Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

91. zk., 2026ko maiatzaren 18a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

XEDAPEN OROKORRAK

SEGURTASUN SAILA
2049

63/2026 DEKRETUA, apirilaren 29koa, zeinaren bidez bigarrenez aldatzen baita Jendaurreko Ikuskizunen eta Jolas Jardueren Legea garatzeko Erregelamendua onartzen duen Dekretua.

Jendaurreko Ikuskizunen eta Jolas Jardueren abenduaren 23ko 10/2015 Legea Euskal Autonomia Erkidegoak ikuskizunen arloan esleituta duen eskumen esklusiboa garatzeko eman zen.

Lege hori garatzeko, otsailaren 5eko 17/2019 Dekretua eman zen, Jendaurreko Ikuskizunen eta Jolas Jardueren Legea garatzeko Erregelamendua onartzen duena, zeina, gero, uztailaren 23ko 119/2019 Dekretuak aldatu baitzuen.

Jendaurreko Ikuskizunen eta Jolas Jardueren abenduaren 23ko 10/2015 Legean behin baino gehiagotan aipatzen da erregelamendu bidez garatu behar dela sarrera zaintzeko eta kontrolatzeko betebeharra. Hala, legearen 21. artikuluan xedatzen da erregelamenduz zehaztuko dela zein ikuskizun, jarduera eta establezimendu publikok eduki behar dituzten, beren izaera edo edukieragatik edo herritarren bizikidetzan izan dezaketen eraginagatik, segurtasun pribatuko zerbitzuak (segurtasun pribatuari buruzko legerian ezarritako baldintza eta eskakizunak betez) eta jendea onartzeko zerbitzu bereziak, zeinak langileak behar bezala identifikatuta eta akreditatuta eduki behar baitituzte, bezero edo erabiltzaileen sarrera kontrolatzeko. 32. artikuluan, berriz, jendaurreko ikuskizunak edo jolas-jarduerak egiteko zer eskakizun bete behar diren ezartzen da, eta, besteak beste, indarrean dagoen araudiak aurreikusiz gero, zaintzaileak eta sarbidea kontrolatzeko langileak eduki behar direla xedatzen da.

Lege-bereizketa horrek, beraz, desberdindu egiten ditu segurtasun-zerbitzuak eta onarpen-zerbitzuak. Erregelamenduak, bereizketa hori jasoz, onarpen-zerbitzuko langileak definitzen ditu, eta zer eginkizun dituzten zehazten: pertsonak lokalera edo instalaziora normaltasunez sartzen direla ziurtatzea; legeak edo antolatzaileak ezarritako baldintzak betetzen ez dituztenei sarrera galaraztea; baimendutako edukiera gainditzen ez dela kontrolatzea; sarreran izandako gorabeheren berri ematea segurtasun pribatuko zerbitzuei edo poliziari; dibertsitate funtzionala dutenei sartzeko bidea erraztea; jarduera ez dela lokaletik kanpo gauzatzen ziurtatzea; ate bikoitzeko atarte akustikoen funtzionamendua zaintzea; ikuskapenak erraztea, etab.

Gainera, xedatzen da ezingo dituztela segurtasun pribatuko langileentzat ezarritako eginkizunak bete; izan ere, jarduera edo ikuskizun bat egiten ari den bitartean gerta daitezkeen ordena-nahasmenduak berehala segurtasun-zaintzaileei edo, hala badagokio, Euskal Autonomia Erkidegoko polizia-kidegoei jakinarazi beharra dagoela ezartzen da.

Interpretatu da onarpen-kontrol bat egiten den bakoitzean, hau da, sarrera baimentzea edo ukatzea onarpen eta lekuan egoteko baldintzen arabera, gaikuntza duten eta erregistratuta dauden langileak eduki behar direla eginkizun horiek betetzeko, erregelamenduak ez baitu berariaz zehazten zer establezimenduk, ikuskizunek edo jarduerak eduki behar duten zerbitzu hori. Horregatik, ezinbestekotzat jotzen da zehaztea zein establezimendu publikotan, ikuskizunetan eta jolas-jardueratan izango den nahitaezkoa zerbitzu hori edukitzea.

Eginkizunez gain, aurretik aipatutako dekretu horren 61. artikulutik 65.era bitartean, VII. Kapituluaren barnean («Aretozaintzako eta segurtasuneko baldintzak»), eginkizunak betetzeko modua, identifikazioa eta gaikuntza, onarpen-zerbitzuko langileen erregistroa eta erregistroan inskribatzeko betekizunak, eta gaikuntzaren errebokazioa ere arautzen dira.

Duela gutxi, onarpen-zerbitzuetako langileei gaur egun aplikatzen zaien araudiko zenbait alderdi hobetzekoak izan daitezkeela agerian utzi duten gertaera batzuk izan direnez, indarrean dagoen araudia berrikusi beharra dagoela pentsatu da eta, hala badagokio, egin beharreko aldaketak egitea ere bai. Helburua da esperientziak, araudia aplikatzerakoan, hobetu daitezkeela erakutsi digun alderdiak hobetu edo zuzentzea.

Aldaketak ez dio eragiten onarpen-zerbitzuko langileen nolakotasunari; baina segurtasun handiagoa emango du, gaikuntza kautelaz etetea ahalbidetuko baitu, errebokatze-prozedura bat hasten bada. Horrela, arau-hauste edo ez-zilegi penal bat egiten duenak lan horiek egiten jarraitzea eragotzi nahi da, eta, beraz, jokabide horiek izaten jarraitzea. Horrenbestez, gaikuntza errebokatzeko eta erregistrotik baja emateko prozedura arautzen da, eta eginkizunetan berehala eteteko aukera jasotzen da. Prozeduran ezartzen da, halaber, errebokazioaren hasieraren eta ebazpenaren berri eman behar ziola berehala errebokazioa eragin duen egitatea gertatu den udalerriko udalari, bai eta etenduraren berri ere, hala badagokio. Era berean, errebokazioa eragin dezaketen portaerak edo gertaerak detektatzen dituen udalak ere gertatutakoaren berri eman beharko dio errebokatzeko ardura duen organoari.

Halaber, berriz definitzen dira eta argitzen, onarpen-zerbitzuko langileen eginkizunak betetzeko baldintzak: gaikuntza espezifikoa eta erregistroa, eta gaikuntzaren indarraldia. Era berean, gaikuntzaren iraungitzea eta etetea gehitzeak berekin dakar onarpen-zerbitzuko langileen erregistroan inskribatu behar diren datuak ere aldatzea.

Bestalde, jendaurreko ikuskizunen eta jolas-jardueren arloa kontrolatzeko, ikuskatzeko eta zehatzeko eskumena duten administrazioen arteko komunikazio-kanalak indartu beharra dagoela ere nabarmendu da, gaikuntza errebokatzeko kausa diren jokabide desegokiak ezagutzera eman eta parteka daitezen, berriz ere halakorik ez gertatzeko. Ikuskapen-programak egitea eta komunikatzea aurreikusita dago aldatu nahi den dekretuaren III. eranskinean, bai eta ikuskapenen urteko egutegia Jendaurreko Ikuskizunen eta Jolas Jardueren Euskal Kontseiluari bidaltzea ere. Hori guztia beteko dela bermatzeko, memoria-eredu normalizatu bat sartu da, aurkeztu ezean nola jokatu aurreikusi da eta Kontseiluaren erantzun bat ere jaso da, detektatutako ez-betetzeak eta jardunbide desegokiak jasotzen dituen memoria bat gehituta.

Ondorioz, Segurtasuneko sailburuaren proposamenez, Euskadiko Aholku Batzorde Juridikoarekin bat etorriz, gainerako nahitaezko txostenak emanda, eta Gobernu Kontseiluak 2026ko apirilaren 29an egindako bilkuran aztertu eta onartu ondoren, honako hau

XEDATZEN DUT:

Lehenengo artikulua.– Aldatzea Jendaurreko Ikuskizunen eta Jolas Jardueren Legea garatzeko Erregelamendua onartzen duen otsailaren 5eko 17/2019 Dekretuaren 61. artikulua: «Onarpen-zerbitzuko langileen funtzioak».

3. apartatua gehitzen zaio 61. artikuluari, eta honela geratzen da idatzita:

«61. artikulua.– Onarpen-zerbitzuko langileen funtzioak.

1.– Onarpen-zerbitzua behar bezala identifikatuta dauden pertsonek osatzen dute; pertsona horiek establezimenduen titularraren edo jendaurreko ikuskizunen edo jolas-jardueren antolatzaileen mende egongo dira, eta funtzio espezifiko hauek dituzte:

a) Pertsonak lokalean edo instalazioan normaltasunez sartzen direla ziurtatzea.

b) Lokalaren edo instalazioaren titularrak edo jendaurreko ikuskizunen edo jolas-jardueren antolatzaileak ezarritako baldintzak betetzen ez dituzten pertsonei sarrera galaraztea, onarpen-eskubidea baliatuz.

c) Ixteko muga-ordutik aurrera, edota, hala badagokio, jendaurreko ikuskizuna edo jolas-jarduera hasi ostean, ikus-entzuleei sartzen ez uztea, baldintza espezifikoei jarraikiz.

d) Bertaratutakoek sarrera edo lekua erosi dutela kontrolatzea, hala dagokionean.

e) Adingabeen sarrera-mugei buruzko araudia betearaztea, eta, horretarako, lokalera edo instalaziora sartu nahi duten pertsonek zer adin duten egiaztatzea, nortasun-agiri ofizialak erakutsaraziz.

f) Baimendutako gehieneko edukiera inoiz ere gainditzen ez dela kontrolatzea eta, ondorioz, ikus-entzule gehiagori sartzen ez uztea.

g) Segurtasun pribatuko langileei, halakorik bada, sarreretan gertatzen diren ordena nahasmenduen berri ematea berehala. Segurtasun pribatuko zaintzailerik ez balitz, Euskal Autonomia Erkidegoko Polizia Kidegoak ipini beharko dituzte jakinaren gainean berehala, haien eskumenen esparruan.

h) Zeregin horietan ari diren pertsonei arauzko ikuskaritza edo kontrolak erraztea.

i) Desgaitasuna dutenak lokal edo instalaziora irisgarritasun-, berdintasun- eta inklusio-baldintzetan sartuko direla eta ikuskizunez eta jarduerez gozatzeko aukera izango dutela bermatzea.

j) Jendaurreko ikuskizuna edo jolas-jarduera lokalaren edo instalazioaren barruan egiten dela ziurtatzea, ohartaraziz debekatuta dagoela janari-edariak aldean dituztela bide publikora irtetea.

k) Ate bikoitzeko atondo akustikoek behar bezala funtzionatzen dutela zaintzea.

l) Sarrera oro har mugatuta duten kasuren batean dauden pertsonei lokalean edo instalazioan sartzen ez uztea.

2.– Titulartasun publikoko establezimenduetan, herritarrak informatzeko eta instalazioak mantendu eta kontrolatzeko funtzioak dituzten udal langileek bete ditzakete manu honetan aurreikusitako funtzioak, gaikuntza jasotzeko edo onarpen-zerbitzuko langile gisa erregistratzeko beharrik gabe.

3.– Aurretik xedatutakoa ahaztu gabe, onarpen-zerbitzuko langile gaituak eta erregistratuak eduki behar dira:

a) Araubide bereziko establezimendu guztietan.

b) Segurtasuna zaintzeko zerbitzua eduki behar den kasuetan.

c) Joko-aretoetan, jolas-aretoetan izan ezik.

d) Establezimendura, jendaurreko ikuskizunera edo jolas-jarduerara sartzeko, aldez aurretik sarrera legitimatzen duen gaikuntza-titulu bat eskuratzea edo erakustea ezinbestekoa denean, hala nola sarrera, abonu edo denboraldiko baimen bat, gonbidapen bat edo beste edozein titulu, dela euskarri fisikoan, dela birtualean, ordaindua edo doakoa.

e) Establezimendu publikoak eta aldi baterako instalazioak irekitzeko eta jendaurreko ikuskizunak eta jolas-jarduerak antolatzeko gaikuntza-tituluan hala ezartzen denean, autonomia-erkidegoko edo udaleko araudiarekin bat etorriz, haien ezaugarri espezifikoak kontuan hartuta, hala nola edukiera, ordutegia, ikuskizun- edo jarduera-mota, onarpen-baldintza espezifikoak edo herritarren bizikidetzan eragiten duen beste edozein zirkunstantzia.

f) I. eranskineko katalogoan aurreikusitako gainerako establezimenduek ez dute onarpen-zerbitzu espezifikoko langilerik beharko. Nolanahi ere, titularrak edo zerbitzu-emaileak, egoki iritziz gero, sarbidea kontrolatzeko zerbitzu hori izateko eskubidea izango du. Kasu horretan, zeregin horietan ari diren langileek dekretu honetan aurreikusitako gaikuntza- eta erregistro-baldintzak bete behar dituzte.

Bigarren artikulua.– Aldatzea Jendaurreko Ikuskizunen eta Jolas Jardueren Legea garatzeko Erregelamendua onartzen duen otsailaren 5eko 17/2019 Dekretuaren 63. artikulua: «Onarpen-zerbitzuko langileen gaikuntza».

Aldatu egiten da 63. artikuluaren izenburua eta edukia, eta honela geratzen da idatzita:

«63. artikulua.– Onarpen-zerbitzuko langileak gaitzea eta erregistroan inskribatzea.

1.– Onarpen-zerbitzuko langileek funtzio horietarako berariazko gaikuntza eduki behar dute, zeina ikuskizunen arloko eskumena duen Eusko Jaurlaritzako zuzendaritzak emango baitie, eta, orobat, zuzendaritza horren beraren onarpen-zerbitzuko langileen erregistroan inskribatuta egon behar dute, 61. artikuluko 2. apartatuan aipatzen den kasuan izan ezik.

2.– Eusko Jaurlaritzaren berariazko gaikuntza horretarako ezarritako probak gainditu ondoren lortuko da.

3.– Dena den, onarpen-zerbitzuko eginkizunetan aritzeko beste autonomia-erkidego batzuetako edo Estatuko organismo publiko eskudunek edo Europar Batasuneko beste botere publiko batzuek emandako gaikuntza espezifikoak ere onartzen dira; salbu eta gaikuntza horiek errebokatu badira, indarraldia iraungi bazaie edo eman zirenetik 10 urte igaro badira.

4.– Onarpen-zerbitzuko eginkizunak bete ahal izateko, aurreko apartatuan aipatutako langileek gaikuntza espezifikoa dutela erregistratu beharko dute Eusko Jaurlaritzan ikuskizunen arloko eskumena duen zuzendaritzako onarpen-zerbitzuko langileen erregistroan.

5.– Ikuskizunen arloko eskumena duen Eusko Jaurlaritzako zuzendaritzak gaikuntza lortzeko proba teoriko, praktiko edo psikoteknikoen oinarri izango diren moduluak arautuko ditu, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratutako ebazpenaren bidez, bai eta horien edukia eta aldizka egiteko modua ere. Modulu horien gutxieneko edukia dekretu honen V. eranskinean ezarritakoa izango da.

6.– Ezingo dute probetara aurkeztu, ez eta gaikuntza lortu ere, dekretu honetan ezarritako baldintzak bete gabe onarpen-zerbitzuko langile gisa aritu direnek, harik eta egintza horiengatiko zehapen-espedientea ematen denetik 5 urte igaro arte.

7.– Gaikuntza erregistroan inskribatzen denetik hamar urtera iraungiko da. Onarpen-zerbitzuko langile izaten jarraitu ahal izateko, gaikuntza lortu beharko da berriz inskripzioa iraungi aurretik; hartara, probak egin, eta erregistroan inskribatu beharko da eskuratu berri den gaikuntza».

Hirugarren artikulua.– Aldatzea Jendaurreko Ikuskizunen eta Jolas Jardueren Legea garatzeko Erregelamendua onartzen duen otsailaren 5eko 17/2019 Dekretuaren 64. artikulua: «Onarpen-zerbitzuko langileen erregistroa».

Aldatu egiten da 64. artikuluaren edukia, eta honela geratzen da idatzita:

«64. artikulua.– Onarpen-zerbitzuko langileen erregistroa.

1.– Ikuskizunen arloko eskumena duen Eusko Jaurlaritzako zuzendaritzak onarpen-zerbitzuaren funtzioak betetzeko gaikuntza espezifikoa lortu duten pertsonen erregistro bat edukiko du, non, gutxienez, informazio hau jasoko baita:

a) Pertsonaren identifikazio-datuak.

b) Gaikuntzaren data, iraungitze-data, eta, hala badagokio, errebokazioarena, eta hartutako kautela-neurriak.

c) Egindako arau-hauste administratiboak eta jaso dituen zehapenak, bai eta gaikuntza errebokatzea eta erregistrotik baja ematea eragin duen beste edozein inguruabar ere.

2.– Erregistro honetako datuei dagokienez, datu pertsonalak babesteko araudian aitortutako eskubideak, hau da, datuak irispidean izateko, zuzentzeko, ezerezteko eta tratamenduaren aurka egiteko eskubideak baliatu nahi izanez gero, ikuskizunen arloko eskumena duen Eusko Jaurlaritzako zuzendaritzara jo behar da, bide judizialetik balia daitezkeen eskubideak alde batera utzi gabe.

3.– Erregistro honetako datuak ezin zaizkie hirugarrenei laga, ikuskizunen arloko eskumena duten beste administrazio batzuei izan ezik, beren atribuzioak egikaritu ditzaten eta datu pertsonalak babesteko araudian aurreikusten diren arrazoiengatik. Datu horiek azterketa estatistikoetarako erabil daitezke, modu despertsonalizatuan.

4.– Ikuskizunen arloko eskumena duen Eusko Jaurlaritzako zuzendaritzak erregistroaren eta ikuskizunen arloko eskumena duten gainerako administrazioen arteko interoperabilitaterako bidea emango du.

5.– Ikuskizunen arloko eskumena duen Eusko Jaurlaritzako zuzendaritzak erregistroan inskribatuko ditu eta gaikuntza eta inskripzioa egiaztatzen duen txartel profesionala emango die zuzendaritza horrek gaitutako pertsonei eta 63. artikuluaren hirugarren apartatuan ezarritakoaren arabera gaikuntza espezifikoa dutela egiaztatzen dutenei, betiere baldintza hauek betetzen badituzte:

a) Adin nagusikoa izatea.

b) Europar Batasuneko estatu kideren bateko herritartasuna izatea edota dagokion bizileku- eta lan-baimena edukitzea.

c) Aurrekari penalik ez izatea edota ezereztu direla egiaztatzea.

d) Indar Armatuen edo Segurtasun Indar eta Kidegoen zerbitzutik kentzeko zehapenik ez izatea, segurtasun pribatuko langile gisa jarduteko gaikuntza behin betiko erretiratuta ez edukitzea, edota aurreko bost urteetan gaikuntza erretiratuta ez edukitzea.

Azpiapartatu horretan ezarritako azken baldintza ez da urratutzat joko, baldin eta errebokatzeko arrazoia bada gaikuntzaren indarraldia igarota edukitzea eta, iraungi aurretik, berritzeari eta inskribatzeari ez ekitea.

e) Gutxienez titulu hauetakoren bat edukitzea: lehen-mailako ikasketen ziurtagiria, eskola-graduatua, derrigorrezko bigarren hezkuntzako graduatua edo erdi-mailako lanbide-heziketa edo baliokidea, ondorio akademiko eta laboraletarako.

f) Urtebetean bi falta astun edo oso astun edo gehiago egiteagatik ebazpen irmo baten bidez zehatuta ez egotea izena emateko eskaera egin aurreko bost urteetan, Jendaurreko Ikuskizunen eta Jolas Jardueren abenduaren 23ko 10/2015 Legean edo Herritarren Segurtasuna Babesteko martxoaren 30eko 4/2015 Lege Organikoan ezarritakoa hausteagatik. Interesdunak zinpeko adierazpena aurkeztu beharko du egoera horietan ez dagoela adierazteko.

6.– Ez dira inskribatuko dekretu honetan ezarritako gaikuntzarako eta erregistratzeko baldintzak bete gabe onarpen-zerbitzuko langile gisa aritu direnak, egintza horiengatik zehapen-espedientea eman eta bost urte igaro arte».

Laugarren artikulua.– Aldatzea Jendaurreko Ikuskizunen eta Jolas Jardueren Legea garatzeko Erregelamendua onartzen duen otsailaren 5eko 17/2019 Dekretuaren 65. artikulua: «Gaikuntza errebokatzea».

Aldatu egiten da 65. artikuluaren edukia, eta honela geratzen da idatzita:

«65. artikulua.– Gaikuntza errebokatzea.

1.– Hauek dira gaikuntza errebokatzeko kausak:

a) Kondena penal irmoa izatea pertsonen, ondarearen edo osasun publikoaren kontrako delituengatik.

b) Administrazio-zehapen irmoa izatea, Jendaurreko Ikuskizunen eta Jolas Jardueren abenduaren 23ko 10/2015 Legea urratzeagatik, berezko eginkizunak betetzeari dagokionez, edo Herritarren Segurtasuna Babesteko martxoaren 30eko 4/2015 Lege Organikoa urratzeagatik, urtebetean bi falta astun edo oso astun edo gehiago egin direlako.

c) Gaikuntza inskribatzeko eskatutako betekizunak bat-batean betetzeari uztea, gaikuntzaren indarraldia igarota edukitzea eta, iraungi aurretik, berritzeari eta inskribatzeari ez ekitea.

d) Ikuskatze-funtzioari traba egitea.

e) Beren funtzioetan jardutean indarkeriazko portaera argia izatea.

f) Aurreko apartatuetan xedatutakoa eragotzi gabe, onarpen-zerbitzuari dagozkion funtzioak argi eta garbi desegoki betetzea.

2.– Errebokatzeak berekin dakar onarpen-zerbitzu espezifikoko langileen jardueran aritzeko kualifikazioa deuseztatzea, eta, horrenbestez, baja eman beharko zaio erregistrotik eta txartel profesionala erretiratu. Txartela ikuskizunen arloko eskumena duen Eusko Jaurlaritzako zuzendaritzan entregatu beharko du, gaikuntza errebokatu diotela jakinarazi eta hamar egun balioduneko epean.

3.– Ezingo da beste gaikuntza bat lortu, ez eta, ondorioz, onarpen-zerbitzuko langileen erregistroan inskribatu ere, errebokazioa irmo bihurtzen denetik bost urte igaro arte, salbu eta errebokatzeko arrazoia bada gaikuntzaren indarraldia igarota edukitzea eta, iraungi aurretik, berritzeari eta inskribatzeari ez ekitea.

Errebokatzeko arrazoia 1.a) apartatuan xedatutakoa denean, aurrekari penalak ezerezten diren egunetik aurrera hasiko da zenbatzen gaikuntza berria lortzeko eta, ondorioz, onarpen-zerbitzuko langileen erregistroan inskribatzeko 5 urteko epea, baldin eta aurrekari penalak 5 urte baino lehenago ezerezten badira.

4.– Berriz ere gaikuntza lortzeko, ikuskizunen arloko eskumena duen Eusko Jaurlaritzako zuzendaritzak egingo dituen gaikuntza-probak egin beharko dira. Ez dira onartuko dekretu honen 63. artikuluaren hirugarren apartatuan adierazitako gaikuntza espezifikoak».

Bosgarren artikulua.– Gehitzea 65 bis artikulua, «Errebokatzeko prozedura», Jendaurreko Ikuskizunen eta Jolas Jardueren Legea garatzeko Erregelamendua onartzen duen otsailaren 5eko 17/2019 Dekretuan.

65.bis artikulua gehitzen da, eta honela geratzen da idatzita:

«65.bis artikulua.– Errebokatzeko prozedura.

1.– Ikuskizunen eta jolas-jardueren Eusko Jaurlaritzako zuzendaritzak edukiko du errebokatzeko prozedura hasteko, instruitzeko eta ebazteko eskumena.

2.– Prozedura ofizioz, norberaren ekimenez, goragokoaren aginduz edo beste organo batzuen eskari arrazoituari erantzunez hasiko da.

3.– Establezimendua, ikuskizuna edo jolas-jarduera kontrolatzeko eta ikuskatzeko eskumena duen udalak errebokatzeko arrazoi izan daitezkeen jokabide edo gertaeren berri badu edo zehapen-prozedura bat hasi badu, ikuskizunen arloko eskumena duen Eusko Jaurlaritzako zuzendaritzari jakinarazi eta onarpen-zerbitzuko langile izateko gaikuntza errebokatzeko eskatu beharko dio.

4.– Errebokatzeko espedientea abian jarri dela adieraziko zaio interesdunari, eta eskatuko zaio adierazteko zer establezimendu publikotan, ikuskizunetan edo jolas-jardueretan aritu den onarpen-zerbitzuko langile-lanetan eta norentzat (pertsona fisikoa edo juridikoa). Era berean, 15 egun balioduneko epea emango zaio egokitzat jotzen dituen alegazioak, dokumentuak eta frogagiriak aurkezteko.

5.– Gehienez sei hilabeteko epea izango da prozedura ebazteko, prozedura hasteko erabakia hartu zenetik. Prozedura amaitzen duen ebazpenak deklaratuko du aurreko artikuluan adierazitako kausaren bat gertatu den ala ez, eta, horren arabera, errebokatuko dira edo ez interesdunaren gaikuntza eta erregistroan izena emanda egotea.

Prozedura iraungi egingo da hasi eta sei hilabetera, ebazpenik jakinarazi ez bada, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 25.1.b) artikuluan xedatutakoaren arabera, eta arau horren 95. artikuluan aurreikusitako ondorioekin.

6.– Errebokatzeko espedientea hasteko unean, errebokatze-prozeduran sartuta dagoen pertsonaren gaikuntza eten egin daiteke Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 56. artikuluan ezarritakoari jarraituz.

Kautela-neurri horrek administrazio-bidea amaitu arte iraungo du, edo ebazteko gehieneko epea igaro arte, salbu eta prozedura izapidetzen ari den bitartean gora jo bada edo neurria aldatu bada, ofizioz edo alderdi batek eskatuta, bat-batean gertatutako inguruabarren edo neurria hartu zenean kontuan hartu ezin izan ziren inguruabarren ondorioz.

7.– Ikuskizunen arloko eskumena duen Eusko Jaurlaritzako zuzendaritzak espedientea ireki dela eta ebazpena eman dela jakinaraziko die, bai eta, hala badagokio, onarpen-zerbitzuko langile gisa aritzeko gaikuntza eten dela ere, dagokion udalerriko udalari, entitate edo pertsona enplegatzaileari eta interesduna errebokatze-prozedura hasi den unean jarduera egiten aritu den jendaurreko ikuskizunaren edo jolas-jardueraren establezimenduaren titularrari edo antolatzaileari.

8.– Errebokatze-ebazpenaren aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu dezake interesdunak, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legean xedatutakoarekin bat etorriz».

Seigarren artikulua.– Aldatzea Jendaurreko Ikuskizunen eta Jolas Jardueren Legea garatzeko Erregelamendua onartzen duen otsailaren 5eko 17/2019 Dekretuaren III. eranskina: «Ikuskapenaren helburuak eta lehentasunak».

Aldatu egiten da D apartatuaren 1. azpiapartatua, eta honela geratzen da idatzita:

«D) Jarduketa-lehentasunak.

1.– Administrazio bakoitzak ikuskapenen egutegia programatuko du, hemen ezarritako helburu eta lehentasunen arabera. Programazio horiek ekitaldi bakoitzeko urtarrilean Jendaurreko Ikuskizunen eta Jolas Jardueren Euskal Kontseiluari bidaliko zaizkio.

Programazioak eredu normalizatuan aurkeztuko zaizkio Kontseiluari. Eredu hori jendaurreko ikuskizunen eta jolas-jardueren eskumena duen zuzendaritzako titularraren ebazpen bidez ezarriko da.

Eredu normalizatua horretan, batetik, ikuskapenen kronograma jasoko da, eta, bestetik, aurreko ekitaldian egindako ikuskapenen eta horien emaitzen justifikazio-memoria bat, eta kontseiluari bidaliko zaio.

Memoria horiek urtero aztertuko ditu Jendaurreko Ikuskizunen eta Jolas Jardueren Euskal Kontseiluak, eta ez-betetzeren bat edo jarduketarik egin ez dela antzemanez gero, txosten bat egingo du, eta segurtasunaz arduratzen den Eusko Legebiltzarreko batzordeari bidaliko dio».

XEDAPEN IRAGANKOR BAKARRA.– Aurretik emandako gaikuntzei aplikatu beharreko araubidea.

Dekretu hau indarrean jarri aurretik onarpen-zerbitzuko zereginetan aritzeko gaikuntza izan eta dagokion erregistroan behar bezala inskribatuta dauden pertsonak, gaikuntzaren indarraldiari eta iraungipenari dagokienez dekretu honetan aurreikusitako araubidearen mende geratuko dira.

Gaikuntza horien hamar urteko indarraldia dekretu hau indarrean jartzen den egunean hasiko da zenbatzen.

AZKEN XEDAPEN BAKARRA.– Indarrean jartzea.

Dekretu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean jarriko da indarrean.

Vitoria-Gasteizen, 2026ko apirilaren 29an.

Lehendakaria,

IMANOL PRADALES GIL.

Segurtasuneko sailburua,

BINGEN ZUPIRIA GOROSTIDI.


Azterketa dokumentala