Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

91. zk., 2026ko maiatzaren 18a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

ONGIZATE, GAZTERIA ETA ERRONKA DEMOGRAFIKOAREN SAILA
2069

EBAZPENA, 2026ko maiatzaren 6koa, Etorkinen Harrera eta Integrazioko zuzendariarena, Migrazio eta Asilo Euskal Foroaren lan-batzordeetan parte hartzeko eskatzeko epea irekitzen duena.

Migrazio eta Asilo Euskal Foroa sortzen duen maiatzaren 9ko 67/2023 Dekretuaren 4.1 artikuluan ezartzen denez, osoko bilkuran eta lan-batzordeen eta batzorde iraunkorraren bidez jardungo du foroak.

Era berean, dekretu horren 4.2 artikuluak dio lan-batzordeak, hasiera batean, hamar hauek izango direla, eta iraunkorrak izango direla: (1) Gizarte-baliabideetakoa eta etxebizitzakoa, (2) Lanekoa, (3) Berme juridiko eta giza eskubideetakoa, (4) Hezkuntzakoa, (5) Osasunekoa, (6) Partaidetzakoa, kulturakoa eta sentsibilizaziokoa, (7) Harrerakoa eta bizikidetzakoa, (8) Berdintasunekoa, (9) Asilokoa eta (10) Euskarakoa eta hizkuntza-aniztasunekoa.

Halaber, 12.1 artikuluan adierazten da Eusko Jaurlaritzako sailen, erakundeen, unibertsitateen, erakundeen eta elkarteen ordezkariak izango direla lan-batzordeetako kideak, eta dekretu horretan xedatutakoaren arabera hautatuko direla ordezkari horiek.

Hain zuzen ere, elkarteek parte hartzeko prozesuari dagokionez, hauxe dio 16.1 artikuluak: Immigrazioaren eta asiloaren arloan lan egiten duten elkarteek lan-batzordeetan parte hartzeko prozesua antolatzeko, eta horretarako bakarrik, eskabideak aurkezteko epe bat jarriko da bi urterik behin eta EHAAn argitaratuko da.

Ildo horretatik, bi urte bete dira Migrazio eta Asilo Euskal Foroaren Osoko Bilkurak, sorrerako bileran, aho batez onartu zuenetik barne-funtzionamenduko araudia eta Foroaren Lan Batzordeetan parte hartu nahi zuten elkarteentzako partaidetza-prozesua. Hori dela eta, orain, parte hartzeko eskabideen beste epe bat ireki behar da.

Hori guztia dela eta, honako hau

EBAZTEN DUT:

1.– 15 eguneko epea zabaltzea, ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera, lan-batzorde horietan parte hartzeko eskabideak aurkeztu ahal izan ditzaten immigrazio-arloan lan egiten duten elkarteek (etorkinek osatutako elkarteek zein etorkinak babesteko elkarteek).

2.– Parte hartzeko eskabideek ebazpen honen eranskinean ezarritako eredua bete beharko dute.

3.– Elkarteek, 18.1 artikuluan ezarritakoaren arabera, telematikoki aurkeztu beharko dute eskabidea eta, horrekin batera, aurreko urtean egindako jardueren memoria ere bai, Etorkinen Integraziorako Harrera Zuzendaritzak –edo, hala badagokio, immigrazioaren arloko eskumena duen zuzendaritzak– jarritako epean eta eranskineko ereduaren arabera.

Vitoria-Gasteiz, 2026ko maiatzaren 6a.

Etorkinen Harrera eta Integrazioko zuzendaria,

IGNACIO FARIÑA SARASQUETA.

(Ikusi .PDF Fitxategia)

Azterketa dokumentala