Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

91. zk., 2026ko maiatzaren 18a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

XEDAPEN OROKORRAK

GOBERNANTZA, ADMINISTRAZIO DIGITAL ETA AUTOGOBERNUAREN SAILA
2048

62/2026 DEKRETUA, apirilaren 29koa, Administrazio Publikoaren Euskal Institutuaren egitura eta egitekoak arautzen dituen Dekretua aldatzen duena.

Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak abian jarri du Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen azaroaren 26ko 389/2024 Dekretua aldatzeko prozedura. Aldaketak helburu du Administrazio Publikoaren Euskal Institutuko (aurrerantzean, IVAP) Terminologia Zerbitzuak egikaritzen dituen eskumen batzuk Kultura eta Hizkuntza Politika Sailari esleitzea. Horretarako arrazoien artean dago euskarazko adimen artifizialen inguruko lanketa eta horietan oinarritutako itzultzaile neuronalen garapena Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzan kudeatzen dela. Horri lotuta aurreikusten diren balizko sinergiak direla eta, egoki ikusi da, besteak beste, banku terminologikoen sustapena eta kudeaketa ere Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzari esleitzea.

Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak, esleituta izan dituen egitekoak gauzatze aldera, Euskara Aholku Batzordea lanabes ezin hobea izan du, hizkuntza-normalizazioan diharduten erakunde publiko nahiz pribatuen ahaleginak eta ekintzak aztertzeko, bideratzeko eta koordinatzeko. Euskararen Aholku Batzordeari buruzko uztailaren 28ko 99/2020 Dekretuaren 8. artikuluak ezarritakoari jarraituz, Euskararen Aholku Batzordearen Batzorde Osoak batzorde-atal bereziak sortzea erabaki dezake gai zehatzei buruzko lanak eta txostenak egiteko. Horien artean, 2020. urtera arte, Terminologia batzorde-atal berezia indarrean egon zen eta terminologia eskumen guztiak IVAPera bideratzea erabakitzearekin batera, batzorde-atal berezi hori Euskararen Aholku Batzordetik kanpo geratu zen, hari zegozkion egitekoak IVAPi esleituta. IVAPek eremu juridiko-administratiboan aritzeko duen eskumenetik haragoko gaietan erabakiak hartzeko zein aholkuak emateko ahalmenik izango ez duenez, egoki ikusten da Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzatik kudeatzen den batzorde batean terminologia gaiak lantzea.

Bestetik, ekainaren 30eko 6/2022 Legean, Xedapen Orokorrak Egiteko Prozedurarenean, zehazten da xedapen orokorrak nola idatzi behar diren. Argi geratzen da arauaren euskarazko bertsioa gaztelaniazkoaren maila berean idatzi behar dela, bertan horixe ezartzen baita. Horretan, idazketa elebidunerako edo idazkidetzarako bidea ere proposatzen da. Legeak 4. artikuluan dioenez, batetik, sinpletasun eta ulergarritasunaren printzipioak errespetatu behar dira, eta, bestetik, bi hizkuntza ofizialen arteko hizkuntza-berdintasunaren printzipioa bermatu. Bi bertsioen baliokidetza ziurtatu behar dute erakunde publikoek.

Askotan testuak gaztelaniaz sortzen dira lehenik, eta gero euskarara itzultzen dira. Hala ere, mendekotasun hori saihestu nahi da: bi hizkuntzetan sortutako testuak nahiago dira, bakoitzaren estiloa eta egitura errespetatuz. Zentzu horretan, Itzultzaile Zerbitzu Ofizialarekin batera, Terminologia Zerbitzua testu horiek idazteko orduan, termino egokiak eta ofizialak erabiltzeko bidelagun ezin hobea da. Hori dela eta, eskumen esleipena egiteko aldatu egin behar da Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundearen egitura eta egitekoak arautzen dituen maiatzaren 4ko 133/2021 Dekretua.

Beraz, Gobernantza, Administrazio Digital eta Autogobernuko sailburuak proposatuta, lehendakariak onetsi eta Gobernu Kontseiluak 2026ko apirilaren 29ko bilkuran aztertu eta onetsi ondoren, hau

XEDATZEN DUT:

Lehenengo artikulua.– Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundearen egitura eta egitekoak arautzen dituen maiatzaren 4ko 133/2021 Dekretuaren zioen azalpena aldatzea.

Zioen azalpena aldatzen da, eta honela idatzita geratzen da:

«Administrazio Publikoaren Euskal Institutua (IVAP) 1983. urtean sortu zen, eta, harrezkero, hainbat erregelamenduk arautu dute haren egitura eta funtzionamendua. Hain zuzen ere, erregelamendu horietan dago zehaztuta zer egiteko eta eskumen esleitu zaizkion organismo horri sorkuntza-legearen bidez eta erakundearen jardun-eremuei aplikatu beharreko beste lege eta arau batzuen bidez. Orobat, zehaztuta dago zer-nolako barne-antolamendu instituzionala izango duen erakundeak, gomendatu zaizkion egitekoak eta eskumenak betetzeko.

Organismoaren egiturari eta funtzionamenduari buruzko erregelamenduek etengabe eguneratu beharrari erantzun izan diote beti, kontuan hartuta administrazio publikoek zer premia dituzten erakundearen jardun-arloei dagokienez, eta zer joera, lan egiteko modu eta tresna dauden une bakoitzean, gugandik gertu dauden inguruneetan eta beste ingurune batzuetan. Gainera, erregelamendu horietan, aintzat hartu da tresna eta teknika egokienak eduki behar direla, administrazio publikoen kudeaketa aurreratua garatu ahal izateko.

IVAPen egitura organikoari buruzko egungo dekretuaren eduki gehienak indarrean daude eta egokiak dira, jardun-arlo gehienei dagokienez.

2020. urtean, Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak, hausnarketa prozesu baten ondorioz, euskarazko terminologiari lotutako eskumen batzuk IVAPen esku jartzea erabaki zuen. Prozesu horren helburua izan zen Eusko Jaurlaritzan bi unitatetan banatuta zeuden eskumenak eta eskumen horiei lotutako egitekoak bateratzea IVAPek sortuko zuen zerbitzu berri batean, hain zuzen, Terminologia Zerbitzuan. Zerbitzu horretan bildu ziren Kultura eta Hizkuntza Politika Sailetik etorritako eskumenak eta historikoki Itzultzaile Zerbitzu Ofizialak (IZO) bere gain izan zituenak. Horrela, IVAPen egitura organikoan txertatutako zerbitzu berri batek, aurretik jasotako eskumen berriak gehituta, terminologia-arloan arreta espezializatuagoa eskaintzea ahalbidetu zuen.

Hala ere, azken legealdian Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzaren Euskara Sustatzeko Zuzendaritzan garatu diren proiektuek izaera teknologiko eta estrategiko nabarmena hartu dute. Bereziki, euskararen erabilera eta garapena sustatzeko helburuz, adimen artifizialaren aplikazioak, hizkuntza-corpus digitalen sorkuntza eta kudeaketa, eta euskarazko itzultzaile neuronalen garapena moduko ekimenak garatu dira. Proiektu horiek espezializazio tekniko handia eta koordinazio sektoriala eskatzen dute, eta horrek justifikatzen du terminologiari lotutako eskumen horiek berriz ere Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren egitura organikoan integratzea.

Ondorioz, IVAPen Terminologia Zerbitzuak hartzen duen esparrua mugatzea erabaki da, eta haren jarduera arlo juridiko-administratibora bideratzea, terminologiaren arloko beste eskumen batzuk Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren esku utzita.»

Bigarren artikulua.– Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundearen egitura eta egitekoak arautzen dituen maiatzaren 4ko 133/2021 Dekretuaren 18. artikulua, «Terminologia Zerbitzua», aldatzea.

18. artikulua aldatzen da, lehenengo apartatuko c), e) eta k) letretan informazio jakin bat kentzeko, d) eta g) letretan informazioa osatzeko eta dekretu berriko e) letran informazio berria gehitzeko.

133/2021 Dekretuaren 18. artikulua honela idatzita geratzen da:

«18. artikulua.– Terminologia Zerbitzua.

1.– Terminologia Zerbitzua Euskara Zuzendariordetzaren barruko unitate bat da, eta IVAPek euskarazko terminologia juridiko-administratiboaren arloan dituen egitekoak kudeatzen ditu.

Halaber, Terminologia Zerbitzuaren ardura da arlo horretako koordinazio- eta sustapen-lanak egitea euskarazko terminologia bateratu eta normalizatu dadin eta beste administrazio publiko batzuekiko eta arlo horretan diharduten entitate publiko zein pribatuekiko lankidetza eta elkarlana ezar dadin.

2.– Helburuak betetzeko, Terminologia Zerbitzuak egiteko hauek izango ditu, kudeatzen duen arloari dagokionez:

a) Terminologia-zerbitzuak ematea.

b) Euskarazko terminologia biltzea, hustuketak egitea, fitxak osatu eta aztertzea, eta glosarioak, hiztegi terminologikoak eta abar prestatu eta argitaratzea.

c) Euskarazko terminologiaren arloan, prozedura orokorrak eta gidalerro teknikoak ezartzea.

d) Administrazioan maiz eta aldian-aldian sortzen diren administrazio-dokumentuak, inprimaki-ereduak, idazkiak edo komunikazioak berrikustea eta egokitzapen terminologikoa egitea, hau guztia Itzultzaile Zerbitzu Ofizialarekin eta Hizkuntza Prestakuntza eta Normalizazio Zerbitzuko Administrazio Hizkeraren arloarekin koordinaturik.

e) Arau-testuen idazketa elebiduneko zerbitzuan Itzultzaile Zerbitzu Ofizialarekin batera, lankidetzan aritzea. Arau-testuen idazketa elebiduneko zerbitzuak prestatzeko, Administrazio Publikoaren Euskal Institutuak arau-testuen idazketa elebiduneko formuletan parte har dezaketen pertsonentzako gaikuntza-ikastaroak deitu ahal izango ditu.

f) Euskarazko terminologia erabiltzea errazteko programa informatikoak, datu-baseak eta bestelako tresna batzuk ezarri eta garatzea.

g) Terminologian diharduten langileei eta, oro har, euskaraz idazten duten langileei aholkularitza eta laguntza teknikoa ematea. Oro har, euskarazko hizkera eta terminologia juridiko-administratiboaren inguruko galderei erantzutea, eta lan-tresnak eta baliabideak eskaintzea, hala nola banku terminologikoekiko lotura, glosarioak, eta bestelakoak.

h) Terminologian diharduten langileak prestatu eta beren lanean hobetzeko planak eta programak egitea, hargatik eragotzi gabe langile horien ardura duten administrazio publikoek eta Administrazio Publikoaren Euskal Institutuko Prestakuntza Zerbitzuak dituzten eskumenak.

i) Erakundeko liburutegiarekin eta dokumentazio-zentroarekin koordinatuta, zerbitzuaren eskumenekoak diren gaiei buruzko bibliografia eskuratzeko politika zehaztea.

j) Euskarazko terminologia juridiko-administratiboaren eremuan, honako hauekiko lankidetza-hitzarmenak eta -akordioak sina daitezen proposatzea: lurralde historikoak eta toki-korporazioak, beste autonomia-erkidego batzuk, Estatuko Administrazio orokorra eta Administrazio instituzionala, eta beste entitate edo pertsona publiko zein pribatu batzuk.

k) Zerbitzuan zehaztu diren prozesuak sistematikoki berrikusi eta ebaluatzea.

l) Ordenamendu juridikoak esleitutako beste edozein.»

AZKEN XEDAPEN BAKARRA.– Indarraldia eta ondorioak.

Dekretu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean jarriko da indarrean, eta Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen dekretua indarrean jartzen den egunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteizen, 2026ko apirilaren 29an.

Lehendakaria,

IMANOL PRADALES GIL.

Gobernantza, Administrazio Digital eta Autogobernuko sailburua,

MARÍA UBARRECHENA CID.


Azterketa dokumentala