
92. zk., 2026ko maiatzaren 19a, asteartea
- Bestelako formatuak:
- PDF (287 KB - 16 orri.)
- EPUB (120 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
KULTURA ETA HIZKUNTZA POLITIKA SAILA
2088
AGINDUA, 2026ko apirilaren 29koa, Jaurlaritzako lehenengo lehendakariorde eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuarena, 2026ko ekitaldian kultura-bitartekaritzako proiektuei dirulaguntzak emateko deialdia egiten duena (Bitartez).
Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituen eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituen lehendakariaren ekainaren 23ko 18/2024 Dekretuaren 6. artikuluaren arabera, Kultura eta Hizkuntza Politika Sailari dagozkio, besteak beste, arte- eta kultura-jarduerei eta horien sustapen eta hedapenari dagozkien eskumenak. Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen azaroaren 26ko 389/2024 Dekretuaren bidez, Kultura Sustatzeko eta Kultura eta Sormen Industrietako Zuzendaritzari dagozkio eginkizun horiek.
20/2023 Legearen 7.1 artikuluan xedatutakoaren arabera, Kultura Sustatzeko eta Kultura eta Sormen Industrien Zuzendaritzak beharrezkotzat jotzen du kultura-arloko adierazpen garaikideekin konprometitutako eta elementu berritzaileak dituzten proiektuetan kultura-bitartekaritza sustatzeko ildo espezifiko bat artikulatzea.
Kultura-bitartekotza hainbat kultura-adierazpenen eta herritarren artean zubiak eraikitzeko diseinatutako prozesu eta estrategien multzoa da, eta helburu nagusia kulturarako sarbidea, ulermena eta parte-hartze aktiboa erraztea da, ikusle pasiboaren figura alde batera utzita esanahi-sortzaile bihurtzeko. Bitartekaritzak, praktika artistikoen bidez, herritarrak beren testuinguruko erronkak eta problematikak definitzen eta konpontzen aktiboki inplikatzea bultzatzen du, eta, horretarako, pertsonak kulturaz benetan jabetu daitezen ahalbidetzen du. Halaber, erakundeen, artisten, bitartekarien eta komunitateen arteko elkarguneak sortzen laguntzen du. Horregatik, kultura-bitartekotzari dagokion lekua eman behar zaio, eta, horretarako, ezinbestekoa da erakunde-mailan zein gizarte-mailan ikusaraztea, sektorearekin batera egiten den lana indartuz. Azken batean, kultur ekoizpena eta ekosistema garatzen eta indartzen lagunduko duten ereduak bultzatu nahi dira, besteak beste, baterako sorkuntzan, hibridazioan edo berrikuntzan oinarrituz, Euskal Autonomia Erkidegoan kultur eskubideak erabat gauzatzea bermatuko duena.
Dirulaguntzen ildo honen arabera, kultura-bitartekaritza kultura-sistemaren egitura-ardatzetako bat da, eta kultura harreman-, lankidetza- eta berrikuntza-prozesu bat da, sorkuntza garaikidea, herritartasuna eta gizarte-eraldaketa lotzen dituena. Kultura 2028 Plan estrategikoaren 1. helburuan («Talentu sortzailea garatzeko aukerak biderkatzea») eta 2. helburuan («Kultura-eskaintza aberastea eta gizartearengana hurbiltzea») kokatzen da. Halaber, gizartean kultura hedatzeko, sistema publikoak indartzeko helburua jasotzen da 2025-2028 Dirulaguntzen Plan Estrategikoan eta 2026ko Dirulaguntzen Urteko Planean. Plan hori Jaurlaritzaren lehenengo lehendakariorde eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuaren 2026ko otsailaren 17ko Aginduaren bidez onartu zen, eta biak ere Sailaren web-orrian argitaratuta daude.
Ondorioz, honako hau
EBAZTEN DUT:
Artikulu bakarra.– Onartzea, agindu honen eranskinean jasotzen den moduan, 2026ko ekitaldian kultura-bitartekaritzako proiektuetarako dirulaguntzak emateko deialdia eta oinarriak (Bitartez).
LEHENENGO XEDAPEN GEHIGARRIA
Agindu honetan aurreikusitako laguntzak Batzordearen 2014ko ekainaren 17ko 651/2014 (EB) Erregelamenduaren mende egongo dira. Erregelamendu horrek laguntza-kategoria jakin batzuk barne-merkatuarekin bateragarriak direla ezartzen du, Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak aplikatuz, eta, zehazki, 53. artikuluaren 2. paragrafoan ezarritakoa aplikatuz.
BIGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA
Agindu honetan araututako dirulaguntzak Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legearen eta Dirulaguntzen Araubidea arautzen duen abenduaren 21eko 20/2023 Legearen mende daude.
AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA
Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beronen aurka, interesdunek aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkez diezaiokete Jaurlaritzako lehenengo lehendakariorde eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuari, hilabeteko epean, agindua argitaratu eta biharamunetik aurrera; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez dezakete Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko jurisdikzio horretako salan, bi hilabeteko epean, agindua argitaratu eta biharamunetik aurrera.
AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA
Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.
Vitoria-Gasteiz, 2026ko apirilaren 29a.
Jaurlaritzako lehenengo lehendakariorde eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua,
IBONE BENGOETXEA OTAOLEA.
ERANSKINA
DIRULAGUNTZAK ARAUTZEN DITUZTEN OINARRIAK
1. artikulua.– Deialdiaren xedea.
Oinarri hauen xedea da kultura-arloko adierazpen garaikideekin konprometituta dauden eta elementu berritzaileak dituzten kultura-bitartekaritzako proiektuetarako dirulaguntzen deialdia egitea.
2. artikulua.– Proiektuen betekizunak.
1.– Proiektuek honako hauek bultzatu beharko dituzte:
– Bitartekaritza-bide berriak sortzea, parte-hartzaileei eta publiko desberdinei zuzentzeko, esperientzia esanguratsuagoak, bereizgarriagoak eta kualitatiboagoak bultzatuz.
– Baterako sorkuntzan, berrikuntzan eta talentua erakartzean oinarritutako kultura-bitartekaritza, gure inguruneko sormen-potentziala ahalik eta gehien garatzeko.
– Kultura-jardunbideetatik kultura-bitartekaritzako estrategia berriak planteatzen dituzten ekimenak garatzea.
– Proiektuak kultura-sektore batean edo batzuetan sartuta egon beharko dute (arte plastikoak eta ikusmen-arteak, ikus-entzunezkoak, arte eszenikoak, literatura, musika edo bertsolaritza).
2.– Eskabideak aurkezteko epea amaitu ondoren hasi eta 2026ko abenduaren 31ra arte gauzatuta egon beharko dute proiektuek.
3.– Aurrekontuak % 20ko autofinantzaketaren gutxieneko ehunekoa aurreikusi beharko du, hau da, iturri publikoetatik ez datozen diru-sarreren frakzioa; hau da, laguntza pribatuak, mezenasgoa, jardueratik bertatik eratorritako diru-sarrerak eta erakunde edo pertsona eskatzailearen beraren ekarpenak.
3. artikulua.– Baliabide ekonomikoak eta dirulaguntzen mugak.
1.– 500.000 euro erabiliko dira guztira dirulaguntza horietarako; horietatik, 250.000 euro 2026ko aurrekontuari dagozkio, eta 250.000 euro 2027koari.
2.– Hautatutako proiektu bakoitzari gehienez ere 35.000 euro emango zaizkio, eta inola ere ez da izango gastuen aurrekontuaren % 70 baino handiago.
4. artikulua.– Diruz lagundu daitezkeen gastuak.
Diruz laguntzeko moduko gastutzat hartuko dira diruz lagundutako jardueraren izaerari erantzuten diotenak, behar-beharrezkoak direnak eta deialdi honetan eta dirulaguntza emateko ebazpenean edo balizko aldaketetan ezarritako epean egiten direnak. Diruz lagundu daitezkeen gastuak eskuratzeko kostua ezin izango da inola ere merkatuko balioa baino handiagoa izan. Halaber, diruz lagundu daitezkeen gastuek bat etorri beharko dute Batzordearen 2014ko ekainaren 17ko 651/2014 (EB) Erregelamenduaren 53. artikuluan ezarritakoarekin, eta Dirulaguntzen araubidea arautzen duen 20/2023 Legearen 30. artikuluan xedatutakoa bete beharko dute.
1.– Aurkeztutako jarduera-proiektutik eratorritako gastu hauek lagundu ahal izango dira diruz:
a) Langile-gastuak:
– Kudeaketako, zuzendaritzako edo koordinazioko langileen gastuak.
– Arte-, teknika- eta administrazio-gastuak.
b) Hirugarrenen kontratazioa (azpikontratatutako zerbitzuak).
c) Ostatuen eta joan-etorrien gastuak (erakundeko langileenak eta arduradunenak).
d) Jarduerarako materialen gastuak.
e) Komunikazio-gastuak.
f) Argiaren, uraren, telefonoaren, gasaren eta Interneten kontsumoak.
2.– b) puntuan adierazitako gastuen baturak ezin izango du aurrekontuaren % 70 gainditu. Era berean, c) eta f) puntuetan adierazitako gastuen baturak ezingo du aurrekontuaren % 5 gainditu.
3.– Onuradunak hirugarrenei azpikontratatu ahal izango die jarduera, diruz lagundutako proiektu eta jardueren % 70era arteko kontratu guztien prezioak batuta. Kontzeptu horretatik kanpo geratzen da onuradunak diruz lagundutako proiektuak eta jarduerak bere kabuz egiteko beharrezkoak diren gastuak kontratatzea.
Nolanahi ere, kontratu bakoitzean egindako lanak edo zerbitzuak aurrekontuaren epigrafeetan jasotako kontzeptuetara egokitu beharko dira. Zerbitzu profesional independenteak ematen dituzten hornitzaileek egindako aurrekontuak aurkezten ez badira, gastu horiek onartutako aurrekontua kalkulatzeko aurkeztutako aurrekontutik murriztuko dira.
4.– Pertsona edo erakunde onuraduna zerga horren aitorpena egitera behartuta badago, ez da inola ere diruz lagunduko BEZ kengarriaren zenbatekoa. Kasu horretan, gastu gisa egotz daitekeen zenbatekoa frogagirien zerga-oinarriari dagokiona izango da.
5. artikulua.– Betekizunak egiaztatzea.
1.– Deialdi honetako dirulaguntzak eskuratu ahal izateko, pertsona fisiko edo juridiko pribatuek nortasun juridiko propioa izan behar dute, eta proiektuak 1. artikuluan ezarritakoaren arabera egin behar dituzte. Agindu hau argitaratzen den unean gaitasun juridiko eta jarduteko gaitasun osoa izan behar dute, eta, forma juridikoa edozein dela ere, baldintza hauek bete behar dituzte:
a) Jarduera Ekonomikoen gaineko Zergaren kultura-epigrafe batean alta emanda egotea. Baldintza hori betetzea nahitaezkoa izango da onuradun izaten jarraitzeko, eta, beraz, baldintza hori betetzen dela egiaztatuko da dirulaguntza ematen den unean eta ordainketak egiten diren unean.
b) Oinarri hauen babesean emandako dirulaguntzak eskuratzeko, zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean izan behar dira, bai eta dirulaguntzak itzultzeari dagozkionak ere, Euskadiko Aurrekontu Orokorren kontura ematen diren laguntzen eta dirulaguntzen esparruan, Dirulaguntzen Araubidea arautzen duen abenduaren 21eko 20/2023 Aginduan eta Ekonomia eta Ogasun sailburuaren 2023ko otsailaren 13ko Aginduaren 2, 3 eta 4. artikuluetan ezarritakoaren arabera.
Deialdi honen organo kudeatzaileak automatikoki egiaztatuko du dirulaguntzen eskatzaileek Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak betetzen dituztela, haien baimenik gabe. Hala ere, eskatzaileak egiaztapen horren aurka egin ahal izango du; kasu horretan, dagokion ziurtagiria aurkeztu beharko du. Zerga-betebeharrak betetzen direla egiaztatzeari dagokionez, eskatzaileen baimena beharko da egiaztapena egiteko. Era berean, eskatzaileak egiaztapen horren aurka egin ahal izango du, eta, kasu horretan, dagokion ziurtagiria aurkeztu beharko du.
c) Eskatutako dirulaguntzaren onuradun izanez gero, enpresa-deslokalizaziorik ez egiteko konpromisoa, Dirulaguntzen araubidea arautzen duen abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 49. artikuluan ezarritakoaren arabera.
2.– Honako hauek ezin izango dute agindu honetan aurreikusitako dirulaguntzarik eskuratu:
a) Herri-administrazio diren edo horietakoren baten sektore publikoko kide diren erakundeak.
b) Kapital sozialean, fundazio-ondarean edo gobernu-, administrazio- edo zuzendaritza-organoetan partaidetza nagusia edozein administrazio publiko edo instituzionalek, sektore publikoko erakunde batek, finantza- edo kreditu-erakunde batek duen erakundeak.
c) Laguntza edo dirulaguntza publikoak eskuratzea eragozten dion zehapen administratibo edo penala duen eskatzailea, edo horretarako legezko debekuren bat duena, sexu-bereizkeriagatiko debekuak barne, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako eta Emakumeen aurkako Indarkeria Matxistarik gabeko Bizitzetarako Legearen testu bategina onartzen duen martxoaren 16ko 1/2023 Legegintzako Dekretuaren 23.2 artikuluan xedatutakoaren arabera, dagokion zehapenak ezartzen duen epean. Era berean, ezingo dituzte laguntzak edo dirulaguntzak jaso berdintasun-plan bat eduki behar duten enpresek, baldin eta Estatuko araudiaren arabera berdintasun-planik indarrean ez badute, ezta sexu-jazarpena edo sexuan oinarritutako jazarpena prebenitzeko eta horri aurre egiteko neurriak ezarri dituztela egiaztatzen ez duten 50 langile baino gehiagoko enpresek ere, emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloan Estatuko legeriak ezarritako baldintzetan.
d) Trans-en berdintasun erreal eta eraginkorrerako eta LGTBI pertsonen eskubideak bermatzeko otsailaren 28ko 4/2023 Legearen 82. artikulua betetzen ez duen eskatzailea.
e) Europako Batzordeak aldez aurretik erabaki ondoren berreskuratzeko agindu bat bete gabe duten pertsonak, baldin eta laguntza bat legez kanpokoa eta merkatu bateratuarekin bateraezina dela deklaratu badute.
f) Krisian dauden enpresak, krisian dauden enpresa ez-finantzarioak salbatzeko eta berregituratzeko estatu-dirulaguntzei buruzko zuzentarauen definizioaren arabera (EO, C249, 2014-07-31). Termino hori Batzordearen 2014ko ekainaren 17ko 651/2014 (EB) Erregelamenduaren 2. artikuluko 18. paragrafoan definituta dago.
g) Enpresa-deslokalizazioak egin dituzten onuradunak, Dirulaguntzen araubidea arautzen duen 20/2023 Legearen 49. artikuluan ezarritakoaren arabera.
h) Dirulaguntzen araubidea arautzen duen abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 13. artikuluaren 1., 3., 4. eta 5. paragrafoetan jasotako egoeraren batean dauden pertsonak edo erakundeak.
i) Dirulaguntzaren onuraduna enpresa bat denean, merkataritza-eragiketetatik eratorritako gastu diruz lagungarriak enpresari aplikatu beharreko araudi sektorialean aurreikusitako ordainketa-epeetan ordainduak izan beharko dira, edo, bestela, Merkataritza-eragiketetan berankortasunaren aurkako neurriak ezartzen dituen abenduaren 29ko 3/2004 Legean aurreikusitako epeetan, 20/2023 Legearen 30.2 artikuluan aurreikusitakoarekin bat etorriz.
Kontabilitate-araudiaren arabera galdu-irabazien kontu laburtua aurkeztu ezin duten sozietateentzat, ordaintzeko legezko epeak betetzen direla egiaztatzeko betebeharra ezartzen da, Kontu Auditoreen Erregistro Ofizialean inskribatutako auditore batek emandako ziurtagiriaren bidez. Ziurtagiri horrek kontuan hartuko du enpresa bezeroaren ordainketen benetako epea, enpresa hornitzaileak aldez aurretik kobra dezakeen finantzaketa edozein dela ere.
6. artikulua.– Dirulaguntzak emateko prozedura.
Agindu honetan aurreikusitako dirulaguntzak lehiaketa bidezko norgehiagoka-prozeduraren bidez ebatziko dira eta, 13. artikuluko 1. eta 2. paragrafoetan ezarritako hautaketa- eta balorazio-irizpideen arabera, artikulu horretan ezarritako puntuazio bera edo handiagoa lortzen duten eskabideek soilik jaso ahal izango dute dirulaguntza, betiere 13.4.a) artikuluan ezarritako gehieneko mugak errespetatuz.
7. artikulua.– Eskabideak aurkeztea.
1.– Eskabideak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.
2.– Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 14. artikuluan xedatutakoaren arabera, pertsona fisiko interesdunek bitarteko elektronikoak eta presentzialak erabili ahal izango dituzte prozedura honetako izapide guztiak eskatu, kontsultatu eta egiteko, salbu eta administrazio publikoekin bitarteko elektronikoen bidez harremanak izatera behartuta badaude. Eskabidea egiteko eta dokumentazioa aurkezteko, kanalen bat erabiltzeak (aurrez aurrekoa edo elektronikoa) ez du esan nahi bide hori erabili behar denik prozeduraren hurrengo izapideetan, eta edozein unetan alda daiteke.
Pertsona juridikoek, banako enpresaburuek eta autonomoek, ordea, bitarteko elektronikoen bidez izan beharko dute harremana administrazio-prozeduraren edozein izapide egiteko.
3.– Hala nahi duten pertsona fisikoek aurrez aurre aurkeztu ahal izango dituzte eskabideak Zuzenean Herritarren Arretarako Zerbitzuaren bulegoetan, ahal dela aldez aurreko hitzordua eskatuta, https://www.euskadi.eus/hitzordua-zuzenean helbidean edo EAEko erregistro osagarrietan (herritarrei arreta integrala eta kanal anitzekoa emateari eta zerbitzu publikoak bitarteko elektronikoen bidez eskuratzeari buruzko ekainaren 20ko 91/2023 Dekretuan jasoak), eta behar bezala beteta Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan aurreikusitako organoetan, eskabide normalizatuaren bidez. Eskabide-eredua EAEko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan dago eskuragarri, esteka honetan: https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/1033411
Halaber, artikulu horrek aukera ematen du interesdunek herri-administrazioetako organoei zuzentzen dizkieten dokumentuak «administrazio edo organismoaren erregistro elektronikoan eta 2.1 artikuluan aipatzen diren subjektuetako edozeinen gainerako erregistro elektronikoetan» aurkezteko.
Eskaeraren osteko izapideak, jakinarazpenak barne, «Nire karpeta» izenekoaren bidez egingo dira, EAEko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan, helbide honetan: Nire karpeta - Egoitza elektronikoa - Euskadi.eus.
EAEko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan identifikaziorako eta sinadura elektronikorako onartutako bitartekoak honako helbide honetan daude eskuragarri: https://www.euskadi.eus/identifikazio-elektronikorako-onartutako-bitartekoak/web01-a2pac/eu/
4.– Eskabideak bitarteko elektronikoen bidez aurkeztu ahal izango dira, 39/2015 Legearen 16.4.a) artikuluaren arabera, EAEko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan, esteka honetan: https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/1033411
5.– Eskabidea eta ondorengo izapideak pertsona edo erakunde eskatzailearen ordezkari batek egin ahal izango ditu, elektronikoki edo paperean; horretarako, ordezkaritza Ahalordetzeen erregistro elektronikoan inskribatu beharko da, helbide honetan: https://www.euskadi.eus/ordezkariak
Nolanahi ere, izapideak bitarteko elektronikoen bidez egin beharko dira, Administrazioarekin elektronikoki harremanak izatera behartuta dagoen interesdunaren ordezkari badira.
6.– Eskabideak, erantzukizunpeko adierazpenak, justifikazioak eta gainerako ereduak izapidetzeko jarraibideak Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoaren helbideetan daude eskuragarri (aurreko puntuan daude jasota).
7.– Pertsona edo erakunde eskatzaileek Euskal Autonomia Erkidegoko edozein hizkuntza ofizialetan aurkeztu ahal izango dute eskabidea eta harekin batera doazen egiaztagiriak. Halaber, eskabidearen ondoriozko jardueretan, eta prozedura osoan, pertsona edo erakunde eskatzaileak aukeratutako hizkuntza erabiliko da, Euskararen Erabilera Normalizatzeko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legearen 5.2.a) eta 6.1 artikuluetan ezarritakoaren arabera.
8. artikulua.– Betekizunak eta eskatutako dokumentazioa egiaztatzea.
1.– Eskatzaileari buruzko agiriak.
a) Pertsona fisikoak direnean: eskabidea sinatu duen pertsonaren nortasuna egiaztatzea.
b) Pertsona juridikoak direnean:
Administrazio honi dagozkion erregistroetan inskribatutako erakundeek eskabidean adieraziko dute zein erregistrotan dauden inskribatuta, eta ez da beharrezkoa izango inskripzio hori egiaztatzen duen ekarpenik egitea.
Administrazio honetaz bestelako erregistroetan inskribatutako erakundeek erakundearen legezko eraketa egiaztatu beharko dute, izaera juridikoaren eta ordezkariaren nortasunaren arabera, bai eta ordezkaritza-ahalorde nahikoa justifikatu ere, honako hauen bidez:
– Eratze-eskritura eta estatutuak, bai eta dagozkion erregistro publikoetan inskribatuta dagoela egiaztatzen duen agiria ere.
– Pertsona juridiko eskatzailearen legezko ordezkaritzaren eta hark duen ordezkaritza-ahalordearen egiaztapena.
2.– Proiektuari buruzko dokumentazioa. Dokumentazio hori, lehentasunez, formatu elektronikoan aurkeztu beharko da:
– Azalpen-memoria, hemen deskarga daitekeen ereduaren arabera: https://www.euskadi.eus
– Proiektuaren aurrekontua, partiden arabera banakatua eta xehatua, aurreikusitako gastu guztiak eta diru-sarreren aurreikuspena jasotzen dituena, https://www.euskadi.eus helbidean deskarga daitekeen ereduaren arabera.
– Aurreikusitako egutegia.
– Hala badagokio, 13. artikuluko balorazio-irizpideak baloratzeko beharrezkotzat jotzen diren azalpen-memorian alegatutako alderdiak justifikatzeko agiriak aurkeztu ahal izango dira.
3.– Deialdi honen organo kudeatzaileak automatikoki egiaztatuko du 5. artikuluaren 1. apartatuaren a) eta b) letretan adierazitako baldintzak betetzen direla, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen arabera, eta horretarako ez du baimenik beharko. Hala ere, interesdunek berariaz aurka egin ahal izango diote, baina, kasu horretan, egiaztagiri horiek eskuratu eta aurkeztu beharko dituzte.
Agindu honen babesean ematen diren dirulaguntzak emateko, zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak bete beharko dira, eta itzultzeagatiko betebeharrak, berriz, Dirulaguntzen araubidea arautzen duen abenduaren 21eko 20/2023 Legean ezarritakoari lotuko zaizkio.
4.– Aurkeztu beharreko dokumentu elektronikoek ezaugarri hauek izan beharko dituzte:
Deskarga daitezkeen inprimakien ereduak bete beharko dira, eta eskuragarri egongo dira Euskal Autonomia Erkidegoko egoitza elektronikoan eta erregistro-arloko laguntza-bulegoetan.
5.– Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 28.2 artikuluan ezarritakoaren arabera, interesdunek eskubidea dute administrazio jardulearen esku dauden edo beste edozein administraziok egindako dokumentuak ez aurkezteko. Administrazioak dokumentu horiek kontsultatu edo eskatu ahal izango ditu, interesdunek berariaz aurka egin ezean.
9. artikulua.– Erantzukizunpeko adierazpenak.
Abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 9.5 artikuluan xedatutakoaren arabera, eskabidearekin batera honako inguruabar hauek egiaztatu beharko dira erantzukizunpeko adierazpen bidez:
– Edozein administrazio edo erakunde publiko nahiz pribatuk helburu bererako emandako dirulaguntzak, laguntzak, diru-sarrerak edo bestelako baliabideak eskatu eta, hala badagokio, jaso izana jakinaraztea. Onuradunak gainfinantzaketarik ez egiteko konpromisoa hartzen du, 20/2023 Legearen 9.4.h) artikuluaren arabera.
– Erakundeak ez duela dirulaguntza edo laguntza publikoak eskuratzea eragozten dion zehapen administratiborik edo penalik, eta ez duela horretarako legezko inolako debekurik, sexu-diskriminazioagatik gertatutakoak barne, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako eta Indarkeria Matxistarik gabeko Bizitzetarako Legearen testu bategina onartzen duen martxoaren 16ko 1/2023 Legegintzako Dekretuaren 23.2 artikuluan ezarritako zehapen eta debekuen ondorioz.
– Estatuko araudiaren arabera, berdintasun-plan bat izatera behartuta dauden enpresek plan hori indarrean izatea. 50 langile baino gehiagoko enpresek sexu-jazarpenaren edo sexuan oinarritutako jazarpenaren aurkako prebentzio- eta borroka-neurriak ezarri izana.
– Eskatutako dirulaguntzaren onuradun izanez gero, enpresa-deslokalizaziorik ez egiteko konpromisoa hartzen du, Dirulaguntzen araubidea arautzen duen 20/2023 Legearen 49. artikuluan ezarritakoaren arabera.
– Onuradun izateko proposatzen direnek dirulaguntza emateko prozedura ebatzi aurretik egiaztatu beharko dute erantzukizunpeko adierazpenean jasotako alderdiak egiazkoak direla.
– Era berean, eskatzaileak adierazi beharko du egiazkoak direla eskabidean eta harekin batera doan dokumentazioan jasotako datuak, eta betetzen dituela laguntza hauek jasotzeko indarrean dagoen araudian ezarritako betekizunak, bereziki Dirulaguntzen araubidea arautzen duen abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 13. artikuluaren 1., 3., 4. eta 5. paragrafoetan ezarritakoak.
10. artikulua.– Laguntzen kudeaketa.
Kultura eta Hizkuntza Politika Saileko Kultura Sustatzeko eta Kultura eta Sormen Industrietako Zuzendaritzari dagokio deialdi honetan aurreikusitako dirulaguntzak kudeatzea, eta Kultura Sustatzeko eta Kultura eta Sormen Industrietako zuzendaria izango da laguntza kudeatzeko organo eskuduna.
11. artikulua.– Akatsak zuzentzea.
1.– Eskabidearen izapidetzea onartzeko eskatzen diren agiriak falta direla edo horietan formazko akatsak daudela ikusiz gero, edo balorazioa egiteko alegatutako dokumentazioan akatsak daudela ikusiz gero, interesdunari hamar egun balioduneko epea emango zaio akatsa zuzentzeko edo aurkeztu ez dituen nahitaezko agiriak aurkezteko. Halaber, jakinaraziko zaio, hala egin ezean, eskabidean atzera egin duela edo izapidetzeko eskubidea galdu duela ulertuko dela, ebazpena eman ondoren.
2.– Banako enpresaburuek eta autonomoek, baldin eta, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 14.2 artikuluaren arabera, administrazio publikoekin bitarteko elektronikoen bidez harremanetan jartzeko betebeharra badute, eskabidea aurrez aurre eginez gero, eskabidea zuzentzeko eskatuko zaie aurkezpen elektronikoaren bidez, eta, horretarako, eskabidea aurkezteko datatzat joko da zuzenketa.
12. artikulua.– Balorazio Batzordea.
1.– Aurkeztutako eskabideak aztertu eta ebaluatzeko, Balorazio Batzorde bat eratuko da. Honako hauek osatuko dute:
– Lehendakaria: Kultura Sustatzeko eta Kultura eta Sormen Industrietako zuzendaria. Hura ez badago, batzordekide zaharrenak ordezkatuko du.
– Bokalak: 3-5 bokal, Kulturako sailburuordeak agindu honen xede den gaian adituak direnen artean izendatuta.
2.– Batzordeko idazkaria Kultura Sustatzeko eta Kultura eta Sormen Industrietako Zuzendaritzako teknikari bat izango da, batzordeko zuzendariak izendatuta. Hizpidea izango du, baina botorik ez.
Era berean, Balorazio Batzordearen bileretara joan ahal izango dira gai zehatzak aztertzeko, eta hitzarekin baina botorik gabe parte hartu ahal izango dute aztertu beharreko gaietan ezagutza espezifikoa duten pertsona guztiek, bertaratutakoen gehiengoak onartzen baditu.
3.– Eratzen den Balorazio Batzordeak emakumeen eta gizonen ordezkaritza orekatua izan beharko du, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako eta Emakumeen aurkako Indarkeria Matxistarik gabeko Bizitzetarako Legearen testu bategina onartzen duen martxoaren 16ko 1/2023 Legegintzako Dekretuaren 3.10 artikuluan ezarritakoaren arabera.
4.– Balorazio Batzordearen behin betiko osaera Kulturako sailburuordearen ebazpen baten bidez argitaratuko da Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian, eratu aurretik, edozein interesdunek errefusatzeko eskubidea erabil dezan, legez ezarritako kasuetan eta baldintzetan.
5.– Balorazio Batzorde honetarako izendatutako aditu profesionalek erantzukizunpeko adierazpen bat aurkeztu beharko dute, non egiaztatuko den, Dirulaguntzen Araubidea arautzen duen abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 8.5 artikuluan xedatutakoaren arabera, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legean ez dagoela ezarritako abstentzio-kausarik, konfidentzialtasuna bermatzen dutenik. Eskatzaileek aurkeztutako dokumentazioa proiektuak baloratzeko baino ez da erabiliko, deialdi honetan ezarritako irizpideen arabera. Balorazio hori egin ondoren, espedienteetako dokumentazio guztia deialdiaren organo kudeatzaileari itzuliko zaio.
6.– Kultura Sustatzeko eta Kultura eta Sormen Industrietako zuzendariari dagokio aurkeztutako eskabidean ezarritako baldintzak betetzen direla egiaztatzea, 4. artikuluan ezarritako mugekin aurrekontua aztertzea eta, hala badagokio, onartutako guztizko aurrekontua zehaztea.
7.– Eskabideak balorazio-irizpideen arabera ebaluatu ondoren, Batzordeak txosten bat egingo du egindako ebaluazioaren emaitzak azaltzeko, abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 21. artikuluan ezarritako baldintzetan.
8.– Balorazio Batzordeak, aurkeztutako eskabideak behar bezala ebaluatu ahal izateko beharrezkotzat jotzen duenean, egoki iritzitako argibide guztiak eskatu ahal izango dizkie eskatzaileei.
9.– Kultura Sustatzeko eta Kultura eta Sormen Industrietako zuzendariak, espedientea eta Balorazio Batzordearen txostena ikusita, behin betiko ebazpen-proposamena egingo du.
13. artikulua.– Dirulaguntzaren zenbatekoa baloratzeko eta kuantifikatzeko irizpideak.
1.– Balorazio Batzordeak jasotako eskabideak aztertuko ditu, eta zehaztutako alderdi guztiak ebaluatuko ditu, balorazio-irizpideen eta baremoen arabera.
A fasea: 65 puntu (gutxienez 45 puntu B fasera pasatzeko).
1.– Proiektuaren kalitatea: 25 puntu, gehienez.
Kultura-bitartekaritzaren sendotasun kontzeptuala eta metodologikoa ebaluatzen ditu, helburu nagusi gisa (ez tresna gisa), testuingurura egokitzea eta emaitza kualitatibo eta kuantitatiboen argitasuna.
1.1.– Asmoa eta lekua kultura-bitartekaritzan (gehienez 7 puntu).
0-2 puntu: proiektuak bitartekaritza generikoa edo instrumentala aipatzen du.
3-5 puntu: bitartekaritza-prozesuak eta -estrategiak argi samar definitzen ditu.
6-7 puntu: kultura-bitartekaritza da proiektuaren ardatza, eta kultura-adierazpenen eta herritarren arteko zubiak, publikoak eragile gisa aktibatzea eta esanahi partekatuak sortzea hartzen ditu kontuan.
1.2.– Metodologia parte-hartzailea eta etikoa (gehienez 6 puntu).
0-2 puntu: norabide bakarreko jarduerak, rol pasiboa duten publikoentzat.
3-4 puntu: aurreikusitako parte-hartzea tresna zehatzekin (tailerrak, laborategiak, bitartekaritza kokatuak).
5-6 puntu: parte-hartze aktiboaren diseinua, zaintzak, irisgarritasuna eta emaitzak komunitateari itzultzea barne hartzen dituena.
1.3.– Euskal testuingurura eta Euskadiko kultura-ekosistemetara egokitzea (4 puntu, gehienez).
0-1 puntu: azaletik deskribatutako testuingurua.
2-3 puntu: eragile, espazio eta publikoei buruzko lurralde- eta kultura-diagnostiko egokia.
4 puntu: Euskal kultura-sistemaren diagnostiko oso egokia lurralde- eta sektore-ikuspegitik (ikusmen-arteak, zinema, arte eszenikoak, literatura, musika, bertsolaritza) eta publiko objektiboen justifikazio egokia.
1.4.– Espero diren emaitzak eta ebaluazio-plana (gehienez 4 puntu).
0-1 puntu: emaitza lausoak.
2-3 puntu: adierazle argiak (elkarreraginen kopurua/kalitatea, erakundeek egindako adopzioak, praktiketako aldaketak).
4 puntu: jarduera-ildoak, bilketa-metodoak (bitartekaritza-egunkariak, lantaldeak, galdetegi irisgarriak) eta fasekako ebaluazio-egutegia dituzten adierazle kualitatibo kuantitatiboak, bai eta deialdiarekin koherentea den neurketa- eta zehaztapen-ikuspegiaren definizioa ere.
1.5.– Diseinua eta bideragarritasun teknikoa zaintzea (gehienez 4 puntu).
0-1 puntu: plan lausoa.
2-3 puntu: kronograma, rolak eta zehaztutako baliabideak.
4 puntu: mugarri errealistak, arriskuak arintzeko plana, baimenak/berretsitako espazioak.
2.– Berrikuntza bitartekaritza-tresna gisa: 10 puntu, gehienez.
Berrikuntza kultura-bitartekaritza bultzatzen duen neurrian ebaluatuko da, eta ez berez helburu gisa.
2.1.– Berrikuntza bitartekaritza-prozesuetan (gehienez 4 puntu): azaleratzen ari diren metodologiak, herritarren laborategiak, parte hartzen laguntzeko teknologiak, entzuteko eta atzeraelikadurako gailuak.
2.2.– Baterako sorkuntza eta hibridazio aplikatuak (gehienez 3 puntu): publikoekin/bitartekariekin batera diseinatzea; diziplina-gurutzaketak bitartekari izateko helburuarekin.
2.3.– Ikaskuntza transferigarria (gehienez 3 puntu): dokumentazio irekia, biltegiak, eskuliburuak, lizentzia irekiak edo beste testuinguru/zentro batzuetan errepikatzeko aukera.
3.– Lankidetza: 10 puntu, gehienez.
Bitartekaritza hobetzen duten aliantzak (erakundeak, artistak, bitartekariak, komunitateak) eta elkar aberasteko topaguneak sortzen dituztenak.
3.1.– Aliantzen kalitatea eta egokitasuna (gehienez 4 puntu): akordio formalak, rol argiak, osagarritasuna.
3.2.– Komunitate/publikoen parte-hartzea proiektuaren gobernuan (gehienez 3 puntu): jarraipen-batzordeak, erkidegoko bitartekariak, erabakiak itzultzea.
3.3.– Kultura-sistemari egiten dion ekarpena (gehienez 3 puntu): ekipamenduekin/zentroekin, sareekin eta epe ertaineko efektuekin duen lotura.
4.– Proiektuaren interes publikoa: 20 puntu, gehienez.
Balio publikoa, sarbidea, inklusioa eta demokrazia kulturalari egindako ekarpena baloratuko dira.
4.1.– Sarbidea, aniztasuna eta diskriminaziorik eza (gehienez 6 puntu): oztopoak identifikatzea (ekonomikoak, linguistikoak, mugikortasunekoak, kognitiboak), irisgarritasun-neurriak, zaintza-neurriak eta kultura-segurtasuna.
4.2.– Parte-hartze aktiboa eta ahalduntzea (gehienez 6 puntu): publikoak eragile gisa; baterako sorkuntzarako gailuak; egiletza itzultzea eta kontakizuna.
4.3.– Kultura- eta lurralde-garrantzia (gehienez 4 puntu): edukien eta kontakizunen egokitasuna tokiko testuinguruetarako; ondareak/jakintzak errespetatzea.
4.4.– Inpaktu eta jasangarritasun sozial/kulturala (gehienez 4 puntu): espero diren aldaketak praktika kulturaletan, harremanak mantentzea eta proiektutik haratago jarraitzea.
45 puntu gainditzen ez dituzten proiektuak ez dira B fasera igaroko.
B fasea: gehienez 35 puntu.
5.– Proiektuaren bideragarritasun ekonomikoa: 15 puntu, gehienez.
Aurrekontu-koherentzia eta iraunkortasuna baloratuko dira.
5.1.– Aurrekontuaren koherentzia – jarduerak – emaitzak (gehienez 6 puntu): bitartekaritzara egokitutako kostuak (bitartekaritza-orduak, dokumentazioa, ebaluazioa, irisgarritasuna).
Finantza-egitura orekatua (gehienez 4 puntu): diru-sarreren aniztasuna, autofinantzaketa = % 20 (mezenasgoa, diru-sarrera propioak, eskatzailearen ekarpena); trazabilitatea.
Arriskuen kudeaketa eta iraunkortasuna (gehienez 2 puntu): egoerak, kontingentzia-plana, mantentze-aurreikuspena/jarraitutasuna.
6.– Euskararen erabilera: 10 puntu, gehienez.
Euskara sustatzea publikoekiko bitartekaritza- eta harreman-hizkuntza gisa.
– Bitartekaritzan hizkuntza-integrazioa (gehienez 4 puntu): euskarazko bitartekaritza osoak edo partzialak, materialak, seinaleak, entzute aktibo elebiduna.
– Askotariko publikoentzako hizkuntza-irisgarritasuna (gehienez 3 puntu): itzulpenak, interpretazioa, material egokituak, irakurketa erraza barne.
– Taldearen gaitasunak eta koherentzia (gehienez 3 puntu): euskal profilak bitartekaritzan, prestakuntza hobetzeko plana eta laguntza.
7.– Emakume sortzaileen eta kultura-eragileen parte-hartzea: 10 puntu, gehienez.
Genero-ikuspegia baloratuko da egiletzan, bitartekaritzan eta gobernantzan.
– Funtsezko roletan presentzia esanguratsua izatea (gehienez 4 puntu): lidergo artistikoa/bitartekaritza, erabakiak hartzea.
– Ekitatea eta zaintza prozesuan (gehienez 3 puntu): adiskidetze-politikak, indarkerien aurreko protokoloak, bidezko ordainsariak.
– Edukia eta ikuspegia (gehienez 3 puntu): ikuspegi feministak eta intersekzionalak bitartekaritzan, estereotipatu gabeko irudikapena.
2.– Baztertu egingo dira eta ezingo dira onuradunen hautaketan sartu 1. fasean gutxienez 45 puntu lortzen ez dituzten proiektuak, eta artikulu honetan ezarritako balorazio-irizpideen guztizko puntuazioan 65 puntu lortzen ez dituztenak.
3.– Hautatutako proiektu bakoitzari dagokion dirulaguntzaren zenbatekoa zehazteko, 3.1 artikuluan aurreikusitako zuzkidura ekonomiko orokorra proiektuek balorazio-irizpideen arabera lortutako puntuazioaren arabera banatuko da, honako prozedura honen arabera:
a) Puntuaziorik handiena lortu duen proiektutik hasita, hauek zehaztutako mugekin esleituko zaio dirulaguntza: (a) eskatutako zenbatekoa, (b) 35.000 euro (3.2 artikulua) eta (c) aurrekontuaren % 70 (3.2 artikulua); eta proiektuari esleitutako zenbatekoa muga horietatik txikiena izango da.
b) Prozedura errepikatuko da, aurreikusitako zuzkidura agortu arte, artikulu honetako 5. apartatuan jasotako irizpidea gainditu eta hautatuak izan diren gainerako proiektuekin, puntuazio handienetik txikienera ordenatuta eta aurreko puntuan deskribatutako hiru muga-kopuruei faktore proportzionala aplikatuta. Kalkulatzen den dirulaguntzaren xede den proiektuak lortutako puntuazioaren eta puntuaziorik handienaren artean dagoen arrazoia da hori.
4.– Eskatzaile bakoitzak proiektu bat baino gehiago aurkez dezake, baina onuradun bakoitzak proiektu bakarra jaso dezake diruz. Hala badagokio, balorazio-irizpideak aplikatuz puntuaziorik handiena lortzen duen proiektua babestuko da, formula honen bidez:
SP = SM* PO/PM
Hau da:
SP = Proposatutako dirulaguntza.
SM = Gehieneko dirulaguntza.
PO = Lortutako puntuazioa.
PM = Ondoen baloratutako proiektuaren puntuazioa.
Aurreko apartatuan aipatutako prozeduraren bidez kalkulatutako zenbatekoen baturak aurrekontu-muga gainditzen badu, muga guztiak errespetatzen dituen gehieneko zenbatekora murriztuko da emaitza. Deskribatutako prozesua errepikatuko da hautatutako proiektu eta jarduera guztiei erantzun arte edo 3.1 artikuluan deialdiari esleitutako zuzkidura ekonomikoa agortu arte. Prozesu hori formula honen bidez zehaztuko da:
SO = SP* DO/SUM (SPi)
Hau da:
SO = Esleitutako dirulaguntza.
SP = Aurreko fasean proposatutako dirulaguntza. DO = Zuzkidura (3.1 artikulua).
SUM (SPi) = Aurreko kalkuluan proposatutako dirulaguntzen batura (laguntzaren muga gainditzen dutenak).
14. artikulua.– Ebazpena eta jakinarazpena.
1.– Agindu honetan aurreikusitako dirulaguntzei buruzko ebazpena Kulturako sailburuordeak emango du, Kultura Sustatzeko eta Kultura eta Sormen Industrietako zuzendariaren proposamena aztertu ondoren, Dirulaguntzen araubidea arautzen duen 20/2023 Legearen 9.4.g) artikuluak eskatzen duen deialdiaren oinarrien gutxieneko edukiaren parte delako.
2.– Ebazpen hori banan-banan jakinaraziko zaie interesdunei, sei hilabeteko epean. Ebazpenak Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoaren «Nire Karpeta» izenekoaren bidez jakinaraziko dira: (https://www.euskadi.eus/nirekarpeta). Jakinarazpen hori gorabehera, ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da. 39/2015 Legearen 41.7 artikuluan ezarritakoaren arabera, lehenik egin den jakinarazpen-data hartuko da jakinarazpen-datatzat.
3.– Paperean egiten diren jakinarazpenak 39/2015 Legearen 42.1 artikuluan ezarritakora egokituko dira. Artikulu horren arabera, paperezko jakinarazpen guztiak interesdunaren eskura jarri beharko dira administrazio edo organismo jardulearen egoitza elektronikoan, haren edukira borondatez sartu ahal izan dadin.
4.– Adierazitako epea igaro eta ebazpenik jakinarazi ez bada, interesdunek ulertu ahal izango dute beren nahiak ezetsi egin direla, Dirulaguntzen araubidea arautzen duen abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 22.5 artikuluan ezarritakoaren ondorioetarako, hargatik eragotzi gabe administrazioak esanbidez ebazteko duen betebeharra.
5.– Ebazpenak ez dio amaiera ematen administrazio-bideari, eta, haren aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkez dakioke Jaurlaritzako lehenengo lehendakariorde eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuari, hilabeteko epean, ebazpena jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluetan xedatutakoaren arabera.
15. artikulua.– Bateragarritasunak.
1.– Deialdi honetan aurreikusitako dirulaguntzak bateragarriak dira beste edozein erakunde publikok edo pribatuk helburu bererako emandakoekin, betiere gainfinantzaketarik gertatzen ez bada. Nolanahi ere, proiektu berari emandako dirulaguntza publikoen baterako zenbatekoak ezin izango du gainditu guztizko diru-sarreren % 80, onartutako aurrekontu osoaren % 20ko gutxieneko autofinantzaketa-ehunekoa betetzeko. Deialdi honen ondorioetarako, autofinantzaketatzat hartuko da iturri publikoetatik ez datozen diru-sarreren zatikia, eta onartutako aurrekontu osotzat, berriz, aurrekontu araztua, hala badagokio, 6. artikuluan oinarrituta. Gainfinantzaketarik gertatuz gero, emandako dirulaguntzaren zenbatekoa dagokion mugaraino murriztuko da.
2.– Hala ere, deialdi honetan aurreikusitako dirulaguntzak bateraezinak izango dira Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak proiektua edo proiektuaren zati bat egiteko emandako beste dirulaguntza batzuekin.
16. artikulua.– Onuradunaren betebeharrak.
Agindu honetan onartutako dirulaguntzen onuradunek, Dirulaguntzen araubidea arautzen duen abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 14., 27. eta 42. artikuluetan xedatutakoarekin bat etorriz, honako inguruabar hauek egiaztatu beharko dituzte:
a) Emandako dirulaguntza onartzea: hamabost eguneko epean berariaz uko egiten ez badiote, onartu egin dutela ulertuko da.
b) Dirulaguntza eman den xederako erabiltzea.
c) Diruz lagundutako proiektua eskaeran aurkeztutako baldintzetan garatzea.
d) Eusko Jaurlaritzako Ogasun eta Finantza Saileko Kontrol Ekonomikoko Bulegoari eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiari dirulaguntzen xedea fiskalizatzeko eskatzen duten informazio guztia ematea.
e) Beste edozein administraziok edo erakunde publiko edo pribatuk, estatukoak zein nazioartekoak, helburu bererako emandako beste laguntza, dirulaguntza edo diru-sarrera batzuk eskuratu badira, horren berri ematea laguntza eman duen organoari.
f) Onuradunak ezin izango du enpresa-deslokalizaziorik egin, Dirulaguntzen Araubidea arautzen duen 20/2023 Legearen 49. artikuluan ezarritakoaren arabera.
g) Onuradunek konpromisoa hartzen dute Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren lankidetzarekin egin diren diruz lagundutako proiektuen informazio, publizitate eta sustapen guztietan eta proiektuok zabaltzeko edozein eratan jasota uzteko.
h) Onuradunak gainfinantzaketarik ez egiteko konpromisoa hartzen du, 9.4.h) artikuluan ezarritakoaren arabera.
i) Dirulaguntzaren onuraduna enpresa bat denean, merkataritza-eragiketetan diruz lagun daitezkeen gastuak sektoreko araudi aplikagarrian edo Merkataritza-eragiketetan berankortasunaren aurka borrokatzeko neurriak ezartzen dituen abenduaren 29ko 3/2004 Legean aurreikusitako ordainketa-epeetan ordaindu beharko dira, Dirulaguntzen Araubidea arautzen duen abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 30.2 artikuluan xedatutakoarekin bat etorriz.
17. artikulua.– Dirulaguntzaren ordainketa eta justifikazioa.
1.– Eskatzailea Eusko Jaurlaritzako Ogasun eta Finantza Saileko Hirugarrenen Erregistroan inskribatuta ez badago, edo bertan dituen banku-datuak aldatu nahi baditu, hirugarrenaren alta-agiria aurkeztu beharko du ordaintzeko, bai eskabidearekin batera, bai prozeduraren beste une batean. Izapidetze elektronikoa Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren Egoitza Elektronikoan egin daiteke: https://www.euskadi.eus/hirugarrenak
2.– Agindu honen kargura emandako dirulaguntzak honela ordainduko dira:
a) Dirulaguntzaren % 50 esleipen-ebazpena jakinarazi eta hamabost egun balioduneko epea igaro ondoren ordainduko da, baldin eta berariaz uko egiten ez bazaio.
b) Gainerako % 50a, betiere 2027ko urtarrilaren 1etik aurrera eta dirulaguntza justifikatu ondoren, artikulu honetako 4. apartatuan adierazitako moduan.
3.– Laguntzaren edo dirulaguntzaren zenbatekotik kenduko dira, hala badagokio, zergaren araudia aplikatuz pertsona fisikoen errentaren gaineko zergari (PFEZ) dagozkion atxikipenak eta konturako ordainketak.
4.– Pertsona edo erakunde onuradunek diruz lagundutako jarduera amaitu eta hiru hilabeteko epean aurkeztu beharko dute, eta justifikatzeko azken eguna 2027ko martxoaren 31 izango da. Hona hemen agiriak:
– Diruz lagundutako jardueraren gauzatze-memoria, betetze-maila eta ebaluazioa, www.euskadi.eus webgunean deskarga daitekeen ereduaren arabera.
– Diruz lagundutako proiektua gauzatzeko behin betiko aurrekontua (gastuak eta diru-sarrerak), www.euskadi.eus webgunean deskarga daitekeen ereduaren arabera.
Ez da desbideratze nabarmenik onartuko behin betiko gauzatze-aurrekontuko gastu-kontzeptuetan, onartutako aurrekontuarekiko, guztiz justifikatutako kasuetan izan ezik, eta, betiere, 4. artikuluan ezarritako mugak gainditzen ez badira.
– Diruz lagundutako proiektua edo jarduera gauzatzean egindako gastuak justifikatzeko agiri guztien zerrenda, https://www.euskadi.eus helbidean deskarga daitekeen ereduaren arabera.
– Aurkeztutako eta onartutako aurrekontu osoaren fakturak edo gastu-ziurtagiriak.
– Azpikontratazioen kasuan, hornitzaileen eskaintzak, eta ekonomikoki onuragarriagoa ez den eskaintzaren bat aukeratu bada, erabaki hori berariaz justifikatzen duen memoria.
– Katalogoen, programen, iragarpen-kartelen, argazkien eta gainerako material grafiko edo soinudunaren hizkuntza-bertsioen aleak, Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren babesa berariaz aipatzen dutenak.
18. artikulua.– Likidazio-ebazpena.
Dirulaguntza emateko kontuan hartutako baldintzak aldatzen badira – betiere dirulaguntzaren xedea betetzat jotzen bada –, edo benetako kostuak aurrekontuan jasotakoak baino txikiagoak badira, edo beste erakunde publiko edo pribatu batek ezarritako mugak gainditzen dituzten dirulaguntzak, laguntzak edo diru-sarrerak eman badizkio, dirulaguntzak emateko ebazpena aldatu ahal izango da, Dirulaguntzen araubidea arautzen duen abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 16.4 eta 25. artikuluetan araututakoaren arabera.
19. artikulua.– Ez-betetzea eta itzulketa.
1.– Honako hauek izango dira ez-betetzeak:
a) Jasotako dirulaguntzak, osorik edo zati batean, agindu honetan aurreikusitakoez bestelako jardueretarako erabiltzea.
b) Eskaeran aurkeztutako baldintzetan proiektua gutxienez % 70ean ez garatzea, inplikatutako baliabideei, helburu eta edukiei, inplikatutako sektore eta eragileei eta hartzaile publikoei dagokienez.
c) Agindu honetan ezarritako betebeharrak edo, hala badagokio, dirulaguntza emateko egintzan ezarritakoak ez betetzea.
d) Hala badagokio, dirulaguntzaren likidazio-ebazpenean adierazitako zenbatekoa ez itzultzea, horretarako ezarritako epean.
e) Eskaerarekin batera aurkeztutako proiektuan edo jardueretan aldaketak egitea.
2.– Halako kasuren bat gertatuz gero, jasotako zenbatekoak eta dagozkion legezko interesak Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari itzuli beharko zaizkio, Dirulaguntzen araubidea arautzen duen abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 39. artikuluan aurreikusitako moduan eta bertan ezarritakoa bete ondoren.
20. artikulua.– Izaera pertsonaleko datuen babesaren arloko informazio-klausula (3/2018 Legea, abenduaren 5ekoa, datu pertsonalak babestekoa eta eskubide digitalak bermatzekoa).
Arduraduna: Kultura Sustatzeko eta Kultura eta Sormen Industrietako Zuzendaritza, Kultura eta Hizkuntza Politika Saila.
Helburua: kultura- eta sormen-sektoreko dirulaguntzak kudeatzea.
Lege-oinarria: interes publikoan eta tratamenduaren arduradunari esleitutako ahal publikoak gauzatzean egindako eginkizuna betetzeko beharrezko tratamendua (20/2023 Legea, abenduaren 21ekoa, dirulaguntzen araubidea arautzen duena).
Erakunde hartzaileak: arloan eskumenak dituzten administrazio publikoak.
Eskubideak: eskatzaileak bere datuak eskuratzeko, zuzentzeko eta ezabatzeko eskubidea du, baita informazio gehigarrian jasotzen diren beste eskubide batzuk ere.
Informazio gehigarria: www.euskadi.eus/informazio-klausulak/web01-sedepd/es/transparencia/024300-capa2-eu.shtml web-helbidean.
RSS