
89. zk., 2026ko maiatzaren 14a, osteguna
- Bestelako formatuak:
- PDF (178 KB - 9 orri.)
- EPUB (463 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
RED FERROVIARIA VASCA-EUSKAL TRENBIDE SAREA
2016
EBAZPENA, 2026ko maiatzaren 5ekoa, Red Ferroviaria Vasca-Euskal Trenbide Sareko zuzendari nagusiarena, Amorebieta-Bermeo adarraren mugaketa administratiboaren espedientea hastea onartzen duena. Bermeo-Mundaka tartea.
AURREKARIAK
I.– Bizkaiko Lurralde Historikoan dagoen Bilbo-Donostia trenbidearen Amorebieta-Bermeo Adarra, Euskal Autonomia Erkidegoaren titulartasun publikoko higiezinen ondarearen zati eta jabari publikoko ondasuna da.
II.– Egiaztatu da aipatutako ondasun higiezinaren muga fisikoak eta juridikoak zehaztugabeak direla tarte jakin batzuetan, eta desadostasunak daudela finka mugakideekin. Hori dela eta, beharrezkoa da mugaketa zehatza egitea.
Trenbide-adar horren luzera, lurralde-jarraitutasuna eta egoera fisikoen eta erregistro-egoeren aniztasuna kontuan hartuta, teknikoki eta juridikoki komenigarritzat jotzen da modu sektorizatuan mugatzea, tarte homogeneoen arabera izapidetuta, erregistro-kudeaketa indibidualizatuarekin mugaketa zehatza, eraginkorra eta bateragarria bermatzeko.
III.– Trazaduraren tarte jakin batzuetan ez dago zehaztasunik finka mugakideekiko muga fisiko eta juridikoen mugaketari dagokionez, eta horrek mugatzeko ahalmen administratiboa erabiltzea ahalbidetzen du. Beraz, azaroaren 6ko 2/2007 Legegintzako Dekretuaren 19.1.b) eta 24. artikuluetan eta urriaren 3ko 143/2023 Dekretuaren 15. artikuluan aurreikusitakoarekin bat etorriz, bidezkoa da Euskadiko ondareko ondasun higiezinak mugatzeko administrazio ahala erabiltzea, haien mugak zehaztugabeak direnean.
IV.– Espedientean jasota dago 143/2023 Dekretuaren 17.2 artikuluak eskatzen duen aurretiazko dokumentazioa, erabaki honen xede den tarteari berariaz dagokiona, hau, alegia:
– Mugaketaren justifikazio-memoria.
– Jabetza-dokumentuak eta -tituluak.
– Trenbidearen trazaduraren planoak eta mugaketaren partzela-planoak.
– Ondasunaren azterketari buruzko txosten teknikoa.
– Prozedurak eragindako gastuen aurrekontu zenbatetsia.
ZUZENBIDEKO OINARRIAK
Lehenengoa.– Euskadiko Ondareari buruzko azaroaren 6ko 2/2007 Legegintza Dekretuaren 19.1.b) eta 24. artikuluek eta, era berean, hura aplikatzeko Erregelamenduaren urriaren 3ko 143/2023 Dekretuaren 15. artikuluak aitortzen dute 1. artikuluan jasotako erakundeek ahalmena dutela ondasun higiezinak Euskadiko ondaretik bereizteko, haien mugak zehaztugabeak direnean.
Bigarrena.– Dekretu horren 16.1 artikuluko a) idatz-zatiak, azaroaren 6ko 2/2007 Legegintza Dekretuaren zazpigarren xedapen gehigarrian eta maiatzaren 21eko 6/2004 Legearen 15.4 artikuluan ezarritakoa garatuz, zuzenbide pribatuko Euskal Trenbide Sarea-Red Ferroviaria Vasca erakunde publikoak kudeatu behar dituen herri-jabariko ondasun higiezinak direnean, eskumena erakundearen organo eskudunari esleitzen dio, eta organo horrek mugatzeko ahala erabiliko du, kasuan kasuko administrazio-prozedurak hasiz, izapidetuz eta ebatziz.
Ildo horretan, Euskal Trenbide Sarea-Red Ferroviaria Vascari buruzko maiatzaren 21eko 6/2004 Legearen 9.1 eta 10. artikuluetan adierazitakoa kontuan hartuta, eta Administrazio Kontseiluak 2026ko martxoaren 30eko bilkuran hartutako erabakiaren arabera, Zuzendaritza Nagusiari dagokio Bilbo-Donostia trenbide-linearen Amorebieta-Bermeo adarra mugatzeko eskumena.
Hirugarrena.– Mugaketa-prozedurari buruzko azaroaren 6ko Legegintzako 2/2007 Dekretuaren 25.3 artikuluak, oro har, eta manu horretan adierazten diren arau zehatzen mende egoteari kalterik egin gabe, adierazten du erregelamenduz ezartzen diren izapideei jarraituko zaiela.
Ondorio horietarako, urriaren 3ko 143/2023 Dekretuaren 17. artikuluak berariaz arautzen ditu mugaketa prozedura hasteko erabakia, haren gutxieneko edukia, jakinarazpenak eta nahitaezko publizitatea.
Laugarrena.– Osagarri gisa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legea aplikatuko da.
Azaldutako guztiaren ondorioz, honako hau
EBAZTEN DUT:
Lehenengoa.– Mugatzeko prozedurari hasiera ematea.
Urriaren 3ko 143/2023 Dekretuaren 17.1 artikuluan xedatutakoaren arabera, bidezkoa da ofizioz abiaraztea jabari publikoko ondasun higiezina mugatzeko prozedura administratibo hau:
Bilbo-Donostia lineako Amorebieta-Bermeo adarra, Bizkaiko Lurralde Historikoan, Bermeo-Mundaka tartea.
Bigarrena.– Mugaketaren xedea zehaztea.
Mugaketaren xedea trenbide-adar horrek finka mugakideekiko dituen muga fisiko eta juridikoak zehaztea izango da.
Hirugarrena.– Espedientea eskuragarri jartzea erabakitzea.
Urriaren 3ko 143/2023 Dekretuaren 17.6.b) artikuluarekin bat etorriz, espedientea Euskal Trenbide Sarea-Red Ferroviaria Vascaren Bilboko bulegoetan (Done Bikendi kalea 8, Albia eraikina I., 14. solairua) aztertu ahal izango da.
Laugarrena.– Mugaketa egiteko data zehaztea.
Mugaketaren jardunbide materiala 2026ko uztailaren 21, 24, 27 eta 28an egingo da, Bermeoko eta Mundakako udaletan. Gutxienez bi hilabeteko epea ezarri da erabaki hau argitaratzen denetik, urriaren 3ko 143/2023 Dekretuaren 17.6) artikuluak eskatzen duenaren arabera.
Mugaketaren jardunbide materiala aipatutako dekretuaren 19. artikuluan agindutakoaren arabera egingo da.
Bosgarrena.– Alegazioak egiteko eta dokumentuak aurkezteko epea.
Interesdunek alegazioak egin eta dokumentuak aurkeztu ahal izango dituzte mugaketa egiteko adierazitako eguna baino hogei egun lehenago arte, idatziz Euskal Trenbide Sarea-Red Ferroviaria Vasca sozietatearen Bilboko bulegoetara (Done Bikendi kalea 8, Albia I eraikina, 14. solairua, 48001 PK) edo bitarteko elektronikoen bidez esteka honetan:
https://www.euskadi.eus/erregistroa/erregistro-elektroniko-orokorra/web01-tramite/eu/
Aholkularitza Juridikoaren Arloari zuzenduta; hori guztia, urriaren 3ko 143/2023 Dekretuaren 18.1 eta 18.2 artikuluetan aurreikusitakoarekin bat etorriz.
Seigarrena.– Jakinarazpenak.
Erabaki hau urriaren 3ko 143/2023 Dekretuaren 17.4 artikuluaren arabera hauei jakinaraziko zaie:
Finka mugakideen jabeei eta eragindako beste eskubide erreal batzuen titularrei.
Egungo Mugikortasun Jasangarriaren Saileko Garraio Azpiegituren Zuzendaritzari, jakinaren gainean egon dadin eta jasota gera dadin.
Mugaketaren xede den trazadura dagoen udalerrietako udalei.
Zazpigarrena.– Publizitatea.
Hasierako ebazpen hau, urriaren 3ko 143/2023 Dekretuaren 17.5 artikuluarekin bat etorriz, EHAAn, BAOn, eragindako Udalen ediktuen taulan eta erakunde publiko honen egoitza elektronikoan argitaratuko da.
Zortzigarrena.– Jabetza Erregistroa.
Urriaren 3ko 143/2023 Dekretuaren 17.8 artikuluaren arabera, eta eragindako finkak identifikatzeko erregistro daturik ez dagoenez, une honetan ez da bidezkoa mugaketa espedientearen hasieraren orri-bazterreko oharra eskatzea. Ondorioz, Jabetza Erregistroari ere ez zaio jakinarazpenik egin behar, ezin baita idazkunik egin; hala ere, geroago behar besteko erregistro-informazioa lortuz gero, orri-bazterreko oharra eta aplikatu beharreko araudiaren arabera bidezkoak diren erregistro-jarduketak eskatu ahal izango dira.
Nolanahi ere, azaroaren 6ko Legegintzako 2/2007 Dekretuaren 25. eta 26. artikuluen eta horrekin bat datozen gainerako aplikagarrien arabera, mugaketa onartzen duen ebazpena titulu nahikoa izango da Jabetza Erregistroan sartzeko eta, hala badagokio, eragindako erregistro-inskripzioak zuzentzeko.
Bederatzigarrena.– Egintzaren izaera.
Ebazpen honek, 2023ko urriaren 3ko 143/2023 Dekretuaren 23.1 artikuluarekin bat etorriz, ez dio amaiera ematen administrazio-bideari, eta ezin da aparteko errekurtsorik aurkeztu; hori guztia, prozedurari amaiera ematen dion ebazpenaren aurka bidezkoak direnak alde batera utzi gabe.
Bilbao, 2026ko maiatzaren 5a.
Red Ferroviaria Vasca-Euskal Trenbide Sareko zuzendari nagusia,
ANTONIO LÓPEZ PALENZUELA.
RSS