
91. zk., 2026ko maiatzaren 18a, astelehena
- Bestelako formatuak:
- PDF (124 KB - 2 orri.)
- EPUB (110 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
GOBERNANTZA, ADMINISTRAZIO DIGITAL ETA AUTOGOBERNUAREN SAILA
ELIKADURA, LANDA GARAPEN, NEKAZARITZA ETA ARRANTZA SAILA
2062
61/2026 DEKRETUA, apirilaren 29koa, «Asociación Bermeo capital mundial del atún – Bermeo atunaren munduko hiriburu Elkartea» izeneko elkartea onura publikokoa dela aitortzeko dena.
Euskadiko Elkarteei buruzko ekainaren 22ko 7/2007 Legearen 42. artikuluak ezartzen du onura publikokotzat aitortu ahal izango direla Euskal Autonomia Erkidegoko Elkarteen Erregistro Orokorrean inskribatuta dauden elkarteak, baldin eta, beren jardueren bidez, interes orokorra edo guztien ongia lortzen laguntzen badute, eta, horretarako, eskuzabaltasun-, altruismo-, elkartasun- eta aniztasun-balioak nabarmen betetzen badituzte eta, gainera, artikulu horretan aurreikusitako baldintzak betetzen badituzte.
Aitorpen hori Gobernu Kontseiluak erabakitako dekretu bidez egiten da, Onura Publikoko Elkarteei eta horien Babesletzari buruzko Erregelamendua onartzen duen uztailaren 29ko 146/2008 Dekretuaren II. kapituluan arautzen den espedientea izapidetu ondoren, eta diskrezionala da, elkarte eskatzaileak garatutako helburuek eta jarduerek merezi duten balorazioaren arabera.
Ildo horretatik, 2024ko abenduaren 18an, Asociación Bermeo capital mundial del atún – Bermeo atunaren munduko hiriburu Elkarteak aitorpen hori eskatu zuen, Onura Publikoko Elkarteen Babesletzari zuzendutako idazki baten bidez.
Euskal Autonomia Erkidegoko Elkarteen Erregistro Orokorrean AS/B/21931/2018 zenbakiarekin inskribatuta dago, 2018ko martxoaren 23ko Ebazpenaren bidez.
Bere funtzioen lurralde-eremuak Euskadiko Autonomia Erkidegoa hartzen du, eta, eratu zenetik, bere helburu nagusiak lortzera zuzentzen ditu bere jarduerak eta, bereziki: atunarekin, arrantzarekin eta itsasoarekin lotutako jarduera ekonomikoei laguntzea, hegalaburraren sektorean ikerketa- eta berrikuntza-jarduerak sustatzea, eta hegalaburraren arrantzarekin lotutako ondare historikoa zabaltzea eta sustatzea.
Onura publikoa aitortzeko eskaerarekin bat egin dute Eusko Jaurlaritzako Arrantza eta Akuikultura Zuzendaritzak, Bizkaiko Foru Aldundiko Lurralde Lehiakortasuneko eta Kanpo Sustapeneko Zuzendaritza Nagusiak eta Bermeoko Udalak.
Bestalde, 2026ko urtarrilaren 15ean, Eusko Jaurlaritzako Elikadura, Landa Garapena, Nekazaritza eta Arrantza Saileko Arrantza eta Akuikultura Zuzendaritzak elkartea onura publikokoa dela aitortzearen aldeko txostena egin zuen: txosten hori eskatu egin zen, gaiari buruzko eskumena baitu.
Azkenik, 2026ko apirilaren 15ean, Gobernantza, Administrazio Digital eta Autogobernu Saileko Toki Administrazioekiko Harremanetarako eta Administrazio Erregistroetako Zuzendaritzak aldeko balorazio-txosten teknikoa eman zuen. Txosten horretan, dagozkion sailek proposatuta onura publikoa aitortu aurretik, bete beharreko lege- eta erregelamendu-eskakizun guztiak betetzen direla justifikatzen da.
Ondorioz, Gobernantza, Administrazio Digital eta Autogobernuko sailburuaren eta Elikadura, Landa Garapena, Nekazaritza eta Arrantzako sailburuaren proposamenez, bai eta Gobernu Kontseiluak 2026ko apirilaren 29an egindako bilkuran aztertu eta onartu ondoren, hauxe
XEDATZEN DUT:
Artikulu bakarra.– Asociación Bermeo capital mundial del atún – Bermeo atunaren munduko hiriburu Elkartea izeneko elkartea, Euskal Autonomia Erkidegoko Elkarteen Erregistro Orokorrean AS/B/21931/2018 zenbakiarekin inskribatuta dagoena, onura publikokoa dela aitortzea eta aitorpen horri dagozkion eskubideak aitortzea.
XEDAPEN GEHIGARRI BAKARRA
Dekretu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea.
AZKEN XEDAPEN BAKARRA
Dekretu hau indarrean jarriko da Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean.
Vitoria-Gasteizen, 2026ko apirilaren 29an.
Lehendakaria,
IMANOL PRADALES GIL.
Gobernantza, Administrazio Digital eta Autogobernuko sailburua,
MARÍA UBARRECHENA CID.
Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantzako sailburua,
AMAYA BARREDO MARTÍN.
RSS