Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

91. zk., 2026ko maiatzaren 18a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

INDUSTRIA, TRANTSIZIO ENERGETIKO ETA JASANGARRITASUNAREN SAILA
2064

EBAZPENA, 2026ko apirilaren 20koa, Ingurumen Administrazioaren zuzendariarena, zeinaren bidez formulatzen baita Oiartzungo (Gipuzkoa) ITU-2B eta ITUC2C azpiarloen Hiri Antolamenduko Plan Bereziari buruzko ingurumen-txosten estrategikoa.

AURREKARIAK

2026ko urtarrilaren 23an, Oiartzungo Udalak eskabidea aurkeztu zuen Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzan, Oiartzungo (Gipuzkoa) ITU-2B eta ITUC2C azpiarloen Hiri Antolamenduko Plan Bereziaren (aurrerantzean, plana) ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatua egiten hasteko. Eskabidearekin batera, hainbat dokumentu aurkeztu zituen; besteak beste, planaren zirriborroa eta ingurumen-dokumentu estrategikoa, Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 16. eta 29. artikuluetan ezarritako edukiarekin.

Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 75. artikulua aplikatuz, 2026ko abenduaren 17an Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak izapidea hasi zuen eragindako administrazio publikoei eta interesdunei kontsultak egiteko, eta espedientean jasota dago emaitza. Era berean, Oiartzungo Udalari jakinarazi zion hasiera eman ziola prozedurari.

Halaber, espedientean jasotako dokumentuak eskuragarri egon ziren Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasunaren Saileko web-orrian, interesdun orok aukera izan zezan ingurumenaren arloan egokitzat jotzen zituen oharrak egiteko.

Legezko erantzun-epea amaituta, eta espedientean jasotako dokumentazio teknikoa aztertu ondoren, egiaztatu da ingurumen-organoak baduela behar beste judizio-elementu ingurumen-txosten estrategikoa egiteko, bat etorriz abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 75. artikuluarekin.

ZUZENBIDEKO OINARRIAK

Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 60. artikuluan xedatutakoaren arabera, dagokion ingurumen-ebaluazioko prozeduraren mende jarri behar dira, nahitaez, ingurumenean ondore nabarmenak izan ditzaketen plan, programa eta proiektuak, bai eta haien aldaketak eta berrikuspenak ere, ingurumen-babes handia bermatzeko eta garapen jasangarria sustatzeko.

Plana abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 72.2 artikuluan aurreikusitako kasuen artean dago; bertan aurreikusten da zer plan eta programek behar duten ingurumen-organoak egindako ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatua, zehaztu ahal izateko plan edo programak ez duela ingurumen-ondore nabarmenik –ingurumen-txosten estrategikoaren arabera–, edo plan edo programak ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta behar duela, ingurumenean ondore nabarmena izan dezakeelako.

Planak ez du esparrurik ezartzen ingurumen-inpaktuaren ebaluazioari lotuta dauden proiektuei baimena emateko. Ez die, halaber, Natura 2000 Sareko espazioei ere eragiten, ezta natura-ondareari eta biodibertsitateari buruzko oinarrizko legeriak edo Euskal Autonomia Erkidegoko natura zaintzeko legeria aplikatuz emandako arau-xedapen orokorrek edo nazioarteko hitzarmenek eragindako ingurumen-babeserako araubideren bat duten espazioei ere.

Ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatuaren prozedura 75. artikuluan araututa dago, abenduaren 9ko 10/2021 Legearen II.C eranskinean ezarritako irizpideen arabera.

Planaren dokumentazio teknikoa aztertu ostean, eta kontuan hartuta ingurumen-dokumentu estrategikoa zuzena dela eta betetzen dituela indarrean dagoen araudian aurreikusitako alderdiak, Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak ingurumen-txosten estrategiko hau ematen du, Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasunaren Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen abenduaren 3ko 410/2024 Dekretuaren arabera. Txosten honetan, aztertzen da ea planak ondore nabarmenak izan ditzakeen ala ez ingurumenean, eta, beraz, bete behar duen ala ez ingurumen-ebaluazio estrategiko arruntaren prozedura, edo, bestela, zer baldintza ezarri behar diren plana gauzatu eta ingurumena behar bezala babesteko.

Honako hauek hartu dira kontuan: abenduaren 9ko 10/2021 Legea, Euskadiko Ingurumen Administrazioarena; abenduaren 9ko 21/2013 Legea, Ingurumen-ebaluazioari buruzkoa; urriaren 16ko 211/2012 Dekretua, Planen eta programen ingurumenaren gaineko eraginaren ebaluazio estrategikoa egiteko prozedura arautzen duena; abenduaren 3ko 410/2024 Dekretua, Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasunaren Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duena; urriaren 1eko 39/2015 Legea, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena; urriaren 1eko 40/2015 Legea, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoarena, eta aplikatzekoa den gainerako araudia. Horrenbestez, hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Formulatzea Oiartzungo (Gipuzkoa) ITU-2B eta ITUC2C azpiarloen Hiri Antolamenduko Plan Bereziaren ingurumen-txosten estrategikoa, honela:

A) Planaren deskribapena: helburuak eta jarduketak.

Planaren xedea da Oiartzungo Hiri Antolamenduko Plan Orokorreko AIU ITU 2 Ekitaldea jarduketa-arloko ITU-2B eta ITU-2C azpiarloen antolamendu xehatua egitea. Azpiarlo horietan, ITU-2A, ITU-2B eta ITU-2C gisa identifikatutako hiru azpiarlo mugatzen dira. ITU – 2B azpiarloak 2.077 m2-ko azalera dauka; ITU – 2C azpiarloak, aldiz, 2.293 m2-koa.

Planaren helburu orokorren artean, hauek daude: planaren ondoriozko eraikuntza inguruko hiri-egituran integratzea, egungo topografia eta egon daitezkeen elementu naturalak errespetatzea, natura- eta paisaia-balioak kontserbatzea eta balioztatzea, eta lurzorua ahalik eta gutxien okupatzea eta iragazgaiztea, ahalegina eginda inguruaren tipologiarekin eta eraikuntza berriekin bat datorren berdegune bat mantentzeko. Planaren helburu espezifikoen artean, hauek daude: bi eraikuntza dituen antolamendu-irtenbide bat planteatzea, haren garapena independizatzeko; espazio libreak sortzea hegoalderantz, eguzkiztapena erraztuz; Orma etxearen gaineko eragin bisuala minimizatzea eta Tonkolo eta Erretxikine etxeetatik urruntzea; errekastotik eraikuntzara dagoen 12 metroko gutxieneko distantzia errespetatzea, eta guneko aparkalekuak gaitzea.

Proposatutako antolamenduak bi etxebizitza-bloke jasotzen ditu, erabat independenteak eta ITU-2B eta ITU-2C lurzatiei lotuak.

ITU-2B lurzatiari dagokion blokean, etxebizitza libreak eta HAPOn aurreikusitako hirugarren sektoreko erabilerako azalera kokatuko dira. Lurzatia oinplano angeluzuzenekoa da, GI-3631 errepidearekiko paraleloan dago, nabarmen, eta Orma eraikinaren lerrokadurei eusten die, gutxi gorabehera, baina, kasu honetan, eraikinaren ardatz nagusia perpendikularra da Orma eraikinarekiko. Haren profila hau da: erdisotoa + beheko solairua + IV.

ITU-2C lurzatiari dagokion blokea konfiguratzen da bi lerrokadurari jarraituz. Motzena mendebaldean dago, eta eutsi egiten die 2B blokerako definitutako lerrokadurei. Luzera handieneko lerrokadura ekialdean dago; jarraitu egiten dio dio Ziara errekak bere zati kanalizatuan definitutako lerrokadurari, zeina GI-3631 errepidearen azpitik baitoa, eta 12 metroko tartea errespetatzen du ibai-ibilguarekiko, gai horretan indarrean dagoen araudiak eskatzen duen bezala. Bloke horretan kokatuko dira babes sozialeko etxebizitza guztiak. Proposatutako eraikuntzaren profila hau da: erdisotoa + beheko solairua + III.

Antolamenduaren ondoriozko espazio publiko nagusia bi eraikuntza-blokeen hegoaldean dago, zuzenean lotuta Bidezarra kalearekin; espazio hori, bestalde, irekita geratzen da hego-mendebaldean. Antolamenduaren espazio publiko nagusi hori zuzenean lotzen da Bidezarra kalearekin, eraikinak kale horren iparraldeko espaloiarekin lotzen dituzten bi oinezko-pasabideren bidez. Bi blokeen artean doan oinezko-pasabidea iparralderantz luzatzen da, eta aukera ematen du Bidezarra kalea eta GI-3631 errepidea lotzeko. Bidezarra kalearen mendebaldeko muturraren eta Orma eraikinaren ekialdean dagoen plataformaren artean dagoen kota-aldea gainditzeko, lerrokatutako bi zatiko eskailera bat gaituko da.

Hiri-azpiegiturak eta -zerbitzuak atxikita daude, eta, beraz, ez da aurreikusten inolako eraginik izango duenik zangak edo lineak irekitzearen ondorioz.

Hautabideei dagokienez, ingurumen-dokumentu estrategikoak adierazten du hasieratik baztertu dela 0 hautabidea, guneko garapen-helburuak urratzen dituelako. Kokapen-hautabideak baztertu egin dira, hierarkikoki goragokoa den plangintzak zehazten duelako kokapena, eta antolamenduko bi hautabide aztertu dira: 1. hautabideak bloke bakar bat aurreikusten du, «L» formakoa, ITU-2B eta ITU-2C lurzatiei dagokien eraikuntza-garapenerako. Antolamenduaren ondoriozko espazio publiko nagusia bi lerrokadura nagusien iparraldean eta mendebaldean dago, eta, beraz, irekita dago ipar-ekialdean.

2. hautabidean, hots, planak garatutako hautabidean, arloaren eraikuntza-garapena bi bloketan banatzen da, biak erabat independenteak, ITU- 2B eta ITU-2C lurzatiei lotuta. ITU-2B lurzatiari dagokion blokean, etxebizitza libreak eta HAPOn aurreikusitako hirugarren sektoreko erabilerako azalera daude, erdisotoa + beheko solairua +IV eraikuntza-profilarekin; ITU-2Cri dagokion blokean kokatuko dira, bestalde, erdisotoa + beheko solairua + III eraikuntza-profila duten babes sozialeko etxebizitza guztiak. Antolamenduaren ondoriozko espazio publiko nagusia bi eraikuntza-blokeen hegoaldean dago, zuzenean lotuta Bidezarra kalearekin; espazio hori, bestalde, irekita geratzen da hego-mendebaldean.

Ingurumen-dokumentu estrategikoan hautabideak ingurumen aldetik aztertuta, justifikatuta dago 2. hautabidea aukeratzea, bete egiten baititu planak proposatutako ingurumen-helburuak eta helburu espezifikoak: hiri-ingurumenerako dauden natura-balioak errespetatu eta mantentzen ditu, ahalik eta azalera iragazgaiztu txikiena lortzen du, eta eremuaren zonakatze xehatua erregulatzen eta antolatzen du. Gainera, hautabide horrek errazten du arloa kudeatzeko lana, arloaren eraikuntza-garapena bi bloketan banatzen baitu, HAPOk hasieran aurreikusitako bloke bakarrean beharrean. Hala, ahalbidetzen du haiek modu erabat independentean garatzea eta kudeatzea.

Plana garatzeko, aurreikusten da hirigintzako jarduketa-programa bat, zeinari jarduketa-sistema ezartzeko ardura ematen baitzaio, eta urbanizazio-proiektu bat.

B) Proposatutako planaren ezaugarriak aztertu ondoren, eta abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 75.3 artikuluarekin bat etorriz, aztertu da zein diren lege horren II.C eranskinean ezarritako irizpideak, erabakitzeko ea planak ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta behar duen ala ez.

1.– Planaren ezaugarriak, bereziki alderdi hauek kontuan hartuta:

a) Planak zer neurritan ezartzen duen proiektuetarako esparrua: kontuan hartuta kokapena, eragindako arloaren ingurumen-ezaugarriak, proposatutako garapenaren garrantzia eta etorkizunean planaren esparruan gauzatuko diren proiektuen izaera, ez dago zertan jarri plana ingurumen-ebaluazio estrategiko arruntaren mende, uste da-eta ez duela berezitasunik.

b) Planak zer neurritan duen eragina beste plan edo programa batzuetan, hierarkizatuta daudenak barne: planak ezartzen du zein den Ekitaldea HIE ITU 2 jarduketa-arloko ITU-2B eta ITU-2C azpiarloen antolamendu xehatua, udalerrian indarrean dagoen plangintza orokorraren arabera. Planak, bere ezaugarriak kontuan hartuta, ez du ingurumen-ondore nabarmenik izango beste plan edo programa batzuetan. Ez da hauteman bateraezintasunik hierarkian gorago dagoen plangintzarekin.

c) Plana egokia ote den ingurumen-alderdiak integratzeko eta, bereziki, garapen jasangarria sustatzeko: plana egokitzat jotzen da garapen jasangarria sustatzeko kontuan hartu behar diren alderdiak integratzeko; izan ere, energia-aurrezpena eta -efizientzia bultzatzeko neurriak gehitu daitezke planean.

d) Planari loturiko ingurumen-arazo nabarmenak: ez da hauteman plana gauzatzearen ondoriozko ingurumen-arazo nabarmenik, baldin eta planaren eraginpeko eremuarekin lotutako jarduketak eta jarduerak indarrean dagoen araudia betez gauzatzen badira, arlo hauetan, besteak beste: urak, zarata eta kutsadura akustikoa, soberakinen, hondakinen eta isurketen kudeaketa, segurtasuna, osasuna eta ingurumena.

e) Era berean, plana egokitzat jotzen da Europar Batasuneko edo Estatuko ingurumen-arloko legedia ezartzeko.

2.– Ondoreen eta eragina jasan dezakeen arloaren ezaugarriak:

Planak bi lurzati antolatzen ditu, hiri-lurzoru finkatugabekoak biak, Oiartzungo Iturriotz auzoan, Araneder eta Bidezarra kaleen artean.

Arloa Oiartzungo Unitate Hidrologikoan sartzen da, Kantauri Ekialdeko Demarkazio Hidrografikoaren barruan, eta bat dator Ziara errekastoarekin. Errekasto horrek 3,5 km2-ko arroa dauka, eta partzialki lurperatutako eremua zeharkatzen du. Eremuak bat egiten du Plan Hidrologikoaren bidez Babestutako Guneen Erregistroko «gune sentikorrak hartzeko arloekin». Planaren eremua «Andoain-Oiartzun» lurpeko ur-masaren gainean dago, zeina egoera onean baitago, oro har.

Litologian, igeltsudun buztinak eta beste gatz iragazgaitz batzuk ageri dira. Hori dela eta, errazagoa da eremu horretan ez antzematea akuiferoen kutsadurarekiko zaurgarritasunik. Ikuspuntu edafologikotik, ingurumen-dokumentu estrategikoak adierazten du lurzoruak ekintza antropogenikoagatik aldatu direla. Lurzoruok VIII klase agrologikoari dagozkio, balio agronomiko oso urria edo hutsala dute, eta kontserbazio- eta paisaia-erabilerara mugatzen dira.

Eusko Jaurlaritzaren 2007ko landarediaren kartografiaren arabera (geoEuskadi), eremua hiri-parkez, lugorriz, belardiz eta nekazaritza-laborez osatutako mosaiko bat da. Ingurumen-dokumentu estrategikoaren arabera, bertako landarediak murriztu egiten ditu landareztatzeak, baratzeak eta urbanizatu gabeko belardiak, eta eremuaren barruan ez dago zuhaitz-eite autoktonoko espezierik, salbu Ziara errekastoaren erriberako aleren bat, eta ez da identifikatu mehatxatutako flora-espezierik. GeoEuskadiko habitaten kartografiaren arabera, eremuak bat egiten du Batasunaren intereseko 6510 habitatarekin (larratu gabeko sega-belardi atlantikoa), nahiz eta ingurumen-dokumentu estrategikoak adierazten duen landa-bisitan ez dela aurkitu Batasunaren intereseko habitatik.

Planaren eremuak ez du ukitzen mehatxatutako fauna kudeatzeko planen xede den espaziorik. Ez planaren eremuan, ez haren inguruan, ez da topatu Batasunaren intereseko hegazti nekrofagoen ezein kudeaketa-planetan sartutako eremurik, ezta abifaunarentzako babes-gunerik ere, Ingurumen eta Lurralde Politikako sailburuaren 2016ko maiatzaren 6ko Aginduaren arabera (2016-05-23ko EHAA, 96. zk.). Eremuko fauna hiriko eta hiri-inguruko berezko espezieak dira; aurkeztutako dokumentazioan, ez da fauna-espezie mehatxaturik identifikatu.

Bestalde, eremuan ez dago Natura 2000 sareak babestutako naturagunerik, ez eta beste babes-gunerik ere; era berean, ez dago EAEko Interes Geologikoko Lekuen Inbentarioan jasotako interes geologikoko lekurik, ez eta EAEko igarobide ekologikoen sareko elementurik ere. Halaber, ez dago jasota ezein katalogotan (EAEko naturagune garrantzitsuen katalogo irekia eta LAGetako natura-intereseko arloen zerrenda). Ziara errekastotik behera, Oiartzun ibaia trama urdin gisa sartzen da EAEko azpiegitura berdean.

Planaren xede-lurzatietan, ez dago kalifikatutako edo inbentarioan sartutako kultura-ondareko elementurik. Era berean, ez du inbentariatutako edo katalogatutako paisaia-baliorik.

Ingurumen-arriskuei dagokienez, ez da hauteman ibai-uholdeengatiko arrisku-arazorik, ez lurzorua kutsa dezaketen jarduerak edo instalazioak dituzten lurzoruen presentziaren ondoriozko arriskurik. Era berean, ez dago sismikotasunaren edo baso-suteen ondoriozko arriskurik, eta ez da hauteman salgai arriskutsuak garraiatzearen edo SEVESO III Zuzentarauaren mendeko enpresetatik gertu egotearen ondoriozko arriskurik.

Eremuaren egoera akustikoari dagokionez, planak azterlan bat jaso du, inpaktu akustikoari buruzkoa eta, haren arabera, kalitate akustikoko helburuak beteko dira, aldi guztietan aplika daitezkeenak, bai gaur egungo egoeran, bai etorkizunekoan.

Aurreko hori ikusita, eraikuntza berria eraikitzearekin lotuta daude plana garatzearen ondoriozko eragin nagusiak. Obrak egiten diren artean, ondorio hauek izango dira: sastrakak kentzea, landaretza eta ortuak ezabatzea, lurrak mugitzea eta soberakinak eratzea, hondakinak sortzea, lurzorua okupatzea, makinak joan-etorrian ibiltzea, urei eta lurzoruei eragitea istripuzko isurketengatik, herritarrei enbarazu egitea emisio atmosferikoengatik eta zaratagatik eta abar. Hori guztia, nagusiki hiritarra den inguru batean. Fase honetan, Ziara errekastoari eragiteko arriskua dago.

Ustiapen-fasean, arlo horretako bizitegi-jarduera areagotzeak, mugikortasuna handitzeak, baliabideen kontsumoak eta hondakinen ekoizpenak eragingo dituzte inpaktu nagusiak.

Proposatzen diren jarduketak eta haien eraginak aztertu ondoren, uste da inpaktu horiek txikiak izango direla, eta, oro har, aldi baterakoak eta itzulgarriak izango direla, baldin eta indarrean dagoen legeria betetzen bada –batez ere, urei, zaratari eta kutsadura akustikoari nahiz soberakinen, hondakinen eta isurketen kudeaketari buruzkoa– eta obrak horrelako jarduketarako jardunbide egokiak betez egiten badira.

Soilik aintzat hartuta zein izan daitezkeen planak indarrean dagoen plangintzarekiko proposatu dituen aldaketen ondoriozko eraginak, ez da aurreikusten inongo ingurumen-eragin nabarmenik.

Kontuan harturik aurreko guztia, eremuaren gaur egungo egoera, planetik eratortzen diren jarduketak eta aurrerago proposatzen diren prebentzio-, babes- eta zuzenketa-neurriak, ez da espero jarduketa horiek inpaktu nabarmenik sortuko dutenik ingurumenean.

3.– Ebazpen honetan, babes- eta zuzenketa-neurri hauek ezartzen dira, planak ingurumenean ondore kaltegarri nabarmenik izan ez dezan eta beharrezkoa izan ez dadin Oiartzungo (Gipuzkoa) ITU-2B eta ITUC2C azpiarloen Hiri Antolamenduko Plan Bereziaren ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta egitea, baldin eta ezarritako babes- eta zuzenketa-neurriak txertatzen badira.

Babes- eta zuzenketa-neurriak gauzatzeko, bete egingo dira, bai indarreko araudia, bai ingurumen-txosten estrategikoak formulatzen duen ebazpenean ezartzen direnak, eta, aurrekoaren aurkakoa ez den orotan, baita ingurumen-dokumentu estrategikoan eta planean bertan jasotzen dena ere.

Beraz, hauek dira planak jaso beharko dituen zehaztapenetako batzuk:

Natura-ondarea babesteko neurriak.

Planaren ordenantza partikularrek erreferentzia egingo diote Ziara errekastoaren erriberako zuhaitz autoktonoen kontserbazioari, eta planaren «Berdeguneak» azpigunearen diseinuan integratuko dute.

Paisaia-integrazioarekin lotutako neurriak.

Planak esplizituki jasoko du ezen plana garatzeko erabiliko den urbanizazio-/eraikuntza-proiektuak «Zaharberritze-proiektu» bat izan behar duela, zeinak jasoko baitu zer arlotan eragin behar den proiektua gauzatzeko; horrez gain, proiektu horrek behar besteko xehetasun-mailarekin garatuko ditu jarduketak, aurrekontua barne.

Gune libreak landareztatzeko, «Lorategi eta berdegune jasangarriak diseinatzeko eskuliburua» liburuxkan jasotako gomendioak eta neurriak baliatuko dira. Eskuliburua Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailak egin zuen. Jasangarritasun-irizpideak lehenetsiko dira, murriztu dadin espezie inbaditzaileak sartzeko arriskua, eta espezie autoktonoak erabiliko dira.

Lorategi-lanetan, ez dira inola ere erabiliko inbaditzaileak izan daitezkeen espezie aloktonoak; esaterako, Fallopia japonica, Robinia pseudoacacia eta Cortaderia selloana.

Bermatuko da leheneratze-lanetan erabilitako landare-lurrak ez duela flora inbaditzailearen propagulurik.

Soberakinen kudeaketari buruzko neurriak.

Planaren eremuaren barruan, lur-mugimendua orekatua izatea lehenetsiko da. Hori ezinezkoa bada, lehentasuna emango zaio maileguak behar dituen hurbileko obra batean lurren eta arroken soberakinak balorizatzeari. Balorizatzea ezinezkoa bada, identifikatuko dan non meta daitezkeen soberakinak; ingurumen-irizpideak erabilita, analisatuko da zer destinotara eraman daitezkeen soberakinak, aukeratzeko non izango duten ingurumen-inpakturik txikiena. Azken kasu horretan, soberakin-biltegi baimendu bat izango da beti, eta hondakinok arau hauetan xedatutakoa betez kudeatuko dira: uztailaren 7ko 646/2020 Errege Dekretua, Hondakinak zabortegietan utziz ezabatzeko jarduera arautzen duena, eta otsailaren 24ko 49/2009 Dekretua, Hondakinak hondakindegietan biltegiratuta eta betelanak eginda ezabatzea arautzen duena.

Gainazaleko urak babesteari buruzko neurriak.

Neurriak aurreikusiko dira obrak egin bitartean solidoak Ziara errekastoaren uretara ahalik eta gutxien iristeko, hala nola luzetarako jalkin-hesiak, jalkitze-tangak, sedimentuentzako tranpak edo iragazkiak.

Jabari publiko hidraulikoa eta haren babes-guneak babesteari buruzko neurriak.

Jabari publiko hidraulikoan eta haren babes-guneetan jarduketak egiteko, Uraren Euskal Agentziaren aldez aurreko obra-baimena beharko da.

Jabari Publiko Hidraulikoari eta haren babes-zortasunaren guneari kalterik eragitea ekidin behar da, betiere kontuan hartuta zer ezartzen den EAEko Ibaiertzak eta Errekaertzak Antolatzeko Lurralde Plan Sektorialean, Uraren ekainaren 23ko 1/2006 Legean eta Jabari Publiko Hidraulikoaren Erregelamenduan (apirilaren 11ko 849/1986 Errege Dekretua).

Behar-beharrezko diren azaleretara mugatuko da zoladura edo okupazio iragazgaitza, eta drainatze jasangarriko sistemak erabili beharko dira (zoladura iragazkorrak, andelak edo ekaitzetarako gailuak eta abarrak), bermatzen dutenak ezen, lehendik zegoen egoeraren aldean gehiago jariatzen bada, hori konpentsatu ahal izango dela edo garrantzirik gabekoa izango dela.

Plan Hidrologikoaren araudian xedatzen dena betez, gogorarazten da ezen hiri- edo industria-drainatzeko azpiegituren bidez biltzen diren euri-uren jarioak, baldin eta jabari publiko hidraulikoa kutsa badezakete, Uraren Euskal Agentziak prozedura bat ezarriko diela isurtzea baimentzeko.

Zaraten ondoreak gutxitzeko neurriak.

Euskal Autonomia Erkidegoko hots-kutsadurari buruzko urriaren 16ko 213/2012 Dekretuaren 36. artikuluak ezartzen duenari jarraikiz, ezin izango da garapen berririk gauzatu kanpoko ingurunean kalitate akustikoaren helburuak betetzen ez diren arloetan –aurreikusitako eraikinen kasuan, leihoak dituzten fatxada guztietan, altuera guztietan, eta, eraikinik ez duten guneetan, lurzorutik 2 metroko altueran–, hargatik eragotzi gabe 43. eta 45. artikuluetan xedatutakoa.

Beste prebentzio-eta zuzenketa-neurri batzuk:

Aurreko neurriak gorabehera, garapen-proiektuak gauzatzean aplikatu beharreko neurriak lotuta egongo dira obretako, lurrak eta soberakinak kudeatzeko, hondakinak sortu eta kudeatzeko, hondeatutako lurzoruak kontrolatzeko, eta urak, airearen kalitatea eta kalitate akustikoa babesteko jardunbide egokien eskuliburuarekin. Besteak beste, neurri hauek hartu, erantsi beharko zaizkie planak azkenean hartzen dituen zehaztapenei:

– Obrako langileek erabiltzeko jardunbide egokien eskuliburua. Gai hauekin lotutako alderdiak bilduko ditu, gutxienez: lanaldiak, makineria, uretara isurketak egitea saihestea, ahalik eta hauts eta zarata gutxien sortzea, herritarren lasaitasunean ahalik eta gutxien eragitea, hondakinak kudeatzea, eta abar.

– Obrak gauzatuko dira, proiektua gauzatzeko behar-beharrezkoa den gutxieneko arloan, eta lurzorua erabiltzea eragiten duten eragiketa osagarriak ere bai. Kontratistaren instalazio-arloak proiektatzeko (barne hartuta makineria-parkea, obra-txabolak, obrako materialak aldi baterako biltegiratzeko gunea, landare-lurra eta hondakinak aldi baterako pilatzeko guneak), oinarritzat hartuko dira hainbat irizpide; hain zuzen ere, ingurumenari ahalik eta gutxien eragiteko irizpideak.

– Hondakinak sortu eta kudeatzea: obretan sortutako hondakinak, hondeaketetatik eratorritakoak barne, kudeatuko dira Hondakinak eta lurzoru kutsatuak arautu eta ekonomia zirkularra bultzatzeko apirilaren 8ko 7/2022 Legeak araututakoaren arabera eta aplikatzekoak diren araudi espezifikoek agindutakoaren arabera.

Hondakinak kudeatzeko hierarkia-printzipioei jarraituz, sustatu behar da hondakinik ez sortzea, edo, hala badagokio, kudeatu daitezela apirilaren 8ko 7/2022 Legearen 8. artikuluan ezarritako lehentasun-hurrenkeran; hau da: prebentzioa, berrerabiltzeko prestatzea, birziklatzea eta balorizatzeko beste modu batzuk, balorizazio energetikoa barne.

Hondakinak deuseztatzeko, ezinbestekoa izango da aldez aurretik behar bezala justifikatzea ez dela bideragarria haiek balorizatzea teknikoki, ekonomikoki edo ingurumenaren aldetik.

Hondakin arriskutsuak biltzeko sistemak bereiziak izan beharko dira, tipologia jakin batzuetarako, zeinak, isuri eta nahasiz gero, arriskutsuago bihurtzen baitira edo kudeaketa zaildu baitezakete. Hondakin arriskutsuak dituzten edukiontziek edo ontziek bete beharko dituzte Hondakinak eta lurzoru kutsatuak arautzeko eta ekonomia zirkularra bultzatzeko apirilaren 8ko 7/2022 Legearen 21. artikuluan ezarritako segurtasun-arauak, eta itxita egongo dira harik eta kudeatzaileari entregatu arte, isurita edo lurrunduta edukirik gal ez dezaten. Aipatutako edukiontziak edo ontziak argi etiketatu beharko dira, irakurtzeko eta ezin ezabatuzko moduan, eta indarrean dagoen araudiaren arabera.

Gune espezifiko bat egokituko da, hondakin arriskutsuak behin-behinean biltegiratzeko, hala nola olio-potoak, iragazkiak, olioak, pinturak eta abar. Gainera, hondakin geldoak biltzeko edukiontzi espezifikoak gaituko dira, hondakin arriskutsuen guneetatik bereizita. Halaber, obran zehar, eta lanek irauten duten bitartean, elementu estankoak jarriko dira (bidoiak eta abar) sortutako hondakinak biltzeko. Hondakin horiek motaren arabera bereizi beharko dira, aipatutako garbigunean aldi baterako biltegiratu baino lehen.

Espresuki debekatuta dago sortutako hondakin-tipologia desberdinak elkarren artean edo beste hondakin edo efluente batzuekin nahastea. Halako hondakinak jatorritik bereiziko dira, eta bilketa- eta biltegiratze-bitarteko egokiak prestatuko dira nahasketa horiek ekiditeko.

Olio erabiliak estalpean biltegiratuko dira kudeatzaile baimendu bati entregatu arte, behar bezala etiketatutako andel estankoetan, zolata iragazgaitz baten gainean, eta kubo txikietan edo isurketei eta ihesei eusteko sistemen barruan.

Aplikatzekoa den araudia betetzen laguntzeko, lanetan sortutako hondakinak kudeatzeko sistemak prestatu beharko dira. Lan horien arduradunek kudeatuko dituzte sistema horiek, eta haien ardura izango da langileek sistema horiek behar bezala erabiltzea. Bereziki, ez da inolaz ere kontrolatu gabeko efluenterik sortuko erregai eta produktuak biltegiratzeagatik, makinen mantentze-lanak egiteagatik edo hondakinak erretzeagatik.

Sortzen diren olio industrial erabiliak kudeatzeko, bete egin beharko da ekainaren 2ko 679/2006 Errege Dekretua, Industrian erabilitako olioaren kudeaketa arautzen duen.

Eraikuntza- eta eraispen-hondakinak kudeatzeko, bete egin beharko da ekainaren 26ko 112/2012 Dekretua, Eraikuntza- eta eraispen-hondakinen kudeaketa arautzen duena.

Oiartzungo Udalari eta Ingurumen Jasangarritasuneko Sailburuordetzari jakinarazi beharko zaizkie lur susmagarriak hautematearen ondoriozko kutsadura-arrasto guztiak, Lurzorua kutsatzea saihestu eta kutsatutakoa garbitzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legearen 22.2 artikulua betetzeko.

– Lurzorua eta lurpeko urak babestea: prebentzio-neurri eta zuzenketa-neurriak ezarriko dira obra-faserako, ustekabeko isuriek eraginik izan ez dezaten; bereziki makinen mantentze-lanetan (material xurgatzaileak erabiltzea, isuriekin kutsatutako lurzoruak kendu eta kudeatzea, eta abar).

Ustekabean ezer isuriz gero, berehala jaso beharko dira lurzoru kutsatua eta material xurgatzailea, eta hondakin arriskutsu gisa biltegiratu eta kudeatuko dira.

Pilaketa-guneak, instalazio lagungarriak eta makineria-parkea azalera iragazgaitzetan kokatuko dira. Saihestuko da makineria mantentzeko lanak egitea iragazgaitzak ez diren guneetan. Nolanahi ere, hondakinak –bereziki, olio erabiliak– biltzeko sistema bat izango duen plataforma iragazgaiztu baten gainean egingo dira obran erabiltzen den makineriari erregaia jartzeko, lubrifikatzaileak aldatzeko eta abarrerako lanak, urak ez kutsatzeko.

– Obretako zarata: obra-fasean erabilitako makineriak bete egin behar ditu aire zabalean erabiltzen diren makinen soinu-emisioen inguruan indarrean dagoen legerian ezarritako aginduak, Zaratari buruzko azaroaren 17ko 37/2003 Legea garatzen duen urriaren 19ko 1367/2007 Errege Dekretuaren 22. artikuluan ezarritakoaren arabera (zonifikazio akustikoari, kalitate-helburuei eta emisio akustikoei dagokien errege-dekretua) eta, bereziki, hala badagokio, otsailaren 22ko 212/2002 Errege Dekretuan eta arau osagarrietan ezarritakoaren arabera (aire zabalean erabiltzen diren makina jakin batzuen ondoriozko soinu-emisioak arautzen dituen errege-dekretua, apirilaren 28ko 524/2006 Errege Dekretuak aldatua).

Obrek iraun bitartean, jardunbide operatibo egokiak aplikatu beharko dira zaratak sorburuan bertan murrizteko –bereziki, hondeaketetan, eraispenetan, zamalanetan eta garraio-lanetan–, bai eta erabilitako makineriaren mantentze-lan orokorretan eta zaratak nahiz bibrazioak sorburuan murrizteko eginkizunetan ere.

Eguneko lan-ordutegian egingo dira obrak.

Lanek sei hilabete baino gehiago irauten badute, inpaktu akustikoari buruzko azterlan bat egin beharko da, behar diren zuzenketa-neurriak zehazteko, urriaren 16ko 213/2012 Dekretuaren 35 bis artikuluaren arabera. Inpaktu akustikoaren azterketan aztertu beharko da zer onura akustiko lortzea espero den zuzenketa-neurriak aplikatuz, arlo akustikoetan edo eraikin sentikorretan zarata-maila murrizteari dagokionez, eta ukitutako udalerriari jakinarazi beharko zaio haren edukia.

– Kamioiek obran sartu eta irteteko erabiltzen dituzten bideak garbi mantendu beharko dira; horretarako, presioko ura edo erratz-makinak erabiliko dira.

– Euskal Kultura Ondareari buruzko maiatzaren 9ko 6/2019 Legean ezarritakoa ezertan eragotzi gabe, obretan aztarna arkeologikoren bat egon daitekeela pentsarazten duen zerbait aurkitzen bada, lanak eten egingo dira badaezpada, eta berehala jakinaraziko zaio Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura Departamentuari; hark erabakiko du zer neurri hartu.

– Obrek kaltetutako espazioak leheneratzea: proiektua gauzatzearen ondorioz kaltetutako arlo guztiak leheneratuko dira. Hala badagokio, espazio libreen landareztatze-lanak ahalik eta lasterren egingo dira; modu horretan, ekidin egingo dira higadura-prozesuak, solidoak drainatze-sarera arrastatzea eta espezie aloktono inbaditzaileen kolonizazioa.

– Espezie inbaditzaileen kontrola: kendu egingo dira identifikatutako flora aloktono inbaditzailearen aleak, eta beharrezkoak diren neurriak hartuko dira eremuan eta inguruan ez hedatzeko.

– Eraikingintza jasangarria: eraikingintza eta eraikuntza jasangarriagoak izateko behar diren ezaugarriei dagokienez, eraikuntza jasangarrirako gidetan jasotako ingurumen-neurri eta -jardunbide egokiak erabiliko dira (https://www.ihobe.eus/argitalpenak), eraikinen energia-aurrezpen eta -efizientzia eta energia berriztagarrien sustapena bultzatzeko. Neurri horiek alderdi hauetan behintzat eragin beharko dute:

• Materialak. Lehengai berriztaezin gutxiago kontsumitzea.

• Energia. Energia gutxiago kontsumitzea edo energia gutxiago sortzea iturri berriztaezinen bidez.

• Edateko ura. Edateko ur gutxiago kontsumitzea.

• Ur grisak. Ur gris gutxiago sortzea.

• Atmosfera. Gas-, hauts-, bero- eta argi-emisioak murriztea.

• Barnealdeko kalitatea. Barnealdeko airearen kalitatea, erosotasuna eta osasuna hobetzea.

Bigarrena.– Zehaztea ezen, ingurumen-txosten estrategiko honetan ezarritakoaren arabera, eta, betiere, ebazpen honetan ezarritako babes- eta zuzenketa-neurriak hartzen badira, bai eta sustatzaileak proposatutakoak ere, aurrekoen aurkakoak ez badira, ez dela aurreikusten Oiartzungo (Gipuzkoa) ITU-2B eta ITUC2C azpiarloan Hiri Antolamenduko Plan Bereziak ondore kaltegarri nabarmenik izango duenik ingurumenean, eta, beraz, ez duela ingurumen-ebaluazio estrategiko arruntik behar.

Hirugarrena.– Ebazpen honen edukia jakinaraztea Oiartzungo Udalari.

Laugarrena.– Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitara dadila agintzea.

Bosgarrena.– Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 75.5 artikuluan xedatutakoaren arabera, ingurumen-txosten estrategiko honek indarra galduko du, eta utzi egingo dio dagozkion ondoreak sortzeari, baldin eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta gehienez lau urteko epean ez bada Oiartzungo ITU-2B eta ITUC2C azpiarloen Hiri Antolamenduko Plan Berezia onartzen. Kasu horretan, berriro abiarazi beharko da planaren ingurumen-ebaluazioa egiteko prozedura, salbu eta ingurumen-organoari haren indarraldia luzatzeko eskatzen bazaio. Hori gertatuz gero, ingurumen-organoak, hala badagokio, ingurumen-txosten estrategikoaren beste indarraldi bat xedatuko du, erregelamenduz zehaztutako moduan.

Vitoria-Gasteiz, 2026ko apirilaren 20a.

Ingurumen Administrazioaren zuzendaria,

NICOLAS GARCIA-BORREGUERO URIBE.


Azterketa dokumentala