
93. zk., 2026ko maiatzaren 20a, asteazkena
- Bestelako formatuak:
- PDF (133 KB - 4 orri.)
- EPUB (111 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
AGINTARIAK ETA LANGILEAK
Oposizioak eta lehiaketak
HEZKUNTZA SAILA
2112
AGINDUA, 2026ko maiatzaren 6koa, Hezkuntzako sailburuarena, deialdi publikoa iragartzen duena Bizkaiko lurralde-ordezkariaren lanpostua (512076/4) izendapen askeko sistema bidez hornitzeko.
Bizkaiko lurralde-ordezkariaren lanpostua –510076 kodea, 4. dotazioa– laster hutsik egongo denez, Euskal Enplegu Publikoaren abenduaren 1eko 11/2022 Legearen 102.2 artikuluan xedatutakoari jarraituz eta Enplegu Publikoko Zuzendaritzak aldeko txostena eman ondoren, eranskinean azaltzen den lanpostua izendapen askeko sistema erabiliz hornitzeko deialdi publikoa iragartzea erabaki du sail honek. Hona hemen deialdiaren
OINARRIAK
Lehenengoa.– Parte hartzeko baldintzak.
1.– Deialdi honetan parte hartu ahal izango dute Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko eta haren organismo autonomoetako karrerako funtzionarioek eta EAEko administrazio orokorrarekin lotuta dauden zuzenbide pribatuko ente publikoetako karrerako funtzionarioek, lanpostu-zerrendan ezartzen diren baldintzak betetzen badituzte (eranskinean zehaztuta daude).
Aipatutako langileek edozein administrazio-egoeratan egonda hartu dezakete parte deialdian; dena dela, salbuespenak ere badaude:
– Eginkizun-gabetze irmoa ezarrita duten funtzionarioek ezin izango dute parte hartu, egoera horrek dirauen bitartean.
– Norberaren kontuetarako edo familia elkartzeko borondatezko eszedentzian dauden langileek ezin izango dute parte hartu, ez badute bete eszedentzian egon beharreko gutxieneko denbora (2 urte).
2.– Orobat, parte hartu ahal izango dute beste administrazio publiko batzuetako karrerako funtzionarioek, irakaskuntzako eta Justizia Administrazioko karrerako funtzionarioek, bai eta erakunde sanitarioetako estatutupeko langile finkoek ere, betiere espresuki ezartzen bada lanpostu- zerrendan langile mota horrek betetzeko moduko lanpostua dela, eta, hortaz, zehazki identifikatzen bada dagokion kodearekin, agiri honen eranskinean zehaztutakoarekin bat etorriz.
Langile horiek deialdi honetan parte hartu ahal izango dute, lanpostu-zerrendan ezarritako baldintzak egiaztatzen badituzte eta zerbitzu aktiboko administrazio-egoeran edo jatorrizko administrazioan lanpostua gordetzea dakarren administrazio-egoeran badaude, non eta ez duten 6 hilabetetik beherako eginkizun-gabetze behin-behinekoa edo irmoa.
Bigarrena.– Eskabideak.
Eskabideak aurkezteko epea 15 egun baliodunekoa izango da, eta agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera hasiko da zenbatzen epe hori.
EAEko Administrazio Orokorrean eta haren organismo publikoetan jardunean dauden karrerako funtzionarioek EIZU enplegatuaren atariaren bidez egin ditzakete eskabideak. Jakina bidez eta Internet bidez sar daiteke atari horretara, helbide honetatik: https://www.euskadi.eus/eusko-jaurlaritza/funtzio-publikoa/hasiera/
Gainerako izangaiek erregistro elektronikoaren bidez bidaliko dituzte eskabideak, helbide honetara: Araubide Juridikoaren eta Zerbitzuen Zuzendaritza.
Hirugarrena.– Betekizunak eta merezimenduak.
Agindu honen eranskinean ezartzen da zer baldintza eskatzen diren lanpostu-zerrendan Bizkaiko lurralde-ordezkariaren lanpostua (512076 kodea, 4. dotazioa) betetzeko.
Parte hartzeko eskabideari curriculum vitaea erantsiko zaio, eta, bertan, izangaiaren datu pertsonalak, taldea, azpitaldea edo kidegoa zehazteaz gain, beste hauek ere jasoko dira:
a) Tituluak.
b) Administrazio publikoan eta, hala badagokio, enpresa pribatuan betetako lanpostuak, lehiatzen den lanpostuaren antzeko funtzioak dituztenak.
c) Egiaztatutako hizkuntza-eskakizuna.
d) Jasotako edo emandako prestakuntza-ikastaroak.
e) Hizkuntza-gaitasunak.
f) Eskatutako lanpostuari esleitutako funtzio eta zereginekin lotuta, jakinaraztea egoki jotzen diren bestelako merezimendu eta konpetentzia guztiak.
Eskabidearekin batera, deialdian eskatzen diren betekizunen eta alegatutako merezimenduen egiaztagiriak aurkeztu beharko dituzte izangaiek, baldin eta EAEko administrazio orokorraren Langileen Erregistroan ez badaude.
Izangaia deitutako lanpostuaren funtzioetara ongi egokitzen dela bermatzeko, deialdia egin duen organoari aukera ematen zaio izangaiak alegatu dituen merezimenduak egiaztatzeko egoki jotzen dituen bitartekoak erabil ditzan; elkarrizketa pertsonala edo proba egin dezake horretarako, edo Giza Baliabideen Zerbitzuko organo teknikoen txostenak eskatu.
Deialdi hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den datan bete behar dira eskatutako betekizunak, eta esleitutako lanpostuez jabetu arte eutsi behar zaie. Parte hartzeko baldintzak betetzen jarraitzen ez duten parte-hartzaileak ezin izango dira jabetu esleitutako lanpostuaz.
Laugarrena.– Ebazpena.
Hezkuntzako sailburuaren agindu baten bidez ebatziko da deialdi hau, gehienez ere hiru hilabeteko epean, eskabideak aurkezteko epea amaitu eta hurrengo egunetik aurrera. Agindu hori EHAAn argitaratu beharko da.
Esleipen-aginduan zehazten den egunean jabetu beharko du lanpostuaz esleipendunak. Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren zuzendariordetzetako eta lurralde-ordezkaritzetako titularren lanpostuak izendapen askez betetzen direnez, gorde egingo da interesdunak lehiaketa bidez edo karrerako funtzionario izatera iristeko prozesu batean titulartasuna lortu duen lanpostua.
Ebazpen hori arrazoitzeko, kontuan hartuko da izangaiak deialdian eskatzen diren baldintzak eta zehaztapenak bete dituela, izendapena egiteko eskumena dagoela, eta lanpostuari buruz monografian ezarritako eginkizunak eta zereginak betetzeko egokia dela. Horretarako, gainerako izangaiekin (baldin badaude) alderatuko dira merezimenduak (eta, hala badagokio, elkarrizketaren edo probaren emaitza).
Deialdia hutsik geratu dela deklaratu daiteke, baldin eta izangaietako batek ere ez baditu betetzen lanpostuaren baldintzak edo izangaietako bat ere ezin bada egokitzat jo, deitutako lanpostua betetzeko behar beste merezimendu eta konpetentzia ez dituelako.
Bosgarrena.– Errekurtsoak.
Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari eta, beronen aurka, aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkeztu dakioke agindua eman duen organoari, hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera. Bestela, Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkeztu daiteke, dagokion Administrazioarekiko Auzien Epaitegian, bi hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.
Vitoria-Gasteiz, 2026ko maiatzaren 6a.
Hezkuntzako sailburua,
MARÍA BEGOÑA PEDROSA LOBATO.
ERANSKINA
LANPOSTUAREN DATUAK
Deitutako lanpostua: Bizkaiko lurralde-ordezkaria.
Kodea: 512076.
Dotazioa: 4.
Kidegoa eta eskala:
A-D Irakasle funtzionarioak, A1 Azpital./EAE – Irakasle funtzionarioak, A1 Azpital./EAE.
X02EU A1 Azpitaldeko eskalak (EAP) – A1 Azpitaldeko eskalak (EAP).
Lanpostu-mailako osagarria: 29.
Berariazko osagarria: 0-A.
Kokapena: Kale Nagusia 85.
Herria: Bilbao.
Hizkuntza-eskakizuna: 3.
Derrigortasun-data: 2014-03-31.
RSS