Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

89. zk., 2026ko maiatzaren 14a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

ELIKADURA, LANDA GARAPEN, NEKAZARITZA ETA ARRANTZA SAILA
2014

EBAZPENA, 2026ko apirilaren 30ekoa, Arrantza eta Akuikulturako zuzendariarena, zeinaren bidez tokiko arrantzako patroiaren titulazioa lortzeko azterketetarako deialdia egiten baita 2026rako, Arrantza Sektoreko Titulu Profesionalak arautzen dituen urtarrilaren 24ko 36/2014 Errege Dekretuan xedatutakoaren arabera.

Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantza Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen abenduaren 11ko 438/2024 Dekretuaren 14. artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz (dekretu hori abuztuaren 28ko 165/2025 Dekretuak aldatu zuen), Arrantza eta Akuikultura Zuzendaritzari dagokio nautika eta arrantzarako gaikuntza profesionala sustatzea, eta eskumen horren arabera eta Arrantza Sektoreko Titulu Profesionalak arautzen dituen urtarrilaren 24ko 36/2014 Errege Dekretuan ezarritakoaren arabera, hau

EBAZTEN DUT:

Azterketa teorikoa egiteko deialdia ezartzea. Deialdi hori 2026an egingo da, tokiko arrantzako patroiaren titulua lortzeko. Hona hemen deialdia:

Deialdia.– Arrunta eta irekia: 2026ko ekaina: ekainaren 25etik (osteguna) 30era (asteartea).

Azterketen data zehatzak Bermeoko Nautika eta Arrantzako LHIIko iragarki-taulan eta nautikaeskola.com webgunean iragarriko dira, azterketak egin baino astebete lehenago gutxienez.

Deialdia honako hauen arabera egingo da:

DEIALDIAREN OINARRIAK

Lehenengoa.–1.– Azterketak Bermeoko (Bizkaia) Nautika eta Arrantzako LHIIn egingo dira.

Halaber, azterketa guztiak horretarako eratutako epaimahaiak ebaluatuko ditu. Epaimahaia eratzeko, ebazpen honen 2. oinarriak xedatutakoa eta Zerbitzuen ondoriozko kalte-ordainei buruzko otsailaren 2ko 16/1993 Dekretuak xedatutakoa bete behar dira.

2.– Azterketak egungo programetara egokituko dira, martxoaren 7ko APM/243/2018 Aginduaren arabera, zeinaren bidez garatzen baita 36/2014 Errege Dekretua, urtarrilaren 24koa, arrantza sektoreko titulu profesionalak arautzen dituena.

3.– Eskabideak Bermeoko (Bizkaia) Nautika eta Arrantzako LHIIren idazkaritzan formalizatu beharko dira.

4.– Datu Pertsonalak Babesteko eta Eskubide Digitalak Bermatzeko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoan xedatutakoa betez, Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantza Sailak adierazten du eskabideetako datu pertsonalak fitxategi automatizatu batean sartu eta tratatu egingo direla. Nahi izanez gero, eskatzaileak eskubidea izango du datuak irispidean izateko, zuzentzeko, ezerezteko eta datuen aurka egiteko, legeak aurreikusi bezala. Horretarako, idazki bat bidali beharko du Eusko Jaurlaritzako Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantza Saileko Arrantza eta Akuikultura Zuzendaritzara (Donostia kalea 1, 01010 Vitoria-Gasteiz), zuzendaritza hori baita tratamenduaren arduraduna.

– Eskabidea formalizatu ondoren, agiri hauek aurkeztu beharko dira: nortasun agiri nazionalaren fotokopia, bizileku-txartelarena edo indarrean dagoen pasaportearena.

5.– Halaber, azterketa teorikoak egiten diren unean, izangaiek aldean eraman beharko dituzte nortasun agiri nazionala, bizileku-txartela edo indarrean dagoen pasaportea.

6.– Eskabideak epe hauen barruan aurkeztuko dira:

– 2026ko ekaineko deialdia: 2026ko maiatzaren 25etik 30era.

7.– Azterketetan parte hartzeko dokumentazioa Bermeoko (Bizkaia) Nautika eta Arrantzako LHIIren idazkaritzan entregatu ahal izango da.

8.– Azterketara aurkeztu ezean, matrikula ezin izango da hurrengo deialdi baterako aldatu, tartean arrazoi larriak ez badira behintzat (arrazoi horiek epaimahaiaren aurrean behar bezala frogatu beharko dira).

Bigarrena.– Azterketak baloratuko dituzten epaimahaiak Eusko Jaurlaritzako Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantza Saileko Arrantza eta Akuikulturako zuzendariak izendatuko ditu.

Hirugarrena.– Epaimahaietako buruek zentro aztertzaile bakoitzeko iragarki-oholean jakinaraziko dituzte deialdi guztietako azterketen datak, deialdi honetan ezarritako epeetan, eta lehenengo oinarrian ezarritakoa ere betez. Era berean, behar den denborarekin, zentro bakoitzeko iragarki-oholean, azterketa-orduak, epaimahai aztertzaileen osaera eta onartuen eta baztertuen zerrendak adieraziko dituzte.

Laugarrena.– Azterketak amaitutakoan, ebazpen honen bigarren oinarrian adierazitako administrazio-bulegoetako iragarki-oholean jarriko dira ikusgai kalifikazioen zerrendak. Izangaiek egokitzat jotzen dituzten erreklamazioak aurkeztu ahal izango dizkiote epaimahaiko buruari, aipaturiko zerrenda horiek jendaurrean jarri eta 5 eguneko epearen barruan. Erreklamazioak behar bezala arrazoitu beharko dira, eta epaimahaiko idazkariari bidali beharko zaizkio, NANaren fotokopiarekin batera. Datu pertsonalak, helbidea eta posta-kodea azaldu beharko dira, idatziz erantzun ahal izateko.

Azterketak 2 urtez gordeko dira, kalifikazioak irmo bihurtzen diren unetik aurrera. Salbuespenez, berrikusi diren azterketak 3 urtez gordeko dira.

Bosgarrena.– Deialdi hau eta beronen ondoriozko egintza administratibo guztiak aurkaratu ahal izango dira, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/12015 Legean ezarritako modu eta kasuetan.

Vitoria-Gasteiz, 2026ko apirilaren 30a.

Arrantza eta Akuikulturako zuzendaria,

IXONE SOROA GUENAGA.


Azterketa dokumentala