Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

91. zk., 2026ko maiatzaren 18a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

HEZKUNTZA SAILA
2065

AGINDUA, 2026ko apirilaren 23koa, Hezkuntzako sailburuarena, zeinaren bidez deitzen baitira IRALE programaren 2026ko udako eta 2026-2027 ikasturteko ikastaroak eta ezartzen baita ikastarook egiteko plazak esleitzeko prozedura.

1994ko urtarrilaren 28ko Aginduaren bidez (1994-02-11ko EHAA) berritu zuen Hezkuntza Sailak IRALE programa osoa, eta antolamendu-arau berriak ezarri zizkion. Agindu horrek araudi nagusia eskaini dio IRALE programaren eguneroko jardunari, eta horren arabera antolatzen dira, gaur egun ere, programaren hainbat apartatu eta prozedura.

Apurka-apurka, beharrizan berriak agertu dira EAEko eskola-munduan. Ondorioz, IRALE programaren 1994ko moldaera hura premia berri horietara egokituz joan da hainbat xehetasunetan. Aldaketa xumeak edo oso xumeak izan dira egokitze-lan horietariko asko. Aldaketa horiek eta beste hainbat ez dira bat-batean egin, apurka-apurka baizik, eta, normalean, egoera berriaren ezaugarriak eta haien araberako lehentasun nagusiak kasuan kasuko solaskideekin eztabaidatuz, zehaztuz eta adostuz.

IRALE programaren urteetako ibilbide oparoari esker, euskal hezkuntzan aurrerapauso handiak eman dira euskararen ezagutzaren eta erabileraren normalizazioan. Hala ere, urteak joan urteak etorri, premia berriak sortu dira irakasleen hizkuntza-gaikuntzan izan den aldaketa tipologikoaren ondorioz, eta IRALEk, laguntza zerbitzu den aldetik, ahalik eta ongien erantzun beharko die etorkizunean ere irakasleen berariazko premia berri horiei, orain arte egin duen bezalaxe.

Abenduaren 30eko 252/2025 Dekretuaren bidez, Euskal Autonomia Erkidegoko unibertsitatez kanpoko irakasle funtzionarioen lan-baldintzak arautzen dituen Akordioa onartu zen. Bada, akordio horren 71. eta 73. artikuluetan, irakasleen hizkuntzen arloko trebakuntza hobetzeko prestakuntzari dagozkion alderdiak jasotzen dira.

Bestalde, Euskal Sektore Publikoan euskararen erabilera normalizatzeko otsailaren 22ko 19/2024 Dekretuak, 2. artikuluaren bidez, bere aplikazio-eremu subjektiboaren barruan sartzen ditu, besteak beste, unibertsitatez kanpoko irakasleak. Gauzak horrela, dekretuak biltzen dituen gainerako alderdiekin batera, III. kapituluan hizkuntza-eskakizunen sistemaren inguruan zehazten direnak aplikatuko dira.

Horri guztiari aurre egiteko, hezkuntza-arloan identifikatutako premietara moldatu da urte hauetan IRALE programa, eta euskarazko irakaskuntzan kalitatezko euskara bermatzen duten alderdi didaktikoetan eta materialetan sakondu du.

Euskal Autonomia Erkidegoko Hezkuntzaren 17/2023 Legearen oinarrizko balioak garatzen dituen IV. tituluak hizkuntzek Euskal Hezkuntza Sisteman duten tokia arautzen du. III. kapituluak irakasleen eta irakasle ez diren langileen hizkuntza-gaikuntza indartzeko modua aztertzen du.

Euskal Autonomia Erkidegoko Hezkuntzaren abenduaren 21eko 17/2023 Legearen VI. kapituluak jasotakoa gogoan, Euskararen eta Hizkuntzen Ikaskuntzarako Institutuari dagokio irakasleak hizkuntzen eta metodologien alorretan gaitzea, euskal kulturako transmititzeko gaikuntza ere barne dela.

Euskal Enplegu Publikoaren 11/2022 Legearen 22. artikuluak IVAPi esleitzen dio Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko langileen prestakuntzaren arloko eskumena, hargatik eragotzi gabe Hezkuntza Sailak prestakuntza-plana sustatzeko eta kudeatzeko duen eskumena (19.1.e).

Era berean, maiatzaren 30eko 75/2023, 76/2023 eta 77/2023 dekretuek, hurrenez hurren, Haur Hezkuntzari, Batxilergoari eta Oinarrizko Hezkuntzari eragiten diotenek, curriculuma zehaztu eta Euskal Autonomia Erkidegoan ezartzea dute helburu. Curriculumaren oinarrien eta ikasleen konpetentzien arloarekin batera, pedagogia eta kudeaketa-autonomiari propio eskaintzen zaio kapitulu bat. 77/2023 Dekretuaren 20. artikuluan, esaterako, «Irakasleen konpetentzia-profila, prestakuntza, koordinazioa eta ebaluazioa» zehazten direnean, irakasleen prestakuntzaren helburu nagusiak finkatzen dira. Irakasleek beren funtzioen berezko erantzukizunak, hau da, ikasleen irteera-profilari lotutako konpetentziak lortzen laguntzearekin loturiko erantzukizunak betetzeko izan beharreko konpetentzia-profil egokia zehazten da.

Azkenik, 2025–2028 aldirako Euskal Eskola Publikoa Eraldatzeko I. Plan Estrategikoak bere hirugarren ardatzean berariaz jasotzen du euskararen normalizazio linguistikorako, murgiltze-proiektuetarako eta irakasleen prestakuntza espezializaturako inbertsio estrategikoa. Eta Euskadiko Lanbide Heziketako 2030 Estrategiaren 6. helburuak euskarazko prestakuntzan eta eleaniztasunean aurrera egitea ezartzen du.

Hori guztia dela eta, hau

XEDATZEN DUT:

1. artikulua.– Xedea.

Agindu honen xedea da IRALE programaren 2026ko udako eta 2026-2027 ikasturteko ikastaroen eskaintza-deialdia egitea, bai lanorduz kanpokoak, bai lanorduetakoak, eta, ikastarook egiteko plazak lehia-araubidean esleitzeko prozedura ezartzea. Deialdi hau ikastaro horiek egin nahi dituzten unibertsitatez kanpoko irakaskuntza arautuko ikastetxe publikoetako eta itunpeko ikastetxe pribatuetako langileei bideratua dago.

I. KAPITULUA
ESKAINITAKO IKASTAROAK ETA BALDINTZAK

2. artikulua.– Eskaintzen diren ikastaroak.

1.– Ikastaroak lanorduetarako nahiz lanorduz kanporako eskaintzen dira (I. eranskina). Hau da ikastaro bakoitzeko plaza-kopurua:

a) Lanordu barneko ikastaroak (B2 eta C1 lortzeko):

U2 ikastaroa: 45 plaza.

U3 ikastaroa: 70 plaza.

3000 ikastaroa: 40 plaza.

4000 ikastaroa: 50 plaza.

5000 ikastaroa: 60 plaza.

b) Lanorduz kanpoko ikastaroak (B2 eta C1 lortzeko):

A ikastaroak: 150 plaza.

E ikastaroak: 200 plaza.

Lanorduz kanpoko ikastaroetan bete gabe geratzen diren plazek emendatu egingo dituzte eskaera eskaintza baino handiagoa duten lanorduz kanpoko ikastaroetako plazak. Dena dela, 2026ko aurrekontuetan kreditu egokia eta nahikoa egotearen mende egongo da lanorduetatik kanpoko plaza-kopurua.

A eta E ikastaroak euskaltegi zein barnetegietan egin ahal izango dira, aurrez aurreko modalitatean. Barnetegien kasuan, IRALEk eskola-orduak bakarrik lagunduko ditu diruz, ez egonaldi-gastuak. A eta E ikastaroetan bete gabe geratzen diren plazek emendatu egingo dituzte eskaera eskaintza baino handiagoa duten ikastaroetako plazak.

2.– I. eranskinean jasotzen da ikastaro bakoitza nori dagoen bideratuta.

3.– II. eranskinean jasotzen dira ikastaroak eta haien ezaugarriak.

3. artikulua.– Gehieneko ordutegi-liberazioko aldiak U2, U3, 3000, 4000 eta 5000 ikastaroetan.

Kontuan hartu behar da irakasle batek kontsumituta daukan urteko kreditua kalkulatzeko aintzat hartzen direla bizitza osoan hizkuntza-eskakizunak egiaztatzeko egin dituen liberaziodun ikastaro guztiak.

Lanorduetan eskainitako ikastaro hauetan (U2, U3, 3000, 4000 eta 5000) parte hartu ahal izateko, eskatzaileak ez ditu agortuta izango jarraian zehazten diren gehieneko ordutegi-liberazioko aldiak:

1.– Ikastetxe publikoetako irakasleek 3 urte izango dute guztira: horietatik gehienez 2 urte B2 lortzeko, eta gehienez 2 urte C1 lortzeko.

2.– Ikastetxe publikoetako Hezkuntza Bereziko hezitzaile lan-kontratudunek 3 urte izango dute guztira, salbu HLEA badute.

a) Guztizko 3 urte horietatik, gehienez 2 urte B2 lortzeko, eta gehienez 2 urte HLEA edo C1 lortzeko.

b) HLEA izanez gero, gehienez urtebete izango dute C1 eskuratzeko.

3.– Itunpeko ikastetxe pribatuetako irakasle finkoek guztira 2 urte izango dute C1 eskuratzeko.

4. artikulua.– Gehieneko ordu-kreditua eskola-orduz kanpoko A eta E ikastaroetarako.

Ikastetxe publikoetako eta itunpeko ikastetxe pribatuetako irakasleek eta Hezkuntza Bereziko hezitzaileek 2.550 ordu izango dituzte guztira, eta, salbuespenezko egoerarik ez bada, ordu horiek jarraian erabiliko dira; horietatik, gehienez 1.700 ordu B2 lortzeko, eta gehienez 1.700 ordu C1 lortzeko.

5. artikulua.– Ikastaroak non emango diren.

1.– Toki hauetan emango dira lanordu barneko ikastaroak:

U2, U3, 3000, 4000 eta 5000 ikastaroak HABEk izendatzen dituen ikasketa-elkarteetan eta IRALEko irakastegietan.

2.– Toki hauetan emango dira lanorduz kanpoko ikastaroak:

A eta E ikastaroak HABEk izendatzen dituen ikasketa-elkarteetan emango dira.

6. artikulua.– Ikastaro amaierako azterketak.

Onartutako ikasle bakoitzak dagokion mailaren azterketa egin beharko du ikastaroa amaitutakoan, betiere 3. artikuluko liberazio-aldien mugen barruan.

Langile publikoen hizkuntza-eskakizunen egiaztapena Euskal Enplegu Publikoaren abenduaren 1eko 11/2022 Legearen 189. artikuluan dago araututa. Ikastetxe pribatuetako eta itunpeko ikastetxeetako irakasleek Hezkuntza Sailak ebazpen baten bidez hizkuntza-eskakizunak egiaztatzeko urtero egiten duen deialdian parte hartuko dute. Ikastaroa 2027ko ekainean amaituz gero, ikasketariak urte horretako azterketak egiteko deialdiaren bigarren txandan egin beharko du azterketa.

7. artikulua.– A eta E ikastaroak, doakotasun-baldintzak, nahitaezko gutxieneko bertaratzea eta gutxieneko hori ez betetzearen ondorioak prezioa ordaintzean.

1.– Udako A eta E ikastaroetan, % 80koa da nahitaezko gutxieneko bertaratzea, eta, ikasturtean zehar egiten diren ikastaroetan, % 75ekoa.

2.– Nahitaezko gutxieneko bertaratzea betetzen bada, ikaslearentzat doan izango da ikastaroa egitea.

3.– Nahitaezko gutxieneko bertaratzea betetzen ez bada, ikastaroaren kostuaren % 50 ordaindu beharko du ikasleak. Ikasleari ordaintzea dagokion zatia ikasle horrek parte hartzen duen IRALE programako hurrengo A edo E ikastaroan ordaindu beharko du.

II. KAPITULUA
ESKAINITAKO PLAZAK ESLEITZEKO PROZEDURA

8. artikulua.– Ikastaroen hartzaileak.

Deialdi honetan jasotzen diren baldintzak eta eskakizunak betez gero, orokorrak edo ikastaroari berariaz dagozkionak, talde hauen parte diren pertsonek eska ditzakete ikastaroak, zeinak I. eranskinean «X» batez zehazten baitira talde bakoitzarentzat:

Ikastetxe publikoetako irakasle funtzionarioak, finkoak, bitartekoak eta aldi baterakoak.

Ikastetxe pribatuetako irakasle finkoak eta aldi baterakoak.

Ikastetxe publikoetako Hezkuntza Bereziko hezitzaile lan-kontratudun finkoak eta aldi baterakoak.

Haurreskolak Partzuergoko hezitzaile finkoak eta ez-finkoak.

Ikastetxe pribatuetako Hezkuntza Bereziko hezitzaile lan-kontratudunak eta 0-3 bitarteko haurren irakasle eta hezitzaileak.

Hezkuntza Saileko Hezkuntza Ikuskaritzako eta irakaskuntzaren laguntza-zerbitzuetako langileak.

9. artikulua.– Parte hartzeko eskakizunak.

1.– Ikastaro horiek egin nahi dituenak, I. eranskinean ikastaro bakoitzerako adierazitako taldekoa izateaz gain, 2025-2026 ikasturtean, deialdi honetako eskabide-epea ireki baino lehen, gutxienez egun batez lan egindakoa izan behar du. Lan hori bat etorri beharko da deialdi honetan parte hartzen duen langileen taldeari esleitutako lanarekin.

2.– U2, U3, 3000, 4000 eta 5000 ikastaroak egin ahal izateko, 1. puntuan adierazitakoez gain, honako hauek ere bete beharko dira:

a) Kasuaren arabera, ikastetxeko zuzendaritzaren, laguntza-zerbitzuaren edo Hezkuntza Ikuskaritzaren baimena izatea.

b) Liberazioak ikastetxeak planifikatutako jarduerekin lotzea. Jarduera horiek baliagarriak izango dira ikasleen hizkuntza-ikaskuntza, euskararekiko jarrera positiboak eta euskararen erabilera (bai gela barruan, baita eskolaz-kanpo ere) sustatzeko eta lantzeko (V. eranskina bete).

c) Hezkuntza Saileko bitarteko langileek eta aldi baterako langile lan-kontratudunek plaza lortu ahal izango dute, baldin eta ikasturte osoko lanpostu bat esleitzen bazaie ikasturtearen hasierako esleipen-prozeduran.

d) Ikastetxeetako langileek plaza lortu ahal izango dute, baldin eta lanpostu horretan ordezkoa egongo dela bermatzen bada.

e) 3. artikuluan ezarritako gehieneko ordutegi-liberazioko epeak ez gainditzea.

f) U2 ikastarorako, beharrezkoa izango da, gainera, III. eranskinean zehazten den eta hizkuntza-gaitasunaren maila neurtuko duen sarrera-proba gainditzea.

g) U3 ikastarorako, beharrezkoa izango da deialdia argitaratzen denerako egiaztatua izatea B2 edo baliokidea, edo Enplegu publikorako hautaketa- eta betetze-prozeduretarako apirilaren 3ko 47/2012 Dekretuan aurreikusitako salbuespen-egoera. Nolanahi ere, U2 ikastaroa egiteko liberatua dagoenak U3 ikastarorako eskabidea egiteko aukera izango du (paperean, aplikazioan ezin izango baitu), nahiz eta eskabidea egiteko momentuan B2 egiaztatuta ez izan.

h) 3000 ikastarorako, beharrezkoa izango da III. eranskinean zehazten den eta hizkuntza-gaitasunaren maila neurtuko duen sarrera-proba gainditzea.

i) 4000 ikastarorako, Hezkuntza Bereziko hezitzaileek deialdia argitaratzen den egunerako egiaztatua izan beharko dute B2 edo baliokidea, edo Enplegu publikorako hautaketa- eta betetze-prozeduretarako apirilaren 3ko 47/2012 Dekretuan aurreikusitako salbuespen-egoera.

j) 5000 ikastarorako, beharrezkoa izango da deialdia argitaratzen denerako egiaztatua izatea B2 edo baliokidea, edo Enplegu publikorako hautaketa- eta betetze-prozeduretarako apirilaren 3ko 47/2012 Dekretuan aurreikusitako salbuespen-egoera.

Ikastaroan hasi aurretik egiaztatuko da c) eta d) baldintzak betetzen direla.

3.– Lanorduz kanpoko A eta E ikastaroak egiteko, 1. apartatuan zehaztuaz gain, beharrezkoa izango da 4. artikuluan ezarritako gehieneko orduak ez gainditzea.

10. artikulua.– Eskabideak aurkeztea.

1.– Eskabideak (IV. eranskina) aurkezteko epea 15 egun baliodunekoa izango da, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

2.– Eskabideak non eta nola aurkeztu:

a) Funtzionarioek:

Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen 39/2015 Legearen 14.2.e) artikuluaren arabera, eskabideak, eta horiekin aurkeztu beharreko dokumentazioa, soilik baliabide elektronikoak erabilita aurkeztuko dituzte, helbide honetan:

https://www.hezigunea.euskadi.eus>izapideak langileen sailarekin>IRALE ikastaroak

b) Itunpeko ikastetxe pribatuetako langileek:

Eskabideak, eta horiekin aurkeztu beharreko dokumentazioa, aurrez aurre aurkeztu ahalko dituzte Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailaren lurralde-ordezkaritzetan edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen 39/2015 Legearen 16. artikuluan zehaztutako erregistroetako edozeinetan; edo, baliabide elektronikoak erabilita, helbide honetan:

https://www.hezigunea.euskadi.eus>izapideak langileen sailarekin>IRALE ikastaroak

11. artikulua.– Eskabideak zuzentzea.

Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 68. artikuluan aurreikusitakoaren arabera, eskabidean edo harekin batera aurkeztutako dokumentazioan (halakorik aurkeztu bada) forma-akatsak edo omisioak atzemanez gero, interesdunari jakinaraziko zaio gehienez 10 egun balioduneko epea duela akatsa zuzendu edo falta den dokumentua ekartzeko. Ohartaraziko zaio, halaber, hala egin ezean, eskabidean atzera egin duela ulertuko dela, aipatutako legearen 21. artikuluan aurreikusitako baldintzetan ebazpena eman ondoren.

Sektore publikoak bitarteko elektronikoen bidez jarduteko eta funtzionatzeko Erregelamendua onartzen duen martxoaren 30eko 203/2021 Errege Dekretuaren 14. artikuluaren arabera, zuzenketa-araubide hori aplikatuko zaie, halaber, harremanak bitarteko elektronikoen bidez izatera behartuta ez dauden pertsona fisikoei.

12. artikulua.– Plazak esleitzeko irizpideak.

1.– U ikastaroetako plazak eta 3000, 4000 eta 5000 ikastaroetakoak esleitzean, arau hauei jarraituko zaie:

a) Lehenik, aurreko ikasturtean U2 ikastaroa egin dutenei esleituko zaizkie U3 eta U2 ikastaroetako plazak.

b) Aurretik 3000, 4000 edo 5000 ikastaroak egin dituztenek lehentasuna izango dute.

2.– Eskabideak aurkeztu diren hurrenkeraren arabera esleituko dira gainerako ikastaroen plazak (A eta E), harik eta dauden plazak amaitu arte.

13. artikulua.– Prozeduran parte hartzeko eskabideak ez onartzeko ebazpena.

1.– Euskararen eta Hizkuntzen Ikaskuntzarako Institutuaren zuzendariak ebazpena emango du prozeduran baztertu diren eskabideen zerrenda ontzat emateko; bertan adieraziko du, halaber, eskabidea zer ikastarotarako baztertu den eta zein diren baztertzeko arrazoi zehatzak, eskakizunak ez betetzeak edo eskabidea behar bezala ez aurkezteak eragindakoak.

Epean aurkeztu diren eta eskabide onartu gabeen zerrendan agertzen ez diren eskabideak prozeduran onartu direla ulertuko da.

2.– Hezkuntza Sailaren web-orrian argitaratuko da prozeduran parte hartzeko onartu ez diren eskabideen zerrenda: (https://www.euskadi.eus/hezkuntza-euskara/). Jarraian adierazten diren ikastaroak egiteko datak ere bertan zehaztuko dira:

a) A eta E ikastaroak egiteko.

b) Karrerako funtzionarioek eta itunpeko ikastetxeetako irakasleek U ikastaroak egiteko.

c) Karrerako funtzionarioek eta itunpeko ikastetxeetako irakasleek 3000, 4000 eta 5000 ikastaroak egiteko.

d) Bitarteko funtzionarioek U ikastaroak egiteko.

e) Bitarteko funtzionarioek 3000, 4000 eta 5000 ikastaroak egiteko.

3.– Prozeduran ez onartua izatearen aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkez dakioke Hezkuntzako sailburuari, hilabeteko epean, ez onartzeko ebazpenaren argitalpena jakinarazten den egunetik aurrera.

14. artikulua.– Plazen behin-behineko esleipenen ebazpena.

1.– Euskararen eta Hizkuntzen Ikaskuntzarako Institutuaren zuzendariak ebazpena emango du ikastaro bakoitzeko plazen behin-behineko esleipen-zerrendak ontzat emateko.

Ebazpen horretan berariaz jasoko da bitarteko irakasleei plazak esleitu ahal izateko ezinbestekoa izango dela ikasturte osorako izendapena lortzea.

2.– Hezkuntza Sailaren web-orrian argitaratuko dira zerrendak (https://www.euskadi.eus/hezkuntza-euskara/). Zehazki, zerrenda hauek argitaratuko dira:

a) A eta E ikastaroak egiteko.

b) Karrerako funtzionarioek eta itunpeko ikastetxeetako irakasleek U ikastaroak egiteko.

c) Karrerako funtzionarioek eta itunpeko ikastetxeetako irakasleek 3000, 4000 eta 5000 ikastaroak egiteko.

d) Bitarteko funtzionarioek U ikastaroak egiteko.

e) Bitarteko funtzionarioek 3000, 4000 eta 5000 ikastaroak egiteko.

3.– Ebazpen horren aurka, erreklamazioa aurkeztu ahal izango dute interesdunek lau eguneko epean, argitaratzen denetik aurrera.

Idatziz aurkeztuko zaizkio erreklamazioak Ikaskuntzaren eta Hezkuntza Berrikuntzaren Lurralde Burutzari, posta elektronikoz nahiz ohiko postaz.

15. artikulua.– Behin-behinean esleitutako plazari uko egitea.

1.– Aurreko artikuluan zehaztutako 4 eguneko epean plazaren behin-behineko esleipena lortu dutenek uko egin diezaiokete plazari.

2.– Idatziz aurkeztuko zaio uko-egitea Ikaskuntzaren eta Hezkuntza Berrikuntzaren Lurralde Burutzari, posta elektronikoz nahiz ohiko postaz.

Helbideak:

Arabako Hezkuntza Ordezkaritza. Euskara Atala.

Helbide elektronikoa: huisarep3@euskadi.eus

Bizkaiko Hezkuntza Ordezkaritza. Euskara Atala.

Helbide elektronikoa: huisb130@euskadi.eus huisb074@euskadi.eus

Gipuzkoako Hezkuntza Ordezkaritza. Euskara Atala.

Helbide elektronikoa: huisg006@euskadi.eus

16. artikulua.– Plazen behin betiko esleipenen ebazpena eta erreserba-zerrenda.

1.– Euskararen eta Hizkuntzen Ikaskuntzarako Institutuaren zuzendariak ebazpena emango du ikastaro bakoitzeko plazen behin betiko esleipen-zerrendak ontzat emateko.

Ebazpen horretan berariaz jasoko da bitarteko irakasleei eta aldi baterako langileei plazak esleitu ahal izateko ezinbestekoa izango dela ikasturte osorako izendapena lortzea eta deialdi honetan ikastaro bakoitzerako zehaztutako baldintzak betetzea.

2.– Hezkuntza Sailaren web-orrian argitaratuko dira zerrendak: (https://www.euskadi.eus/hezkuntza-euskara/). Zehazki, zerrenda hauek argitaratuko dira:

a) A eta E ikastaroak egiteko.

b) Karrerako funtzionarioek eta itunpeko ikastetxeetako irakasleek U ikastaroak egiteko.

c) Karrerako funtzionarioek eta itunpeko ikastetxeetako irakasleek 3000, 4000 eta 5000 ikastaroak egiteko.

d) Bitarteko funtzionarioek U ikastaroak egiteko.

e) Bitarteko funtzionarioek 3000, 4000 eta 5000 ikastaroak egiteko.

3.– Ebazpen horrek barne hartuko du ikastaro bakoitzerako erreserba-zerrenden onarpena. Baldin eta, ikastaroa hasi baino lehen, plaza esleitu zaion norbaitek baja ematen badu, erreserba-zerrendaren arabera esleituko da plaza hori.

4.– Behin betiko ebazpenaren aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango diote interesdunek Hezkuntzako sailburuari hilabeteko epean, argitaratzen denetik aurrera.

17. artikulua.– Gehieneko liberazio-aldiari eragiten dion ikastaroari uko egitea, mediku-bajagatik.

1.– Zenbait ikastarotan parte hartzeko, langileak ezin ditu ordutegiaren gehieneko liberazio-aldiak gainditu; bada, kasu horietan, mediku-bajagatik ikastaroari uko eginez gero ikastaroa gauzatzen ari den datetan, ikastaroaren esleipena ez da zenbatuko 3. artikuluan aipatzen den ordutegiaren gehieneko liberazio-aldiaren ondorioetarako.

2.– Aurreko 1. apartatuan xedatutakoa aplikatu ahal izateko, arau hauek bete beharko dira:

a) Interesdunak mediku-bajagatik uko egiteko eskabidea aurkeztea bere lantokiari dagokion lurralde-ordezkaritzako Ikaskuntzaren eta Hezkuntza Berrikuntzaren Unitatean. Laneko bajaren mediku-agiriak erantsiko zaizkio eskabide horri.

b) Baja gertatzen den ikasturtean aurkeztu beharko da eskabidea, eta, betiere, ikastaroa amaitzeko zehaztutako egunaren aurretik edo, B2 eta C1 ikastaroen kasuan, azterketa-egunaren aurretik.

3.– Ikastaroa esleitzeak ez dezan eraginik izan gehieneko liberazio-aldiaren zenbaketan, eskakizun hauek ere bete beharko dira:

a) IRALE programaren barnean, behin baino ez zaio onartuko pertsona bakoitzari ikastaroa ez zenbatzea gehieneko liberazio-aldiaren ondorioetarako.

b) Osasun Ikuskaritzak ontzat eman behar du mediku-baja.

c) U2 edo U3 ikastaroetan, baja-aldia 60 eta 109 eskola-egun bitartekoa bada, soilik eskatu ahal izango da urte erdiko liberazio-aldia ez zenbatzea. Baja-aldia gutxienez 110 eskola-egunekoa bada, onartuko zaio ikastaro osoa ez zenbatzea, eta aukera emango zaio ikastaroa hurrengo deialdian egiteko.

d) 3000, 4000 eta 5000 ikastaroetan, baja-aldia gutxienez 30 eskola-egunekoa izan beharko da ikastaroa ez zenbatzea onartzeko.

e) Sailak ez dio ez zenbatzea onartuko ikastaro amaieran dagokion maila edo hizkuntza-eskakizuna gainditu duen inori, nahiz eta zenbatua ez izateko eskakizun guztiak bete.

4.– Gehieneko liberazio-aldiaren ondorioetarako ikastaroa ez zenbatzeak berarekin dakar hurrengo ikasturtean liberatua izateko lehentasuna galtzea.

5.– A eta E ikastaroetan, 7.3 artikuluan eskoletara ez bertaratzeagatik aurreikusitako ondorio ekonomikoak ez dira gauzatuko baja medikoak tarteko, hala badagokio.

18. artikulua.– Ikasketariak hizkuntza-eskakizuna gainditzea.

1.– Ikasketariak liberazioa hasi eta dagokion hizkuntza-eskakizuna egiaztatzen badu, ikastetxera bueltatu beharko du. Horren ondorioz, ordezkoaren kontratua eten egingo da.

19. artikulua.– HABEk izendatutako ikasketa-elkarteetan emango diren ikastaroetan matrikulatzea.

1.– Jarraian adierazitakoaren arabera egingo dute matrikula ikasketa-elkarte batean emango diren ikastaroetan plaza eskuratu dutenek:

a) Hautatutako ikastaroaren arabera, plaza lortu dutenek https://www.hezigunea.euskadi.eus web-orrian izango dute eskura ikasketa-elkarteen zerrenda, bertatik aukeratu ahal izateko.

b) Plaza esleitu zaienei matrikula-fitxa bana bidaliko die Hezkuntza Sailak, esleipendunak, bidalketa horretan zehazten den epean, matrikula egin dezan ikasketa-elkartean. Hezkuntza Sailaren web-orrian argitaratuko dira datak:

1.– Udako ikastaroetarako fitxa bidaltzea.

2.– Ikasturtean zehar egiteko ikastaroetarako fitxa bidaltzea.

c) Pertsona bakoitzak Hezkuntza Sailak emandako matrikula-fitxa aurkeztuko du aukeratutako ikasketa-elkartean. Onartzen badute, ikastetxe horretan matrikulatua geldituko da.

d) Baldin eta esleipendunak, Hezkuntza Sailaren web-orrian zehaztutako bidaltze-datatik bost eguneko epean, matrikula-fitxarik jasotzen ez badu, dagokion Hezkuntza Ordezkaritzako Euskara Atalera jo beharko du. Edonola ere, ikastaroa esleitu zaion norbaitek, berari egotzi ezin zaizkion arrazoiengatik, matrikula-fitxa jasotzea lortzen ez badu, ez du horregatik plaza galduko eta beste bide batetik helaraziko zaio ahal den arinen.

20. artikulua.– Datu pertsonalak babestea.

Datuen babesari buruzko oinarrizko informazioa.

Datu pertsonalak tratatu egingo dira, eta tratamendu-jarduera honetan sartuko: Irakasleen prestakuntza.

Arduraduna: Euskararen eta Hizkuntzen Ikaskuntzarako Institutua, Hezkuntza Saila.

Helburua: Irakasleen prestakuntzarako jarduerak. Irakasleen hizkuntza-gaikuntza, IRALE programa. Euskal Autonomia Erkidegoko unibertsitatez kanpoko Irakasleen Etengabeko Prestakuntzarako Plana (Prest Gara plana). Jardueren jarraipena.

Legitimazioa:

Tratamendua beharrezkoa da, interes publikoaren izenean edo tratamenduaren arduradunari esleitutako botere publikoak egikaritzean egin behar den eginkizun bat betetzeko.

Hartzaileak:

Autonomia Erkidegoko beste organo batzuk.

Euskaltegiak, buletina, HABE

Eskubideak: eskubidea duzu datuak irispidean izateko, datuak zuzentzeko eta ezerezteko, baita informazio gehigarrian jasotzen diren bestelako eskubide batzuk ere.

Informazio gehigarria: gure web-orrian kontsulta dezakezu datuen babesari buruzko informazio gehigarri eta zehaztua:

https://www.euskadi.eus/informazio-klausulak/web01-sedepd/eu/gardentasuna/050300-capa2-eu.shtml

Tratamendu Jardueren Erregistroa (TJE):

https://www.euskadi.eus/web01-aprat/eu/ac34aRatWebWar/control/fichaRat/1719

Araudia:

Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorra:

(www.euskadi.eus/contenidos/informacion/normativa_dpd/eu_def/adjuntos/RGPD-2016_0679_eu.pdf).

3/2018 Lege Organikoa, abenduaren 5ekoa, Datu Pertsonalak Babestekoa eta Eskubide Digitalak Bermatzekoa (www.boe.es/boe_euskera/dias/2018/12/06/pdfs/BOE-A-2018-16673-E.pdf).

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA

Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beronen aurka, aukerako berraztertze-errekurtsoa aurkeztu ahalko zaio Hezkuntzako sailburuari, hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkeztu ahalko da Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusian, bi hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA

Agindu honek EHAAn argitaratzen den egunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2026ko apirilaren 23a.

Hezkuntzako sailburua,

MARÍA BEGOÑA PEDROSA LOBATO.

(Ikusi .PDF Fitxategia)

Azterketa dokumentala