
92. zk., 2026ko maiatzaren 19a, asteartea
- Bestelako formatuak:
- PDF (186 KB - 7 orri.)
- EPUB (118 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
INDUSTRIA, TRANTSIZIO ENERGETIKO ETA JASANGARRITASUNAREN SAILA
2090
EBAZPENA, 2026ko apirilaren 15ekoa, Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasuneko Arabako lurralde-ordezkariarena, zeinaren bidez administrazio-baimena ematen zaio Aiarako (Araba) udalerrian «PB Navegantes 31» stand-alone energia biltegiratzeko instalazioa egiteko proiektuari, Arena Green Assets 4, SLUk sustatuta.
Espediente-zenbakia: 01 GE Y 202300048.
AURREKARIAK
Lehenengoa.– 2023ko abenduaren 5ean, Lemon Tree Power Ren 10, SLUk aurretiazko administrazio-baimena eskatu zuen teknologia elektrokimiko bidezko biltegiratze energetikoko instalazio baterako, «PB Navegantes 31» izenekoa, Aiarako udalerrian (Araba), hasiera batean 10. poligonoko 57. lurzatian kokatua.
Bigarrena.– 2024ko urtarrilaren 11n, ingurumen-ebaluazio sinplifikatuaren eskaera egin zitzaion Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzari, ingurumen-organo gisa, eta sustatzaileak erantsitako dokumentazio teknikoa eta ingurumen-dokumentazioa aurkeztu ziren.
Hirugarrena.– 2024ko abuztuaren 1ean, ingurumen-organoak proiektuaren ingurumen-txostena egin zuen (EIAS – 244INET espedientea), eta «ezin dela baztertu proiektuak ondorio esanguratsuak izan ditzakeenik ingurumenean» ondorioztatu zuen, beraz proiektuaren ingurumen-ebaluazio arruntaren prozedurarako ingurumen-inpaktuaren azterketa idazteko irismen-dokumentua egin zuen.
Laugarrena.– 2025eko martxoaren 26an, sustatzaileak beste eskabide bat aurkeztu zuen beste kokapen batean, eta honako dokumentu hauek aurkeztu zituen:
• «BESS instalazioa» proiektua, PB Navegantes 31 23MW – 96,77MWh-koa, ST Aiala 30kV-erako konexioarekin», 2025eko martxoaren 4koa.
• «Ebaketa-zentroa eta 30kV-eko lurpeko linea PB Navegantes 31» proiektua, 2025eko otsailaren 7koa.
• Afekzio-separatak.
• Hirigintza-bateragarritasunaren aldeko txostena.
Bosgarrena.– 2025eko maiatzaren 6an, ingurumen-ebaluazio sinplifikatuaren eskaera egin zitzaion Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzari, ingurumen-organo gisa, eta sustatzaileak erantsitako dokumentazio teknikoa eta ingurumen-dokumentazioa aurkeztu ziren.
Seigarrena.– 2025eko azaroaren 27an, ingurumen-organoak proiektuaren ingurumen-txostena eman zuen (esp. EIAS–327INET), non neurri babesle eta zuzentzaileak eta ingurumen-jarraipeneko kontrolak ezartzen diren, proiektuak ingurumenean eragin kaltegarri esanguratsuak izan ez ditzan eta proiektuaren ingurumen-ebaluazio arrunta egitea beharrezkoa izan ez dadin. Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu zen, 9. zenbakian, 2026ko urtarrilaren 15ean. Babes- eta zuzenketa-neurrien artean, honako hauek adierazten dira, zehaztasunik gabe:
• Instalazioaren egokitze- eta muntaketa-baldintza orokorrak.
• Jarduera-esparrua zedarritzea.
• Pertsonen osasuna babestera zuzendutako neurriak. Zaratak, airera egindako emisioek, eremu elektromagnetikoek eta abarrek eragindako afekzioa. Sortutako eremu magnetikoen eta elektrikoen kalkuluaren modelizazioa egitea, biztanleria kontuan hartuta, eta irailaren 28ko 1066/2011 Errege Dekretuan ezarritakoa betetzeko beharra. Errege Dekretu horrek jabari publiko erradioelektrikoa babesteko baldintzak, emisio erradioelektrikoen murrizketak eta emisio erradioelektrikoen aurrean osasun-babeserako neurriak ezartzen dituen erregelamendua onartzen du.
• Natura-ondarea babesteko neurriak: gauzatzeak eragindako eremu guztiak lehengoratzea, eta ingurumena lehengoratzeko proiektu bat egitea, honako hauek jasoko dituena:
– Ebakuazio-linearen trazadura, ahal den neurrian, lehendik dauden bideen ertzetara egokitzea.
– Lanak hasi aurretik prospekzio bat egitea babestutako floraren taxonak detektatzeko.
– Obrak hasi aurretik prospekzio bat egitea, instalazio guztien inguruko gutxieneko 50 metroko eremu batean, habiak, etzalekuak edo babeslekuak identifikatzeko.
– Hesia elementu oso ikusgarriekin seinaleztatuko da, hegaztiek talka egin ez dezaten.
– Perimetro-hesiak faunarekiko iragazkorra izan beharko du.
– Landaketa perimetrala hesi osoaren inguruan. Pantailaren zabalera 5 metrokoa izango da gehienez.
– Berrezarpenaren berme-aldia, gutxienez 2 urtekoa.
• Lur-mugimenduak minimizatzea.
• Argi-kutsadura minimizatzea.
• Nekazaritza eta basogintzako lurzorua babestera bideratutako neurriak: hiri-lurzoruan edo lurzoru urbanizagarrian dauden balizko kokalekuak aztertzea.
• Kultura-ondarea babesteko neurriak: jarraipen eta kontrol arkeologikoa.
• Urak eta lurzoruak kutsaduratik babesteko neurriak.
• Zaraten ondoriozko efektuak gutxitzeko neurriak.
• Eremu elektromagnetikoekiko esposizioaren inguruko kautelazko neurriak.
• Hondakinak kudeatzeari zuzendutako neurriak.
• Atmosfera ahalik eta gutxien kutsatzeko eta ahalik eta hauts gutxien aireratzeko neurriak.
• Kutsatuta egon daitezkeen lurzoruei buruzko neurriak: sustatzaileak lurzoruaren egoerari buruzko txostena bidali beharko du, ingurumen-organo eskudunak, hala badagokio, lurzoruari buruzko neurriak jaso ditzan.
• Jardunbide egokien sistema bat ezartzea.
• Garbiketa eta obra-amaiera.
• Ingurumen-aholkularitza.
• Obra-amaierako txostena.
• Jarduera amaitzea.
Zazpigarrena.– Eusko Jaurlaritzaren martxoaren 31ko 48/2020 Dekretuaren 10. artikuluan aurreikusitako ondorioetarako, aurretiazko administrazio-baimenaren eskaera jendaurrean jartzeko iragarkia argitaratu zen: EHAA, 242. zk., 2025eko abenduaren 16koa, eta ALHAO, 7. zk., 2026ko urtarrilaren 16koa.
Zortzigarrena.– Informazio publikoarekin batera, 48/2020 Dekretuaren 11. artikuluan aurreikusitako kontsultak egin dira, eta separatak bidali zaizkie zerbitzu publikoko administrazio, organismo eta enpresa hauei:
• Aiarako Udala.
• Trantsizio Ekologikorako eta Erronka Demografikorako Ministerioa.
• Arabako Foru Aldundiko Errepideen Zerbitzua.
• Eusko Jaurlaritzako Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraioak Saila.
• Urbide – Arabako Ur Partzuergoa.
• URA-Uraren Euskal Agentzia.
• Kantauriko Konfederazio Hidrografikoa.
Bederatzigarrena.– Ez zen alegaziorik jaso jendaurreko informazioaren izapidean.
Hamargarrena.– Txosten hauek jaso ziren kontsulten izapidean:
• Aiarako Udala. Jakinarazi du aurreikusitako erabilera ez dela egokia Nekazaritza eta Basozaintzako Lurralde Plan Sektorialaren (LPS) arabera, baina salbuespen gisa onargarria izango litzateke nekazaritza-arloan eskumena duen foru-organoaren txosten batek bermatzen badu, eta txosten horrek berariaz kontuan hartzen badu nekazaritza- eta basozaintza-jardueraren gaineko eragina eta neurri zuzentzaileak hartzea, nahiz eta Aiarako hirigintza-plangintza ez dagoen LPSean xedatutakora egokituta. Aurkeztutako proiektuan aurreikusitako erabilera ez dagoela baimenduta ondorioztatzen du Nekazaritza eta Abeltzaintza kategoriako eta Balio Estrategiko Handiko lurzoru urbanizaezinean, Aiarako udalerrian indarrean dauden arau subsidiarioen arabera.
Sustatzaileak erantzuna eman zion txosten horri, txostenak balio estrategiko handiko lurzoru urbanizaezinean onura publikoko/interes publikoko azpiegiturei aplikatu beharreko salbuespenezko araubidea behar bezala haztatzen ez duten baieztapen batzuk jasotzen dituela adieraziz, eta proiektuaren bideragarritasuna egiaztatzen duten udal- eta erkidego-aurrekariak daudela (aurretiazko hirigintza-bateragarritasuna eta ingurumen-inpaktuaren aldeko txostena, bai eta nekazaritza-ebaluazioa ere, NAAEPren eta sektore-txostenaren bidez), eta proiektua berariaz ebaluatu dela nekazaritza- eta lurralde-arloan.
Sustatzailearen erantzuna Aiarako Udalari helarazi ondoren, udalak beste alegazio-idazki bat egin zuen 2026ko apirilaren 14an. Bertan, aurretik azaldutakoaz gain, zera adierazten da, udal horrek ez duela nekazaritzaren arloan eskumena duen organoaren aldeko txostenaren berri izan, eta beste eragozpen-idazki bat egiteko epea luzatzeko eskatzen du.
Era berean, alegatzen du aurkeztutako proiektua osatu gabe dagoela, ez baititu jasotzen ebakuazio-azpiegitura (ebaketa-zentroa eta lurpeko ebakuazio-linea) eta instalazio horien eraginpeko lurzatiak.
Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak egindako ingurumen-inpaktuaren txostenaren edukiari buruzko oharrak egin ditu, proiektu osoa kontuan hartu ez delako, proiektuaren hirigintza-bateragarritasuna justifikatu ez delako eta beste aukera batzuk kontuan hartu ez direlako. Murgako Administrazio Batzarraren titulartasuneko landa-bide bati eragiten diola jakinarazi du.
• Red Eléctrica de España, SAU. Ez du proiektuarekiko aurkakotasunik aurkeztu.
• Eusko Jaurlaritzako Lurralde Plangintzaren Zuzendaritza. Lurralde-antolamenduari buruzko araudian oinarrituta txostena aurkeztu zuen, eta adierazi zuen instalazioa A motakotzat hartu behar zela, onura publikokotzat deklaratu behar zela eta landa-ingurunean ezartzea justifikatu behar zela, bateriak instalatzeko jarduera landakoak ez diren lurzoruetan instalatu beharko litzatekeela kontuan hartuta. Era berean, biltegiratze-instalazioa Nekazaritza, Abeltzaintza eta Landazabaleko Balio Estrategiko Handiko lurzati batean ezartzea ez dela egokia adierazi zuen. Halaber, erabilera espezifikoen erregulazioa hirigintza-plangintzak garatzen duela adierazi zuen.
Sustatzaileak erantzuna eman zion txosten horri, eta proiektuari nekazaritza-sektorearen gaineko afekzio-azterketa egin zitzaiola adierazi zuen, ingurumen-ebaluazioaren espedienteari erantsita, eta ingurumen-inpaktuaren aldeko txosten baten bidez amaitu zela, non neurri zuzentzaile espezifikoak ezarri baitziren nekazaritza eta basogintzako lurzorua babesteko.
Sustatzaileak Lurralde Plangintzaren Zuzendaritzari emandako erantzuna helarazi ondoren, beste idazki bat jaso da. Bertan, hasierako kontsiderazioak berresten dira, eta adierazten da salbuespenez onargarria izango litzatekeela balio estrategiko handiko lurzoruan ezartzea, nekazaritza-arloan eskumena duen foru-organoaren txosten batek hala bermatzen badu, behin betiko onartu aurretik. Txosten hori Lurralde Antolamendurako Batzordeari helaraziko zaio, azter dezan, batzordeak bere azken txostena egin aurretik. Txosten hori loteslea izango da hirigintza-plangintzako figurentzat (Nekazaritza eta Elikagaigintza Politikako abenduaren 23ko 17/2008 Legearen 16. artikuluaren arabera).
• Azpiegituren eta Energia Sistemaren Integrazioaren Zuzendariordetza Nagusia. Ez du proiektuarekiko aurkakotasunik aurkeztu.
Hamaikagarrena.– Sustatzaileak sarbide- eta konexio-baimena du, 2023ko ekainaren 15ekoa, banaketa-sarearen kudeatzaileak (i-DE Redes Eléctricas Inteligentes SAU) emandakoa, ST Aiala azpiestazioan sortutako energia husteko (30 kV).
Hamabigarrena.– 2026ko martxoaren 9an, proiektuaren titulartasuna Arena Green Assest 4, SLUren alde aldatzeko jakinarazpena aurkeztu zen, eta, bertan, gaitasun legal, tekniko eta ekonomikoaren egiaztagiria eta aurretik jarritakoaren ordez berme ekonomiko berria eratu izanaren frogagiria aurkeztu ziren.
ZUZENBIDEKO OINARRIAK
Lehenengoa.– Arabako Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasunaren Lurralde Ordezkaritza da espediente hau izapidetzeko eta ebazteko organo eskuduna, hala xedatzen baita 410/2024 Dekretuaren 20. artikuluan (410/2024 Dekretua, abenduaren 3koa, Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasunaren Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duena).
Bigarrena.– Espedientean bete dira lege hauetan agindutako arauzko izapideak: 24/2013 Legea, abenduaren 26koa, Sektore Elektrikoari buruzkoa; eta 48/2020 Dekretua, martxoaren 31koa, zeinaren bidez arautzen baitira energia elektrikoa ekoizteko, garraiatzeko eta banatzeko instalazioen administrazio-baimenaren prozedurak. Eta honako hauekin bat etorriz bete dira, proiektuari ingurumen-ebaluazio arrunta egin behar zaiola eta: 21/2013 Legea, abenduaren 9koa, Ingurumen-ebaluazioari buruzkoa, eta 10/2021 Legea, abenduaren 9koa, Euskadiko Ingurumen Administrazioarena.
Hirugarrena.– Lurralde-antolamenduari eta hirigintza-planteamenduari buruz azaldutako gaiei dagokienez, zehaztu behar da baimen hau eman arren sustatzaileak proiektua gauzatzeko behar dituen baimen eta lizentzia guztiak lortu beharko dituela, eta, bereziki, lurralde-antolamenduari eta ingurumenari buruzkoak, sektore elektrikoari buruzko 24/2013 Legearen 53.6 artikuluak adierazten duen bezala. Halaber, 48/2020 Dekretuaren 11. artikuluak hau ezartzen du: «Aurreproiektuaren edo proiektuaren separata bat helaraziko zaie administrazioei, organismoei edo, hala badagokio, zerbitzu publikoko edo interes orokorreko zerbitzuetako enpresei, instalazioak beren kargura dituzten ondasun eta eskubideei eragin diezaiekeen zatiari dagokionez, gehienez ere hilabeteko epean adieraz dezaten eskatutako baimena onartzen duten edo aurka dauden». Beraz, kontsulten xedea kontsultatutako administrazioen ardurapeko ondasun eta eskubideen gaineko eragin zehatza da, eta ez proiektua hirigintzako eta lurralde-antolamenduko araudira egokitzea; izan ere, ordezkaritza honek ez du gai horretan eskumenik, eta, beraz, ez da bidezkoa planteatutako eztabaidak ebazpen honetan ebaztea edo argitzea.
Laugarrena.– Aiarako Udalak egindako alegazioei dagokienez, honako hau adierazi behar da:
• Biltegiratze-instalazioaren proiektua, ebaketa-zentroaren eta ebakuazio-linearen proiektua, bai eta bi proiektuei dagozkien separatak ere, Aiarako Udalari kontsultatu zitzaizkion, eta eskuragarri egon ziren energia- eta meatze-proiektuen jendaurreko informazioaren webgunean, URL honetan:
https://www.euskadi.eus/anuncio-de-3-de-diciembre-de-2025-bess-pb-n/web01-a2energi/es/
• Ingurumen-inpaktuaren txostenak biltegiratze-instalazioa eta ebakuazio-azpiegitura (ebaketa-zentroa eta lurpeko ebakuazio-linea) hartu zituen kontuan.
• Nekazaritzaren arloan eskumena duen organoaren aldeko txostenari dagokionez, ez da aurretiazko administrazio-baimenaren xede, Sektore Elektrikoaren Legean oinarrituta, adierazi den bezala. Hala badagokio, dagokion prozedura izapidetzean eskatu beharko da.
• Beste eragozpen-idazki bat egiteko epea luzatzeko eskaerari dagokionez, ezin da aintzat hartu; izan ere, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 32. artikuluak adierazten du luzapenari buruzko erabakia, nolanahi ere, dagokion epea amaitu baino lehen hartu beharko dela.
• Proiektua beste kokaleku batzuetan ezartzeko aukerari dagokionez, ingurumen-inpaktuaren txostenean, «Nekazaritza- eta basogintza-lurzorua babesteko neurriak» atalean, honako hau adierazten da: «Arabako Foru Aldundiaren Nekazaritza Zuzendaritzak adierazi bezala, proiektua ezartzeko proposatutako aukeren artean, hiri-lurzorurako edo lurzoru urbanizagarrirako bi kokaleku proposatzen dira, eta horiek ez lukete udalerriko balio estrategiko handia kategorian eraginik izango». Horri dagokionez, adierazi behar da ebazpen honen xedea ez dela lurralde-antolamenduaren ikuspegitik aukerarik egokiena hautatzea, baizik eta proiektu jakin bati kokapen jakin batean aldez aurreko administrazio-baimena ematea, aplikatu beharreko araudi elektrikoan oinarrituta; izan ere, araudi horren arabera, baimen horrek «enpresa baimenduari instalazio jakin bat baldintza jakin batzuetan egiteko eskubidea emango dio».
• Murgako Administrazio Batzarraren titulartasuneko landa-bidearen gaineko eraginari dagokionez, sustatzaileak kontuan hartu beharko du eragin hori eraikitzeko administrazio-baimenerako aurkeztu beharreko egikaritze-proiektua idazteko orduan, dagokion separatarekin batera.
Bosgarrena.– Proiektuari ingurumen-inpaktuaren ebaluazio sinplifikatua egin zaio, 4. taldeko n) epigrafean sartuta baitago, Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen II. eranskineko energia-industria. Ingurumen-organoak ingurumen-inpaktuaren txostena egin zuen, seigarren aurrekarian zehazten den bezala, non neurri babesle eta zuzentzaileak eta ingurumen-kontrolak ezarri baitziren.
Seigarrena.– Sektore Elektrikoari buruzko 24/2013 Legearen 53.6 artikuluak adierazten du administrazio-baimenak administrazio eskudunak emango dituela, aplikatu beharreko bestelako xedapenen arabera eta, bereziki, lurraldearen antolamenduari eta ingurumenari buruzko xedapenen arabera beharrezkoak diren emakida eta baimenak alde batera utzi gabe.
Zazpigarrena.– Sektore Elektrikoari buruzko 24/2013 Legearen 53.7 artikuluaren arabera, Administrazio publiko eskudunak baimena ukatu ahalko du, baina aplikatu beharreko araudian ezarritako eskakizunak betetzen ez direnean edo baimena ematea sistemaren funtzionamenduaren kalterako denean soilik.
Aipatutako lege-xedapenak ikusita, eta oro har zein zehazki aplikagarri diren gainerakoak oinarri hartuta, Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasuneko Arabako lurralde-ordezkariak
EBAZTEN DU:
Aurretiazko administrazio-baimena ematea Arena Green Assest 4, SLUri, 4. poligonoko 360. lurzatian dagoen «PB Navegantes 31» izeneko baterien bidezko biltegiratze-instalazioaren proiekturako eta haren ebakuazio-azpiegiturarako, Aiarako udal-mugartean (Araba). Hona hemen proiektua:
a) 18 biltegiratze-unitate, Ion-Litiozko (LFP) teknologiako baterien 10 rack biltegiratze-unitate bakoitzeko. Biltegiratze-unitateak 20 oineko edukiontzietan daude, eta horietan txertatzen da kontrol- eta monitorizazio-sistema. Biltegiratze-unitateko potentzia unitarioa 1.666,6 kW-ekoa da, eta guztira 30 MW-eko potentzia du.
b) 5 potentzia-estazio, potentzia bihurtzeko 9 sistema biltzen dituztenak. Estazio bakoitzak 0,73/30 kV-eko transformadore bat eta 6.666 kW-eko potentzia eta erdi-tentsioko gelaxkak ditu.
c) Energia kargatzeko/deskargatzeko erdi-tentsioko instalazio elektrikoa (30 kV), erdi-tentsioko gelaxken eta lurpeko linearen arteko 38 m-ko interkonexiokoa, azken skid-etik ebaketa-zentroraino, polobakarreko kable-hiruki batez osatua.
d) Ebakuazio-azpiegitura, honakoek osatua:
– Ebaketa-zentroa, biltegiratze-instalazioaren esparruaren barruan kokatua; sarrera/irteera gelaxkak, neurketa eta babesa, erreserba eta zerbitzu osagarriak biltzen ditu.
– 30 kV-ko lurpeko lotura-linea, ebaketa-zentroa Aiarako 30 kV-ko azpiestazioarekin konektatzen duena, zirkuitu bakunekoa eta fase bakoitzeko 2 eroale.
Baldintza orokor hauek jarrita ematen da baimen hau:
Ebazpen hau jakinarazten denetik hamabi hilabete igaro baino lehen eskatu beharko da eraikitzeko administrazio-baimena. Eskabidea adierazitako epean aurkezten ez bada, aurretiazko administrazio-baimena iraungitzat jo ahal izango da.
Exekuzio-proiektua Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak egindako ingurumen-inpaktuaren txostenean ezarritako baldintzetara, babes-neurrietara eta neurri zuzentzaileetara egokitu beharko da. Era berean, administrazioek, erakundeek eta zerbitzu-enpresek kontsulta-fasean ezarritako baldintza teknikoak jaso beharko ditu.
Onartzeko aurkeztutako proiektuak araudi elektrikoaren arabera eta industriaren arloan aplikagarriak diren industriako segurtasun- eta kalitate-arauak bete beharko ditu, eta laneko arriskuen prebentzioari buruzko dokumentazioa jaso, bai eta ingurumen-inpaktuaren adierazpenean ezarritakoa ere, instalazio elektrikoei aplikatu beharreko araudian adierazitako agiri eta zehaztapenez gain. Aplikatu beharreko araudia betetzen dela egiaztatzen duen erantzukizunpeko adierazpena erantsi beharko da.
Sistemaren operadoreak ezartzen dituen arau teknikoak eta jardunbideak bete beharko dira.
Ebazpen hau ematen da ezertan eragotzi gabe udal- eta foru-mailako eskumeneko baimen edo lizentziak, eta ezertan eragotzi gabe obrak egiteko beharrezkoak diren beste baimen batzuk nahiz aplikatzekoak diren xedapenetatik eratorritakoak, lurralde- eta ingurumen-antolamenduari dagozkienak bereziki, eta eskatzaileak beroriek eskatu beharko ditu hala dagokionean. Era berean, hirugarrenen eskubideak alde batera utzi gabe ematen da, jabetza-eskubidea salbu utzita.
Ebazpen honek ez dio amaiera ematen administrazio-bideari, eta, beronen aurka, gora jotzeko errekurtsoa jar dakioke Deskarbonizazioko zuzendariari, hilabeteko epean, ebazpen hau jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera kontatzen hasita, bat etorriz Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen 39/2015 Legearen 121. artikuluan eta hurrengoetan xedatutakoarekin.
Vitoria-Gasteiz, 2026ko apirilaren 15a.
Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasuneko Arabako lurralde-ordezkaria,
JAVIER AIZPURU OCHOA DE ERIBE.
RSS