
91. zk., 2026ko maiatzaren 18a, astelehena
- Bestelako formatuak:
- PDF (130 KB - 2 orri.)
- EPUB (108 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
XEDAPEN OROKORRAK
KULTURA ETA HIZKUNTZA POLITIKA SAILA
2047
58/2026 DEKRETUA, apirilaren 29koa, Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen Dekretua aldatzen duena.
XII. legealdira arte, Kultura eta Hizkuntza Politika Saileko Euskara Sustatzeko Zuzendaritzak zituen esleituak Euskalterm terminologia-banku publikoaren kudeaketa eta euskarazko terminologiaren inguruko egitekoak dituzten entitateekiko lankidetza sustatzearen eskumenak.
Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundearen egitura eta egitekoak arautzen dituen maiatzaren 4ko 133/2021 Dekretuak Administrazio Publikoaren Euskal Institutuari esleitu zizkion eskumen horiek.
Euskarazko adimen artifizialen inguruko lanketa eta horietan oinarritutako itzultzaile neuronalen garapena Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzaren Euskara Sustatzeko Zuzendaritzak kudeatzen dituenez, aurreikusten diren balizko sinergiak direla-eta, egokia ikusi da terminologia-banku publikoen eta euskarazko terminologiaren inguruko egitekoen sustapena eta kudeaketa ere Euskara Sustatzeko Zuzendaritzako zerbitzu berak kudeatzea, berriz ere.
Hori dela eta, eskumen horiek berreskuratzeko, Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen azaroaren 26ko 389/2024 Dekretua aldatu behar da.
Ondorioz, Jaurlaritzako lehenengo lehendakariorde eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak proposatuta, lehendakariak onetsi eta Gobernu Kontseiluak 2026ko apirilaren 29ko bilkuran aztertu eta onetsi ondoren, honako hau
XEDATZEN DUT:
Artikulu bakarra.– Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen azaroaren 26ko 389/2024 Dekretuaren 15. artikulua («Euskara Sustatzeko Zuzendaritza») aldatzea.
1.– 15. artikuluko 2. apartatuari m), n), ñ), o), p), q) eta r) letrak eransten zaizkio, bai eta 2. apartatu bat ere, eta honela geratzen dira idatzita:
«m) Euskarazko terminologiaren estandarizazioa eta modernizazioa bultzatzea.
n) Euskalterm terminologia-banku publikoa kudeatzea, bai eta gerora sortu daitezkeen beste batzuk ere.
ñ) Terminologia Batzordearen lanak koordinatzea: lehentasunak finkatzea, lan-proposamenak egitea eta terminologia-lanerako irizpideak proposatzea; betiere, arau honen 16.2 c) artikuluan ezarritakoa ezertan eragotzi gabe.
o) Terminologiaren eremuko organismo eta adituekiko elkarlana eta koordinazioa sustatzea, lankidetza-hitzarmenak eta -akordioak sinatzea eta terminologia zabaltzea.
p) Euskarazko terminologiaren arloan, prozedura orokorrak eta gidalerro teknikoak ezartzea, esleitua duen agintaritza funtzional zentralizatua egikarituta.
q) Euskarazko terminologia erabiltzea errazteko, programa informatikoak, datu-baseak eta bestelako tresna batzuk ezarri eta garatzea, genero-ikuspegia kontuan hartuz.
r) Artikulu honetako m), p) eta q) letretan xedatutakoa ez da aplikatuko terminologia juridiko-administratiboari dagokionez.
2.– Eskualdatutako dotazioak eta lanpostuak honako hauek dira:
• Dotazioa: 510420/6 – Hizkuntza-planifikazioko teknikaria.
• Dotazioa: 510610/38 – Itzultzailea.».
AZKEN XEDAPEN BAKARRA.– Indarraldia eta ondorioak.
Dekretu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean jarriko da indarrean, eta Administrazio Publikoaren Euskal Institutuaren egitura eta eginkizunak arautzen dituen dekretua aldatzen duen dekretua indarrean jartzen den egunetik aurrera izango ditu ondorioak.
Vitoria-Gasteizen, 2026ko apirilaren 29an.
Lehendakaria,
IMANOL PRADALES GIL.
Jaurlaritzako lehenengo lehendakariorde eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua,
IBONE BENGOETXEA OTAOLEA.
RSS