
92. zk., 2026ko maiatzaren 19a, asteartea
- Bestelako formatuak:
- PDF (132 KB - 2 orri.)
- EPUB (101 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
HEZKUNTZA SAILA
2093
EBAZPENA, 2026ko maiatzaren 7koa, Langileriaren kudeaketa zuzendariarena, zeinaren bidez onesten baita prestasunagatiko eta mugikortasunagatiko konpentsazioa ordaintzea 2025-2026 ikasturtean zerbitzuak eman dituzten ordezko langileei.
Langileak Kudeatzeko Zuzendaritzak, esleituta dituen eskumenen barruan, urtero egiten du Hezkuntza Sailarentzat ikasturtean zehar zerbitzuak eman dituzten ordezko irakasleentzako oporraldiaren likidazioa.
Euskal Autonomia Erkidegoko unibertsitatez kanpoko irakasle funtzionarioen lan-baldintzak arautzen dituen Akordioaren 19. artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz –abenduaren 30eko 252/2025 Dekretuak arautzen du akordio hori–, ikasturte bakoitzean gutxienez 165 egun naturalez zerbitzuak eman dituzten, lanik gabe egon diren aldietan lanerako prest egon diren eta justifikatutako arrazoirik gabe esleipen bati uko egin ez dioten ordezko funtzionarioek uztaileko eta abuztuko ordainsariak osorik jasoko dituzte, baita aldi horiei dagozkien Gizarte Segurantzako kotizazioak, hautagaien zerrendako puntuazioa eta antzinatasuna ere.
Ebazpen honen helburua da ordezko funtzionarioei jakinaraztea zer eskubide sortu diren 2025-2026 ikasturtean sinatu dituzten izendapenen ondorioz. Era berean, jakinarazi nahi da, onarpen horiek, langile batzuen kasuan, betebehar batzuk bete behar izatea ekar dezaketela.
Aurrez esandakoa aintzat hartuz eta eman zaizkidan eskumenen arabera, hau
EBAZTEN DUT:
Lehenengoa.– 2025-2026 ikasturtean 165 egunez edo gehiagoz zerbitzuak eman dituzten, lanik gabe egon diren aldietan lanerako prest egon diren eta justifikatutako arrazoirik gabe esleipen bati uko egin ez dioten ordezko funtzionarioei uztaileko eta abuztuko ordainsariak osorik jasotzeko eskubidea aitortzea, baita aldi horiei dagozkien Gizarte Segurantzako kotizazioak, hautagaien zerrendako puntuazioa eta antzinatasuna ere, kidego, maila eta dedikazio bakoitzeko zerbitzu-denboraren arabera.
Bigarrena.– 2025-2026 ikasturtean 165 egunez edo gehiagoz zerbitzuak eman arren gainerako baldintzak betetzen ez dituzten langileei eta 2025-2026 ikasturtean 165 egunez edo gutxiagoz zerbitzuak eman dituzten langileei –unibertsitatez kanpoko irakasle funtzionarioen lan-baldintzak arautzen dituen Akordioaren 19. artikuluan ezarritakoa aplikatu ezin zaienei– udako izendapenerako eskubidea aitortzea, 2025-2026 ikasturtean sortu eta hartu ez dituzten opor-egunengatik, kidego, maila eta dedikazio bakoitzeko zerbitzu-denboraren arabera. Izendapenen indarraldia ikasturtean zehar emandako zerbitzuen araberakoa izango da. Izendapenak eskubidea emango du Gizarte Segurantzan kotizatzeko eta hautagaien zerrendan dagokion puntuazioa eta antzinatasuna izateko.
Hirugarrena.– Interesdunei jakinaraztea aurreko ebazpenetan adierazitako ordainketek beti sortzen dutela beste izendapen baterako eta beste izendapen-uzte baterako eskubidea, eta, ondorioz, izendapen horrek berekin dakarrela Gizarte Segurantzan alta ematea. Horregatik, langabezia-prestazioak jasotzen ari direnek dagokion erakundera joan beharko dute, Gizarte Segurantzan alta-egoeran dauden bitartean prestazioaren kobrantza eteteko.
Laugarrena.– Interesdunei jakinaraztea, halaber, ekainaren 30a baino lehen izendapena amaitu izanagatik baja hartzen dutenek edo hartua dutenek, eta uztaileko izendapenaren hasiera-egunean izendapena eta Gizarte Segurantzan alta ematea eragozten duen aldi baterako ezintasun egoeran badaude edo jaiotzagatiko eta adingabeen zaintzagatiko prestazioa jasotzen ari badira, egoera hori justifikatzeko agiriak aurkeztu behar dituztela, uztailaren 1a baino lehen, dagokion Hezkuntzako lurralde-ordezkaritzan, Hezkuntza Saileko Tramitagune erregistro elektronikoaren bidez.
Era berean, uztaileko hilabeteari dagokion izendapenaren hasiera-egunean lan-kontratu bat dutenei ezin izango zaie izendapenik egin, baldin eta bi jardueren bateragarritasuna onartuta ez badute.
Kasu horietan, izendapena egin eta Gizarte Segurantzan alta ematea ezinezkoa denez, izendapena atzeratu ahal izango dute lehenengo eta bigarren ebazpenetan ezarritakoaren arabera dagokien aldirako, salbu eta uztailaren 1a baino lehen izendapena hastea eskatu badute, hura eragozten zuten lehen aipatutako egoerak bukatu direlako. Halaber, izendapenaren indarraldia ezin izango da abuztuaren 31tik aurrera luzatu.
Azken aukera horri heldu ahal izateko, interesdunak konpromisoa hartu beharko du izendapena eragotzi zuen egoera bukatu dela jakinarazteko, justifikatuta, dagokion lurralde-ordezkaritzan, Hezkuntza Saileko Tramitagune erregistro elektronikoaren bidez. Jakinarazpen horretatik aurrera, legokiokeen gainerako izendapena egingo zaio, zeinaren indarraldia abuztuaren 31ra artekoa izango baita gehienez.
Bosgarrena.– Beren egoerak Gizarte Segurantzan alta ematea eta, ondorioz, izendapena jasotzea eragotzi dienek ez dute inolako konpentsaziorik jasotzeko eskubiderik izango. Edonola ere, Hezkuntza Sailaren Tramitagune erregistro elektronikoaren bidez hartu gabeko opor-egunak ordaintzeko eskaera egin ahal izango dute.
Seigarrena.– Ebazpen hau aplikatzean egindako izendapenek barne hartzen dituzte 2025-2026 ikasturteko izendapen bakoitzean sortutako eta hartu gabeko oporraldiak. Ebazpen honen xede diren izendapenek ez dute sortzen oporraldi gehigarri bat kobratzeko edo baliatzeko eskubiderik.
Zazpigarrena.– Argitara bedi ebazpen hau EHAAn eta sailaren webgunean.
Errekurtsoak:
Ebazpen honen aurka, interesdunak gora jotzeko errekurtsoa aurkez dezake Hezkuntza Saileko Administrazio eta Zerbitzuen sailburuordearen aurrean, hilabeteko epean, ebazpena argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.
Vitoria-Gasteiz, 2026ko maiatzaren 7a.
Langileriaren kudeaketa zuzendaria,
UNAI NIETO MARIJUAN.
RSS