari lotutako pakete turistiko bat egiteko eta merkaturatzeko, bidaia-agentzia batekin sinatuta.
– Ordezkaritza Ahalordetzeen Erregistro Elektronikoa erabili gabe eman bada, eta legezko ordezkaritza emateko inprimaki normalizatuarekin batera, behar bezala beteta, orduan, emailea pertsona fisikoa bada, NANa edo agiri baliokidea; pertsona juridikoa bada: ordezkaritza-ahalordea edo hirugarren pertsona bati ordezkaritza ematen dion pertsonaren legezko ordezkari gisa legitimatzen duen eta zuzenbidean baliozkoa den edozein dokumentu.
2.– Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 28. artikuluaren 2. paragrafoan xedatutakoaren arabera, dirulaguntzaren eskabidea aurkezteak berekin dakar eskatzaileak baimena ematea turismo-arloko zuzendaritza eskudunak zuzenean eskura ditzan beste edozein administrazio publikok egindako dokumentazio guztia.
3.– Herritarrei arreta integrala eta kanal anitzekoa emateari eta zerbitzu publikoak bitarteko elektronikoen bidez eskuratzeari buruzko ekainaren 20ko 91/2023 Dekretuaren 9. artikuluan xedatutakoa aplikatuz, eskatzaileek administrazio honetan edo beste edozein administrazio publikotan aurkeztu badituzte eskatutako agiriak, eta berariaz adierazten badute aldaketarik ez dela gertatu, ez dute dokumentazio hori aurkeztu beharrik izango, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 28. artikuluaren 3. paragrafoan xedatutakoaren arabera. Administrazioak prozedurak behartzen dituen datuak edo dokumentuak kontsultatu, bildu eta egiaztatuko ditu, eta ez da pertsona interesdunen baimenik eskatuko, Euskal Sektore Publikoari buruzko maiatzaren 12ko 3/2022 Legearen 72.1 artikuluko kasuetan.
Nolanahi, interesdunek aukeran dute horri aurka egiteko, eta, halakoetan, dokumentu horiek zein unetan eta administrazio-organotan aurkeztu zituen adierazi beharko dute.
4.– Baldintza horiek guztiak betetzen direla egiaztatuko da laguntza eman eta ordaintzeko proposamena egin aurretik.
5.– Dirulaguntza kobratzeko, eskatzaileak aurretik ez badizkio Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoari banku-datuak eman, edo datu horiek aldatu nahi baditu, izapide hori Hirugarrenen Erregistro Telematikoaren zerbitzuaren bidez egin beharko du egoitza elektronikoan (helbidea: https://www.euskadi.eus/hirugarrenen-erregistro-telematikoa/web01-s2oga/eu/)
11. oinarria.– Aurkeztutako eskabideak zuzentzea.
1.– Eskabidea behar bezala betetzen ez bada, edo Agindu honetan eskatzen den nahitaezko dokumentazioa aurkezten ez bada, turismo-arloan eskumena duten lurralde-bulegoetako teknikariek 10 egun balioduneko epea emango diote eskatzaileari akatsa zuzentzeko edo aurkeztu ez dituen nahitaezko agiriak aurkezteko. Halaber, ohartaraziko zaio hala egin ezean, eskaera atzera bota duela ulertuko dela, eta horren ondoriozko ebazpena emango da.
Eskaera aztertuta egiaztatzen bada laguntza eskatzen den proiektua eskabidean adierazitakoaz bestelako atal batekoa dela, eta azken horretan laguntza jasotzeko baldintzak betetzen baditu, eskaera zuzentzeko eskatuko zaio enpresa eskatzaileari.
2.– Jakinarazpenak bitarteko elektronikoen bidez egingo dira, «Nire Karpeta» atalaren bidez, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan: https://www.euskadi.eus/nirekarpeta
3.– Jakinarazpen-sistemak aukera emango du egiaztatzeko zer egunetan eta zer ordutan jarri zaion eskuragarri jakinarazpena jakinarazten den egintzako interesdunari, eta noiz sartu den haren edukian; une horretatik aurrera, jakinarazpena egintzat joko da. Baldin badakigu jakinarazpena iritsi zaiola baina, hamar egun natural igarota, ez baldin bada edukira sartu, ulertuko dugu jakinarazpenari uko egin diola. Izapidea egintzat joko da, eta prozedurak aurrera jarraituko du, non eta ez den garbi geratzen, ofizioz edo interesdunak eskaturik, teknikoki ezinezkoa izan zaiola edukira sartzea.
12. oinarria.– Eskabideak aztertu eta ebaluatzea.
1.– Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Saileko lurralde-bulegoetako teknikariek aztertu eta ebaluatuko dituzte epe barruan aurkeztutako eskabideak, eta eskatutako baldintzak betetzen direla egiaztatuko dute. Eskatzaileari eskaera bakoitza behar bezala ulertzeko eta ebaluatzeko beharrezkotzat jotzen dituen agiri eta informazio osagarri guztiak esak dakizkioke.
2.– Ondoren, langile horiek txosten bat eta dirulaguntzaren proposamen bat egingo dute eskabide bakoitzeko. Txosten horretan jasota geratuko da, beren esku dagoen informaziotik ondorioztatzen denez, onuradun izateko proposatutako pertsonek dirulaguntzak jasotzeko beharrezko baldintza guztiak betetzen dituztela, diruz lagundu daitezkeen gastuak eta izan ez direnak identifikatuko dira, eta, kasu horretan, ez onartzeko arrazoiak azalduko dira, bai eta eman beharreko dirulaguntzaren (dirulaguntza teorikoa) gehieneko ehunekoak eta zenbatekoak ere, agindu honen 6. oinarrian adierazitako mugen arabera.
3.– Eskatzaileek zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak beteta dituztela egiaztatu beharko dute, baita dirulaguntzak itzultzeari dagozkionak ere, dirulaguntzaren proposamena egin baino lehen, Ekonomia eta Ogasuneko sailburuaren 2023ko otsailaren 13ko Aginduaren 5.1 artikuluan xedatutakoaren arabera.
13. oinarria.– Prozeduraren iraupena, ebazpena eta jakinarazpena.
1.– Dirulaguntza-programa honen babesean emandako dirulaguntzak emateko prozedurak sei hilabete iraungo du gehienez, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.
2.– Turismo eta Ostalaritzako zuzendariak, aurreko oinarrian aipatutako teknikariek egindako txostena ikusita, ebazpen-proposamena egingo du, behar bezala arrazoituta. Proposamen hori behin betikoa izango da, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 21. artikuluaren 3. apartatuan xedatutakoaren arabera, eta aipatutako legearen 21. artikuluaren 4. apartatuaren arabera, onuradunei jakinaraziko zaie, hamar eguneko epean proposatutako laguntza onar dezaten edo, hala badagokio, eskaeran atzera egin dezaten. Ezer egin ezean, proposatutako laguntza onartutzat joko da.
3.– Turismo eta Merkataritzako sailburuordeari dagokio laguntza-deialdia ebazten duen administrazio-ebazpena eman eta jakinaraztea, baietsitako eta ezetsitako eskabideak adierazita. Ebazpenean, dirulaguntza jasoko duten eskatzaileen zerrenda jasotzeaz gain, finantzatutako proiektuak eta emandako zenbatekoak, ordaintzeko modua eta epeak eta justifikatzeko modua adieraziko dira. Gainera, ezetsitako eskabideak zein diren, ukatzeko arrazoiak azalduta.
Era berean, ebazpenak Batzordearen 2023ko abenduaren 13ko 2023/2831 (EB) Erregelamenduaren 7.4 artikuluan ezarritakoa jasoko du, Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak minimis laguntzei aplikatzeari buruzkoa. Baztertutako eskabideen kasuan, ukatzeko arrazoia adieraziko da.
4.– Laguntzen deialdiaren ebazpena Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoko iragarki-taulan argitaratuko da (https://www.euskadi.eus/iragarki-taula-elektronikoa/) eta argitalpena egin eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu jakinarazpen-ondorioak.
5.– Sei hilabeteko epe hori igarota, ebazpenik eman eta jakinarazi ez bada, eskatzaileak bere eskabidea ezetsi dela ulertu beharko du, hargatik eragotzi gabe organo eskudunak berariazko ebazpena emateko duen betebeharra.
6.– Eskatzaileek abisu bat jasoko dute beren eskabidean identifikatutako gailu elektronikora edo helbide elektronikora, jakinarazteko aipatutako egoitza elektronikoan eskuragarri jarri dutela prozeduraren ebazpenaren jakinarazpena. Abisu hori ez emanagatik ere, jakinarazpena guztiz balioduna izango da.
7.– Prozeduraren ebazpenaren aurka, errekurtsoa aurkez dakioke Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburuari, hilabeteko epean, ebazpena jakinarazten denetik aurrera, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 122. artikuluan xedatutakoaren arabera. Gora jotzeko errekurtsoa egoitza elektronikoan izapidetu behar da, ez beste inon: http://www.euskadi.net/nirekarpeta
8.– Onuradunak itzulketa-prozedura bat hasita badu, kautelaz, laguntza ematen duen organoak onuradunari ordaindu gabe dituen zenbatekoak ordaintzeko igorpenak etetea erabaki dezake, eta inola ere ez du gaindituko itzulketa-espedientea hasteko proposamenean edo ebazpenean ezarritako zenbatekoa, ezta une horretara arte sortutako berandutze-interesak ere, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko 20/2023 Legearen 34. artikuluan xedatutakoaren arabera.
14. oinarria.– Onuradunen betebeharrak.
Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 14., 27. eta 42. artikuluetan ezarritako betebehar hauek bete beharko dituzte onuradunek:
1.– Laguntza zertarako eman den, hartarako erabili beharko da, ez beste ezertarako. Gainera, dirulaguntza emateko ebazpenean jasotako jarduerak egin dituztela eta aurreikusitako helburuak bete dituztela justifikatu beharko dute, agindu honetan ezarritakoaren arabera. Jarduketa horiek pertsona fisikoei buruzkoak direnean, sexuaren arabera bereizitako datuak sartuko dira.
2.– Dirulaguntza emateko ebazpenean ezarritako epean gauzatzea diruz lagundutako jarduketak.
3.– Beste edozein administrazio edo erakunde publiko nahiz pribatuk helburu bererako emandako dirulaguntzak, laguntzak, diru-sarrerak edo baliabideak eskuratuz gero, horren berri ematea erakunde laguntza-emaileari. Jakin bezain laster eman behar da horren berri, eta, nolanahi ere, dirulaguntzaren frogagiriekin batera.
4.– Dirulaguntza jasotzeko kontuan hartu zen edozein egoera objektibo edo subjektibo aldatuko balitz, horren berri ematea erakunde laguntza-emaileari. Aldaketaz ohartu bezain pronto eman behar da abisu hori, eta, nolanahi ere, emandako dirulaguntza justifikatu aurretik edo unean bertan.
5.– Dirulaguntza emateko ebazpen-proposamena eman aurretik eta hura ordaintzeko unean, zerga-betebeharrak, Gizarte Segurantzarekikoak eta dirulaguntzak itzultzeari dagozkionak egunean dituela egiaztatzea.
Laguntza hau kudeatzen duen organoak egiaztatuko du zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean edukitzeari buruzko betebeharra betetzen dela, onuradunek horretarako baimen espliziturik eman behar izan gabe; salbu eta esanbidezko aurkakotasuna agertzen bada, kasu horretan egiaztatu egin beharko baitu.
6.– Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailak, Eusko Jaurlaritzako Ogasun eta Finantza Saileko Kontrol Ekonomikoko Bulegoak eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiak, beren eginkizunak betez, jasotako laguntzei buruz eskatzen dieten informazio guztia ematea.
7.– Jasotako funtsen erabilera justifikatzen duten dokumentuak eta fakturak gordetzea, dokumentu elektronikoak barne, egiaztatu eta kontrolatu ahal diren bitartean.
8.– Onuradunek jardueren finantzaketaren izaera publikoaren publizitate egokia egin beharko dute, honako alderdi hauen arabera:
a) Komunikazio grafikoko eta ikus-entzunezko euskarrien elaborazioari, sustapenari, merkaturatzeari eta online eta off line komunikazioko estrategiei dagozkien jarduera guztiek sailaren edo Euskadi Basque Country marka turistikoaren logoa izan beharko dute, eguneratuta eta indarrean dagoena, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan eskuragarri dagoen nortasun korporatiboaren eskuliburuan xedatutakoaren arabera. https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/0089410
b) Web-orriak sortu edo eguneratuz gero, onuradunak, lehen aipatutakoaz gain, turismo-atariarekin lotzen duen banner bat ezarri beharko du bere webgunean: https://turismo.euskadi.eus/eu/
9.– Hizkuntza eta irudiak ikuspegi intersekzionala eta, bereziki, sexuaren eta generoaren alderdia errespetatuz erabiltzea diruz laguntzen den jarduerak edo proiektuak eskatzen dituen dokumentu eta material guztietan.
10.– Diruz lagundutako jarduerarekin zerikusia duten argitalpenetan, iragarkietan eta publizitatean herritarren hizkuntza-eskubideak eta bereziki euskararen erabilera ziurtatzea.
11.– Enpresa-deslokalizaziorik ez egitea, Dirulaguntzen Araubidea arautzen duen abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 49. artikuluan ezarritakoaren arabera.
12.– Estatuko zein Europako Erkidegoko kontrol-organo eskudunen mende jartzea, eskatzen zaion informazio guztia emanez.
13.– Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Saileko zerbitzu teknikoek egokitzat jotzen dituzten ikuskapen eta egiaztapen guztiak egiterik izango dute, diruz lagundutako jarduerak ondo garatzen eta gauzatzen ari diren jakiteko, eta onuradunek eskatzen zaien informazio guztia aurkeztu beharko dute, bai eta eska dakiekeen justifikazio-dokumentazioa ere.
15. oinarria.– Dirulaguntzaren justifikazioa eta ordainketa.
1.– Justifikazioa «Nire Karpeta» ren bidez eskuratu eta beteko da, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan. «Nire karpeta» atalera jo beharko da: https://www.euskadi.eus/nirekarpeta
2.– Onuradunak dokumentuen bidez justifikatu beharko du, bitarteko elektronikoak erabiliz, betetzen dituela ezarritako baldintzak eta laguntzaren xede den helburua, dirulaguntza jaso duten jarduketak egin ondoren, eta 2026ko abenduaren 11 arteko epea amaituta, betiere.
Egindako gastutzat hartuko dira justifikatzeko epea amaitu aurretik egiazki ordaindu direnak.
2025eko abenduaren 19tik 2026ko abenduaren 11ra arte egindako eta ordaindutako fakturak onartuko dira. Ondorioz, ez dira kontuan hartuko epe horren aurretik edo ostean egindako ordainketak, epeka edo geroratuta adostutakoak barnean hartuta.
3.– Justifikaziorako ezarritako epea igaro eta justifikaziorik aurkeztu ez bada, turismo-arloan eskumena duten lurralde-bulegoetako teknikariek hamar egun balioduneko epe luzaezinean aurkezteko eskatuko diote onuradunari. Justifikazioa ezarritako epean aurkezten ez bada, ez-betetzea gertatuko da, agindu honen 18. oinarrian aurreikusitakoaren arabera.
4.– Justifikazioa egiteko, justifikazio-kontua erabiliko da, eta gastuaren justifikazioak eta ordainketa-egiaztagiriak aurkeztuko dira. Horrek dokumentazio hau bildu beharko du:
a) Diruz lagundutako proiektuaren justifikazio-memoria bat, dirulaguntza ematerakoan aurreikusitako jarduerak egin direla eta aurreikusitako helburuak bete direla zehaztuz. Jarduketaren emaitzaren lagin grafikoak erantsi beharko dira.
b) Egindako jardueraren kostua justifikatzeko memoria ekonomikoa, honako hauek jasoko dituena:
1) Fakturen koadroa, jarduera bakoitzaren gastuak zehaztuta, kontzeptua adierazita, bai eta fakturaren identifikazioa (fakturaren zenbakia eta enpresaren izen soziala), jaulkipen-data eta zenbatekoa ere (BEZa barne, diruz laguntzeko modukoa bada) eta ordainketa-data jarrita. Laguntza aurrekontu baten arabera eman bada, gertatutako desbideratzeen berri eman beharko da.
Fakturen koadroa Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan egongo da eskuragarri (Nire Karpetan).
2) Jatorrizko fakturak –elektronikoak ere izan daitezke– edo merkataritzaren trafiko juridikoan froga baliokide diren edo administrazioan eragina duten dokumentuak, hau da, aurreko apartatuan zehaztutakoekin bat datozenak. Dokumentuan jasotako jarduketak eta zenbatekoak ez badira osorik diruz lagundu daitekeen jarduerarako, argi eta garbi zehaztu behar dira diruz lagundu daitezkeen kontzeptuak eta zenbatekoak.
3) Ordainketa egiaztatzen duten agiriak.
4) Diruz laguntzeko moduko proiektuak finantzatzeko jasotako laguntzei buruzko erantzukizunpeko adierazpena.
c) Diruz lagundutako jardueren artean komunikazio-euskarri grafikoak eta ikus-entzunezkoak, sustapena, merkaturatzea eta online eta offline komunikazio-estrategiak lantzeko jarduerak dituztenek egiaztatu beharko dute horien finantzaketaren izaera publikoaren publizitate egokia egin dela, Sailaren edo Euskadi Basque Country turismo-markaren logoa txertatuta, eguneratuta eta indarrean, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan eskuragarri dagoen erakunde-nortasunaren eskuliburuan xedatutakoaren arabera. (https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/0089410)
Egiaztatzeko, lagin grafikoak aurkeztu beharko dira.
Web-orriak sortu edo eguneratuz gero, onuradunak https://turismo.euskadi.eus/eu/ atariarekin lotzen duen banner bat dagoela ere frogatu beharko da.
Onuradunak betebehar hori bete ez badu, honako arau hauek aplikatuko dira:
– Baldin eta oraindik ere posible bada betebehar hori betetzea, turismo-arloan eskumena duten lurralde-bulegoetako teknikariek hamar egun balioduneko epea emango diote onuradunari, gehienez ere, zabalkunde-neurriak har ditzan.
– Baldin eta neurri horien eraginpeko jarduerak dagoeneko egin direnez, horiek betetzea ezinezkoa bada, zabalkunderako neurri alternatiboak ezartzerik izango da. Horretarako, langile horiek gehienez hamar egun balioduneko epea emango diote onuradunari neurri horiek hartzeko.
d) Zenbatekoa 15.000 eurokoa (BEZik gabe) edo hortik gorakoa bada, hornitzaile desberdinen hiru aurrekontu aurkeztu beharko dira gutxienez, salbu eta, beren ezaugarri bereziak direla-eta, merkatuan ez badago hori egiten edo ematen duen behar adina enpresarik, edo salbu eta gastua agindu hau argitaratu aurretik egin bada. Aukeratutako eskaintza ez bada proposamen ekonomikorik onena duena, arrazoiak berariaz justifikatu beharko dira memoria batean.
Hala ere, agindu hau argitaratu aurretik hasitako gastu jarraituen edo errepikatuen kasuan, aukera ekonomiko onuragarriena aukeratu izana egiaztatzeko eskatu ahal izango da, jarduketaren zenbateko osoak aurreikusitako atalaseak gainditzen dituenean, nahiz gastua aldian-aldian fakturatu.
5.– Turismoaren arloan eskumena duten lurralde-bulegoetako teknikariek, aurkeztutako dokumentazioa aztertuta, diruz lagundutako jarduerak egin direla egiaztatuko dute.
6.– Dokumentazioa egiaztatzean onuradunak aurkeztutako justifikazioan zuzen daitezkeen akatsak daudela ikusten bada, horren berri emango zaio, eta hamar egun balioduneko epea emango zaio zuzentzeko.
7.– Dirulaguntzaren behin betiko zenbatekoa kalkulatzeko, onuradunak benetan egindako eta justifikatutako gastuaren kostuari dirulaguntza emateko ebazpenean zehaztutako finantzaketa-ehunekoa aplikatuko zaio, agindu honen 6. oinarrian ezarritako gehieneko ehunekoak eta zenbatekoak kontuan hartuta, eta gainfinantzaketaren kasuan soberakinari dagokion zenbatekoa kenduta.
8.– Hala ere, dirulaguntza justifikatzeko aurkeztutako gastu guztiak onartzen ez badira, eta horrek emandako dirulaguntza gutxitzea badakar, turismo-arloan eskumena duen zuzendaritzako titularrari dirulaguntzaren likidazioa proposatu aurretik, hamar egun balioduneko entzunaldi-izapidea emango zaio onuradunari, egoki iritzitako alegazioak egin ditzan, hala badagokio.
9.– Aipatutako alderdi guztiak egiaztatu ondoren, turismo-arloan eskumena duten lurralde-bulegoetako teknikariek txosten bat egingo dute, eta turismo-arloan eskumena duen zuzendaritzako titularrari bidaliko diote, dagokion dirulaguntzaren likidazioa proposatuz, justifikatutako eta onartutako gastuaren arabera.
10.– Dirulaguntza ordainketa bakarrean ordainduko da, oinarri honetan aurreikusitako baldintzetan dirulaguntza justifikatu ondoren.
11.– Dirulaguntza ezingo da ordaindu onuradunak egunean ez baditu zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak, ez eta dirulaguntzak itzultzeari buruzkoak ere, Ekonomia eta Ogasuneko sailburuaren 2023ko otsailaren 13ko Aginduaren 5.1 artikuluan xedatutakoaren arabera.
12.– Turismo-arloan eskumena duen zuzendaritzako titularrak aginduko du dirulaguntza ordaintzea.
16. oinarria.– Laguntza aldatzea.
1.– Dirulaguntzen Araubidea arautzen duen abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 25. artikuluan jasotako aukera aurreikusten da, dirulaguntza ematen duen organoak, ofizioz edo interesdunak eskatuta, emandako dirulaguntza edo haren baldintzak aldatzea erabaki ahal izateko, baldin eta araudian ezarritako betekizunak betetzen badira.
2.– Baldin eta, justifikazio-fasean, benetan egindako eta justifikatutako gastuaren onartutako kostua txikiagoa bada onartutako eta laguntza emateko oinarri izan zen gastuaren aurrekontua baino, eta onuradunari hamar egun balioduneko entzunaldi-izapidea ematen bazaio egokitzat jotzen dituen alegazioak egin ditzan, emandako dirulaguntzaren zenbatekoa murriztu egingo da, Turismo eta Merkataritzako sailburuordeak dagokion proportzioan gutxitzen duen ebazpenaren bidez, eta emandako dirulaguntzaren ehunekoa oinarri berriari aplikatuko zaio.
17. oinarria.– Atzera egitea eta uko egitea.
1.– Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen 39/2015 Legearen 94. artikuluan xedatutakoaren arabera, laguntza eskatu duen edonork atzera egin dezake. Eskatutako laguntzak emateko prozeduraren ebazpena jakinarazi baino lehen egin beharko du atzera. Turismoaren alorrean eskumena duen zuzendaritzaren titularrak, ebazpen bitartez, erabat onartuko du uko egitea, eta prozedura amaitutzat emango.
2.– Bestalde, onuradunak uko egin diezaioke emandako laguntzari. Emandako dirulaguntza onartu ondoren ere uko egin ahal izango zaio. Turismo eta Merkataritzako sailburuordeak, ebazpen bidez, berariaz onartuko du ukoa, eta amaitutzat emango du prozedura.
3.– Eskatzaileak uko egitea onartu ondoren, eta dagoeneko ordaindu bada, laguntza itzultzeko prozedura hasiko da.
18. oinarria.– Ez-betetzeak.
1.– Onuradunak ez badu betetzen agindu honetan ezarritako betebeharren bat, edo, hala badagokio, dirulaguntza emateko ebazpenean ezarritako baldintzak betetzen ez baditu, edo proiektuaren zati bat betetzen ez badu, eta, ondorioz, laguntza jaso zuen helburu erabat hutsaldu badu, edo Dirulaguntzen Araubidea arautzen duen abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 36. artikuluan aurreikusitako itzulketa-arrazoiren bat gertatzen bada, Turismo eta Merkataritzako sailburuordeak, ez-betetze espedientea egin ondoren – interesdunari entzunaldia emango zaio–, ebazpen bidez adieraziko du dirulaguntza jasotzeko eskubidea galdu duela, osorik edo zati batean, eta, hala badagokio, aipatutako legearen 40. artikuluaren arabera, Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari itzuli beharko dizkiola jasotako laguntzak eta dirulaguntzen arloan aplikatzekoak diren berandutze-interesak, proiektuaren gauzatze-mailaren arabera proportzionalki. Aipatutako diru kopuruak diru-sarrera publikotzat hartuko dira lege-ondorio guztietarako.
2.– Segidan aipatzen den inguruabarren bat gertatzen bada, dirulaguntza erabat kobratzeko eskubidea galduko da:
a) Dirulaguntza justifikatzeko betebeharra ez betetzea edo behar bezala ez justifikatzea, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legean eta, hala badagokio, agindu honetan ezarritako betebeharretan ezarritakoaren arabera.
b) Egiaztagiriak epez kanpo aurkeztea, dagokion errekerimendua egin ostean ere.
c) Dirulaguntza horretarako eskatzen diren baldintzak bete gabe edo faltsututa lortzea, edo laguntza jasotzeko eragozpen zitezkeen gorabeherak ezkutatzea.
d) Helburua, jarduera edo proiektua ez betetzea, edo dirulaguntzaren xede izan zen jokabidea ez hartzea.
e) Dirulaguntza ematerakoan ezarritako baldintzak ez betetzea.
f) Dirulaguntzen Araubidea arautzen duen abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 14.c eta 42. artikuluetan ezartzen diren kontrol-jarduerei aurka egitea, aitzakiak jartzea, oztopatzea edo uko egitea.
g) Dirulaguntzen Araubidea arautzen duen abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 27. artikuluan jasotako publizitate-neurriak hartzeko betebeharra ez betetzea.
h) Diruz lagundutako jarduerak II. eta III. eranskinetan ezarritako gutxienekoa baino zenbateko txikiagoan gauzatzea.
i) Enpresa-deslokalizazioaren deklarazioa egitea, Dirulaguntzen Araubidea arautzen duen abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 51. artikuluan xedatutakoa aplikatuz.
3.– Turismo arloan eskumena duen zuzendaritzako titularrak hasiko du ez-betetze espedientea, eta Turismo eta Merkataritzako sailburuordeak ebatziko du.
4.– Prozedura administrazioko arau-hauste izan daitezkeen egitateen ondorioz hasten bada, eskumena duen organoari jakinaraziko zaio, behar den zehapen-prozedurari ekin diezaion.
II. ERANSKINA
EUSKADIN GARATUTAKO TURISMO-PRODUKTUAK SORTZEKO, ABIARAZTEKO, SUSTATZEKO ETA MERKATURATZEKO LAGUNTZA
1.– Atal honetan, turismo-produktu lehiakor, arduratsu eta jasangarriak garatzen, merkaturatzen eta espiritu ekintzailea eta berrikuntzaren kultura sustatzen laguntzen duten ekimenak (Euskadin garatutako) lagunduko dira.
2.– Honako jarduera hauek dira diruz lagungarriak:
2.1.– Produktu turistikoak sortzea eta abian jartzea. Atal honetan, aurkeztutako eta onartutako aurrekontuaren % 60 onartuko da honako gastu hauetarako: marka sortu eta erregistratzea, irudi korporatiboa diseinatzea, proiektua abian jartzeko beharrezkoak diren aldez aurreko azterlanak egitea, hala nola bideragarritasun- eta jasangarritasun-azterlanak, eta horien marketin-plana.
2.2.– Estrategiak diseinatzea eta marketin-plana egitea. Atal honetan, aurkeztutako eta onartutako aurrekontuaren % 60 onartuko da honako gastu hauetarako: lehendik sortutako turismo-produktuen birorientazio estrategikoari, diseinuari eta marketin-plan bat egiteari lotutako gastuak.
2.3.– Elementu grafikoak eta ikus-entzunezkoak. Atal honetan, aurkeztutako eta onartutako aurrekontuaren % 60 onartuko da honako gastu hauetarako: diseinu grafikoari, kartelei eta roll-upei, liburuxkei eta flyerrei dagozkien gastuak. Baita argazki- eta film-bankuak eta bideoak ere.
2.4.– Online sustapen eta merkaturatzea. Atal honetan, aurkeztutako eta onartutako aurrekontuaren % 60 onartuko da honako gastu hauetarako: web-orriak sortu edo eguneratzeko, online posizionamendua hobetzeko, SEO eta SEM, landing pages, blogak, sare sozialetako edukia, Social Media Manager eta email marketina.
Web-orriak, blogak eta sare sozialak sortzeko edo eguneratzeko laguntza-eskaerari dagokionez, eskatzaileari dagozkion instalazioez eta zerbitzuez gain, hurbileko turismo-baliabideen eskaintza eskaini beharko dute.
2.5.– Euskadi turismo-helmuga gisa sustatzen laguntzen duten bidaiariei, kazetariei eta influencer-ei gurea ezagutzen hasteko bidaiak antolatzea. Euskadira iritsi zirenetik sortutako gastuak bakarrik onartuko dira kontzeptu horretan: hara-hona ibiltzea, programa garatzeko beharrezkoak diren gastuak, gonbidatuen ostatua eta mantenua.
2.6.– Basquetour Turismoaren Euskal Agentziak antolatutako edo koordinatutako jardueretan parte hartzea. Atal honetan, pertsona baten garraio- eta ostatu-gastuak onartuko dira, parte hartzen duen jarduketa bakoitzeko. Online jardueraren kasuan, parte hartzearen gastuak.
2.7.– Basquetour Turismoaren Euskal Agentziak parte hartzen ez duen jarduketetan laguntzea. Onuradunak parte hartzearen kuota ordaintzen duenean bakarrik onartuko dira kontzeptu horrengatiko gastuak.
Parte hartzearen kuotaz gain, pertsona baten garraio- eta ostatu-gastuak -jarduketa bakoitzeko-, lurzoruaren eta stand-aren alokairu-gastuak eta materiatek garraio-gastuak ere diruz lagunduko dira. Online jardueraren kasuan, parte hartzearen gastuak.
3.– Gastu errepikatu edo estrukturalen kasuan, hala nola diseinu grafikoko, marketineko, brandingeko edo web-garapeneko zerbitzu jarraituak eta abar, berariaz egiaztatu beharko da turismo-produktu jakin eta bereizi batekin lotura dutela, eta ez dira diruz lagunduko entitate onuradunaren ohiko jarduerarekin edo egitura iraunkorraren finantzaketarekin lotutako gastuak.
4.– Laguntza jasotzeko eskubidea izateko onartutako gutxieneko gastua: 3.000 euro.
5.– Dirulaguntzaren xede diren jarduketa guztiak azpikontrata daitezke, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 31. artikuluan aurreikusitako baldintzetan; izan ere, batzuetan, onuradunek ez dute baliabide propiorik, ez giza baliabiderik, ez baliabide materialik, laguntzaren xede diren jarduketak garatzeko, eta jarduketa horiek osorik azpikontratatu behar dira.
Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren Erregelamendua onartzen duen uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren 68. artikuluak adierazten duenez, onuradunaren betebehar pertsonala da diruz lagundutako jarduera egitea, eta onuradunak ezin izango die inolaz ere azpikontratatu artikulu horren 2. apartatuan zehazten diren hirugarrenei.
6.– Hauek ez dira diruz lagunduko:
a) Merchandising-a.
b) Jatetxeetako menuen kartak eta ostatuetako zerbitzuen katalogoak: diseinu grafikoa, inprimaketa edo eguneratzea.
c) Kide izatea.
d) Revenue management (Diru-sarrerak kudeatzeko tresna).
e) Offline sustapena eta merkaturatzea.
f) Negozioa kudeatzeko tresna eta aplikazio informatikoak, SaaS soluzioak, etab.
III. ERANSKINA
EUSKADIN EGINDAKO KULTURA-, GASTRONOMIA- ETA KIROL-EKITALDIEI LAGUNTZEA, ZEHAZKI, ESPAINIAN ETA NAZIOARTEAN OIHARTZUN MEDIATIKOA BADUTE ETA EUSKADIREN IRUDIA ETA TURISMO-POSIZIONAMENDUA SENDOTZEN LAGUNTZEN DUTENEI
1.– Atal honetan lagunduko dira Euskadi bikaintasuneko eta lehiakortasuneko helmuga turistiko gisa posizionatzen eta ostatu-gauen kopurua handitzen laguntzen duten ekitaldiak.
2.– Kanpoan geratuko dira herriko jaien barruan egiten diren ekitaldiak eta tokiko ekitaldi herrikoiak, bai eta feriak, azokak, topaketak, tailerrak eta erakusketak ere.
Kontzertuen edo bestelako ikuskizunen kasuan, Euskadi helmuga sustatzeko jarduera gehiago egiten diren ekitaldi batean parte hartzen dutenei bakarrik emango zaie laguntza.
3.– Atal honen ondorioetarako, ekitaldia egiteak dakartzan zeregin guztiez arduratu beharko du onuradunak, hau da, ekitaldia antolatu, gauzatu, sustatu eta merkaturatzeaz. Lan horiek ez dira azpikontratatuko.
4.– Ekitaldiek baldintza hauek bete beharko dituzte:
– Oihartzun mediatikoa izatea estatuan eta nazioartean, eta, hala badagokio, parte hartzen duten nazionalitateen aniztasunagatik.
– Publiko mota guztientzako izatea.
– Online eta off line komunikabideetan eta sare sozialetan egotea.
5.– Honako jarduera hauek dira diruz lagungarriak:
5.1.– Elementu grafikoak, publizitatekoak eta ikus-entzunezkoak. Kontzeptu horrengatik onartuko dira marka, diseinu grafikoa, olanak eta pankartak, photocall, kartelak eta rollup-ak, liburuxkak eta flyerrak, banderak, fly-bannerrak, dekorazio-panelak eta displayak sortzearen gastuak. Baita argazki- eta film-bankuak, iragarkien filmazioa, bideoak, grabazioa eta irrati-iragarkien lokuzioa ere.
5.2.– Euskal Autonomia Erkidegoan eta kanpoan eragina duten online komunikazio-estrategiak (web-orriak sortzeko edo eguneratzeko gastuak, online posizionamendua hobetzea, SEO eta SEM, landing pages, blogak, sare sozialetako edukia, Social Media Manager eta email marketina) eta offline estrategiak (telebistako, idatzizko hedabideetako, irratiko eta Interneteko sustapenari buruzko gastuak).
5.3.– Ezagutzen hasteko bidaiak antolatzea turoperadoreentzat, kazetarientzat eta influencer-entzat, ekitaldia zabaltzen eta Euskadi turismo-helmuga gisa sustatzen laguntzeko. Euskadira iritsi zirenetik sortutako gastuak bakarrik onartuko dira kontzeptu horretan: hara-hona ibiltzea, programa garatzeko beharrezkoak diren gastuak, gonbidatuen ostatua eta mantenua.
5.4.– Basquetour Turismoaren Euskal Agentziak antolatutako edo koordinatutako jardueretan parte hartzea. Atal honetan, pertsona baten garraio- eta ostatu-gastuak onartuko dira, parte hartzen duen jarduketa bakoitzeko. Online jardueraren kasuan, parte hartzearen gastuak.
5.5.– Ekitaldia sustatzen laguntzen duten Euskal Autonomia Erkidegotik kanpoko sustapen-ekintzak: azoka, jardunaldi edo xede-publikoari zuzendutako beste ekintza batzuetan parte hartzearen gastuak. Onuradunak parte hartzearen kuota ordaintzen duenean bakarrik onartuko dira kontzeptu horrengatiko gastuak.
Parte hartzearen kuotaz gain, pertsona baten garraio- eta ostatu-gastuak -jarduketa bakoitzeko-, lurzoruaren eta stand-aren alokairu-gastuak eta materialen garraio-gastuak ere diruz lagunduko dira. Jarduketa birtualen kasuan, parte hartzearen gastuak.
5.6.– Ekitaldia antolatzea: atal honetan, erakundearen gastuetarako aurkeztutako eta onartutako aurrekontuaren % 50 onartuko da.
6.– Laguntza jasotzeko eskubidea izateko egin beharreko gutxieneko gastua: 3.000 euro.
7.– Honako hauek ez dira diruz lagunduko:
a) Sarien gastuak (diru-zuzkidura, trofeoak eta dominak) eta opari-gastuak.
b) Dortsalak eta ekipazioak.
c) Sarrerak, akreditazioak eta izen-emateak.
d) Merchandising-a.
e) Identifikatzeko eta sarrera-irteerak kontrolatzeko eskumuturrekoak.
f) Kronometraje-teknologiak eta txipak.
g) Hornidura.
h) Zaintza eta segurtasun zerbitzua.
RSS